Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea
Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea Gernika(k) datubasea
Gernika(k) datu-basea Gerniken errepresentazio artistikoen fitxak biltzen dituen datu- basea da, bai bonbardaketaren errepresentazioari buruzkoak, bai Guernica koadroaren agerpen artistikoei buruzkoak. Izan ere, XX. eta XXI. mendeko Gernikak izan ditugu aztergai MHLIren PID2021-125952NB-100 proiektuan, MICIU/AEI/10.13039/501100011033 eta FEDER, UEk finantzatuta. Datu-basean ageri denez, orotariko errepresentazio kulturalen nolakotasunari eta transmedialitateari erreparatu zaio, baina batez ere eta bereziki euskal esparruan sortutako Gerniken irudikatzeak landu dira.
Datu-basean askotariko genero artistikotan agertutako Gernikak topatuko dituzu. Bilaketa hainbat filtroren arabera egin dezakezu. Adibidez, “Genero artistikoak” filtroaren bidez, zinea, musika, literatura, arte plastikoak, arte eszenikoak edo ikus-entzunezko proiektuak aukera ditzakezu, eta genero horretan irudikatutako Gerniken berri izango duzu. Genero guztiak begiratu nahi badituzu, berorren gainean klik egitea besterik ez duzu. Arte adierazpen jakin bakoitzaren azpigeneroa ere hauta daiteke “Azpigenero artistikoak” filtroari esker. Bestalde, artelanaren testuinguruaren araberako bilaketa egin ere dezakezu, egilea, argitalpen-data eta argitalpen-lekua bilatuz. Horretarako baliatu “Egilea”, “Urtea” eta “Lekua” filtroak.

Horrez gain, Gernik(ar)en errepresentazioen artean, badira bonbardaketa irudikatzen dutenak (“Errepresentazio historikoa” deritzo), edo Picassoren Guernica koadroa irudikatzen dutenak (“Ekfrasiak” terminoaren bidez izendatu dugu, hala esaten baitzaio obra artistiko baten errepresentazioa egitea beste genero artistiko baten bidez).

Gerniken irudikatzeetan dimentsio historikoa eta alegorikoa elkarrizketan ari ote diren ere aztertu dugu. Hartara, “Elkarrizketak” filtroa baliatuta bateko eta besteko lanak topatuko dituzu. Izan ere, fitxetako lanak xehatzean kontuan hartu dugu gerrak jotako leku-izenaren dimentsio alegorikoa orekatu nahi izan den, dimentsio historikoa zehaztu eta azpimarratu den, alderantzizko ekfrasia egin den (Picassoren koadroaren ezaugarriak ekartzen ote diren bonbardaketaren errepresentaziora, alegia), edota errealitate historiko zehatzetik alegoriaranzko aldentze edo sintesi joera egon den.

Gainera, “Sinboloak” filtroaren bitartez Gernikaren bonbardaketaren errepresentazioaz gain, Gernikarekin lotutako sinboloen irudikapenak egiten dituzten lanen berri izan dezakezu. Horien artean aurkituko duzu, besteak beste, Gernikako Arbola.

“Beste Gernikak” aipamenaren bidez, Gernikako bonbardaketaz gain beste bonbardaketa, gerra, eta gatazkak erakusten dituzten lanak identifikatu dira. Gernikak, gaur egun, zenbat testuinguru, hainbat esanahi eduki ditzakeela azpimarratu nahi izan dugu.

Datu-basean mota askotako bilaketak egin ditzakezu filtroak elkar gurutzatuta. Adibidez, egile zehatz bat aukeratu eta Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikorik egin duen argitzeko “Errepresentazio historikoak BAI” aukeratu: horrela, bi ezaugarriekin bat egiten duten artelanak azalduko dira. Nahi dituzun gurutzaketak egin daitezke egile, urte, leku, genero, azpigenero, errepresentazio historiko, ekfrasi, elkarrizketa, sinbolo eta beste Gerniken artean. Demagun Picassoren Guernica irudikatzen duten Joseba Sarrionandiaren obrak topatu nahi dituzula: “Egilea” filtroan Joseba Sarrionandia bilatu, eta “Ekfrasiak” filtroan BAI aukeratu. Ezaugarri horiek betetzen dituzten fitxak agertuko zaizkizu, bakoitza dagokion iruzkin kritiko edo deskribapen laburrarekin.

Filtroen bidezko bilaketaz gain, bilaketa-barran testu librea ere idatz dezakezu. Adibide berarekin jarraituz, Joseba Sarrionandiaren obrak topatzeko, bilaketa-barran “Joseba Sarrionandia” idatzi eta automatikoki agertuko dira Sarrionandiaren obrak lantzen dituzten fitxak. Bilaketa-barraren bitartez kontsulta zabalagoak egin daitezke.

Filtroak

No results found.
  • Kontua eta zikina | Aritz Vieites Ezeizabarrena, Eneko Iztueta Azurmendi, Ibai Iztueta Azurmendi | 2025

    Titulua Kontua eta zikina
    Egilea Aritz Vieites Ezeizabarrena, Eneko Iztueta Azurmendi, Ibai Iztueta Azurmendi
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Sei eskutara — Iztueta anaiek eta Aritz Vietesek —egindako lana da Kontua eta zikina (2025) eleberri grafikoa. XX. mende hasieran Beizaman gertatutako hilketa bat du istorioak oinarrian. Ama-alaba batzuen argitu gabeko benetako gertakari hartatik abiatuta, nobela grafiko beltz honetan garai hartan neskame izandako emakume bat, Rosarito, eta haren alaba dira protagonistak. 70eko hamarkadan, Donostian kokatua da hari narratibo nagusia eta hilketa haren kontakizunaren transmisioan eraikia da kontakizuna. Atzera-aurrera egiten du istorioak, lehenagoko eta orduko pasarteak tartekatuz. Analepsi horietako batean protagonistak 1937an Itxarkundia batailoiarekin batera egindako ibilaldi bat ekartzen du gogora eta horretan dela Gernikako bonbardaketara egiten dio salto oroimenak. Rosaritok herrian bertan bizi izan ez zuen gertakaria dela dirudi, baina biziraundako lekukoen gogoan bezain bizi du hark ere 1937ko apirilaren 26ko eguna.

    Oroitzapen horren erakusgarri da 80. orrialdeko irudia, egunkarietako hitzez gain, beste inolako testurik ez duena. Irudiak gertakari historikoa eta dimentsio alegorikoa uztartzen ditu. Herriaren suntsiketa agerikoa da, etxeak sutan ageri dira, kea nonahi eta hildakorik ere bai lurrean. Sarraskiaren lekuko diren herritarrak izuturik eta oihuka irudikatuak dira. Binetaren behealdean bonbardaketaren biharamuneko Euzkadi egunkariaren azalaren marrazkia, baina haren eduki berak agertzen dituena: azpi-izenburua bere horretan— «Como si se tratara de simbolizar la victoria del amor sobre el odio, en la villa foral aparecen intactas la Casa de Juntas y el Arbol de la Libertad» — eta azalaren erdiko argazkian Gernikako arbolaren irudia, zutik. Gertakari historikoekin batera baina badira ere Picassoren koadroari egindako keinuak. Haren lanaren hiru elementu nagusi ekarri ditu Vietesek irudi honetara: zaldia, ama, haurra besoetan hilik duela, eta kriseilua. Era horretan irudian elkarrizketan jartzen dira Gernikaren dimentsio historikoa eta alegorikoa.

    Kontakizunaren haria berreskuratzen du berehala Rosaritok eta komikian ez da gero Gernikaren inguruko beste aipamenik.

    Kontua eta zikina (2025). Iruzkindutako orrialdea: 80. orrialdea

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2026). “Ibai eta Eneko Iztueta Azurmendi eta Aritz Vieites Ezeizabarrenaren Kontua eta zikinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana II | Maitane Azurmendi | 2025

    Titulua Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana II
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazki digitala
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenbururik gabeko marrazki digital honetan, atzera gaurkotu eta antzaldatu du Maitane Azurmendik (1978-) bere ibilbide artistikoaren muinean dagoen Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikono bizia» (Robles, 2025, 309. or.). Leporaino betetako erakusketa areto bat iradokitzen duen hondo zurian —litekeena da MNCARSekoa izatea— agertzen da mihisea, tartean dagoen jende tropela dela medio, erdi estalita. Bisitarien buruen artetik, artelanaren goialdeko zatia soilik azaltzen da, beraz: pietatea osatzen duen ama zurztu berriaren, zezen/minotauroaren, zaldiaren, kinke eramailearen eta orans eran besoak altxata erretzen edo laguntza eske ari den figuraren buruak, hortik gorako elementu arkitektonikoak eta eguzki-lanpara. Nolanahi ere, mihisearen tamaina erraldoia dela eta (349,3 x 776,6 cm) —hartzaileak gehienez ere zaldiaren bularraldera-edo irits daitezke—, aurrean jendea pilatuagatik nekez estal daiteke irudia osorik. Koloreei dagokionez, artistak zuri-beltzezko eta grisezko erregistroari eutsiagatik, ez dator jatorrizkoarekin bat, beste konbinaketa batzuekin jokatzen du. Marrazkiaren lehenengo eta tarteko planoetan, perspektiban eta bizkarrez agertzen da jendetza; beltzez margotuta daude eta siluetak baino ez dituzte markatuta, trazu gris eta zuriekin. Litekeena da marrazki digitalaren oinarrian errotuladore eta akuarelaz egindako bozetoa egotea, artistak teknika horiek antzeratzen ditu behintzat. Lehen planoko jende ilara, adibidez, —esan bezala, bizkarrez errepresentatutako figurak— gerrirainokoak baino ez dira eta akabera irregular horrek errotuladorez egindakoa dirudi. Horrez gain, bada deigarria den ezaugarri bat: argiaren iturburua —marrazkian agertzen ez den erakusketa aretoko argiztapena baino— koadroa bera dela dirudi; areago, itxura batera sorginduta daude artelanaren argipean, guztiek baitaukate postura hieratikoa. Bestela esanda, jatorrizko artelanaren sakralizazioa iradokitzen du, berez marrazkian zehazten ez bada ere —esan bezala, zuria eta zehaztugabea da hondoa—, museo-instituzioari dagozkion espazioekin erlaziona daitekeena. Horren haritik, esanguratsua da, halaber, koadroari begira daudenen jarrerak ez duela egun —artelanen kontserbazio neurriak gorabehera— museoak bisitatzen dituztenen artean nagusitu ohi denaren antzik: ez dituzte besoak altxata eta ez dira artelanari mugikorreko pantailatik begira ari.

    Rocio Roblesek laburbildu modura, paradoxikoki, ikono eta irudi esanahitsu mailan, 1937tik baina, batez ere, 1967tik (Art Worker’s Coalitionek, Vietnamgo gerraren testuinguruan, mihisea MoMAtik erretiratzeko eskatu zutenetik) aurrera, Gernika protesta kartel gisa astindu eta mundu osoko hormetan pintatu izan da (eta artean pintatzen da) sarraski guztien aurka. Bat-batera, baina, museo-instituzioetatik (bai MoMA, bai Cason del Buen Retiro, bai Reina Sofiatik) Gernikaren aura elikatu izan da, erakusketa eremua sakralizatu eta hartzaileengandik distantzia jakin batera aurkeztu izan denez gero (2019, 122. or.).

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Maitane Azurmendiren izenbururik gabeko artelanari (II) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Egurnika, egurrezko Gernika | Egurnika | 2025-2037

    Titulua Egurnika, egurrezko Gernika
    Egilea Egurnika
    Lekua Azpeitia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Egurgintza, Erliebea, Eskultura, Tailla
    Urtea 2025-2037
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Egurnika izeneko aribideko ekimenaren helburua, hamabi urteren buruan, gaztaina egurrean jatorrizko Gernika (1937) koadroaren dimentsio erraldoiei eutsiko dien (7,76 metro zabal, 3,50 metro luze) erreprodukzioa taillatzea da. Nolanahi ere, 2021ean Euskal Gozogileek sortutako txokolatezko Gernikaren fitxan ikusi bezala, abiapuntua erreplika izanagatik, bistan da, materiala eta teknika direla medio, jatorrizkoak ez dituen bestelako ezaugarri batzuk izango dituela artelan berriak; kasu honetan, erliebeei dagozkienak —irtenguneak, sakonuneak, egurraren testurak, kolore paleta, argia zirrikituetatik sartzean sortzen diren argi-ilunak eta abar—. Hitz batez, irudi bidimentsionala den mihise gaineko olio-pintura hiru dimentsioko egurrezko pieza eskultorikoa bilakatuko da. Lantaldekoek eurek Gernikaren eguneraketa honen giltzarritzat jotzen dute ukimena edo ukigarritasuna. Egurnika egitasmoa Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegikoek jarri dute martxan —2025ko abenduan— eta 2037rako, alegia Gernikako izu bonbardaketaren 100. urteurrenerako, bukatzeko asmoa dute. Azpeitiko eskolako irakasle eta (adin guztietako) ikasleek ez ezik, Euskal Herri mailako tailugileak batu eta herritarren parte-hartzea ere sustatu nahi dituen —tailer, erakusketa, bisita gidatu eta abarren bidez— ekimen zabala da Egurnika; egurrezko Gernika, hasi eta buka, askoren artean zizelkatuko dute, beraz. Aribideko artelanaren oinarrian, memoria historikoaren lanketaz gain, besteak beste artistautzari berari egindako omenaldia azpimarratu dute ekimenaren aurkezpenetan. Oraingoz, Azpeitiako Udalak utzitako lokal batean arituko dira lanean.

    Pablo Picassoren Gernikaren enegarren gaurkotze honek, —fitxa hau 2025ean idazten ari garenez gero,— etorkizunean mamituko denak, gainera, agerian uzten du «artelan-irudi bizia» izateari eusten diola (Robles, 2025, 309. or.). Horrez gain, esanguratsua da azken emaitzara iritsi arteko sormen prozesuak hartuko duen garrantzia; litekeena da azken emaitza bera baino bidean egindako lan hori guztia hartzea artelanaren osagaitzat eta, Egurnika, hortaz,egurrezko erliebe bakan bat baino, artelan multzo bat izango da (ez bakarrik eskultorikoa). Zentzu horretan, jatorrizko Gernikaren eta eguneraketa proposamen honen artean nabarmenagoak izan daitezkeen beste lotura batzuez gain, aipatzekoa da, hala nola: mihise-irudiaren jendaurreko lehen aurkezpenak ere, hein batean, estudioan bertan hasi zirela; Picasso aldi berean aritu zela eskala txikian eta handian lanean eta multzo beraren partetzat jotzen zituela bai enkarguzko mihisea bai hari lotutako lanak (guztira 59 inguru); Dora Maarri 1937ko udan argitaratuko zuten Cahiers D’Art aldizkariko ale berezirako eskatu zioten erreportaje fotografikoa medio (Maarrek ez zuena, gainera, mihisearen sormen prozesura mugatu)  «gerra-koadroa» Parisko Nazioarteko Erakusketan kokatu aurretik jada artelan iruzkindua zela; eta Maarrek aribideko mihiseari egindako azken argazkia posta txarteletan erreproduzituta ere zabaldu zutela pabiloian (Robles, 2019, 18.-20. or.).

    Ekimenaren berri ematen duen webgune ofiziala; bertan daude jasota aipatutako irudiak: https://www.egurnika.org/

    Erreferentzia bibliografikoak:

    Egurnika ekimenaren webgune ofiziala: https://www.egurnika.org/ (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Uranga, N. eta Olarzabal, M. (2025eko abenduaren 12a) https://azpeitiaguka.eus/azpeitia/1765474860247-gaztaina-egurrean-eta-tamaina-errealean-gernika-margolanaren-irudikapena-sortuko-dute-taillatuta-azpeitiko-arte-eta-diseinu-ikastegikoek-2037rakoabiatu-dute-gernika-egurrean-egiteko-hamabi-urteko-lana (Azken kontsulta: 2025eko abendua). Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Egurnika taldearen Egurnika, egurrezko Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Zeruaren eta lurraren arteko mugetan (ebazpen paraleloa)” | Amaia Iturbide | 2025

    Titulua “Zeruaren eta lurraren arteko mugetan (ebazpen paraleloa)”
    Egilea Amaia Iturbide
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Amaia Iturbideren Profilak (Mugetan barrena) liburuko “Zeruaren eta lurraren arteko mugetan (ebazpen paraleloa)” (35) poeman, erreferentzia egiten zaie 1936ko Gerra Zibilean “geometria hiltzailez espazioak puskatzen eta bortizki takigrafiatzen” zituzten hegazkin bonbaketariei. Jendea zerura begira irudikatzen da, izu-ikaraz.

    Kontrastea egiten da 2019an hobietara begira jartzen direnekin, “1936ko gudak utzitako gorpuzkiak” irakurri nahian. Metafora indartsu batekin amaitzen da poema, “lurra lehor takigrafiatutako orri” gisa agertuz, “ehortzitako oroimen eta isiltasunetik azaleratua”.

    Gerrako bonbek utzitako markak isilarazitako oroimenekin eta ahotsekin lotzen dira beraz, eta horiek azaleratzeko borondate kolektiboa irudikatzen.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Amaia Iturbideren «Zeruaren eta lurraren arteko mugetan (ebazpen paraleloa)» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maurizia. Biziminaren hotsa | Garbiñe Ubeda, Garluk | 2025

    Titulua Maurizia. Biziminaren hotsa
    Egilea Garbiñe Ubeda, Garluk
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Maurizia. Biziminaren hotsa (2025, Ikastolen elkartea) komikiak Maurizia Aldeiturriaga (1904-1988) panderojole bizkaitarraren bizialdia du oinarri eta, horrekin batera, baita Benantzio Bernaola “Karakol” (1903-1978) trikitilariarena ere. Izan ere, hasiera batean bikote bezala plazetan trikitilari aritu ostean, ondotik ezkondu egin ziren.

    Komikiak Mauriziaren mitoan sakondu baino, bere bizitzako une esanguratsuenak biltzen ditu: hala nola, gaztaroko gerrateko pasarteak, gizonezkoak nagusi ziren musikaren esparruan aurrera egin izana, senarraren heriotzaren osteko gainbehera, eta Leon Bilbao albokari eta Fasio Arandia trikitilariarekin plazetan berriro hasi zenekoa.

    Bestalde, kontakizunaren haria ez da kronologikoa, analepsiz jositako Mauriziaren eta Benantzioren memoria txatalek osatzen baitute istorioa.

    Hori horrela, komikia Gerra Zibileko eszenekin abiatzen da. Lehenengo binetan, hegazkinen eta bonben zeruko irudiak nagusitzen dira, infernu baten gisa erretzen ari den herri oso baten gainean. Ondotik, miliziano eta nazionalen arteko gerrako eszena dator eta, aldiz, hirugarren binetan txakur bat ageri da, herri suntsitu bateko hondakinen artean usnaka. Lehen orrialdeko azken binetan gerratik ihesean doazen gizon-emakumeak irudikatzen dira.

    Girotze-eszena bezala ulertu behar da lehen orrialdea; izan ere, jarraian Benantzioren ihes saiakera, atxilotzea eta espetxealdia kontatzen baitira: hiru urtez egon zen preso Bernaola eta komikian atxiloaldia, fusilamenduak eta etsipena nagusitzen dira, Bernaolaren koplekin batera: “Ai hau bizitza iluna, / gerrak ekarri diguna, / negar da negar dago / nire bihotz biguna, / hiltzerik nahi ez baina, / hau biziezina…”.

    Edonola ere, lehen orrialdeko girotze eszena horretan ageri da Gernikako bonbardaketaren irudikapena. Esan bezala, lehen binetan herri oso bonbardatzen duten hegazkinak eta bonbak ageri dira eta Gernikari erreferentzia zuzen edo espliziturik egiten ez zaionez, bonbardaturiko beste euskal herriren bat ere izan zitekeen. Alabaina, hirugarren binetan suntsituriko herria eta bertako hondakinak erakusten dira, txakur bat ere ageri dela, eta bineta horren irudikapenak zuzenean garamatza Gernikako bonbardaketen osteko hondakinen iruditegira. Izan ere, pentsa daiteke Garluk ilustratzaileak bineta hori marrazteko orduan suntsituriko Gernikako irudiak izan zituela oinarri. Horrela, ez da zaila, eta ariketa polita da, suntsituriko Gernikako artxiboetako zuri-beltzeko argazkien artean hirugarren binetako irudiaren oinarria den argazkia aurkitzea. Era berean, argazki horien artean bada beste bat, non txakur bat ageri den Gernikako hondakinen artean. Beraz, ondorioztatu daiteke Garlukek hirugarren binetan Gernika suntsituaren komiki bidezko irudikapena egiten duela, artxiboko zenbait argazkiren osagaiak nahastuz; eta aldi berean, horrek garamatza ebaztera lehen binetako bonbardaketa Gernikakoaren irudikapena dela.  

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Garbiñe Ubeda eta Garluken Maurizia. Biziminaren hotsari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea. 

  • Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa | Franck Dolosor | 2025

    Titulua Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa
    Egilea Franck Dolosor
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Saiakera liburu honetan Franck Dolosor kazetariak sakonki aztertzen ditu Gernika Batailoiaren testuingurua, sorrera, eta ibilerak. Gernika Bataloia Bigarren Mundu Gerran Frantziako hego-ekialdean borrokan aritu zen Eusko Gudarostearen batailoi bat izan zen. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen Jose Antonio Agirrek bultzatuta eta Kepa Ordoki komandantea izan zuen buru. Liburuko sarreran zehaztu bezala: “Gernika ez da bakarrik 1937ko apirilaren hogeita seian faxistek egin zuten bonbardaketa krudel, anker eta gaiztoa. Ez da soilik Bizkaiko herri martirioan egon behar luken Picassok margotutako salaketa. Ez da bakarrik Euskadiren askatasunaren sinboloaren suntsitzea, Europako lehen biktima, eta Munduko Bigarren Gerlaren entsegu orokorra […] Zortzi urte geroago, 1945ean, amerikarrek eta errusiarrek Berlin inguratzen zuten Reich-a erorarazteko eta denbora berean okupatzaile naziengandik Frantzia osoki askatzen laguntza ematen agertu zen Gernika. Gernika Batailoia, Jose Antonio Agirre lehendakariaren ametsa” (Dolosor, 2025: 13).

    Gernika batailoiaren izena garrantzitsua izanik, kontuan hartu behar da 1945eko apirilean naizen aurkako Pointe de Graveko guda hasi aitzin Kepa Ordoki buruzagiaren hitzak ere: “Ez ezazuela ahantzi Gernika eta Durango bonbardatu zituzten aleman berak direla hauek. Gora Euzkadi askatua!” (Dolosor, 2025: 64).

    Horrenbestez, liburuan Gernika Batailoiaren historia xeheki biltzeaz bat, batailoiko gudarien inguruko informazioa eta lekukotasun zuzenak ere eskaintzen direla nabarmendu behar da, historiako gertakizunak bizi izan zituzten protagonisten bizipenekin uztartuz, hain zuzen. Era berean, amaieran Gernika Batailoiko gudarien izen-abizenak eta herria zerrendatzen dira eta, ondotik, argazki galeria eskaintzen da. 

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Franck Dolosor Haltzaren Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Saiakera liburuaren aurrekari gisa, "Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa (1945-2015)" film dokumentala aipatu behar da. Dokumentalaren fitxa kontsulta daiteke MHLIren Gernika(k) datu-basean "Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa 1945-2015" izenburupean.

  • Gernikak. Begiradak. (Erakusketa eta bertso saioa) | Askoren artean | 2025

    Titulua Gernikak. Begiradak. (Erakusketa eta bertso saioa)
    Egilea Askoren artean
    Lekua Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK)
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak, Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak, Eskultura, Pintura
    Urtea 2025
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikak. Begiradak hainbat artistaren artean egindako proiektu anitza da, diziplina askotako lanak uztartzen dituena. Fitxa honetan, erakusketa aipatuko dugu alde batetik, eta erakusketaren harira antolatutako bertso saioa beste alde batetik.

    Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK) antolatu dira biak ala biak. Kulturguneari dagokionez, honela deskribatzen dute haien burua webgunean bertan: “Kulturaren bidez euskararen normalizazioan eragin nahi duen proiektua da Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK). Bere funtzio guztietan euskara erabiltzeko topagune kulturala izan nahi du, eta, gainera, plurala, parte-hartzailea eta sortzailea” (IAK). Sortu berria da kulturgunea, eta berritasun horretatik mintzo dira: “Izaskun Arrue Kulturgune (IAK) berri honen proiektua Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaio da. Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, kultura-proiektu integrala izateko bokazioa du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landu, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoa, euskaratik eta euskaraz.” (IAK)

    Euskara erdigunean jarriz antolatzen dituzte hainbat ekimen Gasteizen bertan. Horren adibide dira fitxa honetarako erabiliko ditugun erakusketa eta bertso saioa. Gernikak. Begiradak erakusketa 2025ean jarri dute martxan:

    “Martxoaren 4tik 27ra IAKn erakusgai dagoen Gernikak. Begiradak erakusketak Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren Nerea Ibarzabal Salegi, Eñaut Elorrieta Larruzea, Castillo Suarez Garcia, Patxi Ibarzabal Ansola, Maite Aristegi Larrañaga, Amets Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi eta Martxelo Otamendi Egiguren ekarpenen laguntzaz. Bertso-saio honetan, erakusketaren parte izan diren bertsolariak izango ditugu gurean, Xanti Arrietak eginiko lanei hitzak korapilatzen.  Gernikak. Begiradak erakusketa Xanti Arrietak teknika eta material desberdinak -eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…- erabiltzen dituen artista bergararrak sortu ditu.  Txema Ramirez de la Piscina ibilbide luzea duen kazetari, idazle eta ikerlaria da; aspaldi gasteiztartu zen komunikazio irakasle Ibartarra da eta hainbat kolaboratzaile lanak egin ditu.” (IAK)

    Hasteko eta behin, elkarrekin lotuta ulertu behar dira bi jarduerak, izenburuak berak dioen bezala “Begiradak” ditu helburu, ikuspuntu eta garai desberdinetatik heldu nahi dio Gernikari. Xanti Arrieta da erakusketaren egilea, katalogoan irakur daitekeenez “Xanti Arrieta (1959) artista bergararra da, eta hainbat teknika eta material uztartzen ditu: eskultura, pintura, zeramika, argazkigintza eta zura, besteak beste” (erakusketako katalogoa).

    Begirada desberdinek osatzen dute erakusketa, baina diziplinarteko lan bat da: Arrietak eskultura edota zeramikaz ematen digu bere begirada, baina idazle edota bertsolariek ere hartu dute parte erakusketan. Testuen koordinazioan eta erakusketaren antolaketan aritu da Txema Ramirez de la Piscina “Kazetaria, idazlea, Berriako kolaboratzailea, ikertzailea eta komunikazio irakasle ohia UPV/EHUn” (erakusketako katalogoa).

    Katalogora joko dugu orain, Arrietak gainontzeko artistekin elkarlanean sortutako lanak aztertzeko. Horretarako, katalogoan zehar lan asko badaude ere, horietako bat aukeratu dugu fitxa honetarako.

    Amets Arzallus bertsolariaren hitzak ageri zaizkigu eta Arrietak horrekin sortutako lana. Askotan entzun dugu Arzallus Gernikako bonbardaketari kantuan, adibidez datu-basean aztertuta dagoen “Hegazti batzuk zeozer jaurtiz” bertso sorta (Arzallus, 2019).

    Erakusketa honetarako sortutako bertsoaren neurria hamarreko handia edo bost puntuko handia da, hau da, hamar bertso-lerro edo zortzi puntu ditu. Neurri handia da, bertso-lerro bakoitiek hamar silaba behar dituzte eta bikoitiek zortzi silaba eta errima. Lurraren pean sar nindaiteke doinua dela adierazten da katalogoan bertan eta izenburu horrekin ageri zaigu BDBn (Bertsolaritzaren datu-basea). Informazio gehiago ere biltzen ditu BDBk, esaterako, amodiozko doinua dela, Urepelen Aita Donostiak jasotakoa. Gainera, “Doinu bikain hau musikari askok harmonizatu du, besteak beste Pablo Sorozabalek Gernika izeneko bere euskal hileta martxa osatuz” (BDB). Garbi dago ez dela kasualitatea izan Arzallusek 2019ko bertso sortarako doinu hau erabakitzea eta erakusketa honetarako berbera hautatzea.

    Ohikoena izaten ez den arren, bertso honek izenburua darama: “Bizigai”. Hitz hori da bertsoa ixteko Arzallusek erabiltzen duena, eta, era berean, bertsoaren ideia nagusia biltzen duena ere bai. Gernikako bonbardaketari erreferentzia egiteaz gainera, “beste Gernikei” ere egiten die erreferentzia azken bertso-lerroetan Arzallusek: “beharrezkoak dira Gernika, / Gaza, Mariupol ta Tigray, / hildako asko izan daitezen / gutxi batzuen bizigai (7-10 bertso-lerroak). Hasiera ere azpimarratzekoa da: “Munduak armak ekoizten ditu, / Euskal Herriak ere bai,” (1-2 bertso-lerroak) eta horrela jarraitzen du: “merkatuaren logikak dauka / ingurua odolez blai,” (5-6 bertso-lerroak). Gernikako bonbardaketa garai eta leku desberdinetara eramateaz gain, merkatuaren logika eta armagintza seinalatzen ditu, ideia aldi berean Euskal Herrira ere ekarriz, hemen ere ekoizten baitira armak. Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa genuke alde batetik (Retolaza, 2009), baina irakurketa identitarioa ere gehitzen dio, garbi utziz “ingurua odolez blai” (6. bertso-lerroa) geratzen dela munduko txoko desberdinetan eta merkatuaren logikaren mesedetan, eta era berean ulertu zein sentitu behar ditugula denak. “Gernika, biztanleria zibilaren aurkako erasoaren alegoria gisa” (Cueto, 2017: 19) ulertu behar dugu, baina baita oroimen-gune (lieux de mémoire) gisa ere (Nora 1989). Dena den, begirada zabaldu eta “Beste Gernikak” duten lekua azpimarratzea du helburu bertsoak.

    Bertsoarekin batera, Arrietak bere esparrutik heltzen dio ideia horri (fitxaren amaieran dago txertatuta bertsoarekin batera aurkeztutako lana). “Baina, Gernikaz gain, badira laztura, beldurra, heriotza eta basakeria islatzen dituzten toki gehiago ere. «Ukrainako gerra hasi zenean, telebistako irudiak ikustean neure buruari galdetu nion: Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza jasateko prest gaude?». Galdera horretatik tiraka, Pablo Picassoren obra berrinterpretatuz eta oraingo testuingurura ekarriz ondu du erakusketa Arrietak.” (Begiristain, 2025).

    Horretarako, Picassoren koadroko zati ezagunetako bat hartzen du, bonbilaren irudia, koadroari argia ematen diona, eta inguruan hainbat hiriren izenak irakur ditzakegu, hala nola Otxandio, Donostia, Legutio, Bilbo, Irun… lehenengo lerroan, baina baita urrunagoko beste batzuk ere: Granollers, Figueras, Varsovia, Beirut, Dubrovnik, Kiev eta, azkenik, Gaza. Argazki bat ere ageri da bertsoaren albo batean: bi haur ikus ditzakegu eraikin bateko atean zerura begira. Bonbardaketetan babesteko eraikina da agian, baina biak daude kanpoaldean eta gorantz begira. Argazkiaren oinean hau ageri da: “Granollers 1938”, urte hartako bonbardaketari erreferentzia eginez.

    Garbi dago bai bertsoak eta baita artelanak ere mezu berbera dutela helburu. Arrietaren hitzekin laburtuz: “Guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Horietako asko, odoltsuagoak eta bortitzagoak.” (Arrieta apud Begiristain, 2025)

    Erakusketaren katalogoan aurki daitezkeen lanetatik bat da deskribatutakoa. Dena den, beste askok osatzen dute bere osotasunean Gasteizko IAK-k eskainitako erakusketa. Guztira “euskal kulturan erreferente diren hamar pertsonaren «begiradak» bilduta osatu du erakusketa Arrietak. Hala nola Nerea Ibarzabal, Eñaut Elorrieta, Castillo Suarez, Patxi Ibarzabal, Maite Aristegi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Martxelo Otamendirenak. Haiek idatzitako testuak, bertsoak eta poemak irakur daitezke artelanak ikusteaz batera” (Begiristain, 2025).

    Proiektua borobiltzeko eta haren zabalkunderako, aurretik aipatu dugun bertso saioa ere antolatu zuten Arrieta eta Ramirez de la Piscinak Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK). Bertso saioa 2025eko martxoaren 21ean antolatu zuten (ikus berria erreferentzietan: IAK Agenda).

    Saioa ez zen ohikoa izan, kasu honetan ere, diziplina desberdinetako artistak bildu zituzten: “Castillo Suarez idazlearen bitartekaritzarekin arituko dira Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariak. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkiete bertsolariei. Hiru autoreren arteko elkarlana izango da saioa: hiru ahots elkarlanean. Hirurek hartu dute parte beraien testuan bidez Gernikak. Begiradak erakusketan” (IAK Agenda. Bertso saioa). Literatur lanak eta bertsoak nahastea izan zen, beraz, saioaren helburuetako bat.

    Hirurek hartu zuten parte erakusketan, eta,  beraz, gertukoa zitzaien gaia eta lan egiteko era. Suarez idazleak saioaren ostean igorritako gidoitik adibide bat ekarri dugu fitxa honetara. Bernardo Atxagaren Markak: Gernika 1937 (Pamiela, 2007) lanaren pasarte bat eman zien bertsolariei, osabaren orbain bati begira dagoenaren ahotik: “Ahapeka, norbaitek entzungo ote zion beldurrez, orbainak zirela azaldu zidan lehengusuak. Gerra zibilean gudan izan zenetik omen zeuzkan osabak, hegazkin aleman batek metrailatu egin zuelako Gernika inguruan.”

    Ideia horretatik tiraka, orbainen inguruan kantatzeko eskatu zien bertsolariei, ikusten diren eta ikusten ez direnei buruz. Ibarzabal eta Arzallusek haien bizitzako pasarteetan jarri zuten fokua, aspaldiko minak eta oroitzapenak zerrendatuz. Era honetan, bonbardaketa zuzenean aipatu gabe, eta orbainaren ideiatik tiraka, irakurketa pertsonal (Retolaza, 2009) batera eraman zuten publikoa. Kulturgunean bertan zegoen Gernikak. Begiradak erakusketa, publikoak buruan zuen hori, baina bertsotara beste era batera eramateko hautua egin zuten.

    Laburbilduz, begirada eta irakurketa ugari biltzen ditu proiektu honek, eta horren adibide da martxoaren 21eko bertso saioa. Gainera, begiraden pluraltasun orrek eta “beste Gernikak” agerian uzteko helburua garbi islatzen du erakusketak, ahots askok hartu baitzuten parte. “Gernikak. Eta begiradak. Pluralean biak. Izan ere, orain eta lehen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, hamaika herrik sufritu du (eta sufritzen du) gerraren zentzugabekeria (Begiristain, 2025), Arrietaren hitzekin amaituz, «Ez dago Gernika bakarra». Eta Gernika bakarra ez dagoen bezala, gerrari buruzko begirada bakarra ere ez dago». (Arrieta apud Begiristain, 2025)

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Arzallus, A. (2019). “Hegazti batzuk zeozer jaurtiz”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea.  https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo [azken kontsulta: 2025/07/22]

    BDB.   Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/07/22]

    Begiristain, Edurne (2025) «Begirada kolektibo bat ezinegonari», Berria. https://www.berria.eus/kultura/begirada-kolektibo-bat-ezinegonari_2138424_102.html  [azken kontsulta: 2025/07/22].

    Cueto Asín, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla : evento, memoria y patrimonio. Prensas Universitarias de Zaragoza.

    IAK Agenda. Bertso saioa: https://iak.eus/ekitaldia/amets-arzallus-nerea-ibarzabal-eta-castillo-suarez-gernikak-begiradak-eta-bertsoak/  [azken kontsulta: 2025/07/22].

    Pierre, Nora (1989). «Between Memory and History: Les Lieux de Mémoire», Representations, 26, 7-12

    Bestelakoak:

    Erakusketako katalogoa: https://guernicagernikara.eus/gernikak-begiradak/

    Bertso saioko gidoia: https://guernicagernikara.eus/gernikak-begiradak/

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Askoren arteko Gernikak. Begiradak proiektuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana V | Maitane Azurmendi | 2024

    Titulua Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana V
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazki digitala
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenbururik gabeko marrazki digital honetan, atzera gaurkotu eta antzaldatu du Maitane Azurmendik (1978-) bere ibilbide artistikoaren zuztarra den Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikono bizia» (Robles, 2025, 309. or.). Artistak berak nabarmendu antzera, «zuzenean ikusten ari garen [palestinarren] genozidioa» salatzeko asmoarekin sortutako askoren arteko bat da (Mujika, 2025). Mihise gaineko olio-pintura osorik erreproduzituta ageri da marrazkian, goitik behera hiru zerrenda zabaletan banatuta: guztien artean lodiena den erdiko laukian gertatzen den kolore aldaketak markatzen du banaketa hori. Grisei eutsiagatik, beste era batera konbinatuta daude koloreak; leunagoak dira argi-ilunen kontrasteak, bai tonu zuri bai tonu beltzak grisetara ekarri baititu Azurmendik mihise-irudiaren berrinterpretazio honetan. Ordea, bada kontrastea eta disonantzia eragiten dituen beste elementu bat: lehen planoan, ikonoaren eguneraketaren bihotzean, Palestinaren formako tarratada gorri batek puskatzen du konposizioa. Hartzaileen begirada horra zuzentzen du artistak. Kriseilu eramailearen figuraren paretik ukabilarekin ezpatari eusten dion hildakoaren figuraren pareraino iristen da lurrazal puska horren silueta. Erdizka estaltzen du zaldiaren gorputza. Tarratadari odola dario, gainera. Palestinako herria odolustutzen ari da. Mapak ikusi besterik ez dago jatorrizko eremu horren bilakaera historiko tragikoaz jabetzeko: gero eta argalagoa da. Marrazki digitala izan arren, akuarelaz egindakoak dirudite odol tantek; batzuk malko forma dute, beste batzuk, berriz, pinportena. Sarraskiak eragindako odola Gernikako figura agonikoen oinetan pilatu ahala sortutako putzua iradokitzen du mihisearen oinarria alderik alde zeharkatzen duen trazu gorriak. Horri dagokionez, Gernikako figurak oinazetan dauden hezur-haragizko gorputz gisa errepresentatzearekin batera, ikonoaren eguneraketa honek askotariko funtzioak (gogorarazi, ohartarazi, salatu…) betetzen dituela esan daiteke, dela memoria-, dela dolu-, dela gerra guztien ikono gisa.

    Artistak berak behin baino gehiagotan azpimarratu du bere ibilbide artistiko osoaren bizkarrezurra dela Gernika artelan-irudia. Haurra zela amona zuen Pantxika Larrazabalen josteko gelan ikusitako irudi horrek, alegia Gernikaren kopiak, sortutako zirrara jotzen du, hain zuzen, bere artelan guztien iturburu nagusitzat. Horren erakusle argia da, besteak beste, Guernica Gernikara mugimenduaren parte den Lobak ekimenaren testuinguruan sortu zuen Azken bidaia (2022) marrazki-liburua; datu-base honetan jasota daude lan horri buruzko fitxa batzuk.

    Artelanaren irudia ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Mujika, A. (2025eko abenduaren 13a). Maitane Azurmendi. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2025-12-13-06-00/hemeroteca_articles/maitane-azurmendi

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Maitane Azurmendiren izenbururik gabeko artelanari (V) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana IV | Maitane Azurmendi | 2024

    Titulua Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana IV
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Argazkigintza, Pintura
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    “Genozidioari stop” aldarri hartuta, 2024ko martxoak 17an, Donostian, kultur egileek deitu zuten manifestazio nazionalaren testuinguruan, atzera gaurkotu eta antzaldatu zuen Maitane Azurmendik (1978-) bere ibilbide artistikoaren zuztarra den Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikono bizia» (Robles, 2025, 309. or.). Artistak berak nabarmendu antzera, «zuzenean ikusten ari garen [palestinarren] genozidioa» salatzeko asmoarekin sortutako askoren arteko bat da (Mujika, 2025). Ordea, baditu berezitasunak: argazkian ikus daitekeen antzera, zuzenean eta jendaurrean pintatu zuen horma-irudia, eta ekintza artetzat jo daiteke, beraz. Brotxa lodiz jardun zuen, zuri-beltzezko trazu azkarrekin, hirunaka bata bestearen gainean karratu bat osatuz ezarritako bederatzi kartoizko kaxa zuriren gainean. Arte efimerotzat ere deskriba daiteke, hortaz. Gernikako eguzki-lanpararen figura ikonografikoa markotzat hartuta, haur jaioberri bat pintatu zuen haren barruan, kuzkurtuta eta begiak itxita. Palestinarren genozidioa salatzeko behin baino gehiagotan marraztu izan du motibo hori; Elena Cuetoren arabera, haurrak dira biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak (2017, 29.-30. or.). Begi formako eguzki-lanpara izpiduna malkoak, sua edota odola antzeratzen dituen pintura gorriz beteta dago. Malko formako tanta gorri bat dario ertz batetik. Alde horretatik, Gernikako figurak oinazetan dauden hezur-haragizko gorputz gisa errepresentatzeaz gain, ikonoaren eguneraketa honek askotariko funtzioak (gogorarazi, ohartarazi, salatu…) betetzen dituela esan daiteke, dela memoria-, dela dolu-, dela gerra guztien ikono gisa. Horrekin batera, eguzki-lanpara, argi-iturria izaki, sarraskiaren lekukotza ematen duen elementu sinbolikotzat jo daiteke; Richard Rodhesek esana da: «what else is there in the world with which to confront the terror except light and the naked truth?» (2013, 24. or.)

    Artistak berak behin baino gehiagotan azpimarratu du bere ibilbide artistiko osoaren bizkarrezurra dela Gernika artelan-irudia. Haurra zela amona zuen Pantxika Larrazabalen josteko gelan ikusitako irudi horrek, alegia Gernikaren kopiak, sortutako zirrara jotzen du, hain zuzen, bere artelan guztien iturburu nagusitzat. Horren erakusle argia da, besteak beste, Guernica Gernikara mugimenduaren parte den Lobak ekimenaren testuinguruan sortu zuen Azken bidaia (2022) marrazki-liburua; datu-base honetan jasota daude lan horri buruzko fitxa batzuk.

    Artelanaren irudia ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cueto, E. (2017).  Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio.  Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Mujika, A. (2025eko abenduaren 13a). Maitane Azurmendi. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2025-12-13-06-00/hemeroteca_articles/maitane-azurmendi

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Rhodes, R. (2013). Guernica: Horror and inspiration. Bulletin of the Atomic Scientists, 69(6), 19-25. https://doi.org/10.1177/0096340213508672

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Maitane Azurmendiren izenbururik gabeko artelanari (IV) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana III | Maitane Azurmendi | 2024

    Titulua Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana III
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazki digitala
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenbururik gabeko marrazki digital honetan, atzera gaurkotu eta antzaldatu du Maitane Azurmendik (1978-) bere ibilbide artistikoaren zuztarra den Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikono bizia» (Robles, 2025, 309. or.). Artistak berak nabarmendu antzera, «zuzenean ikusten ari garen [palestinarren] genozidioa» salatzeko asmoarekin sortutako askoren arteko bat da (Mujika, 2025). Hondo zuri zehaztugabearen gainean, eskala handian eta eskortzoan, lurrean erdi hondoratutako bonbaren oskola metalikora egokituta agertzen da Gernika, edo bonbaren forma hartzen du ikonoak. Teknikari erreparatuz gero, marrazki digitala izan arren, akuarelaz sortua dirudi: ikus bonbaren distira metalikoa eta azalera horretara egokitutako mihisearen pusken gardentasun eta testura maila ezberdinak (grisez, zuriz eta beltzez), edo odol putzua errepresentatzen duten tanta eta mantxak (gorriz). Odol putzu batean ari da hondoratzen, hain zuzen, bonbaren muturra. Putzu gorriaren gainean, haur jaioberri bat dago, uzkurtuta eta begiak itxita; itxura guztien arabera, mundura sortu eta handik gutxira akabatu dutena. Haurraren gorpuak, edo hilzorian dagoen gorputz txiki zaurituak, osatzen du bonbaren muturra. Odol putzuan, urezkoa balitz bezala gardentzen dira askoz ere eskala handiagokoa eta errealistagoa den haurrarekin nahasten diren, edo bat egiten duten, mihise-irudiko figurak. Haurra da ingerada lerro beltz lodiekin osatutako figura bakarra. Hartzaileen begirada horra zuzentzen du artistak. Elena Cuetoren arabera, haurrak dira biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak (2017, 29.-30. or.). Horren haritik, Gernikako figurak oinazetan dauden hezur-haragizko gorputz gisa errepresentatu eta azpimarratzeaz gain, ikonoaren eguneraketa honek askotariko funtzioak (gogorarazi, ohartarazi, salatu…) betetzen dituela esan daiteke, dela memoria-, dela dolu-, dela gerra guztien ikono gisa.

    Artistak berak behin baino gehiagotan azpimarratu du bere ibilbide artistiko osoaren bizkarrezurra dela Gernika artelan-irudia. Haurra zela amona zuen Pantxika Larrazabalen josteko gelan ikusitako irudi horrek, alegia Gernikaren kopiak, sortutako zirrara jotzen du, hain zuzen, bere artelan guztien iturburu nagusitzat. Horren erakusle argia da, besteak beste, Guernica Gernikara mugimenduaren parte den Lobak ekimenaren testuinguruan sortu zuen Azken bidaia (2022) marrazki-liburua; datu-base honetan jasota daude lan horri buruzko fitxa batzuk.

    Artelanaren irudia ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cueto, E. (2017).  Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio.  Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Mujika, A. (2025eko abenduaren 13a). Maitane Azurmendi. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2025-12-13-06-00/hemeroteca_articles/maitane-azurmendi

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Maitane Azurmendiren izenbururik gabeko artelanari (III) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana I | Maitane Azurmendi | 2024

    Titulua Izenbururik gabe, Maitane Azurmendiren artelana I
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazki digitala
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenbururik gabeko marrazki digital honetan, atzera gaurkotu eta antzaldatu du Maitane Azurmendik (1978-) bere ibilbide artistikoaren zuztarra den Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikono bizia» (Robles, 2025, 309. or.). Artistak berak nabarmendu antzera, «zuzenean ikusten ari garen [palestinarren] genozidioa» salatzeko asmoarekin sortutako askoren arteko bat da (Mujika, 2025). Zerua iradokitzen duen hondo beltz zehaztugabearen gainean, zatikatuta azaltzen da Gernika: lerro zuzena osatzen duten dozena erdi bat bonbek deskonposatzen dute ikonoa, edo bonben forma hartzen du ikonoak; nondik begiratzen den, artistak elkarrengandik simetrikoki bereizitako sei bonben siluetetara egokitu ditu koadroaren atalak. Ordea, dudarik gabe, bonbardaketa sistematikoak iradokitzen ditu konposizio simetriko horrek. Azurmendik grisailleari eutsiagatik (zuri, beltz eta grisez osatutako eskalari, alegia), kolorez ere itxuraldatu du Gernika (ikus, adibidez, konposizioaren goialdean azaltzen den eguzki-lanpara, jatorrizkoan ez bezala zuriz marraztuta eta beltzez pintatuta dagoena). Alabaina, marrazkiaren osagai esanguratsuena, bonba horietako batek eragindako kraterra da: lehen planoan, zaldiaren figura mutilatuaren parean zabaltzen den diametro handiko zuloa, sua edota odola antzeratzen duen pintura gorria dariona. Zulo horretatik ia azalera osora barreiatzen dira testura eta kolore ezberdineko (betiere pintura gorri eta beltzarekin jokatuz) sua, kea, odola, zarata, dardara… edota sarraskiaren uhinak. Uhin gorriek izpi forma dute, puntazorrotzak dira. (Alde horretatik, T.J. Clarkek (2013, 270.-272. or.) jatorrizko Gernikari so, «figuren haragia ebakitzen duten arkitektura zatiak, aurriak» deskribatzeko aipatzen dituen «labanak» ekar ditzake gogora). Marrazki digitalaren behealdean, eskuineko ertzean, “Gernika 1937” idatzita dago gorriz. Horri dagokionez, Gernikako figurak oinazetan dauden hezur-haragizko gorputz gisa errepresentatzearekin batera, ikonoaren eguneraketa honek askotariko funtzioak (gogorarazi, ohartarazi, salatu…) betetzen dituela esan daiteke, dela memoria-, dela dolu-, dela gerra guztien ikono gisa.

    Artistak berak behin baino gehiagotan azpimarratu du bere ibilbide artistiko osoaren bizkarrezurra dela Gernika artelan-irudia. Haurra zela amona zuen Pantxika Larrazabalen josteko gelan ikusitako irudi horrek, alegia Gernikaren kopiak, sortutako zirrara jotzen du, hain zuzen, bere artelan guztien iturburu nagusitzat. Horren erakusle argia da, besteak beste, Guernica Gernikara mugimenduaren parte den Lobak ekimenaren kide gisa sortu zuen Azken bidaia (2022) marrazki-liburua; datu-base honetan jasota daude lan horri buruzko fitxa batzuk.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Mujika, A. (2025eko abenduaren 13a). Maitane Azurmendi. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2025-12-13-06-00/hemeroteca_articles/maitane-azurmendi

    Clark, T.J. (2013). Picasso and Truth: from Cubism to Guernica. Princeton University Press.

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Maitane Azurmendiren izenbururik gabeko artelanari (I) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika Garretan herri antzerkia (2024) | Doroteo Zobaran, Gernika Garretan elkartea | 2024

    Titulua Gernika Garretan herri antzerkia (2024)
    Egilea Doroteo Zobaran, Gernika Garretan elkartea
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika Garretan bi urtean behin 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketan gertatutakoak antzezten dituen proiektu herritarra da. 2024an eskaini zuten emanaldia apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenean, urtero legez, eguna kandelen ibilbidearekin amaitzeko. 122 parte-hartzaileri esker atera zen aurrera herri antzerkia, horien artean: Txitatoki ziru eskola, Gernika Bizirik kantaren taldea, Elai Alai dantza taldea, Kalapita Folk & Rock Akademia, Ross dantza eskola, Musika Eskola, Errenteriako txistulariak, Antzerkilari eta Kantagunea. Gernika Garretan elkarteak adierazi zuen “Gerrak ez dakar onik inondik inora” Jose Anonio Muñagorriren aldarria izan zutela 2024an antzerkia sortzeko inspirazio iturri. Antzezlanean bonbardaketaren unea irudikatzen dute aktoreek sirena hotsa eta metrailadoreen zaratak lagunduta. Horrez gain, musika eta dantza emanaldiekin osatzen da ikuskizuna, eta bonbardaketa, gerra eta sarraskietako min eta injustizia sentimenduak azaleratzea lortzen dute. Gernikatik mundu osora zabalduko den gerraren aurkako aldarria egiten du 2024ko emanaldiak, memoria eta herriak bizirik iraun dezan.

    Herri antzerkiari buruzko informazio gehiago eskura daiteke hemen, bideoarekin batera.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Doroteo Zobaranen Gernika Garretan (2024) herri antzerkiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    2023an ospatu zen Gernika Garretan herri anzterkiaren gaineko kontsulta egin daiteke MHLIren datu-basean.

  • Sarri min ematen du akordatzeak | Ibarrekolanda BHI, Igor Martin de Vidales, Joseba Sarrionandia | 2024

    Titulua Sarri min ematen du akordatzeak
    Egilea Ibarrekolanda BHI, Igor Martin de Vidales, Joseba Sarrionandia
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bilboko Ibarrekolanda BHI ikastetxeko diziplina anitzeko ikuskizuna da Sarri min ematen du akordatzeak. Obrak memoriaren garrantzia azpimarratzen du eta gaur egun memoria kolektiboan irauten duten eta oraindik munduan zehar bizi diren bidegabekeria eta errepresioa salatzen ditu. Hala hasten da ikuskizuna: “istorio hau aspaldian gertatu zen, edo agian, oraintxe ari da gertatzen edo gerora gertatuko da”. Gerrak, gatazkak eta jazarpenak irauten dutela gogorarazi nahi digu lanak, Euskal Herriko testuingurua erabiliz gure “mugez” gaindiko gatazkei ere erreferentzia egiteko (adibidez, Gaza); izan ere, mugen zentzugabekeriaz hitz egiten da. Diziplina anitzeko ikuskizuna dela esan daiteke poesia, antzerkia, dantza, kantua, musika eta bestelako ikus-entzunezkoak nahasten direlako bertan. Testuak Joseba Sarrionandiak idatziak dira eta Igor Martin de Vidales da zuzendaria.

    Joseba Sarrionandiaren poemek dute presentzia handiena lanean, baina hainbat euskal artistaren ahotsak entzuten dira, hala nola, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Berri Txarrak eta Eñaut Elorrieta. Herrialde libre baten aldeko aldarria egiten da, zapalkuntzarik, biolentziarik eta mugarik gabekoa. Euskal Herriari egiten dioten erreferentziak egon arren, mezua unibertsal bihurtzen dute hainbat estrategiaren bitartez: adibidez, hip-hoparen erritmora euskal dantzako mugimenduak kopiatuz, munduko beste hainbat hizkuntza aipatuz (senegaldarra, portugesa, arabiera), etab.

    Ikuskizunak goia jotzen du Gernikako bonbardaketa, Gazako sarraskiarekin batera irudikatzen denean. Testuinguratzeko, Pablo Picassoren Guernica koadroa Amerikako Estatu Batuetatik 1981ean Madrilera eraman zutela kontatzen du lehenik Sarrionandiaren off ahotsak: “Pablo Picassoren koadroa Espainiara eraman zutenean, ni ere Espainian preso nengoela akordatzen naiz” (43:10). Guernica, paradoxikoki, bandera monarkiko eta Guardia Zibilez inguratuta zegoela nabarmentzen du poetak, koadroa Espainiako hiriburuan egoteak batere zentzurik ez duela iradokiz, hain zuzen ere, “Guernica Gernikara” herri ekimena sortu zen honen emaitza gisa. Koadroaren aipamen laburraren ondoren, antzezleek Gernikako 1937ko bonbardaketa irudikatzera ekiten diote, eta 46:00 minutuan, Mikel Laboaren “Gernika” (Lekeitiokoak 4) kantua entzuten da, orduan, bonbardaketaren osteko herri baten argazki eta irudi errealak agertzen dira, Gernikakoak, tartean. Halaber, Durangoko bonbardaketa ere aipatzen da, bonbardaketaren ostean, odola zapaldu gabe Durangoko kaleetatik oinez ibili ezin zela azaltzen baita.  Laboaren kantutik Ken Zazpiren “Gernikan” abestira egiten da jauzi: oihuak, eztandak, kea, tiro hotsak… dantzarekin tartekatzen dira eta “AMA” garrasi lazgarria entzuten da behin baino gehiagotan. Atzealdean, pantaila handian, Guernica koadroko elementuak ikusten dira eta argi joko indartsuek intentsitate handiko eszena sortzen laguntzen dute: argi kliskak bonbak erori bitartean bizitakoa sentitzen laguntzen dute, eztanda handi batek Guernica, bere osotasunean, ikusgai uzten duen arte. Antzezleak lurrean botata, hau da, gorpuak irudikatzen dituztela, publikoak Guernica soilik ikus dezake (51:30) sirena-hotsak entzun bitartean. Gernikako bonbardaketako irudiekin batera, Gazan armada israeldarrak egindako erasoak ere erakusten dira txuri-beltzezko irudien bitartez. 2023an Ken Zazpi taldeak “Gernikan” abestiaren moldaketa egin zuen, “Gernikan, Gazan” izenburupean, Palestinako sarraskia salatzeko helburuarekin Gernika-Palestina Herri Ekimenaren eskutik. Moldaketa hori da, hain zuzen ere, 51:45etik aurrera entzuten den abestia. Euskara eta arabiera nahasten dira abestian, helburu komun batekin: genozidioa eta garbiketa etnikoa salatzea. Hildakoen aurrean “Agurra” euskal dantza tradizionalarekin amaitzen da eszena.

    Antzezlanak agerian uzten du Gernikaren unibertsaltasuna, sarraskitutako herri izatetik, ankerkeria, faxismoa eta bidegabekeriaren aurkako sinbolo bihurtu dela erakutsiz. Artelanarekin hasita, gaur egun Palestinak bizi duen egoera tamalgarriarekin bat egiten du duela 87 urte Gerra Zibilean Gernikako biztanleriaren aurkako bonbardaketa historikoak, oroimen-gunea kolektibizatuz, ez bakarrik euskaldunen memorian, baizik eta mundu osoan zehar.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ibarrekolanda batxilergo artistikoaren Sarri min ematen du akordatzeaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Emanaldia ikusgarri:

    2024ko maiatzaren 15ean Erandioko Merkatu Zaharra Antzokian egindako emanaldia da aipatutakoa. Gernikako bonbardaketaren 87.urteurrenean, 2024ko apirilaren 16an, Gernikan bertan ere emanaldi bikoitza eskaini zuten, goizez eta arratsaldez. MHLIren Gernika(k) datu-basean "Sarri min ematen du akordatzeak" sarreran aipatu diren Mikel Laboaren "Gernika" eta Ken Zazpiren "Gernikan" kantuak kontsulta daitezke.

  • Y el ardor | Gema Intxausti | 2024

    Titulua Y el ardor
    Egilea Gema Intxausti
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Erakusketa, Instalazioak (site specific), Marrazkia
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gema Intxaustiren Y el ardor izeneko collage, marrazki eta grabatuz osatutako instalazioak erroan d(it)u euskal gizartearen oroimen-gune edota gogoratzeko-tresna nagusia(k) d(ir)en Gernika(k). Gernik(ar)en errepresentazioak orotariko eta sasoi ezberdinetako kultur adierazpenetan ikertu dituen Elena Cuetok (2017, 495. or.) esatera, Gernika(k) birziklatzen dituen artearen azken joeretan, gertakizun-sinboloa (bai bonbardaketa, bai koadroa) oroitu eta omentzeko xedea gailentzen da. Horrekin lotuta, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren testuingurua oroitzeko oinarrizko bitartekaria da ekfrasia, alegia, Gernika koadroa hitzetara ekartzea (Cueto, 2017, 495. or.). Aldiz, azterkizun den Gema Intxaustiren Y el ardor (2024) artelan-multzoak nola,  horretarako estrainamendu-ariketak (ere) proposatu daitezke: hala nola ondare historiko-artistikoa gurtzeko errituak beste ertz batetik ikustera bultzatu eta kultur oroimenaren etengabeko eraikuntzak bazterrean uzten duenaz, —demagun, oroitarririk ez duten hildakoez,— ohartarazteko. Artista gernikarraren Y el ardor (lama edo sugarra) instalazioaren ardatzetako bat Gernikako bonbardaketa izanagatik, gai zein estilo mailan ugaritzen ari den Gernik(ar)en inguruko XXI. mendeko euskal literaturaren antzera, proposamen plastiko honek ere memoria kulturalaren inguruko galdera zabalagoak, euskal politikaren erradikalizazioaren berrikuspen historikotik apartekoak, iradokitzen ditu. Ikuspuntu formal eta plastiko batetik, euskal kultur oroimena ezaugarritzen duen iruditeria eskultorikoa, geometrikoa eta abstraktua litzateke (Gernik(ar)ekin lotura zuzena duen hizkuntza plastikoa). Hori argi ikusten da Euskal Herriko paisaia semiotikoa osatzen duten artelanei edo, bestela esanda, kultur oroimenaren etengabeko eraikuntzan toki handiena hartzen duten duten bilduma publikoei erreparatuz gero: eskultura da bai museoetan (edo kideko erakundeetan), bai plaza, biribilgune, behatoki (edo kideko espazio publikoetan) gehien errepikatzen den teknika, eta material erabilienak, berriz, harria, burdina eta egurra dira (azkenekoari dagokionez, gehienbat haritza, karga sinbolikoa duelako Gernikako Arbolagatik). Pare bat adibide jartzearren, Jorge Oteizaren Pietatea (1953-1968) eta Eduardo Chillidaden Gure aitaren etxea (1988) aipa litezke: bi-biak dira Gernik(ar)en oihartzunak; lehena, Picassoren Gernikako izen bereko figura ikonografikoaren ekfrasia delako, diktadurapeko euskal kulturaren biziberritzean mugarri izan zen Arantzazuko basilikaren ataurrearen ardatz, eta bigarrena, berriz, Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea” (1963) poema ezaguna eta oroimen-gunea ezkontzen dituelako, Gernikako Arbolatik berrehun metro ingurura kokatuta. Ane Lekuona-Mariscal (2021, 14. or.) arte historiagilearen hitzetan, Franco hil ondotik, aurreko hamarkadetan hazitako «eskultura abstraktu geometrikoa euskal nortasunarekin eta aro politiko berriarekin identifikatzen zen iruditegi artistiko gisa barneratu zen». 1975etik aurrera, denbora gutxian finkatu eta auto-legitimatu zen Euskal Herriko artearen historiaren kanona, betiere, esandako arte adierazpen jakinaren inguruan. Hortik, Lekuona-Mariscalek (2020, 151.-152) kanonaren oinarrian dauden genero-politikak aztertzeko premiaz esaten dituenak: frankismoak berak 50etatik aurrera sustatutako arte abstraktuaren teoria  feminitatearen kontra eraiki zen; abstrakzioak talka egiten zuen emakume artistei esleitutako rol sozialekin, eta emakume eskultoreei egurra ematen zieten arte kritikariek. Eskultura ere, genero-hitzarmenak direla medio, Mendebaldeko historian, oro har, iruditeria maskulinoarekin harremandu da, indarraren nozioarekin ez ezik, baita espazio publiko, handitasun, oroimenari lotutako omenaldi eta kideko kontzeptuekin ere (Lekuona-Mariscal, 2023, 415. or.). Hartan, Euskal Herriko artearen historiografiaren askotariko parametro androzentristek (hasieran, diktadurarenak eta, gerora, abertzaletasunarenak) luzaroan alboratu eta ukatu ditu XX. mendeko bigarren erdiko (emakume) artisten ibilbideak eta lanak; XXI. mendeko euskal artisten belaunaldi berriek hutsune horri egin behar izan diote aurre (Lekuona, 2020, 152. or.).

    Intxaustik, erakusketa-katalogoan, Y el ardor izenburua Polanski y el Ardor punk talde madrildarrari zor diola aitortzen du. Ostera, lama edo sugar izenez euskaratu litekeen instalazioan, batetik, Gernikako herriaren kartografia xafla metalikoetan grabatuta txertatu, eta, bestetik, instalazio osoari sutea eta erreketa iradokitzen diuen izenburua jartzea, ez ote da «sinboloaren (hots, Gernikaren) barne-etena» (Zulaika, 2023) atzera josteko desiraren isla? Egin zezakeen Bizkaiko herriaren marrazki figuratibo bat, edo jar zezakeen Gernikaren argazki bat; aitzitik, kasu horietan, bonbardaketaren errepresentazio historikoa ez zen, egundo, maparen gainean imajina daitekeena bezain irudi zehatza izango: 16:20etatik 19:40etara, herriaren erdigunean, kilometro karratu bat baino gutxiagoko azaleran, 600-800 metroko altueratik 31-46 tona bonba bota zituzten (Irujo, 2017, 7. or.). Hortaz, artistak, leku-izenaren esanahia zehaztasun maila horrekin irudikatzean, historiari egiten dio lekua eta kontrapisua egiten dio oroimen-guneari gaina hartu ohi dion dimentsio alegorikoari —edo testuingurutik ateratako Picassoren Gernikari— (Cueto, 2017, 19. or.). Horrez gain, erakusketak, lehen kolpean Gernikako bonbardaketarekin erlazio zuzenik ez duten beste marrazki eta collage batzuk jartzen ditu elkarrizketan (hortik aipatutako estrainamendu-ariketa): Františka Plaminkova (1875-1942) senatari txekoslovakiarra (emakumeen sufragioaren aldeko ekintzailea), Clara Campoamor (1888-1972) Bigarren Errepublika espainiarreko parlamentaria (sufragio unibertsalaren aldeko eragilea) eta Dulcie September (1935-1988) diputatu hegoafrikarra (apartheidaren kontrako aktibista) batzen ditu, besteak beste. Maila formalean bat eginagatik (erakusketaren argazkietan ikus daiteken gisan, teknika eta materialen aldetik ez dago disonantziarik), maila ikonografikoan aztertzea zaila den irudi multzo heterogeneo horrek, Elena Olave (2024) arte kritikariaren irudiko,  monumentuak (bereziki, oroitarriak) zer diren definitzeko ahaleginera bultzatzen ditu hartzaileak. Are gehiago, hari horri tiraka, gogoetarazten du, zenbateraino baldintza ote dezaketen oroitarriek iraganaren (berr)eraikuntza, balekoak ote diren artelanak dolu kolektiboei bide emateko, edota nondik nora bilakatzen ote diren arte merkatuaren eta turismo basatiaren morroi, jatorriz, hildakoak, borrokak eta sarraskiak gogoratzeko-tresnak. Artistak berak esana da (irakurri erakusketa-katalogoa), kosta egiten zaiola monumentuekin bat egitea (oroitarrien aurrean bere burua errepresentatuta edo identifikatuta sentitzea, alegia); iragana gogoratzeko nola, hura murrizteko edo ahazteko funtzioa (ere) hala bete dezaketen sinboloek, galarazten omen diote plaka eskultorikoaren bestaldean dauden pertsonak, hildako errugabeak, ikustea.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Gema Intxaustiren Y el ardori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    2024ko martxoaren 1etik apirilaren 3ra Bilboko La Talleren erakusgai egon zen Y el ardor instalazioa. Erakusketa-katalogoa: https://www.lataller.com/wp-content/uploads/2024/03/Hoja-de-sala-maquetada_-eusk.pdf

  • Aire errea | Xabier Erkizia | 2024

    Titulua Aire errea
    Egilea Xabier Erkizia
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Instalazioak (site specific)
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Xabier Erkizia artistak garatutako Aire errea erakusketak gerrari buruzko bestelako ikuspegia proposatzen du, gaiari soinu-dimentsiotik helduz. Ikusmenari lotutako irudikapenek historikoki gatazken narratiba menderatu duten mundu honetan, erakusketa honek soinuak gerrako esperientzia eraikitzerakoan betetzen duen papera aztertzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, erakusketa honek gerrari lotutako soinuak beraien jatorri musikaletik aztertzen ditu XX. mendera arte, kontuan hartuta sirenak hasiera batean musika-tresnak izan zirela, funtzio sozialak eta alarma-funtzioak bete aurretik. Era berean, sirenei lotutako erreferentzia mitologikoak eta sakratuak jorratzen ditu, horien kronologia teknologikoa (sirenak, bonbak, hegazkinak, tiroak, leherketak) eta ikus-entzunezko irudikapenak (zinema, animazioa, bideojokoak) aztertuz.

    Aire errea kontzeptu gisa Gernikako bonbardaketaren suntsipen fisiko eta sentsoriala irudikatzen du. Bertan, izan ere, zerua sutan ikusteaz gain, bonbardaketa entzun eta usaindu egin zen. Horretarako, gerraren soinu-paisaia aztertzen duten hainbat elementuk osatzen dute erakusketa. Sirenaren kronologia teknologikoa “Mitologiaren musika”, “Lantegien uluak eta arrisku-ahotsak”, “Zerutik erortzen diren soinuak” “Jerichoko tronpetak” eta “Zinemako bonbak” ataletan, non gailuaren sorrera eta historian zehar  izandako erabilerak aztertzen dira, irudikatuz nola soinu horiek teknologia belikoak eta zinemak, hurrenez hurren, sinbolo bihurtu zituzten.

    Azken zatian, erakusketak hiru objektu enblematiko ditu ardatz: Gernikako sirena eta haren sirena bikia, Sabadell-en sortua eta bi hirien arteko lotura sortzen duena eta, azkenik, Donostiako sirena. Gernikako eta Donostiako sirenek erabilera eta esanahi desberdinak izan dituzte historikoki: Gernikako sirena bonbardaketarekin lotuta dago eta arriskuaz ohartarazteko ikur gisa funtzionatzen du eta Donostiako sirena, berriz, eguneroko testuinguruarekin lotzen da, hala nola, lantegietako lanarekin edo hiri-bizitzako denboraren antolaketarekin. Bi elementuek erakusten dute gailu berak oso konnotazio desberdinak izan ditzakeela.

    Funtsean, Erkiziaren lanak guda ikusi ez ezik, entzun eta sentitu ere egiten dela gogorarazten dio publikoari. Soinuaren eta bere inplikazioen azterketa honen bidez, narratiba tradizionalak ikuspegi sentsorialago eta kritikoago batetik birpentsatzeko gonbidapena luzatzen du, zarata oroimena eta esanahia ere badela azpimarratuz.

    Erakusketaren irudiak ikusteko jo Gernikako Bake Museoaren webgunra edo sakatu hemen.

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2024). “Xabier Erkiziaren Aire erreari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika bizirik | Jon Rementeria Larruzea | 2024

    Titulua Gernika bizirik
    Egilea Jon Rementeria Larruzea
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Jon Rementeria Larruzeak sortutako kanta da Gernika bizirik izenekoa. Guernika Gernikara ekimenaren baitan ulertu beharra dago. Web-orrialdean ekimenaren aurkezpenean garbi azaltzen dute helburua: “2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak ere bultzatzeko” (GuernikaGernikara). Jarduera ezberdinen koordinaziorako talde bat dugu, beraz, Guernika Gernikara. Web-orrialdean bertan, urtero egiten dituzten ekintzen argazki eta bideoak daude ikusgai.

    2024an, esaterako, antzerki eta kanta bat aurkeztu zituzten, honela aurkezten dute aurkezpen eguna: “Gernika Bizirik kanta plazaratu zuten, taldekideek, Ross Dantza taldeko dantzariekin (bideo kliparako koreografia bera dantzatuz). Horrela, proiektuari amaiera eman diogu. Izan ere, kanta bera sortu, grabatu, Lizeo antzokian Gernika Batzordearen dokumental estreinaldian taularatu, bideoklipa egin, eta Gernika Garretan antzerkian partaide izan garelako. Eskerrik asko sortzaile guztiei, bereziki, Jon Rementeria egileari” (GuernikaGernikara berriak). Gernika bizirik kantaren egileari dagokionez, Bertsolaritzaren datu-basean (BDB) ageri zaigu gernikarraren biografia labur bat, eta bertan honakoa aipatzen da: “herri mugimenduko zenbait ekimenetan parte hartzen du Gernikan” (BDB).

    Abestiari berari dagokionez, bost koplek osatzen dute eta koplen artean errepika tartekatzen da. Lau lerrotako koplen azken hitzak darama errima, hau da, bertso-lerro amaiera guztiek. Lehenengo bi kopletan hondamendiaren zerrenda egiten da, bonbardaketaren ondorioz eroritako eraikinei, biztanleei zein hizkuntzari egiten zaio erreferentzia. Zerrendatu egiten dira elementu guztiak aditzik erabili gabe, honela dio lehenengo koplak, esaterako: Eraitsitako eraikinek / metrailatutako erraiek / bortxatutako emakumeek / erbesteratutako umeek (lehenengo kopla). Errepika dator gero, kea aipatzen da, oraindik ere kea ikus daitekeela, baina herria bizirik dagoelako dela, sua piztuta dagoelako. Hirugarren koplan, etorkizunari begira ageri zaigu kantaria, ametsak berriro ere landatu direla esanez tonu positiboagoa hartzen du pixkanaka kantak. Azken bi kopletan urteetako isiltasunari egiten zaio erreferentzia, baina egia zabaldu beharrarekin amaitzen da kanta: lau haizetara hedatzea / geure lana dela (azken koplako azken puntua). Abestiaren helburua azpimarratzen da azken puntu horretan, baina baita Guernika Gernikara ekimenarena ere, hein batean: memoriaren transmisioa era kolektiboan mantentzea. Web-orrialdean zuzenean aipatzen da abestiaren helburua: “Kantu hau Gernika Memoriaren Lekuko elkartearentzat sortua eta ekoitzia izan da” (GuernikaGernikara). Amaitzeko, errepikak ixten du kanta, eta bitan errepikatzen du Rementeriak. Dena den, deigarria da errepikaren azken lerroa: Gernika bizirik dela. Dagoeneko abestian zehar askotan errepikatutako leloa den arren, azkeneko errepikan aldatu egiten da lerro hori: herria bizirik dela bertso-lerroa da kantaren azkena. Retolazaren (2009) Gernikako errepresentazioen irakurketen sailkapenera jota, irakurketa identitarioa egiten du hemen Rementeriak, “begirada identitarioak, Gernikako bonbardaketari begiratzen dio, euskal identitatearen sinbolotzat den heinean” (Retolaza, 2009: 1087), Gernikak bizirik jarraitu behar du, baina “Gernika” dionean “herria” dio: “Gernika herria euskalduntasunarekin uztartu egiten da, eta euskal identitateari dagokion irakurketa eginez, Gernika herriari eginiko erasoa euskal identitateari eginiko erasoarekin lotzen da” (Retolaza, 2009: 1091).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/1665-jon-rementeria [azken kontsulta 2025/01/21]

    GuernikaGernikara. https://guernicagernikara.eus/memoriaren-lekuko/aurkezpena/ [azken kontsulta 2025/01/21]

    GuernikaGernikara. Berriak. https://guernicagernikara.eus/gernika-bizirik-abestia-zuzenean-gernika-garretan-herri-antzerkian/ [azken kontsulta 2025/01/21]

    Gernika bizirik. GuernikaGernikara. 2021 https://guernicagernikara.eus/memoriaren-lekuko/gernika-bizirik/ [azken kontsulta 2025/01/21]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Jon Rementeria Larruzearen Gernika biziriki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Mistica Flor. Ama-alabak” | Arrate Rodriguez | 2024

    Titulua “Mistica Flor. Ama-alabak”
    Egilea Arrate Rodriguez
    Lekua Donostia, Tupus! Komiki elkartea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Aztergai dugun komiki bilduman, Arrate Rodriguezen “Mistica flor: ama-alabak izenekoan, Picassoren koadroaren ekfrasia agertzen zaigu, 138. orrialdean, hain zuzen. Bineta horretan, protagonista den amaren etxeko egongelako dekoratu bezala agertzen zaigu koadroa. Konposizioaren heren bat hartzen du: behean, sofan eserita, ama eta bere katua agertzen zaizkigu, eta koadroak goian daukaten pareta guztia okupatzen du.

    Trazo eta konposizioari erreparatuz, Guernica originalarekiko fidela bada ere, ezin esan berrinterpretazio bat ez denik; joko-kromatikoa aldatuta dakar. Izan ere, more kolorearen eskala darabil Rodriguezek koadroa osatzeko, Tupust! Gu komiki-seriearen ildo kromatikoa horiz eta morez osatzen dela kontuan izanda. Liburua osatzen duten gainontzeko komikiek ere bi kolore horiek (bakarrik) darabilte euren konposizio guztietan. Areago, aztergai dugun binetan nagusitzen den moreak, ezinbestean, mugimendu feministara begira jartzen gaitu, baita Tupust! kolektiboaren helburuetara begira ere; komikigintza feminismoarekin harremantzea da kolektiboaren xedea.

    Hala, ekfrasiak, kasu honetan, ez gaitu Gernikako sarraski eta jazoera historikoetara eramango; koadroaren berrinterpretazioak lotura handiago du denborarekin nagusitzen joan den pop artearekin eta kontsumo gizartearekin, konposiziorako atrezzo bezala interpretatu dugun heinean.

    Picassoren Guernica koadroaren ekfrasia dakarren “Mistica flor: ama-alabak” komikia, Arrate Rodriguezek ondutakoa Tupust! Gu komiki-seriaren parte da, hura osatzen duten beste 20 komikirekin batera. Hain zuzen ere, obrako 17. konposizioa da, eta 135. orrialdean agertzen zaigu, zehazki.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala (2024). “Arrate Rodriguezen «Mistica flor. Ama alabak» komikiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Denboraren zubia | Iñaki Iturain | 2024

    Titulua Denboraren zubia
    Egilea Iñaki Iturain
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Denboraren zubia (2024, Erein) ipuin-liburuan zazpi kontakizun biltzen dira eta ipuin guztiak bi elementuk lotzen dituzte: 1936ko Gerra Zibilarekin lotura duten istorioak dira batetik eta, bestetik, Orizar kostaldeko fikziozko herrian kokatzen dira (nolabait, Orioren trasuntoa litzakeena).

    Izan ere, Iñaki Iturainen (1956- ) fikziozko lehen lana izan arren, 2014an Memoria Historikoaren esparruko Gerra bat barruan degula liburua argitaratu zuen. Liburu horretan, 1936ko gerran Orion gertatutakoak bildu zituen eta herritarren istorioen bitartez kontatzen ditu Iturainek.

    Denboraren zubia ipuin-liburuan, beraz, aurrez historialari ikuspegitik landutako gaiak fikziotik jorratzeko abagunea eskaini diote egileari: “Benetako gertaera historiko batzuetan oinarritu naiz, baina haien gainean fikzioa sortu dut. Jendearen sentimenduak, pentsamenduak, harremanak… horiek ez baitira kabitzen historia liburu batean” (Pardina, 2024). Eta ildo beretik, gaineratzen du: “Hortaz, oraingoan datuek ez zuten hainbesteko garrantzirik. Egia eta egiantza ez dira berdinak, pertsona eta pertsonaiak ere ez, eta ezta historia eta istorioak ere” (Ibid.).

    Eta nahiz eta ipuin bakoitza buruaskia izan, ipuinen artean bada loturarik: hala nola, zenbait pertsonaia edo gertakizun behin baino gehiagotan agertzen dira. Eta ezin bestela, Orizarren jazotako gerrako zein gerraosteko gertakizun nagusienak nabarmentzen dira; eta horien artean, errio gaineko zubiaren eztandaren ingurukoak. Hain zuzen, “Denboraren zubia” eta “Estropada” ipuinetan zubia bera da protagonista.

    Era berean, “Bi gerra arteko uda”, “Oroimenaren paperak” eta “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinek ere badute loturarik. Orizartik erbesteratu zen Mirenen eta bere aitaren istorioa kontatzen da bertan; lehenik narratzaile-idazleak ipuin gisa bilduko duena; eta ostean, elkarrizketatuak argituko dizkio narratzaile-idazleari bere iraganeko sekretuak.

    Hori horrela, Gernikari buruzko aipu esplizituak “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinean agertzen dira bereziki. Ipuineko unea batean, Mirenen aita eta bere kideez, hau biltzen da:

    “Beren herriaren alde ibili zirela Espainiako gerran, hura galduta deserriratu eta etorri zirela Frantziara, eta hemen aukera izan zutela alemanen kontra borrokatzeko, Gernika bonbardatu zutenei hango sarraskia ordainarazi eta, bide batez, inbasoreak botatzen laguntzeko” (Iturain, 2024: 56).

    Jarraian, Kepa Ordoki komandantea (1913-1993) aipatzen da eta nola “Ordokik 1944an, Agirre lehendakariak aginduta, Gernika batailoia eratu zuela Euskal Herriaren hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunekin. Eta berak gidatu zuela batailoia 1945eko apirilean, Frantzian, nazien kontrako gudan egin zen azken borrokaldian” (Ibid.).

    Beraz, “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinean, besteren artean, Gernikako bonbardaketa eta Gernikaren oihartzunak Frantziar erresistentziaren baitan izan zuen garrantzia nabarmentzen da, Mirenen aitaren istorioaren bidez. Eta hain zuzen, ipuineko Gernikaren azken aipuak ere horrekin du lotura. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Frantziak izandako jarrera salatzen da ipuinaren amaieran, Aljeriako Gerra gogora ekarriz:

    “‘Frantsesek han heriotza eta zapalketa besterik ez zuten laga’. Hori ere kontatu behar dela, gordin-gordin, gertatu bezala. Gezurrak bide motza omen du; faxistek Gernikako suaz esandakoak izan duen bezala: gorri separatistek bonbardatu zutela, alajaina!” (Iturain, 2024: 68).

    Bestetik, aipatu behar da “Denboraren zubia” ipuinean ere egiten dela aipamen txiki bat Gernikari buruz. Ipuin horren jatorrian erreketeen iritsiera baino lehen Orion gorriek eztandarazi zuten zubiaren gertakaria dago eta, nola, gerra ostean gerra zibileko presoek berreraiki zuten. Hain zuzen, ipuineko galiziar agure protagonista Orizarrera itzuliko da bilobarekin, eta iraganeko gertakariak ekarriko ditu gogora. Hori horrela, gerrako ibilerak burura ekartzean biltzen da ondorengoa: “Asturiarra Bilbo inguruko frontean ibili zen. Han ikusi zituen aurreneko aldiz hegazkinak bonbak botatzen hiriaren erdian. Nazien hegazkinek Gernikako sarraskia aski ez eta haien bonbek Bilbon ere jende asko hil zuten” (Iturain, 2024: 72).

    Laburbiltzeko, esan genezake ipuinotan Gernikaren aipamenak urriak izanagatik, esanguratsuak direla; kontuan hartzen badugu Orio herriko Gerra Zibileko gertakizunak nagusitzen direla Denboraren zubia liburuan. Era berean, esanguratsua da nola nabarmentzen den “sarraski” hitza ere Gernika eta bonbardaketaren aipamenarekin batera. Eta nola hain aipu gutxitan Gernikaren oihartzunak beste Gernikekin lotzen diren: kasu honetan, Bigarren Mundu Gerrako erresistentziarekin batetik, eta Bilboko bonbardaketekin bestetik.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2024). “Iñaki Iturainen Denboraren zubiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Haritz hostoa eta bala | Amets Leria | 2024

    Titulua Haritz hostoa eta bala
    Egilea Amets Leria
    Lekua Leioa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Kartela
    Urtea 2024
    Errepresentazio Historikoak EZ

    MHLI (Memoria Historikoa Iberiar Literaturetan) ikertaldeak antolatutako kartelen erakusketa Gernika (k)/Guernica (s): Trauma historiko baten birsemantizazioak Nazioarteko Kongresuaren baitan egin zen. Ekimena hezkuntza-proiektu gisa sortu zen, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatearekin lankidetzan. “Diseinu Grafikoa” ikasgaiko ikasleek kongresuaren kartela diseinatzeko lehiaketa batean parte hartu zuten eta ikasleen artean Amets Leria izan zen irabazle. Kartela ekitaldiaren iruditzat aukeratua izan zen eta Gernikako Euskal Herria Museoan erakutsi zen beste lan nabarmenekin batera.

    Kartel irabazleak haritz hosto bat eta bonba bat aurkezten ditu, Gernikako bonbardaketa zein arbola irudikatzen dituztenak. Haritz-hostoa, Euskal Herriaren eta Gernikaren sinboloa den bitartean, bonbaren irudiak bonbardaketaren suntsipena eta trauma ekartzen ditu gogora. Modu horretan, kartelak 1937ko bonbardaketaren funtsezko bi sinboloak hartzen ditu oinarritzat.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2024). “Amets Leriaren Haritz hostoa eta balari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Guraso-hizkuntza” | Mari Luz Esteban | 2023

    Titulua “Guraso-hizkuntza”
    Egilea Mari Luz Esteban
    Lekua Arre
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Haragizko erreformak (2023) Mari Luz Estebanen hirugarren olerki-bilduma da. Haurtzaroan hasi eta egundaino egindako bidaia poetikoa den lan honetan —autobiografiatik ere baduena— iraganak nortasunaren eraketan duen eraginean eta identitatearen osaketan arakatu du Estebanek.  

    «Guraso-hizkuntza» poema «Neskatila bat» atalari dagokio. Liburuko atalik luzeena da hori eta bertan bilduak diren testuetan haurtzaroko oroitzapenez dihardu ahots poetikoak. «Guraso-hizkuntza» izenburu duen honetan, haurrak «zazpi edo zortzi urte» (2023, 44) zitueneko pasarte bat du kontagai. Gaztelaniaz bizi zen orduan, «espainolidade totalean» (idem) eta egun batez, guraso eta ahizparekin batera, egun pasa joan zen haurra, Gernikara. Han ohartu zen lehen aldiz «Gernika hitzak ez zuela u-rik» (idem). Garai hartan, ni-poetikoak aitor duenez, harentzat «ez zegoen Gernikako bonbardaketarik / ezta euskararik ere» (idem). Hala, Gernikako bonbardaketaren aipamena, euskararenarekin batera, sinekdoke modukoa da, Euskal Herriaren muina izendatzeko baliatua dena. Memoria traumatiko horrek eta hizkuntzak berak ezaugarritzen du, ahots poetikoaren begietara, euskal gizartea.

    Hurrengo olerkian —«Hamalau edo hamabost urterekin»— berreskuratu egiten ditu bi elementu horiek, bi garairen arteko kontrastea egiteko.

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Mari Luz Estebanen «Guraso-hizkuntza» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Ikus «Hamalau edo hamabost urterekin» poemaren fitxa; elkarrizketan dira bi testuak eta Gernika(k) datu-basean kontsulta daiteke. Olerki-bilduma katalanera itzuli da eta Pol·len argitaletxeak plazaratu du Reformes carnals (2024) izenburuarekin.

  • “Hamalau edo hamabost urterekin” | Mari Luz Esteban | 2023

    Titulua “Hamalau edo hamabost urterekin”
    Egilea Mari Luz Esteban
    Lekua Arre
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Haragizko erreformak (2023) Mari Luz Estebanen hirugarren olerki-bilduma da. Haurtzaroan hasi eta egundaino egindako bidaia poetikoa den lan honetan —autobiografiatik ere baduena— iraganak nortasunaren eraketan duen eraginean eta identitatearen osaketan arakatu du Estebanek. 

    «Hamalau edo hamabost urterekin» poema «Neskatila bat» atalari dagokio. Liburuko atalik luzeena da hori eta bertan bilduak diren testuetan haurtzaroko oroitzapenez dihardu ahots poetikoak. «Guraso hizkuntza» (ikus fitxa) poemaren ondorengoa den honetan, nerabezaroan euskara ikasten hasi zen une hori du kontagai, «bizkaiera ikasten» (2023, 46) hasi zen garaia, hain zuzen ere. Euskaldun egin eta elebidun izatearen ondorenak aipatzen ditu gero, hau da, «disglosia afektiboek» (idem) ekarritakoez dihardu. Aurreko olerkiarekin elkarrizketan, honetan berreskuratu egiten ditu Gernikako bonbardaketa eta euskara Euskal Herriaren sinekdoke gisa; oraingoan, baina, bera parte bilakatu den komunitatea izendatzeko: «ordurako / bazen gure munduan Gernikako bonbardaketa / bazen euskara» (idem).

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Mari Luz Estebanen «Hamalau edo hamabost urterekin» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Egile beraren "Guraso-hizkuntza" poemarekin elkarrizketan dago testua, eta Gernika(k) datu-basean kontsulta daiteke "Guraso-hizkuntza, Haragizko erreformak" izenburupean. Olerki-bilduma katalanera itzuli da eta Pol·len argitaletxeak plazaratu du Reformes carnals (2024) izenburuarekin.

  • Oso latza izan da | Xabier Mendiguren | 2023

    Titulua Oso latza izan da
    Egilea Xabier Mendiguren
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Kronika, Nobela
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Xabier Menigurenen lan honen izenburuak Joxe Arregik Carabanchelgo zenbait preso-kideei esandako esaldia adierazten du, hamar egunez Madrilen torturatua izan ostean: ‘Oso latza izan da’ (2023). 1981eko otsailaren 4ean, Arregi eta bere komando-burua, Isidro Etxabe, Madrilen atxilotuak izan ziren, kontrol batetik ihesean zeudela. Hurrengo hamar egunetan, bi etakideek tortura gogorrak jasan zituzten, batez ere Arregik. Otsailaren 13an, haren egoera larriagatik Carabanchelgo espetxeko hospitalera eraman zuten Joxe Arregi, eta bertan hil egin zen. Poliziak emandako bertsio ofizialaren arabera, pneumonia izan zen heriotzaren arrazoia. Bere gorpua ireki ezin zen hilkutxa batean bidali zuten Euskal Herrira, eta Zizurkilgo hilerrian lurperatu zuten. Baina zenbait lagunek, hiletaren ondorengo gauean, isilpean gorpua hilkutxatik atera eta honen argazkiak egin zituzten, torturak eragindako hematoma, erredurak zein sufrimendua agerian uzteko. 2009ean Amagoia Gurrutxagak erreportaje bat argitaratu zuen, Juan Kruz Unzurrunzagak, kultur eragile eta presoen aldeko aktibistak, eta Bixente Ameztoi pintoreak argazki horiek ateratzeko plana burutu zutela azalduz.

    Erreportaje horren harira, Xabier Mendiguren bi gizon hauen eta Arregiren bizitzari buruz ikertzen hasi zen, eta liburu honetan haien historia eta garaiko testuingurua biltzen ditu, Joxe Arregiren atxiloketan, torturan eta heriotzean fokua jarriz. Ikerketa horretarako, gizon hauen ahaide, lagun edota kideek kontatutakoa aurkezten du: Arregiren Maribi arreba edota Etxabe komando-burua, Unzurrunzagaren Rita iloba, Ameztoiren Virginia alarguna… Horrekin batera, Carabanchelgo espetxean preso zeuden Iñaki Agirre etakideak, Xose Luis Fernandez GRAPOko kideak eta Lois Alonso Riveiro PCE(r)-ko kideak idatzitako gutuna erakusten da, Arregiren egoera ahula eta haren heriotza salatzen dituena.

    Kontaketa honen bitartez, Mendigurenek euskal gatazkarekin lotutako hainbat gai eta gertakari jorratzen ditu. Batetik, Poliziak egindako tortura-metodoen deskribapena egiten da: burua ur zikinetan sartzea, zigarro puntaz erretzea, elektrodoak, kolpeak… Askotan Poliziako medikuak zeuden, torturatuek hil gabe tortura jasaten jarraitu zezaketela ziurtatzeko. Nahiz eta Arregiren kasua ezagutu zen bakarrenetarikoa izan, autorearen arabera, Arregi bezalako “milaka gizon-emakume torturatu dituzte herri honetan (…) etenik gabe, sistematikoki eta legeen eta agintarien komunikabide gehienen babes oso-osoarekin” (55. orr). Bestetik, Isidro Etxabek azaldutako pasadizo batean, euskaldunen kriminalizazioa aurkezten da, hainbatetan euskalduna izateak zuzenean terrorismoarekin lotzen baitzen: Bera eta Arregi Madrilen zeudenean, taberna batean “dos chatos” eskatzean, azentu oso euskalduna zutenez, jendea ‘¡Etarras! ¡Etarras!” oihuka hasi zen (62. orr). Horrez gain, erbestea lantzen da, Arregik iparraldera ihes egin baitzuen (1979an), baita Unzurrunzagak ere (1975ean). Autorearen esanetan, “Asko izan ziren garai hartan poliziaren beldurrez muga pasatu behar izan zutenak, baina horrek ez du esan nahi guztiak gero ETAren egituretan sartzen zirenik” (60-61. orr). Iparraldean bizitzen geratu zirenak edota Hego Ameriketara joan zirenak aipatzen ditu. Bestalde, euskal gatazkaren baitan, etakideen zenbait hilketa jorratzen dira, hala nola, Txabi Etxebarrietarena, eta Jose Maria Ryanen kasua garrantzizko gertakaria da ere: 1979an, Lemoizko zentral nuklearraren aurka egiteko, ETAk bahitu zuen, proiektuko ingeniari-burua zelako. 1981ean hil zuten, Polizia Arregi torturatzen ari zen egunetako batean.

    Horrekin batera, garaiko hainbat gertakari eta pertsonaia aurkezten dira eleberrian, Espainiako Gerra Zibiletik Trantsizio garaira arte. 36ko Gerran, adibidez, Ameztoiren aita, Jesus Olasagasti, frankismoaren aldeko kartelgilea izan zen. Horrez gain, gerraondoko euskararen hizkuntza-ordezkapena jorratzen da, lehenagotik zetorrena eta frankismo garaian areagotu zena (Ameztoik, esaterako, ez zekien euskaraz). 70eko hamarkadari dagokionez, beste hainbat gertakizun aipatzen dira: Arregiren kontzientzia politikoa piztu zuen Burgoseko auzia, Carrero Blancoren hilketa, Txiki, Otaegi eta FRAPeko 3 kideren fusilamendua, Francoren heriotza… Nazioarteko mailan, autoreak Allende eta “Che” Guevara bezalako pertsonaiei buruz hitz egiten du. Hain zuzen ere, Unzurrunzagak Chilera bidaiatu zuen ETAn sartu baino lehen, Allende sozialistaren alde egiteko. Haren aurkako Pinochet militarraren estatu kolpea azaltzen da ere. Bestalde, “Che” Guevara iraultzaile argentinarraren eta Joxe Arregiren arteko paralelismo bat egiten da, biak hil zituztelako, bata Bolivian eta bestea Madrilen, eta bien gorpuei argazkiak egin zizkietelako, helburu desberdinekin.

    Gernikaren bonbardaketari eleberriko bigarren atalean egiten zaio erreferentzia. Madrilen Arregi atxilotu zuten egun berean, Juan Carlos I.a erregea Gernikara heldu zen helikopteroz. Autorearen esanetan, 44 urte lehenago bezala, gernikarrak zerura begira zeuden, baina “ez da astelehena (…), ez da azoka eguna, eta ez dira Kondor Legioko hegazkinak” (25 orr.). Esaldi horren bitartez, Gernikako bonbardaketaren eguneko egoera deskribatzen du. Orainaldian, berriz, Juan Carlos I.aren helikopteroari begira zeuden, erregea Gernikako Juntetxera zetorrelako, autonomia estatutuaren gainean zin egitera. Horrela, autoreak paralelismo bat sortzen du, bi gertakizunak lotzeko: bata Gerra Zibileko gertakaria da, Euskal Herria markatu zuena eta honen ondorengo zapalkuntza sistematikoaren hasieran koka daitekeena, eta bestea Trantsizioan gertatu zen, errepresioari ustezko amaiera emango zion garaian, eta euskaldunen etorkizuna baldintzatu zuen ere. Atal honetan, Gernikako arbola agertzen da ere. Erregea eta parlamentariak Juntetxera sartu baino lehen, ondoan zegoen haritzaren aurrean txistulari batzuek jo zuten eta zuhaitzari gurtza egin zitzaion. Gernikako arbolak balio historiko eta sinboliko handia du. Gutxienez, Erdi Arotik aurrera, Bizkaiko eliteak haren inguruan biltzen ziren, parlamentu moduko bat osatuz. Azken Gerra Karlistaren ostean foruak galdu zirenean (1876), haritz zahar hura euskal identitatearen sinboloa bihurtu zen. Juan Carlos I.ak Gernika bisitatu zuen 1981eko egun hartan, foruen antzeko zerbait izan zitekeen autonomia estatutua sinatuko zen. Beraz, zentzuzkoa eta sinbolikoa zen prozesu hori Gernikaren arbolaren ondoko Juntetxean egitea.

    Laburbilduz, eleberri honetan, Joxe Arregiren kasuan oinarrituz, Espainiako indar polizialek egindako torturak salatzen dira, baita orokorrean Espainiar estatuaren indarkeria ere. Francoren heriotza eta gero, errepresioa jarraitu zuen, eta horrela ikus daiteke Xabier Mendigurenen lan honetan. Kronika honen bitartez, garaiko bidegabeko gertakariak eta pertsonaia garrantzitsuak jorratzen dira, euskal gatazkaren garaiko konplexutasuna islatuz. Jose Maria Ryanen hilketa kontatzea baliagarria da ere, borroka armatuaren barnean zeuden zalantza zein gehiegikeriak transmititzeko. Beraz, memoria historikorako baliozko lana da eleberri hau, zehazki Trantsizio garaiko testuinguru historikoa eta tortura kasuak hobeto ezagutzeko.

    Nola aipatu: Diez-Correa, Leire (2025). “Xabier Mendigurenen Oso latza izan dari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika Garretan herri antzerkia (2023) | Doroteo Zobaran, Gernika Garretan elkartea | 2023

    Titulua Gernika Garretan herri antzerkia (2023)
    Egilea Doroteo Zobaran, Gernika Garretan elkartea
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika Garretan bi urtean behin 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketan gertatutakoak antzezten dituen proiektu herritarra da. 2023an, sei urtez geldirik egon ostean, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean, emanaldia berriro eskaini zuten, eta eguna kandelen ibilbidearekin amaitu zuten, egia aldarrikatzeko eta Gernika bizirik dela adierazteko. Herri antzerkian 135 pertsonek parte hartu zuten: aktoreak, Elai Alai Dantza Taldeak, Kalapita Akademiak, Ross Dantza Eskolak, Segundo Olaeta Musika Eskolak, Txitatoki Urdaibai Zirko eskolak eta Urdaibai Kantagune koruak. Herri ekimen kolektiboa da Gernika Garretan, eta diziplina asko bateratzen ditu emanaldiak: dantza, kantua, antzerkia, musika… elementu guztien artean gatazka eta sufrimendua islatzen dira. Antzezlanak Gernikako bonbardaketa oinarrian duen arren, “denon kalterako” gertatzen diren gatazka eta erretzeak aipatzen dira, hau da, mundu osoan zehar sortzen diren gerra eta erasoaldiak irudikatzea dute helburu, “beste” Gernikak ere aintzat hartuz.

    Picassoren Guernicaren aipamen zuzenik egiten ez den arren, eszenatokiaren atzealdeko eraikinean koadroko zenbait elementu erakusten dituen kartela ikus daiteke: haur hila besoetan heltzen duen ama, hildako gerraria ezpata eta lorearekin eskuetan… Gainera, dantza ikuskizuna eskaintzen duen haur taldeak eszena Picassoren koadroa erreproduzitzen amaitzen du (15:50): dantzariak modu estrategikoan kokatzen dira Guernica koadroaren konposizioa imitatuz, baita figura identifikagarrienak errepikatuz ere.

    Picassoren koadroa hitzez aipatzen ez den arren, sinbologia jakin bat bereganatu du, harik eta haren erreprodukzio mota oro identifikagarria den ikuslearentzat. Izan ere, koadroak esanahi kolektiboa garatu du eta haren izaera alegorikoak diskurtso desberdinen araberako interpretazio eta erabilpenak egitea erraztu du. Hala ere, eta kontuan hartuta koadroak oinarrian bonbardaketaren gertakari historikoa duela, antzezlanean ahalegina egiten da artefaktua gertakari historikoari berriro lotzeko eta koadroa bere jatorrian testuinguratzeko. Bestalde, aipagarria da Mikel Laboak Bertolt Brechten hitzekin grabatutako “Lilurarik ez” kantuaren presentzia antzezlanean. Gernika Batzordeak, izan ere, hainbatetan egin dio erreferentzia kantari “lilurarik ez”, “tronpatzerik ez” eta “kontsolatzerik ez” dagoela adieraziz. Emanaldia herriko hainbat eragileren arteko kolaborazioa izanik, kantak memoriaren aldeko esanahi kolektiboa bereganatzen du.    

    Herri antzerkiaren bideoa ikus daiteke hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Doroteo Zobaranen Gernika Garretan (2023) herri antzerkiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Herri antzerkiari informazio gehiago jaso zuen Busturialdeako Hitzak hemen: https://busturialdea.hitza.eus/2023/04/27/gernika-batzordea-otsoen-aurrean-sikatearen-aurka-lukurreriaren-kontra-memoriaren-etxea-defendatuko-dugu/ 2024an ospatu zen Gernika Garretan herri antzerkiaren gaineko kontsulta ere egin daiteke MHLIren datu-basean.

  • Gernikatik Palestinari, haritzetik olibondoari | Gernika-Palestina deialdi herritarra | 2023

    Titulua Gernikatik Palestinari, haritzetik olibondoari
    Egilea Gernika-Palestina deialdi herritarra
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Happening-a (hartzaileek parte hartzen dute)
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak EZ

    2023ko abenduaren 8an, ekitaldi bat egin zen Gernikan, non 1937ko bonbardaketaren eta Palestinaren genozidioaren arteko lotura ezarri zen. Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatuta, milaka pertsona bildu ziren Gernikako pasealekuan,  hain zuen, bonbardaketa gertatu zen lekuan, Palestinako bandera irudikatzen zuen mosaiko erraldoi bat osatzeko. Mosaiko horretan Picassoren Guernica koadroaren irudikapen bat ageri zen, Gernikan zein Gazan jasandako indarkeriaren sinbolo gisa.

    Ekitaldia isiltasun une batekin hasi zen eta ondoren sirena hotsak etorri ziren, Gernikako bonbardaketa eta Palestinako egungo erasoak gogora ekarriz. Gainera, musika zein hitzaldiak egon ziren eta Rafeed Ziadah ekintzaile palestinarraren poema bat irakurri zen, Gazako sufrimenduari erreferentzia egiten ziona. Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariek salaketa gogorrak egin zituzten Palestinako genozidioaren aurka eta justizia eskatu zuten. Era berean, Jon Maia bertsolariak idatzitako “Haritzatik olibondoari, Gernikatik Palestinari” testua irakurri zen hainbat hizkuntzatan, Gernikako eta Palestinako tragedien arteko paralelismoa ezartzen zuena.

    Ekitaldiak Picassoren Guernica sinbolismo handiko ikur gisa baliatu zuen 1937an hiriaren bonbardaketaren sufrimendu historikoa palestinarren genozidioarekin lotzeko xedearekin. Koadroaren irudikapen alegorikoaren bidez, ekimenak Gernikan jasandako indarkeria lehen lerrora ekartzeaz gain, Palestinako egungo zapalkuntza eta deshumanizazioa salatzen ditu. Picassoren lana erabiltzeak, gerraren minaren eta tragediaren sinbolo unibertsala dena, injustiziek denboran zehar izan duten jarraitutasuna nabarmentzen du. Margolanaren sinbologiak, sirenak eta “Haritzatik olibondoari, Gernikatik Palestinari” testua bezalako elementuekin batera, bi herri horien arteko lotura indartzen da eta indarkeriaren eta okupazioaren aurreko nazioarteko elkartasunerako deia ere egiten da.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2024). “Gernika-Palestina deialdi herritarraren «Gernikatik Palestinari, haritzetik olibondoari»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Iturria: https://www.berria.eus/euskal-herria/gernikatik-palestinari-eta-munduari_2117642_102.html

  • Para bellum | John Andueza | 2023

    Titulua Para bellum
    Egilea John Andueza
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri honetan bi familia dira protagonista nagusiak. Gerra Zibilak etsai bihurtuko ditu bi baserrietako semeak eta etsaigo hori ondorengoengan haziko da, herra kide guztiengan zabalduz.

    Gerra Zibilarekin lotuta, lubakietako egoera, alde bateko zein besteko erasoaldiak eta bonbardaketak aipatzen dira (ikus 24. orrialdea). Narratzaileak zeruan barrena Durangora eta Gernikara bidean doazen hegazkin frankistak aipatzen ditu, nahiz eta ez duen gehiago zehazten (ikus 29. orrialdea), beraz, Durangoko eta Gernikako bonbardaketak iradoki egiten dira.

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “John Anduezaren Para bellumi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • Elur gorrituaren egunak | Amaia Telleria, Laida Ruiz | 2023

    Titulua Elur gorrituaren egunak
    Egilea Amaia Telleria, Laida Ruiz
    Lekua Berriozar
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Komiki tankerako lan honek Gerra Zibilaren etorrerak familia euskaldun batean zein eragin duen erakusten du. Protagonistak Kondor Legioak eta Aviazione Legionariak Euskal Herrian egindako bonbardaketak aipatzen ditu eta horrekin batera, frankistek bonbardaketen gainean zabaldutako gezurra salatzen du, adieraziz gure herriak erre zituztenak ez zirela gorriak izan. Hauxe da aipua: “Kondor Legioa, Aviazione Legionaria. Gure herriak bonbardatu, erraustu zituztenak. Gero gorriak izan zirela esan bazuten ere, bagenekien guk zein izan ziren” (216. or.).

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Amaia Telleria eta Laida Ruizen Elur gorrituaren egunaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • Ni ez naiz Mikel Laboa | Harkaitz Cano, Joseba Larretxe, Unai Iturriaga | 2023

    Titulua Ni ez naiz Mikel Laboa
    Egilea Harkaitz Cano, Joseba Larretxe, Unai Iturriaga
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2023
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hiru egileren artean Mikel Laboa kantariaren biografia bat egin dute ohiko biografia moldeetatik ihesi, eleberri grafiko baten bitartez, alegia. Laboaren bizitza azaltzeaz gain, haren espiritu, aldarte eta umorea adierazi nahi zituzten eleberrian, horretarako, surrealismotik asko edan dute egileek, irudimen handiaren bitartez transmitituz Mikel Laboa izan zena. Autoreek bakoitzaren gogoan Mikel Laboa asko existitu direla diote, eta hori azaleratzen saiatzen dira komikiaren bitartez, bakoitzarentzat esan nahi zuena irudikatuz modu pertsonal batean, baina era berean, denek enpatizatuko zuten modu batean.

    Gernikak pisu berezia hartzen du nobela grafikoan. Izan ere, Laboatarren amak Lekeitio ingurutik alde egin zuen 36ko Gerra piztu zenean Donostiara seme-alabekin batera, eta ihesaldi hura irudikatzen da 51-54 orrialdeen bitartean: azkeneko orrialdean gerrako hegazkinak haien gainetik pasatzen dira eta salto kronologiko baten ondoren, 69. orrialdean, itzuli egiten da gerrako bizipenetara, dardarak eta leherketa soinuak irudikatuz. Laboak bi urte inguru besterik ez zituela bizitu zuen ihesaldi hura, eta urrunetik entzundako bonbardaketaren hotsak, dardarak eta inpresioak eraginda konposatu omen zuen “Gernika” kantua. Hori dela eta, komikiko pasarteaz gain, egileek Laboaren ihesaldi hura komikiarekin batera argitaratutako animaziozko bideo baten bidez ere transmititu nahi izan dute, literatura, ikus-entzunezkoa eta musika uztartuz.

    Aipatzekoa da sormen-lanak ekoizpen literario hutsa gaindi dezan nahiak gogora ekartzen duela Ez Dok Amairuren izaera. Beste alde batetik, Zumetaren Gernika koadroak hartzen du 75.orrialde osoa. Mikel Laboaren obraren baitan Zumetaren presentzia bera aipatu beharra dago, Laboaren diska askoren azalak Zumetak egin baitzituen. Koadroak, beraz, bi erreferentzia izan ditzake: batetik, bonbardaketako sufrimenduaren irudikapena, eta bestetik, Zumeta eta Laboaren arteko elkarlana.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Harkaitz Cano, Joseba Larretxe, Unai Iturriagaren Ni ez naiz Mikel Laboari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Desertuan behatxuloa | Anjel Lertxundi | 2022

    Titulua Desertuan behatxuloa
    Egilea Anjel Lertxundi
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Saiakera liburu honetan Lertxundik askotariko gaien gaineko hausnarketak biltzen ditu. Liburua hiru kapitulu edota atal nagusitan banatua egon arren, gai jakinen inguruko gogoeta laburrak bata bestearen atzetik jarriaz egituratzen da liburua, askotariko txatalak josiko balitu bezala. Besteren artean, pandemia, naturaren suntsiketa, laikotasuna, edota eutanasiaren gaineko hausnarketak mamitzen ditu Lertxundik orrialdez orrialde. Pandemiaren gaineko pentsamenduekin hasi, eta post scriptum gehituriko Ukrainako gerraren gainekoekin ixten da liburua. Aipagarriak dira artearen eta literaturaren gaineko bere gogoetak, eta ildo horretan, Theodor Adornoren aipu ezagunari jarraiki, Auschwitz ostean poesia idaztea egintza barbaroa ote den galdezka Picassoren Guernica koadroa aipagai du Lertxundik. Liburu osoan, behin bakarrik aipatzen du Picassoren koadroa, pasarte honetantxe:

    “Urteen joanak, baldarkeriarik latzena ere difuminatu egiten du oroitzapen ankerrenak ere lausotu gizartearen pertzepzioan (beste kontu bat da biktimen bihotzetan), eta, memoria sozialari eustekotan, egintza artistikoan berritzen da bereziki tragedia  ̶ Goyaren Gerraren desastreak, Picassoren Gernika, Berlingo Holocaust-Mahnmal ̶ , eta ez hainbeste historiaren datuetan. Eta urteen joanak tragedia zeharo arruntuko ez badu eta kontsumisten bilgune mediatiko bihurtu, betor erreakzio artistiko zinezko bat imajinazio aske arriskatu baten eskutik (ari naiz pro domo ere), zeren urteen joanak tragediaz genuen ikuspegia arruntzen du, des-indartzen, des-lotzen, des-ubikatzen, des-itxuratzen” (Lertxundi, 2022, 153).  

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Macropus kangurua” | Nerea Arrien | 2022

    Titulua “Macropus kangurua”
    Egilea Nerea Arrien
    Lekua Arre
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Zoonomia (2022) Nerea Arrien idazlearen lehen poema-liburua da, Xabier Lete VI. Poesia Saria irabazi ondotik argitaratu zena. Izenburua XVIII. mendean Erasmus Darwinek argitaratu zuen Zoonomia; or the Laws of Organic Life lanetik hartua duen liburua “piztiario pertsonal” (2022) gisa definitu zuen idazleak. Zientzia eta poesia uztartuz, animalia izenak dituzte testuotako izenburu guztiek ere, baina olerkiek ama ere baden emakume baten eguneroko bizitza dute hizpide.

    “Amaren zooa” ataleko “Macropus kangurua” poemaren gaia amatasuna da eta kanguru emeek kumeak gordetzeko duten sabeleko zorroaren irudia du ni-poetikoak abiapuntu. Testu honetan Picassoren Guernica koadroa aipatzen da, gainera. Ahots poetikoak alderatu egiten ditu gurasoen banantzeak dakarren ondorengo hondamena eta margolanak irudikatzen duen sarraskia; honela dio: «Haurtzaroa banatu genuen dibortzioaren egunean, / maitasuna aritmetikoki / geometrikoki gorrotora, saloiko gezurrezko Picassoan bezala. / Bat, zezenaren adarrekin geratu zen / bestea, bonbilaren distiraz» (2022, 39). Koadroaren bi elementu aipatu eta bien arteko kontrastea ezartzen du: zezenaren adarrak eta bonbila distiratsua; bata maitasunaren eta bestea gorrotoaren adierazle balira bezala. Zezenaren adarrak biolentziaren, patriarkatuaren edo iluntasunaren ikur irakurri daitezke; bonbilla, berriz, begirada etengabearen, zaintza betierekoaren eta argitasunaren adierazle dateke.

    Idazleak berak zioenez, Zoonomia (2022) lanarekin hori erakustea zuen helburu, hau da, «maila bereko espektakulu direla gerra bat eta ama batek egunerokotasunean bizi dezakeena, bigarrenak transzendentzia gabeko gauza dirudien arren» (2022).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Arrien, Nerea. 2022. «Artefaktua: Nerea Arrien [Elkarrizketatzailea: Ilaski Serrano]»: https://www.youtube.com/watch?v=7g8J_tL9u_4&t=729s

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Nerea Arrienen «Macropus kangurua» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Xabier Lete VI. Poesia Saria.

  • “Marta Harnecker-en liburua” | Iban Zaldua | 2022

    Titulua “Marta Harnecker-en liburua”
    Egilea Iban Zaldua
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Iban Zalduaren Ipuina engainua da (2022, Elkar) liburuko “Marta Harnecker-en liburua” ipuinean aita-alaben arteko elkarrizketa baino, belaunaldi gatazka ere azaleratzen den eztabaida politikoa bilakatzen da kontakizunaren muina.   

    Aitak politikagintzan aktiboki hartzen du parte eta bulegoan udaleko aurrekontuetarako lanean ari den bitartean, alabak liburutegiko apaletik ipuinaren izenburuan aipatzen den liburua hartu diola ohartzen da. Eta alaba etxera iristean, kafe baten bueltan hitz egiten hasiko dira. Horrela jakingo du irakurleak alabak gaztetxean Marxismoaren inguruko mintegian parte hartzen duela (hain zuen, mintegi horretan lantzeko hartu dio liburua aitari) eta iraultza komunistaren alde diharduela. Aldiz, iraganean aita atxilotu egin zutela eta kartzelatik pasatakoa dela ere argitzen da. Egun, ordea, politikagintzan dihardu eta une batetik aurrera, norberaren kontraesanak agerian gertatzen joango diren eztabaida politikoari ekiten diote. Era berean, amak 18 urte kartzelan daramatzala ere aipatzen da eta, ondotik, “ongi etorrien” inguruan hasiko dira eztabaida bizian.

    Ipuineko une batean, sukaldea deskribatzen da laburki, eta hor dakusagu Gernika artelanaren ekfrasia: “Gizonak begirada paseatu zuen sukaldeko hormatik: espezien potetxoetarako apalategia, Seaskako egutegia, Athleticeko posterra, Zumetaren Gernikaren erreprodukzioa. Naiara, sukaldeko mahaiaren gaineko pilatxotik goian zegoena hartu, eta Gararen ale baten orrialdeak pasatzen hasi zen, oharkabean bezala (Zaldua, 2022: 94).

    Ikus daitekeenez, ohiko sukalde baten deskribapena izateaz gain, irudikapen horretan objektu soil gisa agertzen diren elementuek karga sinboliko esanguratsua dute. Eta tartean agertzen da Zumetaren Gernika, Picassoren Gernika ez izan arren, Gernikako bonbardaketaren sarraskiaren kontrako aldarriaren irudikapen propioa.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Iban Zalduaren «Marta Harnecker-en liburua» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Beletxuria” | Bazka | 2022

    Titulua “Beletxuria”
    Egilea Bazka
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bazka taldeak 2021ean argitaratu zuen haien lehen diska: Basoaren ilunean dantza. Bederatzi kantek osatzen dute lana eta azkena da fitxa honetan landuko duguna: “Beletxuria”.

    Badok Euskal Musikaren atarian irakur daitekeenez, rock taldeak sinatzen ditu kanten hitzak eta musika ia denak, fitxa honetarako erabakitako “Beletxuria” kanta barne. Izenburuak berak deitzen digu atentzioa. Geure buruan belea irudikatzean kolore beltza etorri ohi zaigu, baina, kasu honetan, zuri kolorez deskribatu digute eta dena batera idatzita. Zeruan hegazti ezohikoren bat ikusi eta “bele txuri” deituko zion norbaitek, eta hala deitzen amaitu dute beste batzuek, izen propio bat bihurtzeraino kasik. Ahozkotasunari eta Gernikako bonbardaketan bertan egondako norbaitek esana dirudi.

    Metafora batekin hasten dute kanta Bazkako kideek, bonbak botatako hegazkinei zuri kolorea emanez eta hegazti batekin alderatuz. Bigarren pertsonan eta lehenaldian hitz egiten dute: “Zuen hegal ilunek / hiria apurtu zuten”. Hiria aipatzean Gernikaz ari dira, nahiz eta hasiera-hasieratik ez aipatu. “Ehun itzal” aipatzen dituzte jarraian, zerutik eroritako ehun bonbei buruz ari direla pentsa daiteke, itzala erabili dutela hasieran belea erabili duten arrazoi berberagatik.

    Metaforek hornitzen dute kantaren zatirik handiena: ilargia, lainoa, argia eta izarrak ageri dira: begiak dituzten lainoak, hildako argiak… Dena den, azpimarratzekoa da izarren metafora 8. eta 9. lerroetan: “Azken izarrak bere / buruaz beste egin zuen”. Bonba batekin alderatu dezakegu izarra, suzko biribil batekin… baina kasu honetan zeruko elementu guztiak herritarren gainera erori zirela deskribatzen du letrak, ilargiak, hodeiek eta izarrek ez zutela zeruan geratzerik izan.

    Jarraian, Gernika aipatzen dute taldekideek espreski: “Gernika erre zenuten” (10. lerroa), berriz ere lehenaldian eta bigarren pertsonan. Hiru aldiz erabiltzen da esaldi berbera: 10. lerroan, 12.ean eta 16. eta azken lerroan. “Gernika erre zenuten” esanez ixten du kantariak kanta eta baita diskoa bera ere, azken abestia baita.

    Retolazaren ideietara joz, bonbardaketaren errepresentazio desberdinen irakurketen artean, irakurketa identitarioa (2009) genuke Bazka taldearena. Euskal identitateari kantatzen diote, erasoa euskal identitateari egindakoa dela garbi utziz eta horretarako bigarren pertsona eta lehenaldia erabiliz kanta osoan zehar.

    Amaitzeko, azken ideia batek ongi borobiltzen du kantaren ideia: “Atzoa okertu nahi!” errepikatzen da bi aldiz azken estrofan. Atzoa edo gertaera historikoak, jada gertatutakoak, kontatzeko moduari egiten diote erreferentzia, nola kontatu atzoa? Nori entzun? Eta ondorioz, nondik eraiki memoria? 2021ean argitaratutako lana da hau, gaur egundik idatzitakoa eta horrek badu bere garrantzia. Retolazak ere, hainbat garaitako poemak aztertu ostean, honela ondorioztatzen du: “…/… balio sinboliko horrek nola bizirauten duen eta berrasmatzen den poesiaren bidez, egokituz garai berrietara, egokituz jendarte berrira, baina, betiere gertakari historikoen balio sinboliko eta kultural horri eutsiz” (2009: 1107). Gai baten inguruan idatzitako poema eta kanta askoren artean, “Beletxuri” da horietako bat, garai berrietara egokituta idatzia, baina “balio sinboliko eta kultural” batzuk mantenduz.

    Gainera, lehenaldian idazteak ematen dio herentzian jasotako zerbaiti kantatzearen kutsua. Gaur egungo talde batek era horretan kantatzen baitio Gernikan jazotakoari: entzundakotik. Hirsch-ek (2008) The Generation of Postmemory ideiarekin laburtzen du: Postmemoriaren bidez trauma kultural edo kolektibo baten lekuko izan zen belaunaldiaren ondorengo belaunaldiak ordura arte izandako esperientziekin duen erlazioa deskribatzen da. Esperientzia horiek “gogoratzen” dituzte, hazi zirenen istorio, irudi eta portaeren bidez. (Hirsch 2008 :106).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/hezurbeltzak/hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/07/09]

    Hirsch, Marianne (2008). «The Generation of Postmemory», Poetics Today 29:1.

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Kantaren transkribaketa

    “Beletxuria”

    Zuen hegal ilunek

    hiria apurtu zuten.

    Ehun itzal erortzen.

    Ehun itzal erortzen ziren.

    Ilargiaren zain zeuden.

    Lainoaren begiek

    argiak hil zituzten.

    Azken izarrak bere

    buruaz beste egin zuen.

    Gernika erre zenuten.

    Beleak begiak beltzten.

    Gernika erre zenuten.

    Atzoa okertu nahi!!!

    Zuen hegal ilunek

    Atzoa okertu nahi.

    Gernika erre zuten.

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Bazka taldearen «Beletxuria» abestiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Munstroa” | Goiatz Labandibar | 2022

    Titulua “Munstroa”
    Egilea Goiatz Labandibar
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hogeita bat dira Amez ipuin-liburua osatzen duten ipuinak. Beraien artean ustezko lotura zuzenik ez duten hauetan, bada hertsiki lotzen dituzten motiboa: bertako protagonistak emakumeak dira, eta gainera, guztiak dira ama. Haatik, pasarte hauetan, mundu mailan ezagunak egin diren emakumeen erreferentziak zein zitazioak egiten dira, emakumeak nozitzen dituenak munduko edozein emakumeek uler eta senti ditzaten. Honela, ipuin desberdinen bitartez, amatasunaren inguruko hamaika gertakizun, uste, pentsamendu, zalantza, sufrimendu, entzun-behar, eginbehar… kontatzen zaizkigu: Ama perfektuaren ideiarekin hasiz, badirudi zenbaiten ustez perfektua izatea eta guztia ematea (baita “askatasun” guztia ere “Katarsia”n aipatzen denez) lotuta daudela, eta horregatik, seme-alabei beharrezkoa eta gehiago ematen ahalegintzen diren amak (edo gurasoak) daude, honela beste amak perfektutasun hartatik urrunduz. Perfektutasun hori lortzeko, mila gauza egin eta mila gauzaz arduratu behar duten amak daude, eta horixe adierazten digu “Odisea”ko amak inolako puntuazio markarik eta erritmo biziz narratuz. Perfektua denak, gainera, ezin ditzake zenbait gauza egin eta esan eta horrekin hausten du “Perfektua”ko protagonistak, zeren eta, abortatzeaz gain, askatasun eta naturaltasun guztiz kontatzen baitu abortuarena. “D eguna” izenekoan, badirudi amek ezin dezaketela etxea denbora batez utzi nahiz eta alde batean uztearen arrazoi hori lana izan. Bertan, bizi duina izateko bi d (dirua eta denbora) behar direla aldarrikatzen da. Protagonistak lehena lortzeko asmoz, etxetik aldendu eta bere ametsari jarraitu dio. Horretarako, denboraldi labur baterako umeak aitaren eskuetan utzi baditu ere, badirudi gaizki dagoela egiten ari dena, baina ez da horrela, zeren eta etxekoei behingoagatik kasu ez egiteagatik errudun sentitu nahi badu ere ezin du (85. or). Antza denez, amek ezin dezakete umeen ardura utzi, ezta ezer txarrik esan horren inguruan, baina amatasunak ere energia guztia xurga dezake (35.or) “Nobel saridun baten amarekin elkarrizketa laburra” ipuinean gertatzen den gisa. Etxekoak zaintzearen ardura bera sentitzen du “Pezeta 1” ipuineko amak, baina gizonaren jarreraren aurrean, nahi duena egiteari ezin uko egin. “Kanpokoak” deiturikoak gizarteko “bestea” izatea zer den eta horregatik, “besteak” entzun eta jasan beharreko jarrera arrazistak narratzen ditu. Ildo beretik doa “Urtebetetze festa”ko protagonistetako batek jasaten duena. Hau ere etorkina izanik dena atzean utzi behar izan du eta ezinezkoa zaio bizitza “perfektua” eskaintzea alabari. Emakume etorkinek beraien herrialdean titulazioa izanagatik ere, bertan titulu hori baliogabetu egiten zaie eta ondorioz, diru-sari eskaseko lanetan jardun behar dute. Honela, zaintza-lanak egiten dituzte, “beltxaran merke” izanik eta izan zitzaketen ametsak hilik (19. or.). Edozein amak egiten du bere seme-alabentzat onena den hori (18. or.), baina batzuetan hoberena lortzeko beraren seme-alabak arriskuan jartzeko aukera ausarta ere hartu beharra dute zenbait amek, “Hondartza garaiak” eta “Labeak” pasarteko amen kasu. Hauen antzera, badira mundu mailako gatazken ondorioz erabakiak hartu behar izan dituzten amak eta ondorioz, exiliatu egin behar izan zutenak (“Desagertuak” eta “Antonina”). Badira amatasunaren inguruan aholkuak eman eta aholku horiek jarraitzen ez dituzten emakumeak (“Nikotina”), edo eskatu gabe besterik gabe beraien iritzia ematen dutenak zeren ama guztiek badute zer esana (“Hortzak”), baita sexu-gosez bizi direnak ere (“Leireren potota”). Ama izan nahi eta amets hori ezin bete izan dutenen zantzua ere badugu “Zu” eta “Pisukideak” ipuinetan; era berean ama izan eta ekografia ikustearen emozioa tomate-landareari lehen fruitua ikustearekin alderatzen duena ere (“Tomategintza”). Goi-mailako gizonek emakume ederrena nahi dutenaren topikoa ere jasaten du “Maitasun istorio bat”eko emakumeak, hasieran ederra zelako baitzegoen bere gizonarekin, eta edertasuna galtzean edo edertasun horretaz aspertzean, beste emakume ederrago batekin ordezkatzen baitu. Azkenik, literatura klasikoan emakumeek izan duten irudi negatiboa aipatu beharko genuke. Emakumea gaiztoa zen, ederra askotan, baina botererik gabea (nahiz eta boteregunetik hurbil egon) (120.or). Emakumeak panpina hutsak baino ez ziren gizonentzat, eta gizonik gabeko emakumeetan ere beti azaltzen zen gizonezkoren bat emakumeen bizitzetan agintzeko. Gainera, gizonak ez ziren emakumeen etsaiak soilik, gizonak beti ahalegindu zirelako emakumeak haien artean etsaitzen (124. or).

    Emakumearen zeregina ondorengoa erditzea zen, eta erditzean bera zaintzea. Ondorengoak edozein arazo bazuen, emakumearen ondorioz izango zen, bera baitzen “Mounstroa” sortzeko gauza den bakarra. “Munstroa” izeneko ipuinean, beraz, Neron enperadorearen amak, hau da, Iulia Agripinak (Agripina Gaztea bezala ezagunagoa) hitz egiten du narratzaile autodiegetikoaren bitartez. Emakumeek Historian haien bizipenak kontatzeko ahotsik izan ez dutela salatzen du, Antzinako erromatar garaitik XX. menderaino. Iulia Agripinari, izan ere, haren semeak gauzatutako basakeriak egotzi zaizkio, ama manipulatzaile eta semearen desioak zuzentzen dituen emakume maltzur gisa irudikatuz. “Agirpinaren konplexua” izeneko termino psikologikoa ere jaio zen pertsonaia historiko femenino honen emaitza gisa, seme-alaben bizitzan gehiegi parte hartzen duten amak deskribatzeko. Tonu ironikoa sumatzen zaio ipuinari, eta ahaldundutako emakume indarstu batek hitz egiten duela badirudi ere, irakurlea kontziente da historian zehar nola tratatu zaien bera bezalako emakumeei; alegia, erotzat eta manipulatzailetzat jo izan dira begirada misoginoak hala aginduta. Ideia honen zabaltzaileak, historia idatzi dutenak izan dira, hots, garaile gizonezkoak, hauek beti egin baitituzte amak beraien semeek egindako ankerkeria eta txarkeria guztien erantzule (124. or); honela, Erromari su eman ziotenak, Gernika, Dresden edo Hiroshima bonbardatu zituztenak edo Bamiyango budak leherrarazi zituztenak emakumeak litezke: “Gu izan bagina bezala Erromari su eman genionak, Gernika, Dresden edo Hiroshima bonbardatu genituenak edo Bamiyango budak leherrarazi genituenak: historiak ez ditu amak maite. Ez digu deus ere barkatzen” (124.orr). Bonbardaketaren auziak badu zeresana honetan. XX. mendeko mugimendu faxistak indarra hartu ahala, oztopo izan zitezkeenak kendu nahi izan zituzten bidetik. Honela, modu eraginkor eta azkarrean, ordurarte ikusi eta imajinatu ere ezin ziren sarraskiak egin zituzten. Alde batetik, sortuak zituzten armak funtzionatzen zutela frogatzen zuten; bestetik, armen eraginkortasuna bermatu nahi zuten. Honen emaitza da Gernika 1937ko apirilaren 26an alemaniarrek suntsiketa eta gerrarako entsegu gisa erabili izana. Gauzak honela, biztanleria zibilaren aurkako izuaren bidezko lehen erasoak areagotu egin ziren Bigarren Mundu Gerra lehertzean. Hegazkin bitarteko lehergailuak indarra hartu, eta ugariak izan ziren Gernikaren antzera suntsituak geratu ziren herriak: honen adibide dugu Dresden, Bigarren Mundu Gerrako oroimen gune nagusietako bat. “Moustroak” berdinak ez izanagatik ere, bietan biktimak berberak dira, herria eta herritarrak, baina baita biktimarioak ere (gizonak). Gisa honetako sarraskiak gauzatzeko baliabide nahikoa bazuten ere, Bigarren Mundu Gerraren azken arnasetan, aplikazio militar berria erabili zen: lehenengoz zein azkenekoz bonba nuklearra erabili zen Hiroshiman. Hondamendi hauek memoria kolektiboan bizirik iraun dute, eta iraungo dute, hiriaren eta gizakiaren erabateko suntsipenak gizakiaren memorian lekua baitu. Ipuin honek, beraz, amek historian izan duten lekua aldarrikatu, eta era berean, salatzen du, egotzi zaien erantzukizun eta rol amatiarrari men eginez. Azkenik, hausnarketa metalinguistiko batek ematen dio amaiera ipuin liburuari “Errimak” izeneko atalean. Amatasuna ez da lan erraza eta horixe bera ikus dezakegu amaren “errimak” aintzat hartzen baditugu, izan ere, amak drama, zama, amatatu eta amaitu-rekin errimatzen du, aitak, aldiz, maitasunarekin. Liburua ardazten duen amatasunari buruzko hausnarketa eta gatazkak azaleratzen dira amaierako pasarte honetan eta kontatutako dena hizkuntza bera eztabaidagai bihurtuz laburbiltzen du Labandibarrek.

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Goiatz Labandibarrenen «Munstroa» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Pantxike Larrazabal” | Maitane Azurmendi | 2022

    Titulua “Pantxike Larrazabal”
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Ortuella
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ilustrazioak, Marrazkia
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Maitane Azurmendiren Azken bidaia ilustrazio-liburuaren muinean daude Gernikako bonbardaketa zein Picassoren Gernika gogora ekartzeko desira eta, hein batean, premia. Artistak berak (2022) esatera, obsesioz, behin eta berriz, birziklatu, zitatu eta eguneratzen du gizarte garaikideen Eszena Tragikoa bilakatu den (Timothy J. Clarken, 2021) Gernika; agorrezina dirudien irudia, noiznahi eta nonahi berragertzen dena. Are, Azurmendik hainbatetan aitortu du, bere ibilbide artistiko osoaren nukleoa dela 3 metrotik gora luze eta ia 8 metro zabal den mihise erraldoia. Etengabe berridazten eta gaurkotzen du Gernika, teknika mailan ez ezik (marrazkia gailentzen da bere obran), baita maila formal, ikonografiko eta plastikoan ere. Aipagarriak dira, hala nola, argiaren trataera —suaren isla—, kolore neutroetara eta grisaillera joz argi-ilunak sortzeko joera, konposizioa eta espazioaren trataera —logela kubistaren etena (Clark, 2021)—, Gernikako elementu ikonografiko-sinbolikoen proiekzioa —dela figura antropomorfikoena (tartean, pietatearena edo haur hilaren gorpua magalean duen amarena; amen altzoek soilik kontsola bide dezaketen gizatasunik gabeko gizateria, alegia), dela figura zoomorfikoena—, dela objektuena —kriseiluak, etab.—. Esan gabe doa, horrek ez duela esan nahi, Azurmendi Picassoren Gernikaren erregistro plastikora mugatzen denik; ostera, erro horri eutsiagatik, ekarpen propioak, geruzak, gehitzen dizkion marrazteko moldea du. Azken bidaian, presentzia nabarmena du, kasurako, hondo grisa zipriztintzen duen (eta, kasu batzuetan, orriei gain hartzen dien) kolore gorriak; bai suaren, bai odolaren adierazle gisa. Horrez gain, material eta teknikei erreparatuz gero, Azurmendi jantzi-disenatzailea ere badenez gero, berak jositako soinekoetara ere ekarri ditu Gernika koadroko elementu ikonografikoak.

    Deigarria da Gernikak Azurmendiren obran duen zama, metaforikoki zein literalki, islatzen duen Azken bidaiaren azala: bihotz anatomiko baten baitan sartutako Gernika ageria da paratestuetan, gorputzean odola barreiatzen duen organo haragitsu horren paretetara egokitutako Gernika. Artistak, 2023an, ilustrazio-liburuaren ondotik egindako (izenburu bereko) erakusketaren harira, hauxe azpimarratu zuen: «Gernikaren bihotza bonbardaketaren urteurren batean jaio zen, urtero egun horretan zerbait berezia egin nahi izaten dudalako. Nire bihotza da. Beti egiten dut bihotzaren alde, tarteka bizitzak kolpeak eman arren. Leku pila batean ikusi dut; jendeak haren tatuaje bat egin duela ere entzun dut» (Azurmendi apud Insausti, 2024).

    Haurtzaroko bizipen jakin batekin erlazionatzen du, artistak, Picassoren Gernikak bere gogoan (hasiera batean, agian, esperientzia estetiko hutsez, eta gerora, ziur asko, kultur oroimen, iruditeria kolektibo zein literatura artistikoaren bitartez) utzitako lehen marka. Hain justu, bizipen hori haragitzen du azterkizun den ilustrazioak: 36ko gerra bizi izan zuen bere amona Pantxike Larrazabalen busto edo bularrerainoko erretratuak. Liburuan bertan, erretratuaren segidako (zenbakitu gabeko) orrialdean dio, amonaren josteko gelako horman eskegita ikusi zuela lehen aldiz Gernika koadroaren erreprodukzio bat, —seguruenik, tamaina txikikoa eta, grisa baino, sepia kolorekoa izango zena—, eta lehen kolpe horretan hartutako zirrarak baldintzatu dituela hura arakatzeko jakin-mina eta grina; denboraren poderioz hazitakoa.

    Erreproduzigarritasun teknikoaren aroan, Walter Benjaminek, jada 36an, azaldu bezala, «sakralizazioa», «aura» eta kideko kontzeptuak, zeharo aldatu diren arren, esanguratsua da Euskal Herriko etxe gehienetan badagoela, Pantxike Larrazabalen josteko gelako Gernikaren pareko eskala txikiko kopiaren bat. Esan nahi da, ikono erlijiosoen pare, ezin konta ahala aldiz erreproduzitu dela Picassoren mihisea Bigarren Mundu Gerratik aurrera: hasieran (nabarmen), diktadura frankistaren eta 36ko gerraren ondotik lehertutako beste gerra batzuen (Vietnamgoa, adibidez) aurkako protesta-ikur boteretsutzat, eta aurrerago, baita pop artearen eta kontsumo gizarteen salgai edo produktu lauso eta desitxuratu modura ere (Cueto, 2017, 31. or.). Euskal literaturako adibide bat jartzearren, Eider Rodriguezen “Bihotz Handiegia” (BH, 2017) ipuineko Ramonen sukalde-egongelan, Picassorenean oinarritutako Zumetaren Gernika (1999) koadroaren erreprodukzio bat dagoela aipatzen da, pertsonaiaren etxeko dekorazioari, klaseari, eta, frantsestua izanagatik, bere jatorri euskaldunari edota iragan hurbilaren oroimenari eusteko desirei lotuta, besteak beste—.

    Adierazgarria da, ildo beretik, zenbait ikerlarik (Chihaia eta Henningfeld, 2020; Manterola, 2023) Picassoren Gernikari «ikono moderno» izendatu izana, bai eta haren iruzkin historiko-artistikoa gauzatzean erabilitako «sinestesiko» adjektiboa ere. Azken kontzeptu horrek gogora ekar dezake (IV. mendean edo lehenago sortutako) jatorrizko eikon (εικών) bizantziarren bereizgarri nagusienetakoa den «esperientzia sinestesikoa» —zentzumen guztiak aldiberekotasunez piztea funtsezkoa delako, fededunen irudiko, «agerraldi jainkotiarra» gerta dadin; hortik ikonoen working images, «irudi-bizi» edo lurraren eta zeruaren arteko bitartekari izaera eta funtzioak— (Cormack, 2014, 19. or.). Esanguratsuak dira, halaber, Jorge Oteizak Gernika definitzean «ukituz gero, odola dario» metafora erabili izana (irudia bizirik balego bezala) edota Frank Gehry arkitekoak, Bilboko Guggenheim museoa diseinatzen ari zela, hura Gernikarentzako «santutegia» izango zela adierazi izana (Zulaika, 2023). Hori gutxi ez eta, Elena Cuetok (2017, 496. or.), euskal gizartearen oroimen gune edo gertakizun-sinbolo nagusia den Gernik(ar)en barne-etena (Zulaika, 2023) azaltzean, «errebelazio» terminoa darabil, eta, dio, gerrak markatutako leku-izenak geografia jakin bat izendatzeari utzi ostean, zeinu errebelatzaile esanguratsu bilakatu dela.

    Hartan, Azurmendik, ilustrazio-liburu osoan zehar, Gernika Gernikara (Bizkaiko herrira) ekartzeko aldarriarekin batera, Cuetok (2017) azpimarratu bezala, Picassoren koadroaren dimentsio alegorikoak, maiz, irentsi edo eklipsatzen duen koadroaren dimentsio historikoa nabarmentzen du; hots, mihiseak irudikatzen duen eta haren erroan dagoen gertaera historiko erreala: 37ko apirilaren 26ko izu-bonbardaketa. Gogoan hartzekoa da Gernikako bonbardaketa XX. mendeko gezur nabarmenetako bat izan zela, eta artean, gutxi-asko, indarrean dagoela sarraskia burutu zuten hiru diktadurek bultzatutako desmemoriaren ondorio den erredukzionismoa (Irujo, 2017). Alde horretatik begiratuz gero, azterkizun den ilustrazioak, Euskal Herriko oroimen-habitatuaren-eramaile litzatekeen Larrazabal amonaren (36ko gerraren lekuko zuzena izan baitzen) eta postmemoriaren belaunaldikoa litzatekeen Azurmendiren (iragan traumatikoa oroimenaren beste bide batzuetatik jaso baitu) arteko transmisioa eta etenak ere islatzen ditu. Izan ere, «belaunaldi isil, mutuaren» (Torrealdai, 2000) eta (gehienbat) 90etatik aurrerako belaunaldi berriek, marko historiko-politiko-kultural garaikideak ahalbidetuta, iragana berrikusteko eta isilune edo hutsune horiei guztiei hitza emateko hartutako ardura; hala nola, memoria polifonikoaren izenean (Olaziregi eta Otaegi, 2011; Elizalde, 2016). “Pantxike Larrazabal” izeneko ilustrazioan, artistak bere amona omentzeaz bat, iragan hurbilari eta haren inguruan eraiki den kultur oroimen androzentrikoari lotuta, dagokion agentzia aitortzen diola esan daiteke. Alegia, ekfrasi feministek egin ohi duten eran, ikusezina dena iruditara ekartzen du (Collins, 2019).

    Hortik aurrera, harrigarria da, eta Gernikaz ezin konta ahala bibliografia argitaratu bada ere, oraindik ez dago argi, zer dela bide jarraitzen ote dugun koadro hori gurtzen, ez bakarrik Mendebaldean baizik mundu mailan eta orotariko testuingurutan, gainera; sarri heriotz bidegabeen eta giza sufrimenduaren ikur gisa. Izan ere, nondik nora bilakatu da Picassoren Gernika, alde batera, genozidio garaikideen aurkako protesta ikur «sakratu», baina, bestera, desmemoriaren eta arte merkatu basatiaren mirabe? Sobera ezaguna da Picasso tratu txarren emailea izan zela; hala eta guztiz ere, Gernika ez da, egundo, zeharo zaharkitua, dudazkoa eta baztertzailea den mendebaldeko artearen historia kanonikoaren bigarren planora pasa. Are, kontrara, Clarkek (2021) eta beste zenbait arte historialarik aurreikusten dute, Gernika ez dela hilko. Zergatik ote? Galdera horrek ematen du bazka ikertzen jarraitzeko Gernik(ar)en, edo trauma historikoaren, birsemantizazio eta eguneratze transmedialak, datu-base honetan bilduko direnak, hain zuzen ere.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Maitane Azurmendiren «Pantxike Larrazabal» ilustrazioari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    2023ko maiatzaren 22an, Azken bidaia erakusketaren harira, Guernica Gernikara egitasmoak artistari egindako elkarrizketa.

    Gernikako kultur etxean, 2023ko apirilaren 20tik maiatzaren 16ra arte ikusgai egon zen izenburu bereko erakusketa.

  • “Dora Maar” | Maitane Azurmendi | 2022

    Titulua “Dora Maar”
    Egilea Maitane Azurmendi
    Lekua Ortuella
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak, Literatura
    Azpigeneroa Ilustrazioak, Marrazkia
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Henrietta Theodora Markovitch (1907-1997) da, Maitane Azurmendik, Gernik(ar)en inguruan jositako Azken bidaia (2022) ilustrazio-liburuan, zigarreta bat erretzen, ilea jasota eta albo batera begira erretratatu duen artista. Ilustrazio-sorta horrek Gernika koadroaren testuinguru historiko-artistikoa jasotzen duenez gero (Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak —astelehen hartako azokarenak, adibidez— zein mihisearen historia materialari lotutako ekfrasiak), Dora Maar erretratatzea, Picassoren itzalak ezaba dezakeen artista surrealistaren obra omendu eta aitortzeko modua ere bada. Izan ere, XX. mendeko bigarren erdiko Artearen Historia hegemonikoak bere ibilbide artistikoa bazterrean utzi zuen; batetik, bere garaian nazioartean erakutsitako artelanak ahaztera bultzatuz, eta, bestetik, bere izen-abizenak Picassok sortutako irudi desitxuratuaren —emakume negarti eta burutik egindakoa— kate motzera lotuz. Beraz, arte historialari feministek (besteak beste) egindako berreskuratze-lanei esker, Dora Maarren artelan plastiko eta literarioek, pixkanaka bada ere, (atzera) merezi duten aitortza jasotzen ari diren seinalea ere  bada azterkizun den marrazkia (Rodríguez, 2023, 55. or.).

    Henrietta Theodora Markovitchek, 20ko hamarkadaren bigarren erdian, Dora Maar ezizena atxiki eta pintura ikasteari ekin zion hainbat eskola eta akademietan, tartean, Pariseko l’École des Arts Décoratifs, Académie de Passy eta Académie Julienen. Ordea, arte-hezkuntza akademizista horrekin asetu ez, eta, André Lhoteren kubistaren eskolara egin zuen jauzi; bertan ezagutu zuen Henri Cartier-Bresson. Cartier-Bresson eta biak, pinturaz gain argazkilaritza ikasteko helburuz, l’École de Photographien eman zuten izena. 30eko lehen urteetan, laguna zuen Pierre Kéferrekin batera argazkilaritza-estudio bat ireki zuen Neuillyn. Argazkilari gisa jarduteaz gain, talde surrealistara gerturatu zen Maar, eta hainbat artistentzat posatu zuen, adibidez, Man Rayrentzat. 1932tik aurrera, politikoki erradikalizatzeari ekin zion artistak; alderdi politiko jakin batera egundo ez estekatuagatik, (hala nola) Contre-Attaque (Georges Bataille eta André Bretonek sortutako) taldean militatu zuen. 1934an, koska bat estutu zuen ezkerrarekin zuen konpromezu politikoa: bat egin zuen faxismoen gorakadaren kontrako Intelektualen Borrokarako Deiarekin. 1935-36 artean, parte hartu zuen talde surrealistak antolatutako hainbat erakusketatan eta Europan nahiz Estatu Batuetan egon ziren erakusgai bere artelanak (Tenenbaum, 2023, 160.-161. or.).

    1936an, Parisen, talde surrealistaren ohiko bilkura lekua zen Les Deux Magots kafetegian, Paul Éluardekin eta Picassorekin egin zuen topo. Handik gutxira hasi zen Picassorekin ibiltzen eta ia hamarkada batez egon ziren elkarrekin. Iturri historiografikoek erakusten duten antzera, harremanaren aurreneko urteetan, sakoneko eragina izan zuten Maarren pentsamendu poetiko eta politikoek Picassorengan: behin eta berriz zitatu ohi zituen Maarren hitzak. Are, 37ko Erakusketa Unibertsalean espainiar Errepublika errepresentatuko zuen mihise erraldoia sortzeko enkargua jaso zuenean, (bera dudetan eta ezezkotan zebilen horretan), antza, Maarrek proposatu zion gertatu berri zen Gernikako bonbardaketa pinta zezan (Tenenbaum, 2023, 161. or.). Ismael Manterolaren (2023) hipotesia gogoan, Picassok, eskari hura jaso berritan, zera pentsatuko zuen bere artean: ‘nola ekarri historia pintura XX. mendera? ba ote halakorik XX. mendean?’. Picassok, ordura arte, ez zuen egundo «arte sozialik» egin (Cueto, 2017, 29. or.). Francoren ametsa eta gezurra (1937) —Gernikako elementu ikonografiko ugari biltzen dituen komiki-zinta itxurako akuaforte satirikoa— jo liteke Picassok historiari lotuta egindako lehen ariketatzat. Hortik, 37ko maiatzaren 1ean, Parisen, Gernikako bonbardaketa salatzeko egindako manifestazio jendetsuek bainoago, batez ere Dora Maarren konpromezu politikoak harengan izan zuen eraginaren neurria. Ordezkari errepublikarrek egindako eskaria onartzeak, hain zuzen ere, ordura arte ia batere jorratu gabeko eremu batean (publikoa, politikoa, eskala handikoa, heroikoa eta errukitsua), hots, historia pinturan sartzea esan nahi zuen. Bestela esanda, Picassok ba ote zeukan 36an estatu-kolpe faxistak leherrarazitako gerra, publikoki eta “handira”, irudikatzeko aurrez landutako tresnarik? (Clark, 2017, 251. or.).

    20etatik aurrera, Picassoren ohiko gai piktorikoak bihurtu ziren izua, izugarrikeria eta patetismoa; baita indarkeria, munstrokeria, estasia, mendekua edota ezinikusia ere, batik bat —Timothy J. Clarken (2017) irudiko— Hiru dantzariak (1925) olio-pinturatik aurrera. Are, Gernika sortu aurreko hamar urteetan, Picasso «munstrokeriaren artista» izan zela dio arte historialariak. Ez hori bakarrik, gogoan hartzekoa da 32tik 36ra krisi-artistikoa izan zuela Picassok, eta hilabeteetan egon zela ezertxo ere pintatu gabe; Gernika, hortaz, alde horretatik ere, esnatzearen pareko izan zen eta horretarako erabakigarria izan zen Maarren sostengua (Clark, 2017, 252. or.; Manterola, 2023). Picassoren obran, sarri, bat egiten dute izugarrikeriak eta deshumanizatutako sexu-eszenek: horretaz jabetzeko aski da Maraten heriotza koadroa (1934) ikustea, adibidez. Ordea, halako gaiak islatzen dituzten artelanetan ez dago tragediarik; figurek ez dute «jarrera tragikorik», ezta hurrik eman ere. Picassok emakumetzat irakurritako gorputzei —tartean, Maarri— esleitutako rola, oro har, biktima pasiboarena da; eskubidedun subjektu politikotzat baino, objektutzat irudikatzen zituen. 1937ko maiatzaren 1aren bezperetan, alegia, Gernikari ekitean, Picasso ez zegoen, beraz, Eszena Tragikoa bilakatu den koadroa sortzeko batere prest (Clark, 2017, 22. or.). Eszena Tragikoa gizajendeak heriotzarekin eta zaurgarritasunarekin topo egiten, eta horiek aitortzen dituzten, une existentzialaren irudia litzateke; beranduegi heldu izanak ezaugarritzen duen eszena da, ohartze hori gertatzean, jende babesgabea, jada, hilurrean, heriotz bidegabeen mende dagoelako (Clark, 2021).

    Maarrek, hain erabakigarria izan zen Gernikako bonbardaketaren gaia proposatu ez ezik, hura pintatu ahal izateko estudioa bilatu, Gernika mihise erraldoiaren sormen-prozesua osorik fotografiatu, Picassori babesa eman, eta haren sormen-prozesuan, zuzenean ere, esku hartu zuen tarteka —intzirika ari den zaldiaren adatsa marraztu zuen, besteak beste— (Combalía apud Rodríguez, 2023, 55. or.). Maarrek prozesu artistikoaren inguruan gauzatutako argazki bidezko dokumentazio-lana, artearen historiako lehenengotako (ezpada lehendabiziko) kasua da, gainera (García et al., 2021, 16. or.). Hamarretik gora argazki atera zizkion, guztira, Gernikari: bederatzik osorik erakusten dute koadroa; pare batek, aldiz, Picasso lanean ari dela, eta bada zaldiaren burua gertutik erakusten duen argazki bat ere (Clark, 2013, 262. or.). Maarrek Picassorentzat, Gernika pintatzeko, alokatu zuen Rue des Grands-Augustins 7.eko eraikineko azken solairu hura, (artista andaluziarra Honoré de Balzacen Maisulan ezezagunaren (1831) gertalekua zela sinetsita omen bazegoen ere), Contre-Attaque taldearen bilera lekua izandakoa zen; hortik ezagutzen zuen Maarrek (Clarck, 2013, 242.-243. or.).

    40etan, Pariseko okupazio nazia tarteko, Maarrek pasaporte jugoslaviarra atera behar izan zuen bere jatorri ez-judutarra egiaztatzeko, zeren judutarra ez izanagatik, bere abizen kroaziarra susmagarria zen nazionalsozialismoarentzat. 42an, ama hil zizaion kolpetik. Galera horrek ez ezik, soldadu alemanek Picassoren etxean behin baino gehiagotan egindako sarekadek, eta Picassok emandako tratu txar fisiko zein psikologikoek, osasun mentala higatu zioten, harik eta krisialdiak izaten hasi zen arte. Bere borondatearen kontra, Picassok, klinika psikiatriko batean sartu zuen Maar, eta elektrotxokeko terapia jaso zuen. Éluardek, Marrez kezkatuta, klinikatik ateratzen lagundu eta Jaque Lacan psikoanalistarekin jarri zuen harremanetan; 1945eko maiatz bukaeratik ekain erdialdera arte, haren klinika pribatuan ospitaleratu zuten Maar. 40ko hamarkadako bigarren erdia bere kasa igaro zuen Rue de Savoieko etxean; talde surrealistak bizkar eman zion. Maarrek lagunarte surrealistatik eta, oro har, bikotekide ohiarekin erlaziona zezakeen edozeinengandik aparteko hartu-emanak josteko ahaleginak egin zituen (Tenenbaum, 2023, 162. or.).

    60 urte baino gehiago eskaini zizkion pinturari, eta beste hainbeste jorratu zuen argazkilaritzan izandako bilakaeraren ispilu dira, konparaziorako, 60etan, polaroidari esker aurrenekoz koloretan egindako argazkiak edo, 80etan, 30etako negatiboetatik abiatuta sortu zituen fotomuntatzeak (Tenenbaum, 2023, 162. or.). Horrez gain, literatura ere egin zuen; batik bat poesia idatzi zuen.

    Dora Maar behin eta berriz saiatu zen bikotekide ohiak bere gainean ehundutako gezur sarea askatzen, irudi desitxuratu eta deshumanizante hartatik libratzen: Picassok emakume negartitzat, aurpegia ia beti malkotan zuela, machine à souffrirtzat ekarri zuen iruditara Maar; estigma hura koadroetatik kanpo ere zabaldu zuen, lagunartean Maarrez gaizki esaka aritu eta emakume zoratutzat jotzean (Tenenbaum, 2023, 162. or.; Clark, 2013, 262. or.). Hain justu, azterkizun den Azken bidaia ilustrazio-bilduman, bada ilustrazio bat, Picasso bera —pintura beltzean bustitako pintzel finez— Dora Maar zirriborratzen azaltzen dena. Horrekin lotuta, badira Gernikako pietatea (bidegabeki galdu berri duen haur hilaren gorpua magalean duen amaren figura, Gernikan, lehen aldiz, kristau tradiziotik maila profanora ekarria) Maarrekin erlazionatzen dutenak. Doluaren Mendebaldeko gramatika kulturalaren parte den pietatea osatzen duten bi gorputzetatik erabakigarriena, kristau ikonografian Ama Doloretakoari dagokion lekua, Maarrek beteko balu bezala. Hildakoak errukia merezi duela azpimarratu eta hura balioesten duen negar-egileak bermatzen ditu (hortik erabakigarritasuna) ume hilaren dolu kolektiboa eta kultur oroimena. 36ko gerra eta Gernika ezkero, pietatea euskal gatazkekin uztartuta berridatzi (birsemantizatu) duten euskal arte adierazpenen bilakaera aztertu duen Amaia Elizaldek (2019), Judith Butlerren hitzak gogoan hartuta, nabarmendu antzera, gorputzei bizi diren artean balio bera aitortzen ez zaien gisa beran, hil ostean ere, gorputz guztiek ez dituzte dolua eta oroimena maila berean jasotzen. Esandakoari lotuta, gerra garaiotan, gizateriaren erdia, naturaz, beste erdia baino baketsu eta zaurgarriagoa den uste ontologikoak errepikatu ordez, ikusi beharko litzateke, zer nolako bilakaera izaten duen generoak, botere-egiturekin (eta, haietan zehar), gurutzatu eta forma hartu ahala. Alegia, argitu beharko litzateke,  marko soziohistorikoen araberako genero-hitzarmenek zergatik handitzen dituzten gizaki batzuen zaurgarritasunak eta, aldiz, gutxitzen beste gizaki batzuenak, bizitzetan haragitzen direnean (Cohn, 2015, 75. or.).

    30etako argazkilari abangoardista garrantzitsuenetako bat izan zen Dora Maar, bai eta ibilbide luzeko margolaria ere; bere garaian Brassaï eta Cartier-Bresson baino ezagunagoa edo Man Ray bezain ospetsua izan zen arren, anonimotasunean eta ahanzturara kondenatuta hil zen (Tenenbaum, 2023, 163. or.).

    Maar zigarreta ahoan duela ageri da Azurmendiren ilustrazioan. XX. mendearen lehen erdian, sinbolikoki, erretzea emakumeen emantzipazioari lotutako ekintzatzat jotzen zela esan daiteke. Gainera, erretratu horrek ez du formalki Picassok Maar irudikatzean baliatu ohi zuen lengoaia plastiko kubistaren antzik. Aitzitik, zuri-beltzeko argazkia dirudi, figuratiboa eta errealista baita, eta zentzu horretan, metaforikoki zein literalki, Picassok sortutako irudi desitxuratuarekin talka egiten duela esan daiteke. Maitane Azurmendiren Azken bidaia ilustrazio-liburuaren muinean, “Pantxike Larrazabal” izeneko ilustrazioari buruzko fitxan azaldu bezala, Gernikako bonbardaketa eta Picassoren Gernika koadroa oroitzeko desira eta, hein batean, premia daude. Azurmendik berak (2022) esatera, obsesioz, behin eta berriz, birziklatu, zitatu eta eguneratu ohi du gizarte garaikideen Eszena Tragikoa bilakatu den Gernika (Clark, 2021); irudi agorrezina dirudi, noiznahi eta nonahi berragertzen delako. Are, artista mungiarrak hainbatetan aitortu du, bere ibilbide artistiko osoaren nukleoa dela 3 metrotik gora luze eta ia 8 metro zabal den mihise erraldoia. Etengabe berridazten du, beraz, Gernika, teknika mailan ez ezik, baita maila formal, ikonografiko eta plastikoan ere. Ordea, horrek ez du esan nahi, Azurmendi Picassoren Gernika koadroaren erregistro plastikora mugatzen denik, zeren erro horri eutsiagatik, bai bere marrazteko molde propioak, bai bere hautu artistikoek, plastikoki ez ezik, sinbolikoki ere geruza ugari eransten dizkiote bonbardaketaren irudiari; txanda bakoitzean, tai gabe berreraikitzen den kultur oroimenean, Gernika(k) birsemantizatu edo esanahiz berrituz. Gernika koadrotik haratago doazen erabaki estetiko eta etiko horiek urak bezain garden bihurtzen ditu fitxa honetan iruzkindutako “Dora Maar” zuri-beltzeko marrazkiak.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Maitane Azurmendiren «Dora Maar» ilustrazioari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Erakusketaren harira, Guernica Gernikara ekimenak Azurmendiri egindako elkarrizketa (2023ko maiatzaren 22a)

    Gernikako kultur etxean, 2023/04/20tik 2024/05/16ra ikusgai egon zen izenburu bereko erakusketa.

  • Udaberririk ankerrena | Alex Sanvi, Unai Iturriaga | 2022

    Titulua Udaberririk ankerrena
    Egilea Alex Sanvi, Unai Iturriaga
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2022
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Komiki honek Mari eta Martinen istorioa kontatzen du. Anai-arrebak haien aittitte Eleuteriorekin bizi dira umezurztu zirenetik, gau batean ezusteko baten ondorioz Eleuterio hiltzen den arte. Orduan, egoerak behartuta, Durangon bizi diren senideekin bizitzera eramaten dituzte Mari eta Martin. Durangon izeba-osaba eta lehengusinarekin biziko dira, eta hauek Martinkin bakarrik jabetzen direla antzemango da, Mariri jaramonik egin gabe. Hori ez da gertakari bitxi bakarra izango, itxita dagoen etxeko gela batetik oihuak entzungo baititu Marik. Istorioak aurrera egin ahala, Martinek haren bizimodu berrira ohitzeko izango dituen zailtasunen eta Anaren amodio-istorioaren berri izango da, Marirekin zerbait susmagarria gertatzen ari dela iradokitzen duten gertaerekin batera, eta hori dena Gerra Zibilak indar handiz eragiten duen testuinguru batean. Bonbardaketa abisua jaso eta egun batzuetara, goiz batez Anak, Martinek eta Marik hegazkinak ikusiko dituzte herritik ateratzen ari direla, eta Durango bonbardatuko dute hegazkin hauek. Bonbardaketan izeba hil egingo da, eta etxeko gela misteriotsuan zegoen gizonak ihes egingo du. Beste bitan bonbardatuko dute Durango faxistek. Osaba Felix eta Anaren maitea ere hil egingo dituzte, eta azkenean gelan sartuta zegoen gizonak Ana salatuko du, hau publikoki zigortzea eraginez. Azkenean, Anak bere buruaz beste egingo du eta Mari istorioan zehar hilda zegoela ulertuko da.

    Udaberririk ankerrena obrak 1937ko Durangoko bonbardaketa du eszenatoki, beraz, testuinguru historiko horretan kokatutako fikziozko kontaketa baten aurrean gaude. Lana Durango 1936 Kultur Elkartearekin batera argitaratua da, eta hitzaurrean gertakarien garaian irakurlea kokatzearekin batera, haien helburuaren berri ematen dute: “Durango 1936 Kultur Elkartearen helburua gure hurreko historiaren inguruko hausnarketa egitea da, eta askatasunaren eta nazio-eskubideen alde bizia eman zutenei omenaldia egitea” (5). Hala eta guztiz ere, deigarria da bai hitzaurrean eta baita amaieran ere urte haietan Bizkaian egindako hainbat bonbardaketa aipatzen diren arren, Gernika ez aipatzea; Otxandioko bonbardaketa izan zela abiapuntu diote, eta bertako zaurituak haien herriko ospitalean ikustea izan zela durangarrentzat gerra horren gertu nabarituko zuten lehen aldia. Elorrio ere aipatzen da hitzaurrean, baina Gernika bere horretan ez.  Dena den, amaieran Wolfram Von Richtofen aipatzen da, Italiako Aviazione legionariarekin batera Gernika bonbardatu zuen Condor Legioaren buruzagia, eta dokumentu historiko batetik ateratakoa izan daitekeen aipua egiten du: “Aireko indarrek tokiko eta sektoreetako erreserbak erasoko dituzte, POPULAZIO ZIBILA KONTUAN HARTU GABE” (47).  Hau horrela, Gernikako bonbardaketa zuzenean ez aipatzeak pentsarazi diezaguke arrazoi bat dagoela atzean: ukaezina da Gerra Zibila eta Euskal Herriaren inguruan pentsatzen dugunean oihartzun handiena hartu duen gertakaria Gernikako bonbardaketa izan dela, hainbeste non mundu mailan ezaguna den margolari batek artelan bat eskaini zion eta “Gernika” entzutean Picasso datorkion burura askori bonbardaketa bera baino lehen. Horregatik, gertakarien memoria egitea eta irakurlea hausnartzera eramatea helburu duen lan honek hainbesteko zeresana izan ez duen Durangoko bonbardaketa dakar, 360tik gorako hildakoak utzi zituena eta Gernikakoa bezala, indar faxistek txikitutako herria izan zuena ondorio. Laburbilduz, Euskal Herriaren historiaren parte den beste gertakari bat dakarkigu komiki honek, literaturaren bitartez memoria eraikitzea helburu duelarik.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Alex Sanvi eta Unai Iturriagaren Udaberririk ankerrenari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Txokolatezko Gernika | Euskal gozogileak | 2021

    Titulua Txokolatezko Gernika
    Egilea Euskal gozogileak
    Lekua Lezo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Baxuerliebea, Eskultura, Gozogintza, Pintura
    Urtea 2021
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jatorrizko Gernika (1937) mihise gaineko olio-pintura erraldoiaren tamaina berbera duen (7,76 metro zabal, 3,50 metro luze) erreplika hau osatu ahal izateko 500 kilo kakao erabili zituzten urte hartan bertan (2021ean) sortutako Euskal Gozogileen federazioko berrogei gozogile profesionalek. Txokolate mota ugari konbinatu zituzten —beltza esaten dioguna (marroi iluna), zuria deiturikoa (okre argia) eta esnedunak (askotariko tonu marroiak, alegia)— jatorrizko mihisearen bereizgarri den grisaillea tonu grisetatik marroietara ekarri edo moldatuz argi-ilunak pintatzeko. Askotariko teknikak erabili zituzten, halaber, pintatzeko orduan, noiz brotxaz, noiz “pistolaz”, noiz zuzenean eskuz jardun baitziren. 1,75 metro luze eta 1,10 metro zabal diren hamalau pieza simetrikoz osatuta dago artelana, puzzle baten tankeran. Pieza guztiek ere zurezko xafla bana dute euskarri edo oinarritzat, eta baita kofratu gisa erabilitako sare metaliko bana ere, «oilategietan jarri ohi den [tankerakoa], gero bertara botatako txokolatea eusteko» (Goikoetxea, 2021). Egitura horiek gainetik emandako (bereziki sareen gainean zabaldutako) txokolate bigunei esker kolatu zituzten, txokolatezko geruzak gehitzean egurrezko taulari itsatsita geratzeko moduan. Zentimetro erdi bateko lodiera duen txokolate beltzezko geruza dago artelanaren zolan, azalera guztia hartzen duena, hain zuzen. Hondo edo geruza uniforme horren gainean landu eta kokatu zituzten figurak, kasu batzuetan aparteko txokolate xaflak (zentimetro erdi batekoak horiek ere) sortu eta ebakiz, eta beste kasu batzuetan, aldiz, zuzenean lehen geruza horren gainean pintatuz. Horiek horrela, azken emaitza, bi dimentsioko pinturatzat baino, hiru dimentsioko baxuerliebetzat har daiteke. Artelanaren txokolatezko osagai guztiak dira jangarriak eta, beraz, usain gozokoak. Esan nahi baita, hasi eta buka elkarlanean egindako Gernika koadroaren erreprodukzio honek nabarmen areagotzen duela jatorrizkoaren analisi historiko-artistikoetan azpimarratu ohi den alderdi sinestesikoa (Manterola, 2023), edo zentzumenak bata bestearen atzetik pizteko duen gaitasuna. Kontserbazio neurriei dagokienez, 16-20 gradu zentigradu artean mantendu beharra dago desegin ez dadin.

    Lezoko Salva enpresaren pabiloian osatu ondotik, kamioian garraitu zuten hara eta hona txokolatezko Gernika. Hain zuzen, Gernikako izu bonbardaketaren 84. urteurrenarekin bat eginez, 2021eko apirilean Gernikara eraman zuten handik abiatuko zen erakusketa ibiltaria burutzeko asmoz. Euskal Herriko hainbat herritan (besteak beste, Oñatin eta Gasteizen) aurkeztu ondotik, hasiera batean, asmoa Baionako Txokolate Museoan kokatzea zen. Madrilen, Parisen eta Belfasten aurkezteko gonbidapenak ere jaso zituzten (Goikoetxea, 2021).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Goikoetxea, J. (2021ko apirilaren 22a). Txokolatezko sinboloa. https://www.berria.eus/bizigiro/txokolatezko-sinboloa_1292381_102.html (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Inazio Egaña gozogilearen azalpenak “Egun on Euskadi” saioan: https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/egunon-euskadi/bideoak/osoa/8005889/bideoa-euskal-gozogileek-jateko-moduko-gernika-egin-dute-txokolatezkoa/ [Bideoa].

    Manterola, I. (2023, urriak 6). Gernika koadroari so [Hitzaldia]. Gernikak: arte bidezko gorpuzteak eta islak. Markeskoa Jauregia.

    Repensar Guernica artxiboko fitxa: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/guernica-de-chocolate (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Sormen prozesua jasotzen duen bideoa ikusi nahi izatera, ikusi hemen:

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Euskal gozogileen txokolatezko Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Barneko salatzaile nafartarra” | Xan Idiart | 2021

    Titulua “Barneko salatzaile nafartarra”
    Egilea Xan Idiart
    Lekua Baiona
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2021
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Teresaren mendekua (2021) narrazio bilduma Xan Idiart idazle garaztarraren lehen lana da, Euskal Herrian kokatutako hainbat kontakizun biltzen dituena. Ironiak, umore beltzak eta distopiek zeharkatzen dituzten istorio hauetan euskal gizartearen ajeak, auzi politikoak, erreferentzia literarioak, iragana eta etorkizuna, nahasten dira.

    «Barneko salatzaile nafartarra» izenburu duen ipuineko protagonista Iruñeako alkatea da, pertsonaia fikziozkoa izanagatik, iraganean hala izandako politikari baten eitea duena.  Kontakizun horretan Picassoren Guernica aipatzen da pasarte batean, 193. orrialdean, hain zuzen ere: «Ez dakit jadanik ikusi duzuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren bilkura gela, baina gutxi gorabehera, guztiz antzekoa zen nik zeinarekin topo egin nuen sala igogailuko ateak ireki bezain pronto: marmolezko mahai borobil bat hainbat larruzko besaulki errenkadarekin gibelean, zurez estalitako pareta luze ilunak zein erridau erraldoiak. Baina New-Yorken aurki daitekeen Per Krohg margolari norbegiarraren obraren ordez, Pablo Picassoren Gernikako erreprodukzio erraldoi bat ipini zuten». Protagonistak Bardeetan egin du topo irudiarekin, hango base militarrean, hain zuzen ere. Kontakizun fantastikoan, gune hori euskaldun politikarien elkargune bat da, eta koadroak zaindutako gela hartan Carlos Garaikoetxea, Xabier Arzallus eta José Antonio Ardanzarekin egingo du topo hark. Picassoren Guernicak, hala, etsaia garaitu izanaren alegoria gisa jokatzen du kontakizunean. Are gehiago, koadroak eremu hori berresanguratzeko funtzioa ere betetzen du, irudiak eremu arrotzak etxetiar egiteko indarra balu bezala.

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Xan Idiarten «Barneko salatzaile nafartarra» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Faith | Lander Garro | 2021

    Titulua Faith
    Egilea Lander Garro
    Lekua Aduna
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2021
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Lander Garroren Faith (2021) eleberrian Xabier izeneko protagonistak Euskal Herriko gatazka atzean utzi nahian Bartzelonara ihes egiten du. Bertan, ziur ez badago ere zinema ikastea erabaki du, aurretik ikasitako argazkilaritzak ez baitio jatekorik ematen. Atzean utzi ditu ama eta Ana bikotekidea, baita Gotzon eta Nagore anai-arrebak ere, hauek, ordea, ETAkideak izateagatik klandestinitatean bizi eta Xabierrekin harremana ete egin behar izan zuten. Unibertsitateko ikaslearen bizitza kontatu bitartean denboran atzera egingo du Xabierrek, momentu oro baititu Nagore zein Gotzon buruan. Honela, gatazka armatuarekin duen lotura zuzena kontatuko digu lehen pertsonan hitz egiten duen narratzailearen bitartez, izan ere, irakurleari zuzentzen zaio bigarren pertsonan, hartzailea inplikatua senti dadin, ia aitortza bat dirudien kontakizuna osatuz. 1987an polizia aitaren bila joan zitzaien etxera; gero Manu eraman zuten eta baita ama ere (58). Hamar urte beranduago, ordea, Xabier izan zen kartzelan sartu zutena Gotzonekin batera. Autobus gidaria mehatxatzeaz eta autobusa erretzeaz epaitzen zituzten, kasuak ETArekin zerikusia zuelaren ustean. Gotzonek ez zuen ezer egin, baina ETAz irakurtzen zuen eta herriko tabernara zein manifestazioetara joaten zen, eta beraz, nahikoa froga zituen Ertzainak atxiloketa gauzatzeko. Honela, Gotzon eta biak espetxeratu zituzten: bertan ahaztezinak diren mota guztietako torturak -fisikoak zein psikologikoak- jasan zituzten. Hitz egin ezean Intxaurrondora bidaltzeko mehatxuak egiten zituzten, Intxaurrondoko kuartela infernuaren parekoa baitzen. Intxaurrondon pentsatu eta ekoizten ziren ETAren aurkako burubide gehienak, eta gainera, bertara eraman ezkero ezinezkoa zen torturak ekiditea. Bertako pertsonaia ezagunena dugu Galindo, ugariak izan baitziren bere eskuez torturatuak eta bera izan baitzen Lasa eta Zabalaren heriotzaren erantzulea. Intxaurrondo Euskal Herriko gatazka armatuaren garai latzenetako memoria leku esanguratsua da, memoria kolektiboan irauten baitu bertan presoek jasan zituztenak. Kartzelako torturak ez ziren bakarrak ordea, GALen ondorioz ugarik galdu baitzuten bizitza eta beste askok egin behar izan baitzuten ihes. Protagonista eta bere familia Hendaiako hondartzan bizi izan ziren GALek haiengandik gertuegi jendea akabatzen zuen garaian (253). Bertan aurkitzen zuten babeslekua euskaldun ugarik, Iparraldeari El santuario de ETA izena emanik espainiarren ahotan (253). Protagonistak autobusa lehertzearekin zerikusirik ez bazuen ere, epailearen tratua onartu zuen bi urteko kartzela-zigorra onartuz. Zigorra bere anaiarekin bete ondoren, bizitza arrunt bat eraiki nahi izango du Xabierrek; Gotzonen patua, ordea, bestelakoa izango da, ETAn borrokan jarraituko baitu. Bartzelonan, hiriaren garestitzeari aurre egin beharko dio Xabierrek: pisua aurkitzeko eta ordaintzeko arazoak izango ditu, baita etxetik urrun lagun talde bat sortzeko ere. Denboraren poderioz, Xabierrek bere lekua aurkituko du Bartzelonan, Anarekin gorabeherak izango ditu (urruneko erlazio bat baitute), amarekin hitz egingo du sarritan, unibertsitatean bere bizilagunaren istorioari buruzko filma egiteko onespena izango du, lagunak egingo ditu, logela bat aurkituko du… Xabierren bizitza gonkortzen denean, baina telebistan Nagore arrebaren argazkia ikustean dena aldatuko da. Nagore Madril komandoko parte hartzailea izateagatik espetxeratu dute, “hiltzeko prest” zegoen komandoko kide izateagatik (250). Gertakizun horrek Xabierren bizitza aldatuko du: polizia berriro ere jarraika izango du, eta Madrilera joan etorriak egingo ditu. Berriro ere, denborak aurrera egin ahala, gauzak lasaitu egingo dira, eta Xabierren bizitzak onera egingo du: argazki erakusketa egiteko aukera suertatuko zaio, unibertsitateko gradua amaitzeko gutxi geratzen zaio, Nagore ikusteko aukera izango du… baina oraingoan ere, ezin izango du mundu gatazkatsutik ihes egin. Poliziak berriro ere espetxeratuko du Xabier, eta hasiera batean Gotzoni buruzko informazioa kontatzeko dirudien arren, Audientzia Nazionalaren agindua dutelako gauzatzen dute atxiloketa.

    Eleberriak Euskal Herriaren historia garaikideak utzitako ondorio eta egoera gatazkatsuen jarraipenak irudikatzen ditu: bereziki frankismoan zehar Euskal Herriak jasandako jazarpen eta zapalkuntzak eraginda, herritarrak euskara eta Euskadi askatu baten alde altxatu zirenekoak. Zapalkuntza horren testuinguruan kokatu behar da ETA erakunde armatuaren sorrera (1958) eta hurrengo hamarkadetan ezarri zuten indarkeria. Edonola ere, borroka armatuak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago ziren estatuak eta poliziak jazarritako euskal herritarrak, erakundearekin edozein motako harremanak ezartzen baitzituzten herritarren eta militanteen artean. ETA zen garaiko (2000) erdigune, eta gertakizun guztiek harekin loturarik ez zuten arren, hala zirudien urte batzuez. Gauzak horrela, ezinezkoa zen gatazkatik ihes egitea, edozein harreman mota izanez giroarekin (lagun militanteak, familia, auzokideak…) indar polizialen begiak gainetik kentzea ezinezkoa zen; ezta ihes egitea ere, eta horixe bera erakutsiko digu eleberriko protagonistak.

    Euskal Herriaren identitate eta nortasuna eraikitzen du, nola ez, herrialde baten historiak. Azken mendeetako mugimendu abertzaleaz geroztik eratu da euskal lurralde askeak nahi dituen identitate euskaldun hori, eta historia osatzen duten gertakizun, sinbolo eta pertsonaia historikoak izendatzen ditu Garrok nobelaren pasarte batean (237): azalpen gehiegi eman beharko genizkioke, ordea. Nafarroako Erresuma. Franco. Gernika. Melitón Manzanas. Martin Villa. Felipe Gonzalez. Telesforo Monzon. Itziarren semea. Carrero Blanco. Plan ZEN. Mikel Goikoetxea Txapela. Peru eta Stein. Enrique Dorado Villalobos. Bar Hendayais. Hotel Mombar. Lasa eta Zabala. ETA quinta. ETA sexta. Txomin Iturbe. Estatuto de Autonomía. Rock Radical Vasco. Borreroak baditu mila aurpegi. Sarri, Sarri. Pacto de Ajuria Enea. Joseba Goikoetxea Asla. Gaztetxe. Txosna. Luis Arconada. Furra, furra. Harri eta Herri. Angel Mari Peñagarikano. Jon Idigoras. Teleberri. Jose Maria Calleja. Jarrai vas de guay. Egin apunta, ETA dispara. EGI. Gregorio Ordoñez. Gesto por la paz. Pablo Mosquera. Enrike eta Benito. Corcuera. Ramon Jauregui. Txiki Benegas. Renteria ciudad sin leu. Duncan Dhu. Lepoan hartu. Gladys del Estal. Si te mandan una carta. Ni poeta kaxkar bat naiz. Emastasus musutxuek. Egin. Josu Muguruza. Korrika. Jaime Mayor Oreja. La foto del terrorista más buscado. Firin-Faran. Goenkale. Mario Lejarreta. Gernikako arbola. 564 ohe huts. Enamorado de la muerte. Joxe Azurmendi. Nire aitaren etxea. Ez da posible, ezin liteke. Amnistiaren dema. Hipercor. Guerra de banderas. Genar Andrinua. Vascos sí, ETA no. San Pedro eta San Juan. San Fermin. Yoyes. La tigresa. Gazte akanpada. Pepe Rei. Floren Aoiz. Txillardegi. Hamaika pauso. Itziar Aizpurua. Andoni Egaña. Txotx. Marea gora. Jaiak bai, borroka ere bai. Jaietan jai. Antes Manolo, ahora Imanol. Festival de cine de San Sebastian. Amalur. Quosque Tandem. Tasio. Abuztuaren 15eko bazkalondoa. La muerte de Mikel. Obabakoak. Guggenheim. Marco incomparable. Euskadi, jende gutxi. Euskadi, ven y cuéntalo. Euskadik taberna bat dirudi. Euzkadi merezi zuten. Oh! Euzkadi.

    Ikusi dugunez, historia berak deskribatzen du euskal lurraldea, baita nazioaren balio sinboliko guztiak ere. Gauza bera egin daiteke Espainiako erresumaren historiarekin, eta horixe bera egiten du Garrok (220): Ez da polizia mintzo zaizuna: Historia bera da hitz egiten ari zaizuna. Eta nazio baten balio sinboliko guztia: La Pinta, La Niña eta La Santa María, Mola eta Tejero, Osborneren zezena eta Los Chichos, El Rey Juan Carlos eta La Reina Sofía, Nacional 1 eta Santiago Bernabeu, Goya eta Velázquez, Expo 92 eta Olimpiadas de Barcelona, Telediario eta Mamachichos, Paco Martínez Soria eta Alfredo Landa, Sarita Montiel eta Massiel, Torrebruno eta Arévalo, Jesús Gil eta Emilio Butragueño, Paquirri eta El Cordobés, Obús eta Héroes del Silencio, Federico Martín Bahamontes eta Luis Ocaña, El Cid Campeador eta Juana La Loca, Las bicicletas son para el verano eta Las hurdes, Camilo José Cela eta Paco Umbral, La Alhambra de Granada eta El Acueducto de Segovia, La Quinta Marcha eta Barrio Sésamo, Joaquín Sabina eta Luis Eduardo Aute: nazio baten ibilbidea da, egitura abstraktu eta aldi berean kuantifikagarri bat.

    Gauzak honela, hemengoa vs. bestea dikotomia bilatzen du Garrok eta espainiarra denetik aldentzen da, argi utziz haien historia eta gurea ez dela berdina.

    Euskal Herriaren historia garaikideak jasan duen min eta gorrotoa irudikatu nahi ditu Garrok, protagonistaren bizipenen bidez ez ezik, estatu espainiarrarengatik jasan behar izan duena ere salatuz. Horrexegatik, sinboloz osatutako zerrendaren parte ditugu Gernika eta Gernikako arbola. Gernikako arbola Bizkaiko Batzar Nagusien multzo arkitektonikoaren bihotzean kokatua dago. Gernikako Juntetxean errege katolikoak euskaldunen libertateak eta foruak errespetatzeko zina egiten zuten. 1853an Jose Maria Iparragirrek “Gernikako Arbola” abestia idatzi zuen arbolaren garrantzia nabarmentzeko, eta, honela, euskaldunen ereserki bihurtu zen urteen poderioz. Askatasunaren ikur den Gernikak, ordea, bestelako irudia hartu zuen 1937ko apirilaren 26an, Luftwaffe-ren Cóndor Legioak bonbardatu zuenean, mundu-mailan biztanleria zibilaren kontra egindako lehenengo bonbardaketa izan zelako. Abiazio naziak Espainiako Bigarren Errepublikako gobernua agintetik kentzeko ahaleginean Franco diktadoreari laguntzeko eraso zuen, ordura arte ezagutu ez bezalako indarrez biztanleria zibili airez bonbardatuz. Horrela, Gernika suntsituta geratu zen, ez, ordea, Batzar-etxea edo Arbola, biak ala biak ez baitzuten ia inolako kalterik jasan. Bonbardaketa-garaian bizirik irauteak are gehiago lagundu zion haritzari euskaldunen sinbolo bihurtzen. Gauzak honela, Gernikako sarraskiak euskaldunen memoria historikoan lekua du oraindik ere, eta euskal lurren askatasunaren sinboloa da Gernikako Arbola, baita bonbardaketaren biziraule irudi ere, euskaldunen bizirautea erakutsiz.

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Lander Garroren Faithi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Bandera falsa | Iratxe Jaio, Klaas van Gorkum | 2021

    Titulua Bandera falsa
    Egilea Iratxe Jaio, Klaas van Gorkum
    Lekua Bizkaiko Arkeologia Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Instalazioak (site specific)
    Urtea 2021
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Bandera falsa Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum egileen proiektu artistiko bat da, ANTespacio, Eremuak, Bilbao Aurrera eta Mondriaan Fundazioaren laguntzarekin egina. Instalazioa René Magritteren Le Drapeau Noir (Bandera beltza) izeneko margolanean oinarritzen da. Pintura 1937an egin zen eta ziurrenik Gernikako bonbardaketak inspiratu zuen. Jatorrizko lanak horizontea zeharkatzen duten hegazkin futuristak erakusten ditu, hain zuzen ere, artistek abiapuntu gisa hartu dute elementu anakroniko modernitateari buruz eta arteak memoria historikoan duen eraginari buruz hausnartzeko asmoarekin. Jaiok eta van Gorkum-ek, eszena historiko bat fidelki irudikatzearen ordez, Magritteren pinturaren inkongruentzia historikoak baliatzen dituzte zalantzan jartzeko Picassoren Guernica erdigunetzat duen kontakizun historiko konbentzionala. Modu horretan, Magritten hegazkinen hiru dimentsioko ereduez eta Euskal Herriko paisaiak eta Guernica artelanean irudikatutako gorputz-zatiak erakusten dituen bideo batez osatutako ikus-entzunezko instalazioa sortu dute. Funtsean, proiektuak gogoeta bat eskaini nahi du arteak imajinario kolektiboaren eta memoria historikoaren eraikuntzan duen eraginari buruz eta, aldi berean, teknologiak eta hegazkingintzak lurraldearekiko giza harremanean duten eragina aztertzen du.

    Instalazioaren argazkiak kontsultatzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Iratxe jaio eta Klaas van Gorkumen Bandera falsari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Informazio gehigarria eskuratzeko: https://www.etxepare.eus/es/bienal-de-sidney-zabal-iratxe-jaio-y-klaas-van-gorkum Loturak: Rene Magritteren "Le Drapeau Noir" fitxa kontsulta daiteke informazio gehiago eskuratzeko.

  • Sanrokeetarako etxean | Adriano de Mata | 2021

    Titulua Sanrokeetarako etxean
    Egilea Adriano de Mata
    Lekua Tafalla
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2021
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Benetako gertaera eta datu historikoetan oinarritzen da Adriano de Mata idazlearen eleberria. Gerra Zibiletik ihesean, 1937ko maiatzean Southamptongo portura iristen da ia lau mila haur errefuxiatu garraiatu zituen Habana itsasontzia, Santurtziko portutik atera zena. Bertan joan ziren Pirmin, Aurea eta Eusebio anai-arreba lekunberritarrak, gurasoen azken hitzak, Sanrokeetarako Debako amatxirenean egongo direla elkarrekin, memorian nork bere sakontasunez gordeta.  Behin erbestean, umeen xalotasuna bizitzaren gorabehera geroz eta handiago eta gordinagoekin uztartzen da, koxkortze-prozesu naturala bizipen larriekin azkartzera behartuz: hasieran faxistek eragindako beldurrak indartzen du herrimina, baina denbora pasa ahala, sorterrian gertatzen direnen berri izanen dute haur guztiek: askok ezingo dute etxera itzuli luzaroan. Beldurra gorroto bilakatzen da, haurra heldu bilakatzen den aldi berean. Benetako senideen heriotza etorriko da, eta hasieran berria zena, jadanik egonkortzen ari da, familia eta hizkuntza berriek sortzekoak ordezkatuko dituzte. Hala ere, gerra Erresuma Batura ere iritsiko da, eta honekin batera Eusebioren heriotza bonbardaketa batean. Era guztietako minak pairatu zituztenengandik ere idatzia da istorioa.

    Haurrak Ingalaterrara eramango zituen Habana itsasontzia noiz abiatuko erabakitzean, bonbardaketen mamuari buruz hitz egiten da, Durango, Elorrio eta Gernikakoen ondoren batik bat, baina azkenean “Gernikako sarraskiak” eramaten ditu Jaurlaritzakoak ebakuazioa baimentzera (63). Eleberriaren amaieran, ordea, egoera hipotetiko bat aurkezten zaigu, non, izenburuak hitzeman bezala, Pirmin, Aurea eta Eusebio San Roke egunerako etxera bidean doazen; gudariek Franco harrapatzen dutela kontatzen da eta fusilatu egiten dutela: “Eztabaida sutsuen ostean Gernikan fusilarazi dute, non eta arbola sainduaren pean” (598). Beraz, eleberrian zehar haurren San Roke egunerako etxean egoteko esperantza ikusi ondoren, azken orrialde hauetan nahi hori gauzatuko balitz gertatuko litzatekeena irudikatzen da, eta Gerra Zibilaren erantzule nagusia Gernikako arbolaren azpian fusilatzen dute. Horretaz gain, eleberri osoan zehar abertzaleen seme-alabek, Pirmin, Eusebio eta Aurea barne, “Gernikako arbola” abesten dute behin baino gehiagotan, haien ereserki gisa, eta erbestean igarotako denbora handituz doan heinean eta ama-hizkuntza duten euskara galduz doazen heinean, ereserkia ere abesteari uzten diote, pixkanaka Riegoren ereserkia eta ingelesen “God save the king” ekin ordezkatuz. Hortaz, eleberrian Gernik(ar)en balio sinbolikoaren bilakaera ikus daiteke. Batetik, arbolaren eta euskaldunen ereserki bihurtutako Iparragirreren bertsoaren aipamenak tarteko, leku-izenaren tradiziozko izaera sinbolikoa, aspalditik letorkeena, bistaratzen dela esan liteke. Gainera, “aberria galduz” doazen heinean, haurrek “Gernikako arbola” abesteari uzten diote, sinbolikoki, haurtzaroa, erbestea eta trauma, isiltasunarekin zein euskararen (eta sustraien) galerarekin lotuz. Bestetik, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoei esker, gertaera tragikoak sinboloaren bilakaeran izandako eragin “disruptiboa” iradokitzen dela esan liteke (Ostolaza, 2023). Izan ere, 36ko gerrak eta Francoren aginduz burututako gerra-esperimentu hark behin betiko markatu zuten leku-izena, Gernikaren ordura arteko karga sinbolikoa esanahiz berrituz. Hain zuzen, nobelan, Gernikako izu-bonbardaketarekin lotzen da Habanaren itsasoratzea, eta Franco, bere aginduz sarraskitutako herrian, arbolaren azpian, fusilatzen dute: sinboloaren bilakaera agerrarazteaz gain, bi esanahiak, sarraskia baino lehenagokoa eta ondokoa, lotuz.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Adriano de Mataren Sanrokeetarako etxeani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • VHS | Oier Guillan | 2020

    Titulua VHS
    Egilea Oier Guillan
    Lekua Zarautz (Susa argitaletxea)
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Oier Guillanen VHS (2020) nobelak, eta, zehazki, protagonista maskulinoak iraganera begiratzen du, hogei urte lehenago gertatu zen Victor pertsonaiaren heriotzara. Misterioz eta koskaz betetako gertaera berreraikitzeko, memoriaz ez ezik, kontratatzen duen ez-ohiko detektibe baten laguntzaz baliatuko da pertsonaia nagusia, Ilehoria deiturikoa.

    Atzera begirako horretan, lehen pertsonako mintzoari saihestezina zaio iragan indibidual oro markatu zuen iragan kolektiboari ere erreparatzea; testuinguru horretan ainguratuta dakar, hain zuzen ere, 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketaren aipamena: “‘Uste dut haurdun nagoela’, esan dit Merlinek esnatu garenean. Beti egiten zidan gauza bera. Esaldi bakar batean Hiroshima, Nagasaki eta Gernika batera astintzeko kapaza zen, eta gero hura justifikatzeko gogoeta irrazional amaigabeetan galtzeko, bonba nuklear baten existentzia ohiko bilakatzeraino, normala” (45). Ikus dezakegunez, Gernikaren aipamena, batetik, historia garaikidean egon diren eraso nuklear bakar eta nagusien parean dakar, alegia, Hiroshima eta Nagasakin gertaturikoen maila berean. Horrek, alde batetik, Gernikan gertaturikoa mapa mundian kokatzearekin batera, udalerri bizkaitarrean esperimentatutakoaren krudeltasun mailari dagokion neurria ematen dio. Bestetik, guztiak ere Merline pertsonaiak bizi duen egoeraren larritasuna areagotzeko baliatzen direla nabaria da, alegia, baliabide estilistiko modura, hiperbolearen bitartez, gertaera guztiak ardatz beraren inguruan kokatzeko.

    Bere horretan, Gernikako bonbardaketaren aipamenarekin nobelako pertsonaia baten egoeraren berri ematen bazaigu ere, era berean, kontuan izanik obrak iragan konkretu bat berreraikitzen duela, ekfrasiak irakurlea testuinguru eta garai batean kokatzeko balio dio autoreari. Hala, Gernikako bonbardaketaren erreferentzia, egoera larri bat ilustratzeko baliatzeaz batera, gida tenporal bat bezala ere erabiltzen da, irakurleak nobelako pertsonaiekin konpartitzen duen iragan hurbil horren lekuko edo keinu inplizitu gisa; izan ere, nobelan aipatzen den bezala “Memoria beti da ariketa kolektiboa, eta bestela, poesia da” (171).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Rojo, Javier (2020ko abuztuaren 29a). Arteaz, bizitzeaz. Berria. https://kritikak.armiarma.eus/?p=8132

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Oier Guillanen VHSri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Naparra. Kasu irekia | Jon Alonso | 2020

    Titulua Naparra. Kasu irekia
    Egilea Jon Alonso
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra”, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egileez edo xehetasunez berri zehatzik jakin.

    Jon Alonsok, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko. Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten gaztea eta, bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa.

    Militante honen desagerpenari eta Gernikako bonbardaketari buruz zabaldu ziren gezurrei buruzko gezurren artean parekotasun bat egiten du egileak. Naparraren kasuan, taldekideek bahitu eta desagerrarazi zutela argudiatu zen, eta Gernikaren kasuan, euskaldunek erre zutela zabaldu zuten.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2026). “Jon Alonsoren Naparra. Kasu irekiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sariak: Tene Mujika Saria

  • Picasso y Dora Maar: artistas apasionados (Picasso eta Dora Maar: artista kartsuak) | Fabio Mollo, Luca Granato, Pieiro Messina | 2020

    Titulua Picasso y Dora Maar: artistas apasionados (Picasso eta Dora Maar: artista kartsuak)
    Egilea Fabio Mollo, Luca Granato, Pieiro Messina
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Luca Granato, Pieiro Messina eta Fabio Mollok zuzendutako dokumentala da Picasso y Dora Maar: artistas apasionados (RTVEk emititua Espainiar estatuan). Dokumentalaren ardatza Pablo Picasso (Malaga, 1881-1973) eta Dora Maar (Paris, 1907-1997) artisten bizitza, pertsonal-artistikoa, indibiduala nahiz elkarrekin konpartitu zutena da.

    Granato, Messina eta Molloren lanak agerian uzten du zeinen garrantzitsua izan zen Guernica Picassoren eta Maaren bizitzan; izan ere, Picassorentzako, Gernikan gertatutakoak sortu zion ezinegona eta haren islapen artistikoaren garrantzia sakonak izan ziren, sakona izan zen gisa Maarentzako bai maila intimoan baitan artistikoan ere.

    Erlazio horren baitan, dokumentalak espresuki azpimarratzen du Dora Maarek zein presentzia eta eragin izan zuen Guernicaren sorkuntzan. Hain zuzen ere, Mary Ann Caws-ek (Picassoren biografoak) eta Slavenka Drakulic-ek (Dora y el Minotauroren egileak) azaltzen dute, Guernicaren sorkuntza prozesua gune, Gernikako bonbardaketaren eragina bi artistentzako (22:45-27:40):

    Picassok Errepublikarekiko begirunea izaki, pozez onartu omen zuen, 1937an, Espainiako Gobernu Errepublikarrak Pariseko Pabilioi Unibertsalerako enkargatu zion koadroa egitea eta, gisa berean, bere obra dokumentatu ahal izateko Dora Maar bere tailerrean gera zedin insistitu omen zuen. Hala, konposizio alegoriko gisa kontzebituriko hainbat ideia garatzen joan zen, harik eta ideia horiek guztiz irauliko zituen gertakariaren berri izan zuen arte: Gernikako bonbardaketaren berri izan zuelarik, proiektu guztia birplanteatu eta Guernicarako inspirazioa aurkitu zuen.

    Alabaina, dokumental honek duen balio nagusietakoa da inspirazio horretan eta bere garapenean Dora Maarek izan zuen eragina espresuki azpimarratzen dela. Drakulicek agertzen duenez (24:28), 1937ko maiatzaren batean Maar Picassoren tailerrera joan eta Gernikako bonbardaketaren argazki bat zekarren egunkaria ikusi zuen; Picassok ez zuen oraindik gobernuarendako enkarguz egin beharreko lana garatua; Maarek, bere aldetik, azaldu zion eskaerak sinatzen ari zirela, Gernikako bonbardaketari loturiko manifestazioetarako, “baina zuk zerbait gehiago egin behar duzu; jakin behar duzu badela jendea uste duena ez duzula gobernuarekin [Errepublikarekin] bat egiten, baizik eta faszisten alde zaudela, taktikoki” (24:46-24:57). Orduan, Picassok egunkariko argazkia ikusi eta “ados, deitu Versaillesko erakusketako arduradunei eta erran Guernica izeneko koadro bat emanen diedala” (25:11-25:20). Drakulicek egoera horren irakurketa egiten du, adieraziaz Maar izan zela Picasso bideratu zuena Guernicarantz.

    Dora Maarek Guernicaren garapenaz egin zituen argazkiek erakusten dute zuriz ageri zen koadroa nola joan zen belzten, belzten… Kokapen artistiko bertsutik ariko bailiran aritu omen ziren biak, Picasso eta Maar, koadroan, Picassok aholkua edo iritzia eskatzen ziolarik gauza bat ala bertzea non kokatu beharraz, sorkuntza prozesuari buruzko elkarrizketa sortu zelarik bi artisten artean (27:16).

    Horiek horrela, dokumental honetan Picassorengan Gernikako bonbardaketak izaniko eragin pertsonalaz haratago, Guernicaren sorkuntza prozesua bera azaltzen da, horretan Dora Maarek izan zuen eragina azpimarratzen delarik.

    Dokumentala hemen eskuragarri: https://youtu.be/SUWSGrBZGy0?si=6O4ePTxt0KG5ooFY

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Luca Granato, Pieiro Messina eta Fabio Molloren Picasso y Dora Maar: Artistas apasionados (Picasso eta Dora Maar: artista kartsuak)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • La decisión de Juana Mir | Ascensión Badiola | 2020

    Titulua La decisión de Juana Mir
    Egilea Ascensión Badiola
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Sin autor registrado (2023): “Ficha sobre La decisión de Juana Mir de Ascensión Badiola”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.


    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=528

  • La ciudad del alma dormida | Felix G. Modroño | 2020

    Titulua La ciudad del alma dormida
    Egilea Felix G. Modroño
    Lekua Bartzelona
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Sin autor registrado (2023): “Ficha sobre La ciudad del alma dormida de Felix G. Modroño”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=499

  • Kilker bat autopistan | Bernardo Atxaga | 2020

    Titulua Kilker bat autopistan
    Egilea Bernardo Atxaga
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratutako Kilker bat autopistan (2020) saiakera-lanen artean zerrendaturik dago Bernardo Atxagaren webgunean, honako hauekin batera: Groenlandiako lezioa (1998, Erein), Alfabeto sobre la literatura infantil (2002, Media Vaca), Lekuak (2005, Pamiela), Markak. Gernika 1937 (2007, Pamiela), Txoriak kolpeka (2014, Pamiela), Korrespondentziak / Correspondencias (2016, Erein) eta Paradisuaren kanpoko ateak (2023, Pamiela). Saiakera gisa definituta ere, genero hibridotzat ere jo daitekeela esan daiteke, Atxagaren beste saiakera literario batzuk jo izan diren ber (Egaña, 2007). Esaterako, Rojok hauxe dio Kilker bat autopistan laneko  testuez: “iritzi-artikulu eta narrazio laburraren artean mugitzen dira, hori bai, narrazioak direlarik ere, egilearen iritziak aurkezteko kontakizunak direla kontuan hartuta” (Rojo, 2021). Testu gehienak kultur eta hezkuntza-gaiei buruzkoak direla ere badio Rojok.

    Bada, gaztelaniazko (Un grillo en la autopista, itz. Asun Garikano) eta katalanezko (Un grill a l’autopista, itz. Marta Hernández Pibernat) bertsioak ere baditu Kilker bat autopistan lanak, eta Atxagak irratian egindako kolaborazio bateko testuak jasotzen ditu. Izan ere, 2016ko udazkenetik 2020ko udaberrira bitartean Euskadi Irratian Maite Artolak bideratutako “Faktoria” saioan parte hartu zuen, eta asteko gaiekin lotutako testu bat irakurtzen zuen bertan. Harako idatzi zein egokitutako testuak biltzen dira liburuan, eta irratian irakurtzeko sortu zirenez, ahozko kutsua dutela zehazten du argitaletxeak liburuaren kontrazalean; nolanahi ere, idazleak berridatzita eta osatuta daudela ere adierazten da.

    “Minutuak kontatuta” atalean jasota daude 2016-09-12tik 2017-06-26ra artekoak, “Zeruko kronikak” atalean 2017-09-05etik 2018-06-25era artekoak eta “Lagunarteko kontuak” atalean 2020-01-07tik 2020-06-20ra bitartekoak, irratsaioko denboraldiekin bat. Hain zuzen ere, lehenbiziko denboraldiko testuen artean dago “Gernika, apirilak 26” (112-115. or.) izenburuduna, bonbardaketaren urteurren-datak eragindako memoria-ariketa. Zerbait aurreratzen du jadanik Joseba Sarrionandiak Kilker bat autopistan liburuari egindako hitzaurrean: “Kilkerra ikuslea eta lekukoa da, memoriaduna eta pentsamenduduna. Ez da kilker bat: gogo kritikoa da”.

    Aipagai dugun atalean, bada, Madrilgo bibliofilo batek aurkitutako liburuxka batez dihardu testuak: non aurkitu zuen (Madrileko El Rastron), nolakoa duen azala eta zer-nolako irudiak dituen (Guernica du izenburu, bonba biren irudia ageri du azalean, triskantzaren argazkiak tartekatzen dira 80 orrialdetan zehar, bai eta garaiko agintariak Euzkadi Irratian adierazpenak egiten erakusten dituena, alemaniar pilotuenak zein haien dokumentu eta armenak), zein hizkuntzatan idatzia dagoen gehienbat (ingelesez) eta nori zuzentzen zaion (“To Civilized Mankind”)… Edukiaren berri ematen da ondotik, eta horrekin bat, Atxagak bere gogoetak txertatzen ditu.

    Bibliofiloak aurkitutako liburuxka “Euzkadiko Jaurlaritzak” 1937an argitaratu zuen hura da, Atxagak dagokigun testuan azaltzen duenez, bahitu egin zutena. Atxagaren Markak / Gernika 1937 (2007) liburuko bigarren atalean, liburuxkaren euskarazko egokitzapena egin zuen egileak, George L. Steer kazetariaren The tree of Guernica  liburuko pasarte euskaratuak jasotzearekin batera. Gainera, aipatu liburuxka horren faksimilea liburuarekin batera kaleratu zen.

    Gernika sinbolo bikoitza dela dio Atxagak testuaren erdi aldera: “gerra egiteko modu naziaren sinbolo da” (2007: 114), eta “egiaren eta gezurraren arteko borrokaren sinboloa da Gernika. Zehatzago esanda, gerra garaietako krimenen inguruan sortzen den egiaren eta gezurraren arteko borrokarena” (2007: 114). Bada, muin hori, aurretik eta atzetik, aipatu liburuxkako eduki eta aipuak ekarrita, euskal agintariek bonbardaketaren gaineko bertsioa nazioartera hedatzeko ahaleginaz, zein kazetariek orduan izandako egoeraz ariturik harilkatzen da, besteak beste.

    Soinujolearen semea eleberrian fikzioaren bidez egin zuen memoriaren aldarrikapena Atxagak (Egaña, 2007); bada, nola Markak / Gernika 1937  lanean hala Kilker bat autopistan testu-bildumako “Gernika, apirilak 26” testuan, saio literarioren bidez egiten du memoriaren aldarrikapen hori, askotariko testu eta ahots isildu eta zentsuratuen oihartzun bihurtuz eta horiei buruz gogoetatuz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Atxaga. B. Bernardo Atxaga: www.atxaga.eus

    Atxaga, B. (2007). Markak. Gernika 1937. Pamiela

    Atxaga, B. (2020). Kilker bat autopistan. Pamiela.

    Egaña, I. “Memoriaren arrastoan”. Berria, 2007-05-06: https://kritikak.armiarma.eus/?p=1890

    Rojo, J. “Kilkerraren kronikak”. El Correo, 2021-02-27: https://kritikak.armiarma.eus/?p=8291

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernika(k) datu-basean Bernardo Atxagaren liburuen gaineko fitxa gehiago kontsulta daitezke.

  • Bidasoan gora | Eneko Aizpurua | 2020

    Titulua Bidasoan gora
    Egilea Eneko Aizpurua
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2020
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eneko Aizpuruak bidasoa ibaiaren ibilbidea egitera garamatza bere saiakeran, baina, Bidasoaren korrontearen kontrara, Txingudiko badiako itsasertzean hasi, eta Xorroxingo iturriko sorbururainokoa zedarritzen du orrialdez orrialde. Bidasoa ibaiak zipriztindutako mugaldeko paisaia horretako historiaren eta istorioen kronika egiten da liburuan, saiakera historikoa izatetik harago, paraje horien erretratu historiko, politiko eta soziologikoa burutzen du idazleak.

    Aipagarria da I. eta II. Mundu Gerrek berebiziko garrantzia dutela liburuan. Ildo berean, garai historikoak aldatu arren, Bidasoako mugaldean beti presente egon diren kontrabandista, iheslari eta migratzaileen joan-etorrien lorratzek betetzen dute liburua. Aipagarria da halaber, Bidasoako parajeetan ibili diren edota bertakoak diren pertsonaia ezagunen gaineko pasarteetan ere azpimarra jartzen dela saiakeran. Pio Barojaren gainekoak kontatzen ditu Aizpuruak esaterako, baina baita, ezezagunagoak diren beste pertsonaia batzuen ingurukoak ere.

    Horiek horrela, 1893an Beran jaio zen Isidoro Fagoaga abeslariaren berri ematen da pasarte batean. Fagoagaren ibilbide arrakastatsuaren berri ematen da, Espainian, Portugalen, Alemanian eta, batez ere, Italian aritu baitzen opera kantari. Frankisten altxamenduaz geroztik bere bizia arriskuan egon zitekeela ikusirik, muga zeharkatu zuen eta Italiara joan zen. Historialarien arabera, Sizilian Walkiria abesten ari zelarik Gernikako bonbardaketaren berri izatean, betirako abesteari utzi zion. Aldiz, beste zenbait historialari batzuen arabera, Wagnerren melodiek nazismoarekin zuen harremanagatik utzi zion Fagoagak betirako abesteari. Horrela jasotzen du Aizpuruak Bidasoan gora saiakeran:

    “[Fagoagak] Sizilian Walkiria kantatzen ari zela, Gernika bonbardatu zutela jakin zuen. Italiarrak zirela zabaldu zen orduan. Walkiriaren doinu biziak kantatuz hilkintza eragotzi ahal izan balu… Baina ezin. Horregatik, bere herrikideak hiltzen zituzten bitartean ez zuela borreroentzat gehiago kantatuko erabaki zuen. Eta betirako utzi zion kantatzeari.

    Zenbat egileren arabera, Wagnerren musikak nazismoarekin zukeen harreman ezin eramangezkoagatik utzi omen zuen Fagoagak ibilbide artistikoa” (Aizpurua, 2020,131-132).

    Tene Mujika bekari esker idatzi zen saiakera (Tene Mujika, Debako Udalak eta Elkar Argitaletxeak antolturiko historia hurbilaz idazteko beka).

