itzuli

Sucesores de Francisco de la Lama

    SUCESORES DE FRANCISCO DE LA LAMAREN SOSLAIA

    Juan Manuel de la Lama Urraca (Tolosa 1777-1828). Juan Manuelek bere tailerra zuen Tolosan; horixe erakusten du 1820an aita Asteteren Doctrina cristiana bezalako lan erlijiosoez gain, 1823ko Batzarren Erregistroa inprimatu izanak. Hauxe zen bere inprimategi-zigilua: “En Tolosa en casa de Juan Manuel de la Lama, Impresor futuro de la expresada Provincia”. 1828ko abuztuaren 28an, Francisco de la Lama aita hil zen, eta Juan Manuelek haren tituluak erabili zituen, 1828ko Mutrikuko Batzarren Erregistroaren inprimategi-zigiluan agertzen den moduan: “En Tolosa en la imprenta de Juan Manuel de la Lama impresor de la expresada Provincia y del Tribunal del Corregimiento.” Etorkizunean harentzat zen, baina Juan Manuel 1828ko abenduaren 20an hil zen.

    Juan Manuel de la Lamak hogeita zazpi inprimaki zituen bere inprimategi-zigiluarekin.  Inprimaki guztietatik hamalau erlijiosoak ziren, bost historia eta zientziari buruzkoak, bat hizkuntza eta literaturari buruzkoa, sei lege eta ordenantzei buruzkoa eta bat hiztegi batena. Inprimaki erlijiosoen artean, argitalpen hauek azpimarra daitezke: aita Asteteren Doctrina cristiana, José Cruz de Echeverríaren Arte para formar perfectas religiosas (Tolosa, 1821); aita Cardaberazen Meza eta comunioa (1822); Juan Bautista Aguirreren Confesioco eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac (1823) eta José Cruz de Echeverríaren Ongui vicitceco ta ongui iltceco (1824); azken horren beste argitalpen bat egin zuen 1828an.

    Halabeharrez, Juan Manuel eta haren aita Francisco de la Lama urte berean hil ziren, 1828an, eta “Viuda de la Lama” inprimategi-zigiluarekin inprimatu zuten handik aurrera, Juan Manuelen emaztearenarekin (Clementina de Gárate).

    Viuda de la Lama (Clementina de Gárate Izurco, Tolosa 1784-1867). De la Lamaren inprentak, Juan Manuelenak, haren alargunaren izenarekin (María Clementina de Gárate) jarraitu zuen. 1809an ezkondu zen harekin. Horrelaxe agertzen da 1829ko Tolosako Erregistroen, 1830eko Arrasatekoen eta 1831ko Donostiakoen inprimategi-zigiluan, baita Tolosako 1830eko urriko Batzar Partikularretakoan eta Azpeitiko 1831ko abuztukoan ere. Hauxe zen bere inprimategi-zigilua: “En la imprenta de la Viuda de la Lama”. De la Lamaren alargunak hogeita zazpi inprimaki inprimatu zituen “Viuda de la Lama” inprimategi-zigiluarekin. Inprimaki guztietatik hamalau erlijiosoak izan ziren, lau historiari edo zientziari buruzkoak, sei legeei buruzkoak eta bi hiztegienak. Hauek izan ziren inprimaki garrantzitsuenetako batzuk: José Cruz de Echeverríak itzulitako Tomás de Kempisen Jesusen imitacioco edo berai jarraitcen eracusten duen libraba (1829); aita Asteteren Doctrina cristiana lanaren zenbait argitalpen; aita Cardaberazen Novena a María Santísima de los Dolores (1841) edo Meza eta comunioa lanaren hainbat argitalpen (1840 eta 1844) eta Luis Astigarraga Ugarteren Diccionario manual bascongado y castellano, y elementos de gramática (1839). Data horretan agertzen da azkenekoz haren inprimategi-zigilua. 1839ko uztailaren amaiera aldera, De la Lamaren alargunak Foru Aldundiari bidalitako gastuen faktura batean zera eskatzen du: ordaintzeko “…probintzia honetako Gerrako Foru Aldundi gorenarentzat egindako inprimaketak eta beste hornidura batzuk”.

