itzuli

Imprenta de la Provincia

    IMPRENTA DE LA PROVINCIAREN SOSLAIA

    Imprenta de la Provincia [Probintziako inprenta] (1832-). Gipuzkoako inprenta, beste probintzia eta udalerri batzuetan bezala, Foru Aldundiaren laguntzarekin eta haren babesean sortu zen. Prozesu horrek, Gipuzkoaren kasua soilik ez izanik, hiru fase ditu:

    1. Lehenengo, inprimatzailea izendatzea eta inprentak funtzionatzea.
    2. Bigarren, inprenta ofizialak eta diruz lagundutakoak desagertzea.
    3. Hirugarren, inprenta probintzialak sortzea.

    Instituzioek, oro har, laster ulertu zuten inprenta bat izatea erabilgarria eta beharrezkoa zela; hortaz, ez zuten zalantzarik egin udalerri batean kokatzea erabakitzen zuten inprimatzaileak nolabait diruz laguntzeko. Horrelaxe gertatu zen Gipuzkoan. Lehenengo, Pedro de Borgoñarekin, 1584an; Donostiako udalerriak soldata ematen zion, baina ez Foru Aldundiak.

    Urte batzuk geroago, 1667an, Martín de Huarte, nafarra, Donostian jarri zen bizitzen, eta bere aurrekoaren arrazoi berberak alegatu zituen probintzian inprenta bat edukitzeko premiari buruz: ospe handiagoa emateko, eta soldata bat esleitzeko eskatu zuen, berak bakarrik ezin zituelako estali makinak eta materialak erosteko gastuak. Geratu egin nahi zuen eta Foru Aldundiak amore eman eta soldata bat eman behar izan zion inprimatzailea ezartzea eta esklusiboki bere esku izatea lortzeko. Horrela sortu zen inprimatzaile ofizialaren figura, eta horregatik sortu zen horrenbesteko interesa probintzian zeuden inprimatzaileen aldetik etorkizunekoa lortzeko. Lanaren zati bat ziurtatzeko modu bat zen. Foru Aldundiak, gainera, kanpoko enkarguak onartzeko aukera ematen zien, baldin eta aldundiarekiko betebeharrak albo batera uzten ez bazituzten.

    Tailer inprimatzaileak areagotu ahala, konpetentzia ere handitu egin zen. Gertakari hori ez zen finkatu Gipuzkoan XIX. mendean ondo sartu arte, 1829an, hiru inprimatzaile izan ziren hautagai inprimatzaile ofizialaren plaza eskuratzeko. Foru Aldundiak ez zuen bat aukeratu; aldiz, ondoen eta merkeen lan egiten zuenarekin lan egin zuen kasu bakoitzean, hiruretako inor izendatu gabe probintziako inprimatzaile ofizial. Erakundeek, kasu honetan Foru Aldundiak, egin eta handik gutxira merkatuko prezioan ordaintzen zen zerbitzu bat diruz laguntzeak zer zentzu zuen pentsatzeko unea iritsi zen. Logikoa da urteroko soldataren gastu hori kentzea erabaki izana; izan ere, zerbitzua bermatuta zegoen probintzian hiru inprimatzaile izanda: bi Tolosan eta bat Donostian. Horrela desagertu zen, baita ere, Gipuzkoako Probintzia txit eta leialeko Inprimatzailea titulua. Diruz lagundutako inprentek existitzeko arrazoia izateari utzi zioten unearen bigarren fasea da hori.

    Hirugarren fasea, berriz, inprenta ofizialen sorrerari dagokio. Azken horiek erakunde ofizialek sustatu eta finantzatu zituzten, eta beren beharrizanak estaltzeko helburua izan zuten. Inprimatutako ekoizpenaren bolumena izugarri hazi zenez, beren eskaera asetzeko tailer propio bat behar izan zuten. Orduan sortu zen inprenta ofiziala, makina eta langile propioekin. Errentagarriagoa zen lan hori guztia inprenta jakin bati ematea baino. Gipuzkoan, Probintziako Inprenta deitu zen eta ibiltaria izan zen. 1832an hasi zen lanean, eta Batzar Nagusien Erregistroa inprimatu zuen urte horretatik aurrera.

    Probintziako Inprentak egun ere lanean darrai. 1850. urtera arte 27 inprimaki inprimatu ziren bertan, inprimategi-zigiluarekin. Horietako gehienak, logikoa denez, legeak eta ordenantzak izan ziren; guztira, 24 inprimaki. Batzar Nagusien Erregistroak izan ziren gehienbat. Beste hirurak, historiaren eta zientziaren taldekoak izan ziren: Valentín Olano, Discurso pronunciado por el Señor Don Valentín Olano en defensa de los fueros vascongados en la sesión celebrada por el Congreso de los Diputados en el día 26 de Marzo de 1840, 1840; Gipuzkoako Kontseilu Probintziala, Refutación al folleto titulado “Informe dado por el Consejo Provincial de Guipúzcoa al Señor Jefe Político de la misma con motivo de un dictamen emitido por la comisión de Hacienda en las Juntas generales celebradas en el presente año de 1847 en la villa de Oñate”, Tolosa, 1847; Francisco Javier de Aramburu, Veterinaria. Memorias presentadas sobre este ramo a la Diputación de la M. N. y M. L. provincia de Guipúzcoa por el subdelegado del distrito de Vergara, D. Francisco Javier de Aramburu. Tolosa, 1849.

    1821. urtera arte Imprenta de la Provincia [Probintziako Inprenta] izena izan zuen, eta urte horretan Imprenta de la Diputación de Guipuzkoa [Gipuzkoako Foru Aldundiaren Inprenta] izatera pasatu zen. Hala ageri da, hain zuzen ere, Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrike Egurenek 1921ean Donostian sinatutako lan honen  inprenta-oinean: Exploración de ocho dólmenes de Altzania: memoria presentada a la Excma. Diputación de Guipúzcoa.

    1965ean argitaratu zuen hizpide dugun inprentak Pablo Gorosabelen Memoria de las guerras y tratados de Guipúzcoa con los ingleses en los siglos XIV y XV eta, beste lan modernoago bat aipatzearren, 1858an Landuchioren Dictionarium linguae cantabricae, 1562koa.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren inprenta Donostiako Foru Jauregiko beheko solairuan egon zen, Gipuzkoa plazan; baina 1986an Errekalde auzora aldatu zuten, eta aktibo jardun zuen 2007ra arte. Urte hartan Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala paperean argitaratzeari utzi zitzaion, ordutik aurrera digitalean argitaratzeko. Horrek eragin zuen, hain zuzen ere, inprentaren jarduna asko gutxitzea.

     Gaur egun Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntza eta Eraldaketako Zuzendaritza Nagusia arduratzen da foru-inprenta eta aldundiaren ediziogintza zuzentzeaz.

     

    © Mª Dolores Fernández de Casadevante Romaní

    UNED – Ikertzaile independentea

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Fernández de Casadevante Romaní, Mª Dolores (2019). “Imprenta de la Provinciaren (1832-1852) soslaia.”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/imprenta-de-la-provincia/

    Deskargatu PDF-a

    "Veterinaria. Memorias presentadas", 1849. Sancho el Sabio Fundazioa.