itzuli

Igela argitaletxea

    IGELA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Igela(Iruñea, 1989-) euskararako literatur itzulpenak plazaratzen dituen argitaletxe bat da. 1980ko hamarkadaren amaieran sortua, antzinakoena da euskararako literatur itzulpengintzan soilik diharduten argitaletxeen artean, eta plataforma ezin garrantzitsuagoa izan da XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako hainbat euskal itzultzailerentzat.

    Argitaletxea abian jartzeko ideia 1988an sortu zen, Donostia kanpoaldeko auzo bateko taberna batean, hiru lagunek —Xabier Olarrak, Joseba Urteagak eta José Manuel Gonzálezek— garai hartako euskal literatur ekoizpenean antzematen zituzten hutsuneak betetzeko asmoz itzulpenera jotzea erabaki zutenean. 1989ko apirilaren 14an sozietate mugatu gisa erregistratuta geratu zen argitaletxea, eta Iruñeko Kale Nagusian ezarri zuten egoitza. Urte hartako abenduan, lehen bi liburuak plazaratu zituzten: HoraceMacCoyrenZaldiak akatzen ditugu ba… eta ArthurConanDoylerenZirriborro eskarlata.

    Lehen bi liburu haiek argitaletxearen sail enblematikoenetako bi jarri zituzten abian: Sail beltza eta Enigma saila, genero beltzari eta detektibe-nobelei emanak. Bilduma horien bitartez, ordura arte euskaraz nekez eskuratu zitezkeen hainbat egile eskaini zizkioten irakurleari: JimThompson, Raymond Chandler, DashiellHammett, James M. Cain, Ross Macdonald, Bill S. Balliger, AgathaChristie… Argitaletxea sortu eta hurrengo urtean, 1990ean, Literatura saila abiarazi zuten, non aukera heterogeneoagoa bilduz joan diren harrezkero: TrumanCapote, Louis-FerdinandCéline, Henry James, Natalia Ginzburg, AnnieErnaux, SándorMárai, AmélieNothomb, GianniCelati, Stefan Zweig eta Patrick Modiano, besteak beste. Lehen bi bildumak, eta haiekin batera Mintaka saila (irakurle gaztetxoei begira handik urte gutxira sortua), editoreen gustu eta interes pertsonalei erantzuteko sortu ziren, baina baita Literatura sailari babes eta laguntza ekonomikoa eskaintzeko ere, irakurleen artean harrera zailagoa izango zuela aurreikusten baitzuten. «Gure planteamendua Gallimardekoena bezalakoa zen», azaldu du Olarrak (Olarra 2014), «André Gideri esan zioten bezala: “guk behar ditugu hemen dirua ekarriko duten liburu batzuk, horiei esker aterako ditugu beste batzuk”».

    Arestian aipatutako Sail beltza, Enigma, Mintaka eta Literatura bildumez gain, Igelak Bidelagun eta Gabonetako ipuinak izeneko sailak ere baditu. Gainera, 2011. urtean Klis-klasikoak bilduma abian jarri zuen Erein eta Alberdania argitaletxeekin batera, haur eta gazte literaturako liburuak kaleratzeko. Eta 2011. urteaz geroztik, EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) kudeatzen eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen Literatura Unibertsala bildumako hirugarren aroko 50 tituluak argitaratzeaz arduratzen da, Erein argitaletxearekin batera.

    Igelak lauzpabost liburu argitaratzen ditu urtean; euskarazko literatura itzulia plazaratzen dituzten argitaletxeen artean oparoena da, beraz. 1.000 ale inguruko tiradak egiten ditu, eta haietako asko ez ditu agortzen, merkatu espainolaren eta frantsesaren lehia handiaren ondorioz. Horren harira, Olarrak azaltzen du «Igela argitaletxearen iraupenaren misterioak hiru oinarri nagusi» dituela: «lehenik, hainbat kideren borondatezko lana (bereziki itzulpenean), literatur liburugintzako dirulaguntzak (Eusko Jaurlaritzarenak bereziki eta garai batean Nafarroako Gobernuarenak) eta itzulpenerako laguntzak (Europako Ariane Programa, eta gaur egungo Europe Creative-raino kateatu izan diren Europe Culture Programak: Europe 2000-2007 eta 2007-2013)» (Sarriugarte 2015).

    Argitaletxearen logotipoa José Manuel Matak egina da, eta igel baten marrazkia du motibo nagusi. Baina argitaletxearen izenak, animaliari erreferentzia egiteaz gain, akronimo bat barne hartzen du ere, zeinak ondo baino hobeto aditzera ematen duen editoreen jokaera gogotsu eta bokazionala, baita haien umore ona ere: irabazi gutxi eta lan asko.

    Bildumen eta liburuen azalen diseinuan, zenbait artistaren lankidetza izan dute:   arestian aipatutako José Manuel Mata, ZUT taldea, Zaldi Eroa marrazkilaria (Patxi Huarte) eta José Manuel González (bera da, Olarrarekin eta Urteagarekin batera, argitaletxearen sortzaileetako bat, eta alderdi estetikoaren arduradun nagusia). Literatura sailaren diseinua DulceMaría Rodríguezek eta MaríaCuetok egin zuten, eta azken urteotan JosemiGoyenaren irudiak erabili dituzte bilduma horretako azaletarako.

     

    © Isabel Etxeberria-Ramírez

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Etxeberria-Ramírez, Isabel (2019). “Igela argitaletxearen (1989-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/igela-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Igela argitaletxeko liburuak Durangoko azokako standean (2018).