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Eneko Aizpuruaren Bidasoan gorari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Guernicaren proiekzioa I lombardi alla prima crociata operan | Guiseppe Verdi | 2019

    Titulua Guernicaren proiekzioa I lombardi alla prima crociata operan
    Egilea Guiseppe Verdi
    Lekua ABAO-OLBE (Bilbo)
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Besterik, Proiekzioa
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak BAI

    ABAO-OLBEk 2019an errepresentatutako Giuseppe Verdiren I Lombardi alla prima crociata operaren “Stolto Allhà!” koruan, atzeko oihalean, Pablo Picassoren Guernica gogoangarria proiektatu zuten. Jakina denez, Verdiren opera horrek (1843) lombardiar talde batek Lehen Gurutzadan izandako parte hartzea kontatzen du, zeinetan familia-gatazkek, erlijio-suharrak eta gerra-gertakariek berebiziko protagonismoa hartzen duten. Horren bitartez, fedearen eta hark bultzatutako indarkeriaren inguruan hausnartzen du. Eta, hain zuzen ere, “Stolto Allhà!” korua, pertsonaiek etsaien itsutasuna eta egindako basakeria guztia salatzen duten unean agertzen da. Modu horretan, Verdik gerra sakralizatuari kritika zorrotza egin zion, erlijioaren gorespenek eta haren bitartez abiarazitako gerrek hondamena eta sufrimendu kolektiboa eragin ditzakeela erakutsi zuen heinean.

    Hori kontuan izanik, “Stolto Allhà!” koroaren unean Picassoren Guernica proiektatzeak elkarrizketa zuzen bat proposatzen du Gurutzadetako indarkeriaren eta XX. Mendeko indarkeriaren artean. Biek mekanismo bera partekatzen dute: kaltearen legitimazioa ustez goragokoa den kausaren baten bidez –dela erlijiosoa, dela politikoa edo/eta ideologikoa–. Guernicaren proiekzioa testuinguru horretan, ez da, hortaz, ilustrazio literal bat, ezpada ispilu kritiko bat, koadroaren eta operaren mezuak eguneratzeko plataforma bat. Hala, proiekzioak oroimenaren espazio bezala berrinterpretatzen du eszenatokia, eta gogorarazten Verdik salatzen duen indarkeria ez dela urruneko jazoera bat, euskal eta europar historian irekitako zauri komun bat baizik. Aldi berean, “Stolto Allhà!” korua ere birsemantizatzen du: etsaiari egindako gaitzespen gisa ulertu dena, Picassoren irudiari esker, edozein bandok egindako basakeriaren salaketa unibertsal bezala ere uler daiteke.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía. (d.g). Proyección de Guernica en la ópera I lombardi alla prima crociata. https://guernica.museoreinasofia.es/documento/proyeccion-de-guernica-en-la-opera-i-lombardi-alla-prima-crociata

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Guiseppe Verdiren Guernicaren proiekzioa I lombardi alla prima crociata operani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Itzuliz usu begiak | Anjel Lertxundi | 2019

    Titulua Itzuliz usu begiak
    Egilea Anjel Lertxundi
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Anjel Lertxundi (Orio, 1948) euskal idazlea, “euskal literaturan egun dagoen idazle poliedrikoenetariko eta emankorrenetariko bat da” Serranoren hitzetan (2009), 1970eko hamarkadatik gaurdaino Haur eta Gazte Literaturan, saiakeran, zineman, telebistan, kazetaritzan, kritikan, itzulpengintzan eta narrazio laburretan zein luzeetan aritutakoa (ídem). Bada, 1990eko hamarkadaren hasieran abiatutako saiakera-lan literarioen ibilbidean, gai beraren gainean diharduen lan bakanetakoa da 2019an plazaratutako Itzuliz usu begiak (Sarasola, 2025): hasi eta buka itzulpengintzari buruzko gogoetez ondua da. Izenburuaren azpiko leloak ere aurreratzen ditu liburu barneko gogoeten gaiak: “Itzulpena eta sorkuntza ispilu jokoan”.

    Sarriugartek (2022) azaltzen duenez, lanak J.B. Elizanbururen “Solferinoko itsua” olerkiko “itzuliz usu begiak” esapideari zor dio izenburua, eta Lertxundiren beraren hitzak dakartza esapidea itzulpengintzarekin nola lotzen den agertzeko: “Hizkuntza atzerritar batetik euskarara itzuliz usu begiak egiten dute lan itzultzaileek, hizkuntza biziberrituz gai eta aire orotarikoez, sorkuntza aberastuz, euskarak inoiz imajinatu ez dituen egoerak eta munduak izendatuz, sistema literarioa indartuz”. Izan ere, literatura da Lertxundiren saiakera-lanetako gai zentraletako bat (Sarasola, 2025; Serrano, 2009) eta, ildo horretan, itzulpengintza-gaiak ere sarri agertu izan ditu bere saiakera-lan literarioetan, Santamariak (2025) zein Jauregik (2019) nabarmendu izan duten bezala. 1999ko Gogoa zubi lanetan dagoeneko ari zen Lertxundi itzulpenaz; beste adibide bat ematearren, Demagun ehun urte barrun (2017) ere funtsezkoa da gaia; halaber, Berbelitzen hiztegia (2024) ere itzulpengintzarekin lotutako lana da, Itzuliz usu begiak (2019) bezalaxe.

    Betiere Sarasolari jarraikiz (2025), Lertxundiren saiakera literarioen ezaugarri nagusietako bat da tesela bidezko idazkera fragmentarioa eta, gainerako saiakera-lan literarioak bezala, Itzuliz usu begiak ere gisa horretan eraikia da. Teselak “ohar solteak diruditen testu zatiak dira, gehienetan elkarren arteko lotura espliziturik ez dutenak, baina batasun bat osatu ohi dutenak. In progress egiten den hausnarketaren irudipena sortzen du” Lertxundik (Sarasola, 2025: 37-38) eta, hala, “gai bat hartu eta osoki jorratu beharrean, gaitik gaira salto egiten du teseletan, halako batean berriro aurretik esekita utzi duen gai edo hari bat berreskuratuz, eta hala, atzera-aurrera horretan ehuntzen du testua” (Sarasola, 2025: 38). Hala, Itzuliz usu begiak lanean, alfabetoaren ordenaren arabera antolatutako izenburudun teseletan, Berbelitz fikziozko pertsonaia itzultzailearen testigantzak eta Lertxundiren itzulpenari buruzko gogoetak ditugu, askotarikoak: kultur sistemaren eraketan itzulpen literarioak duen lekua, hitzen tonua eta musikaltasuna gordetzea, beste hizkuntzetatik euskarara itzulitakoei buruzko hausnarketak, euskal itzulpengintzaren azken hamarkadetako garapena, itzulpenak euskal idazleen estiloari egiten dion ekarpena… (Esparza, 2019; Jauregi, 2019).

    Horien artean, itzulpen- eta sormen-lanaren artean koka daitekeen egokitzapen-teknikari buruzko hausnarketak tartekatzen dira; eta, hain zuzen ere, egokitzapenaren auziaz ari dela egiten du Lertxundik Gernikaren aipamena liburu honetan, L letran kokatutako “Luckyren monologoa” izeneko atalean (256. -260. or.).

    J.M. Coetzeeren aipu batek irekitzen du tesela, eta I, II eta III azpi-atalak datoz ondoren. I azpi-atalean, irudien asoziazioa ekartzen da hizpidera, eta Samuel Becketten Godoten esperoan laneko Luckyren monologoa. Luckyren berbaldia Mikel Laboaren jolas berbalekin lotzen da eta berbaldiaren musikaltasuna aipatzen da. II azpi-atalean aipatu monologoko pasarte zenbaiten itzulpen-adibideekin jostatzen da Lertxundi: “hitz bi entzungo ditu frankofonoak, Poinçon eta Wattman; izengoitiak ematen duten hitz bi entzungo ditu ikusle anglofonoak, Puncher eta Wattman; ezizenak ematen duten hitz bi, Zorroztegi eta Wattman, entzungo ditu entzule euskaldunak (…) (Lertxundi, 2019: 258) edota “Dieu entzun du frankofonoak, God entzun du anglofonoak, Jainkoa entzun du euskaldunak (…)” (idem), zein “(…) Voltaireren garai bereko pertsonaia historiko baten izena entzungo du entzule ingelesak, Bishop Berkeley, Voltaireren eta Bishop Berkeleyren garai bereko pertsonaia historiko baten izena entzungo du ikusle euskaldunak, Elhuyar (…)” (idem: 259). Segidan dator Gernikaren aipamena: 

    (…) eta bat-batean izen geografiko bat, oihartzun belikoek leherrarazia, entzungo du frankofonoak, Normandia, entzungo du anglofonoak, Conemara, entzungo du euskaldunak, Gernika, eta, dena esate aldera, Luckyk monologoan zehar jariatutako aipamen kultural historiko geografiko etniko gainerakoak ere frantsesez entzun ditu ikusle frankofonoak, ingelesez entzun ditu ikusle anglofonoak, euskaraz entzun ditu ikusle euskaldunak, eta puntuan betetzen delarik Juan Gartziak Godoten esperoan tragikomediako hitzaurrean dioena, zeinean irakur daitekeen kimera tristea dela itzulpen literala egitea, horrela jokatuta “sistema guztiz kalteturik gertatzen baita hitzak hitzez hitz aldatzean (hizkuntza bakoitzera moldatu behar baita guztia, alusioak barne)”, garbi utziz obra bat hizkuntza batetik bestera pasatzerakoan kultura batetik bestera egiten dela joan-etorria, itzulpena ez dadin hitz gorpuen meta izan. (Lertxundi, 2019: 259-260).

    III. azpi-atalean, Godoten esperoan lanaren gaztelaniazko bertsioan egokitzapenik egin ez izana, Juan Gartziaren euskarazko bertsioaren hautuen zergatia eta Beckettek berak ere beste itzulpen batzuetan egokitzapenak egin izana aipatzen dira.

    Gernikaren irudikapenari gagozkiola, leku-izen bakar batek eragiten duen oihartzuna (bertan gertatutako bonbardaketa) geratzen da agerian Lertxundiren gogoetan, bai eta kultura batetik besterako jauzian egin daitezkeen asoziazioak ere. Azken horiek lotura dute “memoria multidirekzionala” deritzonarekin (Rothberg, 2009). Bada, kontzeptu horren arabera, memoriek elkarreragin egiten dute, eta askotariko espazioetako memoriekin loturan eraikitzen dira espazio jakin bateko memoria eta identitate propioa. Lertxundiren irakurleak hirurak lotzen ditu haren hitzak irakurrita, inondik ere. Baina, era berean, toki bakoitzeko esperientziak bakanak diren aldetik, alderatu ezinak, ekibalentzia zehatzik gabeak… dira eta ildo horretan hitzez hitz itzuli ezin daitezkeela ere esan ohi da. Hala, kasu honetan itzulpen-prozesuan “ekibalentzia situazionalik” eman ezinez irakurleari gertuagoko testuinguru bat eskaintzean datzan “egokitzapen” teknika (Bastin, 2001) baliatzearen aldeko jarrera agertzen du Lertxundik, Juan Gartzia euskal idazlearen bidetik. Bide horretan, Gernikan izandako bonbardaketaren parekoak bizi izan dituzten beste espazio batzuekin egiten da lotura, itzulpen kulturala edo egokitzapena eginez “beste Gernika” batzuk agertuaz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Bastin, G. (2011). “Adaptation”. M. Baker ed. Routledge Enciclopedia of Translation Studies (5-8). Routledge.

    Esparza, I. “Hitzen paradisuan”. Gara, 2019-12-28: https://kritikak.armiarma.eus/?p=7910

    Jauregi, J. “Irakurtzeko itzuliak”. Berria, 2019-11-17: https://kritikak.armiarma.eus/?p=7880

    Lertxundi, A. (2019). Itzuliz usu begiak. Alberdania.

    Rothberg, M. (2009). Multidirectional Memory. Stanford University Press.

    Santamaria Urkaregi, I. (2025). “Itzuliz usu begiak: Anjel Lertxundiren obra itzulpengintzaren argitan”. B. Zabalondo & A. Gurrutxaga (ed.) Anjel Lertxundi: idazlea eta obra (123-136). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

    Sarasola Santamaria, B. (2025). “Anjel Lertxundiren saiakeragintzaren gakoak: pentsamendua eta literatura tesela bidez”. B. Zabalondo & A. Gurrutxaga (ed.) Anjel Lertxundi: idazlea eta obra (35-62). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

    Sarriugarte Irigoien, I.: “Itzuliz usu begiak/mundua”. Berria, 2022-03-19: https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/itzuliz-usu-begiakmundua_1310812_102.html Serrano, A. (2009). “Lertxundi, Anjel”. Euskal Literaturaren Hiztegia – Idazleak. Euskara Institutua, EHU: https://www.ehu.eus/ehg/literatura/idazleak/?p=635

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lerro etena (2004-2018) | Angel Erro | 2019

    Titulua Lerro etena (2004-2018)
    Egilea Angel Erro
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Dietarioa
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Dietario honetan, 2004tik 2018ra bitarteko egunerokoetako gertakariak eta hausnarketak jasotzen ditu Angel Errok. Askotariko testuak dira (literaturari buruzko hausnarketak, kontu pertsonalak, intimoak etab). Horien artean, aipamena egiten dio Gernikako arbolari, 2015eko martxoaren 4ko testuan (153. or).  

    Transzendentziari buruzko gogoeta batekin hasten da Erro, hil ondoren ere bizirik jarraitzeko egin behar omen direnak aipatuaz (zuhaitza landatzea, seme-alabak edukitzea eta liburu bat idaztea). Aste horretako gertakari bati egiten dio erreferentzia gero; Gernikako arbolaren (haritz zaharraren ondorengo baten) birlandatzeari, eta katea ez dela eten egiaztatzeko sinatu zuten lekualdatze agiriari.

    Testuaren amaieran, albistea birpasatuz, iragan horren seme gisa kokatzen du bere burua, posizio kritiko batetik, arbolaren erro ustelei erreferentzia eginaz.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Angel Erro Jimenezen Lerro etena (2004-2018)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Miren Begoña Arriaga eta Gernikako bonbardaketa | Miren Begoña Arriaga | 2019

    Titulua Miren Begoña Arriaga eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Miren Begoña Arriaga
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Miren Begoña Arriagak Gernikako bonbardaketa du mintzagai Ahotsak-en Gernikara ihes egin bonbardaketaren biharamuna ikusteko izeneko bideoan.

    Miren Begoña Arriagak 17 urte zituela Ereñotik Gernika nola bonbardatu zuten ikusi zuen. Hegazkinak, hirunaka, Ereñon buelta ematen zuten eta gauera arte ez zuten jakin Gernika zela erasotzen ari ziren herria, argitasun handia ikus zitekeelako bertatik. Hegazkinen metrailek eta bonbek eragindako zarata gogoratzen du. Hurrengo egunean, inori ezer esan gabe, Miren Begoña lagun batekin Gernikara joan zen zer gertatu zen ikustera. Lagunak oharkabean familiari kontatu zion Gernikara ihes egin zutela egun hartan, eta haserrealdi handi izan zuten gurasoek haiekin. Gernikan dena suntsituta zegoela kontatzen du, eta ikusitakoa inoiz ez duela ahaztuko argi du. 

    Miren Begoña Arriagaren testigantzak bonbardaketak suposatu zuen hondamendi eta sarraskia erakusten ditu, Miren Begoñak lehen pertsonan ikusi baitzuen erasoaren biharamuneko Gernikaren egoera tamalgarria.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/eibar/pasarteak/eib-680-019/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Miren Begoña Arriaga eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Begoña Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketa | Begoña Beaskoetxea | 2019

    Titulua Begoña Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Begoña Beaskoetxea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Begoña Beaskoetxeak Gernikako bonbardaketa gogoratzen du eta horri buruz mintzo da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eta soldaduak etxean izeneko bideoan.

    Begoña Beaskoetxeak gauza gutxi oroitzen ditu gerra garaiaz, baina Gernika errearen irudia gogoan du. Hegazkinak gainetik nola pasatzen ziren ere gogoratzen du, eta irteteko zuen beldurra ere bai. Soldaduek haiekin egin zuten lo zaldiekin joaten baitziren ur eta jateko eske, eta goizaldean egin zuten alde haien etxetik. Aitak Bidebieta aldera ihes egin zuen ganaduarekin batera.

    Deigarria da Begoña Beaskoetxeak dituen oroitzapen gutxietatik Gernikako bonbardaketaren egunekoa izatea horietako bat: honek erakusten du bonbardaketa gertakari traumatikoa izan zela herritar askorentzat, memorian iltzatuta gelditu baita urte luzez askoren artean, nahiz eta haur gazteak izan bonbardaketaren egunean.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/mendata/pasarteak/mdt-010-039/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Begoña Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Hari single bat | Idoia Garzes | 2019

    Titulua Hari single bat
    Egilea Idoia Garzes
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Idoia Garzesek idatzi eta Leire Urbeltzek ilustratutakoa da eleberria. Neska gazte bat amonaren baserrira joango da eta haren kutxan aurkitutakoari esker bere familiaren iraganean murgilduko da neskatoa, besteak beste, familiak Gerra Zibil garaian eta osteko urteetan pairatutakoak ezagutuko baititu.

    Alderdi paratestualean, Picassoren Guernica ageri da pare bat aldiz. Batetik, protagonistaren etxeko horman ageri da, nahiz eta irudian, tonu arrosa, urdin eta laranjan ageri den (ikus 28. eta 29. orrialdea). Bestetik, artelan hori bera ageri da berriz ere amonaren ardatzak gidatuta, neskatoak aurkitzen duen “Infernuko ahoa” kobazuloaren paretetan (ikus 70. orrialdea). Aipatutako bi irudi horiek Guernica originalarekiko fidelak dira, baina berrinterpretazioak dira, joko-kromatikoa aldatuta baitakarte. Mintzagai dugun lan honetan ekfrasiak Gernikako sarraskia gogorarazten du, gertaera historikoa, baina horrekin batera, koadroaren berrinterpretazioak iradokitzen du mihisea jatorriz Gerra Zibilari lotutako protesta ikur boteretsua bazen ere, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizartearen salgai bihurtu dela.

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Idoia Garzesen Hari single bati buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • Hegazti batzuk zeozer jaurtiz | Amets Arzallus | 2019/10/27

    Titulua Hegazti batzuk zeozer jaurtiz
    Egilea Amets Arzallus
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2019/10/27
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Amets Arzallus bertsolariak gai bati emandako erantzuna dira bat-batean kantatutako hiru bertso hauek. Ibarluzeak (2025) egindako analisian azaltzen duenez, kontuan edukitzekoa da Jon Lopategi bertsolariari egindako omenaldi batean egin zuela Arzallusek ariketa hau, eta, gai-jartzailea, Xabier Paya bertsolaria, Lopategiren ikasle izandakoa dela. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea gai-jartzaileak berak ematen duela egoera komunikatibo osoa, ziurrenik eta Ibarluzearen (2025) lanera itzulita, Lopategi irakasle zuenean Payari kontatutako pasadizoa baita: “1934koa zen Jon Lopategi eta bera ume-ume izanda tokatu zitzaion, hiru urterekin, Gernikako bonbardaketa. Hiru urterekin Muxikan beldurtuta erabaki zuten trenbide azpiko estolda zulo batean egotea egun eta erdian. Eraman gaitzazu une horretara” (BDB Bertsolaritzaren datu-basea). Bertsoaldiaren ezaugarriok ez ezik, bertsoak ere jasota daude  BDB datu basean (Arzallus, 2019).

    Bakarkako ariketa da, gaia emanda baina doinu zein neurri librean kantatua. Neurriari dagokionez, hamarreko handia edo bost puntuko handian osatutako hiru bertso dira, hau da: hamar bertso-lerro edo zortzi puntuk (bikoteka zenbatuta) osatzen dute lana. Gainera, neurri ‘handia’ eskatzen du doinuak, hamar silaba dituzte bertso-lerro bakoitiek eta zortzi errima daramaten bertso-lerro bikoitiek. Doinuari dagokionez, Lurraren pean sar nindaiteke izenburupean dago erregistratuta BDBn. Amodiozko doinuekin batera sailkatua da eta Urepelen Aita Donostiak jasoa. Deigarria da datu-basean bertan doinuari buruz aipatzen dutena: “Doinu bikain hau musikari askok harmonizatu du, besteak beste Pablo Sorozabalek Gernika izeneko bere euskal hileta martxa osatuz” (BDB).

    Neurria eta doinua zehaztuta, hitzei erreparatuz gero, bonbardaketa egunera bertara eraman behar du bertsolariak entzulea, eta, gainera, Jon Lopategi muxikar bertsolariaren ahotsetik egin behar du. Haur baten ahotsetik ari zaigu, beraz, Arzallus: lehenengo bertsoan estoldara sartzen da haurra eta beldurra sumatzen hasten da, bigarrenean senideekin gogoratzen da eta bonben zaratak sortutako ikara nabari zaio; azkenengoan etorkizunerantz begiratzen du haurrak, memoria nola eraikiko duen pentsatuz.

    Aipagarria da gertaera erreal bat deskribatu behar duela bertsolariak (bonbardaketaren egunean estolda zulo batean ezkutatu zen Lopategi) baina entzuleak sinistu egin behar du Lopategi entzuten ari direla. Ondoriozta daiteke narratologian hainbestetan aipatu ohi den Pozuelo Yvancosen “fikziozko paktua” (1988) onartzen duela entzuleak, sinetsiko diola Arzallusi. Gernikan bertan kantatuak izan ziren bertso hauek, 2019an, Lopategiri egindako omenaldi batean; pentsa genezake, beraz, publikoari gai ezaguna izango zitzaiola, eta, hortaz, konbentzitzeko modukoa. Kontakizunari sinesgarritasuna emateaz gain, entzuleengana heltzeko modu bat da, bertsoen kasuan, doinuaren aukeraketa. Kasu honetan, Lurraren pean sar nindaiteke izenekoa aukeratzen du bertsolariak, doinu haur batengana hurbiltzeko doinu nostalgikoa, hitz batean.

    Arzallusen bakarkako lana osatzen duten bertsootan, horrez gain, hainbat modutan azaltzen zaigu bonbardaketa bera. Hegazti batzuk zeozer jaurtiz / hortxe dabiltza alegre (1-2 bertso-lerroak) hasten da lehenengo pertsonan kantuan. Haur batentzat, noski, zeruan hegaztiak baino ez daude; hala ere, alegorikoki aipatzen ditu bonbak jaurtitzen ari ziren hegazkinak. Aipagarria da, bestalde, hirugarren bertsoan hegazkinei arrano deitzen diela. Metaforikoki eta alegorikoki mintzo da bonbak jaurti zituzten alemaniarrei buruz arranoaren sinbologia erabilita.: arrano horiek noiz alde egingo / ote duten Gernikatik (hirugarren bertsoko lehenengi bi bertso-lerroak). Gernika aipatzen da bertso-lerro horietan, leku-izen erreal bat erabiltzen du bertsolariak, Gernika esatea nahikoa baita gertakari historikoa burura ekartzeko. Gainera, hasieran aipatutako  Pablo Sorozabalen Gernika hileta martxan (ikus Gernika. Eusko Kantanta 1998) ere arrano deitzen die hegazkinei, entzuleak zuzenean ulertzeko moduko sinbologia eta terminologia erabiltzen du Arzallusek. Horrez gain, Retolazak (2009) egindako Gernikako bonbardaketako errepresentazioen irakurketari begiratzen badiogu, irakurketa pertsonala deitzen dionaren aurrean gaudela ondorioztatzen du Ibarluzeak (2025), lehenengo pertsonan azaldutako kontakizuna baita eta entzuleak badaki izen eta abizenez, nori jazotako pasadizoa den.

    Amaitzeko, azken bi bertso-lerroei arreta berezia jarri behar zaie, entzuleak entzungo duen azken gauza baita, eta ondorio nagusia laburbiltzen dute: memoria bat eraiki behar / puska hautsi hauetatik (hirugarren bertsoaren azken puntua). Ondorioa garbia da, memoria eraiki eta transmititzeko beharra dago.

    BDB Bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    Arzallus, A. (2019). “Hegazti batzuk zeozer jaurtiz”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo [azken kontsulta: 2024/12/10]
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Gernika (Eusko Kantata) Elkar, 1998. https://www.youtube.com/watch?v=ZvAijSsM3P8 [azken kontsulta: 2024/12/13]

    Ibarluzea, M. (2025). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. In M. J. Olaziregi eta A. Gandara (eds.), Gernika(k) / Guernica(s) Resemantizaciones de un trauma histórico (241-270. or.). Peter Lang.

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Amets Arzallusen «Hegazti batzuk zeozer jaurtiz» bertsoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Francoren bilobari gutuna | Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia, Igor Elortza, Le Petit Théatre de Pain, Unai Iturriaga | 2019

    Titulua Francoren bilobari gutuna
    Egilea Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia, Igor Elortza, Le Petit Théatre de Pain, Unai Iturriaga
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 2019
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Askoren artean ondutako Francoren bilobari gutuna antzerkian, 28 agerralditan zehar, ospitale batean gertatutakoak kontatzen zaizkigu. Kaotikotik eta absurdotik duen paisaia horretan pertsonaiak alderrai aurkituko ditu irakurleak, eta nork bere istorioa eta nork bere traumak ekarriko ditu hizpidera.

    Testuinguru horretan, 8. agerraldian –Josi eta josi izenekoan–, Urtzi pertsonaiaren hitzetan agertzen zaigu huts-hutsean Gernikako bonbardaketaren aipamen esplizitua hitzez hitz: “Aitortzen dut. Geuk erre genuen Gernika! Eta Durango eta Otxandio ere bai! Ikastolan irakatsi ziguten hegazkinak gidatzen, jolastorduan. Gerra galduta geneukan eta gorrotoaren gorrotoz geure lehengusu-lehengusinak hil genituen merkatu egun batez ahal genuenik eta bonbarik gehien jaurtita…”. Pasarte horretan, batetik, 1937ko apirilaren 26an gertatutakoari egiten zaio dei, alegia, Gernikako bonbardaketari, hain zuzen ere, astelehenez, merkatu egun batean gertatutako jazoerei. Hala, zibilen kontrako basakeriatzat ere seinalatzen da bonbardaketa. Bestetik, Gernika bezala bonbardatu zituzten beste herri euskaldunak ere aipatzen dira, Durango eta Otxando, alegia. Zentzu batera, faxismoak Euskal Herrian eragindako biktimen artean lotura bat eraikitzen da.

    Ospitaleko gaixo batek abesten duen Espainiako Falangisten ereserkiaren hasiera da, ostera, Urtzi pertsonaiarengan gomuta hori aktibatzen duen pizgarria. Abestiak, bistan denez, Urtziren memorian egiten du hazka, eta hark damutasunez onartzen ditu krimenok. Hala, Gernikako bonbardaketaren aipamenak, bai eta gainontzeko herri euskaldunetan eragindako txikizioenak ere, iraganean iltzatuta geratu den gaixo baten hitzak dakartzate, iragan traumatiko horren isla.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2024). “Askoren artean egindako Francoren bilobari gutuna antzerkiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Sabotaje | Arturo Pérez-Reverte | 2018

    Titulua Sabotaje
    Egilea Arturo Pérez-Reverte
    Lekua Bartzelona
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Sin autor registrado (2023): “Ficha sobre Sabotaje de Arturo Pérez- Reverte”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=711

  • Bizitzea ez al da oso arriskutsua? | Joseba Sarrionandia | 2018

    Titulua Bizitzea ez al da oso arriskutsua?
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

     Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (2018) Sarrionandiak idatziriko Habanako gaukarietako lehendabiziko egunerokoa edota gaukaria da. Hamarkadak lehenago kartzelan idatziriko Ni ez naiz hemengoa gogoangarriaren antzera idatzi zituen gaukariak Sarrionandiak. Pieza soltez osaturiko hiru liburu dira orotara: Bizitzea ez al da oso arriskutsua (2018), Airea ez da debalde (2019), eta Gauzak direna balira (2020).

    Askotariko gaiez mintzo da idazlea, besteak beste, bere egunerokotasunari buruzko anekdota solteak historia, geopolitika, kolonialismoa edota literaturari buruzko hausnarketekin nahasten ditu.  Gernikari dagokionez, bi aipagai egiten ditu aipatu gaukarian.

    Lehendabiziko aipemena, “Habanko arbola” sarreraren baitan kokatzen da. Eta bertan, Gernikako arbolaren sinbologia eta historia Habanako zeiba zuhaitzarekin alderatzen du, bi-biak ikur nazionalak baita euren herritarrentzat (Sarrionandia 2018, 88):

    Gaukariak eguneroko gisa, data eta guzti, antolatua dagoenez, apirilaren 26ko sarreran, “Gernika” izeneko sarrera topa genezake. Sarrera horretan, Sarrionandiak, hasi eta buka, César Vallejoren aipu bat erreproduzitzen du, eta bere horretan ematen, inolako hausnarketarik edo, gehitu gabe. Honatx, Sarrionandiak dakargun Vallejoren aipua:

    “Gernika defendatzen duzuenok esan beharrik gabe! Oi, ahulok! Oi, lagun samur irainduok,/igotzen zaretenak, hazten zaretenak,/ jende ahul boteretsuz betetzeko mundua!” (César Vallejo 1992, apud Sarrionandia, 2018, 125).

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Joseba Sarrionandiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? saiakerari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernikako hiria suntsitu” | Itxaro Borda, Séverine Dabadie | 2018

    Titulua “Gernikako hiria suntsitu”
    Egilea Itxaro Borda, Séverine Dabadie
    Lekua Baiona
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak, Literatura
    Azpigeneroa Erakusketa, Poesia
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Poema bat da herri hau (2018) Itxaro Bordak eta Séverine Dabadiek elkarlanean osatutako lana da, lehenaren olerkiak eta bigarrenaren argazkiak biltzen dituena. Testuak eta irudiak elkarrizketan dira gainera eta Euskal Herriko paisaiaren eta gizartearen lekuko dira. Arthur Rimbauden testu eskuizkribatu batek, bokalei egindako soneto ezagun hark, ematen dio hasiera lanari, eta poeta frantsesak egin gisan, Itxaro Bordak ere bokale eta koloreak ditu lagun Euskal Herrian gaindi osatzen duen bidaia honetan. Liburuari egindako sarreran idazleak berak jaso zuenez, «Paisaia anitzak halatan, atalez atal agertzen dira, frogatuz, horrelakorik behar balitz, Euskal Herria, idazle askorentzat Etiopia bezala, koloreek eta aditzek egituratzen duten herrialde amestua dela, beti» (2018, 4-5). Liburua elebiduna da eta argazkiak osatzen dituzten poemak euskaraz eta frantsesez jasoak dira, ezker-eskuin.

    «Gernikako hiria suntsitu» hasiera duen poema U bokalaren atalari dagokio. Gernikako arbolaren argazkiarekin elkarrizketan den olerki honek Gernikako bonbardaketa du hizpide, eta herriaren ondorengo berreraiketa eta berpiztea. Argazkian ageri den belarraren kolore berde biziarekin paralelismoa eginez, Gernikako herria ere gaur «inoiz baino biziago / inoiz baino berdeago» agertzen zaigula diosku ahots poetikoak.

    Gernikako hiria suntsitu poemaren orrialdea. Iturria: Poema bat da herri hau (2018).

    Liburu honetan argitaratu ziren Séverine Dabadieren argazkiekin hainbat erakusketa antolatu dira, bai eta espazio horietan egindako Itxaro Bordaren testuen errezitaldiak ere. Bideo honetan jaso zen 2025ean Kanboko Mediatekan egin zena:

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Itxaro Borda eta Séverine Dabadieren «Gernikako hiria suntsitu» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Horma beltzean idazten da” | Itxaro Borda, Séverine Dabadie | 2018

    Titulua “Horma beltzean idazten da”
    Egilea Itxaro Borda, Séverine Dabadie
    Lekua Baiona
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak, Literatura
    Azpigeneroa Erakusketa, Poesia
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Poema bat da herri hau (2018) Itxaro Bordak eta Séverine Dabadiek elkarlanean osatutako lana da, lehenaren olerkiak eta bigarrenaren argazkiak biltzen dituena. Testuak eta irudiak elkarrizketan dira gainera eta Euskal Herriko paisaiaren eta gizartearen lekuko dira. Arthur Rimbauden testu eskuizkribatu batek, bokalei egindako soneto ezagun hark, ematen dio hasiera lanari, eta poeta frantsesak egin gisan, Itxaro Bordak ere bokale eta koloreak ditu lagun Euskal Herrian gaindi osatzen duen bidaia honetan. Liburuari egindako sarreran idazleak berak jaso zuenez, «Paisaia anitzak halatan, atalez atal agertzen dira, frogatuz, horrelakorik behar balitz, Euskal Herria, idazle askorentzat Etiopia bezala, koloreek eta aditzek egituratzen duten herrialde amestua dela, beti» (2018, 4-5). Liburua elebiduna da eta argazkiak osatzen dituzten poemak euskaraz eta frantsesez jasoak dira, ezker-eskuin.

    «Horma beltzean idazten da» hasiera duen poema O bokalaren atalari dagokio. «Askatasuna eta bakea» izenburu duen horma-irudiarekin elkarrizketan da testua, eta Picassoren Guernica koadroaren errepresentazio hori deskribatzen da bertan. Atze beltzaren gainean marra zuriz egindako irudia —txoria da koloreztaturik ageri den elementu bakarra — «Gernika berpiztuaren aztarna» gisa agertzen du ahots poetikoak.

    “Horma beltzean idazten da” poemaren orrialdea. Iturria: Poema bat da herri hau (2018)

    Liburu honetan argitaratu ziren Séverine Dabadieren argazkiekin hainbat erakusketa antolatu dira, bai eta espazio horietan egindako Itxaro Bordaren testuen errezitaldiak ere. Bideo honetan jaso zen 2025ean Kanboko Mediatekan egin zena:

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Itxaro Borda eta Séverine Dabadieren «Horma beltzean idazten da» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Denbora-lerroa” | Iban Zaldua | 2018

    Titulua “Denbora-lerroa”
    Egilea Iban Zaldua
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018, Elkar) liburuko “Denbora-lerroa” ipuin fantastikoan dilema kontrafaktual bat planteatzen da. 1960ko hamarraldiaren hasierako Azkoitian kokatzen da, eta ipuineko protagonistak arrapaladan aurrean dituen ama eta bi semeak istripu bat izan behar dutela ikusten ostean, seme txikiena salbatzea pentsatzen du. Alta, umea salbatu aurretik etorkizuna ikusten du: “heriotzaren atarian daudenei beren iraganarekin gertatzen omen zaien bezala, baina alderantziz” (Zaldua, 2018: 113). Etorkizun horretan, hain zuzen, salbatuko duen umeak denboragarrenera protagonista bera hilko duela ikusten du: umea salbatu ostean, eta familiako tradizio karlistari jarraiki, herriko zinegotzi egingo dela, ondoren Unión de Centro Democrático partiduaren bultzatzaile nagusienetakoa izango dela eta, azkenik, 1980ko hamarraldiko hasieran ETA militarraren atentatu batean hilko dutela: “erremateko tiroa –patuaren ironia maltzurra da– salbatu zuen ume hark emango dio” (Zaldua, 2018: 114). Aipagarria da, bestalde, izenik aipatzen ez den fikziozko protagonistaren biografiak Jose Tomas Larrañaga Arenas (1927-1984) zenaren biografiarekin dituen antzekotasunak.

    Hori ikusita, protagonistak umea ez salbatzea erabakiko du. Eta erabaki horrek beste denbora-lerro bat irekiko du, non eta istripuaren egunean protagonista bera ez dagoen istripuaren lekuan. Honela biltzen eta ebazten da kontua ipuinean: “Zeren eta haurtxo hura salbatzen ez den denbora-lerro horretan, hogeita hamabost urte atzerago, espaloiko gizona, garai hartan ume jaioberria, errefuxiatuta baitago bere amarekin, Gerra Zibila dela eta, Busturialdeko Muruetan, herrixka bat zeinetatik, azoka egunetan, Gernikara hurbiltzen baitziren biak, garaiko eskasia orokorra arintzeko beharrezko erosketak egiteko asmoz. Eta, bai, ama eta seme jaio berriak bertan ziren azoka egun horretan, Junkers Ju-52ek eta Heinkel He-111ek su bonbak jaurti zituztenean hiribilduaren kontra: ezin izan zuten Gernikatik garaiz ihes egin, eta hantxe amaitu zitzaion umetxoari, brastakoan, gizon bihurtzeko eta, hogeita hamabost urte geroago, hilabete gutxiko beste haur hura salbatzeko posibilitatea, etorkizunean terrorista bilakatzeko zeuzkan aukera oro errotik moztu zituen zerbait” (Zaldua, 2018: 114-115).

    Ikusi bezala, ipuin laburrean euskal gatazka deitu izan denaren inguruko gertakizunak eta Gernikako Bonbardaketa ondotik datoz, eta amaieran zehazten den bezala, badirudi ipuinak ondorengo irakaspena eman nahi duela: etorkizunari behar bezala begiratzeko ezinbestekoa da aurrez iraganari erreparatzea.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Iban Zalduaren «Denbora lerroa» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika, 1937/4/26 | Hezurbeltzak | 2018

    Titulua Gernika, 1937/4/26
    Egilea Hezurbeltzak
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Instrumentala
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Hezurbeltzak musika taldearen lehen diskoko kanta bat da “Gernika, 1937/04/26”, Gorka Hermosa musikariak sortutako kanta instrumentala.

    Hiru kidek osatzen dute taldea: Jon Maia ahotsean,  Gorka Hermosa akordeoiarekin eta Jesus Prieto ‘Pitti’ gitarra, baxua, koru eta perkusioarekin arduratzen da. Folka edo herri-kanta jotzen dute.

    2018an sortu zen taldea, baina aurretik ezagutzen zuten elkar artistek: “ELE! Lorca-Lauaxeta antzezlanean ezagutu zuen elkar hirukoteak, eta harreman estua egin dute ordutik. «Lorcaren eta Lauaxetaren semeak» direla dio Maiak, eta kontzeptu horren bueltan eraiki dute haien proiektua, bi identitateren eta bi kulturaren artean kantuan. Egungo testuinguruan, «gero eta laino beltz gehiago dituen Europa xenofobo honetan», beste balio batzuk aldarrikatzera iritsi dira Hezurbeltzak, «kantuz, eta, gainera, umorez»” (Imaz, 2018).

    Identitate eta kultura desberdinen baitatik sortutako lanak dira, beraz, hirukote honen musikagintzaren muina: Badok Euskal Musikaren atarian ere informazio antzekoa irakur daiteke: “Hezurbeltzak proiektuak ibilbide luzeko eta nortasun eta izen handiko hiru artista bildu ditu eta bere zuzeneko emanaldietan musika gainditzen duen unibertso propioa sortzen da. Kantu eta testuetan besteak beste emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak” (BADOK).

    Fitxa honetarako aukeratutako kanta, “Gernika, 1937/04/26”, instrumentala da, hots ez dauka letrarik. Musikaren doinu eta erritmo aldaketek sortzen dute bonbardaketaren errepresentazioa. Soilik instrumentala izateak aukera ematen dio edozein entzuleri bere interpretazioa egiteko: hitzek ez diote esango zehazki zer imajinatu behar duen, baina bonbardaketaren irudiak etorriko zaizkio, izenburua irakurrita informazio nahikoa baitu entzuleak. Retolazaren (2009) bonbardaketaren errepresentazio desberdinen sailkapenari erreparatuta, alde batetik, errepresentazio historiko-soziala genuke kanta hau: izenburua irakurri eta entzuleak dagoeneko badauka iruditeria bat, gertaera historiko baten errepresentazioa datorrela badaki eta jakingo du ulertzen. Beste alde batetik, errepresentazio identitarioa ere bada neurri batean. Retolazak ondorio antzekoa ateratzen du beste poema batzuen azterketarekin, baina kasu honetarako ere balio digu: “…/… Gernikako bonbardaketa gertaera ezagun moduan aipatzen da, eta ez da haren datu zehatzik ematen. Gernika herriaren aipamen hutsa egiten da izenburuan, eta dirudienez, poetaren ustez nahikoa zaio hartzaileari aipamen huts hori gertaera historikoaz jabetzeko. Alegia, memoria historiko komun baten partetzat dute gertakaria, ez baitute gertakaria aurkezteko beharrik ikusten” (2009: 1090).

    Errepresentazio identitarioa izateak badu garrantzia kasu honetan, eta horren adibide da kazetari batek Hezurbeltzak taldearen kontzertu batean gertatutakoa deskribatzen duen unea: “Iruñean, Hezurbeltzak Gorka Hermosaren “Gernika”pieza jotzen ari zirela, «ni han egon nintzen» esan zuen emakume batek. Paquita Bretos zen, 91 urte ditu, eta bizirik atera zen Gernikako bonbardaketatik. Urteek ez diote memoriari kalte egin, eta zehaztasun handiz oroitzen du haren ondoan bonbardaketako metrailak besoa eraman zion neskatilaren soineko zuria. Mendizale porrokatua, estraperloan ibili zen gerraostean, baita mugalari lanetan ere: «Gurdian ere pasatu nuen jendea, lasto azpian ezkutatuta»” (Imaz, 2018). Publikoa zuzenean sentitzen da identifikatuta kantarekin eta gertaerarekin, bere identitatearen parte izateraino.

    Ideia nagusi batekin amaitzeko, garrantzitsua da azpimarratzea Gorka Hermosa musikariak 1994an sortu zuela “Gernika 1937/04/26” kanta. Bere webgunean aurki ditzakegu urte hartako partiturak, instrumentu desberdinetarako egindakoak (ikus Gorka Hermosa webgunea)2020an Gorka Hermosa & Blanchard Strings diskoa argitaratu zuen, eta berriro agertzen da kanta hau. Argiarako elkarrizketa batean, Hermosak berak honela laburbiltzen du adaptazio berria egitearen hautua: “17 urte nituela konposatu nuen eta agian mundu mailan nire obrarik ezagunetarikoa da. Mila moldaketa egin ditut obra honekin. Nire musika ez dago instrumentazio konkretu baterako pentsatua eta erraz moldatzen ditut nire piezak instrumentazio desberdinetarako. Oraingoan, bertsio “nobleago” bat bilatu dut, sokak ematen dion “klase” handi horrekin” (Hermosa apud Bereziartua, 2020).  

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/hezurbeltzak/hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/06/30]

    BDB.   Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/view/11714-hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Bereziartua, G. (2020). «Gaztetan punkia nintzen eta horri eusten saiatu naiz: pikutara eliteak!». Argia. https://www.argia.eus/albistea/gaztetan-punkia-nintzen-eta-horri-eusten-saiatu-naiz-pikutara-eliteak  [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Gorka Hermosa webgunea.http://www.gorkahermosa.com/web/composiciones.asp?id=9&nombre=Accordion%20sheet%20music%20(pdf)&nombre_subg=Chamber%20music&subg=15 [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Gernika, 1937/04/26 DeepSoda, 2018.

    Imaz, A. (2018). «Ezkutukoei, maitasunarekin». BADOK. Euskal Musikaren Ataria. [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Hezurbeltzak taldearen «Gernika, 1937/4/26» abestiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Hariak | Yoseba Peña | 2018

    Titulua Hariak
    Egilea Yoseba Peña
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

     Yoseba Peñaren Hariak eleberriak Euskal Herriaren 1936tik 80. hamarkada amaiera arteko barne historia egiten du, horretarako, Euskal Herriaren 50 urte ilunen eta gatazkatsuenak belaunaldiz belaunaldi kontatutako memoria ariketaren bitartez harilkatzen da eleberria. Kontakizunaren protagonistak Zarauzko familia bereko hiru emakume dira, eta haien bitartez ezagutarazten dira 1936ko gerra, frankismoa eta trantsizio garaia deitu zitzaiona. Horrela, eleberria hiru zatitan banatzen da, eta emakume protagonista bakoitzaren izenak banatzen ditu atalak: Irene, Xexili eta Olatz.

    Ireneren bitartez Errepublikaren azken urteak eta 1936ko gerraren eztandaren berri ematen da, eta Zarauzko garaiko giroa deskribatzen da karlista eta jeltzaleen arteko gatazkak hizpide: gerraren hotsak, milizianoak, erreketeak, mesfidantzak, traizioa… gailentzen dira, eta “denak balio zuela” aitortzen da, nork bere burua aberasteko aukera baliatu baitzuen, Ireneren familian gertatu bezala.

    Liburuaren bigarren atalean Xexili da protagonista, Ireneren ahizparen alaba, hain zuzen ere. Xexiliren bidez emango zaigu 50-70. hamarkada arteko diktadurapeko bizimoduaren berri: familia onean hezia, jostuna, ezkondu gabe haurdun geratu eta baserrian kondenatuta bizitzea besterik ez du emakumeak. Bere ahizpa Estiren bitartez ezagutuko du beste mundu posible baten aukera: zigarroak, ile motza, janzkera modernoa, ikasteko aukera… Xexili, ordea, tradizioan ainguratuta biziko da, eta ahizpa laguntzen eta familia zaintzen pasako ditu urteak.

    Azken atala da hiru ataletatik luzeena, ia eleberriaren erdia hartzen duena: Olatz, Xexiliren alaba, oraindik nerabea dela, mutil-lagunarekin Txiki eta Otaegiren exekuzioaren aurkako panfletoak banatzen aurkezten zaigu. Olatz laster atxilotu, torturatu eta espetxeratzen dute; ondorioz, Iparraldera ihes egiten du errefuxiatu moduan, baina laster hasten da erakundearentzat enkarguak egiten, Sodupera bizimodu berri baten bila badoa ere. Olatzen bitartez kontatuko zaizkigu ETAren garai latzenak, baita garaian jasandako GALen torturak, espetxeetako tratu txarrak eta gose-grebak, beste gatazka eta eztabaida batzuen artean. Hori guztia emakumearen ikuspegitik kontatuko da, Olatz haurra “abandonatu” eta aberriagatik borroka egitera ausartu den “ama txarra” izango da gizartearen begietan, nahiz eta beste militante gizon asko ere aitak izan eta borroka armatua lehenetsi beste eginkizunen aurretik. Erakundearen barruko gizonezkoen emakumeekiko jarrera oldarkorrak, infantilizatzaileak eta mespretxuzkoak, bortizkeria fisikoarekin batera, salatzen dira, emakumeen erabaki propio eta burujabetzarako oztopo direla. Olatzek borroka armatuan aurrera egiten du emakume gisa pribatutako ekintzei erantzuna emateko, egoerak eztanda egin eta poliziaren aurrean bere burua entregatzen duen arte.

    Garaiko benetako pertsonaien izenak irakur daitezke orrialdeetan zehar: Franco, Mola, Meliton Manzanas, Joxe Agirre, Yoyes, Suarez, Felipe Gonzalez… besteak beste. Yoseba Peñak memoria ariketa bat egiten du, literaturaren bitartez historia berreraiki eta berrinterpretatuz: fikzioa errealitatearengandik gertu kokatzen du, benetako datu, pertsonaia eta gertakariak (Hipercorreko atentatua, kasu) fikziozko pertsonaiekin nahastuz.

    Modu eta teknika narratibo bera mantentzen dira kontakizun osoan zehar, hirugarren pertsonako narratzaile orojakileak ematen baitu aditzera istorioa. Hala ere, hirugarren atala nabarmen bereziten da lehen eta bigarren ataletatik, teknika bera mantentzen bada ere, kontakizunak erritmo biziago eta estuagoa baitarabil.

    Euskal Herriaren historia kontatzea helburu duen eleberri honek gerrako bonbardaketak aipatu behar ditu nahitaez, eta horrela egiten du lehenengo atalean, Zarauztik urrunean entzuten ziren bonba-hotsak aipatuz eta Irungo gudak gogoratuz (75. orr, 78.orr, 80.orr). Gernikako bonbardaketa ere aipatzen da bigarren atalean:

    Eta, astiro-astiro, Xexilik bilatzen zuen informazio kezkagarria: Aldalurren gurasoek bertatik bertara ikusi zutela Gernikako bonbardaketa, Aldalur klandestinitatean ibiltzen zela, Aldalur hirutan egon zela atxilotuta eta bi urteko kartzelaldia bete zuela (170.orr)

    Pasarte horretan, Xexiliren posizio pribilegiatu eta tradizionalak “kezkagarritzat” jotzen du erresistentzian dabilen, eta Gernikako bonbardaketaren bizirauleen semea den Esti ahizparen senargaia. Izan ere, Gernikako bonbardaketa klandestinitatean eta erresistentzian egoteko arrazoi gisa planteatzen da: sarraski hura eragin zutenen aurka egitea zen klandestinitatean ibiltzea. Jakina denez, Franco eta Molaren agindupean bonbardatu zuten Gernika alemanek, eta haiek hori ezeztatzen saiatu ziren arren, bertan zeudenak erantzuleak zein izan ziren argi zuten. Gernikako bonbardaketa ez zen izan frankistek burututako sarraski bakarra: aire bidezko eraso bortitza jasan zuen Durangok ere, eta Teofilok erasoa bertatik bertara bizi zuen gudari gisa mendian borrokan zebilela. Gerraz gogoratzen duen pasarte bakarra da Durangoko bonbardaketari lotutako pasadizoa, eta horrela kontatzen du:

    Durango aldeko bonbardaketan, mendian gorde eta hegazkin bat bueltaka ibili omen zitzaiola, babes hartuta zuen haritz sendoa metrailatzen, Jerikoko tronpetak baino ozenago, taka-taka-taka. Balak hustu ondoren, tontorra txikitu beharrean jardun omen zuten bonbaka, danba eta danba, alferrik. Bukaeran, bonbak gordetzeko egurrezko kutxekin asmatzen ere saiatu omen ziren, horraino gorrotoa.

    Belaunaldiz belaunaldi gerrako pasarteak kontatzea ez zen ohikoa, isiltasuna eta trauma gailendu baitziren gerraoste garaian, baina esanguratsua da Teofilok gerrari buruzko pasadizoen artean Durangoko bonbardaketarena kontatzea, erasoaren larritasuna agerian utzita.

    Gernikak bonbardaketaz geroztik esanahi handiko sinbolo izaera eskuratu bazuen ere, eta gerrako oroimen gune esanguratsuena bilakatu bazen ere, lehenagotik datorkio euskal gizartean duen garrantzia: Erdi Arotik Bizkaiko eliteak haritz zaharraren inguruan bildu ohi ziren, eta XIX. mende erdialdean Gernikako Arbola sinbolo herrikoi bihurtu zen Iparragirreren bertso ezagunari esker. Ordutik, euskal identitatea eta askatasunarekin lotutako sinbolo izaera areagotu besterik ez zen egin eta horren adierazgarri da eleberrian Olatzek bere semeari jartzen dion izena: Haritz. Eleberrian azaldu bezala, semeari Haritz izena jartzen dio, “Gernikako arbolarena, Enkarterrietan euskara erein eta hazi” delako (236. orr). Olatzek semea izendatzeko hartzen duen erabakia euskaldunen identitate erreprimitua eta hizkuntza eskubideen aldarriarekin lotuta dago, ordura arte batez ere nazionalismo jeltzalearen ikurra zena bereganatuz eta birsemantizatuz.

    Gernikako Arbola Gernikako juntetxearen kanpoaldean kokatzen da, eta horren aurrean errege katolikoek lehen aldiz foruak errespetatzeko promesa egin zuten. Juan Carlos Borboikoa eta Sofia Gernikako Juntetxera lehen aldiz bertaratu zireneko eguna ere agertzen da eleberrian, izan ere, Gernikako Estatutuaren onarpenaren aitzakiarekin egin zuten Euskal Herrira lehen bisita. Juntetxean, ordea, ezker abertzaleko parlamentariek ekitaldia boikoteatu eta Eusko Gudariak kantatu zuten Borboien aurpegian, eta albiste entzutetsua bilakatu zen mundu osoan zehar. Halako ekintza bat Gernikako Juntetxean egiteak Gernikak duen balio sinbolikoa berriro ere agerian uzten du, beste gatazka batzuen oroimen gune ere bilakatuz herria.

    Yoseba Peñak, ondorioz, memoria ariketa bat egiten du Euskal Herriaren historia garaikide latzaren berri emateko, eta, gainera, Historia (nahiz istorioa) kontatzeko ez du gizonezkoen bide tradizionala hautatzen: emakumezkoen ahots eta ikuspegitik idazten du haien bizipen eta aldarriak erdigunean jarriz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Yoseba Peñaren Hariaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Neguko argiak | Irati Elorrieta | 2018

    Titulua Neguko argiak
    Egilea Irati Elorrieta
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Neguko argiak (2018) eleberriak Añesen eta Martaren istorioa kontatzen digu. Euskaldunak dira, bata Bilbo ingurukoa eta bestea Iruñekoa. Parisen elkar ezagutu zuten eta hiri hartan elkarrekin bizi izan ostean, Berlinen bizitzen hasi dira, oraingoan auzokide moduan. Hauetako emakume bakoitzak bere gatazka propioak ditu. Alde batetik, Añesek Parisen utzi du Bruno, bere bikote ohia, erlazio oso kaxkar baten ostean. Orain, Berlinen bizi dela, Añesek Estebanen mamuaren konpainia dauka. Esteban bere maitale ohia da, eta, haren ahotsak iraganeko oroitzapenak bisitatzen lagunduko dio, eta horrela irakurleak ezinezko amodio horren gorabeherak ezagutuko ditu. Bestetik, Marta Martinekin, Parisen ezagututako berlindarrarekin, haurdun geratu da. Gizon horrengatik mugitu zen Berlinera, baina haien arteko erlazioa ez da inoiz onena izan, Martinek ez baitu Marta ezertarako kontuan hartzen.

    Elorrietak bi emakume hauek bizileku berri honetan bizitakoak aurkezten dizkigu. Gehienetan ez dira gertakari berezirik, baizik eta hiriko eguneroko esperientziak. Bidean, Añes eta Marta beste hainbat pertsonaiekin elkartuko dira: zenbakiekin obsesionatutako Xuan vietnamdar eszentrikoa, Salon Buitren ezagututako Kai arotza eta Lasse dinamarkarra, etxe okupa batean bizi dena, Emiko japoniarra… Eleberri hau osatzen duten pertsonaiak Berlin bezain multikulturalak dira, erbesteko hiri korapilotsu honetan sustraiak bilatzen ari direnak, elkarri konpainia egiten dietenak. Haien arteko elkarrizketak sozio-politikatik historiara, musikatik zinemara, urbanismotik anarkismora igaroko dira, ehunka erreferentzia kultural eginez.

    Bestalde, aipatu beharra dago Añesen pertsonaiak literatura garaikidean hirian kokatutako paseatzailearen ohiko ikurrarekin bat egiten duela. Berlinetik paseatzen duen bitartean hiria arakatzen du, honen alderdi ezberdinak deskribatuz: dendak, parkeak, eraikin abandonatuak, miseria, gastronomia… Horrelako hirietan nahaspilatzen diren elementuak behatzen ditu, bere nortasun propioaren bila, aldi berean.

    Horrez gain, Irati Elorrietak baliabide narratibo interesgarri bat erabiltzen du narratzaileari dagokionez. Pasarte gehienak hirugarren pertsonan idatzita daude, narratzaile orojakile heterodiegetiko bat izango balitz bezala. Baina beste atal batzuetan narratzaileak lehenengo pertsona erabiltzen du. Estebanen ahotsa da, Añesen irudimeneko zirrikituetatik ateratzen den hildako pertsonaiaren ahotsa, hain zuzen ere. Autoreak joko narratibo bat egiten du, hasiera batean irakurleak nahastu ditzakeena, ez baitago guztiz argi nor den hitz egiten duena.

    Memoria historikoa lantzen da bereziki Martaren pertsonaiaren bitartez, familia karlista izanik, erreketeei buruz hitz egiten baita: “nagusi izan arte, Martaren aitak, Ramonek, ez zuen jakin abuelo erreketea izan zenik ere” (203). Izan ere, Martaren Abuelo eta Abuela desberdin bizi izan zuten gerraostea, altxamenduaren alde egon zirelako. Gerra zibilean, bi bando bereizi ziren Euskal Herrian: batetik, karlistak edo erreketeak, altxamenduaren aldekoak, eta bestetik, errepublikaren alde borrokatu zutenak. Euskal literaturan askotan goraipatu izan da bigarren taldearen borroka, “heroi” edo gudarien erresistentzia, baina eleberri honetan, aldiz, perpetratzaileen familia baten berri ematen da, Martaren aitaren familiaren berri, hain zuzen.

    Bukatzeko, aipatutako lagunarteko elkarrizketa horietako batean Gernika aipatzen da, liburuan behin eta berriro agertzen diren erreferentzia musikal intertextual batean. Liburuaren bukaera aldera, Añes eta Marta hizketan dabiltza, eta Martak kontatzen du Patty Smith abeslariaren egutegi partikularrean Gernikako bonbardaketaren eguna markatuta zegoela. Hori entzutean, Añesek hurrengoa erantzuten du: “Eskerrak eman beharko zaizkio Picasso jaunari” (275). Guernica koadroari egiten dio erreferentzia, artelan horrek gertaera historikoa mundu mailako kultura popularrean nola txertatu zuen adierazi nahian. Horrela, bonbardaketaren dimentsio alegoriko eta historikoaren artean elkarrizketa bat sortzen da. Martak argitzen du Smithen lehen alabaren jaiotzaren data bonbardaketaren 30. urteurrenarekin kointziditu zuela. Beraz, atal honetan abeslariaren Just kids (2010) liburuari egiten zaio erreferentzia ere. Lan honetan, Patty Smithek bere erditzea oso gogorra izan zela eta bere egoera sozioekonomikoagatik haurra adopzioan eman behar izan zuela azaltzen du. Aitortzen du bere burua Picassoren koadroan agertzen den pertsonaia bat bezala ikusten zuela: haurra besoetan heltzen duen ama bezala, hain zuzen. Picassok sortu zuen amaren irudia oso emankorra izan zen koadroa sortu zuenetik aurrera, eta ez da kasualitatea gatazkan murgilduta dagoen amak, sufrimenduak jota, paralelismoa aurkitzea testuinguru belikoa bizi duen ama errukiorrarekin.

    Gernikako bonbardaketa ez da liburuan aipatzen den bakarra. Liburuko beste atal batean Rifeko Gerrari buruz hitz egiten da: “Espainiak bonba kimikoekin esperimentatu zuen Rifen eta hango gerratik ekarri zuen gaixotasunak hil zion senarra” (194). Espainiak Gerra Zibila egiteko aurrekari gisa izan zuen Afrika Iparraldeko gerra hura. Bertan, zibilen aurkako erasoak gauzatu zituzten izua zabalduz, aurrerago Gernikan egingo zen sarraskian bezala. Joseba Sarrionandiak Moroak gara behe laino artean gaia zehatzago landu zuen.

    Nola aipatu: Diez Correa, Leire (2025). “Irati Elorrietaren Neguko Argiaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    2019ko Euskadi Literatura Saria Gaztelaniazko itzulpena "Luces de invierno" izenburupean egin zuten Irati Elorrieta eta Jon Gerediagak.

  • Soinujolearen semea | Fernando Bernués | 2018

    Titulua Soinujolearen semea
    Egilea Fernando Bernués
    Lekua Abra Producciones, Tentazioak
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Soinujolearen semea filma 2018an estreinatu zen Fernando Bernués zuzendari gipuzkoarraren eskutik. Filma izenburu bereko Atxagaren eleberrian oinarrituta dago, eta egokitzapena Atxagaren obrak izan zuen harrera apartaren emaitza da. Izan ere, Soinujolearen semea (2003) literatur lanak Times Literary Supplement sari ingelesa, Mondello eta Grinzane Cavour sari italiarrak eskuratu zituen. Honez gain, 16 itzulpenetik gora egin ziren eta 2013an Patxo Telleriak antzerki egokitzapena idatzi zuen izenburu berarekin. Antzezlanak, hain zuzen ere, Max Saria eskuratu zuen 2014ean. Obraren arrakastaren azken erakusgarria da egokitzapen zinematografikoa.

    Istorioa Joseba eta David lagunen arteko harremanean oinarritzen da. David Kalifornian hilzorian dago hilzorian eta Joseba azken agurra ematera joan zaio, bertan, elkarrekin daudela, haurtzarotik ordura arte bizitakoen errepasoa egiten dute. Kaliforniatik, Daviden memoriak kontatzen dituen eskuizkribuaren aitzakiapean, flashbacken bitartez egiten da salto bi lagunen sorterrira, alegia, Obabara. Obaban frankismo garaian bizitakoak kontatzen dira, baita Joseba eta David borroka armatuan sartzen diren garaia ere. Izan ere, filmak goia jotzen du Joseba eta David borroka armatuan daudela harrapatu eta espetxeratzen dituztenean, hortik aurrera, Davidek traidore gisa Kaliforniara alde egiten du. Nobela bezala, pelikula ere fragmentuka kontatua dela esan daiteke, denboran aurrera eta atzera eginez kontakizun desberdinak tartekatzen baitira.

    Hiru garai desberdintzen dira, alde batetik, 1936ko gerra eta gerraondoa, bestetik, 60-70 hamarkada gatazkatsuak, eta, azkenik, XX. mende amaiera orainaldian, Kalifornian. Joseba Kalifornian dagoela, filmaren hasieran (9:38), David eta haren emaztearen lagun amerikarrei Euskal Herriaren egoera testuinguratzen du Gernika aipatu bidez:

    “Aunque solo sea por el cuadro, todos habéis oído hablar de Gernika. La guerra en el País Vasco no acabó con el bombardeo, de una manera u otra, el conflicto se prolongó durante generaciones, o por lo menos eso es lo que pensábamos algunos jóvenes que a finales de los 60 nos lanzamos a la lucha armada”.

    Hitz hauen bidez, Josebak gatazka eta ETAren jarduna ikuspegi historiko eta soziopolitiko baten bidez azaltzen du eta egungo Euskal Herriko egoerak iraganean eragile bat duela argudiatzen du. Horretarako sintesi gisa Gernika erabiltzen du: koadroa aipatzen du amerikarrek Picassoren Guernica nazioarteko obra ezaguna ezagutzen dutela asumitzen baitu, eta Gernika epizentro gisa erabiltzen badu ere, bertan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa Euskal Herria osora estrapolatzen du: bonbardaketa ez zen euskaldunen sufrimendu eta galeren amaiera izan, urteak iraungo zituen gatazka politiko-sozialaren hasiera baizik. Gainera, borroka armatuan sartzeko arrazoi posibletako bat bezala aurkezten du Gernikako bonbardaketa, gazteek hondamendi hari, eta, hortaz, ondoren etorri zen errepresioari, erantzuna emateko bide gisa erabili baitzuten ekintza terrorista. Filmean, ondorioz, obra originalean bezala, borroka armatua Gernikan Gerra Zibilean gertatutakoaren hedadura delako mezua helarazten da, Picassoren koadroa erabiltzen delarik kanpotarrek euskaldunak mapan kokatzeko estrategia gisa.  

    Soinujolearen semea filma ikusgai hemen: https://primeran.eus/w/soinujolearen-semea

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    Olaziregi, M.J. (2018). Siempre nos quedará Obaba. El hijo del acordeonista, de Bernardo Atxaga. En I. González-Allende y J.A. Ascuence Arrieta (Eds.), El mundo está en todas partes. La creación literaria de Bernardo Atxaga (pp. 141-318). Anthropos Editorial.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Fernando Bernuesen Soinujolearen semea filmari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k).

    Filma Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003) eleberrian oinarrituta dago eta honen fitxa kontsulta daiteke Gernika(k) datu-basean.

  • Fakirraren ahotsa | Harkaitz Cano | 2018

    Titulua Fakirraren ahotsa
    Egilea Harkaitz Cano
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Canok eleberri honetan fikzioa eta errealitatea nahasten ditu Imanol Larzabal abeslariaren bizitzan oinarriturik, izan ere, Imanol Lurgain “Fakirra” pertsonaiaren bitartez Euskal Herriak 1960ko hamarkadatik aurrera haren heriotzaren egunera arte bizi zituen urte gatazkatsuen berri ematen du. Imanol ETAkide izatetik, ETAren kontra azaltzera pasatzen da eleberrian, bereziki Arakisen hilketaren ondotik, eta traidore gisa boikota jasatera kondenatua dago ordutik. Imanol Lurgainen argi-itzal, ñabardura eta kontraesanetan murgiltzen da eleberria, izan ere, Imanolengan dago fokua lehen eta azken atalak salbu, eta haren bizipenak eta gertakari historikoak azaltzeaz gain, haren beldur, emozio eta pentsamenduak ezagutzen ditu irakurleak. Paris hiri kultural gisa agertzen da kontakizunean, Fakirrak bertan erbesteratuta pasatako urte aberasgarrien leku; Donostia agertzen da, bestalde, kontrapuntuan, Fakirraren jaioterria izanik ere, inoiz guztiz eroso sentituko ez den hiria. Funtsean, beraz, Canok XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Euskal Herriko egoera kontatzen du euskal memoria kolektiboan dagoen pertsonaia indibidual baten bizitza fikzionatuz: ETAren lehen hilketa (41.orr), Meliton Manzanasen hilketa (54.orr), Carrero Blancoren hilketa (87.orr), Francoren heriotza (127.orr), Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabeasen Martuteneko ihesa (181.orr), Yoyesen hilketa (eleberrian Arakis izendatua) (209.orr)… gertaera ezagunak agertzen dira eleberrian zehar, hala, gatazka eta memoria lantzen dira.

    Fakirraren ahotsak eta 7-8 urte lehenago argitaratutako idazle beraren Twistek badute komunean errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa, eta biek egiten die euskal memoria kolektiboko gertaerei erreferentzia, hau da, memoria sortzen du narrazioren bitartez. Canoren ezaugarri nabarmenetakoa da digresioa, eta askotan egiten ditu haren lanetan musika edo arteari buruzko hausnarketak; hots, diziplinartekotasuna lantzen du sarri. Fakirraren ahotsa eleberrian zehar arte eta literatura lanak etengabe agertzen dira, bereziki aipagarria Imanolek Tatiana maitalearkein izandako artelanen gaineko hausnarketa eta elkarrizketak: Gericaulten Medusaren baltsa (99-105.orr) artelanak pisu handia irabazten du kontaketaren pasarte batean, eta pasarte hartan bertan, Picasso ere aipatzen da: “ez zen Picasso izango, baina historiarako geratu den koadro sortaren egile da… Waterlooko desastrea erabiltzeko zaldi bat erabili zuen. (…) Ez dago soldadu alerik, eta, hala ere, dena kontatzen digu gerrako porrotari buruz” (100.orr).  Hala ere, hor ez da Picasso lehen aldiz aipatzen eleberrian, 21.orrialdean, jada, Gertrude Stein hizpide duelarik, “Picasso jauna, egin didazun erretratu horrek ez du nire antzik batere” esaldia agertzen baita. Jakina da Picassoren artelanik ezagunena Gernika dela, baina artelanak oinarrian duen bonbardaketaren gertakari historikoa baztertuta agertu da azken urteotan, Gernika hitza bera koadroari lotuago egona, gerran suntsitutako leku-izenari baino. Canok ez du Gernika koadroa aipatu ere egiten eleberri osoan zehar, Zumeta eta Gernika herri izena agertzen badira ere, biak ala biak mihiseari lotuta daudenak iruditeria kolektiboan. Protagonistak haren neska-lagunarekin batera etxean zituzten Zumetaren bi koadro aipatzen dira kontakizunean: “Bereizi eta gutxira jabetu da Koro berarekin eraman dituela Fakirrak Zumetaren bi koadroak. (…) – Zumetaren koadroen bila nator”. Zumetaren Gernika Picassoren koadroa oinarri duen artelanaren ekfrasitzat har daiteke, eta eleberrian Zumetaren zein koadroaz ari diren aipatzen ez bada ere, koadroetako bat hainbeste etxe euskaldunetan aurki daitekeen Gernika izan daitekeela susma genezake, baieztatu gabeko hipotesia bada ere.

    Bestalde, Gernikaren 1937ko suntsiketari erreferentzia egiten dio Canok Dresden aipatuz: “Dresdenen Gernika berreraiki izan ez balute geratuko zatekeena ikusteak hunkitu ditu, nola zauria ez sendatzea ideia ona izan daitekeen zenbaitetan” (156.orr). Dresden, izan ere, Bigarren Mundu Gerran bonbardatu zuten alemaniar hiria da, indar aliatu estatubatuar eta ingelesek 1945eko otsailaren 13 eta 15 bitartean mila bonbardaketa astunetik gora gauzatu zituzten. Dresdeneko bonbardaketa jendartearen iruditerian gorde da suntsiketa eta gerraren izugarrikeriaren sinbolo gisa. Eleberrian, beraz, protagonistak 80ko hamarkadan garaiko Alemanian zehar eskainitako kontzertuetako bat Dresdenen eman zuen eta hiri hura Gernikarekin konparatzen du biek eskuratu duten ankerkeriaren aurkako balio unibertsala agerian utziz: Gernika, Dresden ez bezala, berreraikia izan ez balitz ikusiko genukeena irudikatzen du protagonistak. Ondorioz, zuzenean ez bada Gernikako bonbardaketaren gertaera historikoa aipatzen ere, suntsitutako Dresden hiriaren eraginez Gernika gogora ekartzean, ezinbestean pentsatzen du irakurleak bonbardaketa hartan. Antzekotasun anitz dituzte Gernika eta Dresdeneko bonbardaketak, biak bihurtu direlako memoria gune esanguratsuak, hala ere, deigarria da nola bateko erasotzaileak, besteko biktimak izan diren: Gernika naziek bonbardatu zuten bitartean, Dresdenen haien aurkako erasoa izan zen. Gernikako bonbardaketa gertaera historiko gisa errepresentatzen dela esan daiteke, hura memoria gune gisa izendatuz, eta, gainera, Gernika koadroa aipatzen ez bada ere, Picasso eta Zumetaren erreferentziek gertaera historikoaren eta alegorikoaren arteko talka erakuts lezake, Canok uko egiten diolako Gernika aipatzeari, koadroa arlo piktorikora murrizteko joera salatu nahian agian.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Eleberriaren itzulpena egin zuen Jon Muñoz Otaegik "La voz de Faquir" izenburupean.

  • Espazioaren barrea (Guernica) erakusketa. Exposición La risa del espacio (Guernica) | José Ramón Amondarain (Dani Castillejo komisarioa) | 2017-2018

    Titulua Espazioaren barrea (Guernica) erakusketa. Exposición La risa del espacio (Guernica)
    Egilea José Ramón Amondarain (Dani Castillejo komisarioa)
    Lekua Casal Solleric (Palma), San Telmo museoa (Donostia)
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Besterik, Erakusketa
    Urtea 2017-2018
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Espazioaren barrea (Guernica)/La risa del espacio (Guernica) erakusketa, José Ramón Amondarainek sortua eta Dani Castillejok komisariatua, Picassoren Guernica gogoangarriaren berrirakurketa kritiko gisa egituratzen da, jatorrizko lanaren ondare bisual eta sinbolikoaren erakusgarri. Erakusketak Amondarainen ikerketa prozesu luze batetik eratorritako eta bitarte horretan sortutako hainbat mihise biltzen ditu. Horien sorburua artistak berak 2012an Artium museoan (Gasteiz) aurkeztutako Tiempo y urgencia erakusketan aurki dezakegu. Orduko hartan, pinturaren –zehazki zortzi mihise handiren bitartez– eta Dora Maarren argazkien bitartez, Guernica artelanaren sortze prozesua deskribatu zuen. Bada, hizpide dugun erakusketak bultzada analitiko horri heltzen dio berriro, baina eremu kontzeptualago baterantz lerratzen du: kontua ez da soilik Picassoren sortze-prozesua berreraikitzea, baizik eta Guernicak, gaur egun, memoriaren, ikonoaren, debekuaren eta berrinterpretazioaren arteko tentsio-eremu gisa nola jarduten duen aztertzea. Zentzu horretan, Espazioaren barrea XX. mendeko koadro enblematikoenetarikoaren ahalmena eta mugak argitzeari eskainitako diptiko baten bigarren zati gisa uler daiteke.

    Erakusketak bi emanaldi izan ditu guztira: lehenengoa 2017ko azaroaren 25etik 2018ko otsailaren 25era, Donostiako San Telmo museoan. Bigarrena, berriz, 2018ko apirilaren 13tik 2018ko abuztuaren 26ra Palmako Casal Sollericen (Mallorca). Guztiarekin ere, Espazioaren barrea erakusketak ez ezik, Amondarainen azken urteetako ikerketa artistikoek ere omenaldi gisa funtzionatu dute; fokua Guernicaren ikonografiatik memoria sortzeko, ikertzeko eta berreraikitzeko prozesuetara eramaten duen irakurketa proposatzen du Amondarainek.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Artium Museoa (d.g.). La risa del espacio (Guernica). José Ramón Amondarain. https://artium.eus/es/exposiciones/item/60599-la-risa-del-espacio-guernica-jose-ramon-amondarain

    San Telmo Museoa (d.g.). La risa del espacio (Guernica). José Ramón Amondarain. https://www.santelmomuseoa.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&cid=33&id=11904&Itemid=69&lang=es

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “José Ramón Amondarainen Espazioaren barrea (Guernica) erakusketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Two Faced Simulation. Stumble. Hegodun Baleak | Belako | 2017

    Titulua Two Faced Simulation. Stumble. Hegodun Baleak
    Egilea Belako
    Lekua Reina Sofía Museoa
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak EZ

    2017an Radio 3ek eta RTVEk Picassoren Guernica (1937) obraren 80. urteurrena ospatzeko “Suena Guernica” izeneko ikus-entzunezko emanaldia prestatu zuten Reina Sofía Museoan, Madrilen. Horretarako, hamaika musikari entzutetsu gonbidatu zituzten margolanaren aitzinean hiru abesti interpretatzera. Bertan parte hartu zuten Jorge Drexler, Iván Ferreiro, Christina Rosenvinge, Albert Pla, El Niño de Elche (Refree; Exquirla), Rayden, Marlango, Rosalía (Refree), Amaral eta Vetusta Morla artistek.

    Kasu honetan, Belako taldeak “Two Faced Simulation” (3:53) (1), “Stumble” (3:02) (2) eta “Hegodun Baleak” (2:24) (3) abestiak hautatu zituen. “Two Faced Simulation” abestian Mendebaldeko herrialdeen kontaerrana agertzen da: hainbat balore sustatu eta, gisa berean, krudelkerietan parte hartu edo/eta izugarrikeriei ezikusiarena eginez; hipokresia horretaz konturatuek ezintasuna sentitzen dute. “Stumble” abestiak, aldiz, zuzenean egiten dio erreferentzia gerratearen ondorioz dena galtzearen esperientziari; zorigaitza asimilatzearen ezintasuna eta nahasmena ere agertzen dira. Azkenik, “Hegodun baleak” lanean, norbanakoaren identitate krisiari heltzen zaio; galerari eta erbesteari.

    Hala, hiruen artean Gernikako bonbardaketarekin lotuak diren edo/eta sufrimendu garaikideen ertz desberdinak jorratzen dituzte: trauma, izugarrikeriak, gerra, galera, nahasmena, errudun sentimendua, erbestea, krisi global eta banakoak, mina… eta horiek guztiek pertsonarengan sortzen duten kontraerran eta nahasmen sakona.

    Guernicaren aitzinean interpretaturik, testuinguru berria ematen diete bai abestiei eta baita margolanari berari ere: sufrimenduaren bizipenaz haratago, Belakoren abestiek banako nahiz gizartearen ardurak eta izugarrikeriekiko kokapena esploratzeko aukera ematen dute. Gisa horretan, “Suena Guernica” programako gainerako artistekin alderatuta, inoiz baino presenteago geratzen da ez bakarrik margolanaren, baizik eta Gernikan gertatuaren gaurkotasuna.

    Horretaz gain, gainerako artista guztien artetik, Belako da programara gonbidatutako euskal talde bakarra, beraiek azpimarratzen duten gisa, eta margolana Gernikara eraman beharra erreibindikatzen dute abestiekin batera grabatutako solas tarteetan (3:05). Horietako batean, prezeski, taldekideetako batek kontatzen du nola oroitzen den bere izeba-amonaren etxean dagoen Guernicaren kopia txikiaz (3:27), eta baita Mungiako gaztetxean den muralaz ere (3:53).

    Hala, bada, Belakoren parte-hartzeak Guernicaren balio globala azpimarratzen du, baina sorburu duen tokikotasuna ahantzi gabe.

    Aipatuak:

    Belako (2016). Hamen. Diskoa.

    Belako (2018).Render me numb, trivial violence. Diskoa.

    Hemen eskuragarri:

    Belako: “Two faced simulation”, “Stumble”, “Egodun baleak”, tarteko solasak. https://www.rtve.es/play/audios/suena-guernica/suena-guernica-belako-17-05-17/4020629/ 

    Abestien hitzak:

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Belakoren Two Faced Simulation. Stumble. Hegodun Baleaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Décimas para el Guernica | Jorge Drexler | 2017

    Titulua Décimas para el Guernica
    Egilea Jorge Drexler
    Lekua Reina Sofía Museoa
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak EZ

    “Décimas para el Guernica”(4:22) Jorge Drexler abeslari uruguayarrak “Suena Guernica” programarako (Radio 3) musikaturiko lana da.

    Gernikako bonbardaketaren, eta Guernica (Picasso, 1937) margolanaren, 80. urteurrena oroitzeko Radio 3ek Drexleri eta bertze hamar musikariri koadroaren aitzinean abesteko gonbita egin zien. Kasu honetan, Drexlerrek Madrilgo Reina Sofía Museoan bere bi abesti interpretatzeaz gain (“Milonga del moro judío”, “El pianista de Varsovia”), modu kolektiboan onduriko  “Décimas para el Guernica” ere interpretatu zuen; hau da, sareetan bere jarraitzaileek eskainitako letra eta Drexlerek musikatua den abestia (Drexler, 2017a, 4:00-4:28).

    Horretarako, dezimetan (‘décimas’) bidalitako 2000 bat proposamenetatik 4 dezima hautatu zituen abeslariak (4:27):

    La sangre gris en el lienzo

    clava su lanza y salpica.

    No hay un rojo más intenso

    que los grises del Guernica.

    Cada trazo en la pintura

    sostiene, de horror, un grito.

    Guernica, un rumor maldito

    te atraviesa cada hechura

    y muerde a cada criatura

    sobre el violento retablo,

    mientras un sordo vocablo

    de muerte el óleo rubrica

    y te desangras, Guernica,

    por los pinceles de Pablo.

    La sangre gris en el lienzo

    (…)

    Plomo, polvo, hambre, horca,

    almas cívicas y escuelas;

    pluma, sangre, panes, muelas,

    un fusil, García Lorca.

    Los cultivos de mazorca,

    las llanuras sin trincheras,

    los cuarteles, las afueras,

    la locura colectiva…

    Quien lo ha visto, quien lo viva,

    huye, pinta o vocifera.

    La sangre gris en el lienzo

    (…)

    Seno, candil, voz, cometa

    todo en la guerra se ahoga

    y cuando asfixia la soga

    para en seco la veleta.

    Saltemos como un atleta

    en busca de brisa pura,

    dejemos que la sutura

    del miedo la cosa el arte.

    Sea el poema estandarte

    que avanza en la noche oscura.

    La sangre gris en el lienzo

    (…)

    Toma esta flor obstinada

    que entre los escombros crece;

    que así como reaparece;

    como un candil, la alborada

    y en cada fe silenciada

    y aun por la grieta más chica

    la raíz derriba al muro.

    No hay verde con más futuro

    que los grises del Guernica.

    Lehen dezima, Juanlu Morarena (Espainia); bigarrena, Mopo Meursaultena (Uruguay); hirugarrena, Marta Jiménez Serranorena (Espainia); laugarrena, Andrés Romerorena (Uruguay).

    Hala, abestian izugarrikeria, Picassoren presentzia eta margolanak suntsiketa eta basakeria islatzeko duen indarra agertzen dira. Alabaina, harrigarria da Gernikari eta bonbardaketari erreferentzia zuzenik, agerikorik, ez egitea; ez abestian ezta abestiaren prozesua azaltzen duen bideoan ere (Drexler, 2017a); ez da erreferentzia bakar bat ere egiten Gernika herriari edo bonbardaketari berari. Picassoren margolana ageri da erreferentzia beregain gisa.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Drexler (2017a): https://youtu.be/cdlh5TJbqj8

    Drexler (2017b): https://www.rtve.es/radio/20170614/suena-guernica-jorge-drexler/1562261.shtml

    Hemen eskuragarri:

    RTVE-Radio 3: https://www.rtve.es/radio/20170614/suena-guernica-jorge-drexler/1562261.shtml

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Jorge Drexleren «Décimas para el Guernica»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Suena Guernica | Radio 3-RTVE | 2017

    Titulua Suena Guernica
    Egilea Radio 3-RTVE
    Lekua Reina Sofía Museoa
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak EZ

    “Suena Guernica” Radio 3 eta RTVEren proiektua da; 2017an Pablo Picassoren Guernica (1937) lanak 80 urte egiten zituela ospatzeko prestatutako ikus-entzunezko lana da. Bertan, hamaika artistari Reina Sofía Museoan den Guernicaren aitzinean beren hainbat kanta abesteko gonbita egin zitzaien: Jorge Drexler, Iván Ferreiro, Christina Rosenvinge, Albert Pla, Belako, El Niño de Elche (Refree; Exquirla), Rayden, Marlango, Rosalía (Refree), Amaral eta Vetusta Morla.

    Antolatzaileek entzute handiko artistak aukeratu zituzten programa berezi honetarako, gaurkotasuna eta iragana bateragarri eginaz bakoitzak bere estiloan; gai desberdinak ekarriaz artistek programara: gerratea, ustezko bakea, bonbak, sufrimendua, mina, gabezia… eta amatasuna, maitasuna, gorrotoa… ageri dira han eta hemen. Horiek guztiak espresuki eginkizun honetarako sortuak izan ziren edota jendarteari ezagunak zaizkion abestietan ageri dira.

    Emanaldiak egun desberdinetan argitaratu zituzten arren, guztiek elkarrekin osatzen dute “Suena Guernica” programa. Estilo eta gai desberdin anitz jorratzen dira. Alabaina, margolanaren aitzinean etengabe gordetzen den estetika zuri-beltzak eta eszenatokiak ematen dion sakontasunak harilkatze beraren inguruko atzemate proposamen desberdin gisa batzen ditu artista guztien emankizunak.

    Akitzeko, ikus-entzunezkoaren helburua Guernica margolanaren 80. urteurrena ospatzea izanik ere, deigarria da antolatzaileek margolanak hizpide duen Gernikako bonbardaketari batere erreferentziarik ez egitea.

    Hemen eskuragarri: https://www.rtve.es/play/audios/suena-guernica/

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Radio 3-RTVEren «Suena Guernica»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lekeitio | El Niño de Elche | 2017

    Titulua Lekeitio
    Egilea El Niño de Elche
    Lekua Reina Sofía Museoa
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak EZ

    “Lekeitio” (4:27) “El Niño de Elche” (Francisco Contreras Molina, 1985, Alicante) musikariak Raül Refree-rekin batera “Suena Guernica” ikus-entzunezko programarako (Radio3) interpretaturiko lana da. Abesti horrez gain, Exquirlako taldeekin “Destruidnos juntos” eta “Europa muda” ere interpretatu zituen. Hala, Gernikako bonbardaketaren, eta Guernica margolanaren, 80. urteurrena oroitzeko Radio3ek El Niño de Elche, Raül Refree eta bertze hamar musikariri koadroaren aitzinean aritzeko gonbitaren emaitza da emankizuna.

    El Niño de Elche kantari flamenco heterodoxoa izanik, ez da harritzekoa Guernicaren aitzinean abesteko hautatu zituen hiru abestietarik bat Mikel Laboaren abesti esperimental nagusietako bat izatea. Kasu honetan ere abeslari euskaldunaren lanean gertatu gisa, oihuei arrazoiaz haraindiko auhenak eta hitzak, esaldiak, batzen zaizkie, indar handiko eszenatokian interpretatuak: Refreeren gitarraz lagundua, Picassoren margolanaren aitzinean, bi musikariak aurrez aurre, zuri beltzean.

    Hizpide dugun ikus-entzunezkoa, bere osotasunean, XX. mendeko izugarrikerien lanketa pertsonal batekin lotzen du El Niño de Elchek eta, gisa berean, Guernicari buruz ikasitako guztia berriz hausnartzeko aukera eman diolakotz zaio bereziki interesgarri (El Niño de Elche a, 4:57).

    ¿sí?

    ¿qué?

    si me dijeron que un día…

    ¿cómo?

    ¿aquellos?

    ¿quiénes?

    Ah….

    ya sabes cómo suceden las cosas… dice una cosa y…

    lo de siempre

    ¿qué?

    ¿cómo?

    No, no, que nooo…

    que nooo…

    Hala, hitzek ulertu ezina, ezinegona, samina ematen dute aditzera, bertsio honetan ere gitarraren akonpainamendua gakoa delarik, “Lekeitio” originalean den gisa.

    El Niño de Elchek abestiaren nondik norakoez ematen dituen azalpenetan (El Niño de Elche a, 14:13-14:51) espresuki adierazten du Mikel Laboaren “Lekeitio”etarik batean oinarritu zela (“Komunikazio-Inkomunikazioa – Lekeitio 5”): “Laboak kontatzen zuen Down Sindromedun neskatila ijito batean inspiratu zela. Nik nire disko berrirako utzi nuen grabatua. Iruditzen zitzaidan pieza horrek bazuela egunerokotasun hori, hauskorra den eta Laboak hain ongi itzultzen zuen egunerokotasun hori. Eta anitz gustatzen zitzaizkidan oihuekin… eta egiten zituen nahasteak, berak ematen zion dramatismoa nuen gustuko” (itzulpena gurea da).

    Hemen, eskuragarri:

    El Niño de Elche (a): “Lekeitio”, “Destruidnos juntos”, “Europa muda” eta tarteko azalpenak: https://secure-embed.rtve.es/drmn/embed/video/4003104

    El Niño de Elche (b): “Lekeitio”: https://www.rtve.es/play/audios/suena-guernica/guernica-nino-elche-lekeitio-web/4002906/

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “El Niño de Elcheren «Lekeitio»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Spanish Crossings | John Simmons | 2017

    Titulua Spanish Crossings
    Egilea John Simmons
    Lekua Chatham
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Sin autor registrado (2023): “Ficha sobre Spanish Crossings de John Simmons”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.
    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=481

  • “Bihotz handiegia” | Eider Rodriguez | 2017

    Titulua “Bihotz handiegia”
    Egilea Eider Rodriguez
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Eider Rodriguezek sei kontakizun biltzen ditu bere Bihotz handiegia (2017) ipuin-liburuan: “Bihotz handiegia”, “Belar moztu berria”, “Urtebetetze festa”, “Paisaiak”, “Niregandik espero zena” eta “Ez duzu ezer arraroa antzematen?”. Sei istorio horietako protagonistak emakumezkoak dira eta haien ikuspegitik bizitako pasarteak kontatzen ditu Rodriguezek. Istorio hauek egunerokotasuneko bizitzan kokatuta daude, ez dute inolako epikarik: alabaren lagun baten urtebetetzea, senar ohia zaindu behar izatea, gabonetako afari bat… Hala ere, autoreak beti lortzen du ustezko egoera ohiko horietan irakurleari arrotza egiten zaion elementu bat txertatzen: auzokide perfektuak ezkutatzen duen sekretua, sute baten ondorioz aurpegi erreak dituzten pertsonaiak, bereak ez diren esku eta belarriak dituen emakumea…

    Memoria historikoari eta Gernika koadroari erreferentzia egiten dion ipuina liburuari izenburua ematen dion “Bihotz handiegia” da. Istorio honetako protagonista Ixabel da eta, bere alabak eskatuta, hilzorian dagoen senar ohia zaintzen hasten da. Hasieran ez du inolako gogorik astean zehar egunero Ramonen etxera joateko, baina ahalegina egiten du, gizonari ez baitzaio denbora askorik geratzen. Horrela, denbora aurrera joan ahala, bi pertsonaia hauen arteko erlazioa ezagutuko dugu: nola ezagutu ziren, zergatik banandu ziren, haien amodioaren hondarrak… Memoria historikoa Ramonen pertsonaiaren bitartez aztertzen da laburki. Ixabel eta bera ezagutu zirenean Ramon ‘Toulousetik iritsi berria zen Euskal Herrira, gerra garaian Pasaiatik ihes egindako gurasoak Frantzian lurperatuta eta bizimodu berri baten bila’. Ramonen gurasoak, haien garaiko beste hainbat euskaldun bezala, Espainiako Gerra Zibilaren eraginez Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten. Hainbat herritar erbestean bizi izan ziren eta haietako asko ez ziren itzuli. Erbestea gai garrantzitsua izan da euskal literaturan eta hainbat obra erbestetik idatzi izan dira ere. Beraz, esan daiteke Ramonen pertsonaiarengan eragin handia izan zuela gerrak, eta erbestean bizi izan arren, Euskal Herriarekin konekzio handia mantendu zuela, helduaroan bertara itzultzea erabaki baitzuen. Euskal Herriarekiko begirunea eta Gerra Zibilaren memoria egongelan eskegita daukan Zumetaren ‘Gernika’ koadroaren bitartez ere islatzen dela esan daiteke. Koadro hura egiteko, Zumetak izen bera duen Picassoren obra hartu zuen eredu gisa, eta bere bertsioa egin zuen, kasu honetan irudi koloretsua eginez, Picassoren zuri beltzezko lanarekin kontrastean. Bi koadroek Gernikako bonbardaketa irudikatzen dute, euskaldunak markatu zituen gerrako pasartea. Euskal Herriko hainbat etxeetan aurki ditzakegun koadroak dira, hauen karga sinbolikoaren ondorioz.

    Nola aipatu: Diez-Correa, Leire (2025). “Eider Rodriguezen «Bihotz handiegia» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Euskadi Literatura Saria 2018 Eider Rodriguez eta Lander Garrok liburua "Un corazón demasiado grande" izenburupean itzuli zuten.

  • Guernica, el cuadro que cambió mi vida | Oscar Perez Cabezon | 2017

    Titulua Guernica, el cuadro que cambió mi vida
    Egilea Oscar Perez Cabezon
    Lekua Baleuko
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Pablo Picassoren Guernica artelanak mugarri bat markatu du pertsona askoren bizitzan, eta Guernica, el cuadro que cambió mi vida dokumentalaren helburua da koadroa maila pertsonalean bizi duten pertsonen berri ematea. Picassok Gernikako bonbardaketa izan zuen oinarrian artelana egiteko, eta biztanleria zibilaren aurkako eraso faxista hura salatu zuen koadroak justiziaren eta bakearen aldeko esanahia hartu du; alegia, sarraskiaren, sufrimenduaren eta erresistentziaren irudikapen unibertsala da. Koadroaren nazioarteko inpaktuak mundu mailako erreferente bihurtu du, ikur unibertsal bilakatu den arte mihise ezaguna.

    Dokumentaleko protagonista nagusia Anamari Solanes argentinar gaztea da. Anamarik Gernikara bidaia egiten du bere amonaren jatorria eta familia ezagutzeko; izan ere, amonak Gernikako bonbardaketa bizi zuen, eta, beranduago, bere herria utzi zuen Argentinan bizi berri bat hasteko. Amonak transmititutako euskal identitate eta kultura bere sentitzen ditu familia argentinarrak, eta haren memoriari omenaldia egiteko eta sustraiak ezagutzeko gauzatzen du bidaia Anamarik. Testuinguru honetan Picassoren koadroak berebiziko garrantzia eskuratzen du, Argentinan amonak bere etxeko egongelan eskegi baitzuen koadroaren erreprodukzioa eta hainbatetan bilobek ikusitako koadro originalari segika iristen da protagonista Madrilgo Reina Sofia museora, Gernika ezagutu ondoren.

    Anamari Solanesez gain, koadroak maila pertsonalean hunkitu dituen beste hainbat pertsona ere elkarrizketatzen dira, haien artean, bonbardaketa, identitatea, bakea, botere soziopolitikoa eta gizonaren gaizkiari lotutako interpretazioak aurkitzen ditugu. Honek agerian uzten du koadroak Espainiako Gerra Zibilean Gernikako bonbardaketaren izugarrikeria salatzeaz gain, jatorrizko esanahitik askatu eta beste sinbologia bat eskuratu duela; funtsean, historia bat kontatzen du etengabe berritu eta bersemantizatu dena.

    Koadroak esanahi kolektibo bat bereganatu du, hau da, artefaktuak maila indibidualean eragin arren, horren inguruan komunitate edo talde oso bat osatzen du. Artefaktuak eskuratu duen boterea hain da handia, non gizarte oso batek identifikatzen duen objektu bihurtu den. Botere sozialaz gain, koadroaren botere politikoa ere ezkuta ezina da, dokumentalean, izan ere, NBEk Guernicaren erreprodukzioa estali behar izan zuen eguna aipatzen da, Iraki gerra deklaratzeko hitzaldian, hain zuzen ere. Oro har, koadroak hartu dituen hamaika esanahiez hausnartzen da dokumentalean; izan ere, diskurtso desberdinen arabera interpreta eta erabil daiteke koadroa, azalpen testualik gabeko artelana izanik, horretan datza alegoriak. Etengabe jasan duen erreprodukzioaren ondorioz, azkenean pop artearen izaera komertziala bereganatzera ere iritsi da, estatus ikonikoa eskuratuz: honen adierazle dira, esaterako, dokumentalean agertzen diren Guernicaren tematika jarraitzen duten tatuaje eta soinekoak.    Picassoren Guernica ez da Gernikari lotuta agertzen den sinbologia bakarra, alegia, protagonistak bere amonari zegokion lauburu eta Gernikako Arbolaren argazkia bere jaiotetxe den baserrian lurperatzea erabakitzen du. Lauburua, Gernikako Arbola eta baserria euskal identitate abertzalea definitzen duten sinboloak dira eta horiek dokumentalean Picassoren koadroarekin batera behin eta berriz errepikatzea eta haiei ere garrantzia aitortzea, Guernica euskal lurraldeei eta euskaldunei “dagokion” artefaktua dela aditzera ematen da. Edonola ere, Guernica euskal historia eta euskaldunengandik deskontestualizatuta dagoela ere erakusten da lanean, eta gaur egun oraindik dauden koadroaren gaineko interpretazio eta ikuspegi anitzak jartzen dira erdigunean.

    Dokumentala ikus daiteke hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Oscar Perez cabezonen Guernica, el cuadro que cambió mi vidari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernikaren Egiak, oroimen biziko herria | GITE-IPES | 2017

    Titulua Gernikaren Egiak, oroimen biziko herria
    Egilea GITE-IPES
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gite-Ipes elkarteak Gernikako egiak, oroimen biziko herria dokumentala egin zuen izenburu berdineko liburua argitaratu ostean 2017an. Ipes 1977an jaio zen herri mugimenduari zuzentzen zaion formakuntzarako tresna gisa eta gaur egun euskal aniztasuna, kartzela, ezker pentsamendua eta Euskal Herriko Historia dituzte ildo nagusitzat. Memoria ariketa egiteko eta egia berreskuratzeko asmoarekin argitaratu zuten “Gernikaren egiak” lana, 1987an Gernikan burututako mahai-inguru batean oinarrituta. Gaurko eta iraganeko memoriari lekua egiten dion espazioa eskaini dute dokumentalean, Gernikako bonbardaketan eta ondorengo urteetan isildu ziren egiak eta baztertu ziren errelatoei ahotsa emateko. Izan ere, gernikarrek 1937ko apirilean jasandako sarraskia isiltasunean bizi zuten frankismoan zehar, eta ondoren horri buruz hitz egiteko beharra sentitu zuten hainbat herritarrek. Hala, herri mugimenduak, hainbat urteren ondoren, egia argitzeari ekin zion historialarien laguntzarekin batera benetako gertakariak aztertuz. Horrela, Gernikako bonbardaketaren garrantzi historikoa nabarmendu zuten, bereziki 1987 urtetik aurrera, hau da, bonbardaketaren 50. urteurrenetik aurrera.

    Dokumentalean historiaren eta, zehazki, Gernikaren berreraikuntzaz hitz egiten da emakumeen ahotsa gailenduz. Emakumeak oroimenetik desagerrarazi dira eta oraindik ere historia lantzeko metodoa ikuspegi maskulinoaren araberakoa da, hortaz, gertaera historikoari begiratzeko emakumearen ahotsa lehenetsi nahi izan dute lanean. Komunikabideek Gernikako sarraskiaren aurrean jokatu zuten paperaz ere hausnartzen dute, baita Picassoren koadroak izan zuen mundu mailako eraginaz ere. Izan ere, gaur egun, koadroak Gernikako sarraskia salatu beharrean, mundu osoko gerrak salatzeko esanahia hartu du, eta oinarrian duen gertakizuna ez ahazteko aldarria egiten da dokumentalean, horretarako jatorrizko gertaera historikoa behin eta berriro errepikatzearen beharra gogoratuz.

    Herri mugimenduak du protagonismoa dokumentalean, elkarrizketatuen arabera, instituzioak mugitzen hasteko herritarrak gakoa izan direlako memoria berreskuratzeko ariketaren hasiera-hasieratik. Testuinguru honetan, Lobak proiektuaren garrantzia azpimarratzen dute, baita Astra berreskuratzeko egin zen lana ere; izan ere, iraganean arma fabrika zena, gaur egun espazio sozio-kultural multidizplinarra izatea lortu dute gernikarrek.

    Dokumentalak, beraz, Gernikaren erretratua egiten du, bonbardaketa gertatu zenetik gaur arte bizitakoak laburbiltzen dituena, hain zuzen, toki berezia eskainiz bestelako aldarrikapenei, herriaren benetako “egiak” erakutsi eta defendatzeko.

    Gernikari lotutako sinbologia zabala garatu da urteetan zehar, eta dokumentalean ere sinbologia hori antzeman daiteke, eta sinboloak gertakari historikoekin lotzeko esfortzua egiten dute, ikurrak arlo artistiko hutsera murriztuta gera ez daitezen. Chillidak bonbardaketaren 50. urteurrenerako egin zuen “Gure aitaren etxea” eskulturaren aurrean mintzatzen dira elkarrizketatuak, baita Picassoren Guernica koadroaren erreprodukzioen aurrean ere. Dokumentalak zuzenean termino sinbolikoetan ez hitz egin arren, hauek pantailan erakutsiz eta, era berean, bonbardaketaz hitz eginez, ikusleak asoziazio ariketa bat egitea lortzen du artelanak gertakari historikoarekin lotzeko.

    Dokumentala Argian ikus daiteke hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ipesen Gernikaren Egiak, oroimen biziko herriari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Alepo/Guernica/Kiev/Rafah | Frintzia Irizar | 2017-2025

    Titulua Alepo/Guernica/Kiev/Rafah
    Egilea Frintzia Irizar
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Besterik
    Urtea 2017-2025
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Picassoren Guernica koadroaren benetako tamainan egindako kopia baten gainera konfetiak botatzea da ekintzaren helburua. Aurretik koadroaren irudia kolaz bustita dago eta bonba antzeko batekin izenburuan aipatutako gerretako biktimen irudiekin egindako konfetiak botatzen zaizkio. Lehendabiziko bertsioa Errusiak Alepo bonbardatu ondoren egin zen, ekintza beste bonbardaketak gertatu direnean errepikatu da. Egoera lazgarriak hedabideen bidez ia festa moduan ikusten dugula izan daiteke hausnartzeko gai bat.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2025). “Fritzia Irizarren Alepo/Guernica/Kiev/Rafahri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Alepo, Kiev eta Rafah bonbardatu ondoren egokitu da.

  • Picasso makillatzen | Aitor Arana | 2017

    Titulua Picasso makillatzen
    Egilea Aitor Arana
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Perfomancea
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    2017ko apirilaren 9an, Gernikako bonbardaketaren 80.urteurrena dela eta, Gernikan Aitor Aranak bere obra aurkeztu zuen. Gernikako bonbardaketaren eta Picassoren Guernica koadroaren errepresentazioa biltzen ditu performanceak: lehenik, publikoak, Gernikako kaleetan, antzezlaneko protagonistak nola makillatzen dituzten ikusteko aukera izan zuen, ondoren, Elai Alai aretoan emanaldiaz gozatzeko. Picassoren Guernicaren birsorkuntza egin zuen Aranak musika, antzerkia, dantza, kantua eta makillajea nahastuz.

    Pertsonaien karakterizazioaren prozesua kaleko musika emanaldi batek lagundu zuen, izan ere, Iparragirreren estatuaren parean kokatu ziren musikariak. Jose Maria Iparragirre (Urretxu, 1881) euskal olerkari ezaguna da eta haren kanturik garrantzitsuena dugu “Gernikako Arbola” ereserkia, egun euskaldunen ereserki nazional ez ofizialtzat har daitekeena.

    Antzezlana Gernikako merkatu eguna eta bonbardaketa hasi aurretiko egunerokotasuneko uneekin hasten da, segituan, ordea, kanpai hotsak entzutean, kalean jolasean zeuden haurrak eta familiak alde egin behar dute bertatik (17:00). Abiazio alemanaren iritsiera irudikatzen du kondorrez karakterizatutako pertsonaiak, Alemania naziko aire armadako Kondor Legioa unitateari erreferentzia argia eginez. Kondorraren agerpenarekin batera, sirena hotsak, hegazkinen burrunba eta bonben eztandak nagusitzen dira (19:00). Aldi berean, eszenatokiko atzealdean agertzen den pantailak Gernika suntsituaren argazkiak erakusten ditu. Kondorrak euskal dantzaren mugimenduak barneratzen ditu haren salto, hegaldi eta dantzatan, txalapartaren doinua lagun. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa irudikatu ostean, atalka-atalka Picassoren Guernica koadroa irudikatzeari ekiten diote karakterizatutako pertsonaiek, koadroa erabat gorpuztuz eszenatoki gainean. Prozesuari Mikel Laboaren “Gernika” kantua gehitzen zaio. Banaka-banaka, hauek dira agertzen diren koadroko elementuak, ordenean:

    1. 1. Ama seme hilarekin
    2. 2. Zezena
    3. 3. Usoa
    4. 4. Soldadua (ezpata eta lorearekin)
    5. 5. Zaldia
    6. 6. Begi-bonbilla
    7. 7. Belaunikatutako emakumea
    8. 8. Kriseilua
    9. 9. Gizona erreguka
    10. 10. Sutan dagoen etxea

    Koadroko elementuak kokatu bitartean, gerraren ondorioak pairatutako hainbat pertsonen ahotsak entzuten dira haien bizipenak kontatuz eta hausnartuz. Alde batetik, Miguel Hernandez eta Pablo Picasso aipatzen dira literalki: poetaren “Madre España” poemaren zati bat errezitatzen da eta Picassok Guernicaren sinbolismori buruz aitortutakoa errepikatu (no le corresponde al pintor definir los símbolos…). Bestetik, munduko herrialde desberdinetako haurren ahotsak biltzen dira, gerra eta sarraskia bizi duten herrialdetako haurrak, hain zuen: Siria, Hiroshima, Kosovo, Gernika eta Vietnam. Guernicaren zentzu alegorikoak berrinterpretaziorako jarraipena ziurtatzen du, eta hori bera egiten du Aranak koadroaren erreprodukzio gorpuztuaren bitartez: koadroak Gernikako bonbardaketa badu ere oinarrian, mundu osoan gertatzen diren eraso, sarraski eta ankerkeria bortitzaren aurkako mezu bakezalea helaraztea du helburu. Kosovo, Siria, Hiroshima… eta aipatzen diren gainontzeko herrialde kaltetuen biktimek mezu bakezale unibertsala sendotzen dute, Guernica ikono antibeliko bihurtuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Aitor Aranaren Picasso makillatzeni buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obra ikusgai hemen:

  • Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama | Alaine Agirre | 2017

    Titulua Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
    Egilea Alaine Agirre
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017) liburua egilearen amari egindako gorazarre huts bat baino gehiago da. Egilearen eta haren inguruko pertsonaien historia igarotzen duen nobela bat da, bizipenen collage bat: batzuk intimoak, besteak egunerokotasunekoak, beste batzuk sakonagoak… Protagonistak bere haurtzaroko eta gaztaroko pasadizoak aurkezten ditu, lehenengo pertsonan, zenbaitetan bigarren pertsona bati, bere amari, zuzenduz. Denboran salto egiten duten istorio sinple eta laburren bitartez, protagonistaren zein bere familiaren iragana ezagutuko dugu: amaren gaixotasuna, aitona-amonen kontakizunak, ahizparekin izandako tirabirak… Egunerokotasunean oinarritutako istorio horiekin batera, Bermeoko emakume honek izandako kezken eta gaixotasunaren zantzuak ikus ditzakegu. Narrazioa aurrera doan heinean, eta zehazki bigarren atalean, gehiago jakingo dugu gaitz honi buruz. Atal honetan, gainera, egileak 3. pertsona baliatzen du, bere burua ‘haurra’ deituz, bai bere haurtzaroko pasarteetan, bai bere helduarokoetan (“Pasatu dira hamabiak eta jada hamabost urte ditu haurra ez den haurrak. Nerabeak.” (127.or.), “Jada emakumea den haurra ospitalean ingresatuta” (135. or.)…). Pertsonaia beraren hauskortasuna adierazteko baliabidea izan liteke.  

    Bestalde, aipatzekoa da nobelako pertsonaiek ez dutela izenik, letren bitartez izendatzen baitzaie: A, W, P, I… Hau bizipen pertsonaleko adibide zehatzetatik nolabait edonoren historia izan zitekeela transmititzeko erabil lezake. 

    Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobelako bi gai nagusiak osasun mentala eta amatasuna dira. Alde batetik, protagonistak antsietatea, depresioa eta bulimia borrokatzen dituen bitartean, bere inguruko pertsonaiek haien barne-borrokak dituzte ere, hala nola, bere aitaren hutsune existentzialak edota amonaren depresioa. Baina, nahiz eta familian gaitz mentalek presentzia handia izan, nabaritzen da pertsonaiek tabu bat bezala bizitzen dituztela. Bestetik, amatasunak garrantzi handia dauka kontaketan. Protagonistak bere amarekin izandako erlazioan sakondu egiten da, baita ama honek bere amarekin izandako erlazioan ere. Horrez gain, amatasunarekin datozen gorabeherak aurkezten dira: erditze ondorengo depresioa, beldurrak, segurtasun faltak, umeak zaintzeko ardura, ama izan nahi eta ezin izatea… Gainera, kontakizunaren azken atalean izenburuari erreferentzia egiten dion “bigarren erditzea” kontatzen da: amak bere alabari egindako zaintzak bere gaixotasun garaian, lehenengo erditzea baino hogei urte geroago. Amaren laguntzari, maitasunari eta sendotasunari egiten zaie gorazarrea. 

    Gernikako bonbardaketa familiaren iraganera bidaiatzen duten pasarteetako batean aipatzen da, hain zuzen ere, protagonistaren amona txikia zeneko batean. Amonak begia zauritzen du eta Lekeitiotik Bilbora eraman behar dute. Bidean, Gernikatik pasatzen dira, eta horrela deskribatzen du egileak bonbardaketak egindako sarraskia: “frontoia bakarrik ikusi zuten: bonbardaketaren ondorioz ez zen ezer geratzen: ez arima, ez bizi” (78. or.). Badakigu ez zela Gernikako herri oso-osoa suntsitu eta bonbardaketaren bizirauleak egon zirela, baina deskribapen horren hiperbolea baliagarria da gertakizun horrek eragindako hutsunea eta suntsipena adierazteko. Gainera, bonbardaketa aipatzeak amonaren haurtzaroa historian kokatzen du, gerra eta gerraosteko garaian, hain zuzen. Testuinguru historiko hartako zantzu gehiago daude pasarte horretan zehar. Izan ere, amonak begia galtzen du eta zailtasun handiak izaten ditu prozesuan: “ez zegoen penizilinarik, kontrabandoan eta oso garesti erosita ez bazen”, “bolada batez zuloa (begikoa) bete gabe eduki zuen. Izan ere, gerra bukatu berritan zegoen, eta Alemaniatik ekarri behar zioten kristalezko begia. Galdetu diot amonari ea ez ote zaion traumarik geratu, guraizeen, kolpearen eta begien kontu horrekin” (79. or.). Amonaren trauma gorpuztuta agertzen da: galera fisikoa (begiarena) ez da ordezkagarria, alemaniarrek gerran egindakoak (Gernikako bonbardaketa) konponezina den bezala. Hala, paralelismo bat gertatzen da amonaren begi galduaren eta Gernika herri galduaren artean. 

    Nola aipatu: Diez-Correa, Leire (2025). “Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, amari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    2016ko Joseba Jaka Literatur Bekako sariduna

  • Le Batallion Basque Gernika | Orreaga 778 | 2017

    Titulua Le Batallion Basque Gernika
    Egilea Orreaga 778
    Lekua Aia (Mendeku Diskak)
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Aztergai dugun “Le Batallion Basque Gernika” abestia Oi! Skinhead musika-estiloko Orreaga 778 musika-taldeak 2017an argitaratu zuen; Orreaga 778 & Grebol Split 12” diskoa osatzen duen abestietako bat da.

    Abestia Gernikako eta Durangoko bonbardaketen erreferentzia zehatzekin hasten bada ere –“1937an Durango (e)ta Gernika suntsitu zizkiguten”–, jazoera horien kariaz sortutako Batallion Basque izenez ezagutzen dugun batailoia da kantuaren protagonista: “Batallion Basque ale!, Gernika”. Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) Frantziako hegoaldean alemaniar ejerzitoaren aurka aritu zen batailoiaren lelopean –“1945ean 200 bat bolondres ikurrinan atzean”–, alemaniar nazien sarraskiak salatzen ditu taldeak abestian zehar. Ezin ukatuzkoa da, baina, abestiak berak aditzera ematen duen bezala, batailoi horren sorreran Gernikako eta Durangoko bonbardaketek izan zuten eragina, horiek mendekatzeko helburuz sortu baitzen Batallion Basque, besteak beste. Hala, abestiaren letrak, Kondor legioa aipatzerakoan, alemaniar naziak interpelatzen ditu eta gaizkiletzat hartzen.

    Hegazkinetatik jaurtitako bonben hotsekin, alegia, aire-bonbardaketaren soinu unibertsalarekin hasten da abestia, eta bideoklipak, gainera, bonbardaketaren osteko Gernikaren irudiak proiektatzen ditu une oro. Bertan agertzen zaizkigu eraikinen hondarrak, txikitutako kaleak eta hondakinen artean geratutako gorpuzkiak, besteak beste. Irudiz eta hotsez eraikitako testuinguru horrek abestiaren mezua eta aldarrikapena indartzen dute.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2024). “Orreaga 778ren «Le Batallion Basque Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Euskadiko oroitzapenak” | Juan Luis Zabala | 2017

    Titulua “Euskadiko oroitzapenak”
    Egilea Juan Luis Zabala
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2017
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Juan Luis Zabalaren Ospa narrazio liburuko 23 kontakizunetako bat da “Euskadiko oroitzapenak”. Liburuan, oro har, iheserako beharra eta arroztasun sentipenak gailentzen dira, kontakizunak harilkatzen dituen gai komun argi bat ez egon arren. Narrazio honek Madrilgo punki batek haren gaztaroan 80ko hamarkadan Euskadin bizitakoak kontatzen ditu ikuspegi malenkoniatsu, baina era berean, arrotzetik; denboraren igarotzeak eragiten du, kasu honetan, narratzaileak sentitzen duen arroztasuna. Kontakizuna 1.go pertsonan kontatutako aitortza bat da, izan ere, irakurleari zuzentzen zaio 80ko hamarkadan Euskadin ikusitakoaren testigantza eskaintzeko: “orain hurrengoan, zuk Euskadiko nire oroitzapenen berri jakin nahi zenuela esan zenidanean…” (94).

    1987ko apirilean, protagonista Gernikara hurbildu zen bonbardaketaren 50.urteurrena dela-eta antolatu ziren ekitaldi eta ospakizunetara bertaratzeko. Urteurrenari igaro berri zen Aberri Egunaren ospakizuna gehitu zitzaion, ondorioz, intentsitate handiko jardunaldiak antolatu zituen ezker abertzaleak Gernikan: apirilaren 16tik 26ra jaialdi erraldoi mitikoa ospatu zen Euskal Nazio Askapenaren Mugimenduaren “Martxa eta Borroka” lelopean. Protagonistak egun haiek ekartzen ditu gogora eta Gernikako bonbardaketa aipatzen du zuzenean: “(…), Madrildik Gernikara joandakoa asteburu bat pasatzera, herri horren bonbardaketaren 50.urteurrena zela-eta antolatu zen mobida handiak erakarrita, eta gero Euskadin gelditu zena bolada batez” (87). Aipuan azaldu bezala, Gernikara joan izanak denboraldi batez Euskadin gelditu izana ekarri zion protagonistari, Oreretan zehazki. Bertan ezagututako istilu, militante, punki eta manifestazioen gorabeherak kontatzen ditu, modu honetan, gatazka ideologikoaren inguruan gogoetatzen du, bai norberak bere buruarekin izan zezakeena eta baita lagun eta kidekoen artean sor zitekeena ere.

    1987an ospatutako jaialdiak agerian uzten du Gernika oroimen gune nagusi bilakatu dela euskaldunentzat, iraganeko guda gaurkotasuneko (80ko hamarkadetako) borrokarekin uztartzea lortu baitzen jaialdia Gernika herrian ospatuz. Mundu osoko pertsonak gerturatu ziren jardunaldira, hala nola, ordezkari hegoafrikar, palestinar eta sahararrak, baita Sinn Féin alderdi irlandarreko kideak ere. Honek Gernikak nazioartean ere duen esanahi berezia erakusten du, kasu honetan ere, ez da gertakari historiko hutsa, indar erresistentziako sinbolo unibertsal gisa irudikatzen baita.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Juan Luis Zabalaren «Euskadiko oroitzapenak» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Alsina | Xabier Mendiguren | 2016

    Titulua Alsina
    Egilea Xabier Mendiguren
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1964 urtean jaiotako idazle eta editore den Xabier Mendiguren Elizegik idatzitako eleberri da Alsina. Ipuingintza, eleberria, antzerkia, haur eta gazte literatura, kronikak eta blog-a genero gisa ere lantzen ditu egile honek eta euskal idazle oparoenetakoa da.

    Alsina eleberrian izen bereko protagonistak 1981 urteko urtarrilaren 15ean Estatu Batuetatik Euskal Herrira bere amaren herria ezagutzeko egiten duen bidea deskribatzen da. Narratzaile orojakileak Alsinaren pentsamentu eta irudikapeenetatik abiatuta bere ama Begoñak Elorrio utzi eta lehenik 1937an Euskal Herriko bonbardeketetatik eta Espainiako Guda Zibiletik ihesi Frantziara bakarrik eta 1941 urtean gurasoekin handik Ameriketara egindako itsasbidaia azaltzen du. Estatu Batuetan jaio, hazi eta amarekin soilik bizi izan den 39 urteko Alsinak ama galdu berri du, aiton-amonak eta aita inoiz ez ditu ezagutu, ez bada ama Begoñaren hitzen bidez eta orain bere erroak ezagutzera dator Euskal Herrira. Eleberriko hari nagusi honi tartekatzen zaio bigarren haria, 2009 urtean EAJko kide baten eta ETApm-ko kide izandako eta orain PSEko kide den baten arteko elkarrizketa luze zatikatua. 2009 urtean Eusko Jaurlaritzan izandako gobernu aldaketaren testuinguruan bi politikariek 1981 urterako atzera begirakoa egiten dute, urte hartako otsailean gertatutakoek euskal gizartearen bilakaerarako izandako garrantzia azpimarratuz. Bigarren hari honetan narratzaileak ez du eskuhartzerik, pertsonaien hitzak modu soilean aurkezten ditu.

    Gernika eta Bonbardaketak bizpahiru aldiz aipatzen dira eleberrian, beti ere Alsinaren familiaren exilioko ihesaldiari lotutako kontakizunean. Lehenik zeharkako aipamen inplizituaren bidez irudikatzen du irakurleak Gernikako bonbardaketa, hots, Begoña Alsinaren ama 16-17 urteko neskatxa izanik beste haur askorekin batera itsasontziz gurasoek Frantziara bidali zutela irakurtzen duenean (Mendiguren 2016: 17). Izan ere, Durango eta Gernikako bonbardaketen ondoren indartu ziren Eusko Jaurlaritzaren ekimenez euskal haurrak Guda Zibiletik salbu atzerrira bidaltzeko espedizioak.

    Bestalde, Gernikako bonbardaketak Begoñaren gurasoek gorpuzten duten euskal exilioarentzat izan zuen pisu sinbolikoa ere azpimarratzekoa da. 1939an Bigarren Mundu Gerraren hasierako giro geldoan Pariseko exilioaren giro baikorrari kontrajartzen zaio euskal exilioaren errezeloa, beti Gernikako eta Durangoko Bonbardaketak eta Bilboko setioak buruan izanik. Bigarren Mundu Gerra haseran 1939ko iraileko geldialdiak Espainiako Guda Zibilean  1936 amaieran izandako ilusioa gogorarazten dio Begoñaren aitari eta Parisko exilioan zabaldua egon zitekeen pentsamentua, Hitlerrek Frantzia inoiz erasotuko ez lukeenarena, Gernika eta Durangoko bonbardaketen oroimenak uxatzen ditu. Alemaniaren ankerkeriaren etengabeko oroigarri dira euskal exilioarentzat.

    Eleberrian aurrerago Gernikako Bonbardaketa konparaziorako erreferentziazko irudi gisa ere ageri da. Ameriketarako itsasontzizko ihesaldian Begoña bere haurdunaldiaz ohartzean, bapateko zama eta kolpea sentitzen du, eta neska gaztearen baitako iruditerian zamarik bortitzena Gernikako Bonbardaketak irudikatzen du: “Gernikako bonba guztiak batera bere gainera erori balira legez sentitu zen, goitik beherako ukaldi bortitz batek buruan jo eta sorgortuta utzi balu bezala” (Mendiguren 2016: 102). Indar gaindiezin batek sortarazitako zaurgarritasuna eta orientazio eza lotzen zaizkio honela Begoña nerabearen pentsamentu eta sentipenetan Bonbardaketari.

    Hortaz, Alsina eleberrian ikusgai da tartekatzen diren bi harietan bi politikarien arteko elkarrizketa luzean Gernikak oroimen-leku gisa ez duela espaziorik hartzen, exilioko alaba den Alsinaren oroimen prozesuan leku esanguratsua hartzen duen bitartean.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Rekondo, Hasier (2016). “Apetazko digresioak”, Berria, 2016-11-20

    Rojo, Javier (2016). “Digresioen hanpadura”, El Diario Vasco, 2016-11-12

    Mendiguren, Xabier (2016). Alsina. Donostia: Elkar.

    Villagran Arrastoa, Ane. (2019). “Xabier Mendiguren Elizegiren (1964- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/mendiguren-elizegi-xabier/

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Xabier Mendigurenen Alsinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Paperak” | Koldo Izagirre | 2016

    Titulua “Paperak”
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Franco hil zuten egunak, Koldo Izagirrek 2016. urtean argitara emandako narrazio bilduma da. Hain zuzen ere, “Paperak” izeneko narrazioan aipagai du Gernika. Bereziki, 42-43. orrialdeetan, Joseba Elosegi gudari eta politikari jeltzale izandakoak, Gernikako bonbardaketa salatzeko eginiko ekintza dakar gogora. Izan ere, 1970eko irailaren 18an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan Francisco Franco Munduko Pilota Txapelketako partida ikusten ari zelarik, Elosegik bere buruari su eman eta kantxara jauzi egin zuen. Historialarien arabera, Gernika kiskali izana ikusarazteko asmoz egin zuen Elosegik aipatu ekintza. Benetan gertatutako pasarte hura orrietara ekarriz, Izagirrek “Paperak” izeneko narrazioan azpimarra jarri nahi du “Gernikako bonbardaketa ez ze[la] amaitu 1937ko apirilaren 26an” (Izagirre 2016, 35).

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Koldo Izagirreren «Paperak» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Polybius | 2016

    Titulua “Gernika”
    Egilea Polybius
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Polybius talde 2016an sortu zen Zestoan. Hauek dira taldekideak: Aitor Korta Landa (bateria, koruak), Raul Olaizola Odriozola (gitarra eta ahotsa), Hector Larrañaga Etxeberria (baxua eta koruak) eta Narayan Paz Martikorena (gitarra eta ahotsa).

    2018. urtean argitaratu zuen taldeak haien lehenengo diskoa, taldearen izen bera daramana. Hamaika abestik osatzen dute taldeak editore lanetan osatutako argitalpena, eta “Gernika” izenekoa da azkena. Abesti instrumentala da: bateriaren kolpeek eta gitarraren notek eramaten dute entzulea Gernikara, bonbardaketa egunera.

    Beste kanta batzuekin jazo den era berean, izenburua entzunda entzuleak badu dagoeneko iruditeria bat, gertaera ezaguna zaio. Hori dela eta, Retolazaren (2009) bonbardaketaren errepresentazioen irakurketen sailkapenari erreparatzen badiogu, irakurketa identitarioa genuke honakoa, euskal identitatearen sinbolo da Gernika, entzuleek ulertzen dute zeri kantatzen ari zaien.

    Hirugarren minututik aurrera, musikak indarra hartzen du, tentsio handiagoko une bat irudikatuko balu bezala, eta hitzak hasten dira. Gernika aipatzeaz gain, Durango eta Bilbo inguruko mendiak ere aipatzen dituzte, izenburuan bonbardaketa ezagunena aipatuagatik, “beste Gernikak” ere beren garrantzia dutela azpimarratuz. Kondor Legioa aipatzen dute ondoren gertaera historiko bati erreferentzia egiteko: “Kondorrek emandako izenen egiak” (5-6. lerroak), hau da, hasiera batean zabaldutako bonbardaketaren egileen gezurrak “negargura eragiten” (7. lerroa) dietela, ez zegoela egiarik hasieran zabaldutako berrietan.    

    Zortzi lerroz osaturiko kanta da eta bi aldiz abesten du kantariak. Hala ere, azkeneko lerroa askotan errepikatzen du: “euren historiak”. Esaldi horrek, euskal identitatearen errepresentazio izateaz gain, taldearen posizioa nabarmentzen du: hasieran zabaldutako gezurraren kontra daude eta euren gezur bat da, guk sinesten ez duguna. Lan askotan errepikatu da ideia hau eta era askotara aurkeztu dute idazle edota musikari askok. Retolazak, hainbat garaitako poemak aztertu ostean, ondorio garbi bat ateratzen du, kasu honetarako ere balio diguna: “…/… balio sinboliko horrek nola bizirauten duen eta berrasmatzen den poesiaren bidez, egokituz garai berrietara, egokituz jendarte berrira, baina, betiere gertakari historikoen balio sinboliko eta kultural horri eutsiz” (2009: 1107). 2018koa da kanta hau, baina nabarmentzen dituen ideiak beste kanta askotan ere aurki ditzakegu.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/hezurbeltzak/hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/06/30]

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Polybius taldearen «Gernika» abestiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-baseann

  • Maria Igarza eta Gernikako bonbardaketa | Maria Igarza | 2016

    Titulua Maria Igarza eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Igarza
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Igarzak Gernikako bonbardaketaren erantzuleei buruz hitz egiten du Ahotsaken Osaba Jabierri kartzelan: ¿quién bombardeó Gernika? izeneko bideoan.

    Maria Igarzak haren osabak kartzelan bizitakoak kontatzen ditu. Haien artean, kontatzen du soldaduek presoei galdetzen zietela nork bonbardatu zuen Gernika, eta milizianoak izan zirela esan ezean, ondorio latzak sufritzen zituzten. Edonola ere, osabak lehen pertsonan bizi zuenez bonbardaketa, ezin izan zuen gezurra jasan eta bera bertan egon zela esan zuen. Presoek osabaren alde egin zuten, eta Gernika zeintzuk bonbardatu zuten jakitea nahi zuten. Izan ere, luze iraun zuen Gernika gorriek erre zutelako bertsioak. Nazionalek egia ezkutatzeko egindako esfortzu eta jazarpena agerian uzten ditu pasarteak.  

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/elorrio/pasarteak/elo-197-032/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Igarza eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Ama, nora goaz? | Iban Gonzalez | 2016

    Titulua Ama, nora goaz?
    Egilea Iban Gonzalez
    Lekua Baleuko
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ama, nora goaz? dokumentalak 1936ko Gerran Gipuzkoatik kanporatuak izan ziren emakumeen ahotsak biltzen ditu. Aurkezleak gerra zibilean oraindik haurrak ziren emakumeak elkarrizketatzen ditu, jada adinekoak direnean, haien memoria transmititzeko ardura bereganatuz. Izan ere, gerra zibila lehen pertsonan bizi zuten azken belaunaldiaren aurrean gaude, eta geroz eta gehiago dira haien istorioa bizirik mantentzeko esfortzua egiten ari diren bilobak, “postmemoria” belaunaldiaren ordezkari.

    Gutxi izan dira gerra bizi zuten emakumeen ahotsak bildu dituzten lanak, eta dokumental honen helburua da, zehazki, isilik egon diren kontakizun horiek argitara eramatea. 1936an nazionalek Gipuzkoa okupatu ondoren, familia askok erbestera jo behar izan zuten behartuta, “gorrien” aldekoak zirelakoan, frankistek mehatxatuta. Emakumeak errepresio frankistaren indarkeriaren biktima izan ziren lurralde okupatuetan, eta haien seme-alabekin Bizkaia aldera ihes egin zuten, oraindik lurralde askea zenean. Edonola ere, Bizkaian ere ez ziren gerratik salbatu; izan ere, alde egindako batzuk Durangora iritsi ziren, baita bertako bonbardaketak harrapatu ere.

    Picassoren Guernica koadroaren erreprodukzioa ikusten da 23:55eko planoan, eta, honen ondotik, 1937ko apirilaren 26an Gernikan zeuden hainbat emakumeren testigantzak jasotzen dira. Hau da, Picassoren koadroak, Gernikako bonbardaketa oinarrian duena, sarrera gisa funtzionatzen du gertakari historikoari buruz hitz egiteko, mihisea arlo piktoriko hutsera murriztu ez eta elkarrizketan jartzeko historiarekin.  Emakume askok kontatzen dute Gernikara gerturatu zirela azoka eguna zelako, are errefuxiatuak izanik ere. Sirena hotsak, kea, babesleku ilunak eta zarata dira elkarrizketatuek gehien oroitzen dutena bonbardaketa egunetik, oraindik haurrak baitziren hura bizitakoan. Denek ekartzen dute gogora haien ama, seme-alabak haien gorputz propioekin edozein modutan heriotzetik babesteko prest egon zirelako. Gernikako bonbardaketaz geroztik, handik nahitaez ihes egin behar izan zuten, lehenengo Bilbo aldera, baina handik Asturias eta Kantabriara, Bilbo ere erortzear baitzegoen. Azkenik, Frantziako errefuxiatu esparruetan amaitu zuten emakume eta haur askok.

    Emakumeen trauma, errepresioa eta ausardia jartzen ditu erdigunean dokumentalak, haien bizipenak memoria historikoaren parte ere badirela baieztatuz.  

    Dokumentala hemen ikus daiteke.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Iban Gonzalezen Ama, nora goaz? dokumentalari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Markak | Hannot Mintegia | 2016

    Titulua Markak
    Egilea Hannot Mintegia
    Lekua Berde Produkzioak
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Markak dokumentalak gaur egungo Gernikak eta gernikarrek 1937ko Gernika bonbardatuarekin duen harremana azaleratzen du. Zaharraren eta berriaren arteko transmisioa marken bidez gauzatzen da, eta marken presentzian sakontzen da zehazki dokumentalean. Aitor Etxeberria eta Hannot Mintegiak elkarlanean osatu dute filma, hain zuzen ere, lehenak osatu zuen filmarentzako soinu banda eta bigarrenak egin zituen zuzendari lanak.

    Gernikako 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa bizi zuten lekukotasun zuzena jaso duten azken belaunaldiaren aurrean gaude, beraz, Gernikan, belaunaldi horrek hainbat ekimen eta proiektu aurrera atera ditu memoria biziberritu eta orainetik berreraikitzeko. Izan ere, Gernikako Lobak kultur ekimena sortu zen 2012an: Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen ondorengoak dira Lobak, hau da, testigantzak lehen eskutik jaso dituen azken belaunaldia.  Dokumentalean denetariko pertsonek hartzen dute parte: Bernardo Atxagak, ikertzaileak (Xabier Irujo, Joseba Zulaika, Jose Angel “Txato” Etxaniz), bonbardaketako biktimak, biktimen bilobak, Astra arma fabrikako langile ohiak, Gernikako turismo-gidariak… Funtsean, denen lekukotasunek osatzen dute dokumentala, herri oso bat irudikatuz.

    Dokumentala Gernikako azoka egunarekin hasten da, hain zuzen ere, turista japoniarrentzat Gernikako turismo-gidari gisa ere jarduten duen Chiori Kikuhara nekazariaren testigantzarekin. Chiori Kikuharak zuzenean lotzen du Gernikako herria munduko beste hondamendi handiekin: Hiroshima eta Nagasakirekin, bere kasuan. Izan ere, Gernikako 70.urteurrenean (37:19), Gernikako Juntetxean ospatu zen ekitaldi instituzionalera Aushwitzeko Batzordeko presidentea eta Hiroshimako alkatea gonbidatu gisa bertaratu ziren. Biztanleria zibilaren aurkako lehen izu erasoaldia izan zen Gernikakoa, hori dela eta, hortik aurrera gertatutako gerra krimen, bidegabekeria eta basakeriak Gernikarekin erkatu izan dira, herri euskaldunean egin zenaren birprodukzio gisa aurkeztuz beste tokitako hondamendiak.

    Joseba Zulaikak azpimarratzen du Gernika gertakizun sinbolo bat bihurtu zela: Europako lehenengo erasoa zen populazio zibilaren aurka (35:00). “Hau beste Gernika bat da” esatea biztanleria babesgabe baten eraso basatiari erreferentzia egitea da. Gernikako gertakari historikoa kontzentratzen du Picassoren Guernica (1937) koadroak eta koadroaren erabilerak sinboloen boterea agerian utzi du XX. eta XXI. mendeetan zehar: esaterako, Colin Powelle NBEn agertu zen Irakeko ekintza militarrei buruz hitz egiteko, baina haren atzean Guernicaren erreprodukzio bat zegoen eta gortina urdin batekin estali behar izan zuten, koadroaren aurrean gerra iragartzearen zentzugabekeria dela eta. Bernardo Atxagak ere Gernikako bonbardaketa arlo piktoriko hutsera murriztearen aurka egiten du, hain zuzen ere, “borramarka” gisa izendatuz koadroaren deserrotzea (42:00). Pintura hutsera murriztea oinarrizkoarekin hain erroturik dagoen lana ez da erraza; hala, koadroa oinarrizko gertakari historikoarekin berriro lotzeko ariketa egiten da dokumentalean. Izan ere, Gernikaren izaera interanzionalak asko zor dio ikono pop bihurtu den Picassoren koadroari, objektu buruaski gisa funtzionatu duen ikonografia den heinean.

    Dokumental osoan zehar nabarmentzen dira argazkiak memoria mantentzeko behar-beharrezko objektu gisa, izan ere, argazkiak memoria guneak dira, argazkigintza baita iragana eraikitzeko elementu interesgarri eta emankorrena. Gero eta gutxiago dira 1936ko Gerra Zibilaz lehen pertsonan mintza daitezken lekukoak, beraz, bitartekari baten bidez jasotzen hasi gara memoria, hau da, postmemoria belaunaldiaz hitz egin dezakegu. Postmemoriak memoria beraren konplexutasuna barneratzen du, ez da memoriaren ondoren datorrena bakarrik, memoria berreraiki eta berrinterpretatzen baitu: ez da ahoz jasotako memoria, baizik eta argazki baten, idatzizko baten, gutun baten… bidez jasotakoa. Hala, dokumentalean, beste batzuen artean, Gernika bonbardatu osteko egoera erakusten duten argazkiak agertzen dira, hondamendiaren dimentsioaren berri emateko.

    Protagonismo berezia hartzen du, bestalde, Astra fabrikak. Su-armak egiten zituen enpresak Gernikan egoitza ireki zuen 1913an eta bertan iraun zuen 1997an itxi zen arte. Gernikako bonbardaketan, ordea, fabrikak ez zuen kalterik jasan, hain zuzen ere, altxatuek herria hartzen zutenean, fabrika haien esku erori eta berehala ekoizten hasteko. Fabrikak itxi zuenean, lantegiko tailerrak bota zituzten arren, eraikin nagusia zutik mantendu zen. Gernikako herriak eraikina bereganatu nahi zuen eta mugimendu kultural bat jaio zen Astra espazio publiko autogesionatua bilakatuko zuena. Astra, Gernikan zutik iraun zuen arma fabrika, 40 urte beranduago herriak bereganatzeak balio sinboliko izugarria du: halako leku historikoak mantentzea memoria mantendu eta ez ahaztea eragiten du, are gehiago, kultura sustatzen duen espazio multifuntzionala sustatzen bada bertatik.

    Astra fabrika eta argazkiak ez dira dokumentalean agertzen diren Gernikako memoria gune bakarrak, izan ere, Heinkelak Gernikara hurbiltzen ari zirela bonbardaketa anuntziatu zuen sirena originala aurkitu zuten hainbat gaztek Astran. Sirena berritu ondoren, martxan jarri zuten 1937ko apirilaren 26ko arratsaldea biziberritu eta gogoratzeko.

    Gernika memoria eta egia aldarrikatzeko ikur bilakatu da, eta maisuki lortzen du hori irudikatzea Hannot Mintegiak iragana orainarekin lotuz, belaunaldi desberdinak elkartuz eta herritik abiatuz.

    Dokumentala eskuragai dago hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Hannot Mintegiaren Markak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Aitor Etxeberriak "Markak" izeneko diskoa kaleratu zuen 2017an dokumentalerako sortutako soinu banda abiapuntu izanik.

  • 33 ezkil | Miren Gorrotxategi | 2016

    Titulua 33 ezkil
    Egilea Miren Gorrotxategi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Miren Gorrotxategiren 33 ezkil (2016) eleberria gaur egungo baserritar giroan kokatutako thriller bat da, lurperatutako burezur baten topaketarekin hasten dena. Garizmendi baserriko Ferminek aurkitzen du burezurra, eta lasterka abisatzen ditu bere emaztea, Karmen, eta Nestor semea. Azken honek Berta, bere bikote ohi arkeologoa, deitzen du burezurra agertu deneko gunea eta gainerako gorpua ikertzeko. Hurrengo egunean, elizako 33 kanpai entzuten dira, norbaiten heriotza adierazten dutenak. Karmen eta Nestor elizara gerturatu eta Ferminen gorpu hila aurkitzen dute. Badirudi bere buruaz beste egin duela eskopetarekin. Egun berean, aurkitutako hezurrak desagertu egiten dira. Hortik aurrera, gertaera ilun gehiago gertatuko dira eta misterioa areagotuko da. Nestor, Karmen eta Bertarekin batera ertzain bikote bat egongo da Ferminen heriotza ikertzen: Kortazar eta Ezpeleta. Eleberria eta misterio horren ebazpena aurrera doazen heinean, Garizmendiko baserria inguratzen duten pertsonaiak ezagutuko ditugu. Alde batetik, narrazio lineala dago, Nestor eta bere ingurukoei gertatutako pasarteak deskribatzen dituena; bestetik, letra etzanez idatzitako atalak tartekatzen dira, pertsonaien iraganeko pasadizo solteak aurkezten dituztenak: Nestorren Aitor anaiaren heriotza tragikoa, Estanis osabaren joko zein droga negozio zikinak, Karmenen kezkak, Ferminen jokorako zaletasuna… Gertakari hauek hasieran loturarik gabekoak dirudite, baina pixkanaka-pixkanaka orainaldiko istorioko gertakariekin puzzle perfektu bat osatuko dute.  

    Liburuko azken atala letra etzanetan idatzitako horietako bat da, eta horretan egiten da Guernica koadroaren ekfrasia. Atal honetan Ferminen suizidioa deskribatzen da: nola sartzen den elizara, nola jotzen dituen 33 kanpai, bere buruaz beste egin aurretik dituen pentsamenduak… Une horretan, hil baino lehen, gogora etortzen zaion gauza bakarra Picassoren Guernica da, eta ez du ulertzen zergatik: “bere bizitza behar luke begien aurrean zuri-beltzean pasatzen zaiona, ez koadro hura” (189). Bere buruari tiro egingo dion momentuan negar egiten du “zuri-beltzeko Gernika sekula santan ikusiko ez zuelako” (190). Eleberri honetan ez dago Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikorik, eta ez dira Gerra Zibila ezta gerraostea aipatzen ere ez. Horregatik, pentsa genezake Gorrotxategik erabilitako Guernicaren sinboloa ez diola zehazki artelanak irudikatzen duen gertakizunari erreferentziarik egiten. Kasu honetan, koadro horren sinbologia unibertsalagoa da, Picassoren artelan hura euskaldunon iruditegi kolektiboan kokatuta baitago, herri baten baina baita giza sufrimenduaren sinbolo gisa. Hain zuzen ere, Ferminen bizitza sufrimenduz inguratua egon da: Estanis anaiaren itzala, ludopatia, alkohola eta zorrak, Karmenengandik urrundu izana, burezurra bere semeak lurperatutako gorpuarena izatea, semearen heriotza, erruduntasuna… Guernica oinaze guzti hura islatzen duen elementua izan liteke berarentzat. Bukaeran negar egiten du, ez duelako bere oroimenean hainbeste esanahi duen koadro hura inoiz ikusiko. 

    Nola aipatu: Diez-Correa, Leire (2025). “Miren Gorrotxategiren 33 ezkili buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Agustin Zubikarai sariduna

  • Guernica, Garraxi lazgarri, bakearen ikur | Agurtzane Intxaurraga | 2016

    Titulua Guernica, Garraxi lazgarri, bakearen ikur
    Egilea Agurtzane Intxaurraga
    Lekua Arriaga Antzokia
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Guernica, garraxi lazgarri, bakearen ikur (2016) ikuskizuna antzerki musikalaren generoan kokatzen da. Elkarrizketarik gabeko interpretazio bat da eta hitzaren haria testu poetiko iradokitzaile batek eramaten du. Dantzak, musikak eta kantuak daukate protagonismo handiena antzerkian zehar. Hasieran, giroa azoka egunaren doinu alaietatik bonbardaketaren bortizkeriara nola igarotzen den iridikatzen da, gorputz adierazpenaren zein musikaren bidez. Era berean, aktore abeslarietako baten garraxia tartekatzen da bonbardaketa hasten denetik aurrera. Hondamendia irudikatzen denean hizkuntza ezberdinetan esandako munduko gerla askotarikoen biktimen lekukotzak entzuten dira, Gernikako bonbardaketa eta Guernica bera munduko beste antzerako errealitateekin lotuz. Ikuskizunaren bigarren zatian erbestea irudikatzen duen itsasoaren elementu akuatikoa sortzen da baliabide plastikoen bidez eta erreferentzia zuzena egiten zaie itsasoz erbesteratu ziren haurrei. Bitartean, atzeko paretan Picassoren Guernicaren lerroak agertzen hasten dira eta antzezpena amaierara gerturatu ahala koadroaren zirriborroa osatuz doa, margolana guztiz bururatzen den arte. Doinu itxaropentsuarekin amaitzen da ikuskizuna, pertsonaia guztiek kriseilua eskuan dutela abesten duten bitartean.

    Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). “HIKA teatroaren Guernica, Garraxi lazgarri, bakearen ikur ikuskizunari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Beroki gorria | Patxi Zubizarreta, Yolanda Mosquera | 2016

    Titulua Beroki gorria
    Egilea Patxi Zubizarreta, Yolanda Mosquera
    Lekua Euba
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Patxi Zubizarretak idatzi eta Yolanda Mosquerak ilustratutakoa da album ilustratu hau. Gerra Zibilaren ondorioz Euskal Herria utzi eta Habana itsasontzian Santurtziko portutik Ingalaterrara bidaltzen duten neskato baten istorioa ematen da, edo orokorrago, gerratik ihesi, erbestera alde egin behar izan zuten milaka haur horien istorioa.

    Gernikako, Durangoko eta Otxandioko bonbardaketak aipatzen dira, informazio zehatzagorik ematen ez den arren, baita Bilboren erorketa ere (Gernikako aipamenerako, ikus 8. orrialdea eta Bilboren erorketaren aipamenerako, berriz, 33. orrialdea)

    “Denok ezagutzen genituen Durango eta Gernikako triskantzak, baina Estefanak argitu zigun, joan den urtean, Otxandioko jaietan hegazkinak Errepublikaren banderarekin etorri zirela, kolore gorri-hori-moreekin, […], baina propagandaren eta goxokien ordez, ustekabean bonbak bota zituzten eta bertakoek gorriak eta beltzak ikusi zituzten” (8. or.).

    “Nagusiok orduantxe ulertu genuen gu ere erori ginela eta ez ginela berriro altxatuko. Ez genituela gurasoak berriro ikusiko. Ez zela egunsenti berririk izango […] Nagusiok orduantxe ulertu genuen Bilbo mendean hartu zutela eta ez zegoela zer eginik. Ez ginela etxera itzuliko” (33. or.).

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Patxi Zubizarreta eta Yolanda Mosqueraren Beroki gorriari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU. Gaur egun Beroki gorria obra ez dago eskuragarri.

  • La pietá, baina alderantziz | Bernardo Atxaga | 2016

    Titulua La pietá, baina alderantziz
    Egilea Bernardo Atxaga
    Lekua Sarean
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina, Poesia
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenburua bera da ekfrasi-ariketa bat, “La pietá, baina alderantziz”ek, hitzetara ekartzen duelako pietatearen figura ikonografikoa, eta berehala argitzen ez duen arren, aurreratzen du ezohiko errepresentazioa egingo duela. Aldiz, irakurtzen segi baino lehen ere, askok ezaguna duen testuaren sortze-testuinguruak, aurresaten du ekfrasiaren oinarrian egongo den pietatea Gernika koadroko atala izango dela, edo Bernardo Atxagak (2007) berak esatera, «oihal gaineko markaren» atala. Komaren ondotik gehitutakoa, beraz, jatorriz kristau tradiziokoa den eta, Picassok, Gernika mihise erraldoian, arlo profranora  ekarri zuen pietateari, idazleak beste ikuspuntu batetik helduko dion seinale da. Pietatearen ezaugarri ikonografiko, plastiko edota formalekin jolasean aritzeko asmo hori, hasieratik bertatik erakusten du, italieraz ezkerrera behar lukeen azentu grafikoa aldrebes jartzean, adibidez. Umea bidegabeki hil berritan, haren gorpua magalean hartuta erruki eske ari den amaren irudiaren itzulpen azkarrena, ama zurztuaren lekuan, umezurtza irudikatzea litzateke; idazleak, baina, irakurleak harritzen daki.

    Ipuina edo poema ote den zehaztea zaila den “La pietá, baina alderantziz”eko ekfrasi-ariketak bi ardatz dituela esan daiteke. Lehena, protagonistak diren adineko emakume-amen gimnasia saioetako onomatopeiek markatutako erritmoari dagokiona («bat-bi, bat-bi,/ bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo»); horrek pietatearen gelditasuna eta aztarna sakratua arintzen ditu aldi berean, dolutan den amaren eskema segituan puskatzen baitu. Bigarren ardatza ere, irakurleek buruan daukaten pietatearen patroi ikonografikoaren haustura bat da, doluaren Mendebaldeko gramatika kulturala pitzatzean datzana: seme-alaben eta iloben dolua edo, bestela esanda, dolu kolektiboa merezi duten gorputzak, ez dira, ohiko legez, gizontzat irakurritakoak, emakumeak (eta, gainera, zaharrak, laurogei urte ingurukoak), baizik. Ipuinean islatzen den heriotzaren inguruko ikuspuntua, beraz, ez dator inola ere bat Mendebaldeko gramatika horrekin: protagonistak laster hilko diren arren, behin ere baino arinago dabiltza, bizitza osoan ezagutu gabeko askatasun irudipen batez eta barre-algaraka, gainera; nahiz eta, ingurukoek bizipoz hori epaitu lekuz kanpoko, desegoki edota zorotzat joz. Hala eta guztiz ere, errepresentazio horretan ez da desagertzen pietatea ezaugarritzen duen errukizko-egoera: ipuineko protagonistak, aukeran, berandu(egi) jabetu baitira bizitzaren garrantziaz, hau da, zahartzaro betean eta heriotzaren bezperetan daudela matxinatu dira:

    Gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,/ berandu ohartzen ziren bizitzaren garrantziaz,/ hirurogeitamar urterekin, edo laurogeiekin,/eta txoraturik aurkikuntza latz hura zela eta/ nahastuta ibiltzen ziren hainbat hilabetez,/ bere semealabei bazkaririk prestatu gabe/ supermerkatuan gauza xelebreak erosiz,/ telefono dei amaigabeak nornahiri eginez; […]/ Gero, denbora galdua eskuratu behar zutela eta, […] herriko udaletxeak antolatu gimnasia saioetarako/ ematen zuten izena, […] eta handik aurrera oihuka, korrika, jauzika,/ ematen zioten hasiera egunari, bat-bi, bat-bi,/ bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo./ Polikiroldegiak hozki jasotzen zizkien algarak/ […] eta aldian behin afari bat egiten zuten denek/ txandala kendu eta soineko dotoreak jantziz;/ egun batean, azkenez, […] zerraldo erortzen ziren semealaben oinetan,/ eta hantxe gelditzen ziren hilda beraien kideek/ […] gimnasiari ekiten zioten bitartean,/ bat-bi- bat-bi, bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi.

              Gimnasia ariketen erritmoa markatzen duen leloa bi aldiz errepikatzen da testuan, eta hiru paragrafo baizik ez dituela kontuan hartuta, sekulako pisua du. Maila sinboliko-metaforiko batean, erritmo horrek, agian hori asko esatea den arren, Atxagak askotan landu dituen txalaparta eta haren bilakaera gogorarazi ditzake. Txalaparta Euskal Herriko historia garaikidea laburtzeko baliagarria den arte adierazpen esanguratsuetako bat da. Idazleak berak idatzitako “Txalaparta eta heriotza” testuaren gaztelaniazko bertsio luzeagoan, hauxe dio perkusiozko musika-tresna horren bilakaeraz eta esanguraz:

    emandako balioak baldintzatzen ditu gauzak, eta Francoren diktadura euskal kulturako elementuekin, oso agresiboa izan zen. Hizkuntza, euskara, gutxiesteko dialekto esaten bazioten, nola ez zuten ba txalapartaren gisako musika-tresna lokal, nekazal munduko-, eta jai-giroari lotutakoa mespretxatuko? Txalapartaren patua ahanztura zen, edo, gehienez ere, museo etnografiko bateko bazterra. Pitzadura bat zabaldu zen, ordea, aurreko egoera moztu zuen etena. Beste ideologia, sentisibilitate eta baloratzeko modu batzuk zituztenak iritsi ziren, erregimenaren diametralki kontrako pentsamendu-giroa sustatu eta gizartearen etorkizuna markatuko zutenak. Tartean zegoen Jorge Oteiza eskultorea, 63an Quosque tandem…! lana argitaratu zuena, euskal arimaren interpretazio estetikorako saioa. Oteiza ordurako izen handiko eskultorea zen, arte modernoaren, eta, zehazki, konstruktibismoaren inguruan ibilitakoa. Urteak zeramatzan, 50etatik-edo, autoritate eklesiastikoekin borrokan, Arantzazuko basilika berriko frisoan, bere hamalau apostuluak eta Pietate zoragarria kokatzeko; F.J. Sainz de Oiza arkitektoak diseinatutako elizan, alegia. […] Nolanahi ere, Oteiza ez zen aitzindaria izan txalapartaren inguruko ikuspuntu berri bat plazaratzen […], bazen [XIX. mende hasieratik] horretan aritu zen jendea; Oteizak, baina, aurrenekoz, abangoardia artistikoaren zirkulura ekarri zuen txalaparta. Toki-aldaketa horri esker, txalapartak berehalako arrakasta erdietsi zuen eta 60ak bukatu baino lehen, Remigio Mendiburuk —beste eskultore abangoardista batek,— Ez dok amairuren anagrama bilakatu zen Txalaparta eskultura sortu zuen. Talde hartako kideak ziren Joxean Artze eta bere anaia Jesus, pitzadura osteko lehendabiziko txalapartariak edo aro berriko txalaparta-jotzaileak, alegia (itzulpena nirea da).

         Euskal kulturako elementuekin nola, gizateriaren erdiarekin baino jende gehiagorekin ere hala (hau da, emakumeekin eta genero-disidenteekin), oso agresiboa izan zen diktadura frankista; erregimenak kalte politiko larriak ekarri zituen 30etan, gerraurretik, emakumeen emantzipaziorako bidean Miren Etxaberen pareko aitzindariek egindako urratsak indargabetzean. Euskal Herriko mugimendu feministaren historian, mugarri izan ziren 70etako bigarren erdian antolatutako Leioako I. Jardunaldiak, eta Teresa del Valleren Mujer vasca. Imagen y realidaden (1985) pareko lanek ireki zuten pitzadura, markatu baitzuten diktadura osteko “aro berria”. Ane Lekuona-Mariscal (2021, 23-24) arte historialariak dioenez, «borroka antifrankista eta euskal kultura berrindartzeko interesa, ustez, euskal artistek berezkoa zuten izaera politikoarekin lotu zen, eta hura balioztatu zen oroimen kolektiboa josteko orduan. Euskal artistaren irudi zehatz bat elikatu zen: ausardia, gogortasun, konpromiso politikoaren eta akzioaren balioak berezkoak zituen gizasemearena». Esan nahi da, XX. mendearen bigarren erditik aurrerako euskal artearen historia hierarkizatua emakumeen sormen-lanak bazterrean utzita eraiki zela, hala nola tradizioz feminitateari esleitutako natura hil eta paisaien margolan figuratibo eta akademizistak, sistematikoki, despolitizatu, maila estetizistara murriztu, eta, finean, bigarren mailakotzat joz. Hori gutxi ez eta, garai hartan (50etatik 75erako denbora-bitarteaz ari da Lekuona (2021, 23-24), izaera politiko nabarmenagoko lanak egin zituzten artisten (María Dapena, Sol Panera edota Carmen Maura, kasu) proposamen plastikoak ere “emakumeen gai edo artetzat” gutxietsi ohi ziren; zuzenean unibertsal, politiko eta seriotzat hartutako “gizonen gaiak” ez bezala (Lekuona-Mariscal, 2020, 112.-113).

    Hortik, “La pietá, baina alderantziz”en pareko sormen-lan garaikideek, euskal kultur oroimen hegemonikoa ezbaian jarri eta kontramemoriak josi ditzaketen heinean, duten garrantzia sinbolikoaren neurria. Halako justizia poetikoek ba ote dute, ordea, hartzaileengan (benetako) eraginik? Antton Lukuk Libertitzeaz  (2014) saioan dio (berez, euskararen egoeraz arituagatik): «[gizarte garaikideetan] nehon ez daiteke [berdintasunez] bizi errotik, antzerkian baizik [berdin gainerako arte adierazpenetan]. Mundu poetiko hori fundamentala da, errealitate bat ematen baitio, posible bat ezina denari […] Errebelazioa hunkitzen du literaturaren inpaktuak eta lotura egiten arteak dituen auguriozko eta magiazko funtzioekin». Hain zuzen, memoria kulturalaren inguruko azken ikerketen arabera, kultur oroimena gogoratze- eta ahazte-ekintzen  etengabeko  prozesua  da; gizataldeek behin eta berriro josten dute iraganarekin duten hartu-emana artefaktu sinbolikoen bidez, eta beraz, behin eta berriz berregokitzen dute beraien burua Gernika bezalako oroimen-guneen aurrean. Gogoratzeko moduak, hortaz, errotik lotuta daude irudikapen motekin, eta hortaz, ez ote dira arte adierazpenak, (kasu honetan, literatura) euskal kultur oroimenaren eraketari  kontramemoria  (counter  memory)  gisa  eragiteko eta luzaroan alboratutako iruditeriei leku egiteko abagune? (Neumann, 2008, 341-342).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Bernardo Atxagaren «La Pietá, baina alderantziz»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Elkarrekin esnatzeko ordua | Kirmen Uribe | 2016

    Titulua Elkarrekin esnatzeko ordua
    Egilea Kirmen Uribe
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2016
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri historiko honetan Kirmen Uribek euskal familia nazionalista baten nondik-norakoak kontatzen ditu, Gerra Zibiletik hasita demokraziarako trantsizioaren lehen urteak arteko tarte historiko esanguratsuan oinarrituta. Idazlea benetako gertaera eta datu historikoetan oinarritzen da, eta ibilbide gorabeheratsu batean murgiltzera behartuta dagoen euskal familia horren bitartez euskal nazionalismo militantearen patua sinbolizatzen du, belaunaldi oso batena. Egiazko familia baten historia nobelatua dugu, Urresti-Letamendirena hain zuzen, non istorioko idazleak kazetari edo ikertzailearen lana egiten duen. Narrazio konplexu honetan izaera zein maila ezberdinetako istorioak ageri dira, elkarren artean oso urrun dauden errealitate soziopolitikoak marko globalera eramanez uztartzen direnak. Batetik, guraso eta seme-alaben zein neba-arreben arteko familia harremanak testuinguru geopolitiko ilun batean. Bestetik, Pariseko kaleetako bizitza eta Venezuelako oihanen xarma kontrajarria, edota Ondarru kostaldeko itsas-herriko usadioak, eta diktadurako komisaldegietako torturak. Gainera, bi maitaleen arteko gertuko harreman lagunkoi eta zaindua kontatzen zaigu, baita Franko eta AEBetako gobernuaren arteko elkarlana Komunismoaren aurkako itunean ere.  Autoreak berak planteatzen dituenekin batera, Gerra Zibila galdu eta diktadura faxista jasatera kondenatuta egon den familiak eleberria gai etikoz eta galdera moralez osatzen du, historiaren aurka borrokatzea beste irtenbiderik aurkitu ez duen pertsona ororen izenean.

    36ko gerraz eta diktaduraz diharduen eleberri historiko honetan, Gernikako bonbardaketa xehetasunez deskribatzen da. Uribek 37. orrialdean ikerlariaren paperaren ikuspegitik heltzen dio gaiari: «Gernikako bonbardaketak, esate baterako, lotura ugari ditu Bigarren Mundu Gerran erabateko protagonista izan ziren pertsonaiekin. Gernikako bonbardaketa, azken aldiko ikerketei kasu eginez gero, Varsoviako setioaren entsegua izan zen». Gernikako sarraskiaren errepresentazio historikotzat sailka daitekeen aipu horrek, Bizkaiko herriko gertakizun tragikoa Varsoviako setioaren «entsegutzat» jotzean, Gernika, gerra egiteko modu naziaren aurrekari sinboliko gisa, batetik, eta izaera esperimentaleko izu bonbardaketa gisa, bestetik, irudikatzen duela esan daiteke. Hain zuzen, hura esperimentu bat izan zela baieztatzen duten dokumentuak aipatzen ditu narratzaileak. Hala nola: “Baina are larriagoa da, opari bat baino ez zela izan Gernikako bonbardaketa. Göringek Hitlerri egindako urtebetetze oapria. Hitlerrek apirilaren 20an beteko zituen urteak eta Göringek dena filmatua nahi zuen Hitlerri bere berrogeita zazpigarren urtebetetzean erakusteko”. “Parisko irudiak” azpi-atalaren lehen kapitulua horrela hasten da, eta orrialde osoa jarraitzen du Gernikako bonbardaketaren inguruko xehetasunak emanez: “Carpet boming eta Shuttle bombing tekniken bitartez, eta hegazkinekin, lehenik eta behin biztanleria toki batean bildu eta ondoren hura bortizki bonbardatuz, Gernikaren gainera 31 eta 41 tona inguru bonba bota zituzten alemanek. Erabat kiskalita geratu zen hiria, eraikinen %1 bakarrik geratu zen onik.” Gernikako bonbardaketaren narrazioa oinarrizko arau historiografikoak urratuz egin zen, diktaduraren azkeneraino desmemoria zabalduz. Desmemoriak eragindako erredukzionismoa (hots, nahita edo oharkabean, Gernikako bonbardaketari buruzko orotariko datuak minimizatu edo erdizka esatea), egun mantentzen den neurrian (Irujo, 2017), orrialde horietan talde eta kultur memoria(k) lantzeko helburu etikoa suma liteke. Esandakoaz gain, Gernikako arbolaren irudikapenak ere aurki daitezke eleberrian (63. eta 264. orrialdeetan). Aipamen horiek 1936ko urriaren 7an, gerra betean, Agirre lehendakari izendatu berriak arbolapean zin egin zuen ekitaldia dakarte gogora, Gernikaren oroimen gune eta sinbolo izaera bonbardaketa gertatu baino antzinagokoa den erakusle.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko orduari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Eleberria gaztelanaira itzuli zen "La hora de despertarnos juntos" izenburupean eta Jose Maria Isasi Urdangarin izan zen itzultzailea.

  • Gernika Lemoizen | Irati Gorostidi | 2015

    Titulua Gernika Lemoizen
    Egilea Irati Gorostidi
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Laburmetraia
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika Lemoizen (2015) lana Lau kantari (Pamiela, 2011) liburuaren egile den Juan Gorostidik produzitua izan zen, Mikel Laboa Katedrak babestuta (UPV/EHU). Lanaren bideoa irekian eskuragarri den arren (https://youtu.be/UwKVS7JfCQA?si=qPeK9La9Qsg3PaxR), 2014an hainbat zuzeneko emanaldiren bitartez aurkeztu zen; horietan, hizpide dugun bideoa 40 minutuz Laboaren doinuak eta horietan oinarrituriko dantzak nahiz Itxaro Bordak irakurritako Legearen aurrean (Frantz Kafka) liburutko hitzak testuinguratuta ageri zen (Ubeda, 2014).

    Aztergai dugun lan artistikoari dagokionez, musika Mikel Laboaren “Gernika-Lekeitio 4”an dago oinarritua, Irati Gorostidik zuzendua eta koreografia eta dantza Manuela Carrettaren eskutik  landua da. Zehazki, pentsamenduaren gorpuzteari eta euskal memoria kolektiboaren berreraikuntzari dagokion ezinegonak biltzen du artelana bere osotasunean (Retolaza & Serrano-Mariezkurrena, 2015), euskal kulturako hiru memoria toki erabiltzen direlarik, horretarako: Mikel Laboaren lana, Lemoizko zentral nuklearra eta Gernikako bonbardaketa. Hala, film labur artistiko gisa ere defini genezake bideo hau.

    Carretta dantzariak Gernikaren bonbardaketaz hausnartzen du Lemoizko zentral nuklearreko espazioak bete eta biziaz flamenkotik, mugimendutik, Mikel Laboaren “Gernika-Lekeitio 4” abestiaren adierazkortasuna medio. Horretarako, 1988ko Lekeitioak diskoan biltzen den bertsiotik abiatu eta birformulatu egiten da. Juan Gorostidik (bideoari atxikiriko azalpenetan) laburmetraiaren egitura 6 ataletan deskribatzen du: “Sarrera”, “1. Atari iluneko deia”, “2. Ihesa”, “3. Garrasia”, “Galderak”, “5. Birjaiotzea. Amaiera”. Horietan guztietan Laboaren “Gernika” Lekeitioa lantzen da, hari argumental gisa, eta Gernikako bonbardaketa Lemoizko zentralaren paisaia berrietako koordenatuetan islatzen. Marisol Bastidak, Laboaren alargun eta Memorias. Una biografía de Mikel Laboaren egileak (2014, Elkar), 4. Lekeitioari berari garapen interpretatiboa sumatzen zion, eta halaxe adierazi zuen Mikel Laboaren memorietan: “sarrera, narrazio-oihua, aienea, biktimei elegia eta, azkenik, kostata, esperantzari kantua” (Bastida, 2014, 183. or., gure itzulpena).

    Edozein gisatan, Gernikaren bonbardaketa gertakari historiko gisa artelana medio berreraikitzeaz gain, badira Picassoren (Malaga, 1881-1973) Guernica margolana oroitarazten duten keinuak ere. Zehazki, Carrettak egiten dituen mugimenduek, irudiek, argiaren kontra ezarrita, besoak gorantz, ezinegonez, laguntza eskatuaz Guernican ageri diren pertsonak eta haien auhenak oroitarazten dituzte (3:22).

    Hala, bada, “Gernikatik Lemoizera” lanean memoria tokiei buruz egiten da hausnar, horretarako balio sinboliko handiko erreferenteak erabiltzen direlarik dantzatik, mugimendutik, musikatik, gerrateen triskantza eta krudela energia atomikoaren suntsitze indarrarekin artistikoki hausnartuz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Bastida, Mari Sol (2014). Memorias. Una biografía de Mikel Laboa. Elkar.

    Gorostidi Berraondo, Irati (2015). Gernika Lemoizen.

    Gorostidi Berraondo, Juan (2011). Lau kantari. Pamiela.

    Retolaza, I. eta Serrano-Mariezkurrena, A. (2015). “La pieza artística-audiovisual Gernika Lemoizen: lugares de memoria en tensión”. Honetan Freire, M. P., Herrero, N. eta Agrelo, E. (ed.). Novo espazo público: a emerxencia cultural: 151-172.

    Ubeda, Goikoetxea, G. (2014). “Mikel Laboaren esperimentazioa esperimentazio iturri”, Argia, 2014.04.15. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2412/gernika-lemoizen 

    Bideoa hemen, eskuragarri: https://youtu.be/UwKVS7JfCQA?si=qPeK9La9Qsg3PaxR

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Irati Gorostidiren Gernika Lemoizeni buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lapur banden etika ala politika | Joseba Sarrionandia | 2015

    Titulua Lapur banden etika ala politika
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Lapur banden etika ala politika liburu gisa eman zuen argitara Pamielak, alta, Sarrionandiak Mondragon Unibertsitatean euskal kulturaren transmisioaren gainean irakatsitako mintegietan oinarritzen da. Saiakera bi atal nagusitan banatua dago. Lehendabiziko zatian, atalez atal, Sarrionandiak askotariko gai politikoen gaineko hausnarketak garatzen ditu. Besteak beste, Euskal Herriaren egoera soziopolitikoaren gaineko atzera-begirada, edota mundua dominatzen duten egitura ekonomiko, politiko eta militarren inguruko ideietan sakontzen du. Saioaren bigarren atalean, mintegian parte hartu zuten ikasleen galde-erantzunak biltzen dira. Frankismo hondarretako euskal gatazkaren bilakaeraz mintzo delarik, Gernikako bonbardaketa aipatzen du:

    “Euskal Herria lurralde okupatua zen nire pertzepzioan, militarki okupatua, ni gaztea nintzela. Eta ez diot zentzu historiko abstraktuan, Nafarroako konkistaz eta Gernikako bonbardaketaz hitz egiten den bezala. Uste dut Euskal Herria militarki okupatuta dagoela gaur egun ere” (Sarrionandia, 2015, 49).

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Ehiztariaren isilaldia | Luis Garde | 2015

    Titulua Ehiztariaren isilaldia
    Egilea Luis Garde
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Luis Garderen lehen eleberria dugu Ehiztariaren isilaldia, eta harrera txikia izan zuen eta ia ezkutuan igaro zen eleberria izan arren, Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen 2016an. Luis Garde idazle iruindarrak, eleberrian, ahaztearen aurkako aldarriak eta memoriaren inguruko hausnarketak biltzen ditu,1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik 800 inguru presoren ihesaldia abiapuntu duelarik. Prosa poetiko zaindua darabil idazleak eta memoria bihurtzen da eztabaidagai, gertakari historikoa baino gehiago: idazlearen idazketa prozesuaren berri ematen duen narratzaile autodiegetikoaren ahotsa, bi presoen ihesaren berri ematen duen barne narrazioa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako oroimen eta isiltasuna, poemetan irudikatutako ihesaldia… denak uztartzen dira saiakeratik ere baduen liburu honetan.

    Dena dela, Ezkabako, edo San Kristobalgo, kartzelatik 1938ean, Espainiako Gerra Zibilean, ihes egin zuten presoen gertakari historikotik abiatzen da eleberria. Izan ere, ihesaldia arrakastatsua izan bazen ere, Frantzia helmuga gisa zuten ia 800 presoetatik hiruzpalau besterik ez ziren iritsi mugaren beste aldera; gainontzekoak bidean fusilatuak, kartzelara itzuliak, edo desagertuak izan ziren. Idazleak gau batean izandako amesgaiztoak eraginda erabakitzen du idazketa literarioari ekitea: ametsean ehiztari jazarle ezezagun batek jazarriaren atzetik Gorriak eskapatu egin dira. Denak akabatu behar ditugu, kagoendios zeriola. Esaldi madarikatua behin eta berriz errepikatzen da eleberrian zehar, eta hori bakarrik izango da jazarleari buruz ezagutuko dena, gertakariaren gainean zabaldutako isiltasuna agerian utzita. Ezkabako ihesaldiari buruz datu gutxi ezagutzen dira, eta idazleak ikerlariaren rola hartzen du haren inguruko xehetasunak argitzeko, nahiz eta ez duen zertan informazio hori erabili fikziozko kontakizuna osatzeko; horrela, iheslarien senitartekoei, dokumentu historikoak gordetzen dituzten udalerri eta elizetara bisitak egiten ditu, gehien-gehienak bisita etsigarriak izan arren. Isiltasunaren inguruan idazleak memoria eta memoria historikoa deitzen zaionari buruz hausnartzeko parada aurkitzen du, ongiaren eta gaizkiaren, justiziaren eta injustiziaren gaineko saiakera eskainiz. Hori guztia hausnarketa metaliterario eta Luis Garde beraren poetikaren hausnarketarekin osatzen da. Teknika narratibo, plano narratibo eta polifonia anitzak ahalbidetzen du narrazioa memoriaren zokoetara iristea.

    Memoria bizirik mantentzea eragozten duten praktikak gaitzetsi eta hura berreskuratzearen alde egiten du idazleak, horretarako, 1936ko Espainiako Gerra Zibileko hainbat gertakari historikoren errepasoa, nahiz hurrengo urteetako errepresioa, eta Espainiatik at ere nagusitutako faxismoaz hitz egiten du. Idazlea Haize hegoaren aroak poema liburuaz ari dela, zeina “euskaldunon gerrei” buruz mintzatzen den, Gernikako bonbardaketaren zantzuak erakusten dituen poema aipatzen du (Garde, 126-127). Gertakari historikoari buruzko xehetasunik ematen ez den arren, argiki kokatzen du Gernikaren aurkako sarraskia “euskaldunok galdutako gerren” artean, Euskal Herriaren historiaren gertakari esanguratsuena dela baieztatuz. Aurrerago, ordea, idazleak haren senide Honorioren gerrako pasarteen berri ematen du, 1937ko apirilaren 26an Gernikan zegoena, hain zuzen ere: “Artean, Gernikaren gaineko hegazkin alemaniarren orroa oroitzen zuen Honoriok. Motor haiek inoiz ez zioten biratzeari uzi osabaren amesgaitzen soinu-bandetan” (Garde, 135). Gutxinaka, idazleak Gernikako bonbardaketaren datu gehiago ematen ditu kontakizunak aurrera egin ahala, kasu honetan, familia arteko transmisioak hala bermatuta; hala bada, fokua belaunaldiz belaunaldi iritsitako memorian jartzen du, zehazki, hirugarren belaunaldiei iritsitako memoria azaleratzearen beharrean, gerrako zuzeneko lekukoak desagertzear daudela argudiatuta.

    Honoriok gogoratzen dituen hegazkin alemanei tiraka, 196. orrialdean berriro azpimarratzen da soldadu nazien presentzia Espainiako Gerra Zibilean: “Gerra hartan norbaitek kanpoko laguntza jasotzen bazuen, hura alde frankista zen. Hemendik oraindik badago hegazkin alemaniarren motorren zarataz oroitzen den jendea” (Garde, 196). Aipatutako Gernikako bonbardaketari eta hura eragin zuten hegazkin alemanei egindako erreferentziak bi presoen ihesari dagokion kronikan ere txertatzen dira:

    -Alemaniarrak dira. Heinkel 111.

    Heinkelak. Hemen saio-eremu egokiak aurkitu dituzte. Saio-herri egokiak. Gotorlekuko preso batek bazekien marrazten hegazkin berriak paper-zatietan. Etorri gareneko norabidea, hegoalderakoa, hartu dute. Ebro alderantz. Azken bataila handia irabazten ari gara alde hartan. Baina harat doaz hegazkin alemaniarrak.

    -Duela urtebete iparreko frontean…

    -Badut horren berri. Baina ezin ahalko dute. Ezta hegazkin alemaniarrekin ere (Garde, 287).

    Iheslarien gaineko kontakizuna 1938an kokatzen dela kontuan hartuta, “Duela urtebete iparreko frontean” Heinkel alemanekin gertatu zena zer izan zen esan beharrik ere ez dago, eta hori bera egiten dute kontakizuneko bi pertsonaiek: Gernikako sarraskiari hitzak jarri beharrean, elkarren artean ulertu eta isildu egiten dira, hura berriro gertatu ezin daitekeela sinetsaraziz, eragin zuen hunkipena eta ziurgabetasuna islatuz.

    Ondorioz, eleberriaren plano eta ahots narratibo desberdin guztietan irudikatzen da Gernikako bonbardaketa: alde batetik, narratzaile autodiegetikoak, autofikziotik, senide batek Gernikan bizitakoaren berri ematen du; beste alde batetik, idazlearen beraren poetikaren gaineko hausnarketa metaliterarioaren baitan, Gernikako bonbardaketa gogorarazten duen poema aipatzen da; eta, azkenik, bi preso iheslariei dagokien kronika fikzionalizatuan ere zeharka aipatzen da Gernikako bonbardaketa, Heinkelen presentziak sarraskia gogora ekarrita.

    Horrez gain, bestelako arte adierazpideren bitartez ere gogoratzen da Gernikako bonbardaketa, baita bonbardaketa nahiz Picassoren Guernica artelanaren ondotik eskuratutako sinbologia eta unibertsaltasuna. Alde batetik, Gernikako bonbardaketa eta bonbardaturiko “gainerako herrien oihartzunak” gogorarazten dituen poema dugu 180. orrialdean, zeinak “Picassoren Guernicaren izpiren bat” ere duen.

    Beste alde batetik, 2004an, Gernikako bonbardaketaren 70.urteurrenaren gerturatzea dela-eta, Gernikan egin zen Bombardeo de poemas sobre Gernika ekintza artistikoa aipatzen da. Ekintza horrek literatura eta performancea nahastu zituen, eta euskaratik gaztelaniara itzulitako euskal idazleek poemak eta gaztelaniatik euskarara itzulitako poeta txiletarren poemak jaurti zituen helikoptero batek Gernika gainera. Modu horretan, Gernikako poemen bidezko bonbardaketa irudikatu zuten. Ekintza artistikoak polemika piztu zuen, eta Gardek ere ekintza aipatzen du memoriaren eta memoria-praktiken inguruan hausnartzeko. Horrela, Luis Gardek fikzioa eta errealitatea etengabe nahastuz, oroitzeko tresnen eta memoria kolektiboa deritzogunaren inguruan hausnartzeko liburua osatu du, gertaera historiko zehatz batetik abiatuta, bestelako gai, gertaera, garai eta lekuez ere mintzatuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Luis Garderen Ehiztariaren isilaldiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Euskadi Literatura Saria (2016). Fitxan aipatu den "Bombardeo de poemas sobre Gernika" ekintza artistikoa kontsulta daiteke Gernika(k) datu-basean izenburu bera bilatuta.

  • Zu | Anjel Lertxundi | 2015

    Titulua Zu
    Egilea Anjel Lertxundi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Anjel Lertxundiren Zu izeneko eleberri autobiografikoan, 2012ko uztailaren 19an narratzaile idazleak eta haren Zu emazteak bizitza aldatuko dieten berria jasotzen dute: beren kalkulu txarrenetan ere sartzen ez den diagnostikoa entzun dute, minbizia (1). Nahi gabeko diagnostikoa entzun ondoren, pankreaseko minbizia gainditzeko borrokari hasiera emango diete Zuk eta bere senarrak. Hirugarren pertsonaz baliatuko den narratzaile heterodiegetiko batek gaixotasunaren prozesua kontatuko du xehetasun guztiekin: kirofanoan sartu dute Zu (49), beste kimio-saio batekin hasi beharrak erasan egin dio psikologikoki (226), ilea hirutan galduko du… Gora-beheratsua izango den prozesu horretan, senarrak emaztearen gaixoaldiari buruzko apunte eta hausnarrak biltzen ditu (240). Zu-k badu apunte horien berri eta idatzi solte horiekin liburu bat idazteko esaten dio senarrari; bada, esan eta egin. Gauzak horrela, Zu-ren gaixotasuna izango du oinarri eleberriak, baina ez da landuko eta garatuko den gai bakarra. 

    Gaixotasunak eta heriotza gai emankorra izan dira bai literaturan, bai beste edozein arte adierazpidetan historian zehar. Lertxundik ez zuen imajinatu ere egiten zenbat liburu on dagoen minbiziaz, alzehimerraz, iktusari buruz, zenbat lekukotasun on gaixotasunen eskarmentuez (89)…, baina gaixotasuna gertutik bizitzeak liburu horien garrantziaz ohartarazi diote idazleari. Horregatik, Zu-ren minbiziaren narrazio lineala liburu ugarien pasarteen zatiekin tartekatzen da. Pasarteek, gainera, hausnarketarako bidea irekitzen diete Lertxundiri, heriotzaz zein bizitzaz pentsaraziz irakurleari. Idazlearen barne-munduaren adierazle da darabilen hizkera: idazlea bere buruarekin mintzo denean, beti hikaz ari da (113), baina baita pankreas gaitzarekin -pertsonifikatua, noski- ari denean ere (109). Idazle, egile eta pertsonaiaren arteko jokoa erakusten du narratzailea mintzatzen den pertsonak: lehen eta hirugarren pertsona etengabe nahasten dira, hirugarren pertsona nagusitzen bada ere. Edonola ere, Zu-ren senarra fokalizatzen da eta gizonaren hausnarketa eta bizipenetatik egiten da kontaketa. Hori guztia, aurretik aipatu den bezala, idazle entzutetsu eta heriotza nahiz gaixotasunei buruzko obren aipamenekin tartekatzen da: garrantzi berezia hartzen du, esaterako, Thomas Mannen Mendi magikoa eleberriak. 

    Liburuaren haria ez da batere triste edo sentimentalista, bizirik segitzeko euskarririk seguruena baizik (240). Lertxundi ez dabil ars moriendi baten atzetik, ars vivendi bat bilatu eta partekatu nahi du Zu-rekin (241). Horregatik, minbiziaren aurka borrokatzea erabakiko dute Zu-k eta bere senarrak. Horretarako, funtsezkoa izango dute medikuak esandakoa jarraitzea, medikuntza baita bizi-itxaropena luzatzeko gai dena. Honela, hiru urtez gaitzari aurre egitea lortuko du Zu-k, eta, hasiera batean sinesgaitz zitzaizkionak bizitzea lortuko zuen, bere laugarren bilobaren jaiotzan egotea, kasu. 

    Eleberriak aurrera egin ahala, bizitzaren bidegabekeriaren biktima errugabe dira, eta behar baino lehen hiltzen direnen inguruko hausnarketak ugaritzen dira. Lertxundik hausnarketok erlijioarekin eta Jainkoaren zigorrekin lotzen ditu, izan ere, Bibliak Jainkoaren zigortzat jotzen du zeruak jaurti zuen sua Sodoma eta Gomorra hirien gainera, eta suz markatua geratu zaigu Jainkoak bidaliak direla tragedia naturalak eta gaixotasunak (149). Halaxe egin zuten faxistek ere Durangon eta Gernikan: Jainkoaren zigorra balitz bezala bota zuten zerutik sua (149). Hausnarketa horren ondoren, pasartea 1937ko apirilaren 26ko Genikako bonbardaketarekin lotzen du: “ez nituen inoiz lotu airezko bonbardaketekin, ez nituen inoiz erlazionatu Sodoma eta Gomorra hirien gainera botatako sua eta Gernikako tragedia” (148). 1937an Gernika bonbardatu zutenak alemaniar faxistak izan ziren: Bigarren Mundu Gerrarako modu eraginkorrean suntsitzeko moduen bila hasi ziren alemaniarrak; honela, beraien entseguetako biktima izan zen Gernika, espainiar diktaduraren aurka baitzegoen. Gainera, Europako biztanleria zibilaren aurkako izuaren bidezko lehen erasoa ere izan zen. Egun, jakintzat badugu ere, garaiko prentsa frankistak erasoa ezeztatzeaz gain iruzurrak zabaldu zituten nazioartean: “biktimarenak egiten has ez gintezen, mundu guztian zabaldu zuten euskaldunak izan zirela Gernika erre zutenak” (149). Faxisten propaganda makiabelikoaren arabera, tragediaren biktimak izan ziren bere buruen borrero (149), baina nazioartean azkar zabaldu zen egia. Gainera, euskal zibilen memoriak ez du gertatutakoa ahaztu, eta, gaur egungo euskaldunen memoria historikoan bizirik dirau Gernikan zein 1936ko gerran eta gerraondoan euskal lurraldeetan gertatutako sarraski eta errepresioa. Gernika memoria lekua da, eta beste gaitz edo bidegabekeriatan pentsatuta, 1936ko gerrako pasarte ilun hori datorkigu ezinbestean burura, sinbolo bilakatu baita Picassok erreproduzitu zuen mihise erraldoiari esker. Memoria lekuak iragana gogorarazten duten leku zehatzak dira, bai maila indibidual nahiz kolektiboan, eta hori bera ikusarazten du Lertxundik: Lertxundiri Gernikako tragedia datorkio burura esperientzia pertsonal batetik abiatuta, baina memoria kolektiboa eta ariketa kolektiboa egitera pasatzen da jarraian, Euskal Herriaren historia eta haren trasmisioa erdigunean jarriz:  “Nola hil eta ehortzen zituzten begiratzeko agintzen zigun amak, ondorengoei kontatu ahal izateko” (149) diosku Lertxundik 36ko gerran, Elgetan izandako fusilamenduen lekuko batek esandakoak bilduz. 

    Ondorioz, esan genezake Gernikako bonbardaketak eragindako trauma historikoak esanahi berriak hartzen ari dela eta sufrimendua unibertsalizatzeko baliabide bilakatu dela. Hori bakarrik ez, memoria kolektiboa eta haren transmisioa azpimarratzen dira egiaren zorretan. 

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Anjel Lertxundiren Zuri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • David Barandiaran eta Gernikako bonbardaketa | David Barandiaran | 2015

    Titulua David Barandiaran eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea David Barandiaran
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    David Barandiaranek Gernikako bonbardaketa du mintzagai Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa, kasualitatea? izeneko bideoan. 

    David Barandiaranek dio ezinezkoa dela Gernikako bonbardaketa zehaztasunez planeatuta ez egotea. Gogoan du aitak komentatzen zuela gazte talde bat zebilela herriko planoak marrazten, dena kalkulatu behar baitzen. Ez zuten Gernikako Arbola bota, ezta arma fabrika ere. Mola jeneralak bazekien zer bota: Elizak etab. bota behar ziren jendeari sinestarazteko “gorri separatistek” erre zutela Gernika. Davidek argi eta garbi esaten du guzti hori gezurra zela, eta operazio milimetrikoa gauzatu zutela altxatuek alemaniar abiazioarekin elkarlanean.  

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/amasa-villabona/pasarteak/vil-027-010/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren David Barandiaran eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika sutan zegoela eurak aristian ezkutatuta egon ziren” | Laura Arrizabalaga | 2015

    Titulua “Gernika sutan zegoela eurak aristian ezkutatuta egon ziren”
    Egilea Laura Arrizabalaga
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Laura Arrizabalagak ez du gerrako oroitzapen handirik, eta horri buruz gehiegi ez dakiela aitortzen du. Hala ere, ikusi zuenaz hitz egin dezake: hegazkinak haien gainetik pasatzen, Bigarren Mundu Gerrako itsasontzien bonbardaketak eta Gernika sutan. Gernika erre zuten abioiak ikusi zituela gogoratzen du, eta Ibarrangelun ere bonbaren bat erori zela kontatzen du. Gernika erretzen ari zirela ikusi zutenean, etxetik alde egin zuten denek: Ibarrangelun eta Armendu mendian ere bonbaren bat bota zuten, baina ez ziren lehertu. Laurak eraso horiek bere begiez ikusi zituela azpimarratzen du.

    Bideoa Ahotsak.eus-en webgunean kontsulta daiteke hemen klikatuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren «Gernika sutan zegoela eurak aristian ezkutatuta egon ziren»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa 1945-2015 | Iban Gonzalez | 2015

    Titulua Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa 1945-2015
    Egilea Iban Gonzalez
    Lekua Baleuko, Mara Films
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika Batailoia hizpide duen dokumentalak faxismoaren kontra borrokatu zen euskal unitate militarraren istorioa kontatzen du. 1945ean, Bigarren Mundu Gerran, Pointe Graveko batailan, Medoc (Frantzia) naziengandik askatzen lagundu zuen talde euskaldunak, Bordeleren askatasunerako puntu estrategikoan, hain zuzen.

    Askatasunaren alde borroka egin nahi zutelako eratu zuten unitate militarra euskaldunek, izan ere, Espainiako 1936ko Gerra Zibilaren ondorioz erbesteratu ziren Gernikako batailoian parte hartu zuten hainbat gudarik. Francisco Perez eta Jose Ramon Aranbarria 90 urtetik gorako gudarien testigantzak dira dokumentaleko elkarrizketa nagusiak; hauez gain, gudarien senitartekoak, Memoria berreskuratzeko elkarteetako kideak, historialariak, eta mugaren bi aldetako beste hainbat arduradun eta politikari ere agertzen dira. Alegia, 20 lagunetik gora elkarrizketatu ziren lana egiteko.

    Batailoiaren izena erabat sinbolikoa da: Gernika. Dokumentalaren hasieran, hain zuzen ere, Gernika totalitarismoaren eta basakeriaren aurkako ikur unibertsala dela esaten da (1:50): “Gernika: sarraskitutako lehenengo herria, faxismoaren laborategia. Errautsetatik berpiztu zen batailoi bihurtuta eta amets handi bat zeukan: askatasuna.” Gernika 1937an alemanek bonbardatu zuten, beraz, nazien aurka borrokatuko zen talde militarra “Gernika” izateak dena esan nahi du, lekukoak berak dioen bezala, “estos alemanes fueron los mismos que bombardearon Gernika y Durango” (24:00). Batailoiaren izena, beraz, alemanen aurkako mendeku bezala erabili zuten, Gernikan zehazki egindako sarraskiagatik, alde batetik, baina baita faxismoa bermatzeagatik ere. Gernikako bonbardaketa bertatik bertara bizi zuten lekuko batek ere hitz egiten du, haur batek inoiz ikusi beharrekoak ikusi zituela aitortuz.

    Dokumentalean, hortaz, Gerra Zibilean Gernika erabat markatu zuen gertaera historikoaz hitz egiten da, aurrerago, faxismoaren aurka borrokatuko zen unitate militar euskaldunaren eragile gisa. Gernikak zuen faxismo eta ankerkeriaren aurkako esanahia hartu eta II Mundu Gerrako gudariek bereganatu egin zuten nazien aurrean askatasuna lortzeko.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Iban Gonzalezen Gernika bataloia. Askatasunaren ametsa 1945-2015 dokumentalari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Koldo Serra | 2015

    Titulua Gernika
    Egilea Koldo Serra
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iraupena: 110 min.

    Gerra Zibilean eta Gernikako bonbardaketan girotutako drama erromantikoa da. Teresaren (prentsa bulego errepublikanoko editore baten) eta Henryren (kazetari amerikar baten) arteko harremanak ardazten du filma.

    Filmean nabarmentzen diren sinboloen artean, Gernikako arbola eta Juntetxea daude, prentsa bulego errepublikanoak nazioarteko kazetariak eramaten baititu bertara, bonbardaketaren aurretik, ingurumariak ezagutarazteko eta, besteak beste, Gernikaren esangura sinbolikoa azaltzeko.

    Filmaren amaierako kredituetan, nazioarteko prentsaren garrantzia nabarmentzen da, azpimarratzen baita George Steer-en kronikari esker jakin zuela munduak zer gertatu zen Gernikan.

    Beste Gernikei ere egiten zaie erreferentzia amaieran, aipatzen baita Gernikan erabili zituzten aire erasorako teknikak zabaldu egin zirela II Mundu Gerran, eta zibilen aurkako bonbardaketek Hiroshiman eta Nagasakin jo zutela gailurra. Picassok 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketarako margotutako koadroaren berri ere ematen da filmaren amaieran; protagonisten irudiekin berregiten da koadroaren konposizioa, eta, horren ostean, Picassoren koadroak berak ixten du filma.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2024). “Koldo Serraren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Blutorangen | Verena Boos | 2015

    Titulua Blutorangen
    Egilea Verena Boos
    Lekua Berlin
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Verena Boosek 2015ean plazaratutako nobela honetan Gernikako Bonbardaketa División Azul Espainiako armada taldea historikoki kokatzeko ezinbesteko giltzarri gisa aurkezten da.

    Blutorangen nobelan Maite protagonista, Valentziako familia traidizional bateko eta hain zuzen ere erretiroa hartua duen guardia zibila den Francisco-ren alaba, 1990ko hamarkadan Alemanian ikasten ari den bitartean kasualitatez argazki bati esker aitak isilpeko iragana duela ohartzen da. Ikertzen hasi eta aita Division Azuleko kide izan zela eta 1941 eta 1942 urteetan Stalingradoko frontean Alemania nazia defendatu zuela jakiten du.

    Ikerketa testuinguru honetan aipatzen da Gernikako Bonbardaketa, izan ere Maiteri Munich-en exilioan dagoen David komunistak azaltzen dion bezala, División Azul armadaren sorrera Francok Gernikako Bonbardaketan Hitler-en laguntza eskertzeko opari gisa ulertu beharra baitago. XX. mende amaierako Maite gaztearen belaunaldiarentzat Gernika oroimen-lekuak Picassoren margoarekiko gertuago dagoela gertaera historikoarekiko baino argi geratzen da nobelan, Gernika izenak batez ere Picasso ekartzen baitio Maiteri gogora, besterik ez: Davidek bere azalpenen hasiera gisa Gernikari buruzko ezagutzaz galdetzen dio eta Gernikako Bonbardaketa Nazien gizateriaren aurkako krimen sistematikoen katean lehen katebegia izatea azpimarratzen du:

    “Das erste von vielen Menschenverbrecher der Nazis. Die Brücke, um die es angeblich ging, wurde von keiner einzigen Bombe getroffen. Die haben stundenlang die Stadt bombardiert und die Brücke leider verfehlt.” (Blutorangen, 2017, 164)

    Jatorrizkoan: “El primero de los muchos crímenes contra los derechos humanos de los nazis. El puente, que era la razón del ataque, no fue alcanzado por una sola bomba. Bombardearon la ciudad durante horas y por desgracias no acertaron en el puente”. (Naranjas de sangre, 2017, 144)

    Horretaz gain, David-ek kopuruak, datak, hegazkin motak, bonben kalibreak, hildakoen kopuruak etab. zehaztasunez azaltzen dizkio Maiteri.

    Modu honetan Gernikaren Bonbardaketa ikuspegi transnazionaletik lantzen da nobelan, eta Espainiako hezkuntza sistemaren gabezia azalaratzen da, non 1990. hamarkadako belaunaldi gazteak gertakariari buruzko ezagutza urria eta Picassoren margoaren eta gai historikoaren arteko loturaren garrantzia jada presente ez duen.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2024). “Verena Boosen Blutorangeni buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Invictus” | Mikel Antza | 2015

    Titulua “Invictus”
    Egilea Mikel Antza
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak BAI

    “Invictus” poema Mikel Antzaren Ametsak ere zain lehen poema liburuko poema da. Poema bildumako gai nagusiak heriotza, kartzela gerra eta sufrimendua dira, nahiz eta egileak berak aitortu maitasunezko poemak ere badirela, askatasunari idaztea maitasun kontua baita. Ni poetikoaren bidez idazleak bere aztarna politikoa islatzen duen arren, sarri norberaren esperientzia lumaren bitartez kontatzea ohikoa den moduan, militantzia eta gatazka politikoa lirikotasun eta ahots poetikoaren azpitik gelditzen dira: era gordinean, anbiguotasunik gabe eta erritmo bizian, existentzialismoak jota, poetak askatasunarekin amets egiten du, bai era literalean, kartzelatik kanpoko askatasunarekin hain zuzen, baina baita era metaforikoan ere, barruko zalantza, sentipen, amorru eta estutasunak islatuz.

    “Invictus” poeman, idazleak ni poetikoa baliatzen du garaile, garaitu, galtzaileez… hitz egiteko: “garaitu gabeon / bihotz arrakala / hain handia izanik / ezin asma dezaket / nolakoa ote / garaituen samina / noraino sartu zen haien bihotzetan / garaileen irrien atzean / ezkutatzen den aiztoaren sakaila”, “ez naiz inoiz jabetuko / garaituen ozpinaz”, “zeinen eder den garaipen ametsa”. Lehenengo pertsonan idazten du poema osoa, horrela, poetak bere buruari hitz egiten dio, baina baita “zu” lirikoari ere: “euts diezaiodan lemari / estal dezadan ahoa / estal belarriak / ez entzuteko / ez esateko / ez desbideratzeko”. Poemari hasiera ematen dion lehen ahapaldi honi aldarrikapen eta protesta kutsua dario, poetak nolabaiteko autozentsura ezarri behar duela aditzera ematen baitu eta poeman zehar behin baino gehiagotan irakur daitezke “estal dezadan ahoa”, “estal ditzadan belarriak”… bezalakoak. Irakurlearen inplikazioa ere eskatzen du zenbait ahapaldietan: “amets baten bila abiatu zineten eta / zer lortu duzue? / zer ikasgai dakarzue moralean / odolez eta minez blai? / bidaiarik onena abiatzerakoan oraindik / ez zenuten babesean bukatzen dela?” Irakurlea gogoetara bultzatzen du, bere burua besteen aurrean kokatuz eta haiei mintzoz zuzenean. Aurrerago, “zuena da errua! / (baina norena?) / zuena da ardura! (baina norena? / zuena da hobena! (baina norena?) / zuena da kondena! / gurea! hori bai!”. Kasu honetan, irakurlea inplikatu baino, “zu” orokor bati mintzo zaio poeta, errua, ardura, hobena nori egotzi ez dakiela, baina argi uzten du azken bertso-lerroan kondena jasaten duena nor den, horretarako “gurea” lehenengo pertsona plurala erabiltzen du. “Gure” kondena aipatzen duenean idazleak, irakurleak idazlearen pertsonaia publikoaren berri izan gabe ere, berehala ulertuko du “gure” hori ezkerreko abertzale militanteei dagokiola, poeman zehar modu esplizitu nahiz inplizituan adierazten baitu zein ziren  poetaren “borroka” edo “porrota”. Poetak, izan ere, zuzen-zuzenean aipatzen du ETA haren izen propioaren aurretik: “gora ETA, aupa Mikel!”. Beraz, zalantzarik ez dago poema honek “euskal gatazkaz” hitz egiten duela. Modu inplizituan ere egileak bere jardunaren berri ematen du: “odola odola odola / alferrik isuri dugula / haiena (eta hienena) / eta gurea (nori axola)” Ugariak dira poetak kontakizunari bizitasuna eta intentsitatea emateko erabiltzen dituen baliabide literarioak: errepikapenak (“ixo ixo ixo”, “odola odola odola”…), anaforak (ez bota ur gehiago zapira / ez amata zigarretak gure oin-zoletan / ez eragin zirkuitulaburrak gure burmunietan alferrik / ez baita arantzik aterako gure ahotik / ez baita minik aterako gure eskuetatik / ez baitugu zaurietan behazunik”, aliterazioak (harrizko herri harritua / harrizko herri harrigarria / harrizko herri irrigarria / harrizko herri ernegarria”, sinestesia (ia usaintzeko ukitzeko dastatzeko / lehen musuaren esnea / azken musuaren kresala).

    Euskal iruditerian barne-barnean sartuta dauden erreferentzia kultural eta sozial ugari erabiltzen ditu poetak haren ametsa, askatasuna, borroka… irakurleari girotzeko. Alde batetik, Iparragirreren kantuak parafraseatzen ditu: “haritz horren antzera / arrotza nagusiturik moztua sobera / oi gure arbasoak ez otoi ez begira”, “haritz moztua sobera”, “hara non diren mendi zelaiak / hara non diren ibaiak…” Agur Euskal Herriari kantuko bertsoak dira, eta sarri aipatzen da bertan haritza arbola. Jakina denez, Gernikako Arbola haritza da eta aspaldikoa da Euskal Herrian haritzak nahiz Gernikako Arbolak duen sinbologia. Bestalde, Telesforo Monzonek idatzitako “Kalera, kalera…”  abesti abertzale, beranduago, Imanol Urbieta eta Txapasek ezagutarazitako kantuari ere erreferentziak egiten ditu poetak poemaren amaieran: “zain dago ama zain aita” (…) “zain amets eta lagunak”… irakurleari, bertso-lerrook, nahitaez gogora ekartzen dio Borrokalari kalera abesti herrikoia.

    Aipatu bezala, Gernika haritzaren bitartez zeharka izendatzen da poeman, sinboloa irudikatuz, baina badago Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa egiten duen erreferentziarik ere poeman: “(…) joan zitzaigun-eta aitona / oinordekotzan utziz / porrot osteko mikatz etsia / izu dardara isila / Gernika eraitsita / gurasoek altxatzen hasia”. Bertso-lerro hauen bitartez, 1937an indar alemaniarren Gernikaren bonbardaketa zuzenean aipatzen ez den arren, “Gernika eraitsia” hitzen bitartez iruditeria kolektiboan gordetzen den Gernika suntsitu eta bonbardatua izan zeneko sarraskia dakarkigu gogora poetak. Poetak berak gaurko egunean bizi duen egoera Gernika eraitsiaren parean kokatzen du nolabait, Gernikak Gerra Zibilean jasan zuen sufrimendu, beldur eta galera ondorengoek ere berriro bizi dutelarik hurrengo urteetako errepresio, izu eta porroten eraginez. Gernikak hainbat adiera hartu ditu: giza sufrimendua, ankerkeria, bidegabekeria… aldarrikatzeko erabili den sinbolo bilakatu den arte. Poeman, beraz, Gernikaren aipamenak euskaldunen historia garaikide tragikoa gogora ekartzeko balio du, baita poetak poema-bilduma osoan zehar darabilen askatasun(ez)a, (barne) bakearen bilaketa, isileko sufrimendua, porrota… Gernikaren izenpean etengabeko gatazka lekuarekin erkatzeko. Hau guztia kontuan hartuta, poetak, azken finean, bere poemaren bitartez, berea eta gaurko hainbat euskaldunen gatazka(k) “beste” Gernika bat islatzen dutela adieraztea lortzen du haren hitz, baliabide eta erreferentzia kultural eta tradizionalen aipamenekin.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Mikel Antzaren «Invictus» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Lili eta biok | Ramon Saizarbitoria | 2015

    Titulua Lili eta biok
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2015
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Saizarbitoriaren Lili eta biok eleberriak Faustino Iturbe izeneko idazlea du protagonista, eta bere lagun Anaren bitartez ezagutzen duen Lili gaztearekin sortzen duen konplizitate harremana eta horrek dakarren kasualitate segida kontatzen ditu nobelak. Gaixotasunak jota errealitatetik urrun dagoen idazleak bizitzari eusteko eta berriz idazteko arrazoia aurkitzen du. Lilik kontatutako bere aitonaren Gerra Zibileko istorio bati tiraka, Otzetan izandako gertakarien osotasuna ezagutzera iristen da idazlea. Badirudi, Lili ezagutzen duen momentutik, aurkitzen dituen pertsonaia guztiek daramatela protagonista Otzetara modu batera edo bestera. Protagonista istorioa josiz doan heinean, irakurleak ere Gerra Zibileko ezinezko amodio baten istorioa ezagutzen du. Gerran falangisten bandoan dagoen Juan Aramendia eta Otzetako Jauregi baserriko Rosaritoren arteko harremana eta honen amaiera tragikoa kontatzen ditu nobelak. Hala ere, iraganak eta orainak etengabe egiten dute topo, esan bezala, XXI. mendean Faustino Iturberen inguruan dauden eta agertuz doazen pertsonaia guztiek baitute loturaren bat gertatutakoarekin. Hamarkada batzuk igaro arren, gerran irekitako zauri batzuek itxi gabe jarraitzen dute, eta askatu gabeko korapilo asko daude oraindik.

    Faustino Iturbe protagonista Donostian zehar mugitzen da eleberri osoan zehar: adibidez, Ondarretak garrantzi berezia hartzen du nobelan, Gerra Zibilean zehar egon zen kartzelarekin lotura ezarri nahian agian, eta etengabe aipatzen dira protagonistak zapaltzen dituen kaleak eta haren pasealdien deskribapen zehatza egiten da Donostiaren mapa mental zehatz bat emanez. Horrela, Gernikako Arbola pasealekua ere agertzen zaigu eleberrian, eta nahiz eta Donostiako erdialdea eta Amara ingurua asko lantzen den eta zonaldeko kaleen izen asko agertzen diren, eleberrigile protagonista 36ko gerraz, abertzaletasunaz, memoriaz, etab. hausnartzen ari den heinean, litekeena da pasealeku hori aipatzearen atzean bestelako esanahi bat helarazi nahi izana Saizarbitoriak. Gernika euskal gizartearen oroimen gune nagusi bihurtu da, ondorioz, hura aipatzen denean, hainbat adiera har ditzake: hasieran, gerraosteko literaturan, Gernika aipatzen zenean, bonbardaketa eta bando nazionalaren salaketa izaten zen normalean autoreek azaleratu nahi zutena, baina denborak aurrera egin ahala, Gernikak diskurtso zabalago eta pentsakorrago bat ekarri du, errepresio mota ororen inguruko hausnarketak bultzatuz.  Bestalde, 210. orrialdean idazleak lehen aldiz Otzeta bisitatzean ikusten dituen arbolez hausnartzean, zeharka bada ere, Gernikako arbola, Gernikaren oroimen gune izaera bonbardaketa gertatu baino askoz lehenagokoa dela gardentzen duen sinboloa, iradokitzen duela uler liteke: «haritzak ere ezagutzen ditu, baina hostoarengatik hauek, hain bereziak direnez –amak Gernikakorenak izaten zituen, Bizkaiko armarria zainartetako zulaketaz osatuta- eta ia etxe ondoan dauden bi aleak, adaburuak batuta bide gainean arku handi bat osatzen dutenak, guztiz zaharrak izan behar dute». Haritzak bereziak direla dio idazleak, hostoarengatik zehazki, baina jarraian “Gernikakoarena” aipatzen da, irakurleari zuzenean Gernikako Arbola gogora ekarriz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Ramon Saizarbitoriaren Lili eta bioki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Helena Sotelo Iglesiasek itzuli zuen eleberria gaztelaniara eta "La educación de Lili" izenburua du.

  • Memorias. Una biografía de Mikel Laboa | Mari Sol Bastida | 2014

    Titulua Memorias. Una biografía de Mikel Laboa
    Egilea Mari Sol Bastida
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Memoriak
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Memorias. Una biografía de Mikel Laboa (2014; Memorias, hemendik aitzina) liburua bere emazteak, Mari Sol Bastidak (Donostia, 1938), idatzi zuen kantaria hil eta sei urtera. Liburua ez da Laboaren bizitzako pasarteak biltzen dituen lan soila; horretaz haratago, Bastidaren bizitza bera ere agertzen da, bai lehen pertsonan bizituak, sentituak, islatuaz, bai Laboaren pasadizoak kontatzen dituen ahotsa dela medio ere.

    Horien baitan, Mari Sol Bastidaren hitzek sarri hartzen dute arnas kazetaritzatik hurbil legokeen kronikatik, eta tonu horrek berak egiten ditu bereziki indartsu hainbat pasarte. Bertzeak bertze, behin baino gehiagotan ageri da aipatua Mikel Laboak Gernikako bonbardaketarekin loturik izan zuen bizipena. Bi maila desberdinetako bizipena, preseski.

    Izan ere, batetik, Laboak berak haurtzaroan izan baitzuen, lehen pertsonan, Gernikako herria bonbardatuko zuten hegazkinak ikusi eta entzuteko parada (Memorias, 172). Bertzetik, Gardatako (Lekeitio-Ispaster) familia etxean jazoak bizitzan zehar artistaren lana erdiz erdi markatu zuen. Nolanahi ere den, eta ibilbide osoan arrasto artistikoa utzi zion bizipena izan bazen ere, “Gernika-Lekeitio 4” izan zen mugarri artistiko nagusia. Artistak berak erran zuen lehen hiru “Lekeitioak” (10 dira)  guztietan ‘Lekeitioenak’ zirela (Memorias, 184); hau da, bizipen eta haurtzaroko oroitzapen nahiz hizkuntzarekin ikerketa-bizipena-jolasa komunikazioaren alderdirik  esperimentalenera, sakonenera, eraman zutenak.
    Ildo horri jarraiki, “kate-hotsak” aipatzen dira 4. “Lekeitioa”n, Laboak berak azaldua baita Gernika inguruko jendeak uste zuela bonbak kateekin botatzen zituztela, eta horien hotsa omen hegazkinak pasa ondotik jendeak entzuten zuen zarata.

    Alabaina, “Gernika-Lekeitio 4” lanaren harrera ez zen erraza izan (Gandara Sorarrain, 2020), bertze “Lekeitio” zenbaitekin gertatu zen gisa, eta horregatik izan ziren espresuki garrantzitsu Gernikako bonbardaketaren testigu zuzen izan ziren bi pertsonek Laboari adierazi zioten esker ona, “Gernika-Lekeitio 4” entzutean sentitu zuten emozioagatik (Memorias, 183).

    Bastidak Gardatan Laboak bizitu zuenaren “oinarrizko errelato” gisa deskribatzen du 4. “Lekeitioa” (Memorias, 183): sarrera, oihu-narrazio, auhen, biktimei elegia eta kostata erdietsiriko esperantza. Eta halaxe ulertzen dugunez guk ere, ezinbertzekoa iruditzen zaigu Gernikako bonbardaketaren bizipena eta haren kontaketa esperimentazio artistiko modura eman izana azpimarratzea. Are gehiago, jakinik Laboaren oroitzapen banako horrek euskal kulturan eta memorian gerora izan duen, eta duen, esperientzia artistiko eta sinboliko eragile gisa baitirau.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Bastida, Mari Sol (2014). Memorias. Una biografía de Mikel Laboa. Elkar.

    Gandara Sorarrain, Ana (2020). Euskal kultura berreraiki zen garaia: 60ak eta 70ak. Mikel Laboa Katedra, EHUko Argitalpen Zerbitzua.

