itzuli

Etxezaharreta, Luzien

    LUZIEN ETXEZAHARRETAREN SOSLAIA

    Luzien Etxezaharreta (Hazparne, 1946),euskal kazetari, idazle eta editorea da.Paueko Unibertsitatean Fisikan lizentziatu zen, eta oso gaztetatik piztu zitzaion interesa euskal kultur munduarekiko, letrekiko eta edizioarekiko.Frankismo amaierako naihiz trantsizio hasierako euskal testuinguruan ohikoa zen bezala, Etxezaharretaren jarduna aktibista politiko-kulturalarena zen, eta bere motibazioa euskal erresistentzia antifranquista eta euskaltzalearekiko sentsibilitatean zegoen errotuta.Erregimen frankistarekiko Frantziaren kritika faltaren aurrean eta frantziar kulturaren gailentasun errekonozituak euskal kulturari egiten zion itzalaz ohartuta, Etxezaharreta konprometitu egin zen frankismoaren kontrako eta euskal kulturaren berpiztearen aldeko euskal ezkerraren kausarekin.

    Etxezaharretak Paueko unibertsitate garaian hasi zuen bere ibilbidea edizioaren munduan. Hala, ikasle zelarik, Associaton des étudiants basques de Bordeauxtaldeak kudeatzen zuen Egia aldizkariaren edizio nahiz banaketa lanetan aritu zen. Hura Bordaleko unibertsitateko euskal ikasleen elkartea bazen ere, aldizkariak kolore abertzale eta euskaltzalea zeukan, eta autonomia bereganatu zuen 1965aren bueltan.Aurrerago, 1968an, Enbata talde politiko abertzalearen partaide izan zenean, “Amaia” elkartearen sorreran parte hartu zuen, hainbat argitalpen koordinatuz, eta, aldi berean, Bordale, Paue, Tolosa eta Pariseko ikasleek sortutako Ikas aldizkarian parte hartuz. Horren ostean, 70eko hamarkadarekin, Hitz aldizkariaren sorreran lan egin zueneta bertan argitaratutako elkarrizketa nahiz askotariko testuak, orokorrean, kartzeletatik heldu ziren. Azken garai horrek bi urte iraun zuen, eta ondoren hasi zen Maiatz Batasuna elkartearen proiektua, Maiatz aldizkariaren (1982-…) eta argitaletxearen (1984-…) sorburu izan zena.

    1981ean Etxezaharretak Paris utzi zuen Euskal Herrira itzultzeko, eta ordurako indarrez azaltzen hasiak ziren euskarazko adierazpen kultural ugariak, hala nola, Ustela (1975-1976), Susa (1980-1994) edo Xaguxarra (1980-1981) bezalako aldizkari literarioak. Huraxe izan zen Etxezaharretak eta Itxaro Bordak Maiatz aldizkariaren proiektua hasi zuteneko garaia, Ipar Euskal Herriko idazleek ere elkar ezagutzeko, elkartzeko eta euren lanak argitaratzeko plaza sortzeko asmoz.Euskal ingurune kultural zaharkituan, aldizkari gaztea euskal literatura berritzaile eta apurtzaile bati ateak irekitzko helburuarekin jaio zen, ordura arte eskura zeuden literatur hedabideetan nekez argitaratu ahalko ziren lanei, alegia. Helburu hori bete eta berehala heldu zen hurrengo pausoa emateko beharra, argitaletxearen lerro editorial bera jarraituz liburuak ere argitaratzearena, alegia.Gaur egun, Etxezahrretak Maiatzen zuzendaritza lanetan dihardu, 2017an bere 35. urteurrena ospatu zuena, guztira 227 idazlek argitaratutako 63 zenbaki eta 137 libururen ibilbidearekin.

    Amaitzeko, aipatzekoa da,halaber, editore gisa ez ezik, Etxezaharretak euskal kazetari eta idazle gisa ere parte hartu duela euskal kulturan. Besteak beste, Euskaldunon Egunkariaren(1990-2003) sortzaileetariko bat izan zen, Baionako delegazioa koordinatuz, oso era aktiboan kolaboratu du euskal prentsan, eta Margarita inter porcos (1993), Inter-porcos (2007) etaBegira (2012) lanak argitaratu ditu. Idatzizko eremuaz gain, Etxezaharretaren kazetariza jardunaren zati handi bat irratiaren esparrukoa izan da, bereziki azpimarragarria den Gure Irratia (1981-…) irrati-katearen sorreran egindako lanarekin, adibidez.Azken eremu honetan egindako merezimenduen aitortza izan zen, hain zuzen ere, 2012an Etxezaharretari emandako Argia Saria.

     

    © Amaia Elizalde Estenaga

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Elizalde Estenaga, Amaia (2019). “Luzien Etxezaharretaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/luzien-etxezaharreta/

    Deskargatu PDF-a

    Luzien Etxezaharreta. Egilea eta iturria: Amaia Elizalde Estenaga.