Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza
Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza Astui-ko Jose-n moldegintza

Astui-ko Jose-n moldegintza

← Itzuli ↓ Deskargatu PDF-a

ASTUI-KO JOSE-N MOLDEGINTZAREN SOSLAIA

Astui-ko Jose-n moldegintza (XIX-XX) Bilboko liburu-denda eta inprenta izan zen, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran hala liburuak inprimatzen nola saltzen aritu ziren guneen sare zabaleko kidea. Hain zuzen, sareko argitaletxe-saltokiak oro har txikiak izan arren, Bizkaiko garai bateko garapen urbanistiko, industrial, politiko, sozial eta kulturalak eragindako inprenta-beharrizanak asebetetzea bilatu eta lortu zuten.

Astuiren liburu-denda eta inprenta, “Imprenta y librería católica de Astuy”, “Tipografía Católica de José Astuy” eta “Tipografía Católica de Astuy” izenez ere ezagutua, Bilbon sortu zen, eta Jose Astuik gobernatu zuen, Josefa Quintelaren eta Tiburcio Astuiren semeak, hain zuzen. Azken hori ideologia kontserbadoreko kazetaria eta liburu-saltzaile bilbotarra ez ezik, Euscalduna (1860, 1861-1873, 1879) egunkari foruzalearen sortzaile eta zuzendari ere izan zen.

XIX. mendeko Bilboko argitaletxe handienen (Larumbe, Delmas, Casa de Misericordia eta abar) ahalmenetik urrun, Astuiren inprentak tokiko obrak argitaratu zituen batez ere. 1876ko foruen galeraren ostean, foruei eta Bizkaiko historiari buruzko hainbat obra argitaratu zituen, dela euskaraz, dela gazteleraz: Jose Maria Anguloren Jaungoicoa eta foruac (1891), Antonio Manuel Arguinzónizen El alzamiento carlista de Bizcaya en 1872 y el convenio de Amorebieta [1872ko Bizkaiko matxinada karlista eta Zornotzako akordioa] (1889), Ramon Hormaecheren Leyes civiles de Vizcaya [Bizkaiko lege zibilak] (1891), Fidel Sagarminagaren El gobierno y régimen foral del señorío de Vizcaya [Bizkaiko jaurerriko gobernua eta araubide forala] (1892) eta, jada XX. mendean, Historia de la noble villa de Bilbao [Bilbo hiribildu noblearen historia] (1905-1912) lau liburukitan eta Teófilo Guiarden Historia del consulado y casa de contratación de Bilbao y del comercio de la villa [Bilboko kontsulatuaren eta kontratazio-etxearen, eta hirilbuko merkataritzaren historia] (1913), Segundo Ispizuaren Historia de los vascos en el descubrimiento, conquista y civilización de América [Euskaldunen historia Ameriketako aurkikuntzan, konkistan eta zibilizazioan] (1914) liburuki bitan eta Bizkaiko foru zaharra Fuero de Vizcaya (1909) izenburupean aipa daitezke, besteak beste.

Astuik argitaratutako liburuen katalogoan hizkuntzari (nagusiki euskarari) eta literaturari dagozkion lanak nagusitzen dira. Batetik, Resurrección María de Azkue musikologo, hizkuntzalari eta 1919tik zendu bitartean euskaltzainburuaren gaztaroko lanak argitaratu zituen. Euskal Izkindea (1891), hizkuntzalaritzan aro berri bat markatu zuen euskal gramatika (Lakarra 1997, 516.), argitaratu eta zenbait urte geroago autoreak berak “gazte denborako bekatu”-tzat hartu zuena,  Vizcaytik… Bizkaira (1896) zarzuela, Método práctico para aprender el euskera bizkaino y gipuzkoano [Bizkaiera eta gipuzkera ikasteko metodo praktikoa] (1896) eta iraupen laburreko La abeja [Erlea] (1889-1890) hilerokoa argitaratu zituen, besteren artean. Bestalde, aipatu Azkueren lanak ez eze, Estanislao Aranzadiren Reconstitución del pueblo euskaldún en la reconstitución de la lengua [Euskal herriaren berreraiketa hizkuntzaren berreraiketan] (1902) saiakera, Edward Spencer Dodgsonen Le verbe basque : trouvé & défini dans les épîtres aux Philippiens et aux Colossiens traduites par Leiçarraga [Euskal aditza, Leizarragak itzulitako filipotarren eta kolosarren epistolen arabera aurkitua eta definitua] (1902) edo 1596ko Refranes y sentencias (1905) errefrau-bilduma garrantzitsuaren berrargitalpena nabarmen daitezke.

Literaturaren esparruan, Astuik hainbat obra argitaratu zituen euskaraz nahiz gazteleraz. Lehenengoen artean, Felipe Arrese-Beitiaren Ama euskeriaren liburu kantaria (1900), Asti-orduetako bertsozko lanak (1902) edo Kurutzetzearen bedeinkaziñoko egunean Gorbeya ganerako gogoraziño batzuk, bertsotan (1903) lan poetikoak azpimarra daitezke, bai eta Arístides Artiñanoren Orrilleco lorac Jaungoicoaren amari (1908) ere. Bigarrenen artean, Nicolás Biaren komediak (¡Maite! Comedia en dos actos, 1913; Manu-soro: comedia dramática en tres actos, 1914) eta Francisco Ulaziaren Don Fausto obrak aipamena merezi dute.

 

© Eneko Zuloaga San Román

Euskal Herriko Unibersitatea (UPV/EHU)

 

Bibliografia

LAKARRA, Joseba Andoni. “Euskararen historia eta filologia: arazo zahar, bide berri”. In Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo (1997), zk. 31:2, or. 447-536.

 

Dokumentu hau aipatzeko: Zuloaga San Román, Eneko. (2019). “Astui-ko Jose-n moldegintzaren (XIX-XX) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: Astui-ko Jose-n moldegintza – MHLI

Resurrección María de Azkueren "Euskal-Izkindea" (1891) gramatikaren azala