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Mari Sol Bastidaren Memorias. Una biografía de Mikel Laboari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Iazko hezurrak | Unai Elorriaga | 2014

    Titulua Iazko hezurrak
    Egilea Unai Elorriaga
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Unai Elorriaga Lopez de Letona (1973-) euskal idazle algortarraren SPrako tranbia (2001, 2002an Espainiako Narratiba Sari Nazionala jasotakoa), Van’t Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005), Matxinsaltoaren belarriak (2006, aurrekoaren egokitzapena Haur eta Gazte Literaturan), Doministiku egiten dute arrainek (2008), Londres kartoizkoa da (2009) eta gazteentzako Zizili (2012) lanen ondotik etorri zen Iazko hezurrak 2014. urtean, eta lan horregatik 2015eko Kritika Sari Nazionala jaso zuen egileak.

    Elorriagaren literatura-moldearen ezaugarri nagusitzat jo izan dira bere “estiloa, jolasa, idazle kuttunengandik jasotzen duen eragina eta bizitzan transzendenteak diren gaiekiko begirada samurra eta ez-dramatikoa” (Rabelli, 2009). Gaiak jorratzeko samurtasuna eta ironia, lirikatik gertu aritzea, ahozkoaren ezaugarriak gehitutako idazkera eta bere poetika surrealista ere nabarmendu izan dira Elorriagaren idaztankeraz aritzean (ídem). Aurrekoarekin bat, gatazkarekin eta biolentziarekin zein memoriarekin lotutako gaiak jorratu izana ere nabarmendu daiteke haren ibilbidean gure ustez, bai eta hori fantasiaren eta absurdoaren bidetik egin izana ere, lehenago Etxeberriak (2009) eta Sarasolak (2009) esan bezala.

    Hain zuzen ere, indarkeriari lotutako gaiak dira nagusi bai aztergai dugun Iazko hezurrak lanean, bai Doministiku egiten dute arrainek (2008) antzerki-lanean eta Londres kartoizkoa da (2009) eleberrian. 2008koan jantoki sozial batean hizketan ari diren eskeko hiru gaixo psikikoren elkarrizketen bidez egiten da gaiari buruzko gogoeta, itzal gisa agertzen den Mitrofan agintariak bideratuta beren galbidea ezagutuko baitute. Bada, lan hori jotzen da Londres kartoizkoa da eleberriaren aurrekaritzat (Rabelli, 2009). Azken horretan diktadura garaian desagertutako arrebaren zain, teilatu-gain batean dago Phineas pertsonaia, arrebak gutuna bidali baitu itzuliko dela esanez. Beste pertsonaia batzuekin dituen elkarrizketen bidez, desagertuak eta torturatuak gogoratzen dira, diktadoreen jokaera unibertsalak azaleratzen dira… eta, funtsean, diktadurak eta diktadurek utzitako ondorioak salatzen dira (Asurmendi, 2009; Balerdi, 2009; Etxeberria, 2009; Sarasola, 2009). Azken horretan ere Mitrofan ageri da diktadoreen irudi unibertsal gisa.

    Aurrekotik bost urtera etorri zen Iazko hezurrak (2014). Saioa Ruiz Gonzalezen hitzetan, “azken 40 urteetako biolentziaren inguruko hausnarketa da, munduko edozein txokotan eman den indarkeria-momentu desberdinen collage moduko batek eraikia. Ruanda, Euskal Herria, Japonia, Argentina…” eta “Eleberriz, saiakeraz, kronikaz duen lan hibrido honen hari narratiboa Irene Arriasen bizitza da” (Ruiz, 2015). Izan ere, pertsonaia nagusia, Irene Arrias, indarkerien gainean irakurtzen eta ikertzen eta indarkeriak konparatzen aritzen da etengabe. Haren momentu bitalak ere indarkeriarekin duten loturaren arabera kontatzen zaizkigu. Adibide baterako, “Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan abiatu zuen estatu-kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan” (10). Edota “Irailaren 28an sinatu zituzten paperak, Dorre Bikiak bota eta 17 egunera” (231). Bestalde, biolentziaz ari den literatura sarri ekartzen da hizpidera (Max Aub, Antonio Lobo Antunes… idazleen hitzak gogoratuz, besteak beste), bai eta biolentzia kontatzeari buruzko gogoeta egin ere (Nola kontatu indarkeria? Zer tresnaren bidez? Kronikak, ahozko literatura, idazleen bizipenak, grabazioak… mintzagai hartzen dira). Horrez gainera, egileak zortzi narrazio ere tartekatzen ditu bere lanean, denak ere indarkeriari lotuak.

    Estibaliz Ezkerrak dio Elorriagaren lana “memoria/memorializazio ariketa” (Ezkerra, 2015) dela, eta Michael Rothbergen “Multidirectional memory” kontzeptuarekin lotzen du, zeinaren arabera “gertaera jakin batzuei buruz ditugun oroitzapenak, memoria bera, ez da modu isolatuan garatzen. Aitzitik, beste istorio eta historia batzuekin loturak eginez gertatzen da” (Ezkerra, 2015). Hala, norberak inguruan duen biolentziari buruzko hausnarketa beste biolentziekiko harremanean eraikitzen da, haiekiko negoziazioan (idem). Kontzeptua ulertzeko adibidea Gernikari loturik ematen du Iazko hezurrak lanaz diharduela Ezkerrak:

    Gertuko adibide bat jartzearren, Gernikako bonbardaketa tokiko tragedia izan arren, gertaera nazioartean gogoratua da bestelako zibilen kontrako bonbardaketen harira: Picassok bonbardaketaren harira margoturiko koadroan inspiraturiko murala aurki daiteke Israel eta Palestina arteko hesian, 1937ko hondamendia palestinarren hamarkadetako jazarpenari lotuta. (Ezkerra, 2015)

    Betiere Ezkerrari jarraikiz, Elorriagaren lanean egiten den memoria-ariketa horrek “indibidualtasunetik kolektibora eta tokikotik globalera jauzi egiten” du, eta “bizipen pertsonalak errealitate/kronologia zabalago baten barruan kokatu eta haien arteko loturak etengabe bilatzen eta ezartzen” ditu (idem).

    German Kortabarriak hiruka.eusen agertutako kritikan nabarmentzen duenez, “Askotariko iturrietatik jasotako gertakari historiko bortitzen bilduma”-tik eta “Gizakion izaerari buruzko saiakeratik” duen liburu honek:

    (…) garrantzia handikoak izan diren gertakari eta bizipenen oroimena ere badakar liburuak: gerra eta gerra ostea, errepresioa, ikastolen sorrera eta garapena, ETA, Guardia Zibila eta enparauak, hildakoak —batekoak, bestekoak edota auskalo nongoak—… Algortan gertatutakoak kontatzen ditu Elorriagak —“benetan Algortakoa” den hain jende gutxi duen herriaren memoriak behar ditu horrelako ekarpenak—, baina banago asko direla Euskal Herrian oso antzeko bizipenak izan dituzten herriak. (Kortabarria, 2015)

    Egitura konplexu horren baitan, 3. atalean (Irene Arriasek lizentziatura egin, lanean hasi eta ezkontzen deneko garaia (187 – 277), egiten da Gernikako bonbardaketaren inguruko aipamena, zehazki, Lauaxeta euskal idazlea hizpidera ekarrita. Hauxe da pasartea:

    1937ko apirilean harrapatu zuten Lauaxeta, Begoña Sasieta jaio baino hilabete batzuk lehenago, Marina Zabalak, Ireneren amamak, marokoarraren aurretik eskailerak hirunaka igo baino aste batzuk lehenago. Idatzi izan da Lauaxetak, harrapatu zuten egunean, atzerriko kazetari batzuei erakutsi zizkiela Gernikako bonbardaketak eragin zituenak. Gernikaraino eraman zituen, errea ikustera, gorpuak ikustera ere bai beharbada, eta bueltan, Bilbora itzultzen ari zirela seguruena, bidean harrapatu zuten.

    Gasteizeko kartzela batera eraman zuten. Kartzelan ere idazten jarraitu zuen, fusilatuko zutela jakin zuenean ere bai. Fusilatzera eraman baino ordu batzuk lehenago, poema batzuk eman zituen, behar bezala errimatuak, silabak, hitzen aukeraketa, erritmoa, hori da harrigarriena. Sinestuna Lauaxeta, ematen du berdin diela sinestunei, beharbada ez dago argi berdin dien, sinestun guztiei neurri berean ez behintzat, ez du ematen.

    Gasteizeko hilerri batean fusilatu zuten Estepan Urkiaga Basaraz. Horregatik ez zuen 1984 liburua Lauaxetak idatzi, horregatik ez ziren idazten hasi ere egin gerran hil ziren idazle batzuk, arkitektoak, medikuak… Pentsatzen ere ez ziren hasi batzuk beharbada, 21 urteko soldaduak, soldaduak ere ez, iazko idazle hilak, iazko medikuak, iazko umeak guztiak. Hori guztia hilabete gutxi batzuetan, Ruandan bezala, Armenian bezala. (Elorriaga, 2014: 265 – 266)

    Hala, Gernikaren bonbardaketaren aipamenak bat egiten du Elorriagaren lan honen ezaugarriekin: batetik, gertakariaren data bera Irene Arriasen familiako gertakarien data esanguratsu batekin kateaturik ematen da; bestalde, indarkeriaz zein indarkeria-testuinguruetan idatzi zuen euskal egile baten esperientzia bitalarekin loturik egiten da; eta, azkenik, tokiko indarkeria-gaiak munduko beste leku batzuetakoekin harilkatzeko ahalegina egiten da; zehazki, hiltzera doazela idazten duten egileak “iazko egile” bihurtzen direla nabarmenduz eta indarkeriak ezabatzen dituen ibilbideak agerian jarriz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Asurmendi, M. “Londrez kartoizkoa da eta nobela hau ere kartoizkoa”. Irunero, 2009-12: https://kritikak.armiarma.eus/?p=4733

    Balerdi, I. “Zer da konplikatua?”. Gara, 2009-10-30: https://kritikak.armiarma.eus/?p=4690

    Etxeberria, H. “Unai Elorriagaren `Londres kartoizkoa da´ eleberriaz”. Zuzeu.eus, 2009-10-18: https://kritikak.armiarma.eus/?p=4671

    Elorriaga, U. (2008). Doministiku egiten dute arrainek. Letranómada.

    Elorriaga, U. (2009). Londres kartoizkoa da. Elkar.

    Elorriaga, U. (2014). Iazko hezkurrak. Susa.

    Ezkerra, E.“Besteen mina”. Gara,2015-03-07: https://kritikak.armiarma.eus/?p=6411  

    Sarasola, B. “Soraren esperoan”. Berria,2009-09-11: https://kritikak.armiarma.eus/?p=4657

    Kortabarria, G. “Basakeriaren normaltasuna”. Hiruka.eus, 2015-02-20: https://kritikak.armiarma.eus/?p=6394

    Rabelli, A. (2009): “Elorriaga, Unai”. Euskal Literaturaren Hiztegia – Idazleak. EHUko Euskara Institutua: https://www.ehu.eus/ehg/literatura/idazleak/?p=340 Ruiz Gonzalez, S. “Hala ere, beti pauso bat aurrera”. Argia, 2015-09-27: https://kritikak.armiarma.eus/?p=6748

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Unai Elorriagaren Iazko hezurraki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Errateko nituenak. Cuzcoko kronika | Pello Salaburu | 2014

    Titulua Errateko nituenak. Cuzcoko kronika
    Egilea Pello Salaburu
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Kronika
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak BAI

    2012an Cuzcora egindako bidaia baten kronika da liburua, bidaiakoak ezezik, Salabururen bizitzako oroitzapenak eta hausnarketak ere biltzen dituena, fikzioaren eta errealitatearen artean.

    Gogoetagai horietako bat da euskal gatazka. Horretaz ari dela, Gerra Zibilari eta Gernikari egiten die aipamena pertsonaietako batek, gazte abertzale batek, Euskal Herriaren aurkako zapalkuntzaz argudiatzeko: “Begira galekin gertatua, irakurri historia. Eta gerran gertatua, Gerra Zibilean. Euskal Herrian egin zituen frankismoak kalterik handienak, Gernikatik hasita, dena xehatu zuen, eta familietan ez dakizu zenbat hildako dagoen, hor, errepide bazterretan, ez dute baimenik ematen hezurrak biltzeko ere, badakizu zuk zer den hori? Historia, egiazko historia, altxatu nahi izan digute, isilean utzi betiko, baina hura bai izan zela espainolen zapalkuntza” (132). Euskal gatazkaren testuinguruan, ikuspegi abertzale batetik, Euskal Herriaren aurkako errepresioaren sinbolo gisa agertzen da, beraz, Gernika.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Pello Salabururen Errateko nituenak. Cuzcoko kronikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Migel Iturrate eta Gernikako bonbardaketa | Miguel Iturrate | 2014

    Titulua Migel Iturrate eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Miguel Iturrate
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Migel Iturratek Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketaren bezperako bizipenak izeneko bideoan.

    Migel Iturratek dio Gernika bonbardatu zuten aurreko egunean gertatzear zegoenari buruzko abisuak jaso zituztela. Sirena hotsak entzun eta bandera atera zutela ikusi zuten. Hurrengo egunean, bonbardaketa egunean, gordelekuan egon ziren egun osoan.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/dima/pasarteak/dim-017-006/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Migel Iturrate eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Zuri-beltzeko argazkiak | Arantxa Urretabizkaia | 2014

    Titulua Zuri-beltzeko argazkiak
    Egilea Arantxa Urretabizkaia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Idazlea bera protagonista den narratzaileak jaio zen urtetik (1947) 1960ra bitarteko Euskal Herriaren edo zehazki, Donostiaren errealitatearen irudia narratzen du haur baten ikuspegitik, belaunaldi oso baten haurtzaroa erretratatu nahian, autoreak aitortu moduan sarrerako hitzetan. Modu autobiografikoan idatzitako kontakizunak protagonistaren haurtzaroaren eta haren familia-harremanen berri ematea du helburu; hala, garaiko egoerak, hots, frankismoak, neskato euskaldun baten bizitzan zituen ondorioak islatzen ditu. 1947an du hasiera kontakizunak, gerra oraindik arnasten (11) den unean eta senideen aurkezpen labur baten ondoren, liburua gaika (argazkika) antolatuta dago: Eliza, gorputza, arropa, ikatza, Franco, dirua, euskara, jolasak, mutilak eta neskak, baserria, jatekoak eta ikasketak.

    Garaiko familia abertzale eta langileen irudi tipikoa den familia dugu narraziokoa: aita abertzale euskaldun gudaria zen, baita etxeko eredu eta erreferente ere. Euskararen eta Euskadiren aldekoa izanda, adinak utzi ez bazion ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen alde egiteko fusila hartzeko zalantzarik ez zuen izan (17), espainiar estatuaren aurka eta Francoren diktaduraren aurka baitzegoen. Ama mendigoizalea, abertzalea eta kristaua zen, etxeko rola zein zuen garbi izanda ere, diru-sarrerarik ez zen unean zeregin hori berak hartzeko zalantzarik izan ez zuena. Seme-alabak hiru ziren: ahizpa zaharrena, protagonista bera eta anai gazteena. Anaia gazteena izanagatik ere, bera zen maiorazko eta beraz, berak zituen pribilegioak: batxilergoa egin zuen bakarra zen anaia, jantziak berarentzat soilik eginak ziren eta jatekoan ere, aitaren aurretik aukera zezakeen (111). Liburuak gaika sailkatzeak badu bere arrazoia, gai horiek baitira garaiko gizartea baldintzatzen zutenak. Hasteko eliza, zeina familia guztietan presente zegoen, garaiko euskal gizartearen oinarria zen, denak baitziren fededun. Ondorioz, elizari dagokion pasartean ez ezik, beste pasarte ugaritan ere badu presentzia Elizak garaian zuen boterea argi eta garbi islatuz. Urre gorria bezain preziatua zen dirua (95) ez zegoen soberan etxean, baina igandetako elizkizuneko limosna ezin zen ahaztu inoiz. Mutilak eta neskak jaiotzetik ziren desberdinak, bai arropan, bai jarreran, bai zereginetan eta baita hezkuntzan ere eta hau kontatzen du idazleak modu naturalean. Familia hiritarrak bazuen familia landa-eremuan eta ondorioz, bazuen baserri munduarekin lotura. Bertan ere beste taldekoa izatearen sentimendua bizi zuen protagonistak: etxeko-lanetan laguntzen zuen hirian eta baserrian baratzan, gurasoak gainean zituen batean eta bestean askea zen, jakiak desberdinak ziren batean eta bestean, baita euskararen erabilpena ere, landa eremuan euskara baitzen hizkuntz bakar. Baserritarren eta kaletarren arteko talkak errepresentatzen dira modu xume batean, euskal gizartean oso presente dagoen gaia oraindik ere. Neskek oinarrizko hezkuntza nahikoa zuten askoren ustez etxekoandretzara bideratuta baitzeuden. Arantxaren gurasoek, ordea, muga hori gainditu egin zuten eta etxeko neskek ofizio baten jabe egitera behartu zituzten, zeina Arantxaren kasuan zorioneko ofizioa izango zen.

    Urretabizkaiak memoria ariketa bat egiten du, belaunaldi baten haurtzaroa irudikatu nahi du bere ikuspegitik eta bere moduan, memoria kolektiboa dela baieztatuz eta euskal iruditeria kolektiboak gordeta dituen argazkiak erretratatuz. Euskal kolektiboak memorian duen eta oroimen gune izaera eskuratu duten kokalekuetako bat Gernikarena da, zeina eleberri honetan ere presente dagoen. Gernikak, edo Gernikako bonbardaketak zehazki, lotura zuzena du Urretabizkaiaren aitarengan. 1937ko apirilaren 26an, aita Gernikan zegoen, batailoiarekin atseden hartzen, alemanek hiria bonbardatu zutenean (18). Alemaniarrak aipatzea egun zentzuduna iruditzen bazaigu ere, garaian informazio hori ez zuten jaso, Francok Gernika suak hartu zuenaren gezurra zabaldu baitzuen. Gezur hau azkar zabaldu zen penintsulan zein munduan, baina nahiko froga bazeuden horrela ez zela jakiteko. Alderdi faxistak indarra hartzen ari zirelako testuinguruan, alemaniarrak Bigarren Mundu Gerrarako modu eraginkorrean suntsitzeko moduen bila hasi ziren; honela, beraien entseguetako biktima izan zen Gernika. Espainiar diktaduraren aurka zegoen herria izanik Gernika, honen suntsiketa opari bat izan zen Hitlerrentzat eta gainera, biztanleria zibilaren aurkako izuaren bidezko lehen erasoa ere izan zen. Gauzak honela, herriaren izua zabaldu egin zen, baita mugimendu faxistaren aurkako ideien jarraitzailea izateagatik atxilotzen, torturatzen eta hiltzen hasi zirenean ere. Urretabizkaiaren aita mugimendu faxistaren aurkakoa zenez, aita kartzelaratua izan zen biktimetako bat izan zen. Bertan, Meliton Manzanasen eskuetatik pasa zen. Manzanas donostiarra Espainiako Brigada Politiko-sozialaren Donostiako buru izan zen urte luzez, Bigarren Mundu Gerran, Irunen (Gipuzkoa) lanpostua jarri zioten arte. Bertan, Gestaporen kolaboratzaile izanik, disidentzia politikoaren jazarpen lanetarako eskuak libre zituen, eta horrexegatik egin zen ezagun, frankismoaren Gipuzkoako errepresioa hezurmamitu izanagatik; hau da, atxilotu politiko ugari torturatzeagatik. Gernikako bonbardaketak Urretabizkaiaren aita minduta utzi bazuen ere, kartzelako torturak biziki ukitu zuen, zeren eta badirudi hori bera izan zela hiltzen hastearen motibo. Gernikako sarraskiak ondorioz, biziki mugatu zuen aitaren bizia zeren bonbardaketaren urtemugan hil bazen ere (20), badirudi ez zela bonbardaketaren egunean hil, baizik eta Gernikan (93). Bestalde, Gernikaren irudia eta garrantzia, ordea, bonbardaketaren aurretik ezaguna zen, Erdi Arotik zehazki. Hala ere, XIX. mendean sinbolikotasuna bereganatzen hasi zen, azkenean, XX. mendean abertzaleek Gernikaren irudia bereganatu zuten arte. Honen argibide dugu Testamentu Berrian gordeak diren Gernikako arbolaren hosto lehorrak (95.or).

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gaztelerazko itzulpena Fernando Rey Escalerak egin du: Retratos en blanco y negro (2015).

  • “Ez leher egiteko” | Luzien Etxezaharreta | 2014

    Titulua “Ez leher egiteko”
    Egilea Luzien Etxezaharreta
    Lekua Gabriel Arestiren Etxea. Gráficas RD-k iinprimatuta
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2014
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlearen Poesia mailu eta fereka (2014) olerki-liburuko lanetako bat da “Ez leher egiteko” poema. Liburuaren izenburuak iradokitzen duen bezala, ahots poetikoaren jarrera edo doinua euskal tradizioan Arestik zabaldutako poesiaren kezka sozialaren eta dimentsio intimistaren arteko loturan mamitzen da. “Ez leher egiteko” poeman orainaldia dekadentziaren emaitza gisa ageri da, ikuspuntu sozialetik erreparatuta. Hor kokatzen da Guernica artelanari erreferentzia zuzena egiten dion esaldia: “(…) Picassoren Gernika postal batean zintzilikatuz / etxeko sukaldean (…)” (33). Irudi hori egungo axolagabekeriarekin eta saldukeriarekin lotutako beste batzuen artean ageri da, euskal jendartearen aro postmodernoaren alderdi baldarra eta dekadentea agerian uzten delarik. Poemaren amaiera aldera, ordea, itxaropenarekin lotutako iruditeria loratzen da, mailuaren fereka. Liburuan zehar nagusitzen den beste oximoroia da heriotzaz erditzen den biziarena, eros eta thanatos bikotearen ezkontzarena. Hala, dekadentziatik bertatik ernatzen da bizi berria, maitasunaren fruitu itxaropena pizten duena. Poemak bira hori ematen duenean sinbologia aldatu egiten da eta ni poetikoak esperantzarekin lotutako iruditeria ekartzen du, Gernikako Arbola tartean dela: “(…) Gernikako arbola munduko bake eredu / Lidice-ko haurren estatuak piztuz / Auschwitz-eko ateak apurtuz (…)” (35-36).

    Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). “Luzien Etxezaharretaren «Ez leher egiteko» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • The day Guernica was bombed | William L. Smallwood (Egurtxiki) | 2013

    Titulua The day Guernica was bombed
    Egilea William L. Smallwood (Egurtxiki)
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako bonbaketan gertatu zena ikertzeko helburuz euskara ikasi zuen Idahoko mendietan Willian Samllwood-ek. Mountain Homenen jaioa zen (Idaho) William Samllwood “Basilio Egurtxiki” izenez bataiatu zuen John Bideganetak. Ingelesko Smallwood euskarara literalki itzulita “Egurtxiki” da.

    1971ean, Egurtxiki bonbaketari buruzko liburua idaztera etorri zen Gernikara eta 1972ko udaberri-udan hirurogeita hamalau elkarrizketa egin zizkien bonbaketan biziraun zutenei. Udazkenean eta neguan. Lan hori guztia egiteko ezinbesteko laguntza izan zuen María Ángeles Basaberengandik. Haren ahaleginari esker, ehun eta hogeita lau elkarrizketa egitea lortu zuen. Kontutan hartu behar da, diktadorea bizirik zegoela garai hartan eta elkarrizketak egitea arrisku handiko lana izan zen, pertsona bat bonbaketari buruz hitz egiteagatik atxilotua eta torturatua izan zitekeelako. Horregatik, elkarrizketa guztiak sekretupean burutu zituzten.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2026). “William L. Smallwood (Egurtxiki)ren The day Guernica was bombed (Gernika bonbatu zuten eguna)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Euskerazko edizioa: Gernika bonbatu zuten eguna (2017)

  • Isidro Mandiola eta Gernikako bonbardaketa | Isidro Mandiola | 2013

    Titulua Isidro Mandiola eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Isidro Mandiola
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Isidro Mandiolak Gernikaren bonbardaketa du hizpide Ahotsak-en Gernikaren bonbardaketa izeneko bideoan.

    Isidro Mandiolak Gernika bonbardatu zuten eguna nola bizi zuen kontatzen du. Gernikan bertan ez bazegoen ere, garrantzitsua da ezagutzea inguruko herrietara ere nola zabaldu zen mezua, haiek zer bizi zuten eta erasoak jaso zituzten hala ez. Gernikara Gasteiztik abiatutako hegazkinak iristen ikusi zituzten Munitibarren, eta zerbait gertatzear zegoela suposatu zuten. Munitibarren ere bonbak bota zituzten, eta Gernikan gertatutakoaz ere enteratu ziren, hala ere, aipatzen du gorriei esker jakin zutela alemanek bonbardatu zutela herria, bando nazionalak kontrakoa esan baitzuen.

    Gernikako bonbardaketaren egunean, beraz, inguruko herrixketan ere bonbak jaurti zituzten, eta herritarrek argi izan zuten zeinena zen erantzukizuna, gerora gezurrak zabaldu bazituzten ere. 

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-067-014/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Isidro Mandiola eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Laurentzi Aretxabaleta eta Gernikako bonbardaketa | Laurentzi Aretxabaleta | 2013

    Titulua Laurentzi Aretxabaleta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Laurentzi Aretxabaleta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Laurentzi Aretxabaletaren senideak Gernikan izan ziren 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu zutenean, eta gertaeraz eta honen ondorioez mintzatzen da Ahotsak-en Ama eta arreba Gernikan bonbardaketa egunean, Gernikako bonbardaketan izekoren etxea suntsitu izenburuko bideoetan.

    Aipatu bezala, Laurentzi Aretxabaletaren ama eta arreba Gernikan ziren herria bonbardatu zutenean 1937ko apirilaren 26an. Gainontzeko senitartekoak Aulestin zeuden, eta bertatik gorritasuna ikusten zuten, Gernika sutan zegoenaren seinale. Ama eta arreba bi egun beranduago iritsi ziren etxera, izan ere, bonbardaketatik ozta-ozta atera ziren bizirik, eta ama psikologikoki oso kaltetuta atera zen bertatik. Gernikan, ama eta arreba haien izebaren etxean zeudela harrapatu zituen bonbardaketak, eta izebaren etxe azpian babestu ziren mirariz. Laurentzik kontatzen du babeslekutik irten zirenean etxea desagertua zela, eta zorte handia izan zutela bertatik bizirik irten zirelako.

    Gainera, Markinan ere bonbak bota zituztela kontatzen du Laurentzik, eta haietako batek etxea suntsitu zietela, ama barruan zegoela. Gertakari hark amak burua galtzea eragin zuen. Bonbardaketek eragin zuten trauma eta biztanleria zibilak sufritu zuena agerian geratzen da, eta gerraren ondorioz burua galdu zuten eta trauma pairatzen jarraitu behar izan zuten hainbat eta hainbat herritarren adibide bat gehiago da Laurentziren amarena.

    Bideoak hurrengo estekan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/markina_xemein/pasarteak/mar-049-009/ https://ahotsak.eus/markina_xemein/pasarteak/mar-049-003/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Laurentzi Aretxabaleta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Anastasio Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketa | Anastasio Beaskoetxea | 2013

    Titulua Anastasio Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Anastasio Beaskoetxea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Anastasio Beaskoetxea Gernikan zen 1937ko apirilaren 26an, eta bonbardaketaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernika bonbardatu zuten eguna izeneko bideoan.

    Anastasio Beaskoetxea 1937ko apirilaren 26an Gernikara jaitsi zen izebarekin batera azokara, baina giro tenkatu eta urduria zegoen milizianoen presentzia altua zela eta, beraz, etxera itzultzea erabaki zuten. Etxera bidean, Errenterian, abioiak hurbiltzen ikusi zituzten, metrailadoreekin tiroak ematen eta, beherago, herrian, bonbak jaurtitzen hasi ziren. Bonba eta metrailadoreek ateratako soinuak, jendearen oihuekin batera, ikaragarriak zirela dio Anastasiok, baina etxera bidea jarraitu zuten ahalik eta lasterren babesean jartzeko. Etxetik, gauez, Gernika sutan ikusten zuten, argia zeriola, eta  erretako paper eta hautsak iristen ziren haizearen eraginez. Basoan, gainera, bonba txikiak aurkitu zituzten.

    Anastasioren testigantzak bonbardaketaren une lazgarria oso ondo deskribatzen du, urrunetik bizi bazuen ere, jendearen irrintziak eta hegazkinen joan etorriak bikain gogoratzen baititu: “horrek bonba txikidxek, ta ametrailadoreak paseu, buf! Terrrible, irritzi terrible!”.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/mendata/pasarteak/mdt-004-007/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Anastasio Beaskoetxea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Txartel bat (des)herrira | Garazi Goia | 2013

    Titulua Txartel bat (des)herrira
    Egilea Garazi Goia
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1936an hasi zen Espainiako Gerra Zibilak orduko Euskal Herria hankaz gora jarri zuen: garai zoriontsuak alde batean utzi eta bertako familiek errepresioa, sufrimendua, heriotza eta gosea ezagutu zituzten. Egoera latz honetan, alderdi faxistak gailendu egin ziren, baita hauen nagusikeria ere: euskal lurraldeak etsaitzat hartu, eta bizitzaren eta norbanakoaren balioa baliogabetuz, errepresio zein sarraskiak egiteari ekin zioten. Honen adibide garbiena dugu 1937ko apirilaren 27ko ‘Rügen operazioa’; hau da, Gernikako Bonbardaketa. Lufwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxistaren Aviazione Legionarioko hegazkinek Gernika airez bonbardatu zuten; Gernika Bilborako bidean leku estrategikoan zegoelako, Euzko Gudarostearen erretreta bidean (48). Sarraskiak ia Gernika oso deuseztatu zuen, Gerra Zibilaren sarraski handiena bihurtuz.

    Hondamendia hain izan zen handia non berria mundu guztira zabaldu zen. Honela, 1937ko maiatzaren 5ean Ingalaterrako Gobernuko batzar-agirian, Satanley Baldwin Ministro buruaren zuzendaritzapean (49) honakoa adostu zuten: Bilbotik Erresuma Batura haurrak ekartzea. Euskal Herriko arazoa Anthony Eden kanpo-arazoetako minisitroak ezagutarazi zuen, Euskal Herriko gobernuak errefuxiatuak zeramatzaten itsasontziak babesteko laguntza eskatu zuela esatean. Kabineteko batzordeak eskaera onartzea erabaki zuen, bi baldintza betetzen baziren: errefuxiatuak inpartzialki aukeratuak izatea eta, betiere, kontsularen kontrolpean egin behar zela aukeraketa (50). Zenbait xehetasun hitz egin eta gero, bi aste baino lehen, Ingalaterrako gobernuak erabakia hartu zuen eta 1937ko maiatzaren 6ean, Habana itsasontzia atera zen Santurtziko portutik lehenengoz. Ez zen ontzi bakarra izan zeren eta, Goizeko Izarra, portuan zegoen beste itsasontzia, zeina itsasontzi txikiagoa zen, beste norabide batean abiatu zen, Frantziarantz, haur gehiagorekin (50). Honako hau Sota familia dirudunak Euskal Herriko gobernuari eginiko dohaintza izan zen (39).

    Habana itsasontzia bere garaian Espainian eraikitako ontzirik handiera izan zen: 146 metroko luzera zuen eta 10.500 tona pisatzen zituen (39). Haren hastapenetan, beste izen bat zuen, Alfonso XIII eta hogeigarren hamarkadan uretaratu zuten lehenaldiz. Gipuzkoako frontetik ihesi zetozen errefuxiatuei aterpea izan eta ospitale gisa erabil ondoren, 1937ko maiatzaren 6an haurren ebakuazio masiborako erabilia izan zen. Haurrak ez ezik, maistrak, laguntzaile, erizain zein apaizak izan ziren bertan, baita Euzko Jaurlaritzaren ordezkaria zen Rodolfo Benito ere. Habanak Santurtzitik sei ebakuazio-bidai egin bazituen ere, gurean Maiatzaren 21an Southampton-era (Erresuma Batua) eginikoa dugu hizpide eleberriko protagonistetako bat 15 apaiz, 219 emakume zaintzaile eta 3.889 haur zeramatzan ebakuazioko haurretako bat baitzen (50).

    Epe laburreko bidaia bazirudien ere, luzaroan amestutako itzulera ez zen sekula gertatu Peru izeneko protagonistarentzat. Etxean utzi zituen ama, aita eta Manuel anaia eta itsasoaren beste aldera joan beharra izan zuen inolako aukerarik gabe: lehenik, Southamptonetik Stonehameko kanpamendura eraman zituzten Peru eta Habanako haurrrak; ondoren, Bray Court koloniara. Gerora, Espainiako Gerra Zibila oraindik bukatu gabe bazegoen ere, Francok haurren aberriratzea eskatu zuen, nazioartean bere irudia hobetzeko eta Perurekin batera joandako haurrak beraien etxeetara itzuliz joan ziren, eta Euskal Herriko haurrak hartu zituzten koloniak itxiz (93). Peruren patua, ordea, ez zen Euskal Herria zeren, berak ez bazekien ere, umezurtz geratu zen. Ondorioz, Manuel bere izebaren etxean bizi zen, bere lau lehengusuekin, oso baldintza eskasetan, Perurentzat inolako lekurik izan gabe. Gauzak honela, umeetan amestutako itzulera ahaztu egingo du, bere aberria eta etxea zein diren zalantzan jarriz. Bizitzak aurrera jarraituko du Perurentzat, lan bat aurkitu eta Londresera ezkonduko da, bere emaztearekin. Alargun gelditu arte etxean sentiaraziko duen etxea izango du, baina ondoren, bakardadea eta inongoa ez izatearen sentimendua izango du berriro ere. Egoera honetan, Peruk ez du gauza handirik egingo, egunero bisitatzen duen kafe-etxean kafea hartzeaz gain. Kafe-etxe hartan, Ibai izeneko mutil euskalduna ezagutuko du. Ibai Euskal Herritik ihes egitea erabaki duen gaztea da, bere bikotekidearekin izandako auto istripu baten ondoren, Maialen, bere neskalaguna, koman baitago eta errua jasanezina baitzaio. Ibairen ihesaren zergaitia ulertzeko, Maialen eta bere arteko maitasun istorioa kontatzen da, Ibairen pentsamenduekin zein Sararen, Maialenen ahizparen, ikusmoldetik. Pentsamendu eta bizipen hauek Maialenen egoeraren arrazoia ulertarazten ere laguntzen digute. Peruk eta Ibaik badituzte zenbait gauza amankomunean: beraien jatorria, ihes egitearen beharra eta itzuleraren beldurra. Kafetegian bakoitzaren bizi esperientzia izango dute hizpide, beti ere, galde ezin daitezkeen galderak alde batean utziz. Azkenean, hausnarketa sakonak izan eta gero, beraien bizitzak nola jarraituko duen erabakitzen du Ibaik, baita Peruk ere. Ibaik bere herria non dagoen ondo jakin arren, Maialenekin hitz egindako munduko bidaia egiteari ekingo dio, zerrendan jarri zuten lehen helmuga bisitatuz (126). Ibai, beraz, Argentinara joango da, Nahuel Panera, eta bertan itxarongo dio Maialeni, bere kokalekuaren berri emango dioten eskutitzen laguntzaz, esnatzen denean, nahi badu bertan aurki dezan. Peruk Euskal Herritik hirurogeita bi urte kanpoan eman eta gero, anaiarekin hitz ondoren, bertara joatea erabaki du. Lurreratzean, inor ez da bere bila joango, eta galduta sentituko da Peru bere jaiotetxeko atea irekitzeko inor ez baitauka (183).

    Exilioaren ondorioetako bat identitate ezarena izan daitekeela erakutsi zuen Ugaldek bere Itzulera baten historia-n. Identitate falta ez da sarritan hizpide izan, inongoa ez zarela esatea ez baita erraza (86). Sarritan aipatuak izan ez badira ere, ugariren burutan bizirik irauten dute hauek Gernikako bonbardaketaren ostean Ingalaterrara etorri ziren Euskal Herriko haurren istorioari buruz irakurtzen eta bilaketa lanak egiten (186) dituztenak ez baitira gutxi. Ibai horietako bat zen, eta bere lanaren protagonista, Peru.

    Gernikako bonbardaketa ikuspegi historiografikotik lantzen da eleberrian, Rügen operazioaren alderdi teknikoak azalduz eta pertsonaia historikoak aipatuz (48-49). Horrez gain, bonbardaketak eragin zuen trauma ere irudikatzen du istorioak: haur euskaldunak kanpamendu ingelesean zeudela, sirena hotsak entzun eta haien gainetik hegazkinak pasatzean, elkar besarkatuz aurkitzen dute babesa: “”Hil egin nahi gaituzte, hil egin nahi gaituzte” oihukatzen du, burua hanken artean sartuz belarriak estaltzen zituen bitartean. Gero mutilari txiza atera zaio, nire ondora etorri da eta nire eskuari gogor eutsi dio” (83-84). Haurraren trauma fisikoki azaleratzen da, baina protagonistak ere psikologikoki bonbardaketaren zamarekin irauten du bizitza osoan zehar, bere buruari faxistek Gernika bonbardatu izan ez balute zer gertatuko ote zen galdetuz (175) edo etengabe hegazkinekin eta 1937ko udaberriarekin amestuz (137). Fikzioaren bitartez, Goiak gertakari historiko batetik abiatuz, haurren sentimendu eta beldurretan sakontzen du.


    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Garazi Goiaren Txartel bat (des)herrirari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Aupa Gernika zer moduz, kaixo! (2013 Gernika-Lumo Txapelketa) | Jone Uria Albizuri | 2013/11/09

    Titulua Aupa Gernika zer moduz, kaixo! (2013 Gernika-Lumo Txapelketa)
    Egilea Jone Uria Albizuri
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2013/11/09
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Bertso-saioa egiten deneko espazioak motibaturiko Gernikaren agerpena da bat-bateko bertso honetakoa (Ibarluzea 2025), eta Picassoren Guernica koadroarekiko lotura egiten du bertsolariak, Gernikan ospatutako bertso-txapelketako saio batean taulatuan mihise baten aurrean kantatzen egonagatik.

    Amets Arzallus txapeldun egin zuen 2013ko Txapelketa nagusian lehenengo finalaurrekoa Gernikan izan zen. Jon Martin eta Julio Sotok Amasa-Villabonako eta Hendaiako kanporaketak irabazita lortua zuten bertarako pasea, eta Jokin Uranga, Jone Uria eta Nerea Elustondo puntuazioaren arabera iritsi ziren Jai Alai pilotalekuan 17:30etatik aurrera jokatu zen saiora. Bernardo Mandaluniz aritu zen gai-jartzaile. Ariketa puntuagarrien aurretik, agur bana kantatu zuten bertsolariek. Jone Uriak zazpi puntuko berezia hautatu zuen bakarka hasierako agurra ontzeko, eta kontakizunezko doinuen artean sailkatutako Nagusi jauna hauxe da lana A doinua baliatu zuen (BDB).

    Herriari zuzenean agur eginez hasi zuen bertsoa: “Aupa, Gernika, zer moduz, kaixo!”, eta segidan egin zion erreferentzia Guernica koadroaren egileari: “Argi da gu ez gara sei Picasso.”. Jarraian, txapelketaren irudidun mihiseari erraparatuarazi zion publikoari, nolabait, atzeko koadro hura (txapelketaren irudia fondo zuri baten gaineko marka hori bat da, eta txapelketaren berri ematen duen idazkera beltza) Picassorenarekin alderatuaz: “Horiz fondo txuri baten marra atera zaigu sinple xamarra”, eta bukatzeko “faltan margoa baina konpentsatzeko hor doa zuentzat gure hitzen koadroa” dio.

    Ibarluzea 2025 lanean adierazi bezala, Jone Uriak egindako ekfrasiak (objektu artistiko baten deskripzioak) kontraste handia egiten du Imanol Lazkanok 1982ko txapelketan zein Mikel Mendizabalek 1989an Gernikan izandako txapelketa saioetan botatako agurrekin. Izan ere, 80eko hamarkadako bi haietan irakurketa identitarioak (Retolaza 2009) egin baldin baziren eta bonbardaketa zein arbola aipatzen bazituzten bertsolariek, Uriak irakurketa kultural edo artistikoa egiten du (Retolaza 2009): bertsolariak Picasso ez direla adierazirik, eta bertsolariek beren koadro propioa hitzez sortuko dutela adierazirik, errealitate eta erreferentzia berriak sortzeko nahia agertzen du (Ibarluzea 2025). Bada, Uriaren bertsoa Gernikan izandako 80ko hamarkadako txapelketetako agurrekin erkatuz gero, esan dezakegu bertsolari belaunaldi berri baten balio identitarioak eta kulturalak aldatu egin direla, eta Gernikaren errepresentazioak ere dibertsifikatu egin direla, Iruretagoienak bestelako literatur lanen azterketan ondorioztatu bezala (2024).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/01/02]

    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Iruretagoiena, Leire. 2024. “Gernikaren ekfrasiak Harkaitz Canoren Belarraren ahoan.” Fontes Linguae Vasconum 137: 93-109. https://doi.org/10.35462/flv137.4

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak.

    Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Uria, J. (2013) “Aupa Gernika zer moduz, kaixo”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/12pus0 [azken kontsulta: 2025/01/02]

    Ikusi Gernikan izandako bertso-txapelketako beste bi agur hauek:
    – 1982-11-21 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Agur Gernika Euskaldunentzat
    – 1989-12-03 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Arratsalde on ongi etorri

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Jone Uria Albizuriren «Aupa Gernika zer moduz, kaixo!» bertsoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gerrak ez du izenik | Leire Bilbao | 2013

    Titulua Gerrak ez du izenik
    Egilea Leire Bilbao
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2013
    Errepresentazio Historikoak EZ, izatekotan

    Gerrak ez du izenik eleberri grafikoan Mirentxu haurrak 36ko Gerraren ondorioz Durangon bizitakoak kontatzen dira, bonbardaketa barne. Haurrentzako literatura den heinean, Mirentxuk dituen sentimenduak azaltzen dira: kezka, ezin hitz egitea, lotsa, beldurra, galderak… haren sentimenduak unibertsalizatuz eta eleberriaren izenburuari jarraituz, bonbardaketa ororen biktima diren haurren egoera zaurgarria azaleratuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Leire Bilbaoren Gerrak ez du izeniki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Independentziaren paperak | Pako Aristi | 2012

    Titulua Independentziaren paperak
    Egilea Pako Aristi
    Lekua Donostia (Erein)
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Pako Aristi idazle eta kazetariak saiakera periodistiko baten moduan idatzitako (Padrón, 2012) liburu honetan ETAren desagerpenaren ondoren euskaldunen independentzia espirituaren diagnosia egiten da. Atzeko azaleko paratestuan laburbiltzen denez, „Euskaldunen artean independentziaren espirituak egin duen ibilbide luzea“-ri buruzko saiakera da Independentziaren paperak. Horretarako hainbat politikari eta pentsalariren iritziak aipatu ditu, baita editorial batzuk ere.

    7 sekziotan multzokatutako 40 atalez osatuta dago saiakera, eta Gernikako bonbardaketa elkarrengandik gertu dauden bi pasartetan da hizpide.

    Saiakerako 3. sekzioan, “Historia gida turistikoetan” izenburupean, euskaldunen independentziarako espiritua egikaritu ahal izateko gainditu beharreko bi zailtasun intrinsenko zehazten dira: botere hegemonikoak euskaldunen historian zehar etengabe ereindako beldurra eta botere horrek berak euskaldunei buruz idatzitako historia interesatua.  

    Bi zailtasun hauetan Gernikako bonbardaketak izan zuen garrantzia azaltzen da. Izan ere, Frankismoaren Gernikako bonbardaketa eta bere errelatoa euskaldunak menderatzeko estrategia gisa agertzen da Aristiren hausnarketetan. Nafarroako Erresumaren konkistan 1512an Cristobal Villalba koronelak gaztelarren sarraskia zuzendu zuen obeditzen ez zuten nafarren aurka: lapurretak, hilketak, suteak, bortxaketak eta txikizioak burutu zituzten, herritarrak beldurtzeko helburuarekin. Koronelaren hitzak ekartzen dira, sarraskiaren arrakastaren inguruan: “Hay que imponer a los pueblos un saludable temor”. Botereak menpekoei ezarri eta mantendu beharreko “beldur osasuntsu” hori lortzeko estrategia orokorraren katebegi gisa ulertzen du idazleak Gernikako bonbardaketa: „Gernikako bonbardaketak zenbat urteko beldur osasungarri ziztatu zuen gure gogoan? […] Zenbat dosi sartu dizkigute historian zehar? Zer antidoto kantitate beharko dugu beldur hori sustraitik erauzteko?“ (Aristi, 2012, 122) Beraz, hausnarketa honetan ezin da Gernikako bonbardaketa gertaera isolatu gisa pentsatu, baizik eta euskal independentziarako espiritua menperatzeko besteak beste Frankismoak erabilitako beste hainbat tresnen testuinguruan, hala nola, Guda Zibilean fusilatuak, erbesteratuak eta ondasunak kendutakoak izan ziren bezala, eta baita ondoren demokrazia garaian estatuaren indarkeria eta atxiloketa indiskriminatuen ildo berean ere.

    Gernikako bonbardaketa bigarren pasarte batean ere agertzen da, hain zuzen ere, Espainia eta Frantziako botere hegemonikoak euskaldunei buruz eraikitako diskurtso manipulatzailearen adibide gisa. Kasu honetan Xabier Irujoren hitzak ekartzen ditu Aristik, espainol historiografiak euskaldunei buruzko historia botere tresna gisa nola erabili duen azpimarratuz. Testuinguru honetan pasarteak inplizituki bada ere Gernikako bonbardaketaren inguruan Frankismoak eta Europako botere hegemonikoek urteetan manipulatutako diskurtsoa dakar burura.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Letona, X. (2012). Independentziaren paperetan galduta. Argia. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2348/independentziaren-paperak (10.4.2026)

    Padrón, J.L. (2012). Politika-laborategi bat. Bilbao 11. https://kritikak.armiarma.eus/?p=6132 (10.4.2026)

    Nola aipatu: Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Pako Aristiren Independentziaren paperaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lau Haizetara Gogoan Logotipoa | Asociación Lau Haizetara Gogoan, Heinz Hebeisen | 2012

    Titulua Lau Haizetara Gogoan Logotipoa
    Egilea Asociación Lau Haizetara Gogoan, Heinz Hebeisen
    Lekua Andoain
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Logotipoa
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Argazkia Lau Haizetara Gogoan, frankismoaren biktimen senideen elkartearen (Asociación de familiares de víctimas del Franquismo) logotipoa da, logotipoak esku ireki bakarra erakusten du, modu kubistan irudikatua, hatzak gorantz luzatuta dituena. Eskua sostengu-posizioan agertzen da, lore bat eta hautsitako ezpata bat altxatzen dituela. Elementu hauek zuzenean Picassoren Guernica artelanetik datoz, non esku batek lore eta ezpata bat eusten dituen,bonbardaketaren erdian. Jatorrizko obran, keinu hori erresistentziaren azken distira da, suntsipenaren aurrean bizitzaren alde egindako baieztapena. Logotipoak sinbolo hori berreskuratu eta eraldatu egiten du: eskua ez da jada suntsipen-testuinguru batean agertzen, memoriaren keinu irmo eta kontziente gisa baizik. Modu horretan, loreak protagonismo handiagoa hartzen du, eta frankismoaren biktimak erreparatzeko eta aitortzeko ikur bihurtzen da. Hautsitako ezpata jasandako kaltearen oroigarri gisa geratzen da, baina loreak etsi egiten du eta justiziaren ikur bihurtzen da.

    Era berean, petaloen koloreek logotipoaren irakurketa sinbolikoa indartzen dute. Bertan, ikurrinaren koloreak —gorria, berdea eta zuria— Bigarren Errepublikako banderarekin batera —gorria, horia eta morea— ageri dira. Nahasketa kromatiko hori ez da apaingarria: urratutako eskubideen aldarrikapena eta ahanzturaren aurkako borroka partekatzen duten bi memoria historikoren konbergentzia adierazten du. Horrela, logotipoak, elkartea identifikatzeaz gain, bere misioa modu bisualean laburbiltzen du: oroimenari eustea, zauriak konpontzea eta biktimei duintasun osoa aitortuko dien etorkizuna proiektatzea.

    Artelanaren irudia eta informazio gehigarria kontsulta daiteke esteka hauetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/logotipo-de-la-asociacion-de-familiares-de-victimas-del-franquismo-lau-haizetara-gogoan https://humanidadesdigitales.uc3m.es/s/hismedi-g/item/3356 http://lau-haizetara-gogoan.blogspot.com/

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisen argazkilariaren eta Lau Haizetara Gogoan elkartearen logotipoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • 1937. Bizitzak eta bonbak | Bernardo Atxaga, Ignacio Martínez de Pisón, José Fernández de la Sota, Miguel González San Martín | 2012

    Titulua 1937. Bizitzak eta bonbak
    Egilea Bernardo Atxaga, Ignacio Martínez de Pisón, José Fernández de la Sota, Miguel González San Martín
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1937. Bizitzak eta bonbak liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da, lau idazleren artean idatzia: Bernardo Atxaga, José Fernández de la Sota, Miguel González San Martín eta Ignacio Martínez de Pisón.

    Idazleek fikzioa erabili dute, 1937ko udaberrian bonbardatutako hainbat leku deskribatzeko, bonben azpian egon ziren lau leku dira kontakizunen ardatza. Orduko hartan, gerra zibil bete-betean, hegazkin nazi eta faxistek milaka kilo bonba jaurti zituzten herritar babesgabeen gainera. Kontakizunetako zenbait protagonista, airetik egindako bonbardaketen biktima zuzenak dira. Beste zenbaitek, berriz, bizirik iraun ahal izan zuten, baina heriotzari izkin egin gabe: Herio haien zain zegoen gerrako frontean edo goizaldean fusilatzeak egiten ziren edozein hilerritako horman.

    Ignacio Martínez de Pisonen “Hombres de paz” ipuinak kiskalitako Gernikara eramaten gaitu. Bertan, atzerriko prentsa-korrespontsal baten eta bere gidari izango den Esteban Urkiaga “Lauaxeta” komandante eta poetaren ibileren berri izango da. Azken horri bi hilabete besterik ez zaizkio falta azken hatsa eman, eta euskarara itzultzen ari den Federico García Lorca poetak bezala bizitzari agur esateko.

    “El sueño de los justos” José Fernández de la Sotaren kontakizuneko protagonistak bi dira: argazki kamera beti aldean daraman atzerriko argazkilari bat, Robert Capa, eta bere auto-gidaria, ingeniaritza ikasle gazte bat, Bilboko bonbardaketan ama galdu zuenetik, bihotza hautsita daukana.

    “Izaskun está en Eibar” izeneko kontakizunean, Bernardo Atxagak XX. mende osoa zeharkatzen duen emakume baten biografia aurkezten digu. Emakume horrentzat, 1937ko bonbardaketak bere bizitza luzearen beste pasarte bat baizik ez dira.

    Azkenik, Miguel González San Martínen “De barcos y aviones” kontakizunean bi haur dira protagonista, Santurtziko portuan ‘Habana’ izeneko itsasontzian ontziratzen direnak, ezagutzen ez duten herrialde eta bizitza bat helmuga. BBK Fundazioak argitaratu du “1937: Bizitzak eta Bonbak” lana, Bizkaiko Gaiak bildumaren barruan.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2025). “Bernardo Atxaga, José Fernández de la Sota, Miguel González San Martín eta Ignacio Martínez de Pisónen 1937. Bizitzak eta bonbaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Pagoak margotu harrobiaren aurka. Alduide Mendia Koordinakundeak Zilbetiko harrobi proiektuaren kontra egindako arte ekintzaren argazkia | Lander F. Arroiabe | 2012

    Titulua Pagoak margotu harrobiaren aurka. Alduide Mendia Koordinakundeak Zilbetiko harrobi proiektuaren kontra egindako arte ekintzaren argazkia
    Egilea Lander F. Arroiabe
    Lekua Zilbetiko basoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Argazkigintza, Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Izenburuan jaso bezala, Zilbetiko pagadiko (Nafarroa) baliabide mineralen ustiapenaren kontra egindako arte ekintza kolektiboaren argazki bat da hau. 2010etik aurrera, Magnesitas de Navarra enpresa, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, milaka pago botatzekotan ibili zen naturgune babestua den eremu horretan, Aldude mendia zulatu eta magnesita harrobi bihurtzeko asmotan. Horiek horrela, Alduide Mendia Koordinakundekoek hainbat ekintza antolatu zituzten gertatzen ari zenari buruz berri eman, jendearen babesa bilatu eta, batez ere, hondeamakinen zundeaketa lanak geldiarazteko; tartean, fitxa honetan azterkizun den “Pagoak margotu harrobiaren aurka” arte ekintza. Hain zuzen, 2012ko udazkenean, Pablo Picassoren Gernika (1937) «artelan-ikonoaren» erreplika pintatu zuten babestu nahi zuten pagadiaren enborretan, Alduide Mendia Koordinakundearen izenean. Pentsatzekoa denez, batetik, zuhaitzei kalterik egiten ez dieten pintura bereziekin jardun ziren —besteak beste Agustin Ibarrola 80etan Omako basoan nola—, betiere jatorrizkoaren kolore paletari eutsiz —zuria, beltza eta grisak—. Bestalde, zatika pintatu zuten Gernika pago enborren azaletan, proiektore bati esker, artelana osorik ikus zitekeen puntua —zirkunferentzia huts bat egurrezko seinalean— aldez aurretik markatu eta gero (ikus Gara egunkariko hemerotekako bideoa). Dimentsio piktorikoari dimentsio eskultorikoa eransten zaio, beraz: land artaren zantzuak dituen eguneraketa hau multzo eskultorikotzat ere har daiteke, Antzeri pagadiko zuhaizpean barrena ibili ahala artelana bera zeharka baitzitekeen. Naturgunea arriskuan zegoen artelan erraldoitzat aitortzeko keinutzat ere irakur daiteke basoak eta Gernikak bat egin zuten ekintza hura. Horrez gain, harrobiaren aurkako borrokarako (ere) Gernika ber-irudikatu izanak garden bihurtzen du, artelana ez ezik ikonoa izaki, 1937tik hona eutsi diola hamaika testuingurutan —irudi esanguratsu gisa gaurkotu ahala— balio sinbolikoari edo truke balioari (Robles, 2019, 49. or.).

    “Pagoa margotu harrobiaren aurka” arte ekintzak harrera ona jaso zuen erakusletzat jo daitezke, handik gutxira, koordinakundeak berak hara iristen ez zekitenentzat pagadiko Gernika ezagutzeko antolatu zituen bisita gidatuak. Ordea, 2013ko abenduan, Gernika pintura beltzez estali eta hondatu zuen norbaitek. Hori dela eta, salatu ez ezik, Gernika atzera berriz pintatzea erabaki zuten Alduide Mendia taldekoek. 2015ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Zilbetiko harrobi proiektua.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Elizondo, E. (2013ko martxoaren 31). “Gernika” pagadira itzuli da. https://www.berria.eus/bizigiro/gernika-pagadira-itzuli-da_1079404_102.html (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Euskalerria irratiko erredakzioa (2015eko  urriaren 16a) https://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1444931915905-zilbetiko-harrobi-proiektua-atzera-bota-du-nafarroako-auzitegi-nagusiak (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Gara egunkariko hemerotekako bideoa: https://www.naiz.eus/eu/mediateca/video/guernica-antzeriko-pagadian-harrobiaren-aurka. (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Repensar Guernica artxiboko fitxa: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-de-la-coordinadora-monte-alduide (Azken kontsulta: 2025eko abendua).

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Lander F. Arroiaberen Pagoak margotu harrobiaren aurkari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Zerrenda amaitu gabea | Keixeta | 2012

    Titulua Zerrenda amaitu gabea
    Egilea Keixeta
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Zerrenda amaitu gabea / La lista inacabada erakusketan, Txiki Agirre Garate artista gipuzkoarrak, Keixeta izenarekin diharduena, Gernikako bonbardaketaren biktimei omenaldia egiten die formatu handiko hamar mihise eta 16 pieza txikiagoren bidez. Pasarte historiko horren memoria fragmentarioari buruzko narratiba sinbolikoa proposatzen du artelanak, erregistro ofizialen suntsipenaren ondorioz biktimen zerrenda osoa egiteko ezintasuna aditzera ematen duena.

    Erakusketaren izenburuak —Zerrenda amaitu gabea— erreferentzia egiten dio zuzenean lanaren ardatz nagusi bihurtutako gabezia horri. Kolore grisez eta okrez osaturiko paleta baten bidez, Keixetak sarraskiaren izugarrikeria eta suntsipena ekartzen du gogora, bonbardaketarii, hobi komunei eta min kolektiboari erreferentzia eginez. Horrela, oroimenari, ahanzturari eta berreraikuntza historikoaren beharrari buruzko hausnarketa sakona egitera gonbidatzen gaitu erakusketak.

    Artelanari buruzko informazio gehigarria eta irudiak ikusteko esteka hauek kontsulta daitezke: https://www.calameo.com/read/00269896935748148f57f https://www.eitb.eus/es/videos/detalle/930287/video-nueva-exposicion-keixeta-bombardeo/

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Keixetaren Zerrenda amaitu gabeari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Picassoren Gernika | Gorka Hermosa | 2012

    Titulua Picassoren Gernika
    Egilea Gorka Hermosa
    Lekua Ediciones Nubero
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Instrumentala
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    “Picassoren Gernika” Gorka Hermosa akordeoilari eta konpositore Urretxuarrak 2005ean sortutako partitura da. Akordeoiarekin jotzeko dago sortua, baina baita hari orkestra batentzako ere. Orkestrazio lanak Ángela Gallegorenak dira.

    Euskal musikariaren ibilbideari erreparatzen badiogu, “Hezurbeltzak” taldea aipatu beharko genuke. Datu-base honetan landu dugu taldearen “Gernika,1937/4/26” kanta, 20218an argiatara ateratakoa. Hermosak osatutako kanta instrumentala da, fitxa honetarako aukeratu dugunarekin antzekotasunak dituena.

    Kasu honetan ere kanta instrumentala dugu, hau da, hitzik gabekoa, eta doinuak gidatzen du entzulea Gernikako bonbardaketara. Gainera, izenburua bera irakurrita entzuleak badaki zer irudikatu behar duen: “Picassoren Gernika”. Kanta instrumentala den aldetik, entzule orok bere interpretazioa egiteko aukera dauka, musikak eramango baitio erritmo aldaketekin presio gehiagoko edo gutxiagoko eszenak irudikatzera. Dena den, eta “Hezurbeltzak” taldearen kantarekin alderatuta, Picassoren koadroari egiten dio zuzenean erreferentzia, zuri-beltzezko koadroa etorriko zaio entzuleari berehala. Siglind Bruhn ikerlariak “ekfrasi musikal” (Bruhn apud Desblache, 2019: 110) deitzen dio ekintza honi: koadroa kanta baten bidez errepresentatzeko hautuari.

    Retolazaren (2009) bonbardaketaren errepresentazio desberdinen sailkapenari heltzen badiogu, errepresentazio historiko-soziala genuke: entzuleak izenburutik daki gertaera historiko baten errepresentazioa datorrela eta koadro famatuaren irudia etorriko zaio. Cueto ikerlariaren hitzekin bat etorrita, “Gernikako bonbardaketa birsortzea, errepresentazio historikoa egitea da, eta Guernikarekiko egitea, berriz, ekfrasien ariketa da” (Cueto , 2017: 34). Kasu honetan, beraz, errepresentazio historiko baten aurrean gaude, baina, gainera, ekfrasi ariketa batekin, ekfrasi musikala erabilita.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/hezurbeltzak/hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Cueto Asín, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla : evento, memoria y patrimonio. Prensas Universitarias de Zaragoza.

    Desblache, L. (2019). Music and translation : new mediations in the digital age. In Springer eBooks. Palgrave Macmillan.

    Gorka Hermosa webgunea: https://www.gorkahermosa.com/web/ [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Gorka Hermosaren «Picassoren Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Partitura liburuaren hasiera digitalizatuta. Iturria: Eresbil. Musikaren Euskal Artxiboa

  • Gernika (11) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (11)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa gertakariaren egunean sartu izan balu bezala ikusleari bistaratzeko. 

    Gernika 11 honetan Ortiz de Elgeak oso tratamendu ezberdindua eskaintzen die koadroaren goiko erdialdeari eta behekoari: azpikoan, zuriz tarteka ñabartutako gris baten gainean, ingerada beltzez sinplifikatzen ditu eraikinen profilak eta tamaina txiki ezberdineko giza-figurak ageri dira, siluetak bezala, zerura begira edo keinu espresiboak egiten; goian aldiz, hegazkin alemaniar eta italiarrak hegan ageri dira oraindik, baina kontraste haundi bat sortzen du pintoreak goiko ezkerraldeko orban gorria eta eskuman agertzen den zuriaren dripping-aren artean –kolore zurrutada ezberdinak deskolgatzen ditu behealde griserantz espresiboki– . Berriro ere, seriearen Gernika 3an bezala, hegazkin mehatxatzaileak erakusten ditu oraingoan ere.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (11)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 x 130 cm.

  • Gernika (10) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (10)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala.

    Gernika 10 koadro honetan berriro ere urruneko paisai-bista bat eskaintzen dio Ortiz de Elgeak ikusleari. Paul Cézanne pintorearen Sainte Victoire seriedun koadroak gogora ekartzen ditu, baina kubismoaren zatikatzeek eta kromatismo espresionistak Gernikaren bista honek eztanda bat sortzen duela aditzera ematen dute. Pintoreak etxebizitzen sekzioak, paisaiaren ikuspegi ezberdinak eta tentsio lineak mendi haundi berdin batean nahasten ditu eta zatikatzeen lerroak zerurantz luzaten ditu, hondamendiak sortutako suzko erroberak izango balira bezala. Berriro ere denaren gainean kolore ezberdineko orbanak dituen zeru gorri mehatxatzaile bat ageri da.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elguearen Gernika (10)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 X 130 cm.

  • Gernika (9) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (9)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala.

    Gernika 9 margoan, serian konstante bat den hiri-paisaia margoaren goiko herenera mugatzen da bakarrik. Parte horretan etxe-sekzioak, eraikuntza hondatuak eta sugarrak nabarmentzen dira oraindik. Behealdean, aldiz, zuriarekin zenbait momentutan argitzen den grisez eta beltzez sortutako zoru informe batean, eskumaldean bonbek sortutako zuloak ageri dira eta, ezkerraldean, 6 pertsonen ingerada beltz-beltzak. Kontutan izanik zenbait pertsona biziren presentzia antzematen dela eraikuntzen artean (nolabait koloreztatuta daude hauek; gizonezko profilezko busto argi bat dago ezkerreko eraikuntza batean), belztuta dauden 6 horiek bereziak direla ematen du: ikusleari bizkarra ematen diote eta hiri suntsituaren espektakulua ikusten daude; horregatik, arimak edo garaiko edo egungo sarraskiaren lekukoak izan daitezkeela pentsatzera eramaten du.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (9)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 150 X 150 cm.

  • Gernika (8) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (8)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Sua sujeritzen duen zeru gorri mehatxatzaile baten azpian gainjartzen ditu Ortiz de Elgeak eraikuntza ezberdinak Gernika 8 margo honetan. Etxebizitzak sekzionatzen ditu erakusteko barruan dagoen jendea, ingerada baten bitartez sintetizatzen dituen pertsona anonimoak. Margo serie osoan giza-figura sotilki erabiltzen du eta une aukeratuetan; deigarria da koadro honetan pertsonen hainbat keinu nabarmenten direla: eskuak zerura erreguz eramaten dituen bat, paretak eskalatzen saiatzen direnak, izkina batean babestu eta besarkatu egiten duten bi, pentsakor dagoen beste bat, horma bat apurtzen saiatzen dena… Badirudi beheko partean kokatuak dauden zenbait forma abstraktu ere giza-figurei erreferentzia egiten dietela.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (8)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 X 130 cm.

  • Gernika (7) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (7)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala.

    Gernika 7 honetan, serie berdineko Gernika 3  margoan bezala urruneko bista bat ekaintzen dio pintoreak ikusleari. Oscar Kokoschka espresionista austriarraren hiri-paisaien antzeko emozio-karga ere antzematen da margo honetan. Oraingoan zeruak berriro ere okupatzen du margoaren goiko erdialde osoa, baina Gernika 3 obran iluntasuna eta hegazkin hegalariak ikusten baziren, hemen ortziak urdingune argiak erakusten ditu. Edonola ere, gorritasunak, kolore ezberdineko zeruko orban espresiboek, ke blokeek eta eraikuntza suntsituek hegazkinek eragindako hondamendia aditzera ematen dute.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (7)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 100 x 100 cm.

  • Gernika (6) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (6)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Margoaren luzeerak irudi panoramiko bat eskaintzea bermatzen du Gernika 6 margoan. Bertikalki plano ezberdinak banaturik, eraikuntza suntsitu ezberdinen bistak eskaintzen dizkigu Ortiz de Elgeak. Gernikaren hondakinak dira: atzeko eraikinetan sua antzematen da oraindik, erdian kale baten pespektiba irekitzen duen arku bat eusten da oraindik. Kontraste bezala, eskumaldean irmo mantentzen dira Gernikako Juntetxeko zin egiteko tenplu klasikoaren antza daukan tribunaren eraikin neoklasikoa eta, bere aurrean, arbola, sugarren artean. Pertsona baten profil beltza sujeritzen da beheko eskumako izkinean, denaren lekuko izan daitekeen edozein gizaki, garaikoa edo egungoa.  

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (6)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 60 x 180 cm.

  • Gernika (5) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (5)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Gernika 5 honetan etxe baten lehenengo plano bat eskaintzen digu pintoreak, aurrealdetik. Suaren mehatxupean bere estruktura irmoki eta adoretsu mantentzen ari den etxe bat da, teilatu aldean mendi gorri baten forma daukan su baten arriskupean baitago. Suak kiskalitako ganbara habeak era dinamikoan erabiltzen ditu pintoreak eta beheko kolomen erritmo bertikalarekin kontrastea sortzen dute. Etxearen ezkerraldean hondatutako eraikuntzen harri arrastoak daude eta eskumaldean, gorri eta beltzez irudikatutako lurralde abstrakto batean, badirudi pertsonen profilak asmatu daitezkeela.  

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (5)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 x 130 cm.

  • Gernika (4) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (4)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Gernika 4 margoan etxe eta paisai plano ezberdinak erakusten ditu pintoreak; espazioak sekzionaturik daude barruko pertsonak erakusteko. Giza figurek hartzen dute protagonismo gehiago margo honetan, silueta anonimo bilakatuta, batzuetan grisez edo gorri-laranjaz pintaturik, erretzen baleude bezala. Bere profila sinplifikatzeko erabiltzen duen diagonalaren inklinazioak erreakzioa baina etsipena ere aditzera ematen du. Elkarri laguntza eskaintzen diotela antzematen da. Goiko partean sugarrak eta koloreztatutako ke informe bat ikusten dira.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (4)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 x 130 cm.

  • Gernika (3) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (3)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala.

    Gernika 3 honetan suntsitutako paisai isolatu bat ikusten dugu. Ortiz de Elgeak oraingoan ikuslearen begirada urruneko puntu batean kokatzen du eta handik Gernika bonbardeatuaren bista eskaintzen dio. Hegazkin alemaniar eta italiarrek oraindik ere hiri-paisai birrindu horren gainetik hegan egiten dabiltza. Herri hondatuak margoaren beheko erdialdea okupatzen du, baina zeru mehatxatzaile bat nagusitzen da goiko erdialde osoan: ke zutabe beltzak nagusitzen dira bertan, baina baita ere tamaina ezberdineko koagulo informeak. Oscar Kokoschka espresionista austriarraren hiri-paisaien antzeko emozio-karga antzematen da margo honetan.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (3)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mihise gaineko olio-pintura, 130 x 130 cm.

  • Gernika (2) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (2)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Gernika 2 margoa bertikalki 5 plano ezberdinetan zatikatzen du pintoreak. Honekin bonbardaketa gertatu aurretiko, bitarteko eta geroko eszenak bistaratu nahi dituela dirudi. Goiko partean, aldiz, irudi osoa bateratzen da futurismoan abiapuntua duten tentsio lerro diagonal asko erabiliz eta sugar eta eztadei erreferentzia eginez. Paisai apurtu bat aditzera ematen da goiko parte horretan. Giza irudia da nagusitzen dena zatikatutako beheko 5 eszena horietan, oso tratamendu ezberdinetan: jantzita eta pentsakor, biluzik, antzemateko zaila den silueta txiki bilakaturik… Une ezberdinen kaptazio honetan, badirudi pintoreak gertakariaren giza dimentsio denetara hurbildu nahi duela.  

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (2)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Mihise gaineko olio-pintura, 170 x 250 cm.

  • Gernika (1) | Carmelo Ortiz de Elgea | 2012

    Titulua Gernika (1)
    Egilea Carmelo Ortiz de Elgea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika izenburudun koadroak 11 dira eta 2012an egin ziren, Gernikako Bonbardeaketaren 75 urteurrenean. Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak Gernikako bonbardeaketaren inguruan abian zituen erakusketen proiektuaren barruan txertatu daitezke –9 erakusketa komisariatu zituen gai horren inguruan 2008 eta 2015 artean–, Ortiz de Elgearen margo horiek Gernikako Euskal Herria Museoan Ortiz de Elgearen Gernikak erakusketarako bereziki margotuak izan zirelako.

    Ortiz de Elgearen plastikak espresionismoan ditu sustraiak eta bere ibilbide osoan abstrakzioa eta figurazioaren artean pibotatu zuen, garaiaren arabera. Edonola ere, interesgarriak suertatzen zaizkion edozein abangoardiaren errekurtsoak ere erabiltzen ditu bere sormenean. Izan ere, 11 koadrodun serie honetan, margotik margora ikusiko da zelan konbinatzen dituen kubismo, futurismo edo espresionismoaren ekarpenak. Bere paisagile aditu gaitasuna erabiltzen du Gernika bonbardeatuaren 11 irudi sortzeko, gertakariaren bista ezberdinak balira bezala, bere sortzaile begirada subjetiboa tragediaren egunean sartu izan balu bezala. Gernika 1 honetan kubismoaren fazetazioa eta futurismoaren dinamikotasuna antzematen dira. Edonola ere, badirudi margoaren ikuslea kristala apurtuta daukan leiho batean kokatzen duela. Suntsipenaren aztarnak ikusten ditugu hainbat errekurtsori esker: kromatismoa –iluntasunera eramaten du paisaia eta beltza, grisa, gorria eta zuria nabarmentzen dira­–, sugarren arrastoak, irudiaren satikatzea eta txiki eta korrika dabiltzan giza silueta batzuetan.

    Ortiz de Elgearen artelanak “Ortiz de Elgearen Gernika” katalogoan kontsulta daitezke hurrengo estekan: https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Pdf/CAta.webpdf.pdf?hash=9b8941c57d264a972ccdf9e6a3d24df6 edo hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Carmelo Ortiz de Elgearen Gernika (1)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Mihise gaineko olio pintura, 170 x 250 cm.

  • “Gernika” | Maraca Diablo | 2012

    Titulua “Gernika”
    Egilea Maraca Diablo
    Lekua Mendaro
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Instrumentala
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Maraca Diablo musika taldea 1972an sortu zen Mendaron. Gaur egungo taldekideak hauexek dira: Ina Iriondo ahotsean eta gitarran, Josu Iriondo baxuan, Rafa Furnier baterian, Asier Etxaniz gitarran, Anita Pérez ahotsean eta sintetizadorean eta, azkenik, Soraia Urbieta ahotsean.

    Lau lan argitaratu dituzte orain arte: Hail zigurat (2012), El regreso del niño indio (2019), 1978 (2020) eta Maraca Diablo (2022). Azkeneko diskoari buruzko berri batean, honela deskribatzen du kazetari batek taldekideen lana: “Bada salaketa, badira ametsak eta istorio ilunak, beldurrak, heriotza, maitasuna, hutsa edo epika” (Kulturklik). Disko guztietan errepikatzen diren gaiak dira aipatutakoak, eta horren adibide da iruzkin honetarako erabiliko dugun kanta ere.

    “Gernika” izenburua darama Maraca Diablo taldeak grabatu eta argitaratutako lehen lana, “Hail zigurat”, irekitzen duen lehen kantak. Badok atarian edo bandcamp-en entzun daiteke.

    Rock generoan sailkatuta ageri zaigu Badok atarian bertan. Lasai hasten da hasieran, instrumentu kolpe labur batzuekin, baina indarra hartuz joaten da pixkanaka. Doinu errepikakorra da, akorde berdin batzuk errepikatzen dira kanta instrumental honetan, hau da, hitzik gabekoa da.

    Ideia horiek bi gauza uzten dituzte agerian. Alde batetik, diskoa kanta honekin hasteak badu garrantzia: taldekideek gaur egunera ekarri nahi dute Gernikako bonbardaketa eta horrekin hasten dute haien lana, sarrera-sarreratik argi utziz haiek ez dutela Gernikan jazotakoa ahaztu. Gainera, izenburuan “Gernika” irakur dezakegu soilik, datarik gabe, bestelako azalpenik gabe. Entzuleen iruditeriaren parte da bonbardaketa eta garbi uzten dute era horretan, bonbardaketaren errepresentazioaren irakurketa identitarioa (2009) genuke Retolazaren ideietara joz. Beste alde batetik, memoriaren transmisiorako akuilu ere bada: hitzik esan beharrik ez badago ere, denok oroitzen dugu bonbardaketa, eta argazkiekin gertatzen den era berean, kantak ere izan daitezke transmisio iturri.

    Ondorio gisara, eta talde honen beste lan batzuk erreparatuz, garbi dago historiari eta historia transmititzeari garrantzia ematen diotela. Horren beste adibide bat da argitaratutako azken lanean Maraca Diablo (2022) agertzen den “Milia Lasturko” kanta. Honela argudiatzen dute kanten eta gaien aukeraketa taldekideek: “Soinu eta doinu berriekin gatoz, etxetik urrutira gabe bildutako istorioak dakartzagu, aspaldikoak eta gaur egunekoak, oihartzun egiten digutenak ozen, nahiz eta hitzon esanahia ez den erabat gure eskuetan kabitzen. Susmoa dugu suarekin ari garela ondorioen jakitun izan gabe” (Kulturklik).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/hezurbeltzak/hezurbeltzak [azken kontsulta: 2025/07/09]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Maraca Diablo taldearen «Gernika» abestiari buruzko fitxa”. MHLIren Genrika(k) datu-basean.

  • Pilar Txopitea eta Gernikako bonbardaketa | Pilar Txopitea | 2012

    Titulua Pilar Txopitea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Pilar Txopitea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Pilar Txopiteak Gernikako bonbardaketa oroitzen du eta horren berri ematen du Ahotsak-en Bonbardaketak iraun zuen artean Arratzun, Bonbardaketa osteko gertaerak eta Medikurik ez Gernikan, gehienak ihesean edo kartzelan izeneko bideoetan.

    Pilar Txopiteak Arratzuko baserri batean pasatu zuen Gernika bonbardatu zuten unea, herritik alde egin baitzuten garaiz, zerbait gertatuko zen susmoaz. Gernika ezer gabe geratu zela kontatzen du, eta zorriak bakarrik ikusten zituztela dio.

    Bonbardaketa ostean familiartean tentsioak eta haserreak hasi zirela kontatzen du, bonbardaketaren osteko egoerak giroa zakartu zuelako, eta senitartekoen artean ere hori bera islatu zen, zoritxarrez.

    Bonbardaketako unea nola bizi zuen kontatzeaz gain, bonbardaketaren ostean herrian zegoen giroa deskribatzen du Pilarrek. Pasarte esanguratsuetakoa da bonbardaketaren errudunetako bat izan zen gizon bat plazan agertu zela gogoratzen duenetakoa. Gizonak Gernika ez zutela erre, ezta suntsitu ere aldarrikatu zuen; are gehiago, Alemaniatik Gernikara dirua bidaliko zutela esan zuen. Dena gezurra zen, eta horrek erakusten du nola hasiera-hasieratik saiatu ziren errudunak egia ezkutatzen, herritarrek gertatu zena bazekiten arren.

    Bestalde, bonbardaketaren ostean, biktimentzako soroan zuloak egin eta gorpuak bertan bota zituztela kontatzen du, eta gezur asko esan zirela ere baieztatzen du. Bonbardaketa ondoren, ez zen medikurik gelditu herrian, ia denak ihesean edo kartzelan zeudelako; hori dela eta, Pilarren aitari bihotzekoak eman eta hil  egin zen, ez baitzuen laguntzarik jaso. Bonbardaketaren ostean ere, arrazoi batzuk edo beste, biktimak egoten jarraitu zuten, herrian gelditu zen egoera tamalgarria dela eta.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-104-016/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-104-014/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-104-012/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-104-013/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Pilar Txopitea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mertxe Hidalgo eta Gernikako bonbardaketa | Mertxe Hidalgo | 2012

    Titulua Mertxe Hidalgo eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Mertxe Hidalgo
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Mertxe Hidalgori Gernikako bonbardaketak bizitza aldatu zion, eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Denak negarrez, Gernika antortxa bat eta Ezer barik, soinekoagaz bakarrik izeneko bideoetan.

    Mertxe Hidalgo Gernika bonbardatu baino lehen zoriontsu bizi zen, baina bonbardaketarekin dena apurtu zela dio. Bonbardaketako oroitzapen txarrak ditu, izan ere, bonbardaketaren egunean kalean zebilen jolasean lagunekin, nebak bat-batean eskutik heldu eta indarrez sasi artera eraman zuenean. Bonbak erortzen hasi zirenean, kanposantuan zeuden ezkutatuta eta bertatik ikusi zituzten bonbardaketa eta metrailadoreak. Bonbardaketa amaitu zenean, herria sutan zegoela gogoratzen du, “antortxa” bat izango balitz bezala.

    Bonbardaketa egunean, etxea erretzen ari zitzaiela ikusi zuten, baina garrantzitsuena etxeko denak bizirik irten zirela dio. Mertxek pasarte gogoangarri bat kontatzen du: etxean errefuxiatu eibartar bat zuten eta ohean zegoen gaixorik, baina etxea erretzen hasi zenean, aita barrura sartu zen hura erreskatatzera. Denak onik atera ziren, baina etxea galdu eta denak gainean zutenarekin bakarrik jarraitu behar izan zuten aurrera. Dena galdu zutenez, Bilboranzko bideari ekin zioten.

    Bonbardaketa ostean, “zergatik?” galdera egiten zion etengabe bere buruari, eta egoera tamalgarria gogoratzen du: negarrak, zaratak, garrasiak… Bere senitarteko eta ezagunak egoera hartan ikusteak arima zauritu zion, agerian utziz gertaera erabat traumatikoa izan zela herritarrentzat bai bonbardaketa, bai bonbardaketa osteko momentuak.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-109-010/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-109-013/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-109-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Mertxe Hidalgo eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Libe Asua eta Gernikako bonbardaketa | Libe Asua | 2012

    Titulua Libe Asua eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Libe Asua
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Libe Asuak Gernika bonbardatu zuten eguna oroitzen du, eta oroitzapen horien berri ematen du Ahotsak-en Gernikako sugarrak ikusi zituzten izeneko bideoan. 

    Libe Asua Gernika bonbardatu zuten egunean amari bazkaria eramatera joan zen Galdakaotik minara, eta itzultzean hegazkinak gainean ikusi zituen. Hegazkinak baxu-baxu zebiltzan eta metrailatzen zutela ohartu zen, beraz, saiatu zen haiek saihesten sasi artean burua sartuz. Gauean zeru gorri-gorri ikusi zuen eta Gernikatik garrak ikusi zituen. Aitak ezin zuen sinetsi Gernika erre zutenik, alabaren hitzak sinetsi gabe, baina hurrengo egunean jakin zuten gertatu zena. Astelehena zela, eta astelehenetan inguruko herritar denak Gernikara hurbiltzen zela dio (azoka eguna dela eta).

    Libe Asuaren testigantzak Gernikaren aurkako erasoaren handitasuna erakusten du, izan ere, urrunetik ohartu zen herria erretzen ari zirela. 

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/galdakao/pasarteak/gal-002-035/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Libe Asua eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mari Esteban Erkoreka eta Gernikako bonbardaketa | Mari Esteban Erkoreka | 2012

    Titulua Mari Esteban Erkoreka eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Mari Esteban Erkoreka
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Mari Esteban Gernikan zen 1937ko apirilaren 26an eta egun hura ekartzen du gogora Ahotsak-en Gernikako bonbardaketatik ihesi izeneko bideoan.

    Mari Esteban Bermeon jaio zen arren, aita gernikarra zuen eta Gernikan bizi zen sasoi batean. Gernika bonbardatu zuten egunean ere Gernikan zegoen, eta bertan bizitakoak gogoan ditu: non ezkutatu ziren, erretako etxeak, erasoak… Ereinotz luzeen artean ezkutatu zen Maria, etxetik irtenda ahal izan zuten lekura ihesi. Hurrengo egunean oinez abiatu ziren Bermeora, senitartekoen etxean babestera.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/bermeo/pasarteak/brm-107-002/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Mari Esteban Erkoreka eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Frantziska Egiguren eta Gernikako bonbardaketa | Frantziska Egiguren | 2012

    Titulua Frantziska Egiguren eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Frantziska Egiguren
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Frantziska Egigurenen Gernika bonbardatu zuten eguna gogoratzen du eta horretaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketaren inguruko bizipenak eta Durangoko eta Gernikako bonbardaketak; egunkariak gorde zituen izeneko bideoetan. 

    Frantziska Egigurenek Gernika bonbardatu zuten egunean, hegazkinak haien gainetik pasatzen ikusi zituztenean, “Durangora berriro ez” pentsatu zuten, baina Gernikara joan ziren eta izugarrizko sarraskia gertatu zela kontatzen du. Aita eta Frantziska babeslekura joan ziren, baina ama etxean gelditu zen haur txikiarekin. Hegazkinak zehazki nondik buelta ematen zuten ikusten zuten, eta haien gainetik pasatzen ziren etengabe joan-etorrian. Babeslekura zihoazela, haien gainetik pasa ziren, eta hegazkin batzuk haiengana zihoazela ikusita, korrika ihes egin behar izan zuten. Frantziska babeslekura iritsi zen, baina aitari bonba bota zioten. Zorionez, bonbak ez zuen aita harrapatu, baina Frantziska oso kezkatuta gelditu zen, aitarengatik larrituta.

    Frantziska Egigurenek Durangoko eta Gernikako bonbardaketaren berri ematen zuten egunkariak koltxoiaren artile artean gorde zituen. 30 urte beranduago egunkariak aurkitu zituzten. Durangoko bonbardaketa gogorra izan bazen ere, Frantziskak aipatzen du Gernikakoa are krudelagoa izan zela, eta hirunaka iristen ziren hegazkinek eragindako beldurra oroitzen du. Erreka ondoko babeslekuan babestu ziren. Frantziskaren ekintzak agerian uzten du objektuek memoria gordailu gila funtziona dezaketela: bonbardaketen berri ematen duten egunkariak gordetzea, eta 30 urte beranduago kontsultatu ahal izatea gertakari historikoak berreraikitako ariketa bikaina da. Dokumentu, gutun, argazki, egunkariei… esker eraiki dezakegu ezagutu ez dugun historia, baita diskurtso bat eratu ere, izan ere, gutxi dira bizirik dirauten 1936ko gerra bizi zuten euskaldunak. 

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/iurreta/pasarteak/iur-040-033/ https://ahotsak.eus/iurreta/pasarteak/iur-040-030/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Frantziska Egiguren eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jon Lopategi eta Gernikako bonbardaketa | Jon Lopategi | 2012

    Titulua Jon Lopategi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jon Lopategi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jon Lopategik Gernikako bonbardaketa bizi zuen eta horren berri ematen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa estolda-zuloan izeneko bideoan. 

    Jon Lopategi Muxikan zegoen Gernika bonbardatu zutenean eta estolda-zuloan ezkutatuta egon ziren ilunpetan. Iluntzean, babeslekutik irten eta Gernikako sua eta bertatik ateratzen zen argitasuna ikusi zuten. Egun batzuk geroago, Jon amarekin batera Barrutira joan zen eta Gernikako hondakinekin soilik topo egin zutela gogoratzen du. Hori da gerraz oroitzen duena.

    Jon Lopategiren gerrari buruzko oroitzapen bakarra Gernikako bonbardaketarekin lotuta dago, agerian utziz gertaerak eragindako inpaktua eta trauma, hondamendiaren tamaina izugarria dela-eta.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/muxika/pasarteak/mux-053-007/

    Gernika(k) datu-basean Jon Lopategiri buruzko liburuaren fitxa kontsulta daiteke, zehazki, Luis Baraiazarrak idatziriko Jon Lopategi, bertsozko mezularia (2000). 

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jon Lopategi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Ramon Andonegi eta Gernikako bonbardaketa | Ramon Andonegi | 2012

    Titulua Ramon Andonegi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Ramon Andonegi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Ramon Andonegi Gernikan izan zen bonbardaketaren egunean eta egun hartaz mintzatzen da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eta Gernikako astelehenetako eria izeneko bideoetan.

    1937ko apirilaren 26an Ramon Andonegi Gernikara joan zen aitarekin batera, txerrikumeen salerosketa dela-eta, eta arratsaldeko hiruretan, Ramonek Sukarrietara  trena hartu zuen txerrikumeen bila joateko. Gogoratzen du jende asko zegoela Gernikan egun hartan, azoka eguna baitzen. Ez zegoen Gernikako jendea soilik, inguruko herrietako baserritar eta abeltzainak ere hurbiltzen baitziren astelehenetan bertara.

    Trena hartu eta ordu bete eskasera, zarata handiak entzun zituen Gernikatik, eta hirunaka iristen ziren hegazkinak ere ikuskatu ahal izan zituen. Gernika erasotzen ari zirela konturatu zen ke beltz-beltza ikusten baitzuen, eta asko arduratu zen bere aitagatik, oraindik Gernikan zegoelako. Ramon Andonegiren testigantzak baieztatzen du Gernika bonbardatu zuten egunean ez zirela gernikarrak soilik herrian zeudenak, baizik eta kanpotik hurbildutako biztanlez beteta ere zegoela. Gainera, Ramonek hain urrutitik bonbardaketa ikusi eta sentitu izanak hondamendiaren larritasuna imajinatzen laguntzen du.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/mundaka/pasarteak/mud-003-035/ https://ahotsak.eus/mundaka/pasarteak/mud-003-034/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Ramon Andonegi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Guadalupe Mendibe eta Gernikako bonbardaketa | Guadalupe Mendibe | 2012

    Titulua Guadalupe Mendibe eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Guadalupe Mendibe
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Guadalupe Mendibek Gernika nola bonbardatu zuten ikusi zuen menditik, eta hori deskribatzen du Ahotsak-en Gernika erre zuten egunaz izeneko bideoan..

    Hegazkinak gainetik pasatzen hasi zirenean, zer gertatzen ari zen jakin gabe ere, Gudalaupek mendira jo zuen ezkutatzera, zehazki, zulo moduko batean sartu zen. Ez zuen argi zer gertatzen ari zen eta zein herri erasotzen ari ziren, baina suteak zeudela konturatu zen. Beldurtuta pasatu zituen ezkutalekuko momentuak, gurasoak ez baitzituen alboan, eta, azkenean, herrira itzuli zirenean, Gernika erre zutela jakin zuten.

    Bonbardaketa eguneko nahasmendua, anabasa, zalantzak, beldurrak… azaleratzen ditu Guadalupe Mendibiren testigantzak eta egun hartan bizi beharrekoak irudikatzen ditu.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/ea/pasarteak/eaa-002-020/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Guadalupe Mendibe eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Elisa Kalzada eta Gernikako bonbardaketa | Elisa Kalzada | 2012

    Titulua Elisa Kalzada eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Elisa Kalzada
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Elisa Kalzadak, 8 urte zituela, Gernikako bonbardaketa bizitu zuen eta hori bera kontatzen du Ahotsak-en Aitaren bila Gernikako bonbardaketan izendatutako bideoan.

    Elisa Kalzadak Gernikako bonbardaketaren egunean, 8 urte zituela, aitaren bila irten zen Gernikara, etxera salbu irits zedin. Etxetik abioiak pasatzen ikusi zituztenean, amak Elisa Gernikara bidali zuen aita abisatu eta ahalik eta lasterren etxeratzeko. Menditik gora egin zuten bidea ondo gogoratzen du, bonbak erortzen hasi baitziren eta abioiak gertu-gertutik pasatzen baitziren. Gernika herrian bertan ez bizi arren, ingurutik hurbiltzen ziren baserritar eta herritarrak ugari ziren, eta hori bera erakusten du Elisaren kasuak, Gernika bonbardatu zuten egunean aitaren bila joan izan behar baitziren.

    Bideoa hurrengo estekan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/busturia/pasarteak/bus-007-005/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Elisa Kalzada eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika bonbardaketan” | Harian | 2012

    Titulua “Gernika bonbardaketan”
    Egilea Harian
    Lekua Euskal Telebista
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    EITBren Harian programak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta erreportaje dokumental berezia eskaini zuen Iban Bengoetxea aurkezlearen gidaritzapean. Saioan bonbardaketatik bizirik irten ziren herritarren testigantzak jasotzen ditu , eta haien lekukotza historialari eta adituen datuekin osatzen da, beste batzuen artean, Gernikako Bakearen Museoa Fundazioko arduraduna den Iratxe Momoitok, eta Gernika Gogoratuz-eko Maria Oiangurenek parte hartzen dute. 30 minutu irauten dituen erreportajeak Gernika bonbardatu zuten egunaren errepaso orokor bat egiten du, gertakari historikoaren datu nagusiak aipatuz eta, era berean, lekukoei bizitakoa kontatzeko espazioa eskainiz.

    Lekukoek hegazkinez, herrian lehenagotik sentitzen zen tentsio eta ziurgabetasunaz, babeslekuez… hitz egiten dute. Picassoren Guernica koadroaren erreprodukzio txikiak ere agertzen dira dokumentalean zehar, baina ez da haren inguruko azalpenik ematen, besterik gabe, bonbardaketa artelanarekin lotzea iradokitzen da. Erreportajearen amaierako mezuak argi uzten du gertakari historikoa bizi zutenen lekukoa jaso, entzun eta transmititu egin behar dela, halako hondamendirik ezagutu ez dutenek gogoan izan dezaten haren herriak eta arbasoek bizi zutena. 1936ko Gerrako oroimen gune garrantzitsuenetakoa da Gernika, eta elkarrizketatuek ere hori bera erretratatzen dute.

    Bideoa osorik ikus daiteke Primeran plataforman hemen sakatuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Harianen «Gernika bonbardaketan»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu basean.

  • Loben ikuskizuna | Gernikako lobak | 2012

    Titulua Loben ikuskizuna
    Egilea Gernikako lobak
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak, Arte plastikoak, Literatura, Musika, Zinea
    Azpigeneroa Animazioa, Fikzioa, Hitzekin, Ilustrazioak, Instrumentala, Pintura, Poesia
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako Lobak ekimenak 2012an Gernikako Lizeo antzokian ikuskizun multimediala eskaini zuen, hain zuzen, Gernikako bonbardaketa gogoratzeko. Bertan, sormenaz jositako proiektuaren baitan, hainbat diziplina uztartu zituzten: musika, arte eszenikoak, zinea, literatura… Izan ere, 17 ataletan banatuta ikusgai dagoen ekitaldiak zuzeneko emanaldiak, poemak, animaziozko bideoak, laburmetraiak eta Gernikako aiton-amonen testigantzak biltzen ditu, beste batzuen artean.

    Gernikako bonbardaketa ikuskizun osoan zehar irudikatzen da, bereziki “Burdinezko Zaldunak” izendatutako film laburrean eta musika emanaldiak laguntzen dituen animaziozko irudietan. Film laburra gaur egungo bizimodua irudikatzen duten eszenekin hasten bada ere, filmaren erdialdetik aurrerako zatiak Gernikak 1937ko apirilaren 26an jasandako sarraskira garamatza: sirena hotsak, zuri-beltzeko irudiak, bonbardaketaren ostean frankistek zabaldutako mezu iruzurtia, Picassoren Guernicako elementuak… Irudiok, ordea, gaur egungokoekin nahasten dira, Gernikan 1937an gertatutakoa oraindik gaurkotasun handiko hondamendia dela nabarmentzeko. Honek erakusten du nola Gernikako bonbardaketak eragindako traumak denboran zehar esanahiak zabaldu eta berritzeko aukera eman duen, horrela, beste herrialde eta herritarrek pairatu beharreko sufrimenduarekin enpatia sentitu eta babesa erakusten da Gernikak eskuratu duen sinbologiatik abiatuz.

    Gernikaren sinbologia hori, neurri handi batean, Pablo Picassoren Guernica mihise erraldoiaren eraginez unibertsalizatu da. Euskal Herrian Gernika herriak abertzaletasun eta lurralde askeari lotutako sinbologia jakina lehenagotik bazuen ere, Gernikako bonbardaketak erabat eraldatu zuen euskaldunentzat sakratua zen herria, baita munduaren aurrean hartu zuen irudia ere, Guernica koadroaren ondorioz. Loben ikuskizunean ere, Picassoren koadroko elementu esanguratsuak agertzen dira, gehien errepikatzen direnen artean daude bonbilla eta zezena; hala ere, koadroaren erreprodukzio osoak ere identifika daitezke han-hemenka. Aipatu den bezala, ordea, Guernica margolana ez da Gernikari lotutako sinbolo bakarra, eta Gernikako Arbolari ere hainbat erreferentzia egiten diete Lobek. Gernikako Arbola, hain zuzen ere, euskaldunen sinbolo nabarmenetakoa bilakatu zen XIX. mende amaieran, eta XX. mende hasierarako sinbolo politiko eta identitarioak sortzeko iturria izan zen. Jose Maria Iparragirrek, hala ere, lehenagotik bihurtu zuen sinboloa herrikoi “Gernikako Arbola” bertsoari esker, eta ikuskizunean Gernikako aiton-amonak entzun daitezke aipatutako ereserki ospetsua abesten.

    “Gernikako Arbola”, ordea, ez da ikuskizunean Gernikari dedikatutako entzun daitekeen kantu bakarra. Paul Omaetxebarriaren “Ttiki hori lo kantua”ren zuzeneko emanaldiari, izan ere, aitona-ilobak bonbardaketatik ihesi dabiltzala irudikatzen duen bideoak ematen dio hasiera. Bestalde, The Ridd Truckers talde gernikarrak “Gernika” izendatutako ingelesezko abestian Gernikako bonbardaketaren xehetasun historikoak aditzera ematen dira: merkatu eguna, arranoak, hegazkin alemanak… aipatzen dira, hitzek kontatutakoa ilustrazioen bidez baieztatzen den bitartean. Gainera, letraren euskarazko itzulpena eskaintzen da ilustrazioen bidez. Horrez gain, AUdience taldeak Mikel Laboaren “Gernika” kantu ezaguna ere bertsionatzen du, eta haiek Laboaren oihu lazgarri bereizgarriak are gehiago nabarmentzen dituzte. Kantuak bere bideoklip propioan bonbardaketaren zuri-beltzezko irudiak erakusten ditu: hegazkinak, babeslekuak, soldaduak, zaurituak…, eta Picassoren Guernica koadroaren irudiekin amaitzen da ikus-entzunezkoa. Laboaren “Gaztetasuna eta zahartzaroa” kantuaren bertsioa ere egiten dute, eta honetan ere Picassoren koadro enblematikoaren erreprodukzioa agertzen da.

    Enrique Morente eta Lagartija Nicken “Omega”ren Ruben Garatearen bertsioak ematen dio amaiera ikuskizunari. Izan ere, “Omega” Federico Garcia Lorcaren “Omega. Poema para muertos” poeman oinarritutako abestia da, beraz, hildakoei egindako omenaldi gisa uler daiteke ikuskizunaren azken emanaldia. Gainera, zuzeneko emanaldian Maria Larrinaga artistak margolana burutzen du mihise zuri baten gainean, kantuak aurrera egin ahala, berak ere margotzeari ekiten dio eta, kantua amaitzerako, margolana ere amaituta dago. Margolanak odolez bustitako kalea erakusten du, non hegazkinak bonbak jaurtitzen ari diren. Margolanean Picassoren Guernica koadroko gizona erreguka gogorarazten duen aurpegi bat agertzen da, zerura begira oihuka dagoena, hain zuzen ere.

    Ikus-entzunezko Loben proiektuak aukera ematen du Gernikaren inguruan azken mendeetan garatutako sinbologia, alegoria eta gertaera historikoen erretratu orokorra egiteko: Gernika oroimen gune bilakatu da, eta, bertatik abiatuta memoria(k) lantzen d(ir)a ikuskizunean. Hau da, arte adierazpide eta baliabide desberdinen arteko nahasketak polisemiaz betetako Gernika/Guernicarekin bat egiten du. Ondorioz, ikus-entzunezko baliabideekin osatutako produktu artistiko anitzen bidez gertakari historikoak, baina baita harekin lotutako emozioak transmititzea lortzen dute.

    Ikuskizuna online ikus daiteke hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Gernikako loben ekimenari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Sirena hotsak | Patricia Muñoz | 2012

    Titulua Sirena hotsak
    Egilea Patricia Muñoz
    Lekua Ahaztuak, Ipes
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Sirena hotsak dokumentala Ipes eta Ahaztuak elkarteen artean aurrera ateratako lana da. Bertan, 1936-1939 bitartean Bilbo Handia inguruan gertatutako bonbardaketen berri ematen dute hura bizi zuten hainbat emakumek. Bonbardaketa jasan zuten biktimen elkarrizketak jasotzeaz gain, babeslekuetan gorde beharreko une larriak fikzionatu dituzte auzokideek elkarlanean. Bilbo Handiko izu bonbardaketak aipatu arren, Gernikako bonbardaketa ere zeharka aipatzen da, bertako sarraskiaren ondoren Bilbo ingurura babes bila gerturatu ziren gernikarren martxa aipatuz. Bilbo izan zen Euskadiko frontean gehien iraun ahal izan zuen hiria, eta errefuxiatu ugari iritsi ziren 1937ko Gernikako bonbardaketaren ondotik, bertatik antolatu baitziren erbesteratzeko operazioak. Bilbo Handia eta Gernikaz gain, Durango, Ariz-Basauri eta Urduñako bonbardaketak ere aipatzen dira, historian toki handirik izan ez duten gertakariak ere aitortuz.

    Informazio gehiago Ipes-en webgunean hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Patricia Muñozen Sirena hotsaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika bonbapean (Gernika bajo las bombas) | Luis Marias | 2012

    Titulua Gernika bonbapean (Gernika bajo las bombas)
    Egilea Luis Marias
    Lekua Euskal Telebista
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika bajo las bombas (2012) bi atalez osatutako telesaila da. Hainbat kontakizunez osatuta dago telesaila, pertsonaia erreal eta historikoak fikziozko pertsonaiekin gurutzatuz. Kontakizun desberdinak izan arren, denak daude markatuta Gernikako 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketagatik. Gutxi gora behera, Durangoko bonbardaketatik (1937ko martxoak 31) Gernikako bonbardaketaren hurrengo astera arte irauten du kontakizunak eta datu eta gertakari historikoetan oinarritzen da. George L. Steer kazetaria, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Emilio Mola jenerala eta Wolfram von Richtofen Kondor Legioaren buruzagia agertzen dira pertsonaia historikoen artean.

    Bonbardaketaren prestakuntzaren xehetasunak agertzen dira telesailean, Gernika helburu militar estrategikoa ez izan arren, izua eragitea helburu zuena. Pertsonaia eta gertakizun errealak fikzioarekin nahasten dira eta Gernikako herritarren bizimodu eta ohiturak islatzen dira horrela. Fikzioko bi pertsonaia nagusiak familia desberdinetatik datozen bi lagun dira: Txato, familia langile immigrantearen seme komunista, eta Jesus Mari, familia karlista tradizional burgesaren seme intelektuala. Bi lagunen arteko erlazioa kaltetuta geratuko da Gernikako bonbardaketaren ondoren, Jesus Mari hondamendiaren “eragile”tzat joz. Honek ondo erakusten du Euskal Herriko garaiko benetako egoera, hau da, herri bakarrean bizilagun eta lagunak elkarrekin bizi ziren komunitate berdinean, baina bando desberdinetakoak ziren: karlistak, gorriak, jeltzaleak… beraz, gerrak eztanda egin zuenean eta altxatuak euskal lurraldetan aurrera egin zuten neurrian, gatazka eta talkak areagotu egin ziren herritar, senide eta lagun artean.

    Karlistek Gernikaren balio sinbolikoa babesteko beharra azpimarratzen diote jeneral alemaniarrari, hala, Gernikako Juntetxea eta Gernikako Arbola ez suntsitzearen alde egiten dute. Izan ere, karlistek errege katolikoei errespetu osoa zor zieten, eta Gernika izan zen, hain zuzen, foruak hitzartzeko lur sakratua. XIX. mende amaieran bilakatu zen Gernikako Arbola euskal identitatearen sinbolo nabarmenetakoa eta foruzaleek indartu egin zuten euskaldunekiko erlazio identitarioa. Maitane Retolazaren arabera, Gernikako bonbardaketa gertaera “disruptibotzat” har daiteke, foruei lotutako sinboloaren esanahi tradizionalak hankaz hora jarri zituenez gero. Karlisten pentsamendua ondo irudikatzen du filmak, altxatuen bandoan borrokatuz, errege katolikoen eta euskal foruen lur sakratua mantendu nahi dutelako, herri oso bat suntsitu arren.

    Bonbardaketa katastrofe gisa irudikatzen da filmean: eztandak, metrailadoreak, oihuak, hautsa, sua, zaurituak, hildakoak… Aipagarria da gutxitan berregin dela fikziozko zineman bonbardaketak eragindako sarraskia, hain zuzen ere, “produkzioaren ikuspegitik izugarri garestia nahiz emaitza gisa emango zituen irudietan zeharo basatia izango zelakoan” (Riambau, 2012: 138). Ez hori bakarrik, zinema urte askotan Gernikako operazioaren inguruko isiltasunaren “konplizea” izan da, alde batetik, momentuko lekukotasun filmaturik ez dagoelako, eta bestetik, Picassoren koadro alegorikoaren sinbolismo handiak beste adierazpideetako gertakariarekiko hurbiltzeak zeharo gainditu dituelako. Gernikako bonbardaketaren gaia landu nahi izan duten filmagileek Picassoren koadroaren bitartez irabazi izan ohi dute hori (Riambau, 2012: 143).

    Telesailak euskal zinemagintzaren eskutik Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa eskaintzen du, beste hainbat euskal sinboloren garrantzia erakutsiz, eta euskal herritarren bizimodu eta gerrako harremanak irudikatuz. Gainera, bukaeran, fikzioari amaiera eman eta benetako lekukoak elkarrizketatzen dira haien testigantzak jasotzeko. Lekukoak Chillidaren “Gure aitaren etxea” eskulturaren parean mintzo dira, hain zuzen ere, Chillidak Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira Eusko Jaurlaritzaren enkarguz sortu zuen artelana. Pertsonaia errealetan oinarritutako istorioak dira, izen-abizen propioekin, eta amaieran haien berri ematen da, nolabaiteko epilogoa osatuz.

    Bi ataleko telesaila eskuragarri dago hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    E. Riambau (2012). “La pintura sobre la pantalla. Gernika, Picasso y el cine”. In S. De Pablo Contreras & J. Fernandez (koord.), Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian (129-144. orr). Donostia Kultura.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Luis Mariasen Gernika bonbapeani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Andikona | Mikel Urdangarin | 2012

    Titulua Andikona
    Egilea Mikel Urdangarin
    Lekua Garate Studios (Andoain)
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mikel Urdangarinen “Andikona” kantua Azula (2012) diskoan argitaratu zen. 1936ko uztailaren 22an Otxandioko Andikonako plaza bonbardatua izan zen eta gertakari hura da abestiak kontagai duena. Otxandioren ondoren etorritako Durango eta Gernika ere aipatzen dira kantuan.  

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Mikel Urdangarinen «Andikona»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Kantua entzungai:

  • Sustrai erreak (II) | Jesus Mari Lazkano | 2012

    Titulua Sustrai erreak (II)
    Egilea Jesus Mari Lazkano
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Teknika hiperrealistako bi margolanez osatutako piezetako bigarrenak, lehenengoarekin alderatuta argiagoa, Gernikaren bonbardaketaren deuseztutako herriaren gainean, Gernikako Arbolaren haritz hostoa dakusagu. Deuseztapenaren osteko loraldia litzateke.

    Artelanak ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jesus Mari Lazkanoren Sustrai erreak (II)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Sustrai erreak (I) | Jesus Mari Lazkano | 2012

    Titulua Sustrai erreak (I)
    Egilea Jesus Mari Lazkano
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Teknika hiperrealistako bi margolanez osatutako piezetako lehenak Gernikaren bonbardaketaren osteko sua agertzen du. Zerua gorri eta bizitzarik ez herrian. Tragediaren lehen uneak.

    Artelanak ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jesus Mari Lazkanoren Sustrai erreak (I)i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika | Zilbeti bizirik | 2012

    Titulua Gernika
    Egilea Zilbeti bizirik
    Lekua Zilbetiko basoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Instalazioak (site specific), Pintura
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Picassoren margolana pago bertikaletan margotzeko xedea Agustin Ibarrolak Oman egin zuen lana gogora dakarkigun aldarrikapena da. Eta Erroko bailara horren natura salbatzea du helburu, Magnetitas enpresaren ekintzaren mehatxupean baitago, bertako mea-baliabideak ustiatu nahian baitabil. Ikonoa bestelako aldarrikapenetan erabiltzearen adibidea.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Zilbeti biziriken Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mussche | Kirmen Uribe | 2012

    Titulua Mussche
    Egilea Kirmen Uribe
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kirmen Uriberen Musschek(2018) Robert Mussche Bigarren Mundu Gerrako erresistentziako kide belgikarraren bizitza fikzionatzen du bitarteko desberdinetan jasotako informaziotik abiatuta. Izan ere, Roberten alabak bildu zituen gutun, eguneroko, koaderno, lekukotasunak… baliatzen da Uribe Robert Musscheren bizitza berreraiki eta bere istorioa kontatuko zuen fikziozko eleberria sortzeko.

    Robert Musschek Espainiako Gerra Zibiletik Habana itsasontzian erbesteratu ziren bi haur hartzen ditu etxean. Ganten haurrekin dagoen bitartean, etengabe bertaratzen dira gerra eta faxismoaren aurkako manifestazioetara, eta mugimendu ezkertiarraren aldeko jarrera garbia da Robertena hasiera-hasieratik. Ordea, bi haur euskaldunak haien sorterrira itzuli behar dira, eta haiek aldentzean, Robert ezkerreko mugimenduan murgiltzen da, alegia, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egiten duenean, erresistentziako kide izatera pasatzen da. Edonola ere, haren konpromezu politikoak galbidera eramango du: naziek harrapatu eta torturatzen dute, ondoren kontzentrazio-esparru batera eramateko, eta azkenik, Lubeckeko Cap Arcona barku alemaniarrean bizia galdu zuen, gerra amaitzear zegoela, ingelesen aire bidezko erasoaren ondorioz.

    Espainian Gerra Zibilean egin ziren hainbat bonbardaketa aipatzen dira liburuan, baita Bigarren Mundu Gerran gauzatutakoak ere. Aipatzen den lehena, ordea, Gernikakoa da, hala hasten baita eleberria: “Gernikako bonbardaketaren ondoren, haurrak babesean jartzeko erabakia sendotu egin zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariak” (13). Izan ere, 1937ko maiatzetik ekainera 19.000 haur atera ziren Euskal Herritik Europako hainbat herrialdetara: Frantzia, Ingalaterra, Sobietar Batasuna, Belgika…Habana ontzia izan zen haurrek Bilbotik ihes egiteko erabili zen ontzia, eta bertan Belgikara ihes egin zuen Karmentxu eta bere nebaren istorioa kontatzen da eleberrian. Gernikako bonbardaketak eragin zuen hondamendiaren ondotik, jaurlaritzak neurri zorrotz eta drastikoagoak hartu behar izan zituen, izua eragin zuen biztanleria zibilaren aurkako erasoak, eta mugarria markatu zuen iparraldeko frontean. Edonola ere, Gernikakoa ez da aipatzen den bonbardaketa bakarra, hala nola, Bilbon haurrek bizitakoak deskribatzen dira: “Hasieran jolas bat baino ez zen, haurrok gustuko izaten genuen Bilborantz zetozen hegazkinei begira geratzea. Baina gero konturatu ziren ez zeudela olgetarako” (15). Bestalde, protagonistak Granollersen bizitakoak ere kontatzen ditu, kazetari bezala bertan zegoela biztanle zibilaren aurkako bonbardaketarik larrienetako bat ikusi baitzuen (58). Uribek bitartekarien bidez (argazkiak, gutunak…) memoria jakin bat berreraikitzen du historiak eskaintzen dituen datuekin batera, hau da, iragana ikertzen du sorkuntzako hainbat elementuren bidez aktibatzeko. Hala, gertakizun historikoez hitz egitean (Gernikako bonbardaketa, Cap Arcona barkua…) narratzaileak orainaldi objektibo eta hotza erabiltzen du, baina lehenengo pertsonara aldatzen da fikzioari hasiera emateko, hipotetikoa eta iragana etengabe nahastuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Kirmen Uriberen Musscheri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gaztelaniazko itzulpena "Lo que mueve el mundo" izenburupean egin zuen Gerardo Markuletak.

  • “Denbora arin pasetan dala” (2012 Mallabia Jaialdia) | Unai Iturriaga | 2012/05/13

    Titulua “Denbora arin pasetan dala” (2012 Mallabia Jaialdia)
    Egilea Unai Iturriaga
    Lekua Mallabia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2012/05/13
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hainbat aldiz egokitu izan zaio Unai Iturriagari Gernika bertsotara ekartzeko moduko gai edo abagunerik (Ibarluzea 2025), eta horietako bat da aztergai dugun bakarkako lanerako testuinguru hau. Izan ere, 2012ko maiatzaren hasieran Mallabian izandako bertso-saio batean, Gernika bonbardatu zuteneko 75 urteurrenaren harira Asier Ibaibarriaga gai-jartzaileak gai hau jarri zion: “Unai, 75 urte bete berri dira Gernika, Durango, Eibar… bonbardatu zituztela” (BDB). Ageri denez, gaian bertan egiten zaie erreferentzia Bizkaian bonbardatutako beste herri batzuei ere, ondoren bertsolariak Gernika hartuko badu ere horien guztien eta bonbardatutako hiri gehiagoren sinbolotzat.

    2005ean Lauaxeta idazlearen jaiotzaren urteurrenaren harira ekarria zuen Gernika bertsotara, bai eta 2012an ere, aztergai dugun bertso saio hau baino zenbait aste lehenago ere: Igor Elortzarekin kantuan jarri zuen Jokin Urangak Unai Iturriaga, binakako ofizioan, eta beren herriko (Durango) bonbardaketaren harira, aurrekoengandiko zer transmisio jaso ote zuten galdeturik. Honako honetan, baina, bakarkako ariketa proposatu zioten durangarrari, zeinak hiru bertso ondu zituen hamarreko handian, Hil da Canovas fuera Canovas doinuan. Doinu hori tragikoen artean sailkaturik dago (BDB).

    Retolazak (2009) irakurketa sozio-historikoa deritzonaren bidetik, bertsolariaren esperientzia politikoak indar hartzen du bakarkako ariketako hiru bertsoetan. Hala, Espainiako estatuaren aldetiko isiltasun eta erreparazio eza salatzen da lehenbizi: “Aurten oroitza ekitaldirik, ez da faltau eta bego. / Bonbardeatu egin ebezan gutxienez bitan edo / suzko bonbekin lehenengo eta isiltasunagaz gero” dira lehen bertsoaren azken hiru puntuak. Bigarrena honela bukatzen da: “behintzat onartu ‘Espainiaren izenean egin zan hau´ / Zauririk ez dau itxiko baina orbantzen lagunduko dau”. Hirugarren bertsoan beste herrialde batzuetan bizi diren gatazkekiko itsutasuna mahaigaineratzen da (“Nahiz ordukoak izan doguzan aurtengo hontan gomutan / pentsatu daigun zer gertatzen den munduan hainbat lekutan”) eta, hala, Gernikaren sinboloa hedatu egiten da, Libiara, Siriara eta Palestinara, Gernika gerraren kontrako aldarri edo sinbolo unibertsal bihurtuta (“kanpokoari itsu izaten erreza dogu batzutan / munduan zehar gaur be badago hamaika Gernika sutan”).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Iturriaga, U. (2009) “Denbora arin pasetan dala”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/12d19k [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Bonbardaketaren urteurrenaren harira jarritako gaiei erantzuten dioten beste bertsoaldi batzuk:

    – 1997-04-26 Abadiño Jaialdia [Bertsoa] : Zeru aldera begitu eta
    – 2007-04-28 Itsasu Jaialdia [Bertsoa]: Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena
    – 2007-10-19 Durango Jaialdia [Bertsoa]: Kaixo amnesia zer moduz zaude?
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan

    Unai Iturriaga bertsolariaren Gernikaren beste aipamen batzuk:
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan
    – 2007-04-28 Itsasu Jaialdia [Bertsoa]: Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena
    – 2005-09-13 Bermeo Jaialdia [Bertsoa]: Ehun urte dira hor zabizela
    – Isladak poesia liburuko poemaren fitxa

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Unai Iturriagaren «Denbora arin pasetan dala»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Angel Sandimas | 2012

    Titulua Gernika
    Egilea Angel Sandimas
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Animazioa
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Angel Sandimasek Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Gernikako bonbardaketan oinarritutako animaziozko 12 minutuko laburmetraia ekoitzi zuen eta Victoria Eugenia antzokian estrainatu zen Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Laburmetraia Jose Luis Zumetak margotutako Picassoren Guernicaren bertsioak eta Mikel Laboaren “Gernika” obra musikalak inspiratu zuten, eta helburu nagusia Zumetaren Gernika animaziozko film baten bitartez irudikatzea zen. Irudiak laguntzeko Laboaren musika gehitu zuten, Zumetak hala proposatuta, drama eta emozioa areagotzeaz gain, Laboari omenaldia egiteko.

    Filma bonbardaketaren aurreko unearekin hasten da txuri-beltzezko irudiekin. Erakusten den espazioa Gernika herriari dagokiola dakigu irudikatzen den herriaren kartelak “Gernika-Lumo” adierazten baitu. Herritarrak eguneroko jardueretan dabiltzan bitartean, soldaduek hegazkinak bonbez kargatzen dituzte herritik urrun, guda arnasten da bakean. Filmeko protagonista mutiko gazte bat da, uso bati begira dagoela ezagutzen duguna lehen aldiz. Usoak, hain zuzen ere, bakearen aldeko esanahi unibertsala eskuratu zuen XX. mendean, eta Pablo Picasso izan zen usoa bakearen sinbolotzat hartzea eragin zuen arduradun nagusietako bat. Filmeko haurrak, usoa ikusita, hegaztiaren marrazkiak egiteari ekiten dio gelditu gabe, bata bestearen atzetik, Picassok egin zituen hamaika bozetoen antzera. Haurra usoak marrazten ari dela hasiko dira sirena-hotsak eta babeslekuetara jotzeko aginduak (5:30), orduan, bonba hotsak, burrunbak eta Laboaren hitz lotsatiak entzuten dira, pantaila beltz baten gainean. Laboaren ahotsaren gorakadarekin batera, sugarrak ikusten dira, horrela, ordura arteko txuri-beltzezko irudiak atzean geratu eta kolorea agertzen da lehen aldiz filmean: suaren kolore laranja eta horiak ikusten dira fondo beltz eta ilun baten gainean, eta kantuan oihuak gailentzen direnean bonbardaketak eragindako kaos eta anabasa irudikatzen dira eztanda koloretsu baten bidez. Bonbardaketa osteko unea kolore eta musika biziz irudikatzen da.

    Animaziozko aurpegi desitxuratuek Laboaren kantua abesten dute, ahoa oihuen erritmora mugituz, eta deserosotasuna eta ezinegona transmititzen dute, sekuentziari indar eta drama handia emanez. Gernika suntsituaren irudiak ere agertzen dira, irudi errealen gainean sortuak: eraikinak sutan, jendea alde batetik bestera korrika, oraindik erortzen ari diren bonbak… Sinbolismo handiko irudiak agertzen dira: hasteko, geziz osatutako bola bat aurpegi desitxuratuen atzetik dabil hauek harrapatu nahian (7:02), elkarri lotutako geziek Espainiako Falangearen ikurrari egiten diote erreferentzia. Ikus falangista, segundo batzuk beranduago, svastika nazian bilakatzen da, segitzen zituen aurpegiak harrapatzen dituen arte. Ikur falangista eta naziak bat egiten dute eszena honetan (7:02-7:13), justuki, Gernikako bonbardaketaren errudunak salatzeko asmoz. Gernika hegazkin alemanek bonbardatu zuten Bigarren Mundu Gerran erabiliko zituzten estrategien entsegu gisa, eta bando nazionalak horretan lagundu zuen, jakina. Bonbardaketaren ostean frankistek deuseztatu egin zuten haien kontrako akusazio oro, eta haien eskuhartzea ukatu dute beti, Gernikako sarraskia gorriei egotzita.

    Egiaren aurkako kanpaina izugarria abiatu zuen gobernu frankistak, eta horixe bera irudikatzen da 7:40. minutuan esku ezezagun batek iltze handi bat biktima baten ahoan sartu eta eztarria suntsitzeraino iristen denean. Honek erakusten du, izan ere, nola mehatxatu, deuseztatu, eta isiltzera behartu zituzten biktimak. Eszena hau musika lasaiago eta tristeago batek jarraitzen du, bizitasuna apur bat apalduz, eta bonbardaketaren osteko herriaren egoera akigarria erakusten da. Hasieran agertutako haurra agertzen da bigarren aldiz, errautsez inguratuta, malko bat usoaren marrazkiaren gainean erortzen zaiola. Laboak, abesbatzaren ahotsekin batera, goibel, suabe eta tonu baxuagoan abesten du haurrak bere bidean aurrera egiten duen bitartean, zakur bat atzetik segika duela. Emozio eta tristuraz betetako eszena da oraingoa, eta, jarraian,  Zumetaren Gernikan agertzen diren oin bereizgarriekin egiten du topo haurrak (10:10): milaka oin, etzanak (erailduak) izan diren herritarren oinak, hain zuzen ere. Oin baso horren aurrean haurrak ukabila altxatzen du eta orduan amaitzen da filma, Gernika koadro osoaren irudi anplifikatua erakustearekin batera.

    Zumetak egindako irudiak dira animazioak sortzeko oinarria, horren adierazgarri dira, alegia, hasieratik agertzen diren giza figura desitxuratuak, oinak, elkarri lotutako hiru aurpegiak, zakur beltza, kresta koloredun aurpegia, svastika, tximistak, ukabila… Zumetaren koadroan agertzen diren elementuak animaziozko filmean bere horretan erreplikatuta agertzen dira. Egileak berak azpimarratzen duen bezala, arteak halako gertakariak errepika ez daitezen eta ahanzturan eror ez daitezen lortzen du, artelanak lekukotasun eternalak baitira. Arteak memorian mantendua izateko duen gaitasunari esker lortzen da belaunaldiz belaunaldi eta nazioartean mezuak eta errelatoak transmititzea, eta horixe bera aldarrikatzen du Angel Sandimasek laburmetraia hasi baino lehenagoko adierazpenetan. Honez gain, ikur unibertsal bilakatu den Guernica euskal identitate eta memoriari atxikitzea lortzen du egileak, euskal kulturako Zumeta eta Laboa artista kutunen lanak fusionatuz medio oso desberdin batean, animazioaren bidez, alegia. Horrela, gertakari historikoa (bonbardaketa) eta artelana(k) elkarrekin ulertzen ditu ikusleak, eta egileak baliatzen dituen hurbileko euskal erreferente garaikideek ikuslearen barneak mugitzen ditu.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Angel Sandimasen Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Niri zeozer kontatzen zidan” | Igor Elortza, Unai Iturriaga | 2012/04/27

    Titulua “Niri zeozer kontatzen zidan”
    Egilea Igor Elortza, Unai Iturriaga
    Lekua Azpeitia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2012/04/27
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolari durangarrek elkarren artean kantatutako bertso-sorta da aztergai dugun hau (Elortza & Iturriaga, 2012). Apirilaren 27 batez 2012an Azpeitian antolatutako jaialdiaren parte dira bertso hauek, hain zuzen ere, Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenean ospatutako jaialdia da. Jokin Uranga gai-jartzaileak bete-betean adierazten du bertsotarako erabiliko duten gaia memoria historikoaren transmisioa izango dela, honela dio: “Gernika eta Durango bonbardatu zituztenetik 75 urte pasatu dira. Zuek biok durangarrak izanik, zer jaso duzue zaharragoengandik edo zer esanahi izan zuen sarraski hark?” (BDB Bertsolaritzaren datu-basea). Gaiaren zehaztasun horiek eta bertsoak eskuragarri daude DBD datu basean.

    Bertsolari bakoitzak bere esperientziatik hitz egiten du gaia emanda binaka egindako ariketa honetan. Binaka gaia-emanda bertsotarako erabili zuten doinuari erreparatzen badiogu, Haurtxo txikia negarrez dago sehaska kanta aukeratu zuten bi kantukideek, gaiari erantzuteko egokia zela iritzita eta transmisioaren ideiari indar egiteko. Neurria, berriz, zortziko handia da: zortzi bertso-lerroz osatuta daude bertso guztiak eta bertso-lerro bakoitiek hamar silaba izango dituzte, baina bertso-lerro bikoitiek, errima eramateaz gain, zortzi, hau da, bi silaba gutxiago. (BDBn dago informazio guztia)

    Neurri eta doinua errespetatuz, hiruna bertso osatu zituzten bertsolariek. Elortza da kantuan lehenengoa, eta familiako transmisioari heltzen dio, etxean zerbait entzun zuela oroituz. Iturriagak berehala erantzuten dio esanez etxean gehiegi entzun ez bazuen ere, konturatuta dagoela omenaldietan berberak ateratzen direla lehen lerroan. Bigarren aldiz mikrora itzulita, Elortzak euren hamar bat urte lehenago egindako omenaldi bat aipatzen du eta Iturriagak bere aitaren hitzak ekartzen ditu gogora euren herriko udala kritikatzeko. Azken bi bertsoetan memoriaren transmisio egokia aipatzen dute biek ala biek, helburu horrekin pentsatuta erabakitako doinuarekin.

    Ibarluzeak (2025, prentsan) Retolazaren (2009) ikerlana erabiltzen du bonbardaketaren irakurketa hau sailkatzeko: bi bertsolariek irakurketa pertsonala eskaintzen diote entzuleari. Hainbat puntu azpimarratu daitezke kantuan eta bat-batean osatutako elkarrizketa honetan. Alde batetik, Elortzaren lehenengo bertsotik bertatik nabari da tonu alegorikoaren presentzia: Ipuinxarrenak dira itxuraz / egi bihurtzen direnak. Ipuin esanda, etxean entzundako gertakariei buruz ari da, baina benetan gertatu zirela azpimarratu nahi du, gertakari bat alegorikoki aipatu ondoren (ipuina deitzen baitio) gertakari historiko erreala dela garbi utziz. Iturriagak erantzuten dio: Nik jaso apenas jaso nuen gero egin zerbaiten jabe. Etxean gehiegi hitz egin ez badute ere, gero zerbaiten jabe egin dela dio, hau da, memoria hori eskuratu edo eraiki duela berak. Hirsch (2008) ikerlariak The Generation of Postmemory esanda laburtu zuen ideia hori: Postmemoriaren bidez trauma kultural edo kolektibo baten lekuko izan zen belaunaldiaren ondorengo belaunaldiak ordura arte izandako esperientziekin duen erlazioa deskribatzen da. Esperientzia horiek “gogoratzen” dituzte, hazi zirenen istorio, irudi eta portaeren bidez. (Hirsch 2008 :106). Memoria eraikitzeko fase horretan, sinbolo batzuk ere beren garrantzia izango dute, Iturriagak ikurriña aipatzen du, esaterako, laugarren bertsoan. Hala ere, behin eta berriro heltzen diote transmisioaren gaiari, adibidez honela dio Elortzak: baina bihar biziko direnei / egin behar zaie plana / etorkizuna ahaztu gabe / oroituta iragana.

    Amaitzeko, leku-izenek ere badute garrantzia aztergai ditugun bertsootan. Gaian bertan izendatutako Durango aipatzen dute, eta gogora dezagun herri hori ere bonbardatua izan zela. Ibarluzearen (2025, prentsan) ondorioei jarraituz, “beste Gernikak” aipatzeko eskatzen zaie lerro artean bertsolariei, biak baitira Durangarrak. Dena den, ondorio orokorretara heltzean, Gernika aipatzen du berriro Iturriagak: saia gaitezen soilik iragan / bihurtu dadin Gernika. Kasu honetan, hainbat bonbardaketa aipatu beharrean, herri bakarra aipatzen dute alegorikoki, “Gernika, biztanleria zibilaren aurkako erasoaren alegoria gisa” (Cueto, 2017: 19) ulertu behar dugu, baina baita oroimen-gune (lieux de mémoire) gisa ere (Pierre 1989). Aipatutako informazio guztia kontuan hartuta, Ibarluzeak (2025, prentsan) gogorarazten digu gai berberari heltzen diola Iturriagak aste batzuen buruan Mallabian kantatutako bakarkako beste bertso batzuetan: Gernikan, baina baita Durango eta Eibarren gertatutako bonbardaketak aipatzen ditu (Iturriaga, 2012).

    BDB bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio. Prensas de la Universidad de Zaragoza.
    Elortza, I. & Iturriaga, U. (2012). “Niri zeozer kontatzen zidan”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Hirsch, Marianne (2008). «The Generation of Postmemory», Poetics Today 29:1.
    Iturriaga, U. (2012). “Denbora arin pasetan dala”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/12d19k [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Pierre, Nora (1989). «Between Memory and History: Les Lieux de Mémoire», Representations, 26, 7-12
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Unai Iturriaga bertsolariaren Gernikaren beste aipamen batzuk:
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan
    – 2012-05-13 Mallabia Jaialdia [Bertsoa]: Denbora arin pasetan dala
    – 2005-09-13 Bermeo Jaialdia [Bertsoa]: Ehun urte dira hor zabizela

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Igor Elortza eta Unai Iturriagaren «Niri zeozer kontatzen zidan»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Martutene | Ramon Saizarbitoria | 2012

    Titulua Martutene
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bikoteen arteko gatazkak eta Euskal Herriko gatazka historiko-politikoak lirateke Martutene eleberriaren adatz. Bi plano nagusitan dago zatituta, eta bakoitzean, asperdurak, erruak eta aspalditik datozen arazoek erasandako bikote heldu bat da protagonista: kapitulu bakoitietan, Martin idazlea eta Julia itzultzailea; bikoitietan, berriz, Iñaki Abaitua eta Pilar medikuak. Lynn soziologo estatubatuar gaztearen etorrerak irauliko du bi bikoteen bizimodua. Arreta berezia ematen zaie Iñaki Abaitua eta Julia pertsonaiei, bikote harremanen baitan elkarri eta ingurukoei eragindako kalteak erakusteko ez ezik, baita erruduntasun indibidual nahiz kolektiboaz, gerraz, gatazkaz edota abertzaletasunaz hausnartzeko ere. Martutene-k Montauk (Frisch, 1975) nobela omentzen du; etengabeak dira testuarteko erreferentziak. Tonu grisen edo ñabarduren literaturatzat har liteke eleberri mardul hau, XX. mendeko memoria komunikatibo, kolektibo eta kulturalak hurrengo belaunaldiari beren konplexutasun osoan transmititzeko borondatea antzematen delako Juliarengan eta Iñaki Abaituarengan. Hortik euren semeei azalpenak ematean sortzen zaizkien zalantzak; beren buruari egiten dizkioten galderak eta aitorpenak. Eta batez ere, kezka: ondorengoei zer eta nola helarazi behar zaien haztatzen dute nobela osoan zehar. Gogoeta hori Juliak egiten du sakonkien, itzultzailea izaki, hizkuntzen artean ez ezik, belaunaldien artean ere egiten baititu itzulpen edo bitartekari lanak. Are gehiago, «Euskal Herriaren historia bat idaztea dauka pentsatuta Gombrichen Munduaren Historia laburra-ren tankeran, gauetan Zigorri kontatu izan dizkionak baliatuz» (715). Amaren aldeko aitonari buruzko ikuspegi sinplista desegiten saiatzen da Abaitua, Loiolari azaltzean Francoren alde borrokatu izanak ez duela esan nahi aitona faxista zenik. Juliaren eta bere seme Zigorren kasuan, berriz, abertzalea da familia guztia, eta memoriaren transmisioa korapilatzen duena abertzaletasunaren eta ETAren indarkeriaren arteko lotura da. Zigorren aita hilaren herentziaren inguruko arazoa nabarmentzen da, aitaren etakide izena zen Zigor, eta semearentzako hil ondoko gutun bat utzi zion Juliari. Saizarbitoriak, beraz, alde bietako mitoak jartzen ditu zalantzan, eskema manikeoetatik haratago. Zigorren amonak kontatzen dituen Gernikako bonbardaketari buruzko lekukotzek garrantzia itzela hartzen dute Martutene-n. Azken buruan, heroirik gabeko gudaren ideia azpimarratzen da eta gogoeta metaliterarioen bidez, idazketa bera bihurtzen da Euskal Herriko errealitate historiko-politikoa hurrengo belaunaldiari transmititzeko biderik egokiena. Esan gabe doa, momentu historiko berezian argitaratu zela Martutene, ETAk jarduera armaturi uko egin eta handik gutxira.

    Nobelako pertsonaiek azaltzen duten antzera, «leku asko daude [sarraskien eta gatazka politikoen] eszenategiak izan direlako markatuak, zeinetan metrailaren oihartzuna sentitzen den oraindik eta ikus litezkeela dirudien odolaren orban ezabaezinak» (242). Baina Gernika da, oroimen gune eta gogoratzeko tresna guztien artean nagusiena bihurtu den neurrian, diegesiaren baitan ere iragan hurbila berreraikitzean pertsonaiek sarrien darabilten ikur eta sintesi baliabidea (129-130, 185, 399, 586…). Gerrak jotako leku-izenaren aipamen soilak 36ko gerra denborara eta gerraostera baikaramatza, harik eta diktadurapeko garaira eta ETAren sortze testuingururaino ailegatu arte. Hain zuzen, Juliaren amaren lekukotzen bidez heltzen zaizkigun Gernikako bonbardaketaren irudikapen historikoek errepresio frankistaren eta indarkeriaren jarraipenaren arteko lotura zuzena gardentzen dute (129). «Hirurogeita hamargarren hamarkada amaiera arte naturala zen ETArekin egotea. […] ETAko militante torturatua, ihesean tirokatua, hormetan Gora Euskadi margotzen hasi eta ondoren lehergailuak ipintzen hasi zena anaia zen, auzokidea […] gainerakoak beren gain ezin hartu zuten eginkizuna, ez eragozgarri etikoengatik, adore faltagatik baizik, onartzen zuen[a], bizia arriskuan jarriz herri oso bati beldurrak lapurtutako duintasuna eman ziona» (392).   Ostera, ETAren jarduera armatuak izandako bilakaera makurra dela eta, Gudari zaharraren gerra galdua ipuinean nola, Saizarbitoriak pitzadura bat markatzen du benetakotzat dituen gudari zaharren eta izen bera hartu izan duten etakideen artean. «Donostia […] hain da txikia, aukera asko daude biktima baten amak erailearenarekin topo egiteko» (358). Bereizketa zorrotz hori markatu arteko prozesua, ordea, ez da batere erraza, zalantza, eztabaida, gogoeta eta atzera-aurrez betea baizik, hainbatetan erantzun bakarrera ezin muga litekeena: «Zein da zure jarrera bortizkeriaz, borroka politikorako tresna bezala? [A.] […] pertsonalki borroka bat saihestea nahiago [duzu], baina bortizkeriaren erabilera onartzen duzu [teorikoki, bederen] borroka politikoan. […] [B.] Bortizkeriaren erabilera kondenatzen duzu errotik […]» (380). Nolanahi ere, zeharo konplexua izanagatik, indarkeriaz hitz egiteko ezinbesteko premia aldarrikatzen (eta betetzen) du Martutenen Saizarbitoriak (383). Gainera, gaiari modu kaleidoskopikoan heltzen diola uler daiteke, bai formaz (memorien arteko talka eta aurki guztiek izan ohi duten ifrentzua irudikatzeko/agerrarazteko bide ematen duten askotariko estrategia narratiboen bidez: ikuspuntu eta ahotsen polifonia, denbora narratiboaren manipulazioa eta ironiaren erabilera, besteak beste) zein edukiz (eskala ezberdinetako gatazkak tartekatuz edota testuinguru historiko eta soziopolitikoak eguneroko bizitzan duen inpaktua islatuz). Finean, ETAtik aparteko bide berriak bilatzeko aldarria nabarmentzen dela uler liteke, horren erakusle argia izanik azken aldera irakur daitekeen «Noiz bukatuko ote da hau dena» (694) esaldia.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). “Ramon Saizarbitoriaren Martuteneri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • El chico de Guernica [Gernikako mutikoa] | Luis Iriondo Aurtenetxea | 2011

    Titulua El chico de Guernica [Gernikako mutikoa]
    Egilea Luis Iriondo Aurtenetxea
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Luis Iriondo Gernikako bonbardaketaren lekukoa zen, 14 urte zituela. Bere bizitzan zehar oso aktiboa izan da bakearen aldeko mugimenduetan. Gernikatik ‘Elkarrekin Bakean Martxa Dezagun’ mugimendua ere banderapean jarri zuen Iriondok, munduko beste hiri bonbardatu batzuetatik bizirik atera zirenekin elkarlanean, hala nola Japoniako Hiroshima, eta Nagasakiko lekukoekin.

    Bere nobelan, Patxik, protagonista gazteak, bere lehenengo galtza luzeak estreinatuko dituen egunarekin amesten du, dantzaldiko igandeetan bere lagunekin batera neskak zelatatzen dituen bitartean. Patxi eta bere koadrilaren ibilaldi eta abenturen bidez, gerrak erabat zapuztutako herri eta bizimodu bat ezagutuko dugu. Luis Iriondok, Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zenak, bere bizipen eta oroitzapenei heltzen die, bonbardaketatik haratago doan nobela bat umore eta ironia handiz idazteko.

    Bere eguneroko borroka txikiez historia larriaz baino kezkatuago dagoen mutil baten begiradaren bidez, egileak egun eta garai batzuetara garamatza, non giza bizitzak eta eraikinak ez ezik, bizimodu oso bat ere galdu zen.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2026). “Luis Iriondo Aurtenetxearen El chico de Guernica [Gernikako mutikoa]ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika sutan | Maskarada taldea | 2011

    Titulua Gernika sutan
    Egilea Maskarada taldea
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak, Ikus-entzunezko proiektuak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika sutan Maskarada taldeak ekoitzitako herri-antzerkia da: lehenengo formatua 2010ean kaleratu zuten, eta bigarrena eta (haien) azkena 2011n. Fitxa honek 2011ko antzerkia aztergai izango duen arren, lehenik, Maskaradaren ibilbidea eta haiek landutako gaiak aztertuko dira, Gernikarekin duten lotura erakutsiz.

    Maskarada taldea 1980ko hamarkadan jaio zen Bilbon. Bilboko Cómicos de la Lengua-Kilikilari kolektiboa desegin zen 1980an, eta hortik bi antzerki-talde independente sortu ziren: Karraka eta Maskarada. Maskarada taldea izan zen antzerkia euskara hutsean egitearen aldeko apustua egin zuen lehen antzerki taldea (Goenaga & Barea, 2021). Maskarada taldearen lehen lanak haurrentzat izan ziren, baita kale-antzerkiak ere, baina pixkanaka helduentzako antzerkirantz gerturatzen hasi ziren. Bilboko Campos Eliseos Antzokian estreinatu zuten 1984ko otsailaren 4ean Pistolaren begi zuri-beltzak, taldearen lehen euskarazko antzezlan profesionala. Goenaga eta Barearen arabera (2021), ordura arte oraindik esploratu gabeko bide berri bat urratzeko gai izan zen Maskarada, eta eredu izan zen beste hainbat talde amateurrentzat. Taldea Carlos Panera zuzendariak eta Patxo Telleria, Marta Carlos, Aizpea Goenaga, Imanol Agirre, Mikel Martinez, Peio Gutierrez eta Aitor Mazo aktoreek osatu zuten. 1980. eta 90. hamarkadetan hainbat emanaldi egin zituzten, eta jardun oparoa izan zuten urte haietan, baina 90. hamarkada amaieran, pixkanaka, taldearen ikuskizunak bakanagoak izan ziren eta proiektu berriak jarri zituzten martxan, euskal antzerki profesionala bestelako bideak hartzen hasi baitzen.

    Beste gai askoren artean, Maskaradak memoria izan zuen haren antzerkitako ardatzetako gai gisa: Gernika 16:30 H.S.O. taularatu zuten 1987an (ikus Gernika(k) datu-baseko Beñat Sarasolaren Gernika 16:30 H.S.O. fitxa). Antzezlanak Gernikako bonbardaketa izan zuen oinarri, eta ez zen gaia landu zuten antzezlan bakarra izan: azkenengo aldiz 2011.urtean landu zuten Gernikako bonbardaketaren gaia, Gernikan bertan, Gernika sutan izeneko herri-antzerkian, alegia. Gidoia Edorta Jimenez eta Mikel Martinezek ondu zuten, eta Carlos Panera izan zen zuzendaria. Antzezlana herrian zehar (plazan, frontoian, kaleetan…) taularatu zen, eta 150 bat herritarrek hartu zuten parte (Argia, 2011). Hiru denbora-plano desberdindu zituzten: lehenik, bonbardaketaren aurreko giroa irudikatu zen; jarraitzeko, neska txiki baten begietatik kontatu zen egunerokotasuna; eta azkenik, gaur egun bitarteko aldi luzea antzeztu zen (Goenaga & Barena, 2021). Ikus-entzunezkoen bitartez osatu zen antzezlana, eta dantza, musika, antzerkia, poesia, bertsoak… uztartu zituen ikuskizunak. Picassoren Guernica koadroa irudikatzen da antzezlanean zehar, eta koadroko elementu ikonografikoak artxiboetatik lortutako irudi eta bideoekin uztartzen dira. Goenaga eta Barenak diote “Maskarada honetan ere poesia eta epika eskutik helduta doaz(ela)” (2021: 80). Antzezlanean Paul Elouard, Cesar Vallejo, Miguel Hernandez, Leon Felipe, Sarrionandia eta Erkiagaren testuak aipatzen dira, besteak beste, eta testuak herritarrek kantatuak dira, izan ere, apenas dago elkarrizketarik aktoreen artean.

    Carlos Panera zuzendariak azpimarratu zuenez, garrantzitsua iruditu zitzaion gernikarrei hitza ematea “beti kanpokoek hitz egiten dugu(lako) bonbardaketaz, urteurrenez, omenaldiez…” (Berro, 2011). Panerak memoria praktika herrikoiak bultzatu nahi izan ditu antzezlan honen bitartez, gizarte mailako erakunde txikien laguntzarekin. Taylorren arabera (2024: 866) hori “behetik” eraikitako memoria praktika da (memory practice ‘from below’), eta behetik eraikitako praktika horiek espazio publikoak berreskuratzeko helburuak dituzte, hain zuzen ere, Gernika sutan antzezlanaren bitartez lortu dena.

    2011n Maskarada taldeak ekoitzitako Gernika sutanek hurrengo urteetan Gernikan ohitura bilakatuko zen herri antzerkiari hasiera eman zion: 2012tik aurrera, bi urtetik behin, Gernika garretan izeneko antzezlan erraldoia eskaintzen dute gernikarrek kaleetan zehar,  Gernikako bonbardaketa gogoratu eta memoria ariketa egiteko, gertakari historikoa bizirik manten dadin (Gernika(k) datu-basean Gernika garretan antzezlanari buruzko fitxa kontsulta daiteke).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Berro, I. (2011ko apirilak 21). Su lametan bildurik. Berria. https://www.berria.eus/kultura/su-lametan-bildurik_1141200_102.html

    Gernikako bonbardaketa herritarrek antzeztua, 74 urte betetzerakoan (2011ko apirilak 26). Argiahttps://www.argia.eus/albistea/gernikako-bonbardaketa-herritarrek-antzeztua-74-urte-betetzerakoan

    Goenaga, A. & Barea, P. (2021). Antzerkia/Theatre. Euskal Kultura saila, Etxepare Euskal Institutua.

    Taylor, C. (2024). Memory practices ‘from below’: mnemonic solidarity, intimacy and counter-monuments in the practices of Zoscua, Colombia. Memory Studies, 17(4), 854-870. https://doi.org/10.1177/17506980231170350

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Maskarada taldearen Gernika sutani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gaur egun, antzerkia ez dago ikusgai, baina informazioa bila daiteke aipatutako erreferentzietan.

  • Ur arreak, ur garbiak | Joan Mari Irigoien | 2011

    Titulua Ur arreak, ur garbiak
    Egilea Joan Mari Irigoien
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joan Mari Irigoienek idatzitako Ur arreak, ur garbiak (2011) eleberriak Urgaineko herritarren istorioa kontatzen digu, herri hau urtegi batez estalia gelditu baino lehen, eta gertaera huraren ondorengoak. Horrela, mende hasierako eleberri memorialistetan ohikoa den bezala, bi plano narratibo bereizten dira: orainaldikoa eta lehenaldikoa. Orainaldiko planoan Urgain herriko agureen lagun talde bat biltzen da Olloriko “Las Dos Hermanas” jatetxean: Leon, Satur, Honorio, Jorge, Blas, Justino, Sancho eta Zabulón. Bazkaltzen duten bitartean, euren iraganari buruzko elkarrizketak izango dituzte. Iraganeko planoan, bestalde, lagun talde horren haurtzaro eta gaztaroa azaltzen da, eta nola haiek eta euren inguruko pertsonaiek bizi izan zuten gerra zibila zein frankismoa. Aldi berean, narratzaile txandakatzea egiten da ere. Batetik, narratzaile heterodiegetikoa dugu, bazkaldarren elkarrizketa aurkeztuko duena eta bi plano narratiboen arteko saltoak egingo dituena, orainaldia eta iragana lotuz. Bestetik, narratzaile barnediegetikoa dago, Leon pertsonaiaren ahotsa. Hark, bigarren pertsona erabilita, bere lagunik onenari, Saturri, euren haurtzaro zein gaztaroko pasarteak kontatzen dizkio. Aipatzekoa da Satur txikitatik desgaitasun mental bat duela, eta horrek eragiten du munduarekiko ikuspuntu inuzentea izatea. Hainbatetan gerra eta errepresioko pasarteak bere begietatik kontatzen dira, irakurleon eta pertsonaiaren artean kontrastea eraginez, guk benetan gertatzen ari denaz kontzienteago garelako. Horrez gain, beste hainbat ataletan kontrastea egiten da haurrek egiten dituzten “gerra” jokoak eta errealitateko gerraren artean, hasieran haurrek ez baitira guztiz kontziente gerraren benetako hondamenaz, hura bizitzen hasten diren arte.

    Eleberri hasieran, Urgain herriko pertsonaiak aurkezten dira: Leon eta Satur protagonistak, haien familiak, don Mariano farmazialaria, don Erasmo maisua, Onofre errementaria eta Anastasia bere alaba, Don Rufino alkatea eta Jaime bere semea… Horrekin batera, garaiko testuinguru sozio-politikoa azaltzen da, 36ko gerraren aurrekariak ulertarazteko. Ondoren, gerra zibila hasten denean pertsonaia bakoitzaren patua kontatzen da. Erreketeek herria hartzen duten egunean, sei gizon fusilatzen dituzte, horien artean nazionalisten burua, anarkisten burua eta don Erasmo maisua. Protagonistak eta euren lagunak klasean daude erreketak Erasmoren bila joaten direnean, eta haien ikuspuntutik kontatzen da gertatutakoa. Gerra ondoren, eskasia zein gose garaia dator, eta herria don Jaime, Onofre eta Efre zapatariaren errepresioaren eskuetan geratzen da. Horrez gain, don Erasmo irakaslea eta don Salustio apeza ordezkatzen dituzte, don Pelayo eta don Urbano frankistengatik. Hauek, diktaduraren balio nazional-katolikoak sustatu eta errepresio morala ezarriko dute.

    Eleberri honen ezaugarri nabarmen bat ideologien aniztasuna da. Pertsonaia ugari daude, hainbat ideologia desberdinetakoak. Iraganeko planoan, adibidez, don Mariano errepublikazalea eta baita kristaua da, herrian anarkistak, euskal nazionalistak zein komunistak daude, don Rufino alkatea eskuindarra da… Orainaldiko planoan, bestalde, ikus dezakegu bazkaldarrak ezkertiarrak direla orokorrean, baina haien arteko desberdintasunak daude ere: Leon anarkista, ekologista eta antimilitarista da, Honorio troskista, Jorge erreformista… Hala ere, pertsonaien ideologiek ez dute zertan baldintzatu behar euren jokaera. Adibidez, Leonen aita eskuindarra da, baina jarrera etikoa du bere auzokideekin, nahiz eta hauek errepublikazaleak izan. Aldi berean, falangisten artean ñabardurak eta pertsonaia konplexuagoak daude. Horren adibide Onofreren pertsonaia da, bere alabarekin oso bortitza dena, bere aita amarekin bortitza izan zen bezala. 

    Bestalde, nobela honetan gerra garaian zein frankismoan emakumeek jasandako indarkeriak islatzen dira ere, Anastasia pertsonaiaren bitartez, besteak beste. Alde batetik, gerra bukatu eta gutxira, Jaimek bortxatu egiten du, bere aita Onofreren onespenarekin. Bestetik, kartzelara eramaten dute, don Urbano apezari aurre egiteagatik. Horrela, emakumeen kartzelako bizitza aurkezten da, baita mojek ezarritako kontrola ere. Kartzelaldian Anastasia Atilano anarkistaz haurdun dagoela konturatzen da, eta haurra jaiotzean bere alabaz urrun bizi behar du. Gainera, inude gisa erabiltzen dute komandante baten biloba elikatzeko.

    Gernikako bonbardaketa aipatzen duen pasartea Leonek narratzen duen horietako bat da. Haurren lagun taldea Gaztelugoiko mendian daude aireplano militar bat ikusten dutenean. Umeek zirraraz begiratzen dute hegazkina eta hura agurtzen hasten dira, eta pilotuak agurrari erantzun egiten die ere. Hurrengo egunetan, Leonek pilotua izateko desiraz hitz egiten du bere familiarekin, egun batean, haren osabak horrela esaten dion arte: “Zertarako, alemanek bezala Gernika bonbardatzeko?” (187). Horrela, Leonek Gernikan gertatutako sarraskiaren berri izaten du, eta pilotua izateko gogoak galdu egiten ditu. Gerra zibilean beste zenbait bonbardaketa egon ziren, hala nola, Durangokoa. Baina osabak Gernikakoa aipatzen dio ilobari, memoria kolektiboan eta maila sinbolikoan eragin handienekoa izan zelako.

    Gainera, aipagarria da “osabak isilka eta ahapeka kontatu” (187) ziola hura protagonistari, agerian utziz frankismoaren errepresio eta zigorrak, izan ere, Gernika gorriek erre zutela zabaldu zuten frankistek, eta bertsio horren aurka egitea traizio eta difamaziotzat hartzen zuten. Hain zuzen ere, Condor Legioko hegazkinek sarraski izugarria egin zutela azpimarratzen da, bertsio ez-ofiziala babestuz.

    Nola aipatu: Diez-Correa, Leire (2025). “Joan Mari Irigoienen Ur arreak, ur garbiaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Kontxi Arrien eta Gernikako bonbardaketa | Kontxi Arrien | 2011

    Titulua Kontxi Arrien eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Kontxi Arrien
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Kontxi Arrien Gernikako bonbardaketaz sarri gogoratzen da, eta horretaz hitz egiten du Ahotsak-en Bonbardaketa kanpandorrean eta Neba eta osaba bonbardaketan hil zituzten izendatutako bideoetan.

    Kontxi Arrienek kanpai hotsen soinuari esker izan zuen bonbardaketaren berri, hain zuzen, tabaka jolasten ari zela kalean. Zorionez, ondoan zuen Andra Mariko kanpandorrean babesteko aukera izan zuen haren amaren lagun batekin. Kanpandorrean babestu zen bonbardaketa amaitu zen arte, eta atera zenean, etxera abiatu zen, baina bertan ez zuen inor aurkitu. Azkenean, berandu, gurasoekin elkartzea lortu zuela kontatzen du, baina bonbardaketaren biharamunean haien etxeak ere su hartu zuen eta amaren jaiotetxera alde egin behar izan zuten. Kontxik bi senitarteko galdu zituen, neba eta osaba, etxearekin batera. Sein neba-arrebetatik bat, bonbardaketak kalean harrapatu eta beldurtuta estolda batean sartu zen babesteko. Estoldan zegoela, ordea, metrailetarekin tirokatu eta bertan hil zen. Gorpua ez zuten aurkitu bonbardaketa pasa eta 20. eguneraino, izan ere, uholdeak egon ziren eta horrek eragin zuen nebaren gorpua errekara arrastatu izana. Kontxiren familia errekara bertaratu zen gorpua identifikatzeko, eta neba zela baieztatu ahal izan zuten. Osaba, bestalde, desagertutzat eman zen eta ez dute inoiz jakin non edo nola hil zen.

    Biktimen artean hildakoak ez bakarrik, desagertuak ere egon zirela eta egoten jarraitzen dutela gogorarazten du Kontxiren familiaren kasuak, eta oraindik erantzunik jaso ez duten familiak gogoeta gai bilakatzen dira.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-071-018/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-071-019/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Kontxi Arrien eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Julio Onaindia eta Gernikako bonbardaketa | Julio Onaindia | 2011

    Titulua Julio Onaindia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Julio Onaindia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Julio Onaindia ozta-ozta salbatu zen Gernikako bonbardaketaz, eta horren berri ematen du Ahotsak-en Kanpai hotsekin batera babeslekua, Bonbardaketa uneko sentipenak eta Durangora bidean, abiazioaren erasoa izeneko bideoetan.

    Julio Onaindia, Gernika bonbardatu zuten egunean, 1937ko apirilaren 26an, Gernika kanpoaldean zebilen ogia banatzen. Lanarekin amaitzean, Durangora abiatu zen senitartekoen etxera laguntzera joan behar zirelako. Bidean taberna batean gelditu zen aitarekin batera, eta tabernan zeudela, hegazkinak iristen hasi eta bonbardaketak harrapatu zituzten. Taberna kanpoaldean zegoen gizonari bala bat jausi zitzaion buruan, hegazkinak baxu-baxu mugitzen zirelako jendea metrailatzeko. Tabernak lurpeko bide bat zuen eta hortik alde egin zuten zubipera iritsi ziren arte.

    Etxera iritsi zirenean, arreba hartu eta etxe ondoko babesleku batean babestu ziren. Babeslekua estu-estua zela kontatzen du, eta inor ateratzen uzten ez zutela dio, dena erretzen ari zelako. Jendearen larritasun eta ezinegona gogoratzen ditu, izan ere, jendea etengabe errosarioak errezatzen ibili zela kontatzen du. Juliok Gernikan bere laugarren erasoa pairatu zuen, hau da, ez zen bere lehenengo bonbardaketa eta zorte izugarria izan zuela aitortzen du. Julioren etxea ez zuten erre, eta bertan herriko jende asko babestu zen, haiek etxea galdu zutelako.

    Pasarte honetan, babeslekuan bizitakoak kontatzen ditu. Zehatz mehatz gogoratzen du babeslekua non zegoen, eta gaur egungo Gernikan kokatzen du inongo arazorik gabe. Babeslekura Julio eta bere 7 urteko arreba soilik joan ziren babestera, eta anaia nagusia etxean geratu zen berak eraikitako babesleku propioan. Haien etxean ere senideak eta beste auzoko batzuk babestu ziren, eta, zorionez, etxea zutik mantendu zen. Julioren babeslekuak ere ez zuen kalterik jasan, baina alboko bi eraikinak erre ziren. 

    Julio Onandiaren testigantzak Gernika nola bonbardatu zuten eta herritarrek izan zituzten sentimendu eta beldurrak erakusten ditu.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-091-010/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-091-007/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-091-011/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Julio Onaindia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Antonia Ikazuriaga eta Gernikako bonbardaketa | Maria Antonia Ikazuriaga | 2011

    Titulua Maria Antonia Ikazuriaga eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Antonia Ikazuriaga
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Antonia Ikazuriagak Gernikako bonbardaketa bizi zuen, eta batez ere bere senitartekoek egin behar izan zutena kontatzen du Ahotsak-en Bonbardaketa ostean batetik bestera, Etxea milizianoek hartu eta umezainaren etxera eta Hoteleko gauza asko ostu zizkieten izenburuko bideoetan.

    Maria Antonia Ikazuriagak Gernika bonbardatu zuten egunean, bonbak erortzen hasi aurretik, Lumo aldera ihes egin zuen. Ahizpa eta neskamearekin batera egin zuen alde, babeslekuetara joan beharrean, eta zubipean ezkutatuta egon ziren bonbardaketak iraun zuen bitartean. Senitartekoen etxea erre ez, baina milizianoek hartu zutenez, neskamearen baserrira joan behar izan zuten. Izan ere, etxea negozioa zuten, hotela zehazki, eta dena milizianoek hartu zutenez, negozioa ere galdu zuten. Maria Antoniaren ama, hotelean zegoela, zerbitzariekin eta nebarekin batera ezkutatzera joan behar izan zen bonbardaketa hasi zenean, baina dena galdu ostean, gurasoen jaiotetxera itzuli behar izan ziren.

    Aipagarria da Maria Antoniak kontatzen duela haien etxean eta senitarteen artean oso arraroa dela bonbardaketaz hitz egitea, gaia aipaezina zelako. Halere, hainbat pasartez gogoratzen da, zehazki, hoteleko gauza asko lapurtu zizkietela, bonbardaketa ondorengo egunetako bizimodua, etab. Dudarik ez dago Maria Antoniaren testigantzak herritarren desesperazioa eta trauma irudikatzen dituela. Gainera, memoriaren transmisioaren garrantzia erakusten dute pasarteek, gerrari buruz belaunaldiz belaunaldi kontatutakoa oso mugatua delako askotan, Maria Antoniaren familiaren kasuan bezalaxe.

    Bideoak hemen ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-073-013/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-073-008/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-073-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Antonia Ikazuriaga eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Asensio Artetxe eta Gernikako bonbardaketa | Asensio Artetxe | 2011

    Titulua Asensio Artetxe eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Asensio Artetxe
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Asensio Artetxek 36ko gerran bizi eta ikusi zituen bonbardaketaz hitz egiten du Ahotsak-en Hegazkinak hirunaka Gernikarantz izeneko bideoan.

    Asensio Artetxek, 7 urterekin, hegazkinak hirunaka pasatzen ikusi zituen bere gainetik, Gernika aldera eta Debatik bonbardaketa handia entzuten zela dio. Deba ere bonbardatu zutela kontatzen du, baina ez zutela suntsipen handirik egin, baina, hala ere, gorriek herritik alde egin zuten. Gogoan izan behar dugu euskal lurraldetan gertatu ziren bonbardaketak asko izan zirela, ez Gernikan bakarrik, eta Gernikakoa denek gogoratzen badute ere, beste gertuko herrietan ere erori zirela bonbak, hala nola, Deban.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/deba/pasarteak/deb-038-003/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Asensio Artetxe eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Presen Alberdi eta Gernikako bonbardaketa | Presen Alberdi | 2011

    Titulua Presen Alberdi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Presen Alberdi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Presen Alberdik Gernikako bonbardaketak bere bizitzan izan zituen ondorioez hitz egiten du Ahotsak-en Gernikan bizimodu berria hasi behar izeneko bideoan.

    Presen Alberdik Gernikatik Frantziara ihes egin behar izan zuen senitartekoekin batera, izan ere, bonbardaketaren unean, beraiek bizi ziren zonaldean ez zegoen babeslekurik. Gerra amaitzean, Frantziatik Gernikara itzuli zirenean, Guardia Zibilak haien terrenoa hartua zuen eta etxe berri bat eraiki behar izan zuten, zerotik.

    Presenen testigantzak erbestea nahiz itzuleraren sufrimendua agerian uzten ditu, dena utzi eta sorterrira itzultzean haiena zen ezer ez baitzuten aurkitu.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-067-014/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Presen Alberdi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanito Arantzamendi Gernikako bonbardaketa | Juanito Arantzamendi | 2011

    Titulua Juanito Arantzamendi Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanito Arantzamendi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juanito Arantzamendi gudariak Gernikako bonbardaketa bizi zuen eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketan eta Gernikako bonbardaketa izeneko bideoetan.

    Juanito Arantzamendi Arana Goiri batailoira bideratu zuten eta Lekeitiotik Bilbo aldera zihoazela, Gernikako bonbardaketak bertan harrapatu zuen, ez baitzekiten babeslekurik zegoela ere. Trenean heldu zen Gernikara, eta iritsi berri zela hasi ziren bonbak jaurtitzen. Gernikako sarreran ezkutatu zen, larre artean. Juanitoren testigantzak erakusten du 1937ko apirilaren 26an, astelehenez, Gernikan jende asko zegoela, eta ez zirela bertakoak bakarrik izan bonbardaketaren biktima, alde batetik bestera joateko bidegurutze baitzen Gernika, are gehiago azoka egunean.

    Gernika bonbardatzen amaitu zutenean, herria sutan zegoela, komandoa laguntzera hurbildu zen eta ez zieten sartzen sartzen utzi. Barruan zegoen batailoiak zuen Gernikako mandoa eta erabaki zuten hobe zela inor gehiago ez barrura sartzea. Herritarrak arrapaladan ihesi zebiltzan alde batetik bestera, aztoratuta, eta Juanitok Bilboko kuartelera joateko agindua jaso zuen. Gernika bonbardatu zuten gaua bereziki gogorra izan zela kontatzen du, oinez sekulako ibilaldia egin behar izan zuten-eta, dena jendez gainezka zegoelako.

    Juanitok ez zuen Gernikako bonbardaketa herritar gisa bizitu, baizik eta gudari gisa, eta aintzat hartzekoa da ikuspegi horretatik bonbardaketaren eguna nola bizi zuten ezagutzea, gutxi baitira oraindik bizirik dauden soldaduak halako pasarteen berri emateko.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/ondarroa/pasarteak/ond-027-018/ https://ahotsak.eus/ondarroa/pasarteak/ond-056-010/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanito Arantzamendi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Julian Alegria eta Gernikako bonbardaketa | Julian Alegria | 2011

    Titulua Julian Alegria eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Julian Alegria
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Julian Alegria Gernikan zen bonbardaketaren egunean eta hori kontatzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa nola bizi izan zuen izeneko bideoan.

    Julian Alegria osabarekin batera soroan zegoen Gernika 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zutenean. Sorotik hegazkinak hurbiltzen ikusi zituzten joan-etorrian, eta gauez, Gernika gorri-gorri ikusten zuten hegazkinek jaurtitako bonba pizgarrien eraginez. Erasoaren tamaina imajina dezakegu halako testigantzei esker, baita ondorengo hondamendi eta kaosa ere.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/bermeo/pasarteak/brm-079-007/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Julian Alegria eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Rosarito Gabiola eta Gernikako bonbardaketa | Rosarito Gabiola | 2011

    Titulua Rosarito Gabiola eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Rosarito Gabiola
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Rosarito Gabiolak etxea galdu zuen Gernikako bonbardaketan, eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Etxean kanpoko jendea izeneko bideoan.

    Rosarito Gabiolak Gernikako bonbardaketan etxea galdu zuen, ez baitzen ezer ere ez geratu haien eraikinetik. Etxea suntsitu baino lehenago, haien etxean zenbait gudarik ostatu hartu zuten eta Rosaritok anekdota gogoangarria du haiei buruz: gudari nagusiaren lepoko katea eta bankuko libreta amonak gorde zizkion, frontean ezer gertatuz gero, gudariaren gurasoei bueltan eramateko, eta hala egin zuen Rosaritoren familiak Gernikako bonbardaketa eta gero. Donostiara abiatu ziren gudariaren ondasunak gurasoei entregatzeko, eta bi familiek harremana izaten jarraitu zuten.

    Gerra garaian miliziano eta herritarren arteko harremanak nolakoak ziren ulertzeko balio du Rosaritoren pasarteak, askotariko esperientziak egon baitziren, orokorrean. Funtsean, gerra eta gerraosteko giroa eta bizipenak nolakoak ziren osatzen laguntzen du Rosaritoren testigantzak.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-075-033/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Rosarito Gabiola eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jesus Mari Agirre-Amalloa eta Gernikako bonbardaketa | Jesus Mari Agirre-Amalloa | 2011

    Titulua Jesus Mari Agirre-Amalloa eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jesus Mari Agirre-Amalloa
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jesus Mari Agirre-Amalloak haren familia du hizpide Ahotsak-entzat Etxea sutan eta hosteko makina leihotik behera, Bonbardaketan amak abortua izan zuen, Amama erreta hil zen bonbardaketan izendatutako bideoetan.

    Jesus Mari Agirre-Amalloaren amona Gernikako bonbardaketan erreta hil zen, Gernika bonbardatu zuten egunean, amona etxetik atera ezinik bertan erre zelako. Jesus Marik bere amona frankismoaren biktima gisa aitortzeko eskatzen du, izan ere, amonaren gorpua ez zuten aurkitu ere egin. Jesus Mari senitartekoekin batera zegoen Gernika bonbardatu zutenean, eta etxe ondoan zuten babeslekuan ezkutatuta zeudela, bere amak abortua izan zuela kontatzen du. Gainera, bonbardaketa amaitzean, familiaren etxea suaren eraginez erori egin zen, eta Gernikatik alde egitea beste erremediorik ez zuten izan.

    Etxea sutan zegoela, Jesus Mariren aitak barrutik azkeneko gauzak salbatzen saiatu zen. Ama jostuna zen eta behar-beharrezkoa zuen Singer josteko makina lana egiteko, beraz, aitak leihotik behera bota zuen hura ez kiskaltzeko. Bonbardaketaren eraginez, herritarrek bizitza, lagunak, auzokideak… galdu zituzten, baina baita lanbidea ere, ondasun material asko kiskalduta gelditu baitzen.

    Jesus Mari Agirre-Amalloaren senitartekoek denetarik bizi zuten Gernikako bonbardaketan, eta lekukotza garrantzitsua ematen du orduko egoera nolakoa zen irudikatu ahala izateko.

    Bideoak hurrengo estekan kontsulta daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-096-008/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-095-010/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-095-004/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-096-009/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jesus Mari Agirre-Amalloa eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Kruzita Etxabe eta Gernikako bonbardaketa | Kruzita Etxabe | 2011

    Titulua Kruzita Etxabe eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Kruzita Etxabe
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Kruzita Etxabek Gernikako bonbardaketa oroitzen du eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Elai Alaikoekin, mugaz bestaldera joan zen izeneko bideoan.

    Kruzita Etxabek “Cuatrobancos”en bizi zuen bonbardaketa lagun batekin batera, familia non zegoen jakin gabe. Bertatik bonbardaketa eta hegazkinak tiroka ikusi zituzten, eta  haien aurrean zortzi mutiko hil zituzten, baina Kruzita zauritu gabe irten zen bertatik. Bonbardaketaren ostean erbestera egindako bidaia kontatzen du, Segundo Olaetak gidatutako bidaia, hain zuzen ere. Segundo Olaetak Elai Alai taldea osatu zuen, eta Kruzitaren familiako hiru kide abiatu ziren taldearekin Frantziara: Santanderrera lehenengo, eta bertatik, itsasontzian, Bordelera. Bordeletik Iparraldera mugitu ziren eta bertan euskaldun asko elkartu ziren, baina Kruzitak kontatzen du nola Elai Alai talde gernikarrak bere bidea egin zuen Pariserantz emanaldiak zirela eta.

    Kruzita Etxaberena Gernikako bonbardaketaren biktima izan ziren beste hainbat haurren kasua izan zen: bonbardaketaren ondorioak direla-eta, Gernikatik alde egin eta Segundo Olaetak erbestera ihes egiteko aukera eman zien hainbat haurrei.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-077-009/

    Gernika(k) datu-basean Elai Alai dantza taldea aipatzen duten beste hainbat fitxa kontsulta daitezke: Xexili Mintegiaren testigantzak alde batetik, eta Nemesio Sobrevilaren Elai Alai dokuemntala, bestetik.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Kruzita Etxebe eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Angel Nabea eta Gernikako bonbardaketa | Angel Nabea | 2011

    Titulua Angel Nabea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Angel Nabea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Angel Nabeak Gernika bonbardatu ostean herria nola zegoen kontatzen du Ahotsak-en Burgotik Gernika errearen ikusmira izeneko bideoan.

    Angel Nabeak Gernika bonbardatu eta biharamunean, 1937ko apirilaren 27an, Burgo menditik ikusi zuena deskribatzen du. 7 urte besterik ez zituela igo zen mendixkara herria nola geratu zen ikustera eta kea, txingarra eta hautsa ikusten zirela azaltzen du. Haizeak sua berpizten zuen, eta, ondorioz, herriak erretzen jarraitzen zuen, bonbardaketa amaitua bazen ere. Angelek, gainera, aipatzen du bere haurtzaroko lagun taldeko gehien-gehienak hil zirela hondamendian.

    Angel Nabearen testigantzak bonbardaketak eragindako hondamendiaren larritasuna irudikatzen laguntzen du, Gernika nola gelditu zen erakusten duten irudien urritasuna dela-eta, garrantzitsua da testigantzak entzun eta kontuan hartzea.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-059-007/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Angel Nabea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jabi Kortabiarte eta Gernikako bonbardaketa | Jabi Kortabitarte | 2011

    Titulua Jabi Kortabiarte eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jabi Kortabitarte
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jabi Kortabiartek Gernikako bonbardaketa gertutik bizi zuen eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Bonbardaketa eguna eta Bonbardaketan aita Gernikan zen izeneko bideoetan.

    Jabi Kortabiarte Ajangizen egon zen Gernika bonbardatu zuten egunean. Hegazkinak gogoratzen ditu, eta baita bonbardaketaz ohartarazi zuten sirena hotsak, kanpaiak eta fabrikako sirenak ere. Metraileten erasoak nola saihesten ibili ziren gogoratzen du, eta egun hartan entzundako zaratak berregiten ditu. Zaratak memorian geratzeko dugun gaitasun handia erakusten du Jabierren testigantzak, bonbardaketak eta erasoak sortutako soinuak erreproduzitzeko gai baita hainbat hamarkadaren ondoren.

    Jabiren familiari dagokionez, Jabiren aita Gernikan zegoen eta etxe bateko babesleku batean babestu zen. Ama etxean zegoen eta bonbardaketa hasi baino lehenago alde egin zuten Ajangizera. Bertatik, Gernika sutan ikusi zuten eta hilabete inguru egon ziren Gernikatik kanpo. Ez ziren herrian egon garbiketa eta berreraikitze lanak egiteko, izan ere, inguruko herritarrak hurbildu ziren gehiago.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-070-014/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-070-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jabi Kortabiarte eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Santi Intxausti eta Gernikako bonbardaketa | Santi Intxausti | 2011

    Titulua Santi Intxausti eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Santi Intxausti
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Santi Intxaustik Gernikako bonbardaketa mendialdetik ikusi zuen eta horri buruz mintzatzen da Ahotsaken Bonbardaketa eguna izeneko bideoan.

    Santi Intxaustik aitona-amonekin zegoela pasatu zuen Gernikako bonbardaketa mendialdean. Santi ez zegoen herrian bonbardaketa egunean, baina Gernika nola argitu zen kontatzen du, dena sutan zegoelako. Haiek Omako kobazuloetan ezkutatu ziren hegazkinen beldurrez. Etxea galdu zuen Santiren gurasoek, hori dela eta, bonbardaketa ostean Errenteriara joan ziren bizitzera beste etxe batera.

    Santi Intxaustiren familian bonbardaketaren biktima mortalik ez egon arren, bonbardaketaren ondorioak pairatu behar izan zituzten, eta herritik alde egin behar izan zuten etxebizitza berri baten bila. Izan ere, bonbardaketak eragin zituen galerak mota askotarikoak izan ziren.

    Bideoa hurrengo estekan ikusi daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-069-011/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Santi Intxausti eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Luzina Arriola eta Gernikako bonbardaketa | Luzina Arriola | 2011

    Titulua Luzina Arriola eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Luzina Arriola
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Luzina Arriolak Ahotsak-en Bonbardaketa eguna izeneko bideoak Gernikako bonbardaketaz hitz egiten du.

    Luzina Arriolak tristuraz gogoratzen du Gernika bonbardatu zuten astelehena, izan ere, herria jendez lepo zegoela aipatzen du. Bonbardaketa hasi baino lehen, eguerdian, jendea metrailatzen ibili zirela gogoratzen du, eta arratsaldeko lauretan, bonbak botatzen hasi zirenean, “Refugios de Rojo” babeslekuan ezkutatu zen bi ahizparekin batera. Bonbardaketa amaitu zenean, iluntzean, haien etxera abiatu zen eta haien ingurua zutik bazegoen ere, dena erreta eta sutan ikusi zuten.

    Bonbek hildako abereen irudiak hunkitu zuela gogoratzen du, gogorra izan zelako hura ikustea. Gaueko ordu txikitan, familiarekin elkartu ondoren, Bilbora ihes egin zuten lehenbailehen. Bilbotik Elai Alairen deia entzun zuten irratian, Gernikako haurrak Frantziara eramateko helburu zuen dantza eta musika taldea, eta Luzina ere haiekin batu zen.

    Luzina Arriolak emozioz kontatzen du Gernika erretzen ikusi zuen eguna, eta, zorionez, senitartekoekin batera biziraun bazuen ere, bonbardaketaren ondorioz lekualdatu egin behar izan ziren.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-081-008/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-081-009/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Luzina Arriola eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Iñaki Solaguren eta Gernikako bonbardaketa | Iñaki Solaguren | 2011

    Titulua Iñaki Solaguren eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Iñaki Solaguren
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Iñaki Solagurenek, haurra zela, Gernikako bonbardaketa bizi zuen 1937ko apirilaren 26an, eta bere oroitzapenen berri ematen du Ahotsak-en Beraien etxeari ez zioten eraso egin izendatutako bideoan.

    Iñaki Solagurenek, edonola ere, ez du asko gogoratzen haurtzaroaz, baina Gernika bonbardatu zuten egunaz badu oroitzapenik, eta egunean bizitakoa xehetasunez konta dezake. Gernikako Juntetxe azpian eraikitako babeslekuan babestu zen kanpaiak jotzen hasi zirenean, eta babeslekua zakuekin estalita zegoen, lubaki gisa. Bertatik babestutakoek sua eta kea ikusten zuten kanpoaldean, baina haien etxea zutik mantendu zen. Hori dela eta, senitarteko eta ezagun asko joan ziren haien etxera aterpe moduan. Iñakik gogoan du arroza besterik jan ez zutela bonbardaketaren eta hurrengo egunetan. Operazio milimetriko gisa sailkatzen du Iñakik bonbardaketa, Juntetxea ere bere horretan oso-osorik utzi zutelako.

    Zer esan handia du haurtzaroko oroitzapen guztietatik argien gogoratzen den oroitzapena Gernika bonbardatu zuten egunekoa izatea: bonbardaketak eragindako hondamendia, kaosa eta trauma lekukoen memorian iltzatuta gelditu dira.

    Bideoa hurrengo estekan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-075-031/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Iñaki Solaguren eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Zerutik sua dator! | Egoitz Rodriguez Olea | 2011

    Titulua Zerutik sua dator!
    Egilea Egoitz Rodriguez Olea
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iraupena: 52 min. https://www.eitb.eus/eu/nahieran/gernikako-bonbardaketa/gernikako-bonbardaketa/osoa/1755/38445/

    Gerra Zibilean Bizkaian bonbardatutako herrietako lekukotzak jasotzen ditu dokumental honek. Memoriaren berreskurapenean belaunaldi ezberdinak elkartu dituen proiektua da, Bizkaia osoa zeharkatzen duena.

    Lekukotzak nabarmentzen badira ere, artxiboko irudiak, gerrako gertakarien errekreazioak eta bonbardaketak gogoratzeko herritarrek antolatutako ekitaldiak (kantaldiak, antzerkiak, errezitaldiak…) ere agertzen dira. Hasieran, hain zuzen ere, gerrako artxiboko irudiak eta “Bonba dantza” ikuskizuna tartekatzen dira, dokumentala bonbardaketen memoriaren berreskurapenak ardaztuko duela iragarriz.

    Sinbolo garrantzitsuenen artean, Gernikako arbola agertzen da, herri baten identitatearen ikur gisa. Picassoren Guernica koadroa ere agertzen da behin baino gehiagotan. Koadroko elementuak txertatzen dira bonbardaketa baten irudietan. Aurreago, herritarrek osatzen duten mural batean ere integratzen dira koadroko elementu batzuk. Lauaxeta ere agertzen da, eta bere “Mendigoxaliarena” kantatzen eta dantzatzen.

    Bonbardaketekin batera, askotariko gaiak jorratzen dira herriz herriko bidaia horretan: haur erbesteratuak, Frankismoko errepresioa, eskoletako zigorrak, euskararen galera, emakumeak, kartzela… Belaunaldi arteko elkarrizketa horietan gogoeta egiten da gerran gertatutakoak gaur egunera arte ekarri dituen ondorioez ere.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2024). “Egoitz Rodriguez Olearen Zerutik sua dator! dokumentalari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola” | Lutxo Egia | 2011

    Titulua “Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola”
    Egilea Lutxo Egia
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak EZ

    “Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola” ipuina Lutxo Egiaren Txakur Ingelesak obran argitaratu zen. Kritikarien arabera, narrazio bilduma izenaz eta izanaz, hiltzeaz eta bizitzeaz, desagertzeaz… hitz egiten duten errealitate eta fikzioaren artean kokatutako kontakizunek zeharkatzen dute. “Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola”n hilda dagoen John Lennon abesalria lehen pertsonan mintzatzen da haren heriotzaren inguruan hausnartzeko eta haren bizitzan inguruan zituen pertsonez hitz egiteko. Ezagunak dira Cynthia emztekide ohia, Julian seme nagusia,Yoko, Mimi izeba, Paul McCartney eta George Harrison taldekideak, eta baita David Chapman hiltzailea ere. Protagonismoa, hala eta guztiz ere, ez du hauetako pertsonaietako batek izango, eta garrantzitsuena aipatutako azkena bada ere, David Chapman alegia, hiltzaileak erabili zuen pistola da protagonista: kontakizunak pistolaren egilea ezagutzera eramaten gaitu. Kontakizunaren muina, beraz, “Mauricio Gondra Ugalde” izeneko atalean aurkitzen dugu. Bertan, Estatu Batuetan urte luzez bizi zen euskaldunaren berri ematen da, arma fabriketan lan egiten zuen, hain zuzen ere. Gondra Ean bizi dela aipatzean, Gernikaren aipamena egiten da: “Ean bizi da egun Gondra. Ea Gernikatik hur dago” (72). Kontuan hartu behar da Lennon lehen pertsonan hitz egiten ari dela, eta honen ondoren, horrela jarraitzen duela Gernikaz: “Picassoren koadroari esker dut ezagun Gernika. MoMAn ikusi nuen New Yorken bizi nintzelarik” (72). Picassoaren koadroaren aipamen hutsa egiten du, MoMAn erakusketan zegoenekoa zehazki, eta ez du iradokizunik egiten koadroak oinarrian duen Gerra Zibilaren ez honek eskuratutako esanahiaren inguruan. Azaletik aipatzen du Lennonek Picassoren koadroa, eta idazleak helburu izan du Lennon bezalako nazioarteko ikur batek koadroa aipatzea, akaso, irakurleak Gernika koadroaren dimentsio erraldoiak uler ditzan: posible zen Lennon bezalako pertsonaia batek Picassoren koadroa ezagutzea, baina artelan soil gisa besterik ez, horrela, koadroa kontsumo gizartearen salgai bihurtu dela salatzen du idazleak. Hau da, Lennon pertsonaiak Bizkaiko herri bat Gernika herriarekin lotzen du New Yorken Picassoren Gernika ezagutzeari esker, kasualitatez eta modu anekdotikoan aipatzen bada ere, zergatik daki pertsonaiak Gernika Bizkaiko herri bat dela? Nola daki irakurleak pertsonaiak koadroaren oinarrian dagoen bonbardaketaren berri duela, hura zuzenean aipatzen ez badu? Zer daki pertsonaiak koadroaren inguruan? Irakurlearen lana da onartzea koadroaren aipamen hutsak Gernikako bonbardaketa historikoari zeharka erreferentzia egiten diola, bestela, ezinezkoa litzateke Lennon pertsonaiak Gernika eta Earen arteko asoziazioa egitea, koadroaren izena besterik ez ezagututa. Esaldi bakar batean, beraz, idazleak koadroa (ekfrasia) nahiz bonbardaketa (gertakari historikoa) biltzen ditu, baina ez hori bakarrik, koadroa New Yorken zegoen garaiaz hitz egiten baitu, honen ezkutuko esportazioa ezagutaraziz. Estatu Batuetan hasi zen, izan ere, koadroaren “des-testuingurutzearen” prozesua: Gernika herriaren aipamenik ez zuten egin, Espainiaren erreferentziarik ez zen agertu, etab. Erabaki hauen atzean Estatu Batuen politika antikomunista zegoen, hala ere, koadroak bortizkeriaren aurkako eta Errepublikaren erresistentziaren sinbolo izaten jarraitu zuen. Idazleak, koadroaren aipamenaren bitartez, irakurleak John Lennonen pistola eta Gernikaren antzekotasunak ikus ditzan lortzen du: a) pistolaren jatorria, koadroaren antzera, euskalduna da (alde batetik, pistolaren egilea euskalduna da, bestetik, koadroak oinarrian kokaleku euskalduna du), b) pistola eta koadroak New Yorken espazioa partekatzen dute, c) biak bihurtu dira ikur unibertsal oinarrian hilketak izan arren, d) John Lennon hil zuen pistola eta Gernika koadroa jendartearen iruditeriaren parte bilakatu dira.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Lutxo Egiaren «Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola» ipuinari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Twist | Harkaitz Cano | 2011

    Titulua Twist
    Egilea Harkaitz Cano
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2011
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Desagertuek eta euren mamu agerraldiek eragin sakona dute indarkeria hori pairatzen duten gizarteetan. Desagerpenak, desagertuen bizitzez haratago, desagertuen inguruko guztien bizimodua zauritu eta baldintzatzen du: “non zauden ez jakitearen larritasun hori aurpegiko zimur bakoitzean zizelkatzen doakiela zahartuko dira zure ahaideak” (22). Hauxe da Diego Lazkanoren kasua, bizi-eten bat eragin dio desagerpenak (dela lagunenak, dela aitarenak) eta zauria hain izatean sakona, bera ere, neurri batean bederen, desagertzen ari delako sentipena du. Bereziki “Lehen difuminazioak” kapituluan aletzen da gai hori. Diego Lazkanok, bere bizitzaz gain, desagertutako Soto eta Zeberio lagunen bizitzak ere bizitzen ari delako irudipena du. Hitz batez, haien ordez bizi da, hildakoen bizitza bere gorputzaren bidez luzatu nahi eta ezinean, Sotoren idazkiak berak sortuak balira bezala argitaratuz eta Zeberioren bikotea zenarekin oheratuz, besteak beste. Egiturari dagokionez, zortzi kapituluz osatua dago eleberria eta analepsiaren bitartez kontatzen da pertsonaia nagusien iragana. Aipagarriak dira, bestalde, William Faulknerren Mientras agonizo (1930) nobelari egindako testuarteko erreferentziak, bide ematen baitute Soto eta Zeberioren heriotz tragikoaren susmoa irakurleengan indartzeko.  Izenburutzat “Cambalache 1983” badu ere, lehen kapitulua ez da mintzo 80ko Argentinaz, Lasa eta Zabalaren 1983ko desagerpenaz baizik. Nolanahi ere, nobelan zehar aipamen ugari egiten zaizkie Argentina zein Txileren diktadurapeko testuinguruetan gertatutako tortura, desagerpen eta hilketei. Egungo memoria ikasketetan, transnazionala bilakatu da “desagertu” kontzeptua. Bistakoa da, hortaz, Twist-en fantasiak (hots, Soto “berriro bizirik, edo ia-ia, hilik eta esna” (35) lurpetik ateratzeak) betetzen duen funtzioa: iragan hurbileko krimenak salatzea. Ulerkera horren argitan, literatura fantastiko garaikidea, literatura subertsiboa izan liteke, errealitatetzat jotzen den kapitalismoaren baitako kultura hegemonikoaren aurka eraikia den neurrian. Egiturazko bortxa antolatuaren kontra matxinatzen den satira usaineko nobela da Twist. Hasieratik bertatik sor lezake harridura esnatu berri den Sotok nola bizi duen “bizitzara itzultzea”: aldatu diren gauzen gose da, mundua ikusi nahi du, diferente, eta zahartutako lagunak, barre egin haien kontraesanen lepotik. “Dena aldatu eta pikutara nola joan den ikusteko besterik ez bada ere, ederra” da bizirik egotea mamuaren begietan. Ez da mamu serio eta beldurgarria, beraz. Narratzaileak Sotoren iratzartzea kontatzean darabiltzan estrategia narratiboen artean, testuaren fikziozko izaera azpimarratzen dutenak nabarmendu litezke. Kontalaria ez da batere arrunta. Hasteko, bigarren pertsona darabil Sotorekiko (zalantza egiten du, gainera, hika ala zuka aritu behar litzaiokeen) zein irakurlearekiko, harreman dialogikoa sortuz. Horrekin batera, deigarria gertatzen da bere hizkera: sarri tartekatzen ditu kanta ezagunen hitzak, esamoldeak etab., hitz jokoak, baina batez ere, barrea eraginez. Horren erakusle argia da, adibidez, Iparragirreren Gernikako arbola-ren kopla ezagunak parafraseatuz josten duen hitz jokoa: “Eman da zabal zazu munduan hezurra” (31). Esan daiteke, aurreneko kapituluan gainerakoekiko distantzia markatzen dela, umore beltzaren eta iruzkin metanarratiboen bidez, irakurleak hasieratik bertatik erakarriz irakurketara. Umore beltza, ordea, tentsio arintzaile eta izu apaltzaile izateaz batera, batzuetan asaldagarri ere gertatzen da Twist-en, Soto eta Zeberioren desagerpen-tortura-hilketaren soka tenkatzean. Izan ere nobelak badu kutsu groteskoa. Altxorraren bila balebiltza bezala, Soto eta Zeberio lurperatu zituzten tokia esapide ezagun baten bitartez adierazten du: X marks the spot. Estrategia narratibo horiek guztiak testuaren irakurle inplizituarentzako arrasto bihurtzen dira, narratzaileak Sotori etengabe egiten dizkion galderen erantzunen bila baitoa, orpoz orpo, irakurlea. Badakigu 1983an gaudela, “en la piel del toro” (23). Hortik aurrera, baina, kontalariari sortzen zaizkion zalantzek gertakarien laztasuna areagotzen dute: “Ez dirudi bizirik zinenik hona ekarri zintuztenean. Ala bai? […] Hilik ekarri zintuzten hona […]?” (12), “Manta marroi batean bilduta ekarri [zintuzten] agian?” (22). Bestalde, beldurrezko istorio fantastikoetan gertatu ohi den legez, gaua da, ilunpeak eta ezkutuan dagoenak markatzen baitu gertalekua: hilen mundua eta mamuen bidaia arketipikoak.  Canok literatura garaikidearen ardatzetariko bat den galdera egiten du: “Sublimatu daiteke artearekin tortura? Gainditu daiteke artearen bidez terrorea? […]” (383). Bestela esanda, nola adierazi adierazkaitza dena? mina adieraztean, ba al da beste biderik artea hel daitekeen lekuraino heltzeko? Nobelan bertan aurki daiteke galdera horien guztien erantzuna edo muina: artea ez da aski, baina on egin diezaguke: “Dena esan. Bere kiratsean biluztu. Bere burua irentsi eta suge-azalaren mudantza baino ez laga. Miseriarik ez ezkutatu. Liburu hura idatzi eta bere burua sendatu. Erredimitu esaten zaio orain sendatzeari, zer axola […]” (354). Hain zuzen, Twist-en omentzen diren artisten (Joseph Beuys, Marina Abramovich…) performance, readymade eta antzezlanek literaturaren mugei buruz pentsarazten dute. Azken batean, kapitulu jakin batzuetarako fantasiazko literatura aukeratzeak izua irudika daitekeela esan nahi luke, ez agian hitzez hitz kontatzea, baizik eta sormenaren bidez ikustarazi, agerrarazi eta gardentzea. Horren erakusle fina da Gloria pertsonaiak Arratoiak instalazioan Francoren erretratu erraldoiarekin egiten duena (383): Arratoi “zaborjaleak” Francoren erretratu erraldoiari haginka ikustea irudi boteretsua da esanahi aldetik. Narrazio maila eta testuartekotasun andana tarteko, palimpsestotzat irakur liteke nobela.  Honenbestez, zurtointzat Lasa eta Zabalaren desagerpena (bahiketa-tortura-hilketa) duen nobela honetan sakon hausnartzen da literaturak terrorea adierazteko duen ahalaz. Arte adierazpenen gaitasunaren inguruko gogoeta estetiko-etikoak gailentzen dira eta fantasiazko literaturaren estrategia narratiboak baliatzen ditu protagonista desagertuen, Soto eta Zeberioren, istorioak azaleratzeko. Finean, nola mamuak, hala iragana “[…] gutxien espero duzunean agert[zen]” (27) delako mezua helarazten du. Iragana beti bueltatzen dela, alegia, ilunpean zegoena argitara ekarriz. Iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa berrosatzen laguntzen du, iraganaren ezagutza eta aitortzaren alde lan egin eta isilduei hitza ematean.

    Gernika/Guernica-ren iruditeriak euskal kulturan ez ezik nazioartean duen garrantziaren eta adierazgarritasun mugagabearen hainbat adibide aurki daiteke Twist-en, batik bat Picassoren koadroaren zein hura oinarri hartuta eginiko artelanen ekfrasiak. Esanguratsua da, esaterako, irudi frankista eta naziak bildumatzen dituen Furmicak, Gloriaren aita  “fatxak”, Bigarren Mundu Gerraz dihardutela Picassoren Guernica-z iruzkintzen duena:  “Gernika Batailoia izan zen Parisen sartzen lehena, euskaldunak… [dio Lazkanok] –Izenaren sinboloagatik, auskalo: marexalen batek erabakiko zuen, «utzi vascoiei pasatzen, Picassoren koadro zatar horrekin zorterik izan ez dutenez, kontsolagarri», batek daki” (313). Kontrakarreko ikuspuntuen talka tarteko, pasarte hori oroimen guneak gatazka lekuak diren ispilu argia da.  Aipatzekoa da, era berean, “Miro-ren Gernika esaten ziotean” (301). 1937ko Bodegó amb sabata vella artelanaren ekfrasia, pertsonaiek (Gloria eta Diegok) artearen funtzio politikoaz eztabaidatzen ari diren unean hartzen dutena ahotan.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Harkaitz Canoren Twisti buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Walter Benjaminen Aingerua Gernikako bonbardaketatik | Ignazio Aiestaran | 2010

    Titulua Walter Benjaminen Aingerua Gernikako bonbardaketatik
    Egilea Ignazio Aiestaran
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Saiakera honetan egileak hegazkinen bonbardaketen logika belizistari ekin dio. Egileak historiari begira, azaltzen du nola XX.mendeko 20 eta 30 hamarkadetan Espainiako eta Italiako ejerzitoak bonbardaketak erabili zituztela Afrikako Kolonietan, zehazki Espainaren menpe zegoen Rif-en eta Italiaren menpeko Abisinian. Urte batzuk ondoren, Espainiako Gerra Zibila izan zen beste aukera bat ejerzitoek gerra hegazkin berriak erabiltzeko eta bonbardeketen teknikak fintzeko.

    Egileraren ustez, Otxandio, Durango eta Gernika zorigaiztoko proba-lekuak izan ziren. Bigarren Mundu Gerran, bai Dresden, Coventryn, Hanburgon eta Hirosiman eta Nagasakin gerra totala justifikatu nahian, bonbardaketekin jarraitu zuten, bai aliatuek, zeinen naziek eta faxistek.

    Egileak erabiltzen du Paul Celanen “Esne Beltza” metafora, oximoron honek oso ongi ordezkatzen du totalitarismoa eta bonbardaketaren logika belizista hori. Azken finean, bonbardaketen metafora tragikoa da, baina, era berean, metafora horrek lotzen ditu kontzentrazio esparruen eta bonbardaketen biktimen arrastoak, hildakoen markak.

    Liburuan zehar XX mendeko intelektual askoren lekukotasunak agertzen dira: Walter Benjamin, Ernest Junger, Pablo Picassso, Lauaxeta. Guztion lekukotasun eta iritziekin garai beltz hartako kronika eta eragina sakon eta zorrotza azaltzen da.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2025). “Ignazio Aiestaranen Walter Benjaminen Aingerua Gernikako bonbardaketatiki buzuko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Haxotz | 2010

    Titulua “Gernika”
    Egilea Haxotz
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Bideoklipa, Hitzekin
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Haxotz musika taldea 2008an sortu zen eta, kideren baten gora-beherak alde batera,  Jokin Erkoreka (ahotsa), Iñaki del Olmo (gitarra), Jon Txirapozu (gitarra), Markel Fernandez (gitarra) eta Unai Castañeda (bateria) dira egungo kideak. 2009an Azkue Fundazioak antolaturiko Banden Lehiaketa irabazi zuten.

    Maketa bat eta lau disko argitaratu dituzte, eta “Gernika” abestia (3:23) lehenean, Hil ala bizi  (2010) delakoan, argitaratu zuten. Ondotik etorri ziren Bide ertzean (2012), Islada (2014), Letaginak (2015) eta H (2018), denak autoekoiztuak.

    Hizpide dugun “Gernika” abestiaren bideoklipak taldearen rock-metal-hardcore estiloa islatzen du. Batetik, abestiaren letra bera da aipagarri:

    Izenik gabeko ehundaka gizakume

    Nola erahildu kolpe bakar batez

    Hautsak estalitako hainbat bakardade

    Putreek isilduta haizearen alde

    Bizitza salbatzeko lasterketa

    Airean deabrua bueltaka

    Eguzkia itzali dutenak nortzuk ote dira

    Lurra! Sua! Bele beltzak zeruan

    Ametsak! Gernika! Malko ilunen hiria

    Gezur eztien azpian izkutatuta

    Hegoak mozturik, itsututa, agertzen da egia

    Askatasuna defendatzeagatik akatu zituztenen itzala

    Gure arbasoen oroipena

    Bihotza suminez erreta

    Taupadak sakonetikan

    Izarrak lapurtu dituztenak nortzuk ote dira

    Ume bat korrika kaleetan zehar

    Amari deika orru bizi batean

    Lurra! Sua! Bele beltzak zeruan

    Ametsak! Gernika! Malko ilunen hiria

    Abestian zuzen-zuzenean egiten zaio erreferentzia Gernikako bonbardaketari (1937/04/26): “Gernika” aipatzeaz gain, erahilak agertzen dira, lasterka ihesi doan jendea (“Bizitza salbatzeko lasterketa”),  bonbak bota zituzten hegazkinei erreferentzia (“Airean deabrua bueltaka”), gerratean borrokan arituak (“Askatasuna defendatzeagatik akatu zituztenen itzala”)…

    Bereziki interesgarriak dira egiletzari behin baino gehiagotan egiten zaion erreferentzia, Gernikako bonbardaketa hizpide duten lanetan ez baita alderdi hori beti jorratzen, (“Eguzkia itzali dutenak nortzuk ote dira”, “Izarrak lapurtu dituztenak nortzuk ote dira”), eta gezurrari ere egiten zaio erreferentzia (“Gezur eztien azpian izkutatuta / Hegoak mozturik, itsututa, agertzen da egia”).

    Horiek guztiek Gernikak euskaldunen imajinarioan duten islapena agertzen da abestiaren letran: arbasoengandik hasita (“Gure arbasoen oroipena”), egun oraindik ere euskaldunen imajinario kolektiboan grabatuak geratu diren irudiek (“Ume bat korrika kaleetan zehar / Amari deika orru bizi batean”) gaitasuna dute nonahiko izugarrikerien oihartzun izateko (“Malko ilunen hiria”).

    Bertzetik, ordea, bideoklipak eskaintzen dituen ikus elementuak ditugu: gerrate irudiak etengabe ageri dira, baita bonba eta eraikinen hondakinak ere; tarteka, Guernicaren (Picasso, 1937) zati landuak (moztuak bailiren, koloreztatuak) agertzen dira (1:08-1:10; 3:02-04; 3:09); Franco ere agertzen da (1:24); Gernika herriaren izena duen eraikina (1:53); gorpuzkinen irudi gordinak (1:45); eta, Gernikan gertatutakoaren sinbolo unibertsalenak, Guernica margolanak, ere badu agerpenik (2:03).

    Hala, bada, Haxotzen “Gernika” abestiak Gernikako bonbardaketan gertatuaren gaineko gezurrak, egia beharra, mina eta suntsiketa ditu hizpide; bideoklipean erabilitako baliabideek bereziki azpimarratzen dutelarik bonbardaketa haren tokikotasunetik nonahikotasunerako duen gaitasuna.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Haxotz (2010). Hil ala bizi. Maketa. https://www.badok.eus/euskal-musika/haxotz/hil-ala-bizi

    Haxotz (2012). Bide ertzean. Diskoa.  https://www.badok.eus/euskal-musika/haxotz/bide-ertzean-1

    Haxotz (2014). Islada. Diskoa.  https://www.badok.eus/euskal-musika/haxotz/islada

    Haxotz (2015). Letaginak. Diskoa. https://www.badok.eus/euskal-musika/haxotz/letaginak

    Haxotz (2018). H. Diskoa.  https://www.badok.eus/euskal-musika/haxotz/h

    Bideoklipa hemen eskuragarri:

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Haxotzen «Gernika» abestiari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Moroak gara behelaino artean? | Joseba Sarrionandia | 2010

    Titulua Moroak gara behelaino artean?
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Moroak gara behelaino artean? izenburupeko saiakera mardulagatik Euskadi Saria eskuratu zuen Sarrionandiak 2011. urtean. Askotariko gaiak jorratzen dira bertan;  besteak beste, kolonialismoaren historia, Arrifeko guda, Gerra Zibilaren bortizkeria, hizkuntza gutxituen egoera, edota munduaren egoera geopolitikoa aipa genitzake. Nahiz eta liburuan gai biziki mamitsuen gaineko hausnarketak biltzen diren, aipagarria da Sarrionandiak ohiko zaion jariakortasunarekin idazten duela saiakera, literariotasun handiarekin.

    Gernikaren bonbardaketa hainbatetan aipatzen da saioan. Halaber, liburuaren ekarpenik handiena Gernikako bonbardaketa eta Arrifen egindako bonbardaketa kanpainen konparaketan datza. Hain zuzen ere, Sarrionandiak xehetasun handiarekin aztertzen ditu Gernikako bonbardaketa baino urte gutxi lehenago Maroko Iparraldean zibilen aurka jaurtitako bonbardaketen nondik norakoak. Zibilen aurka egindako bi bonbardaketen antzekotasun eta ezberdintasunetan jartzen du azpimarra Sarrionandiak, eta horrexegatik, baiezta genezake Gernikako bonbardaketa norabideko anitzeko memoriaren (multidirectional memory) ikuspegitik jorratzen duela (Rothberg 2009). Aukeratutako paragrafo pareak argi adierazten du Moroak gara behelaino artean? saiakeran Gernikako bonbardaketak duen esangura:

    “Hori Xauen gertatu zen. Beste herri asko lotuko zitzaion. Maroko iparraldean, Pablo Picassorik topatu ez zuen Gernika bat izan zen astero” (Sarrionandia 2010, 251)

    “Alfredo Kindelán zebilen hegazkinen buru Arrifeko gerlan (…) Jeneral mailara goititurik Gerla Zibilean, bera izan zen Bizkaiko sarraski kanpainaren arduraduna 1937ko udaberrian, aire indar italiano alemanekin. Gernika bonbardatzeko ere azoka eguna aukeratu zen, azoka-astelehena, Arrifeko gerlan hainbestetan egin bezala” (Sarrionandia 2010, 291)

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Euskadi Saria 2011 (saiakera) Gaztelaniaz: ¿Somos como moros bajo la niebla? (Sarrionandia, 2012) Katalanez: Som com moros dins la boira? (Sarrionandia, 2013)

  • Serafin Ruiz eta Gernikako bonbardaketa | Serafin Ruiz | 2010

    Titulua Serafin Ruiz eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Serafin Ruiz
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Serafin Ruizek lehen pertsonan bizi zuen Gernikako bonbardaketa eta horri buruz hitz egiten du Ahotsaken Gernikatik ihesi eta osaba Ibarrurin fusilatuta eta Udaletxe azpiko babeslekua izeneko bideoetan.

    Serafin Ruizek Gernikan pasatu zuen 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa. Bonbardaketa hasi zenean, kalean zegoen Serafin eta udaletxe azpiko babeslekura joan behar izan zen ezkutatzera. Gogoan du gertuko beste babesleku batean babestu ziren herritar gehienak bertan hil egin zirela, baina Serafin eta bere familiak zortea izan zuen. Izan ere, udaletxea ere erori zen baina babeslekuan salbu geratu ziren. Hala ere, beldurra sentitu zuela aipatzen du, eta umea izanda ere, lehenagotik kanoiak eta tiroak entzuten zituen, beraz, bazekien zer gertatzen ari zen.

    Serafinek bonbardaketa ostean bizi behar izan zuena kontatzen du, izan ere, Bilbora alde egin behar izan zuen. Bilbon, ordea, senideekin elkartu zuten eta Arboledara eraman zuten. Arboledatik Ibarrurira eraman zuten lanera, nazionalak oraindik ez zituztelako lur haiek hartu, baina bertan, osaba fusilatu zuten. Gernikako bonbardaketa eta gero herritar askok bizi behar izan zutena kontatzen du Serafinek, hark bezala, beste askok ere alde egin behar izan zutelako sorterritik, izan etxerik gabe geratu zirelako, edo nazionalak mehatxu zirelako.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-036-025/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-036-013/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Serafin Ruiz eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Kontxa Bikandi eta Gernikako bonbardaketa | Kontxa Bikandi | 2010

    Titulua Kontxa Bikandi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Kontxa Bikandi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Kontxa Bikandik Gernikako bonbardaketa eta gerra ditu hizpide Ahotsak-en  Tristea da gerra eta Bonbardaketa eguna izeneko bideoetan.

    Kontxa Bikandi Gernikan zegoen 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu behar zuten egunean. Goiz/eguerdi aldean herria milizianoz bete zela esaten du, eta haiek ohartarazi zituzten herritik alde egiteko, herria erasotuko zutelako. Kontxak Errenteriatik gora ihes egin zuen eta Tabernaberriko zubiaren azpian babestu ziren bonbardaketan zehar. Hegazkinak oso baju igarotzen zirela kontatzen du, bidean zebilen jendea metrailatzen zutelako. Haurra zela entzun zituen soinuak birsortzen ditu, sentitu zuen ikara gogoratuz.

    Hurrengo goizean Gernikara jaitsi ziren eta dena sutan ikusi zuten. Milizianoen kamioi batek Deustura eraman zituen Kontxa eta haren senitartekoak. Gerraren laztasuna eta sufrimendua oso tristeak direla aitortzen du, gerran herritarrak zoratu ere egin zirela. Etxerik gabe gelditzea gogorrena izan zela kontatzen du, nahiz eta beti lortu zuten etxeren batean gaua pasatzea.

    Kontxa Bikandiren testigantzak Gernikako bonbardaketak eta, oro har, gerrak, biztanlerian eragindako trauma irudikatzen du.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-006-006/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-006-005/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Kontxa Bikandi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Pablo Izagirre eta Gernikako bonbardaketa | Pablo Izagirre | 2010

    Titulua Pablo Izagirre eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Pablo Izagirre
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Pablo Izagirrek Gernikako bonbardaketa du mintzagai Ahotsak-en Teilatuko sutea amatatu zuten bonbardaketan izeneko bideoan.

    Pablo Izagirrek Gernikako bonbardaketa Andra Mariako eskaileretan pasatu zuen babestuta. Babeslekutik atera zirenean, haien etxeko teilatua sutan aurkitu zuten, baina denen artean itzaltzea lortu zuten. Bonbardaketako gaua, beraz, etxean pasa ahal izan zuten, inguruko etxe gehienak erori baziren ere.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-055-055/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Pablo Izagirre eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Edurne Laborda eta Gernikako bonbardaketa | Edurne Laborda | 2010

    Titulua Edurne Laborda eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Edurne Laborda
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Edurne Labordak Gernikako bonbardaketa du mintzagai Ahotsak-en Senarra oharkabean Gernikako bonbardaketan izeneko bideoan.

    Edurne Labordak bere senarrak, gaztea zela, Gernika bonbardatu zuten egunean bizitakoa kontatzen du. Hiru anaia zeuden Gernikan egun hartan eta mutikoak zubiaren aurrean jolasean zebiltzanean hasi zen bonbardaketa. Erasoa hasi zenean, hiru anaiak sakabanatu egin ziren, eta ez zuten elkarren berri izan, baina, zorionez, hirurak atera ziren salbu. Edurneren senarra hodi baten barruan ezkutatu zen babesteko, eta bertatik atera zenean dena sutan aurkitu zuen.  

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/bergara/pasarteak/ber-285-049/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Edurne Laborda eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mateo Malaxetxebarrieta eta Gernikako bonbardaketa | Mateo Malaxetxebarria | 2010

    Titulua Mateo Malaxetxebarrieta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Mateo Malaxetxebarria
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Mateo Malaxetxebarrietak Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eguna, Lehen hegazkin eta bonbei begira, Hegazkinak ikusita Gerniakra ez joatea hobe, Gernikatik ihesi zetozenak, Gernikako senideak onik ziren ikustera, Lehengusina erditzean hil zen gerra batean eta Sardina-saltzailea eta okina albiste emaile izeneko bideoetan.

    Mateo Malaxetxebarrietak Gernikako bonbardaketa gogora ekartzen du herriko bizimoduaz hitz egiten ari dela. Gurasoak baserriko behiari erditzen laguntzen ari zirela entzun zituen Mateok Gernikatik bonbardaketaz ohartarazten zuten sirena eta kanpai hotsak. Mateok 10 urte zituen Gernika bonbardatu zuten egunean, eta zuhaitzen gainetik hegazkinak ikusi nahi izan zituen, zarata handia entzuten baitzuen, baina ez zuen lortzen ezer ikustea.

