itzuli

Baroja, Ignacio Ramón

    IGNACIO RAMÓN BAROJAREN SOSLAIA

    Ignacio Ramón Baroja (1797-1874): Ignacio Ramón Baroja Oiartzunen jaio zen 1797ko uztailaren 30ean. Rafael Martínez de Barojaren eta Maria Josefa Arrietaren semea izan zen. Aita botikaria zen Oiartzunen, eta bertan ipini zuen Ignacio Ramónek bere lehen inprimategia. Aurrerago, Donostiara joan zen, baina, hiriak 1813an jasan zuen sutearen ondorioz, Wellingtonen tropa ingelesek eragindakoa, Oiartzunera itzuli zen.

    Donostiako sutearen ondoren zutik gelditu ziren eraikin bakarrak Santa Maria eta San Vicente elizak zian ziren, biak ala biak hiriaren alde zaharrean. Urgull mendira itsatsitako etxe batzuk ere zutik gelditu ziren. Sutearen ondorioz, hiriko inprimategiak desagertu ziren, harena barne, Trinitate kaleko 5. zenbakian zegoena (gaur egun Abuztuaren 31ko kalea). Ignacio Ramónek makina gehiago zituen Oiartzunen antza; izan ere, 1813an Debako Batzarren Erregistro Liburua inprimatu zuen, eta honako hau irakur daiteke inprimategi-zigiluan: “En Oyarzun. En la imprenta de Ignacio Ramón Baroxa”.

    1813an Ignacio Ramónek 15 urte zituen; beraz, uste da nahiz eta inprimategi-zigiluak bere izena izan, haren ordezkaria bere osaba zela, Juan de Arrieta jauna. Hark jarri zuen Oiartzungo lehen inprimategia. Hori ondoriozta daiteke Foru Aldundiak 1813an Oiartzungo Juan Arrietari ordaindu zion zor batetik: 1.000 erreal ordaindu zizkion Batzarren Erregistroa eta beste lan batzuk inprimatzeagatik. 1817an, Hondarribiko parrokia-kontuetan 88 erreal ordaindu zitzaizkion Juan Arrieta liburu-inprimatzaileari, liburu batzuen azala koadernatzeagatik.

    Oiartzunen Pliego anual de Oyarzun izeneko aldizkaria ere argitaratu zuen, 4 neurrikoa, bi orrialdeetakoa eta inprimategi-zigilurik gabe. Normalean, ostiraletan argitaratzen zen, eta, ezohiko gertakariak zeudenean, astelehenetan. Ale bakoitzak 3 zentimo balio zituen. Papeleta de Oyarzun izeneko astekaria ere 4 neurrikoa zen, orrialde bakarra edo bi zituen eta inguruko gerra-gertakarien berri ematen zuen. Astean behin argitaratzen zen, baina ez zuen asko iraun; izan ere, 1814ko maiatzean utzi zioten inprimatzeari, Ordenanzas del Consulado de San Sebastián lanak inprimatu ziren urtean. “En Oyarzun. En la imprenta de Ignacio Ramón Baroja, impresor de esta Muy ilustre casa, etc. Año de 1814”. Tolosako De la Lama inprimategiarekin batera, Batzarren Erregistro Liburuak inprimatu ziren urte haietan.

    1818an, Barojak Donostiara itzultzea erabaki zuen, bertan bizitzeko eta zortea topatzen saiatzeko. Konstituzio plazan kokatutako lokal batean jarri zen, 1991 arte iraun zuena. Urte hartan bertan Donostiako uztaileko Batzar Nagusien Erregistroa inprimatu zuen. Honako hau irakur daiteke inprimategi-zigiluan: “En San Sebastián; en la imprenta de Ignacio Ramón Baroja. 1818″.

    1826an, honako hau zioen inprimategi-zigiluak: “Ignacio Ramón Baroja, impresor de esta M.N. y M.L. Ciudad y su ilustre Consulado”. 1834an, inprimategiak azken Erregistroa inprimatu zuen, Probintziak bere inprimategia ipini baitzuen Tolosan. Horrela, inprimatzaile ofizial baten mantentze-gastuak aurreztu zituen.

    Igancio Ramón Barojak 140 lan inprimatu zituen 1850era arte bere inprimategi-zigiluarekin. 17 erlijioari buruzkoak ziren, 63 historia eta zientziakoak, 13 hizkuntza eta literaturakoak, 34 lege eta ordenantzenak, 3 hiztegiak eta 10 musikari buruzkoak. Baroja 1812an hasi zen inprimatzen, hau da, XIX. mendearen hasieran. Horrek esan nahi du bere inprimakiek mendeak ekarri zituen joera berriak islatu zituztela: aurkikuntza zientifikoekiko eta industriako aurrerapen teknologikoekiko interesa, hezkuntzan jende gehiago sartu izana, beste hizkuntza batzuk ikastea…

    Obra hauek horren erakusle dira: Manual de medicina práctica (Pierre Hubert Nysten, 1818); Principios generales de fisiología-patológica (L. J. Begin, 1822); Compendio de gramática inglesa (Manuel G. J. y Ruiz 1820); Plan para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (Domingo Iribe, 1824); Memoria sobre el cólera morbo (1834); El cuerpo del hombre (Galet, 1843) eta Compendio historial de Guipúzcoa (Lope Martínez de Isasti, 1850).

    Garaiko gertakari historikoei buruzko obrak, hala nola Donostiako Udalaren Capítulos de la nueva instrucción y ordenación (1814) edo Relación de la venida del rey nuestro señor (1828), beste probintzia batzuen historiari buruzkoak, adibidez Historia compendiada del Reino de Navarra (José Yaguas y Miranda, 1832), eta tokiko beste lan batzuk, esate baterako Guipuzcoaco Dantza (Juan Ignacio Iztueta, 1824) edo Gipuzcoako provinciaren condaira edo historia (autore bera, 1847), ere inprimatu ziren.

    Igancio Ramón Baroja Donostian inprimatzen jardun zen leinu bateko lehen kidea izan zen, eta, ikusi dugun moduan, gai desberdinak jorratu zituen.

     

    © Mª Dolores Fernández de Casadevante Romaní

    UNED – Ikertzaile independentea

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Fernández de Casadevante Romaní, Mª Dolores (2019). “Ignacio Ramón Barojaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/baroja-ignacio-ramon/

    Deskargatu PDF-a

    "Memoria justificativa de lo que tiene espuesto…." Sevillako Unibertsitatea, Liburutegi Nagusia