itzuli

Susa argitaletxea

    SUSA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Susa (Donostia, 1983) euskal literatura egungo argitaletxe garrantzitsuenetako bat da. Izen bereko aldizkaritik sortu zen, zeina 1980an martxan jarri eta 1994an argitaratu zuen azkeneko alea. 80. hamarkada hasieran, aldizkaritik kanpoko lehen argitalpen txiki bat egin zuten (Xabier Montoiaren Psycho Killer ipuina), eta haren ondoren, 1983an sortu zen argitaletxea Haranburu Altuna Editor-ek Montoiaren Anfetamiña poema liburua baztertu zuelako. Susa taldeko beste liburu bat onartua zuen argitaletxe hark, Josu Landaren Ipurtargi beltza, baina taldeak biak zigilu propioarekin ateratzea erabaki zuen. Halaxe bihurtu ziren Anfetamiña eta Ipurtargi beltza argitaletxeko lehengotariko argitalpenak.

    Argitaletxearen hastapeneko urteetako talde eragilea Mikel Hernandez Abaitua, Josu Landa, Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Pablo Sastre eta Iñaki Uria-k osatu zuten besteren artean, zeinak Gipuzkoako Unibertsitate Eskola Teknikoan (Deustuko Unibertsitateko Donostiako Kanpusa) elkartu ziren, kide gehienak sortu berria zen Euskal Filologia karrerako ikasle ziren eta. Handik gutxira Mikel Antza gehitu zen taldera, nahiz eta hasieratik kolaboratzen zuen aldizkarian poema eta ipuinak publikatuz. Susaren lehen aldian, Argia aldizkariaren sostengua izan zuen; izan ere, taldeko kide zenbaithango langile ziren 80. hamarkada hasieratik. Argiak lan editorialerako beharrezkoa zen azpiegitura eman zion Susari (moldiztegia, biltegia, etab.).

    Lehendabiziko edizio horien ondoren, jarduera editorial bizian jarraitu zuen argitaletxeak. Hastapeneko lau urteetan genero askotariko 35 liburu argitaratu zituzten, poesia liburuak gehienak (22). Ez alferrik, poesia izan da argitaletxearen identitatearen ezaugarri indartsuenetako bat. Garai hartan ere nabarmentzekoa da antzerki lanen argitalpena, originalak zein itzulpenak. Denera, 11 argitaratu zituzten 1985 eta 1991 artean.

    1986 urtea lehen inflexio puntua izan zen argitaletxearentzat. Alde batetik, Karmelo Landa-ren zuzendaritzapean, Gabriel Arestiren obra osoak argitaratu zituen. Edizioa hainbat erakunde publikok diruztatu zuen, eta hamar tomoko kaxa batean gauzatu zen, zeinetan tomo bakoitzaren azala garai hartako euskal artista garrantzitsuenetako batek diseinatu zuen (Néstor Basterretxea, Eduardo Chillida, Agustín Ibarrola, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José Luis Zumeta, etab). Gainera, urte hartan, Koldo Izagirrek Alfonso R. Castelao-ren Zirtzilak – Kristalezko begia itzuli zuen argitaletxearentzat, autore beraren zenbait obra argitaratzeko egitasmoaren barruan (besteak Ramon Etxezarreta eta Bego Montoriok itzuli zituzten). Horren harira Izagirre osoki inplikatu zen argitaletxearen martxan (aurretik kolaboratzen zuen jada), eta denborarekin bere bibliografiako liburu mugarri zenbait argitaratuko ditu han: Balizko erroten erresuma, Nondago Basque’s Harbouredo Sua nahi, Mr. Churchill?. Horretaz gain, funtsezkoa bihurtu zen argitaletxeko zuzendaritza-lanetan.

    1986an Susaren egitura editorial osoa eraldatu zen halaber. Logotipo berria estreinatzen zuten, Garbiñe Ubeda-k sortu zuena, eta Susaren bizkarrezur bihurtuko ziren bi bilduma nagusiak jarri zituzten martxan: Narratiba saila eta Poesia saila. Ordutik gaur egun arte, lehenengoan 125 titulu baino gehiago argitaratu dira, eta bigarrengoan 75 baino gehiago. Urte horietan zehar osatu den katalogoan, hainbat puntako idazle nabarmendu daitezke. Alde batetik, argitaletxearen sortzaileen belaunaldi-kide dira bazuk, hala nola, Jon Alonso, Itxaro Borda, Hasier Etxeberria, Edorta Jimenez, Juanjo Olasagarre. Bestetik, ondorengo belaunaldietako autoreak ere argitaratu ditu Susak, Lubaki bandako zenbait esaterako (Xabier Aldai, Harkaitz Cano). Literatur-talde horren ardura izan zen Susa aldizkariaren azkeneko hiru zenbakien argitalpena, 1993-1994 urteetan argitaratu zirenak. Haietaz gain ere beste zenbait autore gaztek argitaratu du argitaletxean, besteak beste: Jon Benito, Unai Elorriaga, Mikel Peruarena, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe.

    Bi bilduma horiek sortu eta pixka batera, Gorka Arrese, Argiako erredaktore zena, editore lanetan hasi zen Susan, eta pixkanaka argitaletxea haren lana profesionalizatzen joan zen. Halaxe bihurtu zen Arrese argitaletxearen editore erreferentziala harik eta 2017 bukaeran langintza hori utzi zuen arte.

    Argitaletxearen bigarren inflexio puntua 1995an jazo zen, Argia aldizkaritik erabat banatzea erabaki eta Estrata sozietate mugatua sortu zenean, zeina aurrerantzean argitaletxearenjabe izango zen. 41 akziodunek osatu zuten enpresa eta editorialaren katalogoaren erosketari egin behar izan zioten aurre, Argia aldizkariaren jabetzan baitzegoen. Aldaketa gidatuko duen talde eragilea honakoek osatu zuten: Iñigo Aranbarri, Gorka Arrese, Koldo Izagirre, Josu Landa eta Jose Luis Otamendik. Idazleak ziren denak salbu eta Arrese, editore gisa lanean jarraitu zuena baina bere jaioterrira, Zarautzera, mudatuz. Urte batzuetan zenbait lokaletan lan egin ondoren, enpresak Zarautzko Mitxelena kalean erosi zuen lokal bat 2000. urte hasieran kapital hedapen bati esker. Lokal horretan daude gaur egun argitaletxearen bulegoa eta biltegia.

     

    © Beñat Sarasola Santamaria

    Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Sarasola Santamaria, Beñat (2019). “Susa argitaletxearen (1983-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/susa-arrese-grabatzen/

     

    Deskargatu PDF-a

    MHLI artxiboa