    Bitartekari bat iritsi zen motorrean mendiko bideetan zebilela, eta Mateorengana hurbildu zen hegazkinak eta bonbardaketa haurrarekin ikusteko. Motorra estaltzeko oihala eskatu zuen baserrian, hegazkinentzat helburua izan zitekeelako hura suntsitzea. Izan ere, ez zituzten bonbak soilik jaurti, bideak metrailetekin ere erasotu baitzituzten. Ehizako hegazkinak ikusi zituzten batez ere, lurrera hurbildu eta berriro aldentzen zirelako, eta horiek ziren metrailatzen ibili ziren abioiak.

    Mateo Malaxetxebarriak kontatzen du gurasoak astelehenero joaten zirela Gernikako azokara bazkalondoren. Azoka nolakoa zen kontatzen du, eta 1937ko apirilaren 26an bazkaltzen ari zirela hegazkinak gainetik pasatzen ikusi zituzten etengabe, eta aitak erabaki zuen inor ez zela Gernikara hurbilduko. Egun hartako giroa ez zen betikoa izan goizean goizetik, zerbait susmatzen baitzuten herritarrek, eta Mateoren familiak ere hala egin zuen. Mateo, beraz, ez zen, astelehenero bezala, Gernikako azokara joan Gernika bonbardatu zuten egunean. Aitak susmo txarra hartu zien gainetik etengabe pasatzen ziren hegazkinei, eta baserrian geratu ziren denak. Gurasoak siestan zeudela hasi ziren Gernika bonbardatzen eta Mateok haien etxe inguruko bideetara iristen ziren bonbardaketatik ihesi zebiltzan herritarrak aipatzen ditu. Herritarrak bideetatik gora egiten zutela ehiza hegazkinek jendea nola metrailatzen zuten ikusi zuen, eta haien etxera iristen hasi zirenean ihesi zebiltzanak, hesiaz itxi behar izan zuten beldur zirelako ez ote zuten haien etxea bonbaz suntsituko. Badaezpada, sakonune batean ezkutatu ziren metrailatuak edo bonbardatuak izatearen beldur, eta iluntzean, berriro etxerako bidea hartu zuten. Herritarren beldurra eta ihes egiteko larritasuna agerikoak dira Mateok kontatutako pasartean.

    Gernika erreta ikustean, Mateoren aita Gernikara joan zen senideen berri jakiteko. Erdiko kaleko babeslekuen egoeraren berri ematen du, aitak kontatu baitzien babeslekuak areazko zakuez babestuta zeudela, baina bonbek behera bota zuten inprobisatutako sabaia. Aitak kalean aurkitu zituen senitartekoak laguntza eske, behera eroritako etxean entzerratuta geratu baitzen senitarteko bat. Aita laguntzen saiatu zen, baina teilatua sutan zegoenez ezin izan zuen bilaketa gauzatu. Azkenean, senitartekoa etxean erreta ez zela hil jakin zuten, garaiz irten baitzen etxetik eta gudariek lagundu ahal izan zuten. Bonbardaketa ostean, Gernikako herritar asko Bilbora, inguruko baserrietara… joan zirela kontatzen du. Mateok emozioz gogoratzen du pasartea, egunean bizi zuten tentsio eta beldurrak agerian uzten ditu; izan ere, hildakoak bakarrik ez, desagertu asko ere egon zirelako egun hartan eta horrek ziurgabetasuna areagotu besterik ez zuen egiten.

    Bonbardaketa ondoren, familiako lehengusina bat bere haurraz erditu zen, baina herria suntsituta zegoenez eta ezer ez zegoenez, medikurik gabe zegoen Gernika. Ondorioz, mediku militarra hurbildu behar izan zen laguntzera, eta anbulantzian eraman zuten Gasteiz aldera, baina denbora gehiegi pasa zen eta bai lehengusina, bai haurra hil egin ziren bidean. Pasarte honek erakusten du herritarrek bonbardaketaren ondorioak ez zituztela erasoaren momentuan soilik jasan, ondorengo egoerak ere asko eragin baitzuen herritarren bizimodu pobre eta zaurgarrian. Medikurik gabeko herri batean zaila zen aurrera egitea, eta Mateok kontatzen duenez, Gernikan zeuden tropetako mediku militarrak soilik lagun zezaketen halako kasutan.

    Apirilaren 28an ahal zutenarekin alde egin zuten herritik Mateok eta haren familiak, tropak iritsiko zirelako ahalik eta lasterren, beraz, ihesi atera ziren herritik. Gernikatik alde egin eta ekainera arte ez ziren herrira itzuli.

    Mateo Malaxetxebarriak xehetasun handiz kontatzen du Gernikako bonbardaketa eta ondorengo eguna, eta gutxi dira halako xehetasunez betetako testigantzak. Mateoren testigantza, beraz, kontuan hartu beharrekoa da bonbardaketaren ondorioen berri lehen pertsonan ahalik eta xehetasun gehienekin ematen duelako.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-014/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-016/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-037/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-038/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-039/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-040/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-043/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-005-036/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Mateo Malaxetxebarrieta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Rafa Armendariz eta Gernikako bonbardaketa | Rafa Armendariz | 2010

    Titulua Rafa Armendariz eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Rafa Armendariz
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Rafa Armendarizek Gernikako bonbardaketa bizi zuen lehen pertsonan eta horren berri ematen du Ahotsak-en Bonbardaketan Forun baba artean babestuta, Gernikako babeslekuak eta Presoak Gernika berreraikitzen izeneko bideoetan.

    Rafa Armendariz 1937ko apirilaren 26an Gernikan zegoela, kanpaiak entzun zituenean babestera alde egin zuten Foru aldera. Forun Rafa baben artean ezkutatu zen hegazkinengandik, beste batzuekin abtera, eta bertatik abioien mugimendua ikusi zuten jendea metrailatu bitartean. Rafaren ama eta arreba Gernika herrian geratu zirela aipatzen du, eta anbulatorio ondoko babeslekuan ezkutatu omen ziren.

    Gernika berreraikitzen hasi ziren garaia hobeki gogoratzen du Rafak. Izan ere, presoak izan ziren Gernika berreraikitzen ibili zirenak, eta Gernika bonbardatu zuten eguna izan bada ere gertaera historiko aipagarriena, ondoren bertan gertatu zena ere ezagutu behar dela erakusten du Rafak.

    Bonbardaketaren ondorioak zein izan ziren azaltzen du Rafa Armendarizek memorian gordeta dituen oroitzapenei esker, eta garrantzitsua da historia berreraikitzeko testigantza zuzenak ere entzutea.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-034-015/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-034-010/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Rafa Armendariz eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Irusta,Txomin Apoita eta Gernikako bonbardaketa | Maria Irusta, Txomin Apoita | 2010

    Titulua Maria Irusta,Txomin Apoita eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Irusta, Txomin Apoita
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Irusta eta Txomin Apoitak bakoitzak 36ko gerrako bonbardaketak nola bizi zituzten azaltzen dute Ahotsak-en Munitibar eta Gernikako bonbardaketak izeneko bideoan.

    Maria Irusta Gernikan zegoen 1937ko apirilaren 26an abiazio alemanak herria bonbardatu zuenean. Mariak etxetik alde egin zuen zortzi neba-arreba, ama eta osabarekin batera, eta mendira jo zuten ezkutatzera. Menditik Gernika gorri-gorri ikusi zutela kontatzen du, eragindako suteak zirela eta. Txomin Apoita, ordea, Munitibarren zegoen, eta Gernika bonbardatu baino lehenago, haien gainetik pasa eta Munitibarren ere bonbak bota zituztela kontatzen du. Izan ere, egun hartan kaltetutako herri bakarra ez zen Gernika izan.

    Testigantzek Gernikako bonbardaketaren nolakotasuna eta tamaina irudikatzen laguntzen dute, argi eta garbi erakutsiz Gernika ez zela bonbardaketek erasotutako herri bakarra, eta inguruko herri txiki askotan ere bonban jasan behar izan zituztela.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/munitibar/pasarteak/mun-003-038/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Irusta, Txomin Apoita eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juan Bautista Barandiaran eta Gernikako bonbardaketa | Juan Bautista | 2010

    Titulua Juan Bautista Barandiaran eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juan Bautista
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Juan Bautista Barandiaranek Gernika nola bonbardatu zuten kontatzen du Ahotsak-en Mundakan zirela, Gernikako bonbardaketa ikusi zuten izeneko bideoan.

    Juan Bautista Barandiaranek familiarekin Oriotik alde egin zuen eta Mundakan zeudela, Gernikarantz zihoazen abioiak pasatzen ikusi zituzten. Lehenengo, bonbardaketaren aurreko egunean, 1937ko apirilaren 25ean, hegazkin asko ikusi zituzten gainetik pasatzen, eta hurrengo egunean ezagutu zuten arrazoia. Hirunaka pasatzen ziren abioiak eta Juan Bautistak oso altura baxutik erasotzen ibili zirela dio. Interesgarriak dira Juan Bautistarenak bezalako testigantzak inguruko herritatik Gernika nola bonbardatu zuten ikusten zelako, eta, beraz, erasoaren larritasuna imajina daitekeelako.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-061-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juan Bautista Barandiaran eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Luisa Olaeta eta Gernikako bonbardaketa | Maria Luisa Olaeta | 2010

    Titulua Maria Luisa Olaeta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Luisa Olaeta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Luisa Olaetak bere haurtzaroan eta gaztaroan ezagututako Gernikaz hitz egiten du Ahotsak-en Kanpaiak, Bonbardaketako biktimak, Irratian entzunda alde egin zuten Gernikatik; tropak Merzeden, Gernikatik Belendizera alde egin behar eta Gernika garbitzeko, presoak ekarri zituzten izeneko bideoetan.

    Maria Luisa Olaetak bere haurtzaroari buruz hitz egiten du eta aitaren irratiari esker Gernika bonbardatu baino lehen bertatik ihes egin ahal izan zutela aipatzen du. Aitak irratian entzun zuenean nazionalen tropak Markinan sartu zirela, eta pentsatu ere ez bazuten egiten Gernika erreko zutela, zerbait larria gertatuko zela sumatu zuen. Ondorioz, Gernikako etxetik alde egin zuten badaezpada ere.

    Maria Luisak Gernika bonbardatzen hasi zuten momentua gogoratzen du. Hegazkinak hurbiltzen zirenean, kanpaiak jotzen zituzten herritarrak babeslekuetara joan zitezen. Maria Luisaren amonak, ordea, ez zuen gustuko babeslekuetara joatea, hil behar bazen, etxean hil nahi zuelako. Hori dela eta, etxeko denak bonbardaketan baserrian babestu ziren, babeslekuetan beharrean. Hegazkinen zarata gogoratzen du, bueltaka ibili baitziren Gernika gainean etengabe, bonbardaketa hasi baino lehenagotik ere. Bonbardaketaren ondorioz, etxerik gabe geratuziren, eta horregatik joan ziren amonaren etxera Belendizera. Maria Luisaren familiaren adibidea beste ehundaka familiaren adibide berdina da, hain zuzen ere, bonbardaketan biziraun baina etxerik gabe geratu zirenak alde egin behar izan zuten senitartekoek eskainitako babes bila edo erbestera.

    Nahiz eta gertuko familia eta lagunak salbu geratu, Maria Luisaren aitaren hainbat senitarteko hil zituzten bonbardaketan, eta horren berri ematen du bideoetan

    Alemanek Gernika erre eta gero, suntsitutako herria garbitu behar zen. Maria Luisak gogoan du zein izan ziren Gernika garbitzera eraman zituztenak, langile-batailoietako presoak, hain zuzen ere. Hainbat preso Gernikan geratu ziren bertan ezkondu ere egin zirelako, denbora luze Gernikan egon behar izan ziren seinale, asko baitzegoen berregiteko. Herritarrak ez ziren nahikoa hondakinak garbitzeko, ez baitzuten lo egiteko tokirik ere; hori dela eta, beharrezkoa izan zen kanpoko jendea eramatea. Errenteriako aldea ez zuten erre, zubia bereziki garrantzitsua baitzen inguruko herriekin lotura mantentzeko, hau da, bonbardatu zuten onurarako zen zubia mantentzea, eta segituan ulertu zuten herritarrek arrazoia. Honek argi eta garbi erakusten du zein ziren nazionalen asmoak, eta operazioa milimetrikoa izan zela, argi baitzeukaten zer erre behar zuten eta zer ez, haiek etekinak ateratzen jarraitu ahal izateko.

    Maria Luisa Olaetaren testigantza oso aberatsa da, familiarekin batera bonbardaketatik salbu atera, eta bizitakoa xehetasunez kontatzeko gai baita.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-042-033/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-042-010/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-042-002/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-042-032/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-042-031/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Luisa Olaeta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jose Albizu eta Gernikako bonbardaketa | Jose Albizu | 2010

    Titulua Jose Albizu eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jose Albizu
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jose Albizuk Gernikako bonbardaketa du hizpide Ahotsak-en Gerrako oroitzapenak: hegazkinak, soldaduak eta senideak izeneko bideoan.

    Jose Albizu gerrako oroitzapenez galdetzean, kontatzen duen lehen gauza da Gernika bonbardatu zuten egunean Gasteiztik Gernikara hegazkinak hirunaka nola iristen ziren. Babeslekuetan izan zituen hainbat senitarteko, haien etxean baitzeuden hiru astez Abadiñotik etorritako senideak. Hala ere, ez zitzaien ezer txarrik pasa, eta soldaduak ere haiekin ondo portatu zirela azpimarratzen du. Gernikako bonbardaketa Euskal Herrian Gerra Zibilean bizi zen gertakari historiko garrantzitsuenetakoa izan zen, eta irudipen kolektiboan dirau halako kontakizunei esker.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-003-010/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jose Albizu eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Serafin Baraiazarra eta Gernikako bonbardaketa | Serafin Baraizarra | 2010

    Titulua Serafin Baraiazarra eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Serafin Baraizarra
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Serafin Baraiazarra ondo gogoratzen da gerra garaiaz eta Gernikako bonbardaketaz, eta horri buruz mintzo da Ahotsak-en Gerra hasiera eta Gernikako erasoa izeneko bideoan.

    Serafin Baraiazarrak 1936ko gerra garaiaz oroitzapen asko ditu, eta haien inguruan hitz egiteko arazorik ez du. Gernika bonbardatu zuten egunean, urrunetik, hegazkinak herrira hurbiltzen ikusi zituzten, Gernika gainean etengabe bueltaka. Serafinen aita Gernikan zen 1937ko apirilaren 26an, eta arratsaldean burrunbak entzuten hasi ziren hirunaka iristen ziren abioiak bonbak botatzen hasi baitziren. Iluntzean, sua besterik ez zuten ikusten, haren hitzetan, hura hondamendi itzela izan zen.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/muxika/pasarteak/mux-014-033/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak-en Serafin Baraiazarra eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Ramon Huizi eta Gernikako bonbardaketa | Ramon Huizi | 2010

    Titulua Ramon Huizi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Ramon Huizi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Ramon Huizik Gernikako bonbardaketa du mintzagai Ahotsak-en Gernikatik alde egindakoan, Frantziara eta Kataluniara izeneko bideoan.

    Ramon Huizi 1937ko apirilaren 26an, astelehenez, Gernikara joatekoa zen dentistarenera. Ordea, taxia hartu eta gidariak atzera egitea erabaki zuen gainetik pasatzen ziren hegazkinek beldurtuta. Kortezubira itzuli eta segidan entzun zituzten Gernika gainean botatako bonben eztandak. Bonbardaketaren hurrengo egunean alde egin zuten Santanderrerantz, eta bertatik Xixonera, azkenik, Frantziara ihes egiteko.

    Gernikatik pasatzen zen errefuxiatu bat gehiago zen Ramon eta haren familia, alegia, erbestera bidean bonbardaketak harrapatu zuena.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-052-009/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Ramon Huizi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Miren Odriozola eta Gernikako bonbardaketa | Miren Odriozola | 2010

    Titulua Miren Odriozola eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Miren Odriozola
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Miren Odriozolak Gernika nola bonbardatu zuten ikusi zuen eta hori gogoratzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketatik salbu izeneko bideoan.

    Miren Odriozola haurra zela haren baserritik ikusi zuen Gernikako bonbardaketa. Astelehenero joaten baziren ere azokara, 1937ko apirilaren 26an mugimendu arraroak zirela eta, ez ziren azokara jaitsi amak hala erabakita. Bonbak ez ezik, hegazkinetatik jendea nola tirokatzen zuten ikusi zuten argi eta garbi, ehiza-hegazkinak bueltaka ibili baitziren etengabe, bidean ihesi zegoen jendea metrailatzen.

    Mirenek aipatzen du Gernikara astelehenetan jende ugari hurbiltzen zela, astean jende gehien biltzen zuen eguna zen, alegia. Hori dela eta, hildako asko egon ziren: baserritarrak, auzokoak, bidean zeudenak, etab.

    Sarraskiak izan zuen larritasuna antzeman daiteke Mirenen hitzetan, aire bidez egindako erasoek ezin baitzuten kontrako erasorik jaso lurretik, hau da, beldurra eta hondamendia eragitea lortu zuten inongo gupidarik gabe.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/ajangiz/pasarteak/ajn-002-016/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Miren Odriozola eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gurutz Ganzarain eta Gernikako bonbardaketa | Gurutz Ganzarain | 2010

    Titulua Gurutz Ganzarain eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Gurutz Ganzarain
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Gurutz Ganzarainek Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketatik babesteko, zuloan sartuta, Gernika gorriek erre omen zuten eta Gernika alemanek bonbardatu zuten Francoren esanetan izeneko bideoetan.

    Gurutz Ganzarainen lagun batek Gernikako bonbardaketa bizi zuen lehen pertsonan eta hark izandako bizipenak kontatzen ditu. Metrailadoreek zauritu zuten laguna lehenengo eta ospitalera iritsi zenean hasi zen bonbardaketa; dena txikitu zuten abiadoreek. Gurutzek egia kontatu nahi zutela nabarmentzen du, hau da, Gernika alemanek bonbardatu zutela frankisten agindupean, eta italiarrak biztanleria metrailatzen ibili zirela proba gisa.

    Gurutz, 15 urte zituela, Gernikara bertaratu zen bizikletan bonbardaketaren ostean, herria berregiteko baitzegoen. Gernikako herria nola gelditu zen ikusi zuen lehen pertsonan, eta bonbardaketaren momentuan irratian eta egunkarian esaten zituzten gezurrak gogora ekartzen ditu: Gernika gorriek erre zutela, alegia. Andoaindik izan zuen Gurutzek bonbardaketaren berri, eta haren ama eta senitarteko guztiek frankisten bertsioa soilik ezagutu zuten, Gurutzen aitaren anaiak bertsio ofiziala gezurtatu zuen arte. Izan ere, osaba hark bonbardaketa lehen pertsonan bizi zuen estoldan ezkutatuta.

    Gurutz Ganzarain ez zen Gernikan egon bonbardaketaren egunean, baina haren lagun mina bertan egon zen eta hil baino bi hilabete lehenago Gernikan nola biziraun zuen kontatu zion: lurpeko zulo batean sartuta, hegazkinengandik ezkutatua.

    Gurutzen testigantzak erakusten du nola zabaltzen ziren mezuak gerra garaian, eta ez zela erraza egia ezagutzea, gezur eta manipulazioz beteta baitzegoen garaiko irrati eta prentsa ofiziala. Frankisten Gernikari buruzko gezurrek diktadura osoa iraun zuten, eta gaur egun ere oraindik egia osoa ezagutarazteko ahaleginak egiten jarraitzen dute biktimen ondorengo eta gernikarrak. Bestalde, ahoz ahoko transmisioaren garrantzia erakusten du pasarteak, testigantzak ezagutarazi behar dira, hain zuzen ere, lehen pertsonan gerra bizi zuten pertsonen belaunaldia desagertzen ari delako eta memoria transmititu behar badugu, belaunaldi berriei iritsi behar zaizkielako aiton-amonen bizipenak.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-045-020/ https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-045-018/ https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-045-019/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Gurutz Ganzarain eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Teodoro Aranburu eta Gernikako bonbardaketa | Teodoro Aranburu | 2010

    Titulua Teodoro Aranburu eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Teodoro Aranburu
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Teodoro Aranburuk Gernikako bonbardaketaz dakienari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketari buruz eman ziren bertsioak izeneko bideoan.

    Teodoro Aranburu ez zen Gernikako bonbardaketan egon, baina irratiari esker haren berri izan zuten segituan. Egunean bertan jakin zuten Gernika bonbardatu zutela, eta momentuan alemanak, hau da, Francoren aldekoak, izan zirela errudun jakin zuten arren, gerora frankistek gezurra zabaldu zuten. Garrantzitsua da ezagutzea bonbardaketa gertatu zenean nola zabaldu zen berria ingurura, hau da, komunikazio sareek nola funtzionatzen zuten jakiteko.

    Jakina da frankistek esan zutela Gernika gorriek erre zutela, eta gezur hura zabaldu egin zen jendartean, baina Teodororen testigantzak erakusten duenez, momentuan bonbardaketaren berri izan zutenek argi izan zuten Kondor Legioa izan zela erasotzailea, eta gerora atera ziren egia ezkutatzen zuten bonbardaketari buruzko bertsio ugari.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/usurbil/pasarteak/usu-023-002/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Teodoro Aranburu eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juan Urzelai eta Gernikako bonbardaketa | Juan Urzelai | 2010

    Titulua Juan Urzelai eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juan Urzelai
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juan Urzelaik Gernikako bonbardaketan bizi zuena kontatzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eta haren ondorenak eta Gernikako bonbardaketaren lekukoa izeneko bideoetan.

    Juan Urzelai Gernikako bonbardaketatik salbatu zen mendira ihes egin zuelako. Juanek Lesakatik Gernikara bidali zuten, eta bertan harrapatu zuen 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketak. Azokako giroa gogoratzen du, jendeak zerbait susmatzen zuela ere kontatzen du, eta, azkenean, lau orduz jasan behar izan zuten bonbardaketa. Lehen bonbak erortzerako herritarrak ihes egiten hasiak ziren, eta lehen hiru bonbak erori ostean, askok mendira alde egin zuten ezkutatzera, hurrengo bonbak erortzen hasi aurretik. Menditik ikusi zuten hegazkinek nola suntsitu zuten Gernika mota guztitako bonbekin: txikiagoak, handiagoak, mila kilokoak… Iluntzean, ordea, menditik jaitsi zen bertan babestu zirenekin batera “ordena publikoan” lagundu behar baitzuten. Denak beldur zirela aipatzen du, baina, hala ere, jaisteko beharra zutela herriari laguntzera.

    Juan bezalakoen testigantzak oso baliagarriak dira bonbardaketa herrian nola bizi zuten ezagutzeko. Honek erakusten du operazioak biztanleria zibilaren aurka izan zuen arrakasta: beldurra eragin nahi zuten, gerrarako esperimentatuz, eta Juan Urzelaik aitortu moduan, halako basakeriarekin lortu zuten.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/legazpi/pasarteak/lga-046-031/ https://ahotsak.eus/legazpi/pasarteak/lga-046-035/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juan Urzelai eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Damiana Belaustegi eta Gernikako bonbardaketa | Damiana Belaustegi | 2010

    Titulua Damiana Belaustegi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Damiana Belaustegi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Damiana Belaustegik gogoan du Gernikako bonbardaketa eta eguna nola bizi zuen kontatzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketan hildako auzokoak izeneko bideoan.

    Damiana Belaustegiren ama Gernikara jaitsi zen herria bonbardatu zuten egunean, baina bidean zegoela bonbak erortzen hasi eta errekara sartu zen. Errekaren bidea jarraitu zuen etxera itzultzeko. Haien behean zegoen baserriko familia arratsaldetan joaten zen Gernikara eta bertan harrapatu zituzten bonbardaketak: aita eta bi seme hil ziren erasoan. Alaba bi egun beranduago iritzi zen etxera, eta Damianaren familiari non zegoen galdeka iritsi zen, noraezean baitzegoen. Amak gertatutakoarekin bihotzekoa izan zuen eta hura ere hil egin zen. Etxe harako kide asko hil ziren gerratean, eta, zorionez, Damianaren familia osoa salbatu zen.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/mendata/pasarteak/mdt-003-017/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Damiana Belaustegi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Iruretagoiena eta Gernikako bonbardaketa | Maria Iruretagoiena | 2010

    Titulua Maria Iruretagoiena eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Iruretagoiena
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Iruretagoienak lehen pertsonan bizi zuen Gernikako bonbardaketa eta horren berri ematen du Ahotsak-en Asuatik Gernikara babes bila eta bonbardaketak harrapatu, Gernikako bonbardaketan bizitakoa izendatutako bideoetan.

    Gerra hasi zenean, Maria eta haren familia Gernikara abiatu ziren, izan ere, inguruko herrietako errefuxiatuz beteta zegoen garai hartan Gernika. Gernika bonbardatu zutenean han egon zen familiarekin batera, eta zorionez, Gernika erdialdetik pixka bat urrundu ahal izan ziren babesteko. Jendea elkar pilatuta babestu zen kanpoaldean, bonba eta metrailetatik ihes egiteko.

    Gernikako jendea pilatuta zegoenez, bonbardaketa bukatzean denak sakabanatzeaz arduratu ziren: babeslekuetatik atera, ezkutalekuetatik askatu, etab. Maria oso txikia zen, eta ez da arazoak ditu oroitzapenak osatzeko, baina sirena eta hegazkinen hotsez argi eta garbi gogoratzen da, berandura ahizpa eta amak kontatutakoarekin osatu du eguna. Gernika bonbardatu zuten egunean inguruko jende asko zegoela kontatzen du, eta Gernika herritik kanpo babestera joan zen jendearekin babestu zen bera ere, kotxe eta arkupeen azpian. Mariak kopetan metrailek eragindako orbaina dauka erasoaren ondorioz. Bonbardaketa amaitu eta hurrengo egunetan jendeak Gernikatik alde egin zuen, baita Maria eta bere familiak ere. Gernikatik Bilbora jo zuten eta bertatik itsasontzian Frantziara ihes egin zuten.

    Aita Gernikan atxilotu zuten eta Iruretagoiena familiak hura gabe alde egin behar izan zuen Bordelera. Beranduago, Bartzelonan zeudela, aita Gernikan fusilatu zutela jakin zuten.

    Maria Iruretagoienak gerrako bizipenak berak gogoratutakoaren eta senitartekoek kontatutakoaren artean osatu ditu, eta haur txikia zela pairatutako sufrimendua adierazten du: aitaren heriotza, desplazamendua, deserrotzea… frankisten bonbardaketaren ondorioz Gernikako hainbat eta hainbat herritarrek jasan beharrekoa izan zen.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/getaria/pasarteak/get-024-007/ https://ahotsak.eus/getaria/pasarteak/get-025-012/ https://ahotsak.eus/getaria/pasarteak/get-025-003/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Iruretagoiena eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Zeperino Mandaluniz eta Gernikako bonbardaketa | Zeperino Mandaluniz | 2010

    Titulua Zeperino Mandaluniz eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Zeperino Mandaluniz
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Zepereino Mandaluniz Gernikan zen bonbardaketaren egunean eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketako lekukoa izeneko bideoan.

    Zeperino Mandaluniz dentistarenera joan zen Gernikara herria bonbardatu zuten egunean, 1937ko apirilaren 26an. Tabernan zegoela, kaleko jendea arineketan ikusi eta gertuko babesleku batera abiatu ziren anaia eta biak. Babeslekuan bizitakoa gogoratzen du, zarata eta beldurra batez ere; izan ere, ez zuen pentsatzen bizirik irtengo zenik bertatik. Babeslekutik ateratzean, herria sutan eta hondakinetan aurkitu zuten, eta Zeperino nahiz bere anaia sarraskiaren lekuko izan ziren.

    Zeperino Mandalunizen testigantzak agerian uzten du terrorea eragiteko gerra egiteko modu estrategikoa, biztanleria zibila erasotu eta beldurtu baitzuten Gernikan botatako bonba eta metrailen bidez.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/muxika/pasarteak/mux-012-027/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Zeperino Mandaluniz eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Bittori Zarrabeitia eta Gernikako bonbardaketa | Bittori Zarrabeitia | 2010

    Titulua Bittori Zarrabeitia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Bittori Zarrabeitia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Bittori Zarrabeitiak Gernikako bonbardaketa lehen pertsonan bizi zuen eta hori kontatzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketako kontu ugari izeneko egunean.

    Bittori Zarrabeitiak lehen pertsonan bizi zuen Gernikako bonbardaketa eta bakarrik gelditu zen lehen bonbak erortzen hasi ziren unean. Bere nebarekin soroan zegoen erasoa hasi zenean, eta nebak ganadua hartu eta basora jo zuen ezkutaleku bila; Bittori, ordea, beldurraren beldurrez, ezin izan zen mugitu. Hainbat milizianok ikusi zuten 10 urteko neskatxa bakarrik eta hura hartu eta errekara eraman zuten, zubipean babesteko. Bittorik kontatzen du babeslekuetan zegoen jendea ere hil zela, babeslekuak ere erasotu zituztelako. Gorpuak bildu eta kanposantura eraman zituztela gogoratzen du. Inguruko etxeak jendez bete ziren, herritik eta, bereziki, erdialdetik alde egin nahi zutelako denek.

    Bittori Zarrabeitiaren testigantzak 10 urteko haur batek Gernikako bonbardaketa nola bizi zuen erakusten du: beldurrak eragindako mugiezintasuna, hildakoak ikustearen inpaktua… Gerrak eta ankerkeriak eragindako trauma irudikatzen ditu pasarteak, bonbardaketaren nolakotasuna ezagutarazteaz gain.

    Bideoa esteke honetan kontsulta daiteke: https://ahotsak.eus/kortezubi/pasarteak/kor-001-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Bittori Zarrabeitia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Herminio Urizar eta Gernikako bonbardaketa | Herminio Urizar | 2010

    Titulua Herminio Urizar eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Herminio Urizar
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Herminio Urizarrek Gernikako bonbardaketa ikusi zuen lehen pertsonan eta horren berri ematen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.

    Herminio Urizarrek Gernika nola bonbardatu zuten entzun zuen Mendatatik. Mendatatik ez zen Gernika ikusten errepidearen formagatik, baina gudariak ikusi zituzten erretiratzen eta horiek erretiratu bitartean, hegazkinak ikusi zituzten milizianoak metrailatzen. Ilundu zenean, Mendatatik dena gorri-gorri ikusten zuten, bonbek Gernika sutan utzi izanaren emaitza.

    Herminioren testigantzak bonbardaketaren tamaina eta larritasuna irudikatzen laguntzen du; izan ere, ez dago ia Gernika suntsitua erakusten duen argazkirik, eta urruntasunetik Gernika nola erretzen ari zen ikusteak erasoaren handitasuna adierazten du.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/elorrio/pasarteak/elo-027-005/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Herminio Urizar eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Delia Huizi eta Gernikako bonbardaketa | Delia Huizi | 2010

    Titulua Delia Huizi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Delia Huizi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Delia Huizik Gernikatik gertu ikusi zuen 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa eta hari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.

    Delia Huizik jaioterritik, Andoaindik, ihes egin behar izan zuen gerra iritsi zenean, eta erbestera bidean, amarekin batera, Kortezubin gelditu zen denbora luzez. Bonbardaketa Kortezubitik bizi zuten eta pinu artean ezkutatu zen amarekin: hirunaka pasatzen ziren hegazkinak, bonbak, sua… ikusi zituzten. Santimamiñeko kobazuloetan ezkutatu ziren beste hainbeste, baina bertatik ez zen ikusten gertatzen ari zena. Gernikatik ihesi atera zen jendea eta zalaparta ikusi zituen, eta ikusgarriena Gernikan gauean nagusitu zen sua eta kea izan ziren. Delia ez zen Andoainera itzuli gerra amaitu zen arte.

    Deliaren testigantzak gerra garaiko desplazamenduak, erbestean jasandako erasoak eta, zehazki, Gernikan beste hainbat errefuxiaturekin batera sufritutako ankerkeria erakusten ditu.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/andoain/pasarteak/and-028-012/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Delia Huizi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanita Bilbao eta Gernikako bonbardaketa | Juanita Bilbao | 2010

    Titulua Juanita Bilbao eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanita Bilbao
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juanita Bilbaok ondo gogoratzen du Gernikako bonbardaketa, eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa Arratzutik izeneko bideoan.

    Juanita Bilbaok Gernikako bonbardaketaz asko gogoratzen dela dio, izan ere, 13-14 urterekin bizi zuen 1937ko apirilaren 26ko eguna. Mendi aldean ezkutatu ziren, baina hegazkinak etengabe pasatzen ikusten zituzten, Gernika gainean bonbak bata bestearen atzetik botatzeko. Gernikan ez ezik, inguruan ere bonbak jaurti zituzten, Arratzuko plazan, adibidez, bonba bat bota zuten eta bertako ganadua hil zuten.

    Juanita Bilbaoren testigantzak erakusten du Gernikako bonbardaketa izugarria izan arren, eta hondamendi ikaragarria eragin zuen arren, inguruan ere aire bidezko erasoak egon zirela, eta Gernikatik kanpo ere biktimak eta eraso larriak gauzatu zituztela altxatuek.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/arratzu/pasarteak/art-003-023/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanita Bilbao eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Miren Vallejo eta Gernikako bonbardaketa | Miren Vallejo | 2010

    Titulua Miren Vallejo eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Miren Vallejo
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Miren Vallejok Gernikako bonbardaketa bizi zuen eta Ahotsak-en horri buruz hitz egiten du Gernika gorriek erre zutela sinetsarazi zuten izeneko bideoan.

    Miren Vallejok 13 urterekin bizi zuen Gernikako bonbardaketa eta bonbek eragindako zarata da gogoratzen duena. Mirenek aitortzen du Gernikako sarraskiaren errudunak zein ziren jakin zuela haren aitari esker, hau da, argi zeukan Gernika altxatuen bandoak aire bidez erasotu zuela. Ordea, kontatzen du inguruko jendeak uste zuela gorriek erre zutela Gernika, hori baitzen frankistek zabaldu zuten mezua, alegia, haien propaganda oso eraginkorra izan zen. Orduan, eta baita diktadura frankistak iraun zuen urteetan ere, oso arriskutsua zen Gernika faxistek erasotu zutela esatea, izan ere, Mirenen aita ia hil egin zuten egia esan zuelako.

    Gernikako bonbardaketa gorriek erre zutela defendatu zuten frankistek diktadura osoan zehar, eta egia ezagutarazteko lan handia egin behar izan da historialari eta ikerlariekin batera. Edonola ere, interesgarria da Mirenena bezalako testigantzek jada erakusten dutela gezurra eta egiaren arteko eztabaida hori, bonbardaketaren urtean bertan.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-051-049/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Miren Vallejo eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Claudio Zabala eta Gernikako bonbardaketa | Claudio Zabala | 2010

    Titulua Claudio Zabala eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Claudio Zabala
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Claudio Zabalak Gernikaren bonbardaketa bizi zuen solotik, eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Bonbardaketan, baba artean ezkutatuta eta Garretan eta ketan denbora luzean izeneko bideoetan.

    Claudio Zabala Gernika bonbardatu zutenean soloan egon zen anaiarekin eta ganaduarekin batera. Amarekin zubipera joan ziren arrapaladan, eta baba artean ezkutatu behar izan ziren hegazkinak etengabe pasatzen zirelako jendea metrailatzeko. Zorionez, haien etxea zutik mantendu zen, inguru guztia bonbardatuta bazegoen ere, haien etxea ez baitzuten bonbardatu.

    Claudio Zabala Gernikako bonbardaketa ostean, herria oraindik sutan eta ketan zegoela, Errenteriara abiatu zen senitartekoen etxera. Errenteriarako bide zuzena ez zegoenez erabilgarri, inguruetatik joan behar izan ziren eta hala ikusi zuten zeintzuk izan ziren bonbardaketaren ondorioak herriaren inguruan. Claudiok mutikoak bidetik aurkitzen zituzten balekin jolasten zirela aipatzen du. Bonbardaketak herrian momentuan eragindako suntsiketaz gain gertatu zena erakusten du Claudiok bere testigantzarekin, hau da, herritik alde egin behar izatea, hurrengo egunetako suteak, inguruko egoera, etab. ezagutarazten ditu.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-028-008/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-028-005/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Claudio Zabala eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Pilar Candina eta Gernikako bonbardaketa | Pilar Candina | 2010

    Titulua Pilar Candina eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Pilar Candina
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Pilar Candina Gernika bonbardatu zuten egunean bertan egon zen, eta egun hori gogoratzen du Ahotsak-en Bonbardaketan Andra Marian egon ziren eta Erretako eta zutik iraundako eraikinak izeneko bideoetan.

    Pilar Candina, 1937ko apirilaren 26an, justu arratsaldeko lauretan kalera irten zen auzoko batekin. Gernika jendez lepo zegoela aipatzen du, errefuxiatu asko zeudelako, beraz, kalean mugimendu handia zegoen. Kalean zeudela, ordea, kanpaiak entzun zituzten eta Andre Mariara abiatu ziren babes bila, bertan egon ziren bonben bidezko erasoa amaitu zen arten. Pilar Piedadeko Ama Birjinaren ondoan ezkutatu zen eta fraideak kontatzen zuten kanpoan gertatzen ari zena: bonbak, metrailadoreak, etab. aipatzen zituzten etengabe.

    Pilarrek Gernikan suntsituta gelditu zena azaltzen du, baita zutik iraun zuten eraikinak zeintzuk ziren esan ere. Izan ere, militarren etxeak eta beste etxe gutxiren batek iraun zuten zutik. Bestalde, Juntetxea, Andra Maria eliza eta Astra arma fabrika ere bonbek ez zituzten ukitu ere egin. Honek erakusten du, hain zuzen ere, operazioa milimetrikoa izan zela eta alemanek zehatz mehatz zekitela zer bonbardatu eta suntsitu behar zuten, eta zer ez. Gainera, Pilarren hitzetan suntsiketaren handitasuna antzematen da.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-033-022/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-033-013/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Pilar Candina eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Xexili Mintegia eta Gernikako bonbardaketa | Xexili Mintegia | 2010

    Titulua Xexili Mintegia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Xexili Mintegia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Xexili Mintegiak 36ko gerra garaia eta, zehazki, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa egun ongi gogoratzen ditu. Gaiaz mintzatzen da Ahotsak-en Bonbardaketa ostean, Larraurira, Elai Alaikoak Santanderrera eta Iparralderantz eta Elai Alaikoak Gordexuelara izeneko bideoetan.

    Xexilik aipatzen du gerra hasi zenetik, Gernika bonbardatu aurretik ere, beldurtuta joaten zela eskolara, Gernikako Juntetxean soldaduekin iskanbila sortzen zelako eta haien presentzia hutsak larritasuna eragiten ziolako. Ondorioz, Gernikako bonbardaketa izugarria izan zen Xexilirentzat. Aipatzen du haren aita Larraurin zegoela bonbardaketa egunean, eta horri esker salbatu zela, baina Gernikara itzultzean, arratsaldea pasata, dena erreta aurkitu zutela “infernua” izango balitz bezala. Izan ere, aitak inor bizirik aurkituko ez zuela pentsatu zuen, baina pixkanaka senitarteko guztiak salbu agertu ziren. Denak elkartu zirenean, Larraurira alde egin zuten. Xexilik kontatzen du Gernikatik denek alde egin nahi zutela bonbardaketa ondoren, denak beldurtuta baitzeuden: batzuk Bilbo aldera, beste batzuk baserrietara.

    Xexili Mintegia Elai Alaiko kidea izan zen Segundo Olaetaren gidaritzapean. Elai Alai dantza eta musika taldeak Gernikako bonbardaketa ondoren babesleku gisa funtzionatu zuen, bereziki haurrentzat. Gernika bonbardatu ondoren herritar askok alde egin behar izan zuten Gernikatik, dena suntsituta zegoelako, eta Segundo Olaeta haurrak biltzeaz eta Euskal Herritik, hau da, gerratik, ateratzeaz arduratu zen. Xexilik Elai Alain sartu zen garaia gogoratzen du, izan ere, edozer gauza egin nahi zuen bonbardaketetatik urrun egoteko. Gernikako bonbardaketa bizi ondoren, Bilbora mugitu eta bertan ere hainbat eta hainbat bonbardaketa jasan behar izan zituztela kontatzen du. Tropak hurbildu ahala, Gordexolan batu zen Elai Alaiko kideekin eta haiekin batera Santanderrerantz abiatu zen. Elai Alaien Gernikako ezagun askorekin bildu zen berriro ere, bonbardaketaz geroztik ikusi ezin izan zituenak, eta poztasunez ematen du horren berri. Santanderretik Iparraldera zihoan itsasontzi batean sartu ziren haurrak, haren hitzetan, bonbardaketatik urrun egoteko edonora joateko prest baitzeuden. Lehenengo Gordexolako Villa Cuban egon zen eta, handik, Parisera abiatu ziren. Gernikako bonbardaketa bizi zuten haur askoren etorkizuna izan zen Elai Alai taldearekin emanaldiak ematen ibiltzea, eta oso talde esanguratsua bilakatu zen urte gutxitan.

    Pasarteak Gernikako bonbardaketak eta beranduago ere bizi zituzten aire bidezko erasoak eragindako trauma eta ikara agerian uzten ditu. Hain zuzen ere, bonbardaketak herritarren artean eragin zuen ezegonkortasun eta beldurra erakusten ditu, hau da, bonbardaketaren ondorioak ez ziren soilik hildako biktimak eta suntsitutako eraikinak izan, gernikarrengan izan zuen inpaktu psikologikoa eta honek eragin zuen alde egiteko nahia ere kontuan hartu behar dira.

    Nemesio Sobrevilak “Elai Alai” izeneko dokumentala egin zuen taldeari buruz, eta horri buruzko fitxa kontsulta daiteke Gernika(k) datu-basean.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-045-008/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-045-007/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-045-006/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Xexili Mintegia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Felix Etxeberria eta Gernikako bonbardaketa | Felix Etxeberria | 2010

    Titulua Felix Etxeberria eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Felix Etxeberria
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.  

    Felix Etxeberriak Ahotsak-en Durango eta Gernika Parapenetik bistan bideoan Durango eta Gernika nola bonbardatu zituzten ikusi zuela kontatzen du. Herri erasotuetatik 30 bat kilometrora egonda ere, aire bidezko erasoak ikusi eta entzuten zituen, baita haien ondorioz sortutako kea ere. Testigantza honek erasoen hondamendiaren larritasuna erakusten du, izan ere, apenas dago herri suntsituak erakusten dituen irudi errealik, beraz, herritarrek ikusi eta sentitutakoarekin irudikatu behar ditugu hondamendiak.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-046-045/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Felix Etxeberria eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Anastasio Gondra eta Gernikako bonbardaketa | Anastasio Gondra | 2010

    Titulua Anastasio Gondra eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Anastasio Gondra
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Anastasio Gondra Gernika bonbardatu zuten egunaz eta hurrengo egunetako giroaz mintzatzen da Ahotsak-en Bonbardaketaren ostean, gorpuak hilobiratzen eta Babeslekuak, kartzelak, ospitaleak non zeuden izeneko bideoetan.

    Anastasio Gondrak Gernika bonbardatu ostean soldaduen gorpuak nola hilobiratzen ibili ziren gogoan du. Astean behin, etxe bakoitzetik norbaiti eskatzen zioten soroan gorpuak hilobiratzeko zuloak egiten laguntzeko. Gorpuak soldaduek soilik enterratzen zituztela aipatzen du, eta izenekin lurperatu beharrean, zenbakiekin identifikatzen zituzten. Soldaduak nazionalak ziren, ospitaletik hilerrira eramaten zituztenak, hain zuzen.

    Anastasio Gondrak, Kontxa Bikandirekin batera, bonbardaketaren eguna eta ondorengo egunak gogoratzen ditu. Babeslekuak non zeuden kontatzen dute, eta aipatzen dute iturriaren azpian babestutako zenbait lagunek bizia galdu zutela bonbardaketan. Santa Maria kaleko babeslekuak oroitzen dituzte: etxeen artean zakuekin estalitako babeslekuak eraiki zituzten, baina bonbek behera bota zituzten haiek ere. Bonbardaketaren ostean, soldaduek herria hartu zutenean gertatutako bortxaketak ere aipatzen dituzte, eta monastegi eta komentuak ospitale eta kartzela bilakatu zituzten. Anastasiok jendea lurperatzeko soroan zuloak egin behar izan zituen. Kontxak dio “bakerik txarrena hobe dela, gerrarik onena baino” eta inori ez diola opa gerra bizitzerik.

    Testigantza hauek gernikarrek bonbardaketan sufritu zutena agerian uzten dute, eta, gainera, xehetasunak ematen dituzte babeslekuen, ospitaleen, komentuen, eta abarren kokalekuen gainean. Gernika 1937ko apirilaren 26an eta hurrengo asteetan nolakoa izan zen irudikatzen laguntzen dute halako testigantzek.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-007-016/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-006-021/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Anastasio Gondra eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Enrike Aranzabal eta Gernikako bonbardaketa | Enrike Aranzabal | 2010

    Titulua Enrike Aranzabal eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Enrike Aranzabal
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Enrike Aranzabal gernikarrak 1937ko apirilaren 26an lehen pertsonan bizi zuen Gernikako bonbardaketa, eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Bonbardaketa hasiera eta Bonbardaketan trenbidetik Forurantz izeneko bideoetan.

    Enrike Aranzabalek Gernika suntsituta, alegia, ezer gabe, geratu zela azaltzen du. Bonbardaketa hasi zenean,  zakuen bidez lubakiak osatzen saiatu ziren nolabait babestu ahal izateko, baina ez zen nahikoa izan. Edozein tokitan babestu zen jendea, Enrike pinu artean zehazki. Enrike pinu artean lau lagunekin ezkutatuta zegoela, hegazkinek metrailadoreekin tiroak jaurti zituzten basora, eta xehetasunez gogoratzen du momentua Enrikek. Bonbardeoak lau ordu iraun zituen, eta lau ordu horietan ikusi zuten bonbek nola suntsitu zituzten etxeak. Enrikek ondo gogoratzen du bizitakoa eta hainbat anekdota eta xehetasun ekartzen ditu gogora. Hegazkinak oso baxu pasatzen zirela aipatzen du, are pilotuen aurpegiak ikustera ere iristen zirela.

    Lehenengo bonbak gelditu zirenean, Foru aldera jo zuten korrika su-eten laburra aprobetxatuz. Ondoren, errekan ere egon ziren bonbetatik babesteko, hegazkinak pasatzen ziren arren jendea metrailatzen. Bonbardaketa amaitu zenean, kaosa, negarrak eta larritasuna nagusitu ziren, Enrikeren familiak zortea izan zuen arren eta inguruan hildako biktimarik ez izan arren.

    Enrikeren testigantzak bonbardaketatik ihes egiteko momentua irudikatzen laguntzen du, hurrengo egunetan oraindik zegoen beldurra ere islatuz. Izan ere, hainbat herritar kobazuloetara joan ziren Gernika berriro bonbardatuko zutelakoan.

    Testigantzaren bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-030-032/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-030-031/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Enrike Aranzabal eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanita Bergara eta Gernikako bonbardaketa | Juanita Bergara | 2010

    Titulua Juanita Bergara eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanita Bergara
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juanita Bergara Gernikatik gertu zegoen herria bonbardatu zuten egunean, eta berak biiztakoa kontatzen du Ahotsak-en Bonbardaketan bere lehengusinaren umea hil zen bideoan.

    Juanita Bergarak Gernikako bonbardaketa San Juan Ibarran pasatu zuen lehengusinarekin batera. Lehengusinak, haren umearekin batera, etxerako bidea hartu zuen, baina irten zenean, bonba bat erori zitzaion gainera eta umeak ez zuen biziraun. Juanita bere kabuz itzuli behar izan zen etxera, itzuli handia eman behar izan zuen salbu iristeko, bideak ere metrailatzen ibili zirelako. Lehengusinaren hanka zauritu zuten, eta Santoñara bidali zuten. Juanitak bertatik alde egin izan ez balu, bertan hilko zela azaltzen du.

    Juanita Bergararen testigantzak bonbardaketaren izugarrikeria ez ezik, hegazkinetatik metrailatzen ibili ziren soldaduen ekintzen larritasuna erakusten du, eta 1937ko apirilaren 26ko eguna Gernikan, eta inguruetan, nolakoa izan zen azaltzen du.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-004-008/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanita Bergara eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Itziar Arzanegi eta Gernikako bonbardaketa | Itziar Arzanegi | 2010

    Titulua Itziar Arzanegi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Itziar Arzanegi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Itziar Arzanegi Gernikan bizi zen gerra hasi zenean, baita bonbardaketa egunean ere, eta egun hori gogoratzen du Ahotsak-en Bonbardaketan basoan babestu ziren izeneko bideoan.

    Gerra hasi zenean, Itziar eta haren familia senitartekoekin bizitzera joan ziren gertuko baserri batera, eta bonbardaketa egunean, basora joan ziren bonba eta hegazkinengandik babestera. Pinu artean ezkutatuta egon zen beste askorekin batera, haien gainetik pasatzen baitziren gerra abioiak. Itziarrek oso momentu gogorra izan zela kontatzen du, izan ere, emakume bat hegazkinetatik nola hil zuten ikusi zuten ezkutatuta zeuden denek, emakumeak erasotzaileak madarikatu bitartean, abiadoreak metraileta atera eta bertan tirokatu baitzuen. Bonbardaketa amaitu ondoren, Sukarrietara alde egin zuen lehengusinarekin batera.

    Itziarren testigantzak gerraren eta, zehazki, Gernikako bonbardaketaren krudeltasuna agerian uzten dute, biztanleria zibileriaren aurkako eraso izugarria irudikatuz.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-052-028/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Itziar Arzanegi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Andone Bidaguren eta Gernikako bonbardaketa | Andone Bidaguren | 2010

    Titulua Andone Bidaguren eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Andone Bidaguren
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Andone Bidagurenek xehetasunez oroitzen du Gernika bonbardatu zuten eguna, eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Bonbardaketako gezurrak, Bonbardaketa osteko lapurretak, Bonbardaketa ostean inguruko etxeak beteta eta Bonbardaketa egunak izeneko bideoetan.

    Andone Bidagurenek Gernikako bonbardaketa egunaz dena gogoratzen du. Andone bonbak erortzen hasi zirenean errekan ezkutatu zen haren nebekin batera. Lehenengo hegazkin bakarra pasa zen Gernika gainetik, baina horren ondoren hirunaka iristen hasi ziren, eta bonbak botatzen hasi ziren arratsaldeko laurak aldera. Bonbardaketa amaitu arte geratu ziren neba-arrebak errekan babestuta, gerrira arte urperatuta. Bonbardaketa amaitu zenean ere ez zuten jakin nora joan, jendea entzuten baitzuten garrasika eta inguruko etxe guztiak jendez bete zirelako.

    Andoneren etxean ere jendea topatu zuten, bertan, Gernika erdialdetik ihes egindako emakume bat bere sei hilabeteko ume bikiekin egon zen. Umeak negarrez ari ziren etengabe, gose zirelako, baina ez zuten asko emateko. Auzoko batzuen arkumeen biberoiarekin behi esnea eman zieten haur txikiei, eta bizitza osorako eskerrak eman zizkien bai amak, baita umeak ere. Andonek bizirik irten ziren testigantzak kontatzeko beharra azpimarratzeko aprobetxatzen du pasartea, jakin behar delako jendea nola egon zen eta nola biziraun zuten.

    Gernikako bonbardaketan gertatutakoaz gain, bonbardaketaren ondoren herrian bizitakoak ere gogoratzen ditu, lapurreta etsituak barne. Bonbardaketa ondoren dena suntsituta zegoen eta herritar asko ezer gabe geratu ziren. Horren ondorio izan ziren hurrengo egun eta asteetan gertatu ziren lapurretak, eta aurrez aurre ikusi zituzten Andonek eta bere familiak lapurretok. Bonbardaketak eragindako desesperazioaren ondorioetako bat izan zen egoera hura.

    Bonbardaketaren ondoren nazionalek gezurrak esan zituztela baieztatzen du Andonek, izan ere, altxatuek Gernika gorriek erre zutela esan zuten. Andonek, ordea, beti aldarrikatu du alemaniarrek bonbardatu zutela Gernika, hau da, Francoren aldekoak. Hala ere, hegazkinak pilotatzen zituztenei ez die errurik egozten, haiek aginduak besterik ez zituztelako jarraitzen, errua, ordea, Gernikaren plano zehatzak egin zituenarena dela dio. Plano haiek berebiziko garrantzia izan zuten, operazioa posible izatea lortu zutelako haiei esker.

    Andone Bidagurenek bere oroitzapenen berri emateaz gain, memoria transmititu eta bermatzeko aldarrikapena egiten du: bonbardaketaren osteko bizi-baldintzak eta frankistek zabaldutako gezurrak azpimarratzen ditu, eragin zuten hondamendiaren erantzule.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-049-020/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-049-017/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-049-022/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-049-021/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Andone Bidaguren eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanita Irigoras eta Gernikako bonbardaketa | Juanita Irigoras | 2010

    Titulua Juanita Irigoras eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanita Irigoras
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Juanita Irigorasek Gernikako bonbardaketa oroitzen du Ahotsak-en Bonbardaketa eguneko gaua izeneko bideoan.

    Juanita Irigoras Gernikako bonbardaketan egon zen eta gaueko panorama zein zen deskribatzen du. Bideo laburrean aipatzen du trenetan biztanleak biltzen ibili zirela jendea ebakuatzeko. Biztanleek Gernikatik eta ingurutik alde egin nahi zuten hurrengo egunetan baserriak ere erasotuko zituzten beldur.

    Bideoa hurrengo estekan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-027-033/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanita Irigoras eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jose Antonio Torrealdai eta Gernikako bonbardaketa | Jose Antonio Torrealdai | 2010

    Titulua Jose Antonio Torrealdai eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jose Antonio Torrealdai
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jose Antonio Torrealdaik zazpi urte zituela Gernikako bonbardaketa bizi zuen, eta egun hartako oroitzapenak kontatzen ditu Ahotsak-en Bonbardaketa eguna, Bonbardaketa eguna eta ondorengoak izendatutako bideoetan.

    Jose Antonio Torrealdaik ondo gogoratzen du Gernika bonbardatu zuten eguna. Hegazkinak bi txandatan iritsi zirela kontatzen du, lehenengoak ingurua kontrolatzeko, eta bigarrenak bonbardaketari ekiteko. Baserri aldera jo zuten bonbardaketa hasi zenean, sasi artean ezkutatzera, eta Jose Antonio andre ezezagun batekin batera ezkutatu zen. Aurrerago, koba moduko batean babestu zen jende askorekin batera, eta haien artean gudari bat ere zegoen. Gudariak zotzak eman zizkien ahoan eusteko, belarriak bonben eztandarekin ez lehertzeko. Jose Antonio bezala, beste hainbeste haur ere zeuden bertan ezkutatuta. Bonbardaketa amaitu zenean, etxera itzuli ziren eta dena sutan ikusi zuten, izan ere, haien alboan pneumatiko fabrika bat zegoen eta bonba su-eragileen ondorioz, sutea izugarria zen..

    Jose Antoniok kontatzen du hasieran alboan izan zuen andreak, bonbardaketa pasa zenean, burua galdu zuela, gertakariak eragindako traumaren ondorioz. Jose Antonio eta haren familiari dagokionez, suak jaten ari zen etxeko gauzak kanpora ateratzen saiatu ziren, baina segituan dena osten zuten ingurukoek. Hurrengo gauak etxe batetik bestera pasa behar izan zituzten, aterpe bila.

    Bonbardaketak Torrealdaitarren familian heriotzarik eragin ez bazuen ere, haren lekukotzak erakusten du gertakariak eragin zuen trauma herritarrengan (burua galdu zuen andrea, kasu) eta bonbardaketaren ondoren denek pairatu behar izan zituzten hondamendi egoera eta galerak.

    Bideoak hurrengo esteketan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-009-006/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-009-005/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jose Antonio Torrealdai eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanita Gangoiti eta Gernikako bonbardaketa | Juanita Gangoiti | 2010

    Titulua Juanita Gangoiti eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanita Gangoiti
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juanita Gangoitik Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Bonbardaketa eguna izeneko bideoan.

    Juanita Gangoitik Gernika bonbardatu zuten eguna gogoratzen du, ez argitasun osoz, baina bai xehetasunen bat. Hegazkinak bata bestearen atzetik iristen zirela gogoratzen du, eta aitak inprobisatutako babesleku batean gorde zirela. Gainera, gorriz edo zuriz ez janzteko agindu zieten hegazkinetatik jendea metrailatzen zabiltzatenak ez erraztasunez ikusteko. Hegazkinak haien gainetik pasa ziren, eta bazekiten Alemania eta Italiatik ekarritako hegazkinak zirela. Juanitaren amona metraila batek zauritu zuen, eta dena apurtuta zegoela gogoratzen du. Hainbatetan aipatzen du gerrako tristura, eta laster egin zuten alde Frantziara. Bonbardaketaren momentuan, umea zela, ez zekien zer gertatzen ari zen Gernikan, ez zekien Gernika izan zela herri erasotua.

    Juanita Gangoitiren testigantzak haur batek, bere ikuspegitik, gerran bizi behar izan zuena erretratatzen du, nahasmendua, sufrimendua eta beldurra sentitu baitzituzten nagusiki.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-040-011/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-040-013/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanita Gangoiti eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernik(k) datu-basean.

  • Carmen Larruskain eta Gernikako bonbardaketa | Carmen Larruskain | 2010

    Titulua Carmen Larruskain eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Carmen Larruskain
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Carmen Larruskainek Gernika nola bonbardatu zuten gogoratzen du eta hori kontatzen du Ahotsak-en Bonbardaketa eguna izeneko bideoan.

    Carmen Larruskain baserrian zegoen Gernika bonbardatu zuten egunean. Hegazkinak gainetik pasatzen gogoratzen ditu, eta lehenengo bonba non bota zuten ere bai: Errenteria ondoko zubian erori zen, baina ez zuten zubia suntsitu. Aita herrian zegoen eta udaletxe azpiko babeslekuan babestu zen gauera arte. Ama soroan zegoen artzaintza lanetan, eta bonbak erori ziren harengandik gertu baina ez ziren lehertu.

    Carmen Larruskainen testigantzak argi eta garbi erakusten du Gernikako bonbardaketaren ezustekoa eta herritarrak abisurik gabe erasotzearen asmoa, izan ere, Carmenen senideak egunerokotasuneko zereginetan murgilduta zeuden aire bidezko erasoak hasi zirenean.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-044-009/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Carmen Larruskain eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Isabel Agirrebeitia eta Gernikako bonbardaketa | Isabel Agirrebeitia | 2010

    Titulua Isabel Agirrebeitia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Isabel Agirrebeitia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Isabel Agirrebeitiak Durangoko bonbardaketa bizi zuen, eta gerrako bizipen eta bonbardaketaz mintzatzen da Ahotsak-en Begoñatik Gernikako erasoen berri izendatutako bideoan.

    Isabel Agirrebeitiak, hain zuzen ere, Durango nola bonbardatu zuten ikusi zuen 1937ko martxoaren 31n. Durangotik, beraz, Begoñara alde egin zuten senitartekoengana babes bila. Begoñatik, ordea, aste gutxitara, apirilaren 26an, Gernikara abiatu ziren hegazkin mordoa ikusi zuten haien gainetik pasatzen. Iluntzean, gorritasuna ikusten zuten Gernika aldetik, hau da, sutan zegoela konturatu ziren. Gernikako bonbardaketaren handitasuna eta erasoaren larritasuna erakusten du Isabelen testigantzak, inguruko herrietatik nola ikusten zen argitzen baitu.

    Bideoa hurrengo estekan kontsulta daiteke: https://ahotsak.eus/durango/pasarteak/dur-032-018/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Isabel Agirrebeitia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • ERROTIK | Gotzon Barandiaran | 2010

    Titulua ERROTIK
    Egilea Gotzon Barandiaran
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak EZ

    XX. mendea mende gatazkatsua izan zen euskaldunentzat: Espainiako Gerra Zibilak euskal lur zein euskaldunak zapaldu zituen; ideia faxistak zabalduak ziren, Euskal Herriaren oinarriak, kultuna zein ideologiak suntsituz; industrialismoak lanbide zaharkituak atzean utziarazi zituen, honako hauek itxiz eta langileak altxatuz… Euskal Herria gatazkaren inguruan bizi zen, beraz. Eleberri honetan, gatazka(k) -barne zein kanpo gatazkak- izango dira erdigune. Horretarako, eleberria hiru zatitan banatua izango da: lehen bi zatietako ahotsa Luis Euskalduna ontzioalako langilearena izango da; hirugarren zatian, bere alaba Loreak izango du hitza. 

    1900. urtean sortu zuten Euskalduna ontziola Eduardo Aznar eta Ramón de la Sotak, Bilboko ia erdigunean. Laurogeita lau urtez zabalik egon zen ontziolako langilea dugu Luis Urresti Arteaga protagonista. Bere aitak bertan lana egiten zuelako, 13 urterekin, ikasketetan ona ez zenez, ontziolan lanean hasteko aukera izan zuen. Bizitza guztian lanean igaro ostean, gauzak aldatu egingo dira, eta lehiakortasunaren balditzek ontziolan kalte eragingo dituzte: Asiako ontziolen lehiakortasunaren eraginez, ontziolaren kapital pribatua pixkanaka ateratzen hasiko da eta Europar Batasunean sartu ondoren, ontzigintza berregituratzea eskatuko du, ontziolak itxiz. Patu berbera zuen Euskaldunak, eta honen aurrean, langileek, Luis barne, gogor egingo diote egoerari. Euskalduna ontziolaren ixte prozesua zehaztasun guztiz kontatuko digu protagonistak, bere autobiografia egiteko datu bilketa egiten baitu (30). Gauzak honela, memoria historikoa garatuko du protagonistak garaiko gertaeren zein egoera politikoaren informazio erreala abiapuntutzat izanik: 1968an Txabi Etxeberrietaren hilketa (14), PNVren esku zegoen Jaurlaritza (18), Patxi Lopezen eskuetan zehazki (57), Santi Brouard hil zuen GALek (21), Raul Losa poliziak hildako unibertsitateko ikaslearen eraginez egineko herri altxamendua (37), ETAren borroka zein bahiketak (59)… Gainera, gatazkaren testuinguruan, sortutako mugimendu kulturalak ere zerrendatuko ditu Luisek: Euskal kulturaren ikur izan zen Pott banda eta aldizkariaren sorrera (45), Oskorri eta Ez dok Amairuk abesten zituzten Arestiren poemak, Ruper Ordorika (49), Atxaga (49)… Testuinguru goraberatsu honetan, garaiak eragin zuzena izanik, ontziolaren itxiera eta erabaki honen haserrea izango ditu abiapuntu Luisek. Erabakiaren aurrean lehen pausoa grebak egitea izan zen, zarata zein oihartzuna izanik, baina honakoa ez zen nahikoa izan. Egoerak okerrera egin eta azaroako egun guztietan poliziarekin gudutu ziren. Poliziek pistolak gero eta sarriago eta errazago erakusten zituzten, haiek ere behin baino gehiagotan jipoitu zituzten ostikoka (52); tiragoma, ur hodi eta koktelak erabiltzeari ekin zioten gerora. Eginiko borrokak, ordea, ez zuen emaitza onik izan; gainera, Espainiako Gobernuak eskainitako birrinei uko egin zien, baita La Navalen eskainitako lanporstuari, beraien duintasunaren kontrakoa zela iritzita (163). Ondorioz, ezin izan zuten sustatzeko fondetan sartu, amaren eskuetan utziz etxeko diru-sarrera. Egoerak ez zuen onera egin: aurretik izan zuen koloneko minbiziak berriro ere garatzeko aukerak zituen, zeren eta arriskutik kanpo egongo zen bost urte igarota minbizia berriz ez ernetzekotan. Albisteak, ordea, ez ziren onak izan, eta aitaren koloneko minbizia sendagaitza zen, metastasia baitzuen. 

    Borroka grina ez zuen Luisek bakarrik, bere alaba Loreak ere baitzuen. Loreak aitaren lagun Fanon izango du eredu eta irakasle honela, borrakatu beharraren ideia garatuz. Loreak bere lagun Bego izango du bidelagun eta Euskal Herri zapalduaren alde egingo dute: eskolan Euskal Herriaren historia ikastearen alde egingo dute. Historiako irakasleri egindako erasoan Bego (bera eragilea ez bazen ere) eskolatik kaleratua izango da, eta haserre, bere kaleraketarengatik mendekua hartu nahiko du desobedentzia zibilaren oinarriak jarraituz. Honela, institutoko teilatuan kateatzeko ideai aurrera eramango dute bi lagunek, baina gauzak ez dira uste bezala izango: poliziak Lorea bultza eta Bego botako du teilatutik. Poliziak egoera bere egingo du eta lagunaren hilketaz zein poliziaren aurka altxatzeagatik espetxeratuko dute Lorea. 5 urtez espetxean egon ostean, amarekin lanean hasiko da dirudunen etxeak garbitzen, baina aita zaintzeko lana utziko du, aitarekin igaroz bere azken egunak. Aitaren heriotzaren ondoren, amarekin lanera itzuliko da. Izen ona izateagatik, Bilboko Guggenheim berrian lan egiteko aukera izango du Loreak. Loreak eta bertara eramango duten Guernican interes berezia du oraingo protagonistak, eta barruan dituen gorroto zein mina ahaztu gabe kuadroaren gainean Euskalduna idaztea bururatuko zaio. Euskaldun bizitzeko borrokatzea beste biderik ez du edonork (118) eta horixe egingo du Loreak, honela bere aitak jasandako bidegabekeria mendekatuko du, baita berea ere. Gertakizun guzti hauek gutunez kontatuko dizkio bere seme Peruri, egindakoa egin ondoren ihesean joan behar izan baitzuen. 


    Picassoren Guernica koadroak berebiziko garrantzia eskuratzen du eleberriaren Loreak narratutako azken atalean. Aipatu berri den bezala, Lorea Guggenheim museoan garbitzaile bezala lan egiten hasten da, instituzio eta boterearen aurkako mendekua abiarazteko. Guggeheim museoa 1997.urtean ireki zuten, eta haren irekiera gogor kritikatzen du Loreak, I Mundu Gerrari esker aberastu zen familia baten jabegoa zuelako, alde batetik; eta “arteak basakeria guztiak ahantzaraziko dizkigula aitzakiatu digutelako” (178), bestetik. Artearen funtzio politikoa erdigunean jartzen da Guggenheim hizpide den momentutik, tresna gisa erabili daitekeelako, bere alde onekin, eta alde txarrekin ere. Gotzon Barandiaranek, gertakari errealak abiatu izanik, egoera hipotetiko bat sortzen du, non Guggenheim museoak Guernica erakustea lortzen duen. Izan ere, Guggenheimek Guernica Bilbora bost urtez ekartzeko eskakizuna egin du behin baino gehiagotan, baina errealitatean, Reina Sofia museoak beti ukatu du koadroaren lekualdatzea. Eleberrian, ordea, Euskal Herriko gatazka armatuaren amaiera “ospatzeko”, museo eta jaurlaritzak Guernica Bilbora ekartzea lortzen du, Guggenheimen urte betez erakusteko. Testuinguru honetan, hainbat hausnarketa planteatzen dira koadroaren esanahi eta egoitzaren inguruan. Guernica koadroak identitate euskaldunik ez duela salatzen du Loreak: “herritarroi Guernica Espainiako museo batean gordetzeak ez zigun ezinegonik sortzen. Gernikarrak izan ziren Gernikara eramateko eskaria herritartu zuten bakarrak. (…) Baina nork ditu gernikarrak gogoan?” (183). Dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko talka islatzen du koadroaren inguruko hurbilketak, izan ere, koadroak gerra ororen zentzugabekeria eta krudelkeria salatzen ditu, faxismoaren aurkako aldarri unibertsala bihurtu baita, eta oinarrian duen Gernikako bonbardaketa, sarri, ezkutuan geratu izan da. Picassoren Guernicako biktima errugabeen motiboa mundu osoan zabaldu zen mugimendu artistikoei (literatura eta zinea) esker. Exilioan dauden espainiar olerkigileak Guernicaren oihartzunaz baliatuko dira Guernicaren irudia bere egiteko; eta horrela, honen irudia pixkanaka euskal nazionalismoarekin bereiziko da. Gauzak honela, Guenica espainiar gerraren aurkako irudi bihurtuko dute espainiarrek, eta Espainiako diktadura amaitzean, demokraziaren garaipenaren iruditzat hartuko dute. Guernicak, ordea, oraindik badu euskal memorian lekua, eta horren adibide dugu Lorea protagonista. Artelanarekiko duen lanaren gertutasunaz balioturik, barruan duen gorroto eta minagatik, Euskalduna idatziko du mihisean. Honela, alde batetik, sinbolikoki koadroaren oinarrian dagoen herri euskalduna irudikatzen du; eta bestetik, bere aitak lan egiten zuen ontziolari erreferentzia egiten dio. Egitasmo horrek badu zentzurik egun ere, eta horren adierazgarri dugu ‘Guernica Gernikara’ aldarriak. Esan dugunez, Guernica artelan bat baingo gehiago da, Gernikaren sarraskiaren islada da, eta irudikatzen duen minak mina dirauen lekuan izan behar du leku; hau da, Guernicak Gernikan egon behar du. 

    Gernika ez da Picassoren koadroari buruz hitz egitean soilik aipatzen, lehenago ere, Gernika batailoia aipatzen da (94), alegia, eleberriak XX. mendeko historiaren errepasoa egiten duen neurria, Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen batailoi euskalduna ere aipatzen du. Gernikako Bataloia Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen eta hego-ekialdean borrokatu zuen euskal unitate militarra da. 1945ean, Pointe Graveko batailan, Medoc (Frantzaia) naziengandik askatzen lagundu zuen talde euskaldunak, Bordeleren askatasunerako puntu estrategikoan, hain zuzen. 

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Gotzon Barandiaranen Errotiki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Zer du aitonak? | Juan Luis Mugertza | 2010

    Titulua Zer du aitonak?
    Egilea Juan Luis Mugertza
    Lekua Zaragoza
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2010
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Liburu honek Peio, Mari Jose eta Luisen istorioa kontatzen du. Luis, Mari Joseren aita eta Peioren aitona da, eta haren osasuna dela eta ospitalean dago. Mari Jose eta Peio bisitan joaten zaizkion bakoitzean izandako bizipen zoroak kontatzen ditu eleberriak, eta baita hobetu ostean zaharren egoitzan bizitakoak ere. Senideen zaintzaren inguruko gogoeta egitera eramaten du istorioak, bi aldeetako sufrimenduaren berri emanez; alegia, Mari Jose eta Peiok aitona horrela ikustean sentitzen dutenaz gain, aitonaren ikuspuntua ere azalduz.

    “Pijama marraduna”ren harira egindako txantxa baten ostean (36), Luisen anaia gorria izateagatik espetxean egon zela kontatzen da. Orduan Peiok gogoratzen du lehen gorri izateak zer esan nahi zuen ez zekien arren, amona Juanitak azaldu ziola: Amona Juanita gerra garaian Busturian bizi zen eta haren aitarekin Gernikara oinez joatea ohikoa zen. Amarekin negarrez zegoela, Busturiatik ikusi zuen Juanitak hegazkin alemaniarrek nola bonbardatzen zuten Gernika, eta umetan hegazkin bat entzuten zuen bakoitzean sentitutako beldurra azaltzen du (37). “Guda garaiko oroimenak kalkamonien antzera gelditzen dira buruan itsatsirik eta hil artean ezin ahaztu” esanez amaitzen du Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa jasotzen duen pasartea.  Esanguratsua da aitona-amonen iraganaren inguruan kontatzen diren gauza bakanetakoa hau izatea, eta gerraz hitz egiten den aldi bakarrean Gernika aipatzeak agerian uzten du leku-izen horren sintesi gaitasuna, Euskal Herrian Gerra Zibilaren oroimen gune nagusia izan arte.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Juan Luis Mugertzaren Zer du aitonak?i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Carlos esaten zioten gizona | Pedro Alberdi | 2009

    Titulua Carlos esaten zioten gizona
    Egilea Pedro Alberdi
    Lekua Irun (Alberdania argitaletxea)
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Pedro Alberdiren Carlos esaten zioten gizona obrak Mario Onaindiaren bizitza (batez ere politiko eta militantea) kontatzen digu, eta era berean, garai bateko euskal komunitatearen erretratua osatzen (Juaristi, 2009). Izan ere, Carlos ezizena jarri zioten Onaindiari ETAn sartu zenean, eta haur zenetik ETAko militante izatera arteko urteak kontatzen zaizkigu, zehazki 60ko hamarkadan atxilo hartu zuten arte. Frankismo betean ainguratzen gaituen obra, alde horretatik, autobiografia edo saiakera bezala etiketatu daiteke, nahiz eta argitaletxeak “narrazioa” sailean argitaratu zuen; fikziozko lanen intentzionalitate estetikoarekin bat egiten badu ere (Juaristi, 2009; Serrano, 2009), Onaindiaren bizitza, eta batez ere, garaiko euskal kulturaren eta gizartearen erretratu fidela kontatzen zaigu orriz orri: “Alberdaniak saiakera saria irabazi zuen, alta bada, Alberdaniak Narrazio sailean kaleratu du. Horra hor literaturaren inguruan sorrarazi ohi den kontrobertsietako bat” (Asurmendi, 2010).

    Erretratu eta deskribapen errealista horretan agertzen da, frankismo garaiko errepresio eta gerra zikina deiturikoaren aurrekari gisa Gernikako bonbardaketaren aipamena, protagonista, artean, jaio gabe zegoela: “Grand Placen aurkituko gara liburuan honakoa kontatu zuen Mariok bere aitaren ibilerez: ‘Gernika bonbardatu zuten egun berean bete zituen hogei urte eta orduan hain zuzen, mobilizaturik izan ziren gazte guztiak, are hogei urte besterik ez zutenak ere’” (2009, 7). Jazoera historiko tragiko horren aipamena, gainera, ikus dezakegunez, ez da zuzenean egiten; testuartekotasunez Alberdik obra guztian zehar behin eta berriro aipatzen eta testuan bertan baliatzen duen Onaindiaren beraren Grand Placen aurkituko gara (1983) nobelaren bitartez ekartzen zaigu. Askotarikoak dira Alberdiren lanean zehar aipatzen diren Onaindiaren testu-txatalak, baita bere inguruan izan zituen garaiko hainbat pertsonen testigantzak eta idatziak ere. Guztiak bat eginda osatzen du, hein handi batean Alberdik Carlosen bizitza eta xehetasunez beteriko narratiba orriz orri. Guztiarekin ere, Gernikako 1937ko apirilaren 26ko gertaera ez da aipatzen testuinguruaren parte bezala soilik; Onaindiaren aita berpizten duenez gero, iraganera begiratzeko eta narrazioko orainaldian nor diren eta nola bizi diren ulertzeko data garrantzitsu bat da obran. Hala, esan dezakegu, jazoera historiko horrek duen karga politiko eta memorialistikoa dela eta, memoria gune bezala funtzionatzen duela Alberdiren lanean.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Asurmendi, Mikel (2010eko urtarrila). Zer da errealitatea eta zer fikzioa?. Irunero. https://kritikak.armiarma.eus/?p=4764

    Felipe Juaristi (2009ko azaroaren 6a). Ibilaldia. El Diario Vasco. https://kritikak.armiarma.eus/?p=4705

    Rojo, Javier (2010eko otsailaren 6a). Mario Onaindiaz. El Correo. https://kritikak.armiarma.eus/?p=4786

    Serrano, Bixente (2009ko azaroaren 22a). Autofikzio bat historiara. Berria. https://kritikak.armiarma.eus/?p=4712

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Pedro Alberdiren Carlos esaten zioten gizonari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Luzaiden gaindi (2) | Angel Ainziburu | 2009

    Titulua Luzaiden gaindi (2)
    Egilea Angel Ainziburu
    Lekua Elkarlanean
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Angel Ainziburu luzaidar bertsozale, historiazale eta idazleak 2009 urtean plazaratu zuen Luzaiden Gaindi 2, Luzaiden Gaindi (2002) lanaren jarraipen gisa. Lehen lana Ainziburu eta Jean-Baptiste Etxarren Lohigorri Uharte Garaziko idazleak 2002 urtean elkarrekin plazaratutakoa izan zen. Bi aleak Luzaide eta inguruko kronika eta pasadizoek osatzen dituzte.  

    Abiapuntua Ainziburuk aurretik hainbat irratsaioetan, hala nola Irulegiko Irratian, Irati Irratian eta Iruñeko Herri Irratian, ahoz kontatutakoak izan ziren.

    Liburua 144 atal laburrez osatua dago, bakoitza gai, garai, pasadizo, pertsonaia ezberdinei lotua. Hauetan 98. atalak “Aleman denborako istorio bat” izenburua darama, eta 1940 urtetik 1944 urtera Frantzia Alemaniak okupatua izana zela oroitarazten du pasadizo tragikomiko baten harira. Bertan azaltzen da Ondarrola auzoan uniformezko lau gizon alemaniar agertu zirela 1941eko udazkenean, eta segituan bertakoen mahaira eseri zirela afaltzera. Zoritxarrez alemaniar batek bere arma eranztean istripuz beste alemaniarretako bat balaz lepoan jo eta hil zuela kontatzen da. Eta horren ondorioz sortutako endredoa azaltzen da, baldin eta egoera argitu eta gorpua eraman zuten arte.

    Pasadizo honen aurretik egiten zaio aipamena Gernikako bonbardaketari zeharka. Izan ere, Luzaide eta Arnegi arteko muga aipatzen da, non 1940 urtean alemanak eta espainiarrak adiskide minak bezala elkarri eskua ematen ikusi izana oroitzen baitute Luzaideko biztanle adindu batzuk. Adiskidetasun min horren lekuko izendatzen da testuan “Gernikako ekintza”.

    Pasadizoan Gernikako bonbardaketaren gaia garatzen ez bada ere, bi ideia azpimarratzen dira aipamenaren bitartez: nazionalsozialismoaren eta frankismoaren arteko lotura pertsonal iraunkorrak urteetan zehar eta alemaniarrek pizten zuten beldurra Luzaide eta inguruan Gernikako Bonbardaketako ankerkeria oroitzearekin soilik.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Auñamendi Entziklopedia. AINTZIBURU, Angel. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2026. [Kontsulta data: 2026ko Martxoaren 28a]. Eskuragarri hemen: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/aintziburu-angel/ar-20909/


    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Angel Ainzibururen Luzaiden gaindi (2)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Suaren agonia | Nestor Basterretxea | 2009-2012

    Titulua Suaren agonia
    Egilea Nestor Basterretxea
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 2009-2012
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Nestor Basterretxearen (1924-2014) ibibilde artistikoari so eginez gero hainbat eta hainbat artelanen muinean aurki daiteke Gernikako izu bonbardaketaren gaia. Horietarik bat da Suaren agonia oroitarria, 2012ko apirilaren 26tik Gernikan bertan, hirurogeita bost urte lehenago hegazkinek lehen bonba jaurti bide zuten puntuan, kokatuta dagoen eskultura publiko erraldoia. Sarraskiaren 75. urteurrenaren karietara, Gernikako herrian antolatutako oroimenezko ekitaldien artean, puntu zehatz horretan —Don Tello kalean, Santana aparkalekuaren aurrean— monumentuarentzat preseski eraiki edo moldatutako plazan inauguratu zuten, beraz, Basterretxearen mukulu biribileko eskultura. «Obra hau oroimen kolektiboan gordeta dagoen mina adierazteko gai izatea espero dut» adierazi zuen artistak (B.e. 2012). Dena den, lehenagokoa da Suaren agonia —edo, behintzat, sorburua—: 2009an, alegia eskultura publiko bilakatu baino hiru urte lehenago, Gernikako Euskal Herria Museoan egon zen erakusgai izen bereko artelana, Xabier Saenz de Gorbeak komisariatutako Basterretxearen Gernika erakusketan, hain zuzen. Erakusketa horretan aurkeztu zituzten, halaber, artistak 1986ean —bonbardaketaren 50. urtemugaren bueltan— ondu eta aurrenekoz 1987an,  Bilboko Windsor kulturgintza galerian, aurkeztutako Gernika bildumako —guztira hogei bat lan inguru— artelan batzuk: bi eskultura eta zazpi pintura. Hauxe dio artistak berak erakusketa horren harira esandakoak biltzen dituen Berria egunkariko erreseinak:

    Nestor Basterretxearen arabera, zaila da Gernika-rik egitea Picassok berea egin ondoren. Haatik, nork bere Gernika duela uste du artistak, nork bere gerra, bere bonbardaketa, deserria, oinazea… Nork berea. Eta Basterretxeak ere badu berea. 1924an Bermeon jaioa, 12 urte besterik ez zituenean utzi behar izan zuen Bizkaiko kostako herria. 36ko gerrak harrapatu zuen aurrena, eta II. Mundu Gerrak gero. Donibane Lohizunen babestu zen hasieran. Eta Argentinan gorde zen, ondoren (Berro, 2009).

    Suaren agonia eskultura geometriko abstraktua da. Albo baterantz okertutako eta makulu batekin eutsitako V hizkiaren edo tximista baten tankerako forma duela uler daiteke eta korten altzairuzko xafla diagonalez osatuta dago —bai joera artistiko horrek bai material jakin horrek Euskal Herrian izan duen ageriko jarraipena sakon aztertu dute Ismael Manterola (2017) edota Ane Lekuonaren (2019, 2021…) pareko arte historialariek—. Horrez gain, tamainari dagokionez, esan bezala, eskultura erraldoia da: 8 metroko altuera, 4,15 metroko zabalera eta 2,5 metroko sakonera ditu. Artistak «bortxazko formatzat» deskribatu zituen xaflen ertz, tolesdura, erpin, angelu eta, orobat, egitura zorrotz eta hotzek zerutik jaurti berri duten bonba baten «erorketa» eta horrek ekarriko duen «suntsipena» errepresentatzen dituzte. Hortik letorke izenburuan azpimarratzen den agonia —hilzoria— ere (Alberdi, 2012). Oinarrian, argiztapen sistema gehitu zioten.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Alberdi, I. (2012ko martxoaren 6a). Nestor Basterretxea recrea “la agonía de fuego” de Gernika. https://www.deia.eus/politica/2012/03/06/nestor-basterretxea-recrea-agonia-fuego-5463587.html

    Berria egunkariko erredakzioa (2012ko apirilaren 26a). Nestor Basterretxearen oroitarria inauguratu dute. https://www.berria.eus/euskal-herria/nestor-basterretxearen-oroitarria-inauguratu-dute_64201_102.html

    Berro, I. (2009ko apirilak 9). Gernika. Euskal Herria Museoa “Nork bere Gernika”. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/museos_prensa_2009/es_bib_pren/adjuntos/2009-04-09Berria.pdf

    Hona hemen artistaren bueltako webgune ofizialerako esteka: https://nestorbasterretxea100.artium.eus/eu/

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Nestor Basterretxearen Suaren agoniari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Eustakia Agiriano eta Gernikako bonbardaketa | Eustakia Agiriano | 2009

    Titulua Eustakia Agiriano eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Eustakia Agiriano
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Eustakia Agirianok Gernika nola bonbardatu zuten sentitu zuen eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketaren hotsa izeneko bideoan.

    Eustakia Agirianok sorotik entzun zituen Gernika gainean 1937ko apirilaren 26an botatako bonbak. Gerra abioiak hirunaka pasatzen ikusi zituzten haien gainetik eta 20 minutura hasi ziren entzuten bonben burrunba. Eustakiak joan etorrian zebiltzan hegazkinak gogoratzen ditu, eragiten zuen zaratarekin batera. Gernikako bonbardaketaz gain, aurretik Otxandiokoa ere entzun zutela aipatzen du: hori dena Eskoriatza aldetik bizi zuten.

    Testigantzak bonbardaketaren handitasuna eta sarraskiaren tamaina erakusten duten, urrutitik antzeman baitzezaketen herritarrek gertatzen ari zena.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/aramaio/pasarteak/ara-084-011/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Eustakia Agiriano eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Dolores Basterretxea eta Gernikako bonbardaketa | Maria Dolores Basterretxea | 2009

    Titulua Maria Dolores Basterretxea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Dolores Basterretxea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Dolores Basterretxeak Gernikako bonbardaketaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eta Gernikako bonbardaketa ostean, Olaetatarren etxean izeneko bideoetan.

    Maria Dolores Basterretxeak lau urterekin Gernikako bonbardaketan bizitakoak kontatzen ditu, gogoan duen haurtzaroko lehen oroitzapenetako bat, alegia. Lagun eta herriko ezagunei esker pasa ahal izan zuten bonbardaketa eta ondorengo orduak babespean, ez baitzeuden haien etxean.

    Maria Doloresek, amarekin batera, Gernika bonbardatu eta hurrengo egunean Belendizera alde egin zuen, eta bertan, Olaetatarren etxe hutsarekin topo egin zuten. Bertan, hainbat familiak hartu zuten babesa eta Maria Dolores ere bertan geratu zen ama eta beste senitarteko batzuekin batera. Maria Doloresek bonbardaketaren hurrengo urteetan familia gernikar askok bizi behar izan zutena kontatzen du, alegia, sufrimendua ez zen bonbardaketaren eta gerraren amaierarekin amaitu. Bost urtez lau familia desberdin egon ziren bizitzen Olaetatarren etxean, orotara, hogeita bi lagun. Haurrak, helduak, zaharrak… denak elkarrekin bizi izan ziren hainbat urtez.

    Bonbardaketak eragindako ondorioetako bat izan zen gernikarrak etxerik gabe geratzea, eta Maria Doloresen familiaren kasua da adibidetako bat.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-027-043/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-001-007/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Dolores Basterretxea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lucia Etxabe eta Gernikako bonbardaketa | Lucia Etxabe | 2009

    Titulua Lucia Etxabe eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Lucia Etxabe
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Lucia Etxabe Gernikako bonbardaketaren egunaz mintzatzen da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa ikusi zuen izeneko bideoan.

    Lucia Etxabek gerra garaiaz hoberen gogoratzen duena alemanek Gernika erre zuten eguna da. Gerra hasi zenean, Bizkaia aldera joan zen eta Mungiako Atxuri auzoan zegoen familiarekin batera 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketa gertatu zenean; izan ere, bertatik oso ondo ikusi zuten Gernika sutan. Bonbardaketaren hurrengo eguna ere ondo gogoratzen du, batailoiak pasa zirelako haien etxe aurretik, baita Gernikatik alde egin zuten herritar gizajoak ere.

    Luciaren Etxabek bonbardaketaren tamaina eta larritasuna irudikatzen laguntzen du; izan ere, ez dago ia Gernika suntsitua erakusten duen argazkirik, eta urruntasunetik Gernika nola erretzen ari zen ikusteak erasoaren handitasuna adierazten du.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/soraluze/pasarteak/sor-089-003/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Lucia Etxabe eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Albina Arregi eta Gernikako bonbardaketa | Albina Arregi | 2009

    Titulua Albina Arregi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Albina Arregi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Albina Arregik Gernikako bonbardaketaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa eta senarraren gerrako bizipenak izeneko bideoan.

    Albina Arregik tristura besterik ez du gogoratzen gerraz, eta Gernikako bonbardaketaz nola enteratu zen oroitzen du. Gernika nork bonbardatu zuten komentatzen zen herrian, batzuek “gorri separatistak” izan zirela zioten, besteek alemanak izan zirela frankisten esanetan, eta Albinak herrian nori sinetsi ez zekitela ibiltzen zirela aipatzen du.

    Albinaren testigantzak erakusten du Gernikako bonbardaketa lehen pertsonan sufritu ez zutenen artean zer esaten zen hari buruz, eta euskal lurretan, bereziki nazionalek okupatutakoetan, nola zabaltzen ziren gezurrak egindako ankerkeria ezkutatzeko.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/azpeitia/pasarteak/azp-029-021/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Albina Arregi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Jose Inazio Urdanpilleta eta Gernikako bonbardaketa | Jose Inazio Urdanpilleta | 2009

    Titulua Jose Inazio Urdanpilleta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Jose Inazio Urdanpilleta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Jose Inazio Urdanpilletak Gernikako bonbardaketa gertutik bizi zuen eta horri buruz mintzatzen da Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.

    Jose Inazio Urdanpilletak Ibarrangelutik bizi zuen Gernikako bonbardaketa eta erasoaren inpaktu handia erretratatzen du bere testigantzak. Astelehenero azokara joan izaten ziren Jose Inazio eta bere familia, baina bonbardaketaren egunean, zorionez, ez ziren joan. Ibarrangelutik Junker hegazkinak hirunaka-hirunaka Gernikara hurbiltzen ikusi zituzten, beranduago, gauez, sua ikusi zuten Gernikatik ateratzen. Gernika aldeak infernua bera zirudiela aipatzen du, dena txikitu zutela bazekiten.

    Jose Inazio Urdanpilletaren testigantzak hondamendiaren tamaina eta larritasuna irudikatzen laguntzen du, urrunetik ikusi eta sentitu baitzituzten bonbardaketaren eraso eta ondorioak.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/donostia/pasarteak/don-012-017/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Jose Inazio Urdanpilleta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Cresen Urkidi eta Gernikako bonbardaketa | Cresen Urkidi | 2009

    Titulua Cresen Urkidi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Cresen Urkidi
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Cresen Urkidik Gernikako bonbardaketa ikusi zuen lehen pertsonan eta egun hori deskribatzen du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.

    Cresen Urkidi, alegiarra, Gernika bonbardatu zutenean bertatik pasatzen ari zen familiarekin batera, eta bonba eta hegazkinengandik nola ezkutatu ziren kontatzen du. Zuhaitzen azpian bilatu behar izan zuten babesa, eta bertatik hegazkinak ikusi zituzten pasatzen, ateratzen zuten zaratak beldurtuta.

    Cresen Urkidi, Gernikan bizi ez arren, bertatik igarotzen ari zen bonbardaketaren egunean, eta bere testigantzak erakusten du oso ohikoa zela inguruko herrietako biztanleentzat Gernikara hurbiltzea azoka eguna zela-eta, edo beste edozein motako arrazoiengatik.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/aulesti/pasarteak/aul-003-008/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Cresen Urkidi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Serapio Udabarrena eta Gernikako bonbardaketa | Serapio Undabarrena | 2009

    Titulua Serapio Udabarrena eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Serapio Undabarrena
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Serapio Undabarrenak etxetik ikusi zuen nola erre zuten Gernika 1937ko apirilaren 26an eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Bonbardaketa eguna, arrosarioa errezatzen eta leihotik begira eta Bonbardaketa ondorena eta gerraostea izeneko bideoetan.

    Serapio Undabarrenak etxeko leihotik ikusi zuen Gernikaren bonbardaketa. Metrailatuta hil zituzten gizonak ere ikusi zituen lurrean botata, eta inoiz ikusi duen gauzarik gogorrenetakoa izan zela kontatzen du. Goizetik ikusi zituzten hegazkinak gainetik pasatzen, eta zerbait gertatuko zela sumatu arren, ez zuten halakorik imajinatzen. Etxean gorde ziren bonbardaketa bitartean, eta amak etengabe errosarioa errezatzen pasatu zituen orduak.

    Bonbardaketa ostean, Gernikara jaitsi zen aitarekin batera, eta oraindik Gernikak sutan jarraitzen zuen. Gainera, hildakoak aurkitu zituzten hondakinen artean. Gorpuak bildu eta kanposantu aldera eraman zituztela gogoratzen du.

    Serapio Undabarrenaren testigantzak herritarrek bizi beharreko hondamendia erakusten du, eta gertakariak eragin zuen trauma eta ondorengo sufrimendua ezagutarazten ditu, bonbardaketaz gain, aurrerago bestelako oztopoei aurre egin behar izan zieten herritarrek.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-002-019/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-002-018/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Serapio Udabarrena eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gaur hogei urte maitasun sutsuz” (2009 Urnieta Sariketa) | Uxue Alberdi | 2009/03/28

    Titulua “Gaur hogei urte maitasun sutsuz” (2009 Urnieta Sariketa)
    Egilea Uxue Alberdi
    Lekua Urnieta
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2009/03/28
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Beterriko II. Bertso Txapelketako hiru saioetako batean ageri da aztergai dugun bat-bateko bertsoaldia, zehazki, finalean egindako saioko ariketetako batean. Manuel Larramendi Kultur bazkuna izan zen txapelketaren antolatzailea, eta hiru saio egin ziren: lehenbizikoan (Amasa-Villabona) Nafarroako bertsolariak Gipuzkoakoen aurka aritu ziren, bigarrenean (Zizurkil) Arabakoak Bizkaikoen kontra, eta finala Gipuzkoako bertsolariek eta Arabakoek jokatu zuten (Urnieta). Lehenbiziko saioan kantatu zuen Uxue Alberdik, bai eta finalean ere, honako bertsolari hauekin batera: Manex Agirre, Jokin Labayen, Ander Lizarralde, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre. Oianume jatetxean izan zen saioa, 20:30etatik aurrera. Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile, eta honako gai hau jarri zion Uxue Alberdiri, bakarka aritu zedin: “Hiru hitz emango dizkizut, eta zuk erabaki abiapuntu bezala hartu, elkarrengandik bereizi, lotu, zuretik kantatu, beste norbaiten paperean aritu… Hauek dira hiru hitzak: maitasuna, gorrotoa eta askatasuna”. Gaiari erantzuteko, sei puntuko handia hautatu zuen Alberdik, eta Arratsalde on eta muxu bat doinuan (kontakizuneko doinuen multzoan sailkaturik dago) (BDB).

    Ibarluzea 2025 lanean zehazten denez, biolentzia matxistak eragindako erailketa baten testuinguruan egin zion aipamena Alberdik Gernikari, zenbait egun lehenago gizon batek emaztea hil baitzuen herri horretan. Bada, kasu honetan, erailketa matxista batek eragindako minak (bonbardaketak eragindako giza-minaren parean jarrita) eta gertakari hori Gernikan gertatu izanak baldintzatu zuen aztergai den agerpen hau.

    Alberdik hiru bertso kantatu zituen, eta lehenbizikoan bikote baten bilakaeraren kontakizuna hasten du, maitasunaren margarita biluz daitekeela iradokiz; jarraian, gertatuaren kritika egin gura duela botatzen du: “Ahots ozenez egin nahi nuke gertatuaren kritika: / berriro ere odolan herri bihurtu zaigu Gernika”. Hala, Gernika gerrak eragindako biolentziatik haratago, genero indarkeriak eragindako biolentziaren irudi ere badela erakusten du bertsolariak. “Berriro ere” horren baitan biolentzia-matxistaren gertakaria ez ezik Gernikan izandako bonbardaketak eragindakoak ere bilduta daudela interpretaturik, aztergai dugun bertsoaldi hau, Gernikari erreferentzia egiten dioten beste bertsoaldi batzuetatik aldentzen da, batez ere irakurketa sozio-historikoa egiten duten bat-bateko bertsoen aldean, irakurketa antropologikoa egiten deneko bakanetako bat delako (Ibarluzea 2025). Izan ere, Retolazaren (2009) hitzetan, “begirada antropologikoek giza espeziearen edo gizatasunaren irakurketa bat proposatzen dute, testuinguru historiko-sozial eta kulturaletik at”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    Alberdi, U. (2009) “Gaur hogei urte maitasun sutsuz”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/ea4u0 [azken kontsulta: 2025/01/02]
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Uxue Alberdiren «Gaur hogei urte maitasun sutsuz» bertsoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Ihes ederra | Alain M. Urrutia, Hedoi Etxarte | 2009

    Titulua Ihes ederra
    Egilea Alain M. Urrutia, Hedoi Etxarte
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Komikia
    Urtea 2009
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kritikarekin bat etorriz, proposamen berritzailea da Ihes ederra bere osotasunean, nola formaz, hala mamiz. Ezohiko (azpi)genero bati dagokion liburua da: irudi eleberria, komiki liburua edo album nobelatua. Hitz eta irudien arteko muga lausotzen den eremu narratiboan badira, gainera, aipagarriak diren ñabardura gehiago ere. Esandakoaren erakusle dira tartekatuta ageri diren hiztegi-sarrerak, poemak, kantak, artelan esanguratsuen ekfrasiak (Picassoren Guernica-rena, kasu), argazkiak, sukalde errezetak edota iritzi zutabeak. Horrekin batera, irakurketa sakontzen jarraitzeko aukera eskaintzen duten informazio iturriak topa daitezke orrialde jakinen ertzetan. Adibidez, aipu bibliografikoak eta interneteko estekak (testuartekotasuna).   Gai aldetik, arazo intimo eta soziopolitikoen arteko ertzei erreparatzen die egileek; maitasunaz, sexuaz, geopolitikaz, memoriaz, historiaren aldakortasunaz eta bestez hausnartuz (kontrazala). Bikote heterosexual monogamo baten egunerokotasuna da, hain zuzen, istorioaren muina. Joanes Apaolaza argazkilariaren eta Olga Perls irakaslearen eguneroko gorabehera horiek guztiak, ordea, ukronia baten barruan gertatzen dira. Alegia, egundo existitu ez den baina, prozesu historikoek beste bide bat hartu izan balute, existi zitekeen Euskal Herri garaikide batean bizi dira bi protagonistak.   1808-1813ko «Argien Gerra» ezkero, Frantses Errepublika Federalaren parte da Euskal Errepublika Askea (39). Plano nagusi batean, Joanes, kazetari lanetan jarduteko, «Ebroko Gune Neutralera» joango da (38-39); Pauline lankidearekin batera, «Euskal Irauna» eskuin-muturreko alderdiaren burua, Mirande Jauna, elkarrizketatuko du (97-109); eta altermundialisten mitin erraldoira ere hurbilduko dira Pauline eta biak, argazkiak ateratzeko (120-133). Beste plano nagusi batean, Olga eta Joanesen etxe barruko egunerokotasuna erretratatzen da (47-81, 166-167…). Nolanahi ere, plano narratiboen aldiberekotasuna eta aniztasuna askoz ere konplexuagoa bihurtzen da aipatutako arrazoiengatik (kode artistiko ezberdinen arteko nahasketa; ukronia; elipsi, analepsi zein prolepsi bidezko denborazko salto erraldoiak…). Modu horretara, testuaren eta irudien irakurketa mailak modu kaleidoskopikoan biderkatzen eta gizentzen direla uler daiteke. Esandakoaz bat, nabarmentzekoa da Iban Zalduak ingelesez idatzitako zientzia fikziozko hitzaurrea (5-7). Horrela, kritikak azaldu bezala, «lan intelektual sakon bezain zail[tzat]» defini liteke Ihes ederra.

    Gernikaren errepresentazio franko aurki daiteke liburu honetan. Hasteko, Picassoren Guernica (1937) koadroaren detaileak ageri dira 151. orrialdean (ekfrasia). Hala nola: kriseilua; haurra hil zaion amaren oinazezko oihua (pietatea); kriseilua eskuan ihesi doan figuraren begitartea… Bineta formako ebakin horiekin tartekatuta, aurreko orrialdearen ertzean zehazten den eran, Alain Renaiss eta Robert Hessensen Guernica (1950) filmeko aipuak irakur daitezke, frantsesez. Gainera, protagonistak ere agertzen dira bineta batean, Olga eta Joanes Guernica filma telebistatik ikusten ariko balira bezala. Liburu ukronikoetan gertatu ohi den legez, gertaera historikoak nahieran desegin eta berregin dituzte egileek, oraineko begietatik, iragana irudimenez eta (kasu honetan) ironia finez berrasmatuz. Hortaz, ez da harritzekoa tartean datu historiko errealak txertatzea. Izan ere, Gernikako bonbardaketa gertatu eta gutxira, Paul Éluardek, Georges Auricen musika partitura iturritzat hartuz, “La victoire de Guernica” (1937) poema argitaratu zuen Cahier d’art aldizkarian. Resnaisek poema musikatu hura hartu zuen oinarritzat “Guernica” filmeko soinu banda sortzeko garaian. Deigarria da, bestalde, Picassoren Guernica-ren detaileak erakusten dituzten bineta horiei guztiei Etxartek eta Urrutiak goialdean gehitutako «arte» hitza.   Segidako orrietan (151-152), gizateria zibilaren aurkako erasoaren ikur bihurtu den Guernica koadroaren erreproduzkioa ageri da, osorik. Erreproduzkioaren azpian, Éluarden poema irakur daiteke frantsesez. Horrez gain, Mikel Antzak euskaratu eta Susa argitaletxeak sarean zintzilikatutako “Gernikaren garaitza”-ra, Éluarden poemaren itzulpenera, garamatzan esteka topa daiteke orrialdearen ertzean.             Bistan geratu denez, mugarritzeko zaila den proposamen ausarta da Ihes ederra. Kontrazalean irakur daitekeen antzera, baina, baditu bi ardatz: maitasuna eta konkista. Lurren, gorputzen eta kulturen kolonizazioaren gaineko gogoeten artean, bada aipu bat zuzen-zuzenean lotu daitekeena Gernika/Guernica binomioaren irudikapenekin. Are, nola Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak, hala Guernica margolan ezagunaren (eta hark bultzatutako fenomeno transmedialen) ekfrasiak irakurtzeko giltza izan daiteke: «Inbasiorik mingarriena memoriena da» (39). Jakin badakigunez, Gernika euskal gizartearen oroimen gune nagusia da; kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen sedimentua eratu den gunea, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Alain M. Urrutia, Hedoi Etxarteren Ihes ederrari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gernika(k) datu basean Ihes ederran aipatze den Alain Resnais eta Robert Hessensen Guernica filmari buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke. Gaztelaniazko itzulpena Hedoi Etxartek egin zuen "La bella huida" izenburupean.

  • Hustuari hitzak (Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio), En torno al Guernica (José Manuel Ballester) | Andoni Egaña, José Manuel Ballester, Maialen Lujanbio | 2009-2020, 2020/12/21

    Titulua Hustuari hitzak (Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio), En torno al Guernica (José Manuel Ballester)
    Egilea Andoni Egaña, José Manuel Ballester, Maialen Lujanbio
    Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak, Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak, Pintura
    Urtea 2009-2020, 2020/12/21
    Errepresentazio Historikoak BAI

  • Terra Sigillata | Joxe Austin Arrieta | 2008

    Titulua Terra Sigillata
    Egilea Joxe Austin Arrieta
    Lekua Tafalla (Txalaparta argitaletxea)
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Liburuaren kontrazalean zehazten denez, terra sigillata latinismoak “Zigilaturiko lurra” esan nahi du, alegia, markaturik dagoen lurrazala, materiala. Eta, hain zuzen ere, Joxe Austin Arrietaren nobela homonimoak markaturik ageri den lurrazalera garamatza, Euskal Herriak bizi duen egoera politiko nahasira. Hala, erromatar garaiko pitxarrak eta zeramikazko objektuak nola, Arrietaren liburuak historia zehatz bat kontatu nahi digu, nobelaren eta saiakeraren artean dagoen proposamen literarioaren bitartez. Hitzaz Mendi  elkarteko kideen askotariko ahotsak eta perspektibak gidari izanda, noiz errealismoz, noiz fantasiaz, euskal iragan hurbilari begiratu eta protagonistek bizi duten orainaldia berreraiki nahi digu, «oroimenaren eta errealitatearen pitxer hautsia berrosatu nahian» (sinopsia).

    Euskal Herriaren historiaren berridazketa horretan, ezinbestean bezala, Gernika agertzen zaigu, behin baino gehiagotan, gainera. Lehenengo aipamena 120. orrialdeak dakarkigu: «Aitzina, ene otso arreak! Bila dezagun aireplano jausia, Bizkaiko Golko honetan jitoan dabilkeena, arrima gaitezen haren kostadura eta dagigun salto ikaratu gabe haren barrura, barruan zer dagoen aguro daigun kontatu, txikota lotu eta daramagun Hobetu Leike porturaino! Vorwärts, aurrera, aitzina! Gora Done-Hitz! Lagun diezaiegun lehortar (a)saltatu horiei beren Gernika geuk suntsitua berreraikitzen!…». Intradiegetikoki sartu den bigarren testu bateko hitzak dira horiek, eta ikus daitekeenez, Gernikako bonbardaketari egiten dio erreferentzia, baina, biktimarioaren ahotsetik, alegia suntsitzailearen ahotsetik.

    Bigarrenak, ostera, Gernikatik Elgetan gertatutakora garamatza, 245. orrialdean: «“Zortzi gudariren hezurdurak topatu dituzte Elgetako 3 hobitan” (berria, 04/06/17) “Frankistak zuloaren kanpoan zeuden, oihuka: Espainolez dei egiten zieten barrukoei: ‘Akabatu egingo zaituztegu!’ Anaiak kontatu zion Victor Garairi gertaturiko guztia: ‘Aita irten egin zen, etxeko ugazaba zela eta zer behar zuten galdeginez’. ‘Eskuak gora’, oihu egin zioten, eta bertan akabatu zuten. Lau gudari atearen alde batean hil zituzten, beste hirurak, bestean. Anaiak, 11 urterekin, guztia ikusi zuen. Izeba eta anaia belar tartean ezkutatu ziren, Bizitza guztian kirioak dantzan ibili zituen bizi izandakoarengatik”. Elgetako Antzuategi baserrian gertaturikoa, 37/04/24an. 3 egun geroago, Gernika”. Gernikako bonbardaketaz zuzenean ez diharduen arren, bonbardaketaren aurretik Euskal Herrian, eta Gernikatik hurbil zegoen giroaren berri ematen digu; Gernikaz gain, beste herri ugari txikitu zutela ondo dokumentatuta dago (Irujo, 2018; Juaristi, 2017). Aipamen horrekin, hortaz, beste Gernika horietako bati ikusgarritasuna ematen zaiola ikusi dugu.

    304. orrialdeko aipamenak, beste behin, Gernikako bonbardaketa seinalatzen digu zuzenean: «Eta halako  batean nik, hiri zaharrari begira: eraikin guztiak jatorrizkoak direla dirudi, ez berreraikiak, gerlan ez al zen bonbardatua izan Heidelberg. Eta haiek erantzuna zehatz: ezetz, akordio sekretu bat izan omen zela Hitler eta Churchillen artean, alemanek Oxford, eta aliatuek Heidelberg errespetatze aldera. Gure Gernikak baino zorte hobea izan zenuten, beraz, heidelbergtarrok, nik orduan, iraizean bezala, bidenabarrean bezala. Gure artean ohikoa. Baina haiengan ez, nonbait. Nolako mina eragin nien, Amaia. Ikusi behar zenituen haien begitarte atsekabetuak, eta entzun haien desenkusa-hitz hatspeituak: ez pentsatzeko, arren, aleman guztiak berdinak zirenik, barkatzeko, othoi, egin ziguten kaltea, hondamendia, bortizkeria, mesedez, bitte, por favor…». Jazoerak hark eragindako biktima/biktimario arteko elkarrizketa bat antzeratzen zaigu pasarte horretan, zeinetan, alemaniarrak seinalatzen diren bonbardaketaren erantzule nagusitzat.

    Hala ere, Gernikako bonbardaketaren inguruko deskribapen eta aipamen xehena “Albainketa 5 (Goruetan barrena)” azpiatalak dakar. 384-405 orrialdeen artean etengabeak dira bonbardaketaren inguruko oihartzunak, eta jazoera hark euskaldunei ekarri zien mina: «Egunero berrekingo zioagu Gernika berreraikitzeari» (387); «Gernika suagatu zuen Kondor Legioaren Buru Nagusia, Jenerala-edo, Von Richtofen izeneko urde zikin madarikatu bat zela» (405.). Guztietarik ere, ondorengo pasartea da esanguratsuena: «Dena den, Pintto eta Gernikaz hasi nauk, eta segi dezadan. George Steer-en liburuko argazki famatu horretan inspiratu ninduan, lastima hemen eskura ez izatea, baina ikusia izango duk behin baino gehiagotan, seguru: txakur pintto bat ageri duk kale erdian, Gernikako etxe kixkali [sic] eta porrokatuen artean, hango desolamenduari begira; jenderik ez duk inor ere ageri; soilik keadarrak, etxe-aurriak, deboilamendua, hondamendia, eta parez pareko bidegurutzeko kale-kantoian errotulua, gezi banarekin: bilbao [sic], ezkerrera, lequeitio [sic], eskumara. Beti iruditu izan zaidak argazki hotzikaragarriki ederra. Beste bat bazagok beharbada ezagunagoa, aspaldixko urteotan prentsan-eta maizago erabilia izan delako, nik uste: Gernika osoaren airetiko panoramika bat, Gernikaren eskeleto kixkalia esan geniezaiokeena, hango triskantza orokorra gordin eta garden asko erakusten duena” (385). Izan ere, azken aipamen horretan, oso bestelako lengoaiak jartzen ditu elkarrizketan: egiazko argazki historikoa, eta haren interpretazio kritikoa, protagonistaren galbahetik pasata.

    Azken kapituluak ere “(a)mare vaconum” izenekoak, badakar Gernikaren aipamenik, eta beste behin, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoari egiten dio erreferentzia. Euretariko batean, mendekua iradokitzen zaigu, jazoera historiko hark utzitako aztarnaren eta minaren erakusgarri: «“Nola pentsatzen duzue portura iristea’ –esan ohi diet sarri, nire atxiloketa-ziega honetatik, Hyghyaphonetik, hau bederen ez baitidate kendu– “nola hango erresistentziarekin kontaktatzea, Gernikaren ordaina eman ahal izateko, baldin itsaso beti arrearen berdintasun berdingabean galtzen badira egunero zuen mezu ustez ezkutu zinez garden guztiak, Enigma kodea hain aspaldi dezifratua izaki?” (428-429). Ikus dezakegunez, aipamenez aipamen, Gernikako bonbardaketaren ingurumarien askotariko ertzak ekarri dizkigu nobelak: biktimen sufirmendua, mendeku nahia; hondamendia eta txikizioa, dokumentu errealak eta argazkiak; Gernika bezala suntsitu zuten beste Gernika bat, Elgeta; bonbardaketaren erantzuleak eta euren ondorengoen damua, besteak beste. Guztiarekin ere, Arrietaren proposamen estetikoak berretsi digu Euskal Herriaren historiaz hitz egiterakoan, haren egoera politikoa zertan den berridazteko saiakeran, Gernika (eta beste Gernikak) aipatu ezinezko erreferentzia eta efemeridea dela, euskal komunitatearen terra sigillatan ageri den borratu ezinezkoa arrastoa.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Irujo, Xabier (2018). The Bombing of Gernika. A Short History. Center for Basque Studies.

    Juaristi, Patxi (2017). 1937ko apirilak 26: Munitibarren eta Bizkaiko Ekialdeko herrien aurkako erasoak. Kondaira, 17, 1-31. or.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Jose Austin Arrietaren Terra Sigillatari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Guernica: A Novel | Dave Boling | 2008

    Titulua Guernica: A Novel
    Egilea Dave Boling
    Lekua Picador
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Dave Boling 1951 urtean Chicagon jaiotako kirol kazetari amerikarra da, euskal jatorriko emakume batekin ezkondu eta Bizkaitik Estatu Batuetara artzantzara joandako aiton-amonen eskutik ezagutu zituen lehen aldiz euskal kultura eta historian zehar euskarak eta euskal kulturak jasandako gorabeherak: janaria, dantzak, euskal balioak, esate baterako familia eta legatuarekiko leialtasuna, Francoren garaiko jazarpena, eta baita Gernikako bonbardaketaren nondik norakoak ere.

    80. hamarkadaz geroztik kirol kazetaritza izan zuen lanbide eta 2000.go hamarkadan, kirol berriak eta erreportaiak idazteaz gain, fikzioari ekin zion. Guernica: A Novel (2008) izan zuen lehen eleberria.

    Egileak eleberriaren sortze prozesuari buruz azaltzen duenez, eleberria idaztean zuen helburu nagusia egungo amerikar irakurlea Gernikako bonbardaketaren tragediara hurbiltzea izan zen. Izan ere, ohartua zen Picassoren margoa ezaguna bazen ere, margoaren abiapuntua izan zen ankerkeriaz beteriko gertaera tragikoa ez zela inola ere ezaguna.

    Eleberriak Gernikako Ansotegi familiaren historia kontatzen du, 1893tik 1940 urtera. Lau belaunaldiren bizitzak jarraitzen dira bertako Errotaberri baserrian, hitzaurrea irakurtzean argi geratzen delarik eleberriaren erdigunean kokatzen direla Gernikako bonbardaketa eta beronen ondorioak familian, herrian eta euskal kulturan. 1889 urtean jaiotako Justo Ansotegui izango da pertsonaia nagusietako bat. Hitzaurrean jada galerak eta sufrimenduak bortizki jotako pertsonaren soslaia egiten da. Eleberria osatzen duten bost zati eta 27 ataletan kontatzen dira familiaren garapena, Gernikako Ansotegui familiaren eta Lekeitioko Navarro familiaren nondik norakoak, Justoren alaba Miren eta Navarrotarren seme Miguel-en ezkontzaren bidez bi familien erkatzea, Gernikako Bonbardaketaren ondorioz bi familiek izandako galerak eta ondorengo urteetan tragediaren ondorioekin elkarbizitza prozesua. Izan ere, merkatuan suertatzen dira apirilaren 26 horretan Justoren emazte Mariangeles eta alaba Miren bere urtebeteko haurtxo Catalinarekin. Hiruak desagertzen dira bonben azpian.

    Boling-en hitzetan eleberriak Gernikako Bonbardaketa ardatz harturik gizakiak bere maiteekiko, familiarekiko eta aberriarekiko duen maitasunean murgiltzen da, eta helburutzat zuen XXI. mendeko indarkeria eta atentatuen aurrean itxaropena ematea, hala nola 2001eko Dorre Bikien aurkako atentatuen ondorengo tragedien aurrean.

    Aipatu bezala, eleberria hitzaurrearekin hasten da, eta amaitu hitzatzearekin. Hitzaurrea 1939an kokatua dago eta narratzailearen ahotsak, hitzatzean bezalaxe, fokua Justo Ansoteguirengan jartzen du. Honela adierazten da istorioan zehar ikuspegi nagusia pertsonaia honena izango dela. Hitzatzea, aldiz, urtebete beranduago kokatzen da, 1940 urtean. Alabaina, bion kokalekua Gernikako merkatua da, bietan azaltzen da Justok eta familiak merkatu horretan bertan izandako galeraren presentzia, baita Bonbardaketaren ondoren herriko familiek eta Gernikak berak egin behar izan duen prozesua ere; bietan Justoren eromenerako arrazoi boteretsuak eta indar fisiko eta barne indarra azpimarratzearekin batera, Gernikako arbolaren biziraupenari aipamena ere errepikatzen da. Hitzaurrearen amaieran “izena duenak, izana du” euskal atsotitza azaltzen du narratzaileak, eta horri lotuta, hitzek atzitu eziniko gertaeren aurrean zer egin mahai-gaineratzen da. Hala nola, 1939 urtean Justok buruan darabiltzan Bonbardaketaren irudiak oraindik ere hitzekin atzitu eziniko errealitate gisa definitzen dira. Begiek ikusitakoa hitzek adierazi ezina azpimarratzen da. 1940 urtean kokatutako hitzatzeak aldiz tonu itxaropentsuagoa du, Ansotegui familiak ikasi baitu tragediaren eta galeren ondoren emozioak birkokatzen eta eraldatzen. Frankismoaren jazarpena areagotu bada ere Gernikari, euskarari eta euskal kulturari dagokionez, orain Ansotegui familia indartsuagoa da, eta pertsonaien ikuspuntutik erresistentzia eta garai berri baten aukera posible ikusten dira. Hitzaurre eta hitzatzearen artean sei zatitan antolatutako 27 atal topatzen dira eleberrian, eta haietatik laugarren zatiak, 16. eta 17. atalek osatua, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa azaltzen du.

    Kritikak eleberrian azpimarratu duen ekarpen ausartetako bat izan da egileak Ansotegui eta Navarro familien ikuspuntuez gain Picasso eta Wolfram von Richthofen-en ikuspuntuak txertatu izana hainbat pasartetan. Honela, alde batetik Bonbardaketaren aurreko eta ondorengo egun eta orduetan biktima eta biktimarioen ibilbideak jarraitzen ditu irakurleak, eta bestetik bonbardaketaren tragedia historikotik Picassoren sormen prozesura eta artelanaren munduratzeko bidea ere egiten da eleberrian. Halaber, Boling-ek ez du ahazten bonbardaketaren ondorioz milaka haurrek Ingalaterrara egindako bidea.

    Eleberriaren amaieran pieza guztiek bat egiten dute, hau da, Ansotegui eta Navarro familien berreraikuntza prozesuak, Ingalaterrara bidalitako haurren historiak eta Picassoren Guernica margoaren ibilbideak.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    A los cuatro vientos. In Wikipediahttps://es.wikipedia.org/wiki/A_los_cuatro_vientos_(Guernica) (8.4.2026)

    Boling, Dave. “On the Writing of Guernicahttps://www.daveboling.com/works.htm

    Cafazzo, Debbie. “Debut Novel by Sportswriter Came to Life on the Sidelines” https://www.daveboling.com/bio.htm

    Itani, Frances (2008). “War Crimes: Review on Guernica by Dave Boling”. The Washington Post. https://www.washingtonpost.com/wp-dyn/content/article/2008/12/19/AR2008121901593.html

    Marshall, John (2008). “Book review: A new novel about Guernica’s old tragedy”. The Mercury News. https://www.mercurynews.com/2008/10/31/book-review-a-new-novel-about-guernicas-old-tragedy/

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Dave Bolingen Guernica: A Noveli buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Egindako itzulpenak: A los cuatro vientos. Trad. Damián Alou. Madrid: Suma de Letras, 2008; Der Tanz der Freiheit. Trad. Rainer Schmidt. Munich: Droemer, 2009; Γκερνίκα. Trad. B. Kokkívou. Metamorfossi: Psichogios, 2009; Guernica. Trad. P. Bertante. Milano: Mondadori, 2009; Guernica A Saga De Uma Familia Em Meio A Guerra Civil Espanhola. Trad. André Pereira da Costa. Sao Paulo: Prumo Rocco, 2009; Gernika. Trad. Mjriana Đukić-Vlahović. Belgrado: Mladinska knjiga, 2009; Guernica. Trad. Marek Fedyszak. Varsovia: Wydawnictwo Albatros, 2012; Guernica. Trad. Patricija Vodopija. Zagreb: Mozaik knjiga 2010; Guernica. Trad. Kari Risvik, Kjell Risvik. Oslo: Forlaget Press, 2010; Guernica. Trad. Lia Rocha da Cunha. Porto: Millbooks, 2009; Guernica: Román. Trad. Antonín Otáhal. Praga: BB/Art, 2009; Garniḳah. Trad. Noah Ben-Porat. Tel Aviv: Aryeh Nir, 2010; Marktdag in Guernica. Trad. Ineke van Bronswijk. Mistral 2008.

  • Euskaldun guztion aberria | Iban Zaldua | 2008

    Titulua Euskaldun guztion aberria
    Egilea Iban Zaldua
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008) nouvellean umorea, kritika, ukronia, errealitate paraleloak eta giza harremanei loturiko bestelako gaiak uztartzen dira. Argumentuari dagokionez, Joseba Anabitarte filologoa da protagonista eta euskal gatazkatik aldentzeko Anchoragen (Alaska) onartu duen irakasle postuan pasako dituen sei hilabeteak kontatzen dira.

    Bestalde, kontakizunak hainbat geruza narratibo eskaintzen ditu, Joseba narratzailearen jarduna bestelako kontakizun-moldeekin nahastuko den neurrian: elkarrizketa hutsezko pasarteak, abesti baten letra, Josebaren oharrak eta eskolako apunteak… Eta hain justu, Gernikari buruzko lehen aipamena metafikziozko horrelako testu batean aurkitzen da, Josebaren ikasgaiko programaren baitan.

    Izan ere, Joseba “Euskal kultura eta historiarako sarrera” ikasgaia ematera joan da Anchorageko unibertsitatera eta 49-52. orrialdeetan ikasgai horretako Josebak ehundu duen programa eskaintzen da. Programako 4. puntuan, “Euskal Herriaren historiaren zantzuak” gaia agertzen da eta, historiaurretik egungo historiarako ibilbidean, g. azpiatalarekin ixten da bai gai, eta baita programa osoa ere: “Gernikatik Gernikara: Euskal Herriko egungo historia” (Zaldua 2008, 52). Eta gaiaren garapena elipsian gertazen bada ere, pentsatzeko da Gernikako bonbardaketatik 1979ko Gernikako Estatutura bitarteko aldiaren historia eskoletan azaltzea aurreikusten zuela Josebak.

    Izan ere, eta xehetasunetan sartu gabe, azkenean Josebak ez dituelako aurreikusitako eskolak emango. Nolabait esatearren, bere eskoletan bestelako Euskal Herriko kultura eta historia bat asmatuko ditu: “Jolas bat bezala hasi da dena, beraz, euskararen antzinatasunaren mitoa eztabaidan jarri ez dudan une beretik. Zergatik ez jarraitu bide beretik?” (Zaldua, 2008: 63). Horrela, eskoletan irakatsi beharrekoak albo batera utzi eta errealitatetik ezin aldenduago legokeen bestelako errealitate bat irakatsiko die ikasleei. Eta aurrez euskal filologia edo literaturako gaiekin egin bezala, Euskal Herriaren egungo historiari dagokionean ere historia erabat antzaldatzen du Josebak, 102-105. orrialdeen artean irakur daitekeen bezala.

    Erreal gisa aurkezten den asmaturiko historia horretan, besteak beste, Independentzia Gerrek bestelako amaiera bat izan zuten eta Euskal Herria Gerra Handian sartu zen Frantzia eta Britainia Handiarekin batera. Alta, badirudi errealitate horretan Espainiako Gerra Zibilik ez zela egon. Eta hain zuzen, asmaturiko balizko errealitate horretan aurkituko Gernikako bonbardaketaren aipua; kasu honetan, bestelako bonbardaketa bat izan arren: “Eta 1941-44 arteko okupazio naziak apenas aurkitu zuen erresistentziarik, Gernikako 1941eko bonbardaketaren ondoren: soldadu germaniarrak astebetean iritsi ziren Ebroko mugarino, Blitzkriegaren erakusgarri bikain” (Zaldua, 2008: 103).

    Horrenbestez, eta kontakizunaren muinean umorea, ironia eta kritika daudelarik, Josebak egia edota gertakari historikoez bestelako errealitate bat transmititzen die ikasleei. Fakez gainezkako post-egia horretan, adibidez, bestelakoa litzateke bai euskararen, bai euskal literatura edota Euskal Herriaren historia. Eta ikus daitekeenez, bai historia ofizialean, zeina protagonistak “Gernikatik Gernikara: Euskal Herriko egungo historia” azpiatalean bildua asmo zuen, eta baita asmaturiko historian ere, zeinetan bonbardaketa 1941ean jazoko den eta nazien okupazioaren hasiera bilakatu zen, Gernikak funtsezko izaten jarraitzen du.

    Azkenik, aipatu behar da eskoletan jolas gisa hasitakoak ezusteko ondorioak izango dituela kontakizunaren amaieran, Euskal Herriko historia antzaldatzearekin batera, azkenean, Josebaren errealitatea ere halaxe antzaldatuko delako.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Iban Zalduaren Euskaldun guztion aberriari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Ramón Carrera | 2008

    Titulua Gernika
    Egilea Ramón Carrera
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Ramón Carrera gerraosteko eskulturaren ahots nagusienetako bat da, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu edo Ibarrolarekin batera. Abangoardiako eskulturaren ekarpenak bereganatu zituen Londres eta Parisen egindako denboraldien ostean eta eskultura abstrakto eta espresibo baten alde egin zuen, informalismoa eta espresionismoaren lorratza jarraituz. Bere obretan materialaren berezko balore plastikoak, planoen trantsizioak, ehundurak eta formen erlazio eta tentsioak dira espresio elementu nagusiak. Nahiz eta geometrikotasuna noizbait abiapuntu bezala erabili, organikoaren zantzua da Carreraren lanetan nagusitzen dena.

    1970an eta 1980 inguruan Gernikako gaiari eutsi ostean –Gernika (1970) eta Bombardeo. La ruina. La guerra (Gernika 2) (h. 1980) lanekin–, Carrerak 2000 hamarkadan berriro ere gaiari eutsi zion Montag (2007) eta Gernika (2008) lanekin. Bietan egurra erabiltzen du material bezala, baina bi obra hauen planteamendua oso ezberdina da. Carreraren 2008ko Gernika Bizkaiko Batzar Nagusietarako proiektatzen duen estela baten maketa da. Forma zilindrikoa daukanez (nahiko txaparroa da), erromatar miliarioak burura ekartzen ditu eta, zentzu horretan, irudizko “inskripzio” modura, alde ezberdinetan, bi irudi sinboliko ditu: alde batean zuhaitza, inguruan izaten duen baranda eta atzeko tribuna-tenplua antzematen dira eta, beste aldean, Picassoren Guernica (1937) koadro famatuari erreferentzia egin diezaiokeen zaldi baten burua. Horrela, pieza bakar eta doi batean, Gernika berak daukan sinbolismo bikoitza aldarrikatzen du. Trazu latzez egindako espiral bat markozten du zuhaitza eta ingurukoak konposizio zirkular batean sartuz. Marra zakar berdinez landuta dago zaldia, egurrak berak eskatuko balu bezala erabilitako teknika espresionista hori.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Ramón Carreraren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Egurra, 26 x 16 x 16 cm.

  • Munduko zazpi herrialdetako ipuinak | Joseba Sarrionandia | 2008

    Titulua Munduko zazpi herrialdetako ipuinak
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Obra honetan zazpi herrialdetako istorioak biltzen dira, Pedro Osés ilustratzailearen irudiz lagunduta. Liburua zazpi ataletan banatuta dago eta horietako bakoitzean haur batek hartzen du hitza, norbere burua aurkeztu eta bere eskualdeko ipuin bat kontatzeko. Osamu japoniar gazteak, aitona-amonak Hiroshiman hil zirela aipatzeaz bat, parez pare jartzen ditu Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketak (1945) eta Durango eta Gernikako bonbardaketak (1937).

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • Bilbao-New York-Bilbao | Kirmen Uribe | 2008

    Titulua Bilbao-New York-Bilbao
    Egilea Kirmen Uribe
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2008
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bilbao-New York-Bilbao nobela, bizitzara atxikitzen gaituen kontatzearen edo istorioak partekatzearen beharrizanari eginiko omena dela uler liteke. Hamaika kontakizun motzekin ehotako sarea dirudi. Hezurdura ornogabe horretan datza, idazkera bereziarekin batera, nobela hau esperimentu literariotzat jotzeko arrazoia.  Esan nahi da, nobelaren baitan ez dagoela hari narratibo nagusirik, ezta gainerako istorioei gain hartzen dien istorio barnebiltzailerik ere. Aitzitik, hari askoren bidegurutzea denez gero, irakurleei ematen zaie, ohi baino modu agerikoagoan, esanahiak eraikitzeko ardura. Ikusmolde artistiko horren aldeko jarrera, erdi autobiografikoa-erdi fikziozkoa den Uribe kontalariak berak ebakitzen du pasarte batean: «Kontakizun batez apaindu zuen haren argudioa, balorazio zuzenik gabe. Horixe izan nuen gogokoen, alegia, kontakizun harekin askoz garbiago ikusi nuen dena. Izan ere, kontakizunek errealitatearen ñabardurak jasotzen dituzte. Eta ñabardurak dira bizitzan inportanteena» (52).

    Familiako mikrohistoriak materia poetikotzat, literatura egiteko iturritzat, darabiltza Uribek. Istorio bihurtutako historia zati horien artean, sormen prozesuaren, edo fikzioranzko igarobidearen inguruko oharrak eta zalantzak plazaratzen ditu. Barru-barruko kontuak, mundu propiala, paperera eramateko emandako urratsen segidan (162), pisu itzela hartzen du gertuko eta inguruko jendearengandik bildutako ondareak. Oroimenaren iturri anitzetatik edaten du, dela komunikatibotik —ahozko testigantzak, ahots grabaketak, gutunak, bertsoak… (19, 87, 188, 105…)—, dela kulturaletik —artelanak, museoak, dokumentuak… (15, 17, 174, 13, 235…)—. Guztira, «zatika, oso zatika» bada ere, hiruzpalau belaunaldiren kontakizunak aurki daitezke eleberrian (155). Iragana eta oraina nahastuz, gerraurreko, Gerra Zibileko, diktadura frankistaren mendeko eta erakunde armatuak markatutako sasoietako oroitzapenak, 2008an, hitzaldi bat emateko Bilbotik New Yorkera bidean doan autofikziozko idazlearen orainaldiarekin tartekatzen dira. Autofikziozko kontalariak bizitzea egokitu zaion testuinguru gatazkatsuaren gainean egiten duen hausnarketaren sostengu da Gernika/Guernica-ren iruditeria. Gure iragan hurbila ezaugarritzen duten bizipen eta oroitzapen traumatikoak ez ezik, itxi gabeko zauriak denboraren (alegia, oroimenaren) neurri bihurtzen direlako gogoeta, testuinguru politiko gatazkatsuetan artisten funtzio politikoa zein ote den planteatzen duen galdera, trauma habitatzeko modu desberdinak, eta bakegintzari ekiteko deia ere irudikatzen ditu Gernika/Guernica binomioaren bidez.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gaztelaniazko itzulpenak izenburu bera mantendu du eta Ana Arregi arduratu zen itzulpenaz.

  • Sois forte, Lucia | Marie José Basurco | 2007

    Titulua Sois forte, Lucia
    Egilea Marie José Basurco
    Lekua Pau
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Ruiz Cano, Marina (2025): “Ficha sobre Sois forte Lucia de Marie José Basurco”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1337

  • Chronicles of the Spanish Civil War: A Valley of Betrayal | Tricia Goyer | 2007

    Titulua Chronicles of the Spanish Civil War: A Valley of Betrayal
    Egilea Tricia Goyer
    Lekua Ameriketako Estatu Batuak
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Martínez Valero, Paola (S/F): “Ficha sobre Trilogía Chronicles of the Spanish Civil War: A Valley of Betrayal de Tricia Goyer”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1497

  • Markak. Gernika 1937 | Bernardo Atxaga | 2007

    Titulua Markak. Gernika 1937
    Egilea Bernardo Atxaga
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrenean argitara eman zuen Atxagak Markak. Gernika 1937 saiakera. Bi atal nagusitan banatzen da liburua. Lehendabiziko atalean, Atxagak gertakari historikoaren gaineko memoria hausnarketak ematen ditu. Bigarren atalean, berriz, Asun Garikanok euskarara itzulitako dokumentu historiko, garaiko kronika eta testigantzak biltzen dira.

    Atxagak Milango museo batean erakusgarri dagoen Il masso di Bormo izeneko harkaitzaren irudien berri emanaz hasten du liburua. Hain zuzen ere, duela zazpi mila urte inguru harkaitzaren gainean eginiko markak dira. Hari horri tiraka, Nevada eta Kaliforniako ehundaka zuhaitzetan artzain joandako euskaldunek egindako idazkun eta irudiak aipatzen dira, carving delakoak. Norbanakoak eta jendarteek euren lorratzak uzteko duten beharraz hausnar eginaz hasten da saioa.

    Horren ondotik, hamabi kapitulutan aletzen da lehendabiziko atala. 1937an jazotako gertaeren azalpen historikoekin hasi, eta horien gaineko memoria eta errepresentazioaren bidezidorretatik darama irakurlea. Osaba Tomasek kontatu zion Atxagari Heinkel 51 hegazkinek nola erasotu zuten Gernika. Testigantza erreal horiez gain, gertakari historikoak gertatu ahala, garaiko idazleek gertatu biharamunetan idatziriko testuak jasotzen dira. Besteak beste, César Vallejok Kondor Legioak Gernika bonbardatu baino hogeita zazpi egun lehenago, Durangoko bonbardaketaren berri jakitean idatziriko poema aipatzen da, Redoble fúnebre a los escombros de Durango deiturikoa. Bada hunkigarria den beste poema bat ere, Niño muerto izenburua daramana; eta hain zuzen ere, Luis Cernudak North Stoneham-eko kanpamenduan aurrez aurre ezagutu eta han bertan hil zen haur euskaldun baten berri ematen da. Gernikako bonbardaketa gertatu berritan idatziriko testu literarioak garaiko kazetari ezagunen kronikekin harilkatzen ditu Atxagak, bereziki, G.L Steer korrespontsalak The Times egunkarirako idatzitakoekin.

    Gertaera jazo berritan izandako marka horiek bildu ostean, Atxagak erregimen frankistak Gernikaren bonbardaketaren gainean zabalduriko gezurrak, eta hamarkaden ostean eginiko errelatoaren aldaketak zerrendatzen ditu. Erregimen frankistak eginiko diskurtsoaren manipulazio eta zentsura hori, “borramarka anaien” eginkizun gisa izendatzen da saiakeran.

    Azkenik, Picassoren Guernica famatuaren nondik norakoek ere garrantzia handia dute liburuan. Koadroaren sortze-prozesua xeheki jasotzen du Atxagak, eta orrialdeetan aurrera egin ahala, koadroak izandako harrera eta mundu-mailako ikur bilakatzeko bidea ere azaltzen du. Picassoren koadroaren gaineko hausnarketekin ixten da liburua: “Herbert R. Southworthek idatzi zuen Picassoren oihalak eutsi egin ziola Gernikaren oroitzapenaren garrari, eta historiaren amaiera arte iraunaraziko ziola. Orain artean, halaxe izan da” (Atxaga, 2007, 80).

    Atxagaren saiakeratik abiatutako dokumentala zuzendu zuen Hannot Mintegiak 2016an, eta dokumentalaren fitxa kontsulta daiteke Gernika(k) datu-basean.

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Bernardo Atxagaren Markak. Gernika 1937ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gaztelaniaz: Marcas. Gernika 1937 (Atxaga, 2007). Pamiela argitaletxea. Katalanez: Marques (Atxaga, 2007). Arcadia argitaletxea.

  • “Gernika 2” | Peio Serbielle | 2007

    Titulua “Gernika 2”
    Egilea Peio Serbielle
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Perio Serbielle musikari zuberotarraren “Gernika 2” kanta landuko dugu fitxa honetan. “Pantxoa eta Peio bikotearen kantuekiko zaletasunak eraman zuen Peio Serbielle musikagintzara. Lehenik gitarrarekin, geroago pianoarekin, bost disko egin ditu, eta beste bi, gutxienez, buruan ditu kantari zuberotarrak, Naiz, Zara eta Gara trilogia osatzeko. Euskal Herriko eta munduko musikak uztartuko dituen lan bat egitea da haren asmoa. 2004an Frantziako Poliziak atxilotu zuen eta bi urte eman zituen kartzelan” (BADOK).

    Serbielleren webgunean bere diskografia aurkitu dezakegu. Lau album luze argitaratu ditu, 1998an lehenengoa Peio Serbielle,  eta 2014an, Zara izenburupean, azkena.

    “Gernika 2” kanta Naiz diskoan argitaratu zuen 2007. urtean eta beste hamabi kantekin batera osatzen du lana. Serbielleren webgunean kantaren zati bat entzuteko aukera dago, bi hitz errepikatzen ditu behin eta berriz, esaldia korapilatu eta berriro zuzenduz: “batuketa kenketa”.

    Dena den, hainbestetan esatearen poderioz “batu ken kenketa” ere uler liteke, batzearen eta kentzearen garrantziaz edo hain justu garrantzirik eza azaleratzeko. Zerk batzen du´? Eta zerk kendu? Nori batzen dio eta nori kendu historiako pasarte batek? Hainbeste errepikatze hori bonbardaketaren beraren sinbolo izan liteke, nahasmena sortzen baitu bat-batean hainbestetan errepikatutako esaldiak.

    Retolazak (2009) Gernikako bonbardaketaren errepresentazio desberdinak lantzeko unean “errepresentazio identitario” deitzen die bonbardaketa euskal identitatearen sinbolo dela agerian uzten duten lanei eta honako hau genuke lan horietako bat: izenburuak eta batzearen zein kentzearen errepikapenak aski ditu entzuleak bonbardaketaren gertaera ezagunaz ari dela ulertu eta denon eraso batez ari dela ulertzeko.

    Gainera, zentzu are gehiago hartzen du ideia horrek diskoaren izenarekin lotuta ulertzen badugu. Naiz diskoan sartzen baitu musikariak kanta eta honela definitzen du diskoa Serbiellek bere webgunean bertan: “Ez dezagun ahantz disko hau gizon baten ipuina asmatzen ez duela baizik. Zauritasun batena baita ere”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BADOK. Euskal Musikaren Ataria. https://www.badok.eus/euskal-musika/peio-serbielle/naiz  [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Peio Serbielleren webgunea https://peioserbielle.com/ventes/naiz/naiz_paypal_eu.php  [azken kontsulta: 2025/09/25]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Peio Serbielleren «Gernika 2»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Montag | Ramón Carrera | 2007

    Titulua Montag
    Egilea Ramón Carrera
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ramón Carrera gerraosteko eskulturaren ahots nagusienetako bat da, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu edo Ibarrolarekin batera. Abangoardiako eskulturaren ekarpenak bereganatu zituen Londres eta Parisen egindako denboraldien ostean eta eskultura abstrakto eta espresibo baten alde egin zuen, informalismoa eta espresionismoaren lorratza jarraituz. Bere obretan materialaren berezko balore plastikoak, planoen trantsizioak, ehundurak eta formen erlazio eta tentsioak dira espresio elementu nagusiak. Nahiz eta geometrikotasuna noizbait abiapuntu bezala erabili, organikoaren zantzua da Carreraren lanetan nagusitzen dena.

    1970an eta 1980 inguruan Gernikako gaiari eutsi ostean –Gernika (1970) eta Bombardeo. La ruina. La guerra (Gernika 2) (h. 1980) lanekin–, Carrerak 2000 hamarkadan berriro ere gaiari eutsi zion Montag (2007) eta Gernika (2008) lanekin. Bietan egurra erabiltzen du material bezala, baina bi obra hauen planteamendua oso ezberdina da.  Montag izenburua hitz alemarria da eta “astelehena” adierazten du; Gernikako bonbardaketaren eguna 1937ko apirilaren 26an izan zen, ohiko astelehenetako merkatu egun batean, arratsaldez. Basamentu soil baten forma daukan idulki batean eusten da egurrezko estela fin moduko bat. Carrerak leihatila antzeko hutsune degradatuen bitartez pieza ingurura irekitzen du eta eskulturan barrena ikustea posiblea egiten du. Aurreko obretan bezala, berriro ere xahurtarritasuna eta ahultasuna aditzera ematen ditu lengoai abstraktu bat erabilita, gertakariari egin ahal zaion aipamen edo omenaldi sinboliko modura.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Ramón Carreraren Montagi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Egurra, 176 X 35 x 35 cm.

  • Ez da gaua begietara etortzen | Felipe Juaristi | 2007

    Titulua Ez da gaua begietara etortzen
    Egilea Felipe Juaristi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Felipe Juaristiren Ez da gaua begietara etortzen eleberriaren hiru pertsonaia nagusiak ETAren hilketa batek lotzen ditu: ETAk hiltzea erabakita zuen Gabriel Cifuentes ez, Luis Otegi hil zuen. Momentu eta leku hartan zuen hitzordua Lope Iraurgi eleberriko protagonistak Cifuentesekin, honela, hilketaren lekuko bihurtuz. Gauzak horrela, hilketa horrek Lope, Miranda (Luis Otegiren alarguna) eta Cifuentesen bitzitzak astinduko ditu. 

    Esan berri dugunez, gertakizun bakar baten inguruan osatuko da eleberria, hilketak guztiz baldintzatuko baitu Lope protagonistaren bizitza. Lope ume zenetik amarekin bizi den argazkilaria dugu. Bere ama, Maria Larrañaga, alargundu egin zen, bere senarra itsasoan galdu zenean. Hilketa geroztik, ordea, Iraurgi galduta dabil, duela bi urtetik hona, aita bizirik zela eta etxera zetorrela jakin zuenetik hona, Luis Otegiren hilketaren lekuko izan zenetik hona (167). Aitaren betiko hutsunea eraldatu egin zen aitaren falta iruzur batean oinarritzen zela jakin zuenetik; gainera, aitaren hutsunea ez da Iraurgik duen hutsune bakarra: ETAren hilketan, hiltzailearekin izandako begiradak kondenatu egingo du, eta, ondorioz, espetxeratua izango da Lope, bere lana galduz; inguruan ere dena galdu zaio, desagertu egin zaio, erori egin zaio, harea poltsiko zulorik behera bezala. Aita, Luis, Miranda, Veronika… Hutsik dago Lope baita iraganean galduta ere. Iraganeko kontuak orainekotzat ditu Lopek (99), baina ez du iragana berritu nahi, itxi baizik (101). Iraganak ez dio orainaz gozatzen eta oraina bizitzen uzten, eta, honela, ez zaio gaua begietara etortzen. 

    Lope, ordea, ez da hutsi dagoen bakarra, Miranda eta Gabriel ere hutsik daude. Mirandak senar izandako Luis Otegi falta du, baina sabela hutsa izateak sortu dio bete-ezintasuna. Mirandak ama izan nahi zuen, irakasle baino gehiago, emakume baino gehiago, eta hiru aldiz izan zen ama, baina hiru aldiz geratu zen umerik gabe (103). Gabrieli ihesean ibili beharrak gaztaroa bizitzea galdurazi dio, baina ezin daiteke iraganera itzuli, eta bizitzaren zergaitia azaldu ezinik geldituko da. Bizitzaren gogoetak ez du Gabrielengan izango lekua soilik, Lopek etengabeko googetak egingo baititu, eta, askotan, Amezketa hutsaren filosofoan aurkituko ditu erantzunak. Beraz, eleberriak ildo metafisikoa jarraitzen duela esan dezakegu minari, oroimenari eta bizitzari buruz gogoeta egin eta eginarazteko aitzakia bihurtzen baita eleberria. Estiloak berak ere horretara bideratzen gaitu, Juaristik estilo landu eta poetikoaren aldeko hautua egiten baitu. Gainera, sentimendu hauek zuzenean lotuta daude izakiaren barne munduarekin, eta, beraz, gizakiaren barne gatazkekin, pertsonaien psikologian lanketa nabarmena eginez. 

    Kontamoldeak filosofiarekin zein poesiarekin lotura zuzena badu ere, ez da artearekin lotu dezakegun gauza bakarra. Eleberrian ugariak dira jazz munduaren aipamenak, eta, sarritan, eleberria bera musikatua dela dirudi, egoera bakoitzak bere jazz kantua baitu. Gainera, baidira literatur zein arte erreferentziak eta horren adibide dugu Picassoren Guernica. Veronika desagertu ondoren museoz museo bidaiatzen dabil eta Madrilgo Reina Sofian Guernica kuadroari begiratzeko parada izan zuen. Guernica artelana ez dugu artelan soila, 1937ko apirilaren 26an Gernikan eginiko sarraskiaren islada baita koadroa. Euskal Herritarren hondamendia islatzen duen artelanak Euskal Herriaren errepresentazio izatetik penintsulako irudi zein irudi unibertsala izateara pasatu zen: dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko talka islatzen du koadroaren inguruko hurbilketak, izan ere, koadroak gerra ororen zentzugabekeria eta krudelkeria salatzen ditu, faxismoaren aurkako aldarri unibertsala bihurtu baita, eta oinarrian duen Gernikako bonbardaketa, sarri, ezkutuan geratu izan da. Picassoren Guernicako biktima errugabeen motiboa mundu osoan zabaldu zen mugimendu artistikoei (literatura eta zinea) esker. Exilioan dauden espainiar olerkigileak Guernicaren oihartzunaz baliatuko dira Guernicaren irudia bere egiteko; eta horrela, honen irudia pixkanaka euskal nazionalismoarekin bereiziko da. Gauzak honela, Guernica espainiar gerraren aurkako irudi bihurtuko dute espainiarrek, eta Espainiako diktadura amaitzean, demokraziaren garaipenaren iruditzat hartuko dute. Guernicak, ordea, oraindik badu euskal memorian lekua, eta eta horren adierazgarri dugu ‘Guernica Gernikara’ aldarriak. Esan dugunez, Guernica artelan bat baingo gehiago da, Gernikaren sarraskiaren islada da, eta irudikatzen duen minak mina dirauen lekuan izan behar du leku; hau da, Guernicak Gernikan egon behar du. 

    Paragrafo luze zein elkarrizketa motzek orainean eta iraganean dute leku, baina bada denborarik ez duen mundu garrantzitsu bat ere eleberrian: ametsarena. Kapitulu bakoitza amets batekin hasteak ametsaren garrantzia nabarmentzen badigu ere, Gabirel Cifuentesek izandako hilketa eguneko ametsak honen garrantzia azpimarratzen du. Cifuentesek hila izan behar zuen egunean, norbaitek hil egingo zuela adierarazi zion ametsa izan zuen, eta, horregatik, erabaki zuen bertatik ihes egitea. Ametsak ezaguna zuen agertokia erakutsi zion, ametsa egiazkotzat hartzeko arrazoia emanik.

    Eleberrian zehar argitu gabeko kontuak argituta, ezkutuan ziren kontuak agerian jartzea edo arrastaka zetozenak albo batera uztea erdietsiko dute pertsonaiek. Honela, iraganetiko liberazioa lortzearekin batera itxaropen ukituz amaituko da narrazioa.

    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Felipe Juaristiren Ez da gaua begietara etortzeni buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Antonia Ormaetxea eta Gernikako bonbardaketa | Antonia Ormaetxea | 2007

    Titulua Antonia Ormaetxea eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Antonia Ormaetxea
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Antonia Ormaetxeak Gernikako bonbardaketaren egunaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa, moroak eta “Viva Cristo Rey” izeneko bideoan.

    Antonia Ormaetxeak ez du asko gogoratzen gerra garaiaz, baina bai Gernikako bonbardaketaren eguna. Izan ere, kobazulo batean ezkutatu zen familiarekin batera bonbak entzun zituztenean. Ezkutatu zirenean, ez zekiten Gernika izaten ari zela bonbardatua, baina bertan egon behar izan ziren zaratek eragindako mehatxuagatik. Herrira itzuli zirenean, nazionalak sartuak zeuden herrian eta “Viva Cristo Rey” esan behar izaten zuten salbu egoteko.

    Antoniaren testigantzak bando altxatuak Gernika nola hartu zuen erakusten du: aire bidezko eraso bortitzak, noski, herria suntsitu eta  biztanleria beldurtu zuen, eta, ondoren, erraza izan zen herritarrak nahi zuten moduan menderatzea mehatxu eta esakeren bitartez.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/ermua/pasarteak/erm-023-022/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Antonia Ormaetxea eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Claudio Lejarreta eta Gernikako bonbardaketa | Claudio Lejarreta | 2007

    Titulua Claudio Lejarreta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Claudio Lejarreta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Claudio Lejarretak Durangoko eta Gernikako bonbardaketak ikusi zituen eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Durangoko eta Gernikako bonbardaketak izeneko bideoan. 

    Claudio Lejarretak Zeletatik ikusi zuen Durangoko bonbardaketa eta sua gogoratzen du. Durangoko bonbardaketa eta gero tentsioa areagotu zen, eta Gernikan hirunaka sartzen ziren hegazkinak ikustean beldurtuta babeslekuetara jo zuten.

    Biztanleria zibila beldurtzeko estrategia erabili zuten nazionalek, eta horixe lortu zuten, Claudioren testigantzarekin baiezta daitekeen moduan.  

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/mendata/pasarteak/mdt-010-039/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Claudio Lejarreta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Acción de asalto al arte nº2 | Kepa Garraza | 2007

    Titulua Acción de asalto al arte nº2
    Egilea Kepa Garraza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Kepa Garrazak Picassoren Guernica-ren aurkako ustezko eraso bat errepresentatzen du, ekintza ikonoklasta baten adibide. Berau, hain justu, pintura baten bidez egiten du, alegia artelan meta-artistiko edo meta-piktoriko baten aurrean gaude.

    Artelana kontsulta daiteke “Azken gernikak/Los últimos Gernikas” katalogoan hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Kepa Garrazaren Acción de asalto al arte nº2i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena” (2007 Itsasu Jaialdia) | Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga | 2007/04/28

    Titulua “Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena” (2007 Itsasu Jaialdia)
    Egilea Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga
    Lekua Itsasu
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2007/04/28
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bat-bateko bertsotan Gernikari egindako aipamen hau jaialdi berezi batean egin zen, hain zuzen ere Hitzetik hortzera programako (bertsolaritza ardatz duen telebista-saioa) denboraldiko azken emanaldirako bertso-saioan. Itsasun izan zen, Sanoki gelan, 2007ko apirilaren 28an. Honako hauek izan ziren bertsolariak: Unai Agirre, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Iratxe Ibarra, Jexus Mari Irazu, Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Julen Zelaieta. Bestalde, Saroi Jauregi eta Joana Itzaina izan ziren gai-emaileak (BDB).

    Gaia emanda jarri zieten egitekoa Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluzeri, saioa egin zeneko egunak baldintzatuta hein handi batean: “Gernika, pakearen herria. Hirurogeita hamar urte. Oroitzapenak. Ospakizuna. Merezi du gogoratzea? Ospatzea?” (BDB). Izan ere, Gernikaren aipamenak bonbardaketaren urteurrenetako saioetako gai-proposamenek baldintzaturik egiten dira sarri (Ibarluzea 2025). Bada, 70 urteren ondotik apirilaren 26ko gertakari lazgarriak motibatu zuen apirilaren 28ko saioko gai hau.

    Imanol kantariaren eta Pako Ibañezen Ilun ikarak azken argia doinuan abestu zuten bi Iturriagak eta Mendiluzek. Kontakizunezkoen artean sailkaturik dago doinua, eta zortziko nagusia neurriari dagokio (BDB). Neurri horretan sortu zituzten bertsolariek launa bertso, Mendiluze hasita.

    Ariketan zehar bonbardaketaren urteurrenetako omenaldien esanahiez eta parte-hartzaileez gogoeta egiten da, erreparazio eza mahaigaineratuz; Picassoren koadroaren aipamena egiten da koadroaren kokapenaren harira; halaber, gertakari historikoari loturik, bonba-hotsa gogorarazten da; Gernikaren bonbardaketaren egileak seinalatzen dira; Gernika munduko beste gerra batzuen sinbolotzat irudikatzen da; Euskal Herriko bilakabide politikoari aipamena egiten zaio… Hala, esan daiteke 8 bertsotan Gernikak irudikatzen dituen hainbat sinboloren errepasoa egiten dela, eta Retolazak (2009) irakurketa sozio-historikoa deritzon ikuspegia nabarmentzen dela. Gainera, bertsoaldi hau zerbaitek ezberdintzen badu, bertsoaldiaren bukaera aldera memorien berrirakurketen gaiari egiten zaion aipamena da.

    Gernika sarraskiaren sinonimo izanik bakearen hiri deitzea ez dela zuzena adieraziz abiarazten du bertsoaldia Mendiluzek. Iturriagak erantzuten dio gogoratzeak merezi duela, nolabait, Guernica koadroak hala egiten duela, eta gainera “bonbaketa denen lagin” bihurtu dela, baina bertsoa bukatzen du galdetuz ea zergatik ez ote duten gogoratzeko ariketarik egin orain arte zenbait agintarik. Zenbait gauza ahaztu egiten ditugula dakar hizpidera Mendiluzek, eta Gernikako bonbardaketatik bonbaren hotsak eta koadro bat geratu zirela adierazten du, kritika eginez eta honela bukatuz bertsoaldiko 3. bertsoa: “orain koadroa Madrilen dago ta bonbak, bueno, ez dakit”. Ibarretxe lehendakariaren bake-eskaria dakar Iturriagak ondoren, 4. bertsoan, baina bakea lortzea beste batzuen esku uzten duela ulertaraziz. Halaber, adierazten du Bagdadek ere beste koadro bat izango duela. Mendiluzek 5. bertsoan dio Alemaniarrek Gernika bonbardatu zutenekoan jendea bi aldetara zegoela (“haiek ziren ta ginen gu” dio), eta azken punturako galdera bat utzirik: “orain zein ta zein aparte inork banatuko ote du?” bukatzen du. Aipamen horri tiraka, Iturriagak 6. bertsoan azaltzen du ez duela zalantzan jarriko inoren minik, baina batzuek Espainiako banderak eta ikurrinak aldatu zituztela. Ibarluzea 2025 lanean identifikatu bezala, ideia hori berori bestela ere kantatuko du urte batzuk geroago Iturriagak. Bada, 2007ko honetan hau dio: “baina zalantzan bai ipintzen dut jende askoren dotrina: leihoan azkar aldatu zuten Rojigualda ta Ikurriña”; eta, 2012ko bertso saio batean, bonbardaketaren gaia jarri zioten beste batean, Igor Elortzarekin binaka kantatutako ofizioan, berriz, hauxe bota zuen: “Durango rojigualdaz jantzita sarritan ikusi nuen, piper pototik ikurriñara batzuk nola pasa diren!” (Elortza & Iturriaga, 2012).

    Mendiluzeren eta Iturriagaren artean ondutako bertsoaldiaren bukaerako bi bertsoetan memorien arteko talka nabarmentzen da, nor omendu behar ez den argi utzi dutela nabarmentzen du Mendiluzek 7. bertsoan, eta iraganeko zein orainaldiko biktimei keinu egiten die, haiengatik malkoa isuririk. Azken bertsoan, Iturriagak memoria-diskurtsoen  azaleratze-uneetara eta diskurtsoen aldaketetara bideratzen du gaia, Pello Urkiolak bestelako irakurketa bat egingo duela esanez. Hain zuzen ere, Urkiola ezagun da Derecha Navarra y Españolako militante izateagatik eta Nere hitze Bertsoatan = Mi palabra en bertsos (Sahats, 2008) liburua idatzi izanagatik. Liburu hark kritika gogorrak izan zituen, besteak beste Francoren figura defendatzeagatik. Honela bukatzen du, zehazki, bertsoaldia Iturriagak: “Baina samina nola egoten dan ahaztua edo lotan / zergatik eta nola piztu da juxtu hauteskundeotan? / Historiak ze aldaketa ditun ohartu naiz urte hontan / igual berrirakurriko dugu Pello Urkiolaren bertsotan”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Elortza, I. & Iturriaga, U. (2012) “Niri zeozer kontatzen zidan”, BDB. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/12cu2g Bertsolaritzaren datu-basea. [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Iturriaga, U. & Mendiluze, A. (2007) “Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e61s8 [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Gernikako koadroa aipatzen duten beste bertsoaldi biren fitxak:
    – 1998-10-09 Basauri Lagun-artekoa [Bertsoa]: Adizu Aritz galdera batez
    – 2013-11-09 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Aupa Gernika zer moduz, kaixo

    Fitxa honetan Iturriagak aipatzen duen ideia berbera dakarren beste bertsoaldi bat:
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan

    Unai Iturriaga bertsolariaren Gernikaren beste aipamen batzuk:
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan
    – 2012-05-13 Mallabia Jaialdia [Bertsoa]: Denbora arin pasetan dala
    – 2005-09-13 Bermeo Jaialdia [Bertsoa]: Ehun urte dira hor zabizela
    – Isladak poesia liburuko poemaren fitxa (datu-base honetan kontsulta daiteke)

    Bonbardaketaren urteurrenaren harira jarritako gaiei erantzuten dioten beste bertsoaldi batzuk:

    – 1997-04-26 Abadiño Jaialdia [Bertsoa]: Zeru aldera begitu eta
    – 2007-10-19 Durango Jaialdia [Bertsoa]: Kaixo amnesia zer moduz zaude?
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan
    – 2012-05-13 Mallabia Jaialdia [Bertsoa]: Denbora arin pasetan dala

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluzeren «Sarraskairen sinonimoa da Gernikaren izena»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Kaixo amnesia zer moduz zaude?” | Jexux Mari Irazu Muñoa, Maialen Lujanbio | 2007/10/19

    Titulua “Kaixo amnesia zer moduz zaude?”
    Egilea Jexux Mari Irazu Muñoa, Maialen Lujanbio
    Lekua Durango
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2007/10/19
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Jexux Mari Irazu Muñoak eta Maialen Lujanbiok Igor Elortzak emandako gaiaren arabera 2007ko urriaren 19an Durangoko bertso-jaialdi batean ondutako hau. Gai-jartzailea Igor Elortza bertsolari durangarra izan zen, eta beronek ere kantatu izan du Gernikari buruz, Elortza eta Iturriaga 2012n ikusi daitekeen bezala. Honako hau da bertsolariei jarritako gaia, zeina alegorikoa den: “Irazu memoria historikoa da, eta Lujanbio ahanztura historikoa. Irazuk esan dezala zer gogoratu behar dugun eta Lujanbiok zergatik ahazten ditugun gogoratu beharreko horiek.” (BDB Bertsolaritzaren datu-basea).

    BDBn ikusgai dauden bertsoetan, beraz, memoria historikoa gorpuztu beharko du Irazuk eta ahaztura, berriz, Lujanbiok. Hiruna bertso osatzeko erabakitako neurria zortziko handia da: zortzi bertso-lerroz osatuta daude bertso guztiak eta bertso-lerro bakoitiek hamar silaba izango dituzte, baina bertso-lerro bikoitiek, errima eramateaz gain, zortzi, hau da, bi silaba gutxiago. Neurri horretarako erabakitako doinua, bestalde, Nere gogoa hegan dijoa sentimenduzko melodia izan zen (BDBn dago informazio guztia). Bertsoz bertso, bakoitzak bere paperean sartuta heltzen diote gaiari. Irazu hasten da kantuan, amnesia deitzen dio kantukideari lehenengo bertso-lerroan, eta egokitu zaion paperean sartzen hasten da, zerbaitekin oroitu beharra azpimarratzen. Lujanbiok, bere ahanzturatik erantzuten dio mina ematen duen hori ahaztu ohi dela. Iraganeko minetatik ikasgaiak ateratzeko proposamena egiten du segidan Irazuk eta Elizaren eta Jainkoaren gaia ekartzen ditu, baina horiek berehala ahazteko erantzuten dio kantuan Lujanbiok. Azkeneko bi bertsoetan Durango eta Gernikako bonbardaketak aipatzen dituzte; zehazki inguruko memoriaz edo memoria faltaz ari dira.

    Erreferentzia historikoekin hasten da Irazu kantuan, batzuk esplizituki aipatzen ditu, baina orokorrean ere aritzen da. Gerra zibila aipatzen du bere lehenengo bertsoko zazpigarren bertso-lerroan, gerra garaian elizak jokatutako papera ekartzen du mahaigainera bigarren bertsoaren azken bi puntuetan: altxamenduak Jangoikoaren / laguntza ere ia ai; / Jainkoarena ez dakit baina / Elizarena behintzat bai eta Lujanbiok nolabait gaurkotu egiten du elizaren irudia, bere bigarren bertsoko azken puntuan honela dio: Jainkoak ez du hitz egiten ta / Jainkoan etxeak ahaztu. Erreferentzia zehatzez ari garela, garrantzia berezia dauka Gernika aipatzen den momentuan Durango ere aipatzen duela Irazuk, bere hitzetan, biak gogoratu beharko genituzke maila berean, “beste Gernikak”, edo biak izan beharko lukete lieux de mémoire edo oroimen-gune (Pierre 1989). Bertsolariaren azken hitzak dira hauek: lehenik Durango erre zutela / Gernika baino lehenago. Gainera, gogora dezagun Durangon bertan ari direla kantuan. Irazuk aipatutako idea hau nolabait irakurketa edo errepresentazio mota batekin lortzeko, Ibarluzeak (2024) bere artikuluan ondorioztatzen duenaren bide beretik, irakurketa historiko-soziala (Retolaza, 2009) da Irazuk Durango aipatzean egiten duena, hau da, beste herri batzuk ere gogoan izan behar ditugula adieraztea, eta, nolabait, gertakari soziohistorikoen harira Gernika hizpidera ekartzea.

    Bertsoaldiaren amaiera azpimarragarria da, hori baita entzulearentzako azken ideia eta ondorio nagusia. Bada, Ibarluzearen (2025, prentsan) kapituluana ideia hau: bertsoak kantatu zien momentuko egoerari egiten dioten erreferentzia bertsolariek, garaiko giro soziopolitikoari: hori jendeak oroitu balu / lege beharrik ez zegon bukatzen du bertsoaldia Lujanbiok. Izan ere, Ibarluzearen (2025, prentsan) kapitulura itzulita, lege zehatz bati egiten dio erreferentzia: “52/2007 Legea, abenduaren 26koa, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena” (EAO Estatuko Aldizkari Ofiziala).

    BDB bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e51l0

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Jexux Mari Irazu Muñoa eta Maialen Lujanbioren «Kaixo amnesia zer moduz zaude?»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]
    EAO Estatuko Aldizkari Ofiziala. https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2007-22296 [azken kontsulta: 2024/12/12]
    Elortza, I. & Iturriaga, U. (2012). “Niri zeozer kontatzen zidan”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Irazu, J.M. & Lujanbio, M. (2007). “Kaixo amnesia zer moduz zaude?” , BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e51l0 [azken kontsulta: 2024/12/11]
    Pierre, Nora (1989). «Between Memory and History: Les Lieux de Mémoire», Representations, 26, 7-12
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Bonbardaketaren urteurrenaren harira jarritako gaiei erantzuten dioten beste bertsoaldi batzuk:

    • 1997-04-26 Abadiño Jaialdia [Bertsoa]: Zeru aldera begitu eta
    • 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan

  • Gernika, bonbardaketa / Gernika, el bombardeo | Alberto Rojo | 2007

    Titulua Gernika, bonbardaketa / Gernika, el bombardeo
    Egilea Alberto Rojo
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iraupena: 56 min. https://www.eitb.eus/eu/nahieran/gernikako-bonbardaketa/gernikako-bonbardaketa/osoa/1755/20226/

    Picassoren Guernica koadroaren irudiekin hasten da dokumentala, koadroaren eta bonbardaketaren irudiak tartekatuz. Bizirik atera zirenen lekukotzak agertzen dira gero, bonbardaketaren irudiekin eta artxiboko bestelako irudiekin batera. Tarteka, gerrako pasarte batzuen errekreazioa ere egiten da.

    Gerra Zibilaren testuinguru historiko politikoa eta bonbardaketaren alderdi historiko militarra azaltzen dute hainbat historialarik (Manuel Montero, Antony Beevor, Klaus A. Maier, Jesus Salas Larrazabal, Ferdinando Pedriali, Stefanie Schüler-Springorum) eta Nicholas Rankin, George Steer-en biografoa ere agertzen da.

    Dokumentalaren amaieran, koadroa ikusten da berriz; koadroa eta bonbardaketa aurrez aurre. Gernikaren esangura sinbolikoa azpimarratzen da beste Gernika batzuei erreferentzia egitean: Varsovia, Dresde, Hiroshima edota Bagdad-i.

    1997an Henning Wegemer Alemaniako enbaxadoreak presidentearen izenean gernikarren aurrean egindako aitorpena agertzen da. Horren ostean, lekuko batek gutun hari emandako erantzunarekin eta lekukoek eurek belaunaldi berriei egindako transmisioarekin amaitzen da dokumentala.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2024). “Alberto Rojoren Gernika, bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Gernikan” | Ken Zazpi | 2007

    Titulua “Gernikan”
    Egilea Ken Zazpi
    Lekua Higain (Usrubil), Muxik-On (Muxika)
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joseba Sarrionandiaren letra du abestiak eta, funtsean, Gernikako bonbardaketako zenbait biktimen zerrendatzea ageri da. Batzuk izen-abizenez, beste batzuk (identifikatu ezinak) gorputz atalak deskribatuz.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2024). “Ken Zazpiren «Gernikan»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Sagarrak Euzkadin | Inazio Mujika Iraola | 2007

    Titulua Sagarrak Euzkadin
    Egilea Inazio Mujika Iraola
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Inazio Mujika Iraolaren narrazioak 1936ko Gerra Zibilean Euskadin berriemaile gisa jardun zen kazetari ingeles baten bizipenak kontatzen ditu. Pertsonaia nagusiak, beraz, lehen pertsonan mintzatzen den kazetaria eta haren ondoan izan zuen Kuireka gudaria dira, biak, hain zuzen ere, faxistak Bilbon sartzearen zeudela, Carlton hotelean ostatuz ziren eta 1937ko udaberrian Euskadik bizi zuenaren berri ematen du. Kuireka gudariak kazetari ingelesari egiten dion eskaeraren arabera egiten du aurrera kontakizunak: Euskadin benetan gertatutakoa munduan zehar zabaltzea eskatzen dio, funtsean. Gerra galdu ostean, kazetaria haren jaioterrira itzultzen da, baina hainbat urteren barru, erresistentziako kide ziren zenbait euskaldunek Euskadira itzultzeko eskatzen diote, haren iraganeko jarduna ezagututa, Franco kanporatzen lagunduko zuten agintari britaniarrekin zuen harremana lagungarria izango zelakoan. Nagusitzen den plano narratiboa kazetariarena izan arren, tarteka, euskaldun gazte batek frankismopean aurrera eramaten duen “ekintza” bat aipatzen da. Gazte honek, izan ere, hildako aita gudariaren omenez “Euzkadigatik” hartzen du parte ekintzan eta kazetari ingelesa Euskadira itzultzean bat egiten dute bi plano narratiboek: ekintzan parte hartzen duen gaztea Kuirekaren semea da eta kazetari ingelesa ezagutzen du honek, Euskadira itzultzean, ekintza berberean parte hartzen duelako.

    Kazetariak 1937an Gerra Zibilean ikusitakoak kontatzen dituen gertakarien artean, Gernikako bonbardaketa ere aipatzen du. Lehen pertsonan beraz, Gernikako erietxearen berri ematen du lehenengo, inguruko gudariak artatzeko eraikia izan baitzen: “Gernika hiriko begiratoki eroso, bakealdian lekaime-etxe izateko asmoz jasoa bazen ere, bukatu baino lehen, guda-eritegi bihurtua zegoen” (36). Kuireka bertan zegoen eta alta jaso berri zuen, baina bertan kazetari-lanetan gudari zauritu eta gaixoak ezagutzen ari zela, bonbardaketaren lehen ekintzak deskribatzen ditu: “Elkarrekin bazkaldu genuen, eta, bazkalondoren, terrazan geundela, hegazkinen alderatze burrunbak aditu genituen. (…) Bat-batean, izugarrizko dunbotsa aditu genuen, eta sailean beste bost. Arnasari eutsita, adi-adi, hegazkina bere heriotza-lana amaituta urrundu zela entzun genuen, baina ez luzerako. Hortik aurrera gauza jakina da ikasi nahi duenarentzat” (37). Bonbardaketaren errepresentazio historikoa agertzen da eta, gainera, auzotarrek sentitutako beldurra eta sufrimendua aditzera ematen ditu, gertaera traumatiko gisa irudikatzen duelarik bonbardaketa: “ordu larri haietatik eszena batzuk ditut ametsen munduan gordeta, eta inoiz edo behin errepikatzen zaizkit” (38). Bestalde, Gernika bonbardatu eta hurrengo egunean herriak zuen itxuraz gogoetatzen du kazetariak: “Biharamunean sartu ginen Gernika izandako kale mamu-giroko haietan. Ez zen harria harriaren gainean geratzen. Etxe izandako hautsikinen artetik sua ateratzen zen. Bilborako errepidean autoak, gudariak eta oinezkoak zihoazen ilara luzeetan” (38). Argi uzten du idazleak, kazetariak egiten dituen aitortzari esker, Gernikako bonbardaketaren helburuetako bat gizateria zibila izutzea zela, eta gainera, era berean, Gernikaren suntsipenaren inguruan bando nazionalak zabaldutako gezurrak salatzen ditu, etengabe errepikatzen den leloa baita “egia osoa” kontatzearena, Francoren gezurrek eragindako “desmemoriari” aurre egiteko.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Inazio Mujika Iraolaren Sagarrak Euzkadini buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Picassoren zaldia | Asier Serrano | 2007

    Titulua Picassoren zaldia
    Egilea Asier Serrano
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Asier Serranoren olerki-liburu honek amodioa eta borroka nahasten ditu Euskal Herriko egoeraz hitz egiten ari dela. Liburuko pertsonaiak “ni” poetikoaren bitartez bere iraganeko pasarteak ekartzen ditu gogora eta gerra, abertzaletasuna, su-etenak, iraultza, erresistentzia… dira gehien errepikatzen eta metaforen bidez lantzen diren kontzeptuak.

    Olerki-liburuaren izenburuak erreferentzia zuzena egiten dio Picassoren “Guernica” margolanari. Izan ere, koadroan agertzen den zaldia pisu sinbolikoz beteta dago (ikus Troiako zaldia), zaldia gerrarekin lotzen baita askotan, eta olerki-liburuari izenburua ematen dion Picassoren zaldia obraren kontzeptu orokorra bilakatzen da. Liburuko pertsonaia, hain zuzen, “Guernica” koadroan sartzen da eta Gernika zuzenean behin aipatzen da: “Barkazioa zubi gainean” (17) poeman “ez da gernikarik zugan” dio “ni” poetikoak. Bertso-lerro horrekin autoreak “zu” lirikoarengan sufrimendurik, maltzurkeriarik, izurik… ez dagoela iradoki lezake. Olerkiak barkazioaz hitz egiten duen neurrian, “ez da gernikarik zugan” esanez benetako barkamen zintzo bat adierazi nahi duela erakusten du, ankerkeriaren sinbolo izan denari uko eginez. Gernika berez zuzenean aipatzen ez den arren gehiagotan koadroaren berri ematen zaigu zeharka bada ere. “Zaldiaren adoratzaileak” (43) poemak hala dio: “Iheserako marraztu zuen Picassok / zaldiaren irrintzia eta tribu garelako / ez du inork koadrotik aldegin”. Bertan erreferentzia egiten dio, noski, Picassoren “Guernica” margolanari, olerki-liburuaren izenburuari ere autoerreferentzialtasuna eginez zaldiaren bitartez. Poetak lehenengo pertsona plurala erabiltzen du bertso-lerrotan, eta euskaldunen izenean hitz egiten duela suma daiteke, poema berean autodeterminazioa, euskara, bakea… aipatzen baititu. Kasu honetan, beraz, margolana aipatzen du euskaldunak bertan jarraitzen duela adierazteko, koadroak hartu dituen birsemantizazio ezberdinak azaleratuz, beste behin ere.  Koadroari egiten dion azken erreferentzia bat aurkitzen dugu 49.orrialdeko poemaren izenburuan: “Laugarren gaua koadrotik at”. Koadroa zein den aipatzen ez bada ere, olerki-liburu osoak, izenburutik hasita, Picassoren margolanarekin duen lotura agerikoa da, beraz, eta besterik esan gabe, poemaren izenburuak aipatzen duen “koadro” soila Picassoren “Guernica”rekin lotzen dugu automatikoki. Aurreko bi poemek desertoreaz hitz egiten duten neurrian, eta poema honetan ere desterrua aipatzen denez, “koadrotik at” egotearen metaforaren bitartez jazarpenak eraginda sorterritik alde egin beharreko biktimak irudikatzen ditu poetak, nolabait koadroaren “barrua” etxetzat, herritzat, toki segurutzat hartuz, paradoxikoki, koadroak, berez, oinarrian bonbardaketa bat baitu, jakina denez.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Asier Serranoren Picassoren zaldiari buruzko fitxa”. MHLiren Gernika(k) datu-basea.

  • Noiztenka | Itxaro Borda | 2007

    Titulua Noiztenka
    Egilea Itxaro Borda
    Lekua Donapaleu
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Noiztenka liburua Itxaro Bordak zazpi urtean idatzitako poemek osatzen dute, eta kritikak azaldu bezala, era askotako poemak aurki daitezke bertan; hala egituraren aldetik (sonetoak, bosdun zein lauko txikiak, bertso librea), nola gai aldetik. Hiru atal nagusitan daude bilduta poemak, “Milia Lastur on the road”; “Medearen iratzartzea”; eta “Kreutzer sonate Für Siggi, Gabi und Malou Berlin”. Hiru poema sorten azpitik dabilen eta liburuari batasuna ematen dion gaia bidaiarena da. Bidaiaren metafora liburu osoan zehar hedatzen da, bidaia hori, denboran eta espazioan ez ezik (Grezia klasikotik Bamakora, Madrildik Berlinera, Bilbotik Maulera…), pertsonaia historikoak (XV. mendeko Milia Lastur, adibidez) testuinguru garaikideetara ekarriz, itsas irudiekin, heterotopien bitartez, idazkerarekin eta errepresentatzen dituen bizimodu zein gorputzen bidez ere haragitzen baita. Identitate finko eta hegemonikoak bainoago nomada eta ertzekoak (migranteak, lesbianak), mestizaia (hizkuntzen nahasketa), deserrotze sentimendua, norabide eza («Iparra erraz galtzen da Berlinen»(101))… dira, besteak beste, poema liburua zeharkatzen duten narrazio hari nagusietako batzuk. Bordak marrazten duen Euskal Herriak lotura zuzena du aldiriekin edo periferiarekin; ez da harritzekoa, beraz, euskal munduari eginiko erreferentzia guztiak ez-gipuzkoarrak izatea: Bizkaiko kosta, Gasteiz, Maule, Tutera… Horrez gain, funtsezkoa da emakume gorputzen garrantzia bidaia nondik eta norantz doan ulertzeko orduan: «Zure gorputza highway gisa / Imajinatzen dut etengabe» (8). “Milia Lastur on the road” lehen poema sortan, lehen pertsona eta oraineko aditz denbora darabiltzan pertsonaia-narratzailea, Milia Lasturren maitale bihurtzen da «Zorigaitzez, Milia,/ Legeak ez digun ezkontzeko baimenik emango» (24); «Emazteen arteko amodioa/ Eder zitzaidan» (15). Hala, Bizkaiko kostaldean gertatzen den maitasun istorio bat ehuntzen du Bordak, pertsonaia historikoaren bizitza kontuan izanda, esanahiz betea dena. Are, ekintza politikotzat har daiteke. Milia Lastur XV. mendean jaio zen Deban, Lastur auzoan. Erditzean hil zen. Hil eta gero, ahizpak hileta-kantu bat eskaini zion Lasturri, gaurdaino iritsi den ahozko literatur tradizioaren ondare dena, besteak beste, Esteban Garibaik idatziz jaso zuelako. Eresi horretan, Peru Garzia izeneko gizonak Lasturri tratu txarrak ematen zizikiola kontatzen du ahizpak; litekeena da Garziak bortxatu ondotik erditu zen haurraz hil izana. Horregatik adierazten du ahizpak hileta-kantuan gorroto duela Garzia, antza, gainera, Lastur hil eta berehala Marina Arrazolarekin ezkontzear dagoenak.   Horrekin batera, Bordak euskal literaturaren historiografia feminista egiten du Noiztenkan, “Euskal literaturaren faborez Kalaka” poema izanik esandakoaren erakusle argiena. Hain zuzen ere, (emakumezko) euskal idazleen zerrenda dakar: Miren Agur Meabe, Ana Urkiza, Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia, Katixa Agirre, Nora Arbelbide, Leire Bilbao, Tere Irastortza, Marixan Minaberri, Aurelia Arkotxa, Maripi Solbes, Lurdes Unzueta, Laura Mintegi… (118-119). Zentzu horretan, azpimarratzekoa da ugari-ugariak diren testuarteko erreferentzia gehienak nola, paratestuetako aipu guztiak hala, (emakumezko) idazle, filosofo eta artistenak direla: Simone Weil, Amina Said, Hannah Arendt, Luisa Villalta, Marguerite Duras etab.  Kritikak aipatu bezala, idazlearen alderdi sarkastiko eta «basilikianoena» “Euskadi Morning kalaka” poeman topa daiteke. Bertan, komunikabideen erretorika militar maskulinizantearekin jokatzen du, hain zuzen ere, errealitatearen parodia eginez: «Bomba, un dos tres/ Bonba gehiagorik ez./ […] Euskadi, aurrera doan herria» (65). Bestela esateko, boterearen hiztegia bereganatzen du boterearen diskurtsoa zartatzeko. Komunikabideen «kalaka» eta ETAren gainean eraikitako kontakizun deformatuari kritika egitearekin bat, bakearen alde lerratzen da idazlea; baita kulturaren premiaz, hots, kulturak epe luzera eragin lezakeen iraultza politikoaz ohartarazten ere, ondoko aipuetan antzeman daitekeen eran: «Ludwigek salbatu nau» (63); «Eskerrak Schiller» (66) etab.  Bestalde, lekuei dagokienez, Euskal Herriaz landa (bereziki, euskal gizartearen oroimen gune nagusia denez, maiz aipatzen duen Gernika) Alemania da liburuan pisu handiena duen herrialdea. Ez bakarrik geografikoki, sinbolikoki ere askotan jotzen du Alemaniarekin lotutako elementuetara (hizkuntza bera, Hannah Arendt, Auschwitz, Karl Marx…). Alemanierazko hitz eta esapideez gain, zuri-beltzeko ilustrazioak aurki daitezke orri artean tartekatuta. Hitz batez, idazleak berak zenbait elkarrizketetan aitortu bezala, liburuko pertsonaien etsiak (bizi diren munduarekikoak) uzten du itxaropenerako tarterik (horren adierazgarri “Behar dugunaz” poema).

    Gernikaren iruditerira sarri jotzen du idazleak. Hasteko, euskal gatazkaren gainean eraiki den “errelatoaz” eta testuinguru horretan guztian, emakumeei ukatu zaien lekuaz (hau da, marjinez edo, finean, tokirik eta zailenaz) pentsarazteko baliatzen du: «From Amikuze to the Tutera band […] Gernikan ginen/ Jadanik./ Gure herria zen./ Gure ardura zen./ Gure bakenahia zen./ Gure aniztasuna zen. […] This is my land too […]» (18). Horrez gain, «Gernika berriak» irudikatzeko eta bakea aldarrikatzeko orduan, Guernica koadroan aurki daitezkeen biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetara, emakumeak eta haur hilak, jotzen duela esan daiteke. «Ez duzu Madrile ikusi./ Gernika berria/ […] Zure ele poetikoaren umezurtz/ Uzten gaituzu [Luisa Villalta]/ […] Nunca mais oihukatuko zenuen./ Hitzak, aditz trinkoak/ Eta ezpazioa zein denbora/ Egiastatzen dizkidaten/ Deklinabideak/ Ukatzear geratu naiz./ Neure herria eta bere-ismoak oro/ Gorrotatu ditut./ […]/ Odolez estali arpegi haien/ Izua eta etsia,/ Hilotzak burdinbideetan./ Milaka errugabe sabelak airean/ Lurrean hedailo./ Nunca mais oihukatuko zenuen/ […] Gernika bat gehiago […]» (46-47). Esandakoaz bat,  Gernikaren polisemia eta XX-XXI. mendeetan izan duen bilakaera historikoaren (bi noranzkotan, bakantasuna eta unibertsaltasuna, eginiko joan-etorriek ezaugarritzen dutena) sintesia egiten duela uler daiteke. Euskal Herritik kanpo gerrak jotako leku-izenari deslotuta ageri ohi den Gernika hitza (ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere) birsemantizatu egiten baitu; sinboloaren adierazgarritasun mugagabearen alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz (18).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Itxaro Bordaren Noiztenkari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Antzararen bidea | Jokin Muñoz | 2007

    Titulua Antzararen bidea
    Egilea Jokin Muñoz
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2007
    Errepresentazio Historikoak BAI

    «Badakizu, behin burua moztuz gero, antzara batek, ttipi-ttapa-ttipi-ttapa, zenbat metro egin ditzakeen?» (311). Esaldi horretan laburbil litezke Jokin Muñozen Antzararen bidea nobelako hari narratibo nagusien abiapuntua eta bilakaera. Izan ere, burua galdu duen antzararen bidetzat irakur litezke nobelako bi protagonisten bizitzak. Gertuko pertsonen galera injustuen doluak, ezin ahaztuak eta galera izugarri horien azpian berriz bizitzen asma ezinaren latzak definitzen ditu bi-bien bizialdiak. Liburuko pasarte batean Lisak Jesusi aitortzen dion moduan, «jakin-nahiak bil[tzen] [d]itu elkarrengana […] [edo, hobeto esan,] jakin beharrak» (285). Memori(ar)en langintzaren premiak batu aurretik, baina, bi pertsonaia nagusien arteko hartu-emana bestela hasten da. Lur jota dagoen Lisak, aurrerantzean, Gigi lagunaren bultzadari esker, lanpostu berri batean jardungo du, Donostiako etxe dotore batean, azkenekotan bizi den Jesus agurea zaintzen, hain zuzen ere. Era horretara gurutzatzen dira 36ko udaberrian, bere herriko fusilamendu pelotoitik osaba falangista zuelako libratu zen lagun bakarraren bizitza eta Lisarena, 2003ko uda betean, semea borroka armatuaren izenean bonba bat manipulatzen ari zela hil berri zaion ama gaztearena.  Antzarek topo egitean, antzara-jokoan bezala, bi geruza narratiboak gainjarri, nahastu eta tartekatzen dira. Hau da, memoriaren fikzio garaikideetan ohi bezala, hurrenkera kronologikoa anakronia narratibo eta geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasunean urtzen da. Jesusen bidea azaltzeko, Errepublikako eta gerraurreko garaia kontatzen da Trilluelos izeneko Erriberako herri literarioan. Lisaren ibilbidea narratzeko, berriz, mende bukaerako eta XXI. mende hasierako sasoiak Donostialdean. Fikziozko lehen markoan, Jesus, Dioni, Paula, Justino eta Candi lagunen gaztaroa eta gerra hasierako fusilatzeak kontatzen dira. Bigarren geruza narratiboak Trantsizio deritzon prozesu gorabeheratsuari eta borroka armatuaren bilakaera makurrari buruz dihardu. Igor, Amaia, Gigi eta Lisa lirateke marko horretako pertsonaia nagusiak. Bi planoen artean eraikitzen diren zubien hasiera puntutzat memoria komunikatiboa har liteke, Jesusen etxean aurkitutako zuri-beltzeko argazki zahar bat dela medio ekiten baitio Lisak gure iragan hurbila ikertzeari (analepsia).

    Antzararen bidean Gernika/Guernica-ren iruditeriaren garrantzia eta esanahia kultur oroimenaren langintzan egiteke dagoena ikustaraztean datza. Gernika gernikak azpimarratzeko testuratzen du idazleak, lerro bakarrean, kontatzeke dagoena garden bihurtuz: «[…] Gernikan hil zirenak hamar halako. Baina inork ez zuen koadrorik egin beren oroimenez» (154). Erriberan, Gerra Zibilean, fusilatu eta desagerrarazi (kare bizitan erre edo hobi komunetan pilatu) zituztenen historia ahaztuen kultur oroimenaren euskarri da eleberri hau. Gernika/Guernica-ren iruditeriak oroimen gune eta gogoratzeko tresna gisa duen adierazgarritasun mugagabean, berau eragin zuen gertakari historiko zehatza baino, berau eragin zuen testuinguru historikoa azpimarratzen du. Gernikako bonbardaketa bezain ezagunak ez diren Gerra Zibileko beste krimen batzuk, Erriberako fusilaketak, dakartza kultur oroimenaren agertokira. Gernikaren errepresentazio historikoak eta ekfrasiak bat egiten duten aipamen labur horrekin, euskal kulturako oroimen gune nagusiaren oinarrian dagoen testuinguru historikoa berrosatzen eta ñabartzen jarraitzeko premia ikustarazten du.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). “Jokin Muñozen Antzararen bideari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Libururen gaztelerazko itzulpena Jorge Gimenez Bechek egin zuen El camino de la oca izenburupean.

  • Hizlandia: mundua prentsaren judasetik | Iñigo Aranbarri | 2006

    Titulua Hizlandia: mundua prentsaren judasetik
    Egilea Iñigo Aranbarri
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hizlandia saiakera liburua Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian 2004-2006 urteetan plazaratutako artikulu hautatuez osatua dago. Egileak sarreran azaltzen du egunkariak egindako enkargua zertan datzan: Aranbarrik prentsaren eta bereziki Berria egunkariaren herren eta makurren inguruko iritzi kritikoa idaztea izan zen enkargua.

    Testuinguru horretan ulertu behar dira antologian Gernikaren Bonbardaketa aipatzen duten bi atalak ere: „In this world“ eta „Eskribauen egia“.

    „In this world“ atala 2005 urteko maiatzaren lehen egunean plazaratu zen, eta apirilaren 26ko berri nagusiak abiapuntutzat hartzen ditu Aranbarrik. Apirilaren 26 horretan Gernikako Bonbardaketaren 68. urteurrenaz prentsan idatzitako berri anekdotikoen errepaso laburra egiteaz gain, plazaratu ez zena eta egileak desira zuena azpimarratzen da: Gernikari buruzko erreportaia. Honela Bonbardaketaren urteurrena egungo prentsan Efemeride soil bihurtu izanari kritika egiten dio idazleak. Urteen poderioz Bonbardaketari buruzko berritasun ezaren inguruan nagusitu ei den diskurtsoari egiten dio aipamena: „dena esanda dago dagoeneko: datuen gordina, prentsaren manipulazioa, Steer, Lauaxeta, Eluard, Picasso eta hamaika lekukoren bihotz-tiratu.“ (Aranbarri 2006: 34)

    Era berean, hainbat komunikabidetan egun horretan bertan Bonbardaketaren ingurukoak baino beste Gerniken ingurukoak (Durango, Zornotza edota Otxandio) diren edota Guda Zibilari buruzkoak diren testigantzei lotutako saioak aipatzen ditu.

    „Eskribauen egia“ atalak gezurra du ardatz, Eusebio Maria Azkueren hitzak izenburutarako hartuta. Hain zuzen ere, prentsan agertzen diren gezurrak dira erdigunean. Eta, XX. mendeko prentsan idatzi diren gezur handienen historia azaltzeko asmoz, lehenik Frantziako Havas prentsa agentziak Gernikako Bonbardaketaren ondoren Europan barrena suntsiketaren inguruan zabaldu zuen gezurra du hizpide. Frantziatik abiatuta Alemaniako Volkischer Beobachter-en eta baita Sevillako ABC-n nagusitu zen bertsioa da erdigunean eta Aranbarrik ABC-ko aipu zuzena ekartzen du: “Guernica está destruida por el fuego y la gasolina. La han incendiado y la han convertido en ruinas las hordas rojas” (Aranbarri 2006: 106).

    Ondorio gisa baiezta daiteke, Gernikako Bonbardaketaren bi osagai nagusi oinarritzat hartzen dituela idazleak bere artikulu hauetan: lehenik, Gernikako Bonbardaketak, gizatasunari egin zion erasoak eraso, euskal Gernika oroimen leku gisa egungo euskal prentsan ahaztua edota modu anekdotikoan aipatzearen arriskua azpimarratzen du; bigarrenik, Bonbardaketak sortutako gaitz eta sufrimenduen gainetik diskurtso ofizialek eta prentsak berak ere inposatu zuen manipulazio eta gezurra ere ez du ahaztu nahi Aranbarrik.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Aranbarri, Iñigo (2006). Hizlandia: mundua prentsaren judasetik. Zarautz: Susa.

    Estankona, Igor (2004). “Hitzen ondoeza”,  Deia, 2006-12-29

    Galarraga, Aritz (2020). “Bizitza, nola erabili”, Argia, 2020-7-19, 44-48

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Iñigo Aranbarriren Hizlandia: mundua prentsaren judasetiki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • ETAren hautsa | Joseba Zulaika | 2006

    Titulua ETAren hautsa
    Egilea Joseba Zulaika
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joseba Zulaikak planteatzen du Gernikako bonbardajetaren memoriak muga moral eta biktimaren erreferente gisa funtzionatzen duela, eta horren aurrean ETAren indarkeria justifikaezina eta politikoki huts egindakoa dela, nahiz eta batzuetan bi memoriak euskal nazionalismoaren barruan jarraituak izan. Bere ustez, ETArengandik kontakizun militanteak Gernikako sinboloa bereganatzeak distortsio etiko larria eta deriba sakrifikala eragin zituen, eta orduan, ETAk biktima historikoaren lekua hartu nahi izan zuen beren aldarrikapenaz eta egitekoa justifikatzeko.
    Zulaikaren ustez, Gerra Zibila eta Gernikako bonbardaketa euskal historia garaikidearen mugarri garratzitsuenak dira, banaezinak, porrotak eta biktimizazioak markatutako euskal abertzaletarsi¡unaren kontzientziaren ardatza. Esperientzia horrek horizonte traumatiko bat sortzen du, memoria kolektiboa egituratzen duena, eta horren gainean eraikitzen dira ondorengo bidegabekeria- eta erresistentzia-kontakizunak, ETArena barne.


    ETAren Hautsa liburuan, Joseba Zulaikak ikusten du ezker abertzaleko sektore batzuek borroka armatua genealogia batean txertatzen dutela, Gernikako bonbardaketatik errepresio frankistara eta trantsiziora doana, indarkeria 1936ko gerra ireki baten jarraipen gisa justifikatuz. Irakurketa horrek Gernika kausaren “jatorrizko mito” bihurtzen du, baina hori egitean gertakari historikoa sinplifikatzen du eta praktika terrorista bat legitimatzeko instrumentalizatzen du. Praktika horrek jada ez du defentsa-izaera bonbardaketa baten aurrean, beste herritar batzuen aurkako ofentsiba baizik.


    Liburuan azpimarratzen da kontrastea dagoela Gernikan biktima zibil babesgabea izatearen eta ETAren autoeraikuntzaren artean, bere burua biktimizazio haren oinordeko gisa aurkezten duen subjektu sakrifikal gisa.

    Nola aipatu: Perez Aldasoro, Pio (2025). “Joseba Zulaikaren ETAren hautsari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mentxakaren aitorpena | Jose Ramon Goikoetxea "Ardotxi" | 2006

    Titulua Mentxakaren aitorpena
    Egilea Jose Ramon Goikoetxea "Ardotxi"
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mentxakaren aitorpena benetako gertakarietan oinarritutako narrazioa da, 1971eko martxoaren 7tik 21era Mentxakak, ETAko militante gisa atxilotuta, polizia-etxean egindako hamabost egunak kontatzen dituena, hain zuzen ere. Izenburuak berak dioen moduan, aitorpena, poliziari atxilotuak egindako aitorpenaren berri emango da, baina ez hori bakarrik, kontatzen ez denaren eta kontatzen denaren artekoa ezagutuko du irakurleak narratzaile desberdinen bitartez. Polizia-etxean igarotako egunak orainaldian kontatzen ditu 2.pertsonan mintzatzen den narratzaileak, bizkortasuna eta tentsioa sortzen dituelarik, momentuko ezinegonaren konplizitatea bilatzen dituelarik, nolabait. Bigarren plano batean, lehen pertsonan mintzatzen den Mentxakak haren oroitzapenei buruz hitz egiten du, ETA erakundeko ibilbide eta izandako eztabaidak ezagutarazteko. Azkenik, hirugarren ahots narratiboa tartekatzen da, non Mentxakaren deklarazioaren transkribapena egiten den, gaztelaniaz, eta poliziaren eskuetan. Fikzioa, diskurtso autobiografikoa, aitorpena, historia, intrigazko nobela… denak nahasten dira narrazio bakar batean eta, hitzaurrean argitzen denez, “Orriotan ETAren historiaren alderdi bat kontatzen da; geroago ETA VI.aren garaia deitu zaiona. Jose Ramonek orduko bere asmo eta itxaropenak, bere zalantza eta ulertezintasunak ematen dizkigu jakitera, eta nahiko erretratu zuzena utzi digu” (13). Polizia frankistaren bortizkeria eta tortura jasan dituen biktimak kontatzen du istorioa, eta biktima/biktimarioaren arteko pertsonaia da erakusten zaiguna: biktima, estatu frankistaren errepresioa eta tortura jasaten dituelako; biktimario, ekintza eta jarduera armatuan parte hartzen duen militantea den neurrian, nahiz eta ez den aurrera eramandako ekintzetan sakontzen. Narratzaileak terroristaren gogoan sartzera darama irakurlea: zer pentsatzen duen, zein diren bere asmoak, beldurrak, hausnarketak…90eko hamarkadatik aurrerako euskal literaturako eleberriek bat egin dute ikuspegi horrekin, terroristaren ikuspuntua esploratze nahiarekin, zehazki (Olaziregi, 2017), eta eleberri honek, nahitaez betetzen du ikuspegi hori, izan ere, ETAkide baten esperientzia propioa kontatzen baita idazle/narratzaile/pertsonaiaren artean jokatzen. Alabaina, idazleak ez du militantearen buruan sartzeko ariketarik egin behar, bera izan baitzen, lehen pertsonan, pentsamendu eta hausnarketok izan zituena:

    Ezin duzu bizitza jarduera politikotik aparte konprenitu.. Militante gisa saiatzea merezi duela iruditzen zaizu; erabateko subertsioan bizi, instituzio politiko eta errepresiboekin hautsi, kapitalismoaren ezaugarri moral eta ideologikoei aurre egin, sistema patriarkala desegin… Isilpean bizi beharrak eta erakundeko militanteen arteko bizimodu mugatuak ez dizu uzten, hala ere, nahi bezalako harreman sozial eta afektiboak eramaten (106).

    Flashbacken bitartez ematen zaigu militantearen oroitzapenen eta erakunde barruko jardueren berri, baita garaiko giro sozio-politiko-kulturalean kokatzen lagundu. Frankismo garaiko azken urteetako errepresio bortitzaren adibide gisa aipatzen dira, besteak beste, Burgosko Prozesua, salbuespen egoerak, Iparraldeko errefuxiatuen egoera, erbesteko aldizkari euskaldunak, etab. Horrek guztiak “gatazka” deritzogunaren historiaren zati bat erakusten du, zehazki, 1971eko ETA VI.aren garaian bizitakoa eta ikuspegi konkretu batetik kontatutakoa. Mentxakarengan edo pertsonaiarengan sakondu baino gehiago, memoriaren lekuko gisa funtzionatzen du narrazioak, ez baitu erakusten pertsonaiaren garapen, irudikatze, bilakaera… jakinik, eta eleberriak aberastasuna irabazten du aitortzari eta ETAri buruzko alderdi jakinaren gainean kontatutakoari esker.

    Eleberri osoan zehar klase soziala erdigunean jartzen duten hausnarketa politikoak errepikatzen dira, izan ere, sozialismoa eta klase zapalkuntzari buruzko azalpen teoriko pisutsuek garrantzia eskuratzen dute militantearen aitorpenean, eta teorizazio sozialistari buruzko lan jakinak ere aipatzen dira, beste batzuen artean, Cole-ren Historia del pensamiento socialista (123). Bestalde, ETAren txostenak, formakuntza politikoa, klase kontzientzia, sindikalismoa, eta erakundearen egitura eta azpi-taldeei buruzko oharrak biltzen dira.

    ETAren sorrerari buruzko zertzeladak ere ematen dira, eta Euskal Herriko biolentzia eta gatazka armatua Frankismoaren aurkako erresistentzia gisa irudikatzen da, erakundearen hasierako asmo eta helburuak testuinguru politiko gatazkatsuan kokatuz. Hori dela eta, Euskal Herriko historia garaikideari buruzko azalpenetan, George L. Steeren El Arbol de Guernica liburua aipatzen da, Euskal Herriak bizi zuen gerrari buruzko erreportaje zabala dena, eta, bereziki, Gernikako bonbardaketan sakontzen duena. Narratzailearen hitzetan, liburuari esker gerrari buruz gurasoei entzundakoez haratago joan ahal izan zen, eta kontzientzia politikoa hartzen hasi zen: “Liburu batek, lehenengo aldiz, gurasoei entzundako pasadizoak gainditzen zituen, eta artean gazte nintzela, gerraren esanahi politikoaren kontzientzia hartu nuen, nahiz ikuspuntu nahasi samarra izan eta, jakina, klaseartekoa” (50). Horrek agerian uzten du memoriaren transmisioaren garrantzia, diktadura faxistapean are zailagoa baitzen egia ezagutzea, eta ahoz ahoko transmisioari esker ezagutu zitezkeen 1936ko gerrako pasadizoak, eta zaila zen egia kontatzen zuten liburu edo lekukotza ofizialak aurkitzea. Steer kazetariarena izan zen, hain zuzen ere, 1936ko gerrak Euskal Herrian izan zuen eragina liburu entzutetsuenetakoa. Kontuan hartu behar da liburua, noski, atzerritik idatzia izan zela. Steer, izan ere, Gernikan izan zen bonbardaketaren hurrengo egunean, eta bertatik bertara jaso zituen hondamendiaren datuak, gero nazioartean ezagutarazteko. Durango eta Gernikako bonbardaketa eta sarraskiak aipatzen ditu narratzaileak (50), eta Gernikak memoria leku gisa memoria bikoitza jasotzen duela esan genezake: alde batetik, Gerra Zibilarena, eta bestetik, ETAren terrorismoarena. Euskal Herriko biolentziaren zergati eta garapenaren inguruko hausnarketa gisa planteatzen da Gernika (Olaziregi, 2017), faxisten izugarrikeria horri erantzuteko modua izango balitz bezala. Zehatzago esateko, Gernikako bonbardaketa planteatzen da Euskal Herrian beranduago garatuko zen biolentziaren aurrekari/erantzule gisa.

    Horrek erakusten du Gernikak, memoria leku ere den neurrian, eskuratu duen balio sinbolikoa Euskal Herriko beste gatazka eta egoera politikoez hitz egiteko: belaunaldiz belaunaldi Gernikak bidegabekeria, zapaldutako identitatea, eta eskubide linguistiko, sozial eta politikoak irudikatzeko ikono bilakatu da (Olaziregi & Otaegi, 2011).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    Olaziregi, M.J. (2017). Literatura vasca y conflicto político. Diablotexto Digital 2, 6-29. https://doi.org/10.7203/diablotexto.2.10144
    Olaziregi, M.J. & Otaegi, L. (2011). La representación del bombardeo de Gernika en la literatura vasca. Revista internacional estudios vascos, RIEV, 8, 40-61.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jose Ramon Goikoetxea ‘Ardotxi’ren Mentxakaren aitorpenari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Rafa Egigurenek egin zituen testuen edizio eta itzulpen lanak liburua argitaratzeko.

  • Miren Zubia eta Gernikako bonbardaketa | Miren Zubia | 2006

    Titulua Miren Zubia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Miren Zubia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Miren Zubiak Gernika bonbardatu zuten egunaz oroitzen da apur bat, eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.

    Miren Zubiaren osaba Bergaratik Gernikara abiatu zen Gernika bonbardatu zuten egunean, eta orduko gertaerak aipatzen ditu. Osabaren hitzak gogoratzen ditu, dena suntsituta eta odolez beteta zegoela kontatzen baitzuen.

    Miren Zubiriaren testigantza laburrak erakusten du jende kantitate altua hurbiltzen zela Gernikara astelehenero, eta bera bezala, beste hainbat herritar zeudela Gernikan bonbardaketaren egunean.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/eskoriatza/pasarteak/esk-033-014/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Miren Zubia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Errotarria | Jokin Urain | 2006

    Titulua Errotarria
    Egilea Jokin Urain
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Kronika
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joki Urainek kartzelan zegoela idatzi zuen Errotarria liburua. Autoreak kontatzen digu nola, Mario Artola kidearen laguntzarekin, beharrezko dokumentazioa biltzen joan zen euskaldunen kartzelaldi, erbesteratze, deportazio eta gainerako jazarpen moduen sustrai bila. Senide zein lagunei liburuak, gutunak, egunkariak, testigantzak edota poemak eskatu zizkieten, eta elementu horiekin narrazioa osatu zuten. Horrela, Urainek ibilbide bat egiten du 1936tik 2005era, Gerra Zibileko, Frankismoko, Trantsizio garaiko eta azken hamarkadetako pasarteak azalduz. Askotan, testiguen ahotsak berak txertatzen ditu, lehenengo pertsonan sufritutako jazarpena, desplazamenduak, torturak edota kartzelaldiak kontatzen dituztenak. Aldi berean, autoreak bere eta bere lagunaren kartzelako esperientziak partekatzen ditu, bai liburua egiteko ikerketa prozesuan bizitakoak, bai euren kartzelaldian zehar izandako bizipenak: bakardadea, dispertsioak eragindako mina, kartzelako kideen heriotza, estatus politikoa lortzeko gose greba…

    Lan honetan hainbatetan agertzen da Gernikako bonbardaketa, baita honi eta bertako arbolari lotutako sinbologia. Aipamen gehienak Gerra Zibilari dagozkion pasarteetan egiten dira.

    Hasteko, fusilatuei buruz hitz egiten den atal baten bukaeran, Urainek azaltzen du kartzelako telebistan hainbat erreportaje emititzen direla Alemania naziari buruz, eta duela gutxi Gernikako bonbardaketaren beste dokumental bat ikusi zuela. Horren harira, iradokitzen du komunikabideetan “gaur egunekoak estaltzea dela atzoko historien gaurkotze horren helburua” (23). Bonbardaketaren sarraskiari eta gerrako errepresioari garrantzia kendu barik, 2006an oraindik agerian zegoen errepresioaren larritasuna islatu nahi du ere.

    Bestalde, hurrengo atalean gerrako errefuxiatuei buruz jarduten da. Batetik, Frantziaren harreraz hitz egiterakoan, Jean Ibarnegarai politikari antikomunistak Gernikako bonbardaketaren ostean egindako deklarazioak aipatzen ditu. Francoren aldeko euskaldunekin bat egiten zuen eta horrela hitz egin zuen bonbardaketaren ondorioetaz: “Gernikako arbola ez dute haatik hunki. Molaren eskualdunek zaintzen dute arbola saindua” (24). Gernikako arbola historikoki euskal identitatearen sinboloa izan da, beraz, Ibarnegarairen arabera, Gernikako arbola zutik irauteak euskalduntasuna mantentzearen isla da. Hala ere, berarentzat euskalduntasun hori Francorekin eta altxamenduarekin bat egiten duena da. Horregatik esaten du Molaren euskaldunek zainduko dutela arbola, militar hark hasi zuelako altxamendu faxista Iruñean, euskal karlistekin batera. Bestalde, liburuko atal berean, errefuxiatuen gaiarekin jarraituz, itsasontzietan ebakuatutako umeei buruz aritzen da, bereziki “Gernika apirilean bonbardatu eta Bilbo hurrengo ekainean erori bitartean” (25) egin zena. 

    Horrez gain, aurrerago, Urainek errefuxiatuei buruz informatzeko George Steer-ek idatzitako Gernikako arbola aipatzen da. George Steer The Times egunkariko kazetaria izan zen eta Euskal Herrian zegoen Gernikako bonbardaketa gertatu zenean. Gertaera horren eta Espainiako Gerra Zibilaren xehetasunak biltzen ditu liburu horretan (ingelesez The Tree of Gernika: A Field Study of War). Bonbardaketaren mundu mailako lehen salaketa izan zen. Izenburuak Gernikako arbolaren karga sinbolikoaren isla da berriz ere, alemanen erasoari erreferentzia egiten diona, baita Euskal Herria beraren erresistentziari ere.

