itzuli

Txalaparta argitaletxea

    TXALAPARTA ARGITALETXEKO SOSLAIA

    Txalaparta S.A. (Tafalla, 1987-) euskal argitaletxea José Mari Esparzak eta Juanjo Marcok sortu zuten, Altaffaylla Tafallako kultur elkartetik abiatuta. Txalapartaren oinarrizko proiektuaren helburua izan da euskal argitaletxe independiente eta konprometitua sortzea. Horrek behartu egin ditu bidean zehar hainbat zailtasuni aitzina egitera. J.M. Esparzak adierazi gisa, abiatu berritako lana boluntario izan zen, ordaingabea eta, gerora, egokitzapenak egin ditu argitaletxeak bere funtzionamenduan. Horren erakusgarri da Txalaparta Kluba –aitzinez Gure Liburuak zena–, 80-90etako argitalpen giroari aitzina egin ahal izateko ekimen gisa abiatu baitzuen argitaletxeak. Beren hitzetan, “ikusi genuena izan zen gure argitaletxeak itxita zituela ate asko liburu-denda kateetan, prentsan, erakundeetan eta beste hainbat tokitan. 80ko eta 90eko hamarkadetan Euskal Herrian zerbait argitaratzea arrisku handiko jarduera zen, Egin egunkarikoei galdetu besterik ez dago”. Hasiera horrek 500 harpideduneko oinarria ezarri zuen, milaka izatera aisa iritsi baziren ere, denbora gutxian.

    Txalapartak aitzina egin ahala, gaien eta lanen mugak nabarmen zabaldu dira. Badu argitaletxeak bere jarduna guztiz baldintzatzen duen ardatzik. Hasiera-hasieratik izan du argitaletxeak elkarlana eragile; elkarkidetasunean sortu eta garatu dituzte hainbat hitzarmen nahiz ekimen. Editores Independientes elkartea osatu zuten Mexikoko ERA, Txileko LOM eta Uruguaiko TRILCErekin batera (2002); horien helburua izan zen, elkarlana medio, argitaletxe aniztasuna eta testuen hedapena bulkatzea. Ekimen horretatik abiatuta, preseski, sinatu zuten Beste Mundializazio Baterako Argitaletxe Independenteen Ituna.

    Elkarlanaren eskutik, eta horrek lagunduta, gai eta kezka zabalak eta bertakoak lotu ditu, “glokala” kontzeptuak berekin dakarren ikuspegi hedatsua beretuz. Lehen jomugak memoria historikoa, Gerrate Zibila eta Nafarroa izan baziren ere, garai desberdinetako eta munduan zeharreko literatura, saiakera eta lanak argitaratu ditu; antikapitalismoa, ekologia, feminismoa, erotismoa, herri zapalduak hizpide dutenak nahiz haurrendako direnak, medikuntza alternatiboaz dihardutenak, aldarrikapen kartelak, entziklopediak eta bertze. Aberastasun horrek ahalbidetu du saiakera eta literatur idazle corpus joria kaleratu izana: Noam Chomsky, Gerry Adams, Fidel Castro, Nelson Mandela, Angela Davis, Álvaro García Linera, Linda Tuhiwai, James Petras, Heinz Dieterich, Edward Said, Slavoj Zizek, Itziar Ziga, James C. Scott, Inmanuel Wallerstein, Che Guevara, José Martí, John Reed, Frantz Fanon edo Lissagaray, Elena Poniatowska, José Emilio Pacheco edo Paco Ignacio Taibo mexikarrak; Osvaldo Bayer edo Miguel Bonasso argentinarrak; Pramoedya Ananta Toer indonesiarra; Roque Dalton edo Manlio Argueta salvadortarra; Gioconda Belli nikaraguarra; Ondjaki edo Pepetela angolarrak; Mia Couto edo Paulina Chiziane mozambiketarrak; Ngugi Wa Thiong´o kenyarra; Nicolas Dickner quebectarra; Rubem Fonseca brasildarra; Alejo Carpentier, Katiuska Blanco, Daniel Chavarría edo Senel Paz kubatarrak; Ronnie Kasrils hegoafrikarra; Jamaika Kincaid Antigua eta Barbudakoa; Mauricio Rosencof edo Eduardo Galeano uruguaitarrak; Shahrnush Parsipur irandarra; Malika Mokeddem berberea; Pablo Neruda, Francisco Coloane, Díaz Eterovic edo Marcela Serrano txiletarrak; Leonard Peltier Anishinabe-Dakotakoa…

    Elkartasunak eta elkarlanak lagunduriko mundu ikuspegia hedatu nahi du argitaletxeak, solidaritatea eta berdintasuna ikusmiran, eta horri atxikitzen zaio, ikuspegi kritikotik jorratzen duelarik bere lana. Espainian Contrabandos (Asociación de editores independientes de libro político) taldeko kidea da. Talde horren helburu nagusiarekin bat heldu da Txalapartaren jarduna; izan ere, zama politiko eta sozial handiko lanak besarkatzen dituzte, apropos bilatzen dutelarik lanen arteko elkarrizketa eta elkarreragina.

    Horiek horrela, atergabeko ahalegina izan da argitaratzaile talde handien sistema nagusiaz bertzelako egitura eta dinamikak sortzea eta horiek guztiak elikatu nahiz mantentzea. Halatan, egun, hiru jardun nagusitan dihardu: Txalaparta argitaletxea, Txalaparta Kluba eta Txalaparta.eus liburu denda digitala. Horietarik bakoitzak aipatu dinamika unitzen du. Batetik, argitaletxeak urteko 30-40 liburu argitaratzen ditu, gehienak euskaraz eta gaztelaniaz eta, gutxiago, katalanez eta bertze hizkuntzaren batean. Argitaletxearen ikurretarikoa den heterogeneotasuna biltzen duten askotariko formatutan (bildumak, aldizkariak, bideoak, CD-ROMak) eta bildumatan (“Gebara”, “Gure Klasikoak”, “Orrega”, “Ravel”…) batu dira emaitzok. Bertzetik, Txalaparta Klubak, irakurle kluba izateaz gain, harpidetzan oinarrituriko sistema du oinarri. Gisa horretan, Txalaparta argitaletxearen sostengu eta arnasgune den honek, eskaintzaren eta berritasunaren arteko lotura bermatzen du, harpidedunen helburu eta gustuak errespetatzen dituelarik. Malgutasun horrek argitaletxearen biziraupena bermatzen lagundu du. Sistema horren helburua da “irakurle kritikoei argitaletxe progresista guztiak biltzen dituen liburu-denda bat eskaintzea da asmoa, batzuetan merkatuan nekez aurkitzen diren gai eta egileekin”, J.M. Esparzak erran gisa. Azkenik, Txalaparta.eus/es webguneak euskarri birtualean eskuragarri jartzen du argitaletxeak, urtetan zehar, lorturiko elkarlanaren fruitua; hau da, Txalapartak argitaratuez gain, bertze 40 argitaletxe independienteren lanak nahiz nobedadeak.

    Hala, bada, lokalaren eta zabalaren arteko harremanen baitan sortu du Txalaparta argitaletxeak bere jarduna, beti ere lan kooperatiboa oinarri izanik.

     

    © Ana Gandara Sorarrain

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gandara Sorarrain, Ana (2019). “Txalaparta argitaletxearen (1987-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/txalaparta-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Txalaparta S.A. argitaletxeko logoa