     Juan Ignacio Mendizábal Lete (Bidania Goiaz, ?-1839). Francisco de la Lamak, Juan Manuelez gain, alaba bat ere bazuen, Josefa Antonia (Tolosa 1797-1879). Azken hori Juan Ignacio de Mendizábalekin ezkondu zen, izatez Goiazkoa, 1820an. Ezkontza-kontratua sinatu zuten 1820an. Agiri horretan jasotzen da Franciscok haren suhiari inprimatzaile-lanbidea irakatsi behar ziola, gero bere inprentan lana emateko. Inprenta alabari utzi zion senipartez.

    1829ko ekainaren 29an, Juan Ignacio Mendizábalek korrejidoreari eskatu zion Korrejidoretzako inprimatzaile izendatzeko.

    Data horretan, beste memorial batean Probintziari eskatu zion probintziako inprimatzaile-plaza emateko. Bere alde honako hau zuela esan zuen: “…Gipuzkoako Sekzio gogoangarriko 2. batailoiko ehiztari ofiziala izatearen loria, Napoleon usurpatzailearen tropel garaiezin delakoen aurka arma-garaipen ugari lortu zituenekoa”.

    1829koa da Juan Ignacio Mendizábalek bere inprimategi-zigiluarekin eginda aurkitu den lehen inprimakia. Hain zuzen, honako hau: Prospecto de suscripción para la abertura de una carretera… Azkena, 1835ekoa da. Guztira, bederatzi lan inprimatu zituen bere inprimategi-zigiluarekin. Horietako bost erlijiosoak ziren, bat historiari eta zientziari buruzkoa eta hiru legeei buruzkoak. Hona hemen inprimatu zituen zenbait izenburu: Bula de su Santidad de 3 de octubre de 1800… (1831); aita Cardaberazen Escu liburua, ceinetan arquitzen dira cristau… (1832); Agustín Basterrechearen Yesucristo gueure yaunaren pasiño santua (1832); Pablo Gorosábelen Redacción del Código Civil de España (1832); Real cédula de S.M. y señores del Consejo, por la cual se manda guardar y cumplir la declaración hecha por el Rey nuestro Señor (1833) edo Pablo Gorosábelen Examen de los principios del derecho civil español (1834).

    Handik gutxira, 1835ean, Bergarako Foru Aldundi Karlistak, Mendizábalen inprenta konfiskatzeko agindu zuen. Makina guztiak Bergarara eraman zituzten. Juan Ignacio Mendizábal, Tolosako herri-miliziako ofiziala, ez zegoen bertan, garnizioko tropekin Tolosatik Donostiara joan zelako.

    Inprimategi horretako makinekin argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundi Karlistak Oñatin Gaceta Oficial aldizkaria. Aldizkari horren lehen alea 1835ean agertu zen. Makinak ez ziren inoiz itzuli Tolosara.

    Inprentak Mendizábalen izenean egoten jarraitu zuen 1839ko uztailera arte. Urte horretan hil zen Juan Ignacio, eta inprimategi-zigilua aldatu eta honela geratu zen: “Viuda de Mendizábal”.

    Juan Ignacio Mendizábal eta Josefa Antonia de la Lamak bost seme-alaba izan zituzten. Alaba bat, María Juliana, María Inésen (Tolosa 1835) bikia, Eusebio Lópezekin ezkondu zen 1877an. Orduan, establezimendua bikote horren izenean jarri zen eta Mendizábalen alargunaren inprimategi-zigilua aldatu eta honela geratu zen: “Casa editorial de Eusebio López, Sucesor de la viuda de Mendizábal”.

     

    © Mª Dolores Fernández de Casadevante Romaní

    UNED – Ikertzaile independentea

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Fernández de Casadevante Romaní, Mª Dolores (2019). “Sucesores de Francisco de la Lamaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/sucesores-de-francisco-de-la-lama/

    Deskargatu PDF-a

    Confesioco eta comunioco, Juan Bautista Aguirre, 1823. Arantzazuko Santutegia.