    Beste atal batean, Bilboren errendiziorako negoziazioen artean, azaltzen da Gernikako bonbardaketatik aste batera, Pio XII garaiko Papak Isidro Goma kardinalari eskatu ziola Agirre lehendakariari zuzendutako gutun bat idaztea, Bilbo errendi zedin. Bonbardaketaren data hain gertu egonda, pentsa dezakegu gertaera hau Bilbo errenditzea eskatzeko arrazoietako bat izan zela, erasoak eragindako sarraskiak ikusita euskal herritarren sufrimendua ekiditeko, besteak beste.

    Azkenik, Gernikako bonbardaketa ez da gehiago aipatzen, baina Gernikako herriaren sinboloa bai agertzen da beste atal batean, Zuberoako errefuxiatuentzako Gurs kontzentrazio-esparruari buruzkoan. Bertan egon zen testigu batek Gernika Berri izeneko Gurseko zelaian bizitakoa kontatzen du. Leku hartan 5.000 euskaldun inguru bildu ziren eta euskaldun askorentzat askatasun gune bat izan zen, euren herrikideekin elkartasunean bizitzeko. Zelai horretako izenak beste Gernika bat sortzearen nahia islatzen du, euskal herritarrontzat hain garrantzitsua den jatorrizko herria guztiz suntsituta gelditu ondoren.

    Nola aipatu: Diez Correa, Leire (2025). “Jokin Urainen Errotarriari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Azoka eguna” (in Euskal Herria Jamaika Clash) | Fermin Muguruza | 2006

    Titulua “Azoka eguna” (in Euskal Herria Jamaika Clash)
    Egilea Fermin Muguruza
    Lekua Biarritz (Laguna Studio), Jamaica (Tuff Gong International Studio)
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Askotariko musika-estiloak erreproduzitzen dituen Euskal Herria Jamaica Clash diskoko abestia da aztergai dugun “Azoka eguna”. Diskoa 2006an kaleratu zen, eta bertan, reggae, rock, hardcore, funk, hip-hop, soul, eta ska musika-estiloak biltzen dira, besteak beste.

    Autoreak berak oihartzun kostunbristak dituen abestitzat deskribatu du “Azoka eguna”. Izan ere, hasieratik bertatik, astero ospatzen den azokara garamatza. Bertan, ez dira faltako, “txoriak eta oilarrak, zuhaitzak eta gaztak, alfonbra eta zapatak, tangak eta barazkiak”, ezta “burnien arteko zarata”rik ere. Abestiaren leloak, gainera, atmosfera baikor bat eraikitzen eta iradokitzen digu: “azoka eguna auzoan, jende guztia agurtzen da elkar, irri egiten du Aiako harriak, munduari bira Irun herrian”. Poztasun eta alaitasun horrek, ordea, azken aurreko estrofako iluntasun eta sufrimenduarekin egiten du talka, hain zuzen ere, 1937ko apirilaren 26an Gernikan, azoka egun batez jazo zen bonbardaketarekin, eta hark eragindako testuinguruarekin: “Gernikan bonbardaketa, azoka eguna izan zen, aitonak so egin zerura baina, hodeirik ez da ikusten”.

    Hala, antitetikoki, edozein azoka egun alai, 1936ko apirileko azoka egun zorigaiztoko horrekin harremantzen du, eta kontrasteak berak, txikizioaren krudeltasuna nabarmentzen du.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2024). “Fermin Muguruzaren «Azoka eguna»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Spaniens Himmel breitet seine Sterne – oder Ein Land kehrt zurück | Christina Seidel, Kurt Wünsch | 2006

    Titulua Spaniens Himmel breitet seine Sterne – oder Ein Land kehrt zurück
    Egilea Christina Seidel, Kurt Wünsch
    Lekua Bonn
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL, Nobela
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Christina Seidel eta Kurt Wünschek idatzitako nobela honetan XXI. mendeko hiru nerabe alemaniarrek, Felix, Alexander eta Sophiek, Gernikako Bonbardaketa gertakari historiko gisa eta Picassoren Guernica-ren potentzialtasuna eskolako ikerketa lan baten testuinguruan aztertuko dituzte. Nazioarteko Brigaden eta Condor Legioaren inguruko ezagutzean sakonduz, Alemania eta Espainiako Gerra Zibilaren arteko harremanen inguruan lehen eskutik ikertuko dute.

    Eskolako ikerketa lanaren baitan Felix eta bere bi lagunek Espainiako Gerra  Zibileko biktimario eta biktimen testigantzak jasotzen dituzte, ikuspuntu transnazionala haritik. Gernikako Bonbardaketari erreferentzia zuzena nobelaren hasieran jasotzen dute pertsonaia nagusiek, Silbermann judutar eta kontzentazio esparruko biktimaren ahotan:

    Silbermann alzó la voz. “El 26 de abril de 1937, los bombarderos alemanes redujeron a escombros la ciudad de Guernica, en el País Vasco. ¿Habéis oído o leído sobre esto?

    “No.”

    “Hubo muchos civiles muertos y heridos”. Georg Silbermann hizo una pausa y luego habló más alto de lo necesario. “En uno de los aviones estaba el capitán de escuadrón, Heinz Trettner. Por cierto, más tarde fue inspector general de la Bundeswehr. Y el señor Mölders también recibió honores después de la guerra. También deberías ocuparos de eso. (Spaniens Himmel, 2006, 31)

    Jatorrizkoan:

    Silbermann hob die Stimme. “Am 26. April 1937 legten deutsche Bomber die Stadt-Guernica im Baskenland in Schutt und Asche. Habt ihr davon schon gehört oder gelesen?”

    “Nein.”

    “Es gab sehr viele Tote und verletzte Zivilisten.” Georg Silbermann machte eine Pause, danach sprach er lauter als notwendig. “In einem der Flugzeuge hatte Staffelkapitän Heinz Trettner gesessen. Der wurde übrigens später Generalinspekteur der Bundeswehr. Und Herr Mölders kam nach dem Krieg ebenfalls zu Ehren. Damit solltet ihr euch auch beschäftigen” (Spaniens Himmel, 2006, 31)

    Aipuaren amaieran ikus daitekeen bezala, nobela honetan Gernika memoria-leku gisa lantzeaz gain, biktimarioak izen-abizenez izendatu eta berauen errua testuinguru transnazionala aintzat hartuta gogoratzen da, ondoren Alemaniako Errepublika Federalak biktimario hauei Gernikako Bonbardaketaren gizagabekeria ahaztuz ohorea aitortu  izana kritikatzen da.

    Bestalde, Condor Legioko kide baten ikuspegia, Alemania naziaren eta Espainiako bertsio frankistaren ahotsa, ere eskaintzen da. Felix pertsonaia nagusiaren senitartekoa den Osaba Wilhelmek ordezkatzen du ikuspuntu hori:

    “Guernica, ¡siempre quisieron culparnos de eso! Sí, yo [tío Wilhelm] estaba allí. Pero mis camaradas y yo sólo bombardeamos el puente y fue importante en la guerra. Los incendios en el centro de la ciudad fueron provocados por los propios rojos para detener el avance de Franco. ¡Sí, te sorprenderías, niña! Y en términos militares, Guernica fue un éxito total, como reconoció en su momento nuestro coronel Jaenecke” (Spaniens Himmel, 2006, 39).

    Jatorrrizkoan:

    “Guernica, das haben sie uns immer in die Schuhe schieben wollen! Ja, ich [Onkel Wilhelm] war dabei. Aber ich und meine Kameraden haben nur die Brücke bombardiert und das war kriegsbedingt wichtig. Die Brände in der Innenstadt haben die Roten selber gelegt, um den Vormarsch Francos zu stoppen. Ja, da staunst du, Kindchen! Und militärisch war Guernica ein voller Erfolg, das hat damals schon unser Oberst Jaenecke festgestellt!” (Spaniens Himmel, 2006, 39)

    Picassoren Guernica margoaren ekfrasia ere topatzen dugu nobela honetan, fokua haurren oihuetan, amaren etsipenean, zezenean eta orroka ari den monstruoan jarriz.  Alemaniatik Madrilera bidaiatu den Felix XXI mendeko nerabe protagonistak alboan austriar-espainiar Teresa izeneko gida izango du, margoaren potentziala azpimarratuko diona:  “’¿Oyes los gritos de los niños y ves la desesperación de las madres? […] ¡Y el poder del mal!’ añadió Dolores. Señaló el toro y el monstruo rugiente al lado” (Spaniens Himmel, 2006, 60-61) (Jatorrian: “Hörst du die Schreie der Kinder und siehst die Verzweiflung der Mütter? […] Und die Macht des Bösen!’ ergänzte Dolores. Sie wies auf den Stier und das zähnefletschende Ungeheuer daneben” (Spaniens Himmel, 2006, 60-61))

    Guernica margoari so XXI mendeko gazteen belaunaldiaen ahotsetik entzuten dugu nobelan Picassoren margoak gaur egungo kultur-memoria masifikatuan oraindik ere bete dezakeen funtzioa:  guerra guztien inguruko hausnarketa kritikoa sustatzea eta faszismoa ez ahaztea.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2024). “Christina Seidel eta Kurt Wünschen Spaniens Himmel breitet seine Sterne – oder Ein Land kehrt zurücki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika in sand | Lee Mingwei | 2006

    Titulua Gernika in sand
    Egilea Lee Mingwei
    Lekua Hainbatetan
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak, Arte plastikoak
    Azpigeneroa Instalazioak (site specific), Perfomancea
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Instalazio performatibo moduan definitu daiteke. Artistak Picassoren Guernica koadroa abiapuntutzat hartuta hondarrekin betetzen ditu forma eta kolore uneak, egunsentitik arratsera. Lana egiten duen bitartean ikusleak, banan-banan, eta oinutsik koadroa zapaldu dezakete, horrek aldaketak eragiten ditu eraikitako irudian. Denbora epe bat pasatu ondoren (egun bakar bat, edo 9 egun instalazioaren arabera) artistak eta laguntzaileak, erratz baten laguntzarekin, hondarra nahasten dute beste artelan bat bihurtu arte.

    Artelan honen bidez, artistak sormena eta suntsipenaren gaineko hausnarketa egin nahi du. Egoera traumatikoak jasan dituzten espazioak edo pertsonak berreraikitzeko duten gaitasunaren inguruko hausnarketa ere lanaren asmoetako bat izan daiteke.

    Ekintza kolektibo eta artistaren borondatea denbora zehatz batean garatzen den artelanaren barruan gertatzen dira. 2006an lehen aldiz aurkeztu zen Londresko Albion Galleryn. Ordutik aurrera 2007, 2008, 2014, 2015, 2016, 2018, 2020, 2021 eta 2024an egin da munduko hiri eta arte zentro ezberdinetan.

    Artelanak ikusteko sakatu hemen: https://www.leemingwei.com/index.php

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Lee Mingweiren Gernika in sandi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Urtebete itsasargian | Miren Agur Meabe | 2006

    Titulua Urtebete itsasargian
    Egilea Miren Agur Meabe
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2006
    Errepresentazio Historikoak BAI

    36ko udan hasten da istorioa, eta urtebeteren buruan bukatzen. Jon Iturri, narratzaile-protagonista, 13 urteko mutiko bilbotarra da eta Garraitzetara, (oinarritzat Lekeitio duen leku literariora, alegia) doa uda pasatzera, osabarenera. Osaba Alejandro Garraitzetako farozaina da. Gurasoek, abertzale sutsuak izaki, Bilbon geratzeko erabakia hartzen dute, harik eta Bizkaiko hiria frankistek menperatu arte. Uda hasieran, Jonek, osabaren lagun abertzaleez gain, Mirra ezagutuko du, titiriteroen taldeko ijito gaztea. Berehala maiteminduko da Mirraz. Hain zuzen, bien arteko hartu-emana litzateke eleberriaren lehen atalaren ardatz. Bigarren zatian kontatzen dira, “Gerraren hezurrak” izenburuak gardentzen duen eran, istorioaren muin diren Gerra Zibileko gertaerak, 13 urteko mutil koskorraren begirada laño, baina aldi berean, argi bezain zorrotzetik. 1936ko irailetik 1937ko abuztura arteko denbora-tartean, goitik behera markatzen du Jonen bizitza Gerra Zibilaren garapenak eta Eusko Gudarostearen ahultzeak dakarrenaren latzak. Gerra garaiko testuinguru historikoaren baitan harilkatzen dira, besteak beste, Guardia Zibilek faroa hartu ondoko osabaren atxiloketa; arreba Liberen jaiotza eta ama-alabak Jonekin elkartu arteko gorabeherak; gerratik bueltatuko denentz ez dakienaren ziurgabetasunak zauritutako aitaren bilaketa, etsaiek menperatutako Bilbon; familia osoaren erbesteratzea Venezuelara etab. Fikziozko gertaerak bat datoz, beraz, Gerra Zibileko gertaera errealekiko, eta bata zein bestea tartekatzen dira kontalariaren ahotan, Gernikako bonbardaketaren eta Eusko Gudarostearen Santoñako errendizioaren narrazioak, kasu. Horrez gain, nobelaren bereizgarri da testuartekotasuna, dela gerra denborako kultur erresistentziaren, dela euskal politikaren protagonistekin zuzenean lotutako gertaera eta testuekiko. Ugariak dira, hain zuzen, Estepan Urkiaga (Lauaxeta), Sorne Unzueta (Urtasus) edo Agustin Zubikarairen pareko idazleei, Emakume Abertzale Batzako kideei nahiz euskarazko egunkariei (Eguna, adibidez) egindako aipamenak. Narratzaile-protagonistaren sentiberatasuna litzateke istorioaren ezaugarri nabarmenena, sarri eguneroko baten itxura hartzen duen oroitidazkian 36ko uda gogora ekarri ahala, gerrak esan nahi dituen ankerkeria eta hondamendia azaleratzeaz haratago, 30ko hamarkadan loratzeari ekin zion (eta 1936an, aurreneko aldiz, Eusko Jaurlaritzaren legezko babesa ezagutu zuen) euskal kultura zaurituaz ere ohartzen baita.

    Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak hiru kapitulutan zehar hedatzen dira: “Apirila: Zeruko deabruak”; “Maiatza: Dardarak eta marmarrak”; eta “Ekaina: Zuloa, zuloa, zuloa”. Eleberrian Guernica-ren ekfrasirik ageri ez den arren, azpimarragarria da, beraz, Gernikaren dimentsio historikoak hartzen duen garrantziaren neurria. Gertaera historikoak (1937ko apirilaren 26ko sarraskia; bonbardaketaren arduradunei buruz saldoka botatako gezurrak; indar nazionalek Gernikan sartu zirenean, espiatzat hartuta, fusilatu zuten kazetarien «gidari euskalduna»…) fikziozko pertsonaien bidez helarazten dizkio kontalari homo- eta autodiegetikoak irakurleari. Osaba Alejandro apirilaren 26an alarguntzen da, azoka egunez Gernikako plazara joana den Katalin ustekabean harrapatzen dutelako nazien hegazkinek (94-96). Garraitzetako itsasargiko irratitik Gernika gorriek erre duten berria aditzen dute (99) eta ekainaren 25eko egunsentian, Katalinen laguna eta XX. mendeko euskal idazlerik maitatuenetakoa den Lauaxeta exekutatzen dute. Narratzaile-pertsonaiari, burutik ezin kendu, ametsetan agertzen zaio: «[…] agur […] [egin nion] Estepan ia ezezagun bati, bizarra egin gabe eta narras baitzegoen pareta baten aurrean abailduta, gurutze bat lurrean, odola bularrean (111)». Halaber,  «Gernikako arbolaren itzala» aipatzen du Jonek, bonbardaketa gertatu baino lehen ere, euskaldunentzat leku sinbolikoa zela adieraziz, ahotara ekartzean 1936eko urriaren 8an arbolapean Jose Antonio Agirrek zin egindako Estatutua.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Miren Agur Meaberen Urtebete itsaragiani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Miren Agur Meabek liburua "Un año en el faro" izenburupean itzuli zuen gaztelaniara.

  • Guernica Gernikara | Heinz Hebeisen | 2005

    Titulua Guernica Gernikara
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazki hau Heinz Hebeisenek, Espainian bizi den Suitzako argazkilari batek, atera zuen; haren lanak herrialdearen kultura, ondarea eta gizarte-ingurunea dokumentatzea du helburu, ikuspegi dokumentalista eta artistikotik egiten duena, hain zuzen ere. Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Irudiak Picassoren Guernica artelanaren erreprodukzio bat erakusten du, harrizko horma baten gainean, Gernikako kale batean. Horma-irudia tonu grisekin margotuta dago eta koadroaren jatorrizko formatua eta konposizioa mantentzen ditu, giza irudiak eta animalia kubistak, oinaze-keinuak eta gorputz zatikatuak, 1937ko bonbardaketak eragindako sufrimendua gogorarazten dutenak. Behealdean “GUERNICA GERNIKARA” inskripzioa agertzen da, obra Gernikara eramateko aldarrikapena, Picassoren koadroa gaur egun Madrilgo Reina Sofia Museoan baitago. Eszena eguneroko hiri-ingurune batek inguratzen du, horrek, hain zuzen ere, indartu egiten du Guernica oraindik ere ikur bizia delako ideia, paisaian eta memoria kolektiboan txertatua dagoena. Behatzailearen presentziak irudia aintzatespen-ekintza bihurtzen du, non artea zuzenean lotzen den espazio publikoarekin eta tokiko historiarekin. Muralak obra ikoniko bat erreproduzitzeaz gain, Gernikan gertatutakoa gogoratzeko eta haren memoria historikoa aldarrikatzeko balio du.

    Testuinguru horretan kokatzen da “Guernica Gernikara” mugimendua, Picassoren koadroa 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren sortu zen hirira lekualdatzea eskatzen duen ekimen sozial, kultural eta politikoa. Artelana inspiratu zen tokian ez egotea deserrotze historikoaren modu bat bezala hautematen da, baita artearen erabilera politiko gisa ere, obra jatorrizko testuingurutik bereizten duena. Izena ematen dion lekuan ez egotea deserrotze historikoaren modu gisa ikusten da eta obra jatorrizko testuingurutik bereizten duen artearen erabilera politiko gisa. Kanpainiak sortu zenetik, ekitaldiak, erakusketak, argitalpenak eta hainbat ekimen publiko antolatzen dituzten memoria historikoaren kolektiboak, artistak, aktibistak eta herritarrak bildu ditu. 2017an, bonbardaketaren 80. urteurrena zela eta, Gernika-Lumoko tokiko taldeen arteko lankidetza-sare bat finkatu zen, koadroaren itzulera sinbolikoaren eskaera indartzeko. “Guernica Gernikara” kontsignak memoria-oihu bat bezala funtzionatzen du, herriari kulturalki dagokiona itzultzea xede duena eta artea belaunaldien arteko salaketa, konponketa eta transmisiorako tresna gisa ulertzen duena.

    Artelanaren irudia eta honen informazio gehigarria esteka hauetan topa daiteke: https://gernikainfo.eus/que-ver/mural-del-guernica-de-picasso/ https://guernicagernikara.eus/?utm_ https://kulturagernika-lumo.eus/es/guernica-gernikara/ https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/guernica-gernikara-askatasuna-euskal-herrira_1195515_102.html https://www.naiz.eus/es/2024/20240910/guernica-gernikara

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisenen «Guernica Gernikara»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lekuak | Bernardo Atxaga | 2005

    Titulua Lekuak
    Egilea Bernardo Atxaga
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Lekuak (2005)Atxagak “urtetan zehar han-hemenka argitaratu edo landu dituen artikulu, ipuin, elkarrizketa-zati eta abarren bilduma” da Sarasolaren hitzetan (2005), eta bi zatitan banatuta dago: “Lehenengoan, saiakera kutsuko testuak topatuko ditugu, gai politiko, kultural eta literarioak jorratzen direlarik batik bat. Bigarren zatia, aldiz, fikzio karga handiagoa duten lanek osatzen dute, kutsu autobiografikoko ipuin eta enparauek” (idem). Hala, Asurmendik egindako kritikan azaltzen den moduan, “Lekurik leku, esparruz esparru, egileak azkeneko hogeita hamar urteotan —Euskal Herrian nahiz munduan orobat— bizi izandako hainbat gertakariren hausnarketa atondu digu” (Asurmendi, 2006).

    Hain zuzen ere, Atxagaren gogoeta horien artean kokatzen da euskal abertzaletasunaren ideario politikoaren bilakabideari buruzko hausnarketa eta, hein batean, egileak bere idearioaren eraikuntzaren inguruko pentsamenduak azalarazten dizkigu. Inondik ere, hausnarketa hori “postmemoria”-ren ideiarekin lot daiteke (Hirsch, 2008), zeinaren arabera trauma baten lekuko izandako belaunaldiaren ondorengoak ordura arteko esperientziekin erlazionaturik eraikitzen duen memoria, eta belaunaldien arteko zein belaunaldi barneko ondare-hartzean etenak gertatzen dira. Bada, horren erakusgarri, eta ideologiaren bilakabideaz ari dela, honela dio Atxagak Lekuak (2005) saiakera-laneko 91. orrialdean: “Euskal historia politikoa erabat aldatu zen 1968ko urte hartan. Ordura arteko gure ideologiak gerra aurreari eta gerrari berari zor zion bere izatea: 1936ko leherketaren azken txinparta zen”.

    Gernikan izandako bonbardaketaren irudikatzeari gagozkiolarik, aurreko aipamen hori egin baino apurtxo bat lehentxoago ageri da, “Euzkaditik Euskadira” atalean betiere. Hamahiru urte zituela txango batean ikaskide batek Euzkadiren alde bizia emango zukeela esan zuenekotik abiatzen da egilea bere abertzaletasunaren inguruko kontzientzia-hartzeari eta harekiko kokatze eta bilakabide ideologikoari buruz zenbait ideia plazaratzeko. Hari horretan, honela egiten da Gernikan izandako bonbardaketaren aipamena:

    «Euzkadi» haren ideia, ordea, faltsua zen neurri handi batean; nahiz guretzat hunkigarria izan, nahiz harekin maiteminduta egon. Alde batetik, Euzkadi hitza norbaiti atxikitzekotan, gerrako gudariei atxikitzen zitzaien ondo, edo haien teorien alde egondakoei, hau da, EAJren ideologiari; zerikusirik ez zuen, ordea, ideologia falangistako euskaldunekin edo erreketeekin –hauek ere hamaika izan arren-; ezta gerran sozialisten edo beste ezkertiarren lerroetan borrokatu zirenekin ere. Beste alde batetik, Errepublikaren alde borrokatutako herritar guzti-guztiak ziren gerrako galtzaile, eta ez bakarrik Bilbo defendatu zuten euskaldunak edo Gernikan bonbardatuak izan zirenak. Labur esanda, Euzkadi ez zen lurralde bat, ezta gizatalde bat ere; ez zen Euskal Herriaren pareko errealitate bat, baizik eta aukera politiko batek, euskaltzaleenak, bere utopiari ematen zion izena. (Atxaga, 2005: 88-89)

    Hala, gertakari historiko gisa ageri da Gernika pasarte horretan, eta bonbardatutakoak gerrako galtzailetzat irudikatzen dira, abertzaletasunaren idearioak egin bezala. Baina, egileak egiten duen hausnarketan, gerrako galtzaileen espektroa zabalagoa da: egilearen beraren memoria-eraikitzea abertzaletasunak hedatutako memoriarekin talkan agertzen zaigu.

    Denboran zehar egindako ibilbidean, askotariko interpretazio-bideak eta sinbolizazioak agertu izan dituzte Gernikako bonbardaketaren zein Picassoren Guernica koadroaren irudikatze artistikoek: euskal aberriaren eta haren identitatearen aurkako atentatu gisa, gizarte zibilaren aurkako atentatu gisa, sentimendu antifaxista internazionalaren agerkari gisa, gerraren aurkako salaketa gisa edota memoria historikoa berreskuratu beharraren irudi gisa (Cueto, 2017). Bada, askotariko irakurketen ibilbidean, Olaziregik eta Otaegik (2011: 42) euskal literaturan egin izan diren irudikatzeei buruz ondorioztatu zuten, oro har, sarraskiaren egiletza buruzko gezurraren aurka egin nahi zuen testigantzatik jauzi egin dela bonbardaketak denboraren joanean izandako eraginei buruzko gogoetara. Azken ildo horretan koka daiteke Bernardo Atxagak Lekuak (2005)saiakera-liburuan egiten duen Gernikako bonbardaketaren biktimen aipamena. Izan ere, lotura baitu euskal abertzaletasunak Gernikako bonbardaketa bere aurkako eraso gisa irudikatzearekin eta, beraz, bonbardaketaren biktimak bere egitearekin. Bada, autorea ideario horren aurrean beste posizio batean kokatzen da, postmemoriaren ideiaren argitan, memoria berriak eraikitzeko bideak irekiz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Asurmendi, M. “Hitzen bitarteko irudia izaki literatura”. Irunero, 2006-09: https://kritikak.armiarma.eus/?p=1647

    Atxaga, B. (2005). Lekuak. Pamiela.

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Hirsch, M. (2008). The generation of Postmemory. Poetics today, 29(1), 103-128. https://doi.org/10.1215/03335372-2007-019

    Sarasola, B. “Lekuak”. Eremulauak.com, 2005-12-14: https://kritikak.armiarma.eus/?p=1438

    Olaziregi, M. J. & Otaegi, L. (2011). La representación del bombardeo de Gernika en la literatura vasca. Revista Internacional de Estudios Vascos, 8 (zenbaki berezia), 40-61.

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Bernardo Atxagaren Lekuaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernika(k) datu-basean Bernardo Atxagaren liburu gehiago kontsulta daitezke.

  • Lauaxeta herri antzerki(j)a | Carlos Panera, Mungiako herritarrak | 2005

    Titulua Lauaxeta herri antzerki(j)a
    Egilea Carlos Panera, Mungiako herritarrak
    Lekua Bilbo, Mungia
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Lauaxeta euskal olerkaria fikzionatu eta protagonista bihurtu duten obra artistikoen arteko bat da aztergai dugun herri-antzerki hau; besteak beste, Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadi (2000) eta Jon Maiak sortutako “Ele, Lauaxeta-Lorca” (2017) ikuskizunarekin batera (Berria ikasgela, 2025). Esteban Urkiaga, “Lauaxeta” “Euskal Herriko poesia sinbolistaren egilerik handienetakoa da” Jon Kortazarren hitzetan (2009), ekarpen handia egindakoa euskal literaturari Aitzol kritikari eta ideologoarekin eta Orixe eta Lizardi poetekin batera (ídem). Laukiz herrian jaio zen 1905ean, eta Mungian bizi izan zen ondoren, izan ere, “sendiak Laukiz ondoko Mungian jarri zituzten etxea eta ostatua, zabaldu berri zen trenbideak ekarriko zukeen mugimendu ekonomikoaren arrimura” (idem). Bilbon ere bizi izan zen, Euzkadi egunkariko euskal atalaren ardura izan zuen garaian. 1937ko apirilaren 29an Le Petite Girondeko kazetari Georges Berniard laguntzen ari zen Lauaxeta Gernikan, eta bertan harrapatu ondoren, ekainaren 25ean, fusilatu egin zuten Gasteizen (idem).

    Bizileku izan zuen herrian, Mungian, poeta gogoratzeko hainbat ekimen egin izan dira, eta olerkariaren jaiotzaren 100. urteurrenen karietara egindako bat izan zen Lauaxeta Herri Antzerki(j)a, Mungiako herritarrek antzeztua. Mungian eta Bilboko Arriaga Antzokian taularatu zen 2005ean. Carlos Paneraren zuzendaritzapean, Mungiako Udalaren ekoizpena izan zen, eta Jarlatza Mediak egindako muntaiari esker DVDan dugu ikusgai oraindik ere. Ez zen Mungian halako ekimen bat egiten zen lehen aldia, 4 urte lehenago antzera muntatu baitzen “Mungia, Elizatea eta Uria” herri-opereta, ordukoa ere Carlos Panerak zuzendua. Lauaxetari dagokion lanean, 150 mungiar inguruk parte hartu zuten. Antzezpena ez ezik, musika, testuak, arropak… ere herritarrek ondu zituzten. Bestalde, lanaren kreditu-orrietan ageri denez, aholkularitza eta dokumentazioan lagundu zuten Bernardo Atxagak, Julen Elosegik, Jon Kortazarrek, Edorta Jimenezek, Koldo Izagirrek eta Josu Penadesek, adibidez.

    Panera zuzendariak adierazi zuenez, lanak antzekotasun batzuk ditu Zuberoako pastoralekin, eta ildo horretan herriaren beraren inplikazioa eta herriko pertsonaia historikoak gogoraraztea nabarmendu zituen Agus Perezek Arriaga Antzokiko taularatzearen ondotiko kritikan (Berria, 2005-06-28). Horiei gehi dakieke, bestalde, olerkariaren fusilatzea antzeratzen den unea baino lehentxeago soldaduek fusilekin taula joz sortzen duten makila-hotsa ere (pastoraletako makila-jotzea gogorarazten du) edo Etxahun Iruriren kantak tartekatzea antzezlanean (keinua pastoralgile entzutetsuari). Nolanahi ere den, Agus Perez teatro-kritikariak adierazi bezala, keinuak keinu eta ezaugarri orokorrak ezaugarri orokor, gainerakoan pastoralen ezaugarri eta izpiritua modu librean baliatu zituen Panerak, produktu garaikide bat lortzeko (Berria, 2005-06-28).

    Gorka Minguezek izan zuen eszenografiaren ardura, eta antzezlanak hainbat eszenatan ematen du poetaren biografiaren, obraren zein kultur ekarpenaren berri, eta bizi izan zeneko testuinguru eta gertakari historiko zenbaiten berri:

    1) Lauaxeta kartzelan atxilo dutelarik haren zaindariek bere gutunak irakurtzen dituzte eta jakinarazten diote ez dutela onartuko beste preso batekiko trukerik eta ezingo duela heriotza-zigorretik libratu (1937);

    2) Mendian txangoan Lauaxetaren ardura politikoaz eta lehen olerkiez ari dira lagunartean (1929);

    3) Familiak Mungiako tabernan Lauaxetak irabazitako Olerti Eguneko sariaz dihardu eta gazteak Bilbora bizitzera doaneko berria ematen dio amari, Euzkadi egunkarian jardungo duela eta;

    4) Euzkadi egunkariko erredakzioan Orixek agur egiten die kideei, euskal poema nazionala idaztera erretiratuko dela eta Lauaxeta uzten du euskal atalaren arduradun;

    5) Euzko Ikasle Batzaren aurrean mitina ematen du Lauaxetak, abertzale-eragile gisa ageri da eta besteren artean euskal unibertsitatearen eta jakintzaren aldeko aldarria egiten du;

    6) Emakume Abertzaleen Batzako andreekin biltzen da, azken horiek Gabonetako otzarak prestatzen ari direla eta garaiko langile mugimenduez ari direla;

    7) Pasionariaren, lehendakariaren zein Molaren diskurtsoak tartekatzen dira, eta Lauaxetaren gertuko senideen Bilboko taberna batean errepublikanoak erresistentzia prestatu beharrean ageri dira;

    8) Bilboko bonbardaketaren ondotik Eskolapioetan gordeta dagoen preso faxista bati laguntzen dio Lauaxetak, hornidura-komandantea dela;

    8) Errefuxiatuak agertzen hasten dira eta gerrako umeak Santurtziko portuan agurtzen dituzte;

    9) Gernikako bonbardaketa irudikatzen da, heriok egiten duen dantza baten bidez;

    10) Lauaxetak kazetari frantsesari laguntzen dio Gernikan eta bertan harrapatzen dute erreketeek;

    11) Hil aurreko oratorioa eta fusilamendua irudikatzen dira;

    12) Lauaxetaren gorpuari kantatzen diote amak eta arrebak, Emakume Abertzaleen Batzako andreek,  senideek, lagunek, herritarrek…

    Aipatu eszenetan antzezleek darabiltzaten testuak Carlos Panerarenak eta Ana Isabel Morales itzultzaile mungiarrarenak dira. Horrez gainera, Lauaxetaren beraren eta Eusebio Erkiagaren testu originalak ere baliatzen dira.

    Bestalde, eszena-tarteak pertsonaien bakarkako kantuek zein abesbatzaren edo orkestraren esku-hartzeek betetzen dituzte. Izan ere, musikak eta kantuak garrantzia berezia hartzen dute: J. M. Arregi Mungiako Abesbatza ageri da uneoro agertokiaren atzealdean, herriko 9 musikarik osatutako taldearekin batera. Eszenenen arteko tarteez gain, eszena barneko zenbait unetan musika jartzeaz eta kantuan laguntzeaz ere arduratzen dira abesbatza-orkestrak. Halaber, herri-antzerkiaren funtsak jasotzen dituzten “Lehen prediku”-an eta “Azken predikua”-an ere (horiek ere pastoralei keinu eginik) eurak dira nagusi, eta horien bidez irekitzen eta ixten da obra. Alderdi musikalaren ardura Rafa Rueda mungiarrarena izan zen, eta hark egokitu eta moldatu zituen herri-antzerki honetarako Etxahun Iruriren doinuak ez ezik, Antton Valverderenak, Carlos Panerarenak, Jon Bilbaorenak eta zenbait kantu herrikoi.

    Aztergai dugun ikuskizunean, tarteka, irudiak proiektatzen dira atzeko pantailan, eta Agus Perezek (Berria, 2005-06-28) bereziki nabarmendu zituen Bilboko Areatzako bonbardaketan hartutakoak, gerrako haurrak agurtzen diren uneko aurpegi tristeenak eta Gernikako bonbardaketarenak.  Izan ere, Gernika bonbardatu ondorengo irudiak ageri dira pantailan eszenetako batean; zehazki, bonbardaketa bera irudikatzen duen herioren dantzaren ondoko eszenan.

    Hain zuzen ere, bonbardaketa irudikatzen duen eszena hori da, abesbatzaren eta orkestraren doinuekin bat, antzezlanean dantza ageri den une bakarra. Lehenbizi, agertokiaren eskuinaldean Mola komandantea argiztatzen da, gaztelaniaz mintzo dela fusilamenduak eskatuz eta euskaldunei errenditzeko eta armak entregatzeko galdeginez. Herio agertzen da ondoren eszenara, jauzi-gisako dantza betean, kapa beltza eta svastika ageri duen gerriko gorri bat jantzita. Ondoren, Agirre lehendakaria argiztatzen da agertokiaren ezkerraldean: lehenbizi gaztelaniaz mintzo da, mundua Gernikan gertatu heriotzez errukitu dadila aldarrikatuz. Segidan, euskaraz dio: “zin egin neban arbolaren pean, zin dagit berriro iraun dagian”. Heriok dantzan darrai Agirreren hitzen ondotik ere, agertoki ilunean, eta lurraren kontra ukabilkada bat emanez bukatzen du. Nolabait, bonbardaketa sinbolizatzen duen eszena horretan, gerra-gertakari politikoaren arduradunei eta Gernikaren izaera sinboliko abertzaleari ematen zaio garrantzia.

    Horren ondotik, hurrengo eszenarako tartean, bakarlari gisa kantuan agertzen da Lauaxeta, eta bonbardaketak eragindako sarraski eta suntsitze humanoa azpimarratzen du: zeruetan ikusitako gerra-hegazkinen atzetik gosea, herioa eta mina ikusi dituela abesten du, eta negarrezko Itsaso bat dela samina. Halaber, suzko udaberria aipatzen du kantuan, etxeak kiskaldu direla, bihotzak urratu direla eta herri bat izan dena orain errautsetan dagoela. Dantek infernua zer den ez zekiela ere badio bakarkako hitzartze kantatuaren amaieran.

    Jarraian datorren eszena Lauaxetak kazetari frantsesari Gernikara laguntzen dionekoa da. Bada, pertsonaiak hizketan ari diren artean, taula atzeko pantailan bonbek suntsitutako herriaren argazkiak proiektatzen dira. “Hemen ez dago ezer ikusteko infernua ez bada” diotso Lauaxetak Le Petite Girondeko kazetariari. Azken horrek gertakariaren alderdi politikoan eta militarrean jartzen du fokua: alemanen gerra-sistema aipatzen du, bai eta bonbardaketak errepublikari ekarriko dizkion kalteak ere. Hori entzunda, Lauaxetak bonbardaketaren alderdi humanora jotzen du berriz ere, gertatutakoa ez dela karta jokoa adieraziz, sarraskia basakeria izan dela, jende errugabea hil dela. Kazetariak Gernikako arbolaren argazkia lortu nahi du; Lauaxetak, ostera, “Arbola ikusi gura dozu orain, ez dozu nahikoa euki, ala?” diotso, edo “Hildako gehiago, sufrimendu gehiago? Zauritu gehiago ikusi? Baina, baina…”, edota: “Gernika zan euskaldunen uri santue, oin azpian birrinduta dekozune, gerratean hezur-haragizko jentea da sufriduten dauena eta errefuxiatuak lagundu behar doguz”.  Horretan direla, alto jotzen diete erreketeek, eta elkarrizketa baten ondotik eraman egiten dituzte.

    Bada, geroago etorriko da oratorioaren eta fusilamenduaren unea, eta hain zuzen ere lehenago Gernikako bonbardaketa irudikatzen duen herioren dantzaren eszenan ageri zen kokapena agertuko da berriz: lehen ikusitako hiru pertsonaiako lerrokatzea Lauaxetaren fusilamendu aurretxoan ere ikusiko dugu. Bada, kasu horretan, Lauaxeta ageriko da erdian, baina aurrekoan herio dantzan ari zen, eta oraingoan poeta geldi agertzen da. Herioren ondoan, abadea eta Mola ageri ziren aurrekoan, eta oraingoan Lauaxetaren alde banatara Moreno abadea eta soldadu bat agertzen dira. Bada, herioren dantzan bonbek herritarrak erail zituzten modu berean eraila da bonbardaketaren ostean Lauaxeta, fusilaturik.

    Patri Urkizuk idatzi izan du aztergai dugun herri-antzerki honi buruz, zehazki, Gerra Zibilean egindako zein Gerra Zibila irudikatzen duten antzezlanez diharduen artikulu batean (2009). Bertan zehazten duenez, Panerak “Picasso 1937” antzerki-lan sarituarekin eman zion segida antzerki-lan honi. Urkizuk adierazten du oro har “jaidura kostunbristatik politiko-sinbolikora urrats handi bat eman” dutela arte eszenikoek Gerra Zibilaz diharduten lanetan, eta inondik ere Lauaxeta herri antzerki(j)an egiten den Gernikako bonbardaketaren errepresentazioa horren erakusgarri dela esan dezakegu; izan ere, bonbardaketaren irudikatze sinbolikoa egiten da, dantza baten bidez; fokua ikuspegi politiko-militarrean jartzen herioaren dantzaren eszenan, herio irudikatzen duen pertsonaiaren ondoan Mola eta Agirre paratuz, herioren jantzien bidez eta kazetari frantsesaren hitzen bidez. Halaber, ondoren erakusten den sarraskiaren eszenan bonbardaketak alderdi humanoan utzitako arrasto saminak azpimarratzen dira Lauaxeta olerkariaren kantuen, eta hitz eta erantzunen bidez. Gernikako arbola Lauaxetak, kazetariak eta Agirre lehendakariak aipatzen dute. Orobat, poetaren fusilatzea bera ere bonbardaketaren eragin kulturalaren irudikatze sinbolikoa dela esan daiteke.

    Obra artistikoko parte-hartzaile zein ikusle izan zirenen memorietan ez ezik, antzezlana DVD grabazio batean gorde zen eta, esaterako, 2025eko ekainean, Torrebillela Aretoan (Mungia) erreproduzitu zen, antzerkia egin eta 20 urtera, Lauaxetaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatzeko Laukizen zein Mungian ikusgai izan zen erakusketa baten osagarri. Emanaldia agertzeko albistean Mungiako Udalak honako hau nabarmendu zuen: 2005eko “Pieza artistiko horrek oroimen kolektiboa berreskuratu zuen, eta haren ondarea omendu zuen, gertuko ikuspegi emozionaletik” (2025).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Askoren artean (2005). Lauaxeta Herri Antzerki(j)a. Jarlatza Media, Lauaxeta 1905-1925, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Mungiako Udala.

    Berria ikasgela. “Lauaxeta `santu kulturalari´ egindako gurtza. 2025-06-09. https://www.berria.eus/ikasgela/berriak/xehetasuna/santu-kulturalari-egindako-gurtza

    Kortazar, Jon (2009). “Urkiaga, Esteban, `Lauaxeta´”. Euskal Literaturaren Hiztegia – Idazleak. Online argitalpena: Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

    Mungiako Udala (2025). “Mungiako Udalak `Lauaxeta, ametsen egilea´ erakusketa ibiltaria hartuko du ekainaren 12tik irailaren 15era Torrebillelan, poetaren jaiotzaren 120. urteurrena dela eta”. Mungiako Udalaren webgunea:  https://www.mungia.eus/eu/noticias/-/asset_publisher/A8xrZI2uUhKE/content/id/467515

    Perez, Agus. “Herri antzerkija”. Berria, 2005-06-28. https://www.ganbila.eus/hemeroteka-antzezpena-562

    Urkizu Sarasua, Patrizio (2009). “Euskal teatroa Gerra Zibilean” (1936-1937)”. Euskera, 54-2, 1049-1048.

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Carlos Panera eta Mungiako herritarren Lauxatea herri antzerki(j)ari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernika(k) datu-basean Lauaxetaren biografia Gernikaren bonbardaketa agertzen diren beste hainbat obra kontsulta daitezke: Agur Euzkadi eleberria, Ehun urte dira hor zabizela bertsoa... Bernardo Atxagaren Gernikaren errepresentazioak ere lotu daitezke antzerki honekin, obra honen dokumentazioan lagundu zuen aldetik.

  • Riomundo | Jon Maia | 2005

    Titulua Riomundo
    Egilea Jon Maia
    Lekua Tafalla
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Riomundo eleberria bi kronotopo nagusitan banatua dago. Batetik, Espainiako Gerra Zibilaren garaia kontatzen da, Pedro Sierra narratzailearen ahotik. Sierra komunista da, eta Albacetetik ihesi egin behar izaten du, lehendabizi bakar-bakarrik, tren batean igo eta ezezaguna zaion lurraldera partituko da: Vascongadetara (horrela aipatzen da eleberrian). Iritsi bezain pronto, lana topatuko du Sierrak, eta segidan, bere emazte eta seme-alabak ere ekarriko ditu. Labegaraien eta industriaren mundua kontatzen du eleberriak, klase-gatazka gordin erretratatzen duelarik.  

    Bestalde, eleberriaren bigarren kronotopoa frankismoaren azken hondarretan, Euskal Herrian kokatzen da, eta honetan, Sierraren semea da narratzailea. Frankismoak garaitutakoen ondorengo belaunaldien kontzientzia eta borroka azaleratzen ditu batik bat. Sierraren semea aita bezalaxe fabrikako langilea da, eta frankismoaren aurkako borrokan dihardu bete-betean, PCE eta alderdi komunistaren inguruan dabilela kontatzen da, baita, abertzaleekin ere. Eleberriaren amaiera aldera, semeak Parisa erbesteratu behar duela kontatzen da, eta Parisen, Gerra Zibilean parte hartu zuten miliziano errepublikazaleen omenezko ekitaldi batekin ixten da eleberria. Aita-semeen borroken arteko lotura egiten da;  baita frankistek Gerra Zibilean fusilatu zuten osabaren eta Txiki eta Otaegiren fusilamenduen arteko paralelismoa ere.

    Gerra Zibilaren pasarteak kontatzerakoan, Albatece eta inguruetako bonbardaketak aipatzen dira. Eleberrian,Picassoren Guernica koadroa ere aipatzen da, beheko pasartean, semea torturatzen ari direnean, hain zuzen ere:

    “Nire burua uretatik ateratzen eta berriz hondoratzen ikusten nuen, gorputzetik at banengo bezala. Eta nola arraina amuan uretatik ateratzean, aho bete arnasa hartzen ahalegintzen nintzen, nire indar guztiarekin lepoa luzatuta, berriz ere putzuan sartzerako. Arrebaren etxeko salako Gernikan betirako harrapatua dagoen gizarajoa nintzen, lepoa eta bi besoak gorantz luzatuta, izu begiekin, horroretik ihes egiteko indarraldi antzuan, koadro haren angustian egotera kondenatua, etsipen eternoan. Piztiak ez ninduen uzten, lepotik helduta, bere menpe nengoen erabat” (Maia, 2005, 17).

    Nola aipatu: Eizagirre, Nerea (2025). “Jon Maiaren Riomundori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Bueltako ogia” | Harkaitz Cano | 2005

    Titulua “Bueltako ogia”
    Egilea Harkaitz Cano
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Harkaitz Canoren Neguko zirkua (2005, Susa) liburuko “Bueltako ogia” ipuinean Parisen egonaldi bat egiten ari den idazlea da narratzailea. Ipuinaren hastapenean ogia eta egunkaria egunero erosteko duen usadioari buruz gogoeta egin ostean, Pigalle auzoko etxean Cioran filosofoaren koadernoak irakurtzen ari dela aipatzen da, eta Montparnasseko hilerrian lurperatuta dagoela jakitean, hilobia bisitatzea erabakitzen du.

    Cioranen bila dabilela, ordea, Cesar Vallejoren (1892-1938)  hilobia topatzen du. Eta honela mintzo da narratzailea: “Cioran errumaniarraren bila ni, eta hara non, Euskal Herriarekin lotutako poeta batengana ekarri nauen ibilaldiak: Durangoko hondakinei hileta erredoblea jo ziena, Vallejo; Gernika eta Bilbo gogoan izanda idatzi zuen poeta errepublikazalea, Vallejo. Piedra negra sobre una piedra blanca. «Parisen hilko naiz ekaitz egun batez / jadanik oroitzapenean dudan eguntto batean. / Parisen hilko naiz —eta hala ere ez dut alde eginen— / ostegun batez…». Ia asmatu zuen Cesar Vallejok: ostiralez hil zen, goizeko hamarrak artean jo gabe, harri beltza harri zuriaren gainean” (Cano, 2005: 57).

    Hain zuzen, Cesar Vallejo idazlea aipatzean, eta zehazki Durango, Gernika eta Bilbo hirien aipamena egitean, Peruko idazlearen España, aparta de mí este cáliz (1939) poemategiari egiten zaio testuartekotasun keinua. 1937an, Idazle Antifaxisten Nazioarteko Bigarren Biltzarrean parte hartzerakoan, Vallejok Gernika margolana ikusi zuen eta bere poemategian sekulako eragina izan zuen; hainbat poemetan aurki daitezke Picassoren margolanari eginiko erreferentziak.

    Era berean, Canok ipuinean aipatzen dituen, Gernikak, Bilbok eta Durangok jasandako erasoei ere poema bana eskaintzen die Vallejok España, aparta de mí este cáliz liburuan. “Batallas” deituriko bigarren poeman, Talavera eta Malagaren erorialdia aipatzearekin batera, Gernikako bonbardaketari egiten zaio erreferentzia zuzena. Eta izenburuek argi uzten duten bezala, “Cortejo tras la toma de Bilbao” eta “Redoble fúnebre a los escombros de Durango” poemetan, hurrenez hurren Bilboren erorialdia eta Durangoko bonbardaketari eskainiriko poemak dira. Beraz, Gernika eta Durangoko bonbardaketei eginiko ekfrasiekin batera, Vallejo idazle errepublikanoaren Gerra Zibileko nazionalek eragindako triskantzen salaketa-poemak irakurtzeko gonbita ere bilakatzen da ageriko testuartekotasunaren bidez. Canoren “Bueltako ogia” ipuinera itzuliz, Cioranen hilobira iritsi aurretik, lehendabizi Vallejoren hilobiarekin aurkituko du, eta ondotik etorriko dira Cortazar, Ionesco, Beckett, Duras, Tzara eta Baudelaireren hilobiak. Eta idazle guzti horien artean are nabarmenagoa egiten da Vallejoren oihartzuna, narratzaile-idazlea Parisen egonagatik, ibilaldiak Euskal Herriarekin lotutako poeta batengana eramaten baitu zuzenean.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Harkaitz Canoren «Bueltako ogia»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Margarita Aranberri eta Gernikako bonbardaketa | Margarita Aranberri, Pedro Lizarralde | 2005

    Titulua Margarita Aranberri eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Margarita Aranberri, Pedro Lizarralde
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Margarita Aranberrik Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketatik ihesi; anaiak elkarren aurka izeneko bideoan.

    Margarita Aranberrik Gernikako bonbardaketa gogoratzen du. Izan ere, Mendatatik alde egin behar zutelako abisua jaso zuten lehenago, erreketeak herria hartzekoak zirelako, beraz, bertatik ihesi, Gernika nola bonbardatu zuten ikusi zuten. Gernika erreta ikusi zuen, ondorioz, handik Bilbora abiatu ziren. Zorionez, jesulagun batzuen etxean aurkitu zuten babesa. Margaritak kontatzen du anaiak elkarren aurka borrokatu zutela, izan ere, erreketeak iristen ikusi zituen taldean, tartean, bere anaia. Beste anaiak, ordea, gudarien taldean borrokatu zuen eta biek elkarren aurka egin behar izan zuten frontean.

    Margaritaren testigantzak bikain irudikatzen du 36ko gerrak Euskal Herrian eragin zuen banaketa; izan ere, gerrak familia euskaldun asko erdibitu zituen, eta Margaritaren familiaren kasua ere horixe izan zen.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/soraluze/pasarteak/sor-043-020/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Margarita Aranberri eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Martzel Garitagoitia eta Gernikako bonbardaketa | Martzel Garigoitia | 2005

    Titulua Martzel Garitagoitia eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Martzel Garigoitia
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Martzel Garitagoitiak Durango eta Gernika bonbardatu zituzten egunak gogoratzen ditu Ahotsak-en Bonbardaketak Durangon, Gernikan izeneko bideoan. Ezagunak zituen bai Durangon, bai Gernikan eta bere auzokideak hil zituzten. Gernika bonbardatu zuten egunean goizaldean zeozer arraroa somatu zuten eta hasiera-hasieratik zubipera jo zuten ezkutatzera.

    Martzel Garitagoitiarena beste testigantza bat gehiago da, bonbardaketaren nolakotasuna eta bat-batekotasuna erakusten dituena, hain zuzen.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/mallabia/pasarteak/mal-019-031/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Martzel Garitagoitia eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Ehun urte dira hor zabizela” | Unai Iturriaga | 2005/09/13

    Titulua “Ehun urte dira hor zabizela”
    Egilea Unai Iturriaga
    Lekua Bermeo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2005/09/13
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Unai Iturriaga durangar bertsolariak Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poetari kantatutako hiru bertso hauen analisian hainbat puntu aipagarri daude. Lehendabizi, Bermeon, Lauaxetaren jaioterritik gertu, antolatutako jaialdian kantatu zuen Iturriagak 2005. urtean. Ibarluzeak (2025, prentsan) ongi zehazten du, testuinguruari dagokionez, kasu honetan hainbat gauza hartu behar direla kontuan: Bernardo Mandaluniz gai-jartzailea Mungiarra da, eta bertan bizi izan zen Lauaxeta ere denbora batez; hainbat omenaldi egin dizkiote poetari herri horretan; Lauaxeta bera Gernikan izan zen bonbardaketaren ondoren atzerriko kazetari batzuekin atxilotu baino lehen, baina, gainera, kanturako aukeratu duten bertsolaria, Iturriaga, durangarra da, bonbardatua izandako herri batean jaiotakoa. Datu horiek mahaigaineratuta, hobetu ulertuko dugu gai-jartzaileak agindutako gaia: “Duela hilabete-edo bete ziren ehun urte Lauaxeta jaio zela” (BDB Bertsolaritzaren datu-basea).

    Bakarka erantzun zion Iturriagak hiru bertsotan gaiari. Horretarako, BDBan aurki daiteke informazioa. Zortziko handian kantatzeko doinu bat aukeratu zuen. Zortziko handia esanda ulertu behar dugu zortzi bertso-lerro daudela bertso bakoitzean eta bertso-lerro bakoitiek hamar silaba edukiko dituztela eta bikoitiek zortzi gehi errima. Datu-basean ez da doinuaren izenik ageri, baina audioa badago entzungai (Iturriaga, 2005). Bertsoetako hitzei erreparatuta, aipagarria da poetari zuzentzen zaiola bertsolaria, berari hitz egingo balio bezala. Gernika aipatzen du hasieran, atxilotu aurreko unea, erail aurretik preso egondako konbentua aipatzen du ondoren eta omenaldiak aipatzearekin batera, bere inguruan oroitzen denari (eta oroitzen ez denari) buruzko hausnarketa batekin amaitzen du.

    Jada aipatu bezala, bertsolariak bigarren pertsonan hitz egiten dio Lauaxetari hasiera-hasieratik: Ehun urte dira hor zabizela (1. bertso-lerroa). Lehenengo bertsoan ezizenez deitzen badio ere, hurrengo bietan beste era batera kontura gaitezke nori hitz egiten ari zaion: Konbentu baten erail zintuen (13. bertso-lerroa), gainera, leku erreal bati egiten dio erreferentzia, Gasteizi, bertako konbentu batean eduki baitzuten atxilotuta Lauaxeta. Azken bertsoan, bestalde, bertsolariak amaitzen du esanez zure antiojuak oroitzen dira / poemak ez horrenbeste (23-24 bertso-lerroak). Alde batetik, betaurrekoen sinboloa dugu, Lauaxetaren irudia gogoratzen digutenak, baina bestalde, memoria kulturalaren faltari ere erreferentzia egiten dio, poemak ezagutzen ez ditugula aldarrikatzen du Iturriagak.

    Gernikaren erreferentziei dagokienez, Ibarluzeak (2025, prentsan) baieztatzen digu irakurketa literarioa (Retolaza, 2009) dugula honako hau. Beste hitz batzuetan esanda, “adierazpide poetikoaren eta errealitatearen errepresentazioaren arteko tenka irudikatzen da” (Retolaza, 2009: 1091). Zuzenean aipatzen ditu Iturriagak Lauaxetaren olerki bateko hitz famatuenetako batzuk “Goiz eder hontan hil behar nabe” (5. bertso-lerroa), baina goiz horren ondoren etorritako etorkizuna iluna dela aipatuz jarraitzen du, alegorikoki: “ta gaba zenbat luzatu jatzun gerokoak ikusita” (7-8. bertso-lerroak). Dena den, testuartekotasun ariketaren aurretik, esplizituki aipatzen da Gernika herria: zure kondena zure zuloa / bihurtu jatzun Gernika (4-5. bertso-lerroak). Gernikan bertan atxilotu zuten Lauaxeta, kazetari atzerritar batzuei laguntzen ari zela. Bonbardaketan zuzenean hil ez bazen ere, baina bertara eramandako kazetari lanen ondoren atxilotu zutenez, Gernika zure zuloa dela aipatzen du Iturriagak, erreferentzia literarioa eginez bere ondorengo kondenari, iluna izan baitzen atxiloketaren ondoren izan zuen patua eta erreferentzia eginez literatur garapenean ere zulo bat gertatu zela ondorenean, gaur ere Lauaxetaren poemak gogoratzen ez diren aldetik.

    BDB bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e1768

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Iturriaga, U. (2005) “Ehun urte dira hor zabizela”, Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e1768 [azken kontsulta: 2024/12/13]
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Unai Iturriaga bertsolariaren Gernikaren beste aipamen batzuk:
    – 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan
    – 2012-05-13 Mallabia Jaialdia [Bertsoa]: Denbora arin pasetan dala
    – 2005-09-13 Bermeo Jaialdia [Bertsoa]: Ehun urte dira hor zabizela

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Unai Iturriagaren «Ehun urte dira hor zaizela»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Vladimir | Koldo Izagirre | 2005

    Titulua “Vladimir
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?.  Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain justu, diktadurapean bizi diren lau lagunen (pertsonaia-narratzailea, Txato, Antxon eta Tomas) nerabezaroko pasadizoak dira ipuinaren ardatz. «Bagenuen piztia bana gorputzaren otzaran, […] halako desadostasun bat geure buruarekin» (144) dio iragan aditz denboran mintzo den kontalari autodiegetikoak narrazioaren hasieran; nerabezaroak dakartzan nahaste eta etengabeko bilaketaren zantzu nabariak daude testuan: haurrak zirela egin ohi zituzten irudimenezko jolasei eustea (150-153); zigarroak erretzea (163), dantzalekura joatea (154-156); gaztelu zaharreko gordelekutik militarrei harriak botatzea (148); pertsonaia-narratzaileak lotsagatik erakutsi gabe gordeak dituen poemak (144, 156); praka motzak ordezkatuko dituen galtza luzeak (166) eta abar. Finean, heldu izatera jolasten duten mutikoak dira: «Eta inolaz ere entzun nahi ez genuen huraxe entzunarazi zigun orduan Tomasek. Faborez…! Ez gaituk umeak!» (162).   Gertakizunen denborari begira, istorio osoan narratzaileak ez du datarik ematen, salbu eta zeharka, protagonistak The Graduate ikustera joaten diren pasartean 1967 ingurura (filma estreinatu zen urtera) baikaramatza. Hortik aurrera, frankismopeko Euskal Herriko giroak blaitzen du ipuina: militarren presentzia ugaria, apaizak politikari bilakatzen dituen eta eskoletaraino iristen diren errejimenaren garroak (146), iraultza komunistaren aldeko pintadak (167) etab. Esandakoaz bat, Gerra Zibileko gertakizun traumatikoen memoria komunikatiboaren transmisioa nabari da ipuinean zehar, esaterako, lau nerabeak jakitun dira faxistek herria hartu zutenean Kasparren andreari eta bere hiru ahizpei burua soildu zietela (159) edota 1937ko apirilaren 26an bonbardaketa basatia gertatu zela Gernikan (148, 168…). Horrek guztiak herritar askori eragindako mendeku gosea ere antzeman daiteke testuan (159).  Testuinguru soziohistoriko eta politiko zehatz horretan “iniziatuko” dira Txato, Antxon, Tomas eta pertsonaia-narratzailea, itsasoaren inguruan. Bizi diren herria nahiko aspergarria eta itogarria da lagun taldearen begietara. Itsasoa, berriz, askatasunarekin lotzen dute lau nerabeek: «[…] besterik ez nuela desiratzen esanen nuke: etor zedila, Ternuatik edo Gransoletik, gu beste norabait eramanen gintuen baga askatzailea» (143). Horregatik zaie hain erakargarria itsasoa, horregatik dute hain gustuko hara joatea, bertan erreko dituzte lehen zigarroak eta hitz egingo dute iraultza boltxebikeaz; baita jolas egin ere, Matiuxenko eta Vakulintxu marinelak direla ez ezik, herriko leize batean azaldu den naufragoa beraien erresistentzia gidatuko duen Vladimir (Lenin) bera dela imajinatuz; urpekontzi sobietiko batetik lehorreratu dena (157).   Late motiv baten pare, behin eta berriz errepikatzen dituzte protagonistek «the war is not finished» (152, 159, 167…) eta «mundu hau kaka zaharra duk!» (160, 167…) esamoldeak, hasieran jolasez bezala, baina denboraren poderioz, gero eta gehiago politizatu eta langile kontzientzia garatuko dute; besteak beste, kontalariaren arrebaren «liburu sobietikoa» irakurriz. Modu horretara, «sinbolotik errealitatera» igaro ahala (164), «gizarteak ez direla barrutik aldatzen ahal, gizarte berriak sortu behar direla» (161-162) eta «handik goiti aroak abiatuko [dituztenak]» beraiek direla jabetuko dira (168). Orduan den-dena ikusiko dute betaurreko gorriz: «non zagok Vladimir? Nonahi! (167)». Hala, iraultza txikiak egiteari ekingo diote «Vladimir Brigadaren» izenpean (165).   Udalak festetarako ekarri ohi zuen zezen plaza erre dutenak Potiomkin-eko marinelen modukoak dira lau lagunen begietara, eta istripua izan dela zabaldu duten udaltzain eta egunkarietako zuzendariak berriz, tsarrak (164). Izan ere, ordurako, Txato, Antxon, Tomas eta pertsonaia-narratzaileak identifikazio argia egiten zuten fraideen ikastetxeko giro jazarlearen eta militarren mehatxuen artean, besteak beste biak ala biak baitziren autoritatea eta arriskuaren sinboloa (146). Ondoko egunetan jaioterriak aspergarri eta domestiko izateari utzi zion eta bere lehen ekintza burutu zuen Vladimir Brigadak.

    Ipuineko protagonista diren lau nerabeek Gernikako bonbardaketaren sinboloa bereganatzen dute, nolabait esateko, beren burua hegazkin nazi eta faxistek erasotutako biktima errugabeen eta gudari komunisten ondorengotzat identifikatuz. Vladimir Brigada gisa burutzen duten lehen ekintza politikoan, prentsara bidaltzen duten ohar kamuflatuaren bidez helarazten duten mezua argia da: «oraindik ez [gaitu]ztela derrotatu» (164). Beraz, borrokarako arrazoitzat bizi dute Euskal Herriko iragan hurbilaren ikur eta sintesitzat har daitekeen Gernika. Hain zuzen, iraultzaile komunisten rola betetzen duten aldi oroz ekartzen dute sarraski hura gogora; dela jolasean, irudimenez Errusiako Iraultzarekin uztartuz, dela Vlamidimir Brigadaren izenean, benetako ekintza politikoak burutzean.   Azaldutakoaren erakusle argia da herriko haitzulo batean azaldu den naufragoa, beren jolasean murgilduta, Lenin dela imajinatzen duten pasartean irakur daitekeen aipua: «Menturaz bai, menturaz ez zituzten sakailatu miliziano guztiak Gernikan, menturaz Bigarren Mundu Gerraz geroztik yankiak noiz hurbilduko labana zorroztuta leizean igurika zeuden gerlari nipon haietarik bat iduri kukutua Vladimir, Molaren atzeguardari jazar egiteko» (148).   Vlamidir Brigada eratu eta «Historia aldatzen hasiak» diren testuinguruan aurki daitekeen Gernikaren ondoko errepresentazio historikoak ere, garden bihurtzen du protagonistek iraultzarako arrazoitzat bizi dituztela Gerra Zibila eta Frankismoa: «—Gernika suntsitzera zatozak!/ Dozenerdi Junker 52, sabelandi, bonbadun, gure bila. Halako harramantza bederen. Arma patiora jalgi gara bokalea aldean beste iragaiten duen tentsio altuko kablean pankarta nola zintzilikatu bertan utzita. Hegazkin arin bat hodeipean, jira dotorea eginda gaztelura buruz amiltzen. […] Vladimir gure herri mozkor ustel zabarra inarrosten […] gerra ez da amaitu» (168-169). Honenbestez, Izagirrek ETAri aipamen zuzenik egiten ez dion arren, euskal politikaren erradikalizazioa testuinguratu eta berrikusteko helburu etikoa antzeman daiteke “Vladimir” ipuinean, bereziki, frankismo betean sortu zen borroka armatuarekiko loturan.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Koldo izagirreren «Vladimir»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Sua nahi, Mr. Churchill? | Koldo Izagirre | 2005

    Titulua Sua nahi, Mr. Churchill?
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?.  Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain zuzen, Gerra Zibilaren azken aldera, itsasontzietan Ingalaterrara erbesteratutako euskal haur errefuxiatuen eta II. Mundu Gerraren hasierako itsas gudetan parte hartutako euskal gudari gazteak (Andoni Olabe, pertsonaia-narratzailea etab.), Andoni Olabe soinujolearen eta Cecilia Boltonen arteko maitasun istorio platonikoa, eta Werner Hartmann eta pertsonaia-narratzailearen arteko ustekabeko enkontrua dira, besteak beste, ipuinaren narrazio hari nagusiak. «—Zu… Werner Hartmann zara? […] —Euskalduna nauzu, Hirugarren Reich-aren aurka gudukatu nintzen lehorrez eta itsasoz. Lepoa jarriko nuke zeu izan zinela Irish Pride hondoratu zuena, Brighton inguruan, hamar mila tonako zamako zahar bat, masta bikoa» (88).   Ipuinaren gertaleku nagusiak heterotopiak direla esan liteke: erbestea (dela Ingalaterra, dela Venezuela), itsasoa eta portuak. Deigarria gertatzen da kutsu ironikoa darion pertsonaia-narratzailearen «hi» izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoa, irakurlearekiko gertutasuna errazten duen fikziozko elkarrizketa, maiz galderazkoa, sortzen duen neurrian. Esaterako, ondokoa iruzkintzen du erbesterako bidea hartzear dauden euskal errefuxiatuen itsasontziez: «[…] bizitza erdia despedidatan, […] alabaina, hik badakik hiltzen ari dena despeditzen? Ikasten baduk, abisa iezadak […] Niretako, […] urpean amaitu behar zuten La Guaira jo baino zatiaz lehenago, hiltzen hasiak ziren. […] Euzko Gudariak kantatzeari ekin zioten, Andoni Olabe soinulari zutela» (69). Gerra frontean ibilitako pertsonaia-narratzailea, «despedidarako» betarik gabe, ezkutuan ontziratuko da Ingalaterrara doan barkuan, eta Olaberi lagunduz, musikari plantak eginez ibiliko da jaialdiak eskainiz euskal haurrak aterpetzen ari diren Bristolen, eta aurrerago, Londresen; bertako Euzko Etxean lortuko baitituzte paperak (70).   Nazioarteko politikaz gutxi ulertuagatik, protagonistek usaintzen dute garai ilunak datozela: «Egik kontu 1939ko martxoan geundela, Espainiako liskarraren azkenak artean, baina Inglandek errekonozitua zeukan jadanik Francoren gobernua […]» (71). Hitler Frantzian sartu eta gutxira, Ingalaterrak gerra deklaratu ondoren, Olabe eta pertsonaia-narratzailea gerraontzi batean itsasoratuko dira, naziak nahaste aldera, ingelesek bandera irlandarraren (herrialde neutro baten) koloretan pintatzeko agindutako baporean. «Aneika aldiz esan nion [Andoniri] guda bat elkarrekin eginda bizirik urtetea nahikoa xantza zela, ez zela posible bigarren batetik biok onik ateratzea […] ez nuen konprenitzen doixtarren jokamoldea, ez inglandarrena» (75).   Denbora narratiboari so eginez gero, memoriaren fikzioen bereizgarri den geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasuna gailentzen da testuan. Deigarria da  (ez soilik ipuin honetan, baizik eta liburu osoan) analepsi eta prolepsi artean gertatzen diren elipsien garrantzia, kritikak deskribatu bezala, Izagirrek isiltasunaren bidez idazten duela baitirudi. Hain zuzen, gerrara joan aurretiko eta itzuli ondorengo denbora planoak tartekatuz, Olaberen maitasun istorio platonikoa kontatzen du narratzaile-pertsonaiak. Nazioarteko brigadetako zamakoetan, gudapean zeuden portuetan sartutako lehenengotariko emakumeaz, Cecilia Boltonez, maiteminduko da Olabe; Eguna egunkariko albistea irakurri geroztik. Hala, «Basque refugee rescued of Bilbao by captain Bolton in the merchant ship Seven Seas Spray» kartoia zintzilik soinua jotzen ibiliko da Londreseko kai inguruetan sos batzuen truk eta musa bihurtuko duen Ceciliaz galdezka (84). Pertsonaia-narratzailea baina, kritiko eta ironiko agertzen da, Bolton kapitaina bezala, euskaldunei laguntzera joandako brigadetako ingelesekiko: «Izkiluak behar genituenean, neutraltasuna jokatu zuen Inglandek. Gero, dena galdua zenean, Hitlerri aurre egiteko gai zela erakustearren, bere sportamanak bidali zizkigun gosea lur-sagarrez ari genezan… Nardargarria ez denik!» (86).            1940ko abenduan, Bolton kapitaina eta bere eskifaia osoa barruan zituela hondoratuko da izenez aldatutako Seven Seas Spray gerraontzia, U-37 torpedoak jo ondoren. Izagirreren literaturan ohi bezala, ipuin honetan ere gertakizun historikoak eta fikzioa nahasten direla esan daiteke, beraz. Esandakoaren adibide adierazgarriena, ipuinaren bukaerako eszena dela izan liteke, arestian aipatu bezala, pertsonaia-narratzaileak eta Werner Hartmann komandante naziak Livornoko kafetegi batean topo egin ondotik, kafea hartuz izango duten elkarrizketa, hain zuzen ere.

    Andoni Olabe eta pertsonaia-narratzailea II. Mundu Gerran gudaontzi ingelesean dabiltzan testuinguruan ageri da Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa. Itsaspeko kanoi bat jaurti ondotik, ontzidi naziko komandanteak emango dien aginduak Gernikako gertakizun traumatikoa gogoraraziko dio Olaberi, lekuko zuzena ez izanagatik bonbardaketa bizi izan balu (eta atzera bizitzen ariko balitz bezala) adieraziko duena: «Doixtar komandanteak bozina hartu zuen eskuan, […] Eta “Abandon ship!” manatu zigun. “Gernikan horrelaxe egin ziguten!”, Andonik inglandarrei, “Gernikan horrelaxe egin ziguten!”, […] besteok txalupa erriatzen eta Andoni «Gernikan horrelaxe egin ziguten!» atertu ezinik eskifaiari zainak airatzen, bera Gernikan egon balitz moduan. Eta inork adorerik ez erantzuteko […]» (77-78). Behin torpedoaren arriskua pasatakoan, azpimarratzekoa da kapitainak Olaberi esaten diona: «Euskalduna haizelako barkatzen diat! […]»; baita, orduan, narratzaile-pertsonaiak irakurleari aitortzen diona ere: «ez genien guk berehalakoan barkatuko lau urte lehenagoko portaera koldarra inglandarrei» (81).   Esanguratsuak dira, halaber, barealdia ospatzeko, Olaberen eskusoinuaren doinura kontalariak botatzen dituen bertsoak. Izan ere, Gernikako bonbardaketa (ondoko urteetan gizateria zibilaren aurka helburu militarrekin egindako) beste gerra esperimentu batzuei aurre hartu zien gertakizun den aldetik irudikatzen du: «[…] Doa ontzia hondora/ Hondoan dauka Gernika portu/ Ez bedi inor aztora/ Gure herrian zorroztua zen/ Mastan jo duen aizkora […]».  Werner Hartmannekin izandako enkontruaren harira, pertsonaia-narratzaileak ahotara ekartzen du, berriz ere, Gernikako bonbardaketa basatia, Luftwaffek Londres bonbardatu zuen egunaz galdetzeko. Bera itsasoan bazegoen ere, asko akordatu baitzen egun hartaz, lehorrean geratu zen Andonirekin kezkatuta. Dena den, irakurlearen esku uzten du Hartmannen begietatik ikus dezakegun Andoniren istorioa osatzeko ardura: «[…] badatoz hegalontziak urdina betean, hirurehun itsaspeko hegan, Londongo zerua Gernikakoa halako hamar, hogei, berrogei, sirenen txistua baino mingarriagoa arranoen amiltze astuna, oinaztuaren garraren aitzin bere tarrata, zelako edertasuna eraikinak lur jotzen bazterrak sutan karrikak lehertzen, eta durunda handiaren gainetik, beste uhin-luzera batean, euskaldun liluratuaren oihua hondakin guztietan oihartzun […]/ «Sua nahi, Mr. Churchill?»/ Bolton eta bere alaba ez beste inglandar guztiek Gernikako fosforo berean kiskali behar dute, garaia zen, londondarrak babestokietara doaz astrapalan, sotanoetan ezkutatzen dira koitaduak, eta soinulari zoro batek kalejirarik alaiena jotzen du Waterloo-Bridge-ren erdian […]» (89).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Losadaren pizkundea” | Koldo Izagirre | 2005

    Titulua “Losadaren pizkundea”
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2005
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?. Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain zuzen, gerraondoan, Frente de Juventudes-eko uda kanpamentuan bizitako pasadizoak dira “Losadaren Pizkundea” ipuinaren ardatz. Zehatzago esateko, narratzaile-pertsonaiak eta bere lagunek, Gerra Zibila galdutako gudari gazteek zein bortxaz errekrutatutako haur eta nerabeek, falangisten doktrinaren aurka eginiko iraultza txikien, askatasun gosearen eta erresistentziaren inguruan harilkatzen da istorioa. Esandakoaren erakusle dira orientazio ikastaroan kanpin dendetatik behar baino gehiago urruntzea (111-113), zuzendariak «Viva Franco» eta «Arriba España» esandakoan erantzunik ez ematea, lerrokatzeko agintzean jaramonik ez egitea… eta, bereziki, bigarren batxilergoko Losada mutiko galiziarrak oihukatutako «Gora Vladimir Ilich!» (115); fusilatzeko puntuan jarri baitute kapilauak, zuzendariak eta errefortzu gisa etorritako militar falangistek. Hortik, 1937an Bizkaiko kanpainan parte hartu zuten protagonista autodiegetikoari eta Uriarteri (118), baita euren lagunei (Aldaz, Dopazo, Barbeitio…) ere, Trintxerpeko Losada mutil koskorrak eragindako harridura, mirespena eta izua. «[Losadak] ilunabarreko zeremonian azaldu zuen edertasun beldurgarri hura berritu genuen denok gure kautan, egia zen inork ez zuela halako kemenik erakutsi presondegian generamatzan sei hilabeteetan» (117). Koldo Izagirrek irakurlearen esku uzten du, baina, Losada egiaz fusilatu duten ala fusilamendu simulakroa pairatu duen argitzea: «Eta denek ere Losada zoroaren oihua estaliko zuen deskarga espero zutelarik, Urbasa osoko basurdeak kanpamendua hartzen hasiak ziren denda guztietako galletak mermeladak txokolateak tabakoak linternak esne kondentsatuak gutun paperak eguzki kremak argazki kamerak kapilauaren aldizkariak eta Aldazek maiatzaren aurreneko bazkalondo luzeetan aitari ikasitako Pilatosen Balkoia esaten zitzaion faxisten hiltegi klandestino hartan ezarri nahi zuen pirograbatua txehetzeko: hemen…fusilatuak…askatuta» (122).   Denbora narratiboari so eginez gero, memoriaren fikzioen bereizgarri den geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasuna gailentzen da testuan. Deigarria da  (ez soilik ipuin honetan, baizik eta liburu osoan) analepsi eta prolepsi artean gertatzen diren elipsien garrantzia, kritikak deskribatu bezala, Izagirrek isiltasunaren bidez idazten duela baitirudi. Gainera, orokorrean lehen pertsona darabilen kontalari autodiegetikoa mintzo den arren, kasu batzuetan zaila gertatzen da narratzailea bereiztea, denboran zehar nola, hirugarren pertsonara ere tarteka hala egiten baitu jauzi. «Ahots nahasketa» hori, memoriaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioen islatzat jo daiteke. Are, idazlearen hitzetan, «narratzailearen ikuspuntu-desplazamenduak ez dira estetika hutsa […] nik uste dut […] gure berraragiztatzea historian gertatzen dela. […] Haragiztatu, historian haragiztatzen gara, gugan datorrelako. […] Iragana zen hori transmisioan dabil […] Gure derrotetatik oraingo ezintasunetara». Oroimenaren gaineko kezkaz landa, nabarmentzekoak dira pertsonaiek ahotan hartzen dituzten Trintxerpe inguruko esamoldeak edota galegozko esapideak. Bestalde, Izagirreren prosan ohikoa den bezala, pertsonaia nagusiak Frente de Juventudes-ek zigortu ala errekrutako ume, nerabe eta gazteak izanagatik, ez dago epelkeriarik. Esan nahi da, gehienak ere pertsonaia «agirretartzat» defini daitezkeela: desengainatuak, errebeldeak eta zailtzen hasitakoak baitira. Idazleak berak elkarrizketa batean adierazi bezala, Sua nahi, Mr. Churchill? bildumako «ipuin[ak] dialektikoak [dira], pertsonaiek ihes egin nahi dute leku horretatik, leku horretatik ihes eginez garaiaz ere aldatuko direlakoan, ihes egin nahi dute diktaduratik eta itotasunetik. Konstante bat da liburuan. Eta epika apalean gertatzen dira gertatuak, ez dago mitifikaziorik pertsonaien aurkezpenean, nahikoa lan daukate egiten dutena egiten […] gristasunak dauzkaten pertsonaiak sortu ditut, errealitateak moldatzen dituen heroikotasunik gabeko heroi apalak».

    Goiko aipuan laburbildu liteke Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak ipuin honetan duen adiera. Izan ere, gertakizun historikoak eta mikrohistoriak uztartzen ditu, jende xumeak gertaera historiko handiekiko loturan bizi dituenak, alegia. Hala, Gernikaren bonbardaketa pertsonen arteko harremanei eta gatazkei estekatuta zehazten da ipuinean, zehatzago esanda, sarraskiak eragindako doluari eta zurztasunari lotuta. Pertsonen arteko gatazken dimentsio soziala garden bihurtzen duela esan daiteke. Zentzu horretan, nahiz ipuinean aipatu ez, kontuan izatekoa da Gernikako bonbardaketaren errepresentazio piktorikoan (Picassoren Guernica-n) biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak ageri direla, hain zuzen ere, zurztasunaz eta doluaz dihardutenak: haur hila altzoan duen ama. Era berean, Gernikako bonbardaketa gerran parte hartu zuten gudari komunista eta abertzaleen testuinguruari lotzeko helburua nabari daiteke. Literaturak, kasu honetan, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, gerra galdu zuten eusko gudariena, azpimarratuz: «—Mutil hori komunista zan lehen, Trintxerpeko galiziano horietakoa, eta Gipuzkoako frentean zaurituta egoan Gernikako Karmeliten komentuan. Neskatila gazte batek zaintzen eban […]. Gernika suntsitu ebenean, erizaian familia osoa galdu eban, baina neskato harek esan ei eutson orain bere familia Euskadi zala. Eta entzun egik, Sagardui, neskatila harengatik egin zala eusko abertzale esan eustan Losadak […] Abertzalea dalako doia pozik fusilamentura, ez dozue sinsituten?» (118-119). Zer gerta ere, abertzaleen artean gailendu ziren galtzaile duinaren eta Gernikako herri martiriaren (ankerkeria faxistaren biktimaren) irudiaz hausnartu eta urrats bat haratago joaten dela uler liteke, artean gazteak diren protagonistek, gerraren oroimen habitatuaren eramaile izatearen zama arindu, bazter eguzkitsuago batera ihes egin, eta berriz hasteko duten desira islatzean: «Nik bizi egin nahi nuen, ez nuen Euskadiren martiria izateko batere gogorik heriotzaren forma koldar eta kementsu guztiak ondo ikasiak ukan behar zituzten entregatutako batailoi haien aitzinean. Abertzalea nintzen, eta horregatik sinesten nuen gerra baino luzeagoa dela bizitza […]» (119). Baliteke horrek ipuinaren izenburuarekin zerikusirik izatea, hots, «pizkundearekin» edo gerrak eta diktadurak pitzatutako haurtzaro eta gaztaroen “errenazimentuarekin”.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Koldo Izagirreren «Losadaren pizkundea»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • La maison Etcheverry | André-Jean Lafaurie | 2004

    Titulua La maison Etcheverry
    Egilea André-Jean Lafaurie
    Lekua Paris
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Ruiz Cano, Marina (2025): “Ficha sobre La maison Etcheverry I. Germaïna de André-Jean Lafaurie”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1078

  • “Nobela hura” | Iban Zaldua | 2004

    Titulua “Nobela hura”
    Egilea Iban Zaldua
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Iban Zalduaren Itzalak (2004, Erein) liburuko “Nobela hura” ipuinak metafikzioa, fantasia eta ukronia uztartzen ditu. Izan ere, kontakizunean ezezaguna zaigun bestelako errealitate bat gailentzen da eta fikziozko ukronia gisa planteatzen da ezagutzen dugun Historia ofiziala.

    Argumentuari dagokionez, narratzailea ezustean gaztetako Ander ikaskidearekin elkartzen da. Biak izan ziren literaturazaleak, eta protagonista idazle izatera ere iritsi da. Aldiz, urteetan ez du ikaskidearen berririk izan, Ander ere bere nobela idaztera erretiratu zenetik hain zuzen. Bestalde, Anderrek bere egiten duen Fowles idazlearen idazketarako maxima zein zen ere zehazten da ipuinean: “Munduak sortu nahi ditugu eleberrigileok, iraganeko edo egungo munduak bezain errealak, baina, aldi berean, bestelakoak liratekeenak” (Zaldua, 2004: 60).

    Horrenbestez, narratzaileak Anderri bere nobelaz galdetzerakoan antzaldatzen da errealitatea. Historian inoiz gertatu ez direnak aurkezten baitira Euskal Herriko azken berrogeita hamar urteen historiako parte. Horrela, erreal gisa aurkezten den historian, Gerra Zibilaren ostean Espainia II. Mundu Gerran sartu eta Franco fusilatuta hilko litzateke. Eta hor dator, zehazki, Gernikaren aipamena, erreal gisa planteatzen den ukronia horretan ondokoa jazoko zelako: Errepublikaren itzulera “1946an, Agirre lehendakariak Gernikan” egindako hitzaldiaren ondotik. Beraz, historiaren plano horretan Gernikaren bonbardaketa ez zen gertatuko eta, gainera, Errepublikaren Gernikan bertan gauzatuko litzateke.  

    Balizko errealitate horren aurrean, Anderrek nobela idazteko beste zerbait asmatu beharra sentitu zuela aitortzen du ordea eta, jarraian, ipuinean fikzio gisa aurkezten da berez errealitatean jazoriko gertakizunen katea: Franco ohean hil izana, ETAren sorrera, Meliton Manzanas eta Carreroren hilketak, 1975ko fusilamenduak…

    Horrela beraz, gorago aipatu dugun maximari jarraiki, Zalduak ere balizko mundu eta historia bat asmatzen ditu ipuin honetan eta errealitate gisa aurkezten; eta kontrara, iraganeko eta egungo mundua bezain erreala izan daitekeen bestelako errealitate bat eskaintzen du, nolabait, Historiako bilakaeraren gertakizun-katea akzidente txiki batek besteratu dezakeela iradokiz.

    Azkenik, aipatu behar da “Nobela hura” ipuina lehenengoz Itzalak liburuan argitaratu bazen ere, 2010eko Iban Zalduaren Ipuinak. Antologia bat (2010, Erein) argitalpenean ere bildu zela.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Iban Zalduaren «Nobela hura»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Maria Argialde eta Gernikako bonbardaketa | Maria Argialde | 2004

    Titulua Maria Argialde eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Argialde
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Maria Argialde Gernikan izan zen bonbardaketaren egunean eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa zuzenean bizitakoa eta Txapelgorri ugari Gernikan izeneko bideoetan.

    Maria Argialdek ondo gogoratzen du 1937ko apirilaren 26ko eguna Gernikan. Mariaren familia Gernikara joan zen senide batzuen etxera gerrak aurrera egin zuenean. Bonben zaratak eta utzi zituzten zuloak argi eta garbi gogoratzen ditu. Zubipean ezkutatu zen Maria beste hainbat senitartekorekin eta haiengandik oso gertu bonbak botatzen ari zen abioietako bat erori zen. Bonbak ez ziren herrian bakarrik jausi, inguruan ere, Maria baserri aldean egonik ere hegazkinak bertatik bueltaka ibili ziren.

    Gainera, Mariak Gernikako bonbardaketaren hurrengo egunak nolakoak izan ziren gogoratzen du. Erreketeen presentzia handia aipatzen du Mariak, izan ere, soldaduek baserritan ostatu hartzen zuten, lo egiteko tokia eta jatekoa eskuratuz. Gernikako bonbardaketatik bizirik irten zen Maria, baina bonbardaketa ondoren soldaduz bete zen herria eta haiekin bizi behar izan ziren Bilbo hartu zuten arte.

    Asko hitz egin bada ere Gernika bonbardatu zuten egunez, garrantzitsua da hurrengo egun eta asteak nola joan ziren ezagutzea, eta Mariak horretarako aukera eskaintzen du haren testigantzarekin.

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/bergara/pasarteak/ber-156-018/ https://ahotsak.eus/bergara/pasarteak/ber-156-017/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Maria Argialde eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mariano Martinez eta Gernikako bonbardaketa | Mariano Martinez | 2004

    Titulua Mariano Martinez eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Mariano Martinez
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu horretarako.

    Mariano Martinezek Gernika eta Durangoko bonbardaketez hitz egiten du Ahotsak-en Gernikakoan bergararrak hilik izeneko bideoan.

    Mariano Martinezek 13 urte zituen Gernika bonbardatu zutenean, baina bonbardaketaren aurreko egunean, Elorrion zegoela, abioiak etengabe pasatzen ikusi zituzten eta hurrengo egunean, 1937ko apirilaren 26an, Gernikara ez joateko esan zieten pilotariei. Orduan, susmoa zuten gertatzear zegoenari buruz, baina ez zuten halako sarraskirik inondik inora ere espero. Gainera, nazionalek bonbardaketak eragindako suntsiketa gorriek egina izan zela esan zuten, eta Marianok gogoan du nola zigortu, jipoitu eta atxilotzen zituzten horren aurka egiten zuten herritarrak. Izan ere, altxatuek egin zituzten aire bidezko eraso horiek eta haiek gezurra zabaldu, beraz, egia esaten zuenari izugarrizko zigorra erortzen zitzaion.

    Mariano Martinezen testigantzari esker Gernikako bonbardaketa eta horrek eragindako giroa hobeki ezagutu ditzakegu.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/bergara/pasarteak/ber-188-014/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Mariano Martinez eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria | Edorta Jimenez | 2004

    Titulua George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria
    Egilea Edorta Jimenez
    Lekua Tafalla
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri biografikoa. George Lowther Steer kazetari eta gerrako berriemailearen ibileren berri ematen du obrak. Steerrek kazetari gisa izandako lanak aipatzen dira eta horrekin batera, bizi izandako gerrak. Liburuaren izenburuak dioen bezala, Gernikan izan zen kazetaria, eta liburuak herri horrek jasandako bonbardaketa du hizpide, baita kazetariak Gernikako bonbardaketaren berri ematen egindako ahalegina ere. Argi azaltzen da kazetari britainiarrak Gernika faxistek suntsitu zutela baieztatu zuela The Times egunkarira bidalitako artikuluan. Ikus 35. orrialdea.

    Gernikaren bonbardaketaz gain, beste herri euskaldunetan gertatutako sarraskiak ere aipatzen dira, Bilboko bonbardaketaz gain, faxistek Otxandio, Eibar, Durango eta Gerrikaitz bonbardatu zituztela esaten baita (34). Era berean, Gernikako bonbardaketa kriminalagoa izan zela jakinarazten da eta bonbardaketaren garrantzia azpimarratzen da: “Gernika gero etorriko ziren bonbardaketen esperimentazio lekua izan zen” (34). Euskaldunen imajinario kolektiboan memoria gune garrantzitsu bihurtu diren toki horiez gain, Gernikako arbolari kapitulu bat eskaintzen zaio. 1937an idatzi eta 1938an argitaratutako The Tree of Gernika Steerren libururik ezagunena aipatzen da eta horrekin batera, Steerren ustez Gernikako Arbola gerra hartako galtzaileen ikur nagusia dela jakinarazten da (37).

    Paratestuan, Esteban Montoriok egindako aurreko azalean, hainbat irudi ageri dira collage teknika erabilita. Batetik, atzeko planoan ia oharkabean pasatzen den Picassoren Guernica koadroa identifika daiteke. Zehazki, kriseilua heltzen duen emakumearen eskua eta koadroaren goiko aldeko bonbilla antzeman daitezke. Beste plano edo geruza batean, Guernica koadroaren zati bat ageri da. Beraz, esan daiteke Picassoren koadroaren ekfrasia ageri zaigula, Guernica berrirudikatuta ageri baita obra honetan.

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Edorta Jimenezen George L. Steer. Gernikan izan zen kazetariari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • Bombardeo de poemas sobre Gernika | Cristobal Bianchi, Joaquín Prieto, Julio Carrasco | 2004

    Titulua Bombardeo de poemas sobre Gernika
    Egilea Cristobal Bianchi, Joaquín Prieto, Julio Carrasco
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Perfomancea
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako bonbardaketaren 70. Urteurrenea gerturatzen ari zela-eta, Casagrande literatur kolektibo Txiletarreko Joaquín Prietok, Cristóbal Bianchik eta Julio Carrascok gauzatu zuten Bombardeo de poemas sobre Gernika ekintza artistikoa, literatura eta performancea nahasten dituena. Euskaratik gaztelaniara itzulitako euskal idazleen poemak eta gaztelaniatik euskarara itzulitako poeta txiletarren poemak jaurti zituen helikoptero batek Gernikako Foru Plazan. Poema horiek guztiek Gernikako bonbardaketari edo/eta Picassoren Guernicari egiten diote erreferentzia. Hala, plazan jendetza bilduta zegoela, bonbardaketa “erreproduzitu” zen airetik, baina bonbena izan ordez, poemena.

    Performancea eta literatura lotzen zituen ekintza artistiko horrek zabalkunde esanguratsua izan zuen hedabideetan eta ekimenaren egokitasunaren inguruko polemikarik ere piztu zen.

    Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). “Cristobal Bianchi, Joaquin Prieto eta Julio Carrascoren (Casagrande kolektiboa) Bombardeo de poemas sobre Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Odolean neraman | Joan Mari Irigoien | 2004

    Titulua Odolean neraman
    Egilea Joan Mari Irigoien
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri honek Eneko Ortega futbolariaren bizitza kontatzen du: Enekorengan futbolarekiko zaletasuna oso errotuta egon da txikitatik, haren ama, aita eta amona Sinforosaren mirespenaren eraginez, batez ere. Beraz, zaletasun horri trebetasunak jarraitzeak etxekoen poza ekarriko du. Halere, etxeko gatazkak direla eta, Enekoren bidea ez da erraza izango, aitaren alkoholarekiko menpekotasuna edota amari eta berari emandako tratu txarrak tarteko. Dena den, Enekok futbolari profesionala izatea lortuko du, Errealean lehenik eta Barçan ondoren, eta bizitzaren erraztasun eta zailtasunak biziko ditu giro horretan, bere sexualitatearekiko zalantzak edota pertsonaia publiko izatearen ondorioak, batik bat. Azkenean, ordea, oztopoak oztopo, bere bidea aurkituko du.

    Gernika hainbatetan agertzen da irudikatua eleberrian, nola gertaera (Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa), hala artefaktua (Picassoren Gernikaren ekfrasia) dela bide: lehen aldiz Enekok amona Sinforosaren logelako apaingarriak deskribatzean agertzen da, bertan aitonarekin ateratako hiruzpalau argazki gau-mahaiean, Euskal Selekzioaren argazki bat paretan zintzilik eta Picassoren Gernikaren poster bat zituela esaten baitu (11). Jakina denez, ezin konta ahala dira Gernika artelana oinarri duten kopiak, halako moldez ezen artean ere behin eta berriro erreproduzitzen baita irudia. 36ko gerrari eta ondotik etorri ziren gerrei lotutako protesta ikono boteretsua, ordea, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizarteen produktu soil bihurtu da (Cueto, 2017). Hori ez da Picassoren Gernika aipatzen den aldi bakarra, beranduago amona eta Eneko posterrari begira zeudela amonak esandakoa kontatzen baitu: “Badakik zer pentsatu nuen Athleticeko eta Errealeko jokalariek ikurrina atera zuten egun hartan? Alemanek Gernika suntsitu zutela, bai, baina zutik zegoela artean Gernikako arbola!” (112). Azken esaldi hau, gainera, Enekok beste behin ere ekartzen du gogora (193). Franco hil eta gutxira, 1976an, atotxako futbol zelaian, berrogei urtez legez kanpo egondako ikurrina astindu zuten jokalariek. Gernikako bonbardaketaren pasarte historikoa ere isildu beharreko gaia izan zen hamarkada askotan; gertaera horri buruzko erreferentzia oro, koadroaren aipamena barne, zentsurari erronka jotzea baitzen. Halere, frankismo bukaeran nabarmen hedatu ziren Gernika koadroaren erreprodukzioak protesta ikur gisa (Cueto, 2017). Beraz, testuinguru horretan, amona Sinforosari zutik geratu zen haritza gogoratzen zaionean, euskal gizartearen askatasun gosea, diktadurarekiko eten garbirik ekarri ez zuen trantsizio gatazkatsuak zapuztua (Guelle, 2019) iradokitzen dela esan liteke: “Uste genian orduan Euskal Herria askatuko genuela, baina gero, politikari zikin hauekin, kaka zaharra!” (112).

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Joan Mari Irigoienen Odolean neramani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Eguzki beltzaren sekretua | Alberto Ladron Arana | 2004

    Titulua Eguzki beltzaren sekretua
    Egilea Alberto Ladron Arana
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Oskar Faupel, Euzko Gudarostean borrokatu zen hogei urteko gudari gaztea, basozain jarduten da Etcharte bordaren inguruetan. 1937ko udaberrian, Gaztelumendiko babestokian, horma zulatu zuen metraila zati bat sartu zitzaion saihetsean Faupeli, eta zauriaren larritasuna ikusita, Eusko Jaurlaritzak Lapurdin antolatutako erietxera eraman zuten (191). Sendatu arteko denboran, Gerra Zibila azkendu da. Basozain modura bizimodu berri bati ekin nahiko liokeen arren, gerrako mamuek ez diote bakerik ematen (76, 192). Ama gerraren bezperetan hil zitzaion; aita, Iruñean erbesteratutako I. Mundu Gerrako soldadu alemana, berriz, haurra zela. Ibarra lagunaren bidez lortuko du aspaldian sentitu gabeko zirrara eragiteaz batera mina zeharkatzen lagunduko dion lan berria. Espioi gisa bidaliko dute atzerrira Euskal Zerbitzu Sekretuetako buruzagiek, argibide zehatzik emateke, eta bidean argituko du protagonistak bere eginkizun misteriotsuak duen garrantziaren neurria. Parisera aurrena eta Alemania nazian barrena gero, orpoz orpo jarraituko dion Francoren zerbitzuko espioi espainiarrak eragingo dizkion susto larriez gain, espero gabeko beste hainbat egoera arriskutsu biziko ditu espioi euskaldunak. Hain zuzen, zelatatzeko agindu dioten SSko gizona, Weber irakaslea, bere aita dela eta egiaz ez zela hil ohartuko da. Ordura arteko bizitza irauliko dion ezezagunarekin adiskidetu eta ezagutu ahala argituko du espiotza lanaren giltza den Eguzki Beltzaren sekretua (179). II. Mundu Gerra lehertzear den horretan, Hitlerren zaldunentzat berebiziko garrantzia duen erlikia mirarigilea da jokoan dagoena: Longinos lantza (253-256). Lehen pertsonan eta iraganeko aditz-denboran, Oskar Faupel narratzaile pertsonaiaren ahotan kontatzen diren eguneroko antzerako kapituluekin tartekatuta (1, 2, 3, 6, 7, 9, 11…), Enrique del Valle antagonistaren (agente espainiarraren) pasadizoak datoz, hirugarren pertsonan eta kontalari orojakile baten ahotan (4, 5, 8, 10…). Gerra arteko garai historiko gatazkatsuaren erretratua marrazten du Ladronek, nazionalsozialismoaren hedapena testuinguratzeko. Kritikak aipatu bezala, narrazio historikoak (datu historikoz betetako sarrera eta epilogoa izanik dokumentazio lanaren erakusle nabarmenenak), erlikia mirarigileari lotutako «ukitu fantastikoek», eta irakurlearengan intriga pizten duten estrategia narratiboek bat egiten dute espioi eleberri honen bilbean (kontrazala).

    Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historiko andana aurki daiteke nobela honetan (11-13, 130, 147, 179-180, 285…). Bularraldeko zauriaz gain, 1937ko apirilaren 26an gertutik bizitako bonbardaketa da Gerra Zibilak Oskar Faupelengan utzitako marka edo zauri handiena. Alegia, oroimen gune nagusia. Faupelek aita ezezagunari, SSn dabilenez gizatasuna aspaldi galdu zuela iruditzen zaion Weberri, Gernikako bonbardaketaren lekukotza ematen dion unea erabakigarria da. «Ni Markina hirian nintzen bonbardaketaren berri eman zigutenean. Lau aste lehenago Durango ere gogor bonbardatu zuten, eta azken egun haietan Kondor Legioaren hegazkinen burrunba ia eguneroko gauza bihurtu zitzaigun. Baina Gernikakoak marka guztiak hautsi zituen […] Jendea hil beste helbururik gabeko erasoa izan zen […] Leher egindako emakumeen hezurrak ikusi nituen. Haur kixkalien odola arnastu. Oraindik ere sentitzen dut kirats hura […] Bonbetatik bizirik ihes egiten zutenak txiki-txiki egin zituzten ehiza-hegazkinek. Untxiak bezala ehizatu zituzten errepide eta soroetan, ihesi zihoazela! […] Aireak igeltsu lehorraren usaina zuen, eta kearena, eta giza haragiarena. Jendea nora ezean zebilen, hautsez eta kedarrez belzturik […] Gau hartan gudari anitz atera ziren Gernikatik. Ihesi zebiltzan, Bilbo alderantz. Desertatu egin zuten […] Neu ere argitu baino lehen atera nintzen herritik… oso bestelako helburuekin, baina: etsaiaren bila abiatu nintzen» (188-189).   Aipuaren azken lerroan irakur daitekeen antzera, Gernikako bonbardaketa basatiaren biharamunean, protagonista nazionalen lerroetarantz abiatu zen mendeku hartzera: «Eroturik nenbilen […] —Nazionalak ofentsiban zetozenez, ez zidan luze jo haien abangoardiako tropekin topo egiteak […] Bi soldadu hil nituen […] Gernikatik atera nintzenez geroztik musika entzuten nuen buru barnean, aita, Wagnerren operak […] Ustekabean egiten nien eraso. Gau eta egun […] Zazpi egun eman nituen hala […] Gure lerroetara itzul[tzean] [zauritu ninduten]» (190-191).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Alberto Ladron Aranaren Eguzki beltzaren sekretuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Belarraren ahoa | Harkaitz Cano | 2004

    Titulua Belarraren ahoa
    Egilea Harkaitz Cano
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2004
    Errepresentazio Historikoak Zeharka (gerra egiteko modu naziaren aurrekari sinboliko gisa)

    Harkaitz Canoren Belarraren ahoa eleberri ukronikoa da. Inoiz gertatu ez diren baina noizbait, gertaera historikoek beste bide bat hartu izan balute, gerta zitezkeen errealitateak irudikatzen dituen nobela historiko alternatibotzat definitu du kritikak. Egoki gertatzen da, beraz, gogoratzearen ekintzaren izaera irudimentsuari buruz hausnartzeko. Irakurleari ezagun zaizkion pertsonaia eta gertaera historikoak ardatz hartu eta nahieran desegin eta berregiten ditu Canok, oraineko begietatik, iragana irudimenez, ironiaz eta umore beltzez berrasmatuz. Horrekin lotuta, mende honen hasieraz geroztik, Gernika/Guernica-ren iruditeriari darraion euskarazko narratiba, tematikoki zein estilistikoki anizten eta eraberritzen ari den erakusletzat ere jo liteke Belarraren ahoa. Ondoko ideiaren inguruan harilkatzen du idazleak bere ukronia: «Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela […]. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera, [i]tsasontziko sotoan […] Chaplin [preso hartuta]» (kontrazala). Nazien itsas zeharkaldiaren narrazioari orpoz orpo jarraitzen dio, analepsi bidez, Olivier Legrand polizoiaren bidaiaren kontakizunak. 1886ko ekainean, Askatasunaren Anderea eskultura famatua berrehun kutxatan banatuta garraiatu zuten New Yorkera, eta hala migratu zuen Rouengo portuan lan egiten zuen Legrandek, koroaren barruan gordeta. Estatuaren historia materialari lotutako kontakizuna erreala izan arren, polizoiak ez du, beste bi pertsonaia nagusiek ez bezala, —komediantea (Chaplin) eta gizon txikia (Hitler),— pertsonaia historikorik oinarri. Pertsonaia guztien ahotik mintzo den kontalari orojakileak, film bateko eszenak diruditen kapitulu motzetan, oraineko eta iraganeko aditz denborak tartekatuz, analepsiez gain prolepsiak ere badarabiltza istorioa narratzeko. Zortzigarren kapituluan, hain zuzen, komedianteak eta Legrandek uneren batean elkar hartuko dutela iragartzen zaie irakurleei, tonu ironikoz, beti ere: «beste ontzi bateko sotoan, […] Olivier gaizki ari da pasatzen, hirurogei urte lehenago elkartasuna adieraziko balio bezala komediante torturatuari» (37). Hamabigarren kapituluan elkartzen dira denboran (1946 inguru) eta espazioan (Manhattango moila) ontzidiko sototik ihesi doan Chaplin eta ordurako agure bat den Legrand, nazien lehorreratzeak paseoan harrapatu duena (49). Laster ezagutzen du ezinean doan komediantea eta beren etxean ematen dio babes, gaixo dagoen Marie Ann emaztearen ondoko ohean. Sendatu arteko denbora, Legrandek estraperloan lortutako idazmakinari esker, idazten igarotzen du Chaplinek, naziak munduaren jabe egiten ari diren egoera larri horretan, «Historia aldatzeko» helburuz (62).

    Esan liteke, literaturak talde eta kultur oroimenen osaeran kontramemoria edo kontradiskurtso gisa eragiteko gaitasuna duelako ideiak gorpuzten direla ukronia honetan. Belarraren ahoa-n aurki daitezkeen Guernica-ren ekfrasiek abangoardia historikoetako utopia (artearen bidez mundua aldatzea posible den ideia) haragitzen dute. Hiperbolearen eta ironiaren hauspoaz, zentsuraren artaziekin Picassoren sormen prozesua eten izan ez balute, lehen zirriborroetan geratu zen eta Dora Maarrek argazkitan dokumentatzeari ekin zion Guernica koadroa nazien aurkako tresna guztien artean eraginkorrena izan zitekeen ideiarekin lotzen da. Artelan ezagunaren erreferentziatik abiatu eta irudimenaren bidez, egundo gertatuko ez den baina gerta zitekeen ukronia batera garamatza Canok, ‘zer gertatuko zatekeen Guernica koadroa munduak ezagutu izan ez balu?’ galdera planteatze hutsarekin, agerian utziz gure historia garaikidean eta kultur oroimenean duen garrantziaren neurria. Baina Gernikako bonbardaketari buruzko koadroaren ekfrasiaren une gorena komedianteak gizon txikiaren torturapean jasandako oinazearen irudikapena da: komediante torturatua Guernica-ren zirriborroen parte bizidun bihurtzen da,  koadroa hark bukatzen baitu bere min-oihuarekin. Guernica artelanaren ikonografia gogora dakarkiguten keinuak (torturaren ondoriozko aurpegi kubista etab.) sintesi baliabide boteretsu ez ezik, arteak traumari aurre egiteko duen gaitasunaren ikur bilakatzen dira, beraz. Hortik  Guernica-ren ekfrasiarekin bat kontalariak (33) ebakitzen duen «akabo zinema mutua» esaldia.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Harkaitz Canoren Belarraren ahoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Harkaitz Canok berak testua itzuli zuen gaztelaniara El filo de la hierba izenburupean.

  • Cambridge Spies | Peter Moffat, Tim Fywell | 2003

    Titulua Cambridge Spies
    Egilea Peter Moffat, Tim Fywell
    Lekua BBC Two
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Tim Fywell zinema eta telebistako serie zuzendari britainiarrak zuzendu eta Peter Moffat antzerkigile eta gidoigileak idatzitako serie laburra da Cambridge Spies (Cambridge-ko espioiak), BBC Two telebista kate britainiarrean estreinekoz 2003 urtean ikusi ahal izan zena.

    Benetako kasu batean oinarritzen da serieak azaltzen duen istorioa: Cambridgeko Unibertsitateko lau ikasleren ibilbideak azaltzen dira, 1934 urtean Europan indarra hartzen ari den nazismoa borrokatu eta komunismoari hurbiltzearren Unibertsitatean Sobietar Batasuneko espia bihurtzen direnetik. Seriean lau pertsonaia nagusi agertzen badira ere,  Cambridgeko Bostak edota Cambridgeko Zirkulua izenekin ezagutu zen benetako taldean bost izan ziren: Kim Filby, Donald Maclean, Guy Burgess, Anthony Blunt eta John Cairncross, azken honek bere partehartzea inoiz onartu ez bazuen ere.

    Taldea Bigarren Mundu Gerran eta 50. hamarkadako Gerra Hotzean Britainia Handitik Sobietar Batasunari informazioa pasatzen aritu zen. Serieak 1934tik 1951ra bitarteko garaia fikzionatzen du, eta bigarren atalean eszenifikatzen da Gernikako bonbardaketa.

    Lau gazteetatik Kim Philby BBCko kazetari gisa Madrilera bidalita dago gerraren berri eman dezan. Aldi berean, KGB-ek espioitza lanaren eta Francoren erahilketaren enkargua ere eman dio. Azken hau ez du ordea burutzen. Philby Madrilen dela jazotzen da bonbardaketa, eta hurrengo egunean kazetari lanetara bertara iristen dela ere agertzen da seriean.

    Bonbardaketaren lanketan patetismoa, literaturan eta artean errepikatzen diren motiboak eta akats historiko eta estetikoak dira nagusi. Gernikako merkatuaren irudikapena azaltzen da erdigunean, ama eta seme txikiaren irudietan finkatzen du kamerak begirada, Pietà motiboa irudikatuz. Batez ere haurraren heriotzak, amaren sufrimendu eta garraisiak eta kontsolamendua ezin emanik geratzen det apaizaren irudiek osatzen dute Bonbardaketaren irudi konposizioa. Honela, babesik gabeko biztanleria zibilari zuzendutako ankerkeria suntsitzailea azpimarratzen da gertaera historiko honetan. Kim Philby pertsonaiak, ofizialki BBCko gerra kazetaria eta itzalean Sobietarren espioia denak, Gernikara iritsi eta bonbardaketaren ondorioak ikusten ditu, Gernikaren txikizio fisikoa eta gizaki zibil xumearen sufrimendua. Gernikako apaizaren erregua, haserrez betea, ere Philbyri zuzentzen zaio, nazioarteko prentsak egia osoa agerian utz dezan eskatuz, alegia, Hitler-en hegazkinak izan direla. Philbyk, aldiz, apaizaren eta semea galdu duen amak azaldutakoak sinetsi eta ulertzen baditu ere, bere espioitza misioa babestu ahal izateko, garaiko diskurtso ofizialaren bertsioa idatzi eta bidaltzen du Britainia Handiako BBC-ko bulego nagusira. Honen bidez serieak Gernikako Bonbardaketari lotutako gezurrak eta manipulatutako prentsaren gaia ere mahai gainean jartzen ditu, eta aliatuek Franco eta Hitler estaltzen dituztela ikusteak Philbyri krisi pertsonala eragiten dio seriean.

    Serieak harrera oso ona izan zuen orokorrean, 2004 urteko hainbat sarietarako aurre-hautatua eta Miarritzeko Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdian aktore hoberenaren, musika hoberenaren eta serie hoberenaren sariak jaso zituen.

    Hala ere, datu historikoei dagozkien akatsek edota “lanketa askeak”, eta batez ere Gernikako Bonbardaketaren aurkezpenean egindako okerrek kritikak jaso dituzte. Izan ere, Gernikako merkatuaren agertokirako erabilitako lokalizazioak ez du zerikusirik Euskal Herriko paisaiarekin, ezta pertsonaien karakterizazioak ere, eta irudietan agertutako hegazkinek Lehen Mundu Gerrakoen estetika dute, Condor Legiokoarenaren ordez.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cambridge Spies, Wikipedia https://en.wikipedia.org/wiki/Cambridge_Spies

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Tim Fywell eta Peter Moffaten Cambridge Spiesi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    British Academy Television Craft Awards 2004 eta GLAAD Media Awards 2004 sarietara izan zen nominatua eta Festival International de Programmes Audiovisuels (Miarritze) sariketan aktore hoberenari saria irabazi zuen Tom Hollanderrek, musika hoberenari saria John Lunnek eta serie hoberenari saria Tim Fywellek. DVD bidez zabaldu da 2003az geroztik.

  • Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan | Edorta Jimenez | 2003

    Titulua Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
    Egilea Edorta Jimenez
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1953 urtean Mundakan jaiotako eleberrigile eta poesia, narrazio eta saiakera idazle honek hainbat lanetan izan du Gernika hizpide (ikusi datu base honetan besteak beste Gernika 16,30 H.S.O. antzerki testuari buruzko, Kilkerren hotsak eleberriari buruzko, Bada basoan zuhaitzik poesia liburuari buruzko eta George L. Steer Gernikan izan zen kazetaria haur eta gazte literaturako lanari buruzko sarrerak).

    Saiakera ala ikerketa liburu gisa irakurria izan da Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan lana. Izenburuaren lehen zatiak iragartzen duenari jarraiki, Hemingwayk bizitzan zehar ezagututako euskal adiskideekin ondu zituen harremanak dokumentatzen dira, bainan Guillán kritikariak dioen bezala, hartueman horien isla baino gehiago dago liburuan.  Hiru arotan banatutako 39 atal ditu (15 atal 1933tik 1939rako tartean; 12 atal 1940etik 1944rako tartean; eta 12 atal 1945etik 1960erako tartean). Orokorrean atal bakoitzaren izenburu gisa Hemingwayrekin harremandutako euskal lagunaren izen-abizenak, azaldutako pasadizoaren data eta lekua azaltzen dira. 39 atalak hurrenkera kronologikoan idatziak daude, bestalde antolakuntza kronologiko honi ihes egiten dieten hasera eta amaierako atal banaz bilduta geratzen direlarik. Saiakeraren izenburuko bigarren zatiak iragartzen duen bezala, euskal erbesteko hainbat eta hainbat lagunek Estatu Batuetako Basque Intelligence Service delakoaren baitan ikerketa, informazio eta espioitza lanak egin zituzten, ustez Erbesteko Basko Gobernuarentzat, aitzitik benetan jakin denez FBI-rentzat (Iturralde). Testuinguru honetan islatzen da Hemingway eta bere Kubako adiskide euskaldun erbesteratuek sortu zuten espioitza sare: “The Crook Factory” (Amuaren Faktoria) (Iturralde)

    Saiakera liburuaren abiapuntua 1959ko abuztuan Hemingwayk erdi ezkutuan Mundakako kanposantuan bere lagun min Andres Untzain apaizari eginiko bisita izango da. Hari hortatik tiraka ekiten die Edorta Jimenezek Hemingwayk bai Estatu  Batuetan, bai Kuban eta Euskal Herrian bertan hainbat euskaldunekin eginiko adiskide harremanen azalpenei eta paraleloki Euskal Herrian, Espainian, Europan eta Ameriketako gertakariei egiten zaie aipamena, hala nola, Espainiako Guda Zibila, Gernikako Bonbardaketa, Gernikan nazie eta frankisten sarrera, Bigarren Mundu Gerra, 50. Hamarkadako Hemingway eta Frankismoaren arteko itun isila, etab.

    Gernikako Bonbardaketa “Andres Untzain: 1937ko apirila / Gernika” atalean da hizpide. Bertan azaltzen denez, Ernest Hemingway Gernikan izan ez bazen ere bonbardaketaren egunean, garaiko berriez gain aurrerago bi iturri fidagarrirengandik jaso zituen xehetasunik zehatzenak ere, bi testigu zuzenengadik alegia: 1937an Gudarien kaperau zen eta hurrengo urtean Kubara erbesteratu zen Andres Untzain eta 1937ko maiatzeko lehen egunetan Gernikan izan zen Frank Capa argazkilariarengandik. Bigarrena jada laguna zuen Hemingwayek Bonbardaketako garaian, eta lehena urteak beranduago ezagutuko zuen Kuban idazleak, adiskidetasun estura iritsiz. Saiakerako ahots narratzaileak hainbat dokumentu mota eta iturrietatik jasotako datu eta zantzuei jarraitzen die eta Bonbardaketaren bezpera eta ondorengo ordu eta egunei egiten die erreferentzia. Hots, atalaren haseran begirada hiru foko nagusietan jartzen du: 1937ko apirilaren 25ean Burgosen Von Richthofen, Vigon eta Velardi militarrek izandako bileran, egun berean Salamancan Mola eta Francoren arteko bileran eta gau hortan bertan Gasteizen Condor Legioko kideek luze ospatutako festan jartzen du, nazismoaren eta frankismoaren lankidetza zehazki irudikatzean gain, agintean zeuden militarren estrategia bihozgabea Condor Legioko pilotuen festa giroko gehiegikeria eta bortizkeriarekin nahastuz. Bonbardaketaren aurreko orduetako pausuak ere azaltzen dira, hau da, apirilaren 26 goizean bertan Gasteiztik Gernikara egindako miaketa hegaldia. Bonbardaketaren momentuko irudiak, datuak eta deskribapenak txertatu beharrean, ondoren Von Richthofenen txostenean jasotako edukien hautaketa eskeintzen du Jimenezek. Bereziki azpimarratzen da Condor Legioaren goi-buruaren zehaztasuna datu teknikoetan eta bere txostenaren hoztasuna, adibide gisa ematen delarik datu tekniko guztien ondoren aipatzen dituela biktimak, eta ondoren narratzaileak Von Richthofenekiko balorazioa gaineratzen du, “heriotzaren teknikari” deitzen diolarik eta “gorpuei garrantzia kendu” izana leporatuz (Jimenez 2003: 63).

    Bonbardaketa ondorengo gauari dagokionez, ezin itzali ziren suteak eta berria Bilbotik barrena munduratzeko lehen urratsak azaltzen dira. Noel Monks australiar kazetariak, berria jaso zuen lehenak, zein oroitzapen jaso zuen une horretaz islatzen dute Jimenezen lerroek, Monksek 1955 urtean plazaratu zuen Eyewitness liburuko pasarteak zuzenean aipatuz. Ondoren, hiru egunetako jauzia eginez, apirilaren 29an Von Richthofenek Gernikara egindako bisita eta bonbek eragindakoen aurrean sentitzen duen poza azaltzen dira. Azkenik, atalaren bigarren erdia hartuko du Jimenezek Andres Untzain Bonbardaketako arratsalde eta gauean Gernikan ala lauzpabost kilometrora dagoen Kanala auzunean zela eta bertatik Bonbardaketaren ondorioen testigu izan zela frogatzeko, hainbat iturrietako datuak alderatu eta lotuz. Izan ere, lekukotza zuzenik ez baita 1937ko apirilaren 26an Untzain Gernikan edo Kanala auzunean kokatzen duenik, nahiz eta Untzain Saseta batailoian zela dokumentatua dagoen eta baita batailoiko batzuk bonbardaketa egunean Gernikan izan zirela ere. Jimenezen hipotesia izanik Hemingwayk Gernikako Bonbardaketari buruzko informazio zehatza, zuzena eta osatua izan zuela,  Untzain katebegi erabakiorra da idazleak Bonbardaketari buruz lehen eskuko testigantza jaso zezan. Ikerlanean baieztatu egiten da hainbat urtetan Hemingway-ren Cubako egoitza izan zen Finca Vigían 1940eko hamarkadan hainbat euskaldun elkartzen zirela eta tartean Untzain ere bazela. Horretaz gain, 1952tik 1954 artean Hemingway eta Untzain-en arteko eskutitz bidezko trukaketa ere jasotzen da saiakeran (Jimenez 2003: 261-270). Beraz, harreman estu honen baitan, zalantzarik ez du Jimenezek Untzain-ek Hemingwayri Gernikako Bonbardaketaren bere lekukotza partekatu ziola.

    Saiakeran hurrengo atalak “Gernikako Arbola: 1937ko apirila / Gernika” izenburua darama eta apirilaren 29an faxisten sarrerarekin Arbolaren inguruan gauzatutako liskarra aipatzen da. Falangistek Gernikako Arbola suntsitzeko duten erabakiaren aurretik karlistek Arbola babesteari ekiten diote. Gernikako Arbolarekiko jarrerak irudikatzen du 1936ko Altxamenduan elkarrekin aritu arren, bi aldeek dituzten interes ezberdinak eta Foruekiko dituzten jarrera kontrajarriak eta Gernikako Bonbardaketak beren arteko tentsioetan izan zuen eragina. Arbolaren inguruko liskarraren haritik Falangearen eta Karlisten arteko hartuemanen inguruko zertzeladak eskaintzen dira eta  Altxamendua 1934 urtean prestatzen hasiak zirela ere baieztatzen da Jaime Del Burgo karlista nafarraren adierazpenetatik abiatuta.

    Ondorio gisa baiezta daiteke, beraz, Jimenez-en Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan saiakera hurbilketa esanguratsua dela Bonbardaketaren aurreko eta ondorengo une estrategikoei eta Gernikako Arbolak bonbardaketaren ondoren bizitako une erabakiorrei erreparatzen dielako.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Estankona, Igor (2004). “Homerok kontatzeko modukoa”,  Deia, 2004-01-27

    Gaztelumendi, Patxi (2024). “Ernest Hemingway-k mendea egin du Euskal Herrian”, Argia, 2024-7-21, 44-48

    Guillán, Oier (2004). “Itzalen xerka, egiaren aztarnak”, Gara, 2004-02-21

    Jimenez, Edorta (2003). Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan. Zarautz: Susa.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Edorta Jimenezen Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Bajo la fría luz de octubre | Eloy M. Cebrián | 2003

    Titulua Bajo la fría luz de octubre
    Egilea Eloy M. Cebrián
    Lekua Madrid
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Pedrosa Barrachina, Tiago (2025): “Ficha sobre Bajo la fría luz de octubre de Eloy M. Cebrián”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=569

  • Nikanor Iñurrieta eta Gernikako bonbardaketa | Nikanor Iñurrieta | 2003

    Titulua Nikanor Iñurrieta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Nikanor Iñurrieta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Nikanor Iñurrieta Gernikan izan zen herria bonbardatu zuten egunean, eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan.  

    1936ko irailean Nikanor Iñurrieta Gernikara iritsi zen gerratik ihesi. 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten egunean, oraindik han zegoen eta zuzen-zuzenean bizi zuen Junkerren erasoa. Lehenengo kaza hegazkinak iritsi ziren, eta pixkanaka mendi aldera ihes egiten saiatu ziren, baina hegazkinak hurbil sentitzen zituztenean geldi-geldi geratzen ziren ezkutatuta. Mendian goian zeudela, lagun bat hil zuten ezkutatuta zeudela.

    Bonbardaketa ia lehenengo bonba erori zenetik ikusi zuela aipatzen du Nikanorrek, eta mendi aldetik dena ikusi ahal izan zuten. Mendi aldera geroz eta jende gehiago abiatu zen ihesi, ondorioz, haiek ere mendian gora jarraitu zuten, hegazkinak hurbilduko ziren beldur jendeari eraso egiteko.

    Alemanen entsegu gisa baliatu zuten bonbardaketa, eta hori bera aipatzen du Nikanorrek, izan ere, bonbak bota ostean, su-bonbak bota zituzten denak sua har zezan. Garbi-garbi ikusi zuen hegazkinak nola metrailatzen zituzten andre eta haurrak, eta hori inoiz ezingo duela ahaztu argi du.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/soraluze/pasarteak/sor-027-006/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Nikanor Iñurrieta eta Gerikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mari Puri Herrero (titulurik gabe II) | Mari Puri Herrero | 2003

    Titulua Mari Puri Herrero (titulurik gabe II)
    Egilea Mari Puri Herrero
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Mari Puri Herreroren ikuspegia ez da zuzena eta kontakizun metaforikoan dago bilduta. Giza figurak negatiboan irudikatuta daude eta mamu-iratxoak bezalakoak dira; izaki ezezagunak dira: ez dute aurpegirik ezta zein diren jakitera ematen duen ezaugarri fisikorik ere. Bi pinturako serieko lehena.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Mari Puri Herreroren titulurik gabeko lanari (II) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mari Puri Herrero (Titulurik gabe I) | Mari Puri Herrero | 2003

    Titulua Mari Puri Herrero (Titulurik gabe I)
    Egilea Mari Puri Herrero
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Mari Puri Herreroren ikuspegia ez da zuzena eta kontakizun metaforikoan dago bilduta. Giza figurak negatiboan irudikatuta daude eta mamu-iratxoak bezalakoak dira; izaki ezezagunak dira: ez dute aurpegirik ezta zein diren jakitera ematen duen ezaugarri fisikorik ere. Bi pinturako serieko lehena.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Mari Puri Herreroren titulu gabeko lanari (I) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Euskal pilota, larrua harriaren kontra | Julio Medem | 2003

    Titulua Euskal pilota, larrua harriaren kontra
    Egilea Julio Medem
    Lekua S.L.
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Julio Medemen Euskal pilota, larrua harriaren kontra proiektuak 110 minutuko film luze bat, 55na minutuko hiru kapituluko sail bat eta 5 orduko DVD bikoitza barnebiltzen ditu; hala ere, honakoan, 110 minutuko zinema aretoetarako prestaturiko film luzea iruzkinduko da soilik. Dokumentalak euskal gatazka du ardatz, eta 70 elkarrizketatik gora biltzen ditu horretarako: Euskal Herriko idazleak, artistak, soziologoak, psikologoak, historialariak, filosofoak… Hau da, euskal identitatea, kultura eta historian adituak diren hainbat pertsonaren lekukotasunak jasotzen dira, baina ez hori bakarrik, kazetariak, musikariak, ETA nahiz GALen biktimak, torturatuak, mehatxatuak… ere hitza hartzen dute euskal gatazkak haiengan izan(ten) duen eragina adierazteko. EAJ eta PSEEko politikariak dira, hala ere, dokumental osoan zehar gailentzen diren pertsonaiak. Filmaren helburua, zuzendariaren hitzetan, elkarrizketa sustatzea da, dialogoaren aldeko jarrera erakustea gatazkaren konponbide bakar gisa. Filmeko elkarrizketak Euskal Herriari buruzko beste film batzuetako planoekin (Medem beraren Vacas¸ Orson Wellesen Around the World with Orson Welles…) eta euskal kultura sinbolismoz betetzen duten artxiboko irudiekin nahasten ditu iaiotasun handiarekin, filma entzuteko eta ulertzeko bakarrik ez, begiekin ikusteko ere gozagarri egiten dutena.

    Euskal identitate, historia eta lurraldeari buruz gogoetatzeko aukera ematen dute Medemek tartekatzen dituen artxiboko irudiek, zeinak Mikel Laboaren “Gernika zuzenean” diskoko kantuek lagunduta dauden: Txoriak txori, Elgeta, Gernika Lekeitio 4, Haika Mutil, Gure Hitzak, Baga Biga Higa… dira entzuten diren abestiak. Laboaren ahotsa entzuten da idi frogak, giza frogak, aharien arteko borrokak, aizkolariak, arrauna, bonben eztandak, manifestazioak, kaleko istiluak, hiletak… erakusten dituzten artxiboetako irudiak pantailan agertzen direnean; kantautorearen abestiek intentsitatez betetzen dituzte ikusgarritasun handiko irudi hauek. Euskadi tradizional, landatar eta itsastarraren irudiek talka egiten dute Euskadik bizi zuen giro gatazkatsu eta oldarkorraren irudiekin. Aurrerago, Gure Hitzak abestiak euskal identitate eta kultura bultzatzen duten irudi eta bideoak edertzen ditu: euskal dantzak, txapela gorriak, zanpantzarrak, karlistaldia gogorarazten duten irudiak, artzaintza… folklorea bultzatzen duten sekuentziari hunkidura gehitzen dio hizkuntzari gorazarre egiten dion Laboaren kantu ezagunak.

    Dokumentalak ezinbestean ikuspuntu historikotik begiratzen dio euskal gatazkari, beraz, saihetsezina da mendeetan atzera egin eta karlistaldia, foruen galera, II Errepublika, Gerra Zibila eta Frankismoa aipatzea. Testuinguru honetan, 24. minutuan, Gernikako Arbola agertzen da artxiboko dokumental zahar bateko irudietan. Irudi haiek deskribatzen dituen off ahotsak hurrengoa dio: “Este es el viejo tronco del roble que se veneraba en Gernika, la que fue ciudad santa de los vascos, símbolo de sus libertades. Libertades que en forma de leyes dieron origen a la democracia más antigua de Europa”. Jarraian, bonbardaketa baten irudiak agertzen dira, Gernikako bonbardaketa simulatzen duten fikziozko irudiak; hain zuzen, jendea ihesi, zauritua eta agonian irudikatzen dutena. Fikziozko irudien ostean, Gernika bonbardatu ondoren aire bidez grabatutako irudi errealak agertzen dira, Gernika suntsitua erakusten dutenak, zehazki. Azken irudi hauek Laboaren Gernika Lekeitio 4 abestiak girotzen ditu eta kantua entzun bitartean, horma-irudi bat agertzen da. Horma-irudiak Gernikako bonbardaketa irudikatzen du, eta bonba, zibil, hegazkinen… marrazkiak agertzeaz gain, Picassoren Guernica koadroko elementuak ere identifika daitezke: argi eta garbi identifika daiteke zerura begira erreguka dagoen gizona. Koadro originalean zerura begira dagoen gizona izan arren, horma-irudian Espainia eta Alemania naziaren uniformez jantzita elkarri eskua ematen dioten bi besori begira dago gizona, izan ere, beso haiek Gernika bonbardatzeko Franco eta Hitlerrek egin zuten akordua antzezten dute. Gernikaren aipamenetik aitzin, dokumentalak, tarte batez, Frankismoan zehar euskaldunek jasandako jazarpena kontatzeari ekiten dio, ondoren elkarrizketekin jarraitzeko eta berriro gaurkotasunera itzultzeko.

    31. minutuan bigarren aldiz agertzen da Gernika. 1975ean fusilatuta hil zituzten Txiki, Oteagi eta FRAPeko 3 militanteren inguruko irudiak agertzen dira Haika mutil abestiaren laguntzaz, eta 31:18. segundoan Gernikako arbola eta Gernikako Juntetxea agertzen dira txuri-beltzezko irudietan, abestiak aurrera egiten duen bitartean. Bertan, Gernikako Juntetxe barrua dela adierazten duten armarrien aurrean, Carlos Garaikoetxea agertzen da hitzaldi bat ematen. Garaikoetxeak 1980an lehendakaritza eskuratu ostean Gernikan eskainitako hitzaldiari dagokio bideoa, eta horretarako Jose Antonio Agirrek 1936an erabilitako hitz berdinak baliatu zituen mintzaldiari hasiera emateko. Gernikako Juntetxea izan da, hain zuzen, lehendakariaren zin egiteak ospatzeko leku ofiziala Jose Antonio Agirre Lehenengo Lehendakariak hala egin zuenetik, hau da, Eusko Jaurlaritza modernoko (Frankismotik aurrerako) lehendakariek ere zina egin izan dute Gernikan.

    Esan daiteke, ondorioz, dokumentalak Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa egiten duela, bonbardaketaren ondoren geratu zen suntsipenaren irudiak agertzen baitira bertan, gerrako hegazkin eta bonben irudiak agertu ondoren. Gaia sakontasunean jorratzen ez den arren eta filmean bonbardaketari buruzko beste datu historikorik ez eman arren, gertaera historiko honek euskal gizartean duen garrantzia eta presentzia azpimarratzen du sekuentzia honen agerpenak. Gernikako sarraskia iruditeria kolektiboaren parte bilakatu den neurrian, euskal gatazkaz diharduen film batek ere erreferentzia egiten dio euskaldunen historiaren parte bilakatu den gertaerari, urteekin, bakearen eta erreparazioaren ikur bilakatu den kokalekua izan arte.

    Jakina da Gernikako bonbardaketak inspiratu zuela Picassoren Guernica kaodroa, eta koadro alegorikoak hain hartu zuen sinbolismo handia mundu mailan, non beste edozein motatako hurbilpenak hondoratuta geratu ziren. Picassok gerraren sufrimendua eta ankerkeriaren errepresentazio ikoniko ospetsuena egin zuen, bere jatorrizko esanahitik aldendu den arte mihisea, bonbardaketaren biktima izan ziren euskaldunak ezkutuan geratu diren arte. Dokumentalean, aurretik aipatu bezala, Picassoren koadroko erreguka dagoen gizona agertzen da horma-irudi batean margotuta: herritar euskaldunek margotutako horma dela ulertzen da, euskaldunen erara errepresentatzen duena Gernikako bonbardaketa, euskaldunen izaera eta bonbardaketaren errudunak agerian uzten dituena. Horma-irudiak, beraz, bonbardaketaren eta Picassoren Guernicaren arteko sinbiosia adierazten du, gertakari historikoa sinbolo unibertsal bihurtu den artelanarekin berriro ere uztartuz, benetako esanahia argitzeko eta oinarria ahanzturan ez erortzeko, Picassoren koadroa arlo piktorikora ez mugatzeko ahalegin xume batean.

    Aipatzekoa da, bestalde, Gernikako Juntetxearen presentziak eta Gernikako arbolaren irudiek duten garrantzia: Gernikako arbola, sinbolo gisa, Gernikak bonbardaketaren ondoren eskuratutako oroimen gune izaera baino lehenagokoa da, izan ere, Erdi Arotik letorke gutxienez. XIX. mendean zehar sinboloaren bereizgarriak asko indartu ziren eta foruen galera tarteko, Gernikako arbola euskal identitatearen sinbolo nabarmenetakoa bilakatu zen. Gernikaren balio identitarioaren emaitza izan zen Jose Antonio Agirrek, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak, Gernikako arbolapean hartu izana lehendakaritza kargua.

    Azkenik, kontuan hartu behar da Gernikak diskurtso zabal eta pentsakorrago bat ekarri duela gurera azken urteotan, errepresio mota ororen inguruko hausnarketak bultzatu dituena, hain zuzen ere. Hala, dokumentalak hizpide duen euskal gatazka askotan irudikatu da Gernikak, oroimen gune bezala, bakearen aldeko aldarri gisa duen izaerarekin; hau da, biolentziaren, ankerkeriaren, sufrimenduaren, bakearen eta elkarbizitzaren inguruko hausnarketak bultzatu dira, sinboloaren polisemia agerian utziz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Julio Medemen Euskal pilota, larrua harriaren kontrari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Mikel Laboaren "Gernika Lekeitio 4" kantuari buruzko informazio gehiago aurki daiteke Beñat Sarasolaren fitxan.

  • “Poesia Auschwitz eta Gernikan” | Ignazio Aiestaran | 2003

    Titulua “Poesia Auschwitz eta Gernikan”
    Egilea Ignazio Aiestaran
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ignazio Aiestaran unibertsitateko irakasle eta idazleak Munstro abertzalea (2003) olerki-liburuan argitaratu zuen “Poesia Auschwitz eta Gernikan” poema. Testuak izenburutik uzten du agerian gaia metaliterarioa duela, gizakiak sortutako hondamendien ostean olerkiarentzat lekurik ba ote delako galdera filosofikotik abiatuta. Holokaustoaren ondorioz planteatu zen galdera hori gurera ekartzen du Aiestaranek Gernikaren ezenatokian. Poema horretan Gernikak sinbolizatzen ditu euskal testuinguruko Gerra Zibila eta haustura kulturala, Auschwitzek Alemanian bezala, poesiak tokirik izan ezin duen sarraski eremu gisa. Horrekin batera, Lauaxetaren fusilamendua ere aipatzen da euskal poesiaren garaiko aukeren erailtze bezala. Hala, Gernikak nahiz Lauaxetak balio sinboliko metonimikoa hartzen dute Aiestaranen poeman eta, era berean, Gernika eta eta Auschwtzen arteko paralelismoa ezartzen da.

    Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). “Inazio Aiestaranen «Poesia Auschwitz eta Gernikan»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Kilkerren hotsak | Edorta Jimenez | 2003

    Titulua Kilkerren hotsak
    Egilea Edorta Jimenez
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Edorta Jimenezen bosgarren nobela dugu Kilkerren hotsak. Espioi nobela da, eta aldi berean nobela historikoa eta inbestigaziozkoa. Bi plano narratiboren bitartez, bata XXI. mende hasieran eta bestea 1937an, Uriarte espioi ohiak 1936ko Gerran izan zituen zeregin eta lanak kontatzen ditu. Uriartek jasotzen duen bisita baten aitzakiapean, lehenengo pertsonan, hark bizitakoak kontatzen ditu, horrela, bisitariak dituen galderei ere erantzuten die. Bisitariak, izan ere, Alejandro Mallona alkatearen fusilamenduaren berri izan nahi du eta dokumentu ezezagun nahiz historikoetatik tiraka, espioiak kasuaren inguruan ezagutu zuenaren berri ematen du, bere parte-hartzea barne. Istorioaren abiapuntua Espainiako faxistek Bermeoko kostalde inguruan ihes egiteko zuten barku alemana da: faxistek, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren onespenari esker egiten zuten alde eta bertan kolaboratzen zutenen artean izen handiak zeuden, tartean, Mallona alkatea bera. Ihes egiteko barkuan oinarrituta, protagonistak hainbat misio eta gertaeraren berri ematen du, fikzioa eta errealitatea etengabe nahastuz. Benetako pertsonaien artean aurkitzen ditugu, adibidez, Lauaxeta kazetari eta poeta, Noel Monks eta George Steer nazioarteko kazetariak, Robert Capa eta David Seymour “Chim” argazkilariak, Jay Allen, Agirre lehendakaria… Jimenezek, beraz, istorioari lekukotasun errealaren zentzua emateko garai hartan Bilbo inguruan Gerra Zibilean ibili ziren benetako izen handi batzuk ekartzen ditu gogora, modu honetan, nobelari kronika eta lekukotasun itxura ematea lortzen du.

    Gernikaren aipamen ugari egiten dira kontakizunean zehar, bai Gernikako Arbolaren inguruan, baita bonbardaketaren inguruan ere. Lehenengo aldiz 39. orrialdean Gernika aipatzen da Euzkadiko Errepublika aldarrikatu zen kokaleku gisa eta honekin lotuta, Gernikako Arbola ere aipatzen da: “pasadizo horiekin gogoratzean 1931n Gernikan Euzkadiko Errepublika sortzearen alde agertu zen gizona ikusi nuen. (…) Han zegoen Agirre Lehendakaria, Gernikako Arbolaren itzalpean zin egin zuen egunean.” Gernikak euskal gizartean duen garrantzia Erdi Arotik dator gutxienez, Gernikako haritz zaharraren inguruan biltzen baitziren Bizkaiko eliteak, eta pixkanaka, XIX. mendeaz geroztik sinbolo herrikoi bihurtuz joan zen arbola. Izan ere, testuan azaltzen den moduan, Jose Antonio Agirrek lehendakaritzarako zina arbolapean egin zuen, haren ondotik etorri ziren lehendakarien gisan. Haritzaren inguruan, ondorioz, ekitaldi politiko eta instituzionalak antolatzen hasi ziren 20. eta 30. hamarkada inguruan eta honen adierazgarri da, berriro ere, “Gernikan 1936ko urrian gertatuak etorri zitzaizkidan. Estatutua Madrilen onartua, Euzkadiko Jaurlaritza sortu zen” (39) Gernikak instituzionalki okupatzen zuen lekua agerian uzten du.

    Bestalde, azpimarragarria da Gernikako bonbardaketaz kontakizunean egiten den deskribapena, protagonistak Gernika suntsitu zuten egunaz entzun eta ezagututakoak kontatzen baititu, batez ere, 9. kapituluan. Bonbardaketa zeharka aipatzen duen lehen erreferentzia dugu “Alemania neutrala omen zen eta! – Gernikakoa gertatu gabe zegoen” (40). Agerikoa da narratzailea Gernika bonbardatu baino lehenagoko gertakari batez ari dela, eta Alemaniaz hitz egitean oraindik egingo zutenaren berri ez zutela justifikatzen du, “Gernikakoa” gertatu ez zela esaten baitu. Beraz, narratzaileak alemaniar tropek Gernikan 1937ko apirilaren 27an egindakoa aurkezten du era xumean, eta beranduago, baieztatu egiten du naziek izan zuten presentzia 1936ko Gerran 53. orrialdean:“Hitlerren hegazkinekin zerikusi zuzena izan zuten”. Ondorioz, Gernikako bonbardaketa zuzen-zuzenean aipatu gabe ere, naziek esperimentaziorako erabili zuten gerra egiteko modua agertzen da. Aurrerago, esplizituki azaltzen da Gernikaren suntsipena: “gogoa berriro 1937ko udaberriko egunetara joan zitzaidan. Gernika suntsitu zutenekoaren ingurura” (81). “Gernika bonbardatu dute – mutilaren ahotsa ezagutu nuen” (82). “Hoteleko harrera gelara iritsi nintzenean orduantxe ziren Gernikara joanak Noel Monks eta George Steer. (..) Kazetariek Gernikatik ekarri zituzten azalpenak edonor zorarazteko modukoak ziren. Ezin sinetsi zen. Kazetariek eta argazkilariek lan erraza zuten Gernikan. Ez zen teknika berezirik behar hangoa erretratatzekoa. (…). Gernikan, argazki lazgarri bat ateratzeko, ez zeneukan zeri klik egin pentsatu beharrik; dena zen lazgarria” (83). “Hilaren 29an Lekeitio jausi zen eta egun berean sartu ziren faxistak Gernikan” (85). Narratzaileak, beraz, Gernika suntsitu zuten egunaren berri ematen du pertsonan ezagutzen zituen kazetariek helarazitako informazioari esker: paisaia atsekabegarri eta etsipenezkoa deskribatzen da. Noel Monks eta George Steeren aipamenak esanahi berezia dauka, idazleak liburuaren amaieran azaltzen duen moduan, Gernikan jazotakoaren berri eman zuten nazioarteko kazetari garrantzitsuak izan baitziren biak: historialarientzat funtsezkoak diren dokumentu historikoak eman zituzten. Noel Monks Gernika bonbardatu zuten egunean Gernikara iritsi zen nazioarteko lehen kazetaria izan zen eta hegazkinak Gernika bonbardatzen ikusi zituen, gorpuak kontatu zituen eta gertakizunaren kronika idatzi zuen artikulu batean. George Steer, bestalde, bonbardaketa bukatu eta ordu erdira iritsi zen Gernikara eta gertakizunaren ingurukoak biltzen aritu zen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Edorta Jimenezen Kilkerren hotsaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Begoña Montorio Uribarrek eleberriaren gaztelaniazko itzulpena egin zuen "El canto de los grillos" izenburupean.

  • Romain zen bere izena | Joxean Agirre | 2003

    Titulua Romain zen bere izena
    Egilea Joxean Agirre
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Paratestuetatik hasita azken orriraino, sormenari, egiletasunari eta kritikari buruzko gaiak aletzen dira nobelan. Kritikak azpimarratu bezala, ondokoa da testuaren zolan dagoen galdera: ba ote du idazleak desagertzerik? Bere obraren baitan soilik bizitzerik? Romain Gary eta Emile Ajar ezizenen atzean bere burua ezkutatuz desagertu nahi izan zuen J.M. Catonné idazlearen benetako kasua oinarri hartuta, Romain Gary ezizenaren babesean anonimotasunean bizitzea erabaki duen euskal idazlea da liburuko protagonista. Espektakuluaren mesedetan sormen lana bigarren mailan uzten duen sistema literariotik at idazteko erabakia eta bizimodua, ordea, korapilatu egiten zaio pertsonaia nagusiari. Nobelaren premisa den hilketatik hasita: emakume batek tiroz hil du bere senarra (9). Baina senarra erail aurretik, anonimoki jardun den, eta ondorioz, aspaldidanik irakurle, kritikari eta ikertzaileak aztoratuta dauzkan euskal idazlearen eskuizkribuak ematen dizkio eskura narratzaile-pertsonaiari (13). Homodiegetikoa den kontalariak, literaturako irakaslea eta idazlea denak, urteak daramatza hil berria den ustezko idazle distiratsu bezain misteriotsuaren kasua argitu nahian. Idazketari eta arteari buruzko saio tankerako digresioek (18, 43, 49-52, 98, 103, 166, 176…) testuarteko aipu andanak (25, 76, 80, 170-174, 192-193, 199…) fikzio maila ezberdinetako pertsonaien nahasketak (72-73, 183-185…) eta geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasunak, intrigazko nobelen ohiko ezaugarritzat jo daitekeen jakin-mina piztu eta mantentzen dute irakurlearengan. Azken aldera baino ez da argitzen euskal literatur sistema astindu eta markatu duen protagonistaren benetako egiletza: idazlea ez da hil berria, senarra hil duen Sophie Callas baizik. Bere anonimotasuna gordetzeko senarrarekin egindako tratuak ataka larrian jarriko du, ondoko lerroetan irakur daitekeen eran, «bikoizkeriak» eta «mozorroak» muturreraino eramanda, Callasen lekua hartu nahi baitzuen. «Niri idaztea gustatu izan zait beti, ez idazle izatea. Gorrot[o dut] fokoen pean jartzeko duten premia hori. […] Nardargarriak iruditzen zaizkit beren maskarak, onberatasun poseak eta kasua handien aldeko aldarrikapenak […] Tratu bat egin genuen: berak bereak balira bezala zainduko zituen nire lanak [,argitaletxeetara egilearen arrastorik utzi gabe bidaltzen lagunduz], eta nik idazten xahutuko nituen nire indarrak. Eta nire lanak bereak zirela pentsatzera iritsi zen» (179-180).

    Oroitzearen ekintza erreproduktiboa eta performatiboa da, eta horixe ematen du aditzera remediation kontzeptuak, iraganarekiko hartu-eman dinamikoa beti ere bitartekatua da, askotariko euskarriek ahalbidetua. Narratzaile-pertsonaiak ideia horren harira hartzen ditu hizpidetzat Gernikako bonbardaketa eta hura oroitzeko egindako koadroa. Baina Picassoren Guernica-ren ordez, fikziozko artista baten artelanak aipatzen ditu. Beraz, memoriaren eta artearen arteko loturez hausnartzeaz haratago, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Hain zuzen, bonbardaketaren lekuko zuzen izan zen eta erbestealdia suntsitu aurreko herria pintatzen igaro zuen pintore gernikar bat agertzen da testuan. «Pintoreak, oraindik haurra zela, alde egin zuen amarekin Ameriketara. Bonbak zerutik erortzen ari zirela atera omen ziren biak, gainean zutenarekin, ihesi. Argazki zahar eta filmetan ikusi ohi diren gisan, buru-makur korrika, etxeen babesa bilatuz eta aldika zerura begiratuz igaro omen zituzten herriko kale bakanak eta, mendian gora muino batera iritsi zirelarik, atseden hartzera geratu eta suaren mende zegoen herriari begira negar egin omen zuen amak. Aita frontera joana zen. Mutikoak […] amari eskua estutuz, “Zaude lasai, ama- esan omen zion-, nik berregingo dut Gernika”. […] Ameriketara ontzian itsasoz zihoazela, hasi omen zen mutikoa lehen marrazkiak egiten, eta behin eta berriz, etengabe. Gernika […] agertzen omen zen marrazkietan. Oso azkar zabaldu zuen pintorearen sona euskal diasporan. […] pintore gaztearen lanetan […] gerrak matxuratu gabeko Gernika bat agertzen zen, argazkietakoa bezain sinesgarria baina aldi berean atzokoa, ezinezkoa; azken batean, haurtzarokoa […]» (49-50).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Joxean Agirreren Romain zen bere izenari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Munstro abertzalea | Ignazio Aiestaran | 2003

    Titulua Munstro abertzalea
    Egilea Ignazio Aiestaran
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Galdera esanguratsu baten bueltan idatzitako poema liburua da Munstro abertzalea: «nola bihurtu naiz munstro?» (paratestuak, 7-9). Testuan zehar pertsona-izenordainez aldatuz doan galdera horrek, «nola bihurtu gara…», agerian uzten ditu oroimen pertsonalaren dimentsio kolektibo, kultural eta identitarioak. «Munstrokeria hori/ kazetari[-soziologo-historialari eta enparauek]/ esaten dutena baino sakon[agoa] denez,/ […] deskribatzeko geratu zaidan bide bakarra/ poesia izango da, […]/ euskal olerkia» (9). Hortik, gure historia garaikidearen berrikuspen kritikorako ahalegin e(ste)tikoan, poetak autokritikari zabaltzen dion lekua. Kontraesanez, zalantzez eta etenez betetako ni poetiko puskatuak («zer demontre naiz ni, Horazio?» (32)), atzera begiratzen du aurrerantz egiteko. Oinarrizko galdera eta azpigaldera filosofikoen inguruan (euskaldunok nor gara, nondik gatoz eta nora goaz?) jositako poemotan, gainera, Aiestaranek ironiaren eta umore beltzaren akuiluarekin zirikatzen du irakurlea. Horren erakusle argia da, besteak beste, lehen pertsonan idatzitako eta testuarteko erreferentziaz (Aresti, Saizarbitoria…) betetako “Aitaren etxea” poema (12-13). Aitaren etxea saltzeaz damutu ondoren, atzera errentan hartu du, baina beste etxe bat dirudi: aita falta da, «arbasoen baratzean parke eoliko txiki bat» jarri dute, Guernica koadroa egon ohi zen tokian jabeek utzitako diploma bat dago… Anabasa horretan, Arestiri galdetu nahi lioke etxea nola defendatu, baina ez dio telefonoa hartzen (12).   Goiko bertso-lerroetan argi antzematen da, batetik, denboraren poderioz Picassoren koadroa pop artearen eta kontsumo gizartearen produktu salgarri bihurtu dela, kasu askotan, errepresentatzen duenetik erabat deslotuta. Ez bakarrik sortze testuingurutik (abangoardia historikoen garaitik) aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Bestetik, Arestik euskal poesian irekitako bide berriak arakatzen jarraitzeko asmoa agertzen du poetak: «[…] une batez/ […] herriaren hitzak, [sorbaldan hartu eta]/ harri(dura)zko zama balitz bezala,/ bizpahiru segundotan/ […] airean [eustekoa]», «harik eta azken mementoan/ berriro lurrera eror[i] [arte]» (67). Hain zuzen, autopoetika ariketak diruditen poemetan (22, 39, 67, 79-80…), besteak beste, gizarte kapitalistetan elkarrengandik desitsatsitako artea eta iraultza(k), estetika eta etika, poetika eta politika berriro uztartzeko abaguneez hausnartzen du Aiestaranek. Horrez gain, Guernica koadroa “Nire aitaren etxea” poemari lotzean, literaturak birsemantizatu egiten du sinboloa; bere adierazgarritasun mugagabean, koadroaren alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz.  Poemak irakurri ahala hazi egiten da Gernikaren irudikapenek, testuan zehar, gogoratzeko tresna gisa betetzen duten lekuaren neurria: dela ekfrasi mailan (12), dela bonbardaketaren errepresentazio historiko mailan (61-62), dela bonbardaketa gertatu baino lehenagoko esanahi tradizionalei (foruei etab.) lotutako ikur mailan (35). Modu horretara, uretan bezain garden nabaritzen dira gure oroimen gune nagusiaren polisemia eta gaurkotasuna. Izan ere, kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen pilaketa edo sedimentua eratu den gunea da Gernika, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena. Picassoren mihiseak Gernikako gertakizun tragikoa oroimen ibiltari bihurrarazi zuela uler daiteke (Erll: 2011), nazioarteko oihartzuna eta ospea emateaz bat, bonbardaketa traumatikoa, haren errepresentazioa bezala, eraldatuz. Harik eta Gernika, zentzu epistemologikoan, etengabeko gatazka leku bilakatu den arte (hainbatetan, euskal gizartean barne).   Horrekin batera, Gernikaren aipamen hutsa gure historia garaikide traumatikoa laburbiltzeko baliabide boteretsutzat agertzen da testuan. Euskal politikaren erradikalizazioaren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko ez ezik, ETAren bilakaera makurra salatzeko, eta, beraz, norabide askoko kultur memoria eraikitzeko gune bilakatzen da. Hain zuzen, uler liteke, poema liburu honetan elkarrizketa polifonikoa sustatzen dutela Gernikaren errepresentazioek, aintzat hartuz, besteak beste: desmemoria eta erredukzionismoa (43, 61-62…), trantsizio gatazkatsua (15-16, 60…), ETAren atentatuak (37, 49, 74…), tortura (68, 71, 52…). Jakitun, era berean, «[…] kultur talde bakoitzak modu ezberdinean eraiki[tzen duela] memoria bere nortasun kolektiboaren baitan, baina memorien arteko gatazkan kultur talde txiki(tu)enak dauka[la] galtzeko arrisku gehien» (Elizalde: 2016). Gernikako bonbardaketaren narratiba historikoa oinarrizko printzipio eta arau historiografikoak urratuz osatu zen, egia estaliz eta atzera askatzen zaila den gezur sarea ehunduz. Urraketak ondotik dakartza desmemoria eta erredukzionismoa. Frankismopeko berrogei urtez mantendu da desmemoria, eta beste berrogei urtez mantendu da aurrekoaren ondorio den erredukzionismoa: «[…] Poesiaren zati bat,/ hizkuntzaren leku bat,/ galdu zen betirako/ […] Gernikatik» (61-62).  Gernika gogoan hartuta poemako irudi guztien artean gailentzen den ideia, ordea, bakearena dela esan liteke. Horren erakusle dira “Bakea eta kea” (29) eta “Paz, Paix, Bakea” (59) poemak: «Bakea hitza esaterakoan/ itzelezko bonba batek eztanda egin du/ eta/ bakea entzun beharrean/ kea besterik ez dut aditu» (29).; «[…] Non/ Ez/ No/ La paz/ C’est pas possible/ Jakina/ Mais/ Guztion artean/ Tenemos que alcanzarla» (59).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Ignazio Aiestaranen Munstro abertzaleari buruzko fitxa”. MHLI-ren Gernika(k) datu-basea.

  • Kolosala izango da | Joseba Sarrionandia | 2003

    Titulua Kolosala izango da
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Tafalla
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joseba Sarrionandiaren eleberri hau Gerra Zibilean dago kokatuta, Kalaportu izeneko kostako herri batean. Oraindik haurra den mutil baten bizipenak kontatzen ditu, gerra lehertzen eta bere etxeraino sartzen ikusten duena. Hasieran jolas bat zena, inguruko guztia kutsatzera iristen baita.  Eleberriaren hasierarekin dator gerraren hasiera ere. Protagonistaren aita karlistekin doa gerrara, ideologikoki urrun eta haurdun dagoen ama eta semea etxean utzita. Herriko giroan urduritasuna nabaritzen hasten da, eta jakinmin handia dute haurrek. Danboliteroak gerra egoera deklaratzen du eta komunistek Guardia Zibilaren kuartela hartzen dute. Bestalde, herriko karlistak preso hartzen dituzte.  Arreba jaiotzen da, gudariak iristen dira herrira, Alemanek Kalaportu bonbardatzen dute, Karlistek herria hartzen dute, alkatea fusilatu… Bien bitartean, protagonista eta bere lagun mina den Josemari guztiaren lekuko dira. Biek dute aita gerran, bakoitza bando ezberdin batean badago ere.  Don Juan Manuel Garaikoa, aitaren adiskidea izendatzen dute alkate eta aita herrira itzultzen da, denbora laburrerako bada ere, berriz gerrara baitoa. Margarita eta Pelaioen taldeak sortzen dira herrian, baina Juamanuel izendatzen dute Pelaioen buruzagi, protagonistaren etsaia. Haurrak, berekin izandako gorabehera batzuen ondorioz, Pelaioen taldea uztea erabakitzen du, eta Pelaioek torturatu egiten dute.  Gerraren amaieran, aita etxera itzultzen da, baina hankarik gabe. Etxeko egoera sostengaezina bihurtzen da, eta egun batean jada hain haurra ez den protagonistak aita amari pistola batekin apuntatzen aurkitzen du. Etxeraino sartu den gerraren alderik ilunena ikustera heltzen da, eta gerra oraindik hortik dabilela dio. Alemaniatik zirko bat omen dator, eta kolosala izango omen da.

    Nola aipatu: Hainbaten artean eginda (2024). “Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango dari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Soinujolearen Semea | Bernardo Atxaga | 2003

    Titulua Soinujolearen Semea
    Egilea Bernardo Atxaga
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2003
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Davidi —narratzaile-pertsonaietariko bati— erbesteko etxean bizi dela, Stonehameko rantxoan, ustekabean berritzen zaizkio ume denborako zein gaztaroko bizipenak (331). Izan ere, Humboldt Countyn euskal artzainen carving-ak bisitatzen ari dela, zuhaitz baten azalean aurkitutako irudia dela medio, «Gernika euskaldunek berek erre zutela» zioen diskurtso faxista gogoratzen zaio (16-17). «Berak ere carving bat egitea erabaki zuela esan zidan» (17) —kontatzen dio Mary Ann alargunak Josebari, David hil eta gutxira, hilabetez etxean bisitan izan duten aspaldiko lagunari,— Davidek «hizkuntza zaharrean» idatzitako memoria-liburua erakutsi eta kopia bat, itzuleran, Obabako liburutegira eramateko enkargu ematean (18-20). Hain justu, irakurleari heldu zaion izen bereko nobela Daviden oroitidazkia litzateke, Josebak orraztua eta beste lagun batzuen lekukotzekin osatua, baina. Ahots nahasketa hori, literatura postmodernoaren ohiko ezaugarritzat ez ezik, memoriaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioen erakusletzat ere har liteke. Perspektibismoak memorien arteko talkan oroimen kolektibo bakoitzak zer toki betetzen duen irudikatzeko eta oroimen hegemonikoak inposatutako mugak zalantzan jartzeko aukera ematen du. Esandakoaren adierazle da, halaber, Davidek bere carving-a Lubisi eskaini izana, ETAko militante zen sasoian, Iruaingo bere lagun min hura, hil arte torturatu eta errekara bota baitzuten (371). Hala bada, Davidek, hegaka dabiltzan tximeletak balira bezala gogoratzen zaizkion pasadizoak antolatzeko eta idazteko listariaren (gauzak ondo gogoratzeko tresnaren) ideia darabilen eran (57-61), Gernikaren irudikapenek ere, oroimen gune zaizkion —eta diren— neurrian, kontakizunaren hiru denbora nagusiak josteko aukera ematen diotela esan daiteke. Alegia, 30eko hamarkada eta Gerra Zibila, 60-70eko hamarkadak —Davidek, gerra-denboran zein gerraondoan gertatutakoez ohartu ahala, kontzientzia hartzen duen eta ETAn sartuta dabilen garaia—, eta mende bukaera —erbestea Stonehamen—. Bestela esateko, sasoi bakoitza harremandu liteke Gernika/Guernica binomioaren esanahi edo geruza sinboliko desberdin batekin; aldi berean, ordea, irudikapen guztiek ere uztardura, hau da, prozesu historikoen garapena ikustarazten dute. Memoriaren fikzioetan ohikoa den legez, nobela honetako denbora narratiboa, tximeleten hegaldiaren irudiarekin adierazi bezala, analepsi eta prolepsiz betea da. Irakurleei dagokie, beraz, David eta Joseba narratzaile-pertsonaiekin batera, listariari jarraituz oroitzapenak lotu eta iragan partekatua gogoratzea. Hortaz, frankismo betean sortu zen borroka armatuaren aurrekari historiko nahiz soziopolitikoak begi kritikoz aztertu, ahanzturatik gorde eta ezagutaraztearekin bat, (Gernikako sarraskia kausa nagusitzat aurkeztuz,) argi ematen dio oraineko errealitate historikoari, prozesu historikoak beren konplexutasunean konprenitzen lagunduz.

    Ugari-ugariak dira Iruaingo, Obabako, New Hampshireko eta Stonehameko pertsonaiek Gernika zein Guernica hitza ebakitzen duten aldiak edo pasarteak. Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa euskal politikaren erradikalizazioaren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko funtsezko irudigaia bihurtzen da; 36ko gerraren, gerraondoaren eta diktadurapeko hamarkada latzen injustizia eta sufrimendu pilatuaren oroimen gune. Maila globalean esanguratsua bihurtu den Guernica koadroaren oinarrian, berriz, berau eragin zuen euskal gertakari historikoa azpimarratzen dute pertsonaiek. Literaturak birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazgarritasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Hitz batez, alderantzizko ekfrasia burutzen du Atxagak, maizegi arlo piktorikora murriztutako koadroa, hizkuntza historikoz betez. Idazleak berak Markak saiakeran (78) jaso bezala, «Gernika galtzen eta irabazten ari da aldi berean, xehetasunak, zirkunstantziak, berezitasunak, galtzen, baina esanahia irabazten, giza sufrimenduaren sinbolo bihurtzen». Nolanahi ere, eleberri honetako Gernika/Guernica-ren iruditeriak erakutsi bezala, kasu guztietan ez lirateke bateraezinak errealitate historiko zehatzetik alegoriaranzko sintesi joera eta jatorrizko erreferentzia errealaren lanketa sakona.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Bernardo Atxagaren Soinujolearen semeari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea

    Eleberriaren gaztelaniazko itzulpena Bernardo Atxaga eta Asun Garikanoren artean egin zen "El hijo del acordeonista" izenburupean.

  • Luzaiden gaindi | Angel Ainziburu, Jean Baptiste Etxarren | 2002

    Titulua Luzaiden gaindi
    Egilea Angel Ainziburu, Jean Baptiste Etxarren
    Lekua Elkarlanean
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Angel Ainziburu luzaidar bertsozale, historiazale eta idazleak eta Jean-Baptiste Etxarren Lohigorri Uharte Garaziko idazleak elkarrekin idatzita eta 2002 urtean plazaratutako historia lan honek Luzaideko historia, bertako pertsonaia esanguratsuak, pasadizoak, ohiturak, toponimiari lotutako edukiak, Donejakue Bideari buruzko istorioak eta Frantziar eta Espainiar aldeko euskaldunen anaitasunaren gakoak jasotzen ditu. Ondoren 2009 urtean Angel Ainziburuk plazaratutako bigarren aleak osatuko zuen lehen idatzi hau.

    Abiapuntua Ainziburuk aurretik hainbat irratsaioetan, hala nola Irulegiko Irratian, Irati Irratian eta Iruñeko Herri Irratian, ahoz kontatutakoak izan ziren.

    Liburua 88 atal laburrez osatua dago, bakoitza gai, garai, pasadizo, pertsonaia ezberdinei lotua. Erdialdean “Gernikara itzuli bat” atalak, ia bost orrialde hartzen dituelarik, luzaidar talde batek 2001 urteko urtarrilaren amaieran Gernikara egindako txangoa hartzen du abiapuntutzat. Txangoa berariaz astelehen batez egin zen, alegia, Bonbardaketako egunean bezalaxe, horrela 1937ko apirilaren 26 hartako merkatu giroa hobeki ulertzeko.

    Atal honetan, hala ere, ez da Gernikako merkatu girorik deskribatzen. Haatik, lehenik eta behin euskaldun orok Gernikarekin duen lotura azpimarratzen da, beraz Luzaide eta Gernika kulturalki lotzen duen elementuarekin abiatzen da atala: “Gernikako arbola”. Iparragirreren “Eman ta zabal zazu munduan fruitua” zuzenean aipatuz, Gernikako arbolaren historia laburtzen dute egileek. Arbolak bereziki Bizkaian biltzarretan betetzen zuen funtzioa aipatzeaz gain, Gernikako arbolaren fruituak izendatzen dituzte egileek: askatasunaren, justiziaren eta anaitasunaren sentimendua.

    Hain zuzen ere fruitu horiek suntsitzeko ahalegin gisa azaltzen da Gernikako Bonbardaketa, eta hasieratik zuzenean izendatzen dira testuan alemaniar eta italiar hegazkinak. Elorrio eta Durangoko bonbardaketak ere laburki aipatuz, Ainziburu eta Etxarren idazleek Condor Legioan parte hartutako alemaniarren kopurua, berauek erabilitako hegazkin eta arma moten eta kopuruen datuak eta baita italiarrek erabilitako hegazkin eta arma motak eta kopuruak ematen dituzte.

    Gernikan egun horretan botatako bonba kopurua 29000 kilotan kokatzen dute egileek. Honetaz gainera, kazetariek izandako jazarpena eta Bonbardaketari buruz egunkarian berria plazaratu ahal izateko Francori eskaini beharreko obedientzia mahai gainean jartzen dira. Horrekin batera, Bonbardaketaren egia estaltzeko faxistek Gernikan eragindako suteak ere aipatzen dira.

    Atalaren amaiera aldera, Bonbardaketan bizirik atera eta babesaren bila erbesteratutako emakume eta haurrak ere badira hizpide. Ondoren, Iparraldetik Bonbardaketaren berria nola jaso zen, eta ahanzturaren aurka toponimiak egindako lana ere azpimarratzen da, hain zuzen ere, handik aurrera eraikitako hainbat etxe berriri Gernika izena jarri baitzitzaien.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Auñamendi Entziklopedia. AINTZIBURU, Angel. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2026. [Kontsulta data: 2026ko Martxoaren 28a]. Eskuragarri hemen: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/aintziburu-angel/ar-20909/

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Angel Ainzibururen eta Jean Baptiste Etxarrenen Luzaiden gaindiri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Picasso adora la Maar | Alfonso Plou | 2002

    Titulua Picasso adora la Maar
    Egilea Alfonso Plou
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Alfonso Plou-k sorturiko Picasso adora la Maar (2002) antzerki lanean, Pablo Picasso margolariaren (Malaga, 1881-1973) eta Dora Maar argazkilari surrealistaren (Paris, 1907-1997) erlazioa da gune; zehazki, 1936an Parisen izan zuten topaldia eta ordutik aitzinerako harreman ekaiztsua, 1945era bitarte.

    Bien arteko harremana aztergai izanik, ezinbertzean agertzen da islatua erlazioa intentso, gartsu eta zaila zela. Hala, Picassoren izaera dominanteak lehen aldiz aurkitzen du, maitaleen artean, bere maila intelektualeko maitasun bikotea. Izaera horrek berak, ordea, musa izan zenaren suntsitze emozionala ekarri zuen.

    Literatur lan honetan bide horren deskribapen fikzionatua egiten da, espresuki agertzen delarik islatua Guernicaren sorkuntza aldia “Delirio III” atalean. Eluardek irakurtzen du, egunkari bateko berritik, Gernikaren bonbardaketa dakarren berria eta, era berean, bera agertzen da Guernicaren ideia proposatzen dion pertsona gisa: “Guernica. Hemen duzu Errepublikak Erakusketa Unibertsalerako eskatu dizun margolanerako argumentua” (itzulpenak gureak dira), Picassok baiezkoa erantzuten diolarik. Alabaina, jakin badakigu ideia horren bultzatzailea Dora Maar izan zela, halaxe azaltzen du Slavenka Drakulic-ek, Dora y el Minotauroren egileak (honetan Granato, Messina eta Mollo, 2020):

    Maar Picassoren tailerrera joan eta Gernikako bonbardaketaren argazki bat zekarren egunkaria ikusi zuen; Picassok ez zuen oraindik gobernuarendako enkarguz egin beharreko lana garatua; Maarek, bere aldetik, azaldu zion eskaerak sinatzen ari zirela, Gernikako bonbardaketari loturiko manifestazioetarako, “baina zuk zerbait gehiago egin behar duzu; jakin behar duzu badela jendea uste duena ez duzula gobernuarekin [Errepublikarekin] bat egiten, baizik eta faszisten alde zaudela, taktikoki” (24:46-24:57). Picassok egunkariko argazkia ikusi eta “ados, deitu Versaillesko erakusketako arduradunei eta erran Guernica izeneko koadro bat emanen diedala” (25:11-25:20). Drakulicek egoera horren irakurketa egiten du, adieraziaz Maar izan zela Picasso bideratu zuena Guernicarantz. (Ikus MHLIren datu-baseko Gandararen  “Picasso y Dora Maar: artistas apasionados” fitxa)

    Picassok lana manifestu gordin eta zuzena izanen dela pentsatzen du, Belengo portalaren bonbardaketa bailitzan.

    Gisa berean, Dora Maar eta Marie-Thérèse-ren artean gertatu zen liskarra ere islatzen da, antzerki lanean, Picassoren Guernica gauzatzen ari zen lantoki berean. Are gehiago, Picassoren izaera ezaguna aitzakia harturik, fikzionatu egiten da momentu hori, eta are Guernicaren irudiekin bateratu ere, antzerkiko deskribapenean, emakumeen arteko liskarra: “Biek oihu, elkarri atzamarka eta joka, lurrean zehar iraulka. […] Mihisean zaldi, zezen eta bonbardatutako Gernikaren irudiak agertzen dira”.

    Hala, Guernicaren inspiratzaile den indar gisa aurkeztuaz bi emakumeen arteko liskarra, agerian utziaz Picassok bizitzan zehar aitortua: bi emakumeak beragatik gisa horretan liskarrean ikustea gustuko zuela (Granato, Messina eta Mollo, 2020). Offean, Maarek hausnartzen du, preseski, Picasso halakoxea zela, “koadro bat margotzearren gerra bat sortzeko gai”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Gandara Sorarrain, Ana (2025). “Luca Granato, Pieiro Messina eta Fabio Molloren Picasso y Dora Maar: artistas apasionados (Picasso eta Dora Maar: artista kartsuak)-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Granato, Luca; Messina, Pieiro eta Mollo, Fabio (zuz.) (2020). Picasso y Dora Maar: artistas apasionados. Dokumentala (43:51). Hemen, eskuragarri: https://youtu.be/SUWSGrBZGy0?si=6O4ePTxt0KG5ooFY

    Plou, Alfonso (2002). Picasso adora la Maar. Arbolé. Hemen, eskuragarri: https://youtu.be/SUWSGrBZGy0?si=6PMaSJmSz8WUbMU6

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Alfonso Plouren Picasso adora la Maari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • El robo más grande jamás contado (Inoiz kontatutako lapurretarik handiena) | Daniel Monzón | 2002

    Titulua El robo más grande jamás contado (Inoiz kontatutako lapurretarik handiena)
    Egilea Daniel Monzón
    Lekua Madrid, Valladolid
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Daniel Monzonek zuzenduriko filma da, komedia generokoa, El robo más grande jamás contado (105 minutu). 2002an estreinatua, Antonio Resines, Neus Asensi, Manuel Manquiña, Javier Aller, Jaime Barnatán, Sancho Gracia, Javivi, Enrique Villén eta Rosario Pardo  dira aktore nagusiak.

    Pelikulan kontatzen da nola Lucas Santosek, “El Santo” goitizenez deitua denak, bertze lau kideren laguntzaz prestatu eta gauzatzen duen Picassoren Guernica lanaren lapurketa. “El Santo” kartzelatik etengabe sartu-aterean dabilen gaizkilea da. Bizitza horrekin asperturik, polizia furgoi batean ezagutzen dituen hiru gaizkilerekin (“El Greco”, “Pinito” eta “Windows”) eta bikotekidearekin erabakitzen du Picassoren koadroa ebastea Reina Sofía Museotik.

    Hainbat gora-behera tarteko, Picassoren lan originala bera proiektatzeaz gain, lanaren errepresentazio desberdinak ageri dira filmean zehar: gaizkileen etxeko pareta zikin batean okerturik dagoen kopia ttikia (1:21:55), Reina Sofía Museotik lapurtzea “lortzen” duten lanaren zatiak (1:20:00-1:21:00), “El Santo”k eskuetan duen koadroaren argazkia (0:57:45)… Horietarik guztietarik, ordea, “El Greco”k sorturiko kopia da, filmaren izaera agerian uzteaz haratago, ikusgarriena. Kopia horretan, “El Greco” artista frustratuaren lana ageri da (0:57:22), Picassoren originaletik abiatuta egiten duen irakurketa gisa aurkeztua (“Koadroa entzun eta hauxe da erran zidana”, diotso 0:58:00): koloreztatua, aurpegi bulgarizatuz hornitua eta originalean dauden sinbolo garrantzitsuak ezabatuak edo desitxuratuak ageri dira.

    Hala, imitazioaren ezaugarriek eta berau ikusi bitartean pertsonaiek egiten dituzten komentarioek azpimarratu egiten dute filmaren komedia izaera. Kopia koloretan zergatik egina den galderari emaniko erantzuna (“garai hartan kolorerik ez zutelakotz da”), kasu; “El Greco”ren hitzek kopiaren izaera defendatu arren, protagonistaren eta bere bikotekidearen aurpegiek harridura islatzen dute, kopiaren baldarra agerian utziz.

    Zernahi gisaz, eta gidoi lanak hala eskatuta, beren planarekin aitzina eginen dute pertsonaiek, koadroa hondatu eta puskaturik, zartaturik, agertuko delarik Museoan, akieran.

    Horiek guztiek, filmaren izaera irringarriak, koadroari ematen zaion tratuak, kopien arrunkeriak eta abarrek deuseztu egiten dute Guernicaren balio sinboliko-memorialistikoa; zer erranik ez Gernikako bonbardaketatik ere guztiz alienatua ageri dela koadroaren balioa pelikulan.

    Filma 2002ko Goya Sarietan efektu berezietarako izendatua izan zen, eta 948.469,08 euro bildu zituen (208.336 ikusle) (Ministerio de Cultura).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Ministerio de Cultura: https://www.cultura.gob.es/en/cultura/areas/cine/mc/cdc/anos-anteriores/ano-2002/cine-peliculas-espaniolas.html

    Hemen, eskuragarri: https://www.rtve.es/play/videos/somos-cine/robo-mas-grande-jamas-contado/16815334

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Daniel Monzonen El robo más grande jamás contadori (Inoiz kontatutako lapurretarik handiena) buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Ipuin batean bezala | Joan Mari Irigoien | 2002

    Titulua Ipuin batean bezala
    Egilea Joan Mari Irigoien
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ipuin batean bezala Joan Mari Irigoienek idatziriko eleberria da, 2002an argitaratu zena Elkar argitaletxearen eskutik. Eleberria bi pertsonaien istorioen inguruan egituratzen da: Sara eta Ander. Hasierako kapituluek pertsonaia bakoitzaren haurtzaroaren eta gaztaroaren testuingurua garatzen dute, pertsonaiak bere osotasunean konfekzionatzekotan. Gauzak horrela, Ander gizon alaia eta atsegina da, herriko mediku bilakatzen dena eta gaztetan bere osaba Lazarorekin harreman oso estua zuena. Sara, bestalde, emakume, hein batean, errebeldeagoa da eta eskema tradizionaletatik ihes egitekotan Granadara joaten da familia eta bikotekidea alde batera utziz. Granadan, heroina kontsumitzen duen Emmanuelekin mantenduko du harreman bat eta, bera ulertzekotan, kontsumitzen hasiko da ere bai. Bi urte pasa ondoren Donostiara bueltatuko da, non Ander ezagutzen du eta harreman formala garatzen dute, baita alaba bat izan ere. Dena den, heroinaren kontsumoari lotutako arriskuko praktikak direla eta, hiesa diagnostikatzen diote bai Sarari, bai Leireri. Beraz, eleberriaren muina bihurtzen da gaixotasunarekiko, estigmarekiko eta heriotzarekiko bizikidetza.

    Gernikako bonbardaketari behin egiten zaio erreferentzia eleberrian zehar. Anderren osaba den Lazarori jostailuzko hegazkinak gustatzen zitzaizkion eta afizio hori bere ilobarekin partekatzen hasten da. Egun batean, elkarrekin doaz Hondarribira hegazkinak ikustera eta, txangotik bueltan, Anderren aitak hurrengoa esaten du: «—Euzkadik behar bezalako abiazioa izan balu, ez zen, ez, Gernikakoa gertatuko!» (2002: 133). Esalditik ondorioztatu daiteke Gernikako bonbardaketak euskal gizartean, baita hegazkinen iruditerian ere, izandako eraginda. Izan ere, gertakari historikoarekin zerikusirik ez duen eguneroko ekintza bonbardaketa ekartzen dio gogora eta, gainera, bere hitzetan nolabaiteko ahaldura sumatzen da, bonbardaketak eragindako min kolektiboa ikustarazten duena.

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Joan Mari Irigoienen Ipuin batean bezalari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika | Ibon Aranberri | 2002

    Titulua Gernika
    Egilea Ibon Aranberri
    Lekua Frankurt, Manifesta 4
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura, Instalazioak (site specific)
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Ibon Aranberrik Picassoren Guernica artelana deskontestualizatzen du, Europako hiri bateko markesina batean, sinbolismo indartsuko lana paisaia urbanoan txertatuz, itxarote eta iragate ez-leku espazio batean. Artearen eta irudiaren egokitze ahalmenaz eta banalizazioaz diharduen instalazioa 2002ko Manifestan aurkeztu zen.

    Irudia kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Ibon Aranberriren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Paperezko hegazkinak | Lutxo Egia | 2002

    Titulua Paperezko hegazkinak
    Egilea Lutxo Egia
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2002
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Liburuaren aurkezpenean idazleak berak esandakoak ahotan hartuz, ETAk Miguel Ángel Blanco hil eta gutxira, 1997an, Londresen bizi zela ezagututako zalaparta mediatikoa luke oinarri. Hain zuzen, nobelaren gai nagusitzat, batetik komunikabideen pisua eta bestetik, berriz, historiaren ahanztura jo litezke. Londres eta Euskal Herria biltzen dira Gerra Zibilean Gernikan ibili zen kazetari ingeles baten bila ari den Galder protagonista euskaldunaren munduan. Bi gertaleku aurrez aurre, kazetaritza egiteko bi molde aurrez aurre. Eta atzean Fernando Aranguren kazetari ohia, balizko traidorea, testamentua idatzi ahala aitorpena egiten, azken orrialdeko sinadurari (ordurarteko sinesgarritasuna hausten duenari) kasu eginez gero.   Kritikaren esanak gogoan, moldaketa lantzat defini daiteke Paperezko hegazkinak, testuarteko erreferentzia andanarekin batera (kapitulu bakoitzak du, esaterako, atariko aipu bana) hizkuntza (zalaparta mediatikoa irudikatzeko behin eta berriz dakarren komunikabideen erretorika, ingelesetik eta italieratik mailegatutako hitzak…) eta memoria ezberdinen (Gerra Zibilaren gaineko kontakizunak Euskal Herrian eta handik kanpo) arteko talkak agintzen duen neurrian. Hasieratik bertatik, garai eta leku desberdinetan girotutako bi plano diferente nahasten dira, 36ko gerrako gertaeren kontakizuna (gehienetan, sarraskia gertatu eta gutxira Gernikara joandako atzerriko gerra kazetarien begiradapean) eta Londresen bizi den Galderren ibilerei dagokiona (egunero irakurtzen dituen herrialde ezberdinetako egunkariek 90ko hamarkada bukaerako euskal munduari buruz dakartena, gainbehera etorritako Fiona eta bien arteko bikote harremana, pisukideekiko harreman gorabeheratsuak…).   Londreseko planoa, baina, tai gabe zeharkatzen du oroimenak, askotariko iturrietatik, dela kultur eta talde oroimena (adibidez, gerra garaiko argazkiak (34), artelanak (40) eta egunkariak (74), dela oroimen komunikatiboa (adibidez, Gerra Zibileko kronikari ingeles ospetsuena bide zen Ben Caponen biloba Emmarekin eta Jose Urkidi gudari zaharrarekin izandako elkarrizketak). Nobela honetako denbora narratiboa, beraz, analepsi eta prolepsiz betea da, eta oroitzapen horien guztien artean, zalantza izpirik gabe, Gernikako bonbardaketaren memoria(k) gailentzen d(ir)a. Euskal kulturako oroimen gune eta gogoratzeko tresna esanguratsuena bihurtu den Gernikaren bi maila sinboliko adierazgarrienak etengabe jartzen ditu elkarrizketan Lutxo Egiak. Dela gerrak jotako leku izenaren dimentsio historikoaren (1937ko apirilaren 26ko sarraskiaren errepresentazio historikoen bidez) eta dimentsio alegorikoaren (Picassoren Guernica artelanaren ekfrasien bidez) arteko ezkontza, dela kontrakarreko ikuspuntuen talka. Hain zuzen, Gernika/Guernica-ren iruditeria har daiteke nobelaren narrazio hari garrantzitsuentzat.    Kritikarekin bat etorriz, hausturen moldapentzat jo liteke nobela, hainbatetan sasoi eta leku ezberdinetako egunkari ebakinez eta horiei guztiei buruz eginiko iruzkinez osatutako collage-a baitirudi. Hain zuzen ere, esan liteke, edukiz zein formaz errepresentatzen duela komunikabideen boterea eta komunikabideek egunero eraikitzen duten errealitatearen kontakizun deformatua. Nobelaren idazkerak eta egiturak berak sorrarazten baitu gehiegizko datu zaparradak eragin ohi duen desinformazioaren (eta ondorioz, ahanzturaren) eta batzuetan hain agerikoa ez den manipulazio informatiboaren efektua. Izan ere, istorio osoaren sinesgarritasuna zartatzen duen diegesiaren baitako traidorearen hilurreko testamentua litzateke irakurleak esku artean duen nobela.   Galderrek traidoretzat du 36ko gerrako kazetari izandako Fernando, izan ere, Gernikako sarraskiaren arduradunei buruz saldoka botatako gezurrak zabaltzen parte hartu zuen egunkarietako batean jardun zuen, baita diktadura garaian ministerio batean lan egin ere, harik eta arrazoi ez oso garbiak tarteko, Londresera alde egin eta ondorengo urteak bere iragan frankista ezkutatzeko ahaleginetan eman arte.

    Esan bezala, deigarria da nobela honetan Gernika/Guernica-ren iruditeriak betetzen duen lekuaren neurria eta irudikapenen oparotasuna, nonahi aurki baitaitezke gerrak jotako leku izenaren askotariko errepresentazioak. Oroz gain baina, esan liteke, gerrako krimenen inguruan sortu ohi den egiaren eta gezurraren arteko borrokaren ikur den aldetik errepresentatzen dela Gernika. «Ez zekien zer pentsatu Gernikan jazotakoaz […] Batean baieztatzen zutena bestean gezurtatzen zuten. Hori zen, azken batean, gerra bat» (89). «Egunkari guztiak zeuden zentsuraren mendean» (74). Horrez gain, pisuzkoa da nobelan zehar karga sinbolikoz betez baina zentzu historikoan hustuz doan ikonoaren (Picassoren Guernica) eta Gernikako bonbardaketaren gertaera historikoaren (Gernika) arteko tentsioa. Hain zuzen, zeharka ez ezik, zuzenean ere hausnartzen du narratzaile-pertsonaiak Gernikatik Guernica-ra dagoen distantzia irristakorrari buruz. «Hire Gernika eta nirea ez ditun berdinak […] Zer esan gura duk? Picasso…? […] Fionak [Galderren bikote ingelesak] ez daki Guernica eta Gernikaren artean bereizten» (40-41).  Euskal Herrian, espainiar estatu mailan ala mundu mailan, bakantasunaren eta unibertsaltasunaren poloen artean lebilzkeen norabide askotako adierak har ditzakeen Gernikaren adierazgarritasun mugagabea islatzen du, beraz (91-92, 101-102, 117, 119…). Horrekin guztiarekin lotuta, ikonoen antzera gurtua den eta ezin konta ahala erreprodukzio dituen artelana, denboraren poderioz, historiara bere hutsean ere (hainbat  kasutan, irudikatzen duen historiatik aldenduz edo zeharo bereiziz) pasatu den ideia azaleratzen du: «Pentsa ezak irratian entzundakotik [Fernandok Unión Radioko esatariak bonbardaketaren berri eman zuen 1937ko apirileko biharamun hartaz ari da] egun buruan daukana osatu arte, zenbat Gernika pasatu ote diren. Guernica. Gernica. Guernica. Gernika»  (53). Bestalde, XX. mende bukaeran Londresko komunikabideetan (eta luzapenez, nazioarteko prentsan) Euskal Herriaren gainean eraikitako azaleko irudiaren edo karikaturaren giltzarri ere bada Guernica koadroa, Guggenheim eta ETArekin batera (97-98).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Manifesta 4 | Ibon Aranberri | 2002/05/25-2002/08/25

    Titulua Manifesta 4
    Egilea Ibon Aranberri
    Lekua Frankfurt
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Instalazioak (site specific)
    Urtea 2002/05/25-2002/08/25

  • Rosettiren obsesioa | Ramon Saizarbitoria | 2001

    Titulua Rosettiren obsesioa
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) Rosettiren obsesioa nobela laburra gehitu zuen Gorde nazazu lurpean (Erein, 2000) liburuan. Liburua bost nobela labur edo kontakizunez osaturiko bilduma da: “Gudari zaharraren gerra galdua”, “Rosettiren obsesioa”, “Marcel Martinen aitatasun ukatua (edo, “la femme, elle, sait”), “Bi bihotz, hilobi bat” eta “Asaba zaharren baratza”. “Rosettiren obsesioa”, urtebete beranduago, 2001ean, nobela independente gisa argitaratu zen Erein argitaletxean. Gorde nazazu lurpean liburuak bi gai nagusi lantzen ditu: batetik, memoria historikoa eta Gerra Zibila, eta bestetik, emakumezko eta gizonezkoen arteko harremanak, alegia, desira heterosexuala. Horrez gain, bost kontakizunek elementu garrantzitsu bat dute komunean, elkarren arteko lotura agerian uzten duena: istorio bakoitzean lurperatutako gorpu edo gorpuzki baten ateratzea egiten da. Gerra eta desira heterosexualaz idazteaz gain, Saizarbitoriaren unibertso literarioa idazketaren eta literaturaren inguruko hausnarketek ere osatzen dute.

    Rosettiren obsesioak Juan Martin protagonistaren, Eugenia emakume madrildarraren eta Victoria emakume donostiarraren arteko harreman korapilatsua ezartzen du erdigunean. Protagonistak neurosi obsesiboa du, eta kontakizunean zehar haren neurosi obsesiboaren sintoma eta jokabideak azaltzen dira S. Freud eta J. Lacan psikoanalisten erreferentziek lagunduta. Izan ere, Juan Martinen Sedano psikoanalistak (“Sed de ano”) protagonistaren jokabideak eta izaera etengabe deskribatzen ditu, haren erreferentziazko psikoanalisten azalpenekin batera. Olaziregik (2004: 541) aipatu bezala, “neurosi obsesiboari buruzko maisulantzat har genezake testua”, eta Eugenia eta Victoriaren pertsonaien bitartez neurosi obsesibo guztietan bereizten diren joera samurra eta joera sexuala aditzera ematen dira (Olaziregi, 2004: 541).

    Eleberriaren hasieratik irakurlea jakitun da istorioaren amaieraz: protagonista galtzaile bihurtuko da, ez dago misteriorik eta kontaketa bera bihurtzen da garrantzitsua. Lehen pertsonan mintzatzen den narratzailea mantentzen da eleberrian zehar (narratzaile autodiegetikoa), eta hori dugu Juan Martin protagonista. Juan Martinek ofizioz idazle gisa aurkezten du bere burua, nobela bakarra du argitaratuta (Adio atsekabe), plagiotzat eman ziotena, eta bigarren bat idatzita badu ere, denbora luzez galduta izan ondoren berreskuratzea lortu eta tamalgarria deritzo. Horrez gain, enkarguz idatzitako liburuak argitaratu ditu, Paisaje y gastronomía (Saizarbitoria, 2000: 87) izanik ezagunena. Euskal gastronomiari buruzko liburu horrek jatetxeetako janariaren kritika sendoak egitera eramaten du idazlea, gainontzekoentzat aspergarri suertatzen diren gaiak etengabe azaleratuz. Juan Martinen izena ez da eleberriaren amaiera arte ezagutarazten, eta izenaren jatorri miserablea adierazten da horren berri ematen denean: izena gainean kaka egiten zuen aitonarengandik datorkio, modu horretan, protagonista objektu analekin lotuta ageri da hasiera-hasieratik. Horrela, psikoanalistek uzkiarekin duten obsesioaren topikoaz burla egiten da. Juan Martinen neurosi obsesiboa hurrengo bereizgarriek ezaugarritzen dute: ezinezko desira, larritasuna, joera konpultsiboa, aritmomania eta zalantza (Olaziregi, 2004). Kontakizuna hasten denetik geratzen dira agerian Juan Martin ezaugarritzen duten beldur, antsietate, pentsamendu errepikakor, eta abarrak:

    Berarekin nengoenean, ordea, hain nengoen beldurtuta egin edo esaten nuen edozer gaizki hartu, eta desengaina nezakeelako, non liluratuko zuen formula ziur eta erabatekoaren beharra sentitu bainuen; “maite zaitudala uste dut” eta antzekoak baino gauza tinkoago eta originalagoa batez ere. (Saizarbitoria, 2000: 68)

    Juan Martinek erabakiak atzeratzen ditu, beti geratzen da ez aurrera ez atzera bere pentsamenduetan, eta aurrea hartzen diote elkarrizketa guztiek. Soilik bere buruan irudikatutako eszenetan dauka erabakitzeko eta desiratzeko ahalmena, eta modu horretan bakar-bakarrik lortzen du askotan loak hartzea (Saizarbitoria, 2000: 194).

    Aurretik aipatu den bezala, argumentua Juan Martinek bi emakumezko oso desberdinekin dituen harremanetan oinarritzen da. Lehenik, Juan Martinek Eugenia ezagutzen du Madrilen, eta desiragarri aurkitzen du lehen unetik: “marrubiak bezalako ezpainak zituela esan nion” (Saizarbitoria, 2000: 78) eta Casanova hutsa dela aipatzen du Sedano psikoanalistak, limurtzaile papera egotziz protagonistari. Juan Martin eta Eugeniak hainbat alditan ikusten dute elkar Madrilen zehar ibilaldiak egiteko, baina Juan Martin axolagabe agertzen da Madrileko paisaia eta historiaren aurrean, beti sentitzen baita etxetik (Euskal Herritik) gertu eta malenkoniatsu: Reina Sofia Museoan Chillidaren eskulturen ingurura hurbiltzen denean (Saizarbitoria, 2000: 88) edo Chamartin-en euskal etimologiaz mintzatzen denean (Saizarbitoria, 2000: 101), kasu. Juan Martin eta Eugeniaren arteko limurtze jokoan giltzarri bilakatzen da idazleak emakumeari idatzitako hamabi lerrotako testu erotikoa: Juan Martinek literaturaren bitartez emakumea erakarri eta lortu egiten du harekin oheratzea. Behin idazleak helburua lortuta, hau da, literaturaren bitartez emakumea eskuratzea eta haren idazketa eraginkorra dela frogatuta, Eugeniaz ahaztu eta apartatu egiten du. Funtsean, Eugenia deboratu beharreko emakumea da (janaria gogorarazten baitio etengabe), gaiztoa, eta beraz, emagaldua.

    Narratzaileak hala azalduta, “urtebete edo pare bat urte geroago” (Saizarbitoria, 2000: 104) Juan Martinek Londresen Victoria ezagutzen du. Victoriak ez dauka zerikusirik Eugeniarekin: donostiarra, hanka luzekoa, dotorea, hotza eta jantzia da. Juan Martinek Victoriarekin komunean dituen bi ezaugarrik bultzatuko dute harekin egon nahi izatera, harengana hurbiltzeko gaitasunik ez badu ere: biek maite dute Beckett eta biak mintzatzen dira euskaraz. Hari horietatik tiraka, Victoria eta Juan Martin mintzatzen hasten dira, hasieratik Victoria idazlearentzat “goregi” dagoela irudikatzen den arren: hori bera adierazten da Juan Martin txanponak lurrean belaunikatuta jasotzen dituenean (Saizarbitoria, 2000: 111), Victoria ezagutzen duenetik haren aurrean txikiagoa dela argi geratzen baita, edo Victoria Juan Martini masailean musu emateko makurtu egin behar denean eta Juan Martinek “ume batek bezala” burua altxatu behar duenean (Saizarbitoria, 2000: 146).

    Juan Martinek etengabe atzeratzen ditu erabakiak Victoriarekin denbora gehiago egoteko. Modu horretan, protagonista gurpil zoro batean sartzen da, non etxera itzultzeko hegaldiak galdu eta edozer gauza egiten duen Londresen denbora luzeagoa igarotzeko. Edonola ere, Victoria desirarik gabeko emakumea da, izan ere, “desirarik gabeko emakumezkoak maite ditu neurotiko obsesiboak, angustiarik eragiten ez diotenak” (Olaziregi, 2004: 546).  Juan Martin eta Victoriak ibilaldi luzeak egiten dituzte Londresen zehar, sightseeing tour izenez ezagunak diren ibilbide moten antzera, narratzaileak, hain zuzen ere, espazioaren deskribapen zehatzak egiten ditu: Highgate kanposantua, Tate Gallery, Trafalgar Square, Chelsea, South Kensington… asko dira aipatzen diren Londreseko puntu interesgarriak. Olaziregiren arabera, “errealitate eta fikzioaren arteko jolas honetan, benetako lekuak, erreferentzia literarioz beteak, bilatu ditu Saizarbitoriak” (2004: 526). Juan Martinek Victoria konkistatzeko modu bakarra duela erabakitzen du: Eugeniari igorritako testua berreskuratu behar du, harekin gertatu bezala, testuaren bitartez Victoria ere Juan Martinekin maiteminduko delako. Horrela, Juan Martin testua berreskuratzearekin obsesionatzen da, Rosetti bere poemak berreskuratzearekin obsesionatu zen bezala. Izan ere, Rosettik bere poemak emaztearen hilobian lurperatu zituen maitasun seinale bezala, baina denborarekin berreskuratu nahi izan zituen, eta beraz, hilobia ezkutuan irekitzeko agindu eta poemak berreskuratu zituen, ondoren kritika oso txarrak jasoko zituztenak.

    Victoria eta Juan Martinen arteko hizketa gai bilakatzen da Rosettiren obsesioa, eta Juan Martinek etengabeko esfortzu alferrikakoa egiten du Victoriak Rosettirekin konpara ez dezan. Tate Galleryn ikusitako obra eta artisten bitartez narratzaileak margolari prerrafaelitei buruzko xehetasunak eskaintzen ditu, koadroen deskribapen zehatz eta kritikekin batera. Victoriak gogoz gaitzesten ditu prerrafaelitak, izan ere, nekrofilia aipatzen du hainbatetan, koadroetan agertzen den edertasun morbosoarekin eta emakumeekiko zuten jarrera misoginoarekin batera: “Sleeping beautyak gustatzen zaizkizuela; lokarturik edo hilik, berdin dio, lore artean etzanak, noiz bortxatuko dituzuen zain” (Saizarbitoria, 2000: 126).

    Juan Martin Londresetik itzuli eta Eugeniarekin harremanetan jartzen da bi urte lehenago bidalitako testua berreskuratzeko asmoz. Saiakera askoren ostean, Eugeniak Victoriak hain gogoko duen Serrano kaleko “El Palacete” hotelean hitzordua proposatzen dio Juan Martini. Bertan, idazleak bere testua Eugeniaren alutik atera beharko du: “Ven a por tu literatura de mierda (…) Cógelo (…) ¡Cógelo!” (Saizarbitoria, 2000: 206) agintzen dio Eugeniak idazleari hankak irekitzen dituen bitartean (eleberriaren azalean irudikatuta). Momentu hartan, Juan Martinek izugarrizko nazka sentitzen du Eugeniaren sexuarekiko, alegia, usain sarkor eta mingotsa duen zefalopodoaren mokoarekin konparatzen du (Saizarbitoria, 2000: 208). Eszena lotsagarriarekin amaitu, eta Juan Martinek hoteleko logelatik alde egiten duenean, Victoriarekin parez pare topo egiten du. Neurotiko obsesiboa, hain zuzen ere, eskrupuluz betetako pertsona da, eta ez da une horretan soilik azaleratzen emakumeen gorputzekiko edo sexu harremanekiko duen errefusa.

    Juan Martin idazlearen eskrupuluaren beste adibide bat genuke Pariseko amorante germaniarraren hanketako biloak eragiten dion ezinegona: “eta horrek bai, zangoetako biloak alegia, eragiten zidan nola esan asmatzen ez dudan zerbait” (Saizarbitoria, 2000: 72). Emakume germaniarrarekin harremanak mantentzeko ezintasunaren aurrean, idazleak Gernikako bonbardaketa aipatzen dio: “pare bat saio etsigarriren ondoren, Kondor legiokoek Gernika bonbardatu zutela esan nion, eta horrek zer suposatu zuen euskaldunontzat” (Saizarbitoria, 2000: 73). Gernikako bonbardaketa aipatzen den pasarte honek eleberriak berezkoa duen tonu ironikoa mantentzen du, emakumeak honakoa erantzuten baitio idazleari: “Atzo bertan poloniar batekin afaldu nuen, eta gauza bera bota zidan: alemanek bere herria bonbardatu genuela” (Saizarbitoria, 2000: 73). Juan Martinek, orduan, Gernika desberdina zela aldarrikatu nahian, Gernika euskaldunen hiri sakratua dela azaltzen dio, baina emakumeak ez du inolako interesik erakusten, besterik gabe, emakumeak aitortzen baitu “ez zuela uste lortuko zuenik bere herrikideek kaltetu gabeko inorekin oheratzerik” (Saizarbitoria, 2000: 73). Gainera, Juan Martinek hausnartu egiten du hiri sakratua zer den azaldu nahian emango lituzkeen azalpenen inguruan: “Galdetuko balit, zer erantzun pentsatzen jarri nintzen: arbola, arbolaren inguruan biltzarrak egitea, Europako demokraziarik zaharrena… gauza horiek; baina ez zidan galdetu”. Cuetoren arabera, “en esa clave de humor Saizarbitoria presenta la simbología como estructura dialéctica que cierra las posibilidades de un diálogo continuado” (2017: 429). Pasarte labur honetan, amorantearen eta Juan Martinen arteko egoera lotsagarriaren aurrean (Jaun Martinek ezin du harremanarekin jarraitu biloak eragindako errefusagatik), protagonistak erabakitzen du gerra eta bonbardaketak aipatzea egokia dela emakumeak Euskal Herria munduan koka dezan. Ondorioz, testuinguru kosmopolitan egindako biktimizazioaren identifikazio alegorikoa agerian geratzen da, iseka eta ironia tonuz zipriztinduta (Cueto, 2017: 429).

    Hori ez da, edonola ere, euskaldunak egoera gatazkatsu batekin lotzen diren une bakarra eleberrian zehar. Batetik, Eugeniak etengabe galdetzen dio Juan Martini “¿qué os pasa a los vascos?” tonu etsigarrian, Juan Martinek “arazo zaila dela” erantzuten dion bitartean (Saizarbitoria, 2000: 89). Bestetik, Victoriak  euskaldunek porrotaren estetika maite dutela esaten dio idazleari (Saizarbitoria, 2000: 119): “y si [los vascos] estáis en guerra es porque añoráis la derrota; os gusta su estética, no sabríais adaptaros al papel de vencedores” (Saizarbitoria, 2000: 119). Saizarbitoriak galtzailearen duintasunaz harrotasuna erakusten du haren obretan, eta are omendu ere egiten ditu askotan, beraz, Victoriak Rosettiren obsesioan porrotaren estetikaz esandakoa Saizarbitoriaren beraren literaturari buruzko keinua ere izan daiteke.

    Ondorioz, Saizarbitoriak, umore finez, ez du aukerarik galtzen gizon eta emakumezkoen arteko harremanak gai nagusitzat dituen kontakizunetan memoria historikoarekin lotutako pasarteak txertatzeko: eleberriaren tonu karikatureskoa mantendu, eta bestelako irakurketa bat eskaintzen du bai Gernikako bonbardaketaren inguruan sortutako diskurtsoaren inguruan, bai euskaldunek gatazka eta memoriarekiko duten harremanaren inguruan.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Olaziregi, M.J. (2004). Ramon Saizarbitoria: obsesioez haratago literatura. Revista internacional estudios vascos, 49(2), 521-549. https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/riev/49/49521549.pdf

    Saizarbitoria, R. (2000). Gorde nazazu lurpean. Erein.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ramon Saizarbitoriaren Rosettiren obsesioari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Sefarad | Antonio Muñoz Molina | 2001

    Titulua Sefarad
    Egilea Antonio Muñoz Molina
    Lekua Madrid
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Rincón Camargo, Héctor Ángel (2024): “Ficha sobre Sefarad de Antonio Muñoz Molina”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1357

  • Natividad Aranberri eta Gernikako bonbardaketa | Natividad Aranberri | 2001

    Titulua Natividad Aranberri eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Natividad Aranberri
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Natividad Aranberrik Gernikako bonbardaketa pairatu zuen eta horri buruz hitz egiten du Ahotsak-en Gernikako bonbardaketa izeneko bideoan. 

    Natividad Aranberrik Gernikako bonbardaketa ondoren, goizeko ordu bitan, Bilborako bidea hartu zuen beste hainbat herritarrekin batera. Soinean zutenarekin soilik egin zuten alde, eta metrailatzen ibili ziren hegazkinak gogoan ditu, ezin ezkutatu ibili zirelako. Gernikatik oinez abiatu ziren Bilborantz, eta han ere lotarako lekurik ez zuten aurkitu. Hurrengo egunetan ezagun bat aurkitu zuten eta laguntza pixka bat jaso zuten.

    Natividad Aranberriren testigantzak erakusten du Gernika bonbardatu ondoren hamaika familia etxerik gabe geratu zirela, eta erasoaren ondorioz, hutsetik hasi behar izan zirela herritik kanpo babesleku bila. 

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/soraluze/pasarteak/sor-010-006/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Natividad Aranberri eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Beñat Axiari | 2001

    Titulua “Gernika”
    Egilea Beñat Axiari
    Lekua Getaria (Lapurdi), Paris
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Letra Bernard Manciet-en testu bat da, frantsesez idatzia: Lo Dider de Guernica. Maiatz aldizkariaren 21. zenbakian Luzien Etxezaharretak euskaratua argitaratu zen 1994ean. Kantua, funtsean, testuaren Axiariren errezitazio dramatizatua da, a capella. Letraren ezaugarri nabarmenena Gernikako bonbardaketaren eta Gernikako arbolaren sinboloaren arteko lotura egiten duela da.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2024). “Beñat Axiariren «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Zumetaren Gernika” | Ixiar Rozas | 2001

    Titulua “Zumetaren Gernika”
    Egilea Ixiar Rozas
    Lekua Gasteiz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ixiar Rozasen Patio bat bi itsasoen artean poema liburuan aurki daiteke “Zumetaren Gernika” poema. Izenburuak barruan darama Jose Luis Zumetaren Gernika (1999) mihise gaineko olio pintura erraldoiaren (350×780 cm) ekfrasia. Hainbat ikerlariren arabera, euskarazko literaturan gerrak jotako leku-izena ingurune jakin bat (dela Bizkaiko herria, dela Euskal Herria) izendatzeko erabiltzearen joeraren azpian, Gernikaren dimentsio alegorikoa orekatu nahia legoke, dimentsio historikoari arnasa emateko. Izan ere, zenbait kasutan, gizateria zibilaren aurkako erasoaren alegoriak gerrak suntsitutako leku errealaren historiak eta memoriak irents ditzake. Irakurleoi, hasiera-hasieratik, ekfrasi ariketan aurkituko dugun Gernika-ren islada ez dela Picassoren koadroarena, Zumetarena baizik, zehaztean; mundu mailan ikur bihurtu den baina maiz arlo piktorikora murriztu ohi den Guernica koadroaren oinarrian berau eragin zuen euskal gertakari historikoa aitortzen eta azpimarratzen du. Aldi berean, baina, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikotik alegoriaranzko sintesi ariketa bat ere burutzen du poeman, gizateria zibilaren aurkako erasoaren ideia nabarmenduz. Sarraskiek eta testuinguru gatazkatsuek eragindako traumei bide nola eman galdegiten duen itauna gailentzen da, hain zuzen ere, testuan barrena: «zerutik zintzilik diraute/ mina/ heriotza/ gorrotoa/ nora doaz/ odolaren eztandaz zipriztindurik/ koloreetan amiltzen dira/ heriotz hutsalez nekaturik dagoen/ esku ahurrera/ nora doaz/ deiadar urrunak/ oihartzun intziriak/ […] bizitza bera/ nora doa» (43). Aipu horretan nabarmentzekoa da, halaber, koloreei buruzko metafora jasotzen duen bertso lerroa, bai Picassoren mihisean, bai Zumetarenean, ezaugarri formal erabakigarritzat jo daitekeelako. Aurreneko kasuan, arreta pizten du polikromiarik ezak, koloreen eskala grisaille-ra mugatzeak; bigarrenean, aldiz, arreta kolore biziek pizten dute, kolore bero eta hotzen ezkontza koloretsuak. Ekfrasi bidez, Zumetaren Gernika-n azaltzen diren gorriaren eta beltzaren tonu guztiak esanahiz gizentzen ditu poetak, biktima errugabeek isuritako odoloaren eta errauts bihurtutako herriaren ideia nabarmentzean: «odolaren eztandaz zipriztindurik/ koloreetan amiltzen dira/ heriotz […]». Era berean, poemari batasuna ematen dion «nora doaz» galdera errepikakorrak Prévert Jacquesen “Chanson dans le sang” poema ekar dakiguke gogora; «où s’en va-t-il tout ce sang répandu» aipua, hain zuzen ere (testuartekotasuna). Honenbestez, poema honetan Gernikaren dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko elkarrizketa, are sinbiosia, gertatzen dela esan genezake.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Ixiar Rozasen «Zumetaren Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Ohe bat ozeanoaren erdian | Mikel Hernandez Abaitua | 2001

    Titulua Ohe bat ozeanoaren erdian
    Egilea Mikel Hernandez Abaitua
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Jonek, pertsonaia-narratzaileak, Euskal Herritik (eta bere iraganetik) ahalik eta gehien aldentzeko helburuz Bolognara autoz egiten duen bidaia da eleberriaren ardatz. Bidaia fisiko horri, baina, adinean sartzen hasia den eta hainbat arrazoiengatik (Euskal Herriko indarkeria egoera, argitalpen baten harira jasotako kritika gogor eta mehatxuak (31), zapuztutako bikote harremana…) lur jota dagoen Jon protagonistaren barne bidaia gailentzen zaio. Sinbolikoki, sorterritik urrundu ahala, atzera begira jarri eta oroimenak esan nahi duen ahaztearen eta atxikitzearen arteko elkarrekintzatik, pertsonaia nagusiak efemerideak hautatzen eta errepasatzen dituela esan daiteke.   Zenbat eta gehiago aldendu Euskal Herritik (Donostia, Irun, Biriatuko muga, Hastingueseko zerbitzugunea, Aire du Port Laugerais, Nîmes, Ventimiglia…) orduan eta gehiago zehazten dira, bakarrizketa eta barne pentsamenduen artean, nahastuta (prolepsi eta analepsiak sortuz) datorzkion oroitzapenak. Gidatu eta bidean geldialdiak egin ahala, familia osoaren iragana marrazten du Jonek. Baita, oroimenaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioak direla tarteko, Euskal Herriko iragan hurbila ere. Istorioaren benetako gertalekua oroimena dela esan liteke, beraz.  Errepublikaren garaitik edota gerraurretik abiatu eta Gerra Zibilean sakonduz, gerraondoa, diktadura frankista eta borroka armatuaren hasierak errepasatzen ditu, harik eta 90eko hamarkada bukaerara/XXI. mende hasierara iritsi arte.   Pertsonaia-narratzaileak familiakoengandik memoria komunikatiboaren bidez jasotako oroitzapen pisuzkoena aitona Miguelen fusilaketa dela uler liteke, gertakizun horrek markatzen baitu familiak harrezkero barruan daraman eta belaunaldi berriei (protagonistari, kasu) erasango dien oinazearen hasiera (28). Gertakizun horrekin batera, Euskal Herriko oroimen gune nagusia den Gernika darabil Mikel Hernándezek, hasieratik bertatik, oroimen komunikatibotik ez ezik, talde eta kultur oroimenetik ere edandako oroitzapenak gogoratzeko tresna nagusitzat: «Aldi luze baterako noa […] Aireportu zaharrerantz noa zuzenean, gure birraitonari desjabetutako lurretan eginiko aireporturantz, naziak Gernika bonbardatzeko atera ziren aireporturantz, eta gero autobidera, Bolognaraino daraman autostradara hurbilduko nauen autopistara […]» (11).    Nolanahi ere, nobelan zehar Jonen ahotsa eta ikuspuntua nagusituagatik, zenbait kapitulutan (“Lau”; “Zazpi”; “Hamabost”), perspektibismoa baliatzen du Hérnandezek, instantzia narratiboaren ahots eta ikuspuntu aniztasuna, alegia.  Teknika narratibo horrek, memorien arteko talkan, oroimen kolektibo bakoitzak zer toki betetzen duen hausnartzeko beta eskaintzen du, ondoko adibideen pareko galderei erantzuten lagunduz: Memoriaren zer kontakizun sustatzen dira eta zein geratzen dira gerizpean? Nork gogoratzen du nor/zer? Hain zuzen, aitari jarritako bonba-autoan istripuz hildako polizia baten alabaren, tortura eta kartzela pairatu ondotik autobusa hartzean zigorrik jaso ez duen torturatzailearen burlaizea jasan beharko duen etakide baten, eta atentatu baten eraginez su hartutako Guardia Zibilen kuartelean titiko haurra duen ama baten ikuspuntu eta ahotsak kontrajartzen ditu, indarkeria desberdinen arteko gurutzaketa gardenduz.   Oroz gain, prozesu historikoak beren konplexutasunean azaltzeko ahalegina nabari da nobelan, batez ere, euskal politikaren erradikalizazioaren (frankismo betean sortu zen borroka armatuaren) aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta berrikustekoa, besteak beste: fusilaketak, bonbardaketak, kartzela, atxiloketak, lapurretak, mehatxuak, errejimenaren doktrina eskoletan, gerrako errefuxiatuak eta erbestea, zentsura, eskubide zibilen bortxaketa, tortura… Hala eta guztiz ere, ETAren bilakaera makurra ikusita, armei uko egin ezean, Euskal Herria «suizidiora» doan mezua helarazten du. Mezu hori sendotu edo azpimarratzeko, gainera, testuartekotasuna darabil, oraineko irakurraldiari iraganeko irudikapen eta irakurketen oihartzunak erantsiz. Are, garai bateko laguna zen eta ETAn sartuta dabilen Anderri idatzi (eta behin ere bidali gabeko) gutunean literatur kritikariaren rola hartzen du, bere burua idazle gisa irudikatzeraino. «Irakurri duk, […] M.H.I.aren lehen eleberria? 1991n argitaratu zuan. […] Sarrionandiari egindako omenaldia dudarik gabe. […] Bukaeran kartzelako poeta hori suizidatzen denean […] ene ustez esan nahi dik Euskal Herria oraingo bide biolentotik segituz gero suzidiora doala. […] Bernardo Atxagaren [Gizona bere bakardadean ere] […] ikusten duk antzera bukatzen de[la], bietan, sinbolismo horren bidez, adierazi nahi duk oraingo bidetik joanda etorkizuna suntsitzera doala Euskal Herria» (81). Esandakoaz bat, ugari-ugariak dira kanta ezagunen hitzei eta artelan plastikoei eginiko erreferentziak.  Bolognara Euskal Herriko indarkeria egoerarekin nazkatuta dagoelako alde egin nahi duela dioen arren, kasik ordura arteko arazo guztiei egin nahi lieke ihes (Norarekiko hausturak eragindako mina, Anderrekin hartutako dezepzioa, Laurarekin bueltatu nahi eta ezina, unibertsitatean bizi duen tentsioa…), hau da, bere iraganari. Aitzitik, nobelaren bukaeran nabarmentzen den moduan, noranahi joanda ere, norbere izatasunaren kontzientzia ahalbidetzen duen gaitasuna den oroimena galdu ezean, oroitzapenak edozein unetan etor litezke akordura, are gehiago, memorien emozio-zama oraineko aldartearekin bat etorriz gero.

