itzuli

Alberdania argitaletxea

    ALBERDANIA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Alberdania (1993-), Inazio Mujika Iraolak eta Jorge Giménez Bech-ek sortu zuten, Erein argitaletxeko literatur taldean lanean aritu ostean, “literatura sorkuntza bultzatzeko” intentzio osoz (Torrealdai 1997, 564). Hasierako asmo nagusia adin guztietarako kalitatezko literatura plazaratzea zen, euskaraz (nagusiki) eta gaztelaniaz; bai hizkuntza horietan sortutakoa, baina baita hizkuntza horietara itzulitakoa ere. Literatura argitaletxea izanik, Alberdaniak oso berea sentitu du betidanik saiakeraren esparrua ere, bai saiogintza literarioari dagokionez, baita soziologia, gizartegintza, politika eta beste hainbat alorretakoari dagokionez ere.

    Argitaletxearen bilakabidea aintzat izanik, hiru aro bereiztu behar dira. Batetik, 1993-2012 arteko hasierako urteak, non ardura guztiak beregain hartzen zituzten bi editore izatetik 6 langile finko eta kanpoko 4 kolaboratzaile egonkor izateraino iritsi ziren 2003an, eta hala mantendu zen 2012ra arte. Argitalpen kopuruari dagokionez ere, lehen urteetako urteroko 12 tituluetatik 2001etik aurrera 25 titulu kaleratzera pasatu zen eta 2006tik aurrera, urtero 64 titulu inguru eman zituen argitara 2012ra arte. Bestetik, 2009-2011 bitartean helduentzako narrazioak eta haurrentzako albumak zein liburu ilustratuak katalanez argitaratzeari ere ekin zion Alberdaniak eta horrela, 2011an La Gàbia de Paper zigilua sortu zuen, egoitza Bartzelonan izanik (izen bereko Gràcia auzoko liburu-denda historikoan, hain zuzen).

    2013-2016 arteko urteetan kokatzen da bigarren aroa. Krisialdi ekonomiko gogorraren ondorioz ezinbesteko geldialdi bat egin behar izan zuen argitaletxeak –merkatutik inoiz erretiratu gabe, halere–, finantza egoera zuzendu ahal izateko. Langile kopuruak nabarmen egin zuen behera eta horren erakusle da Alberdaniako sortzaileetakoa izan zen Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxera itzuli zela. Lau urteko apalaldi horretan, haur eta gazte literaturako nobedade bakan batzuk argitaratu baziren ere (soilik 3), liburu funtsaren berrargitalpenak bereganatu zuen arreta nagusia (104 ale orotara).

    Azken aroa 2017tik aurrerakoa da. Egoera ekonomikoa zuzendu ondoren, 2017an lantaldea sendotzen hasi zen, eta 2018an 4 lagunek osatzen dute argitaletxeko plantilla (langile finkoak eta kanpoko kolaboratzaile iraunkorrak kontuan hartuta). Jorge Giménez Bech da, 2017az geroztik, editorea eta zuzendaria. Urte horretan 6 titulu argitaratu zituen Alberdaniak (4 euskaraz eta 2 gazteleraz). 2018an 25. urteurrena beteko du Alberdaniak eta argitalpen planari dagokionez, 19 titulu kaleratzea aurreikusten du (17 euskaraz eta 2 gaztelaniaz).

    Horrenbestez, Alberdaniaren katalogo biziak 615 titulu biltzen ditu (%65 euskaraz eta %35 erdaraz). Bilduma nagusiak haurrentzako albumei eskainirikoa, gazteei zuzenduriko Ostiral saila, helduentzako narrazioa eta saiakerarenak lirateke (azken horien artean saio laburrak biltzen dituen Zerberri saila aipatzekoa da). Argitaletxe honetako 12 liburuk jaso dute Euskadi Literatura Saria eta Literatura Sari Nazionala 2 liburuk eskuratu dute. Jatorrizko lanen eta itzulpenen arteko bizikidetza nabarmendu beharko litzateke argitaletxearen berezitasunen artean. Horrela, euskal idazleen artean Alberdaniak eman ditu argitara Anjel Lertxundi, Jokin Muñoz, Karlos Linazasoro edota Rikardo Arregi Diaz de Heredia bezalako idazle entzutetsuen lanak. Era berean, Marie Darriussecq, Irene Nemirovsky, Primo Levi, Agota Kristof, Paul Auster eta bestelako egile unibertsalen zenbait itzulpen esanguratsu ere kaleratu ditu.

     

    © Mikel Ayerbe Sudupe

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ayerbe Sudupe, Mikel (2019). “Alberdania argitaletxearen (1993-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/alberdania-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Alberdania argitaletxearen 25. urteurreneko logoa, Alberdania