itzuli

Ibaizabal argitaletxea

    IBAIZABAL ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Ibaizabal (1990-), Edelvives, Alhucema, Tambre eta Baula zigiluekin batera Luis Vives argitaletxe-taldearen parte da, eta hezkuntzarako materiala eta Haur eta Gazte Literatura argitaratzen ditu. Ibaizabalen baloreak lotuta daude pertsonak etorkizunari aurre egiteko heztearekin eta prestatzearekin, ikuspegi gizatiar, euskaldun, teknologiko eta solidario batetik (Orue aldizkaria, 2004: 60). Zornotzan dago egoitza, Orue parketik gertu, eta bertan daude pasiotarren komunitatea ez ezik, Lauaxeta ikastola eta Orue egoitza, Fermin Iraolagoitia Mendibe fraide pasiotarrak sustatuta sortuak.

    1990eko azaroaren 13an sortu zen Ibaizabal. Gerraosteko argitaletxeen lau belaunaldien artean (Torrealdai, 1997: 561) laugarrenekoa da, hortaz. Baina, aurrekariak 1990a baino lehenagokoak dira: 1990ean sortutako enpresa-egitura Ikastola Katolikoen Alkarteak (IKA) eta pasiotarrek bultzatuta etorri zen, Iraolagoitiaren eskutik. Iraolagoitiak Ibaizabal sortu aurretik ere bazuen lotura edizioaren munduarekin. Euskal Editoreen Elkarteko sorrera-batzordeko kide izan zen 1984an (Torrealdai, 1997: 614). Lehenago, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako lehenbiziko bost mailetarako irakurgaiak eta eskola-materialak argitaratu zituen Aita Fermin, euskaraz egin zigilupean 1975-1979 bitartean, argitaletxe moduan funtzionatzen zuen bizkaieraren aldeko mugimenduari loturik (Zubeldia, 1999: 190).

    Aurreko mugimenduari jarraipen sendoagoa emateko, IKA-Ibaizabal elkartea sortu zen 1979an (idem): ikastola elkartekideetarako (Begoñazpi, Txomin Agirre eta Lauaxeta) liburuak kaleratu zituen Iraolagoitiaren gidaritzapean (Orue aldizkaria, 2005: 98), ekoizpen propiokoak zein beste argitaletxe batzuekin ko-edizioan egindakoak. Literaturaren alorrean, Bizkaiko zein Euskal Herriko ahozko tradiziotik gertuko ipuinek izan zuten tokia batez ere lehen urteetan (Zubeldia, 1999: 193); 30 tituluko “Eubako ipuinak” sortari irizten dio garrantzitsuena Callejak (1994: 299). SMrekin eta Santillanarekin batera ere eman zituen IKA-Ibaizabalek hainbat liburu argitara. Garai hartako IKA argitaletxearen bereizgarrietako bat bizkaieraz argitaratzea izan zen, eta sasoi hartakoak dira 6 eta 9 urte bitarteko umeentzat bizkaieraz argitaratutako “Teo”, “Ibai”, “Xanti eta Ane” eta “Txintxinbelta” bildumak zein Elkar argitaletxeak euskara batuan emandako eta IKA-Ibaizabalek bizkaieraz ateratako “Sirena” eta “Txalupa” bildumak (Zubeldia, 1999: 193-194; Calleja, 1994: 24).

    Luis Vives argitaletxearekiko harremanak 1989an hasi ziren, eta, hasiera batean, Sozietate Anonimo partaidetu bat sortu zen, bazkideen erdiak Ibazabalekoak eta beste erdiak maristek jarritakoak zituena (egun Grupo Edelvives da enpresaren jabea). Halaxe abiatu zen “Ibaizabal-Edelvives S.A. argitaletxea” (Orue aldizkaria, 2005: 99), hezkuntza arloan izandako bilakaerarekin batera eraldatu dena. Sozietatea erdibana eratu izanak ahalbidetu du, Iraolagoitiaren ustez (Orue aldizkaria, 2005: 102), Ibaizabalen askatasuna. Horrek isla du Estatuko argitaletxeetako parte diren argitaletxeek euskarazko testuliburuak ontzean darabiltzaten estrategiez Torrealdaik dioen honetan: “Egokitze-prozesuan alde handiak daude hauen artean, itzulpen hutsetik Ibaizabalen material propioetara dagoena, adibidez” (Torrealdai, 1997: 269). Ibaizabalek berak sortutako sailak dira “Ortzi eta Kukuma”, “Zorionak”, “Matxinsalto”, “Txirri, Mirri eta Txiribiton”, “Ekin” eta “Bizian Gora”. bilduma horietako batzuek katalogoan jarraitzen dute, eta horien bidez euskal idazleen obrak eskuratzeko ahalegina egin zuen argitaletxeak (Zubeldia, 1999: 193-194).