    Gernikaren irudikapen historikoek berezitasun nabarmenak dituzte nobela honetan. Izan ere, aurrez erantsitako aipuan irakur daitekeen eran, pertsonaia nagusiaren birraitonari desjabetutako lurretan eginiko aireportutik aireratu ziren Gernika bonbardatzeko su hegazkin naziak (11, 126). Hortaz, gizateria zibilaren aurkako erasoaren ikur eta Gerra Zibilaren oroimen gune gisa agertzeaz gain, estatu kolpea eman zutenek errepublikarrei eta abertzaleei eginiko arpilatze eta lapurreten erakusle funtzioa ere betetzen du Gernikak. Gainera, bakana den beste errepresentazio historiko bat ere aurki daiteke eleberrian, Gasteizen faxistek familia burgesak euren etxeetan militar arrotzak hartzera derrigortu zuten testuinguruan, Gernikako sarraskia pilotu alemaniar baten ikuspuntutik kontatzen delako: «Uribetarren etxean adibidez kapitain aleman bat sartu zuten, hegazkinlaria, errepublikarrak ziren Uribetarrak, alemana gizon edukatua omen zen, atsegina eta adeitsua, txokolatea eta tabakoa eramaten zien askotan […] egun batean herri bat bonbardatu zutela esan zien itzulitakoan, ezagun zuen ez zegoela oso gustura egindako lanarekin, ez zieten herriaren izena ere esan, bonbak zein koordenadatan bota behar ziren besterik ez, azkenean mapa hartu eta handik eta hemendik joan zirela eta Gernika zela atera zuten ondorioa […] ba guk hor familia daukagu, esan zioten alemanari. Lotara joan zen eta ez zuen hitzik esan astebetean […]» (126). Ertz horretatik, Gernikako bonbardaketaren probaketa izaera azpimarratzen dela uler liteke, erasoaren zabarkeria eta ankerkeria maila salatzen dituena, alemaniarrek euren Dornier eta Heinkel hegazkin berriak probatu nahi eta, Atxagak Soinujolearen semea-n (361) jaso bezala, Francok esan baitzien: “Ba hortxe daukazue aukera. Joan eta erre Gernika”.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Mikel Hernandezen Ohe bat ozeanoaren erdiani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Lagun izoztua | Joseba Sarrionandia | 2001

    Titulua Lagun izoztua
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2001
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Goio Ugarte, ezizenez Gorria, Nikaraguako Bluefields herrian bizi da. Legezko paperik ez duen arren, badu herritarren babesa, besteak beste erizaina delako. Bat-batean izoztu egin da: ez ditu ingurukoak ezagutzen, ez du hitzik egiten ezta erreakzionatzen ere. Hori jakinda joan da Maribel, errefuxiatuen artean postari lanak egiten dituen bera bezalako errefuxiatu bat. Managuan Goiorentzako psikiatrarik ezin aurkitu eta Goio Ekuadorrera eramatea otzen zaio, han Andoni bizi baita, Goioren txikitako laguna eta, euren antzera, erbesteratua. Hala hasten da nobela, eta hortik aurrera, hiru narrazio-hari josten dira, plano paraleloetan.   Plano horietako batean, orainaldian eta lehen pertsonan, Maribelek Goioren gaixotasuna eta honen gorabeherak kontatzen ditu; Ekuadorrera bidean doazela aurrera egin ezinik geratuko dira Barranquilla inguruan, eta hor azalduko da Urioste familia, 36ko gerrako erbesteratu baten ondorengoak, euskaltasunaren irla moduko batean bizi direnak, aberri urrunarekiko lotura kontraesankorrak dituztela.   Beste plano bat lehenaldian kontatuta dago, hirugarren pertsonan, Andoni izanik plano honen narratzailea: Andoni Martinezek 14 urte zitueneko ikasturtea gogoratuko du. Bilbotarra, Kalaportuko jesuitenera interno bidali zuten gurasoek, eta han ezagutu zuen Goio, Kalaportukoa bera. Maitasuna eta sexua, gurasoekiko erlazio gatazkatsua, frankismoa eta honen kontrako erresistentzia dira plano honetan aletzen diren gai nagusiak. Azken batean, frankismoaren bukaerako euskal kostaldeko kasik edozein herriren argazkia erakusten du Kalaportuk.   Hirugarren haria etorkizunean narratuta dago, narratzaile orojakile baten ahotsean, zeina tarteka eta berariaz nabarmendu egiten baita narrazioan Josu/Armando gogoraraziz. Hemen, Artarktikara doan espedizio zientifiko batekin Goiok egingo duen bidaia kontatzen da. Erizaina izaki, minbiziak jotako zientzialari baten laguntzaile ontziratu da. Plano honetan baina, zientzia edo erizaintza kontuek baino indar handiagoa hartzen du naturaren ikuskizunak: izozmendi erraldoiak, gaurik gabeko egun argien segida, ia bizitzarik gabeko kontinente hotzaren magia, izadiaren aurrean gizakiaren txikitasunaren kontzientzia…   Aipatu hiru plano horiez gain, bada beste bat, guztiak ezkutuki lotzen dituena: Managuan, etxetik irten ezinik bizi den Josu (ezizenez Armando) protagonista duena. Maribelen senarra da, eta bere itxitura behartuan bi zeregin izango ditu: bata, ogia egitea; bestea, idaztea. Inoiz amaitzera ez doala dirudien eta inori erakusten ez dion eskuizkribu hori Lagun izoztua dela jakingo dugu, eta ondorioz, Josu/Armando dela orain arte aipatu ditugun istorio guztien asmatzailea, bera bezain errorik gabeak diren pertsonaien eraikitzailea, Maribelekiko harremanaren gainbehera fikzioaren bidez ulertu nahiko lukeena, hala nola, denborarekiko eta espazioarekiko duen harreman korapilotsua askatu nahiko lukeena. Azken batean, Josu/Armandok erbesteari aurre egiteko erabiltzen du fikzioa. Hitz batez, erbestea da nobelaren muina.

    Gernikako bonbardaketa ETAren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko funtsezko irudigaia bihurtzen da; 36ko gerraren, gerraondoaren eta diktadurapeko hamarkada latzen injustizia eta sufrimendu pilatuaren oroimen gune. Lagun izoztua nobelaren ardatz, sasian bizi diren eta ETArekin harremana dutelako edo izan dutelako, Euskal Herritik urrun bizi diren pertsonaiak dira. Nahiz eta, Ameriketako planoan, pertsonaiek politikarekiko erakusten duten lotura mugatuagoa izan: agian, kritikak azaldu bezala, hara eraman dituzten arrazoiak beste garai eta beste kontinente batean gertatu direlako. Kalaportuko planoan gardentzen da erbesteratutakoak etakide izatera bultzatu zituen giroa, frankismoa Euskal Herrian, alegia: guardia zibilak nonahi, politikari bilakatutako apaizak, eskoletaraino iritsitako doktrina frankistak, ETAren aldeko pintadak, errejimenari aurre egiteko ezkutuan gordetako pistolak… etab.   Uriostarren kasuan, Arantxak azaltzen du anai-arrebak erbestean jaio izanaren arrazoia: aitak, Jose Uriostek, gerra amaieran Santanderretik Orozkora itzuli eta baserria hutsik topatu zuenean, berehala ezkutatu zen; handik gutxira etorri zen Guardia Zibila bere bila. Egunak gordean eman eta gero ihes egitea lortu zuen Bilbora, eta handik erbesteratu zen Kolonbiara. Jose ez zen sekula Orozkora itzuli, ongi baitzekien itzuliz gero ez zuela bere irudimenean gordetako herria aurkituko, eta beharbada are urrunago sentituko zela sorterritik Eukal Herrian bertan. Seme-alaba euskaldunak hezi zituen ordea, Kolonbian eraikitako baserrian, eta Euskal Herrira begira bizi izan zen hil artean.   Deserri handi bat da, beraz, Lagun izoztua-n irudikatutako Amerika. Kolonbian, Nikaraguan edota Ekuadorren jaioagatik, Euskal Herrira ezin buelta daitezkeen (edo bueltatu ez diren) euskaldunek marraztutako Amerika. Sorterriarekin, erbestearekin eta bien arteko talka ala uztarketarekin duten harremanak baldintzatzen ditu pertsonaia guztien bizitzak. Aipatu bezala, Maribelek Goio izoztu dela dioen oharra jasotzean egindako gogoeta da nobelaren abiaburua: «Lagun sakabanatuen artean gutun eta paketeak jaso eta albait arinen entregatzen ditut, gure herri urrunetik zer helduko zain beti ni ere, denok bezala» (15). Maribelekin batera bizi den Armandok ere Jose Uriosteren antzera bizi du Euskal Herrira itzultzeko ikara: «Ulisesen madarikazioa dun. Hemen bizi gaitun eta hara itzultzea dinagu beti gogoan, baina zenbat eta geroago orduan eta zailagoa dun leku hau uztea beste hartara joateko eta, itzuliz gero ere, gainera, ez gaitun gure gogoko sorterrira helduko, baizik eta beste ia ezezagun batera» (27). Andonik, aberriari buruz zuzenean ez hitz eginagatik, Euskal Herria ordezkatzen duten objektu, irudi sinboliko edota ikurrez betetatako «amesgela» bat du etxean: «Horman gernika biak, arboladun tenplua eta kriseiluak argituriko suntsidura, eta oteizak, eta ruizbalerdiak, eta zazpiakbat, eta ameztoiak, eta Bilboko argazkiak. Gela honek ez du leihorik, baina leihorik balu, ireki eta leiho horretatik seguru Bilbo ikusiko litzatekeela, Santutxuko paisaia urbano bat, eta eraikinek tapatu ezik igual Otxarkoaga edo beste bazterrauzo bizi eta humanoren bat aldapan […]» (84). Andoniren amesgelaren deskribapenaren buruan doan Gernika/Guernica-ren iruditeria, dimentsio historiko nahiz alegorikoan (ekfrasi bidez) adierazia, erbestean bizi diren pertsonaien ordurarteko bizitzen laburpena bihurtzen da, eta luzapenez, Gerra Zibiletik XX. mende bukaera arteko Euskal Herriko iragan hurbilaren sintesia.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Arde Madrid | Eduardo Haro Tecglen | 2000

    Titulua Arde Madrid
    Egilea Eduardo Haro Tecglen
    Lekua Madrid
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Cano Cejalvo, Raúl (2025): “Ficha sobre Arde Madrid de Eduardo Haro Tecglen”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=551

  • Jon Lopategi, bertsozko mezularia | Luis Baraiazarra | 2000

    Titulua Jon Lopategi, bertsozko mezularia
    Egilea Luis Baraiazarra
    Lekua Andoain
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Luis Baraiazarra (Meñaka, 1940 – Galdakao, 2024) karmeldar euskaltzain (Euskaltzaindia, d.g.) eta itzultzailea (Nor da Nor, d.g.) bertsolaritzaren eremuan ere aritu izan zen, Bertsolaritzaren Datu Basean ageri denez, bertso-jartzaile, txapelketetako epaile, ikertzaile zein bertso analisigile edo kritikagile (BDB, d.g.). Honakoan, Jon Lopategi bertsolariaren biografia-emaile eta bertsoen bilduma-paratzaile ageri zaigu; zehazki, Jon Lopategi, bertsozko mezularia lanaren egile. Liburua 2000. urtean plazaratu zen “Bertsolari liburuak” bilduman (Bertsozale elkartea), eta Jon Lopategi bertsolariaren bizi-ibilbidea eta bertso-hautatuak jasotzen dira bertan. Biografia-paratzaileak bertsolaria elkarrizketatu ondotik transkribatutako pasarteak tartekatzen ditu bere narrazioarekin, eta garaika eta gaika multzokatutako Lopategiren bertsoak ere txertatzen ditu.

    Jon Lopategi bertsolaria (Muxika, 1934 – 2019), ezagun da, besteak beste, Espainiako Gerraren ondotik lehen bertsolari eskolatua izan zelako eta Azpillagarekin batera frankismoaren garaian bertso-ibilbide oparoa izan zuelako; halaber, bertso-txapelketetan goi-mailan aritu izan zelako eta Bizkaiko bertsolaritzaren transmisioan lan eskerga egin zuelako (BDB d.g.). Liburuari sarbide ematen dion “Zorren aitorra” atalean, Paulo Iztueta Armendarizek adierazten du “(…) frankismo-garaiko zapalkuntza unerik latzenetan hainbat gertakizunen lekuko zuzena izandako bertsolaria, Jon Azpillagarekin batera herri-sufrimenduaren mingainean hitz kolektiboa jartzen aitzindari izandako huraxe bera” (2000: 9) dela Jon Lopategi, eta horri gaineratu diezaiokegu Gernikako bonbardaketaren eragina zuzen-zuzenean bizi izandakoa dugula.

    Aztergai dugun liburuan gertakari lazgarri horren eta beste bonbardaketa batzuen irudikatzerik bada; zehazki, “4. Gerratea eta gerra ostea” atalean. Bonbardaketetako pasarte bi ageri zaizkigu aita preso egon zeneko auzien, gerrako soldaduek etxea hankaz gora eta suntsiturik utzi zutenekoen zein gerrara joandako senideen eta gudarien aurpegierei buruzko pasarteen artean. Horietako batean Lopategi-Lauzirikatarren etxe ingurua gerra-suaren erdian zegoela eta Bilbon babesturik zeudenekoaren berri ematen da: bonba-hotsak entzunarekin bat banku-etxe bateko behe-barruetara gordetzera joan ziren eta Lopategik tupust eginda buruan kolpe hartu zuen. 48 orduan konorterik gabe egon omen zen eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten autoz (2000: 55-56). Bigarrenean, arrebaren ateraldiaren berri ematen da. Hauek dira Lopategiren hitzak (2000: 61):

    Behin Mungiatik Bilbora bidean gindoiazala, bonba-hotsean hasi ziran. Bildurgarria zan eta Derioko kanposantua baino lehenago, baserri baten sartu ginan eta gero kortan ostondu, ahal genduan moduan… Hango burrunba eta bonba-hotsak ez eukan azkenik. Zaratak amaitu ziran unetxu baten, gu han kortan ilunetan isil-isilik, inork eztulik be ez eta, halako baten nire aurreko arrebeak, Bittorik: hil gara…?? Hilgo ginalakoan edo haretara eginda gengozan, antza danez…

    Bonbardaketetako bizipen pertsonalez gainera, Gernikako bonbardaketari zein Picassoren koadroari egiten dioten bertsorik ere bada “18. Bertso hautatuak” kapituluan. Kapitulu horretan honako gai hauen arabera bildu zituen Baraiazarrak Lopategiren bertsoak: 1) Bertsolaritza; 2) Euskera; 3) Omenaldiak; 4) Azken agurrak; 5) Gure ohitura eta jaiak; 6) Politika-gaiezkoak; 7) Erlijio gaiezkoak; 8) Gai orokorretakoak; 9) Txapelketakoak; 10) Bapatean liburuetatik hautatutakoak.

    Zehazki, “5) Gure ohiturak eta jaiak” atalean dakar “Gernika” izenburuko bertsoa, hamarreko handian ondua (2000: 328): “Haritz zahar bat dugu Gernikan / dena fruitu ta meritu, / bere azpian kokatu ziren / asaben hainbat spiritu (sic)/ Euskal Herriko eskubideak / zazpi adarretan ditu, / nahiz eta bere herria etsai / zitalak bonbaz txikitu, / sortu zituan seme leialak / ez dira inoiz errenditu”. Argiki, aberriaren kontrako erasoaren sinbolo gisa ageri da bonbardaketa, eta arbola bertan izanagatik Gernika-Euzkadi kontzeptua biltzen da (Cueto, 2017). Retolazaren hitzetan esateko, irakurketa indentitarioa egiten da (Retolaza, 2009).

    Aurrekoaz landara, “6 Politika-gaiezkoak” atala “Azkenaldiko berriak” izeneko 23 bertsoko bertso-sorta batek hasten du. Azken aurrekoan egiten zaio erreferentzia Picassoren Guernica koadroari, Martin Villa, Tejero, Juan Carlos erregea, neutroi-bonbak, ETA, torturatuak, ministroak… aipatu ondotik (2000: 341): “Picasso bazetorrela, / Gernikan jarriko zela, / hemen gezurra zabaltzen baita / egia bezela. / Madrilen dela ez dela / koadroa edo eskela… / Krimena egin zutenek eurek gorde dezatela”. Bada, hemen ere, bat-bateko bertsoaldietan gertatzen den antzera, koadroari erreferentzia egiten zaio, baina koadroa Madrilen dagoela salatzeko betiere (Ibarluzea, 2025). Bestalde, agerikoa da irakurketa historiko-soziala egiten dela; hots, Retolazaren hitzetan (2019) erreferentzia historiko-sozialak dira testuaren abiapuntu.

    Labur esanik, beraz, Jon Lopategiren biografian, alde batetik, bonbardaketaren esperientzia pertsonalen kontakizuna ageri da, bertsolariak berak hitz lauz egina; beste alde batetik, bonbaketaren irudikatze abertzalea ageri da bertso batean eta, azkenik, Picassoren koadroaren historiaren salaketa sozio-historikoa egiten da beste bertso batean.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Baraizarra Txertudi, Luis (2000). Jon Lopategi, bertsozko mezularia. Bertsolari Liburuak.

    Basarri (1937). “Guernica”. BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/es/web/bertsoa/view/u4c50

    BDB (d.g.). “Biografiak. Jon Lopategi”. BDB Betsolaritzaren datu basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/1315-jon-lopategi

    BDB (d.g.).  “Biografiak. Luis Baraiazarra”. BDB Betsolaritzaren datu basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/427-luis-baraiazarra

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Euskaltzaindia (d.g.). “Euskaltzain ohorezkoak”. Euskaltzaindia.https://ww.euskaltzaindia.eus/es/euskaltzaindia/academicos/de-honor/4658-luis-baraiazarra-txertudi

    Ibarluzea, M. (2025). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. M. Olaziregi & A. Gandara (ed.) Gernika(k)/ Guernica(s) (241-270). Peter Lang.

    Nor da nor (d.g.). “Itzultzaileak. Luis Baraiazarra”. Nor da Nor datu-basea https://www.nordanor.eus/nor?id=1315

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Luis Baraiazarraren Jon Lopategi, bertsozko mezulariari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Spione | Marcel Beyer | 2000

    Titulua Spione
    Egilea Marcel Beyer
    Lekua Köln
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    2000 urtean Marcel Beyer idazleak plazaratutako Spione nobelan Luftwaffe eta Condor Legioko kide izandako aitonaren isilpeko iragana berreraikitzen saiatuko dira bere lau bilobak. Nobela osoan izenik gabe agertzen den aitonaren inguruko memoria biloben ikerketen bidez osatzen joaten den heinean, argi geratzen da aitona Gernikako Bonbardaketan biktimarioa izan zela.

    Errelatoa 70eko hamarkadan abiatzen da 30eko hamarkadatik hasi eta orainaldirako atzera begiran.

    Ahots eta ikuspuntu ezberdinek osatutako narrazioan Gernikako Bonbardaketa bi ikuspuntu ezberdinetatik irudikatzen da. Gerora nobelako lau gazteen amona izango den andregai gaztearen espazio psikologiko gisa azaltzen dira estetikoki Gernikaren Bonbardaketari lotutako bi pasarte. Lehen irudikapenean 1937 urtean Alemanian zain dagoen andregaiak bere senargaia Espainian biktimarioaren rolean kokatzen du eta Condor Legioko hegazkin militarretik izandako eskuhartzea hitzetan jartzen du. Esplizituki aipatzen ez bada ere, 1937ko apirilaren 26ko Bonbardaketa modu errazean ekartzen dute irudi hauek gogora:

    Sabe que su prometido está en el aire, sabe que está allí con su gorra de aviador en la cabeza, que tiene el micrófono junto a la boca y las gafas puestas, […] Sabe que su prometido está en el aire, pero no quiere imaginárselo haciendo un vuelo de aproximación sobre alguna ciudad española, encogido en la cabina mientras comprueba el rumbo una vez más, o transmite las coordenadas del objetivo o el tiempo que falta para el lanzamiento previsto. No quiere oír cómo la tripulación señala a los dibujos que forman las nubes, los reflejos de la luz sobre la luna, haciendo planes para esa noche o bromeando. No quiere que se queje nadie del aire de altura. (Espías, 2002, 146-147)

    Jatorrizkoan:: “Sie weiß ihren Verlobten in der Luft, sie weiß ihn dort mit seiner Fliegenmütze auf dem Kopf, er hat das Mikrophon vor seinem Mund und eine Brille auf, […] Sie weiß ihren Verlobten in der Luft, aber sie will ihn nicht im Anflug auf spanische Städte sehen, wie er in der Kabine hockt und sich die Richtung noch einmal bestätigen läßt, wie er die Zielkoordinaten weitergibt oder die Zeit bis zum geplanten Abwurf. Sie will nicht hören, wie die Besatzungen einander auf eine Wolkenzeichnung, auf Lichtreflexe oder auch den Mond im klaren Himmel hinweisen, wie sie von Plänen für den Abend eden oder scherzen. Sie will nicht, daß sich jemand über Höhenluft beklagt.” (Spione 2010, 192-194)

    Apur bat aurrerago andregaiak bere burua Bonbardaketaren biktima zibil gisa ere irudikatzen du bere gogoetan, Gernikako Bonbardaketaren kultur oroimenean biziraun duten irudiak, ekintzak, zaratak eta isiltasunak biltzen ditu bigarren pasartean, biktimen lekutik biziko lirateken moduan:

    Oye gritos y sirenas porque se aproximan escuadrillas alemanas: al principio unos meros puntos a lo lejos en el cielo, nada más. Oye los disparos de las defensas antiaéreas, o no hay disparos, solo sirenas, porque no tienen defensas antiaéreas. Oye un suave zumbido, despacio, sin ruido, como el sonido estuviera en su propio cuerpo, en la garganta y en el estómago, en las manos, en los pies, pero nada más que allí. […]ahora el pitido parece llegar de todas direcciones, tampoco quiere oír el estallido ni la explosión, el estruendo que detiene a todo lo demás. No quiere sentir esta sordera al mirar hacia arriba a través del polvo y el humo y los escombros, donde ahora ya ni siquiera se puede adivinar a su prometido en la cabina de un avión que está dando la vuelta”  (Espías, 2002, 147-148)

    Jatorrizkoan: “Sie hört die Rufe und Sirenen, wenn sich die deutschen Staffeln nähern, zuerst kaum Punkte, nichts, im fernen Himmel. Sie hört das Einschießen der Flugabwehr, oder auch keine Schüsse, nur Sirenen, weil es keine Flugabwehr gibt. Sie hört das sanfte Brummen, langsam, keinen Lärm, als wäre das Geräusch im eigenen Körper, in Hals und Magen, Händen, Knien, aber nirgends sonst. […] Sie will nicht dieses Pfeifen in den Ohren haben, das nun aus allen Richtungen zu kommen scheint, das Platzen und Zerbersten will sie auch nicht hören, den Krach, vor dem alles andere vergeht. Die Taubheit möchte sie nicht spüren, beim Blick hinauf durch Staub und Rauch und Trümmer, wo nun in der Kabine eines abdrehenden Flugzeugs ihr Verlobter sich nicht einmal mehr erahnen läßt” (Spione 2010, 194-195)

    Bonbardaketaren berria nazioartean zabaltzen nola hasten den eta Alemania bertako diskurtso ofiziala ere jasotzen du Spione nobelak. Zentsuraren itzala argi geratzen da, Alemaniara Parisen barrena iristen da berria eta soilik artista giroan eta modu ez ofizialen da Gernikak Bonbardaketa hizpide:

    “Allí [en París] se decía que unas unidades del ejército alemán de aviación habían arrasado un pueblo en España, una ofensiva aérea como no se había visto nunca. Guernica se llamaba, y no era una base militar, ni un depósito de armas, ni tenía importancia estratégica: el bombardeo tuvo lugar a plena luz del día, las víctimas eran civiles, mujeres, niños, no opusieron resistencia” (Espías, 2002, 154).

    Jatorrizkoan: “Es hieß, deutsche Luftwaffeneinheiten hätten in Spanien ein Dorf vernichet, ein Fliegerangriff, wie es ihn vorher nie gegeben habe. Kein Stützpunkt, dieses Guernica, kein Waffenlager, nicht strategisch wichtig, die Bombadierung kam am hellen Nachmittag, die Opfer waren Zivilisten, Frauen, Kinder, es gab keine Gegenwehr.”  (Spione, 2010, 203)

    Azkenik Picassoren Guernica irudiari ere aipamen azkarra egiten zaio nobelan. Bakezaletasunaren sinbolo gisa aurkezten da irudia, bainan kasu honetan biktimarioen ondorengo belaunaldiaren ihes koldarrari lotzen da. Izan ere biloben belaunaldiak gurasoei leporatzen diete biktimarioen iragana aurrez aurre kondenatu beharrean Guernica-rekiko atxikimendua beren buruak zuritzeko tresna gisa erabili izana. Nora bilobak bere aitari hau leporatzen dio: “A ti ni siquiera te importa que tu propio padre estuviera en la Legión Cóndor. Simplemente dices que ya no tienes padre, te vas al museo a mirar el Guernica de Picasso y te crees que la cosa se arregla así de fácil” (Espías, 183).

    Jatorrizkoan: “Dich interessiert nicht einmal, daß dein eigener Vater bei der Legion Condor war. Behauptest einfach, du hättest keinen Vater mehr, stellst dich im Museum vor Picassos Bild zu Guernica, und damit ist die Sache ganz bequem erledigt” (Beyer 2010, 240)

    Nola aipatu: Goizueta-Iztueta, Garbiñe (2024). “Marcel Beyeren Spioneri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gudari zaharraren gerra galdua | Ramon Saizarbitoria | 2000

    Titulua Gudari zaharraren gerra galdua
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gerra Zibilean hanka galdu zuen eta pentsioa eskatu ahal izateko notarioarengana joan eta notario-akta bat lortu beharra duen gudari zahar baten ibilerak dira ipuinaren ardatz. Kontakizuna, Saizarbitoriak lagun duen benetako gudari bati eskainia, 1937ko apirilaren 20an Intxortaren magalean gertatutakoek osatzen dute: Martiartu batailoiko gudari bat, istorioko pertsonaia nagusia dena, metraila batek larriki zauritu ondoren, aurrena Durangora eta ondoren Basurtoko ospitalera bidaltzen dute. Protagonistak 1937ko apirilaren 20an galdu zuen hanka, Bergara eta Arrasatetik zehar tropa faxistek gogorrago erasotzeari ekin zioten egun berean. Handik lau egunetara, apirilaren 24an, Molaren tropak Elgetan sartu ziren. Saseta, Martiartu, UHP eta beste batailoi batzuetatik bizirik ateratakoek Intxortako lubakietatik erretiratu egin behar izan zuten. Apirilaren 26an, Kondor Legioak eta Aviazione Legionariak Gernika bonbardatu zuen.   Testuan zehar aurki daitezkeen iruzkin metanarratiboek («Askotan gertatzen zitzaion zerbait kontatu beharra zuenean nondik hasi ezin asmatzea» (33) etab.) metafikzio historiografikora garamatzate, izan ere, gertaera eta pertsonaia historikoen erreferentziez betea egotearekin bat, iragana berreskuratzeko ahalegin orok iragana berrasmatzea esan nahi duen ideia azaleratzen du. Pertsonaia nagusiak notarioaren aurrera eramandako bi lekukoek gertaerak azken xehetasuneraino (eta norberak, jakina, bere modura) kontatzeko duten joerak, notarioak etengabe mozteko eta «harira, harira» esanez gertakizunaren kontakizunak labur ditzaten eskatzeko duen joerak bezainbat, garden bihurtzen du objektibotasuna bilatzeko saiakera oro alferrikakoa den ideia (11). Era berean, gerrako elbarri errepublikarraren pentsioa lortzeko ahaleginean ari den eta gerra barrutik bizi izan zuen gudari zaharraren eta pasadizo bera kanpotik eta tramite administratibotzat baino bizi ez duen notarioaren arteko talka bistaratzen da. Notario-akta akastuna izateaz haratago (batailoien izen batzuk, esaterako (48)), protagonistak notarioaren aurrera eramandako lekukoak ere, hankabakar geratu zen momentu jakin hartan, egiaz ez zeuden toki berean. Ikuspuntu eta kontaera diferenteak kontrajartzeaz gain, denboran aurrera eta atzera egiten du etengabe (analepsi eta prolepsiak). Formalki ez da batere lineala, beraz.   Hori guztia baina, ezer gutxi axola zaio gerrako oroitzapenak burutik ezin kendu bizi den gudari zaharrari (41), gerra denboran izandako galera larriena, nahiz hori izan bere hutsunearen arrasto nabariena, ez baita belaunetik behera falta duen hanka, Miren maitearen heriotza baizik. Hortik erlojuaren orratzak (eta ondorioz, bere bizitza) lau eta erdietan gelditu izana, ordu hartan hil baitzuten bonbardaketatik ihesi zihoan Miren (17, 60). Ez dakigu gudari zaharraren izena, edonor izan liteke. Zentzu horretan, uler liteke Saizarbitoriak azalera ateratzen dituela guztion alderdi gizatiar eta miserableenak. Gerrara doanean, «esan amari ez naizela joango bazkaltzera» (18) esaten dio protagonistak bizilagunari, hori da bere agurra. Heroirik gabeko gudaren ideia nagusitzen da. Kritikak azpimarratu modura, horixe litzateke Saizarbitoriak bere literatur lanetan goretsi ohi duen oroimena, Gerra Zibileko galtzaileen ohorea eta estetika: «tiroak galaraztea izan zen tokatu zitzaion gauzarik heroikoena» (41); «[…] gerra galduz irabazi egin zuten: duintasuna irabazi zuten, berentzat eta etorriko ziren belaunaldientzat» (32)…    Testuan behin eta berriz aipatzen diren Adolfo Suárezen hitzek, «hay que restañar las heridas de la guerra» nabarmendu baino ez dute egiten hori ezinezkoa dela, epe laburrean bederen ezin daiteeken gauza (27). Istorioaren bukaeran, protagonista Luis Amiano lagunak hanka lurperatu zion lekura bueltatzen denean, Aszensio ermitaren inguruetara alegia, lurrean aztarrika hasi eta gutxira ohartzen da ez duela sekula berreskuratuko, eta galera hori onartu orduko, hau da, Miren maitearen heriotza, zerraldo erortzen da. Hitz gutxitan biltzeko, izenburuan ez ezik, nonahi aurki daitekeen «galdua» hitza litzateke kontakizunaren giltza.

    Oroimen gune, gogoratzeko tresna eta oroimen mota ugari aurki daitezke Gudari zaharren gerra galdua-n: Intxorta (47), Elgeta (13), Durango (16), Santoña (33), Gernika; Eusko Gudarostearen aldeko zutarriak (45), Trabajadoresetako kontzentrazio-esparruak (28), gudari izandako lagunen lekukotzak (15), gerrak gorputzean utzitako markak (hankamotz geratu zen protagonista)… Gerra Zibilean zehar Heinkel 111 eta Junker 52 hegazkin naziek egindako sarraskien errepresentazio historikoei darraie, beraz, horietako gehienek (39, 51-53…). Bonbardaketen irudikapen historikoen bidez, Gernikakoa izanik, giza sufrimenduaren ikur bihurtu den neurrian, funtzio hori betetzen duen gogoratzeko tresna esanguratsuena, gerrako galtzaileen duintasunaren ideia azpimarratzen du. Horrez gain, istorioa zalantza askoren ondoren pentsioa eskatzeko erabakia hartu berri duen gudari zaharraren deskribapenarekin hasten denez gero, erabaki horrek agerian uzten du diktadura bukatu dela; Trantsizio esaten zaion garai gorabeheratsuak aurreko errejimen politikoarekiko haustura garbirik ekarri ez zuen arren. Izan ere, eskaera osatu eta pentsioaren ordainketa lortzekotan, gudari zaharrak Burgoseko Auzitegi Militarrera joan beharra du gogoz kontra bada ere. Burgos tarteko, berriagoak diren eta Euskal Herriko indarkeria egoeraren jarraipena bistaratzen duten oroitzapenak gogoratzen zaizkio: Burgoseko epaiketa eta Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, hain zuzen ere (25). Frankismo betean sortu zen ETAren aurrekari historiko eta soziopolitikoak pentsamendu kritikoz errepasatzeko funtzioa betetzen dute, hortaz, Gernikarenak nola, Elgeta edota Durangoko bonbardaketen irudikapen historikoek. Aldi berean baina, 36ko gudarien oroimena ez bezala, Saizarbitoriak ez ditu goresten izen bera hartu izan duten etakideen memoriak, elkarrengandik gero eta urrunago ikusten dituen heinean. Horren erakusle da, esaterako, lehen irakurketan anekdotikoa lirudikeen arren esanahiz betea den eta gudari zaharrari pasieran dabilela egokitzen zaion gaztearen «pizgailu ikurrinduna» (28), gerra garaiko protesta ikono boteretsua zena, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizartearen produktu soil bihurtu den kritika egiten baitu.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Ramon Saizarbitoriaren Gudari zaharraren gerra galduari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    F. Eguia Careagak gaztelaniazko itzulpena egin zuen "La guerra perdida del viejo gudari" izenburupean.

  • Asaba zaharren baratza | Ramon Saizarbitoria | 2000

    Titulua Asaba zaharren baratza
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Asaba zaharren baratza ipuinean aletzen den gai nagusitzat euskal belaunaldi berriek aurrekoengandik jaso duten abertzaletasunaren zama ideologikoa har liteke. Polikarpok, protagonista-narratzaileak, gerra garaian txofer lanetan jardun zuen eta abertzaletasunaren sortzaile Sabino (Polikarpo) Aranaren hezurrak faxistengandik babesteko hobitik atera eta lekualdatu zituzten egunean presente egon zen abertzale baten semea da. Aranaren gorpuzkiak, gorpua garraiatzean ostu zituen hezurtxoak, herentzian ematen dizkio semeari, kontalari autodiegetikoari. Ipuinean zehar, analepsi eta prolepsiak tartekatuz, familiaren iragana zehazten da pixakanaka, aita-semeen arteko elkarrizketa eta une intimoen bidez, gehienetan. Iraganaren berri ematen duten une intimo horiek, baina, min fisikoa eragiten die Polikarpori. «Ez dakit nola, ohean esertzean askotan zangoak hartzen zizkidan azpian, baina bera ez zen konturatzen […] edo ez zitzaion iruditzen min egin behar zidanik, eta noski, ez zen hala izaten, izango baitzituen erraz laurogeita hamar kilo […]» (404). Aitak bere iragan abertzale “ospetsua” kontatzeari ekiten dion une bakoitzak barruan darama, beraz, zama fisiko (eta, hedapenez, sinbolikoa) Polikarporentzat.  «Nahiago nuen bere zama isilean jasan, txikikeria horrekin berak zorionaren kontzientzia beteaz bizi z[it]uen une [haiek] […] zapuztu baino» (428). Aranaren gorpuaren desehorzketa eta garraiatzearen inguruan bat ez datozen narrazioek, kontraesan nabarmenak agerrarazten dituzte aitak semeari kontatutako pasadizo hanpatuen, gertakizunaren egunean Ceferino Xemeinek idatzitako akta akastunaren (420) eta historia “errealaren” artean (424). «Deia egunkariak argitartutakoan bere izenik ikusten ez nuelako harrituta nola zitekeen posible galdetu nionean —[…] hainbat urtetan gezurretan jardun zuela ere pasatu zitzaidan burutik— […] gizajoa lehen aldiz aho bete hortz geratu zen, eta, hitza berreskuratutakoan, “ni txoferra besterik ez bainintzen” esan zidan» (424). Honekin guztiarekin, hatxe larriz idatzitako Historia ere finean kontakizun bat dela ulertarazten du Saizarbitoriak, interes edo ertz ideologiko jakin batetik eginiko eraikuntza, beraz. Polikarpok, ipuinaren amaieran, aitak hil bezperetan hilobira itzultzeko aginduz emandako Aranaren hezurtxo ebatsia atzera nola ehortzi ez dakiela, azkenean, itsasora botatzeko erabakia hartzen duenean, egiaz, aitak bere gain jarritako zama ideologikoaz libratzen da. Hain zuzen, aitak debozio handiz gorde eta oinordekotzan emandako erlikiak sinbolizatzen duen hori guztia litzateke urperatzen duena. Hortaz, hein batean askatzailea ere bada Polikarporentzat aitaren heriotza. Bioleta maiteari, iragan abertzalearen zama daraman alaba hura ere —«oinordekotasun zaila, tokatu zaiguna» (459)—, zuzentzen dion «Zu zara nire aberria» (463) esaldia jo liteke ipuinaren mezu eta muintzat. Oroimena, abertzaletasuna, desira… harilkatzen ditu, honenbestez, Saizarbitoriak, gehiagotan ere jorratu dituen gaiak; umore beltz eta ironia kutsuak eraginda, hunkitzearekin bat, hainbatetan barre eginarazten duen narratzaile-pertsonaiaren ahotan.

    Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoek, Asaba zaharren baratza-n, lotura zuzena dute gertakizun nagusiaren, hots, Sabino Aranaren hezurren desehorzketaren, inguruko narrazioekin. Hain zuzen ere, Gernikako sarraskiaren larritasunak markatu zuen, Polikarporen aitaren arabera, Sabino Aranaren hilobia faxistek profanatzeko arriskutik babesteko erabakia: «Behin, Gernikakoa gertatu ondoren, maiatzeko lehendabiziko egunetan —jakina denez, bonbardaketa apirilaren 26an gertatu zen— aitak, mandatu baten zain zegoela, entzun omen zuen nola Ajuriogerrak […] Gamarra […] burukideari esaten zion beldur zela nazionalek, ordurako Bilbon sartzeko zorian, ez ote zuten Sabino Aranaren hilobia profanatu[ko]» (415). Pasarte horretan kontalariak ebakitzen duen «jakina denez» esapideak, agerian uzten du, bestalde, Gernika bihurtu dela, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ostean, Euskal Herriko oroimen gune nagusia eta ikur gutxirekin esanahi ugari (kasu honetan, Gerra Zibilaren sintesia) biltzeko gai dela. Horrez gain, Aranaren hezurren lekualdaketari buruzko kontakizunen talkan, Xemeinen akta ustez akastunean, gertakizunari berari garrantzia emateko baliabide bihurtzen da Gernikaren irudikapen historikoa: maiatz hasieran beharrean, apiril bukaeran kokatzen du ekitaldia, aurrerantzean, gogoratzeko tresnari estekatuta, errazago oroitze aldera. «[…] Gertaerari dagokion eguna […] ez da egiazkoa. Aita ziur zegoen maiatzean gertatu zela: lehenbiziko egunetan, baina maiatzean jada, ez apirilean […] zergatik aldatu nahi izan [ote] zuen Xemeinek [?] Testua behin eta berriz irakurrita, gertakizuna Gernikako bonbardaketari […] lotzeko asmoa susma daiteke» (420).

    Era berean, zeharka bada ere, Gernikaren iruditeriak Saizarbitoriaren literaturaren bereizgarritzat har daitezkeen eta Polikarporen aitak azpimarratzen dituen gudarien porrota duinaren eta bakezaletasunaren ideiak sendotzen dituela nabari daiteke: «Kontatzen zizkidan pasadizo gehienak gerra amaierakoak izaten ziren, hau da, porrota jada burututa zegoen garaikoak. Gehien atsegin zuena, berek Bilbo uzterakoan ez zituztela fabrikak erre eta zubiak suntsitu esatea izan ohi zen. Ezin omen zituzten bota edo erre, beren fabrikak eta zubiak zirelako, eta gerra ondoren bizitzeko eta lan egiteko beharko zituztelako» (414). «[…] berak ezetz erantzuten zidan, abertzaleek ez zutela hiltzen; alderantziz, bizitza asko salbatutakoak zirela, batez ere gorriek garbitu nahi zituzten apaiz[enak] […]. Gerra ikaragarria dela ere esan ohi zuen […]» (420). «[…] Eta triste ageri zen euskaldunok zatituta gaudelako» (427).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Ramon Saizarbitoriaren Asaba zaharraren baratzari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    F. Eguia Careagak gaztelaniara itzuli zuen eta "El huerto de nuestros mayores" du izenburua.

  • Agur, Euzkadi | Juan Luiz Zabala | 2000

    Titulua Agur, Euzkadi
    Egilea Juan Luiz Zabala
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 2000
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Lauaxeta, benetako izenez Estepan Urkiaga, Gerra Zibilean fusilatu zuten Euzko Gudarosteko komandante eta poeta ospetsua, nola eta zertarako jakiteke, hirurogei urte beranduago berpizten da Gernikan, ustekabean, ertzain auto baten ondoan. Mamu bihurtuta, euskal kulturaren oroimen gune eta instituzio ezagunetara jotzen du (Gernikako Arbolaren gerizpera, Juntetxera, Euskal Herria Museora, Bakearen Museora, Euskaltzaindiara…), bere kezka-iturri nagusia, «Euzkadi azke ete da? […] Irabazi egin ete genduan azkenean guda?» (9,12), argitzen lagunduko dion eta 1997ko Euskal Herria erakutsiko dion gidari baten bila. Hil aurreko lagunei, ordea, ikusezina gertatzen zaie Lauaxetaren mamua. Horregatik, liburu eta egunkari artean egiten du murgil, hirurogei urtetan Euskal Herria nola edo zenbateraino aldatu den bere kabuz ikertu asmoz, harik eta Julen Lamarain pertsonaia-narratzailea ezagutzen duen arte. Julen Egunkaria-ko kultur sailean jarduten duen berrogei urteko kazetaria da, Lauaxetari buruz idatzi izan duena. Artean konturatu ez den arren, bera ere hilda dago, eta horregatik ikus eta entzun dezake poeta berpiztua.  Mendiz mendi ibiliko dira Lauaxeta eta biak, oroitarri ugari bisitatuz eta Euskal Herria zeharkatuz. Bidaia fisiko horrek, bidaia iniziatikoaren traza hartzeaz gain (bereziki Julenentzat, okerreko lekuan dagoela iritzita, bidea inon ez egoteko eta bilatzeko abagunea iruditzen baitzaio), euskal kulturaren mapa marraztu eta iruzkintzeko beta ere ematen die. Lauaxetak eta Julenek belaunaldi arteko aldeez eta euskal artisten lanez eztabaidatzen eta solasten duten uneak aitzakia hartuta, ugari-ugariak dira Zabalak nobela osoan zehar biltzen dituen testuarteko erreferentziak. Hain zuzen, Lauaxetaren poema liburua gogorarazten duen izenburutik hasita, eleberri hau euskal kulturako protagonisten, gertaera historiko nagusien eta, oro har, gogoratzeko tresnen aipamenez horniturik dago. Testuarteko elkarrizketa horietan, deigarria da nola jartzen dituen parez pare, fantasiazko literaturaren estrategia narratiboen bidez, berez oso fikzio maila desberdina duten pertsonaiak. Konparaziorako, fikziozko geruza berean kokatzen ditu Lauaxeta berpiztua (oinarrian pertsonaia historikoa izanagatik, mamua den heinean, izaki fantastikoa), Martxelo Otamendi (Egunkaria-ko benetako zuzendari ohia eta Berria-ko egungo zuzendaria), Goizeder (etakidea denentz argi ez dagoen arren, lapur arrunta dela dioen eta bidearen zati bat Julen eta Lauaxetarekin batera egingo duen gaztea), Nora (Anjel Lertxundiren Azkenaz beste nobelako pertsonaia) eta Mateo Txistu (mendian dabiltzala topatzen duten ehiztari mitologikoa). Horrez gain, esanguratsua da bidaia horren azpitik unero bultzaka dabilen beste bidaiaren, hau da, bi-bien mamu agerraldiaren, leloa: «Il nintzan […] eta bizi naiz» (29). Lelo hori bat letorke egungo kultur oroimenaren ikasketen ikuspegi dinamikoarekin, iragana ez dagoela sekula iraganda esan nahi duen neurrian. Azpimarragarria da lehen pertsona darabilen pertsonaia-narratzailearen hizkera, natural eta soila, ahozkotasunetik gertu dagoena, eta baita umorea ere, maiz beltza. Nahiz eta, ironikoki, eleberrian zehar behin baino gehiagotan ebaki Saramagoren O ano da morte de Ricardo Reis-eko aipua: «Hildako bat pertsona serioa da, neurritsua, dagoen egoeraz jabetua» (78, 131).  Nolanahi ere, kritikak azaldu bezala, abertzaletasunaren inguruko gogoeta da eleberriaren muina, gainerako gai guztiak josten edota gain hartzen diena. Lauaxeta lagun, Pizkundearen garaiko euskal idazleen eta 30eko hamarkadako euskal kulturaren errenazimentuko abertzaletasun baikor eta sendoaren printzak berritzen zaizkio, 90ko hamarkadaren hondarrean, Juleni. Lauaxetaren jeltzaletasuna erreakzionarioa iruditu arren (111), badu, pertsonaia nagusia den kontalariarentzat, argiunerik: «hil eta gero ere hezur-hozten ez den [euskaldun, euskaltzale eta abertzalearen] aberriarekiko maitasuna […]» (25, 157). Eleberriaren azken atalean, Julenek argi eta garbi ikusten du ez duela erredakzioan elkarrizketatu ohi zituen eta «euren beharretan etsipenetik baino ezin abiatu ei diran egungo poeta eta artista ustez moderno horreen antzekoa» (158) izan nahi, eta aberriaren alde egin nahi duela lan, Lauaxetarekin bat datorrelako «[…] denon beharra dik aberriak» (152) iriztean. Beraz, abertzaletasunaren balio batzuei gorazarre egitea litzateke, beti ere, «bide berri[ei]» lotuz (136), nobelaren funtsezko mezua eta helburua.

    Nobela honetan nabarmena da Gernikaren irudikapen historikoek oroimen gune eta gogoratzeko tresna gisa betetzen duten funtzioa. Izan ere, Lauaxeta berpiztuak, hilda egon den artean galdutako denbora (1937tik 1997ra arteko tartea) berreraiki ahal izateko giltza da Gernikako bonbardaketa, lotura zuzena baitu bere hil-bezperarekin (atxiloketa-fusilamendua): «[…] 1937ko apirilaren 29an [,atxilotu ninduten egunean,] guztiz suntsituta zegoen Gernika, baina Andra Mari eliza eta Juntetxea osorik geratu ziren. […] Zutik iraungo ote zuen Gernikako Arbolak?» (11). Sarraskiaren irudikapen historikoak nobelaren lehen zatiko hari narratibo nagusiaren eta Lauaxetaren kezka nagusiaren sostengu ere badira, Gerra Zibilaren amaierari buruzko galdera-gakoaren sostengu, alegia: «irabazi egin ete genduan azkenean guda?» (12). Hitz gutxitan esateko, Lauaxetaren hil aurreko (30eko hamarkada) eta berpiztu osteko (90eko hamarkada) bizitzak, hots, Euskal Herriaren bi errealitate historiko horiek alderatzeko zein elkarrizketan jartzeko zubi lana betetzen dute Gernikaren irudikapenek (13). «[Lauaxetak] gerra hura faxistek irabazi zutela ikasi behar izan zuen; […] Agirre […] erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakaria baino ezin izan zela 1937ko abuztutik aurrera; etsaien burua […] ohean hil zela 1975ean, Euskal Herria eta euskara ahal izan zuen bezain zapalduta utzirik eta ondorengotzaren inguruko kontuak ahal izan zuen bezain estu loturik. Horrekin guztiarekin batera, garaiko abertzaleen zatiketaz jabetu zen, eta ETAri buruz ere asko […] irakurri zuen» (31-32). Hasiera batean, Lauaxetaren eta Julenen garaia marra argiz bereizten dira eleberrian. Irakurketan aurrera egin ahala, ordea, marra lausotuz doa, Julenek «galtzailetza[ren]» diskurtsoa bereganatzen duelako. 36ko gerra, gerraostea, diktadurapeko garaia eta trantsizio gorabeheratsua aurkezten ditu euskal politikaren erradikalizazioaren (batik bat frankismo betean sortu zen ETArekiko loturan) eta 90eko hamarkadako gatazken aurrekari historiko eta soziopilitikotzat: «[…] Borroka galduetatik gatoz […] 60 urte […] gutxi gorabehera lehen zeundeten, lehen geunden lekuraino heltzeko» (143). «Zer uste duk egingo dutela guardia zibilek hik gerra aurreko euskal olerkaria haizela esaten badiek, gerra garaian euskarazko lehen egunkariaren bultzatzaile suharra eta Euzko Gudarosteko intendentzia komandantea, 1937ko ekainean faxistek fusilatua eta […] bat-batean […] berpiztua? […] Ez al dituk gogoan fusilatu hindutenak? Haien oinordekoak dituk hauek azken batean!» (100). Aitzitik, gerra galdu ondoren bizitako oinazearen narrazioa gailendu arren, esan gabe doa euskaldun guztiek ez zutela errepublikaren alde borrokatu eta euskaldun guztiak ez zirela eusko gudarostearen alde lerratu, eleberrian bertan ere jasotzen denez gero: «[…] inguruko baserritar batzuk Francoren aldekoen eskuetan hiltzen eta beste batzuk inguruko mendietan Euzkadi Francoren atzapar etsaietatik defenditzen […]» (137). Horrez gain, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoek bakearen alde dei egiteko bide ere ematen die pertsonaiei, gehienbat iragana ikertu duen Lauaxetari, Gernikaren iruditeriari lotuta baitoa ondorengo belaunaldiei transmititu nahi dien mezua: «[…] alkartuta joan behar dogu guztiok […] alkar maitez eta alkarri euskaraz berba eginez. Horixe da nik zuek ataka gaizto honetan ikusirik esaten deutsuedana […]» (61). Esan liteke Julenek jasotzen duela Lauaxetaren lekukoa, berretsiz «[…] gutxieneko errespetu bat izan behar zioagu[la] elkarri. […] Horretan egin diagu[la] huts, eta gero emaitza katastrofe bat duk, dena kaka zahar bat…» (95). Honenbestez, eleberri honetan, ETAtik aparteko bide berriak bilatzeko deiaz gain, iragan hurbileko prozesu historikoen errepaso kritikoa, sasoi ezberdinen arteko elkarrizketa eta, batez ere, abertzaletasunaren goraipamena (euskararen alde azken hatseraino aritzearen ideia) biltzen ditu Gernikaren iruditeriak.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). “Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadiri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Le roman de Gernika | Paul Haim | 1999

    Titulua Le roman de Gernika
    Egilea Paul Haim
    Lekua Éditions Albin Michel
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Paul Haim, 1921an jaio eta 2006an hil zen. Urte askotan arte-galerista eta arte-merkatari izan zen, 1943an Rio de Janeiron bere lehen galeria ireki zuenetik. Geroztik Amerikan, eta baita Japonian ere, hainbat erakusketa antolatu zituen arte moderno eta garaikidearen inguruan. Picassoren lanean aditua ere bazen.  Alabaina 1990 urtetik aurrera idazten hasi zen Biarritz alboan bizitzen jarri ondoren. Bere lehen eleberria izan zen Le roman de Gernika (1999). 

    Bertan Eugenia Echevarria izeneko gernikar protagonista eta narratzailearen ikuspegitik kontatzen dira 1937ko apirilaren 25ean hasi eta 1940eko maiatzaren 20 arteko gertakizun pertsonalak, eta baita euskal gizarte guztiari zein Europari eragiten dizkiotenak ere. Kronologikoki eta geografikoki narratzailearen ahotsa bi puntutatik entzuten da eleberrian: lehen bi ataletan argitzen da Eugenia Echeverriaren ahotsa eta ikuspuntua batzuetan Gernikako Bonbardaketaren bezperatik ondorengo ordu, egun, hilabete eta urteetako tartean Gernika eta Miarritzen kokatzen dela, eta beste batzuetan, aldiz, 1945 urtean, 5 urtez babesa hartuta bizi den Gernikako Santa Clara komentutik ari dela, bere “ni” traumatizatutik oroimen prozesu mingarrian murgilduta. 

    Fikzioaren ildo bat, beraz, 1937ko apirilaren 25ean hasten da: Eugenia 27 urteko ama bakar gaztea da, hurrengo egunean 7 urte beteko dituen Ortzi semea senarrik gabe hazi eta hezi duena. Herri xume eta errugabearen irudikapena da Eugenia, alaba eta ahizpa zintzo eta ama maitakorra. Eremu pribatuan protagonistak badu alaitasun eta itxaropenerako arrazoirik: osasuntsu hazten ari den semeak 7 urte beteko ditu zehazki apirilaren 26an eta urrun ibili den senargaia itzuli da. Kolektiboki, aldiz, Eugenia gerraren biktima da jada, gerran murgilduta eta itota baitago Gernika eta, beraz, denen egunerokoa. Narrazioak Bonbardaketaren aurreko 36 orduetan herrian azkar zabaltzen diren arrisku zantzuak, ezinegona eta etsaiarekiko beldurra azpimarratzen dira hasieratik, izan ere Durangoko bonbardaketaren oihartzuna indartsua baita. Gernikako bonbardaketa bera zehatz-mehatz, gordinki eta patetismoz deskribatzen da Eugeniaren ikuspuntu eta sufrimendutik. Izan ere, bonbardaketarekin dena nola galtzen duen irakur daiteke: 7 urteko semea, ama gaixoa, ahizpa bakarra, senargaia, etxea, labur esanda bizitza osoa. Eugenia da bizirik atera den bakarra familian, erruak eta traumak jazarriko du geroztik. Miarritzera ihes egingo du, eta bertatik Gernika eta inguruko egoera larriaren eta zehazki Zornotzan izandako oldarraldien berri izaten bada ere,  pixkanaka Eugeniak barruan sentitzen duen eromena baretu eta traumaren eragina lokartzen hasi eta bizitza berria hastea lortuko du, Picassoren Guernica margoaren kopia bat egunkarian ikusi eta trauma berpizten zaion arte. Miarritzetik Gernikara itzultzeko sena nagusitzen da Eugeniaren baitan, eta 1940ko maiatzaren 20ean Gernikara itzultzen da, bere hildakoen eta desagertutako paisaien eta lekuen bila. Bertan, aldiz, suntsipenaren ondorioak bere horretan ikusten ditu, Gerra Zibilaren garaileen boterea kaleetan, noraezean bere hildakoak ezin ditu berreskuratu, Gernika jada ezin du ezagutu eta bere osasuna ahultzen nabaritzen du. Beraz, noraezean eromenezko Europa horretatik ihesi, babesa bilatzen du bertako Santa Clara komentuan.

    Eleberriaren bigarren ildoak, hortaz, ezleku bihurtu den Gernikako komentu horretatik 1940eko maiatzean hasi 1945eko maiatza arte Eugeniaren traumak gidatutako oroimen lana islatzen du. Eugeniak traumaren ondorioak bi eremutan azpimarratzen ditu: gogoratze prozesuan eta bere osasun arazoetan. Oroimena isiltasunarekin eta minarekin lotuta agertzen dira. Oroitzen duen subjektuak memoriarekiko kontrol eza ere adierazten du, amesgaizto, delirio eta aluzinazioen forma hartzen baitute modu intrusiboan eta usain eta zaraten bidez etengabe bizitzen ditu bonbardaketa eta ondorengo momentuak. Bestetik, bonbardaketaren ondoren eta Guernica margoa ezagutzean hasitako gaitz psikosomatikoa areagotzen doa, zangoek gorputzari eusteko indarra galdu baitute, sinbolikoki traumaren ondorioz gorputzaren paralisia sortuz eta bizitzan aurrera jarraitzea ezinduz.

    Picassoren margoak presentzia indartsua du, beraz, eleberrian. Narrazioan zehar estrategikoki txertatuta agertzen dira Picassoren Guernica margoko elementu sinbolikoak, hasiera batean esplizituki margoari erreferentziarik egin gabe. Esate baterako, eleberriko lehen atalean zezena eta zezenketa agertzen da, eta Bonbardaketaren deskribapenean, erraz identifika daitezke margoaren hainbat elementu seme Ortziren herioa magalean, Txomin senargaiaren zerraldoan lurrean besoak zabalik dituelarik eta amaren herioan leihotik besoa aterata lanpara eskuan. Istorioaren fluxuan margoa bera azaltzen denean, Eugenia pertsonaiak Life aldizkarian Picassoren margoaren argazkia lehen aldiz ikusten duen momentutik aurrera aldiz Eugenia eta margoaren artean sortzen den lotura erdigunera pasako da. Eugeniak lehen momentuan bere herriaren izena daraman margoa irudi oker, formarik gabeko, plano, zatikatutzat hartzen du, ezin du bertan bere Gernikarik irudikatu, ez du Gernikako arbolarik ere bertan topatzen. Hala ere, laster barrena irauliko zaio emakumeari, eta bat batean margoa bere familiaren tragedia oso-osorik jasotzen duen testu gisa irakurtzen du. Ama, semea, senargaia, merkatuko abereak, eta hegazkinak identifikatzen ditu margoan, eta atzean utzi zuen Gernikara itzultzera bultzatzen du margoarekiko obsesioak.

    Eleberrian Haimek erabiltzen duen beste estrategia interesgarria daten erabilera sinbolikoa da. Istorioan Ortzi semearen urtebetetze eguna eta Bonbardaketaren eguna bateratuz, gertakizun pozgarria eta tragikoa parez pare jarriz, patetismoa indartzen du, 7 urte beteko dituen mutikoaren heriotza iragartzen baita hasieratik.  Bestalde, traumatik ihesi ibili den Eugenia, Picassoren margoak berpiztutako traumak bultzatuta, 1940eko maiatzaren 20ean Gernikara itzuli eta bertigoak eta eromenak jota utziko du, hain zuzen Auschwitz ireki zeneko egun berean. Honela, nazismoaren krudelkeria eta eromenaren gailurra sinbolizatzen duen Auschwitz eta Gernikako tragedia eta ankerkeria lotzen dira eleberriko pasarte honen bidez. Azkenik, Eugenia Santa Clara komentuan bere memoria prozesuan murgilduta dagoeneko orainaldia 1945eko maiatzean kokatzen da, hain zuzen ere Bigarren Gerrate Mundialaren amaieran Alemaniaren errendizioa gertatutako garaian.

    Narrazio estrategia azpimarragarriei dagokionez, narratzailearen erabilera da esanguratsua. Eleberriko istorioa nagusiki Eugeniaren ahotsetik lehen pertsonan kontatzen da. Aldiz, azpimarratzekoa da bi pasarte zehatzetan hirugarren pertsonan eskaintzen dela errelatoa. Bonbardaketa bera kontatzen duen atala eta eleberriaren amaieran protagonista hiru urte ondoren Gernikara itzuli eta azkenean Santa Claran babesa eskatzen duenekoa. Bietan ere Gernikako Bonbardaketan eragindako trauma gaindiezina kanpoko ikuspegi batetik islatzeko hautua egiten du egileak, nolabait sufrikarioaren biktimek traumaren ondorioz norbere hitzetan adierazi ezin duten horren adierazgarri. Aldiz, Gernikatik geografikoki aldendu gabe, komentuko ezlekutik traumari aurre egiten dion Eugenia subjektuak bere ahotsa berreskuratzen du, eta horrela ulertu behar da eleberriko azken esaldiak, lehen pertsonan, eleberriko hasierara itzultzen gaituela: “Je m’apelle Eugenia. Eugenia Echevarria”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Babelio. Paul Haim, https://www.babelio.com/auteur/Paul-Haim/255727 (2026/3/13)


    Crocoll, Natacha (2024). Un cuento de las mil y una versiones: Gernika en dos novelas contemporáneas. Çédille, revista de estudios franceses 25, p. 297-314, https://doi.org/10.25145/j.cedille.2024.25.12


    Haim, Paul (2001). La novela de Gernika. Itzul. Chelo de Bastida. Artola.


    Schreckenberg, Stefan (2020). “Miradas francesas sobre Gernika y Guernica», in Matei Chihaia & Ursula Hennigfeld (eds.), Guernica entre icono y mito. Productividad y presencia de memorias colectivas. Madrid / Fráncfort del Meno, Iberoamericana / Vervuert, p. 193-219.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Paul Haimen Le roman de Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gaztelaniara itzuli zen: La novela de Gernika. Trad. Chelo de Bastida. Donostia: Artola, 2001. Eleberrian oinarritutako irakurketa antzeztuak Hendaian eta Senperen 2026 urtean.

  • Gernika | Juan Ugalde | 1999

    Titulua Gernika
    Egilea Juan Ugalde
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Besterik
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Juan Ugalderen Gernika argazkia (1999). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun argazkia Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Ugalderen argazkiak, zuri-beltzean, Gernika herrira doan errepidea erakusten digu, lehen planoan identifikatzen duen kartelarekin. Konposizioa sakontasunean oinarritzen da: “Gernika” kartela da nagusi lehen planoan; haren alboan agertzen den errepideak, berriz, herrira garamatza, eraikinak eta landaredia ikusten diren tokira. Konposizio-egitura horrek igarotze-, sarrera- edo itzulera-sentsazioa sortzen du, eta oroimenerako bidaiaren metaforatzat edo zauri historiko baten aitortzatzat har daiteke. Zuri-beltzaren erabilerak ez digu argazkia atera zen garaia soilik gogorarazten, multzoaren tonu ilun eta dokumentala indartu ere egiten du. Ez dago ageriko giza presentziarik, bonbardaketak utzitako hutsunearen lekuko gisa; paisaiaren erdian “Gernika” dioen kartela tinko eta bakarti irudikatzeak erresistentzia, identitatea eta testigantza iradokitzen ditu. Alde horretatik, irudiak trauma historikoaren irudikapen isil baina indartsu gisa funtzionatzen du. Gainera, argazkiak elementu narratibo espliziturik ez duenez, irakurketa askotarikoak proposa ditzake aldi berean: dokumentu gisa ikus daiteke, obra artistiko gisa, edo, are, omenaldi gisa ere. Kasu guztietan, bonbardaketaren oroimena bizirik mantentzen laguntzen du, Gernika leku bat ez ezik, basakeriaren eta bake beharraren sinbolo unibertsala ere badela gogoratzen digun heinean.

    Artelanaren irudia kontsultatzeko ikusi Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa hemen.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Juan Ugalderen Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika – Zuzenean 2 | Mikel Laboa | 1999

    Titulua Gernika – Zuzenean 2
    Egilea Mikel Laboa
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Mikel Laboaren Gernika-Zuzenean 2 diskoa  1999an grabatu zen. Lan horretan biltzen dira 1999ko abuztuan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan, Victoria Eugenian izandako ikuskizun bateko abestiak. Zehazki, emankizuna osatu zuten bi zatietatik, lehen zatiko bortz abestik eta bigarreneko hiruk osatzen dute lana.

    1. “Elgeta” (3:24)

    2. “Txinaurria” (9:58)

    3. “Gure Hitza” (5:07)

    4. “Ezpata Dantza” (9:35)

    5. “Kiromantzidxa – Lekeitio 10” (9:59)

    6. “Gernika – Lekeitio 4” (10:46)

    7. “Txoria Txori” (4:00)

    8. “Baga-Biga-Higa – Lekeitio 2” (6:15)

    Marisol Bastidak azaltzen duenez (2014), Laboak berak hiru lan sinfoniko grabatu nahi zituen, espresuki Carlos Puigek orkestatuak. Emankizuna bi zatitan banatu zen: lehenik, Laboak diskoko lehen bortz abestiak interpretatu zituen lankide izan ohi zituen Iñaki Salvador (pianoa eta sintetizadoreak), Josetxo Silguero (saxofoia), Jexux Artze eta Pello de la Cruz (txalaparta), Joseba Tapia eta Iker Goenaga (trikitixa), Izaskun Ellakuriaga (errezitatzailea) eta Luis Caminorekin (perkusioa). Lehen zatiarekin akitzeko, Haika Mutil (Uribe, 1997) eta Suediako telebistarako dokumental (Etzler, 1977) baten zati bat  proiektatu ziren.

    Bigarren zatian, ordea, bertzelako kolaboratzaileekin aritu zen. Jose Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Laboak, Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak beren errepertorioan ohikoak ziren hainbat abesti interpretatu zituzten; ondotik, lehen bost abestiekin batera Gernika-Zuzenean 2 diskoa osatuko zuten hiru abesti eskaini zituzten: “Gernika-Lekeitio 4”, “Txoria-Txori” eta “Baga-Biga-Higa”. Azken hiruak Carlos Puigen orkestrarako bertsioan interpretatu zituzten; edozein gisatan, kasu honetan Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin aritu bazen ere, 1997an “Txoria-Txori” eta “Baga-Biga-Higa” Donostiako Orfeoiari eskainitako Omenaldi Kontzertuan gaurgero estreinatuak izanak ziren, Anoetan.

    Disko hau bera erabili zuen Julio Medemek La pelota vasca (La piel contra la piedra) (2008) dokumentalerako. Bastidak azaldua duenez (2014), Laboak Medemi diskoa eman zionean zuzendariak gustatu zitzaiola eta filmerako hagitz egokia zela adierazi zion.

    Disko honek baditu hainbat berezitasun. Batetik, “Gernika – Lekeitio 4” abestiaren sakontasun handiko bertsioa du; bertzetik, izenburuak berak abesti guztiak biltzen ditu osotasun baten baitan; gainera, Mikel Laboak bere ibilbidean zehar hagitz hurbileko izan zuen jendearekin batera jorraturiko lana da (Zumeta bera barne, zeinak diskoaren azala sortu baitzuen, bertze hainbatetan bezalaxe); berezia da, gisa berean, diskoa sortzeko testuingurua, jatorrizko emanaldian proiektatu ziren bi film-dokumentalek harreman zuzena baitute Gernikako bonbardaketa (1937.04.26) gune duen 4. “Lekeitioa”rekin, baita horren sorkuntza prozesu eta azterketarekin ere; azkenik, azpimarragarria iruditzen zaigu bertze proiektuetarako lagungarri izan zela, Medemen dokumentalerako, kasu.

    Hala, Mikel Laboaren Gernika-Zuzenean 2 diskoa erdiz erdi zeharkatzen du Mikel Laboaren ibilbidean gune izaniko bizipen pertsonal nahiz artistikoak: Gernikako bonbardaketa, “Gernika – Lekeitio 4” lan esperimentalean espresuki jorratu zuena eta aipagai dugun diskoan zuzeneko moldaketa sakon gisa eskaintzen dena.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Bastida, Mari Sol (2014). Memorias. Una biografía de Mikel Laboa. Elkar.

    Etzler, Ingryd (zuz.) (1977). Da gryr margonens timme. Dokumentala.

    Laboa, Mikel (1999). Gernika-Zuzenean 2. Elkar. Diskoa.

    Medem, Julio (zuz.) (2008). La pelota vasca (la piel contra la piedra). Dokumentala.

    Uribe, Imanol (zuz.) (1997). Haika Mutil. Dokumentala.

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Mikel Laboaren Gernika – Zuzenean 2ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Julio Medemen La pelota vasca dokumentalari buruzko fitxa kontsulta daiteke MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Juanito Arrieta eta Gernikako bonbardaketa | Juanito Arrieta | 1999

    Titulua Juanito Arrieta eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Juanito Arrieta
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Juanito Arrieta gudariak gogoan du Gernika bonbardatu zuten eguna, eta horretaz hitz egiten du Ahotsak-en Gernika bonbardatu zuten hegazkinei begira Aulestitik eta Aulestitik Bilbora bidaia; Gernikaren irudia bonbardaketa ostean izeneko bideoetan.  

    1937ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketan, komandanteak Bilbora joan behar zutela esan zion Juanito Arrietari. Aulestira joan behar izan ziren bidean aurrera egiteko, eta han zeudela hegazkinak pasatzen ikusten hasi ziren, Gernika bonbardatzen hasi baitziren arratsaldean. Joan-etorrian pasatzen ziren hegazkinak haien gainetik, eta babeslekuetan ezkutatu behar izan ziren, ezin baitzuten aurrera egin, haiek ere erasotuko zituztelakoan.  Hegazkinak nahiko txikiak zirela gogoratzen du, hau da, nahiko modernoak zirela; izan ere, alemanek teknologia berria erabili zuten erasorako.

    Gernika bonbardatzen amaitu zutenean pasa ziren Gernikatik, eta dena erretzen ikusi zuten. Juanitok dio liburuetan soilik imajina lezakeela halako irudirik. Gernika ebakuatzen ari ziren eta haren ezagun bat ikusi zuen zaurituta. Oso zaila izan zen Bilborako bidea egitea, kotxe-pilaketak ere zeudelako, denak Gernikatik ihesi. Azkenean lortu zuten Bilboraino iristea, zehazki, Carlton hotelera. Ordea, Aulestira atzera bide guztia egin behar izan zuten berriz: hondamendia berriro ikusi eta Aulestira iritsi zirenean, plaza gudariz gainezka topatu zuten, ihesi zihoazen-eta.   

    Juanito Arrietaren testigantza oso garrantzitsua da, gutxi baitira gudari gisa gerrako bizipenak, eta, zehazki, Gernikako bonbardaketa deskribatu dituztenak horrenbeste urte beranduago.  

    Bideoak esteka hauetan ikus daitezke: https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-030-031/ https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-030-032/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Juanito Arrieta eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Idi Bihotz | 1999

    Titulua “Gernika”
    Egilea Idi Bihotz
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Idi Bihotz, euskarazko heavy metal taldeak (1996-2010) sorturiko abestia da “Gernika”. 1999an kaleratu zuten Arimaerratu diskoaren parte da kantua, eta izenburutik bertatik Gernikako bonbardaketara edo/eta Picassoren koadrora begira jartzen gaitu.

    Diskoaren azalak zuzenean egiten dio erreferentzia aztergai dugun jazoera historikoari; Andoni Riosek sortutako irudian, atzeko oihalean, herri txikitu bat agertzen zaigu, bonbardaketa baten osteko txikizioa eta sarraskiaren hondarrak. Abestiaren izenburuak ere entzulea gertakari historiko zehatz horretara ainguratzen du, 1937ko apirilaren 26ko Gernikara, bonbardaketara, baina, baita bonbardaketa horren nazioarteko ikurra den Picassoren Guernicara ere. Testuinguru beliko hori areagotzeko, gainera, abestia sirena-hots batekin hasten da, gerraren hots unibertsalarekin, hain zuzen.

    Abestiaren letrak osatzen du esanahi eta iruditeria horren guztiaren zentzua. Euskal ahozko literatura tradizionalari dei egiten dion Bereterretxeren khantoria baladako “Haltzak ez dü bihotzik, ez gaztanberak ezürrik” ezagunarekin hasten da aztergai dugun abestia, hain zuzen ere, hitz horien berrinterpretazio batekin: “Bihotzak ez dau inoiz izan haltzak ez eta hazurrik be gaztanberak”. Hala, Bereterretxeren khantoria baladako hasierako hitz horiek ezeztatuz, sufrimenduz betetako jazoera bat iradokitzen du, eta, aldi berean, bihotzik ez hezurrik gabeko, hots, humanitaterik gabeko biktimario bat seinalatzen.

    Hurrengo estrofan 1937ko apirilaren 26ra garamatza, bonbardaketaren testuingurua, eszenatokia deskribatzen digun heinean: “Goiz batean iluna abaildu da airean da infernuko hauspoa sugarra ereinaz hondamena dakar”. Infernua, sugarra eta hondamena hitzak erabiltzen dira, suarekin, minarekin loturiko konnotazioak dituztenak, hain zuen, bonbardaketa deskribatzeko eta harekin paralelismoak eraikitzeko.

    Jarraian, gertaera historikoa Picassoren Guernica koadroarekin uztartzen du, eta, hala, baliabide piktorikoak, metonimikoki, bonbardaketa adierazteko hartu duen balio sinboliko eta nazioartekoa esplizitatzen da. Picassoren Guernica, izan ere, herri baten sufrimenduaren eta minaren ikur bihurtu dela azpimarratzen du: “Egun hirurogei urte geroago bizi lei margoa bitarteko Gernika dogu ikur gudaraz osteko herri baten sofrikario herri baten mina”. Ez da kasualitatea, estrofa horrek abestiari esleitzen dion esanahi sinboliko nahiz literala kontuan hartuta, abestiaren errepika izatea, leloa.

    Azken estrofan, bonbardaketara itzultzen bada ere, abertzaletasunaren ikurra dugun Gernikako arbolari egiten dio erreferentzia, hori ere, bonbardaketan suntsitu gabeko elementuetako bat izanik, Euskal kulturaren erresistentziaren eta eskubideen ikur bezala dakar: “Haritzak Euskal Herriaren bihotza bizirik iraun dau urtetan zehar hasi ta indar askatasun bila”.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2024). “Idi Bihotzen «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gerezi denbora | Inazio Mujika Iraola | 1999

    Titulua Gerezi denbora
    Egilea Inazio Mujika Iraola
    Lekua Irun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Benetako gertaera batetik abiatuz eta Gerra Zibileko gertaera historikoak uztartuz osatzen du kontakizun hau Inazio Mujika Iraolak. CNTk atxilotutako artzapezpiku bat askatzeko anarkista baten eta apaiz baten arteko elkarlana kontatzen du eleberriak.  Anarkista egindako apaizgai ohi bat da Andres, inguru berrian bere iragana ezkutatzen duena. Egun batean, ordea, bizitza hankaz gora jartzen dio Don Roman apaiz ezagunaren eskaerak: CNTk Donostian preso daukan Valladolideko artzapezpikua askatzen lagundu behar dio. Bere iragana ezkutuan mantenduz, bere kideak ere ustezko ekintza sekretu horretara gehitzen zaizkio, apaiza Durrutiren ondorengoa dela sinetsita. Karmen ere, protagonistaren bikotekidea, Donostiara doa beraiekin.  Zenbait tirabiraren ostean, artzapezpikua askatzea lortzen dute, eta kideak Donostiako istilu batzuetan murgiltzen dira. Beraz, Andres, Karmen, Don Roman eta Don Joakinek jarraitzen dute bidean. Ekintzak bata bestearen atzetik gertatzen dira istorio honetan. Amaieran, artzapezpikuari ihes egiteko azken urratsa betetzera doazenean, berriz ere bizitza hankaz gora jarriko dion berri bat jasotzen du Andresek: Don Roman harrapatu dute itsasontzian ihesean. Amaierako bi berriek iradokitzen digute istorioaren amaierak beste baten hasiera dakarrela.

    17. orrialdean, Andres eta gainontzeko CNTko kideak ea santujaleen kontrako irain handiena nork botako jolasten ari direla, Karmenek ur bedeinkatuaren ontzian pixa egingo duela esan ondoren Fructuosok dio hori ez dela nahikoa eta haritza botatzeko labana ez dela aski. Kontagaia kontuan hartuta, litekeena da mozten edota botatzen nekeza den haritz hori zuhaitz jakin bat izatea, Gernikako arbola, hain zuzen ere. Euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikaren parte den arbolaren bilakaera historikoari erreparatuz gero, garden bihurtzen da askotariko adierak har ditzakeela une historiko, testuinguru kultural eta adierazpidearen (kultur oroimena ahalbidetzen duten euskarrien) arabera. GDn, foruei lotutako sinboloaren esanahi tradizionalak (gutxienez Erdi Arotik letozkeenak) aldarazi zituen 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa baino lehenago, gerra hasierako testuinguruan, txertatuta ageri da Gernikako arbola; Andres protagonista (anarkista), ezkutuan, aspaldiko laguna duen don Romanekin (apaiza) batera, CNTk atxilotutako artzapezpikua askatzeko ekintza antolatzear dela. Boterearen forma oro borrokatzea desio duen, taldeko oldarkorrena den eta Andresen antagonista gisa deskribatzen den Fructuosok, norgehiagoka horretan Gernikako arbola botako lukeela iradokitzean, batetik, tradizio(ar)ekin puskatu nahia, eta bestetik, sinboloaren garrantzia, islatzen dituela uler liteke. Alegia, haritza erabiltzen duela garaiko tradizionalisten metafora gisa.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denborari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Agirre zaharraren kartzelaldi berriak | Koldo Izagirre | 1999

    Titulua Agirre zaharraren kartzelaldi berriak
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Agirretar Nikolak, ezizenez Metxak, kartzelatik ihes egiteko baino, barrura sartzeko egiten ditu zuloak, lurrazpiko pasabideak. Ekintza edo “ezintza” (28) horretan, kartzelaz kartzela «barruranzko ihesean» (92), askatasunaren bila dabil Metxa. Izan ere, bere burua preso ematea iruditzen zaio askatasuneranzko bide egokiena. «Nik ihes egin behar nuen zuen mundu ustel horretatik, eta pertsona garbien eta kontzientziadunen lagungiroa bilatu nuen. Alegia, gizatasunaren baloreak epaileek kondenatzen dituzten [pertsonen] artean baino ez direnez aurkitzen, mundutik presondegira egin nuen nik ihes» (218). Nobelaren muina gatibutzaren eta askatasunaren kontzeptu maiztuak edo azaleko esanahiak azpikoz gora jartzea da, askatasunaren esanahi sakona gardentzearekin batera, «nabarmenki zapaltzen gaituen botere[aren]» (141) gaineko gogoeta pizte aldera: «Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa…» (80).   Hamazazpi atalez osatua dago nobela, instantzia narratiboaren aldaketak markatzen duen epilogo antzerako (“Aittitteren laudorioz”) kapitulua barne. Narratzailea autodiegetikoa da oro har, Metxa bera mintzo baita lehen pertsonan eta oraineko aditz denboran; azken atala, ordea, homodiegetikoa den Martin Hurson preso lagunak idatzia da. Gerra Zibilean miliziano izandakoa eta kartzelatik pasatakoa ez ezik kontalari aparta den Nikola zaharrak gerra garaiko eta gerraondoko pasadizo ugari kontatzen dizkie kartzelaldi berrietan ezagututako presoei. Nahiz preso lagun batzuk aldioro pasadizoak aldaberritzen dituela leporatu, «Intxortako gudaria Dolomitetako partisanoa Mauthausengo sabotaiagilea Aldudeko mugalaria Aralarko makia Herrera de la Manchako satorra […]» (204) bide den Metxak ongi daki oroimenak izaera narratiboa duela eta kontakizun orori, norbere bizitzarenari barne, saihestezina zaiola asmazio neurria. Are, bere esanetan, «galdutakoak oraitu ezinda beti berriro asmatzen [dakiena] […] da kontalari ona» (239).  Agirretartasuna litzateke Nikola zaharraren nortasunaren eta unibertso literarioaren ardatz. Tasun hori, Koldo Izagirrek berak nobela honen aurrekari den Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak-en azaldu bezala, «[…] ez [du] sorlekuak ematen, baizik eta erorikoen minak» (7). «Behin eta berriroko erori behar historiko[ak]» (195, 201). Kritikaren arabera, agirretartasunak sorlekuak dakartzan tasunak ezeztatzen ditu, baina aldi berean, sorlekuaren ideia luke abiaburu. Ondorioz, agirretartasunaren kontzeptuak euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren diskurtso zenbait jarriko lituzke auzitan. Bide horretatik, nortasun zirikatzaile, paradoxiko eta ironikoa du Metxak. Narratzaile-pertsonaiaren jarrera ironikoak, hainbatetan txantxetan ala benetan ari den bereiztea zailtzen duenak, diskurtso sozialen izaera gatazkatsu eta paradoxikoa azalarazten du, hain zuzen. Kritikak azpimarratu bezala, Metxak anbiguo bihurtzen du edozein egoera eta edozein adierazpide (baita bere burua ere).  «Agirre zaharrak, preso bolondresa izanagatik presondegi guztiak apurtu nahi lituzke» (kontrazala). Gainerako presoekin ez ezik kartzelako funtzionario edo «boterearen morroiekin» (jaulier edo giltzatako, abokatu, zerbitzuburu, zuzendari…) (221) izandako eztabaida zirikatzaileetan nabarmendu bezala, «erreformismoa gainditzea» (49) du helburu: iraultza komunista. «Igitai baten marrazkia egin nahi izan dut baina ez zait ongi atera, Beñaten [bilobaren] laguntza behar nuke orain gure ikurrak egoki markatzeko» (173).  «Badakizu jendeak gorreria daukala gorrira» (228).

    Nolanahi ere, ez da batere ortodoxoa eta sinesten duen hori ere pentsamendu kritikoz etengabe errepasatzeko premia aldarrikatzen du: «[…] patioan bildu eta ziegara eramaten ditut hostoak […] [liburuetan] sartzen ditut, horitu arte. Hosto batzuek ez dute irauten ahal […] orrialdeari itsatsiak geratzen dira, ezin dute libratu irakurri dituzten letretarik, haiengana ahuspeztuak bezala bizi nahi dute […] liburuz liburu ibili behar du beti iraultzaileak, bestela orrialdeari edo liburuari atxikia gelditzen da[…] hosto horitu bat bezala[…]» (159, 169). Era berean, ohartzen da «batzuetan boterearen gaztelua ez d[el]a hain gotorra. […] jaulierra oroit liteke[elako] pertsona izan zela inoizko batean» (162).  Askatze prozesua edo ahalegina hizkuntzaren eta kode diskurtsiboen bidez ere irudikatzen du narratzaile-pertsonaiak. «[…] Izena duen guztiak dauka izana, baina izenik gabeko gauza mordoa dago munduan […] eta izenak ere aldatu egiten dira garai batetik bestera…» (145). Horrekin lotuta, artearen funtzio politikoaz ere hausnartzen du: «berba dugu agirretarrok, Beñat, armarik kiskalgarriena» (208). Hizkuntzaren mugak hausteko asmoa, ordea, diskurtso mailatik sintaxi mailara hedatzen da, Izagirrek, kartzela barruko hizkera sortu eta ijitoak omendu asmoz, erromintxeletik hartutako hitzak tartekatzen baititu. Baita hitz-jokoak eta hitz berriak proposatzen ere, esaterako, “ezintza” (28), “hagindu” (29), “irritzi” (53) eta “izugile” (72). Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketan eta kondenaren amaieran esanak dira, ziur asko, Agirre zaharraren ibileren azpitik uneoro bultzaka bezala dabilen ideia nagusia argien agerrarazten dutenak: «[…] Zer egin dut, nire kartzelaldi zahar eta berriotan, zuen tortura hilgarria pairatu besterik? Europan eta Afrikan dituzuen presondegi guztiak ezagutu ditut, ziega mota guztietan eduki nauzue, euskal presorik beteranoena naiz, eta hala ere ezin izan duzue […] espero zenuten ondorioa lortu. Gogorrean gauzkazue menderatuta, baina ez duzue sekula garaituko […] Zerbitzuburu jauna, ez dut nire askatasuna sinatuko. Nik sinatuko banu zuk eskaintzen didazun paper hori, zeuen krimena zurituko nuke» (227, 259).

    Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak sarri askotan aurki daitezke eleberri honetan. Agirre zaharrak, isolamendu ziegetan jasandako tortura irudikatzeko ez ezik, Gerra Zibileko bizipenak gogoratu eta testuinguratzeko nahiz prozesu historikoen bilakaera (batik bat frankismo betean sortu zen ETArekiko loturan) azaltzeko euskarritzat ere badarabil Gernikaren iruditeria.  Gertatzen ari dena kokatu/kontatu ezinak baldintzatzen duen bizipen hausgarria litzateke tortura, ulergaiztasunak eta deskribatzeko zailtasunak ezaugarritzen duena. Sormenezko ekintzak eskatu ohi dituen traumaren adierazgarritasun arazo horri, sutan eta ketan, txikituta ikusitako Gernikaren irudikapen historikoarekin erantzuten dio pertsonaia-narratzaileak. «Hauxe da tortura zuri ospetsua […] inoiz amatatuko ez den argi gogorra […] Baina […] nola erotuko du isiltasunak, urteetan gauero fusilamenduko deskargak entzun dituena? Nola eraginen dio burutik argiaren gordinak, Gernika sutan ikusitakoari? […]» (93-94, 100).  Bestalde, Gernikako sarraskiaren irudikapenek, Metxari oroimen gune eta gogoratzeko tresna zaizkion (eta diren) neurrian, preso lagunei bere oroitzapenak kontatu eta berrasmatzean ahotan hartu ohi dituen hiru denbora nagusiak (Gerra Zibila, gerraondoa eta diktadurapeko garaia) josteko aukera ematen diote. Horren erakusle lirateke segidako aipuak: «[…] Hogeita hamazazpiko apirilaren hogeita [seian] […] Gernika suntsitu ziguten, baina nik España hondoratu nuen handik lau egunera, horixe egin nuen nik… bonba bakarrarekin, ulertzen?» (146). «Matzakuko [itsas guda] hartan […] urak hartuta eta hala ere tinko, […] gure azken kanoikada jaurti genuenean, Gernikaren suntsimendua [genuen] bihotzean gorroto» (195).  Iragan hurbilaren kontakizuna josteaz haratago, jakina, Gernikaren iruditeriari esker argi eta garbi lerratzen da gerra galdutako gudarien aldean, eta ertz horretatik berreraikitzen du historia garaikidearen kontakizuna, botere faxistak bultzatutako ahanztura ofizialaren diskurtso hegemonikotik urrun.  Esandakoaz bat, zeharka bada ere, nabari litezke nobelan zehar Guernica koadroaren ekfrasiaren zantzuak, aipatu torturaren eta terrorearen errepresentazio arazoari bide emateko orduan. Mauthausen-Gausen kontzentrazio esparruan, alboan hil zitzaion Gregorio lagunaren heriotzak eragindako oinazearen deskribapenak, esaterako, Guernica-n ageri den errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetara garamatza: haurra eta ama. «Eskua eman nion, hunkiturik. Berea […] hila zegoen ordurako. Ez nion [ezer ere] esan ahal izan, ama hilaren odola usaintzen duen txahalaren marrua baino ez nukeen eginen» (164).  Dena den, Metxa zaharrak, kontakera manikeotik urrun, «garaileen aldean eroritako nekazari, jornalari eta mandazainei» ere egiten die aitortza (229-230).  Oroz gainetik baina, nobela honetan, euskal literatura garaikidean nola, Gernikaren iruditeriak nagusiki euskal politikaren erradikalizazioa pentsamendu kritikoz errepasatzeko helburu etikoari erantzuten diola uler daiteke. Izan ere, kartzelako funtzionarioak kondena amaitu duela eta dokumentu bat sinatu ostean kalera irteteko «libre» dela esaten dion unean, Agirre zaharrak azaltzen du gerra ez zela Gernikako bonbardaketarekin bukatu. Era batera edo bestera jarraitu egin zuela. Edo hori pentsatzen zutela behintzat 60ko urteen bukaeran armak hartzea erabaki zuten gazte askok: gerran zeudela Estatu espainolarekin. «-Atetik irten orduko zain dauzkat zuen zomorroiak… Bihar ezponda batean edo mahasti batean azalduko naiz tirokatua, edo Guadalquivir-en itoa, eta zuek esanen duzue libro irten nintzela hemendik, liskarren batean hil nautela […] [presoen] arteko kontu kitatze bat izan dela… […] -[…] horiek kontu zaharrak dira, gerrako kontuak dira, eta gerra aspaldi amaitua da […] -Ez, gerra hark gerra hau ekarri du, gerra berdinean gaude duela… duela zenbat urte, jaulier jauna?» (261).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). “Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Tríptico ‘Gernika’ | Sofia Gandarias | 1998-1999

    Titulua Tríptico ‘Gernika’
    Egilea Sofia Gandarias
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1998-1999
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Sofia Gandarias (1951-2016), Gernikan jaiotako margolari ospetsua da. Bere ibilbide artistikoan zehar Gernikako bonbardaketan oinarrituriko triptikoa sortu zuen 1998 eta 1999 urteen artean, egun Gernikako Bake Museoan ikusi daitekeena. Triptikoarekin batera bonbardaketaren krudelkeria irudikatzen duten bost zirriborro ageri dira.

    Triptikoaren lehen atalak Gernikako elizaren erlojua irudiatzen du, bonbardaketa gertatu zen unea xehetasunez irudikatuz. Erdiguneko margolanak hilobi bat irudikatzen du eta bertatik, laguntza eske ageri den eskua ateratzen da. Hondoan, urruntzen doazen alemaniar hegazkinak ageri dira, zerua gorriz tindatu ondoren Gernikatik alde egin zutenak. Azkenik, bizirik ez dagoen haur bat besoetan eusten duen pertsona bat ikusten da. Eszenaren dramatismoa areagotu egiten da konposizioa menderatzen duten tonu ilunen eta odola irudikatzen duen gorriaren arteko kontrastearen ondorioz. Bere ondoan, lurrean, gorriz erabat tindaturiko beste gizaki baten gorpua dago. Mihisearen eskuineko muturrerantz, hizketan dauden bi pertsonaia ageri dira, eszenari begira daudenak, besteen oinazearen lekuko urrun balira bezala. Oro har, lanak kritika indartsua egiten dio tragedia urrutitik ikusi zutenen pasibotasunari. Aldi berean, Gernikako bonbardaketaren kontakizuna humanizatzen du, diskurtso artistikoaren erdigunean biktimak, haien mina eta heriotza jartzen baititu.

    Zirriborroei dagokienez, hurrengo izenburuak jaso zituzten:

    1. Paloma ensangrentada. Y del cielo llovía sangre

    2. Cruz ensangrentada (con manos)

    3. Rendición de supervivientes (28/4/1937)

    4. Cruz ensangrentada con manos

    5. Viejas caras grises

    Zirriborro horiek aireko erasoak eragindako izugarrikeria eta mina nabarmentzeaz gain, gertakariaren beste alderdi batzuk ere jorratzen dituzte: bakearen galera, bizirik atera zirenen etsipena eta tragedia bizi izan zutenen aurpegietan ageri den memoria iraunkorra.

    Artelanak esteka honetan kontsulta daitezke: https://www.gandarias.es/series/obras/guernika/

    Informazio gehiagorako bideo hau kontsulta daiteke:

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Sofia Gandariasen Tríptico ‘Gernika’ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Informazio gehiagarria eskuratzeko esteka hauek kontsulta daitezke: https://elpais.com/diario/1999/04/27/paisvasco/925242023_850215.html https://fundacionyehudimenuhin.org/arte-escena-gernika-sofia-gandarias-sigue-itinerancia-italia-se-expondra-partir-del-2-junio-palazo-davalos-vasto/

  • “Adizu Aritz galdera batez” (1998 Basauri Lagun-artekoa) | Aritz Lopetegi, Jon Maia | 1998/10/09

    Titulua “Adizu Aritz galdera batez” (1998 Basauri Lagun-artekoa)
    Egilea Aritz Lopetegi, Jon Maia
    Lekua Basauri
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1998/10/09
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika hizpidera dakarten bat-bateko bertsoetako aipamen gehientsuenak txapelketetako ariketetan eta bertsolariei jarritako gaiek baldintzaturik egin izan badira ere, honako hau joera horretatik urruntzen dela esan daiteke (Ibarluzea, 2025); izan ere, libreko saio batean egindako aipamena da, zehazki, jai-giroko bertso-saio informal eta umoretsu batean. Gogoratu beharrekoa da libreko ariketetan bertsolariek ez dutela gai gidaririk izaten bertsoaldiaren haria marrazteko eta, hortaz, gisa horretako ekitaldietan entzuleei, inguruari, beren arteko zirtoei heltzeko joera handiagoa dagoela.

    Jon Maia eta Aritz Lopategik ondu zuten 1998ko urriaren 9ko ariketa, Basauriko jatetxe batean ospatutako bertso-afari batean. Gai jartzailea egon bazegoela dakar BDBk (Ainara Buino), baina Gernikari egindako erreferentzia, esan bezala, bertsolariak librean ari ziren une batekoa da. Zortziko nagusian aritu ziren Maia eta Lopategi, kontakizunezko Santa Barbara zure bizitza A doinuan (BDB).

    Badirudi kantatzen ari ziren jangelan jarritako Gernika koadroaren irudiak ez ezik, testuinguru sozio-politikoak ere eragin zuela aipamena, zehazki, Lizarra-Garaziko bake-prozesuak. Hain zuzen ere, horri tiraka dator Gernikaren aipamena bertsoaldian eta, Retolazaren (2009) irakurketa-sailkapenei jarraituz gero, irakurketa sozio-historikoa egiten dute bertsolariek. Picassoren koadroari erreferentzia eginagatik, koadroa bera ez da deskribatzen, haren esanahiari eta koadroaren kokalekuari egiten zaio erreferentzia. Halaber, kantuan ari ziren bi bertsolarietako bat gernikarra izateak ere baldintzatu zuen agerpena.

    Hain zuen ere, Jon Maiak Aritz Lopategi gernikarra xaxatzen du hasiera-hasieran, Gernikak bake-hiri legez protagonismoa galduko duela esanez: “orain Lizarra izan behar da lehenago Gernika zana” diotso lehen bertsoko azken puntuan. Bada, Lopategik Lizarrakoa begi onez ikusten duela erantzuten dio, eta bakea eta justizia batera etorriko balira gauza ona litzatekeela. Baina Maiak ez du amore ematen eta ekin egiten dio adar-jotzeari: gernikarra izanik kezka izango lukeela berak. Eta orduantxe dakar elementu piktorikoaren, hots, Picassoren koadroaren, erreferentzia, jatetxean jarririk dagoen irudia aitzakiatzat hartuta: “Lehenago horma osoa zen ta gaur kromo bat baino ez da” bukatzen du Maiak bertsoa. Lopategik irudiaren tamaina txikia kontrastean jartzen du haren esanahi handiarekin. Jarraian, Maiak berriz heltzen dio hasierako ideiari: Picassoren irudia Lizarrako dultzainak ordezkatuko ez ote duen dio. Lopategik soa Madrilera darama orduan, hango danbor-hotsak aipatuta, eta demokraziaren funtsa oraintxe ikusiko dela esanez. Elementu piktorikoak eta historikoak bat egiten dute, orduan, Maiaren hurrengo aipamenean, lotura egiten duelako bertso-kideak Madrili egindako aipamenarekin: “bonbak Gernikan utzi zituzten, eta koadroa Madrilen” bota zuen Maiak. Lehen pertsonan kantatzen du hurrengo bertsoa Lopategik: “bonbaketa bat sufritu gendun” hasten du, iraganeko bonbardaketak beren belaunaldiari egindako itzala agerian jarririk. Ondoren, gogoeta egiten du, une horretan etorkizunean zer izan nahi duten erabaki beharko dutela eta “hori izan leike Madrilen kontra geure bonba haundiena” esanez bukatzen du.

    Saioaren izaera berrartzen dute bertsolariek azken bi bertsoetan, jai-giroko bertso-saio batean daudela (“hau ez da mitin elektorala, hau bertso-afaria da”), gai serioetan sartu direla, eta beharbada gaia aldatu beharko dutela. Hala, Lopategik publikoan dauden AEK-ko ikasleei erreferentzia egin eta haiei kantatu beharko zaiela esanez bukatzen du libreko saioaren baitako atal hau: “AEK-ko ikasleren batzuk ere ba omen daude hemen; / urratsez urrats joango gara ia noraino heltzen garen”.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Maia, J. & Lopategi, A. (1998) “Adizu Aritz galdera batez”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/f8v28 [azken kontsulta: 2025/01/02]
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Jon Maia eta Aritz Lopetegiren «Adizu Aritz galdera batez»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Bertsotan Guernica koadroari erreferentzia egiten dioten beste bi bertsoaldi: - 2013-11-09 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Aupa Gernika zer moduz, kaixo! - 2007-04-28 Itsasu Jaialdia [Bertsoa]: Sarraskiaren sinonimoa da Gernikaren izena

  • Los amantes del círculo polar | Julio Medem | 1998

    Titulua Los amantes del círculo polar
    Egilea Julio Medem
    Lekua Canal+
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 1998
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Los amantes del círculo polar 112 minutuko iraupena duen fikziozko filma da, eta argumentu nagusia 1997ko Madrilen girotutako maitasunezko istorio dramatiko batean datza. Protagonistak, Otto (Fele Martinez) eta Ana (Najwa Nimri), eskolan zeudela ezagutzen dute elkar, eta haien bizitzan zehar kasualitatezko egoerak errepikatuko dira behin eta berriz: Ottoren aitak eta Anaren amak harreman erromantiko bat mantenduko dute protagonistak nerabe diren arte, gertaera honek, beraz, haurrak anai-arrebaordeak bilakatzen dituzte. Otto eta Ana, hala ere, elkarrekin maitemintzen dira eta “ezinezko” maitasun istorioa gailentzen da kontakizun osoan zehar. Ottok hainbat esperientzia traumatiko bizi ostean, Ana nahiz familiarengandik aldentzen da, baina kasualitateak kasualitate, Ana Otto hegazkin pilotua dela jabetzen da eta haren bila ekiten du. Zirkularitateak berebiziko garrantzia hartzen du filmean: izen zirkularrak, istorio zirkularrak, bizitza-zirkulua, eta toki zirkularrak (eguzkia egun oso batean zehar ezkutatzen ez den tokia) balio sinboliko handia hartzen dute. Hasteko, Otto eta Ana izenak ezkerretik eskuinera nahiz eskuinetik ezkerrera irakurtzeko aukera behin eta berriz azpimarratzen da kontakizunean zehar eta palindromoei balio sinboliko berezia ematen zaie. Istorio zirkularra eta bizitza-zirkularra biziki lotuta daude, filma hasi bezala amaitzen baita, kontakizun borobila izanik hau, beraz. Azkenik, toki zirkularra aipatzen da Artikoko zirkulu polarrean amaitzen delako filma (Rovaniemin), egun oso batean eguzkia ezkutatzen ez den egun batean zehazki.

    Gernikaren lehen aipamena 24:06. minutuan agertzen da protagonistak etxeko telebistan Gernikako bonbardaketaz hitz egiten duen dokumental bat ikusten ari direla. Hegazkinetatik jaurtitzen diren bonben txuri-beltzezko irudiekin hasten da eszena: “Las operaciones del bombardeo sobre la villa de Gernika se iniciaron a primera hora de la tarde del 26 de abril de 1937…” entzuten zaio esatariari. Orduan, Otto gazteak bere izenaren jatorria kontatzen du, eta beste plano batean haren aitona agertzen da 60 urte atzera: Ottoren aitona Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen, eta bonbardaketa hasi zenean, baso batera ihes egin zuen babes bila. Basoan, zuhaitz batean zintzilik ezin mugitu zegoen pilotu alemaniar batekin topo egin zuen, hegazkinetik salto egin behar izan baitzuen hegazkina estropeatu zitzaiolako. Aitonak alemaniarra zuhaitzetik jaisten lagundu zuen eta alemaniarra libratu ostean, zigarro bat elkarrekin erre bitartean, alemaniarrak Otto izena zuela esan zion. Otto protagonista gaztearen ama alemaniarra da, eta aitonak esaten omen zuen pilotu alemaniar haren oparia izan zela bere alaba, bizitza salbatzearen truke eman ziona. Horren emaitza da beraz, Otto protagonistaren izena.

    49:14. mintuan bigarren aldiz aipatzen da Gernika:

    “A lo largo de la jornada de hoy ha tendio lugar en Gernika la ceremonia de petición de perdón por parte de una representación del gobierno alemán de las autoridades vascas. En el transcurso de la ceremonia presidida por el alcalde de la villa vizcaína, el embajador alemán en españa se ha dirigido a los asistentes asumiendo por primera vez la responsabilidad del bombardeo de Gernika por aviones de Luftwaffe que causó la muerte de 2000 civiles durante la guerra civil española”.

    Ottoren amaordeak, hau da, Anaren amak, ematen du berria telebistan, albistegiko kazetari gisa. Gobernu alemaniarrak, izan ere, 1997an eskatu zuen barkamena lehen aldiz bonbardaketa gertatu zenez geroztik, hau da, 60 urte beranduago. Alemaniarrek “adiskidetzeaz” eta “bakeak egiteaz” hitz egin bazuten ere, Gernikako bonbardaketaren 60. urteurrenean izan zen barkamena eskatu zuten lehen aldia, horretarako, Wegener enbaxadoreak Alemaniako Errepublikako presidenteak, Roman Herzogek, idatzitako mezua irakurri zuen Gernikan ospatu zen ekitaldian. Garrantzi handiko gertaera izan zen Gernikak Espainiako gobernuari antzeko urratsa egin zezan eskatzeko argumentu handiagoak zituelako, presio handiagoa ezarriz agintariei. Filmak, beraz, Gernikako bonbardaketak 60 urte beranduago oraindik espainiar estatuan eragiten zuen gatazka eta erreparazio faltaren erretratua egiten du.

    Filmaren amaieran (1:13:45), azkenik, berriro aipatzen da bonbardaketa: Anak Finlandian Ottoren aitonak salbatutako alemaniarra ezagutzen du, eta hark bere istorioa kontatzen dio. Otto alemaniarra bonbardatu berri zegoen baserri batera iritsi zen eta bertan gizon zauritu bat aurkitu zuen, bere alabak besarkatzen zuen bitartean. Alabak pilotua ikusi zuenean korrika alde egin zuen, baina Ottok bere atzetik jarraitu zuen: elkar ezagutu eta gerrarik gabeko herrialde batera joan ziren elkarrekin bizitzera, Finlandiara, hain zuzen ere.

    Pelikularen argumentu nagusia, beraz, Gernikako bonbardaketan gertaturikoaren inguruan eraikita dago: Gernikako eszenetan, tarteka, 1997ko Otto eta Ana gazteen aurpegiak erabiltzen dira 1937an elkar ezagutu zuten gizon eta emakumea irudikatzeko; hau da, 1937ko maitasun istorioa 1997an errepikatu egiten dela iradokitzen da, aurretik aipatutako bizitza-zikloa eta istorio zirkularrak agerian utziz. Gainera, 1997ko Otto hegazkin pilotu egiten da aitonak kontatutako istorioaren eraginez, beraz, haren bizitza ezinbestean markatzen du Otto izeneko alemaniar pilotuak, izena ez ezik, lanbide eta bizimodu mota bat ere eman zizkiolako.

    Ondorioz, filmak Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa egiten du, gertaera 60 urte aurreragoko egoerekin ere lotuz: fikziozko kontakizun dramatiko baten oinarri da bonbardaketa, baina erreparazioaz, barkamenaz, eta bakea egiteaz hitz egiteko aukera ere ematen du.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Julio Medemen Los amantes del círculo polari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Urregilearen orduak | Pako Aristi | 1998

    Titulua Urregilearen orduak
    Egilea Pako Aristi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1998
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Aristik narrazio-hari eta kontakizun ugari eskaintzen ditu eleberri bakar batean; herriaren eta hiriaren arteko desberdintasunean oinarriturik, tradizioaz eta modernitateaz hausnartzeko aukera ematen du, errealitatea ikusteko hainbat modu erakutsiz narratzaile eta ikuspuntu ezberdinen bitartez. Plano nagusia Fermin tabernariaren eta Luisa motoristaren arteko harremanean oinarritzen da, elkar ezagutzen duten unetik aurrera batak besteari gertatutakoak eta entzundakoak kontatzen dituztela. Ferminek egunean zehar herriko tabernan lan egiten duen bitartean, Luisak pub gautar batean zerbitzatzen du eta bien arteko dikotomia hau eleberrian zehar behin eta berriz errepikatuko da herria eta hiria, eguna eta gaua… elkarri kontrajarriz. Are gehiago, eleberrian zehar etengabe aurkitzen dugu «Birena da munduaren sorrera:…» moduan hasten den esaldia, zuzenean bi osagai kontrajartzen dituena. Baliabide honen bitartez Aristik baieztatu egiten du dikotomia bat irudikatu nahi duela haren narrazioaren bitartez: tabernako errealitatearen eta bertako bezeroek kontatzen dituzten istorioen artean bi mundu ezberdin daude. Ildo narratibo desberdinen artean, 36ko gerra, 80ko gazte abertzaleen arteko desadostasunak, ETA, desintoxikazioa, GIBa, homosexualitatea, memoria… tartekatzen dira gai nagusi gisa, ezagutzen dugun mundua begirada desberdinen bidez islatuz.   Badu zer esan izenburuak, eleberriaren amaieran zera esaten baitu Luisak:  «urrea kontakizunen osagai funtsezkoa izan bada mendeetan zehar, gaur egun, munduak ezagutu dituen aldaketekin buelta eman duela urrearen sinbologia osoak: gu mutu geratzeko asmatu dituzten zera guztien aurrean, informazioa eta jakin behar guztia gune boteretsuetatik dena eginda ematen zaigunean, guk irents dezagun, hitz egitea da gelditzen zaigun aberastasun bakarra, gauzak eztabaidatzea, auzitan jartzea, kritikatzea, eta, batez ere, istorioak kontatzea. Istorioak ondo kontatzen jakitea, berdin dio hitzez edo idatziz, hori da gure urrea, eta hori egiten dakiena aberatsa da. Hori da eskimalen urrea.» (358. orrialdea). Aristik eleberrian zehar kontatzen duen istorio andanaren muina bertan aurki dezakegu, zuzenean Luisak protagonistak egiten duena defendatzen baitu: istorioak kontatzea zilegiztatzen du, Ferminen tabernan kontatutakoak duten garrantzia nabarmentzen du. Era berean, Aristik berak eleberria idazteko justifikatzeko modu bat aurkitzen du Luisaren hitzetan.  Izenburuaren arrazoia ere, bertatik atera dezakegu, urrearen sinbologiaz baliatzen baita mundua ezagutu eta azaltzeko.

    36ko gerrako kontakizunei dagokionez, aipagarriena Lizarriturri zaharrak Gernikako bonbardaketan bizitakoak dira, hark bertan lekuko zuzen gisa bizitakoa kontatzen baitu telebistan “Gernika” hitza entzun ostean. Telebistan “Gernika” aipatzen den unean, narratzaileak Picassoren koadroa (ekfrasi bidez) bonbardaketa (errepresentazio historikoa eginez), eta astelehenetako azoka dakartza gogora; azken aipamen honek, azokak alegia, biktima errugabeen aurkako erasoa izan zela azpimarratzea izan dezake helburu, gizateria zibila, oro har, beldurtzeko asmoz. Kontuan hartu behar da, bestalde, kontaketa Lizarriturriren maitasun istorio eta bonbardaketako bizipenetara mugatzen dela, hau da, haren esperientzia pertsonala ezagutarazten du narratzaileak, eta Lizarriturrik bizitako horretatik kanpo, ez da Gernikan egun hartan gertatutakoaz bestelako xehetasun edo daturik ematen  «Gernika igualekoxea zuan guretzat: ihesi zetorren jendearen bilgune eta pasalekua; Bilborantzako joan-etorrien nobedadea…» (46. orrialdea). Lizarriturri Polixene maitearen etxean zegoela harrapatu zuen bonbardaketak  «Eta han, leihoa kale aldera zeukan Polixeneren lehen solairuko gela hartan, nire bizitzan lehenengo aldiz maitasunaren eztiak eta aparrak gozatzen ari nintzela, sentitu nian laurak aldera erortzen hasi ziren bonba haien burrundara» (48. orrialdea). Lizarriturri behin eta berriz kexu da haren belauneko minaz, eta arrazoia Polixeneren leihotik behera bonbardaketaren gau hartan egindako saltoan datza. Belauneko mina dela eta, zera esaten du:  «Baina zer uste duk akordatu zaidala bizitza guztian belauneko mina sentitzen nuen bakoitzean, gerraren garratza ala amodioaren gozoa?» (48.orrialdea). Hala ere, Lizarriturriren lagun Eladiok Lizarriturriren istorioa gezurtatzen du, belauneko mina bonbardaketatik ihesi etxe bat suaren eraginez behera zetorrela salto egiteak eragin zuela kontatuz. Bi istorio ezberdin badira ere, Gernikako bonbardaketak momentuan eragindako desfase eta anabasa irudikatzen ditu modu batean edo bestean, baita gerora utziko zituen trauma eta oroitzapenak ere, memorian nahastuta sartzen direnak.   Gernikako bonbardaketa hizpide duen istorio nagusiaz gain, eleberrian zehar gehiagotan agertzen zaigu Gernika. 60. orrialdean, Eladiok “gure gerra” eta “besteena” aipatzen dituenean, zera dio: «Nik ez zekiat ba zer-nolako hitzarmena egingo zuten gobernu batak bestearekin, edo Gernikakoaren ordainsaritzat emanak izan ziren, baina alemaniarrek eraman zitiztean denak».   Amaieran ere, gerra atzean utzita, Gernika agertzen zaigu beste behin, hiru etakide Gernikako pisu batean harrapatu dituztela esaten denean. Litekeena da egileak nahita, euskal gizartearen oroimen gune nagusi gisa duen balio erantsiarekin, hautatu izana Gernika ekintza horretarako. Izan ere, aurrekarien esanetan (Olaziregi eta Otaegi, 2011), Gernika islatzen duen 90eko hamarkadatik aurrerako euskal literaturak euskal politikaren erradikalizazioa (bereziki, ETAren sortze testuinguruarekiko loturan) berrikusteko helburu etikoari erantzuten dio oro har.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Pako Aristiren Urregilearen orduaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gaztelaniazko itzulpena egin zuen Jose Luis Padronek eta "Las buenas palabras" izenburua du.

  • Bizitza izbide | Inozentzio Olea | 1997

    Titulua Bizitza izbide
    Egilea Inozentzio Olea
    Lekua Oiartzun
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Kronika
    Urtea 1997
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Inozentzio Olea gipuzkoarra (Zerain, 1921 – Legazpi, 2010), bertso-jartzaile eta idazle gisa da ezagun euskal letretan (Auñamendi; Literaturaren Zubitegia). Olerti aldizkarian, Zeruko Argia eta Goiz-Argi astekarietan, eta Donostiako La Voz de España eta Diario Vasco egunkarietarako idatzi zituen bai bertsoak, bai herri-kazetaritza gisa sailka daitezkeen testuak (Antonio Zavala, in Olea,1997), iritzi-artikulutik zein narraziotik dutenak (Auñamendi). Halaber, irrati-kronikak egin zituen. Olea Euskarazaintza taldeko kide izan zen, eta bere testuak gipuzkeraz emanak dira.

    Urte luzez Antonio Zavalak sustatu eta zuzendutako Auspoa bilduman jasotzen dira haren bertso eta kazetaritza-testuetako batzuk. Bertso jarriak bi bildumatan eman zituen: Goierriko lorak (1970) eta Otemotxeko arnasa (1984). Kazetaritza-testuei dagokienez, Bizitza izbide izeneko liburuan jasotzen dira El Diario Vasco egunkarirako 20 urtez (1986-1996) idatzitako testuetako batzuk, eta 2002an kaleratutako Ostiraleko kronika Segura irratian I (1988-1992) eta Ostiraleko kronika Segura irratian II (1993-1997) liburuetan, bestalde, Radio Segura irratirako egindako asteroko kronikak.

    Bizitza izbide bildumako “Egun bat” izeneko testuan (Olea, 1997: 131-132) Legazpiko elkarte bateko bazkideen urteko bilera baten harira, elkartearen beraren historiako zenbait gako ematen ditu Oleak. Halaber, handik aterata herrian dantzari txikien eguna dela aipatzen du, eta bertan ikusten dituen haurrak euskaldun agertzen direla “janzkeraz eta izkeraz” (1997: 132), eta “euskal espirituaren eutsgarriak” (idem) direla. Bada, idazten ari zen eguna Gernikako bonbardaketaren urteurrena zela konturaturik, honako hau dakar testuak:

    Apirillaren 26-garren egunean ari naiz lantxo au idazten. Gure erriaren itxaropen diran aurtxo auek ikusi, edo gaur 50 urte bata bestearen ondoren eten gabe Gernika bonbardeatzera egazkiñak nola zijoatzen ikusi, badago alde ederra. Bein ikusteko geiegi zan, eta berriz ez al du alakorik iñork ikusiko. Egazkiñ aiek bialdu zizkigutenak etzuten asko pentsatuko, ordutik 50 urtera, andik onuntza etorritakoen aurrak poxpolin jantzita euskeraz mintzatzen ikusiko ziranik. (Olea, 1997: 132).

    Bonbardaketaren egileak “gu abertzale” baten aurkako biktimario gisa identifikatzen ditu Oleak, eta  Cuetok egiten duen Gernikaren sinbolizazioen zerrendan jasotzen direnen artean, Olearena bat dator, inondik ere, Gernikako bonbardaketa euskal abertzaletasunaren eta euskal identitatearen aurkako atentatu gisa irudikatzearekin (Cueto, 2017).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Auñamendi (d. g.). “Olea Ariztimuño, Inozentzio”. Auñamendi Eusko Entziklopedia: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/olea-ariztimuno-inozentzio/ar-101925/

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla: evento, memoria y patrimonio. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Literaturaren Zubitegia (d.g.). “Inozentzio Olea”. Literaturaren zubitegia: https://zubitegia.armiarma.eus/?i=112

    Olea, Inozentzio. (1997). Bizitza izbide. Sendoa. Online eskuragarri: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/23986.pdf

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2025). “Inozentzio Olearen Bizitza izbideri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Unai Iturriaga | 1997

    Titulua “Gernika”
    Egilea Unai Iturriaga
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1997
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Unai Iturriagaraen Isladak (1997, Zubia) liburu berezia da, egiturari dagokionez. Ezkerraldeko orrialdeetan egileak estimutan dituen hainbat idazleren (Atxaga, Pessoa, Kavafis, Lete…) poemak biltzen dira, eta eskuineko orrialdeetan, aldiz, ezkerreko testutik eratorririko Iturriagaren sorkuntza-testu berri bat eskaintzen da. Bestalde, liburuan Iñigo Ordogoiztiren ilustrazioak txertatzen dira.

    Horrela, “Gernika” izeneko ataleko ezkerreko aldean, Alfontso Irigoienen Hi ta ni garade zu, to eza date no (1989) poemategiko Gernika poema biltzen da: “Huri bat dago Bizkaian, / zauri bat dauka sustraian, / metrailaz bere matrailan, / egina suzko garaian” (Iturriaga, 1997: 72).

    Eskuineko aldean, ordea, Iturriagak asmaturiko kontakizuna dator. 1953. urtearen bueltan, Bretainiako familia batean erbesteraturiko gazteak Picassoren Guernica ikusiko du Parisen erakusketa batean: “Kazetari, argazkilari, eta ikusle txundituen artetik tokia egin eta neurri haundiko koadro bat bistaratu ahal izan zuen: Guernica. Koadro grisa zen, kolorgea. Pablo Picasso izeneko batena” (Iturriaga, 1997: 73).

    Mutikoak tentuz erreparatuko dio koadroari baina, bereziki, behin eta berriro begiratzen dio margolanean oihuka ari den emakumeari. Hori horrela, kazetariak aldentzean gaztea Picassorena hurbilduko da eta galdetzen dio ea Gernikan izan zen bonbardaketa izan zenean. Picassok ezetz erantzutean, alta, “orduan nola irudikatu duzu nire ama?” arrapostu egiten dio gazteak, aditzera emanez margolaneko emakumea bere ama zela eta, beraz, emakumeak besoetan datzan umea bera dela, bonbardaketa gertatu eta hamasei urtera.

    Kontakizun alegoriko honen bidez, Iturriagak fikziozko izaera bat esleitzen dio Picassoren Guernicako umeari eta, era berean, koadroko irudien atzean leudekeen istorio latzak errepresentatzea ere ahalbidetzen du.  

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Unai Iturriagaren «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gregorio Lizarralde, Alejo Ugarte eta Gernikako bonbardaketa | Alejo Ugarte, Gregorio Lizarralde | 1997

    Titulua Gregorio Lizarralde, Alejo Ugarte eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Alejo Ugarte, Gregorio Lizarralde
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 1997
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Gregorio Lizarralde eta Alejo Ugarte komando kideak Gernikako bonbardaketa dute mintzagai Ahotsak-en Okela erre usaina Gernikan izeneko bideoan.  

    Gregorio Lizarralde eta Alejo Ugarte Elorrion geratu ziren Intxorta eta Elgetako fronteak erori zirenean. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenean hor inguruan zebiltzan eta iluntzean, Gernikara sartu ziren. Gernika sutan ikusi zuten biek eta, iluntzean, herrian sartu zirenean, gogoan dute bertako okela errearen usaina. Amorebieta aldean, “Pinar de la Muerte” izeneko borrokan atzera egiteko agindua jaso zuten, ez baitzuten ezer egiteko.

    Interesgarria da soldaduen ikuspegitik Gernikako bonbardaketa nolakoa izan zen ezagutzea, herria galdutzat eman baitzuten nazionalen eraso izugarriaren ondoren, eta bertatik alde egitea beste erremediorik ez zuten izan. 

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/onati/pasarteak/ona-021-003/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Gregorio Lizarralde, Alejo Ugarte eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Zeru aldera begitu eta | Oihane Enbeita | 1997/04/26

    Titulua Zeru aldera begitu eta
    Egilea Oihane Enbeita
    Lekua Abadiño
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1997/04/26
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Oihane Enbeitak 1997an Abadiñon bat-batean kantatutako hiru bertso k, Aitor Ormetxeak jarritako gaiari erantzuten diotenak: “Gaur arratsaldeko lau eta erdietan hirurogei urte bete dira hogei hegazkin alemaniarrek, Francoren esanetara, Gernika borbardatu zutela” (BDB Bertsolaritzaren datu-basea). BDB datu basean jasota dauden Enbeitaren (1997) bertsook ulertzeko behar beharrezko datua ematen digu gai-jartzaileak; izan ere, bonbardaketaren hirurogeigarren urteurrena da bertsotarako gai nagusia, eta entzuleari ere ezaguna izango zaio. Garrantzitsua da datu hori kontuan izatea bertsoak aztertzerako orduan. Gainera, BDBko audioa tentuz entzuten badugu, gai-jartzaileak hala esaten dio bertsolariari: “zuretzako gorde dut gaia”. Gernikarra da Enbeita, eta, noski, horregatik eman diote gaia.

    Hiru bertsoak osatzeko erabakitako doinua, Herri txikien negu gordina izenekoa, kontakizunezkoa da BDBren arabera, gai horretarako aproposa, beraz. Hiru bertso hauetarako erabakitako neurria zortziko handia da: zortzi bertso-lerroz osatuta daude bertso guztiak eta bertso-lerro bakoitiek hamar silaba izango dituzte, baina bertso-lerro bikoitiek, errima eramateaz gain, zortzi, hau da, bi silaba gutxiago. Enbeitak kontatzen duena labur adieraziz, bonbei erreferentzia eginez hasten da kantuan. Hirurogei urte lehenago eroritako bonbei buruz ari da lehenaldian, baina gaur egungoei ere keinu egiten die orainaldian. Bigarren bertsoan Gernikako arbola aipatzearekin batera, Gernikaren sinbolizazioa eta turistifikazioa kritikatzen ditu, kritikatu egiten du sinbolizazioa, bonbardaketa gauza erreal bat izan zela nabarmenduz

    Bertsolariak aipatzen duen beste puntu garrantzitsu bat turismoa da: Han Gernikako arbola  dago, / zutik daukagu ondino; / turistak ere joaten dira, / niretzako hainbat laino. (9-12. bertso-lerroak). Ibarluzearen (2025) deskribapenarekin bat etorriz, bonbardaketaren irakurketa historiko-soziala proposatzen digu Enbeitak. Bertsolariarentzat, berriro ere Ibarluzearekin (2025) bat etorriz, zuhaitzaren sinboloa erabiltzen du turistek bisitatzen duten herriko sinbolo bat aipatzeko. “Gertakizun historikoaren memoria erreklamatzen du bertsolariak” (Ibarluzea 2025), baina gaur egun, turistek zuhaitzak berak daukan sinbologia karga kontuan izan gabe bisitatzen dute lekua: Pasatu zela sinbolikoa / badute hainbat enpeño! (13-14. bertso-lerroak).

    Familiako transmisioaren garrantzia dakar Enbeitaren bertsoaldi honek. Hirsch ikerlariaren The Generation of Postmemory (2008) lana ekar dezake gogora honek. Etxean entzun eta ikusitakoekin eraikitako memoriak ere badu garrantzia, Enbeitaren aitona-amonak bonbardaketatik bizirik irten ziren (Ibarluzea 2025) eta, noski, euren ahotsetik jasoko zuen berak informazioa, baina hainbat iturritatik edandakoaren arabera eraiki du bere postmemoria: “Postmemoriaren bidez trauma kultural edo kolektibo baten lekuko izan zen belaunaldiaren ondorengo belaunaldiak ordura arte izandako esperientziekin duen erlazioa deskribatzen da”(Hirsch 2008 :106).

    Hiru bertsoak beren osotasunean entzuten baditugu, diskurtsoan ere badago aldaketa. Honela amaitzen du lehenengo bertsoa: oraindik bonbak jausten baitira / baina disimulaturik (7-8. bertso-lerroak). Gaur egungo egoera askoz hobea ez dela esan nahi digu, hau da, Gernika ez dela guztiz lehenaldiko zerbait. Hala ere, amaiera positiboagoarekin borobiltzen du bertsoaldia Enbeitak: irrintzi baten bibrazioan / zutitu baitzen Gernika (azken bertsoko azken puntua). Entzuleen artean hain ezaguna den irrintzia aipatzen du, etorkizunera begirako mezu positibo bat transmititzeko helburuarekin.

    BDB bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/fbo7c

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]

    Enbeita, O. (1997) “Zeru aldera begitu eta” , BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/fbo7c[azken kontsulta: 2024/12/11]

    Hirsch, Marianne (2008). «The Generation of Postmemory», Poetics Today 29:1.

    Ibarluzea, M. (2025). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. In M. J. Olaziregi eta A. Gandara (eds.), Gernika(k) / Guernica(s) Resemantizaciones de un trauma histórico (241-270. or.). Peter Lang.

    Irazu, J.M. & Lujanbio, M. (2007). “Kaixo amnesia zer moduz zaude?” , BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/e51l0 [azken kontsulta: 2024/12/11]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Oihane Enbeitaren «Zeru aldera begitu eta»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Bonbardaketaren urteurrenaren harira jarritako gaiei erantzuten dioten beste bertsoaldi batzuk: - 1997-04-26 Abadiño Jaialdia [Bertsoa]: Zeru aldera begitu eta - 2007-10-19 Durango Jaialdia [Bertsoa]: Kaixo amnesia zer moduz zaude? - 2012-04-27 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa]: Niri zeozer kontatzen zidan

  • “Ikatza bezain beltz” | Xabier Montoia | 1997

    Titulua “Ikatza bezain beltz”
    Egilea Xabier Montoia
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1997
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ikatza bezain beltz Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak ipuin liburuaren narrazioetako bat da. Narrazioak bata bestearekin lotuta daude geografia eta une historiko zehatzek osatzen baitute lana: Gasteizek 1937tik gaur egunera arte jasandako aldaketa da ipuin-bildumaren ildo nagusia. Elkarri kateatutako ipuinak idatzi ditu Montoiak, pertsonaiak sarri errepikatzen baitira: lehen mailakoak bigarren mailako pertsonaia gisa agertzen dira, aurretik agertutako izen bat aipatzen da, etab. Kritikak, hain zuzen ere, ipuin-bildumaren batasun eta kohesioa nabarmendu du, kontakizunen aniztasuna gozagarri eginez aldi berean.

    Ikatza bezain beltz kontaketa, beraz, liburu osoan zehar aurkitzen den Gasteiz kronotopoan kokatuta dago. Denborari dagokionez, narratzaile autodiegetikoak 1937ko gertaera jakin bat kontatzen du, nahiz eta kontaketaren garaia gerraostean kokatu: “Oraintxe bertan gizon biren arteko maitasuna txarto ikusita baldin badago, areago gerrako borroka giroan” (19.orr). Narratzaileak, beraz, analepsia bidez ematen du haren bizipenen berri, iragana erabiliz kontakizuna egiteko. Narratzaile protagonistak 1937ko apirilaren 27tik ekainera bizitako maitasun istorio homosexuala kontatzen du, Gasteizko hotel bateko langile zenean Hans Schawrz soldadu naziarekin izan zuen istorioa, hain zuzen ere. Protagonistak etengabe adierazten du gizonenganako erakarpenak sorrarazten zion sufrimendu eta etengabeko ezinegona: “heriotza zen gelditzen zitzaidan irtenbide bakarra” (12.orr), “hilik beharko nuke gaixotasun hartaz libratzeko” (10.orr)… Sexurako grina eta hura asetzeko ezintasunak pentsarazten zion gaixorik zegoela, konponbiderik ez zuela eta lasai bizi ezin izango zuela. Sufrimendu hau Hans izeneko soldadu alemana ezagutzen duenean apaldu eta itzaltzen da, Gerra Zibilean faxistei laguntzeko borrokatzera heldu arren, gainetik baitaude protagonistaren desira eta maitasuna.

    Kontakizunaren hasierako lerroetan “1937ko apirilaren 27an jo nuen larrua lehenengoz” (9.orr) eta  “Oskarbi zegoen zerua Gernika gainean” (9.orr) esaldiak aurkitzen ditugu. Lehen paragrafo honek, oharkabean, irakurleari, Gernikako bonbardaketa dakarkio burura. Historialari eta dokumentu ofizial nahiz estraofizialei esker dakigunez, Gernika 1937ko apirilaren 26ko astelehenaz bonbardatu zuen nazien Rüger operazioak, Kondor legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinekin batera. Bonbardaketaren data ofiziala 1937ko apirilaren 26a izanik, narratzaileak hurrengo eguna azpimarratzen du, Gernikako zerua oskarbi zegoela nabarmentzearekin batera, beraz, hasieratik, suma daiteke kontakizunak Gernikako bonbardaketarekin izango duen lotura.

    Protagonistak, aurretik aipatu bezala, Gasteizko hotel batean lan egiten du, eta bando nazionaleko soldaduak ditu bezero, oro har. 15.orrialdean “Alemaniarrak Hotel Fronotnera heltzeaz batera hasi zen niretzat benetakoa, nire bizitzan bete-betean sartuko zena” lerroen bitartez narratzaileak izan zuen lehen maitasun istorioaz hitz egiten du, agerian utziz, garai hartan, narratzaileak ideiarik ez zuela alemaniarrek eskuartean zuten Gernika, Durango… suntsituko zuten saiakera ankerrari buruz. “Egunak pasa ziren, azkenean nire desira bete ahal izan nuenerako. Historia liburuetan data agertuko ez balitz ere, ez litzaidake ahaztuko, bezperan izan baitzen Iñakiren heriotzaren urteurrena; seguru asko Gasteizen inoiz izandako estreinako trafiko istripuan, gure anaia zaharra auto batek azpian harrapatu zuen urtebete lehenago. // -“Zer ospatzen dute”, -“Ez zakiat. Edozer izanda ere, garrantzi handikoa izan behar dik! Horrenbesteko poza!”” (17.orr). Narratzaileak lehen aldiz sexu harremanak izan zituen egunaren data ematen du, data ahaztezina, hain zuzen ere, bezperako egun gogoangarriagatik: haren anaiaren heriotzaren urteurren data. Irakurleak jakin arren bezperako data gogoangarria Gernikako bonbardaketa dela, pertsonaiaren ezjakintasuna agerian uzten du idazleak, Gernikako sarraskia aipatu ere egiten ez baita, pertsonaia konturatu arren soldadu nazional eta naziak ospakizunean zebiltzala. “Hans ohetik jaikitakoan, zoru gainera jausten utziriko nire frakak jaso eta zimurdurak eskuz lisatzen niharduela, orduan inongo garrantzirik eman ez nion berba bat ezagutu nuen idazmahaian zabalik zegoen koadernoan: Gernika; idatziriko guztien artean alemanieratik bereizi nezakeen bakarra. Gernika, amari inoiz entzuniko izena, baina ezer gutxi adierazten ziona oinez baino hegan zebilen bati. Hegan irten nuen Hansen gelatik, maitasunaren opari bakanetarikoa izaten den arintasunaz” (18.orr). Gernikako sarraskiaren errepresentazio historikotzat sailka daiteke soldadu naziaren agerpena kontakizunean, are gehiago, Gernika aipatzen zuen papera bazuen eskuartean. Narratzaile autodiegetikoak erakusten duen oharkabetasun eta ezjakintasuna Gernikako bonbardaketaren narrazioa oinarrizko arau historiografikoak urratuz egin izanaren erakusle argia da, “desmemoria” zabaltzeaz arduratu baitziren arduradunak frankismoaren azkeneraino. Benetan gertatutako setioaren eta sarraskiaren berri oso gutxik izan zuten bai 1937ko apirilean, baita hurrengo urteetan ere, hala adierazten baitu narratzaileak berak: “Sarritan itaundu diot nire buruari, zer egingo nukeen Hansen koadernoan kasualitatez irakurririko Gernika izenaren ostean gordetzen zenaz jakitun egon izan banintz” (21.orr). Gernika aipatzen duen paper-zatia ez da Hans pilotu alemanari egozten ahal zaion Gernikako bonbardaketan parte-hartzearen arrazoi bakarra, Heinkel 51 bat pilotatzen zuela ere aipatzen baita kontakizunean: “Dorreko erloju aldera begiak altxa nituelarik ikusi nuen. Kez bilduta zetorren goitik behera. Heinkel 51 bat zen, Hansenaren modukoa” (23.orr). Heinkel 51 Luftwaffe aireko armada naziaren hegazkina zen, 1936ko Gerran erabili zutena Kondor Legioaren mesedetarako eta armada naziaren entrenamendurako.

    Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa agerikoa da Montoiaren ipuin honetan, zuzenean eta esplizituki aurkitzen ez den arren. Gainera, deigarria da 20.orrialdean narratzaileak zuhaitz eta arbolez dioena: “sustraiak dira, nahiz eta lurpean ezkutuan egon, zuhaitzari irmo eusten diotenak. Eta arbola baten erroak legez, lurpean gorderik egon beharra neukan nik; ezkutuan eduki behar nituen irrika, amets, desira eta asmo guztiak”. Gernikako Arbolaren sinbologia aspaldikoa da euskaldunen artean, hau kontuan hartuz, ez litzateke harritzekoa izango Montoiak Gernikaz diharduen kontakizun batean arbolak, sustraiak, erroak… eragiten dioten gogoeta txertatu nahi izatea, saihestezina izanik Gernikan pentsatzean Arbolan ere pentsatzea. Aipatutako lerro hauek, beraz, Gernikako Arbola edo beste sinboloren bat ordezka lezakete oharkabean.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Xabier Montoiaren «Ikatza bezain beltz»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Guernica, un grito. 1937 | Ignacio Amestoy Egiguren | 1996

    Titulua Guernica, un grito. 1937
    Egilea Ignacio Amestoy Egiguren
    Lekua Betizu. El toro rojo. Fundamentos, pp. 29-82
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak, Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua, Antzerkia
    Urtea 1996
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1947 urtean Bilbon jaiotako eta profesionalki Madrilen garatutako antzerkigile, kazetari, unibertsitateko irakasle eta kultur kudeatzaile Ignacio Amestoy Egiguren-ek 1994 urtean Gasteizeko Teatro Gasteiz Antzerki antzerki taldearentzat idatzitako antzezlana da Gernika, un grito. 1937. Hurrengo urtean, 1995an estreinatu zen VI Muestra Internacional de Teatro Contemporáneo jaialdian Santander-en, eta horren ondoren, 1996 urtean, Fundamentos argitaletxean plazaratu zen.

    Trantsizioko belaunaldiari esleitzen zaio Amestoyren lana, eta Lope de Vega Saria 1981 eta 2001 urteetan eta Literatura Dramatikoaren Sari Nazionala 2002 urtean jaso zituen. Euskal gaiak sarritan garatu ditu bere antzezlanetan eta Geroa bezalako antzerki taldeekin elkarlanean ere aritua da. Antzerkiaren dimentsio etiko eta soziala bere muinean duen egile gisa definitua, bere antzezlan historikoen oinarri dokumentala eta metateatralitatea azpimarratu izan da (De Paco,1996, 12, 16). Hain zuzen ere, Gernika, un grito. 1937 antzezlan historikoan iragan hurbileko gertakari baten dramatizaziotik abiatuta egungo egoerari buruz hausnartzeko gonbita luzatzen da.

    Hitzaurreak eta 8 eszenek osatzen dute antzezlana. Hitzaurrean iragartzen da Gernika, un grito. 1937 amodiozko eta gerrako istorioa dela, 1937ko apirilaren 25 eta 26eko egunetan zoom-a jarriz. Hitzaurrean bai Gernikako Mikel eta Basili-k osatutako bikotearen eta baita Gernikako bonbardaketaren aurrekariak ere azaltzen dira, horrela tragediaren alde pertsonal eta politikoak elkar gurutzatuz. Hasieratik, beraz, maitaleen bizitzarako eta pasiorako grina Gernikako bonbardaketak ezarriko duen patu tragikoaren itzalak estaltzen du. Boterearen gerrarako interesek ezinezko egiten dute gizabanakoak dituen bizitza-proiektua. Mikel-ek Euzko Gudarostean gudari dihardu frontean eta Gernikan apirilaren 26an pilota partida garrantzitsua jokatzeko bi eguneko baimena lortu du. Basili eta biek baimena probestuz gerra atzean utzi eta Habanara ihes egiteko dena prest dute. Basili ama, neba, amona, bi osabak, eta baserria atzean uzteaz errudun sentitzen bada ere, bikoteak Habanan lortu ahal izango duen bizitza erosoaren eta askatasunaren grina indartsuagoak dira. Bonbardaketak ihesa zapuzteaz gain, Mikel-en heriotza ekarriko du, eta horrekin batera, beraz baita Basili-ren etorkizuna ere. Azken eszenan Basili, armak hartu, eta Mikel-en hiltzaileen kontra borrokatzera abiatuko da.

    Gernikako bonbardaketa hitzaurretik oso presente badago ere, antzezlaneko soilik 7. eszenan agertzen da zuzenean. Jada hitzaurrean eta aurreko eszenetan agertu diren elementuen bidez irudikatzen da bonbardaketa: bat bateko eta etengabeko elizako ezkilei, Mikelek berehala Durangoko bonbardaketan gertatutakoaren errepikapen gisa interpretatzen duena, babes-lekuen garrantziari eta bonben jaurtiketez gain populazio zibilari metrailetaz airetik egindako erasoei egiten zaie erreferentzia 7. Eszena honetan.  Aurreko bi eszenak Gernikako merkatuan kokatzen dira, irakurlearengan pertsonaia sinbolikoen bitartez (hala nola sega saltzailea, kandela saltzailea eta manta saltzailea) lehertzear dagoen bonbardaketaren mehatxu sentipena indartuz. 8. eszenak, aldiz, milaka lagunen bizitzak heriotza eta zauri fisikoengatik suntsituak izateaz gain, haien galera sufritu eta askatasunez bizi ezin direnak ere beste mota bateko heriotzara kondenatuak daudela ere adierazten du.

    Maitasun eta pasiozko istorioa eta gerrako testuingurua, bere oinarri dokumentalarekin, txandakatuta agertzen dira antzezlanean. Lehenik eta behin, hitzaurrean bi dimentsioak azaltzen dira, familiaren eta Mikel eta Basiliren arteko historiak, eta baita Gernikako bonbardaketa aurreko gertakari eta xehetasunak ere. Antzezlanean zehar, berriz, batez ere 2., 4. eta 6. Eszenak bikotearen arteko maitasun, pasio eta etorkizunerako proiektuak dituzte ardatz; hauekin tartekatuta 1., 3. eta 5. eszenetan familiaren eta baserriaren iraganeko zailtasunak, familiako kide batzuk antzematen dituzten tragedia zeinuak eta merkatuko saltzaile sinbolikoek irudikatzen duten heriotza kontrajartzen zaie maitaleen Eros-ari.   Alternantziarako joku hau pertsonaiekiko eta fikziozko gertakariekiko distantziaren lanketan ere nabari da. Azpimarratzekoa da hitzaurrean aktoreei ematen zaiela lekua eta ahotsa, antzezlaneko lehen hitzartzeak berauei esleitzen bazaizkie (alegia ACTRIZ QUE ASUMIRÁ EL PAPEL DE BASILI, ACTOR QUE HARÁ DE MIKEL, ACTOR DE TXOMIN, etab.). Eszenatokian oraindik ere erabat karakterizatu gabe agertzen dira, metateatralitatearen adierazle. Hein batean istorioaren testuinguru historikoa azaltzeaz gain, aktoreek beren pertsonaiak, batzuetan lehen pertsonan, besteetan hirugarren pertsonan aurkezten dituzte. Honela, fikzioaren ilusioaz ohartarazten da publikoa hasieratik. Eta eszena bakoitzean pertsonaia bat gutxienez zuzenean publikoari zuzenduko zaio, gehienetan bonbardaketari buruzko xehetasun historikoak emateko. Honela lantzen ditu Amestoyk maitasun istorioarekiko distantzia eta metateatralitatea.

    Azkenik, pertsonaien istorioan lekurik hartzen ez badu ere, bada eszenatokiko eskubi aldean uneoro ikusiko den elementua: arbola baten enborra. Berau interpreta daiteke heriotzak jotako Gernika horretan bizirik eta zutik jarraitzen duen Gernikako Arbola, biziraupenerako gaitasuna azaleratzen duena.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Amestoy Egiguren, I. (1996). Nota biográfica. In Gernika, un grito, 1937; Betizu. El toro rojo (pp. 5-8). Fundamentos.

    De Paco, M. (1996). Prólogo: teatro, historia, documento. In Gernika, un grito, 1937; Betizu. El toro rojo (pp. 9-27). Fundamentos.

    Ignacio Amestoy. In Wikipedia.  https://es.wikipedia.org/wiki/Ignacio_Amestoy

    Maraña Sánchez, F. (2026). Amestoy Eguiguren, Ignacio. Auñamendi Entziklopedia [on line] https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/amestoy-eguiguren-ignacio/ar-23968/ (9.4.2026).

    Pérez Rasilla, E. (1996). Epílogo: el teatro de Ignacio Amestoy. In Gernika, un grito, 1937; Betizu. El toro rojo (pp. 131-142). Fundamentos.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Ignacio Amestoy Egigurenen Guernica, un grito. 1937ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Antzezlanaren estreinaldia VI Muestra Internacional de Teatro Contemporáneo jaialdiaren baitan Palacio de Festivales de Cantabrian, Santander-en izan zen, 1995eko urtarrilaren 20an, Carlos Gil Zamoraren zuzendaritzapean.

  • Gerra Zibila Euskadin (La Guerra Civil en Euskadi) | Koldo San Sebastian | 1996

    Titulua Gerra Zibila Euskadin (La Guerra Civil en Euskadi)
    Egilea Koldo San Sebastian
    Lekua Baleuko
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1996
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gerra Zibila Euskadin (La Guerra Civil en Euskadi) Koldo San Sebastianek Euskal Telebistarentzat zuzendutako dokumental saila da. 50 minutuko 4 atalek osatzen dute saila eta atal bakoitzak, garaika antolatuta, Euskadik 1936ko uztailetik Bigarren Mundu Gerra arte bizitakoak kontatzen ditu. Atalen izenburuak hauek dira: 1)“Heriotza inguratuta”, 2)“Euskal Oasia”, 3)“Gernika eta Santoña artean”, 4)“Erbesterako bidean”, 5)“Gernikatik Hiroshimara”. Lehenengo atalean, gerra Euskadira iritsi arteko testuingurua eskaintzen da, hau da, altxamenduaren berri ematen da armada faxistaren lehen ofentsibekin batera. 2. Atalean, Eusko Jaurlaritzaren sorreraz hitz egiten da eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren kargu hartzeari buruzko datu orokorrak ematen dira: Gernikako arbolapeko kargu hartzea, batzarretxearen garrantzi historikoa, etab. Atal honetan, beraz, aditzera ematen da Gernikak euskaldunengan herri sakratu gisa duen garrantzi sinbolikoa.

    3. atala da, ordea, Euskadik gerran sufritutakoa modu zehatzago batean azaltzen duena. Otxandio eta Bilboko bonbardaketak azaltzen diren arren, Gernikan 1937ko apirilaren 26an egindako erasoa da sakonki azaltzen dena. Izan ere, bonbardaketatik bizirik irten ziren lekukoen testigantzak jasotzen dira, benetako irudiak erakustearekin batera. Suntsiketari buruzko datu historikoak ematen dira, eta gertakariak inguruko hedabideetan (hedabide frantsesak, etab.) zein inpaktu mota izan zuen azaltzen da. Biktima gernikarrak “borrego” gisa irudikatu zituzten altxatuek, baita haien garaipenaren ondoren ere eta horretan sakontzen da dokumentalean: alemanen laguntza, Heinkel hegazkinak, gerra modernorako entsegua… Sarraskiaren ondorioetan baino, erasoaren modu eta prozesuan jartzen da fokua, Iparraldeko frontea erabat baldintzatuko zuen gertaera izan baitzen bonbardaketa; baina ez hori bakarrik, 1939an hasiko zen Bigarren Mundu Gerrako gerra egiteko moduan ere eragin baitzuen.

    Hain zuzen ere, dokumental sailaren azkenengo atalak, “Gernikatik Hiroshimara” izenekoak, baieztatu egiten du Gernikako sarraskia hainbat urteren barruan errepikatu egingo zela gerra egiteko modu berri baten forman. Espainiako Gerra Zibila amaitu eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, euskaldunek ez zioten gerran egoteari utzi: batez ere Iparraldean bizi zen biztanleriak gerraren ondorioak pairatu zituen, haietako asko Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira frankismotik ihesi abiatu zirenak. Testuinguru honetan aipatzen da Gernikako batailoia, 1945ean faxismoaren kontra borrokatu zen euskal unitate militarra, hain zuzen ere, Medoc (Frantzia) naziengandik askatzen lagundu zuen talde euskaldunak, hau da, Bordeleren askatasunerako puntu estrategikoan. Bigarren Mundu Gerran ordura arte ezagutu ez zen gerra egiteko modu berria garatu zen: izu bonbardaketak, biztanleria zibilaren aurkako erasoak, baita bonbardaketa atomikoak ere. Jakina denez, Amerikako Estatu Batuetako armadak Japonian (Hiroshima eta Nagasaki) bonba atomikoen bidezko erasoa burutu zuen, hirien erabateko suntsiketa eta sarraski izugarria eragin zituena. Azken atalaren izenburuak, beraz, erreferentzia egiten die “beste” Gernikei, hau da, gerraren ankerkeria bidegabea sufritu duten herriei, alegia, zuzen-zuzenean biztanleria zibila erasotu dutenak eta erasoen aurrekari gisa, Gernikakoa izanik.

    Dokumentala Primeran-en ikus daiteke hemen sakatuz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Koldo San Sebastianen Gerra Zibila Euskadini buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Bihotz bi | Ramon Saizarbitoria | 1996

    Titulua Bihotz bi
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1996
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri honetan Ramon Saizarbitoriak bi gerra uztartzen ditu, batetik, protagonistak bere baitan bizi duen “amodio gerra” eta, bestetik, Espainiako Gerra Zibila.  Protagonista ezkonduta dagoen entziklopedia saltzaile bat da eta sarritan Hanbre sagardotegian igaroko du denbora bertan egon ohi den adineko lagunarte batekin, haien Gerra garaiko oroitzapenen kontakizunak entzuten. Flora izeneko emakume batekin ezkonduta dagoela jakingo dugu hasieratik, eta baita hura hilko duela ere, beraz flashforward batekin hasiko du kontaketa eta ondoren hori egiteraino nola heldu den kontatuko digu.  Protagonistaren eta Floraren arteko harremanaren xehetasunen berri izango dugu eta harremanaren garai ilunena kontatuko digu protagonistak bere ikuspuntutik, bere emazteak izango duen ezkontzaz kanpoko harremanarekiko obsesioa adieraziz. Halere, desleialtasuna ez da bakarrik Floraren eskutik etorriko, protagonistak Bioleta izeneko neska gaztea ezagutuko baitu eta harekiko sentituko duen menpekotasunaren lekuko izango baikara. Kontaketak aurrera egin ahala, gerrako istorioen eta gertaeren garaiaren arteko lotura ezarriko da, protagonistak haren aita Mikele de Abando izeneko lider abertzale baten ondoan agertzen den argazkia ikustean, emakume horrek ezagutu berri duen Bioletarekin duen antzaz jabetuko baita, eta haren iloba izan daitekeelako ondoriora iritsi. Horretaz gain, nolabait bi garaiak lotzeaz gain, iragana protagonistaren etxeraino sartuko dela esan daiteke, Bioleta aldi berean Floraren maitalea zen Adolforen maitale dela jakingo baitu, eta haren emaztearen hilketa plana nahasiko du.

    Eleberri honetako protagonista Hanbre sagardotegian Gerra Zibila bizi izan zuten adineko talde batekin elkartzen da, eta haien gerrako istorioak entzuten igarotzen du denbora. Haien istorioak kontatzeko moduari erreparatuta, Klaudiak, emakume bakarrak, emakume izateagatik beste modu batera bizi dituela gauzak esaten du, eta ondorioz, beste modu batera kontatu (24).  Orduan, Klaudiak Gasteizen lanean zebilen bitartean militarrak entzuten zituela kontatzen zuela gogoratzen du protagonistak, hegazkinak bonbardaketarako prest zeudela esaten, eta frontean zituen anaiengan pentsatuz sufritzen omen zuela dio. Bi anaia behintzat bazituen Klaudiak frontean, Modesto zaharrena eta gazteena, izen ezezagunekoa; gazteena burugogorkeriagatik joan omen zen gerrara. Amak Modestori anaia ondo zain zezan agindu zion eta hala egin zuen Modestok, baina halako batean bularrean tiro bat jaso zuen anai gazteenak, eta bertan hil zen. Anaiaren gorpua bizkarrean zeramala igaro omen zituen Modestok bizpahiru egun, haien jaioterrian lurperatu nahi zuelako eta amak ikus zezan ez zuela edozein lekutan abandonatu (25).  Azkenean, ordea, Gernikan ehorztea erabakitzen du Modestok, bertan lur ematea mendiko edozein lekutan ematea baino ideia hobea delakoan. “Eta horregatik dago Gernikan. Ezta, gizon?” esaten zion Klaudiak bere senar Benitori kontaketa amaitzean (26).  Beraz, Klaudiaren anaia gazteena Gerra Zibilean hil zen eta Gernikan lurperatu zuten “mendian edozein lekutan baino” (26) leku hobea zelakoan, Gernikak Gerra Zibilean hartutako esanahiaren erakusle; hau da, Gernika ez da “edozein leku”, bonbardaketaren ondoren lehenagotik zuen balio sinbolikoari Gerra Zibilaren hondamendiaren adierazle izatearena gehitu baitzitzaion, eta horrek bilakatzen baitu Gernika “edonon” ez den leku.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Ramon Saizarbitoriaren Bihotz biri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Begoña Montorio Uribarrenek obra gaztelaniara itzuli zuen "Amor y guerra" izenburupean.

  • Sagitario | Felipe Juaristi | 1995

    Titulua Sagitario
    Egilea Felipe Juaristi
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa HGL
    Urtea 1995
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eleberri hau zaldien gaineko istorioez osatuta dago (hortik dator kontakizunek liburuaren azaleko zaldiarekin eta izenburuarekin duten lotura).

    Aurreko azalean Picassoren Gernika koadroaren erdiko zatia ageri da, aldaketa batekin: Picassok marraztutako zaldiaren ordez, benetako zaldi baten marrazkia ageri da. Beraz, esan daiteke Gernika koadroaren ekfrasia ageri dela, jatorrizko mihisea berrirudikatuta ageri den arren.

    Liburuaren muinera jauzi eginda, irudi horren jatorria ematen da, Picassok Gernika koadroa noiz eta nola marraztu zuen azaltzen baita, azoka egunean Gernika bonbez suntsitu ostean, gobernu errepublikarrak eskatuta, Francoren soldaduen kontrako gerraren irudia eman zezakeen koadro bat pintatzeko eskatu ostean alegia (99. or.).

    Horrez gain, “Gerrara joan nahi ez zuen zaldia” izeneko hirugarren kapituluan, gerra gustuko ez zuen Imanol eta bere zaldiaren istorioa kontatzen da. Bertan gerraren aurkako jarrera garbia azaltzen da, besteak beste, gerrak dakarren heriotza azpimarratuz eta oroitaraziz bizirik irtendakoak ere ez direla osorik itzultzen (38. or.). Beraz, argi ikusten da liburuaren azaleko irudiaren bidez eta arestian aipatutako ipuinaren bidez salaketa garbia egiten dela.

    Nola aipatu: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). “Felipe Juaristiren Sagitariori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Obrari buruzko informazio zehatzagoa Urzelai-Vicenteren (2024) tesian. Hona hemen erreferentzia: Urzelai-Vicente, Ainhoa (2024). Euskal Herriko gatazka armatuen errepresentazioa euskal haur eta gazte literatura garaikidean. [Doktore tesia]. UPV/EHU.

  • To the Death, amic | John Bryson | 1994

    Titulua To the Death, amic
    Egilea John Bryson
    Lekua Lleida
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1994
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Sin autor registrado (S/F): “Ficha sobre To the Death, amic de John Bryson”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1815

  • “Hiroxima lorez estali zen” | Aurelia Arkotxa | 1993

    Titulua “Hiroxima lorez estali zen”
    Egilea Aurelia Arkotxa
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1993
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Aurelia Arkotxaren opera prima izan zen Atari Ahantziak (1993) liburua, poemak eta prosa poetikoa uztartzen dituen lana.

    «Hiroxima lorez estali zen» izenburu duen narrazio poetikoak Marina du protagonista eta begien aurrean dakusanaren eta oroimenak nahigabean dakarzkion irudien kontakizuna da ipuina. Gogora ekarri nahi ez dituen pasarteak ekartzen dizkio atzera memoriak, sarraskiaren eta indarkeriaren gertalekuetara eramaten dutenak. Hiru data zehatz aipatzen dira kontakizunean: apirilaren 26a, agorrilaren 6a eta otsailaren 8a; Gernika (1937) eta Hiroxima (1945) bonbardatuak izan ziren egunak eta 1984. urtean Hendaiako Aizpurdi kalean GALek Vicente Perurena eta Ángel Gurmindo hil zituen eguna, hurrenez hurren.

    Itxaro Bordak esango zuenez, «’Hiroxima lorez estail zen’ haren baitan biltzen diren Hiroshimaren, Gernikaren, eta Martxoaren 1 batez Hendaian gertatu GALen atentatuaren ‘barbaritateak’ juntatzen ditu idazleak, olerki trinko, hatsanga, gaitz baten sortzeko. Indarrezko oroitza» (Borda 1994).

    Gertakari traumatiko horiek Marinaren gogoa hartzen dute;  «odola», «intziriak», «beruna», «metalezko mamuak», «haurdun den emakume hila», «neska ttipia ahoz goiti hila», «zerutik datorren sua» eta «kea», besterik ezin ikus dezake orduan. «Gernika ere zuek suntsitu zinuten» (1993, 34) diotso birritan oroimenak, baina berak «eztu Gernikaz orhoitu nahi. Eztitu Gernikako haur hilak ikusi nahi» (ibid., 35). Aitzitik, Caruthek esango zuenez, bizipen traumatikoa, gainditua ez denean, etengabe itzuliko da: «Trauma describes an overwhelming experience of sudden or catastrophic events in which the response to the event occurs in the often delayed, uncontrolled repetitive appearance of hallucinations and other intrusive phenomena» (1996, 11). Marinari ere, traumaren narrazioak nola, etengabe eta nahi gabean pizten zaizkio oroitzapenak, haluzinazio errepikakorren antzera.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Borda, Itxaro. 1994. «Carpaccio Iruñean». Argia, 1994-03-06: https://kritikak.armiarma.eus/?p=3381

    Caruth, Cathy. 1996. Unclaimed Experience: Trauma, Narrative and History. Baltimore: The Johns Hopkins University Press.

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Aurelia Arkotxaren «Hiroxima lorez estali zen»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika | Iñaki Elizalde | 1993

    Titulua Gernika
    Egilea Iñaki Elizalde
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokufikzioa
    Urtea 1993
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernika zuri-beltzezko film labur dokumentala da. Picassoren Guernica koadroaren iraunaldiari buruzko lana da. Picassoren Guernica koadroa artefaktu alegorikoa den neurrian, oinarrian kontaketa bat duen, baina etengabe birsemantizatu den obra bilakatu da. Izan ere, Gernikako bonbardaketan oinarritutako koadroa izan arren, mundu mailan izan zuen inpaktuak hamaika interpretazio eta erreprodukzio eragin du. Esanahi unibertsal eta kolektiboa bereganatu du koadroak, giza sufrimenduaren isla bilakatu da eta bakea eta justiziaren aldeko aldarria. Hori dela eta, koadroa bere jatorritik deskontestualizatu eta “beste” Gernika batzuk sortu dira. Hori da, hain zuzen ere, dokumentalak aditzera ematen duena: Reina Sofia museoko mihise erraldoiaren planoarekin hasten da dokumentala, baina gizakiak sufritutako hainbat egoera irudikatzen dira jarraian, Gernikarekin zerikusirik ez dutenak.

    Lau eszena nagusitzen dira dokumentalean: 1) Familia baten alaba gaztearen hilketa, bortxaketa baten ondorio dirudiena, 2) Etxeko sute batean itotzen ari den emakumea, 3) Kalean tirokatuta erailtzen duten gizona (ekintza terrorista dirudiena), 4) Gerran hildako soldadu eta herritarrak (kamuflajezko jantziek erakusten dute ez direla Gerra Zibila irudikatzen duten irudiak). Denek errepresentatzen dute gizakiaren alderdi zaurgarri eta ilunen bat, eta etengabe entzuten dira negar zotinak, oihuak eta burrunba. Burrunba hotsa, alegia, hegazkinek ateratzen duten zaratarekin lotzen da, horrela, zeharka bada ere, dokumentalak lortzen du ikusleak Gernikako bonbardaketa gogoan izatea, bonbardaketaren egunean hegazkinen joan etorriek egin zuten zarata ezagututa.

    Iñaki Elizaldek Europan biztanleria zibilaren aurka egin zen aire bidezko lehen erasoaldiko sufrimendu eta ankerkeria Picassoren Guernica koadroaren bitartez eguneratzen du laburmetraian.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Iñaki Elizalderen Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Iñaki Salvador | 1992

    Titulua “Gernika”
    Egilea Iñaki Salvador
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Instrumentala
    Urtea 1992
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iñaki Salvador (Donostia, 1962-) euskal pianista, moldatzaile eta jazz musikari entzutetsua da “Gernika” (Zilbor Hestea, 1992) abestiaren egilea. Piano, harmonia, contrapunto, fuga  eta akordeoi ikasketa klasikoak egin (Jesús González Alonso, Francisco Escudero, Mikel Bikondoa izan zituen irakasle, bertzeak bertze) eta musika modernoa modu autodidaktan ikasi zuen (Sojo Gutiérrez, 2025).

    Ospea egin dituen lan anitzengatik datorkio. Orokorrean, hiru talde nagusitan bana genezake bere ekarpena: irakasle lana, jazz musikari lotua eta bertzelako lanak (Sojo Gutiérrez, 2025). Azken horietarik dira:

    • Konpositore lana eginaz antzerki mundurako: bakarka, Trapu Zaharra gisako antzerki taldeekin. Erraterako, Peligro, te quiero (Tanttaka Teatroa), In Fraganti, Nadira y la Bola de Cristal, Romeo y Julieta (Ur teatro), La Coraje (Vaivén), Crímenes del Corazón (Vaivén), Solsticio, Fábula de la noche más corta (Vaivén) eta Novecento, El Pianista del Océano (Tanttaka Teatroa).
    • Telebistarako eta zinemarako ere konposatu du: EITBrako, aski ezagunak diren Bertan ZoroBi eta BatJaun ta JabeErtzainak; film laburretan, José Antonio Vitoriaren Arbasoen suaCiao, amore, ciaoLa buena madre eta Javier Alonsoren Buenas noches, papá lanetarako soinu bandak; Rafael Trekurendako dokumentalen musika; eta film luzeetan, Urte Ilunak – Los años oscuros (Arantza Lazkan), Sí, quiero (Carlos Zabala y Eneko Olasagasti) lanetarakoak; zine muturako ere El precio de la gloria (Raoul Walsh) eta Nanan (Jean Renoir).
    • Dantza emanaldietarako musika: Zilbor Hestea.
    • Ikuskizunak: Amets Beroak.
    • Bertzelako lankidetzak: Xabier Euzkitzerekin, Takolo, Pirritx eta Porrotxekin…

    Jazzarekin lotuak, aldiz:

    • Ondoko taldeen sorkuntzan parte-hartu edo kide izan zen/da: Naima Quartet, Iñaki Salvador Trío, Andrzej Olejniczak – Iñaki Salvador Quartet,  Iñaki Salvador & Zilbor Hestea.
    • Pianista bakarlari gisako birak: VIc-eko Mercat de la Música en Vivo (Bartzelona), Clamores salan (Madril) eta bertze.
    • Nazio eta nazioarteko bira eta kontzertuetan hamaika aldiz aritu da lankidetzan: Jorge Pardo, Dave Schnitter, Perico Sambeat, Paula Bas, Teresa Luján, Kurt Rosenwinkel, Carmen Canela, Marisol Morales, Itxaso González, Joan Sanmartí, Louis Stewart, Vlady Bas, Dusko Gojkovic, Big-Band Studio 4, Big-band Barna Band, Zé Eduardo, Stephen Keogh, Dan Rochlis, Jordi Gaspar, Gonzalo Tejada, David Xirgu, Peer Wyboris, Horacio Fumero, Eric Peter, Javier Colina, Andrezj Olejniczak, Javier Garaialde, Jorge Rossy, Mario Rossy, Marc Miralta, José Luis Gámez, Eladio Reinón, Ramón Cardo, Laurent Philippe, Allan Skidmore, Peter King, Charlles Tolliver…

    Azkenik, artista desberdinen laguntzaile eta musika moldatzaile gisa ere aritu da, sarri; adibidez,  Txomin Artola, Oskorri, Imanol, Zurrumurru Taldea, Txirri, Mirri ta Txiribiton, Gorka Knörr, Begoña ta Soledad, Iñaki Zabaleta, Joxan Goikoetxea, Egan, Amaia Zubiria, Ganbara, Golden Apple Quartet, Juan Carlos Irízar, Jossek, Xabier Amuriza, Bertsolaris del Gohierri, In Fraganti eta abar izan ditu artistakide.

    Diskoak ere grabatu ditu. Bakarka, Iñaki Salvador Trío-rekin, Iñaki Salvador Trío eta Zilbor Hestea-rekin, Iñaki Salvador cuarteto eta A. Olejniczak-ekin (Sojo Gutiérrez, 2025).

    Gaurkoan hizpide dugun abestiak (“Gernika”k, 5:19), batetik, lankidetza ezagunenetako batekin du harremana: Mikel Laboarekin izandako lankidetza joria; bertzetik, bere bakarkako hiru diskoetatik batekin: Zilbor Hestea delakoarekin.

    Mikel Laboaren 14 abesti moldatuz osatua da diskoa:

    1          Txinaurria (4:34)

    2          Izarren Hautsa (4:07)

    3          Zure Begiek (4:37)

    4          Txori Erresiñula (3:22)

    5          Baztan (4:12)

    6          Iturengo Arotza (4:31)

    7          Baga, Biga, Higa (3:31)

    8          Lili Bat (4:33)

    9          Haizea Dator (4:04)

    10        Goizuetan (2:40)

    11        Zilbor Hestea (6:17)

    12        Antzinako Bi Kantu (6:35)

    13        Eperra (5:07)

    14        Txorierri (7:18)

    Lanean etengabe omentzen dira Mikel Laboaren abestiak, eta “Gernika” ez da salbuespena. Laboaren “Lekeitio” ezagunenetakoa da “Gernika-Lekeitio 4” delakoa, Salvadorrekin hamaika aldiz lankidetzan interpretatua (Bastida, 2014). Kasu honetan, moldaketak etengabe egiten dio keinu Laboaren abestiari dela doinuan, erritmoan eta baita Laboaren hitzak birformulatuaz musika instrumentu bidez Salvadorren bertsioan. Horrek guztiak Gernikako bonbardaketa gune duen “Lekeitio” lan esperimentala komunikazio bide berriztatuetara darama; intentsitate maila handiko berrikuntzak sortuaz, Gernikaren bonbardaketa eta haren kontaketa hitzez bertzelako musika lanera ekarri zuen Salvadorrek. Laboak “Lekeitioetan” egiten zuen gisa, hitzaz haraindiko esperimentazioa jorratzen da “Gernika” honetan.

    Diskoaren gainerako abestiak entzunda, taxu moderno, esperimental eta sakona hartzen du abestiak: gaurgero euskal imajinarioan bere toki propioa duten artista, Laboa, nahiz haren lanak berriz irakurri eta interpretatzen ditu modu garaikidean Salvadorrek, Gernikako bonbardaketa hausnartzeko eta aztertzeko hamaika modu direla frogatuaz, zalantzarik gabe.

    Aipaturiko erreferentziak:

    Bastida, Mari Sol (2014). Memorias. Una biografía de Mikel Laboa. Elkar.

    Salvador Gil, Iñaki (1992). Zilbor Hestea. Elkar. Diskoa.

    Sojo Gutiérrez, Patricia. Salvador Gil, Iñaki. Enciclopedia Auñamendi Eusko Entziklopedia [linean], 2025. [2025.12.12an begiratua]. Hemen eskuragarri: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/salvador-gil-inaki/ar-101787/ Hemen eskuragarri:

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Iñaki Salvador Gilen «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Karmen eta Eufemia Filibi eta Gernikako bonbardaketa | Eufemia Filibi, Karmen Fibili | 1992

    Titulua Karmen eta Eufemia Filibi eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Eufemia Filibi, Karmen Fibili
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 1992
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Karmen eta Eufemia Filibi ahizpek Gernikako bonbardaketa oroitzen dute, eta horri buruz hitz egiten dute Ahotsak-en Gernikako bonbardaketaren eguna izeneko bideoan.

    Karmen eta Eufemia Filibi ahizpek Gernika bonbardatu ondoren herria nola geratu zen gogoratzen dute. Haien baserritik herria nola bonbardatu zuten argi eta garbi ikusi zuten: lehenengo, hegazkinak inguruan ibili ziren bueltaka. Ondoren, arratsaldean, bonbak botatzen hasi ziren eta dena ikusi zuten ilundu zuen arte. Gauean, dena gorri-gorri ikusi zuten, herria sutan zegoelako.

    Bi ahizpen testigantzak Gernikako bonbardaketa berreraiki eta irudikatzeko garrantzitsuak dira, lekuko guztien ahotsak hartu behar baitira kontuan gertakaria berregiteko. 

    Bideoa esteka honeta ikus daiteke: https://ahotsak.eus/busturia/pasarteak/bus-010-008/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak proiektuaren Karmen eta Eufemia Filibi eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika 89. Askatasunaren bidean | Gernikako bonbardaketaren komisio ikertzailea, Heinz Hebeisen | 1989

    Titulua Gernika 89. Askatasunaren bidean
    Egilea Gernikako bonbardaketaren komisio ikertzailea, Heinz Hebeisen
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Kartela
    Urtea 1989
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Kartelak Gernikako bonbardaketaren 52. urteurrena ospatzen du eta, beraz, 1989ko data du, goikaldean dagoen “GERNIKA 89” izenburuak adierazten duen bezala. Azpian “askatasunaren bidean” leloa agertzen da, kartelaren tonu orokorra artikulatzen duena: aldarrikapen politikoari lotutako memoria historikoa.

    Bisualki, kartelak Picassoren Guernica lanetik ateratako txoriaren ikurra erabiltzen du, atzetik ikurrina izanik. Izan ere, irudia Gernika Batzordearen ikurra da. Estilo grafikoak jatorrizko koadroaren estetikara jotzen du zuzenean, baina hizkuntza eskematikoago eta sinboliko indartsuago batera egokituta. Ezkerraldean, “52 GERNIKAKO BONBARDAKETAREN URTEURRENA” testua nabarmentzen da, eta behealdean, berriz, aste oroigarrirako antolatutako jarduerak ageri dira: apirilaren 24an zine-foruma, 26an autodeterminazioari buruzko hitzaldia eta 29an ekitaldi politikoa eta kontzertua izango dituen manifestazio bat. Ekitaldiak Elai-Alai aretoan eta Foruen plazan ospatzen dira, Santiago Brouard, Jon Idigoras eta Mario Onaindia politikarien partaidetzarekin.

    Kartela Gernikako Bonbardaketaren Ikerketa Batzordeak sinatuzeak haren izaera instituzionala indartzen du eta, era berean, koadroaren hizkuntza-bisuala memoria gogoetarako eta mobilizaziorako tresna gisa aktibatzeko bokazioa. Batzordea funtsezkoa izan da oroitzapen-ekitaldiak antolatzeko, testigantzak biltzeko eta iragan traumatikoa egungo aldarrikapen demokratikoekin lotzen duten kultura-ekimenak sustatzeko. Era berean, bere lanak Guernica biztanleria zibilaren aurkako indarkeriaren aurkako salaketaren nazioarteko erreferente gisa eta bakearen, justiziaren eta aintzatespen historikoaren aldeko borrokaren ikur gisa sendotzen lagundu du.

    Artelanaren irudia kontsulta daiteke esteka honetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/gernika-89-askatasunaren-bidean https://herritarbatasuna.eus/es/blog-colaboraciones/1232-euskal-herria-bai-otan-ez-3?utm_

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisen (argazkilaria) eta Gernikako bonbardaketaren komisio ikertzailearen Gernika 89.Askatasuanren bideani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en Donostia (BI151815) | Heinz Hebeisen | 1989

    Titulua Mural en Donostia (BI151815)
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1989
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazki hau Heinz Hebeisenek, Espainian bizi den Suitzako argazkilari batek, atera zuen; haren lanak herrialdearen kultura, ondarea eta gizarte-ingurunea dokumentatzea du helburu, ikuspegi dokumentalista eta artistikotik egiten duena, hain zuzen ere. Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Irudian, hormigoizko horma baten gainean margotutako horma-irudi bat ikusten da, leiho-ilara baten azpian. Murala Picassoren Guernica lanaren erreprodukzio bat da, bere giza irudi eta animalia kubista eta surrealistengatik ezaguna, urdin, zuri eta beltzez margotuak. Argi eta garbi bereizten dira jatorrizko koadroaren erdiko elementuak, hala nola, ahoa zabalik duen zaldia, zezena, eta min- eta tentsio-jarreretan dauden hainbat gorputz. Hala ere, horma-irudia partzialki estalita dago gainjarritako graffitiekin. Ikus daitezkeen testuen artean, “DE NOCHE”, “NO”, “MILI KK” eta “HB” hitzak irakur daitezke, baina gehienak osatu gabe edo moztuta daude. Grafiti horiek koadroaren irakurketa tradizionala aldatzen dute eta, modu horretan, horma-irudia arte historikoaren eta kale-adierazpen garaikidearen artean partekatutako azalera bihurtzen da. Emaitza Guernica-ko hizkuntza bisuala —Gerra Zibileko sufrimendu zibilaren sinbolo unibertsala— eta hiriko bat-bateko esku-hartzeak nahasten dituen irudia da, memoria historikoaren eta orainaldi sozialaren arteko konbinazioa sortuz. Horma-irudiak, aldatuta egon arren, koadroaren jatorrizko adierazpen-indarrari eusten dio, eta salaketa-euskarri eta jabetze kolektiborako gune gisa funtzionatzen jarraitzen du.

    Artelanaren irudia esteka honetan kontsulta daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-donosti

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisenen Mural en Donostia (BI151815)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta” | Eusebio Erkiaga | 1989

    Titulua “Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta”
    Egilea Eusebio Erkiaga
    Lekua Idatz & Mintz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1989
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eusebio Erkiagaren “EZ ZAITEZ GERNIKARA JOAN, LAUAXETA”, 1989an argitaratua Idatz eta Mintz aldizkarian, Lauaxetaren ibilbideari buruzko olerkia da. Lauaxeta,  frantziar kazetari bati bonbardaketaren ondorioak erakusteko Gernika bisitatu ondoren, errepresio frankistaren biktima bihurtu zen. Erkiagak Lauaxetari erregua egiteko erabili zuen poema, Gernikara ez joateko eskatuz. Izan ere, olerkitik ondorioztatzen da Gernikan egotearen ondorioz, Lauaxeta harrapatu eta fusilatu egin zutela. Gernikaren bonbardaketa poetarenarekin lotzen da, hiriaren suntsipenaren eta Lauaxetaren tragedia pertsonalaren arteko lotura sinbolikoa sortzen baita. Poeman zehar, Federico García Lorcaren irudia gogoratzen da, izan ere, Lauaxetak biziki miresten zuenez, Erkiagak haren figura baliatzen du Lauaxeta Gernikara ez joateko konbentzitzeko asmotan. Era berean, bonbardaketaren osteko Gernikako hondamendiaren deskribapena zein errepresio faxistaren salaketa Euskadiren garaiko egoeraren isla bihurtzen dira.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    https://armiarma.eus/emailuak/lauaxeta/laua11.htm
    https://basquepoetry.eus/?i=poemak&b=1107

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Euskebio Erkiagaren «Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Arratsalde on ongi etorri” (1989 Gernika-Lumo Txapelketa) | Mikel Mendizabal | 1989/12/03

    Titulua “Arratsalde on ongi etorri” (1989 Gernika-Lumo Txapelketa)
    Egilea Mikel Mendizabal
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1989/12/03
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Euskal Herriko Bertsolari elkarteak antolatu zuen bigarren txapelketa izan zen 1989ko 10. Euskal Herri mailako bertso-txapelketa, 1989ko azaroaren 1aren eta abenduaren 17ra bitartean iraun zuena. Goiz eta arratsaldeko zazpi saio egin ziren, Hernanin, Hendaian, Laudion, Lesakan, Azpeitian, Gernikan eta Donostian. Azken horretan jokatu zen finala, eta Jon Lopategi izan zen txapelduna (BDB). Bertsolaritzaren Datu Basean jasotzen denez, abenduaren 3an Gernikako Santanape pilotalekuan izan zen finalerdietako goizeko saioan egindako agurretako bat da aztergai dugun hau, Mikel Mendizabalek kantatua. Bertsolari itsasondoarra (1956) honako bertsolariokin aritu zen: Juan Mari Areitio, Juan Jose Eizmendi “Loidizaletxe II”, Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Joxe Mari Lertxundi, Iñaki Murua, Jon Sarasua eta Millan Telleria. Mikel Mendizabal ezagun da bertsolaritzaren esparruan, bertsolari aritzeagatik ez ezik, baita ikastolen elkartean bertsolaritza sustatzeko proiektua dela eta, izan ere, 1982az geroztik buru belarri aritu baitzen proiektu horretan lanean (BDB).

    Bertso-saioa egin zen lekuak motibatutako agerpena da hau: bertsolariak tokiko erreferentziak baliatzen ditu, publikoarekin partekatutako erreferentzietara jotzen du, eta horrek balio dio entzuleekin konektatzeko (Ibarluzea 2025). Hala, lehenbizi, publikoari berari dei egiten zaio “Arratsaldeon ongi etorri publiko estimatua” esanez. Ondoren, entzuleak eta bertsolariak elkartu dituen tokiari erreferentzia egiten dio, publikoa eta bera, denak ere denak “gu euskaldun” kolektiboaren parte gisa identifikaturik: “euskaldunontzat Gernika dugu oso herri maitatua” (inondik ere bertsolariaren irakurketa identitarioa da, Retolazaren 2009ko Gernikako irudikatzeen sailkapenari men eginez). Arrazoibidea dakar jarraian, biltzen dituen herri maitatuan den ikur den sinbolo bat dagoela nabarmenduz: “hemen baidago gure enbor den arbola bedeinkatua”. Azkenik, herriari erreferentzia egin eta imajinario kolektiboaren parte den Gernikako arbolaren kantua eta haren egilea dakar hizpidera Mendizabalek, Iparragirre entzutetsuaren kantuaren hitzak bere egin eta bertso-saioari hasiera emanez: “giro honetan kokatu leike Iparragirre(re)n kantua, harek bezela nik ere dio eman dezala frutua.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/17]
    Mendizabal, Mikel, I. (1989) “Arratsalde on ongi etorri”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/ge6c4 [azken kontsulta: 2024/12/17]
    Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019.
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Mikel Mendizabalen «Arratsalde on ongi etorri»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Bertso honek lotura du Gernikan ospatutako txapelketa-saioetan agur gisa kantatu izan diren beste batzuekin. Ikusi: - 1982-11-21 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Agur Gernika Euskaldunentzat - 2013-11-09 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Aupa Gernika zer moduz, kaixo!

  • “Lauaxetaren betaurrekoak” | Koldo Izagirre | 1989

    Titulua “Lauaxetaren betaurrekoak”
    Egilea Koldo Izagirre
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1989
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Itzela da Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma-ko “Lauaxetaren betaurrekoak” poema sortan (25-28) Gernikaren iruditeriak hartzen duen lekuaren neurria. Picassoren Guernica koadro ezagunaren alderantzizko ekfrasitzat irakur liteke poema. Denbora pasa ahala zentzu alegorikoan betez baina zentzu historikoan lausotuz edo hustuz doan artelana, atzera berriz, dagokion sortze testuingurura baitakar. Era horretara, euskal gizartearen oroimen gune nagusienaren bereizgarri sinbolikoei buruzko gogoeta pizten du, hain zuzen ere, irakurlea Gernikaren dimentsio alegoriko eta historikoaren arteko talkaren erdian kokatuz. «Ulertzen dut poeta frantsesaren [Eluarden] izua/ […] izua […] begietan/ Picassoren oihalari beha […]/ —Gernikaren hezurrak/ merkatu eguna/ Hiru ordu terdi bonbaketa/ Bi mila hildako/ Haritz bat—/ Baina poeta frantsesak ezin du ulertu/ Picassoren oihalari poeta bat falta zaiola/ Euskarazko oihu hori duela eskas/[…]» (26). Aipu horretan argi laburtzen den eran, gizateria zibilaren aurkako erasoaren alegoriak 1937ko apirilaren 26ko sarraskiaren historia eta memoriak irents ditzake. Hortik, «ikono global» bilakatu den «Picassoren oihalari beha» daudenei Guernica-k erro-erroan duen Gernika, hau da, gertaera historiko erreala, gogora ekarri eta zehazteko helburua. Literaturak, hortaz, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazgarritasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratu eta aitortuz. Are, haritzaren edo Gernikako Arbolaren aipamenarekin, Gernikak euskal gizartean duen garrantzia sinbolikoa, aspalditik (gutxienez, Erdi Arotik) letorkeela zehazten du.  Izenburua oinarri, Gernikako bonbardaketa gertatu eta gutxira, 1937ko ekainaren 25ean, Gasteizen, fusilatu zuten Estepan Urkiaga (Lauaxeta) poetaren omenez idatzitako gorazarrezko olerkia izango delakoan, irakurleari harridura sor liezaioke «Haur batek jaso ditu zure betaurrekoak/ Hankagabeko zaldiak hautsiak/ […] Ezin hazaket maita afusilaturik besterik» pasarteak  (28). Alde batetik, aipagarria da «hankagabeko zaldiaren» irudia, baita haurrarena ere, Guernica koadroaren osagai ikonografikoen ekfrasitzat jo daitezkeelako. Picassoren margolana irakurleon talde iruditerian sakonki ainguratuta egoteak ekfrasia erraztearekin bat, zaildu ere egiten duela uler liteke. Erraztu, oroimen guneek, sintesi ahalmen itzelarekin, ikur gutxirekin (kasu honetan, bi hanken gainean intzirika ari den zaldia eta biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetako bat den haurra) esanahi ugari adierazteko gai direlako. Eta zaildu, arestian ikusi bezala, Gernika, zentzu epistemologikoan, oroimen ibilitari eta etengabeko gatazka leku bilakatu delako. Beste alde batetik, poetak (oro har, artistak) genio ukiezintzat hartu ordez, hezur-haragizkotzat eta argi-itzalez oroitzeko helburua suma daiteke. Lauaxetaren kasuan, Izagirrek burges izaera leporatzen dio, baita arlo batzuetan erreakzionarioa izatea ere (27-28). Hortik poemaren azken bertso-lerroa: «sendoa bazina […]/ Idatziko zenituzke bide barrijak […] Hika dagiat […]/ Ezin hazaket maita afusilaturik besterik» (28).  Horrekin batera, testuarteko elkarrizketan jartzen ditu protagonista eta Gerra Zibilean frankistek fusilatu, edo kartzeleratu eta hil arte gaixotzen utzi, zituzten beste bi poeta ezagun: «Italia eta Alemaniaren armiarma beltzenek/ Eta gero Españaren poeta suminduek Miguel/ Lehertu zuten Gernikan atxilotua/ Gorrotozko igitai batek ustel dezala heldu zintuzten eskua/ —Federico, Miguel—/ […]» (25).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Koldo Izagirreren «Lauaxetaren betaurrekoak»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Gernika” | MCD | 1988

    Titulua “Gernika”
    Egilea MCD
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1988
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kantu hau memoria multidimentsionalaren adibide bat da. Gernikako sarraskiaren sinboloa baliatzen du garaiko, 1980ko, gatazka sozialak mahaigaineratzeko. Kantuaren leloa esanguratsua da zentzu horretan: “Gernika volverá a arder, Gernika berriro sutan”. Kantuaren bukaeran gehitzen da “Una nueva legión Condor nos caerá otra vez”, eta gero errepika bat erabiltzen dute “la historia se repite”. Gernikarekin lotzen diren gatazken artean daude industria-birmoldaketa (fondos de promoción), langabezia, telebistaren alienazioa, heroinaren arazoa, IHESA, nazionalismo espainiarraren zapalkuntza, jaurlaritzaren politika errepresiboak (las hostias en bilingue).

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2024). “MCDren «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Jose Angel Lasa | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Jose Angel Lasa
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Jose Angel Lasaren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Lasaren artelana goitik ezkerrera eta behetik eskuinera zeharkatzen duen diagonal zuri oso markatu batetik abiatuta artikulatzen da. Horrekin batera, Lasaren proposamen artistikoak Picassoren Guernica koadroan ageri diren bi elementu esanguratsu ekartzen ditu lehen lerrora: eskuetan haur hila duela, minez aldarrika dagoen emakumea eta errenka dabilen emakumea. Ekfrasi horrek, ezinbestean, elkarrizketa bat irekitzen du aztergai dugun koadroaren eta Picassoren lanaren artean, beste estetika eta garai batetik egin ere; konposizioak bonbardaketaren narrazio literala baztertzen du, eta sintaxi abstraktu baten aldeko hautua egiten.

    Marroiez, okrez, beigez eta beltzez osatutako paleta kromatikoak janzten du obra. Ez dago, ostera, kolore bizirik ez aipaturiko horiei kontrastea egiten dionik ere; lur-tonuek hiri suntsituaren materiari egiten diote erreferentzia, dena ke edo errauts geruza batek iragaziko balu bezala.

    Sinbologiari dagokionez, artelana aldez alde zeharkatzen duen diagonalak 1937ko apirilaren 26an Gernikako zerua zeharkatu zuten hegazkinen ibilbidea iradoki lezake, edo hiribilduaren gainera erori ziren bonben lorratza; haren beheranzko norabideak talkaren ideia indartzen du, gorputz babesgabe baten gainera goitik erortzen den zerbaitena. Oroimen historikotik, orbaina ere izan liteke: lehenaldia eta geroa banatzen dituen lerroa, eguneroko bizitzaren jarraipena mozten duena. Urrezko eskailerek, berriz, diagonalak errepresentatutako txikizio horren aurrean, ihesa, berreraikitzea, memoria irudika lezakete. Bi eskailerak, gainera, oso hurbil daude, espazialki, Picassoren Guernicatik erreskatatutako bi pertsona-irudietatik; alderdi horrek are gehiago indartzen du eskailerek duten sinbologia. Inguru guztia hartzen duten zatiek eta plano gainjarriek, euren aldetik, suntsitutako hiria irudikatzen digute.

    Guztiarekin ere, esan dezakegu koadroaren helburua, aipaturiko interpretaziotik bederen, ez dela bonbardaketa bere horretan ilustratzea, ezpada bonbardaketa hori, eta horrek eragindako txikizio eta trauma oro espazioan eta denboran nola inskribatzen diren hausnartzea. Diagonalak, eskailerek, zatiek eta lurrarekin lotutako paleta kromatikoak indarkeriak zeharkatutako leku gisa (ber)eraikitzen dute Gernikaren irudia. Guernicaren ekfrasiek, ostera, birkontatze edo birgogoratze horretan, memoria-ariketa horretan, artearen presentzia eta harekiko elkarrizketa bat sortzea ezinbestekoa dela azpimarratzen digute.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Jose Angel Lasaren Gernikari buruzko fitxa” MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu katalogoa: Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Iñaki de la Fuente | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Iñaki de la Fuente
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Iñaki de la Fuenteren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Kubismotik hurbil dagoen estetikatik tratatutako giza aurpegi baten inguruan antolatzen da obra; aurpegia plano geometrikoetan, lerro hautsietan eta gainjartzen diren bolumenetan deskonposatzen da. Aurpegiaren deskonpisizio eta poliedrikotasun horrek, subjektuen aniztasuna eta, era berean, mila zatitan hautsitako gorputz bat iradoki diezaguke. Atzeko planoa ere figura nagusi horrekin nahasten da, gainera, eta subjektuaren eta espazioaren arteko tarte edo muga oro lausotzen zaigu. Paleta kromatikoa marroiekin, grisekin eta urdinekin osatzen da nagusiki, alegia, tonu hotzekin. Ez dago, hortaz, ez bizitasunik ez eta kontrasterik ere koloreetan.

    Estetikak eta koloreek, zeharka, Picassoren Guernica obraren oihartzunak izan baditzakete ere, batez ere artelanaren izenburuak ainguratzen gaitu errepresentatu nahi den une eta jazoera historikora. Hala, maila sinbolikoan, hoztasunez beteriko koloreek, errautsez eta harriz beteriko memoria batera garamatzate; ez da odolaren eta sufrimenduaren berehalako paleta irudikatzen, bonbardaketaren eta txikizioaren ondorengo isiltasunaren eta errautsen hoztasun, gris eta tonu ilun iraunkorra baizik. Obraren nukleo sinbolikoak, halaber, eta horrek iradokitzen duen aniztasunak eta geometrizazioak, indarkeria berberak hautsitako askotariko identitate kolektiboa irudikatzen digu. Hala, ez gaitu subjektu beraren aurrean jartzen, ezpada Gernikako bonbardaketaren dimentsio paradigmatikoaren aurrean, dimentsio unibertsalaren aurrean.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Iñaki de la Fuenteren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu katalogoa: Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Bonifacio Alonso | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Bonifacio Alonso
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Bonifacio Alfonsoren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Azteragai dugun artelanaren konposizioa, zurrunbilo bezala egituratzen diren giza formek, hezurrek eta forma mekanikoek osatzen dute. Ez dago erdigune zehatzik; gorputz-zatikatuak, bihurrituak, burezurrak, eta elementu mekaniko horiek guztiak nahas-mahas daude irudikatuta. Koloreek bi plano bereizten dizkigute errepresentazio nahasi horretan: batetik, beltzez irudikatutako atzeko planoa; bestetik, sua, kea eta hondamena irudikatzen dituzten tonu marroiz, okrez, gorrixkez, laranjaz eta grisez jantzitako aurrekoa. Kontrasteak, artelanaren izenburutik seinalatzen zaigun Gernikako bonbardaketako sute eta suntsipen atmosfera indartzen du. Konposizioa bera bezala, gainera, koloreen disposizioa ere ez dago garbi; koloreak ere zurrunbilo berean agertzen zaizkigu nahasita, zikinduta, suntsitutako hiri baten eszenatokian. Maila sinbolikoan, gorputz zatikatuek eta burezurrek, Gernikako bonbardaketaren biktima zibilak irudikatzen dituzte. Era berean, elementu mekanikoek, hots, hodiek, pieza industrialek, makinaria hondarrek, Gernikako bonbardaketaren helburura begira jartzen gaituzte; Gernika aireko erasoaren laborategia izan zen (Irujo, 2018). Konposizio kaotikoak begi-kolpe bakarrean irakurtzeko ezintasuna transmititzen digu, oroimenaren izaera traumatikoaren isla.

    Hierarkia argirik ez duen artelanak, ordea, maila askotan Picassoren Guernica artelanera begira jartzen gaitu: gorputz distortsionatuak –nahiz eta beste estetika batetik egindako distortsioa izan–; oihu mutuaren sentsazioa; gizaki, animalia eta objektuen arteko nahasketa; erabateko hondamenaren testuingurua. Alde horretatik, Alfonsoren koadroak elkarrizketa bat sortzen du Picassoren koadro gogoangarriarekin; Picassok gerraren izugarrikeria salatu zuen bere lanean, eta, hala, Gernikako bonbardaketa txikizioaren sinbolotzat irakurri izan da mundu mailan (Mees, 2007). Bada, aztergai dugun obrak ere, lengoaia garaikideago eta abstraktuago batetik heltzen dio ondare horri, eta gogoratu ez ezik, trauma historiko hori gaurkotu ere egiten du.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Irujo, Xabier (2018). The Bombing of Gernika. A Short History. Center for Basque Studies.

    Mees, Ludger. (2007). Gernica/Gernika como símbolo. Historia contemporánea, 35, 529-557.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Bonifacio Alfonsoren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu katalogoa: Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Alfonso Gortazar | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Alfonso Gortazar
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Alfonso Gortazarren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Gortazarren koadroak, izenburutik ez ezik, agertzen diren motibo, kolore eta konposiziotik dei egiten dio zuzenean Picassoren Guernica gogoangarriari. Gortazarren artelanean, gainera, goiko aldean “1937-1985” datazio agertzen da, eta behekoan, ostera, “Pablo Picasso Guernica” inskripzioa. Denboraren erreferentziak, batetik, Picassoren koadroa ez ezik, Gernikako bonbardaketa bera ere, Gortazarren koadroaren sortze momentuarekin lotzen du, bien arteko elkarrizketa bat iradokiz bezala. Alde horretatik, pentsa dezakegu Gortazarren koadroaren helburua ez dela irudi bakoitza formalki berrinterpretatzea, baizik eta 1937tik bereizten gaituen denbora- eta kultura-distantzia seinalatzea. Inskripzioak, bestetik, koadroak figuratiboki sortzen duen ekfrasia berresten eta azpimarratzen digu, aitorpen baten gisan. Hala, Gortazarrek, ez bakarrik estetikoki, idatziz ere Picassoren koadroarekin ainguratzen du bere mezu artistikoa, eta, modu zabalago batean, ondorioz, baita Gernikako bonbardaketarekin ere. Piezak, neurri batean, “memoria-marko” gisa funtzionatzen du.

    Gortazarren obran jatorrizko Guernican ageri diren motibo, pertsona, animalia eta elementu sinboliko berdinak agertzen badira ere, baita konposizioa eta hierarkia figuratiboa bere horretan errespetatzen bada ere, paleta kromatikoa ez da berdin erabiltzen. Izan ere, Picassoren Guernica grisetan, beltzetan eta zurietan oinarritzen den bitartean, Gortazarrek bere hizkera piktoriko propioari dagozkion ñabardurak sartzen ditu, post-pop figurazio bati eta adierazkortasun kromatiko pertsonal bati lotutakoak. Gortazarren erreprodukzioak jatorrizkoaren kode grisaxka antzeratsua errespetatzen duen arren, euskarriak, tipografiak eta tratamendu grafikoak hurbildu egiten dute kartelaren, inprimakiaren eta zirkulazio publikoko objektuaren unibertsora. Eta, hala, eragiketa kromatiko horrek funtsezko ezberdintasun bat markatzen du Picassoren koadroarekiko: Gortazarren, zuri-beltz hori irudi historikoa da jada, dokumentu erreproduzitua; bestela esanda, Gortazarren koadroak iradokitzen digu bonbardaketa jada ez dela bizitzen, irudien bidez oroitzen dela. Eta, hain zuzen ere, Gortazarren ibilbidea, hastapeneko urteetan, euskal tradizioaren eta kultura bisual garaikidearen ikonoen eguneratze ausart eta ironiko gisa deskribatu, eta post-pop sentsibilitate estetikoarekin lotu izan da. Kasu honetan, Guernica motibo gisa hartzean, logika eta estetika horren bitartez azaltzen eta berrirakurtzen du autoreak Picassoren lana: koadroa, jada, ez da obra bakarra, irudi erreproduzigarria baizik, Gernikako oroimenaren logotipoa.

    Jabetze horrek ez du trauma hutsaltzen, ez du Picassorekin lehiatzen; beste garai batetik egiten du harekin solas. Picassoren Guernica oihu bat bezala interpreta badaiteke, Gortazarren lana oihu hori irudi historiko bihurtu delako kontzientzia hartze bezala uler dezakegu.  

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Alfonso Gortázar Orúe (d.g.). Bilbao museoa. https://bilbaomuseoa.eus/eu/ezagutu/artista/alfonso-gortazar-orue/407c6426-828b-422d-a026-7d07d590d927

    Alfonso Gortázar (d.g.). Juan Manuel Lumbreras Galería de Arte. https://galerialumbreras.com/exposiciones/alfonso-gortazar-2/

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Alfonso Gortazarren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu katalogoa: Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Vicente Ameztoy | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Vicente Ameztoy
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Vicente Ameztoyren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Ameztoyren artelana giza irudi zatikatu baten inguruan antolatzen da; gorputz-adarrarekiko desproportzionalak diren besoek eta buruak, gorputz bakar bat baino, askotariko gorputzez osatutako subjektu bat dela iradokitzen digute. Kolore desberdintasunak ere hori berori indartzen du. Protagonistak, halaber, burua partzialki bilduta edo bendatuta dauka: tapaki horrek, batetik, zaurituta dagoela adieraz liezaguke, baina, era berean, protagonistaren anonimotasuna eta unibertsaltasuna aldarrika lezake. Hondoan, atzeko planoan, hainbat elementu nabarmen daitezke: hegazkin bat, esku-aztarna bat, erreferentzia anatomikoak, besteak beste. Guztien disposizio kaotikoak, baita, irudi batzuk lausotuta agertzeak ere, narratiba ordenatu eta garden bat baino, modu desordenatuan antolatutako askotariko elementuz osatutako paisaia bat erakusten digute.

    Artelanaren izenburuak Gernikako bonbardaketara ainguratzen ditu Ameztoyk irudikatu dituen sinbolo guztiak. Hala, batetik, atzeko planoan agertzen den narratiba desordenatu eta kaotikoak, memoriaren beraren izaerara begira jartzen gaitu; bonbardaketaren mapa-mental bat errepresentatzen digu, zeinak, memorian iltzatutako irudi solte eta traumatikoak, inkontzientea hitz egiten egongo balitz bezala, modu desordenatu eta irrazional batean bistaratzen dituen. Bonbardaketaren memoria-mapa horretan, ezinbestekoak dira, hegazkina, Gernika nork eta nola bonbardatu zuten seinalatzen duen elementua; giza-gorputza, oroimenaren gudu-zelaia, zauritutako gorputza –buruko bendak eta atzean barreiatuta agertzen diren erreferentzia anatomikoek iradokitzen dutenez–, baita lekukoa ere –atzeko planoan agertzen den esku-aztarnak adierazi legez–, bonbardaketan hil ziren herritar guztien oroigarri. Koloreak ere, arrosara hurbiltzen den joko kromatikoak, giza-haragia gogoraraz diezaguke, eta gogora dezagun, Gernikako bonbardaketa, hain zuzen, sarraskiaren eta bakearen aldarrikapenaren sinbolo bihurtu zela, besteak beste, zibilen aurkako lehen bonbardaketa izan zelako (Irujo, 2018).  Alde horretatik, koadroak, Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketako beste artelanek bezala, bonbardaketaren osteko oroimenaren eta memoriaren tradizioa osatzen du; ez du bilatzen eszena historikoa berreraikitzea, ezpada bonbardaketak eragindako minak eta traumak irudikatzea, gizakion memoriak eta inkontzienteak bezala, lengoaia garaikide eta surrealista baten bitartez egin ere.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Irujo, Xabier (2018). The Bombing of Gernika. A Short History. Center for Basque Studies.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Vicente Ameztoyren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu katalogoa: Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Pintada en Vizcaya con el mensaje “Euskadi libre” | Heinz Hebeisen | 1987

    Titulua Pintada en Vizcaya con el mensaje “Euskadi libre”
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Bizkaia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazki hau Heinz Hebeisenek, Espainian bizi den Suitzako argazkilari batek, atera zuen; haren lanak herrialdearen kultura, ondarea eta gizarte-ingurunea dokumentatzea du helburu, ikuspegi dokumentalista eta artistikotik egiten duena, hain zuzen ere. Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Horma-irudiak esku bakarra erakusten du, kandela zuri bati eusten diona. Marra bakuna eta kolore beroak dituen eskua, berde, gorri, more eta beltzeko tartetan banatuta dagoen atzealde baten erdian agertzen da. Eskuaren sinboloa Picassoren Guernica lanetik dator non esku bat ageri da, lanpara bati edo argi bati eusten, bonbardaketaren kaosaren erdian. Muralean, erreferentziak paper zentrala hartzen du, memoria kolektiboaren jarraitutasunaren keinu gisa funtzionatzen duena. Guernica-ren aipamen bisualak berehalako lotura ezartzen du dagoeneko intregatuta dagoen iruditeria batekin eta, modu horretan, horma-irudiaren mezua salaketa eta aldarrikapen historikoaren genealogia baten barruan kokatzen du. Genealogia hori XX. eta XXI. mendeko hainbat unetan berpiztu da Euskal Herrian.

    Ezkerrean, “EUSKADI LIBRE. Muga eta zapalkuntzarik gabe” testuak askatasunaren aldarrikapen esplizitua egiten du. Irudiak, beraz, mezu politikoa eta Guernica artelanetik ateratako sinbolo bisualak konbinatzen ditu. Era berean, 1987ko Aberri Eguna zela eta, EMK-k (Euskadiko Mugimendu Komunista) egindako karteletan ikusi ahal izan da irudi berbera. EMK euskal ezkerreko alderdia izan zen, komunista eta autonomoa, batez ere hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkaden artean jardun zuena. Bere ekoizpen grafikoak erresistentzia, memoria eta emantzipazio sinboloak erabili zituen maiz, karga politiko handiko hizkuntza bisual eskuragarrian integratuak.

    Artelanaren irudia esteka honetan kontsulta daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/pintada-en-vizcaya-con-el-mensaje-euskadi-libre

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Kortazar-Billelabeitia, J. (2012). El Movimiento Comunista de Euskadi y la Transición en el País Vasco (1975-1980). In No es país para jóvenes (p. 97). Instituto de Historia Social Valentín Foronda= Valentín de Foronda Gizarte Historia Instituta.

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisenen (argazkilaria) Pintada en Vizcaya con el mensaje “Euskadi libre”ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en Durango | Heinz Hebeisen | 1987

    Titulua Mural en Durango
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Durango
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazki hau Heinz Hebeisenek, Espainian bizi den Suitzako argazkilari batek, atera zuen; haren lanak herrialdearen kultura, ondarea eta gizarte-ingurunea dokumentatzea du helburu, ikuspegi dokumentalista eta artistikotik egiten duena, hain zuzen ere. Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Muralak Picassoren Guernica lanaren berrinterpretazio kolorista bat irudikatzen du, non jatorrizko irudiak eraldatuak izan diren baina oraindik ere guztiz errekonozitu daitezkeen. Lehen planoan zezen bat agertzen da, adar urdinak eta begi oso adierazkorrak dituen izaki gorri eta zuri bihurtua; estilizatua badago ere, Picassoren koadroan duen aurrealdeko posizioa eta presentzia nagusia mantentzen ditu. Bere ondoan, gorputz zuriko eta lerro nabarmeneko zaldi bat ikusten da, burua luzatuta eta ahoa zabalik; Guernica-ko zaldi zaurituaren oihartzun zuzena, baina hemen sinplifikatua eta kolore bizien bitartez eraldatua. Zaldiaren behealdean lore bati eusten dion besoa eta, bere alboan, giza irudi bat daude, Guernica-tik zuzenean ateratako motiboak.

    Irudiak jatorrizkoaren oinarrizko egiturari eusten dio —zezena, zaldia eta giza irudiak—, baina goitik behera eraldatzen du: Guernica-ko tonu grisak eta giro tragikoa kolore biziekin ordezkatzen dira, hala nola, gorria, urdina, horia eta zuria, komikitik edo horma-irudi herrikoitik hurbilago dagoen estilo batekin. Irudiak mugatzen dituzten marra beltzek eta hondo zuri baten gaineko konposizio irekiak berrinterpretazio askearen sentsazioa indartzen dute. Picassoren koadroaren dramatismoa desagertzen den arren, irudien jatorria agerikoa da, eta horma-irudiak XX. mendeko artearen ikono ezagunenetako baten bertsio berri gisa funtzionatzen du.

    Artelanaren irudia esteka honetan kontsulta daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-durango

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisenen Mural en Durangori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika | Txemi Mendiero | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Txemi Mendiero
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Txemi Medieroren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Medieroren obra hiru panel bertikalek osatzen dute, guztietan ageri da gizaki baten silueta urdinez, hondo marroi baten gainean. Panel bakoitzak irudi desberdin bat erakusten du: lehenak, eskuinerantz orientatutako profil bat dakar, goian, zeruan, hegazkinaren isla izan daitekeen silueta zehazgabe bat ere agertzen zaigu, eta atzealdean lerro zuzenak. Bigarrenean silueta berdina agertzen zaigu, baina, oraingoan, besoak pixka bat altxatuta, zerura begira eta garrasi betean. Hirugarrenak, lehenengoaren konposizio antzekora bueltarazten gaitu: lehenengo paneleko silueta berdina dakar, baina, hondoan, jada, ez dago lerro zuzenik, ezta figura identifikagarririk ere; hondoa laino batek hartzen du. Hiruko antolamenduak sekuentzia bat iradokitzen du, narratiba zatikatu bat edo egitura erritual bat, triptiko garaikide bat balitz bezala. Izan ere, erdiko irudia, besoak jasota, erregu, errendizio edo inbokazio keinu gisa interpreta daiteke. Alboetako profilek, aurrez aurre jarrita, elkarrizketa, tentsioa edo testigantza iradokitzen dute.

    Izenburuak, hain zuzen ere, narratiba bisual hori Gernikako bonbardaketara ainguratzen digu. Izan ere, margolanak jazoera tragikoa zuzenean irudikatzen ez badu ere, proposatzen duen hizkera bisual eta sinbolikoak gertaeraren memoriarekin elkarrizketan jartzen gaitu: irudi urdinak iraganeko itzal gisa irakur daitezke, denboraren gainazal higatutik azaleratzen diren presentzia espektral gisa. Erdiko irudiak, besoak jasota, etsipen-une batean harrapatuta geratu ziren bonbardaketaren biktimak gogora ditzake. Aurrez aurre dauden profilek, berriz, lekukoak, bizirik geratu direnak edo behatzen eta gogoratzen duen gizartea irudika ditzakete. Guztiarekin ere, memoria historikoaren testuinguruan, hizpide dugun koadroak traumaren irudikapen abstraktu gisa funtzionatzen du; ez ditu suntsitutako eraikinak, bizitzak, txikizioa erakusten, baina bai absentziak, isiltasunak, oroitu beharrak. Hondoaren testurak iradokitzen digunez, memoria ez da ez garbia ez lineala, baizik eta zatikatua, higatua, orbainez betea, lainotua.

