itzuli

Undiano Gaztelu, Antonio

    ANTONIO UNDIANO GAZTELUREN SOSLAIA

    Antonio Undiano Gaztelu (Donostia?); José Undiano Ezquerro (Donostia, 1799 – Bergara, 1855). Gipuzkoan, beste probintzia batzuetan bezala, eskaera bat egin behar zen inprimatzaile-lanpostua eskuratzeko. Lanaren truke, Probintziak soldata ordaintzen zuen, eta inprimategia etengabe eguneratzeko eskatzen zuen. Normalean, erretiratu baino lehen inprimatzaileak etorkizuneko lanpostua eskatzen zuen bere semearentzat, edo, kasu honetan bezala, langile batentzat. Antonio Undiano Gazteluk Lorenzo Riesgorekin egiten zuen lan, eta Riesgoren semea, Francisco Javier Riesgo, beste hiri batera joan zenean eta Lorenzo Riesgo Montero erretiratu zenean, logikoa zirudien Antonio Undianok negozioarekin jarraitzeak eta probintziako inprimatzaile-lanpostua lortzeak.

    Horrela agertzen da 1803ko Bergarako Batzarretan, non Antonio Undianoren merituak aintzatetsi ziren inprimatzaile-lanpostua hutsik gelditzen zenean kontuan hartzeko; hori, ordea, ez zen gertatu, Lorenzo oinordekorik utzi gabe erretiratu baitzen. Antonio Undianok Lorenzoren inprimategian jarraitu zuen, baina ez zuten probintziako inprimatzaile titular izendatu. 1803an, Francisco de la Lama zen inprimatzaile ofiziala, eta Tolosan egiten zuen lan. Dena dela, Antonio Undianok lanean jarraitu zuen Donostiako inprimategian, baina, ez zenez inprimatzaile ofiziala, ezin izan zituen Batzarren erregistro-liburuak inprimatu. Liburu horiek Tolosan inprimatzen ziren.

    1801 eta 1810 arteko zortzi lan aurkitu dira Undianoren inprimategi-zigiluarekin. Hauek dira horietako batzuk: Doctrina Christiana, aita Gaspar Asteterena, Juan de Irazustak euskarara itzuli zuena (Donostia, 1801); Instrucción metódica, expeculativa, y práctica, para enseñar á cantar y tañer la música moderna y antigua. Dispuesta por D. Mateo Antonio Pérez de Albéniz, Mateo Antonio Pérez de Albénizena (Donostia, 1802); Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari, ta gazte guciac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco, Vicenta Mogelena (Donostia, 1804).

    José de Undiano 1799an jaio zen Donostian, eta Antonioren eta Ramona Ezquerro Ybarzábalen semea izan zen. Ez dakigu non trebatu zen inprimatzaile moduan, ezta aitarekin lan egin zuen ala ez ere; izan ere, Donostiako artxiboa 1813an erre zen, tropa ingelesek hiriari su eman ziotenean. Ondorioz, ezin izan ditugu datu asko eskuratu. Jakin badakigu Bergaran inprimategi bat izan zuela, 1845 eta 1850 arteko sei lan aurkitu baitira bere inprimategi-zigiluarekin. Horietatik hiru erlijioari buruzkoak dira, bat historiari buruzkoa, bat hizkuntzari buruzkoa eta bat legeei buruzkoa.

    Hona hemen adibide batzuk: Compendio de la gramática castellana y ortografía de la academia, dispuesto en diálogo. Por D. Antonio Cortés y Aguado, Antonio Cortés y Aguadorena (1845); Ama Santa Teresa de Jesus carmengo erligioaren reformatzalle, eta descalzoen fundatzallearen Novena (1849); el Liceo Vergarés (1850) eta Eusquerazco manuala sacramentuen gañeco… (1850).

     

     

    © Mª Dolores Fernández de Casadevante Romaní

    UNED – Ikertzaile independentea

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Fernández de Casadevante Romaní, Mª Dolores (2019). “Antonio Undiano Gazteluren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/undiano-gaztelu-antonio/

    Deskargatu PDF-a

    Vicenta Mogelen "Ipui onac" lanaren azala. Newberry Library