itzuli

Giltza-Edebé argitaletxea

    GILTZA-EDEBÉ ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Giltza-Edebé (1992-). Edebé argitalpen-taldeko zigiluetako bat da Giltza argitaletxea. Edebé 1983an sortu zen Bartzelonan, Salesianoek 1888an sortutako Ediciones Don Bosco argitaletxearen jarraipen gisa eta berritze-prozesu bati jarraikiz. Gaur hainbat zigiluk osatzen dute Edebé taldea: Edebé gaztelaniazko eta katalanezko merkaturako, Rodeira Galiziarako, Giltza Euskal Herrirako eta Marjal Valentziako Erkidegorako. Horrez gainera, Edebék filialak ditu Mexikon, Argentinan, Txilen eta Brasilen. Taldearen negozio-lerro nagusiak hauek dira: material didaktikoa, testuliburuak eta irakasteko eta ikasteko zein kudeaketarako plataformak eskaintzen dituzten hezkuntza-zerbitzuak eta haur- eta gazte-literatura.

    Gaur egun Euskadiko Editoreen Elkarteko eta Euskal Editoreen Elkarteko kide da Giltza eta, Torrealdairen esanetan, euskarazko testuliburuetan jardun duen enpresa nagusienetako bat izan da (1997: 266, 281).

    Espainiar estatuko beste argitaletxe batzuetako adar edo zigilu batzuk bezalaxe, Giltza argitaletxea ere euskal edizioaren eremua hazten ari zen garaian hasi zen testuliburuak eta HGLko obrak argitaratzen; orduantxe editorialen kopurua hazten ari zen (Calleja, 1994: 25), bai eta produkzioa ere (Etxaniz, 1997: 243). Hazkuntza horren eragile izan zen garaian sortutako eskola-materialen eta literatura-testuen beharra, besteak beste euskara batua zabaltzeak, elebitasuna ezartzen zuen dekretuak eta euskarazko lerroetan matrikulatutako ikasleen gorakadak eragindakoa (Etxaniz, 1997: 243; López Gaseni, 2004: 88).

    Euskal esparruan euskarazko testuliburuak eta HGL argitaratu izan duten estatuko argitaletxeak euren egoitza nagusietatik hasi ziren lan hori egiten, kolaboratzaileen edo Euskal Herriko beste argitaletxe batzuen laguntzarekin; baina, ondoren, bulegoak Euskal Herrian ipini zituzten (Calleja, 1994: 25). Horixe da hizpide dugun argitaletxearen kasua. Miren Agur Meabek orduan lantegi zuen Kirikiño Ikastolara iritsitako gutun baten bidez jakin zuen Edebé euskarazko edizioen arduradun bila zebilela. Lanpostua eskuratzeko prozesuan parte hartu zuen Meabek, bai eta eskuratu ere: orduz geroztik, Giltza zigiluko zuzendaritza, kudeaketa eta edizio lanetan aritu zen, 2010a arte.

    Meabek azaltzen duenez, Sondikako biltegi-pabiloietako bulegoetan egindako ikasketa- eta abiatze-prozesuaren ostean (“ediziogintza artesanalagoa egiten genuen orduan” dio), argitaletxea finkatu eta hazi egin zen. Horren arrazoi izan ziren, oro har zigiluak egiten zituen liburuetako hezkuntza-ildoaren arrakasta eta baita haur hezkuntzarako metodo berritzaileetan oinarrituta egindako materialen arrakasta ere. Garrantzitsua izan zen, halaber, irakasleek euskarazko testu zainduei egindako harrera ona. Horren erakusgarri dira Giltzako materialek hainbat aldiz jasotako “Isaac Lopez Mendizabal” saria, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak unibertsitatea ez bestelako hezkuntzarako euskarazko eskola-materialik onenak saritzeko eman izan dituena.

    Argitaletxeak beste etapa bati eman zion hasiera 2002an: erredakzio-bulegoa Bilbora aldatu eta erredakzioko langileen kopurua hazi baitzen (1 eta 7 langile artekoa izan da erredakzio-taldea Giltzaren historian). Gainera, edizioaren ekoizpena planifikatzeko eta kudeatzeko metodologia berriak ezarri ziren. Halaber, taldeak produktu digitalak txertatu zituen katalogoan eta hazi egin ziren taldearen HGLko bildumak, nahiz eta azken horrek ez zion zuzen-zuzenean eragin Giltza zigiluaren eguneroko jardunari.

    Giltza argitaletxearen katalogoan Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko hezkuntzarako paperezko testuliburuak zein produktu digitalak aurki daitezke, eta zigiluak ikastetxeei zuzendutako prestakuntza-, kontsulta- eta jarraipen-zerbitzuak eskaintzen ditu; era berean, irakurketa-plana eskaintzen die ikastetxeei. Irakurle gazteen adinaren arabera sailkatutako HGLko bildumetako lanen artean, Edebé saria irabazi dutenak nabarmendu daitezke; izan ere, 1993az geroztik, Edebe Sariak Haur Literaturako eta Gazte Literaturako lan bana saritzen eta argitaratzen du.

    Giltza argitaletxean tradizio handieneko bildumak dira “Tukan” (4 azpi-bilduma dituena, urdina 6 urtetik aurrerakoentzat, laranja 8 urtetik aurrerakoentzat, berdea 10 urtetik aurrerakoentzat eta gorria 12 urtetik aurrerakoentzat), “Periskopioa” (14 urtetik aurrerako irakurleentzat; askotariko generoetako eleberriak biltzen ditu bildumak: zientzia fikziozko eleberriak, poliziakoak, errealistak, erromantikoak…) eta “Nire ipuin kutunak tren urdina” (6 eta 8 urte arteko irakurleak motibatzea helburu duen bilduma).

    2010ean beste etapa bati ekin zion Giltza argitaletxeak: Meabek argitaletxea utzita, lehendik ere erredakzio-taldeko kide zen Libe Arenazak hartu zuen zigiluaren gidaritza. Orduz geroztik, HGLko katalogoan txertatutako bildumak dira “Oihalezko liburuak” (0 eta 3 urte bitarteko umeek jolasteko eta ikasteko oihalezko liburuak dira, marionetak eta peluxezko panpinak dituztenak) eta “Skaterrak” (Mikel Valverde ilustratzaileak sortutako seriea da, 10-12 urteko irakurleentzat e-book formatuan ere eskaintzen dena). 2017an album ilustratuen bilduma berri bat abiarazi da Juan Kruz Igerabide euskal idazlearen Untxiak opila nahi lanarekin.

     

    © Miren Ibarluzea Santisteban

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santisteban, Miren (2019). “Giltza-Edebé argitaletxearen (1992-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/giltza-edebe-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Miren Agur Meaberen "Nola zuzendu andereño gaizto bat" liburuaren azala, Tukan laranja bilduma (2005)