    Artelana ikusteko kontsultatu Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa hemen.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Txemi Mendieroren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Pablo Aizoiala | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Pablo Aizoiala
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Pablo Aizoialaren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Obrak mugitzen ari den zaldi bat irudikatzen du, trosta edo martxa iradokitzen duen jarrera dinamikoan, baina, era berean, animaliaren buru biratuak alerta edo nahasmen kutsua eransten dio obrari. Zaldiaren irudiak errealismoa eta inpresionismoa nahasten ditu: bere anatomia ezagutzeko modukoa da, baina ingeradak pintzelkada solte eta adierazkorretan disolbatzen dira. Hondoa tonu berde, hori eta kolore iluneko marra abstraktuek osatzen dute, eta ingurune natural bat gogorarazten dute. Konposizioa zaldiaren gorputzaren inguruan antolatzen da.

    Zaldia, tradizioz indarra, askatasuna eta nobleziaren sinbolotzat hartu bada ere (Tirador, 2011, 80. or.), kasu honetan, izenburuak berak iradokitzen digunez, Picassoren Guernica koadroarekin harremanetan, eta, ondorioz, Gernikako bonbardaketarekin lotuta ulertu behar da. Dakigun bezala, animalia zehatz horrek leku erabakigarria du Gernikako bonbardaketaren sinbolo unibertsaltzat interpretatu eta zabaldu den Picassoren artelanean; zehazki, konposizioaren silueta piramidala osatzen duen irudi multzoan agertzen zaigu, erpinean, iluminaziozko bi elementuen artean. Guernica artelanean, autoreak berak aitortu zuenez, zaldiak herria errepresentatzen du (Cogollo, 2009, 96. or.), animaliaren mingaina irudikatzen duen aiztoak ez ezik, sufrimenduz betetako bere jarrerak ere indartu bezala, minez eta terrorez aldarrika diharduen herri traizionatua, hain zuzen ere. Aizoialaren artelanean ere abstrakzio bertsua egin dezakegu zaldiaren bitartez, bien artean elkarrizketa bat proposatzen duen heinean. Hala ere, hizpide dugun pinturako zaldia, bakarrik agertzen zaigu, eta ez oihuka, baizik eta isilik, herria bera bonbardaketaren lekuko isila izan zela aditzera emanez, hitzik behar ez duen sufrimenduaren eramaile. Haren ibilera bakartia, hortaz, doluaren eta suntsipenaren osteko bizitzaren iraupenaren metafora gisa irakur daiteke. Era berean, Picassoren zaldia ez bezala, Aizoialarena ingurune natural batean irudikatzen zaigu, eta horrek, txikizioaren osteko isiltasun hits eta beldurgarria areagotzeaz gain, Gernikako herriak –eta Euskal Herriak orokorrean– bere alderdi naturalarekin, sustraiekin betidanik izandako lotura estua irudika dezake. Lotura hori ere, sinbolikoki, ebaki nahi izan zuten bonbardaketaren bitartez (Irujo, 2018, 65-66. or.), eta, hein handi batean, hori ere islatzen zaigu artelanean.

    Artelanaren irudia ikusteko Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa kontsultatu, hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cogollo, Sonia Natalia (2009). Análisis semiológico del Guernicade Picasso. Revista Psicoespacios, 3, 3, 91-102. or. http://www.iue.edu.co/revistasiue/index.php/Psicoespacios

    Irujo, Xabier (2018). The Bombing of Gernika. A Short History. Center for Basque Studies.

    Tirador, Víctor (2011). Caballo y Poder: Las Élites Ecuestres en la Hispania Indoeuropea. El futuro del Pasado, 2, 79-95 or.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (1987). “Pablo Aizoialaren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Jesus Mari Lazkano | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Jesus Mari Lazkano
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Jesús Mari Lazkanoren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai. Lazkanoren artelanean bi plano nagusitzen dira: batetik, atzeko hondoa, kolore ilunekin irudikatu den paisaia errealista bat, mendiek eta kez eta errautsez betetako zeru batek osaturik; bestetik, iluntasun eta atzeko oihaleko estetika horri kontrastea egiten dion Picassoren Guernica artelanaren parte den elementu esanguratsua. Jatorrizko bertsioa errespetatzen da, gainera, elementu horren berrinterpretazioan: Picassoren koadroan nola Lazkanoren koadroan ere gris argiekin irudikatu zaigu, estetika kubista bertsua errespetatu da, baita konposizioan hartzen duen kokalekua eta inklinazio/posizioa ere. Hala, atzeko estetika ilun eta nahiko errealistarekin egiten du talka, lanpara bat eskuan agertzen zaigun elementu argi eta kubista bakarrak. Herriaren argia edo esperantza irudikatzen da txikizio eta hondamendi beltz eta sufrimenduz betetako horretan guztian. Hala, ezinbestean, Picassoren artelanarekin elkarrizketan jartzen gaitu hautu horrek, bai maila sinbolikoan nahiz semantikoan; memoria historikoaren testuinguruan, lan honek galdera hauek bizirik mantentzen laguntzen du: nortzuk izan ziren biktimak? Nola irudikatzen da sufrimendua? Eta, Picassoren Guernica koadroaren berrinterpretazioa den heinean, alegia, gertaeraren berrirakurketa bat, zein paper jokatzen du arteak iraganaren berreraikuntzan? Picassoren koadro ospetsuaren antzera, irudi honek ez du dokumentatzea bilatzen, baizik eta hunkitzea, interpelatzea, eta ahanzturari aurre egitea.

    Artelanaren irudia ikusteko Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa kontsultatu hemen.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Jesus Mari Lazkanoren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa

  • Gernika | Darío Urzay | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Darío Urzay
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Darío Urzayren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Urzayren artelanak hegazkin ilun baten irudia aurkezten du, ur azalaren kontra jaisten edo lehertzen. Konposizioa ardatz bertikal baten inguruan egituratzen da. Ardatz horrek hegazkinaren irudia eta haren isla lotzen ditu; bertikaltasuna ematen dio obrari, eta horren bitartez, inpaktuaren ideia indartzen zaigu. Atzealdeak, tonu gorriz eta gris ugariz, atmosfera dramatikoa sortzen du, eta are gehiago indartzen hegazkinaren eta ur azalaren arteko talka apokaliptikoa eta leherketaren oihartzuna. Kolorearen erabilera hori, hortaz, funtsezkoa da koadroaren karga eta irakurketa emozional eta sinbolikorako: gorria da nagusi, suarekin, odolarekin, indarkeriarekin eta sufrimenduarekin loturiko paleta kromatikoa; grisek eta ilunek, berriz, errauts, hondamen, geroko isiltasun sentsazioa dakarte. Hegazkina, silueta beltz gisa irudikatua, egoera horren guztiaren mehatxu bezala irakur daiteke. Giza figurarik ez egoteak eta elementuen ekonomiak obraren izaera sinbolikoa indartzen dute, baita koloreen bitartez transmititu nahi izan dena ere. Hala, beltzez, protagonismoa hartzen duen hegazkina, koadroko elementu figuratibo bakarra, ez da objektu soil bat bakarrik; indarkeriaren eta sarraskiaren sinboloa ere bada.

    Koadroak edozein sarraski eta txikizio irudikatu badezake ere, kasu honetan, izenburuak Gernikako 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketara ainguratzen gaitu zehazki. Hala, beheranzko hegazkinak erasoan parte hartu zuten Heinkel eta Junkers hegazkinak interpelatzen ditu zuzenean. Hegazkinak urak itzultzen dion islarekin iradokitzen digun  esbastika naziaren siluetak, alemaniar eta italiar hegazkinek eta estatuek, frankismoaren onarpenarekin Gernikako bonbardaketan izan zuten parte hartzea seinalatzen digu. Era berean, hegazkina hondo gorri baten gainean itzal beltz gisa irudikatzeko hautuak, biztanleria zibilaren aurkako lehen erasoa izan zen bonbardaketak eragin zuen izura, suntsipenera, terrorera begira jartzen gaitu. Aipatu elementu horiek Gernikako bonbardaketaren iruditeria bisuala berreraikitzen laguntzen diguten arren, aldi berean, gorputzik, garrasirik, ageriko hondamenik ez egoteak unibertsalizatu egiten du, bai koadroa bera, baita koadroak eman nahi duen mezua ere. Hala, koadroak ez du Gernika leku gisa soilik irudikatzen, sinbolo gisa baizik: hegazkina, Gernikako bonbardaketakoa da, baina, edozein hegazkin izan daiteke; gorria, Gernikako sufrimenduaren kolorea da, baina edozein indarkeriaren kolorea ere izan daiteke. Hein handi batean, obrak bonbardaketaren memoria bizirik mantentzen laguntzen du, isiltasunaren, iradokizunaren eta iraunkortasun sinbolikoaren estetikatik.

    Artelanaren irudia ikusteko kontsultatu Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa, hemen.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Darío Urzayren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Daniel Tamayo | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Daniel Tamayo
    Lekua Euskal Herria Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Euskal Herria Museoak 2013an, Gernikako bonbardaketaren oihartzunak eta eragina ikusgarri egiteko, eta, zehazki, Picassoren Guernica artelanak sinbolo bezala izan duen garrantzia aitortzeko antolatutako Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketaren parte da, hain zuzen ere, Daniel Tamayoren Gernika artelana (1987). Hala, erakusketa osatu duten askotariko obrek –dela pinturak, dela eskulturak, dela argazki edo grabatuek, besteak beste– 1937ko apirilaren 26ko jazoera tragiko haren kariaz sortu den errelato historiko eta sozialari egiten diote ekarpena, artearen bitartez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa diziplinartekoa proposatzen diguten heinean: “Euskal Herriko ikurren munduan, Gernikako bonbardaketari urrezko tokia dagokio. Eta Artean izan duen oihartzuna ikaragarria izan da iraganean eta izaten jarraitzen du orainean. Euskal Herria Museoan zorigaitz haren kutsuko jarduera artistikoari buruz antolatu den egitaraua da oihartzun horren erakusgarri” (Sáenz de Gorbea, 2013, 2. or.).

    Erakusketa osatu duten artelan askotariko horien artean, aztergai dugun pintura Euskal artisten “Gernikak”. Los Gernikas de los artistas vascos azpitaldean agertzen zaigu ikusgai.

    Forma geometrikoen bitartez, eta zehazki, gurutze itxuraren bitartez sortutako giza itxurako silueta edo elementu bat hartzen du protagonista koadroak. Hori iradokitzen digute konposizioak eta dimentsioek eurek ere, artelanaren erdigunean eta ia espazio guztia okupatzen irudikatzen zaigun heinean. Konposizioa bertikala da, elementu nagusia zentratuta agertzen zaigu, erdigunean, eta nagusitzen diren koloreak primarioak dira –gorria, horia, urdina, zuria–.

    Irudi nagusiaren ingurua bi elementu sinboliko nagusik osatzen dute: batetik, “The shape of things to come” testuak, zeinak etorkizunari egiten dion dei; bestetik, Picassoren Guernica artelanarekin elkarrizketa bat eraikitzen duen begi-bonbillak. Azken elementu hori da, hain justu, Picassoren artelan gogoangarriko iluminazio elementuetako bat, konposizioaren goiko aldean eta nahiko zentratuta antzeman dezakeguna. Tamayoren pinturako gainontzeko elementuek ere, ez bakarrik aipaturiko bonbillak, Picassoren estetika kubistara begira jartzen gaituzte, hala nola, itxura humanoidearen geometriak, atal guztiak deskonposaturik ordenatu eta perspektiba anitzetatik irudikatzeko joerak, besteak beste.

    Agerikoa da, hortaz, Picassoren Guernica artelanaren berrinterpretazio bat eskaintzen digula, estetikatik ez ezik, izenburutik ere gertaera historiko zehatz horretara lotzen gaituen heinean. Baina, Picassok ez bezala, ez gaitu iragan denbora hartara bueltarazten; bonbardaketa hartatik abiatuta, bai eta Picassoren artelanak sinbolo bezala hartu duen indarrari aitortza bat eginda, etorkizunari egiten dio dei Tamayoren proposamenak, koadroan gehitzen den idatzizko elementu bakarrak azpimarratzen digunez: “The shape of things to come”. Bonbardaketatik 50 urtera sortutako artelanak, guztiarekin ere, Azken Gernikak. Los últimos Gernika erakusketarekin egiten du bat mezuan, iraganeko jazoera tragikoa, ez bakarrik orainarekin, ezpada etorriko den garaiarekin elkarrizketan jartzen duenez gero. Izan ere, irudikatzen den etorkizun horretan, ezinbestean, iraganeko traumak presente egongo direla gogorarazten digute bonbardaketaren sinbolo bihurtu den Guernica artelanaren etengabeko ekfrasiek; beste modu batera irudikatuta egon arren, aditzera ematen zaigu Gernikako bonbardaketaren errepresentazioak (kasu honetan piktorikoak) ezabatu ezinezko aztarna utzi duela artean bertan ez ezik, baita euskaldun ororen memoria kolektiboan ere.

    Artelanaren irudia ikusteko kontsultatu Saenz de Gorbearen Azken Gernikak. Los últimos Gernika katalogoa, hemen.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Daniel Tamayoren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Sáenz de Gorbea, Xabier (2013). Azken Gernikak. Los últimos Gernika. Euskal Herria Museoa.

  • Gernika | Manolo Gandia | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Manolo Gandia
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazkia, Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Aurrean daukaguna Manolo Gandiak (1955-1990) Gernikako sarraskia gogora ekartzeko eta Pablo Picassoren Gernika mihise-irudia berrinterpretatzeko asmoz pintatutako izenburu bereko artelana da. Hain justu, 1987an, Gernikako izu bonbardaketaren 50. urteurrenaren bueltan, antolatutako 15 euskal artistek Picassoren “Gernika” irakurgai [15 artistas vascos interpretan el “Guernica” de Picasso] erakusketarako sortu zuen —artista horietako bat zen, esate baterako, Nestor Basterretxea ere; ikus Suaren agonia eskulturari buruzko fitxa—. Gandiaren Gernika (1987), lehenbizikoz, Bilboko Windsor kulturgintza galerian aurkeztu zuten, beraz, Diario 16 egunkariko igandeetako gehigarri berezirako enkarguz egindako erakusketa kolektiboaren baitan.

    Ostera, artelanaren izenburua eta sortua izan zen testuinguru zehatza ezagutu ezean, litekeena da haren argazkiari so dagoenak, salbu eta bertatik bertara antzematen diren (eta esanguratsuak diren) koadroko bi xehetasunengatik ez balitz, Gernikarekin egundo ez lotzea. Izan ere, tamaina txikikoak eta lauso samarrak dira bibliografian jasota dauden Gandiaren Gernikaren argazkiak —nola Xabier Sáenz de Gorbearen Azken Gernikak katalogoak (38. orrialdean), hala artistari 2004an eskainitako atzera begirakoaren (Jose Luis Merinok komisariatu zuen) berri ematen duten prentsako argitalpenek dakartzatenak, behintzat— eta, lehen begiratuan, oharkabean pasa litezke detaile horiek.

    Kutsu surrealistako paisaia onirikoa dirudi, segidako elementuak agertzen baitira hondotik hasi eta lehen planora hurbilduz irakurriz gero: zeru hodeitsua —baina, halere, argitsua—; jatorrizko Gernikari keinu egiten dion eguzki-lanpararen figura —lehenengo detaile esanguratsua—; zerumuga markatzen duen arboladia; jauregi antzeko eraikuntza arkitektoniko arranditsua —ataurrean lorategia duena—; bere kasa dabilen ostruka bat; aurrerago, ostruka bikote bat; eta azkenik, lehen planoan —eta eszenaren erdialdean—, hauxe: koltxoi tankerako oinarri baten gainean egokitutako altzari bat (aulki hutsa); haren alboan, zutik, figura antropomorfiko bat (eguzkitako betaurrekoak eta jertse deigarri, koloretsua daramatzana soinean); bi figura zoomorfiko (tximuak); eta koadro baten erreprodukzioa (Picassoren Gernika; bigarren detailea, beraz). Ikonoaren erreproduzkioa aulkiaren hanken aurrean makurtuta dagoen tximuak dauka esku artean. Beste tximua, berriz, betaurrekodunaren bizkarrera igota dago, esku batekin ahoa estaltzen dio eta buztanarekin hankak inguratzen dizkio. Eszena, gainera, artelanaren barruko marko antzeko bat sortzen duen bi laukizuzenez osatuta dago (artistak darabiltzan koloreak orokorrean biziak badira ere, beroagoak dira barnealdekoak, bete-betean eguzki-lanpararen argitan daudenak). Marko horretatik, zirrikitu zehaztugabe batetik begira ariko balitz bezala, ateratzen da beste giza figura (sonbreirudun) baten burua.

    Saenz de Gorbearen esanetan, bereziki 1983tik aurrera —hau da, Basurtoko ospitalerako murala pintatu ondotik— ekin zion artista bilbotarrak kutsu surrealistako eszenak irudikatzeari, animalia basatiak ustekabeko eremuetan kokatu eta kontrasteen bitartez eremu horiek itxuraldatuz; sarri askotan (Gernika izeneko lan honetan bezalaxe), ostrukak eta tximuak (Rueda, 2025).

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Cubillo, I. (2004ko urtarrilaren 22a). Una muestra reivindica la pintura de Manolo Gandía. https://elpais.com/diario/2004/01/22/paisvasco/1074804000_850215.html

    Saenz de Gorbea, X. (2013). Azken Gernikak/Los últimos Gernika [katalogoa]. https://www.bizkaia.eus/home2/Archivos/DPTO4/Noticias/Imagenes/katalogoa%20-%20cat%C3%A1logo.pdf?hash=7c9d5242cc20b61a4b48dc90a8ed4e73

    Rodriguez, C. (2004ko otsaila). Manolo Gandía en la  BBK. https://www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/9726/pag17.pdf?sequence=1&rd=00312399133376681

    Rueda Pardo, S. Gandía Ogando, Manolo. Auñamendi Entziklopedia [https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/gandia-ogando-manolo/ar-52610/

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Manolo Gandiaren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Murala Gernikako herrian | Heinz Hebeisen | 1987

    Titulua Murala Gernikako herrian
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Argazkigintza, Murala, Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    1975-2005 denbora-bitartean, Francoren heriotza urtetik aurrera alegia, Heinz Hebesein Iberimage taldeko argazkilariak, espainiar estatuan zehar Pablo Picassoren (1881-1973) Gernika «artelan-irudiaren» kale mailako presentzia jasotze aldera ateratako berrogeitik gora argazkietako bat da hau. Guztiak ere MNCARSeko Repensar Guernica izeneko artxibo digitalean daude jasota eta, gehientsuenak, manifestazioetan astindutako edo kalean zintzilikatutako pankarten adibide bakarren batzuk salbu, horma gaineko mural, irudi edota pintadak dira. Muralgintzaren oinarrizko ezaugarriak hiru direla esan daiteke: espaziora edo marko arkitektonikora egokitzea, arreta piztea eta denboran luze eustea —harik eta palinpsesto bat balitz bezala beste horma irudi baten azpian geratu arte, bederen— (Robles, 2025, 314. or.).  Itxura batera, ez zaio horietarik bakar bat ere falta esandako argazkilariak 1987an Gernikako herriko horma harlangaitz zehaztugabe batean aurkitu eta dokumentatutako muralari. Elkar ukitzen duten 37 eta 87 zenbakiek salatzen duten eran, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean pintatu zuten Gernika Batzordekoek (edo euren izenean behintzat; ikus 1967an sortu zen batzordearen logotipoa izaten jarraitzen duen Picassoren Gernikako txori polikromatua, sinadura gisa hormaren ertz batean agertzen dena). Hitzek eta irudiek bat egiten duten horma irudi honen erdigunean, eskala handian, trazu ilun eta azkarrekin, besoak orans eran  —dela laguntza eske, dela kiskaltzen ari delako— altxatzen dituen figuraren eta inguruan dituen punta zorrotzeko sugar eta elementu arkitektoniko geometrikoen —suak hartutako etxe baten partetzat irakur daitezkeen horma eta leihoa— ber-irudikapen hori bihurtzen da bai mihisearen beraren, bai Gernikako izu bonbardaketaren sinekdoke. Esan nahi baita, puskak osotasuna dakarrela gogora. Picassoren koadroaren atal jakin horretatik eratorritako irudiaren bueltan, jada aipatutako osagaiez gain, 70etan sortutako Guernica Gernikara herri-mugimenduaren aldarria —gorriz eta letra larriz idatzia— eta askoz ere eskala txikiagoan pintatutako Gernikako Batzarretxea ikus daitezke; haritzaren lekuan, ordea, eguzkiak bete-betean jotzen duen palmondoa azaltzen da, 80etan —besteak beste euskal musikaren arlotik hedatu zen “Euskadi tropikala” leloarekin erlaziona daitekeen— “Gernika tropikala” lelopean, hain zuzen.

    Fitxa honetan erabilitako «artelan-irudi» terminoak, Rocío Roblesen (2019, 2025) bidetik, Gernikaren truke balioa (hau da, balio sinbolikoa) garden bihurtzen duen ikono izaera nabarmentzea du asmo. Esan nahi baita, mihise gaineko olio-pintura erraldoiak hasieratik bertatik sortutako (eta sortzen jarraitzen dituen) irudiek, irudi horien erabileratik eratorritakoek bezalaxe, agerian uzten dutela Gernika «artelan-irudi bizia» dela, badituena zeharkatzen duen garaiarekin konektatzeko gaitasuna eta agentzia (Robles, 2025, 309. or.). Gernikaren sortze eta aurkezpen baldintza zehatzak direla tarteko, zenbait arte historialarik, 1937an bertan (Parisko Nazioarteko Erakusketan, edo are, estudioan) kokatzen du artelanaren aura- eta ikono- balioen arteko identifikazio, nahaste edo elkarrizketaren hasiera (Robles, 2019, 22. or.). Hala ere, Gernikaren kale mailako presentzia munduan zehar, bereziki 1967tik aurrera hedatu zela esan daiteke —Art Worker’s Coalition taldekoek, Vietnamgo gerraren testuinguruan, mihisea MoMAtik erretiratzeko eskatu ondotik, alegia— (Robles, 2019, 122. or.).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Heinz Hebeisenen Murala Gernikako herriani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Euskadi Tropikala deituriko mugimenduari buruzko informazio gehiago hemen: https://alea.eus/araba/1663604836984-hertzainak-azken-bira

  • Iparragirreren madarikazioa | Mikel Untzilla | 1987

    Titulua Iparragirreren madarikazioa
    Egilea Mikel Untzilla
    Lekua Susa-20/Gernika
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mikel Untzillaren Iparragirreren madarikazioa izeneko narrazioa Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen.

    Iparragirreren madarikazioa ipuin laburra bi planotan banatuta dago, eta istorio baten barruko istorioaren berri ematen du. Lehen planoan, parentesi artean ematen dena, narratzaileak ondoren irakurriko duen aurkikuntzaren berri ematen du: Mary neska-lagunaren etxean itxoiten ari dela, aldizkari eta koaderno artean testu bat topatu eta hura irakurtzeari ekiten dio. Jarraian, parentesirik gabe eta letra tamaina handiagoan, irakurtzen duen istorio hori txertatzen da. Kontakizunak Iparragirreren madarikazioaz hitz egiten du (hortik izenburua), eta, funtsean, Euskal Herrirako bidaia batean oinarritutako fikzio espekulatiboa da. Zientzia fikzioak denbora-espazio ezberdin batean kokatutako kontakizuna du hizpide, aurrerapen zientifiko eta teknologikoen ondorioak kontuan hartzen dituena, eta azterkizun dugun kontakizunak zientzia fikzioaren zenbait ezaugarritatik edaten du. Etorkizun hurbil batean kokatutako eta teknologia berriek baldintzatutako gizakiak ageri dira istorioan: “traje isolatzaile berezia” janzten du protagonistak, telebista antzeko burudun agure bat da pertsonaietako bat, eta mutiko batek eskuen tokian martzianoen bideo-jokoa du. Kontakizunean ironia eta umorea gailentzen dira beste ezeren gainetik, eta idazleak euskal gizartearen erretratu fantastiko eta erabat ironikoa egiten du.

    Istorio barruko istorioan, narratzaile protagonistak ikertzailearen papera jokatzen du: Euskal Herrira bidaiatzen du arbasoen lurra ezagutzeko, eta agure bati 1999an gertatutakoaz galdetzen dio. Agureak telebista buruduna da, eta haren bilobak eskuak izan beharrean, martzianoen bideo-jokoa du.  Agurearen arabera, “bideojendea” deitutako gizakiak dira jokoarekin zerikusirik zuen zerbait zutenek gorputzean atal arrunt baten ordez. Ipuinak “bideojendea” nola jaiotzen hasi zen argitzea du helburu, eta agurearen eta narratzaile protagonistaren arteko elkarrizketaren bitartez ematen da azalpena.

    Lehenik, gizakiok nondik gatozen azaltzeko agureak aurrehistoriara jauzi egiten du, esajerazioz betetako kontakizunari hasiera emateko. Ondoren, azaltzen du gizakiaren aurrerapen eta garapen teknologikoen ondorioz, jainkoek lurtarrei hitzarmen bat adosteko eskatu zietela, eta hauek, ordea, ez zutela hitzarmenerako borondaterik erakutsi. Ondorioz, jainkoek kutxatxo bat bidali zuten lurrera: apustuak egiteko zaletasunaz betetako kutxatxoa, hain zuzen ere. Kontakizunaren puntu honetan Pandoraren kutxarekin ezartzen den paralelismoa agerikoa da,  egun gaitz guztien iturburuaren metafora gisa erabiltzen dena. Lurtarrek kutxatxoa Gernikan ezkutatu zuten: lurrean zuloa egin, bertan lurperatu eta gainean arbola landatu zuten: Gernikako arbola, alegia. Urteak joan ahala, euskaldunek Gernikako arbola herria babesteko sinbolo gisa hartu zuten, eta horren defendatzaile sutsuen artean agertu zen Iparragirre. Arbola bota eta suntsitzeko ahaleginak hamaika izan ziren, Gernika sutan utzi zuten bonbak tarteko, eta, ordutik, arbolak zutik irauteko gaitasuna sakratutzat hartu zuen jendeak. Gernikako arbolaren historiarekin jarraituz, agureak “iankiek”, hau da, estatubatuarrek, Gernikako arbola haien lurraldera eraman zutela dio, haren balio aberatsaz ohartuta. Ondorioz, kutxako apustu zaletasuna aske geratu zen.

    Kutxa irekiaren harira, egoera erabat parodikoa planteatzen da ipuinean: Euskal Herria Joku Herria bilakatzen da, dena jokoaren inguruan antolatzen da, JAN (Jokuzaleen Alderdi Nagusia) sortzen da, Kasinojaialaiak eraikitzen dira nonahi, eta Gernikako arbola zegoen tokian Hiperkasinojaialaia eraikitzen da. Joko sukarrak gizakiengan mutazioak sorrarazten ditu, “bideojendea” izendatutako gizakiak, zehakzi.

    Gernikako arbolaren sorreraz ari den parodia honek gertakizun historikoen berri ematen du errealitatea eta fantasia etengabe nahasiz: Iparragirre, “Gernikako arbola” ereserkia munduan zehar zabaldu zuen olerkaria, Gernikan naziek 1937ko apirilaren 26an botatako bonbak… Euskal Herriaren historia, kultura eta identitatearen parte bilakatu dira eta modu naturalean txertatzen dira ipuinean. Are gehiago, euskal identitatearen parte den hori kendu edo suntsituz gero gizarteak paira ditzakeen ondorioen berri ematen da: jendearen mutazioak, identitate falta, menpekotasuna…

    Mikel Untzillak, ipuin honen bitartez, joko zaletasunaren muturreko ondorioak irudikatzen ditu fikzio espekulatibo eta fantastiko baten bitartez. Joko eta apustuen menpekotasunaren hedadura eta larritasuna modu esajeratuan irudikatzen dira ipuinean, ironia eta umorez betetako adierazpeni esker. Horrela, Gernikako arbolaren sorreraz espekulatzen duen ipuin jostagarria sortu du Untzillak, mito eta gertakari historiko errealak nahasiz kontakizunean. Izan ere, kontatu diguten historiaren egiazkotasunaren inguruan hausnartzeko aukera eskaintzen du: historia hegemonikoa zalantzan jarri, eta bestelako interpretazioen inguruan hausnartzeko uneen alde egiten da. Hori bakarrik ez, eta herri baten identitate eta babesari uko egiteak izan ditzakeen ondorio lazgarriez hausnartzen da, muturrera eramandako eta absurdismoz zipriztindutako kontakizunaren bitartez.

    Ipuina irakurtzeko: https://armiarma.eus/andima/susa/susa1822.htm

    Nola aipatu: “Mikel Untzillaren Iparragirreren madarikazioari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Poemak | Kanko Ispizua | 1987

    Titulua Poemak
    Egilea Kanko Ispizua
    Lekua Susa-20/Gernika
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kanko Ispizuaren Poemak izeneko testua Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. Poemak atalak bi poema barneratzen ditu, lehena “Oskarbi zen goizeon” eta bigarrena “Zenbait ohar orijinalari”. Modu horretan, Kankok jolas bat egiten du bi poemen artean, bigarrenak parentesietan lehenengoari emandako oharrak simulatzen dituelako.

    “Oskarbi zen goizeon” poema abstraktuak natura eta errealitatea, bizitza eta heriotza ipintzen ditu parez pare: alde batetik, eguzkiak sinbolismo handia eskuratzen du egunabarrak eta ilunabarrak, hurrenez hurren, jaiotza eta heriotza irudikatzen dutelako; bestetik, hegaztiek aurrera egitea (antzarak) eta zoritxarra (beleak) irudikatzen dituzte. Antzarek, hain zuzen ere, ihes egiteko indarra erakusten dute “antzarrak izarzelaietan heze, iparrerako bidean doaz apuro” (6 bertso-lerroa), eta beleak, ordea, gaizkiaren inguruan gelditzen dira “odoletan gal-gal hainbat ele, zeru-mugetan beleak haboro” (12 bertso-lerroa). Izan ere, beleak, jatorrian, heriotza, misterioa eta ezkutukoa irudikatzen ditu, eta sinbolismoz kargatutako elementua da poesian; alegia, Edgar Alar Poeren “The Raven” poema ezagunaren eraginez goia jo zuen. Beleen aipamenaren ondoren, erabat negatibo eta zoritxarrekoak dira poeman aipatzen diren gertakizunak: “amen aluak ubelduz doaz” (13 bertso-lerroa) bertso-lerroan bortxaketa eta indarkeria irudikatzen dira modu gordinean, eta poemaren azken bertso-lerroak “Ele galduez arnotuta erretura-hotsa” (16 bertso-lerroa) sute handi baten ondorioz gizakiek eskatutako laguntza desesperatua adierazten du.

    Natura, heriotza eta errealitatearen artean hausnartzeko aipatutako bertso-lerroak baino lehen, azpimarratzekoa da poemaren hasiera, aurreko metaforekin zer ikusirik ez duena: “Bost hatz da ukabila. Ukabila da ardatza” (1 bertso-lerroa). Sarrera moduan funtziona dezakeen bertso-lerro horrek, hain zuzen ere, boterea eta indarra iradokitzen ditu ukabilaren metaforaren bitartez. Ondorioz, poemak, osotasunean, heriotza, gaizkia eta hondamendiari buruz hitz egiten badu ere, garrantzi handikoa da lehen bertso-lerroa, hori guztia indar boteretsu batek eragin duela adierazteko balio baitu.

    “Zenbait ohar orijinalari” izendatutako testuak aurreko poemaren jarraipen gisa funtzionatzen du, eta hura ulertzeko eta testuinguru historiko zehatz batean kokatzeko pistak ematen ditu. Heriotza gizakiarekin lotzen du zuzenean, eta poetak gorpuak, ibai ertzeko lohiak eta zerraldoak aipatzen ditu 1,2,5 bertso-lerroetan. Hildakoen deskribapen laburra egin eta gero, “Ez noa Gernikara, ama, / ez dago zegan den itauntzen dueruk eta” (6 bertso-lerroa) dio haur baten ahotsak. Modu horretan, ordura arte, bai lehenengo poeman, bai oharretan, aipatutako heriotza eta zoritxarra Gernikako 1937ko apirilaren 26ko hondamendiarekin lotu dezake irakurleak: Gernikako bonbardaketaren egunarekin, hain zuzen. Aurrerago, 15-18 bertso-lerroen artean, antzaren metafora berreskuratzen da, eta berriro ere antzarak hegan eta ihes egiten irudikatzen dira: oharrei esker, ordea, irakurleak hegaztiak bonbardaketa eta gerratik ihesi dabiltzala interpreta dezake. Jarraian, berriro aipatzen da Gernika: “Azkonak legez, dir-dir bizian, / Gernika sutan diraki” (21-22 bertso lerroak”. Bertso-lerrootan argi eta garbi adierazten da bonbardaketak Gernikan eragindako hondamendia, bonba su-eragileek sortutako suteak eraikinak irentsi baitzituzten.

    Poemak, funtsean, memoria historiko kolektiboa transmititzen du: pausa eta isiluneen bidez (parentesiak, beste hizkuntzetako aipuak, etab.) zatika kontatzen den istorio baten berri ematen digu, memoria historikoarekin askotan gertatzen den moduan. Poeman, izan ere, ez da zuzenean “gerra” hitza aipatzen, baina lehen ataleko metafora indartsuek, bortxak, ihes egiteak, eta bigarreneko gorpu, sute eta Gernikaren aipamenak argi uzten dute poemaren oinarria. Esan daiteke, gainera, poemak zauri bat irudikatzen duela: metafora, fragmentu, hizkera nahasia, parentesiak, oharrak… zatika eraikitzen den diskurtso bat osatzen dute, zauriek eragindako traumaren ondorioz gertakariez zuzenean hitz egiteko ezintasunaren aurrean.  

    Poema irakurtzeko: https://armiarma.eus/andima/susa/susa1819.htm

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Kankoren Poemaki buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “Aitona, ez pasa!” | Txema Garcia-Viana "Kartxi" | 1987

    Titulua “Aitona, ez pasa!”
    Egilea Txema Garcia-Viana "Kartxi"
    Lekua Susa-20/Gernika
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Txema Garcia-Viana “Kartxi”ren “Aitona, ez pasa!” izeneko poema Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen.

    Izenburutik hasita, poema honek aurreko belaunaldiei erreparatzen die: izan ere, aitonari esaten dio bizitakoa (berriro) ez pasatzeko. Poema argitaratutako testuingurua aintzat hartuta, poetaren aurreko belaunaldiek jasandako zapalkuntza irudikatzen da, hau da, Espainiako Gerra Zibila, Frankismoa, gosete garaia, kartzelaldiak… irudikatzen dira. Hori bera adierazten dute “hunkigarria gosete ikaragarri hura” (7-8), “Eta talegoan sartu zintuztenekoa… Kartzela esaten dela?” (10-11) bertso-lerroek.

    Poemaren hasiera gogorrak ezartzen du testua testuinguru beliko eta gatazkatsuan: “Goitik behera / esperantza guztiak / hondatzeko prest / odolezko zaparrada” (1-4 bertso-lerroak). Poema Gernikako bonbardaketaren 50. Urteurrenaren testuinguruan idatzi zela kontuan hartuta, goitik behera eragindako odolezko zaparradak Gerra Zibileko bonbardaketei egin diezaioke erreferentzia, hegazkinetatik botatako bonbek eragin zuten suntsiketa dela-eta. Gainera, 6. bertso-lerroan, alemanei egiten zaie zuzeneko erreferentzia: “Polita zure zauri alemana”, beraz, pentsa daiteke Gernikako bonbardaketaz ari dela poeta zehazki. Jakina da, hain zuzen ere, indar alemanak izan zirela Gernikako bonbardaketaren erantzule zuzenak, frankisten agindupean. Gernika “zauri alemana” gisa deskribatzen du poetak, eta ironikoki zauri “polita” dela dio, izugarrizko sarraskia eragin baitzuen erasoak.

    Funtsean, erregistro ironiko eta gogorrak markatzen du poema, horren adibide da, beste batzuen artean, poetak whiskia (16.bertso-lerroa) eta ogiaren xentimoak (17-bertso-lerroa) parean ezartzen dituenean, edo “zoriontsuak gu / zuei esker” (19-20. bertso lerroak) adierazpena egiten duenean. Izan ere, whiskia luxuzko produktua den arren, inhibiziorako edaria ere bada, eta testuinguru gatazkatsuetan sarri erabili izan da whiskia egoeraren laztasuna irudikatzeko sinbolo gisa (alkoholismoa, adikzioak…). Bestalde, zapalkuntza salatzen duen poemak honek, ordea, zalantzan jartzen ditu ordura arteko balio euskaldunak: “askatasunaren alde / Jainkoa eta lege zaharrak!” (14-15 bertso lerroak), ironiaz betetako poema honetan, jada Jainkoa eta lege zaharraren bitartez askatasuna lortzea zaila izango dela iradokitzen baita.

    Ondorioz, kritika soziala, belaunaldien arteko memoria historikoaren transmisioa, zapalkuntza eta jasandako errepresioaren aurkako jarrera erakusten ditu Kartxik “Aitona, ez pasa!” izendatutako poema honetan, galdera erretoriko, ironia eta tonu irmoa funtsezko ezaugarriak direlarik.

    Poema irakurtzeko: https://andima.armiarma.eus/susa/susa1831.htm

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Txema Garcia-Viana “Kartxi”ren «Aitona, ez pasa!» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “Zein gudu kolega?” | Txema Garcia-Viana "Kartxi" | 1987

    Titulua “Zein gudu kolega?”
    Egilea Txema Garcia-Viana "Kartxi"
    Lekua Susa-20/Gernika
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI, Zeharka (gerra egiteko modu naziaren aurrekari sinboliko gisa)

    Txema Garcia-Viana “Kartxi”ren “Zein gudu kolega?” izeneko poema Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen.

    Poema aztertzeko kontuan hartu behar da argitalpenaren testuingurua: Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela-eta, Susa aldizkariak ale monografikoa argitaratu zuen Gernika oinarritzat duten poema eta bestelako narrazioz osatuta. Aztergai dugun Kartxiren poemak porrota, sufrimendua, plazera eta probokazioa nahasten ditu metafora paradoxikoen bitartez, eta galderak egiten ditu irakurleak hausnar dezan.

    Lehen pertsonan mintzatzen den ni poetikoa hartzaile ezezagun bati zuzentzen zaio: hartzailea, izan ere, testuinguru belikoan ni poetikoak dituen aurkariak dira. Zehazki, naziak aipatzen dira  6. bertso-lerroan, eta haiei zuzenean ez mintzatu arren, poeman zehar erabiltzen duen bigarren pertsona pluralaren barruan koka daitezke. “Segi, segi bonbazkoa / egin ezazue gure amodiozko / zuloa / zuek botatako kakaren kea / esnifatu egingo diagu!” (10-14 bertso-lerroak) bertso-lerroetan probokazioz betetako hitzak ditugu: “gure amodiozko zuloak” maite dugun, baina suntsitutako leku horri egiten dio erreferentzia, eta ni poetikoak “zuek”-i egozten dio suntsiketa eta zapalkuntza, hau da, naziei eta frankistei, euskaldunak zapaltzeaz arduratu baitziren bai Espainiako Gerra Zibilean, Bigarren Mundu Gerran, eta frankismoan zehar. “Botatako kakaren kea esnifatzea” esaldi indartsuak probokazioa bilatzen du, euskaldunek jasandako errepresioak, era berean, gizarte edo komunitate euskalduna indartu duela defendatuz.

    “Ez al zarete aspertzen?” galdera erretorikoaren ondoren Gernika aipatzen da: 1937ko apirilaren 26an jasandako bonbardaketari egiten dio erreferentzia, sarraski horren ondoren ere jarraipena izan zuelako errepresio eta zapalkuntzak. Errepresio horren barruan, ordea, “erotzeko / inbidiaz / barrez / gu” zeudela dio ni poetikoak, egoera paradoxikoa planteatuz. Poeman eraso eta errepresioak plazera eta indarra berrelikatzen dituela esan daiteke, gerrak inoiz amaitzen ez direla eta hainbeste guduren artean argitasunik ez dagoela adieraziz.

    Kritika sozialez eta probokazioz betetako poema honek Gernikako bonbardaketan gertatutakoaren jarraipena islatzen du: herri euskaldunaren aurkako nazien erasoa aurrekaria besterik ez zen izan etortzear zegoenerako (bai nazien partetik, bai frankisten partetik), eta horrek eragindako sufrimendu eta errepresioaren artean aurkitutako aurrera egiteko indar eta plazerak diharduela aldarrikatzen da.

    Poema irakurtzeko: https://armiarma.eus/andima/susa/susa1816.htm

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Txema Garcia-Viana ‘Kartxi’ren «Zein gudu kolega?» poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “In memorian S.U.” | Joserra "Utretx" | 1987

    Titulua “In memorian S.U.”
    Egilea Joserra "Utretx"
    Lekua Susa-20/Gernika
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Joserra Utretxen “In memorian S.U.” izeneko ipuina Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. Ipuinaren izenburuak aurreratzen duen moduan, hildako pertsonaia bat izango da kontakizunaren erdigunea, hildako hori oroitu eta omentzeko saiakera batean, alegia.

    Kontakizunak S.U. inizialez soilik ezagutzen den mutikoa du protagonista: hiru ataletan banatutako ipuinean 16 urtetatik 18 urtera arte mutikoak bizitako gertakari nagusien berri ematen da. Hiru pasarteak data zehatzek banatzen ditu: lehena 1937ko apirilaren 26ari dagokio, bigarrena 1937ko uztailari, eta hirugarrena 1939ko udari. Ipuinak familia euskaldun eta abertzale arrunt batek 1936ko gerra piztu zenetik jasan zituenak jartzen ditu erdigunean modu soil batean.

    Batetik, Gernikako bonbardaketa agertzen da, egun hori baita ipuinari hasiera ematen diona: Gernika zuzenean aipatzen ez den arren, datagatik eta pasartean deskribatutakoagatik irakurleak erraz lotzen du pasartea Gernikako eraso bortitzarekin. Bertan, mutikoaren aurkezpen laburra egiten da: lanetik etxera bidean dagoen mutikoak burrunba, kanpai eta abioien hotsek eragindako beldurraren poderioz, basoko belar artean ezkutatzen da. Basoan ametrailadora eta bonba hotsak entzuten ditu, eta lasaitasuna sumatzean, bidera irteten da etxera itzuli ahal izateko. Bidean, ordea, erasoa hasi aurretik babesleku bila zebiltzan senar-emazteak topatzen ditu hilda, erasoaren basakeriaz ohartuta. Ipuinaren lehenengo atala Gernikako bonbardaketaren egunarekin hasteak kontakizuna testuinguruan ezartzen du: bestelako azalpenik gabe, irakurleak protagonista garai, testuinguru eta gatazka zehatz batean kokatuko du.

    Bigarren atalean, bonbardaketa gertatu eta hiru hilabetera kokatzen dena, Bilbo “hartuta” dagoela aipatzen da. Berriro ere, gertakizun historiko zehatz batek ezartzen du testuinguruan kontakizuna: Bilbo 1937ko ekainaren 19an okupatu zuten faxistek, eusko indarrek hilabetez hiriari eutsi ondoren. S.U. protagonistaren aita frankistek mehatxatuta bizi da, eta amak kezka adierazten du gerta dakiokeenarekin, izan ere, abadearekin hitz egiteko erabakia hartzen du, senarra jainkoaren aldekoa duela aldarrikatuz. Aitaren etorkizuna argitu gabe uzten bada ere, familiak jasango duen bazterkeria aurreratzen da alkatearen iruzkin eta ekintzengatik. Alkateak ama iraindu eta bizkarra eman ez ezik, familiaren ganaduaren belarra mozten du zigor moduan. Pasarte honetan, beraz, familia abertzaleek faxisten agindupean jasan behar izandako zigor eta mehatxuak azaleratzen dira.

    Azkenik, 1939ko udan, S.U. soldaduzkara daramate 18  urte betetzen dituenean. Lizarratik Bartzelonara eraman, eta “Cuartel de Gerona” izeneko kuartelean bete behar du zerbitzua. Alabaina, gau batean beste bost lagunekin batera ohetik altxarazi eta urrutira eramaten dituzte denak fusilatzeko. Soldaduak fusilatu aurretik, S.U. aitarekin akordatzen da, hain zuzen ere, hura nola hil zuten imajinatu eta haien arteko lotura indartzeko.

    Bi urtetan zehar garatutako ipuinak, hiru pasarte desberdinen bidez, frankistek ezarritako errepresioaren modu desberdinak erakusten ditu: lehenik, sarraskia eta izu bidezko erasoak (Gernikako bonbardaketa da honen adibiderik argiena), jarraitzeko, familia abertzaleen aurkako mehatxuak, eta, azkenik, fusilatzeak. Ipuineko familia protagonistako bi gizonek, hain zuzen ere, bi belaunaldi irudikatzen dituzten gizonek etorkizun bera dute, frankistek hiltzen baitituzte biak. Ondorioz, Espainiako Gerra Zibilean eta ondorengo diktaduran Frankismoaren biktima izan ziren familiak irudikatzen ditu kontakizunak, eta  belaunaldiz belaunaldi arrazoi eta testuinguru desberdinengatik erreprimitutako biztanleei nolabaiteko aitorpena egiten zaie. Ipuina irakurtzeko: https://armiarma.eus/andima/susa/susa1813.htm

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Utretxen «In memorian S.U.»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Gernikan saila. Izenbururik gabe I | Julian Ugarte | 1987

    Titulua Gernikan saila. Izenbururik gabe I
    Egilea Julian Ugarte
    Lekua Donostia, Zarautz
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    GERNIKAN mihise gaineko olio pinturez osatutako multzo piktorikoa da. Saila osatzen duten izenbururik gabeko lanek Gernikako izu bonbardaketa dute gaitzat. Dena den, koadroez edo azken emaitzez gain, multzo piktorikoaren sormen prozesua jasotzen duen hainbat material ere barne hartzen du sailak. Hala nola: eskala txikian egindako bozetoak, koadroei sortu ahala ateratako argazkiak (olio pinturen oinarrian dauden marrazkiak jasotzen dituztenak), azken emaitzen xehetasunen argazkiak, artista bere estudioan (sailaren parte den koadro baten aldamenean) azaltzen den argazkia, etab. Esanguratsuak dira artelantzat jotako osagaien multzoa eta multzo hori aurkeztu eta dokumentatzeko moduak: Pablo Picassoren Gernika koadroaren sortze prozesua eta Dora Maarren erreportaje fotografikoa gogorarazten dituzte. Batetik, Gernika mihise erraldoia eta horrekin erlazionatutako ohar, ariketa, bozeto eta artelan multzoa. Izan ere, Gernikaren sormen prozesuan, Picasso bat-batera aritu zen eskala txikian eta handian, mihise gainean eta koadernoan. Eta, gerora ere, multzo beraren partetzat jotzen zituen bai mihisea bai hari lotutako lanak (guztira 59 inguru). Bestetik, Dora Maarrek, Cahiers d’Art aldizkarirako (4-5. alea, 1937) enkarguz, osatutako erreportajean material ugari fotografiatu zituen: ez bakarrik Gernika mihise erraldoiaren bilakaera eta Picassori estudioan ateratako argazki parea, baizik eta baita Picassoren biografiari zein Gernika koadroari lotutako beste dokumentu batzuk ere (Robles, 2019, 18-20).

    Kontuan hartzekoa da, halaber, sailaren izenburua. Artelanek errepresentatzen duten sarraskia (etxeak sutan, hildakoak, zaurituak, odola etab.) 1937ko apirilaren 26ko izu bonbardaketa dela zehazteaz bat, Picassoren Gernikarekiko elkarrizketari eutsiz gero, -n atzizkiak indargarri papera jokatzen du, bi artelan multzoen oinarrian dagoen gertaera historikoa azpimarratuz.

    Guztira, hiru argazkitan jasotako paper gaineko 6 bozeto (mihise batean identifika daitezkeen zatienak: elementu arkitektonikoak eta aurpegiak), mihise gaineko 3 erretratu hondo zehaztugabean (emakumetzat irakur daitezkeen figurak, burumakur), mihise gaineko 2 paisaia (elementu arkitektonikoen siluetak sutan), azokako eszena bat (olio pintura, hori ere), mihise gaineko 4 erretratu erretzen ari den paisaian (emakumetzat irakur daitezkeenak), Julian Ugarteren argazkia, eta artistaren argazkian zein bozetoetan antzematen den mihiseari sortu ahala ateratako 9 argazki zenba daitezke, gutxi gorabehera. Hortik aurrera, formari dagokionez, nabarmentzekoak dira multzo osoa ezaugarritzen duten pinturaz betetako pintzelkada lodiak, orbanen bidez sortutako ehundurak, bolumena. Eta, batez ere, kolore biziak: noiz sua, noiz odola irudikatzen duten gorri, laranja eta horiak. Hain zuzen, paletari dagokionez, artista zarauztar espresionistaren ibilbidean, kritikariek salbuespentzat jotzen dute GERNIKAN saila, gainerakoan, bere paisaia eta biluziak berde apalekin, okreekin edota urdin-grisekin pintatu ohi zituenez gero (ikus fitxaren oharretan esteka bidez gehitutako artistaren webgunea). Gorputzen jarrerei erreparatuz gero, lerro bihurriak dira nagusi eta sail osoko elementu adierazgarrienetakoa hildako baten burua da, lepotik zintzilik, odola dariona, eta aho edo ezpaintzat hegazti baten silueta duena, saiheska edo ahuspez. Elementu ikonografiko hori Picassoren Gernikako txoriari egindako erreferentzia bat ote? Edo Mendebaldean bakearen ikurtzat jo izan den usoaren negatiboa?

    Gernikan saila ondoko erakusketetan egon da erakusgai: 1987an, Donostian, C.A.P. aretoetan, sailari eskainitako “Gernikan” bakarkako erakusketan; 1988an, bai Gernikako Kultur Etxean, sailari eskainitako “Gernikan” bakarkakoan, bai Baionako Galerie du Cloitren, galeriaren inaugurazioko erakusketan; 1989an, Bilboko Bizkaitar Aurrezki Kutxan, sailari eskainitako “Gernikan” bakarkakoan. Informazio zabalagoa nahi izatera, hona hemen artistaren webgunea: https://eus.julianugarte.com/ 

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Julian Ugarteren Gernikan saila. Izenbururik gabe Ii buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en el pueblo de Gernika | Heinz Hebeisen | 1987

    Titulua Mural en el pueblo de Gernika
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Bizkaia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Murala 1987an egin zen, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, Gernika Jaialdiaren barruan. Irudian, Gernikako Batzaretxearen irudikapena agertzen da palmondo baten atzean, “Gernika tropikala” inskripzioarekin, kritika ironiko gisa interpreta daitekeena. Ondoan, Picassoren Guernica estiloan inspiratutako irudi bat ere badago, eraikin baten aurrean agertzena dena, baita koadrotik ateratako txoriaren sinboloa ere, Gernikako Batzordearen logotipoaren koloreekin margoztuta dagoena .

    Goialdean, eskuinean, “Guernica Gernikara” leloa agertzen da, Picassoren koadroa Gernika-Lumora itzultzea eskatzen zuen mugimenduari erreferentzia egiten diona. Horrela, muralak elementu historiko, artistiko eta errebindikatzaileak konbinatzen ditu bonbardaketaren memoria indartzeko eta koadroa inspiratu zuen tokitik urrun dagoela salatzeko.

    Irudia esteka honetan ikus daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-el-pueblo-de-gernika

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisenen Mural en el pueblo de Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural conmemorativo del 50 aniversario del bombardeo en el pueblo de Gernika | Heinz Hebeisen | 1987

    Titulua Mural conmemorativo del 50 aniversario del bombardeo en el pueblo de Gernika
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Bizkaia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Muralean Picassoren Guernica koadrotik ateratako ikurrak hauteman daitezke, baina jatorrizko paleta erabili beharrean, tonu urdin eta gorriz eginda dago hondo zuri baten gainean. Sinbolo horien artean txoriaren irudia nabarmentzen da bereziki, kolore desberdineko irudi bakarra baita.

    Elementu horiez gain, muralak bonbardaketarekin zuzenean lotutako beste sinbolo batzuk ere baditu, hala nola, bonbak jaurtitzen dituen hegazkin baten marrazkia, Gernika hitza letra gorriz idatzita, errusieraz dagoela dirudien inskripzio bat, sutan dagoen hiriaren marrazkia eta suteraren irudi bat. Muralean 37/87 zenbakiak ere ikus daitezke, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenari erreferentzia egiten diotenak, bai eta 37/87 Gernika jaialdiari, data horretan obra honen antzeko artelan ugari sortu ziren. Horrela, horma-irudi honek herriak gertatutakoa ahazten ez duela gogorarazteko balio du,  bai eta Picassoren Guernicak gertaera historiko tragiko honetako oroimen kolektiboan izandako eragina nabarmentzen du.

    Artelana esteka honetan ikus daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-conmemorativo-del-50-aniversario-del-bombardeo-en-el-pueblo-de-gernika

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisen Mural conmemorativo del 50 aniversario del bombardeo en el pueblo de Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Gernika” | Cinco Bilbainos | 1987

    Titulua “Gernika”
    Egilea Cinco Bilbainos
    Lekua Editorial Hilargi Records
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Cinco Bilbainos, musika talde bat da, “bilbainada” deitu ohi zaion azpigeneroan nagusi. Izenak ongi adierazten duen bezala, Bilbon sorturiko taldea da, 1950ean sortua, eta taldekideen artean aldaketa asko izanagatik gaur egun arte iraun duena.

    Bilbao Aldizkariak 2021ean taldeari buruzko erreportaje luzea argitaratu zuen. Bertan deskribatzen da taldearen bilakaera 1950ean sortu zenetik. “Botxo” edo “bilbainada” abesti herrikoietan erreferenteak direla azpimarratzen da behin eta berriz, eguneroko kontakizunak kantu bihurtu ohi zituztela. YouTube plataforman taldearen bideo bat ikus daiteke adibide gisara, zuzenean filmaturikoa (ikus fitxa honetako erreferentzia bibliografikoak).

    Fitxa honetarako aukeratutako kantak “Gernika” du izena. Ez dio zuzenean eguneroko gertaera bati kantatzen, baina bai gertaera ezagun bati. 1987an grabatutako kanta da, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean hain zuzen ere: “Haien emanaldi gogoangarrietako beste bat Gernika zortziko ederraren aurkezpena izan zen, Gernikan bertan eta bonbardaketaren 50. urteurrenean, 1987ko uztailean” (Bilbao aldizkaria, 2021).

    Zortziko soinuak, zera esan nahi du: “Zentzu orokorrean, zortzikoa gaur egun da, batez ere, abesti edo pieza musikal bat erritmo oso zehatz batean, 5/8 konpasean idazten dena, eta kasu gehienetan punttuekin, […/…]. Franko dira egitura honetako abestiak, ezagunenen artean aipa ditzakegu: Gernikako arbola, Jose Maria Iparragirrerena, Maite, Pablo Sorozabalena, Maitetxu mía, Francisco Alonsorena, edo La del pañuelo rojo, Avelino Agirrerena, adibide gehiegi ez ematearren” (Auñamendi).

    Zortziko honek zazpi estrofa desberdin ditu, lau bertso-lerroz osatuak, baina silaba kopurua ez da beti berdin mantentzen. Errepika bat ere badauka, bi estrofez behin kantatzen dutena, hala dio (itzulpena da, jatorrizkoa fitxaren amaieran): “kantatu, Gernika, kantatu / kantatu eta ez negar gehiago egin / amestu, Gernika, amestu / amestu bakearekin”. Etorkizun baketsuarekin amesteko eskatzen die taldekideek “Gernikari”, baina “Gernika” diotenean euskaldun guztiei zuzentzen zaie, bonbardaketaren errepresentazio identitarioa (Retolaza, 2009) eginez, Euskal identitateari kantatzen diote, erasoa euskal identitateari egindakoa dela garbi esanez.

    Hainbat elementu gehiagori egiten diote erreferentzia kanta guztian zehar, adibide batzuk ematearren, laugarren estrofako lehenengo bertso-lerroak hala dio: “burdin eta suzko euria”, garbi dago bonbardaketari erreferentzia egiten diotela, bonbardaketaren errepresentazio historikoa da (Retolaza, 2009); beranduago, bosgarren estrofako bigarren bertso-lerroan “uso zuriak” aipatzen dituzte, eta bakearen sinbolo bezala erabili. Amaitzeko, seigarren estrofan Gernikao Arbola aipatzen da espreski, arbolak emango dituen fruitu, itzal eta babesa azpimarratuz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Auñamendi Entziklopedia. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/zortziko/ar-147723/ [azken kontsulta 2025/09/15]

    Bilbao aldizkaria, 2021 Toda una referencia botxera. https://www.bilbao.eus/bld/handle/123456789/54333?locale-attribute=eu [azken kontsulta 2025/09/15]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Taldekideen bideo baten adibidea: https://www.youtube.com/watch?v=Fq9uA6YOijM

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Cinco Bilbainosen «Gernika»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Kantaren transkribapena: [Iturria: Eresbil: musikaren euskal artxiboa]

    Como un fatal presagio

    tiemblan las horas en el reloj

    la muerte prometida

    de odio y acero oscurece el sol.

    Revivan las campanas

    llorando su din-don

    gritando contra el cielo

    con voz de bronce su maldición.

    Canta, Gernika, canta

    canta y no llores más

    sueña, Gernika, sueña

    sueña tiempos de paz.

    Los pájaros se han ido

    buscar sitio para olvidar

    duermen los maizales

    y de los valles grita la mar.

    Lluvia de hierro y fuego

    miedo, llanto y dolor

    Gernika se desangra

    herida abierta de mi nación.

    Canta, Gernika, canta

    canta y no llores más

    sueña, Gernika, sueña

    sueña tiempos de paz.

    El fuego y las cenizas

    palomas blancas de libertad

    abriendo están sus alas

    buscan caminos de eternidad.

    Y el vid del viejo roble

    la sabia te dará

    su sombra milenaria

    sobre esa tierra repartirá.  

    Los hijos del martirio

    semilla del terror

    hoy cantan porque un día

    ya la muerte venció

    Canta, Gernika, canta

    canta y no llores más

    sueña, Gernika, sueña

    sueña tiempos de paz. (bis)

  • Gernika | Francisco Escudero | 1987-1989

    Titulua Gernika
    Egilea Francisco Escudero
    Lekua Donostia, Gernika-Lumo, Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 1987-1989
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Francisco Escuderok 1989an operarako idatzi zuen Gernika lana, 120 minutu irauten ditu eta lau ekintzatan banatutako opera da. Musika, testua eta artelanak biltzen dituen lan intermediala da, diziplina askotako lanak uztartzen dituena. Itziar Larrinagak musikariaren lanak biltzen zituen katalogoan (2013) adierazten dizkigu garbi nondik norakoak: Francisco Escuderoren libretoa da Gernika, Luis Iriondoren (1922-) argumentuan oinarritua. Euskarazko letra Karmelo Iturriarena da (1923-1996), eta Augustin Zubikarairen (1914-2004) koadroa ageri da III. ekitaldian (Bonbardaketa) (Larrinaga, 2013: 47).

    Gaur egun, lanaren zati solteren bat kontsultatu dezakegu YouTube plataforman (ikus fitxa honetako erreferentzia bibliografikoak). Ahots desberdinak, kanpai-hotsak, garrasiak eta bonbardaketa errepresentatzeko soinuak entzun ditzakegu, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunean, operaren laburpena eta Escudero artistaren semearen hitzak irakur ditzakegu:

    Fabula honetan, Gernikako herria euskal jatorriko erkidego bateko gaztea bihurtu eta bere askatasunaren alde borrokatzen du Podio maltzurrak zuzendutako atzerriko milizia baten menderakuntza saialdien kontra. Bonbardaketaren eszena protagonistaren profezia gisa sartu arren kondairan, opera ez doa gertakizun horren inguruan. Francisco María Escuderoren esanetan, musika-egilearen semea, “drama guztiz gizatiarra pizten eta islatzen duen lana da, konposizioaren sorrera gisa oinarri dramatikoa ahul zezakeen inguru politikoarekin loturarik gabea. Gernika operak gure kultur erroak birsortu eta elkarbizitza aktibo zentzua proiektatu nahi ditu». Libretoa Luis Iriondoren argumentuan oinarrituta Escuderok berak idatzi zuen, eta Carmelo Iturriak eta Agustin Zubikaraik euskaratu zuten. (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunea, 2017)

    Bilboko Koral Elkartearen enkarguz, 1987ko apirilaren 25ean kontzertu formatuan aurkeztu zen Bilboko Arriaga Antzokian, Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. (Larrinaga, 2013: 48). El Diario Vasco egunkariak kontzertuaren kronika argitaratu zuen handik hiru egunetara, irakurgai dago Madrilgo Reina Sofia museoko webgunean (ikus fitxako erreferentzia bibliografikoen atala: Museo Reina Sofia, dokumentuak).

    Kontzerturako adaptazio hori 2008. urtean disko formatura pasa zuten (El Correo, 2008) eta entzungai dago Spotify plataforman (ikus fitxa honetako erreferentzia bibliografikoak). Garrantzitsua da azpimarratzea, bestalde, urteak pasa ahala Escuderoren lan horren berreskurapen ahalegin ugari egin direla. Horren adibide da 2009an Donostiako Kursaalean egindako kontzertua, jatorrizkoa Arriagan aurkeztu eta handik hogei urtetara (Gara, 2009) edota Euskadiko Orkestrak 2017an emandako kontzertuak: “Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Francisco Escuderoren Gernika lau aktodun operaren eszenen aukeraketa bat berreskuratu du bere Abonu Denboraldian, bizkaitar herriaren bonbardakertaren 80. urteurrena betetzen den honetan ” (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunea, 2017).

    Fitxa honetarako, operaren eta kontzertuaren adaptazio guztiak biltzeaz gain, Escuderoren hasierako helburuari helduko diogu: lana idazterako orduan Gernikako bonbardaketa errepresentatzeko beharrari eta nolakotasunari. Horretarako, Larrinagak (2013) bildutako informaziora joko dugu berriz, eta operako ekintzen laburpenean fokua jarri. Amaieran topatuko dugu Escuderoren obraren ideia nagusia, azken ekintzako 8. eszenan: “Gernika erori da, baina ez dugu galdu].” (Larrinaga, 2013: 48). Bonbardaketaren errepresentazio hau ulertzeko, Retolazaren ideietara jo beharra dago, bonbardaketaren errepresentazio desberdinen irakurketen artean, irakurketa identitarioa (2009) genuke Escuderorena. Euskal identitateari egiten dio erreferentzia, erasoa euskal identitateari egindakoa dela garbi utziz, horretarako lehenengo pertsona pluralaren erabilera, eta, esperantza tonu batekin amaituz.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    El Correo (2008). La OSE presenta la primera grabación mundial de la ópera ‘Gernika’ de Francisco Escudero. https://www.elcorreo.com/vizcaya/20081129/cultura/presenta-primera-grabacion-mundial-20081129.html?ref=https://www.google.com/ [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Escudero, Francisco. (2008). Gernika (2cd). https://open.spotify.com/intl-es/album/4W2F0I6pGryWArnZCp35SV [azken kontsulta: 2025/09/15)

    Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunea. (2017). Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Escuderoren “Gernika” operaren eszenak berreskuratu ditu. https://en.euskadikoorkestra.eus/node/37833 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Gara (2009). Una versión completa de “Gernika” de Escudero, veinte años después. https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20090825/153325/es/Una-version-completa–Gernika-Escudero-veinte-anos-despues [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Larrinaga Cuadra, Itziar. (2013). Francisco Escudero. Catálogo razonado de obras. Errenteria: Eresbil [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Museo Reina Sofia. Dokumentuak: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/el-simbolismo-en-gernika-de-escudero [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Operako zatiak kontsultatzeko bideoak: https://www.youtube.com/watch?v=jydUTmWeflI , https://www.youtube.com/watch?v=cFwFm9kLS4Y&list=RDcFwFm9kLS4Y&start_radio=1 [azken kontsulta: 2025/09/15]

    Informazio gehigarria:

    Itziar Larrinagaren katalogoan honela deskribatzen dira operako lau ekintzak (2013: 47-48) (euskaraz eta gaztelaniaz):

    Movimientos: 4 actos. Acto I, Cuadro I: Escena 1ª [Gernika medita sobre su origen]; Escena 2ª. Maitasun isilaren duoa = Dúo del amor callado; Escena 3ª. Soinuak urrutian = Sonidos a lo lejos; Acto I, Cuadro II: Escena 1ª. [Asamblea]; Escena 2ª. Gernika eta Gogor sartzen dira = Entran Gernika y Gogor; Escena 3ª. [Coro de mujeres]. Escena 4ª. [Podio y su séquito]; Escena 5ª. [Los Heraldos anuncian la llegada del Rey]; Escena 6ª. [El Rey del Norte] – Acto II, Cuadro I: Escena 1ª. [Gernika presiente un porvenir sombrío]; Escena 2ª. [Podio pretende a Gernika]; Escena 3ª. [Enfrentamiento entre Gernika y Podio]; Escena 4ª. Gernika-ren bihotzondoen goraldia = Aumento de las corazonadas de Gernika; Acto 2: Cuadro II: Escena 1ª. Zuhaitzaren enparantza = La plaza del árbol; Escena 2ª. Armadun jendea hurreratzen doa = Se acerca gente armada; Escena 3ª. [Entran los heraldos con su capitán al frente]; Escena 4ª. [Gernikak esaten du:] Podio-ren proposamenak gure askatasuna lotzen du = [Habla Gernika:] La propuesta de Podio ata nuestra libertad; Escena 5ª. [Publio decide hablar con el Rey]; Escena 6ª. Aitonak batzarkideei beren eritzia eman dezatela eskatzen die = Aitona pide a los miembros de la asamblea que den su opinión; Escena 7ª. Ohorezkoak gertalekutik irteten dira = Los Honoríficos salen del lugar de los hechos; Escena 8ª. Aitonaren samina bere herriaren zatiketa dela eta = Dolor de Aitona por la división de su pueblo – Acto III, Cuadro I: [Mimodrama]; Acto III, Cuadro II: [Gernika presiente la destrucción de su pueblo]; Acto III, Cuadro III: [Bombardeo] – Acto IV: Escena 1ª. [Muerte de Gernika]; Escena 2ª. [Podio lanza al fuego el cuerpo de Gernika]; Escena 3ª. [Se descubre el cuerpo de Gernika ardiendo en el fuego]; Escena 4ª. Podiok Gogor salatzen du Gernika-ren heriotzaz = Podio acusa a Gogor de la muerte de Gernika; Escena 5ª. Berandu etorri zara, Jauna… = Ha llegado tarde, Señor; Escena 6ª. Hau zorigaitz uholdea!… = Qué inundación de desgracia!…; Escena 7ª. Erori zareten guztiok aintzan lo har!… = Todos los que habéis caído, descansad en la Gloria; Escena 8ª. [Ha caído Gernika, pero no la hemos perdido].

    Arriagako kontzertu formatuko kantak: (Larrinaga, 2013: 50-51)

    Disco 1: Acto I: Nondikan nator? (5 min. 11 seg.); Agur, Gernika! (4 min. 42 seg.); Entzun al duzu? (1 min. 3 seg.); Aitor, hemen al haiz? (1 min. 26 seg.); Ah! Izututa gatoz gu zuengana (4 min. 55 seg.); Entzun ondo jaunak! (3 min. 57 seg.); Erregeraren sarrera (18 seg.); Agur jaunak! (18 min. 49 seg.); Acto II: Zer gertatzen zait niri? (2 min. 30 seg.); Hau izan behar nahi dudan lekua (2 min. 4 seg.); Kontuz ibili! (3 min. 42 seg.); Oh! Nire samina! (4 min. 13 seg.); Dominak jartzera nor dator oraintxe? (2 min. 16 seg.); Ah! Izkiludunak datoz! (58 seg.); Erregearen mandataria orain dator, gaitezen lotsakor (8 min. 28 seg.); Gernika! (2 min. 49 seg.); Damutzen naiz gogotik (53 seg.); Jaunak, zuen iritzia agertu garbi eta zintzo (2 min. 17 seg.); Podio da orain gaindu beharreko den etsai nagusia (46 seg.); Negarrez, min bizi, naukazu herria (5 min. 35 seg.) – Disco 2: Acto III: Mimodrama (10 min. 25 seg.); Hau hondamena! (2 min. 49 seg.); Bonbardaketa (11 min. 42 seg.); Acto IV: Madarikatu hori! (3 min. 48 seg.); Hauxe da zuzentasunak eskatzen duena! (1 min. 19 seg.); Makur gatoz, minez gatoz, eskuak huts (3 min. 44 seg.); Honek! Honetxek! (1 min. 7 seg.); Berandu etorri zara, Jauna, berandu! (4 min. 7 seg.); Oinazez beteta gaude gu, gurekin eginak izenik inola ez du (2 min. 11 seg.); Goratu gugatik hilak! (1 min. 33 seg.); Aitor, hemen al haiz (2 min. 4 seg.). Intérpretes: Ana Mª Sánchez (Gernika); Manuel Lanza (Podio); Gustavo Peña (Gogor); Alfonso Echeverría (Aitona); Enrique Baquerizo (Rey); Fernando Cobo (Publio); Sociedad Coral de Bilbao; Iñaki Moreno, director; Orquesta Sinfónica de Euskadi; José Ramón Encinar, director.

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2025). “Francisco Escuderoren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Hodeiek errun zituzten bonbak” | Jose Luis Otamendi | 1987

    Titulua “Hodeiek errun zituzten bonbak”
    Egilea Jose Luis Otamendi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean Susa aldizkariak ateratako ale monografikoan argitaratu zen poema hau. Bonbardaketa irudikatzeko metafora indartsu batekin hasten da poema “Hodeiek errun zituzten bonbak / hodeiek errun eta guk jan”. Metafora horren errepikak (eta suarenak eta berunarenak) bonbardaketen jarraikortasuna irudikatzen du. Bonbardaketek utzitako mina azaleratzen da gero, “oskolez beteak dauzkagu tripak”, eta ihesari eta erbesteari lotutako irudiak “errepide zaharretan atera / koltxoiz gainezka / sexu oroitza gozoekin / itsasoraino / eta haruntzago / bakardade gurdiak”. Bonbardaketaren osteko sufrimendu kolektiboa irudikatzen du, beraz, poemak, eta errebelatu egiten da poeta amaieran: “suzkoak banitu erre / berunezkoak balira urtu /urkatu egingo nituzke penak iladan jarrita”.

    Poema irakur daiteke Literatur Aldizkarien Gordailuan hemen klik eginez.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Jose Luis Otamendiren «Hodeiek errun zituzten bonbak»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Lau haizetara | Xabier Mendiguren | 1987

    Titulua Lau haizetara
    Egilea Xabier Mendiguren
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean Susa aldizkariak ateratako ale monografikoan argitaratu zen antzerki lan hau. Lauaxeta hil aurreko azken momentuak irudikatzen ditu, poetaren bizitzan eta obran esanguratsuak diren alderdi eta pasarte batzuk bilduaz.

    Obraren hasieran, espetxean agertzen da Lauaxeta, eta fraide bat joaten zaio konfesatzera. Egunsentiarekin batera, ametsen munduan murgiltzen da, eta tonu onirikoa hartzen du obrak. Loiolako Santutegiaren, San Inazioren eta Jesus gurutziltzatuaren irudiak agertzen dira; haien aurrean, Bide Barrijakeko “Gurutze-aldera” poema errezitatzen du Lauaxetak.

    Impasse baten ostean, euskal paisaia bukoliko baten argazkiak ikusten dira, eta neska bat agertzen zaio Lauaxetari. Elkarren arteko maite jolasak irudikatzen dira, eta Lauaxetak “Zelayetakua” eta “Loretan” poemak errezitatzen ditu.

    Beste impasse baten ondoren, Sabino Aranaren eta abertzaletasun jelkidearen iruditeria erakusten da. Irudi horien aurrean, mitinlari sutsu agertzen da Lauaxeta, aberriaren alde. Bere mitinean, herriaren sinbolo gisa aipatzen du arbola: “Hemen bildu zaretenok zarete gure aberriaren lorea, etorkizunaren hazia. Zuengandik jaioko den arbola izango da Euzkadi osoan eta mundu zabalean fruiturik jori, mardul eta gozoenak emango dituena.”

    Lauaxetaren mitin abertzalearen aurrean, jendearen orroek kontrastea egiten dute Athleticen futbol partida baten ikusleen eta esatarien garrasiekin. Azkenean, orro horiek guztiak irensten dituzte hegazkinen eta bonbardaketaren hots eta irudiek. Proiektatzen diren irudien artean aipatzen dira: “etxe birrinduak —Gernikakoak batipat, noski—, sua, kea, —sirena hotsa entzuten dugula bien bitartean—, umeak negarrez, gorpu hilak, trintxerak, etxe txikitu gehiago, nazien svastika, juduak, Franco eta Molaren irudiak, gudariak, gerra, «Gernika» Picassoren koadroaren irudiak eta abar luzea”.

    Bonbardaketa amaitzean, soldadu frankistek atxikitzen dute eszenatokian lurrean datzan Lauaxeta. Ameskeriak bukatuta, hasierako kartzelan dago berriz. Fraidea eta soldadu bat agertzen dira, Lauaxeta fusilatzera eramateko. “Goiz eder onetan erail behar nabe” errezitatzen hasten da Lauaxeta, hormaren kontra jartzen dutenean. Fusilatzera doazela, “Agur, Euzkadi!”-ren hasiera ere errezitatzen du poetak, eta “Gora Euzkadi Askatuta” esanda hilko da.

    Lauaxetaren azken uneetan, poetaren bizitzaren eta obraren ezaugarri esanguratsuenak agertzen dira, beraz; horien artean, Gernika Gerra Zibileko eta Lauaxetaren bizitzako eszenatoki garrantzitsua da. Baina Euskal Herriaren aurkako erasoaren sinbolo ez ezik, gizateriaren aurkako krimenen ikur gisa ere agertzen da, Picassoren koadroa eta II. Mundu Gerrako sarraskiak ere aipatzen baitira Gernikari lotuta, bonbardaketako irudiekin aurrez aurre.

    Ipuina sarean kontsulta daiteke, Literatur Aldizkarien Gordailuan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa1810.htm

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Xabier Mendiguren Elizegiren Lau haizetarari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “Denborak berdin-berdin korritzen du eta” | Iñaki Goitioltza, Iñaki Uriarte | 1987

    Titulua “Denborak berdin-berdin korritzen du eta”
    Egilea Iñaki Goitioltza, Iñaki Uriarte
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean Susa aldizkariak ateratako ale monografikoan argitaratu zen ipuin hau lehendabiziko aldiz, Iñaki Goitioltzak sinatuta. 2008an, Aspaldiko lagunen bisita. Susa aldizkariko 25 ipuin liburuan atera zen berriz, Iñaki Uriartek sinatuta, oraingoan.

    Ipuineko protagonista, Ane, Gernikako bonbardaketari buruzko antzezlana prestatzen ari den aktorea da. Obran, familia osoa galdu eta umezurtz geratu da, baina ez du antzezlanean behar bezala aritzea lortzen, etsita dagoelako; bikotekideak alde egin du, elkarrekin bizi izandakoaren lekukoak (argazkiak, gutunak) eramanda.

    Obraren zuzendariarentzat, herri zapalduaren sinboloa da Gernika, eta bere garrantzia Aneri azaltzen saiatzen da: “Condor legioko hegazkinek Gernika bonbatu zutenean ez zen kasualitate hutsa izan, arrazoik zamatsuak zituzten hautatzeko. Gernika zapuztu, erre, eta hondatu zutenean aurreko historia guztia instant baten ezabatuko zutelakoan zeuden. Euskaldunok elkarrekin emandako mendeak zuhaitz bat botatzean desagertuko zirela zeritzoten. Baina ez, ez zen eta normalean ez da horrela gertatzen. Batera bizi izan duzun esperientzia ez da deusestatzen bapatean mapatik kendu arren. Argazkiak eta dokumentu oro lapurtu arren, jentearen oroimenak askoz hondar sakonagoak uzten ditu, eta izan dena ez da azukrea legez kafean urtuko”.

    Ipuineko protagonistak bizi duen galerarekin paralelismo bat ezartzen da, beraz, iragana ez dela hain erraz desagerrarazten eta memoriak iraun egiten duela iradokiz.

    Ipuinaren bi argitalpenak sarean daude eskura. Ipuina irakurtzeko Literatur AldizkarienGordailura jo hemen klik eginez, edo Susa argitaletxearen webgunea kontsultatu hemen.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2025). “Iñaki Goitioltza eta Iñaki Uriarteren «Denborak berdin-berdin korritzen du eta»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Triskantzatik esperantzara. Euskal idazleak Gernikaren oroimenetan | Askoren artean | 1987

    Titulua Triskantzatik esperantzara. Euskal idazleak Gernikaren oroimenetan
    Egilea Askoren artean
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak, Ipuina, Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    1987an, Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenaren karietara, Gernikako Musikazale Gazteen Elkarteak Triskantzatik esperantzara. Euskal idazleak Gernikaren oroimenetan liburua eman zuen argitara. Gernikako Bonbardaketa gaitzat hartuta, 28 idazlearen testuak eskaintzen dira, izan poema, bertso, ipuin edo oroitzapenen kontakizunak. Egileen zerrenda bezala, testuen nolakotasuna ere askotarikoa da, baina  esan bezala, denak ardazten dira Gernikako Bonbardaketaren inguruan.

    Egileen artean, poema edo bertso idazleen artean daude Jesus Maria Arrieta, Joxe Antonio Artze, Balendin Aurre Apraiz, Jean Louis Davant, Jon Enbeita, Eusebio Erkiaga, Joxe Erzibengoa Otaegi, Eñaut Etxamendi, Patxi Ezkiaga, Gotzon Garate, Alfontso Irigoien, J.M. Irigoien, Joxemari Iturralde, Iñaki Lasa, Andoni Lekuona, Sabin Muniategi, Santiago Onaindia eta Maria Unanue. Bitoriano Gandiagak, bi poemarekin batera, prosazko testu bat eskaintzen du. Eta azkenik, prosan idatzi duten idazleak Xipri Alberbide, Jose Estornes Lasa, Jon Etxaide, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkia izan dira.

    Nola aipatu: Ayerbe-Sudupe, Mikel (2025). “Askoren artean eginiko Triskantzatik esperantzara. Euskal idazleak Gernikaren oroimenetani buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • “Hegazkin bilakatu zaizkit hatzaparrak” | Jose Luis Otamendi | 1987

    Titulua “Hegazkin bilakatu zaizkit hatzaparrak”
    Egilea Jose Luis Otamendi
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Poema labur honetan Gernikaren bonbardaketaren eta ni poetikoaren erkaketa metaforikoa artikulatzen da. Gernikaren sarraskia gorputzean pertsonifikatzen da: atzaparrak-hegazkinak, ezpainak-metraila. Hala, Gernikaren eta gorputzaren fusio moduko bat gertatzen da, bataren sutea bestearena izanik. Arbolaren sinboloa poemaren bigarren erdian agertzen da. Ez zaio Gernikako arbolari erreferentzia zuzenik egiten, baina agerikoa da marko erreferentzialaren sakonean horixe dagoela. Agertzen dena “bakardadearen arbola” da, zeina, Genesiko arbolen aldaera moduko bat den (“paradisutik bota gintuena”). Ongiaren eta gaizkiaren arbola izan beharrean, bakardadearena da orain, bonbardaketaren osteko bakardadearena hain justu. Horregatik poemaren itxiera dramatikoak egiten dio erreferentziak berreraikitze lanei; Gernikarenari zein “gure emetsenari”.

    Poema irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Jose Luis Otamendiren «Hegazkin bilakatu zaizkit hatzaparrak»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “Bada basoan zuhaitzik” | Edorta Jimenez, Omar Nabarro | 1987

    Titulua “Bada basoan zuhaitzik”
    Egilea Edorta Jimenez, Omar Nabarro
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Poema labur bat da, Gernikako arbola sinbolo nagusi duena. Formalki kopla bat da, hiru ahapaldikoa, honako eskemarekin, beraz: 8a | 8a | 10- | 8a. Poemaren markoa Gernikako bonbardaketa izaki (zenbaki osoaren tematika aintzat hartuz), bonbardaketa ondorengo arbolaren irudikapena litzateke poema, nahiz eta hori ez den esplizitua inongo momentutan. Arbola triste ageri da, “sasi kumez estalirik”. Bigarrengo ahapaldian Kantauri itsasoarekin dialogoan ezartzen du arbolaren sinboloa. Azkenekoan, neskatoaren eta arbolaren sexu harremana sinbolizatzen du, hitz-joko bat (ahozpera ala hankarbolez) baliatuz. Azkeneko irudikapen honek poesia mistikoaren iruditeria sinbolikoaren (Juan de la Cruz-en Canto espiritual, adibidez) erabilpena gogorarazten du.

    Poema irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Omar Nabarroren (Edorta Jimenez) «Bada basoan zuhaitzik»i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika 16,30 H.S.O. | Edorta Jimenez, Maskarada taldea | 1987

    Titulua Gernika 16,30 H.S.O.
    Egilea Edorta Jimenez, Maskarada taldea
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Testuaren bukaeran agertzen denez, Susako lan taldeak egindako antzerki-laburpena da. Jimenez eta Maskarada antzerki taldeak pieza bat sortu zuten Gernikako bonbardaketa oinarri, eta horren zati baten laburpena da testua. Hiru zatitan banatua dago, hiru protagonista-narratzailek osatua: Gudaria, Nekazaria eta Errefuxiatua. Bakoitzaren ikuspuntu eta bizipen zuzenetatik kontatzen da bonbardaketa. Lehenengoa eta hirugarrena iraganean kontatuak dira eta bigarrena orainaldian, gertakariak bizi ahala.

    Gudariak gerran sartu ezkeroko (Donostia erori eta segituan) bere bizipenak aipatzen ditu, Donostiatik Ondarrura eta gero Gernikara, han bonbardaketak harrapatu zuelarik. Nekazaria baserrian lanean harrapatzen du bonbardaketak, eta lehen bonbak erori eta berehala herrirantz jaisten da hango sarraskia geroz eta argiago ikusten duelarik. Hirugarrena, Espainiako II. Errepublikako zinegotzi abertzalea da, Pasaiatik Elantxobera ontzian ihesi egindakoa. Gero, Gernikara iritsi zen bonbardaketaren bezperan eta sarraskia bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen.

    Antzerki testua irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Edorta Jimenez eta Maskarada taldearen Gernika 16,30 H.S.O.ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “Guernica?” | Xabier Montoia | 1987

    Titulua “Guernica?”
    Egilea Xabier Montoia
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Kontakizun honetan Pablo Picasso da protagonista eta Guernica koadroaren balizko pintaketa prozesua irudikatzen da. Parisen, Catherine izeneko musa baten amodio-min batetik pintatzen hasten dela irudikatzen da. Prozesu horretan dela, egun batez, Antoine izeneko lagunak faxistek Espainiako herri batean egindako sarraskia aipatzen dio Picassori. Herriaren izena, Guernica, aipatzen diolarik, Picassok herriaren berri ez zuela nabarmentzen da (hotik kontakizunaren titulua). Picasso neskazale amorratu moduan irudikatzen da funtsean, antifaxista eta bakezale bainoago.

    Hiru txatal laburrez osatzen da kontakizuna, narratzaile extradiegetiko eta heterodiegetikoz idatziak.

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Xabier Montoiaren «Guernica?»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa hurrengo estekan kontsulta daiteke: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • “Gernikako astelehena” | Marta | 1987

    Titulua “Gernikako astelehena”
    Egilea Marta
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Kontakizun honetan baserriko senitarteko bateko alaba da protagonista. Lehen zatian, aitarekin izandako gatazka ageri da: aita apustuzale eta ardozaleak kortan harrapatu zuen alaba auzoarekin eta biak jipoitu zituen. Ostean, alaba bi urtez gorde zuen baserrian, Gernikako bonbardaketako eguna iritsi zen arte. Egun horretan, kasualitatez, baserritik ihes egin eta gurasoak merkatuan daudela aprobetxatuz baserria erre egiten du alabak. Berehala, lehen hegazkinak agertzen dira zeruan. Bi gatazkak, familiarra eta politikoa (gerrarena) txirikordatzen dira narrazio honetan, katearen sinbologia erabiliz kontakizuna ixteko.  

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Martaren «Gernikako astelehena»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Nerbioi ibaian galdu zen gorpua | Josu Landa | 1987

    Titulua Nerbioi ibaian galdu zen gorpua
    Egilea Josu Landa
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Hiru zatitan banatutako kontakizuna da. Protagonista Inaxi gaztea da, Pasaiako familia zabal bateko alaba. Bilbora mudatua da familia, aitaren lana eta gerraren gorabeherak bultzatuta. Hiru zatiek kronotopo propioa dute: 1- 1936ko azaroa Bilbo. 2- 1937ko apirila Gernika. 3- 1937ko ekaina Bilbo. Lehenengoa eta hirugarrena narratzaile extradiegetiko eta heterodiegetikoz idatziak dira, Inaxiren ikuspuntua nagusi, eta bigarrena narratzaile homodiegetiko eta autodiegetikoz, aitaren ikuspuntutik.

    Lehenengoan Inaxi Ledesma kalera joana da, ardoa erostera, bonbardaketa bat hasten denean. Gotorleku batera sartu eta bizia salbatzen du. Bigarrengoan aitaren ahotsa agertzen da, lehen pertsonan, bere kamioia gelditu (Campsako langilea da) eta Gernikako bonbardaketa Mundakarako errepidetik ikusiz. Hirugarrengoan, Bilbo faxisten esku erortzear dela, Inaxi Atxuriko azokara joan eta hegazkin batetik faxistek propaganda nola botatzen duten ikusten du. Haien aldeko emakume bat atxiki eta kolpeka hil egiten dute azoka inguruko zenbaitek.

    Kurioski, lehen zatiko bonbardaketa ez dago gertakari historikoekin doiki loturik. Izan ere, 1936ko azaroko bonbardaketak, Bizkaian, frontean gauzatu ziren (Markina eta inguruetan, batik bat) eta ez Bilbon.

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Josu Landaren Nerbioi ibaian galdu zen gorpuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Paraxutista | Gorka Arrese, Violet Font | 1987

    Titulua Paraxutista
    Egilea Gorka Arrese, Violet Font
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak izatekotan

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Kontakizun labur honetan paraxutista bat da narratzaile-protagonista. Ekintza baten aurreko pentsamenduak islatzen ditu, barne-jario moduan emanak: erasoa jasoko duten herritarrak imajinatzen ditu, izan dezakeen arriskua kalkulatu, lur hartu aurreko istantak irudikatu…

    Gernikako bonbardaketarekin lotura zeharkakoa da, bonbardaketan ez zuelako paraxutistarik parte hartu. Gerraren izugarrikeriaren sinbolo gisa lot liteke (zenbaki guztiaren tematikaz landa), beraz, garai hartan erabiltzen hasi zen gerra-ekintzaile berri eta enblematiko (paraxutista) bat baliatuz. Paraxutistak naziak hasi ziren erabiltzen gerra elementu masibo gisa, baina Gernikako bonbardaketa baino beranduago, II. Mundu Gerran.    

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Violet Fonten (Gorka Arrese). Paraxutistari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Makinista | Gorka Arrese, Violet Font | 1987

    Titulua Makinista
    Egilea Gorka Arrese, Violet Font
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Kontakizun labur honetan makinista bat ageri da, bere trena abailan daramana, ihesi. Gernikako bonbardaketatik ihes egiten duela iradokitzen da, trenaren eta hegazkinen korrika paralelo moduko batean. Teknika narratibo azkar batez idatzia, atzera kontaketa moduko bat irudikatzen da, hil ala bizikoa. Treneko bagoiak iheslariz beteta doaz, eta nazien “Azken irtenbideko” bagoi beteekin oihartzun egiten dute, zeharka. Hangoetan bezala, tren honen patua aldaezina dela ematen du, geroz eta lasterrago korrika eginda ere badirudi ezingo dutela heriotzarengandik eskapo egin. Gernikarekiko erreferentzia lausoa da, aldizkariko zenbakiaren paratestuak iradokitzen duenaz harago, hegazkinei egiten dien erreferentzia baita lotura bakarra.   

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Violet Fonten (Gorka Arrese) Makinistari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Luma beltz/horidun tukana | Iñigo Aranbarri | 1987

    Titulua Luma beltz/horidun tukana
    Egilea Iñigo Aranbarri
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Kutsu surrealistako poema bat da, hiru zatitan banatua. Loturarik gabeko irudiz eta erreferentzia gurutzatuz eraikia, azpimarratzekoak dira Praga, Itaka eta Ulmeri egindako erreferentziak. Horien artean, bereziki seinalatzekoa, Gernikari begira, Lauaxeta eta Viezlav Nezval poetaren erkaketa. Izan ere, azken hau Pragako erresistentzia antifaxistan parte hartu zuen nazien agindupeko Txekian, eta espetxeratua izan zen 1944an. Neurri horretan, 36ko Gerra eta II. Mundu Gerra lotzeko saiakera nabaria da, hala historiografian, nola errepresentazio kulturaletan sarritan egin den bezalaxe, 36ko Gerra II. Mundu Gerraren hastapen edo hitzaurretzat jotzen baitute askok. Hala, Gernikako sarraskia naziek ere urte gutxiren buruan Europan zehar egindako beste sarraskiekin lotzen da.  

    Poema irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Iñigo Aranbarriren Luma beltz/horidun tukanari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Gutun poliglotak | Mikel Antza | 1987

    Titulua Gutun poliglotak
    Egilea Mikel Antza
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Susa aldizkariko 20. zenbakia, 1987ko apirilekoa, Gernikako bonbardaketari eskaini zitzaion. Gernika izenburuduna, azala Julio Pardorena da, zeinetan hegazkin bat ageri baita zeru gorri infernu itxurakoa zeharkatzen. Pieza hau aldizkari horretako parte da.

    Gutun bidezko kontakizun polifonikoa da. Hiru eskutitz ageri dira, 36ko Gerrarekin erlazionatutako hiru atzerritarrek idatziak: Walter (alemaniar nazia), Valla (errusiar komunista) eta Paul (frantses antifaxista). Lehenengo biak zuzenean ari dira parte hartzen gerran eta hirugarrena, Paul Eluard poeta izan daitekeena, zehazten ez bada ere, Hendaian dago, Gernika suntsitura sartu nahian. Gerraren begirada atzerritar anitza erakusten dute eskutitzek, zeintzuk ez baitaude kronologikoki ordenaturik. Walterrek bere maite Gratcheli idazten dio, Vallak bere lagun Nikolairi eta Paulek bere lagun Andréri (Breton, ziur aski). Lehenengo bi eskutitzak Gernikako bonbardaketaren aurrekoak dira eta hirugarrena, Paulena, bi egun geroagokoa (1937ko apirilaren 28koa) eta, beraz, azken honetan aipatzen da sarraskia. Sarraskiaren izaera izugarria azpimarratzen du (“Ez dakit ongi ohartuko zaren gertaeraren larritasunaz”), besteak beste merkatu-eguna zela adieraziz eta albistearen balizko oihartzun nazioartekoaz mintzo da, Andrék Parisen bonbardaketaren berri izan duelakoan. Parisko Quartier Latineko “lagunak” (artistak eta kultur jendea, ziur aski) mobilizatu eta zerbait egiteko beharraz hitz egiten dio André lagunari.

    Ipuina irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2025). “Mikel Antzaren Gutun poliglotak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Guttietsien mendekua | Jon U. Baltza | 1987

    Titulua Guttietsien mendekua
    Egilea Jon U. Baltza
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    “Guttietsien mendekua” Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. Jon U. Baltza da testuaren egilea, Susa aldizkarian euskarazko narrazioak argitaratuz hasi zen, eta Hegatsen iruzkinak ere idazten zituen. Narratibaz gain, esparru akademikoan ere argitaratu du. Aztergai dugun testua fikziozko narrazio labur bat da, hirugarren pertsonan mintzatzen den narratzaile orojakileak kontatua.

    N’gaie protagonista leinu ezezagun batean zapalduta eta menderatua bizi den herritarra da. N’gaiek azal zuria ez duela iradokitzen da, azal zuriko gizonak aipatzen baitira pertsona arrotz eta beldurgarri gisa: “ba omen zeudela larru erabat zurbil zuten gizon (edo ez ote ziren beste gauzaren bat izanen?) batzu, oso jende arraroa gainera, inolaz ere txantxetan hartzeko modukoak”. N’gaiek, halako batean, gizon zuri batekin topo egiten du, guztiz txuriz jantzita dagoena eta lepotik gurutze bat zintzilik duena. Zuzenean aipatzen ez bada ere, kontuan hartuta narratzaileak N’gaie fokalizatzen duela eta haren ikuspegitik mintzatzen dela, aipatutako gizon zuriak misiolari kristauak izan daitezke. Protagonistak botere falta, aginte eza eta zapalketa aipatzen ditu bere leinuan, eta gizon zuriari lurrera objektu bat jausten zaionean, agintzeko baimena emango dion amuleto gisa bereganatuko du. Izan ere, objektua Jainkoen seinale gisa ulertuko du, eta hari esker bere egoera guztiz aldatuko dela sinesten du, berak izango duelako amuletoari esker agintzeko boterea. Narrazioaren amaieran, objektuan grabatuta dauden hitzak irakur daitezke, osorik erakusten ez bada ere:

    “La vesania fascist…

    Gernika, en llam…

    Como si se tratara de simbolizar la victoria del amo…

    el odio, en la villa foral aparecen intactas la Casa de…

    y el Arbol de la Libertad”

    Gizon zuri ezezagunak gainean zeraman objektuan, beraz, Gernika herri erreari buruzko testua dakar: faxistak, Gernika kiskalia, foruak, Juntetxea eta Gernikako Arbola aipatzen dira, esaterako. Interpretazio libreko amaiera ematen dio narratzaileak kontakizunari, eta irakurleak hautatu behar du nor, non, zergatik… hartzen duten parte N’gaiek eta gizon zuriak kontakizunean. Ez dakigu gizon zuria faxista edo nazionalista den, ez eta zergatik daraman soinean Gernikako bonbardaketari buruzko oroigarria. Gainera, zein lurraldetan kokatzen diren jakin ez arren, gizon zuriekiko bereizketak iradokitzen du Afrikako edo Asiako herrialde batean gaudela, edo Europako komunitate marjinal baten lurraldetan.

    Botere dinamikak eraldatzeko aukera aurkitzen du protagonistak amuletoari esker, baina, egiazki, menperatzailearen aurkako jarrera hartzen du: “berak erakutsiko zien orain leinukoei nor zen egiatan agintzen zuena”, “Inork ez zion sekula gehiago bozik altxatuko, ez eta isekik eginen, begiramendu eta errespetuz zuten tratatuko behingoz, bera baitzen aukeratu izana, bera eta ez beste”. Hau da, zerutik eroritako botere sakratu batek agintea hartzeko hautatua izan dela sinesten du protagonistak, historiako Europako erregeen antzera, eskubide eta botere jainkotiarrak zituztenak. Ondorioz, mendekuaren aitzakiapean hartutako erabaki eta jarrera tiranoen aurkako kritika egiten da: zapalduaren posiziotik, agintea hartzeko eskubidea bereganatzen da ikur edo objektu sinboliko batek hala eraginda, edozein motatako adostasun, partekatze eta gizartearen inplikaziorik gabe: hots, demokraziarik gabe.

    Kontakizuna Gernikari buruzko testuarekin amaitzeak esanahi sinbolikoz betetzen du narrazioa: Gernika, foruen eta askatasunaren lurralde historikoa, euskaldunen herri sakratua, faxistek suntsitua izan zen 1937ko apirilaren 26an. Kontakizuna horrekin amaitzeak beste herrialdetan ere gerta daitezkeen eta Gernikakoarekin alderagarriak diren hondamendiak irudikatzen ditu; hau da, ez Gernikan bakarrik, baizik eta istorioa gertatzen den lurraldean ere faxismoa eta tirania gailenduz gero, “beste” Gernika bat gertatzea posible da.

    Testua irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jon U. Baltzaren Guttietsien mendekuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernika" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Metraila puskak | Anonimoa | 1987

    Titulua Metraila puskak
    Egilea Anonimoa
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Besterik
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    “Metraila puskak” izeneko testu literarioa Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. Testuaren egilearen berri ematen ez bada ere, hainbat pertsonen testigantzek osatzen dute: Maria Badiola, Isaac Barandiaran, Gurutz Artetxe, Imanol Zubiaurre, Fernando Totorikagunea, Basilia Urtubi, Jone Gandarias, Jon Monasterio, Benito Uberuaga, Deunore Labauria, Miren Izagirre, Paula Ormaetxebarria, Mikaela Agirre, Mertxe Gartzia, Joseba Onaindia, Mikel Rementeria, Andresa Idoiarago, Agustina Malaxetxebarria, Iñaxi Zabala eta Rafaela Madariagaren hitzak jasotzen dira, hurrenez hurren. Guztira, 24 testu txikik osatzen dute aztergai dugun testua.

    Aipatutako pertsonak 1937ko apirilaren 26an Gernikak sufritu zuen bonbardaketaren lekukoak dira, eta haien testigantzen bitartez, gertakari historikoaren kontakizun kronologiko laburra osatzen du egileak. Bonbardaketaren aurreko uneak nolakoak ziren azaltzen da lehenengo, zerua nola zegoen eta irratian entzunikoak kontuan hartuz. Ondoren, gerra-hegazkinen presentziaren berri eman zuten sirena eta kanpai hotsak aipatzen dira, azkenean, aire bidezko bonba nahiz metraileten erasoak iritsi ziren arte. Lekukoak nola eta non babestu ziren kontatzen da: babeslekuak, estoldak, mendiko zuhaitzak, belar tarteak, erreka, Arana kondearen etxea…eta bertako pasarte latzenak deskribatzen dira; hala nola, zigarreta ahoan zuela hil zen gizona, barrutik eztanda eginda hil zen urkoa edota biloba besoetan zeramala metrailatuta hil zuten amona. Gernika bonbardatu eta hurrengo egunetako egoera lazgarria ere aipatzen da, herrian zegoen kiratsa eta gaixotasunak azpimarratuz. Horrez gain, bonbardaketaren erantzuleak zein izan ziren argi eta garbi esaten da: Heinkelak eta damututako soldadu alemana dira horren adierazle.

    Oroitzeko eta biktimei omenaldia egiteko ariketa gauzatzen du egile anonimoak testu honen bitartez: benetako lekuko eta biktimei oroitzeko eta egia kontatzeko espazioa eskaini, eta bitartekari lana burutzen du.

    Testua irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Metraila puskak testuari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Gernikako bonbardaketari buruzko "Susa-20/Gernikak" aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Ifernuko auspoa | Anonimoa | 1987

    Titulua Ifernuko auspoa
    Egilea Anonimoa
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak izatekotan

    “Ifernuko auspoa” testu anonimoa Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. 8 bertso-lerroko 6 ahapaldiz osatutako testua da aztergai duguna, eta trikitixa eta panderoarekin laguntzeko sortutako testua da. Ahapaldi bakoitzeko lehen bi bertso-lerroak errepikatu egiten dira bisak hala adierazita, eta ahapaldi bakoitzeko 5. bertso-lerroan “ai, ai, ai,” errepikatzen da: testua kantura moldatzeko pentsatuta dago, porrusaldara hain zuzen ere, baina ez da letra horri jarraitzen dion porrusaldarik ezagutzen. Abestia izateko pentsatua badago ere, testua soilik ezagutzen dugunez, literaturaren alorrean sailkatuko dugu.

    Testuan analogia bat egiten da erromeria eta 1936ko gerran Euskadin bizitakoaren artean, gerrako tiro, hots eta erritmoak erromeria batekoekin konparatuz. Euskal musikaren bitartez 1936ko gerrako faxistei aurre egiten dio testuak: “arin-arina ez da / pasodoblen beldur”, “panderojole zai, / frenteko trikitixa / gaur egun ere bai”. Euskal identitatea faxismoaren erosoen aurka mantenduko dela aldarrikatzen da, gerran metrailadore, bonba eta erretzeei aurre egingo zaielako. Izan ere, hala dio bosgarren ahapaldiak: “ifernuko auspoa / nahi dute itzali (bis) / Jainkoaren indarrez Euzkadi kixkali”. Jakina denez, Gernikako bonbardaketak Espainiako Gerra Zibila markatu zuen, ordura arte Europan egin zen biztanleriaren aurkako erasorik bortitzena izan baitzen, beraz, egileak “Euzkadi kixkali” nahi dutela dionean, baina “ifernuko auspoa” oraindik bizirik dagoela aditzera ematen duenean, Gernika erre ondoko egoeraz mintza daiteke. Izan ere, Gernika erre eta sarraski izugarria burutu bazuten ere, Iparraldeko frontea oraindik ez zen erori, eta gudariek eutsi egin zioten Franco eta bere aliatuen aurreratzeari.

    Bestalde, izenburuari erreparatuz eta testuan errepikatzen den “Ifernuko auspoa nahi dute itzali” formula kontuan hartuz, horrek bi interpretazio izan ditzake: alde batetik, “infernuko hauspoa” trikitixaren soinu txikiak izendatzeko terminoa da; eta bestetik, hitzok literalki ulertuta, “infernuko birikaz” ari dela uler liteke, suz inguratutako tokian oraindik arnasgunerik geratzen dela iradokiz. Ondorioz, egileak jokoa egiten du erromeria eta trikitixaren soinuekin osatutako testua eta izenburuaren artean, baina baita 1936ko gerrako erresistentzia guneei erreferentzia egiteko ere. Susa-20/Gernika aldizkariak bertan argitaratzeko oinarrizko gai gisa Gernikako bonbardaketa zuen, beraz, uler daiteke aztergai dugun testuak infernuko hauspo gisa ulertzea Gernikan zutik eta bizirik gelditu ziren eraikin, herritar eta Gernikako Arbola; edonola ere, ez da horiei erreferentzia zuzenik egiten.

    Testua irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ifernuko auspoari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Lili Marlen 37-87 | Anonimoa | 1987

    Titulua Lili Marlen 37-87
    Egilea Anonimoa
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

     “Lili Marlen 37-87” poema anonimoa Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira aurrera eraman zen Susa-20/Gernika aldizkari monografikoan argitaratu zen. Izenburuak Lale Andersenen “Lili Marlen” abesti alemanari egiten dio erreferentzia, zeina Lehen Mundu Gerrako soldadu aleman batek idatzitako poeman oinarrituta baitago. Hans Leip soldaduak 1915ean idatzi zuen poema Lehen Mundu Gerran borrokatzen ari zela, nahiz eta abestia Bigarren Mundu Gerran ospetsu bihurtu 1939ko Lale Andersenen bertsioari esker. Abestia ereserki militar bihurtu zen bere garaian, eta hamaika hizkuntzetara itzuli zen, mota askotako bertsioekin batera. Poetak bere maitea ekartzen du gogora poeman, eta gerrara joan baino lehenagoko agurra nolakoa izan zen deskribatzen du.

    Susa-20/Gernika ale monografikoan argitaratutako poema anonimo honek, beraz, izenburuaren bitartez soilik erreferentzia zuzena egiten dio gerrari eta bertako sufrimenduari. Lehen pertsonan mintzatzen den subjektu poetikoak, hau da, ni poetikoak, hartzaileari egiten dio erreferentzia, Lili Marlen deitzen dena. Lili Marlen izango litzateke zu poetikoa, poetaren maitalea dena, hain zuzen ere. Ni poetikoak zu poetikoari elkar daitezen eskatzen dio, baina posible izango ez dela jakitun, agur modura funtzionatzen du poemak, Lale Andersenen izenburu bereko abestiak bezala. Edonola ere, berez Bigarren Mundu Gerrarekin lotzen den “Lili Marlen” ezaguna Espainiako 1936ko Gerrako Euskadiko frontera ekartzen du poetak.

    8 bertso lerroko 3 ahapaldiek osatzen dute poema, hau da, 24 bertso lerro guztira. Lehen bi ahapaldietan ni poetikoak maitaleari eskatzen dio beregana joan dadila, eta bera inguratzen duen paisaia deskribatzen du: “Mendi ferde gozo / ta ibai garbiak” (1-2), “Zatoz neregana zeren / Euzkadi hain / ederra den” (5-7), “etorriko ote zaren / biok hamen / maite gaiten” (13-15). Azken ahapaldian, ordea, ni poetikoa kokatzen den hondamendiaren berri ematen da, bi maitaleak elkartzeko ezintasuna agerian utziz: “Gorpuak kiskali / etxeak suntsitu” (17-18), “Pena da baina tamaiez, / laztana, e- / zin izan zen” (21.23). Agerikoa da ni poetikoa gerran dagoela, eta kontuan hartuta Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira argitaratutako aldizkarirako poema dela, seguraski Gernika da gorpu kiskaliak eta suntsitutako etxeak dituen aipatutako herria. Gainera, “ama hilaur batez / malkotan erditu” (19-20) dela adierazten du poetak, mater dolorosaren irudia iraunaraziz, Picassoren ama hildako haurrarekin gogorarazten duena, nahiz eta semea testuinguru belikoetan galtzen duen ama gizajoaren irudia etengabe errepikatu den historian zehar, bereziki tradizio kristauan.

    “Lili Marlen 37-87”ren egile anonimoak, beraz, jada gerrako sufrimendua eta errukiarekin lotutako kantu ezaguna hartu eta esanahia berritzen du jatorrizko bertsioa testuinguru euskaldunera. “Euzkadi” aipatuz, eta suntsitutako nahiz erretako herria aipatuz, aldizkariaren egitasmoa ahaztu gabe, Gernikako bonbardaketako biktima bat irudikatzen du irakurlea: guztiz etsita dagoen biktima da protagonista, bere maitalea azken aldiz ikusteko esperantza ere galdu duena.

    Poema irakurtzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Lili Marlen 37-87-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    "Susa-20/Gernika" Gernikako bonbardaketari buruzko poemen aldizkari monografikoa kontsulta daiteke hurrengo estekan: https://andima.armiarma.eus/susa/susa18.htm

  • Gernika | Enrique Acha | 1987

    Titulua Gernika
    Egilea Enrique Acha
    Lekua Euskal Telebista
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1987an, Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira, Enrique Achak Euskal Telebistarentzat egindako dokumentala da “Gernika”. Bertan, herriaren historiaren errepasoa egiten da, baina erdigunean jartzen da 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa. Izan ere, hasieran, Gernika, “ezer izan baino lehen arbola dela” diote hainbat gaztek, haren sustrai eta adarretatik gorpuztu dela euskaldunen izaera azalduz. Gernika herri apal, langile, nekazari eta merkatari gisa erakusten da, euskaldunen biltoki dena, hain zuzen. Baserriko bizimodua omendu eta goresten du lanak, 80.hamarkadako herri oraindik tradizionala erakutsiz.

    1936ko uztaileko nazionalen altxamenduarekin hasten da dokumentala bonbardaketa testuinguratzen, eta Gernikako azokan grabatutako irudi garaikideak 1937ko gerra-abioien karga irudiekin nahasten dira. Horrela, 1937ko apirilaren 26ko eguneko analogia bat sortzen da: Gernikan azoka ospatu bitartean, handik gertu soldadu alemanek hegazkinak bonbaz bete zituzten beranduago herria erasotzeko. Bonbardaketa lehen pertsonan bizi zutenen lekukotasunak biltzen dira, suntsiketa eta sarraskiaren irudi eta argazkiek lagunduta. Gernikako babeslekuen egoeraren berri ere ematen dute.

    Gernika bonbardatzeaz arduratu zen Kondor Legioa nazi alemanen laguntzarekin, eta arduradunetako baten testigantza ere agertzen da dokumentalean: alemanak Gernika bonbardatzearen helburua zubia eraustea izan zela dio, ez izua zabaltzea eta herria sarraskitzea. Ordea, aitortzen du abagune paregabea zela haien arma berriak probatu eta iritziak jasotzeko. Dokumentalak bertsio ofizialak zabaldutako gezurrak salatzen ditu, alemanaren bertsioaren aurka eginez. Aurretik aipatu den moduan, dokumentalak baserri bizimodua erakusten du, eta, ondorioz, baserritako abereak ere erakusten dira: Gernikako Arbolaren parean zaldia irrintzika agertzen da, eta jarraian, Picassoren Guernica koadroko zaldi ezaguna agertzen da pantaila handian segundo batzuez. Horrela, Picassoren koadro enblematikoa bonbardaketari eta euskal identitateari lotzen zaio, koadroari buruz zuzenean ezer aipatzen bada ere, hura erakuste hutsarekin nahikoa da ikusleak mezua identifika dezan. Izan ere, koadroak gerraren aurkako eta justiziaren aldeko esanahi kolektiboa bereganatu du, mundu osoko erreferentzia bihurtu den arte. Era berean, honek koadroaren oinarrian dagoen gertakari historikoarekiko deserrotzea ekarri du, euskal lurraldea eta erasoaldia baztertuta utzita. Beraz, dokumentalean hain xumea baina esanguratsua den eszena horretan, non zaldia (elementu picassianoa) agertzen den Gernikako Juntetxearen parean,  Guernica berriro ere euskal identitatearen parte bihurtzen da, alegoria Gernikako Arbola sakratua eta lurralde historikoarekin lotuz.

    Dokumentala Argian ikus daiteke, hemen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Enrique Acharen Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 59. Árbol de Gernika 8 | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 59. Árbol de Gernika 8
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau brontzezkoa da eta Gernikako Arbolaren ingerada errepresentatzen du. Serieko hurrengoak bariazio ezberdinak dira.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 59. Árbol de Gernika 8-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 58. Árbol de Gernika 5 | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 58. Árbol de Gernika 5
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau brontzezkoa da eta Gernikako Arbolaren ingerada errepresentatzen du. Serieko hurrengoak bariazio ezberdinak dira.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 58. Árbol de Gernika 5-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 54. Árbol de Gernika 7 | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 54. Árbol de Gernika 7
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau brontzezkoa da eta Gernikako Arbolaren ingerada errepresentatzen du. Serieko hurrengoak bariazio ezberdinak dira.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 54. Árbol de Gernika 7-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 53. Árbol de Gernika 4 | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 53. Árbol de Gernika 4
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau brontzezkoa da eta Gernikako Arbolaren ingerada errepresentatzen du. Serieko hurrengoak bariazio ezberdinak dira.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 53. Árbol de Gernika 4-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 47. Árbol de Gernika 1 | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 47. Árbol de Gernika 1
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko piezetan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau brontzezkoa, karratua, eta Gernikako Arbolaren ingerada errepresentatzen du. Serieko hurrengoak bariazio ezberdinak dira.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 47. Árbol de Gernika 1-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Medallón 18. Árbol de Gernika | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Medallón 18. Árbol de Gernika
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Pieza hau igeltsuzkoa da eta konfigurazio irregularra du.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Medallón 18. Árbol de Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Cuño Colegio España París | Jorge Oteiza | 1987

    Titulua Cuño Colegio España París
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jorge Oteizak medaila talde bat osatu zuen Gernikari eskainia, 1937ko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Baxuerliebe forman landuta daude, 10-18 zentimetro arteko diametroko pieza zirkularretan. Brontzezko eta igeltsuzko piezak. Konposizio abstraktu geometrizatzaileak eta elementu figuratiboak tartekatzen ditu. Hau serieko lehena da, Espainiako Ministerioak Pariseko Colegio España delakoa inauguratzeko enkarguari erantzunez.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Cuño Colegio España París-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika arbolaren espiritua | Laurence Boutling | 1987

    Titulua Gernika arbolaren espiritua
    Egilea Laurence Boutling
    Lekua Eresoinka, Waveband
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokufikzioa
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eresoinka ekoiztetxe euskaldunak eta Waveband britainiarrak elkarlanean egindako dokumental dramatizatua dugu Gernika: the spirit of the tree edo Gernika arbolaren espiritua. Fikzioa eta errealitatea nahasten dituen dokumentala dugu, Gernikako bonbardaketa irudikatzen duena bai benetako argazkien eta bai irudi fikzionatuen bidez. Orainaldian, hau da, 80ko hamarkadan, sagardotegian bilduta dauden hiru emakumeren bidez Gernikan 1937ko apirilaren 26an bizitako oroitzapenak erakusten dira: haurrak zirela ikusitako hondamendia, familia galerak, zaurituak, tragedia… gogora ekartzen dituzte oharkabean. Datu historikoekin tartekatzen da kontakizuna, bereziki aipagarria dira ematen diren datu ez-ofizialak, izan ere, Gernikan milaka gorpuzki aurkitu zirela esan dute zenbait historialarik (Xabier Irujo) eta ukatu egiten da bertsio ofizialak aitortzen dituen ehundaka biktimen kopurua, hildakoak hori baino askoz ere gehiago izan zirela defendatuz.

    Euskal kulturako hiru ordezkari garrantzitsuren ahotsak tartekatzen du kontaketa fikzionatua, eta Gernikak esan nahi duen edo sorrarazten dienari buruz hausnartzen dute: Eduardo Chillida eskultorea, Bernardo Atxaga idazlea eta Martin Ugalde politikari abertzale, idazle eta kazetari erbesteratuak hartzen dute hitza.

    Hiru ikuspegi eta bizipen pertsonal desberdin erakusten dute elkarrizketatuek Gernika, Gerra Zibila eta frankismoari dagokionez: Chillidari Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenaren harira Eusko Jaurlaritzak eskultura bat egitea proposatu dio, Atxagak ez zuen Gernikako bonbardaketa ezagutu eta gertaera urrun sentitzen du, eta Ugaldek Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen Gerra Zibilaren ondoren. Hiru pertsonaien aurkezpen laburraren ondoren, Gernikak bakoitzari gogoan zer pizten dion azaltzen dute: Chillidak, alde batetik, zuhaitzaz hitz egiten du, Gernika beste ezer baino lehenagotik zuhaitza izan dela defendatuz, hau da, bizitzaren sinboloa irudikatzen duela Gernikak. Ugalde ere Chillidaren aldekoa da, eta Gernikako zuhaitza Euskal Herriaren espiritua dela dio, askatasun pertsonala adierazten duena, alegia. Atxagak, ordea, Gernika ez du barruan sentitzen eta ez du sinbolorik bereizten, hau da, arrotz egiten zaio Gernikako ezbeharra, are gehiago kontuan hartuta Gernikako batzarretan euskaraz hitz egiten ez zutela.

    Gernikako batzarrari buruz azalpenak ematen dira Atxagak Gernikako Batzarretxeari buruz komentatutakoaren harira (10:30), euskaldunen foru, lege eta eskubideak ezarri zituen lurraldea izan zela baieztatuz. Historian Europan izaniko lehen demokrazia izan zitekeela iradokitzen da, eta Espainiar koroarekiko harremana hitzarmen politikotan oinarrituta zegoela azaltzen da, bertako lurrak eta independentziak errespetatuko zirela agindu baitzuten errege-erregina katolikoek. Bertan ospatu zen lehenengo lehendakariaren kargu hartzea (Jose Antonio Agirre, 1936ko urriak 7) eta dokumentalak Gernika funtsezko eskubide eta duintasunaren kokaleku gisa aurkezten du. Dokumentalak dio Gernikaren bonbardaketa eta birrinketa euskaldunen identitatearen aurka erasotzeko gauzatu zutela faxistek, euskaldunek askatasunaren adierazpen barkaezina zutelako, hain zuzen ere. Durangoko bonbardaketa ere aipatzen da, Gernikako sarraskiaren aurrekari gisa (17:30), baina argi uzten da gernikarrek eta inork ere ez zuela espero halako hondamendirik. Irudi erreal eta argazkien bitartez garaiko giro belikoa irudikatzen da (25:25): Franco besoa altxata, gerra hegazkinak alde batetik bestera, bonbardaketak, etab.

    Ugalde Picassoren Guernica koadroaren aurrean agertzen den planoa azaltzen da Gernikako bonbardaketa nola gogoratzen duen azaltzen duen bitartean (35:10): izualdia azpimarratzen du Ugaldek, izan ere, biztanleria zibilaren aurka egin zen izua sorrarazteko lehen erasoa izan zen Gernikakoa. Dresden eta Hiroshiman bizitako erasoekin alderatuta, Gernikakoa bonbardaketa txikia izan zela dio Ugaldek, baina indarkeria aldetik denek berdin balio dutela azpimarratzen du, “gizona gizonaren aurka eta herria herriaren aurka” borrokatzen direlako.  Atxagak ere beste bonbardaketa batzuei erreferentzia egiten die Gernikakoa kokatzeko: Coventry eta Hiroshima bezain urrun sentitzen du Gernika, ezin baita zerbait sentitu hura bizitu gabe. XX. mende amaieran hilero bonbardaketak jasaten zituzten hamaika hiriren aurreko pasibotasuna azpimarratzen ditu idazleak, zurikeria salatuz.

    Dokumentalaren bigarren zatiak tonu epikoagoa hartzen du, Euskal Herriar eta euskal identitatearen arestiko historian presentzia duten elementuei erreferentzia eginez. “Europako azken leinua bizirik dago oraindik” (42:30) dio esatariak eta euskararen defentsa ere egiten da, hizkuntza dela euskaldun egiten gaituena aldarrikatuz. Aipagarria da ez dela esplizituki euskal gatazka agertzen dokumentalean, baina garaiko egoera politiko gatazkatsua erretratatzen duten irudiak agertzen dira: muralak, pintadak, manifestazioak, atxiloketak, torturaren aurkako aldarriak…

    Dokumentalaren amaiera aldean (49:00), Chillidak Gernikako bonbardaketaren 50.urteurrenerako egindako obraren jatorriari buruzko azalpenak ematen ditu: “Gure aitaren etxea” izendatu zuen eskultura, erreferentzia eginez Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea defendituko dut” poema ezagunari. Gernikako bonbardaketa eta euskaldunen etxearen artean lotura egin nahi izan zuen, hala, eskultura etxe baten gisa irudikatzen du eta etxearen barnean, altzairuzko elementu indartsua ipini zuen, bizitzaren eta bakearen adierazgarri. Hutsune bat dago eskulturaren erdian, bi hormaren artean, hain zuzen ere, Gernikako arbolarekin komunikatzen duen leiho gisa funtzionatzen duena.

    Amaiera hunkigarria du dokumentalak sagardotegian ospakizunean zeuden herritarrek Laboaren “Txoriak txori” kanta herrikoia kantatu bitartean, Euskal Herriko paisaia idealizatu eta bukolikoaren irudiak erakusten baitira. Irudiak Gernikako Juntetxearen aire bidezko argazkiarekin amaitzen dira, Gernikako arbolarengana hurbiltzen doan zoomaren bitartez arbolak euskal iruditerian duen garrantzia aitortuz. Etorkizunari begirako azken hausnarketek ematen diote amaiera dokumentalari, zuhaitz batek su hartzen duen bitartean. Gernikako arbolak euskal gizartean duen balio atxikitzailean oinarrituta, identitate euskaldunez kargatutako sinboloa den neurrian, koprodukzio euskaldun-britainiarrak Euskal Herriaren erretratu dramatikoa egiten du, Gernikak gaur egun euskaldunengan duen esanahia kontatzen. Horretarako, Gernikako bonbardaketatik abiatuta, mundu mailan Gernikak horrenbesteko inpaktu izan duten beste hainbat bonbardaketari erreferentzia egiten zaie, baita Gernika nazioartean kokatzen lagundu duen Picassoren koadro ezagunari ere. Dokumentalak hitzez koadroa aipatzen ez badu ere, haren irudia agertzen da Gernikako sarraskia azaltzen denean, modu horretan, elementu alegoriakoak gertakari historiko oso bat laburbiltzen -eta barnebiltzen- ditu.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Laurence Boutlingen Gernika arbolaren espiritua-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • A los cuatro vientos – Lauaxeta | Jose Antonio Zorrilla | 1987

    Titulua A los cuatro vientos – Lauaxeta
    Egilea Jose Antonio Zorrilla
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    90 minutu irauten ditu Esteban Urkiaga, Lauaxeta ezizen literarioaz ezagunagoa, film dramatikoak. Lauaxeta euskal idazle, kazetari eta intelektualak 1936ko Gerran euskal gudari gisa bizitakoak kontatzen dira filmean, eta haren fusilamenduarekin amaitzen da kontakizuna. Fikziozko filma izan arren, pertsonaia erreal eta historikoak interpretatzen dira: Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria, George Steer Times aldizkariko kazetaria, Emilio Mola jeneralaren hitzak, etab. Filmaren argumentu nagusiak Euskadiko frontean du arreta nagusia: Bilborantz gerturatzen zen Eusko Gudarostearen frontearen erorketa. Espainiako 1936ko Gerrak Euskal Herrian 1936ko uztailetik 1937ko ekainera iraun zuen, baina filmak 1937ko udaberrian jazotakoa biltzen du bereziki, Bizkaia menderatzeko frankisten ofentsiba orduan hasi baitzen indartzen, “Iparraldeko frontea” izendatu zuten.

    Testuinguru honetan kokatzen da Durangoko bonbardaketa, 1937ko martxoaren 31n Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek burututa. Populazio zibilaren aurkako aire bidezko erasoak beste hainbat lekutan egin baziren ere, Durangokoa ordura arteko gogorrena izan zen eta hori islatzen da filmaren 16. minutuan. Durangoko bonbardaketa aipatzearekin batera, George Steer kazetaria agertzen da pertsonaia gisa, Lauaxetarekin harreman estua mantentzen zuen kazetari ingelesa, hain zuzen. Durangoko bonbardaketa irudikatzeko sirena hotsak eta aterpeetara babestera abiatutako herritarrak agertzen dira filmean (24:30), bertatik, bonba hotsak entzuten dira trumoi erraldoiak balira bezala. George Steerrek bonbardaketa gauzatu dutenak hegazkin italiarrak direla baieztatzen du, berak ikusia baitzuen lehenagotik Aviazione Legionaria; hala ere, Guillaume de Saint-Preux kazetari fantsesak zalantzak jartzen ditu Steerren hitzak eta errudunak gorriak direla iradokitzen du. Jarraian, Agirre lehendakariak berri harrigarri bat jasotzen du: “Señor presidente, acabamos de interceptar un cripto entre el aeródromo alemán de Vitoria y el cuartel general de Berlín. Menciona Gernika como ciudad bombardeada por su aviación” (28:00). Lehendakariaren erantzunak Gernikan momentu hartan zeuden errefuxiatu kopuruagatik kezka adierazten du, bertan sarraski izugarri bat egingo zuten beldur.

    Gernika bonbardatu baino lehen, Durangoko sarraskiaren ondoren, Mola jeneralak hurrengo bonbardaketak iragarriko ez direla adierazten du (49:00), ordutik aurrera, Gernika herria bonbardaketa posible batengandik babesteko prestatzen hasten da: babeslekuak, gotorleku seguruak, ihes egiteko ezkutuko bideak… herritarren segurtasuna bermatzea zen helburua, frontea geroz eta hurbilago baitzegoen Gernikatik. Momentu honetatik aurrera, Gernikako bonbardaketak hartzen du garrantzia eta soldaduek, herritarrek, agintariek nahiz kazetariek bertan bizitako erretratatzen saiatzen da filma. Izan ere, bonbardaketaren unean ez zegoen kamerarik, eta, beraz, ez dago inongo lekukotasun filmaturik gertatu zenaren inguruan. Hori dela eta, fikziozko zinema ez da askotan hurbildu bonbardaketa irudikatzera, ekoizpen lanaren garestitasunagatik, baina baita “irudi ausente” batengatik ere (Esteve Riambau, 2012:138). Film luze honek, beraz, euskal fikzioan gutxitan erakutsi diren irudiak erreproduzitzen ditu: Lauaxeta eta Steer kazetariak Gernikara abiatzen dira 1937ko apirilaren 26an gertatutakoren berri izatean, eta bertan ikusitako egoera atsekabegarriarekin egiten dute topo, hala nola, lurrean pilatutako hildakoekin, doluan eta shock egoeran dauden senideekin, soldadu traumatizatuekin, oso larri erituta dauden zibilekin… Gernikako sarraskia irudien bitartez deskribatzen da eta Gernikari oraindik kea dariola, herria atzean utziz, bertatik alde egiten duten ehundaka zibilen planoarekin amaitzen da eszena.

    Basakeria hura ezin sinetsirik agertzen dira Lauaxeta eta Steer, eta bonbardaketa bertatik bertara bizi zuen gizon batek, herriko alkatea dirudiena, hegazkin alemaniarren bonbak zirela baieztatzen duen bonba pusketa bat eskaintzen die proba gisa. Probak izan beharrak erakusten du bonbardaketaren inguruan zabaldu ziren gezurrak: Gernika gorriek erre zutela baieztatu zuen bando nazionalak, eta nazioartean ere horri aurka egitea ez zen erraza izan.

    Gernikako bonbardaketaren ostean, Agirre lehendakariaren hitzaldia entzuten da:

    “Eta gure indarra erakusteko ez dago Euskadi osuan hau baino herri aproposagorik, eusko izanaren arima eta arnasa dan Gernika hau. Eta danok batera lortuko dugun araudixa lehenengo pausua dugu Euskadi askatuaren alde, Euskadi euskaldunaren alde, eta gure ahalegin guztien helburu dugun burujabetzaren alde. Lehenengo pausua dugu baina sekulan ez azkena. Gora Gernika! Gora Euskadi!” (1:03).

    Agirreren hitzaldian Gernikak berez euskal identitate eta sinbologiarekin bonbardaketa baino lehenagotik zuen atxikimendua antzematen da, euskaldunentzat hiri sakratu eta oroimen gune zena, 1937ko apirilaren 26aren aurretik.

    Hitzaldi aldarrikatzaile eta hunkigarriaren ostean, Gernika suntsituaren irudiak agertzen dira, off ahots batek bertan gertatutakoa deskribatzen duen bitartean. Off ahotsak hegazkin alemanek hiri historiko bat bonbardatu zutela adierazten du, haur eta emakumeak ere tirokatuz, askatasuna sinbolizatu duen herria sarraskitu dutela, lehen demokrazia jaio zen herria hain zuzen ere, arbola sakratua zuen herria. Gernika bonbardatuaren planoak erakutsi bitartean, beraz, Gernikaren izaera sinbolikoaz hausnartzen da: Gernikako arbola euskal kulturako oroimen gune nagusi bilakatu zen 20-30. hamarkadetan, abertzaleen ekitaldi politiko eta instituzionalak haritzaren inguruan antolatzen hasi baitziren (adibide ezin hobea da Agirre lehendakariaren zin egitea Gernikako arbolapean). Hala ere, Gernikak zuen balio sinbolikoa ez dago bertako haritzari soilik lotua, filmean aipatzen den “lehen demokrazia” bizi baitzuen Bizkaiko Batzarretxeak, gaur ezagutzen dugun sistema demokratiko baten antzera funtzionatzen baitzuen garai hartan juntetxeak.

    Aipagarria da nazionalek Gernika hartzen duten unea, izan ere, “Gernika” idatzia zuen herriaren hasierako kartela “Guernica”, gaztelerazko grafiaz idatzia duen kartelagatik aldatzen dute. Keinu esanguratsua da euskara eta euskal kulturarekiko ondorengo urteetan ezarriko zuten jazarpena aurreratzen baitu. Honekin batera, bonbardaketaren harira hurrengo urteetan zabalduko ziren eztabaidak agertzen dira: Gernika gorriek edo aliatu faxistek bonbardatu zuten ala ez, hildako kopurua zenbatekoa den, zeintzuk diren gezurrak, xantaiak, etab. Filmak argi uzten du frankistek zabaldu zuten gezurra: Gernika ez zuten gorriek erre, hegazkin alemanek bonbardatu zuten eta nazionalak hori defendatzeaz arduratu ziren edozein bitartekoren bidez.

    Filma Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historiko ahalik eta zorrotzena egiten saiatzen da, bertatik bertara egoera bizi zuten pertsonak irudikatuz eta lekukotasun zuzenak bilduz, era berean, euskal literaturako pertsonaia handienetako bati, Lauaxetari, omenaldia eskainiz.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jose Antonio Zorrillaren A los cuatro vientos-Lauaxeta-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Erreferentzia bibliografikoak: Riambau, Esteve (2012). La pintura sobre la pantalla. Gernika, Picasso y cine. En S. De Pablo & J. Fernandez (koord.), Cine y Guerra Civil en el País Vasco (pp. 129-144). Donostia Kultura.

  • Gernika 37-87 | Kortatu | 1987

    Titulua Gernika 37-87
    Egilea Kortatu
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1987
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kantu honen ezaugarri nabarmenena da memoria multidimentsionala delakoa nola jartzen duen martxan. Hau da, Gernikako bonbardaketaren gertakaria beste gertakari historiko lazgarrirekin nola lotzen duen. Tituluak berak hori iradokitzen du, bi data, 1937 (bonbardaketaren urtea) eta 1987 (kantuaren urtea) lotuz. Injustizien eta genozidioen jarraitasun historikoa da salatzen dena, Gernikako bonbardaketaren indar salatzailea beste kasu batzuetara eramanez: Palestina, II. Mundu Gerrako Txina-Japonia gerra, Hegoafrika (Soweto). Bestetik, “37-87 Gernika” 1987ko apirilaren 16tik 26ra Gernikan egin zen jaialdiaren izena izan zen. Martxa eta Borroka ekimenaren barruan antolatu zen eta garaiko folk eta punk-rock talde garrantzitsu askok hartu zuten parte, tartean Kortatuk berak.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2024). “Kortaturen Gernika 37-87-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Guernica | Jerónimo López Mozo | 1986

    Titulua Guernica
    Egilea Jerónimo López Mozo
    Lekua Estreno aldizkaria, 1 (1975ko negua), 19-31.
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak, Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua, Happening-a (hartzaileek parte hartzen dute)
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1942 urtean jaio eta 2024-ean zendu zen Jerónimo López Mozok idatzi zuen lan hau. Antzerkigile, kritikari eta saiakera idazle gisa ezaguna zenak, batez ere 1987 eta 2002 bitartean sortu zuen Espainiako Guda Zibilaren memoria lantzeko beharra azpimarratzen zuen antzerkia.

    Hala ere, jada 1969 urtean idatzi zuen Guernica izeneko testua, happening gisa antzezteko pentsatutakoa.  Beraz, bistan da López Mozok Frankismoa indarrean zela jada hasia zela aipatutako lan-ildoari ekarpena egiten. Lehen aldiz Cincinnatiko Unibertsitateko Estreno aldizkarian plazaratu zen testua 1975 urtean, eta Espainian berriz lehen aldiz Madrilgo Nueva Estafeta aldizkarian irten zen, 9-10 (1979) alean.

    Antzerki dokumentalaren teknika erabiltzen duen drama poetiko gisa deskribatua izan da eta Frankismoari eta Gernikako sarraskiaren erantzukizunari egiten zaion zuzen-zuzeneko kritika azpimarratzen da (Feuillastre, 2019).

    Picassoren margotik ateratako 9 pertsonaiek parte hartzen dute lan honen istorioan: emakumea sutean, semea hil zaion emakumea, argiari begira dagoen emakumea, zezena, zaldia, gerlaria, txoria, lorea eta eskuargia daraman emakumea.

    Beraz, lan hau happening-erako gidoi gisa ulertu behar da soilik eta Antonin Artaud-ek bere mugiltze antzerkiaren teorian bezala ikusten du López Mozok eszenatokia, hau da, laugarren horma ezabatuta, ikusleen eserlekuek 360 graduz biratzeko aukera ematen dute, eserleku arteko espazioan antzerkiko ekintza ere gerta dadin. Eserlekuen gainean ikusle bakoitzari egitaraua eta kandela bana banatzen zaie. Happening-aren hasieran, eszenatokian mural handia ikus daiteke Picassoren margoa irudikatuz, eta aktore bakoitza publikoaren artean zehar mantso mugitzen da eszenatokira Picassoren margoaren zati bana eskuan duela, puzzle batean piezak bailiran, eta isilik. Eszenatokira iristean, muralaren aurrean, puzzlea denen artean osatzen saiatzen dihardute. Bitartean, bonbardaketari buruzko soinu efektuen eta ikusleak inguratzen dituzten bost pantailetan proiektatutako argazki eta bideoen bitartez gertakari historikoaren testuingurua eta ondorioei buruzko xehetasunak eskaintzen zaizkio publikoari. Ondoren, aktoreak Picassoren margoaren puzzlea osatzean, banaka banaka pertsonaia bakoitzak hitza hartzen du eta bakoitzak duen bonbardaketaren bizipena azaltzen du orainaldian. Azken hitzartzea esku-argia eskuan daraman emakumearena da, eta bere zeregina egia eta memoria hedatzearena izanik, ikuslegoari egiaren zabalkundea eta herri errugabearen memoria lantzeko lankidetza eskatzen dio. Honen ostean, emakume hau salbu, beste zortzi pertsonaiak hil egiten dira eta soinu efektu eta pantailetako irudiak geratu egiten dira. Azken zatian, beraz, ikusleen partaidetza aktiboa eskatzen da, izan ere aktoreak zutik jarri, bizirik geratu den emakumearen esku-argitik kandela bana piztu eta sua publikoari pasatzen diete, harik eta publiko osoak argi-kate sinboliko horren parte bihurtu eta argiak itzali arte (Wellwarth, 1986, 13).

    Hiru zati bereizi izan dira lan honetan, erabilitako osagaien arabera: lehen zatian, aktoreak isilik eszenatokiruntz doazen bitartean, bost ahots entzuten dira megafoniatik, Gernikako bonbardaketaren errelatoa iraganean egiten dutenak; bigarren zatia nagusiki bost pantailetako bideo eta argazkiez osatua dago, Gernika bonbardaketaren aurretik eta ondoren, pilotua hegazkina gidatzen, bonba lurrerako bidean, hildako gorpuak, bizirik irten direnak ihesean eta baita aurreko happening-etan ateratako irudiak ere. Hirugarren zatia 9 pertsonaien hitzartzeek osatzen dute, haietako bakoitzak Picassoren margoko elementu bat ordezkatzen duelarik (Isasi, 1986, 19-20).

    Testutik abiatuta 15 antzezlan, egokitzapen eta irakurketa dramatizatu izan dira gutxienez: Antzokietan Melillan (1986-87 eta 1995), Bartzelonako Unibertsitatean (1989), bi aldiz New York-en (2000), Tarragonan (2001), Zaragozan (2003), Buenos Aires-en (2003) eta Burgos-en (2007) izan da antzeztua. Irrati bidez, aldiz, Portugaleko Irrati Nazionalean 1975ean irakurri ziren testuaren zati batzuk eta SER irrati katean eman zen 1981ean. Irakurketa dramatizatuak Madrilen 1976 eta 1982an, Ohion 1993-an eta New York-en 1997an egin ziren. Eta Guernica laneko «Mujer que mira la luz» zatian oinarritutako egokitzapena 2003an Madrilen irakurri zen (Biblioteca Cervantes).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Biblioteca Virtual Cervantes. Representaciones de obras de Jerónimo López Mozo https://www.cervantesvirtual.com/portales/jeronimo_lopez_mozo/semblanza_curriculum2/#:~:text=JER%C3%93NIMO%20L%C3%93PEZ%20MOZO.%20Espect%C3%A1culo%20integrado%20por%20fragmentos,por%20C%C3%A9sar%20Oliva.%20CRAP%2C%20F%C3%81BRICA%20DE%20MUNICIONES.

    Doll, E. J. (2008). Introducción. In El papel del artista en la dramaturgia de Jerónimo López Mozo: Juegos temporales e intermediales (pp. 13-23). Iberoamericana/Vervuert, https://www.iberoamericana-vervuert.es/introducciones/introduccion_521427.pdf

    Feuillastre, A. (2019). El teatro político contra la dictadura franquista en vísperas de la transición democrática: El caserón de Jerónimo López Mozo. In Z. Carandell, J. Pérez Serrano, M. Pujol Berché, & A. Taillot (eds.), La construcción de la democracia en España (1868-2014) (pp. 221-233). Presses universitaires de Paris Nanterre. https://doi.org/10.4000/books.pupo.11278 

    Isasi Angulo, A. C. (1986). Comentario. In J. López Mozo, Cuatro Happenings (pp. 17-21). Universidad de Murcia.

    Jerónimo López Mozo. In Wikipedia.   https://es.wikipedia.org/wiki/Jer%C3%B3nimo_L%C3%B3pez_Mozo (6.4.2026)

    Ruiz Ramón, F. (1986). Comentario.In J. López Mozo, Cuatro Happenings (pp. 15-16). Universidad de Murcia.

    Wellwarth, G. G. (1986). Comentario sobre Guernica. In J. López Mozo, Cuatro Happenings (pp. 13-14). Universidad de Murcia.


    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Jerónimo López Mozoren Guernicari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Antzezlana ondoko iturrietan argitaratua izan da: (1975). Estreno 1, pp. 19-31; (1979). Nueva Estafeta 9-10, pp. 20-30; (1986). Cuatro happenings. Universidad de Murcia; (2008). Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes. Universidad de Alicante. Biblioteca de Autor de Jerónimo López Mozo. Antzezlanetik eratorrita López Mozok egindako bi egokitzapen: (2003). Monólogo de la mujer que mira la luz (fragmento de Guernica), Asociación de Autores de Teatro, pp. 109-110; (2003). Monólogo de la mujer que mira la luz (fragmento de Guernica), República de las Letras 81, pp. 81-82. Egindako itzulpenak: Galizierara: Guernica (2001). Trad. D. Cortezón. Revista Galega de Teatro 28 [separata]; Katalanera: Guernica (1999). Trad. D. Cid. Assaig de teatre: revista de l'Associació d'Investigació i Experimentació Teatral (16-17), pp. 155-168, https://raco.cat/index.php/AssaigTeatre/article/view/145533/248445; Portugesera: Guernica (1983). Trad. Teatruniversitario (7-8), pp. 63-76. Ingelesera, publikatu gabeak, Ellen Bay eta Edmundo Farolan itzultzaileek egindako itzulpen bana.

  • Alemaniar haiek suntsitzen eskola (1986 Donostia Txapelketa) | Andoni Egaña | 1986/03/23

    Titulua Alemaniar haiek suntsitzen eskola (1986 Donostia Txapelketa)
    Egilea Andoni Egaña
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1986/03/23
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1985eko urriaren 27an Gernikan abiatu eta 1986ko martxoaren 23an Donostian bukatutako Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak antolatu zuen. Finala Donostian jokatu zen, Anoetako Belodromoan, eta honako bertsolari hauek izan ziren bertan kantari: Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Jon Enbeita, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Sarasua. Sebastian Lizaso izan zen txapelduna (BDB).

    BDBn Andoni Egañaz zehazten denez, “80ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, 90eko hamarkadan batik bat, bera izan da bat-bateko bertsogintzaren ordezkari nagusietakoa”. Aztergai dugun bertsoa kantatu zuzeneko hau izan zen bere llehendabiziko Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, eta orduz geroztik parte hartu duen guztietan izan zen finalista, 2009an  txapelketari agur esan zion arte (BDB).

    Gernikaren aipamena egiten duen bertso hau 1986ko finaleko goizeko saioan kantatu zuen. Izan ere, saio horretako ariketa gisa bertsolari guztiei jarri zizkieten oinak (bakoitzari zegozkionak), bertso bana osatzeko. Bada “Arbola / eskola / dagola / ajola” eman zizkion Laxaro Azkune gai-jartzaileak Egañari. Oin horietatik abiatuta Bautista Basterretxe doinuan osatu zuen zegokien zortziko txikia (BDB).

    Arbola hitzak baldintzaturik eta Gernikako arbolaren sinbologiari eutsita, Gernikako bonbardaketaren deskripzioarekin hasi zuen bertsoa Egañak: “Alemaniar haiek, / suntsitzen eskola, / gure herri xumeak (bis) / nunbait bost ajola”. Ondoren Gernikan zutik geratutako arbolari egin zion erreferentzia: “haustu zuten Gernika, / baina han arbola / sinits zazue denok (bis) / zutikan dagola”.

    Irakurketa identitariorako (Retolaza 2009) eta Gernikako arbolari erreferentzia egiteko motibazioa, inondik ere, oinetako bat “arbola” dela esan dezakegu eta, hortik abiatuta, inprobisatzaileak bonbardatutako herriko elementuen suntsitzean jartzen du arreta, alemaniarrak seinalatzen ditu atentatuaren egile gisa, eta Gernikako arbolaren balio sinbolikoa azpimarratzen du, bonbardaketak suntsitu ez eta zutik dagoela aldarrikatuz (Ibarluzea 2025).

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Andoni Egañaren Alemaniar haiek suntsitzen eskola-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Erreferentzia bibliografikoak: BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/17] Egaña, A. (1986) “Alemaniar haiek suntsitzen eskola”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/g8k1s [azken kontsulta: 2024/12/17] Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

  • Gernika 50-17 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-17
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamazazpigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-17-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-16 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-16
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamaseigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-16-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-15 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-15
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamabostgarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-15-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-14 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-14
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamalaugarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-14-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-13 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-13
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamahirugarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-13-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-12 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-12
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamabigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-12-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-11 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-11
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamaikagarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-11-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-10 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-10
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hamargarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-10-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-9 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-9
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin bederatzigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-9-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-8 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-8
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin zortzigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-8-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-7 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-7
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin zazpigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-7-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-6 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-6
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin seigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-6-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-5 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-5
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin bostgarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-5-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-4 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-4
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin laugarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-4-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-3 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-3
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin hirugarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-3-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-2 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-2
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin bigarren zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-2-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50-1 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50-1
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernika 50 koadrotik ateratako zeinu beltzetako baten bertsioa koadro autonomora eramanda. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta. Seriearekin lehen zenbakia duen koadroa.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-1-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika 50 | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika 50
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    20 zeinu beltz hondo zuriaren gainean, beheko zatian gorrizko ondoaren gainean zeinu beltz bakarra. Koadro handi honek (250×200 cm.), gero modu indibidualizatuan isolatuko diren ikur abstraktuak biltzen ditu. Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenarekin lotutako lana. Hurrengo urtean ospatu behar zen (1987an) urteurrenarekin sortutako artelanekin harremanduta.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika 50-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • S/T (Gernika) | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua S/T (Gernika)
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Egurrezko zatiz osatutako egitura horizontal simetrikoa, erdian elementu bertikal errektangeluarra du. Kasu honetan eskulturak hegazkinen itxura gehiago hartzen du.

    Artelana “Nestor Basterretxearen Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestro Basterretxearen S/T (Gernika)-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Nestor Basterretxea | 1986

    Titulua Gernika
    Egilea Nestor Basterretxea
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Korten altzairuan zatiz egindako eskultura bertikalak inspiratu zuen 2012an Gernikan eraiki zuen “Agonia del fuego” izeneko eskultura publikoa. Goruntz egiten duten lerroek zerura luzatutako besoak akordarazten dute. Gernikako bonbardaketa jasan zuten biktimek zerutik erortzen ari ziren bonbek geldiarazteko desesperazio keinuak irudika ditzake.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Nestor Basterretxearen Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Poesia argitaragabea. Azken poesia | Gabriel Aresti | 1986

    Titulua Poesia argitaragabea. Azken poesia
    Egilea Gabriel Aresti
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1986
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gabriel Aresti hil eta gero argitaratzeke geratutako poemen bildumatzat defini daiteke Poesia Argitaragabea. Azken poesia. poema liburua, 1986an kaleratua. 84 olerki aurki daitezke bertan, editoreek lau ataletan multzokatutakoak: 1)“Poema datatuak”; 2)”Poema datagabeak”; 3) “Gaztelaniaz idatziak”; eta 4) “Kantatzekoak”. Horietatik guztietatik, litekeena da 32 poema jada ezagutzea, Azken Harria liburuan eman baitziren argitara poeta hil eta urtebetera, 1976an. Baita editoreek epilogoan azaldu bezala, han-hemenka agertu izan diren beste olerki solte batzuk ere. Dena den, ordura arte sekula argitaratu gabeko Arestiren 30 poema inguru irakur daitezke bilduma mamitsu honetan. Nola edukiz, hala formaz, askotarikoa da, bere zabaltasunean, honako liburu hau. Nolanahi ere, badira zenbait gai poetak ahotara behin eta berriz ekartzen dituenak, hala nola: euskara, Euskal Herria, askatasun eza, iraultza komunista, munduko diktadurak, frankismoa eta frankismoaren azken arnasa, Gerra Zibila, Gernikako bonbardaketa, Gernikako Arbola, foruen galera, klase borroka… Horrekin batera, ezin konta ahala testuarteko erreferentzia topa daiteke testuan zehar, noiz euskal literaturakoak, noiz beste hizkuntza batzuetako literatura unibertsalekoak. Baina azken puntu honetan ere, badira zenbait idazle bereziki gogoan hartzen eta omentzen dituenak, besteak beste, Jose Maria Iparragirre, Xabier Lizardi eta Bertolt Brecht. Esandakoaz bat, hirugarren olerki sortaren izenburuak argi adierazten duen eran, liburuko poema gehienak euskarazkoak izan arren, tartean badira gaztelaniaz ondutako batzuk ere.

    Euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikaren (bonbardaketa baino lehenagokoa zein gerokoa) eta Guernica koadroaren errepresentazioak aurki daitezkeen poemak iruzkinduko dira datozen lerroetan. Hots, “Lizardi” (19-20); “Ertzillako murru zabaletatik” (42); “Koartet iheskorra” (54-55); “Oskorri – gatelu bana ur” (69-71); “Poetak daude” (72-78); “A Picasso” (92-94); “Poesia para Agustin Ibarrola” (122-123); “Homenaje de la tierra al hombre (El señorito de Vizcaya por José María Iparraguirre) (124-136); “Bertso berriak xoriei, loreei eta izarrei Etxanoko Galiziano-k jarriak” (160-164); “Gernikako Arbola” (173) eta “Oskorri gaitz” (186-197). Izan ere, Gernika, kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen pilaketa edo sedimentua eratu den gunea da, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena; Gernika/Guernica-ren irudikapenen analisia, beraz, poema liburuaren muina osatzen duten gai nagusiak lantzeko abagunea izan liteke.

    XX. mendearen bilakaera historiko odoltsuaz hitz egiten dio Arestik Lizardiri, “zu” izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoaren bidez poeta hilarekin fikziozko elkarrizketa sortuz. Gutun traza du 1974ko “Lizardi” poemak: «[…] Eta zuk eskribatzen zenuen denboretan/ mutilak ez baitziren hiltzen/ kamino bazterretan […] eta deserrituak herrian zeuden; eta orduan gartzelan ez zegoen gose-grebarik,/ […] eta orduan etzuten oraindik/ […] Lauaxeta/ […] asesinatu,/ eta orduan/ Gernikan etzen bonbardatu […]» (19). Ez da, baina, iragan argitsuagoaren ideiari katigatuta gelditzen. Aitzitik, poemaren sortze testuinguru soziohistoriko eta politikoa (1974ko Euskal Herria) kritikoki aztertu eta iraultzeko aldarria har liteke testuaren gai nagusitzat. Norabide horretan, Harri eta Herri (1964) liburuko «poesia mailu bat da» aipu sonatuan adierazi bezala, literatura (artea bezala) injustiziak ikustarazteko, klase borroka hedatzeko eta gizartea iraultzeko lanabes bilakatzen da:  «Baina orain hemen bizi gara,/ […] Eta nik eskribatu[ko] dut/ eta eskribatu dut/ eta eskribatu dut […]» (20).

    “Ertzillako murru zabaletatik” poema, berriz, kaligramatzat jo liteke. Arte plastikoak eta poesia uztartuz, olerki honek hesi edo murru forma du. Are, hizkiz osatutako irudiaren eta poemaren izenburu osoaren (“Esperantza: Espainia: Ezpata: Ezpaina”) artean gertatzen den elkarrizketaz haratago, irakurketa bera zailtzen du, irakurlea liburua okertzera behartuz. Poemaren hitzezko edukiari begira, berriz, Txileko eta Euskal Herriko diktaduren aurkako deia nabarmentzen da. Beraz, litekeena da, kaligrama, askatasun ezaren eta itolarriaren sentipena areagotzeko helburuz marraztu izana: «[…] Orain Chile Arauko-Herria Euskal Herria eta munduko herri guztiak itotzen garen Espainia hertsia da» (42). Horrez gain, sarraskiek eta gatazka politikoek baldintzatutako egoera bizi duten herrialdeen arteko elkartasunezko mezua helarazten du Arestik, mugez haratago hedatzen dena: «Hala nola Gabriela [Mistral] hark bere obrak testatu zizkien Gernikako arbola bakarraren euskaldun haurrei,/ Gabriel honek ere/ neure […] prestutasunak eta nobleziak testatzen dizkiet indio maputxeei» (20). Honenbestez, zapalkuntza, askatasuna eta oinarrizko giza eskubideen aldeko borroka dira, besteak beste, poema honen erro-erroan dauden gaiak.

    “Koartet iheskorra” izeneko poemari dagokionez, Gernikako bonbardaketaren gertakizun tragikoari idatzitako deitorezko eresia dela esan daiteke. Sei ahapaldiz osatua dago eta bigarrenean zein hirugarrenean aurki daiteke Gernikako Arbolaren eta Gernikako bonbardaketa basatiaren sinbolismoa. Ondokoa irakur daiteke poemaren lehen, bigarren eta hirugarren estrofetan: «[…] Hau barauan […],/ nekearen nekez/ isuritako/ negar sufritu, ugari eta erdiragarri/ bat/ da./ […] elurraren gogortasunetik/ babesten ninduen/ arbola…/ haritz noble eta garai/ hura,/ […] neure abaroa,/ […] haritz maitea/ zeruetatik mailukada bortitz batek/ goitik behera/ erre eta apurtu badu,/ zer jalgiko da/ ene ezpain ebakietatik/ ezpada/ negar luze, sakon eta kexatu bat/ intzirina zerradagarri bat […]?» (54-56). Nahiz Gernikako bonbardaketa kirurgiko eta kalkulatuan hegazkin nazi eta faxistek ez zuten haritza ukitu, Arestik, gutxienez Erdi Arotik letorkeen Gernikako Arbolaren sinbolismoa, bonbardaketaren izaera «disruptiboa» errepresentatzeko darabilela esan daiteke. 1937ko apirilaren 26ko sarraskiak hankaz gora jarri baitzituen Gernikaren tradiziozko esanahiak (foruei lotutakoak, oro har). Gainera, “ni” poetikoa bonbardaketaren ondorioz hildako baten ahotik mintzo dela esan daiteke: «Bizia/ bezpera luze bat da/ inoiz argitan urratuko ez zaidana,/ gau ilun bat/ otso harraparien aho beldurgarriak baino/ ilunagoa./ Ai, zergatik jaio nintzen ni mundura/ mundutik hain itsusiro hiltzeko gero!» (57).

    “Oskorri – gatelu bana ur” olerkian, aldiz, kapitalismoaren eta faxismoaren, klase sozialetan banatutako gizarteek esan nahi duten hondamendiaren eta Gernikako sarraskiaren, arteko harremanez diharduela uler daiteke. Merkatuen menpe dagoen munduan, ez gizateriaren gehiengoak, ez Euskal Herriak, bermerik ez duela adierazteko: «Mundu honetan ez da ikusi/ inoiz halako trantzerik:/ Herri xumea hemen gabiltza/ neketan eta goserik./ Bizkitartean apaizak daude/ ur-edanean, aserik;/ eta gainera ez dagoela giza-artean klaserik!/ Argirik ez den ilunpeetan/ egin dugu geure lana;/ Geure hezurren hotzetik ihes,/ biltzen ginen elkar-gana./ […] Egun batean zimistak dira/ eroriko Gernikara:/ Horixe mundu zabal guztiko/ burjesen politika da» (70).

    “Poetak daude” poema prosatik gertu dagoela esan daiteke, trinkoa, luzea eta estrofetan bereizi gabea baita. Bertan, Gernikako bonbardaketaren gertakizun traumatikoarekin batera (kasu honetan, bonbardaketaren arduradunez Francok saldoka botatako gezurrak azpimarratzen ditu poetak) Gernikaren inguruan sortutako kultur adierazpenak biltzen ditu. Modu horretara, garden bihurtzen du euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikari gehitutako geruza interpretatiboen ugaritasuna eta konplexutasuna. «Behin batean/ Gernika suntsitu zuten,/ eta Agirrek gezurra dio batekin/ konpondu zen guztia./ […] Picassok koadro bat pintatu zuen,/ Eluard-ek bertso batzuk eskribitu zituen, […] baina Gernikan hil ziren/ behieri/ etzien/ inork/ piztuerarik/ eman.» (76-77).

    “A Picasso” poema, izenburuak dioen bezala, Guernica koadroaren (1937) egileari, Pablo Picassori, zuzendutako gutuna da, gaztelaniazkoa eta ohar kritikoz hornitua. «Guernica no es muy hermosa/ Picasso/ si me la vistes de gala./ Extraña es entre mis labios/ […] la lengua […]/ Si no puedo hablar en vasco […] Hay una cosa en España/ Picasso/ que se llama la Falanje,/ afilada y puntiaguda,/ […] como si fuera un alfanje./ Habrá quien pueda explicarme,/ Picasso/ en esta patria tan perra/ porque una paz necesita/ Picasso/ tanto consejo de guerra.» (92-94). Jakina denez, Picassoren artelanak bihurrarazi zuen Gernika ikur unibertsal eta gerra egiteko modu naziaren sinbolo. Zer neurritan aldendu zen, ordea, Picassoren Guernica euskal sinbolotik, zegokion sortze testuingurutik eta gertaera historikotik desitsatsi ahala? Gernikako herri martiriaren irudia, ankerkeria faxistaren biktimarena, gailendu zen abertzaleen artean, bai Euskal Herrian, bai erbestean. Baina diskurtso nazionalisten ekuaziotik kanpo geratu zen Picassoren koadroa, abertzaleen buruek eta euskal gizarteak oro har, hasiera batean, arbuioz hartu baitzuen. Arestiren “A Picasso” poema arbuio horren erakusle argitzat har daiteke. 50eko hamarkadatik aurrera, belaunaldi aldaketa eta ezker abertzalearen erradikalizazioa, Euzko Gaztediren gorabehera eta ETAren sorrerarekin, gertatu ziren testuinguruan, belaunaldi berriko gazteek poliki-poliki ekin zioten koadroa Gernika gogoratzeko tresna gisa bereganatzeari; garden bihurtu zen hala sinboloaren polisemia. Jarrera aldaketa horren adierazle argiena 80ko hamarkadan sortu zen Guernica Gernikara ekimena da, Picassoren mihisea Gernikara ekartzeko eskatzen duena. Gernikaren errepresentazio artistiko eta literarioak, dela Guernicarekin lotutakoak, dela Guernica-rekin loturarik ez dutenak, harrezkero asko ugaldu dira, talde eta kultur oroimenaren etengabeko eraikuntzan parte hartuz. Dena den, Picassoren koadroari gehitutako geruza interpretatibo edo irakurketak, kasu batzuetan sinboloaren oinarrizko esanahiaren kalterako izan dira. Euskal Herritik kanpo, koadroa bere hutsean, arlo piktorikora murriztuta, bilakatu da ikur unibertsal, ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Gero eta sarriago agertu ohi da Gernika hitza Picassoren koadroari lotuta eta gerrak jotako leku-izenari deslotuta. Horixe da, besteak beste, Koldo Izagirrek “Lauaxetaren betaurrekoak” poeman (Balizko Erroten Erresuma, 1989) azpimarratzen duena, Arestiren «Si no puedo hablar en vasco […]» lerroari testuarteko erreferentzia eginez, «Picassoren oihalari poeta bat [Lauaxeta] falta zaiola/ Euskarazko oihu hori duela eskas» ebakitzen baitu.

    Ildo beretik doa “Poesia para Agustin Ibarrola” gaztelaniazko poema luzearen laugarren olerki sorta, kasu honetan, César Vallejo poetari zuzendua: «Mira, César Vallejo […]/ […] si bien cantaste de mi tierra,/ de Durango, Guernica y de Bilbao,/ qué bien cantaste, o casi bien cantaste,/ cantando a la española en español.» (122). Horrez gain, Agustin Ibarrola artista plastikoari eskainitako poema honetan, “Lizardi”-n bezala, artearen funtzio politikoaz eta artelan kolektiboez egindako hausnarketa andana aurki daiteke «Hay que localizar el mal, ser cirujano/ […] qué buen pintor [Agustin Ibarrola]/ a golpes de pincel de rompe y rasga sobre/ el lienzo de una vida más humanizada./ […] Que el arte es esperanza; y quiero darte parte/ de cuanto aquí sucede y se silencia. Todo/ es demasiada carga en una sóla espalda.» (118-120).

    “Homenaje de la tierra al hombre”, hots, Jose Maria Iparragirreren omenezko poema luze eta trinkoaren azken lerroan esaten den antzera (136), 413 bertsoz osatua, Gernikako arbolaren sinbolismoaz horniturik dago. Hain zuzen, ugari-ugariak dira Iparragirreren “Gernikako Arbola” bertsoaren (eta oro har, haren bertsogintzaren) testuarteko erreferentzia zuzenak (126-127, 130-132, 134-135). XIX. mendearen erdialdean, Gernikako haritzaren sinboloa herrikoi bihurtu zen egun ezaguna den Iparragirreren bertso horri esker, nahiz Gernikako arbola 1876an bilakatu zen, foruen galera tarteko, euskal identitatearen sinbolo nabarmenetakoa. Olerki honetan, Iparragirreri gorazarre egitearekin bat, Arestik foruak indarrean zeuden iragana idealizatzen duela uler daiteke: «[…] Esta es la tierra en que las ramas/ del árbol juradero protegían al hombre; tierra sin fronteras, tierra/ sin aduanas, donde la frontera/ sólo era un árbol. Y éste el hombre, afirmo;/ éste es el hombre […]/ […] bueno,/ el hombre de la plaza, el versolari,/ único versolari de guitarra,/ […] El pueblo, siendo analfabeto, nunca/ supo escribir sus leyes, ni dictarlas,/ y en su justicia no hubo trampa alguna,/ porque no sabía ser leída, porque/ buscaba buen refugio en la palabra/ llana del pueblo» (124-125). Hitz batez, foruen galerak euskaldunentzat esan nahi izan zuen gertakizun traumatikoa errepresentatzen du Gernikako arbolaren bidez: «[…] el árbol ya no daba/ sombra ninguna al pueblo desangrado,/ la Junta había desaparecido, […]» (133). Esandakoaz bat, berriz ere arteaz eta politikaz hausnartzen du Arestik, baita abertzaletasunaz ere, hain zuzen ere, Iparragirreren ibilibide artistikoa eta bizitza (erbestea, kartzelaldia…) eredutzat hartuz. Datozen bertsoetan antzeman daiteke, besteak beste, esandakoaren isla: «[…] Y el pueblo estuvo a punto de obtener/ por medio de la voz de un poetastro,/ lo que no consiguió con fusiles/ y los morteros. Fue revolución/ de paz y de armonía […]/ Por ello los señores que ocupaban/ la sucia brillantez de los sillones/ ministeriales, […]/ interdijeron la canción unánime,/ prohibieron la justicia […]» (129).  Poema musikatua da “Bertso berriak xoriei, loreei eta izarrei […]”, bildumako azken multzoari, alegia, “Kantatzekoak” atalari dagokiona. Gerra Zibilaren eta bereziki gerra galtzearen ondorioez dihardu Arestik (gerraondoa, gosea, erbestea, kartzela, kontzentrazio-esparruak, diktadura…), eta testuinguru horretan, Gernikako arbola euskararen, euskaldunen eta Euskal Herriaren ikur modura darabil: «[…] egin da erori/ gure libertadeen/ alde zenbait xori/ hala gertatu zaio/ euskaldun askori/ […] Zuhaitz eiharrak ez du/ eman ezein frutu/ […] horrelako negurik/ ez dut ezagutu/ […] euskara nahi dute/ euskaldunik gabe/ […] Akuiluz jo gaituzte/ idiaren pare,/ ibiltzen garelako/ herriaren alde./ Gure lagunak daude/ Espainian zeihar,/ ezagutu dituzte/ ehun gela mehar.» (160-163).  “Gernikako arbola”, poema musikatua hau ere, satira usainekoa da.

    “Homenaje de la tierra al hombre”-n foruen eta haritzaren tradiziozko esanahien gainean erakusten duen ikuspegi idealizatua goitik behera pitzatzen du, autokritika eginez (dela maila pertsonalean, dela maila kolektiboan). Horretarako, umore beltza eta ironia fina baliatzen du: «Gernikako arbola[…]/ […] zorigaizto-ekarle/ madarikatua./ […] eman eta zabaldu/ mundu guztiari/ ezkur gozo-gozoak/ zerrien janari. […] Euskaldun herritarrak/ salbatzen ez gara/ Gernikako arbola/ bukatzen ez bada.» (173).

    Bukatzeko, “Oskorri gaitz” kantan, Gernikaren iruditeriatik abiatuta arestian aipatu ditugun eta poema liburu osoa zeharkatzen duten ardatz tematikoak barnebiltzen dituela esan daiteke, hala nola, iraultza komunista, euskara, askatasun eza, munduko diktadurak, frankismoa eta frankismoaren azken arnasa, Gerra Zibila, klase borroka, ETAren jarduera armatua, kapitalismoa… Horretarako, neurri eta estilo ezberdineko olerkiak batu ditu “Oskorri gaitz” poema musikatuaren baitan (dela errimadunak, dela bertso libreak, dela prosatik lirikatik baino gertuago daudenak…). Esandakoaren bidetik, segidakoak dira aipu adierazgarrienetakoak: «Erori da, erori da Gernika libre hura, eta egin da/ burjesen habitazio, eta kapitalista zikin guztien eta/ faszista zikin eta exakrable guztien erretiragune/ […] deserri luze batera/ gaituzte bidaldu. […] Nola maita […]/ Nola lagun […]/ Nola barka […]/ etsai gaizto horri? bakean bizitzen ez gaitu utzitzen/ horrelaxe barkatzeak/ ez du merezitzen./ […] Burruka harmatu batetan, hiltzera donaka, bizitzea/ emateko,/ arrazoi gogorrak atera behar ditu […]/ Gure historia kontatu daukutenek beti esan daukute/ euskaldunok, burruka/ harmatuetan,/ kolore bategatik, arrosa bategatik, hodei bategatik/ hil garela./ Eta hori ez da egia […]/ Gure gorroto bizia ez baita aurtengoa […]» (191-193). Bestalde, borrokaren helburua argia da: iraultza komunista. «Euskal-herrian ez da/ klase sozialik/ izango,/ eta euskaldunak/ zoriontsuagoak/ izango gara.» (199).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Gabriel Arestiren Poesia argitaragabea. Azken poesia-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Hirune Etxebarria eta Gernikako bonbardaketa | Hirune Etxebarria | 1985

    Titulua Hirune Etxebarria eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Hirune Etxebarria
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 1985
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Hirune Etxebarriak 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketa bizi zuen eta Ahotsak-en bere oroitzapenen berri ematen du hiru bideotan: Abioi seinaleak egiten zizkien gizona, Bonbardaketa aurretik forura, Errepide azpiko babeslekua izenburuekin aurki daitezke aipatutako bideoak.

    Hirune Etxebarriak Gernikako bonbardaketatik ihes egin ahal izan zuen Forurako bidea hartuz. Errepide azpiko txoko batean babestu ziren, eta bertan pasa zuten bonbardaketaren eguna. Esne pixka bat hartu zuten, besterik ez, bizirauteko prest. Ezin zuten ia ezer ikusi ez entzun, bonben burrunba eta metrailen erasoengatik. Hirunek kontatzen du ez zekitela ondo zer pasatzen ari zen Gernikan, eta nahasmendurako uneak izan zirela. Kanpoko emakume batek azaldu zien bonbardaketa bat izan zela, hark hainbat ikusi zituelako Mungian eta beste hainbat herritan ere. Hirunek hori ezin zela egia esan pentsatu zuen, ikaragarria iruditzen zitzaiolako.

    Forura bidean, urrunean, gizon bat ikusi zuten erdi biluzik eta eskuan eskuoihal batekin: eskuoihalarekin seinaleak egiten zituela zirudien, eta haren mugimenduen ondoren hegazkinak hurbildu ziren. Hirunek dio gizonak bonbardaketarekin zerikusia zuela. Bonbardaketa amaitu zenean, Gernikara hurbildu ziren, baina ez zioten sartzen utzi.

    Hirune Etxebarriaren arabera, ezinezkoa da kalkulatzea zenbat hildako egon ziren Gernikako bonbardaketan. Jakin daiteke Gernikako zein herritar hil ziren edo desagertu ziren, baina Itxarkundia, Itxasalde eta Loiolako batailoiko gudariak ere egon ziren Gernikan, eta haietatik zein hil ziren eta zein salbatu ziren jakitea oso zaila da. Inguruko herrietatik gerturatu zen jende kopurua ezagutzea ere oso zaila da. Arrastoa galdu zitzaien Gernikan egun hartan zegoen jende askori, beraz, zaila da kalkulu zehatzak egitea. Aipatu behar da gaur egun ere oraindik Gernikako biktimen kopurua eztabaidagai dela eta zalantzan jartzen direla hainbat bertsio.

    Bideoak ikusteko joan hurrengo esteketara: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-105-010/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-105-009/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-105-012/ https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-037-001/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak-en Hirune Etxebarria eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Maria Iturbe eta Gernikako bonbardaketa | Maria Iturbe | 1985

    Titulua Maria Iturbe eta Gernikako bonbardaketa
    Egilea Maria Iturbe
    Lekua Ahotsak
    Sailkapen Generikoa Ikus-entzunezko proiektuak
    Urtea 1985
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ahotsak proiektuak Gernikako bonbardaketaren inguruko ikus entzunezko ekoizpenaren azterketa osatzeko aukera ematen du, izan ere, dokumentatutako ahozko testigantzak biltzen ditu.

    Maria Iturbek Gernikaren bonbardaketa gogoratzen du eta horri buruzko xehetasunak ematen ditu Ahotsak-en Bonbardaketaren eguneko oroitzapenak izeneko bideoan.  

    Maria Iturbek Gernikako bonbardaketa eguna nola bizi zuen kontatzen du. Su-bonbak eta metrailadoreak oroitzen ditu, eta babeslekuan salbu egon zen, baina bertatik irteterakoan, dena erreta aurkitu zuten. Astelehena zenez, azoka eguna, Gernikan jende asko zegoela aipatzen du. Kalean zehar hildakoen gorpuak aurkitu zituzten eta etxerik gabe geratu zirenez, baserri batera alde egin zuten. Baserrian aldi batez egon ziren, eta Gernikara itzuli zirenean sua eta negarra besterik ez zuten aurkitu.

    Maria Iturberen testigantzak erasoak eragindako terrorea eta sarraskia erakusten ditu, eta Marairenak bezalako testigantzak giltzarri dira Gernikako bonbardaketak izan zituen ondorioen larritasuna irudikatzeko.

    Bideoa esteka honetan ikus daiteke: https://ahotsak.eus/gernika-lumo/pasarteak/ger-038-001/

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Ahotsak-en Maria Iturbe eta Gernikako bonbardaketari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Itsatxorien bindikapena | Edorta Jimenez, Omar Nabarro | 1985

    Titulua Itsatxorien bindikapena
    Egilea Edorta Jimenez, Omar Nabarro
    Lekua Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1985
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Itsastxorien bindikapena poema liburuan euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikari eskainitako bi poema aurki daitezke. Hurrenez hurren, “Gernika I” (31-33) eta liburuari izenburua ematen dion “Itsatxorien bindikapena” (35-38). Bi poemen azpitik bultzaka dabiltza Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa eta Picassoren Guernica artelan ezagunaren ekfrasia, Gernikaren dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko elkarrizketa (noiz talka, noiz ezkontza) sustatuz. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa eta giza sufrimenduaren ikur bihurtu den koadroa elkarrizketan jartzean, agerian geratzen da euskal sinboloaren polisemia. Hain zuzen ere, argi ikus daiteke Gernika, zentzu epistemologikoan, nola bihurtu den etengabeko gatazka leku. Nazioartean, kasu batzuetan, Guernica koadroa bere hutsean, arlo piktorikora murriztuta, bilakatu da ikur unibertsal; ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Gero eta sarriago agertu ohi da Gernika hitza Picassoren koadroari lotuta eta gerrak jotako leku-izenari deslotuta.   “Gernika I” poeman, Picassoren artelanetako figura eta irudigai esanguratsuak zaurituta, zurtz, doluminez edota hilda azaltzen dira Bizkaiko herriaren suntsipenaren erdian. «Usoa/ zerraldo […] Avignoneko/ emakumeak/ beltzez jantzita/ hilotz./ Arlekina negarrez […]» (31). Picassoren ikonografia Gernikak euskal gizartean duen garrantzia aspalditik (gutxienez, Erdi Arotik) letorkeen erakusle diren foruei lotutako sinboloekin, «haritz zaharrarekin» eta Iparragirreren “Gernikako Arbola” bertsoekin, nahastean, koadroaren esanahia euskal testuingurura lotzeko helburua gailentzen da (31-32). Literaturak, beraz, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Horrez gain, traumak esan nahi dituen ulergaiztasuna eta adierazi-ezina sormenaren bidez adigarri bihurtu arteko bilaketa artistikoaren ispilu da poema: «Iparragirre/ mutu/ sokabako/ gitarrari eragiten/ mutu […] Poetak/ deitu ditugu/ Poetak/ etorri dira […] eta/ ezin/ hitzetan/ jaso […] Pintoreak/ deitu ditugu/ Pintoreak/ etorri dira […] eta/ ezin/ koloreetan jaso» (32). Sormenezko arakatze lan horrek, gogoetagai sakon bati egiten dio leku: Mina “adieraztean”, ba al da beste biderik artea hel daitekeen lekuraino heltzeko?  Horretaz aparte, Omar Nabarrok Guernica koadroan azaltzen diren biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak, haurrak, azpimarratzen ditu. Era berean, esanahiz betea da Guernica-ko bonbilla itxurako eguzkiaren eta ihesi doan lagunetariko batek daraman kriseiluaren ekfrasia, sarraskiaren lekukotza ematen duen elementu sinboliko nabarmena baita «argia». Izan ere, zenbait arte historiagilek Guernica iruzkinduz esan bezala, «what else is there in the world with which to confront the terror except light and the naked truth?» (Rhodes, 2013: 24). Ez da harritzekoa, pasarte batean, kriseilua armen pare edo armatzat aurkeztea, poeta baten eskuetan, gainera: «Pablo Neruda/ kriseiluaz harmaturik […]» (32).  Esandakoaz bat, agerikoa da olerkian testuartekotasunak hartzen duen garrantziaren neurria, literaturaren eremuko pertsonaia ezagunen aipuz ez ezik, artearen historiako pertsonaia eta irudigaiez betea (32-33). Tartean badira Guernica koadroaren aurrekaritzat jo izan diren artelan eta gai ikonografikoak (Goyaren Maiatzaren hiruko fusilatzeak edo Boscoren «monstrutalde izugarriak» kasu), bai eta Gerra Zibilari lotutako pertsonaia eta gertaera historiko esanguratsuak ere (Federico Garcia Lorcaren fusilatzea edo Cesar Vallejoren poemak, adibidez).   “Itsastxorien bindikapena” poemari dagokionez, gutun itxura du. «Zu» izenordainak ahalbidetzen duen fikziozko elkarrizketari edo egitura dialogikoari esker, Omar Nabarro zuzenean ari zaio Pablo Picassori hizketan. «Aizu, Pablo,/ […] bakearen usoa/ […] Lapurtu egin digute/ […] Guernica ere kaiolatu egin dizute/ Madrilen […]» (35). “Gernika I” poemako irudi eta gogoetagai beretsuak aurki daitezke hemen ere, besteak beste: kriseiluaren argitasuna (egia) Gernikako bonbardaketaren arduradunez Francok saldoka botatako gezurren aurrean; Gernika eta Guernica-ren arteko talka; arteak traumari bide emateko duen ahala eta ezina… Esandakoaren adibide argiak dira honako lerro hauek: «[…] lurrean hankaz gora/ inongo argirik ikusi ezinik/ ez bada/ kriseilu humilak opaltzen diguna» (35); «[…] Guernica ez dago Gernikan» (37); eta «[…] koadro bat pintatuz ez bait da/ inoiz/ gerrarik amaitu» (36).

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Edorta Jimenez, Omar Nabarroren Itsastxorien bindikapena-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Durango 1937 | Joseba Sarrionandia | 1985

    Titulua Durango 1937
    Egilea Joseba Sarrionandia
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1985
    Errepresentazio Historikoak izatekotan

    Irudiz betetako narrazio laburrean, Gerra Zibilaren historiografian funtsezkoak diren gaiak aletzen ditu. Desmemoriaren edo fartsa historiografikoaren gaia jo liteke, hain zuzen ere, narrazioaren muintzat. «Ahaztu dezagun suntsidura, eta oinazea […] Ez ukitu adreilu hautsiok, ez errauts epelok, ez odol itsaskor hau» (92). Hainbat historiagilek frogatu bezala, Durangoko bonbardaketaren kasuan (Gernikako esperimentu militarraren faseetako bat izan baitzen), frankismopeko berrogei urtez mantendu da desmemoria, eta beste berrogei urtez mantendu da aurrekoaren ondorio den erredukzionismoa. «Ez entzun […] inondiko irrati irabazleren parterik […] Ez ikusiarena egin […] Ez izutu inguruko eta zure baitango seinale kezkagarriengatik, hitzak ahaztu dituzulako […] Ahantz dezagun hondamendi hau guztia» (92). Hortik narrazioaren gaurkotasuna, nola edukiz hala formaz adierazia. Durangoko bonbardaketa oraineko aditz denboran eta gertaeren garaiko lekuko zuzen baten ahotan narratzen du. Gainera, lehen pertsona pluraleko izenordainaren bidez, irakurleoi zuzenean garamatza herria sutan eta ketan, txikituta, geratu zen une eta gune historikora. Are, izenburu zehatzagatik (“Durango 1937”) eta Euskal Herriko historiari lotutako datu zehatz batzuengatik ez balitz, kontakizuna noranahiko eta noiznahikotzat irakur liteke. Biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak jasotzen dituela uler daiteke, hau da, emakumea eta haurra. Kasu honetan, umezurtzak: «[…] haur esku solteak eskailera hondatuetan barrena, bere amaren bila […]» (92). Horrez gain, azpimarratzekoa da narrazioaren ondoko orriak dakarren argazkia, gertaeren garaiko dokumentu historiko bat baita, Durangaldeko artxibo historikotik ateratakoa. Bertan, hondakin artetik berreskuratu eta San Jose elizaren ataurrean jarritako gorpu zati bat ikus daiteke. Jakina denez, bonbardaketa amaitu orduko, identifikagarriak ziren gorpuzkinak bildu eta elizaurreetan eta hilerrian kokatu zituzten, familiek edo lagunek ezagut zitzaten.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Joseba Sarrionandiaren Durango 1937-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika (Drama historikoa bi partetan berezia) | Luis Haranburu-Altuna | 1983 [1977]

    Titulua Gernika (Drama historikoa bi partetan berezia)
    Egilea Luis Haranburu-Altuna
    Lekua Donostia (Kriseilu argitaletxea)
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Antzerki testua
    Urtea 1983 [1977]
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Luis Haranburu-Altunak 1977an ondutuako Gernika (Drama historikoa bi partetan berezia) antzezlanean, frankismo garaiko, eta, izenburuak aditzera ematen duenez, Gernikako bonbardaketaren osteko euskal egoeraren berri ematen zaigu, eta une horretan euskal komunitateak jasandako errepresio egoera ere ikusgarri egiten da. Agerraldi guztietan agertzen zaigun “jigantea” pertsonaia da errepresio, zentsura eta jazarpen horren guztiaren ahotsa; azala protagonizatzen duen erraldoia nola, hots, ideologia frankistaz jantzita eta buru barik, une hartako gobernuaren eta estatuaren metafora bezala funtzionatuko du antzezlanean. Gainontzeko zortzi pertsonaiek –lau emakumezko eta lau gizonezko–, ostera, antitetikoki, herriaren –nahiz iraganekoa nahiz narrazioko orainekoa– errepresentazioa eta ahotsa dakarkigute. Hala, bi alderdien arteko errepresentazioak eraikitzen du, lerroz lerro, “herri xehe eta jigantearen arteko dialektika” (Kortazar, 1980).

    Elkarrizketa horretan, Gernikak berebiziko esangura eta tokia du; ez bakarrik bonbardatutako herri euskaldun gisa, sinbolo bezala ere, hainbat esanahi eta adiera hartzen ditu:

    Gernikako arbolak, 10. orrialdetik, euskalduntasunaren eta demokraziaren sinbolo bezala funtzionatzen du, bai arbolak berak fisikoki: “Gernikako arbola adieraz daiteke pinturaz edo benetako arbola baten bitartez. Ez da ezeren fikziorik behar; den bezala agertuko da eszena” (10); bai arbolari dei egiten dion Iparragirreren ereserki entzutetsuak: “Gernikako arbola da bedeinkatua adoratzen zaitugu arbola saindua […]” (63). Esanahi horrek bat egiten du XIX. mendean zehar Gernikak eta Gernikako arbolak hartutako ospearekin: “Durante el siglo XIX, la abolición de los fueros fue una cuestión de primer orden. El árbol de Gernika, estrechamente ligado a la praxis del autogobierno vasco, pronto se convirtió en símbolo de la libertad de los vascos, el cual se impulsó y magnificó con el bardo Gernikako arbola (1853) [El árbol de Gernika] de José María Iparragirre” (Fernandez-Zabala, prentsan).

    1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketak ere bere lekua hartzen du antzezlanean. 58. orrialdean, hain justu, jazoera historiko horri egiten zaio erreferentzia, eta txikizioaren krudeltasuna eta terrorea lehen lerrora ekarri: “Feria eguna zen. Jendetza bildu zen Gernikan. Abereek berehala usaitu [sic] zituzten mendira ihes zihoazten behiak eta idiak. Zerua ireki zen eta bonbazko hitzak esan zituen. Dadar [sic] ikaragarria. Jendea eskapa. Ankak [sic] eta buruak piririka” (idem). 

    Puzzlea osatzen duen azken erpina Picassoren Guernica artelan esanguratsuaren ekfrasiak dakar: “Ni naiz Picasso eta mundu guztian dut Gernikaren testigantza jaso” (55). Antzezlanak, errealitatean jasotako harrera eta, sinbolo bezala, egindako ibilbildea aitortzen dizkio Picassoren artelanari, eta hala, bat egiten, nazioartean nagusitu den diskurtso kulturalarekin: “Si en el siglo XIX el símbolo Gernika había estado estrechamente vinculado a un cauntautor, en el siglo XX este papel de forjador de símbolos fue asumido por un pintor: José María Iparragirre fue sustituido por Pablo Ruiz Picasso” (Mees, 2007, 534).

    Ikus dezakegunez, Gernikaren inguruko sinbologia guztiak, eta herri euskaldun horretan jazo zirenek, iraganera jotzeko, eta gomuta traumatiko horiek aktibatzeko balio izan dio idazleari. Hala, pertsonaiak izan zirenei begira jartzen ditu, jazarpen egoerari oldartzeko, eta izan nahi luketen hori aldarrikatzeko: “Gizonak ez beza ahaz [sic] zer pasa den Gernikan. Jaso burua! Uka zerua!” (61). Alde horretatik, Gernika(k), memoria-gunetzat ez ezik, euskal nortasuna berreskuratzeko baliabide estilistikotzat ere uler daite(z)ke, eta bat egiten du Gernikak memoria kolektiboan hartu izan duen esanahiarekin, gainera: “Gernika es probablemente el lugar de memoria vasca par excellence. No existe ningún otro lugar, ni personaje, ni símbolo en la memoria colectiva de los vascos que haya tenido una presencia tan importante como ha tenido y sigue tenien esta población pequeña vizcaína” (Mees, 2007, 531).

    Arrazoi horiek direla medio, liburuaren kontrazalean zehazten denez, antzezlanak 1974an Toribio Altzaga saria irabazi zuen arren, ez zen 1977ra arte argitaratu zentsura-aparatuak jarritako oztopoak direla medio.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Fernandez-Zabala, Nagore (prentsan). Gernika(s) en los libros de texto: usos y significados en la educación. In A. Arrastoa eta A. Elizalde (ed.), Cómo recordArte. Memoria y conflicto en la educación. Colección Arcadia.

    Kortazar, Jon (1980ko abendua). Gernika. Jakin. https://kritikak.armiarma.eus/?p=3874

    Mees, (2007). Gernica/Gernika como símbolo. Historia contemporánea, 35, 529-557. or.

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Luis Haranburu-Altunaren Gernika (Drama historikoa bi partetan berezia)ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Iruzkinerako obraren bigarren argitalpena baliatu dugu.

  • The Spanish Civil War – Episode 3: Battleground for idealists | James Cameron | 1983

    Titulua The Spanish Civil War – Episode 3: Battleground for idealists
    Egilea James Cameron
    Lekua BBC
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1983
    Errepresentazio Historikoak BAI

    “The Spanish Civil War” BBC kate britainiarrak sorturiko dokumental historikoa da (Frank Finlay narratzailea; James Cameronek idatzia). Sei kapitulutan banatua, Espainiako Gerrate Zibilean (1936-1939) gertatuak modu xehean aurkezten dira. Horretarako, nazioarteko testuinguruan kokatzen du gatazka, Bigarren Mundu Gerra aitzineko gerrate gisa. Gainera, artxibo materialak eta lekukoen testigantzak erabiltzen dira, gerratean parte hartutako ikuspegi desberdinetako jende, aditu eta garaikideenekin batera.  

    Era berean, Bigarren Mundu Gerraren aitzinetik europar herrialdeen taktika militarren nahiz armen proba-eremu izana azpimarratzen du; gerratearen ondorio sozialak, hilak, gosea, erbestea… deskribatuaz bai hitzen eta baita garaiko irudien bitartez ere.  

    Kontaketa horretan, hirugarren atalean, “Episode 3: Battleground For Idealists” (52:45 – 0:00-2:30, sarrera; 24:14, bigarren atalaren hasiera), agertzen da espresuki Gernikako bonbardaketari (1937/04/27) erreferentzia, baita Pablo Picassoren Guernica (1937) bera ere. Atal horretan lantzen da, zehazki, gerrateari nazioartetik egin zitzaion ekarpena: alde guztietako idealistak, Sobietar Batasunak errepublikarrei emaniko laguntza eta Britainia Handiaren eta Frantziaren eskuhartzerik eza aipatzen dira.  

    Hasiera-hasieratik ageri da Gernikako Bonbardaketari erreferentzia: Guernicaren aitzinean, bonbardaketaren testigu izan ziren Manoli eta Koni Aguirre ahizpak ageri dira. Margolaneko animaliak eta hildakoak ikusita, oroitu egiten dute nola ikusi zituzten hildakoen gorpuak poltsatan, hildako animalia anitz, Gernikako bonbardaketa gertatu zen egunean; balkoian, besoak gora, erretzen ari den emakumeari begira, beren amona izan zitekeela hausnartzen du ahizpetarik batek (0:40). Picassoren margolana ahizpentzako memoria pertsonala bada ere, gizateriarendako memoria ere badela azpimarratzen du narratzaileak (1:05). 

    Mendebaldeko Hego Euskal Herriaren konkistaren kontaketarekin hasten da euskaldunekin eta espresuki Gernikarekin lotura eginen duen kontaketa zatia (39:22); euskaldunak estatu kideetatik desberdinak direla azpimarratu eta nazionalistek espresuki desberdintasun hori, errepublikarrek ez bezala, akitu beharra defendatu zutela azpimarratzen da dokumentalean (40:24); nazionalisten blokeoarekin jarraitzen du, Gernikako bonbardaketaren kontaketara iritsi arte (43:04-50:00). 

    Bonbardaketa horri dagokion tartean, gerrate irudiak, Gernikaren irudi modernoak, Gernikako Arbolarenak, plazarenak… agertzen dira. Lekukoen kontaketak ere badira: Ignacia Ozamizek, 9 urte zituela, hegazkinak merkatu egunean, berandu, etorri zirela azaltzen du (43:45); bere bi alaben testigantza ere agertzen da, Manoli Aguirrek azaltzen du nola hegazkinak, beltz-beltzak oroitzen dituenak, iristen ikusi zituen, harrituta, bat lehenik, bueltaka, handik 10-15 minutura gehiago, beren gainetik, lerroan (44:06); Koni Aguirrek ezin atzendu egiten zuten zarata, eztandak, nola dena mugitzen zen eta  kea (46:36). Gernika suntsituaren irudiek jarraitzen dute, azalduaz Condor Legioa izan zela bonbardaketa gauzatu zuena. Legioko pilotuarenak (Karl Von Knauer-enak; alemaniar telebistarako dokumental batean agertuak, 1981ean) ere biltzen dira, eginak beragan batere eraginik izan ez zuela azalduaz, ustez komunisten aurka eta balizko gerrate baten aurka ari zirela uste zutela azalduaz (45:19). Dokumentalean, ordea, zehazten da erasoa agindu zuen espainiar komandoak bazekiela hori ez zela egia. (45:42). 

    Puntu horretara iritsita, interesgarria da bonbardaketan parte hartu zuten batzuen nahiz bertzeendako Gernikak garrantzia, sinbolikoa bainoago, taktikoa zela azpimarratzen dela: helburu militarra zen (45:49). 

    Gernika suntsituaren irudiak datu gordinen eskutik eskaintzen dira. Ignacia Ozamizek eztanda oroitzen du (47:28), dena sutan, zerua gorri. Fifi Roberts ageri da, 45 urte beranduago, bonbardaketa gertatu eta bi egunera bueltatu eta ikusi zuena oroitzen, bere argazki kamerarekin garaian atera zituen argazkiak agertuaz (47:50-49:00); nazionalisten propaganda ere agertzen da, gertatuaren “azalpena” emanaz (49:20).  

    Laburbilduaz, Gernikako bonbardaketaren adibideak dokumentalak atal guztietan jorratzen dituen hiru alderdi nagusiak biltzen ditu; izan ere, dokumental guztian zehar, eta espresuki Gernikako bonbardaketaren adibideak, Gerrate Zibilaren historia militar eta politikoa kontatzeaz gain, giza-historiari ere erreparatzen dio. Hain zuzen, garaiko nazioarteko errealitatean ere eragin zuzena izan zuen gatazka zabalaren baitan, Gernikako gertakaria agertzen da sarraski gisa. 

    Hemen eskuragarri:  

    BBC “The Spanish Civil War” https://www.youtube.com/playlist?list=PLH4to6F_MKfJGJf_4mSL_Xh6fVhHe86tB  

    BBC “The Spanish Civil War – Episode 3: Battleground For Idealists: https://youtu.be/s9DxXd0Kl3o?si=B3WzGpwNFUZbY2OO

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “BBCren The Spanish Civil War – Episode 3: Battleground for idealists-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Euskadi hors d’État | Arthur McCaig | 1983

    Titulua Euskadi hors d’État
    Egilea Arthur McCaig
    Lekua Dathanna, Frontera Films (Irun)
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1983
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Arthur McCaigek 97 minutu irauten dituen dokumentala egin zuen 1983an Angel Amigo eta Joseba Salegi euskaldunek lagunduta ekoizpen-lanetan. Ekoizpenaren alde euskaldunaz gain, alderdi musikala ere Benito Lertxundi, Txomin Artola, Antton Valverde, Oksorri eta Maite Idirin euskaldunek laguntzen dute. 80. hamarkadako ETAren jarduera armatua du ardatz filmak, eta horretarako, hainbat pertsona elkarrizketatzen dira, militante abertzaleak gehien-gehienak. Euskadik 80ko hamarkadan bizi zuen egoera gatazkatsua eta haren historia aditzera ematen da filmean eta maiz agertzen dira Donostiako giroa, amnistiaren aldeko aldarriak, manifestazioak, atxiloketak, torturak, atentatuak eta hilketak.

    Dokumentalaren hasieran, testuingurua ezartzeko, 1936ko Gerraz hitz egiten da, besteak beste, Frantziaren errefuxiatuen harrera, erbestea, ihes egitea, faxisten aurkako borroka (sozialistak, komunistak, anarkistak, errepublikarrak eta abertzaleak)… dira hizpide. Aipagarria da esatariak argi uzten duela 1936an Espainian piztu zen gerran Franco, Mussolini eta Hitlerrek parte hartu zutela, hiru herrialde faxistak zeudela tartean, eta ez Espainiako bando nazional faxista soilik. Testuinguru honetan aipatzen da 11. minutuan 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasandako bonbardaketa: gertaera sirena hotsekin, hegazkin militarrekin, bonbekin eta ihes egiten duten herritarren fikziozko irudiekin irudikatzen da; izan ere, ez dago bonbardaketaren momentuko lekukotasun grabaturik, eta bonbardaketaz ageri diren irudiak beranduago berreraikiak izan dira fikzioaren bitartez. Hala ere, Gernika bonbardatu ostean geratu zen egoera islatzen duten zenbait irudi erreal badaude, eta hauek fikziozko irudiez gain ere dokumentalean agertzen dira: etxe suntsituak, errautsa eta kaosa ageri dira zehazki. Gernikako bonbardaketaren irudiak Benito Lertxundiren Oi Zuberoa! kantuak lagunduta daude.

    Gernikako bonbardaketak gertakari historiko bezala izan duen oihartzuna ukaezina da, gatazka armatuaz eta Gerra Zibilaz hitz egitean oraindik ere aipatzen dena, hain zuzen. Sarraskiak maila internazionalean bereganatu zuen ospea, neurri handi batean, Picassoren Guernica koadroari dagokio, Errepublikaren aldeko eta faxismoa eta haien basakeria salatzeko mihisea eskatu baitzioten, eta horretarako, Gernikako bonbardaketa izan zuen inspirazio iturri. Jakina da Gernikako bonbardaketa zibilen aurkako aire bidezko eraso bortitza izan zela, izua eragitea helburu nagusi zuena eta naziek entsegu gisa erabili zutena. Euskaldunentzat Gernika hiri historiko eta oroimen gunea zen aspalditik (Gernikako arbola, Batzarretxea) eta gainera, Gipuzkoa aldetik ihesi zebiltzan errefuxiatu askoren babesleku zen 1937ko udaberrian. Ondorioz, sarraski masiboa izateaz gain, abertzaleengan konnotazio politiko eta sinbolismoz betetako lekua ere suntsitu zuten: euskaldunen kulturari, identitateari eta historiari eraso egin zioten.

    Picassoren Guernica koadroaren erreplika bat agertzen da dokumentalean. ETAren sorreraz dihardute militantzian jardun zuten hainbat elkarrizketatuk, eta haietako batek, egongelaren atzealdean Guernica paretan zintzilik dauka. 35. minutuan, izan ere, koadro horren beraren plano handi eta luze bat agertzen da, Carrero Blancoren aurkako atentatuaz hitz egin bitartean. Carrero Blanco lurrazpiko bonba baten bitartez hil zuen ETAk, eta Picassoren koadroak bonbardaketak eragindako izu-ikara du oinarrian. Deigarria da Carrero Blancoren hilketa bezalako gertaera hain garrantzitsu bat azaltzeko Picassoren Guernicaren erreplika bat erakustea. Guernicak ikono unibertsalaren izaera hartu duela argi uzten du honek, ez delako Bizkaiko herriaren gaineko eraso partikularrarekin lotzen, baizik eta bereizi gabeko zibilen eraso bidegabekoarekin. Guernicak esanahi berezi erasoa gertatu zen testuingurutik at eskuratu zuen, hau da, zorigaitz erraldoi bat irudikatzen du modu unibertsal eta ikoniko batean.

    Gernikako gertakari historikoaren eta alegoriaren arteko talka antzematen da dokumentalean: militanteak egongelan Guernica gordetzen du euskal abertzaleek gerraren ankerkeria eta faxismoaren sinbolo gisa izateaz gain, euskal identitate eta historiaren aurkako erasotzat ere badutelako. Carrero Blancoren atentatua Guernicako irudiekin batera agertzea kontraesankorra eta paradoxikoa da, alegia, litekeena da Arthur McCaig zuzendari ingelesak eta militante abertzaleek mihisearen inguruan duten ikuspegia elkarrengandik gertu ez egotea. Nazioartean Gernika eta Guernicak bereganatu duten ikono eta mito izaerak artelanaren ankerkeria eta bortizkeriaren aurkako esanahia indartu du; hori horrela, Carrero Blancoren aurkako atentatu basatiaren irudiak Guernicako irudiekin batera agertzeak biolentziaren aurkako mezua helarazi nahi du. Biolentziaren aurkako mezua Guernicaren bidez adieraztea zentzugabekeria da testuinguru honetan; Francoren oinordekoak, hau da, frankismoa iraunaraziko zuen arduradunetako batek, Gernikako bonbardaketa eta hari buruz zabaldutako gezur eta manipulazioak defendatu zituelako. Hala, koadroaren, gertakari historikoaren eta errudunen arteko deskontextualizazio baten emaitza da filmaren sekuentzia hau, segur aski zuzendaria kanpotarra (britainiarra) izateak eragin duena.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Arthur McCaigen Euskadi hors d’état-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Poliedroaren hostoak | Joan Mari Irigoien | 1983

    Titulua Poliedroaren hostoak
    Egilea Joan Mari Irigoien
    Lekua Donapaleu
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1983
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Eleberri honek Elizalde eta Ibargoyendar sendien historia kontatzen du belaunaldiz belaunaldi: istorioa Lehen Karlistadaren garaian hasten da, Teodoro Ibargoyen liberalak Robustiano Elizalde karlista hiltzen duenean, jakin gabe urte batzuk beranduago, Bigarren Karlistadan, Robustianoren seme Bonifaziok Teodororen seme Migel hilko duela. Horrela, lurrarekin lotuago dauden Elizaldetarren eta airezkoak diren Ibargoyendarren bizitzek aurrera egingo dute, lurra eta airea nahasiz joan eta trinkotasunetik urrunduz, bi familiak elkartuko diren arte, Ibargoyendar semeak Elizaldetar alabekin ezkontzean.  Era berean, kontaketaren berri J-ren bitartez izango dugu lehen pertsonan, Elizalde-Ibargoyendarren azken belaunaldiaren parte den semearen bitartez, eta hasieran kontatuko digu kontaketaren lehen zatia haren osaba Joxe Ibargoyenek idatzia dela. Haren belaunalditik aurrera, aldiz, J izango da narratzaile, eta osaba Joxeri benetan gertatutakoaren berri izaten saiatuko da osaba Lazarorekin batera, ez baitute sinesten besterik gabe Gerra Zibilean borrokan hil zenik.

    Lehenik eta behin, komeni da argitzea ohar hauetan agertuko diren erreferentzia guztiak bigarren argitalpenetik ateratakoak direla.  Osaba Joxeri gertatu bezala, J protagonistak kontatzen du haren arbasoen istorioak idatzi ahala nolabaiteko aldaketa jasan zuela bere baitan, idazten zihoan heinean aipatzen zituen senide guztiak bere barruan sentituko balitu bezala, eta Picassoren artelaneko aurpegien irudia erabiltzen du sentsazio hori azaltzeko: “Eta forma hori agertzen denean, orduantxe ohartzen zara itzalean zegoen gauza hura, pertsonaia hura, benetan bizi izan dela zugan, inoiz ikusi gabeko Picassoren aurpegi hautsi baten aurrean norbaitek esan dezakeen bezala: “Baina ni hori naiz, horiek guztiak naiz eta…” (25). “Aurpegi hautsiak”, kubismoaren bereizgarri den ikuspuntu geometriko eta anitzarekin lotura estua dutenak, ohikoak dira Picassoren margolanetan, eta Gernikan ere agertzen dira.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Agur Gernika Euskaldunentzat (1982-11-21 Gernika-Lumo Txapelketa) | Imanol Lazkano | 1982/11/21

    Titulua Agur Gernika Euskaldunentzat (1982-11-21 Gernika-Lumo Txapelketa)
    Egilea Imanol Lazkano
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1982/11/21
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Bertsolaritzaren Datu Basean (BDB) jasota dagoenez, Euskaltzaindiak antolatutako 1982ko bertsolari txapelketa nagusian Xabier Amuriza txapeldun eta Jon Enbeita txapeldunorde izendatzeko finalera bitartean, txapelketako 15 saio egin ziren, maiatzaren 8aren eta abenduaren 19a bitartean. Lehen fasean kantatu zuten bertsolariei gehitu zitzaizkien bigarren fasean 68ko txapelketan kantatu zutenak eta 80ko txapelketako finalista izan zirenak. Bada, horietako bat izan zen Imanol Lazkano (1936). Txapelketako 10. saioan kantatzea egokitu zitzaion, Gernikan. 1982ko txapelketa horretan finalera iritsi zen bertsolari azpeitiarra, zeina ezagun den Joxe Agirreren eta Joxe Lizasorekin kantuan aritu izan delako. Nolanahi ere den, hainbat belaunalditako bertsolariekin jardun du bertsotan hasi zenez geroztik 2012an erretiratu arte, 58 urtez. Euskal Herriko Bertsolarien Elkartearen (gerora Bertsozale Elkartea) lehendakari izan zen 20 urtez, eta belaunaldien arteko zubi-lanak egin izana aitortzen diote Bertsozale elkartean besteak beste (BDB).

    Hizpide dugun bertso-saioan, Joxe Mari Iriondo gai-jartzaile eta aurkezleak gidatuta, honako bertsolari hauekin kantatzea egokitu zitzaion Lazkanori: Joxe Mari Altuna Etxabe, Txomin Ezponda, Txomin Garmendia, Anjel Larrañaga, Koxme Lizaso, Jon Lopategi, Mikel Mendizabal, Jon Mugartegi eta Juan Mari Narbaiza (BDB). Hain zuzen ere, saioaren hasierako agurrean egin zion erreferentzia Gernikari, iragan gatazkatsuaren iruditeria kantura ekarriz.

    Zortziko nagusia hautatu zuen Lazkanok hasierako agurra ontzeko, eta Emazte baten bihotz xamurra sentimenduzkoen multzoko doinuan kantatu zuen (BDB).

    Herriari lehen pertsonan kantatu zion Lazkanok: “Agur Gernika euskaldunentzat berezia baitzera zu, gaur ere nire bihotz muinean imurtzi egin didazu” diote agur-bertsoaren lehen bi puntuek. Bada, herria pertsonifikatuz eta norberaren emozioa azalerazita, bertsolariak publikoa bertsoaren parte bihurtzen du eta bere aldarte eta emozioa partekatzen du. Bertsoaren bigarren zatian, Gernikaren etsaiak bere etsai direla nabarmentzen du: “gure etsaiak bere gorrotuz eman zizuten arren su” baitio, eta Ibarluzea (2025) lanean adierazi bezala, Retolazak (2009) irakurketa identitarioa deritzon Gernikaren irudikatzea egiten du, euskaldun orori egindako erasotzat jotzen baitu bertsolariak bonbardaketa, bai eta herri-oihu bat egin ere: “gorputza erre zizuten baina anima freskorik dezu” puntuarekin bukaturik bertsoa.

    Bertso-saioa egiten deneko espazioak motibaturiko agerpena da bat-bateko bertso honetakoa, eta ageri da entzuleen identitate kolektiboaren ezaugarriei eutsiz bertsolariak publikoarekiko konexioan sakontzeko baliabide gisa darabilela Gernikaren aipamena (Ibarluzea 2025).

    Nola aipatu: Ibarluzea, Miren (2024). “Imanol Lazkanoren Agur Gernika Euskaldunentzat-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Erreferentzia bibliografikoak: BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/17] Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. Lazkano, I. (1982) “Agur Gernika Euskaldunentzat”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/ki9do [azken kontsulta: 2024/12/17] Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234 Bertso honek lotura du Gernikan ospatutako txapelketa-saioetan agur gisa kantatu izan diren beste batzuekin. Ikusi: 03-12-1989an Mikel Mendizabalek kantatutako agurra eta 2013-11-09an Jone Uriak kantatutakoa: - 1989-12-03 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Arratsalde on ongi etorri - 2013-11-09 Gernika-Lumo Txapelketa [Bertsoa]: Aupa Gernika zer moduz, kaixo

  • Lemoiz gelditu | Arrastalu, Bixente Ameztoi, Jose Luis Zumeta | 1980

    Titulua Lemoiz gelditu
    Egilea Arrastalu, Bixente Ameztoi, Jose Luis Zumeta
    Lekua Bilboko Arte Ederren Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1980
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Lemoiz gelditu hamabi panelez osatutako koadro figuratiboa da (tablex gaineko pintura akriliko eta sintetikoa, 488 x 732 x 5 cm). Euskadiko Komite Antinuklearrek eta Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordeak 1980ko azaroan Bilbon antolatutako Topaketa Herrikoiak izenekoetan sortu zuten Bixente Ameztoik (1946-2001), Jose Luis Zumetak (1939-2020) eta Carlos Zabala Arrastaluk (1952-). Euskal mugimendu antinuklearrak 2020an artelana Bilboko Arte Ederren Museoari dohaintzan eman berritan Iñigo Astizek Berria egunkarian azpimarratu antzera, izenburua bezain argia da xehetasunez jositako koadroaren mezua ere: «Salaketa zuzena zen ordurako Lemoizen eraikitzen hasiak ziren eta gizartearen erantzun zabala piztu zuen zentral nuklearraren aurka, eta horregatik ageri dira irudian sasoiko politikari, militar eta enpresarien karikaturak».

    Ikonografiari dagokionez, Pablo Picassoren Gernika (1937) artelan-irudiari (eguzki-lanparak argiztatzen du eszena) edota Eduardo Txillidak 1974an sortutako logotipoari (eszenaren erdialdean agertzen da, “Lemoiz gelditu” dioen kartelarekin batera, sugeen artean katigatuta) egindako keinu nabarmenez gain, mahaira eseritako hamabi figura trajedunen bilkura Azken Afariaren berrinterpretazio satirikotzat jo du zenbait arte historialarik. Mahaiburuan Ronald Reagan azaltzen da (sasoi hartako Estatu Batuetako presidentea); bakeroen pelikuletakoa dirudien kapela buruan eta eskuekin imintzioka, magia trikimailu bat egiten ariko balitz bezala. Aurpegia zuri-beltzez (eta grisez) pintatuta daukan figura bakarra da, bere trikimailuari esker xistera batetik azaldu berria dirudien Adolfo Suarezen (orduko presidente espainiarraren) karikaturarekin batera. Nabarmena da bien arteko perspektiba hierarkikoa, azken figura askoz ere txikiagoa baita aurrekoaren aldean. Erdi antropomorfikoak erdi zoomorfikoak diren gainerako trajedunek munstro itxura dute, eta txaloka, edo irribarre maltzurrarekin, ari dira ospatzen muturren aurrean duten “ikuskizuna”: elkarrekin kiribildutako bi sugetzar dabiltza mahai gainean, haien aurka borrokan ari diren izaki ñimiñoak (zentral nuklearren aurka mobilizatutako jendea) akabatzeko prest diruditenak. Suge azalaren partez, AEBko banderako kolore eta ikurrak ditu batek, espainiar banderarenak, besteak. Haien azpian, zentral nuklearra eraiki nahi zuten eremua iradokitzen duen paisaia dago irudikatuta, azken xehetasuneraino. Astizek jaso bezala,

    1970eko hamarkadan, Franco artean bizirik zela, Euskal Herrian lau zentral nuklear egiteko asmoa azaldu zuen Iberduero enpresak Lemoizen, Deban, Ispasterren eta Tuteran, eta sasoiko agintarien oniritzia ere bazuen horretarako. Lemoizkoa izan zen lehen urratsa. Proiektuaren aurkako gizarte mobilizazio handiak ere antolatu zituen mugimendu antinuklearrak, ordea, eta ETAk ere behin baino gehiagotan erasotu zituen hala lanak, nola bertan lanean ari ziren arduradunak ere […] Azkenean, zentrala eraikita egon arren, ez zen sekula martxan jarri, eta oraindik ere ikus daitezke haren hondarrak Basordas izeneko kalan (2020).

