itzuli

Sendoa argitaletxea

    SENDOA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Sendoa / Sendoa S.A. (Donostia, 1975 – Oiartzun, 2007) liburuen edizio eta banaketa lanetan jardun zuen euskal argitaletxea izan zen. 1973. urtean Auspoa izenpean ekin zion bere ibilbideari Celso Calvo Saenz eta Joakin Berasategi Mendizabal bazkide sortzaileek Antonio Zavala-rekin zuten adiskidetasunari esker. Lan kopuruaren igoera eta bilakaera politikoak Celso Calvo Saenz-ek Sendoa marka erregistratu eta, Joakin Berasategi Mendizabal-ekin batera, Donostiako Pio XII Plazan kokatuko zen hastapenean lau miloi pezetako kapitala zuen etapa berri bati hasiera ematea faboratuko zuten bi urte geroago. 1977. urtean bi bazkide sortzaileen enpresa-lankidetza amaitu eta 1980. urtetik aurrera hamar milioko kapital soziala zuen Sendoa S.A. Sozietate Anonimoa osatu zuen Joakin Berasategi Mendizabal-ek. Hasieratik, José Ignacio Usabiaga Martin eta, geroago, Eneka Berasategi Asurabarrena-k jardun zuten lehenik Donostiako Carlos I Hiribideko 22. zenbakira eta, ondoren, Oiartzungo Astigarragako Bidea kalera lekualdatuko zen argitaletxearen administrazio eta kudeaketa lanetan.

    Martin Ugalde-k editatutako Obras completas de Arana-Goiri’tar Sabin (Sabino de Arana-Goiri) (1980) lanaren argitalpenak emango zion hasiera «ediciones de lujo de Cultura Popular, preferentemente infantil, deportes, etc.» garatu nahi zituen eta aniztasuna ezaugarri izango zuen ibilbide editorial honi. Dibertsitate hau Auspoa, Klasikoak, Álbumes de Tradiciones Populares, Biblioteca de Narrativa Popular, Biblioteca Mítica, Colección de Antropología y Literatura, Txingurri Jakintsua eta Biblioteca Universal dos nenos bildumak osatzen zituzten obretan ezezik 1982an Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria berargitaratzea bezalako ekimenetan ere agerian geratuko zen. Juan José Lapitz Mendia-k zuzendutako Basque cuisine. The cuisine of yesterday and today (1999), Luis Mari Mujika-ren Diccionario General y técnico breve español-euskara, euskara-espainera (1984), Joxe Ramon Zubimendi-ren Jokaera-liburua. Euskara, kultura, estiloa eta komunikazioa (1995), Antton Kazabon-en Bakoitzari berea (2000), José María Gorrotxategi Pikasarri-ren Confitería y repostería vasca (1987), Jesús María González de Zárate-ren Arquitectura e iconografía en la Universidad de Oñate (1992), Jesus Maria de Leizaola-ren La marina civil vasca en los siglos XIII, XIV y XV (1988), Joan Jose Arregi-ren Eliz kantuak. Herriarentzat eta abesbatzarentzat. Mezaren eguneroko doinuak, eukaristirako kantuak, liturgi aldietarako kantuak, beste zenbait kantu (2005) eta Jorge de Riezu-ren Flor de canciones populares vascas (1982) berargitaratutako liburuak Sendoa S.A. argitaletxeak Euskal Hizkuntza, Literatura eta Kultura zabaldu eta sustatzeko egindako lan itzelaren erakusgarri dira. Zentzu honetan, bertsolaritza eta honen ezagupenean Aita Antonio Zavala-k egindako lanari Joakin Berasategi Mendizabal-ek aitortzen zion balio ikaragarriaren erakusle garrantzitsu dira 1993tik 2003 urte arte Auspoa bildumaren baitan argitaratutako hirurogei eta bederatzi lanak.

    Arestian aipatutako obrez gain, Sendoa S.A.-k ez zuen inolako eragozpenik izan, askoren artean, Eloy Martos Núnez-en Álbum de mitos y leyendas de Europa (2001), Krispin Beobide-ren Asisko Loria-ren berargitalpena (1992), Félix Lumbreras-en Cuando los ciegos guían (1998) eta Cristina Sánchez Carretero-en “Performance”, arte verbal y comunicación: nuevas perspectivas en los estudios de folklore y cultura popular en USA (2000) lanak argitaratzeko garaian ere. Halaber, euskarara itzulitako Gabriel García Marquez-en Heriotza iragarritako baten kronika (1982) bezalako lan literario esanguratsuak eta etxeko txikienei zuzendutako Txingurri Jakintsua bilduma osatuko zuten Carme Solé Vendrell idazle eta ilustratzailearen 18 lan ere argitaratu zituen Haur eta Gazte Literaturaren arloari gaztelaniatik galegora itzulitako A grande travesía eta Os primeiros libros dos nenos (1979) obrekin ekin ostean.

    Berak argitaratutako eta harreman estua zuen Auñamendi bezalako beste argitaletxeen liburuen banaketan ere jardungo zuen Sendoa S.A.-k. 1969rako artean bizitoki zuen Bilboko pisuan euskarazko liburuak saltzen ibilia zen iada Joakin Berasategi Mendizabal. Argitaletxea erregistratu eta kokalekua Donostian ezarri zuelarik, etxeetan saltzaileek salduko zituzten liburuen banaketa zentralizatzeko lokal bat ere atondu zuen hiriburu honetako Lorea Plazan.

    Argitaletxearen sortzaileetako bat eta editore izan zen Joakin Berasategi Mendizabalen erretiroa eta Informazio eta Komunikaziorako Teknologia berriek editorialen munduan eragindako inpaktua tarteko, 2007ko martxoaren 28an eman zion amaiera bere ibilbideari Sendoa argitaletxeak.

    Argitaratu zituen obra ugariek eta banatu zituen Auñamendi argitaletxearen Diccionario Enciclopédico Vasco bezalako lan nabarmenak ezezik Joakin Berasategi Mendizabal-ek Euskaltzaindia-ri doantzan emandako eta egun Azkue Biblioteka-ren babespean dagoen argazki artxiboak ere iraungo du, ordea, denboran barrena.

     

    © Gurutze Lasa Zuzuarregui

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Lasa Zuzuarregui, Gurutze (2019). “Sendoa argitaletxearen (1975-2007) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/sendoa-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Sendoa S.A. kokatu zeneko eraikinaren egungo ekialdeko fatxada - Egilea: Gurutze Lasa Zuzuarregui