    Ibaizabalen bildumen berri dakar Torrealdaik 1996an egindako galdeketa batek. Bertan adierazitakoen harira, nabarmentzekoa da 1990-1999 urte-bitartean Ibaizabalen zigilupean argitaratu zela “Literatura Unibertsala” bilduma (lan unibertsalak euskarara itzultzeko EIZIE elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena). Garai berekoa da “Ala Delta”, itzulpenez osatutakoa (gehienak gaztelaniatik). Bizkaieraz argitaratu ziren bilduma horretako lanak “Hegaz” sailean. Horiez gain, “Gaztaro” (liburu arinak, irakurterrazak, irakurketaz gozatzeko pentsatuak), “Euskara lurraldez lurralde” (ipuin, esaunda eta istorio eta pasadizoen inguruan euskararen lurraldea ezagutzeko lanak; J. M. Etxebarriaren Bizkaialdeko ipuin-esaundak lana izan zen lehen lehenbizikoa) eta “Jende oldartsuen istorioak” zein “Musikariak” sortak ere aipa daitezke (azken bi sailak enpresarien eta musikarien biografiek osatzen dituzte). “Klasikoak” bilduma beste argitaletxeekin batera argitaratzen zen, eta adinekoentzako “Bizian gora” sailean hitz neurtuzko testuak bildu ziren. Garaikide dira “Ekinez”, “Elaberria”, “Zentzumenak”, “Zure sentimenduak”, “Zorionak”, “Hartz familia”, “Sagutxu”, “Zientzia xumea”, “Erlijioa” eta “Ingelesez irakurtzen dut” bildumak (Aldekoa et al., 1996).

    Argitaletxearen 20. urteurrenaren harira, Oiarzabalek (Bizkaie 2010-11-08) nabarmendu zuen ordurako 126 erreferentzia zituztela “Multimedia” bilduman, 130 “Euskal Gaiak” bilduman, 137 titulu “Hizkirimiri”-n eta 132 “Erlijioen Jakinduria” izenekoan. Halaber, azpimarratu zuen 2002az geroztik Haur eta Gazte Literaturan berezitutako liburu-denda zutela Bilbon (hamar urteko ibilbidea egin zuen), eta 2006an, liburu-dendan gauzatzeko familia aisialdirako ekintza-programa bat jarri zela abian, “Ibaitxiki kluba”. Bizkaierazko testuak argitaratzea etxearen bereizgarrietako bat izaten jarraitzen zuela zioen Oiarzabalek (idem).

    Gaur egun, eskaririk ez, eta ez da bizkaierazko testurik merkaturatzen, ikastetxeren baten eskariz testuak moldatzeko zerbitzua ematen badute ere. Egungo literatur zerbitzuei eta ekoizpenari dagokienez, argitaletxeak topaketak proposatzen ditu idazleekin eta “Irakurriz Bizi!” proiektua eskaintzen du irakurzaletasuna eta sormena lantzeko. Horrez gainera, www.ta-tum.com irakurketarako plataforma gamifikatua ere abiarazi du: eskoletarako liburutegi multimedia eta irakurketa dinamizatzeko jarduerak biltzen ditu. Liburu-bildumak biderkatu egin dira (50etik gora dira), eta batez ere itzulpenak (beste herrialde batzuetatik zein estatuko hizkuntzetatik ekarritakoak) eta euskaraz sortutako lanak daude katalogoko bildumen, album ilustratuen eta liburu berezien artean. Ibaizabalekin lan egin duten euskal autore batzuk dira M. Aiertza, M. Andrinua, A. Arana, T. Arnal, Y. Arrieta , A. Dueso, P. Esnal, I. Friera, A. Irusta, J. Iturralde, A. Kazabon, F. Morillo, X. Olaso, K. Santisteban, A. Urkiza, E. Zelaieta, I. Zubeldia, F. Zubiaga eta P. Zubizarreta.

    1990eko hamarkadan zazpi bat lagunek osatutako lantaldea (kolaboratzaileak eta aholkulariak ere bazituzten) izatetik (Aldekoa et al., 1996), 32 pertsonako lantaldea izatera igaro da Ibaizabal (hezkuntza-adituak ez eze, merkaturatzean, marketinean eta banaketan adituak ere badaude taldean), eta egindako ibilbidean 2500 liburutik gora argitaratu dituzte. Webgunean zehazten denez, %12ko merkatu-kuota dute, bai eskola liburuetan, bai haur- eta gazte-literaturan. Etxearen kalitatearen aldeko apustuaren erakusgarri dira, esaterako, eskola-materialengatik 16 aldiz jasotako Ixaka Lopez Mendizabal saria, ikus-entzunezko materialei emandako 10 Migel Altzo sariak zein Ibaizabalek argitaratutako 5 literatur lanek jasotako Euskadi Literatur Saria.

     

    © Miren Ibarluzea Santisteban

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santiesteban, Miren (2019). “Ibaizabal argitaletxearen (1990-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/ibaizabal-herrera-grabatzen/

    Deskargatu PDF-a

    MHLI artxiboa