itzuli

De Elosu, Florentino

    FLORENTINO DE ELOSUREN SOSLAIA

    Florentino Elosu (XIX-XX) Durangon, hots, antzinako merindade homonimoko eta egungo Durangaldeko hiribildurik esanguratsuenean, XIX. mende amaieran sortu eta XX. mende hasierara arte bertan iraun zuen inprenta eta liburu-denda bizkaitarra izan zen. Euskarazko lanak argitaratu zituen bereziki.

    Elosu etxearen jarduera zehaztasunez deskribatzen duten datu gutxi daude, baina, antza denez, bat egiten du garai  hartako industria editorial txikiaren ohiko ereduarekin: tokiko interesa piztu zuten gaiei buruzko lanak argitaratu eta saldu zituen; besteak beste, euskarazko lehen eleberriak plazaratzeagatik nabarmendu zen.

    Elosuk argitaratutako eta zaindutako obren katalogoan obra erlijiosoak aurki daitezke batez ere: ez da harritzekoa, XX. mendearen erdira arte Euskal Herriko esparru filologikoa, linguistikoa, literarioa eta kulturala elizgizonena izan baitzen. Hain zuzen ere, Elosu etxearen jardun editorial nagusia esparru erlijiosoari begira egin zen. 1880ko hamarkadaz geroztik liburuxkak, postalak, liburuak eta erlijioari lotutako liburuxkak euskaraz argitaratu zituen etengabe, eta, guztien artean, katiximen eta sermoien inguruko obra bizkaitar klasikoen berrargitalpenak nagusitu ziren, hala nola Martin Arzadunena (1731n argitaratu zen lehenengoz Arzadun durangarraren obra), Juan Antonio Mogelen doktrina kristaua (mende bat lehenago bizkaiera literarioaren sorreran eta sendotzean parte hartu zuen Mogelek) eta Fray Pedro Astarloaren sermoiak, lehen aldiz 1816-1818an argitaratu zirenak, eta 1904an Elosuk berak berreditatu zituenak. Aurrekoez gain, ezin dira ahaztu Asteteren katiximaren berrargitalpen eta egokitzapen eguneratuak, Kandido Basaberen Eleiz liburuchua (1914) eta Jesus’en biotzaren jaureskundea (1914) obrak, edo Pedro M. Urruzunok itzuli zuen Martin von Cochem-en Meza santua zer dan (1915) lan mardula.

    Esparru erlijiosotik harago, Elosu inprenta euskarazko lehen nobeletako batzuk argitaratzeagatik izan zen ezaguna. 1904an Juan Antonio Mogelen Peru Abarca berreditatu zuen, XIX. mende hasieran idatzi arren, lehen aldiz 1881ean argitaratutako obra apologetikoa, bost dialogoz osatua. Urte biren buruan Domingo Agirreren Kresala (1906) nobelaren lehen edizioa argitaratu zuen liburu-formatuan (aurretiaz kapituluka argitaratu zuen Euskal-Erria aldizkariak 1901 eta 1904ren artean), eta, urteak geroago, autore beraren Garoa (1912) (aurreko obra bezala, kapituluka argitaratu zuen Revista internacional de estudios vascos [Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria] aldizkariak 1907 eta 1912 urteen artean). 1909an eta 1910ean Elosuk Jose Manuel Etxeitaren Josecho, Jaioterri maitia eta Au, ori eta bestia: neurtitzak bertsoz idatzitako obrak argitaratu zituen, hurrenez hurren. Florentino Elosuk argitaratutako Agirreren eta Etxeitaren lanak euskal literaturan sortzen ari zen nobela-generoari egindako ekarpenarengatik izan ziren garrantzitsuak: euskaraz argitaratutako lehenengo nobeletariko batzuk izan ziren, 1950era arte prosazko euskal idazleen artean indarrean jarraitu zuen eredu kostunbrista errotu zutenak, hain zuzen.

    Euskarazko argitalpenetan nabarmendu arren, mintzagai dugun inprentak gazteleraz idatzitako zenbait obra esanguratsu ere plazaratu zituen. Aipagarri zaizkigu 1910ean 10.000ko tirada izan zuen Partido Católico Nacional delakoaren Esquema ó bosquejo del programa integrista [Programa integristaren eskema edo zirriborroa] (1909), Ramiro Fernández y Valvuenaren La herejía liberal [Heresia liberala] (1907), Francisco Morell-en Del liberalismo y sus secuaces [Liberalismoaz eta honen jarraitzaleez] (1912), edo Hoja de servicios del partido liberal conservador [Alderdi liberal kontserbadorearen zerbitzu-orria] (1911) lan soziopolitikoak, bai eta Durangoko eta Bizkaiko instituzioek agindutako lanak ere.

    Elosuk argitaratutako “obra handiez” gain, tamainaz txikiagoak izanagatik, hainbat hamarkadatan barra-barra plazaratu ziren bi argitalpen mota azpimarratu behar dira. Hojitas populares (alegia, zenbait gai erlijioso eta sozialen inguruko plegu monografikoak) eta bertso-paperak, kordeleko literatura bezala aleka banatzen ziren bertso inprimatuak.

     

    © Eneko Zuloaga San Román

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Zuloaga San Román, Eneko. (2019). “Florentino Elosuren (XIX-XX) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretann. URL: De Elosu, Florentino – MHLI

    Deskargatu PDF-a

    Juan Antonio Mogelen "Peru Abarca" (1904) obraren bigarren argitalpenaren azala