itzuli

Denonartean argitaletxea

    DENONARTEAN ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Denonartean (2008-) Cénlit argitaletxearen magalean sortu zen eta Berriozarren (Nafarroa) du egoitza. 1976an sortu zen Cénlit eta testu liburu nahiz liburu teknikoak bereziki gaztelaniaz argitaratzen dituen argitaletxea da. Duela hainbat urte, argitaletxearen jabetzan izandako aldaketarekin batera, argitaletxean beste hainbat arlo jorratzeko proiektuari ekin zioten Enrique Hualdek eta Unai Pascualek eta horren emaitza da Denonartean argitaletxe-zigilu berria. Aurrez, Hualdek Cénlit argitaletxean egiten zuen lan editore gisa eta, aldiz, Pascual Ibaizabal argitaletxean eta Iruñeako Auzolan liburu dendan aritu izan zen lanean. Gaur egun ere, bi langileak dira Denonartean argitaletxea sostengatzen duten langile bakarrak.

    Argitaletxearen helburu nagusia, batetik, nazioarte mailan ezagunak diren egileen obrak euskarara ekartzea da eta, bestetik, euskaraz sortutako obrak zein euskal gaien ingurukoak argitaratzea. Beti ere, adin guztietako publikoa aintzat izanik, hasi haur eta gazte literaturatik eta helduen literaturaraino. Era berean, alderdi formalari ere garrantzia handia ematen dio Denonarteanek eta ilustrazioak, formatuak edota askotariko literatur generoak lantzea biziki zaintzen du argitaletxeak (album ilustratuak, eleberri grafikoak, saiakera formatu txikian…). Horretarako, arlo askotako profesionalak (itzulpengintza, diseinua, argazkigintza) bildu dira argitaletxe-zigiluaren inguruan, proiektua aurrera ateratzeko helburuak batuta.

    Denonartean argitaletxeak hogei bat liburu argitaratzen ditu urtero, hiru edo lau itzulpenak izan ohi dira, eta 2019ra arte, 121 titulu eman ditu argitara 14 bildumatan banatuta: 60 album ilustratu, horietako 12 itzulpenak; gazte-literaturako 30 eleberri, horietako 14 itzulpenak; 14 poesia liburu, horietako 8 itzulpenak; 12 saiakera, horietako 7 itzulpenak; eta 5 komiki.

    Katalogoari erreparatuz, klasikoen itzulpen sailaren barnean, adibidez, itzulpenaren kalitateari eta diseinuari garrantzia berezia ematen diote: Jane Austen-en Watsondarrak itzuli zuen Ana I. Moralesek eta Sara Moranteren (Ilustrazioaren Euskadi saria 2012an) ilustrazioak biltzen dira liburuan; Leon Tolstoyren Zenbat lur behar ditu gizon batek? Mikel Vilchesek itzuliz zuen eta Elena Odriozolaren (Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala 2015ean) ilustrazioek hornitzen dute; eta Rudyard Kiplingen Errege izatekoa zen gizona Iñigo Roquek (Itzulpenaren Euskadi saria 2014an) itzuli zuen. Poesia lanen itzulpenei dagokienez, Sylvia Plath, Miquel Martí i Pol, Fernando Pessoa edota Lois Pereiro poeten lanak eman dituzte argitara, argitalpen elebidunean, gainera. Saiakeraren alorrean, Sthéphan Hesselen Haserretu zaitezte edota Lina Ben Mhenniken Tunisian Girl itzuli dituzte. Era berean, gaztetxoenentzako lan sarituak ere itzuli dituzte euskarara: Lucie Félixeren Bi begi?, Olga de Diosen Munstro arrosa edota Jorge Gonzalvo Díaz eta Elena Odriozolaren Tropezista, besteak beste.

    Bestalde, beste hizkuntzetatik euskarara ekarririko album ilustratuekin batera, hemengo egile batzuen kasuan euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen ditu euren lanak Denonarteanek (batzuk gaztelaniaz sortuak, eta beste batzuk euskaraz, maiz egile berak sortzen ditu testua eta ilustrazioak). Adibidez, Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozolaren lanekin halaxe jokatu dute eta Ur: Euriaren liburua, Euskal Herrietako ipuinak edo Euskal Herrietako ipuin gaiztoak euskaraz eta gazteleraz argitaratu ditu argitaletxeak. Alde horretatik, esanguratsua da azkenaldiko Odriozolaren lan bereziak argitaratzen dituen argitaletxea dela Denonartean, maiz formatu eta proposamen ausartei bide eginaz. Era berean, Igerabidek Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen 2018an Abezedario titirijario lanarekin eta lan horren jatorrizkoa zein itzulpena kaleratu zituen Denonarteanek.

    Denonartean argitaletxean euren lanak kaleratu dituzten beste egile euskaldunen artean, Yolanda Arrieta (2015eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Argiaren alaba lanagatik), Pello Añorga, Miren Agur Meabe, Antton Kazabon idazleak aipa daitezke eta ilustratzaileen artean, Aitziber Alonso, Lorena Martinez, Jokin Mitxelena edo Estibalitz Jalon.

     

    © Mikel Ayerbe Sudupe

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ayerbe Sudupe, Mikel (2019). “Denonartean argitaletxearen (2008-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/denonartean-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Denonartean argitaletxeko "Ur: euriaren liburua" lanaren azaleko irudia eta zenbait orri