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Erreferentzia bibliografikoak:

    Astiz, I. (2020ko azaroaren 10a). Museoan gelditu da Lemoiz. https://www.berria.eus/kultura/museoan-gelditu-da-lemoiz_1282659_102.html

    Bilboko Arte Ederren Museoko fitxa, Marta García Marurik idatzia. https://bilbaomuseoa.eus/eu/ezagutu/artelana/lemoiz-gelditu/619afc3e-f34d-430b-94ce-43a969055f2b

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Bixente Ameztoi, Arrastalu eta Jose Luis Zumetaren Lemoiz geldituri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • El otro Pablo y el Minotauro | Jose Martin Elizondo | 1980

    Titulua El otro Pablo y el Minotauro
    Egilea Jose Martin Elizondo
    Lekua Madrid
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 1980
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jose Martin Elizondo (Getxo 1922, Toulouse, 2009) euskal idazle, margolari eta irakaslea da. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, Frantziara ebakuatu zuten, eta bere aita, errepublikarra, Mexikon erbesteratu zen. Amaz umezurtz, eta aita erbesteratuta, Martin Elizondok bere kabuz aurrera egin behar izan zuen: 1947ko udaran, muga ezkutuan gurutzatu zuen aitarekin topatzeko itxaropenez, eta orduan hasi zuen luze iraungo zuen erbestealdia Frantzian.

    Parisen antzerkigintzara hurbildu bazen ere, Toulousen murgildu zen bete-betean dramaturgian. 1959an A.T.E. (Amigos del Teatro Español) konpainia sortu zuen Toulousen, ideologia desberdinek osatutako taldea zen, baina antifrankismoa zuten oinarri (Poujol, 1999). Izan ere, Toulouse erbesteratu askoren hiria izan zen Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetan, eta bertan elkartu ziren ideologia anitzeko militante ohiak (komunistak, sozialistak, anarkistak…), horri esker, berriro militatzen hasi ziren. 1983an, ATEko partaideen kopuru murriztua dela eta, konpainia berrantolatu zen Théâtre sans Frontière (TSF) izenpean.

    Martin Elizondok oso argi zituen antzerkiak irudikatu beharreko balore etikoak, eta hainbat obra taularatu ostean, kritika frantsesak konpainia goretsi eta ATEk Frantzia hegoaldean zehar bira txiki bat eskaini zuen (Poujol, 1999). Jose Martin Elizondok 1959tik aurrera, berrogei urtetik gora eman zituen idazle dramatiko eta zuzendari eszeniko gisa, eta beti aldarrikatu zuen antzerkia gizakia eta gizartearekiko arte adierazpide konprometitu gisa. Poujolen (1999) arabera, Martin Elizondoren obrak bi ardatzen arabera sailka daitezke: batetik, eduki soziopolitikoa duten obrak; eta bestetik, existentzialismoa oinarri duten obrak.

    El otro Pablo y el Minotauro Madrilgo Instituto de Cooperación Iberoamericanan estreinatu zen 1980an, eta La Pluma aldizkarian argitaratu urte berean. Manuel Martiez Azañak zuzendu zuen antzezlana, eta bertan erbesteratu espainiarren historia kontatzen da. Izan ere, oso gutxitan oroitu dira Bigarren Mundu Gerrako frantziar erresistentzian parte hartu zuten errefuxiatu errepublikarrak, eta haien parte hartzea aldarrikatu nahi izan zuen Martin Elizondok obra honen bitartez (Poujol, 1999). Izenburuak Pablo Picassoren minotauroei egiten die erreferentzia, izan ere, minotauroaren figura (erdi gizon, erdi zezen) hainbat margolanetan agertzen da Picassoren ibilbide artistikoan zehar. Picassoren eraginaz gain, aipatzekoa da Martin Elizondoren beste hainbat obretan ere irudikatzen direla Goya edo Velazquez bezalako artisten margolanak. Hau da, ohikoa da Martin Elizondoren antzerkigintzan antzerkiaz gain beste arte adierazpide artistikoak irudikatzea.

    El otro Pablo y el Minotaurok Picassoren Guernica artelanaren inguruko hausnarketa kritikoa partekatzen du, zehazki, artelanarekiko hurbilketa kanonikoak eta burgesiaren komertzializazioa gaitzesten dira (Lopez-Garcia, 2019: 185). Izan ere, antzezlanaren estreinaldi urteak Picassoren Guernica koadroa Madrilera eraman zuten urtearekin kointziditzen du, eta are agerikoagoa egiten da antzezlanaren eta artelanaren arteko harremana.  Martin Elizondok gerra eta biolentzia gogoratu behar direla aldarrikatzen du, hau da, memoria historikoaren beharra azpimarratzen du, eta ekfrasiaren bitartez historiaz hitz egiten du, artearen funtzioaren inguruan hausnartzearekin batera (Cueto, 2017: 334). Ekfrasia aipatzen dugu, hain zuzen ere, Picassoren Guernica koadroko hainbat elementu eta figura irudikatzen direlako antzezlanean:

    En El otro Pablo y el Minotauro, las “figuras gigantes, copiadas del Guernica”, que pasa luego a indicarse como “Guernika”,se proyectan como sombras que reivindican su rol de víctimas, y protestan por ser representadas y utilizadas. (Martín Elizondo, 1980: 83 apud  Cueto, 2017: 334)

    Antzezlanean Pablo protagonistak bere historia entzun dezagun eskatzen du, kontzentrazio esparruetatik igarotako errefuxiatu eta erbesteratu gisa kontatzeko dituenak ezagutarazteko. Taula gainean, Picassoren Guernica koadroko figurak elkarren artean elkarrizketan jartzen dira, eta estetikoa den irudia (mihisea) mugimenduan jartzen da soinu, prosopopeia eta narratibaren bitartez (Cueto, 2017: 335). Gainera, pertsonaiek sufrimendua eta ankerkeriari egiten diote erreferentzia, elkarrizketan jarriz 1937ko udaberrian bonbardaketak jasan zituzten biktimak, erbesteratuak eta kontzentrazio esparruetara bidalitako herritarrak. Hau da, kontzentrazio esparruaren bitartez Martin Elizondok muturrera eramaten du erbesteratuen bizi-baldintza eta sufrimendua, eta kontzentrazio esparruetan gertatutakoak bilakatzen dira, ezinbestean, ahaztu ezin daitezkeen gertaera historiko garrantzitsuenetako bat. Modu horretan, “Guernica, según lo ve el dramaturgo, parece no ejercer de verdadero facilitador de la memoria, sino más bien de barrera o pretexto para su desvío hacia fines más inmediatos” (Cueto, 2017: 336).

    Gainera, garaiko testuinguru soziopolitikoak eragina izan zuen Martin Elizondoren obran: 1980tan, trantsizio garaian, oraindik estatu espainolaren etorkizun politikoa zalantzan zegoen, eta anbiguoa zen politikarien memoria edota memoria historikoaren erabilera. Testuinguru horretan kokatu beharra daude, beraz, Martin Elizondoren antzezlana eta jarrera kritikoa. Hala ere, azpimarratzekoa da Jose Martin Elizondok Pablo Picassori zion miresmena: Guernicarekiko jarrera kritikoa elitearen artelanaren erabileraren aurkako jarrerari dagokio, ez Picassori berari. Izan ere, hainbat dira Martin Elizondok Picassori dedikatutako antzezlanak.

    El otro Pablo y el Minotauro, ondorioz, memoria historikoa eta, bereziki, erbesteratuen memoria aldarrikatzen dituen antzezlana da, non orokorrean arte plastikoek, eta zehazki Picassoren Guernicaren ekfrasiak duten garrantzia azpimarratzen den. Ekfrasia, ordea, ez da artelanaren irudikapen eszeniko soila, eta gertakari historikoa azpimarratzeko eta arlo piktoriko hutsetik aldentzeko erabiltzen dira aipatutako erreferentzia artistikoak.

    Bibliografia:

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Lopez-Garcia, J.R. (2019). Furies and Suffering: Guernica and the 1939 Republican Exile. En M. Borja-Villel y R. Peiró The travels of Guernica (pp. 171-194). Museo Reina Sofía. https://recursos.museoreinasofia.es/the_travels_of_guernica.pdf

    Poujol, M. (1999). José Martín Elizondo: De una memoria defendida a un “teatro sin fronteras”. En M. Aznar Soler (Ed.), El exilio teatral republicano (online). Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes https://www.cervantesvirtual.com/s3/BVMC_OBRAS/ff7/0b2/2c8/2b1/11d/fac/c70/021/85c/e60/64/mimes/ff70b22c-82b1-11df-acc7-002185ce6064_54.html

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jose Martin Elizondoren El otro Pablo y el Minotaurori buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural del 60 aniversario del PCE | Heinz Hebeisen | 1980

    Titulua Mural del 60 aniversario del PCE
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Bizkaia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1980
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazkian, 1980an Espainiako Alderdi Komunistaren 60. urteurrena ospatzeko Bizkaian egindako mural bat ikus daiteke, baina ez da leku zehatza aipatzen. Picassoren Guernicatik ateratako sinboloen erabilera nabarmentzen da, batez ere lastargi bati eusten dion goiko eskuineko aldean dagoen figura. Hain zuzen ere, zuzi horrek inspiratzen du egilea murala tonu urdin eta horiz margoztera, izan ere, kolore horiak konposizio osoa argitzen duela dirudi. Zuzirako horia erabiltzeak foku-puntu bisual bat sortzeaz gain, itxaropenaren argia eta gerraren eta errepresioaren iluntasunaren aurkako erresistentzia irudikatzen ditu. Tonu urdinek, berriz, giro hotza eta solemnea ematen dute, oroimen historikoa eta oroitzapena gogora ekarriz.

    Irudia ikus daiteke esteka honetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-del-60-aniversario-del-pce

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisen Mural del 60 aniversario del PCE-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Bombardeo. La ruina. La guerra (Gernika 2) | Ramón Carrera | 1980

    Titulua Bombardeo. La ruina. La guerra (Gernika 2)
    Egilea Ramón Carrera
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1980
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ramón Carrera gerraosteko eskulturaren ahots nagusienetako bat da, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu edo Ibarrolarekin batera. Abangoardiako eskulturaren ekarpenak bereganatu zituen Londres eta Parisen egindako denboraldien ostean eta eskultura abstrakto eta espresibo baten alde egin zuen, informalismoa eta espresionismoaren lorratza jarraituz. Bere obretan materialaren berezko balore plastikoak, planoen trantsizioak, ehundurak eta formen erlazio eta tentsioak dira espresio elementu nagusiak. Nahiz eta geometrikotasuna noizbait abiapuntu bezala erabili, organikoaren zantzua da Carreraren lanetan nagusitzen dena.

    Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta arte-kritikariak nabarmentzen zuen Carreraren lanean Bilbo Handiko itsasadarraean zehar garatutako siderometalurgiaren eragina ikusten dela. Hemen argiki ikusten dugu materiala burdina baita eta bere gaitasun plastikoa erakusten duelako manterial horri etekin estetikoa ateratzeko orduan. 

    1970 urtean Carrera berak landutako Gernika lanarekin alderatuta ezberdintasun nabarmenak ikusten ditugu obra honetan: alde batetik, izenburuak informazio dezente ematen du obraren sinbolismo abstraktuaz jabetzeko (bonbardaketa, hondamendia, gerra); bestalde, kasu honetan, formak idulkian sorburua dutela dirudi eta 1970 urtekoan garapen horitzonala zeukan lanak; azkenik, azalera kasu honetan zimurtsua da leku denetan eta burdinaren oxidazioak erakusgai uzten ditu, zaurgarritasuna iradokiz. Pieza txikia eta dinamikoa da 1980 inguruko hau, hainbat ikuspuntu ditu eta horietariko ezberdinetan forma-irakurketa diferenteak eskaintzen ditu; piezak hondamendi beraren arrasto sinboliko gisa funtzionatzen duela dirudi.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Ramón Carreraren Bombardeo. La ruina. La guerra (Gernika 2)-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Burdina, 33 X 33 x 45 cm.

  • Ikuska 9: euskal artistak | Jose Julian Bakedano | 1980

    Titulua Ikuska 9: euskal artistak
    Egilea Jose Julian Bakedano
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1980
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Ikuska euskarazko film dokumental-sailaren 9.alea euskal artistei dedikatua da. Bertan, garaiko euskal artista esanguratsuenen lanen irudiak agertzen dira, esaterako, Agustin Ibarrolaren Gernika (5:30). 1977an Ibarrolak Picassoren Guernicaren bertsioa egin zuen Picassoren koadroko elementuak artistaren estilo propiokoak diren figura geometriko eta borrokalarien irudiekin uztartuz. Ibarrolak, hain zuzen ere, Euskadiko beste Gernikak errepresentatu nahi izan zituen, Picassoren koadroa oraindik ere euskal herritarren identitateari atxikita dagoela baieztatuz. Garaiko manifestazio, salbuespen-egoera, tentsio, eta abarrei egin nahi izan zien erreferentzia, hau da, euskal gatazka hartu zuen ahotan koadroaren bertsio hura margotzean. Dokumentala “Guernica Gernikara” egitasmoa Euskal Herria osoan zehar zabaltzen ari zen garaian kokatu behar da, izan ere, 1977an, euskal hedabideetan Picassoren Guernicaren finkapenari buruz eztabaida sutsuak piztu ziren artisten artean.

    Dokumentalari Mikel Laboaren Gernika (Lekeitio 4) kantuak ematen dio itxiera (8:00-). Gernikako bonbardaketan inspiratutako kantu esperimentalak izua, ankerkeria eta laztura transmititzea ditu helburu, ahozkotasunetik bultzatua. “Haika mutil” melodia tradizionalak osatzen du kantuaren zati bat, eta zati hori bera da dokumentaleko azken bi minutuetan entzuten dena.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jose Julian Bakedanoren Ikuska 9: euskal artistak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Ikusgai: https://primeran.eus/w/ikuska-d1-10-euskal-artistak

     

    Gernik(k) datu-basean eskuragarri dago Ibarrolaren Gernikari buruzko hurrengo obren informazioa: - Paisajes de Euskadi - Guernica 66 - Guernica, obra de Picasso exiliada en USA

  • Operación Guernika | Faustino Gonzalez-Aller | 1979

    Titulua Operación Guernika
    Egilea Faustino Gonzalez-Aller
    Lekua Barcelona: Argos-Vergara
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Faustino González-Aller idazle, antzerkigile eta gidoigile asturiarrak idatzitako nobela da Operación Guernika (1979). 1919 urtean jaio eta 1983an zendu zen idazlea lehenik kazetaritza eta komunikazio lanetan aritua zen. Hala nola,1956tik 1959ra Kuban korrespontsal aritu zen eta ondoren, 1959tik 1972ra, New Yorken Nazio Batuetan komunikazio zerbitzuetan eta EFE prentsa agentziarentzat lan egin zuen, garai honetan literatura idazten hasi zelarik.

    Operación Guernika abentura nobelatzat hartzen da, garaiko testuinguru politikoari buruzko hainbat zehaztapenekin aberastua. Thriller politiko gisa ere deskribatua izan da.

    Nobelak Picassoren Guernica margoa New York-eko Museum of Modern Arts museotik lapurtu eta euskaldunei itzultzeko operazioa kontatzen du, Gernikako Estatutua onartu zeneko eta hain zuzen ere Guernica margoaren kokapen zuzenenari buruzko eztabaida publikoa Espainian eta Estatu Batuetan bizi-bizirik zegoen garai berean, 1979an. Bilboko Neguriko familia “aristokratiko” bateko seme menderakaitza, ETAren inguruan edota baitan dabilen (ez da erabat argitzen) abenturazalea, Luken Zulaybar da pertsonaia nagusia, printzipio politiko independentistengatik baino Bonbardaketaren biktimei zaien zorragatik margoa itzultzeko misioa bere gain hartzen du.

    Hala ere, nobelan bereizi egiten da protagonistak bere misioa despolitizatu egiten duela alde batetik, baina beste alde batetik protagonistaren arrebaren ahotsean Guernica-ri balio politikoa aitortzen zaiola. Lydia arrebaren ideia da berez Guernica MOMAtik “erreskatatu” eta euskaldunei itzultzearena, Picassoren margoa euskaldunena baita bere ustez eta euskaldunen zapalkuntzaren eta independentziarekiko konpromisoaren sinbolo gisa ulertzen baitu (González-Aller, 1979, 38-39).

    Azpimarratzekoa da nobelan Picasso-ren margoa abenturaren elementu gakoa bada ere, margoa beraren detailerik ez dela agertzen. Zeharkako ekfrasi laburrak topa daitezke, nolabait esateko, izan ere, margoaren deskribapena baino MOMAn margoaren alboko paratestua azaltzen da soilik. Protagonista eta laguntzaile bat lapurreta prestatzen ari diren bitartean MOMAn hainbatetan izaten dira edozein bisitari moduan, eta testuinguru horretan egiten zaio margoaren ondoko azalpenari erreferentzia. Hiru eduki azpimarratzen dira: Picassok zenbat denbora behar izan zuen margoa amaitzeko, Dora Maar argazkigile eta garai hartako amoranteak prozesua dokumentatu zuela eta Frantziaren jarraibidez zehazten dela arte-lana Frantziako lurretan sortua izan zela, beraz Frantziak izaera frantsesa esleitu nahi diola (González-Aller, 1979, 74).

    Gernikako bonbardaketa, beraz, ez da esplizituki nobelan garatzen, aurre-testu gisa ulertu behar da, Guernica margoaren sorrera eta izaeraren nahitaezko baldintza gisa. Bonbardaketaren aipamen bakarra Luken Zulaybar protagonistaren abenturaren unerik zirraragarrienean topatzen du irakurleak, hain zuzen ere, MOMAn Guernica jatorrizko margoa lapurtu eta kopia perfektu batekin ordezkatzera doan momentuan. Margoaren aurrean dagoelarik, Luken-ek sentitzen du bere burua Euskal Herrira itzuli dela: “su regreso al lugar donde los gritos no eran de mitin de intelectuales sino de seres que sentían cómo las bombas rompían sus caras” (González-Aller, 1979, 180). Une honetan eta margoaren aurrean euskal gizartearen oraina eta iragana aurrez aurre jartzen dira, bi motatako oihuak kontrajarriz: 1979ko mitinetako oihuak eta 1937ko bonbardaketetako oihuak. Luken Zulaybar protagonistak nobelan ordezkatzen duen politika eta politikoekiko eszeptizismo eta kritikaren harira, 1979ko oihu interesatuak eta 1937ko oihu existentzialak kontrajartzen dira nobelaren gailurrean.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Codac, S. (1980). Adiós a las letras: ¿Quién robará el “ Guernica”? Triunfo año XXXIII, 892 (29), p. 54.

    Faustino González-Aller y Virgil. Wikipedia. https://ca.wikipedia.org/wiki/Faustino_Gonz%C3%A1lez-Aller_y_Vigil (17.04.2026)

    González-Aller, F. (1979). Operación Guernika. Argos-Vergara.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Faustino González-Alleren Operación Guernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika ragua | Eppo Doeve | 1979

    Titulua Gernika ragua
    Egilea Eppo Doeve
    Lekua Amsterdam
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Kartela, Marrazkia
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Anastasio Somoza diktadoreak (1925-1980) Nikaraguako Askapen Nazionalerako Fronte Sandinistaren aurka ezarritako errepresioa salatzen du Eppo Doeveren (1907-1981) kartel honek. Satira usaineko eta komiki itxurako kartela dela esan daiteke. Osaerari dagokionez, argi bereizitako bi binetaz osatuta dago. Behealdean, eskuz marraztutako Pablo Picassoren Gernika (1937) «mihise-irudiaren» (Robles, 2019) kopia zehatza azaltzen da, artistaren sinadura eta guzti, xehetasun guztiekin. Goialdean, berriz, Samozaren karikatura agertzen da, bonba hegazkin baten pilotu bihurtuta, buruan kaskoa daramala, ohiko betaurreko eta bibotearekin, lurrerantz begira, tentsio doi batekin, eta eskularruak diruditenen barruan ukabilak bilduta. Diktadorearen burua hegazkina baino puskaz handiagoa da proportzioan, eta kanpora ateratzen da, bonba hegazkineko pilotuaren kabinak sabai irekia balu bezala, sarraskia nork agindu duen agerian uzteko. Gainera, hegazkinean bertan ere (aurrealdean) letra larriz idatzita azaltzen da diktadorearen abizena. Hiru bonba, bete-betean Gernika artelanaren gainera, jaurti berri dituen hegazkina abiadura bizian datorrela markatzen dute komikigintzan ohikoak diren mugimendu-marrek. Badirudi beste bi bonba ere jaurtitzeko prest dituela hegalen ertzetan. Somozarena ez da zeruan dabilen hegazkin bakarra: beste bi gerra helikoptero ikus daitezke, distantzia eta perspektiba iradokitze aldera horietako batek enkoadraketatik kanpo du muturra eta bonba ugari bota berri ditu; biak ere, diktadoreak gidatutako hegazkin “nagusiaren” aldean, askoz ere eskala txikiagoan marraztuta daude. Konposizio hierarkikoa da, beraz. Leherketak, zarata eta suntsipena adierazteko, ertz biribileko ke-laino erraldoia (gutxi gorabehera binetaren laurdena hartzen duena), pinporta beltzak eta sigi-sagaz jositako angelu zorrotzeko bunbuilo antzeko formak konbinatzen ditu artistak. Ez dira, ordea, elkarrizketarako bunbuiloak, ezpada, esan bezala, hondamendiaren zeinuak. Sigi-sagaz jositako bunbuilo horietako batek estaltzen du, bi bineten arteko mugari gainezka eginez, jatorrizko Gernika koadroan eguzki-lanparak betetzen duen lekua, edo nahi bada, bat egiten dute bi figuren izpiek zaldiaren buru gainean. Gutxienez bi eratara irakur daiteke hori, batetik, (sortu eta gutxira gerra guztien ikono bihurtutako) Gernika koadroko «eszena tragikoari» (Clark, 2013) esplizituki agertzen ez den airetiko erasoa gehitzen diola esan daiteke. Bestetik, mihise gaineko olio-pinturako figurak hezur haragizkotzat, alegia oinazetan eta hilzorian dauden benetako izakitzat, aitortzen dituela esan daiteke.

    Esanguratsua da Gernika ragua (jatorriz Guernica ragua) kartelaren sortze-data, 1979, izan ere, urte hartan hasi zen Nikaraguako gerra zibila eta sandinistak gailendu ziren; hona hemen Lur hiztegi entziklopedikoko sarrera, FSLNren historia bi hitzetan jasotzen duena:

    1962. urtean Nikaraguan, César Augusto Sandinoren ideologiari jarraituz, sortu zen erakunde politikoa. Erakundearen lehen helburua borroka armatuaren bidez Somozaren gainbehera lortzea zen. 1974. urtetik aurrera areagotu zituzten ekintza armatuak estatuaren iparraldean, eta 1977. urtean hiru adarretan banatu zen FSLN: Guerra popular prolongada (Tomás Borge) eta Tendencia proletaria (Carrión, Wheelock), marxista-leninistak biak, eta Terceristas (Daniel eta Humberto Ortega, Edén Pastora, Tirado). 1978. urtetik aurrera Somozaren aurkako eraso gogorrak bideratu zituen fronteak (nazioko jauregiaren okupazioa) eta hiru adarrak batzeko urratsak eman ziren (1979). 1979. urtean hasi zen Nikaraguako gerra zibila eta urte berean Fronte Sandinist[a] Nikaragua osoa[n  nagusitu zen]. Batasun nazionaleko gobernua eta gudaroste sandinista eratu zituzten ondoren. Nikaraguako aginpidean izan zen 1979. urtetik 1990. urtea arte.

    Doeveren kartela sasoi hartan iraultza sandinistak mundu mailan jaso zuen babesaren erakusletzat ere har daiteke.

    Artelanaren irudia ikusteko sakatu hemen.

    Erreferentzia bibliografikoak:

    Clark, T.J. (2013). Picasso and Truth: from Cubism to Guernica. Princeton University Press.

    Repensar Guernica artxiboko fitxa: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/guernica-ragua (Azken kontsulta: 2025eko abenduan).

    FSLN, Lur hiztegi entziklopediko sarrera: https://www.euskadi.eus/web01-a2lurhiz/es/contenidos/termino/_c05259/eu_s_0788/s0788.html (Azken kontsulta: 2025eko abenduan).

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2026). “Anastasio Somozaren Gernika raguari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Guernica | Dionisio Blanco | 1979

    Titulua Guernica
    Egilea Dionisio Blanco
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazkia
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Irudian, Guernica koadroa eusten duen uso zuri baten marrazkia irudikatzen da, koadroak ikurrinaren koloreak dituen markoa darama. Xehetasun horrek Guernicak bakearen eta gerraren aurkako salaketaren sinbolo unibertsal gisa duen garrantzia nabarmentzen du — bereziki, usoaren presentziaren bitartez, bakearen ikur tradizionala baita—, baina baita Euskal Herriari sakonki lotutako artelan gisa ere. Ikurrinaren koloreekin egindako markoak Gernikako bonbardaketara garamatza zuzenean, ez bakarrik koadroa inspiratu zuen gertaera historiko gisa, baizik eta euskal memoria kolektiboarentzat garrantzi handiko gertaera den heinean. Horrela, marrazkiak Guernicak Euskal Herriarentzat duen balio identitario eta emozionala nabarmentzen du, bere dimentsio globaletik haratago.

    Artelana Azken Gernikak/Últimos Guernicas katalogoan kontsulta daiteke esteka honetan: https://herrimusika.org/en/jm-beltran-arginena/xabier-saenz-de-gorbearen-in-memorian-gernikak-azken-gernikak-los-ultimos-gernika/er-41223/

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Dionisio Blancoren Guernicari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Abuztuaren 15eko bazkalondoa | Joxe Austin Arrieta | 1979

    Titulua Abuztuaren 15eko bazkalondoa
    Egilea Joxe Austin Arrieta
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1965eko abuztuaren hamabostean, Ama Birjinaren Egunean, hamasei urteko apaizgai protagonista udako bazkalondo sargorian dago familiarekin solasean. Liburuak lehen planotzat euskal etxe tradizionala du: aita eta semea edanean eta erretzen; ama alabak, aldiz, etxea eta bazkalondoko baxerak garbitzen, baita gizonen beharrak asetzen ere. Ama Birjinaren egun berezian, bazkalondoan, aitak memorian dituen oroitzapenak kontatzen dizkie etxekoei. Hauek, ordea, ez dira kontatuak zaizkigun oroitzapen bakarrak, protagonistak aurrera eta atzera egiten baitu memorian, umetako zein gaztetako kontuak gogora ekarriz.  Protagonistak, bere oroitzapenekin, Donostiako plano errealista deskribatzen digu, kaleen izenak zein bertako txoko esanguratsuak ezagutaraziz, baita garaian euskal gizarteak zituen jazarpenak ere. Aitaren oroitzapenek ere badute berezko garrantzia, aitak memoria historikoa egiten baitu, garaiko gertakarien lekukotasuna eta deskribapen gordina emanez. Aitak, enegarrenez, gudari izandako garaiak ditu mintzagai, Ziskar itsasontzian borrokatu eta Agirre lehendakaria ezagutu zueneko aldia, hain zuzen. Protagonista umetako bizipen gazi-gozoekin oroitzen da. Oriotzapenen artean, bada, euskararen egoeraren berri ematen diguna: protagonista eta ikaskideak “kurtso bukaerako exkursioan Gernikara” (58) joan ziren eta bertan, eskolan hermano Rodolforekin, “guretarra den praile jatorrarekin” (59), ikasitako Gernikako Arbola kantuaren hiru bertso-lerro kantatzeko ahalegina egin zuten. Honen aurrean, bertako guadiek “está prohibido” esateaz gain, “la próxima vez ensayaremos Cara al Sol” (59) adierazi zieten, Frankismoaren errepresio zuzena erakutsiz. 

    Gernika, beraz, protagonistaren memorian gordea da, baita bere aita zein amaren memorian ere. Aita Gernikan zegoen 1937ko apirilaren 26an, legatz bat zeramala etxera (63), Lekeitiora. Gernikara sartzera zihoala, abioi asko, dozena bat bai, ikusi zituzten eta hauek “kaminoa ametrailatzen” (63) hasi ziren. Gernikako sarraskiaren garapenaren testigantza dugu aitarena,  beraz. Hasieran, ez ziren bonbardatzen ari, ametrailatzen baizik, oso baju, mugitzen zen guztiari <<raust>> (63) eginik. Gero, bonbardaketa etorriko zen eta horrekin sarraskiaren irudi gordina: “hemen karraxi, han oihu, urik ez, harriak eta tetxuetako habeak altxatzen, sua nonnahi…” (69). Bonben artean lehertu zirenak Gernikako herritar xume eta errugabeak izan ziren. Ez zen kasualitatea egun hartan gertatzea halakoa, azoka eguna baitzen Gernikan, astelehena, eta beraz, herritar ugari bilduko ziren eguna: “hilda zegoen andrea baserritarra zen seguru asko, egun hartan feriara jetxitakoa-edo” (65). Egoera larri hartan, “bihotzik zeukan kristauak” (70) lagundu egin behar, eta nahi eta beharra bazen ere, “urik ez, eta gu hara baino, lehen, akabo, pareta amiltzen zela edo suak indarra hartzen zuela-edo ezin, ezin ezertxo ere egin barruan harrapatuta geratu zirenak ateratzeko” (70). Gernikaren irudiak gerora iraun du eta iraungo du eta honen adibidea dugu mahai gainean zuten “El árbol de Guernica” liburua zeina “Gernikaren eskeletoa han, han, erdiko fotografian biluzik” agertzen baita (69). 

    Bonbardaketak, ordea, ez ziren horretan geratu, hamaika izan baitziren sarraskituak. Ementerio, protagonistaren aita, Bartzelonako bonbardaketaren lekuko izan zen, bere lagun guztiak garbitu zituzten harako hartan” (66). Bartzelonako bonbardaketa Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan kokatzen dugu, 1938an gertatu baitzen hondamendia. Testuinguru honetan, mugimendu faxisten gorakadan, modu eraginkorrean suntsitzeko moduen bilaketaren ondorio izan zen honakoa ere. Bonbardaketaren eragile nagusia mugimendu italiar faxista, Mussolinik gidatua, izan bazen ere, ezin ahaztu dezakegu Francoren onarpen eta oniritzirik gabe ezin zitekeela halakorik egin, eta beraz, errepublikarrak suntsitzeko baliabide oro onartu zuela. Gerora Gernikaren oihartzuna izan ez badu ere, Bartzelonako bonbardaketa, erasoaldi batean biktima gehien izan dituen bonbardaketa izan zen, Gernikakoa eta gero. Honetan ere, herritarrak izan ziren biktima, norbanakoaren eta bizitzaren balioa baliogabetuz. Izan ere, gerra egiteko modu berri bat hasi zen Gernikako sarraskiarekin, izua eta biztanleria zibila herburu zituena, hain zuzen ere. 

    Gerra Zibileko eta frankismoko miseria agerian uzten duten kontaketen artean, protagonistaren gogoetak salto egiten du arrantzaren gorabeherengatik aita langabezian geratu zeneko aldira. Aitaren istorioekin tartekatuta datoz bazkalondoko abestiak, eta hortxe hasten dira bi arrebak dantzan sukaldean, ohikoa duten bezala. Ikusi dugunez, euskaldunen eta espainolen arteko gatazka, “hemengoa” vs. “bestea”  talde desberdinketan oinarritzen dena, elebetti osoan zehar irudikatzen da. Gatazka honen hedadura hain da nabarmena non harreman erromantikoetan ere eragiten duen. Honen adibidea dugu, Maitek Konstituzio Plazan etorkin espainolekin izandako liskarra.


    Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). “Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa-ri buruzko fitxa” MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Eleberrairen gaztelerazko itzulpenak "La sobremesa del 15 de agosto" izenburua du.

  • Barregarriaren dantza | Montxo Armendariz | 1979

    Titulua Barregarriaren dantza
    Egilea Montxo Armendariz
    Lekua Iruñea
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Montxo Armendarizen lehen obra zinematografikoa da Barregarriaren dantza laburmetraia. Komunikazio ezari buruzko gogoeta metaforikoa da lana, horretarako, kameraren aurrean hitz egiteko gonbidatua den pailazo bat erabiltzen du, behin eta berriro taldeko kideek haren hizketa eten egiten baitute grabaketa oztopatuz. Giza-manipulazioaren aurkako salaketa egiten du Armendarizek laburmetraian, era berean, askatasunaren defentsa sutsua egiten du. Gainera, ideologia abertzaleari erreferentzia egiten dioten hainbat sinbolo erabiltzen dira filmean: Aurreskuaren doinua entzuten da Bilboko industria guneko irudiak agertu bitartean, euskal paisaia goratzen da (“qué bonito nuestro pueblo, nuestra tierra con sus prados, el mar”… (5:23)), pailazoak euskara ezagutu ez, baina “agur”, “askatasuna”  bezalako hitzak ezagutzen dituela adierazten du, etab.

    Gernikako arbola soinu-banda sartzen du Armendarizek, euskal abertzaletasunari egiten dion keinu nabarietako bat. Eta, amaieran, lan-taldeak grabaketa geldiarazten duenean, pailazoaren atzean zeuden tresna eta apaingarrien artean Picassoren Guernica artelanaren kopia txiki bat agertzen da (10:40), eta koadroarengana hurbiltzen da kamera zoomaren bitartez, haren plano osoa agertzen den arte pantailan, pailazoa kexaka entzun bitartean. Picassoren koadroak duen esanahi aldarrikatzaileak indartu egiten du Armendarizen mezua: alde batetik, koadroak faxismoaren aurkako salaketa egiten du gerraren zentzugabekeria irudikatuz (askatasunaren aldeko aldarria); bestetik, koadroaren inguruan sortutako eztabaida anitzak (koadroaren kokalekua, erroetatik aldendu duen bersemantizazioa, Picasso pertsonaiaren figura eztabaidagarria…) manipulazioa eta komunikazioaren mugez hausnartzeko lagungarri dira.   Askatasun pertsonalaren urraketa eta manipulazioa zuzendariaren hurrengo obretan etengabe errepikatuko diren gaiak izango dira, eta Armendarizen konpromezu politiko eta ideologikoa gero eta nabarmenagoa izango da aurrerantzean.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Montxo Armendarizen Barregarriaren dantza-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Gazteleraz "La danza de lo gracioso" du izenburua laburmetraiak. Sariak: Zilarrezko Mikeldia eta Bilboko Film Labur eta Zine Dokumentalaren Nazioarteko Ekitaldian Euskal Zinearen Lehen Saria (Bilbo, 1979) BIBLIOGRAFIA Roldán Larreta, C. (2025). Armendariz Barrios, Montxo. Auñamendi Entziklopedia [on line]. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/armendariz-barrios-montxo/ar-8496/

  • Ikuska 2: Gernika | Pedro Olea | 1979

    Titulua Ikuska 2: Gernika
    Egilea Pedro Olea
    Lekua Ikuska
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1979
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ikuska dokumental-sailak Gernikako bonbardaketari buruz 14:07 minutuko iraupeneko dokumentala ekoitzi zuen Pedro Olearen zuzendaritzapean. Sailaren helburua 80. urte inguruko Euskal Herria nolakoa zen irudikatzea zen, horretarako, saileko ale bat Gernikari eskaini zioten, eta 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa bertatik bertara bizi zutenen testigantzak bildu zituzten horretarako.

    Bizirik irten ziren hainbat herritarren testigantza agertzen dira dokumentalean, Joseba Elosegi agertzen da tartean ere. Izan ere, dokumentala Joseba Elosegiren, eusko gudari eta politikari jeltzalea, hitzekin hasten da, 1937ko apirilaren 26an Etxebarriako Urko mendian zegoela, Gernikako bonbardaketa ikusi baitzuen. Gainerako herritarrek bonbardaketaren eguna nola bizi zuten kontatzen dute: banderak ikusi eta sirenak jotzen hasi ziren momentua, aterpetako egoera, hegazkinen gertutasuna, bonben zaratak, eraikinen suntsiketa, hildakoak, milizianoen aginduak… deskribatzen dituzte zehaztasun handiz. Bereziki aipagarria nola aipatzen duten herritarrek zarata jasangaitza, kaosa eta sentitutako estutasuna.

    7:40 minutuan Gernikako kaleko horma batean Picassoren Guernica koadroko hainbat irudi agertzen dira margotuta, beste elementu batzuekin batera konbinatuta. Agertzen diren koadroko elementuak bonbilla, zezena, gizona erreguka eta soldadua dira, baina ez daude, ordea, zuri-beltzean margotuta Picassoren koadroan bezala, koloreztatuta baizik. Horma berean, margolan beraren parte izango balitz bezala, V-L115 zenbakiarekin grabatutako gerrako hegazkin bat agertzen da, eta honen atzean nazien ikur bilakatu den svastika suma daiteke, hegazkinak erditik zatitzen badu ere. Honi hegazkinetik erortzen ari diren bonba gorriak gaineratu behar zaizkio. Dokumentalean Picassoren margolana zuzen-zuzenean lotzen da Gernikako bonbardaketarekin, oinarrian gertaera anker hori baitu koadroak eta argi geratzen da hau biktimen testigantza hormako irudiekin elkartzen denean. Gainera, bonbardaketaren egiletza salatzen da, tropa alemaniarrak izan baitziren erasotzaileak, Kondor Legioa hain zuzen ere. Muralak, beraz, argi uzten du zein izan ziren Gernika suntsitu zuten errudunak, hasierako urteetan, Francoren agindupean, ukatu egin baitzen faxisten esku-hartzea gertakarian, gorriak herria erre zutela argumentatuz.

    Herritarren planoez gain, bonbardaketaren osteko irudi errealak tartekatzen dira dokumentalean: aire bidez grabatutako suntsiketaren irudiak gailentzen dira 11.minutu osoan zehar. Irudi hauek agertu bitartean, soinu fin eta desatsegin bat entzuten da, hasieran sirena-hotsen itxura hartzen du txistuak, baina irudiek aurrera egin ahala txistua geroz eta finagoa eta altuagoa bilakatzen da, ia belarriak tapatzeko beharra sentitzen den arte, jasangaitza baita txistua. Ariketa honek ikuslea oso deseroso egotea lortzen du, bonbardaketake ragin zuen sufrimendu eta ankerkeria ikuslearengan eraginarazi nahian.

    Azkenik, Gernikako Juntetxearen irudiarekin amaitzen da filma, bonbardaketatik bizirik atera ziren herritarrak Gernikako Arbolaren inguruan elkartuta daudela. Izan ere, Gernikako arbola euskal identitatearen sinbolo nagusi bilakatu da, ez bonbardaketaz geroztik, aurreko mendeetatik datorren ikurra baita. Gernikako arbolak, eta baita Gernikak ere, lotura emozional eta identitario handia du euskal gizartearekiko, beraz, ez da harritzekoa dokumentala halako irudi batekin amaitzea.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Pedro Olearen Ikuska 2: Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Dokumentala ikusgai: https://primeran.eus/w/ikuska-d1-3-gernika

  • Hameka aldiz Gernika entzun | Txomin Ezponda | 1979/12/30

    Titulua Hameka aldiz Gernika entzun
    Egilea Txomin Ezponda
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Bertsoak
    Urtea 1979/12/30
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Txomin Ezpondaren bertsoon testuinguruari dagokionez, aipatzekoa da bat-batean kantatutako hiru bertso direla, zehazki, 1979-1980 artean ospatutako Euskal Herriko 7. Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatutakoak, Gernikan izan zen kanporaketan. Joxe Mari Iriondo Kazetari eta Loiolako irrati-esatari ezagunak, artxibo dokumentalaren esparruan lanean ibiliak, jarri zuen gaia aritu zen ordukoan gai-jartzaile lanetan. Txapelketaren kanporaketa Gernikan izanik, garbi dago publikoarengana heltzeko gai erakargarrietako bat bonbardaketarena izango zela.

     

    Hiru bertsotan erantzun behar izan zion Ezpondak gai-jartzaileak proposatutako gaiari: “Euskaldun bat baino gehiagok egin du hemen, Gernikan, bere zina. Hik ere egik hire zina.” BDBn bertsoaldiaren ezaugarrietara (Ezponda, 1979) jotzen badugu, berehala ikusiko dugu bakarkako jarduera izan zela, baina kartzelako-lana ezaugarria duela gehituta. Bertsolari Aldizkarian argitaratutako berri batek (Bertsolari aldizkaria, 2022) era argigarrian azaltzen du lana: “Kartzelako lana deitu izan zaio 60 urtez bertsolariei gai bera eman eta haiek hiruna bertso nahi duten doinuan eta neurrian kantatzeari.

     

    Kartzela edo ganbara lan honetarako, Ezpondak zortziko handia darabil: zortzi bertso-lerroz osatuta daude bertso guztiak eta bertso-lerro bakoitiek hamar silaba izango dituzte, baina bertso-lerro bikoitiek, errima eramateaz gain, zortzi, hau da, bi gutxiago. Gure herriko bikariuak kontakizunezko doinuarekin josten ditu bertso-lerro hauek, Antonio Zavala ikerlariak jasotako doinuan. BDBren arabera “bertsolaritzak azken 50 urteetan izan duen biltzaile eta argitaratzailerik emankorrena” da Zavala (BDB Biografiak).

    Zina egiteko eskatu zion Iriondo gai-jartzaileak Ezpondari, eta horretarako tonu egokian hasten da kantuan: arbolaren aurrean dagoela aipatzen du, zazpi probintzietatik printzipalena (6. bertso-lerroa) dela esanez. Bigarren bertsoan, herriari bere odola emango liokeela aitortzen du eta, amaitzeko, arbolaren azpian biltzeko deia egiten die herritarrei.

    Hainbat ezaugarri nabarmentzen dira bertso-lerroetan zehar. Ibarluzeak (2025, prentsan) azpimarratzen duenez, esanguratsua da Gernikari bigarren pertsonan hitz egiten diola: zoin ez da egon otoitzez edo / zure arbolari begira? (hirugarren bertsoko bigarren puntua). Gainera, arbolaren sinbologia erabiltzen du, noski, zina egiteko lekua baita arbolaren aurrealdea. Ibarluzearen testuan aipatzen da irakurketa identitarioa (Retolaza 2009) egiten dutela Ezpondak. Bigarren bertsoan, esate baterako, Gernikako bonbardaketan irekitako zaurien odola aipatu ondoren, herriak behar izatekotan bere odola emango lukeela dio, hau da, bonbardaketaren erasoa euskal identitatearen erasotzat hartuz. Retolazak (2009) beste adibide batzuen inguruan egindako hausnarketak balio digu kasu honetarako: “Gernika herria euskalduntasunarekin uztartu egiten da, eta euskal identitateari dagokion irakurketa eginez, Gernika herriari eginiko erasoa euskal identitateari eginiko erasoarekin lotzen da” (Retolaza, 2009: 1091).

    Amaitzeko, kolektibitatearen ideia dago islatuta bereziki azkeneko bertso-lerroetan: Euskal Herriko gizon guziak / nere gogoko balira / guziak horrat bildu gaitezen / arbola horren azpira. Euskal Herritartasuna deitzen dio Retolazak (2009) azkeneko bertso horretan Ezpondak transmititu nahi duen ideia horri: memoria kolektibo baten edo kolektiboren baten urratzea da poema gehienetan irudikatzen dena. Jakina, ez da guztietan kolektibo edo talde hori modu berean ulertzen, baina, guztietan irudikatzen da Gernikaren bonbardaketak kolektibo baten urratzea eta zauria ekarri zuela: Euskal Herritartasuna (identitarioa), europartasuna (antifaxista), jendetasuna edo gizatasuna (antropologikoa). (Retolaza, 2009: 1107)

    BDB bertsolaritzaren datu-basea: https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/4qn2c

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Txomin Ezpondaren Hameka aldiz Gernika entzun-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10] BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. Biografiak. https://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/1921-antonio-zavala [azken kontsulta: 2024/12/13] Bertsolari aldizkaria. (2022) https://www.bertsolari.eus/albisteak/ganbara-da-kartzela-berria/[azken kontsulta: 2024/12/12] Ezponda, T. (1979) “Hameka aldiz Gernika entzun” , BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/4qn2c[azken kontsulta: 2024/12/11] Ibarluzea, M. (2025, prentsan). Los ecos de Gernika en el bertsolarismo improvisado: 1989-2019. Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

  • 1937, Apirilak 26 | Mikel Zarate | 1978

    Titulua 1937, Apirilak 26
    Egilea Mikel Zarate
    Lekua Durango
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1978
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mikel Zarate (Lezama, 1933-1979) euskal idazle eta apaizak Bizipenen bultzadaz poema liburua argitaratu zuen 1978an, bere lehen poema liburua, alegia. Liburuaren izenburuak adierazten duen moduan, idazlearen esperientziek markatzen dituzte olerkiak, hiru ataletan banatuta daudenak:

    1. Atsekabezko bizipenak

    2. Atseginezko bizipenak

    3. Ametsezko bizipenak

    Esan daiteke, beraz, atal bakoitzak sentimendu bat adierazten duela: atsekabea, atsegina eta esperantza. Azterkizun dugun poema, “1937, apirilak 26”, lehen ataleko lehenengo poema dugu, eta hasiera indartsua ematen dio liburuari.

    Kontuan hartu beharra dago Zarateren bizimodua gerrateak, gerraosteak eta diktadurak markatu zuela, beste hainbat euskal herritarrena bezala. Ondorioz, gai politikoak hizpide dituzten poemek poema unibertsal gisa funtzionatzen dute: Gernikako bonbardaketa, euskararen zapalketa, zapalketa politikoa, Francoren heriotza… aipatzen dira, besteak beste (Kortazar, 1979).

    Mikel Zaratek sei soneto erabili ditu liburuan, eta horietako bat dugu “1937, Apirilak 26” poema. 11 silabetako 14 bertso-lerroz osatutako poema dugu aztertutakoa, eta Kortazarrek (1979) aipatu bezala, euskal erritmo bat bilatzen duela esan daiteke, 11 silabak 5+6 erara osatzen dituelako: ABBA / ABBA / CCD / DEE.

    Edukiari dagokionez, Gernikako bonbardaketa da poemaren gai nagusia. Gernika bonbardatu zuten egunak berak ematen dio izenburua poemari, eta gertakari historikoaren data zehatzaz gain, poeman ere “Gernika” aipatzen da zuzenean 6.bertso-lerroan. Lehen ahapaldian Gernika bonbardatu zuten hegazkinak nola hurbildu ziren deskribatzen du, eta gerra abioiak “zezen hegalariak” metaforaren bitartez ordezkatzen ditu (3.bertso-lerroa). Gainera, “infernua dator gure zerura” (4.bertso-lerroa) esaldiaren bitartez aurreratu egiten du gertatzear zegoen sarraskia, zerua eta infernuaren arteko antitesiaz baliatuz. 2.ahapaldian, bonbardaketaren hasiera irudikatzen da, eta garrasiak aipatzen dira lehen aldiz, hurrengo ahapaldietan errepikatuko den baliabidea izanik. Izan ere, hala dio hirugarren ahapaldiak: “Garrasi larritan ama, umea, / aitaren gorputz hil buru gabea; / garrasika txori, lore, burdina” eta horrela jarraitzen du laugarrenak: “harri, ohol, haize ta su irakina; / garrasiz herrien betiko lotsa, / askatasunaren betiko hotsa”.

    Garrasia askotan erabili da Gernikako bonbardaketak eragindako sufrimendu eta minaren ikur gisa: Picassoren Guernica artelanak horretan zerikusia izan du, koadroko haur hila besoetan duen amaren oihuak bereganatutako sinbolismoari esker. 3. ahapaldia, hain zuzen ere, Picassoren Guernicaren ekfrasitzat har genezake: garrasika dagoen ama, haurra, burua gorputik banandu zaion gizona, txoria (koadroko usoa izan daitekeena), lorea (koadroan soldadu hilaren eskuan datzana), eta burdinak (soldaduaren ezpata irudika dezakeena) Picassoren koadro esanguratsua berrirudikatzen dute. Guernicaren errepresentazio horrek, beraz, koadroaren dimentsio alegorikoa orekatu nahi du gertakari historikoa zehaztu eta azpimarratzeko: artelan ikonikoa arlo piktorikora murriztu beharrean, Gernikako suntsipen eta sufrimenduaz diharduen poeman txertatzen da, artelanaren inguruan sortutako iruditeria 1936ko gerrako pasarterik gogorrenetako batekin lotzeko.

    Zaratek ez ditu Gernikako bonbardaketaren erantzuleak aipatzen, eta moduaz soilik mintzatzen da, gerrako abioiak aipatuz. Suntsiketa ezartzen da fokuan, arduradunen edo biktimen gainean baino, eta  poemak gertakaria eta marko tenporala nabarmentzen ditu euskaldunen elementu identitarioen gainetik: “la referencia a la ciudad en la segunda estrofa puede ser con sentido alegórico, pero tanto del lugar vasco como de ciudad bombardeada, como hace el Guernica de Picasso que eluden los autores del nacionalismo décadas antes” (Cueto, 2017: 354).

    Poemaren amaierak “garrasiz herrien betiko lotsa, / askatasunaren betiko hotsa” dio, eta, modu horretan, Zaratek herriek bizi duten zapalkuntza egoera salatuz amaitzen du poema, gertakari historikoa orduko askatasunaren aldeko aldarrietara ekarriz.

    Poema irakurtzeko: https://www.armiarma.eus/zarate/bizi03.htm

    Erreferentzia bibliografikoa:

    Cueto, Elena (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Kortazar, Jon (1979). Mikel Zarateren Bizipenen bultzadaz. Jakin, 9, 140-145. https://jakin.eus/show/e6a6b94acd514f0da49d34d197fa3be6a2d70ccb

    Zarate, Mikel (1978). Bizipenen bultzadaz. Leopoldo Zugaza. https://www.armiarma.eus/zarate/bizi.htm

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Mikel Zarateren 1937, Apirilak 26-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Santiago Onaindiak, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, gertakariei buruz zein Gernikari buruz hainbat eta hainbat idazlek idatzitako poemak jaso zituen Gernika (1987) liburuan. Bertan jaso zuen Zarateren "1937, apirilak 26" poema.

  • Picasso insólito | Antonio Mercero | 1978

    Titulua Picasso insólito
    Egilea Antonio Mercero
    Lekua NO-DO
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1978
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Picasso insólito Antonio Mercero lasartearraren film labur dokumentala da, 26 minutuko iraupena duena. Manuel Blasco Alarconek (Malaga, 1899-1992), margolari naif eta Picassoren lehengusuak, Pablo Picassoren ibilbide artistiko eta pertsonala azaltzen ditu haren ilustrazio eta koadroen bitartez. Picassoren obrak errepasatzen ditu haur txikia zenetik haren lan esanguratsuenak egitera heldu zen arte, musika jostagarri bat entzuten dela bitartean. Kalean ematen ditu azalpenak modu dinamikoan, Blasco entzutera jakinguraz hurbildu diren hiritarren aurrean.

    Dokumentalaren amaieran (22:18) Gernikako bonbardaketan oinarritutako Guernica koadroa aipatzen da. Mundu osoa harritu zuen krimena aditzera ematen duen koadroa dela azpimarratzen du Blascok, eta azalpen artistiko txiki bat ere ematen du: zezena, ama, zaldia, erreguka dagoen gizona… koadroa identifikagarri egiten duten elementuak aipatzen ditu, hain zuzen. Gernikako bonbardaketak gertakari historiko gisa duen garrantzia agerian uzten du, Picassoren obra ezaguna egin baitzen nazioartean bertako izugarrikeriak eta sarraskiak harridura eragin zuelako. Edonola ere, hasieran Gerra Zibilak eta Espainiako frankismoak eragin zuen mina eta kalteak irudikatzen zituen mihiseak, baina esanahi hura atzean geratu zen, nazioartean jaso zuen ospeak ankerkeria eta sufrimenduaren aurkako esanahi unibertsala bereganatzea eragin zuelako, hala, oinarrizko gertakari historikoa bigarren planoan geratu zen.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Antonio Merceroren Picasso insólito-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Dokumentala ikusgai: https://www.rtve.es/play/videos/documentales-color/picasso-insolito/2910494/

  • Guernica | Agustin Ibarrola | 1977

    Titulua Guernica
    Egilea Agustin Ibarrola
    Lekua Bilboko Arte Ederren Museoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1977
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Mihise gainean pintatutako lan handi hau (200×1000 cm.) bi aldiz erakutsi zen Bilboko Arte Ederren Museoan, lehendabizikoa 1977an bere horretan eta bigarrenean, 1979an, Ibarrolak berak beste 27 lanekin Euskadi izenburua eta horma guztiak betetzen zituen aretoan. Lan hau Guernica, obra de Picasso exiliada en USA X fitxan iruzkinduko muralaren oinarria da.

    Picassoren Guernica koadrotik hartutako xehetasunak Ibarrolak garai hartan bere pinturan erabiltzen zituen tramekin eta forma geometrikoekin elkartu zituen, baita langileen eta polizien giza irudi espresiboekin ere. Beltza, zuria eta grisak Picassok bere lanean erabilitako koloreak jarraitzen ditu, baina tarteka gorri tantak ere agertzen dira bala zuloak gogorarazteko,  Euskal Herriak jasaten zuen biolentziaren jarraipena adierazi nahian edo.

    Francoren heriotzaren ondoren Guernica koadroa Euskal Herrira ekartzeko ekimen baten barruan ulertu daiteke. Hain zuzen urte hartan Guernica Gernikara mugimendua antolatu zen, koadroa Bilboko Museoan gordetzeko aukera eskatzeko.

    Artelanaren inguruko informazio gehiago hemen sakatuz.

    Nola aipatu: Manterola Ispizua, Ismael (2026). “Agustin Ibarrolaren Guernicari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    2025ean zabaldutako Atari(Bat) erakusketak 1979an eraikitako aretoa berreraiki da. Bilboko Arte Ederren Museoak 2021ean eskuratu zuen.

  • Durango: vísperas de Guernica | Jose Martin Elizondo | 1977

    Titulua Durango: vísperas de Guernica
    Egilea Jose Martin Elizondo
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Arte eszenikoak
    Azpigeneroa Antzerkia
    Urtea 1977
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jose Martin Elizondo (Getxo 1922, Toulouse, 2009) euskal idazle, margolari eta irakaslea zen. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, haurra zela, Frantziara ebakuatu zuten, eta bere aita, errepublikarra, Mexikon erbesteratu zen. Amaz umezurtz, eta aita erbesteratuta, Martin Elizondok bere kabuz aurrera egin behar izan zuen: 1947ko udaran, muga ezkutuan gurutzatu zuen aitarekin topatzeko itxaropenez, eta orduan hasi zuen luze iraungo zuen erbestealdia Frantzian.

    Parisen antzerkigintzara hurbildu bazen ere, Toulousen murgildu zen bete-betean dramaturgian. 1959an A.T.E. (Amigos del Teatro Español) konpainia sortu zuen Toulousen, ideologia desberdinek osatutako taldea zen, baina antifrankismoa zuten oinarri (Poujol, 1999). Izan ere, Toulouse erbesteratu askoren hiria izan zen Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetan, eta bertan elkartu ziren ideologia anitzeko militante ohiak (komunistak, sozialistak, anarkistak…); horri esker, berriro militatzen hasi ziren. 1983an, ATEko partaideen kopuru murriztua dela eta, konpainia berrantolatu zen Théâtre sans Frontière (TSF) izenpean.  

    Martin Elizondok oso argi zituen antzerkiak irudikatu beharreko balore etikoak, eta hainbat obra taularatu ostean, kritika frantsesak konpainia goretsi eta ATEk Frantzia hegoaldean zehar bira txiki bat eskaini zuen (Poujol, 1999). Jose Martin Elizondok 1959tik aurrera, berrogei urtetik gora eman zituen idazle dramatiko eta zuzendari eszeniko gisa, eta beti aldarrikatu zuen antzerkia gizakia eta gizartearekiko arte adierazpide konprometitu gisa. Poujolen (1999) arabera, Martin Elizondoren obrak bi ardatzen arabera sailka daitezke: batetik, eduki soziopolitikoa duten obrak; eta bestetik, existentzialismoa oinarri duten obrak.

    Durango: vísperas de Guernica (1961) antzezlana ikuspegi politikotik egindako Martin Elizondoren obra esanguratsuenen artean dago. Gainera, Durango Martin Elizondoren plazaratutako lehenengo lan dramatikoa da, nahiz eta 1959an Numantina idatzi zuen, inoiz argitaratu gabeko obra, alegia. 1961ean estreinatutako Durango antzezlana, 1977an, Gaiak aldizkari euskaldunaren 4. zenbakian argitaratu zen. Aztergai dugun antzezlanak Durangoko bonbardaketa du oinarri; alegia, 1937ko martxoaren 31n Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek herri bizkaitarraren aurkako erasoaren berri ematen du. Durangoko bonbardaketa Mola jeneralak Bizkaiaren aurkako defentsiban planeatutako erasorik bortitzena izan zen Gernikako bonbardaketarekin batera. Gernikak memoria kolektiboan artelan ezagunari esker bereganatu duen esanahi sinbolikoaren ondorioz, askotan, ezkutuan geratu da Durangoren aurkako erasoa, eta “isildutako bonbardaketa” dela esan ohi da (ikus Durango, isildutako bonbardaketa dokumentala). Ehundaka hildako eragin zituen erasoak, izan ere, Durango ez zegoen prest halako erasorik jasotzeko. Gainera, ordura arte gizateria zibilaren aurka egin zen erasorik bortitzena izan zen, izua zabaltzeko estrategia militarra, alegia.

    Honela azaltzen du Poujolek (1999) Durango antzezlanaren argumentu nagusia: 

    Simón, el pescador, toma súbitamente cociencia del sentido humano y solidario de la vida al ver caer muerto a su lado a un hombre durante el bombardeo. Recoge de las manos del recién caído un pan cuyas dimensiones parecen haber aumentado, como para que Simón sienta de manera más profunda la necesidad imperiosa de encontrar a la mujer y a los hijos de la víctima. Ésta es la base esencial de este texto grave en el que el pescador viene a simbolizar la conciencia herida por el acto criminal de unos báraros. En contrapunto con el protagonista aparecen dos soldados alemanes, Goz y Friez que, curiosamente, van disfrazados de saltimbanquis para realizar una función de espionaje en la retaguardia, con motivo de lo cual despliegan su carpa en la plaza central de Durango.

    Nazi alemanen pertsonaiak ironia eta umorearen bitartez transformatzen ditu estereotipoetatik aldentzeko, hain zuzen ere, zirkua, kabareta, performancea eta beste adierazpide artistiko batzuk nahastea ohikoa da Martin Elizondoren antzerkigintzan, askatasun handia dute antzezleek eta ironia, umorea eta absurdoaren bitartez ulertarazten da tragikoa den hori (Gil Fombellida, 2023: 249). Gernika suntsiketa eta sarraskiaren espazio mitikoa eta unibertsala bilakatu da Picassoren Guernica (1937) koadroari esker, eta Martin Elizondok Durango berreskuratzen du krudeltasunaren zentzugabekeria eta gizakiaren boterearekiko handinahia irudikatzeko (Gil Fombellida, 2023: 258).

    Cuetoren (2017: 314) arabera, Martin Elizondok iragana lantzen duenean sinbolo handiak saihesteko joera du, eta arreta beste toki batean jartzen saiatzen da: hori bera egiten du Durango antzezlanean, hau da, Gernika bezalako sinbolo bati erreferentzia zuzenik egin gabe, etengabe apelatzen da. Izan ere, Martin Elizondok aitortu zuen Durangok gogora ekartzen duela Gernikako erasoa, eta dekoratuetan Picassoren margolanetan inspiratutako munstro-tanke bat ageri dela (Cueto, 2017: 314). Modu horretan, Durangok bonbardatu ziren beste herrien alegoria gisa funtzionatzen du, eta Gernikak memoria-leku gisa duen  esanahia birsemantizatzen da, erasoa jasandako herria aldendu egin nahi duelako mitifikazio eta dimentsio mediatikoetatik. Zehatzago azalduta:

    Durango viene a ser una elección de título que enfatiza el territorio físico de una comunidad orgánica, desprovisto de una dimensión mediática que lo haga virtual, redefiniendo el propio lugar que es Guernica reinsertado en una realidad física. Se hace alegoría de aquellos topónimos que han sufrido la guerra sin haber seguido un proceso de mitificación o simbolismo, sin convertirse en lugares virtuales o visionarios de la violencia totalitaria al margen de una identificación con el mapa geográfico, emocional o de vivencia en el que se insertan. (Cueto, 2017: 314)

    Martin Elizondok motibo artistikoei dagokionez Picassorengana jotzen badu ere, modu sotilean txertatzen ditu erreferentziak, bonbardaketa historikoa arlo piktoriko hutsera mugatuta gera ez dadin.

    Bibliografia:

    Cueto, E. (2017). Guernica en la escena, la página y la pantalla. Prensas de la Universidad de Zaragoza.

    Gil Fombellida, C. (2023). Personajes mito en el teatro combatiente de José Martín Elizondo. En C. Gil Fombellida y J.R. Zabala Agirre (coords.), Los mitos del exilio 1936-1939 (pp. 247-259). Hamaika Bide. https://www.iris.unina.it/retrieve/7c2660ed-73ac-4656-a015-1262a8ed7566/Los%20mitos%20del%20exilio%20(1).pdf

    Martin Elizondo, J. (2009) Teatro combatiente. Saturraran.

    Poujol, M. (1999). José Martín Elizondo: De una memoria defendida a un “teatro sin fronteras”. En M. Aznar Soler (Ed.), El exilio teatral republicano (online). Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes https://www.cervantesvirtual.com/s3/BVMC_OBRAS/ff7/0b2/2c8/2b1/11d/fac/c70/021/85c/e60/64/mimes/ff70b22c-82b1-11df-acc7-002185ce6064_54.html

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Jose Martin Elizondoren Durango: vísperas del Guernicari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Da gryr margonens timme | Ingrid Etzler | 1977

    Titulua Da gryr margonens timme
    Egilea Ingrid Etzler
    Lekua Suedia
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1977
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1977an telebista suediarrak Mikel Laboaren (1934-2008) “Gernika-Lekeitio 4” lan esperimentala gune harturik, “Da gryr margonens timme” dokumentala sortu zuen, Ingrid Etzlerren zuzendaritzapean. Egun grabazio osoa ikusterik ez den arren, eskuragarri dago zati bat, sarean.

    Laboari eginiko elkarrizketa hutsaz haratago, dokumental izaera ematen diote 4. Lekeitioaren abestiari gaineraturiko bonbardaketa garaiko irudiek, bideoan zehar barreiaturiko argazkiek, rotuluek (“Gernika” 0:47; “Guernica, Baskien 27 april 1937” 2:19; “Teckningar av barn i Guernica” 1977; ), Laboaren gaztelerazko hitzen suedierarazko itzulpenak (5:39-6:44), Picassoren koadroaren proiekzioak (4:36) eta baita 1977an Gernikako haurrek eginiko marrazkiek ere (3:02-4:17).

    Gernikako haurrek 1977an eginiko marrazkiak koloretsuak dira, eta bonbardaketan bizituriko izua, mina eta suntsiketa agertzen dute. Gainera, bonbardaketaren arrazoi politiko-ideologikoak ere islatzen dira, sinbolo faxista eta naziek lagunduta. Marrazkiak zer-nola eginak/eginaraziak izan ziren ez badakigu ere, aipagarria da Picassoren Guernicaren eragina ere nabaria dela, zenbait iruditan.

    Hona irudi horiek, zehaztasunetik orokortasunerako begirada batetik aurkeztuak direnak dokumentalean:

    • Hegazkin mota desberdinak, esbastika ageri delarik, bonbak botatzen etxeen gainean
    • Pertsonen gorputzak sugarretan lurrean, besoak gora zabalik, gorputz zatiak, laguntza eskatuaz bezala

    • Pertsona baten gorputaren goi-atala eraikin hondatuetako leihoetatik erdi eroria buruz beheiti
    • Leiho txikitu batetik eskua ageri, laguntza eske, zartaturiko paretetik
    • Sugarretan lehertzen diren eraikinetatik jendea erortzen, kalean jende arrunta lasterka, izuturik, haurren orgatxoekin lasterka direla
    • Jendea erretzen; gorpuzkiak
    • Fusilamenduak eta alemaniar naziosmoaren sinboloa
    • Picassoren Guernicatik ateratako irudien errepresentazioa (ekfrasia)
    • Espainiako bandera eta alemaniar nazien esbastika, elkarri eskua ematen

    Mikel Laboak elkarrizketan kontatzen du Picassoren Guernica inspirazio iturri izan zuela izen bereko Lekeitioa sortzeko, eta Gernikako bonbardaketa gauzatu zuten hegazkinak nola ikusi zituzten (eta entzun, bereziki) baserri gainetik pasatzen berak eta familiak.

    Horiek denak, Laboaren hitzekin, 4. Lekeitioarekin, bonbardaketako irudiekin eta Picassoren Guernicarekin ageri dira elkarrizketan.

    Bideo honen zatiak sarri erabili izan dira Mikel Laboarekin loturiko bertzelako erreferentzietan ere. Bertzeak bertze, esanguratsuenetakoa da “Mikel Laboa (1934-2008)” DVDa (Bastida eta Escobar, 2009), zeinetan Mikel Laboaren 1934tik 1980ra bitarteko bizitza azaltzen den senide, lagun, kide eta  adituen azalpenekin osatua.

    Erreferentziak:

    Bastida, M. (zuzendaria) eta Escobar, N. (bideo produkzioa) (2009). Mikel Laboa (1934-2008). “Mikel Laboa (1934-2008): In Memoriam” CDa + “Mikel Laboa (1934-2008)” DVDa.

    Grabazioa ikusteko esteka: https://youtu.be/fnvP7hWmXlw?si=fNjGGpe43bsH1FiZ

    Nola aipatu: Gandara Sorarrain, Ana (2025). “Ingrid Setzleren Da gryr margonens timmeri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en una fachada de Eibar | Heinz Hebeisen | 1977

    Titulua Mural en una fachada de Eibar
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Eibar
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1977
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mural honek ez du Picassoren Guernica bere osotasunean irudikatzen, horren ordez, bere sinbolo ezagunenetariko batzuk hartzen ditu, hala nola, lanpara-begia, zezena, besoa altxatuta duen gizona eta zuzi bati eusten dion irudia, hemen aurpegi espektral gisa bakarrik agertzen dena. Kolore-paletan, tonu grisak eta beltzak nagusi dira, obraren tonu iluna areagotzen dutenak.

    Horrez gain, “VL 11 S” inskripzioa duen hegazkina ere badago, esbastikarekin markatutako bonbak jaurtitzen dituena. Hegazkinak esbastika bat partzialki ezkutatzen duela dirudi, nazien inplikazioa Gernikako bonbardaketan salatzen duena. Nahiz eta gaur egun jakina den Condor Legio alemaniarrak egin zuela, bere garaian erregimen frankista  bere egiletza estaltzen saiatu zen, horretarako errepublikarrei errua botatzen.

    Artelanaren irudia ikus daiteke esteka honetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-una-fachada-de-eibar

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisenen Mural en una fachada de Eibar-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Murala Urola Kostan | Heinz Hebeisen | 1976

    Titulua Murala Urola Kostan
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Zumaia
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Argazkigintza, Murala, Pintura
    Urtea 1976
    Errepresentazio Historikoak EZ

    1975-2005 denbora-bitartean, Francoren heriotza urtetik aurrera alegia, Heinz Hebesein Iberimage taldeko argazkilariak, espainiar estatuan zehar Pablo Picassoren (1881-1973) Gernika «artelan-irudiaren» kale mailako presentzia jasotze aldera ateratako berrogeitik gora argazkietako bat da hau. Guztiak ere MNCARSeko Repensar Guernica izeneko artxibo digitalean daude jasota eta, gehientsuenak, manifestazioetan astindutako edo kalean zintzilikatutako pankarten adibide bakarren batzuk salbu, horma gaineko mural, irudi edota pintadak dira. Muralgintzaren oinarrizko ezaugarriak hiru direla esan daiteke: espaziora edo marko arkitektonikora egokitzea, inpresionatu edo arreta piztea eta denboran luze eustea —harik eta palinpsesto bat balitz bezala beste horma irudi baten azpian geratu arte, bederen— (Robles, 2025, 314. or.).  Itxura batera, ez zaio horietarik bakar bat ere falta Hebseinek 1976an Zumaiako kale zehaztugabe bateko kantoiari ateratako argazki jakin honetan agertzen den horma irudiari. Lemoizko zentral nuklearraren (Iberduero 70etan eraikitzen hasi eta, besteak beste mobilizazio jendetsuei esker, martxan jarri aurretik 1984an itxia) kontrako aldarria errepresentatzeko, zirrikituan irekitako leiho bat pintatu zuten horman, eta leiho hartatik kalera salto egingo duela dirudien lepo luze eta zabaleko figura baten burua, ezaugarri antropomorfikoak izanagatik, narrasti baten tankera duena. Leihoa eta egurrezko kontraleihoa baino puskaz handiagoa da burua eta tonu marroi-berdexkekin pintatuta daude hirurak, inguru-lerro beltzak, begi eta hortz zuriak eta mingain gorria salbu. Gernika artelan-iruditik hartu eta nahieran nahastu, desegin eta berregin edo, hitz batez, antzaldatutako elementu formal-ikonografikoak sumatzen dira horma irudiaren oinarrian: kinkeari eusten dion figura eta intzirika ari den zaldia. Izan ere, jatorrizko mihisean, kinkea daraman figura da burua eta gorputz adarrak, saiheska, etxe bateko bao batetik aterata ageri dena; konposizio horretatik abiatutako Zumaiako horma irudiko figura itxuraldatuak, ordea, zaldiaren mingain puntazorrotza du. Hondakin erradioaktiboen kalteak dira, zalantzarik gabe, parodia kutsua duen metamorfosi horrek bistaratzen dituenak, hitzez ere adierazitako zentral nuklearraren aurkako gaitzespena azpimarratzeko.

    Fitxa honetan erabilitako «artelan-irudi» terminoak, Rocío Roblesen (2019, 2025) bidetik, Gernikaren truke balioa (hau da, balio sinbolikoa) garden bihurtzen duen ikono izaera nabarmentzea du asmo. Esan nahi baita, mihise gaineko olio-pintura erraldoiak hasieratik bertatik sortutako (eta sortzen jarraitzen dituen) irudiek, irudi horien erabileratik eratorritakoek bezalaxe, agerian uzten dutela Gernika «artelan-irudi bizia» dela, badituena zeharkatzen duen garaiarekin konektatzeko gaitasuna eta agentzia (Robles, 2025, 309. or.). Gernikaren sortze eta aurkezpen baldintza zehatzak direla tarteko, zenbait arte historialarik, 1937an bertan (Parisko Nazioarteko Erakusketan, edo are, estudioan) kokatzen du artelanaren aura- eta ikono- balioen arteko identifikazio, nahaste edo elkarrizketaren hasiera (Robles, 2019, 22. or.). Hala ere, Gernikaren kale mailako presentzia munduan zehar, bereziki 1967tik aurrera hedatu zela esan daiteke —Art Worker’s Coalition taldekoek, Vietnamgo gerraren testuinguruan, mihisea MoMAtik erretiratzeko eskatu ondotik, alegia— (Robles, 2019, 122. or.).

    Artelanaren irudia ikusteko sakatu hemen.

    Erreferentzia bibliografikoak:

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Robles Tardío, R. (2025). Índices e iconografía política en el traslado de Guernica: del Casón del Buen Retiro al Museo Reina Sofía, julio del 1992. Arte, Individuo y Sociedad, 37(2), 307-315. https://doi.org/10.5209/aris.98610

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Heinz Hebeisen Murala Urola Kostan-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en Urola Costa | Heinz Hebeisen | 1976

    Titulua Mural en Urola Costa
    Egilea Heinz Hebeisen
    Lekua Urola Kosta
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1976
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Zumaian egindako Lemoizko zentral nuklearraren aurkako pintada baten aurrean gaude. Hondo zuri baten gainean, “Nuklear ez” inskripzioa irakur daiteke, Picassoren Guernica estiloko pertsona baten irudi batekin batera. Irudi hori ate edo leiho batetik irteten dela dirudi, kontsigna oihukatzen, larritasun-adierazpena areagotzen duena.

    Itxuraz, Kolektibo Barro-Zumaiko Antinuklear Kt taldeak egindako murala da. Irudiak erakusten du Picassoren hizkuntza bisuala —bereziki Guernicakoa— erabilgarria izan daitekeela euskal imajinario artistikoarentzat egungo borroka sozial eta politikoak irudikatzeko. Kasu honetan, ez da zuzenean aipatzen Gernikako bonbardaketa, aitzitik, haren estetika erabiltzen da bestelako salaketa politikoan burutzeko artearen bitartez.

    Artelanaren irudia ikus daiteke esteka honetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-urola-costa

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisenen Mural en Urola Costa-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Estado de excepción | Iñaki Nuñez | 1976

    Titulua Estado de excepción
    Egilea Iñaki Nuñez
    Lekua Araba Films
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 1976
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Argazki artxibo eta estudio-irudien muntaiaren bidez egindako film laburra da, non Gernikako bonbardaketan hil zen euskal armadako soldadu baten semearen historia kontatzen den. Mutilak eskola faxistaren hezkuntzaren aurka egiten du matxinada, eta, denboran jauzi baten ondoren, borroka armatuan sartzen dela ondorioztatzen da. Azkenik, gaztea harrapatu, torturatu eta fusilatu egiten dute.

    Txuri-beltzeko irudien bitartez zoritxarreko familia euskaldun baten historia kontatzen da, eta, Mikel Laboaren “Gernika” (Lekeitiokoak 4) abestiak laguntzen du filma girotzen hasiera-hasieratik. Gerra Zibilaren garaiko irudi eta argazki errealak agertzen dira, gudarien argazkiak, hain zuzen ere, ikurrina baten atzetik desfilean dabiltzanak. Frontean prest dauden gudariak gorpu pilatuak, zaurituak eta hildakoak bihurtzen dira, ordea. Orduan egiten dute eztanda Laboaren “Gernika” kantuko oihu lazgarri eta bereizgarriek, Picassoren Guernica koadroko elementuekin nahastuz, gerra hegazkinen argazkiak erabiliz, eta Gernika suntsitu ondorengo irudi errealak ere tartekatuz (hiletak, gorpuak, hondakinak…). Picasso beraren erretratua ere agertzen da filmean (2:58), bere lan ezagunak izan zuen nazioarteko inpaktua azpimarratuz.

    Gernikan hildako gizonaren haurrak frankismoan jasandako errepresioa eskolan hasi zuela adierazten dute garaiko eskolaren irudikapenek: Francoren erretratua paretan, gurutze katolikoa nonahi, gaztelerazko irakurgaiak… Haurra irakaslearen aurka matxinatzen denean, gogor egiten du helduak ikaslearen aurka, mutikoaren burua mahiaren aurka jotzen du, hain zuzen. Jasandako errepresio eta sufrimenduak gaztea borroka armatuan sartzera eramaten du, hori erakusten dute aurpegia estalita duten militanteak basoan armekin praktikatzen ari diren irudiek. ETAkidea atxilotu eta torturatu egiten dute eta esplizituak dira torturari dagozkion irudiak: kolpeak, biluztea, zintzilikatzea, uzkitik makila sartzea… fusilatuta hil arte ez da haren sufrimendua amaitzen. Burgosko espetxean hiltzen dute atxilotua: “nere heriotza izan dadila garaitasuna… Burgosko espetxean nere heriotzaren esperoan, agur amatxo, laster arte” (15:00). Burgos euskaldunen oroimen gune nagusienetako kokalekua da, eta hura aipatzea galdurako gerra aipatzea eta jasandako errepresioa salatzea da.

    Euskal gatazkaz hitz egin zuen lehen ekoizpena izan zen laburmetraia, ordutik, Euskal Herriko gatazkari buruzko fikzio eta dokumental ugari egin dira. Izenburuak erreferentzia egiten dio Euskadin 1968tik aurrera dekretatu ziren salbuespen-egoerei, izan ere, urte hartatik aurrera, erresistentzia antifrankisten aurkako errepresio eta izu-ikara izugarri handitu zen. 1975ean izan zen Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldetan ezarri zen azkeneko salbuespen-egoera, laburmetraia estreinatu baino urtebete lehenago.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Iñaki Nuñezen Estado de excepción-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Iñaki Nuñez zuzendaria eta haren lan-taldea laburmetraia dela-eta, atxilotuak izan ziren 1976ko urrian. 1978an ere pelikula bahitu egin zuten. Sariak: 1977ko Oberhausengo Zinemaldia Mikel Laboaren "Gernika" kantuari buruzko sarrera aurki daiteke MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural con las siglas del Movimiento Comunista de Euskadi | Heinz Hebeisen | 1975

    Titulua Mural con las siglas del Movimiento Comunista de Euskadi
    Egilea Heinz Hebeisen
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1975
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Argazki hau Heinz Hebeisenek, Espainian bizi den Suitzako argazkilari batek, atera zuen; haren lanak herrialdearen kultura, ondarea eta gizarte-ingurunea dokumentatzea du helburu, ikuspegi dokumentalista eta artistikotik egiten duena, hain zuzen ere. Irudia Repensar Guernica proiektuaren parte da, Reina Sofía Museoko ekimen bat. Ekimenak bilduma, kontserbazio eta zaharberritze, baita proiektu digitaletako sailekin elkarlanean, Pablo Picassoren 1937ko Guernica margolan ospetsuari buruzko ia 2.000 dokumentu, elkarrizketa eta kontra-artxibo biltzen ditu.

    Repensar Guernica artxiboen artxibo gisa pentsatu da, Espainiako eta nazioarteko erakunde eta erakunde pribatuen hainbat artxibo integratuz, margolanaren historiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du. Plataformak lanari ikuspegi anitzetatik —artistikoa, historikoa, politikoa eta kulturala— aztertzeko aukera ematen du eta margolanaren irakurketa tradizionala zabaltzen du, ez bakarrik arte-lan gisa irudikatuz, baizik eta sinbolo dinamiko gisa ere, bere esanahia testuinguru historikoaren, lotutako dokumentuen, lekukotasunen eta material bisualen bidez berrdefinitzen dena, oroimena eta kultura bisuala hausnartzeko modu berriak eskainiz.

    Horma-irudi hau errepide ondoko hormigoizko horma baten gainean margotuta dago, Picassoren Guernica lanaren erreprodukzioa da, tonu urdin-zurietan egindakoa eta obraren jatorrizko konposizioa errespetatzen duena: giza irudiak eta animalia kubistak, estutasun keinuak eta gorputz zatikatuak, 1937ko Gernikako bonbardaketaren izugarrikeria gogorarazten dutenak. Irudiak koadroaren indar espresiboa mantentzen du, baina, kasu honetan, euskal espazio publikoan kokatzen da.

    Muralaren gainean, letra gorriz, “GUERNIKA EUSKADIRENTZAT” kontsigna irakur daiteke, eta azpian, “POR UN PATRIMONIO CULTURAL VASCO” mezua. Eskuinean, E.M.K. siglak bereizten dira, hondo gorria eta ikurrina duen elementu berde eta zuriak dituen ikur zirkular baten ondoan. EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) euskal alderdi komunista aktiboa izan zen hirurogeita hamarreko eta laurogeita hamarreko hamarkaden artean, autodeterminazioa, antimilitarismoa eta euskal nortasun kultural baten eraikuntza ezker iraultzaileko posizioetatik sustatzen zituena.

    “Gernika Euskadirentzat” kontsignak zuzenean lotzen da “Guernica Gernikara” mugimenduarekin, zeinak Picassoren koadroa izena ematen dion hirira itzultzea aldarrikatzen duen. Bi mezuek ondare- eta politika-aldarrikapen bat partekatzen dute: Guernica, indarkeriaren aurkako salaketaren sinbolo unibertsala, euskal kultura-ondarearen parte izatea eta bere testuinguru historikoarekin berriro lotzea. Murala, kontsigna txertatzean, memoria aktiboaren genealogian barneratzen da, artea erreparaziorako, justiziarako eta baieztapen kolektiborako tresna gisa ulertzen baitu.

    Artelanaren irudia kontsulta daiteke esteka honetan: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-con-las-siglas-del-movimiento-comunista-de-euskadi

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Heinz Hebeisenen Mural con las siglas del Movimiento Comunista de Euskadiri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Mural en Euskadi | Heinz Hebeisen | 1975

    Titulua Mural en Euskadi
    Egilea Heinz Hebeisen
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1975
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Muralak Picassoren Guernica lanaren berrinterpretazio bat aurkezten du, jatorrizko tonuak mantentzen ditu, baina kolore eta erantsitako elementu berriekin batera. Koadroaren inguruan beste irudi eta lelo batzuk txertatzen dira, hala nola, Iberduero enpresaren kontrako kontsigna bat eta, bereziki, goiko aldean nagusitzen den mezua: “Ayer Gernika, mañana todo Euskadi”. Koadroaren eskuinaldean, fabrika edo industria-instalazio bat dirudienaren marrazkia agertzen da, horma-irudiaren salaketa-eremua zabaltzen duena.

    Elementu horiek txertatzearen ondorioz, Gernikako bonbardaketa ez da iraganeko gertaera bat bakarrik bezala irudikatzen, euskal memoria kolektiboan oraindik indarrean dagoen ikur bat bezala baizik. Era berean, goiko aldean ageri den esaldiak errepresioa Euskal Herri osora hedatzeko posibilitateari buruz ohartarazten du, gertatutakoaren eta gerta daitekeenaren arteko continuum-a sortuz. Bestalde, jatorrizko Gernikan gerraren eta bidegabekeriaren izugarrikeria irudikatzen zuten sinboloek, horma-irudian beste borroka sozial eta aldarrikapen garaikide batzuekin lotzen dira, koadroari adiera-mahai politiko berriak erantsiz.

    Artelanaren irudia esteka honetan ikus daiteke: https://guernica.museoreinasofia.es/documento/mural-en-euskadi

    Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2025). “Heinz Hebeisenen Mural en Euskadi-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernika (Lekeitio 4) | Mikel Laboa | 1974

    Titulua Gernika (Lekeitio 4)
    Egilea Mikel Laboa
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1974
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Kasu berezia da Laboaren Gernika kantua, Lekeitioak serieko 4.ena. Kantuan entzuten den Laboaren ahotsa hots deszifraezinek osatzen dute, lantu edo aiene moduko batzuez eta ezin identifikatu daitekeen hizkuntza bateko hitz eta esaldiz osatzen da. soilik momenturen baten uler liteke “kate hotsa”. Haatik, kantuari diskoan atxikitako letra Joxan Artzerena da, Arrano beltza izeneko poema hain justu. Poema horretan ez zaio Gernikari erreferentzia zuzenik egiten salbu eta 1937ko data agertzen dela. Poema Euskal Herriko historian esanguratsuak izan diren zenbait urteren segidarekin hasten da, 1200etik 1971ra, eta tartean dago Gernikako Bonbardaketari dagokiona. Poemak Euskal Herriaren menderakuntza du gaitzat eta kateak aipatzen dira behin baino gehiagotan baina aipatutakoaz gain, ez da beste erreferentzia zuzenik.

    Nola aipatu: Sarasola, Beñat (2024). “Mikel Laboaren Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Laboaren bertsioaren moldaketa egin zuen Ramon Lazkanok (1968-) Orkestrako musika-moldaketa batentzat 2018an. Moldaketa hurrengo estekan entzun daiteke: https://www.eresbil.eus/opac/abnetcl.exe/O18w8bXCdJWhvT19Zg1ty4L42vT?ACC=165&DOC=8

  • Spain-The Modern Phoenix | Walter Snow | 1973

    Titulua Spain-The Modern Phoenix
    Egilea Walter Snow
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1973
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Walter Snow idazle eta kazetari estatubatuarrak (1905-1973) batez ere abenturazko eta detektibe eleberriak eta prosa labur errealista idatzi zituen, langileriarengandik gertuko egunkari eta argitalpenetan idazteaz gain. Hala ere 1973an hainbat urtetan idatzitako poesia jasotzen zuen  The Glory and the Shame poema liburuan dago Spain: the modern Phoenix poema.

    Errima eta erritmo eskema finkorik ez duen poema luze honetan Espainiako Guda Zibilaren kronika egiten da nazioarteko testuinguru politiko eta estrategikoan kokatuz. 6 orrialde betetzen ditu poemak eta 4 ataletan banatua dago. Lehen atala belaunaldi gazteenei hitzaurrea da, Espainiako Guda Zibila bizi ez zuten 1970eko hamarkadako gazteei. Bigarren atala 1936eko Brigadisten iritsierarekin hasten da, Madrilgo unibertsitatearen sitiaketa ere islatzen du, baita gobernu moderatuaren exilioa eta Gernikako Bonbardaketa ere. Hirugarren atalak Guda Zibilaren azken atala azaltzen du, Ebroko Guduari eta 1939ko Munich-eko konferentziari erreferentzia eginez. Laugarren atalean, aldiz, Frankoren Espainia ia 40 urte beranduago irudikatzen da, Diktaduraren azken urteak, eta nazioartera begirako irudi biguindua, eta baita gizartearen askapenerako eta eskubideen aldeko hainbat mugimenduen indarra ere. 1973 urteko poemaren azken lerroetan Espainiaren Berpizkundea irudikatzen da Frankismoa gainditzen denean, Phoenix-aren antzera.

    Gernikari bi aipamen egiten zaizkio poeman, lehena “The Brigades arrive in 1936” izenburua daraman poemaren bigarren atalean, eta Bonbardaketari lotutako oroimen leku gisa:

    The skies spew death from bombers of dear Adolf Hitler’s Condor Legions of Guernica glory.

    Zeruek heriotza jaurtitzen dute bortizki Adolf Hitler maitearen Gernika ospetsuko Condor Legioko bonbaketarietatik.

    Ahots poetikoaren Franko eta Hitlerrekiko kritika ironiazko hitzen bidez azaleratzen da: “dear Adolf Hitler’s” eta “Guernica glory” batez ere (azpimarrak Garbiñe Iztueta-Goziuetarenak).

    Bigarren aipamena “Almost forty years” izenburua duen laugarren atalean azalduko da, eta Frankismoaren garaian biziraun eta 70. hamarkadan indartu zen euskal identitate eta naziotasunaren aldeko aldarrikapen eta mugimenduak irudikatzen ditu “Gernika” lekuak.

    Keep quiet! Hush it up about those stubborn Basques

    Of Guernica […]

    Isilpean! Izan isilpean Gernikako

    Euskal setatiei buruzkoak […]

    Frankoren diktadurak nazioartera begira mugimendua isildu eta itotzeko egiten ari zen saiakerei egien die erreferentzia aipuak.

    “Spain: the modern Phoenix” poemaren erdigunean Gernika ez dagoen arren, aintzat hartzekoa da Gernika irudiaren bidez egileak Franco eta Hitlerren lankidetza azpimarratzen duela, Francoren ikuspuntutik Gernikako Bonbardaketa arrakasta paregabe gisa deskribatzen dela (“Guernica glory”) eta Gernika euskal identitate eta naziotasunaren aldeko aldarrikapenaren sinbolo gisa ere erabiltzen duela. Oroimen lekuaren euskal sarraskiaren eta euskal identitatearen biziraupenaren bi dimentsio horiek azaleratuz, Gernikako Bonbardaketaren eta Frankismoaren euskal naziotasuna suntsitzeko beharra estuki lotuta agertzen dira.

    Euskaratutako poema-lerroen itzulpena Garbiñe Iztuetaren eskutik.

    Iturriak:

    Nelson, Cary (ed.): The Wound and the Dream. Sixty years of American poems about the Spanish Civil War. Urbana and Chicago: University of Illinois Press, 2002, p. 226-232.

    Snow,Walter: The Glory and the Shame. Coventry Pequot Press 1973.

    Walter Snow Papers. Archives & Special Collections at the Thomas J. Dodd Research Center, University of Connecticut Library. https://archivessearch.lib.uconn.edu/repositories/2/resources/666 Accessed October 12, 2025.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Walter Snowen Spain-The Modern Phoenix-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “San Pedro bezperaren ondokoak” 2. poema sorta | Arantxa Urretabizkaia | 1972

    Titulua “San Pedro bezperaren ondokoak” 2. poema sorta
    Egilea Arantxa Urretabizkaia
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1972
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Arantxa Urretabizkaiaren «San Pedro bezperaren ondokoak» olerki bilduma Euskal literatura 72 (1972, Lur) lan kolektiboan argitaratu zen, 1971. urteko Gipuzkoa Saria irabazi ondotik. Poemategi hartako bigarren ataleko testuko pasarte batean topatuko du irakurleak Gernikari egindako erreferentzia. Euskal Herriko gatazka politikoa eta iragan hurbila aipatzen dira poeman. Euskal gizartearentzat mugarri izandako lau gertakari, lau borroka galdu, aipatzen dira: Santoñako hitzarmena, Burgosko auzia, Donostiako okupazioa eta Gernikako bonbardaketa. Bizitako horien eraginez etsigarria den testuingurua agertzen digu ahots poetikoak, galeraren minean itoa den euskal gizartea. Mozkorrarena irudi duen hizketa errepikakor eta hipnotikoan, euskaldun abailduaren irudia egiten du testuak; iragan historiko mingarriaren ondorenean, ardoari emana den euskal gizartearena.

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak, 2.poema sorta-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika | Juan Aranoa | 1972

    Titulua Gernika
    Egilea Juan Aranoa
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1972
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Pintorearen bizitzaren azken garaian pintatutako koadro espresibo honetan bonbardaketaren irudikapen bat azaltzen da. Jendea izuturik ihes dabil eta herriak su hartu duela argi dago. Hondoaren kolore gorriak giza irudi zuri-grisaxkak ikuslearengana botatzen ditu. Gertakari historikoaren errepresentazio tragikoa da.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Manterola, Ismael (2024). “Juan Aranoaren Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Chronicles of the Spanish Civil War: A shadow of treason | Tricia Goyer | 1971

    Titulua Chronicles of the Spanish Civil War: A shadow of treason
    Egilea Tricia Goyer
    Lekua Ameriketako Estatu Batuak
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1971
    Errepresentazio Historikoak BAI

    MHLIren proiektuak kolaborazio marko estua mantentzen du Universitat de Valènciaren Memory Novels LABen gaztelaniazko datu-basearekin. Horrela, hainbat fitxak elkar elikatu dute MNLAB eta Gernika(k) datu-basearen artean, eta hau horietako bat da. Obraren informazio xeheagoa eskuratzeko, Memory Novels LAB datu-basea kontsultatu hurrengo erreferentzian:

    Martínez Valero, Paola (2024): “Ficha sobre Trilogía Chronicles of the Spanish Civil War: A shadow of treason de Tricia Goyer”. En Memory Novels LAB: Laboratorio Digital de Novelas sobre Memoria Histórica Española.

    Disponible en: https://mnlab.uv.es/busquedanovelas/novela.php?id=1499

  • Gernika 1970 | Ramón Carrera | 1970

    Titulua Gernika 1970
    Egilea Ramón Carrera
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1970
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Ramón Carrera gerraosteko eskulturaren ahots nagusienetako bat da, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu edo Ibarrolarekin batera. Abangoardiako eskulturaren ekarpenak bereganatu zituen Londres eta Parisen egindako denboraldien ostean eta eskultura abstrakto eta espresibo baten alde egin zuen, informalismoa eta espresionismoaren lorratza jarraituz. Bere obretan materialaren berezko balore plastikoak, planoen trantsizioak, ehundurak eta formen erlazio eta tentsioak dira espresio elementu nagusiak. Nahiz eta geometrikotasuna noizbait abiapuntu bezala erabili, organikoaren zantzua da Carreraren lanetan nagusitzen dena.

    1970 urtean hurbildu zen Carrera Gernikaren gaiara lehenengo aldiz. Bere ibilbidean zehar gehiagotan landuko du gaia, erregistro eta material ezberdinak esploratuz. Euskal artisten artean lehenengoetarikoa da Oteizarekin batera Gernikaren gaia jorratzen duena (azken honen motibo berdineko lanak 1942 eta 1957koak dira). Gai hunkigarria eta sinbolikoa da euskaldun batentzat (Carrera Madrilen jaio zen, baina 1943an iritsi zen Bilbora) eta, Franco hil baino aurretik hurbilketa bat eskaini izanak, memoria historikoaren lanketa aktibatu nahia erakusten du, historiaren kontakizun faltsu bat desaktibatzeko lehenengo urrats bat. Proiekzio horizontala daukan pieza abstraktu bat proposatzen du: ateraguneetan brontzea leunduta dago eta argia islatzen du; sarguneetan, azalera zimurtsua da eta zonalde ilunak sortzen dira. Pieza horizontalean jarritako zuhaitz bat dirudi, disdiradun azalera batzuk erakusgai uzten dituena. Carrerak proposatzen dituen forma abstraktu horiek sarraskiaren akumulazioak direla imajinatu dezakegu, Gernikako Arbolaren hustuketa sinbolikoaren arrastoak, bonbardaketaren tentsioa erakusten duten formak bihurrituak… Ikuslearentzat nahi adina burutazio libreki irekiak uzten ditu.

    Nola aipatu: Larrinaga, Andere (2025). “Ramón Carreraren Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Brontzea eta marmola

  • Paisajes de Euskadi | Agustin Ibarrola | 1970-1979

    Titulua Paisajes de Euskadi
    Egilea Agustin Ibarrola
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1970-1979
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Paisajes de Euskadi Agustin Ibarrolak 1960an hasi eta hamarkada batez baino gehiagoz garatu zuen proiektu artistikoa da, ageriko izaera politikoa duena. Irudi xilografikoen bidez, artistak poliziaren errepresioa, adierazpen askatasunik eza eta Euskal Herriaren batasun beharra dokumentatu zituen, inguruko errealitatearen kronika bisual gisa funtzionatuz. 1975-1980 inguruan, Espainiako trantsizio politikoaren testuinguruan, Ibarrolak Picassoren Guernica lanari buruzko erreferentzia zuzenak txertatu zituen serie honetan. Elementu ikonikoak, hala nola, lanparadun eskua, zaldiaren burua edo soldaduaren ukabila, bere konposizioetan integratu ziren Guernicari 1937an zein diktadura frankistan Euskal Herriari eragindako indarkeriaren sinbolo gisa indartuz.

    Katalogo osoa kontsulta daiteke hemen eta Reina Sofia Museoko bilduma hemen.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Agustin Ibarrolaren Paisajes de Euskadi-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • El otro árbol de Guernica | Pedro Lazaga | 1969

    Titulua El otro árbol de Guernica
    Egilea Pedro Lazaga
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Fikzioa
    Urtea 1969
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Filmak 1936ko Espainiako gerratik itsasontzietan alde egin behar izan zuten haurren erbestealdia kontatzen du. Bilbotik ateratako itsasontziak Bordelera egindako bidea egiten du, azkenean bidaia Bruselan amaitzen den arte. Haur gehienak Bilbo eta ingurukoak izan arren, Asturias, Madril, Kantabrian, etab. Jatorria zuten haur errefuxiatuekin egiten dute topo euskaldunek. Filmeko protagonistak bi anaia-arreba bizkaitar badira ere, haiek erbesteratutako haur gisa bizitako gora-behera eta sufrimendua dira kontakizun nagusi, haien esperientzia indibiduala esperientzia kolektibo gisa erakutsiz. Askotan errepresentatzen da gerra trauma gisa, izan ere, bonbardaketekin egiten dute amets (13:30), trumoien hotsak bonba hotsekin nahasten dira (47.min), etab. Herrimina adierazten da irudien eta haurren elkarrizketen bitartez, baina musikak ere garrantzi handia hartzen du, euskal kanta tradizionalak entzuten baitira filmean zehar behin baino gehiagotan (“Hator Hator”, “Desde Santurce hasta Bilbao”, “Boga Boga”…).

    Filmaren izenburuak, El otro árbol de Guernica, haurrek Bruselako barnetegiko patioko zuhaitzean du jatorria. 47.minutuan, barnetegiko haur errefuxiatuak patioan zuhaitz baten inguruan daude eta neskatxa batek sardana dantza tradizionala erakusteari ekiten dio: zuhaitzaren inguruan egiten dute dantza, eta bat batean, ekaitza hastean, zuhaizpean babesten dira denak. Zuhaitzaren azpian geratzeari buruz zalantza egin ondoren, ekaitzekin zuhaitzengandik gertu egotea arriskutsua baita, haurretako batek zuhaitz hori haien babesleku izango dela dio, Gernikako arbolaren antza duela-eta (47:30). Gainontzeko haurrek Gernikan egon ote den galdetzen diote, baina haurrak ezetz erantzuten du, haren aitak kontatua zela Gernikako arbolarena. Ondorioz, Gernikako arbolaren antza duen zuhaitz haren azpian babestea erabakitzen dute, eta momentu hartatik aurrera, film osoan zehar, haren inguruan egongo dira haurrak. Bruselako zuhaitza Gernikako arbolarekin konparatzen duten eszena “Hator Hator” abestiak laguntzen du, hala, zirrara eta melankolia areagotzea lortzen da.

    Gernikaren oroimen gune izaera erakusten du filmak, 1936ko Gerra baino lehenagotik datorren izaera, hain zuzen. Gernika euskal gizarteko oroimen gune nagusi bilakatu da bereziki Gerra Zibila geroztik, ez dago euskal iruditeria kolektiboan halako balio edo sinbolismo hain indartsua duen gunerik: alde batetik, Gernikako arbolak askatasuna eta demokraziaren alde duen sinbologiagatik, eta bestetik, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketagatik. Filmean ez da zehazten haurraren aitak Gernikari egozten dion balioa: foruak, demokrazia, bonbardaketa… ez da erreferentzia zuzenik egiten gertakari historiko handiei, agian filma oraindik frankismopean ekoitzi zelako. Edonola ere, Gernikaren aipamenak eta haurrek Bruselan aurkitzen duten zuhaitz etxekoiak esanahiz betetzen du filma eta, horrela, filmak baieztatzen du oroimen gune bilakatu den herri bizkaitarra memoriaz hitz egiten duen adierazpen artistiko askoren (fikziozko zinemak, kasu honetan) erdigune bilakatu dela. Gainera, memoriaren transmisio lana hauteman daiteke haurrak Gernikari buruzkoak haren aitak kontatutakoak direla dioenean, belaunaldiz belaunaldi egiten den transmisioaren emaitza.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Pedro Lazagaren El otro árbol de Guernica-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Egunero hasten delako | Ramon Saizarbitoria | 1969

    Titulua Egunero hasten delako
    Egilea Ramon Saizarbitoria
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1969
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Egunero hasten delako eleberri modernoak Gisele izeneko neska gaztearen istorioa kontatzen du, konpromisorik gabeko sexu harreman baten ondorioz haurdun geratzen dena. Eleberrian bi plano narratibo gailentzen dira: batetik, ezaugutzen ez dugun gizon berritsuaren elkarrizketa dugu, eta bestetik, Giselek abortatzeko ematen dituen urratsen kontaketa. Abortua Europako herrialde gutxi batzuetan soilik legala zen garai batean, 60ko hamarkadan, beraz, Giselek, haurdun dagoela jakin ostean, Suitzara alde egiten du abortatzeko aukera baten bila. Suitzan legez kanpokoa ez bazen ere, abortatzeko oztopoak aurkituko ditu bere bidean zehar arrazoi moral nahiz legezkoak tarte. Bi planoen artean loturak egon arren, irakurleak bere interpretazioaren arabera erlazionatzea uzten du Saizarbitoriak. Egunero hasten delakoren bitartez kontaketa teknika nahiz gai berriak ekarri zituen Saizarbitoriak euskal literaturara, eta arrazoi hauengatik kontsideratzen da eleberri modernoa finkatu zuen obra.

    67. orrialdean Picassoren Gernika litografia agertzen da, aurreko edizioetan aipatzen ez dena, hain zuzen. Mutil gazte baten logela deskribatzen ari dela, poster pornografiko eta filmen posterrekin batera aipatzen da Guernica (ekfrasia). Adituek Gernika, bonbardaketaren toki gisa, eta Guernica Picassoaren koadroa, bereizi dituzte, lehenak, gerra historiaren kontakizunaren bidez garatzen duelarik, eta bigarrenak, ekfrasiaren bidez. Gaur egun, Picassoren Guernica jotzen da Gernikaren aurkako erasoa kontzientzia kolektiboan betikotzeko eragin handiena duen sorkuntza gisa: sinbolismo honek arrazoiaren zati handi bat koadroari eman zaion estaldura mediatikoan dauka. Cuetok (2017) azpimarratzen duenez, modernitateak, sekularizazioak eta kapitalismoak ikurrak beste esanahi batekin bereganatzeko aukera eman dute, eta honek azalduko lituzke Gernikak, bonbardaketa jasatetik aurrera, hartu dituen adiera desberdinak, ikono baten estatusa bereganatzera iristen den arte. Hau irudikatzen da eleberriaren pasarte honetan, Picassoren koadroa agertzen denean.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). “Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    2007.urteko berrargitalpena da aintzat hartuko den edizioa Saizarbitoriak nobelaren berridazketa bat egin baitzuen. Aldaketak oso sakonak ez izan arren, Saizarbitoriak hiztaurrean aipatzen duenez, eleberria berridatzeko beharrean sentitu zen, beste gauza batzuen artean, abortuarekin zerikusia duen akats teknikoak zuzentzeko. Nobela gaztelaniara itzuli zen "Porque empieza cada día" izenburupean eta F. Eguia Careaga arduratu zen itzulpenaz.

  • Los hijos de Gernika | Segundo de Cazalis | 1968

    Titulua Los hijos de Gernika
    Egilea Segundo de Cazalis
    Lekua Avila Films Venezuela
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1968
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Dokumental hau Eusko Gaztediko hainbat kideren ekimenez egin zen, tartean Alberto Elosegui, Jokin Inza eta Xabier Leizaola zeudela, eta Venezuelako euskal koloniaren ekarpen ekonomikoari esker gauzatu zen. Film soinuduna egin zuten eta Caracasen izan zen muntatua, hala ere, Euskadiko Filmategiak ez du soinua berreskuratu, eta film mutu gisa ikus daiteke, jatorrian soinua izan arren. Eusko Jaurlaritzak erbestean utzitako artxibo-materialarekin eta Joseba Leizaolak eta Jokin Intxaustik 1967an Iruñeko Aberri Egunean eta Donostiako maiatzaren lehen egunean grabatutako irudiekin osatuta dago. Filmak frankismoaren salaketa egiten du, 1936tik aurrerako euskal erresistentziaren errepasoa eginez eta mobilizaziorako deia eginez. Egileak berak tituluan dioen bezala: “dokumental hau gudariak, haien seme-alabak eta askatasunarekiko maitasunaren historia da”. 1936ko gerra argazkiak eta filmak Eusko Jaurlaritzaren artxiboetatik eskuratu zituzten.

    Gernikako bonbardaketak herrian utzitako hondamendiaren irudiak agertzen dira 6.minutuan, baina ez da aipatzen den bonbardaketa bakarra, izan ere, Bilbo nahiz Mungiako kartelak agertzen dira, hauek ere eraso bortitzak jasan zituztela adieraziz. Gerraren ondorioz Eusko Jaurlaritzak erbestean jardun bitartean prestatutako ekintzak erakusten dira: euskal selekzioa, euskal dantza taldea, Ingalaterrako kanpamendua… (16:00). Abertzaleek erbestean egindako lana azpimarratu nahi da, propaganda kultural izugarria egin baitzuten euskaldunak hor zirela mundu osoari adierazteko.

    Era berean, Espainiako diktadura frankistak aurrera egin ahala estatuan bizitako gertaera nagusiak kontatzen dira, adibidez, Franco eta Hitlerrek elkar ezagutu zuten egunekoa (17:40), Bigarren Mundu Gerraren hasiera, etab.

    Filmaren helburu propagandistiko abertzalea etengabe agertzen diren beste sinboloek indartzen dute: Gernikako Arbolaren inguruan bilduta agurra egitea, ikurrinaren agerpena testuinguru ilegaletan (Artzai Ona katedralaren puntan, danborradanm futbol partidako harmailetan, Burgosen…). Euskal ikonogarfia errepikatzen da etengabe: lauburua, ikurrina, Iruña “berria”… 1967an gazte abertzaleek erresistentzian egindako jarduna erakusten amaitzen da dokumentala: errepresio poliziala salatzen da, manifestazioetan jendea poliziarengandik ihesi agertzen delarik, atxiloketa eta indarkeri frankistaren agertoki (23:00).

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Segundo de Cazalisen Los hijos de Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • El otro árbol de Guernica | Luis de Castresana | 1967

    Titulua El otro árbol de Guernica
    Egilea Luis de Castresana
    Lekua Bilbo: El Arenal
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1967
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Luis de Castresana, Bilbon 1925 urtean jaio eta hiri berean 1986 urtean hil zen idazle, kazetari, margolari eta bidaiaria izan zen. Espainiako Gerra Zibilean Agirre Lehendakariaren erabakipean erbestera leku seguruetara eraman zituzten milaka haurretako bat izan zen.

    1967 urtean plazaratu zuen El otro árbol de Guernica eleberriak oinarri autobiografikoa du, beraz. Sarreran bertan idazleak azaltzen du testigantzazko nobela dela, dokumentu erreala. Pertsonaia batzuk gehitu, izen eta soslai batzuk moldatu, pasarte berriren bat asmatu besterik ez duela egin azaltzen du Castresanak. Nobelako gertakizun eta pertsonaia nagusiak bene-benetakoak direla ziurtatzen du, erbestean izandako haur haietako bat bera izan zelako.

    Eleberriak Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso zuen, eta 1969an Pedro Lazaga zinema zuzendariak izenburu bereko filma sortu zuen.

    Eleberriak narratzaile orojakilearen bitartez Santi hamaika urteko mutikoaren, bere arreba txiki Begoren eta Bizkaiko beste hainbat haurrez osatutako taldearen erbesteratzea kontatzen du, 1937ko udaberrian Bermeoko portutik abiatu eta bi urte baino gehiago erbestean igaro ondoren Gerra Zibilaren amaiera itzulera arte. 17 atalez osatutako errelatoak Santi eta bere taldeak erbestean pasatzen dituzten fase ezberdinak islatzen ditu: Bermeotik Oleron-eko Irlarako bidaia eta bertan eginiko behin-behineko egonaldia (V. atala), Belgikan lehenik  kostaldean Oostdunkerke izeneko herrixkako garaia (VI. atala), ondoren Bruselan Dufor familiaren etxean egonaldia (VII eta VIII. atalak), baita familiarekin harremana gaiztotzen denean Fleury eskola, barnetegi edo umezurztegian gurasorik gabeko belgikar umeekin eta bera bezalako bizkaitar erbesteratuekin pasatzen duen garairik luzeena eta atseginenetakoa ere (IX.-XII. eta XIV.-XVI. atalak), udan Gouy-Lez-Piétons herrian izandako opor-garaia barne (XIII. atala), eta azkenik, Gerra Zibila amaitzean Belgikatik etxerako itzulera (XVII. atala).

    Nobelan zehazten ez bada ere, kontakizunaren kronologia aintzat hartuta, Santi pertsonaia nagusia, Castresanaren alter egotzat hartzen dena, 1937ko udaberrian, maiatza baino lehen abiatzen da arreba txikiarekin batera Bermeotik Frantzia aldera. Beraz, lerro artean ulertzen da protagonistak Gernikako bonbardaketa baino lehen erbesteratuak izan direla. Bonbardaketari ez zaio aipamenik egiten eleberrian, izan ere, ulertzen da haurren erbestearen lehen bizipenetan murgilduta daudenez eta hein handi batean helduen eguneroko gudako errealitatetik babestuak izan direnez, ez dutela Oleron-eko Irlan bonbardaketaren berririk jasotzen. Errelato osoan aipamenik ez topatzea, hala ere, azpimarratzekoa da.

    Eleberriaren izenburutik ondoriozta daitekeen bezala, aldiz, Gernikako Arbola erreferentzia puntu garrantzitsua da. “Beste Gernikako arbola” esapideak jatorrizko Gernikako arbola ekartzen du burura. Hala ere, ez da eleberrian jatorrizko Gernikako Arbolari buruzko historiarik, bere funtzioari buruzko zehaztapenik edota sinbologiarik zehazten. Ostera, Santiren Bruselako egonaldiaren azken fasean, luzeena dena, Fleury egoitzan, lorategiko haritz sendoa hasiera-hasieratik aipatzen da. Erbesteratutako bizkaitar haur taldearen eta aurrerago ere egoitzara iritsiko diren euskal haur eta Espainiako haurren elkarbizitzan haritza haur erbesteratuen elkartasunaren sinbolo bihurtzen da, eta laster haurrok eta narratzaileak “Gernikako Arbola” deitzen diote (Castresana, 1967, 114, 116, 139). Topagune, belgikar eta erbesteraturako umeen arteko liskar eta gatazka egoeretan erbesteratuek erabaki kolektiboak hartzeko gune, bisiten aurrean Fleuryko haur erbesteratuen mikrokosmosaren ezaugarri berezi eta beren komunitatearen errito-leku bihurtuko da “beste Gernikako arbola” hori. Castresanak eleberriaren sarreran adierazi zuenaren ildotik, “beste Gernikako arbola” horrek haurrek bere txikitasunean erbestean lortzen dutena irudikatzen du:

    “mientras los adultos combatían en España por aquello que les separaba, los niños evacuados al extranjero lucharon infantil y tenazmente tratando de mantener vivo e intacto todo aquello que les unía: sus raíces comunes, su pasado casi idéntico, el idioma y el recuerdo de sus casas, de sus pueblos, de su patria” (Castresana 1967, 9).

    Zuhaitza eta pertsonen arteko konparaketak eta erbesteko bizipena adierazteko zuhaitzaren metafora behin baino gehiagotan agertzen dira eleberrian. Alde batetik zuhaitzek bezala pertsonek ere beren lurra behar dute hazi eta heldu ahal izateko, sustraietatik xurgatutako elikagaien garrantzia azpimarratzen da. Beste alde batetik, erbesteak sortaraz dezaken deserrotzea ere zuhaitzaren irudi bidez mahaigaineratzen da. „Beste Gernikako arbola“ horrek deserrotze horren aurkako saiakera adierazten du.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    De Castresana, L. (1967). El otro árbol de Guernica. El Arenal.

    De Foncastín, J. (24.5.1968). Entrevista con Luis de Castresana, Premio Nacional de Literatura Miguel de Cervantes.Abc (24.5.1968), p. 95.

    Otero Seco, A. (4.5.1968). Luis de Castresana ou l’enfance exilée. Le Monde. https://www.lemonde.fr/archives/article/1968/05/04/luis-de-castresana-ou-l-enfance-exilee_2502936_1819218.html

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2026). “Luis de Castresanaren El otro árbol de Guernicari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Eleberri honek eskuratu zuen Espainiako Sari Nazionala 1967 urtean. Zinean: El otro árbol de Guernica, Pedro Lazaga (1969) Gaztelera ikasten ari diren ingeles-hiztunentzat bertsio egokitua, testua gazteleraz eta sarrera ingelesez: Castresana de, L. (1985). Otro Árbol de Guernica. Leo Hickey (ed.). Nelson Thornes Ltd.

  • Homenaje al Guernica de Picasso | Jose Luis Zumeta | 1967

    Titulua Homenaje al Guernica de Picasso
    Egilea Jose Luis Zumeta
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1967
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Jose Luis Zumetaren Homenaje al Guernica de Picasso 1967an egindako lana Picassoren mural ikonikoaren interpretazio pertsonala da, Espainiako Gerra Zibilean Gernikaren bonbardaketaren sufrimendua eta suntsipena irudikatzen duena bere estilo piktorikoaren bitartez. Pintura horri esker, Zumetak Euskal Pinturaren Lehen Saria jaso zuen 1967an.

    Obra bere tamaina monumentalagatik nabarmentzen da, 350 cm bider 750 cm-ko neurriekin, eta jatorrizko gaiari dimentsio berria ematen dion kolore biziko paletaren erabileragatik.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Jose Luis Zumetaren Homenaje al Guernica de Picasso-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Informazio gehiagorako: https://www.naiz.eus/es/info/especial/20230407/celebrar-a-picasso-del-guernica-al-presente Angel Sandimasen "Gernika" animaziozko laburmetraian Zumetaren obraren erreferentziak agertzen dira, bi artistek kolaborazioan egin zuten laburmetraia baita. Fitxa Gernika(k) datu-basean kontsulta daiteke.

  • “Guernica” | Leonardo Balada | 1966

    Titulua “Guernica”
    Egilea Leonardo Balada
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1966
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Leonardo Balada konpositorearen “Guernica” (1966) lana Picassoren koadro homonimoaren lehen berrinterpretazio musikaletako bat da, eta, aldi berean, bonbardaketari nazioarteko esparru artistikotik egindako soinu hurbilketa goiztiarrenetako bat. Izan ere, Baladak, 1937ko mihiseari egindako omenaldi bezala sortu eta zabaldu zuen pieza musikala, baina baita biztanleria zibilaren aurka egindako biolentziaren salaketa garaikide gisa ere. Musikak Gernikaren oroitzapena gertaera historikoaz harago doan atsekabe kolektiboa dela iradokitzen digu. Hori indartzera datoz etengabe agertzen diren soinu-kontraste, tentsio eta, are, soinu-leherketek ere. Atal guztiek, orotara, Picassoren lengoaiak nola, paisaia sonoro hautsi bat birsortzen dute.

    Baladaren proposamenak, guztiarekin ere, Picassoren artelanaren soinu itzulpen gisa funtzionatzen du; Picassok distortsioa, gorputzen haustura eta argi-ilunak erabiltzen dituen lekuan, Baladak disonantziak, erritmo zakarrak eta tentsioz beteriko isiluneak baliatzen ditu. Alde horretatik, konpositorearen proposamenak Guernicaren birsemantizazioan parte hartzen duela esan dezakegu: koadroa beste medio batera pasatu, eta horren bitartez, soilik historikoa den irakurketa batetik aldendu eta edozein basakeria garaikideren aurkako ikur bezala azaltzen digu Picassoren lana.

    Karmen Larumbe koreografo nafarrak, halaber, pauso bat harago eraman zuen Baladaren lana, ballet bilakatu zuenean. Bere egokitzapenean, Baladaren musika, Paul Éluard poetaren testua eta beste zenbait musika pieza integrau zituen, eta memoria historikoa, poesia eta mugimendua uztartzen zituen ikuskizuna sortu. Hainbat europar hiriburutan aurkeztu zen. Egokitzapen horren garrantzia Gernika gogoratzeko hizkuntzak biderkatzean datza: mihisetik musikara, eta musikatik gorputzera. Medio bakoitzak sentiberatasun desberdina ematen eta bonbardaketaren irismen sinbolikoa zabaltzen du.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Auñamendi Eusko Entziklopedia (d.g.). Guernica. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/guernica/ar-76741/ 

    Auñamendi Eusko Entziklopedia (d.g.). Larumbe, Karmen. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/larumbe-karmen/ar-86842/

    Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (d.g.). Guernica, de Leonardo Balada. https://guernica.museoreinasofia.es/documento/guernica-de-leonardo-balada

    Nola aipatu: Fernandez-Zabala, Nagore (2026). “Leonardo Baladaren «Guernica»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gernikatik | Agustin Ibarrola | 1966

    Titulua Gernikatik
    Egilea Agustin Ibarrola
    Lekua Gernika-Lumo
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Grabatua: xilografia
    Urtea 1966
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gernikako bonbardaketa errepresentatzen duen Gernikatik izeneko Agustin Ibarrolaren (1930-2023) 1966ko paper gaineko xilografia honen (70,1 x 50 cm) ardatza, konposizio mailan behintzat, Gernikako haritzari erreferentzia egiten dion zuhaitz soilduaren silueta beltza dela esan daiteke. Hain justu, lehen planoan agertzen den zuhaitzaren negatibo horren inguruan, edo atzealdetik, zabaltzen diren indar-lerro diagonalen arabera antolatuta dago eszena, testura ezberdineko bi atal nagusitan. Lurra joko duela dirudien hegazkinaren makurdura edo ertzak eta jaurti berri dituen bonbak —bristaden pare— baino antzematen ez diren zeru iluna, batetik, eta sarraskituak izango diren izakiak irudikatzen dituzten Pablo Picassoren Gernika koadrotik hartutako elementu ikonografikoak agertzen diren lur eremu argia, bestetik. Gernika artelanari keinu egiten dioten eta, Rocío Roblesen esanak gogoan (2019, 56. or.), oinaze eta esperantza jarreren aurkibidetzat irakur daitezkeen figura eta elementuen artean —haritzaren adar biluzi batetik zintzilik dagoela dirudien bonbilladun eguzki-lanpara puntazorrotza; haren argipean, lepoa okertuz eta aho zabalik, intzirika ari den zaldiaren burua…— atentzioa ematen du kinke eramailearen marrazkiak. Izan ere, bera da, arbolaz gain, heriotzaren sinbolotzat irakur daitekeen zerua eta bizitzaren sinbolotzat irakur daitekeen lurra (espazioa galduz doana) erdibitzen dituen marra diagonala zeharkatzen dituen figura bakarra: buru erdia du ilunpean, eta handik ihesi, argirantz, luzatzen ditu aurreraka leporik gabeko burua eta sorbaldarik gabeko besoa. Horrela, atzetik inguratzen du Gernikako arbolaren enborra, kostata bada ere zaldiaren lepoalderaino luzatutako ukabilarekin kinkeari eutsiz, eta badirudi enbor azala urratzen duela ezpainik gabeko ahoarekin. Hortaz, artelan figuratiboa izanagatik, bai konposizioari, bai figura eta elementuen arteko proportzioari, bai perspektibaren legeei, bai Picassoren Gernikatik eratorritako elementuei dagokienez, artistak abstrakziorantz egiten duela uler daiteke. Deigarria da, zentzu horretan, haritza dela, preseski, grabatua osatzen duten marrazki guztien artean errealistena.

    Ibarrolak Paristik Bilbora itzuli (1961ean) eta gutxira, Estampa popular artista taldeko kide gisa (1959tik) grabatugintzan eskarmentu handia zuen, Alderdi Komunistako militantea izate hutsagatik kartzelan hiru urte pasatu berria zen (1962-1965), eta Euskal Eskolako talde bizkaitarra zen Emen antolatzen ari ziren sasoian sortu zuen artelan hau. Hurrengo urtean atxilotu zuten atzera berriz, eta beste bi urte egin zituen preso (1969ra arte). Aurrerago, 70etan sortutako Guernica Gernikara herri-mugimendua bultzatzeko asmoz, ondu zuen —fitxa honetako grabatuaren aldean ezagunagoa den— Gernika (1977) artelana, hamar mihisez osatutako “frisoa”.

    Artelana ikusteko sakatu hemen.

    Erreferentzia bibliografikoak:

    Bilboko Arte Ederren Museoko webgunea: https://bilbaomuseoa.eus/eu/ezagutu/artelana/gernikatik/5ede21c9-1edf-46d8-bfae-91822a75120a [Azken kontsulta: 2025eko abendua].

    Robles Tardío, R. (2019). Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen. Ediciones asimétricas.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2025). “Agustin Ibarrolaren Gernikatik fitxari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

    Agustin Ibarrolaren ibilbidean sakondu nahi izatera, hona hemen artistaren webgune ofizialerako esteka: https://www.agustinibarrola.com/

  • Guernica 66 | Agustin Ibarrola | 1966-1977

    Titulua Guernica 66
    Egilea Agustin Ibarrola
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1966-1977
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Agustin Ibarrolak 1966an sortutako Guernica 66 obra Espainia frankistaren testuinguru politikora egokitutako Picassoren Guernica lanaren berrinterpretazio bat da. Hamar panelez osatua, jatorrizkoaren egitura bisualari eusten dio, baina lerro zuzenak eta forma zurrunak txertatzen ditu, modu horretan hesiak eta zapalkuntza, errepresioa eta unean uneko askatasunik eza islatzeko.

    Ibarrolak Gernikako irudi berberak erabili zituen bere salaketa eta protesta mezua eguneratzeko behin baino gehiagotan bere ibilbide artistikoan zehar, Guernica 66 lanetik hasita. Margolanean, figurak langile borrokaren, zapaldutako herriaren eta askatasun ororen ezeztapenaren sinbolo bihurtzen dira. Muralaren eta monumentuaren ideiarekin jolastean, Picassoren Guernica gerraren eta errepresioaren aurkako sinbolo unibertsal gisa irakurtzea indartzen du lanak, bere garaian izan zuen indarra azpimarratuz.

    Irudiak ikusteko katalogoa kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Agustin Ibarrolaren Guernica 66-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gernika. Eusko Kantata | Nemesio Etxaniz, Pablo Sorozabal | 1966, 1976

    Titulua Gernika. Eusko Kantata
    Egilea Nemesio Etxaniz, Pablo Sorozabal
    Sailkapen Generikoa Musika
    Azpigeneroa Hitzekin
    Urtea 1966, 1976
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kantatak, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotzen den gisan, abesteko musika-lanak dira, musika talde batek lagunduta kantarientzat egokituta daudenak. Bada, Gernika. Euzko kantata halako pieza dugu. Bi artistak hartu zuten parte: Nemesio Etxanizek idatzi zituen kanturako letrak eta Pablo Solozabalek konposatu zuen musika. Pako Aristiren arabera (1985), Euskal Kantagintza Berriaren lehen urratsetan kokatzen du Etxanizek argitaratutako Kanta Kantari  kantutegia, eta honela deskribatzen du artista: “Detxepare berpiztua dugu Etxaniz. Gure kantu zaharrak gaztetu nahi ditu, gaur egunerako egokiagoak diren hitzak asmatuz” (Aristi, 1985: 16). Tradiziotik edaten zuen egilea dugu, beraz, Etxaniz Aristirentzat.

    Sorozabal, bestalde, konpositore eta orkestra zuzendari ezaguna izan zen. “Gernika” izenburudun obra hauek moldatu zituen: aipagarriak dira berak moldatutako lan hauek: Iparragirreren “Gernikako Arbola”ren moldaketa, Nemesio Etxanizen hitzak zituen “Gernika” (1966-1976) kantata (fitxa honetan lantzen ari garena) eta “Juan Jose” eta “Gernika” obra (Auñamendi Eusko Entziklopedia).

    Garrantzitsua da Sorozabalek Gernika. Euzko kantata ontzen duen garaian bere intereseko gaiak zein ziren aipatzea: “Sorozabalek poliki-poliki hasieretako euskal ildoari ekiten dio berriz ere konpositore bezala. Euskal folklorean oinarrituriko pieza instrumental eta koralak idazten ditu” (Auñamendi Eusko Entziklopedia). Musikariak folklorearekiko eta tradizioarekiko interesa duenean ontzen dute bi artista horien artean kantata, bi-bien interesak bat eginik. Sorozabalek euskal tradiziozko doinu eta gaiei eusten dien garai horretan jartzen dio musika, beraz, aztergai dugun testuari. Esanguratsua da, bestalde, bertsotarako erabili ohi den Lurraren pean sar nindaiteke doinu ezagunak, Urepelen Aita Donostiak jasoak, Sorozabalen kantatarekin duen lotura. Bertsolaritzaren datu-basean bertan doinuari buruz zera aipatzen da: “Doinu bikain hau musikari askok harmonizatu du, besteak beste Pablo Sorozabalek Gernika izeneko bere euskal hileta martxa osatuz” (BDB). Ondoriozta genezake, beraz, Sorozabalek jatorrizko Urepeleko kantua erabili zuela bere kantata ontzeko. Bertsogintzara itzuliz, Arzallusek (2019) Gernikaren bonbardaketaren inguruan kantatzeko doinu hau erabili zuen 2019ko bertso-jaialdi batean.

    Eusko kantatara itzuliz, lau koplek osatzen dute lana, baina bigarren eta hirugarren koplen artean bi bertso-lerro gehitzen dira: “Arrano beltzak alferrik datoz / lainoak baino gorago”. Amaitzeko, hirugarren eta laugarrenaren artean entzuleei zuzendutako agindu moduko bat: “Aizu! Hoiek, inoiz!” Gernika da aipatzen den lehenengo hitza: hilketak, odola eta malkoak zerrendatzen dira lehenengo estrofan. Bigarrenetik aurrera, negarrak utzi eta indartsu zutitzeko agintzen zaie euskaldunei, etsaiaren kontra borrokatzeko.

    Letraren analisiari dagokionez, hainbat puntu aipagarri daude. “Gernika, hilketa, su ta gar erreta” da kantataren lehen lerroa. Gernika eta hilketa elkarren ondoan jarrita indarra lortzen du esaldiak. Sintesi ariketa bat ere badago, “Gernika” aipatzea nahikoa da bonbardaketaz ari dela konturatzeko, baina, norbaitek zalantza izanez gero, “hilketa” dator segidan. Bestalde, letra behin eta berriz ari zaio euskaldunei dei egiten: “Euskal gaztedi, guztiak erne / etsaia borrokatzeko!” (hirugarren kopla, lehenengo puntua). Erabilitako terminologiak ere, sinbologia eta metafora ezagunak darabiltza. Horren adibide dira Gernikako Batzar Etxearen aurreko haritzari egindako erreferentziak: “Haritza bezain lerden ta zutik (bigarren kopla, hirugarren bertso-lerroa) edo “Hiltzaile hoiek inoiz ez dute / haritzik lurperatuko! (hirugarren kopla, bigarren puntua). Arranoak ere ekartzen ditu gogora koplen arteko bi bertso-lerro solteetan: “Arrano beltzak alferrik datoz lainoak baino gorago. Hegazkin alemaniarrak izendatzeko “arrano” alegorikoki erabili izan da beste lan batzuetan ere. Adibide bat ematearren, berdin izendatzen ditu Arzallusek (2019) arestian aipatutako bertsoetan: “arrano horiek noiz alde egingo / ote duten Gernikatik (hirugarren bertsoa, bigarren puntua).

    Retolazaren (2009) Gernikako errepresentazioen irakurketen sailkapenera jotzen badugu, garbi dago kasu honetan irakurketa identitarioa egiten duela kantatak, “begirada identitarioak, Gernikako bonbardaketari begiratzen dio, euskal identitatearen sinbolotzat den heinean” (Retolaza, 2009: 1087). Horren adibide da, esaterako, bigarren kopla: “Euskal Herria hemen dago. / Haritza bezain lerden ta zutik, / gero ta indartsuago“. Indarra transmititzeko asmotan, Euskal Herria eta Haritza berdintzen ditu. Haritza Gernika sinbolizatzeko metafora gisa ulertuta, baina, aldi berean, Euskal Herri guztia gorpuzten duen ikurra ere bai, hau da, Retolazak (2009) beste poema batzuk aztertuz iritsitako ondorio bera dugu hemen: “Gernika herria euskalduntasunarekin uztartu egiten da, eta euskal identitateari dagokion irakurketa eginez, Gernika herriari eginiko erasoa euskal identitateari eginiko erasoarekin lotzen da” (Retolaza, 2009: 1091).

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
    Aristi, P. (1985). Euskal kantagintza berria : 1961-1985. Erein.
    Arzallus, A. (2019). “Hegazti batzuk zeozer jaurtiz”, BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/15pbpo [azken kontsulta: 2024/12/10]
    Auñamendi Eusko Entziklopedia. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/sorozabal-mariezkurrena-pablo/ar-109600/ [azken kontsulta: 2024/12/13]
    BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. https://bdb.bertsozale.eus/ [azken kontsulta: 2024/12/10]
    E.H. Euskaltzaindiaren Hiztegia. [azken kontsulta: 2024/12/13]
    Gernika (Eusko Kantata) Elkar, 1998. https://www.youtube.com/watch?v=ZvAijSsM3P8 [azken kontsulta: 2024/12/13]
    Retolaza, I. (2009). Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak. Euskera, 54(2-2), 1079-1108. https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.234

    Andra Mari abesbatzak Sorozabalen bertsioaren moldaketa prestatu zuen 1998an, omenaldi gisa, eta “Gernika” izenburua ipini abestiari. Kantua hurrengo estekan entzun daiteke: https://www.eresbil.eus/opac/abnetcl.exe/O18w8bXCdJWhvT19Zg1ty4L42vT/NT11?ACC=165&DOC=14

    Nola aipatu: Gurrutxaga, Oihane (2024). “Nemesio Etxaniz eta Pablo Sorozabalen Gernikari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Santiago Onaindiak, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, gertakariei buruz zein Gernikari buruz hainbat eta hainbat idazlek idatzitako poemak jaso zituen Gernika (1987) liburuan. Bertan jaso zuen Etxanizen "Gernika" poema.

  • Mourir à Madrid | Frédéric Rossif | 1963

    Titulua Mourir à Madrid
    Egilea Frédéric Rossif
    Lekua España, France
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1963
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Mourir à Madrid (Frédéric Rossif, 1963) ikus-entzunezko artxibo batetik abiatuta eraikitako dokumentala da, Espainiako Gerra Zibila ikuspegi antibelizista batetik irudikatzen duena. Zuzendariak proiektuaren objektibotasuna defendatu bazuen ere, kritikak adierazi du filmak garaituen esperientziatik hurbil dagoen begirada garatzen duela eta, era berean, frankismoaren jatorriari buruzko salaketa burutzen duela, nahiz eta erregimenak “25 urteko bakea” eta nazioarteko aitorpen berritua ospatzen zituen (Berthier, 2024: 127). Hori dela eta, zentsurarekin izandako arazoak filmaketa amaitu baino lehen hasi ziren: 1962an Espainiak Parisen zuen enbaxadak ohartarazi zuen obra erregimenaren aurkakoa zela, nahiz eta hasierako fase batean proiektua onartua izan zen (Liogier, 2005: 111-112). Horren ondorioz, hurrengo urtean, Frantziako zentsura-batzordearen esku geratu zen filma eta, azkenean, ez debekatzea erabaki zen (Liogier, 2005:114), estreinaldirako aldaketa batzuk sartu behar izan baziren ere agintari frankistekiko gatazka diplomatikoa saihesteko (Liogier, 2005: 115). Hala eta guztiz ere, filmak ospe handia lortu zuen eta herrialde askotan proiektatu zen hasieratik. Nazioartean lortutako ospeak frankismotik bultzatutako erantzun filmikoa garatzea eragin zuen: atzerrian dokumentalari betoa jartzeko ahaleginek porrot egin ondoren, Eduardo Manzanosek Por qué morir en Madrid filma zuzendu zuen, Rossifen lanaren zuzeneko erreplika gisa sortua (Berthier, 2024: 128), arrakasta handirik lortu ez zuena.

    Filma laburbilduz, argazkien, korrespontsalen filmazioen, dokumentu ofizialen eta aipu literarioen bidez —besteak beste, Saint-Exupéry edo Antonio Machadorenak—, Rossifek kontakizun bat antolatu zuen, non hogeita hamarreko hamarkadako bilakaera politikoa, faxismoaren gorakada eta esperientzia zibila gurutzatzen diren Espainiako XX. mendeko amaierako deriba soziopolitikoa azaltzeko. Filma 1931ko landa-eremuko Espainiarekin hasten da, analfabetismoak, aberastasunaren banaketa desorekatua eta Elizaren eraginak markatuta, Bigarren Errepublikak ekarri zuen hiri-itxaropenarekin aldaratuz. Hortik aurrera, filmak herriaren gogoa eta indarkeria politikoa kontrajartzen ditu: grebak, tentsio ideologikoak, Asturiasko Iraultza eta Franco edo Falangearen eraketa bezalako figuren gorakadak herrialdearen haustura iragartzen dute.

    1936ko otsaileko hauteskundeen eta Fronte Popularraren garaipenaren ondoren egondako ospakizun giroa erakusten da, gizartearen haserrearekin, kleroaren aurkako indarkeriarekin eta Calvo Soteloren hilketarekin batera gertatu zena. Kolpe militarretik abiatuta, fronteen aurrerapena eta gerraren giza ondorioak uztartzen dituen ibilbide soziala jasotzen du Rossifek. Fusilamenduak eta borrokalarien irudiak agertzen dira, gehienak gizonezkoak direnak eta; emakumeak, berriz, dolu, ebakuazio eta zainketa lanetan irudikatzen dira. Federico García Lorcaren heriotzari une berezi bat eskaintzen zaio filmean zehar, bere bertsoak naturako irudiekin lotuta, bere irudia ikur kultural gisa indartzeko. Filmak funtsezko gertaera militarrak —Madril, Somosierra, Guadalajara, Belchite eta Teruelen defentsa— aztertzen ditu, nazioarteko esku-hartze desorekatua salatzen duen bitartean: alde batetik, Italiak eta Alemaniak Francori emandako laguntza erabakigarria eta, beste aldetik, errepublikanoen babes mugatuaren aurrean jasotako Nazioarteko Brigaden laguntza, Pasionariaren hitzaldi ospetsuarekin agurtuak izan zirenak.

    Ibilbide honetan, Gernikako bonbardaketaren irudikapenak leku garrantzitsua betetzen du filmean. Rossifek Kondor Legioaren bonbardaketa eraso sistematiko gisa aurkezten du, operazio militar gisa ez ezik, esperimentu gisa ere bideratu zena, zeinaren behaketak —narrazioak zehazten duenaren arabera— Alemaniara bidali ziren ateratako ondorioak bertan aztertzeko. Dokumentalak bere izaera indiskriminatua azpimarratzen du: azokako igandea zen, arratsaldeko bostetan, herritarrak kaleetan kontzentratuta zeudela. Hegazkin motak, bonbardaketen olatuen errepikapena eta bonben maiztasuna deskribatzen dira; irudietan, berriz, txikitutako eraikinak, hilotzak —bereziki haurrenak— eta nahasmen kolektiboko eszenak erakusten dira. Filmak tragediaren dimentsio zibila azpimarratzen du eta erasoa haurren exilioarekin lotzen du, ebakuatutako haurrak gerrak eragindako deserrotzearen sinbolo gisa erakutsiz. Irudikapen horrek inflexio-puntu bihurtzen du Gernikako bonbardaketa: herrien suntsipen masiboan oinarritutako gerra modernoaren agerpena eta frankismoaren eta potentzia faxisten arteko lankidetza zuzenaren ebidentzia. Bonbardaketarekin batera, Rossifek Gernikako Arbolaren irudia txertatzen du, non erregeek euskal askatasunak errespetatuko zituztela zin egiten zuten. Bi elementu horiek elkarren ondoan jartzeak garrantzi sinboliko erabakigarria ematen dio sekuentziari: ez da tokia bakarrik suntsitu, nortasun eta eskubideen gune historikoa baizik. Filmak azpimarratzen duenez, erasoak euskal memoria kolektiboaren eta Gernikako arbolak irudikatzen duen tradizio politikoaren aurka egiten du.

    Gernikako bonbardaketaren ostean, dokumentalak Burdin Hesiaren hausturarekin, Bilboren erorialdiarekin, frankistek iparraldean aurrera egitearekin eta Errepublikaren aldeko euskal kleroaren errepresioarekin jarraitzen du. Brunete eta Teruelgo eraso errepublikarrak, Valentziako eztabaida demokratikoak eta Ebroko pasabidea erakusten dira “Ay Carmela” abestiarekin batera irudikatuak, Errepublikaren agortze materialera heldu aurretik. Francok negoziazio oro errefusatzen du eta, Alemaniaren eta Italiaren babesari esker, bere garaipena sendotzen du. Filmak Bartzelonako fusilamenduak, mugen itxiera, emakumeen eta haurren exodoa eta orden frankista berriaren ezarpena erakusten ditu, arreta berezia jarriz gerraosteko hezkuntza-sisteman. 1939an tropa frankistak Madrilen sartu zirenean, agur faxista masiboak eta nazioarteko zorionak eman zitzaizkien eta, ondoren, hildakoen zifrak eta hilobien planoak agertzen dira, lanera bidean zegoen langile baten azken irudira itzuli aurretik: gertaera historiko handiek historiaren zama beren gain hartzen jarraitzen dutenen bizitza ia aldatu ez balitz bezala.

    SARIAK:

    • 1966ko Academy Awards sarietan Dokumental Onenaren Oscar sarirako izendatu zuten (film luze dokumental onenaren Oscar saria).
    • Prix Jean Vigo saria irabazi zuen 1963an, espiritu independentea eta ikuspegi sortzailea duten lanak saritzen dituen sari frantsesa.
    • 1963an Prix du Chevalier de la Barre eskuratu zuen.
    • Dokumental Onenaren BAFTA saria jaso zuen 1968an, Zinema eta Telebistako Britainiar Akademiak emana.

    EGOKITZAPENAK:

    Filmak ez zuen egokitzapen zuzenik izan zentzu tradizionalean, baina bere ikuspegi historikoaren aurkako produkzioak inspiratu zituen: filma Espainiatik kanpo zentsuratzeko huts egindako saiakeren ondoren, Morir en España (1965) Mariano Ozores-ek zuzendutako filma eta Por qué morir en Madrid (1966) bezalako proiektuak garatu ziren —Eduardo Manzanosek zuzendua—, Rossifen dokumentalaren erreplika ideologiko gisa sortuak.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Berthier, N. (2024). «¿Por qué morir en Madrid? contra Mourir à Madrid» (trad. García López, S.). Archivos de la Filmoteca, (51), pp-126-140.

    Liogier, H. (2005). «El escándalo de Mourir à Madrid, una “película ofensiva para España». Archivos De La Filmoteca, (51), 110-125,179. Retrieved from https://ehu.idm.oclc.org/login?url=https://www.proquest.com/scholarly-journals/el-escándalo-de-mourir-à-madrid1-una-película/docview/387336348/se-2

    Nola aipatu: Pérez Ortiz, Aitana (2026). “Frédéric Rossifen Mourir à Madridi buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Quosque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca | Jorge Oteiza | 1963

    Titulua Quosque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca
    Egilea Jorge Oteiza
    Lekua Donostia
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Saiakera
    Urtea 1963
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Quousque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca (hemendik aitzina: Quousque tandem…!) Jorge Oteiza eskultoreak (Orio, 1908-2003) 1963an argitaraturiko lana da. Quousque tandem…!-en originaltasuna frankismoan zehar hain urria izan zen literatur artistiko gisa agertu izana da (Manterola Ispizua & Larrinaga Cuadra, 2024). Ordurako izen handiko artista zen, Sao Pauloko 1957ko IV Bienala irabazi zuelarik. Euskal artista polifazetikoa, bere ekarpenak poesia, arkitektura, antropologia eta linguistikaren alorrean izan ziren, bereziki eragin handikoa eskulturaren alorrean.

    Bere ekarpen idatzi nagusietakoa kontsideratzen da Quousque tandem…!. Bertan, espazioa, hutsa, euskal identitatea eta kultura hausnartu zituen. Inondik ere, lan probokatzailea izan zen (Manterola Ispizua eta Larrinaga Cuadra, 2024). Lan horretan ernarazi nahi zuen euskal gizartea bere esentzia identitarioa berreskura zezan, espresuki oinarritzen zelarik bere hutsaren, neolitoko cromlecharen eta arbasoengandiko euskal identitate estetikoaren arteko harremanean. Hala, euskal identitate estetikoaren bilaketak eta hutsaren estetikak bat egiten dute aipatu lanean, espresuki proposatzen duelarik historiaurreko euskal artea (cromlecha eta hark irudikatzen duen espazio hutsa) galtzear, krisian den euskal identitate modernoaren oinarri gisa.

    Liburua bera idazketa geruza desberdinez osatutako arte lana da: mota eta idazketa desberdinetako testuak, irudiak, argazkiak… eta berrargitalpenekin osatuaz joan ziren aitzinsolas desberdinek lan konplexu eta aberatsa bihurtu zuten; gutxienez zortzi berrargitalpen eta hainbat aldiz berriz ere inprimatua izan da.

    Kontzeptu, ideia eta pertsonaia desberdinen arteko loturak etengabeak dira; are gehiago, lanaren egitura bera agertzen da lotura horiek agerrarazi nahi dituen eskultura gisa: edukia kapitulukako egitura langartuan barreiatua bada ere, akierako aurkibidean loturak etengabe egiten dira, batetiko irakurketak bertze baterako lotura eskaintzen duelarik, beti ere Oteizaren pentsamendu hariari jarraiki. Bertzeak bertze, fitxetan hizpide dugun gaia kontuan izanik, azpimarragarriak dira akierako aurkibidean “Guernica” sarrerari (Oteiza, 1995: 313) egozten dizkion “Árbol 105” eta “pintura [13]” loturak.

    Horien artean, Pablo Picasso eta haren Guernica ere aipatzen ditu. Batetik, Guernica galdu izanaren errua Jose Antonio Agirre Lekube (1904-1960) lehendakariaren aholkulari lanetan aritu zen Jose Maria Uzelai (1903-1984) margolariari egozten dio, 6. edizioari eginiko hitzaurrean (Oteiza, 1995: 12); bertzetik, kubismoaren lehen inputa nola iritsi zitzaion ere azaltzen du Oteizak (Oteiza, 1995: 215-216); Picassoren lanen ilustrazioak eta horien azalpenak ematen ditu (Oteiza, 1995: 301, 302); bere lanaren balioa, orokorrean goraipatzeko eta azaltzeko ere egiten dio aipamen (Oteiza, 1995: 306, 313).

    Gainera, espresuki Guernica dela eta, azaltzen du nola Errepublikako Ministroetarik batek bere iritzi negatiboa jakinarazi zion Picassori margolanari buruz; Oteizak adierazten duenez, Ministroaren ezjakintasunaren erakusgarri eta ordezkatzen zituenen lotsarako (Oteiza, 1995: 300). Oteizak berak margolana deskribatzeko honako hitzok erabiltzen ditu:

    Picasso: Guernica, 1937. Estación homóloga a Juascaux para el arte contemporáneo. Inconcebible equilibrio entre ordenación espacial (voluntariamente con un soporte de estructura tradicional) y la libertad y la grandeza trágica de su expresión, posiblemente no alcanzada nunca en la creación artística universal. (Oteiza, 1995: 302)

    Aipamen horrek eta liburuan zehar egiten direnek erakusten dute Jorge Oteizak Guernica baloratu egiten zuela, balio artistiko handiko lana zela azalduaz. Edozein gisatan, Gernikako bonbardaketa bera ez da hausnartzen; kontrara, Gernikako Arbola bai agertzen da lanean aipatua, “el Árbol de Guernica nace en el chromlech neolítico” (Oteiza, 1995: 166).

    Aipaturiko erreferentziak:

    Manterola Ispizua, Ismael & Larrinaga Cuadra, Andere (2024). “Ejercicios espirituales en un túnel de Jorge Oteiza: un ejemplo de literatura artística censurada”. In Ana Bela Morais, Cristina Suárez Toledano, Isabel Araújo Branco, Cristina Somolinos Molina, Bruno Marques, Fernando Larraz Elorriaga, Imágenes prohibidas: exilio, represión y censura en la creación artística en el espacio ibérico – siglos XX y XXI: 153-168 (2024) (156-168. orr). Editorial Universidad de Alcalá. http://hdl.handle.net/10810/76078

    Oteiza, Jorge (1995 [1963]). Quousque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca. Pamiela.

    Nola aipatu: Gandara, Ana (2025). “Jorge Oteizaren Quosque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vascari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Guernica | Alain Resnais, Robert Hessens | 1950

    Titulua Guernica
    Egilea Alain Resnais, Robert Hessens
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokufikzioa
    Urtea 1950
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Alain Resnaisek, Robert Hessensen kolaborazioarekin, 1950ean, hau da, Europa gerraostean zegoen garaian, Picassoren Guernica (1937) artelanean oinarritutako dokumental laburmetraia egin zuen. Gernikari buruz egin den dokumental ospetsuenetako bat da, non Resnaisek askatasunaren aldeko abestia konposatzen duen, irudi dokumentalak Picassoren margolan eta eskultura ezberdinen zatiekin nahastuz. Hori bera adierazten da filmaren hasierako testu-azalpenaren bitartez: “ce film a été realisé à l’aide des peintures, dessins et sculptures que Picasso exécute de 1902 à 1949. Le tableau intitulé “GUERNICA”, peint durant la guerre civile espagnole, a fourni l’argument de ce documentaire”.

    Lehen-lehenik, Gernika lokalizatzen du narratzaileak tonu neutro eta objektibo batean, Jaques Pruvousten ahotsa da entzuten dena, hain zuzen ere: “Guernica es una pequeña ciudad de Vizcaya, capital tradicional de País Vasco, allí se alzaba el roble, símbolo sagrado de tradición y libertad” (1:50). Gernika herriaren aurkezpenean aitortu egiten da aurretik Gernikak Euskal Herrian zuen balio sinbolikoa, euskaldunen herrialde sakratu eta tradizional gisa irudikatzen baitu. Jarraian, Picassoren Guernicak oinarrian duen bonbardaketaren berri ematen du, eta hitzez adierazten du narratzaileak Gernika naziek bonbardatu zutela eta 2000 inguru hildako eta zauritu eragin zituela populazio zibilaren aurkako esperimentazio hark. Aipagarria da Resnaisek bonbardaketaren biktimen berri emateko egiten duen hautua: ez du garaiko bertsio ofiziala kontatzen, alegia, 1937ko apirilaren 26an, Gernikan, ehunka hildako izan zirela eta hondamendia gorrien erantzukizuna izan zela defendatzen duen bertsioa, baizik eta bertsio ez-ofizialaz baliatzen da. Aurkezpen gisa azaltzen den sekuentzia lasai, objektibo eta berriemailearen ondoren,  Madrilgo 1936ko prentsako izenburuak agertzen dira pantailan: “fascismo” hitza behin eta berriz irakur daiteke “triunfal” eta “invencible” bezalako adjektibo kalifikatiboek indartuta, tropa faxistek Espainian aurrera egiten ari ziren seinale. Sekuentzia “Gernika” hitza erakusten denean amaitzen da, non isilune baten ostean, hegazkinen burrunba eta sirena hotsak entzuten diren. Irudiok Picassoren obra ezberdinen bitartez garatzen dira, eta filmaren climaxa Guernica koadroaren lehen erreferentzia agertzen denean hasten da: 7:20 minutuan hain identifikagarria den Guernicako begi-bonbila agertzen da (bonbaren erorketa irudika lezakeena), eta minutu oso bat irauten duen sekuentzia intentsio eta dramatikoa hasten da: bonbardaketaren hasiera, aurpegi beldurtuak, koadroko elementu sinbolikoak, lehen plano laburrak, erritmo estua, musika karrankaria…

    Babesten saiatu ziren zibilen artean, agureak, haurrak eta emakumeak irudikatzen dira batez ere, eta narratzailearen ahotsak, orain Maria Casaresek kantatua tonu dramatiko eta emozioz betea, gerra baino txarragorik ez dagoela azpimarratzen da. Haurra besoetan hila duen amaren animaziozko irudia agertzen da (koadroan agertzen den figuretako bat), baita agonian sutan erretzen ari den gizakiarena ere (koadroan erreguka dagoen gizona litzateke). Eszena koadro ia osoaren irudiarekin amaitzen da, koadroa bere osotasunean agertu ez arren dokumental osoan. Ostera, isiltasuna eta lasaitasuna iristen dira: gorpuzkiak besterik ez da agertzen, bonbardaketa amaitu ondoren, bertan ezer geratzen denaren adierazle, ez bizi, ez arimarik.

    Jacques Pruvoust eta Maria Casaresen hitzak Paul Éluard poeta frantsesak idatziak dira eta basakeria, gerra eta erresistentziaz hausnartzen dute:

    “Sobre la madera muerta del roble de Guernica, sobre las ruinas de Guernica, bajo el sol puro de Guernica, ha vuelto un hombre que llevaba en sus brazos un cabrito balando, y en su corazón una paloma. Cantapor todos los demás hombrs el canto puro de la rebelión que dice gracias al amor, que dice no a la opresión”. (12:07)

    Picassok koadroarekin bezala, herri zehatz batek jasandako eraso bidegabe, krudel eta odoltsuaren aurkako mezu unibertsal bat helarazten du Guernica dokumentalak: tragediaren zentzugabekeria eta indarkeriaren basakeria salatu nahi dira, Gernika, Espainia eta are Europaren alegoria bat eginez.

    Esperantza eta erresistentziari eskainitako kantu indartsuarekin amaitzen da dokumentala: “GUERNICA, la inocencia vencerá al crimen. GUERNICA” (12:57). Ondorioz, dokumentala, Europak 50eko hamarkadetan sentitzen zuen atsekabea eta gerraosteko nekearen testuinguruan, esanahi unibertsala duen gerra eta indarkeriaren aurkako oda fikzionatu bat da, horretarako, Resnaisek Picasso eta bere obrak (partikularki Guernica) irudikatzen ditu hari ere omenaldi bat eskainiz. 

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Alain Resnais eta Robert Hessensen Guernica-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra komikian Resnais eta Hessenses Guernica filmari erreferentziak egiten zaizkio. Komiki hori Gernika(k) datu basean kontsulta daiteke, informazio gehiago nahi izanez gero. BIBLIOGRAFIA Aragon, T. (2006). Realidad y ficción, cine y pintura: acerca de la presencia de Picasso en el film Guernica, de Alain Resnais. Boletin de Arte, (26-27), 605-628.

  • Incident at Guernica | Morton Seif | 1949

    Titulua Incident at Guernica
    Egilea Morton Seif
    Lekua Beachcomber Press
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1949
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1949 urtean The Broken World poema liburuan plazaratutako poema honetan Bonbardaketaz geroztik igarotako urteen eragina nabari da. Errima librean eta estrofarik gabe jarraian idatzitako 20 bertsotan Morton Seif-ek ironia eta distantzia nagusi dituen ahots poetikoa jartzen du erdigunean.

    Tonu hotzean, kamera baten fokuari jarraituko balio bezala, ahots poetikoak kanpoko begirada ageri du, jarrera moral eta etikoarekiko distantzia hartzen du eta gaizkia eta suntsiketa poema figuratiboaren bidez baino irudi poetiko eta sinbolikoen bidez aurkezten ditu.

    Biktimarioei lotutako hainbat irudi bata bestearen ondoan ezartzen dira poemaren hasieran irudi estilizatuak erabiliz: zeruan motorren burrunbaz eta eguzkiaren diztiraz inguratuta hegan doan bonbaketaria, espazio eta denboraren arauetatik at nolabait zeruan giltzaturik dagoena, bonba jaurti aurreko unean. Bonbaren jaurtiketa malko baten beheranzko mugimendu estilizatu gisa irudikatzen da. Jarraian biktimarioak sortutako hondamendiaren irudiak azaltzen dira, hauen larritasuna ironiaren bitartez azpimarratzen delarik. Izan ere, poemaren izenburuak islatzen duen bezala (“Incident at Guernica” / “Gertakaria Gernikan”) ahots poetikoak bonbek eragindako sufrikarioa gutxiesten duela nabari da, islatzen den egoeraren larritasuna areagotuz. Esate baterako Gernikan bonben jaurtiketaren ondoren biktimen jarrera “ohiko” gisa adierazten du ahots poetikoak, bonbardaketa ohiko eta garrantzia gutxiko gertakari gisa aurkeztuz:

    While people say the usual things-

    Sacre bleu – Madre nuestra – Holy cow

    Jendeak ohiko gauzak esaten dituen bitartean…
    “Sacre bleu”, “Madre nuestra”, “Holy cow”…

    Poemako edukiaren egiturari dagokionez, goitik beherako eta Gernikatik Alemaniarako mugimenduaren bidez ardaztua dagoela esan daiteke.

    Lehen bertsoetan bonbardaketaren hasiera airetik islatzen da: mugimendurik gabeko momentu isila, suntsipenaren aurreko isiltasunari egiten zaio erreferentzia, nahiz eta motorren burrunba inguruan izan.

    Ondoren, bonben jaurtiketaren unean goitik beherako mugimenduan arintasuna, leuntasuna azpimarratzen da, bortizkeriarik adierazten ez duena, bortxaketaren arik eta irudia agertzen den arte:

    Encased chemicals under a silk parasol,

    Falling stealthily, rape the innocent sky.

    Kapsula kimikoek zetazko guardasolen azpian,
    Isilean eroriz, zeru errugabea bortxatzen dute.

    Hurrengo urratsean goiko biktimarioen jarrera eta ahots kritikoen ikuspegi etikoa aurrez aurre jartzen dira, beti ere ahots poetikoak ironikoki etikaren begirada gutxietsiz:

    Discernment sees a flak-rimmed Manet

    And kill-joys see the shape of sudden death.

    Zentzuzko begiradak goitik Manet-en koadroa ikusten du.
    Begirada zapuztaileek bat-bateko heriotzaren irudia ikusten dute.

    Jarraian ahots poetikoaren begirada jada lurrean, Gernikako biktimengan ezartzen denean beraiekiko distantzia ironikoak jarraitzen du: sufrimendu ez pertsonalizatua, pertsona tipifikatuak, eta ezustekoa adierazten duten klitxezko adierazpenak dira nagusi. Hala nola, pertsonalizatu gabeko haurtxo txikiaren irudia haur-kotxean, agurearen irudia, ezpain dardartiak eta barre leloa beldurraren ondorioz.

    Poemaen amaieran Alemaniatik jazarritako bonbardaketa izanaren erreferentzia aurkitzen du irakurleak, nazismoarekin lotutako elementu sinbolikoei erreparatzen badie. Gernikako bonbardaketa Walpurgis gauaren erreferentziarekin lotzen duen bertsoarekin amaitzen da poema. Apirilaren 30ean Walpurgaren omenez suarekin ospatzen den festa gisa.

    Poema euskaratua:

    Bonbaketaria zeruari itsatsia, sasia lurrari bezala…
    Motorren burrunba, eguzkiaren distira altzairuan,
    Espazioan geldirik eta denboraren erretinan finkatuta
    sakabanatutako odol-lurrunak elkartzen diren unerako.
    Sorginkeria hausteko kolperik ez, baina ontziaren beheko begiak keinuak egiten ditu.
    Eta malko tanta bat erortzen da zeruaren masail zulatuan.

    Kapsula kimikoek zetazko guardasolen azpian.
    Isilean eroriz, zeru errugabea bortxatzen dute.
    Goiko begiradak aireko erasoen aurkako markoz inguraturako Maneta ikusten du.
    Eta begirada zapuztaileek bat-bateko heriotzaren forma ikusten dute.

    Haurkotxe batera (haurra bertan dela egiaztatua), delikatuki erortzen da,
    Tapakien tolestura zurietara,
    Jendeak ohiko gauzak esaten dituen bitartean…
    “Sacre bleu”, “Madre nuestra”, “Holy cow”…
    -“Beno, animalia bezala lotuko naute, hemen da hegazkina.”

    Eta belaunen artetik otoitz egiten dute, ezpain dardaratiak beldurrez.
    Eta barre leloak, agure batek barre egiten dio Ediporen patuari,
    Eta mezzosoprano bat, Brunnhilde hamar urtean behin abesten duena.
    poztu egiten da bere egun handian, eta bee onena ematen du,
    Errealitatea Walpurgis gaua bezala lehertzen den bitartean

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Morton Seifen Incident at Guernica-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • “The Spanish Lie” | Archibald MacLeish | 1948

    Titulua “The Spanish Lie”
    Egilea Archibald MacLeish
    Lekua New York
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1948
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Archibald MacLeish poeta (1892-1982) modernismoaren ildotik idazten hasitako idazle estatubatuarra zen, T.S. Eliot eta Ezra Pound erabat miresten zituena. Bere bizitzan hiru Pulitzer sari jasotako idazlea (bi poesian eta bat antzerkian), 1923tik 1928ra Parisen bizi izan zen, eta 1939tik 1944era Estatu Batuetako Library of Congress-eko liburuzain nagusi lanak egin zituen, eta 1949tik aurrera Harvad-eko Unibertsitatean erretorika eta oratoriako irakasle izan zen 1962an erretiroa hartu arte.

    Bere literaturan bi ildo nagusi bereizten dira, izan ere sen modernista hasieratik indartsua izan bazen bere poesian, Lehen Mundu Gerran ikasketak eten eta anbulantzia gidari gisa parte hartu zuenetik poesia konprometitua ere ezinbestekotzat zuen MacLeish-ek.

    Beraz, “The Spanish Lie” poema MacLeish-en poesia politikoaren, “adierazpen publikoko poema”-ren adierazle da, funtzio politikoa, funtzio publikoa duen literatura adierazpenaren adibide.

    Bigarren Mundu Gerraren ondoren ere faxismoaren  aurkako elkarteetan ekintzaile izan zen egile hau eta garai honetan kokatzen da “The Spanish Lie” poema (1948).

    Poema honek Gernikako Bonbardaketari buruzko Frankismoaren bertsio ofizialari modu zuzenean aurre egiten dio, eta era berean Gernikako tragedia Espainian 1936 eta 1937 urteetan eragindako beste bi sarraskirekin lerrokatuta azaltzen du: 1936ko abuztuko Badajoz-eko Sarraskiarekin eta 1937ko maiatzaren 31ko Almeriako Sarraskiarekin.

    Gernikako Bonbardaketaren irudia Espainiako Gudu Zibileko hildakoak, ahotsik gabeak eta isuritako odolarekin lerrokatuta ageri da: Madril, Bartzelona eta Valentziako sufrimendua, eta Gernika, Badajoz eta Almeriako odola azaltzen dira poemaren lehen zatian, biak ala biak, isuritako malkoek eta odolak erantzunik gabe geratu direlarik. Ezintasuna nagusitzen da lehen zatian “The tears were not answered: the blood was not answered” (“Malkoek ez zuten erantzunik izan: odolak ez zuen erantzunik izan”).

    Hala ere, pasarte hau poemaren lehen lerroan azaltzen den eta tartean eta ondoren ere errepikatzen den “This will be answered” bertsoaz inguratuta dago, baieztapen horren bidez itxaropena sortu nahian:

    This will be answered

    The tears were not answered but this will be answered.

    The tears of Madrid of Barcelona Valencia¾

    The tears were not answered.

    The blood of Guernica, Badajoz, Almeria¾

    The blood was not answered.

    The tears are dry on the faces.

    The blood is dry on the sand.

    The tears were not answered: the blood was not answered.

    This will be answered

    Honek izango du erantzunik

    Malkoek ez zuten erantzunik izan, bainan honek izango du erantzuna

    Madril Bartzelonako Valentziako malkoek¾

    Malkoek ez zuten erantzunik izan.

    Gernika, Badajoz, Almeriako odola¾

    Odolak ez zuen erantzunik izan.

    Malkoak lehortu dira aurpegietan.

    Odola lehortu da hondarretan.

    Malkoek ez zuten erantzunik izan: odolak ez zuen erantzunik izan.

    Honek izango du erantzunik

    “This” (“Honek”) erakuslearekin diskurtso Frankistaren gezurra adierazten da, Gernikako suntsiketari buruz zabaldu zituen gezurrak barne.   

    Era honetan, beraz, Gerra Zibilaren bi dimentsio kontrajartzen dira: alde batetik galera zehatzen (heriotzak, isuritako odola, isil arazitako pertsonak) aurrean momentuan eman beharreko erantzunak, eta bestetik boterearen gezurrei denboran aurrera ere ematen den erantzun trinkoa.

    Kritikaren zati batek poema ezkor eta garratz gisa deskribatu du (Álvarez Fernández 1988: 11), agian erdigunean Gerra Zibilean erantzunik gabe geratu ziren gertakari eta sufrimendua daudelako.

    Gainera, poemaren bigarren zatian munduak Frankismoaren gezurrari eta diktadurari erantzuna emango diola iragartzean ahots poetikoak ezezko esaldiak erabiltzen ditu, Álvarez Fernández-ek aipatzen duen tonu ezkorrari bide emanez:

    Because the men of Guernica do not speak,

    Because the children of Almería are silent,

    Because the women of Badajoz are dumb,

    […]

    Because they are dead, are dumb, because they are speechless,

    Do not believe,

    Do not believe the answer will not come.

    Gernikako gizonek hitz egiten ez dutelako,

    Almeriako haurrak isilik daudelako,

    Badajoz-eko emakumeak mutu daudelako,

    […]

    Hilda, mutu, hitzik gabe daudelako

    Ez sinetsi,

    Ez sinetsi erantzunik etorriko ez denik.

    Lehen irakurketa batean bi ezezkoen bidez egindako baieztapenek itxaropena nekez sortzen dute baiezapena ezkutuan geratzen baita: “ez sinetsi erantzunik etorriko ez denik.”

    Azken zatian, hemen ere errepikapenen bidez, denboraren presiorik gabe egin daitekeen salaketa jartzen da erdigunean:

    This will be answered

    This will be answered with

    Time.

    There is time.

    The Dead have time in these cities

    In Badajoz, in Guernica, Almeria.

    They can wait: they have much time.

    There is time.

    They can wait.

    Honek erantzuna izango du.

    Honek erantzuna izango du

    denborarekin.

    Denbora dago.

    Hilek denbora dute hiri hauetan

    Badajoz-en, Gernikan, Almerian.

    Itxaron dezakete: denbora asko dute.

    Denbora dago.

    Itxaron dezakete.

    Poemaren amaierak, beraz, sarraskien eta gezur historikoen salaketek denboraz harago duten balioa eta derrigortasun morala ere hizpide du.

    Euskaratutako poema-lerroen itzulpena Garbiñe Iztuetaren eskutik.

    ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

    Alvarez Fernandez, Roman: “Imágenes de la Guerra Civil Española en la poesía de expresión inglesa”, Anuario de estudios filológicos 11 (1988), pp.  7-23 file:///Users/garbineiztueta/Downloads/Dialnet-ImagenesDeLaGuerraCivilEspanolaEnLaPoesiaDeExpresi-58623.pdf

    Ciardi, John: “The Poetry of Archibald MacLeish”, The Atlantic 1953 https://www.theatlantic.com/magazine/archive/1953/05/the-poetry-of-archibald-macleish/641313/

    Poetry Foundation: “Archibald MacLeish”, Poetry Foundation 2025 https://www.poetryfoundation.org/poets/archibald-macleish


    Nelson, Cary (ed): The Wound and the Dream. Sixty years of American poems about the Spanish Civil War. Urbana and Chicago: University of Illinois Press, 2002, p. 144

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Archid MacLeishen «The Spanish Lie»ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Gudarien egiñak | Telesforo Monzon | 1947

    Titulua Gudarien egiñak
    Egilea Telesforo Monzon
    Lekua Biarritz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1947
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Gudarien egiñak (1947) bertso-liburua erbesteko itzuleran argitaratu zuen Telesforo Monzone politikari, idazle eta kultur-eragileak. Liburuaren atalek biltzen dituzten poemetan jasotzen dira Espainiako 1936ko altxamendu militarrak sortutako gudari eta horrek behartutako erbesteari lotutako gaiak. “Euskal guda (1936-1939)” izeneko atalaren baitan dauden “Gernika” eta “Gernika’ko uso txuriarena” poemak lekukoaren ikuspuntutik daude idatzita eta Gernika dute agertoki, bonbardaketak ekarritako sarraskia mintzagai. Lehenengoak bonbardaketa osteko Gernikaren hondamendi irudiak ematen ditu ahots poetikoak. Amaiera aldera agertzen da Gernikako Arbolaren irudia, zutik dirauen esperantza eta bake sinbolo gisa. Bigarren poeman, aldiz, bonbardaketa osteko sutearen garren gainetik hegan ari den usoa da fokua. Euskal Herri – uso analogia egiten da, biek baitituzte kumeak garretan eta horrek eramaten ditu sua ezin uztera. Usoa bakearen sinbolo denez gero, poema honek aurrekoak ere bukaera aldera biltzen duen paradoxa marrazten du: bere etorkizunaren alde borrokatzera eta autosuntsiketara kondenatuta dagoen herri bakezalearena, oinarrian sakrifizioaren ideia dagoelarik.

    Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). “Telesforo Monzonen Gudarien egiñak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Santiago Onaindiak, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, gertakariei buruz zein Gernikari buruz hainbat eta hainbat idazlek idatzitako poemak jaso zituen Gernika (1987) liburuan. Bertan jaso zuen Monzonen "Gernika" poema.

  • Gudarien egiñak | Telesforo Monzon | 1947

    Titulua Gudarien egiñak
    Egilea Telesforo Monzon
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1947
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Telesforo Monzonek gudarien omenez idatzitako poema-liburua dugu Gudarien Egiñak. Bost zatitan banatuta dago: “Guda zabaldu zutenai” da lehena, “Euskal Guda (1936-1937)” bigarrena eta luzeena, “Agur Euskalerri…” hirugarrena, “Ekaitz arteko tximista bi” laugarrena eta “Atzerri Barrena” azkena. Poemetan gudaren eta gudarien inguruan hitz egiten du, gertatutako batailetaz eta erbesteaz, besteak beste. 1937an, Francoren tropek Bilbo hartu zutenean, Monzonek ihes egin behar izan zuen, eta lehenengo Frantziara eta ondoren Mexikora erbesteratu zen. 1945ean lehen liburua argitaratu zuen, Urrundik izenekoa eta Gerra Zibila baino lehenagokoak kontatzen zituen. Erbestearen eragina ikus zitekeen bere poesian, Euskal Herria urrun izateak nostalgiaz josi baitzituen bere poemak. 1947an,  berriz, beste liburu bat idatzi zuen, gudarien batailak azaltzen zituen Gudarien egiñak, hain zuzen ere.

    “Euskal Guda (1936-1937)” ataleko “Zugaizpeko ziña” poeman Monzonek Gernikako arbolaren azpian “euskaldun Alkate” deitzen dionaren (gaur egun lehendakari deituko geniokeenaren) juramentu edo zinaren inguruan hitz egiten du: jai giroa nagusi den Gernika irudikatzen du, Agirre lehendakariak Batzar-Etxean egingo duen zina dela eta. Lege zaharra eta euskal arbasoak goratzen ditu, eta gutxienez Erdi Arotik datorren Gernikako arbolaren sinbolikoa irudikatzen; harik eta gerra karlisten testuinguruan gertatu zen foruen galeraren zehar-aipamena izan litekeenera iritsi arte: “Gernika yantzi zaigu len bezin eder! / Bai eun urte / il zala uste… / ta ara berriz piztuta ager!” dioenean batez ere. Hurrengo poeman, “Illunpetan behin” izenekoan, Gernikako jaiak eragindako itxaropena dakar Monzonek. Atal berean, “Gernika” izeneko poeman, bonbardaketaren egunean, 1937ko apirilaren 26an,  kokatzen ditu gertaerak (“Bizkai erdia birrindu izan ondoren / Gernika sutan dago!”), eta ni poetikoa gauez Gernikara heltzen da (“Siñistu eziñik eldua naiz / Gernika’raño gauerdi garaiz”). Hondamendia deskribatzen du, baina “arrotzak” deitzen dien faxistak alferrik dabiltzala esaten du, gudarien irudi bilakatu den arbolak zutik jarraitzen duelako. Haritza, bere garaian, Gernikako herri martiriaren metafora edo iruditzat hartu bazen ere, egiari zor, iturri historiografikoek frogatu dute Francoren agindutako gerra-esperimentuen parte izan zen Gernikako sarraskia zehatza izan zela, eta hegazkin faxista eta naziek nahita utzi zutela arbola jomugatik kanpo (Irujo, 2023). “Gernika’ko uso txuriarena” poema da hurrengoa, eta usoa Gernikako sutean hil arte erretzen dela iradokitzen du idazleak. Litekeena da uso zuri hori gerrak kiskalitako bakearen metafora izatea. Azkenik, “Atzerri Barrena” ataleko “Zigor Zelaietan poeman “Gernika Berri” bat osatzeari ekiten diote herritarrek, gizarte mailako borrokaren eta esperantzaren ikur.

    Nola aipatu: Negredo, June (2024). “Telesforo Monzonen Gudarien egiñak-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Guernica: Holy City of Spain destroyed by Fascist bombs | Aaron Kramer | 1945

    Titulua Guernica: Holy City of Spain destroyed by Fascist bombs
    Egilea Aaron Kramer
    Lekua New York
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1945
    Errepresentazio Historikoak BAI

    1921ean Estatu Batuetan jaio eta 1997 urtean hil zen Aaron Kramer idazleak, literaturaz gain itzulpenak egin eta irakasle lanetan ere aritu zenak, gaztetandik irakurle xumeari, herriari, hurbiltzearen garrantzia azpimarratzen zuen. Bere burua “herriaren poeta” gisa ikusten zuen, eta “Guernica” poemak ere traza horiek ageri ditu.
    Guernica ~ A Poem by Aaron Kramer
    “Holy City of Spain destroyed by Fascist bombs”

    Dead. Dead. Every child. Shriek out
    from the stormed park, the smothered school-yard! Shout!
    because this quiet shocks the sky as much
    as the first roar of the bombers.

    Noise became
    expected: ears survived. Even the touch
    of shadows changing, that had stayed the same
    for hundreds of holy years, became expected.

    But the planes went, and all unresurrected
    lies the city: not one sudden wonder
    has risen to mock the bombs. Are you afraid?
    Those were no eagles; all their titan thunder
    man made by human hands.

    Grant Icarus shade
    or he will fall again! Mothers, grow wild,
    shriek out! Dead. Dead. Every child.

    Kritikarien arabera, adibidez Elena Cueto Ausín-en hitzetan, poema honen ekarpenik handiena Gernika oroimen lekuarentzat bere historikotasuna berreskuratzeko saiakera da. “Guernica” margoaren zabalkundeak eta New York-eko MOMA museoko garaiak Gernika esparru alegorikora zokoratu zuenaren konbentzimenduz, poetak berak iragarri zuen poema honekin alde batetik Bonbardaketaren gertakariari oroimen egin nahi ziola eta dimentsio alegorikotik berreskuratu nahi zuela.

    Poemak gertatutako sarraskiaren oroimena eta hitzaren indarra lotzen ditu. Amei zuzenduriko mezua izanik, ahots lirikoa gizarte osoari, are gehiago, munduari oihu egiteko, salatzeko, eskatzen ari zaiola dirudi.

    Hildako haurren irudia hartzen du Kramer-ek abiapuntutzat eta baita amaiera borobiltzeko ere.

    Lehen bi lerroetan erdigunean azaltzen da umeen irudia:

    Dead. Dead. Every child. Shriek out

    from the stormed park, the smothered school-yard! Shout!

    (Hilda. Hilda. Ume guztiak. Egin oihu

    erasotutako parketik, eskolako patio itotik! Egin oihu!)

    Azken bi lerroak irakurrita, aldiz, hildako haurren irudia poemaren azkena da:

                       […]Mothers, grow wild,

    shriek out! Dead. Dead. Every child.

                      ([…]Amak, izan basati,

    egin oihu! Hilda. Hilda. Ume guztiak.)

    Hitz jokoaren bidez poemako lehen eta azken lerroan irudi beretan egiten da azpimarra: zerraldoetan, hauek Bonbardaketan hildako haurrenak izanik, eta sarraskiaren salaketan. Irudien hurrenkeran bada aldea, hala ere: lehen bertsoan irudien hurrenkerak zerraldoak-hildako umeak-oihuak ordena jarraitzen du, eta  azken bertsoan aldiz oihuak-zerraldoak-hildako umeak da hurrenkera. Modu horretan poema “Dead” (“hilda”) hitz errepikatuarekin hasi eta “Every child” (“ume guztiak”) sintagmarekin amaitzen da. Esanguratsua da, gainera, azken bi bertsoetan amen irudia gehitzen dela (“Mothes, grow wild,” “Amak, izan basati,”), beraz poemaren hasieran ahots poetikoak jaurtitzen duen “oihu egin” erregu edo aginduaren hartzailea zehazgabea bada, poemaren amaieran Pietateari egiten zaio erreferentzia, ama sufrikorren barneko indar basatiari dei eginez.

    Garai hartan hainbat herrialdeetako idazleek Espainiako Guda Zibilari buruz idaztean erabiltzen zuten ohiko sinboloa zen hildako haurrena, airezko erasoen biktima zibilak irudikatzeko, eta Bigarren Gerrate Mundialean borrokak jarrai zezakeen lekuetan, bai Britainia Handian eta baita Estatu Batuetan ere, oraindik gerta zitezkeen bonbardaketa indiskriminatuen ondorio latzak iragartzeko. Gernikako bonbardaketatik eta orokorrean gudetatik bizirik atera diren gizakien indarraren metaforatzat ere har daiteke amen irudia, eta oroimena hitz gogorren bidez adieraztearen ezinbesteko garrantzi gisa uler dezake irakurleak poemaren amaieran.

    Erlijioa eta mitoaren munduak lotzen ditu poemak, Gernika oroi lekua hainbat kontzeptu erlijiosorekin lotzen baita poeman, eta bestalde Ikaroren irudia ere topa baitaiteke azken-aurreko estrofan. Azpitituluan Gernika Leku Santu gisa adierazten da, bigarren estrofan Gernikaren historia luzea “for hundreds of holy years” (“ehunka urte sakratuz”) adierarekin deskribatzen da, hirugarren estrofan Gernika Bonbardaketaren ondoren “unresurrected” (“ezin berpizturik”) deskribatzen da eta mirakulu baten beharraz ere ari da ahots poetikoa. Azken estrofan, aldiz, “Grant Icarus shade/ or he will fall again!” (“Eman itzala Ikarori! / edo eroriko da berriz!” bertsoen bitartez herri zibilaren zaurgarritasuna azpimarratzen dela uler daiteke, babesaren beharra biziraun ahal izateko.

    Formari dagokionez, poemak luzera ezberdinetako lerroez osatutako lau estrofa ditu, eta berauek ere lerro kopuru ezberdinetakoak dira. Errimak ere patroi irregularra ageri du, biko errima eta errima gurutzatua tartekatuz.

    Euskaratutako poema-lerroen itzulpena Garbiñe Iztuetaren eskutik.

    Iturriak:

    Nelson, Cary (ed.): The Wound and the Dream. Sixty years of American poems about the Spanish Civil War. Urbana and Chicago: University of Illinois Press, 2002, p. 170.

    Cueto Asín, Elena: “Guernica and Guernica in British and American Poetry”. The Volunteer (September 2012) URL https://albavolunteer.org/2012/09/guernica-and-guernica-in-british-and-american-poetry/

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Aaron Krameren Guernica: Holy City of Spain destroyed by Fascist bombs-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Leutnant Bertram | Bodo Uhse | 1943

    Titulua Leutnant Bertram
    Egilea Bodo Uhse
    Lekua Mexiko
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1943
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Leutnant Bertram nobelak bi zati berezitu eskaintzen ditu: lehen zatia Alemanian kokatzen da 1935etik 1936ra eta Alemania naziaren armaratze eta militarizatze prozesua azaltzen da, erdigunean Luftwafferen sorrera eta garapena azaltzen delarik oficial talde baten istorioa kontatzen den bitartean; bigarren zatian aldiz Legion Condor-ek Espainian burututako bonbardaketak azaltzen dira, baita Nazioarteko Brigaden ekintzak ere 1936 eta 1937an, eta testuinguru horretan egiten zaio Gernikako Bonbardaketari aipamena.

    Literatur lan honetan kritikak azpimarratu du fikziozko istorioaren bitartez Alemania faxista eta ez-faxistaren arteko buruz-burukoa modu berrian aurkeztu duela bi hegazkinen arteko borrokaren bitartez, bata Legion Condor eta bestea Nazioarteko Brigaden bolondresena.

    Gernikaren Bonbardaketaren lanketa literarioari dagokionez, Uhse idazleak ez du erabaki militar-estrategiko eta aurretiaz hausnartutako gisa aurkezten, baizik eta mendeku gisa. Condor Legioak hartutako erabakiz suntsituko da Gernika, baina ez hierarkian postu gorenetatik aginduari jarraiki, baizik eta Madrildik Euskal Herria alderako sarrera egiten ari diren Condor Legioko hegazkinetako bat Gasteizen erasotua izana eta pilotuak bizia galdu izana mendekatu nahi duelako bertan misioa zuzentzen ari den buruzagiak.

    Bonbardaketa bera ez da eleberrian zehaztapenez deskribatzen. Aitzitik lehenik eta behin Condor Legio eta Luftwaffeko kide diren  pertsonaien ikuspuntutik, Gernikak alemaniar hauen ibilbide militarrean duen esanahi praktikoa azaltzen da: Gernika mendekuz bonbardatzeko plana asmatzen  duen pertsonaiak, Harteneck izenekoak, misioaren arrakastari esker kapitain izendapena lortzen du; bigarrenik narratzaileak bonbardaketak sortutako suntsipenari eta giza-tragediari “kiratsa darion hauts pila” esamoldearekin garrantzia kentzen dio: “Das Dorf Guernica, das sich gerühmt hatte, seit eintausend Jahren in diese Welt zu stehen, war mit seinen Häusern und Kirchen und Gärten in einen Haufen stinkendeer Asche verwandelt worden.” (558)

    (Euskaraz: “Gernika herria, mila urtez mundu honetan zutik iraun izanagatik ospetsua, bere etxe eta eliza eta lorategiekin batera kiratsa zerion hauts pila bihurtu zen” Aipuaren itzulpena Garbiñe Iztueta)

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Bodo Uhseren Leutnant Bertram-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Eleberriak hainbat edizioa izan ditu (1943, 1947, 1949, 1950, 1951, 1953, 1955, 1959, 1964, 1967, 1969, 1974, eta baita itzulpenak ere inglesera, frantsesera, polonierara, txekierara, errusierara. Iturria: Deutsche Nationalbibliothek. ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK Reinecke, Rüdiger. 2020. Gernika und der Luftkrieg gegen die spanische Republik (1936-1939) in der zeitgenössischen internationalen Literatur. Bielefeld. Aisthesis Verlag, 619-629.

  • Gernika | Jorge Oteiza | 1942

    Titulua Gernika
    Egilea Jorge Oteiza
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Eskultura
    Urtea 1942
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Brontzeko erliebe batean, oraindik Ameriketan zela eginda, Euskal Herrira 1948an itzuli baino lehen, Gernikako Juntetxea eta Arbolaren irudiak nagusitzen dira baxuerliebe negatiboan.

    Gerraosteko Euskal Herriaren egoera zailaren aurrean erbestetik egindako irudi sinbolikoa.

    Artelana “Jorge Oteizaren Gernika” katalogoan kontsulta daiteke hemen.

    Nola aipatu: Onandia, Mikel (2025). “Jorge Oteizaren Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Pindar eta lano | Jean Marie Diharce "Iratzeder" | 1941

    Titulua Pindar eta lano
    Egilea Jean Marie Diharce "Iratzeder"
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1941
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Pindar eta lano dokumentu historikotzat defini liteke, liburuaren muina Jean Marie Diharcek (Iratzederrek) Gerra Zibil betean, lekuko zuzen gisa, idatzitako poema datatuek osatzen dutelako. Esandakoaren erakusle argia da hitzaurrea, poemak gerran hildako Mixel anaiari eskaintzen baitizkio Iratzederrek, batik bat, gerraostean, 1940ko uztail eta abuztu artean, idatzitako “Hila da” (81-82) eta “Alargun” (83) izenekoak. Horrekin lotuta, Mixeli eginiko eskaintzaren ondotik segidako mezua helarazten die irakurleei: «Hautan nihork ez dezala/ Pertsu ederrik bila./ Hautan deus ere ez baita/ Baizik eta/ Pindar, ahuen, amodio/ Eta goiko bozkario…» (5). Aitzitik, kritikak azpimarratu bezala, irudiz betetako idazkera du Iratzederrek, are, erretorika eklesiastikoa darabilela esan liteke. Bestela esateko, Iratzeder «pertsutan» (6) ari zaigula esan liteke, alegia, belarria da poemen etorria arautzen duena eta isilpean irakurtzeko baino, kantatua eta lekukotza gisa “kontatua” (are, buruz ikasia) izateko poesia harmoniatsuaz ari gara.  Esanahiz kargaturikoak diruditen metafora edo irudi errepikakor horietako batzuk dira sua, odola, kea eta argia. Suari eta odolari lotuta doa 36ko gerraren tragedia, Gernikako bonbardaketa izanik, duda izpirik gabe, horren guztiaren ikur eta oroimen gune nagusia: «Orai lurrari odol eta ke dario…!» (25); «Gaur egin dut gogotik/ Nigar ilunbetan…/ GERNIKA!/ GERNIKA! […] Orai datza […]/ Paret beltz handi batzu/ baizik ez dauzkala./ Jazko Euskaldun-iri/ haren gorputz hila/ Nigarrik egin gabe/ nola ikus, nola?/ GERNIKA!» (26-27). Iratzeder apaiza izaki, pindarrez gain (sua), lanoa (kea) dario poemetan islatzen den gerra garaiko Euskal Herriari. Hau da, otoitzaren antzera zerurantz igotzen den kea ere badago, argi jainkotiar eta zerutiarraren bila edo eske hedatzen dena (fede kristaua). Hitz gutxitan biltzeko, gerrak eragindako giza sufrimendua, abertzaletasuna eta fede kristaua har daitezke poema liburuaren gai nagusitzat. Giza sufrimendua, ondoko lerroetan antzematen den eran, biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoen bidez irudikatzen du, haurraren eta amaren bidez, alegia: «Bere haurñoa salbatu nahiz, ihesi joan da joan ama…» (21); «Haur emaztek etxeri diote adio» (25). Aberria hildako ama gisa, euskaldunak umezurtz gisa, eta 36ko gerra, berriz, anaien arteko guda odoltsu gisa haragitzen dira hainbat poematan: «Anai odola herrari/ Eskainiz nasairik,/ Euskadi gure amari/ Bularrak beterik/ Haurñoak hurrupatzean/ Hilen dire gerruntzean […]» (19). Horrek guztiak garden bihurtzen du gerren azpian elurpean bezala gordeta egon ohi den baina, maskulinitate eta feminitate rolak testuinguru belikoetan aztertu dituzten ikerlariek frogatu bezala, erro-erroan dagoen genero gatazka.

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). “Iratzederren Pindar eta lano-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Santiago Onaindiak, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, gertakariei buruz zein Gernikari buruz hainbat eta hainbat idazlek idatzitako poemak jaso zituen Gernika (1987) liburuan. Bertan jaso zuen Iratzederren "Gernika!" poema.

  • Die Kinder von Gernika | Hermann Kesten | 1939

    Titulua Die Kinder von Gernika
    Egilea Hermann Kesten
    Lekua Amsterdam
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Nobela
    Urtea 1939
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Hermann Kestenek 1939an bere Pariseko exilioan idatzi eta Amsterdameko Allert de Lange argitaletxean plazaratutako nobelak izenburuan eta bere muinean darama Gernika oroimen-lekua. Exilioko alemaniar literaturan Gernikako Bonbardaketari buruzko prosa lan bakarra izan zen urte luzez.

    Gernikako Bonbardaketa bizi zuten haurren belaunaldi traumatizatuan jartzen du fokua eleberriak. Parisen kokatzen den narratzaile testiguak espainiar errefuxiatuen giroan Gernikako Bonbardaketatik ihesi joandako Carlos mutikoa ezagutzen du. Bion arteko elkarrizketa luzean zehar entzun eta ezagutuko du irakurleak Carlosen ahotsetik Gernikako eta Durangoko Bonbardaketen izugarrikeriak, mutilaren senitartekoen heriotzak eta Gerratik ihesean Parisera iritsi arteko zailtasun eta gora-beherak, baita harrera-familia berri batean zaindua izateko bidea ere.

    Azpimarratzekoa da Gerra Zibileko eta Bonbardaketetako biktima zibilek dutela ahotsa nobela honetan, non Carlos-ek bigarren narratzailearen rola hartzen duen, lehen narratzaile testiguak entzule funtzioa betetzen duen bitartean.

    Gernikako Bonbardaketaren deskribapen zehatza egiten du Carlosek, eta Gernika eta Durangoko bonbardaketen arteko antzekotasunari ere aipamena egiten dio. Gernikako Arbola ere aipatzen da Jose Antonio Agirre Lehendakariaren izendapenari eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren erabaki eta estrategiei aipamena egiterakoan.

    Orohar, Bonbardaketaren jarraian idatzitako nobela honen ekarpen garrantzitsuenen artean dago fikziozko errelatoa egiazkotasunez janztea Bonbardaketaren biktimarik gazteenen ahotsetik Bonbardaketaren zehaztapen xeheak eskainiz.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2024). “Hermann Kestenen Die Kinder von Gernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Guernica | | 1938

    Titulua Guernica
    Lekua Spain at War, nº8 (november 1938), p. 307
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1938
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Kritikoen arabera ziurrenik A. S. Knowland idazlea izan zen poema batean Gernikako bonbardaketa indar nazien suntsipen geraezinaren lehen pausu gisa islatzen lehena.

    Poemaren izenburuak badu azpititulua ere: “Irun – Badajoz – Malaga and then Guernica”. Azpitituluak Gernika kasu isolatu eta izaera bereziko gertakizun gisa baino Espainiako paradigma orokorrean kokatzen du.

    Gernikako bonbardaketaren iturria, izaera eta ondorioak azaltzeko naturari eta gizakien eskuei lotutako ekintzak kontrajartzen dira poeman. Nekazalgintzako zeregin gisa azaltzen da lehen estrofan bonbardaketa: Gernikan jaurtitako bonbak baratzean ereiten diren haziak bailiran, helburua faszismoa lur barru-barrutik hasita zabalatzea zela adierazten da. Uzta aurretiaz ondo pentsatutako sarraski gisa aurkezten da, ez beste indar baten eskutik suertatutako gertakari gisa.

    Beraz itxuraz naturaren esku utzitako prozesuaren muinean dagoen maltzurkeria azaleratzen du ahots poetikoak:

    So that the swastika and the eagle

    might spring from the blood-red soil,

    bombs were sown into the earth at Guernica,

    whose only harvest was a calculated slaughter

    Sinbolo gisa Gernikako Bonbardaketa Faszismoak suntsitutako askatasun, maitasun eta duintasunarekin lotuta geratzen da.

    Irudi orokorra erabateko suntsipenarena bada ere, poemaren bukaeran itxaropenerako arrazoiak ematen ditu ahots poetikoak. Alegia Faszismoa antzu geratuko denaren baieztapena egiten du, ereindakoak ez du fruiturik emango eta orain arte sortutakoak ihartu egingo dira. Naturaren legeekiko itxaropena agertzen du ahots poetikoak, erro osasuntsuen indarrean sinesten du eta horrek salbatuko du.

    Formari dagokionez, poemak bertso libreak ditu, eta naturari, ereite eta hazkuntzari  lotutako metafora errazak.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “A.S. Knowlanden Guernica poemari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu basean.

    Iturria: “Guernica” in 75th Anniversary of the Bombing of Guernica: a poem by A. S. Knowland. https://teifidancer-teifidancer.blogspot.com/2012/04/75th-anniversary-of-bombing-of-guernica.html Cunningham, Valentin. 1980. The Penguin Book of Spanish Civil War Verse.

  • Elai Alai | Nemesio Sobrevila | 1938

    Titulua Elai Alai
    Egilea Nemesio Sobrevila
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1938
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Nemesio Sobrevilak Eusko Jaurlaritzaren propaganda zerbitzuaren enkargupean Elai Alai filma grabatu zuen 1938an, baina 2012ra arte argia ikusi ez zuen filma dugu. Euskal filmategiak Parisko Cinémathèque Française-ean aurkitutako negatiboaren kopia eskuratu zuen eta filmategiko sail teknikoak soinua ere berreskuratzea lortu zuen zenbait pasartetan, hau da, filmaren atal batzuk besterik ez dira berreskuratu eta ez dago bere osotasunean. Sobrevilak Elai-Alai dantza talde gernikarra eta Eresoinka abesbatzak elkarrekin eskaini zituzten emanaldiak bildu zituen bere filmean. Elai-Alai 1927an jaio zen Segundo Olaetaren eskutik eta 1936an Espainiako gerra piztu zenean, taldea Frantziara eraman zuen abesbatzarekin batera; hala, euskal enbaxada kulturalaren parte izan ziren haien ekitaldiak. Filmaren helburua gerrak eragin zuen Euskal Herrian bizi zen egoera eta euskal kulturaren deserrotzea salatzea zen eta Sobrevilak horretarako Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen.

    Filmaren hasieran dokumentalak helarazi nahi duen mezua adierazten da:

    “En Gernika existía una asociación infantil llamada ELAI-ALAI que significa: ALEGRES GOLONDRINAS. Cuando los aviones extranjeros arrasaron su ciudad, con el pretexto de defender la civilización de occidente, estas pobres alegres golondrinas emigraron en busca de cielos mas clementes y abandonaron su dulce patria”.

    Gernikako bonbardaketaren aipamenarekin hasten da filma, honek haurrengan eta euskaldunengan sortu zuen ezegonkortasun eta egoera zaurgarria erakutsi nahian. 20. minutuan, segundo gutxz, Gernika bonbardatu osteko benetako irudiak ikusten dira. Irudiok Agustin Ugartetxeak grabatu zituen frankistak Gernikan sartu aurretik, egin zutenaren proba zinematografikoak izateko. Hala ere, Sobrevilak Ugartetxearen irudiak Alemanian errebelatu behar izan zituen eta handik ez zizkioten irudi guztiak itzuli, ustezko akats baten aitzakiapean.

    Filma Habana barkuan erbesteratutako haurren irudiekin amaitzen da, Ingalaterra eta Frantziara bidaiatu zuten gehienek 1937ko maiatzean zehar.

    Film dokumental honek, beraz, Gernika du abiapuntu euskaldunen errepresioa, isiltasuna eta sufrimendua salatzeko: alde batetik, dantza talde gernikarraren emanaldiak dira filmaren oinarria, eta bestetik, bonbardaketa osteko irudiek duten garrantzia nabarmentzen da. Gernikak duen oroimen gune izaera agerian geratzen da filmean.

    Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). “Nemesio Sobrevilaren Elai Alai-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Gudari aldizkariaren hirugarren zenbakiaren azala | Luciano Quintana | 1937

    Titulua Gudari aldizkariaren hirugarren zenbakiaren azala
    Egilea Luciano Quintana
    Lekua Gudari
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazkia
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Gudari aldizkariaren azalak karga sinboliko eta estetika propagandistiko handiko zuri-beltzeko ilustrazioa aurkezten du. Konposizioan soldadu armatu baten irudia da nagusi, dinamismoa eta nagusitasuna iradokitzen dituen gainazal kurbatu baten gainean goratutako posizioan. Inguruan, aurrera egiteko jarrera duten beste soldadu batzuek mugimendu kolektiboaren eta ekintza koordinatuaren sentsazioa indartzen dute.

    Sinboloak argiak dira: soldaduak (gudariak) erresistentzia armatua, lurraldearen defentsa eta nortasun nazionala irudikatzen ditu. Ikurriñak, estilizatua izan arren, kidetasuna eta euskalduntasun harrotasun kolektiboa iradokitzen ditu. “VI Aberri Eguna – Gudari” testuak irudia Euskal Aberriaren Egunarekin lotzen du, eta argitalpenaren izaera oroigarri eta aldarrikatzailea indartzen du. Portada horrek Gernikako bonbardaketa zuzenean irudikatzen ez badu ere, erresistentziaren ikuspegitik inguratzen duen iruditeria bisualean txertatzen da. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa biztanleria zibilaren aurkako eraso bortitza izan zen, baina baita euskal kontzientzia kolektiboan inflexio puntua ere. Testuinguru horretan, frankismoaren eta atzerritarren erasoen aurrean herrialdea defendatu zutenen ikur bihurtu da gudariaren irudia. Gainera, irudia Aberri Egunarekin lotzean, bonbardaketaren oroitzapenaren eta Euskal Herriaren baieztapen politikoaren arteko lotura indartzen da; memoria ez da bakarrik atsekabea, etorkizuna eraikitzeko bultzada ere bada. Portada horrek, beraz, garaiko estetika bat dokumentatzeaz gain, aktiboki parte hartzen du Gernikak esan nahi zuenaren lanketa sinbolikoan: tragedia bat ez ezik, erresistentziarako eta baieztapen nazionalerako deia ere egiten du, eta gogora dezagun hori ere izan zela, bonbardaketaz geroztik, Gernikak, sinbolo bezala, internazionalki hartu zuen esanahietako bat.

    Nola aipatu: Fernandez Zabala, Nagore (2026). “Luciano Quintanaren Gudari aldizkariaren hirugarren zenbakiaren azalari buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basean.

  • Tríptico de la guerra | Aurelio Arteta | 1937

    Titulua Tríptico de la guerra
    Egilea Aurelio Arteta
    Lekua Biarritz
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Tríptico de la guerra (1937), Aurelio Artetak margotua, gerrak biztanleria zibilarengan izan zituen ondorioak erakusten dituzten hiru narrazio-eszenaz osatutako margolana da. Lanean, nahiz eta hiri edo eremu jakin bat ez aipatu, paisaiak aditzera ematen du Euskal Herrian eta Gernikako bonbardaketan oinarritzen dela. Konposizioak hiru horma-atal ditu: “El frente”, “La retaguardia” eta “El exódo” izenekoak. Lanak erretaula baten egitura du, hau da, alboetako piezak erdikoa baino txikiagoak dira, modu horretan, erdikoak eszenen arteko zubi gisa funtzionatzen du. “El frente” izeneko piezak gazte bat aurkezten du zerutik datorren suntsipenari aurre egiten, belaunaldi gaztearen heriotza irudikatuz. “La retaguardia”-k, bestalde, familiaren eta itxaropenaren desagerpena irudikatzen duten hildako emakume bat eta bere semea erakusten ditu. “El exódo” margolanak, bere partez, egun argitsu batean kokatzen da eta arriskuaren aurreko ihesaldiaren ikur bilakatzen da. Orokorrean, gerrari buruzko zuzeneko erreferentziarik ez badago ere, eszenak etorkizuneko ziurgabetasuna eta tristura islatzen ditu. Hortaz, triptikoak gerraren tragedia transmititzen du sakrifizioaren, galeraren eta itxaropenaren irudi indartsuen bitartez.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Aurelio Artetaren Tríptico de la guerra-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Guernica | Nicolas Martinez Ortiz de Zarate | 1937

    Titulua Guernica
    Egilea Nicolas Martinez Ortiz de Zarate
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Marrazkia
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Eusko Jaurlaritzak 1937an argitaratutako Guernica liburuaren azala Nicolás Martínez Ortiz de Zarate (1907-1991) kartelgile ezagunaren lana da. Azaleko irudiak, Espainiako Gerra Zibilaren erdian, bonba bat Gernika gainean nola erortzen den erretratatzen du. Lanak kolore biziko paleta bat erabiltzen du, erasoaren uneko intentsitatea eta tragedia nabarmentzen dituena, bonbardaketaren inpaktua bisualki transmitituz.

    Artelana ikusteko katalogoa kontsulta daiteke hemen

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “Nicolas Martinez Ortiz de Zarateren Guernica-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Le Drapeau Noir | René Magritte | 1937

    Titulua Le Drapeau Noir
    Egilea René Magritte
    Sailkapen Generikoa Arte plastikoak
    Azpigeneroa Pintura
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Le Drapeau Noir René Magritteren obra bat da, eta 1937ko apirilean, Espainiako Gerra Zibilean, ziurrenik Gernikan izandako bonbardaketan oinarritzen dena. Magrittek behin komentatu zuen pinturak makina hegalariek ekarriko zuten izua aurreratzen zuela. Izan ere, aurrerapen teknologikoak ospatzen zituzten beste artista batzuek ez bezala, egileak xedetzat hartu zuen makinen alde iluna agerian uztea. Hegazkinak modu surrealistan irudikatzen dira obran, eta pinturak kolore iluneko paleta bat erabiltzen du, eszenako atmosfera kezkagarria areagotzen duena.

    Margolana ikusteko eta informazio gehiago eskuratzeko sakatu hemen.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2025). “René Magritteren Le Drapeau Noir-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Lotura du Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek 2021ean egindako obraren egokitzapenarekin, "Bandera falsa" izenekoa. Honen fitxa Gernika(k) datu-basean kontsulta daiteke.

  • “Gernika sutan”, Nere poema txorta, Olerkiak | Belandiñe Albizu | 1937

    Titulua “Gernika sutan”, Nere poema txorta, Olerkiak
    Egilea Belandiñe Albizu
    Lekua Bilbo, Zarautz
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Balendiñe Albizuren «Gernika sutan» olerkia Nere olerki txorta (1972) eta Olerkiak (1984) bildumetan argitaratu bazen ere, egileak 1937. urtean idatzi zuen. Albizu 1914. urtean Zumaian jaio zen, baina 36ko gerraren eraginez, lehenik Bizkaia eta Frantziara, eta ondoren, Venezuelara ihes egin behar izan zuen. Gerrateak eta ondoriozko erbestealdiak markatutako obra da berea eta maiz gertakari horiek izan zituen idazketarako pizgarri. 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketak herrian harrapatu zuen —23 urte zituen orduan— eta bizipen horiek izan zituen oinarri, Garmendiak (1998) zioskunez, «bere lehen poema» (1998, 7) izen zen «Gernika sutan» izeneko hau idazteko. Amorruz sortutako testua da, bonbardaketaren egiletzaz zabaldutako gezurraren kontra idatzitakoa. Bonbardaketaren lekuko izan den ahots poetikoak «kiskalduta» dakusa herria, eta «etsia (sic) maltzurraren» egia agertu nahi du, beste herrialdeei sarraskia jakitera eman dezaten erregutzen die; «Munduko erriak, arren, / begiak ireki itzazute!» diotse.

    Nola aipatu: Arrastoa, Ane (2025). “Belandiñe Albizuren Gernika sutan-i buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    ERREFERNTZIA BIBLIOGRAFIKOAK Garmendia, Elixabete. 1998. In Atxaga, Mikel (Koord.). Bidegileak: Balendiñe Albizu. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia.

  • Euzkadi’ko Lorea | Txori txiki | 1937

    Titulua Euzkadi’ko Lorea
    Egilea Txori txiki
    Lekua Bartzelona
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak EZ

    Olerkiak berrogeita zortzi bertso-lerro ditu guztira eta bi ahalpadiz osatuta dago, lehenengoa hogeita hamasei bertso-lerrokoa da eta bigarrena hamabi bertso-lerrokoa. Olerkiaren eskema metrikoa bloketan antolatuta dago eta bloke horietan, bost silabako bi bertso-lerro eta zortzi silabako bat tartekatzen dira, 5-5-8 moldearekin. Errima-eskemari dagokionez, errima asonantea da eta zortzi silabako bertsoetan soilik mantentzen da. Errima bi bloketan behin aldatzen da, eskema hori grafikoki hurrengo moduan adieraz daiteke: – – A /- – A /- – B /- – – B /- – – C /- – – C.

    Edukiari dagokionez, olerkiak lorea eta arrosak metafora gisa erabiltzen ditu Euskal Herriko espazio sinbolikoak irudikatzeko. Kasu honetan, egilea Irunen fokalizatzen da eta, zehazki, 1936ko ekainean Espainiako Gerra Zibilean gertatutako Irungo gudan. Idazleak Alfonso de Beorlegui, Mola jeneralaren agintean egondako militarra, aipatzen du Irungo erorialdiaren arduradun gisa, testuan militarraren izena zehaztu gabe. Irun funtsezko puntu estrategikoa izan zen armada frankistarentzat; izan ere, Frantziarekiko lurreko komunikazioa ixtea ekarri zuen, errepublikaren erresistentziarako kolpe esanguratsua.

    Aipatutako metafora gehiago garatzen du hurrengo bertso-lerroetan, arrosen arantzei sinbolismoa berezia emanez: indar faxisten aurrean hiria defendatu zuten Irungo seme-alabak irudikatzen dituzte. Defentsa horrek zentzu tragikoa eta, aldi berean, goresgarria hartzen du. Olerkia, ordea, ez da Irungo galera kontatzera mugatzen. Aitzitik, erresistentziaren eta duintasunaren sinbolo gisa goresten du, gainera, egileak azpimarratzen du jausialdiak ez dakarrela euskaldunen etxe sinbolikoaren desagerpena. Hortaz, euskaldunen etxeak galera materialak gainditzen ditu eta, gertakariaren aurrean, ideia iraunkor eta erresistentea bihurtzen da.

    Gernikako Arbola, Euskal Herriko funtsezko ikonoa, olerkiaren azken ahapaldian agertzen da eta horren bitartez itxaropenez betetako itxiera ematen dio testuari. Egilearen esanetan, Gernikako Arbola da Irun berreskuratzeko prest dauden Euskal Herriko seme-alaba berriak sortuko diren lekua.

    Nola aipatu: Perez-Ortiz, Aitana (2024). “Txori Txikiren Euzkadi’ko Lorea-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

  • Hymne auf den Sieger von Guernica | Walter Mehring | 1937

    Titulua Hymne auf den Sieger von Guernica
    Egilea Walter Mehring
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Poesia
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Walter Mehring idazlea Vienan zegoen Gernikako bonbardaketaren berri prentsaren bidez izan zuenean. Erbesteko ikuspegitik idatzi zuen poema hau, beraz, suntsipenaren berri izan eta berehala, prentsaren bidez jasotako argibideetan oinarrituta. 1937ko maiatzeko bigarren astean plazaratu zen Das Neue Tage-Buch aldizkarian. Erbestetik publikatzen zuen ideologia ezkertiar eta liberaleko astekaria zen berau.

    Edukiari dagokionez, ironiaz betetako laudorio gisa aurkezten da poema. Egileak bonbardaketa zuzenean bizi ez izanak badu zerikusia testuak deskribatutako errealitatearen benekotasunari lehentasun estetikoa ez ematearekin. Bonbardaketa gidatu eta sarraskia zuzendu zuten generalei himno ironikoa egiten die ahots poetikoak, eta ironiaz betetako laudoriotik ondoriozta ditzake irakurleak elementu didaktikoak.

    Poema honetan Gernika lekua ezezik, sinboloa ere bada, hain zuzen ere etorkizuneko sarraskietarako indar militarrek duten potentziala soma daiteke poeman.

    Poesia satirikoa da, non ahots poetikoak, gida turistikoaren antzera, Gernikako suntsipena “hutsuneen bisita gidatu” gisa aurkezten duen. “Hemen ikus dezakezue”, “erreparatu honi”, eta antzeko formulak erabiliz Gernikaren iragana eta 1937ko maiatzeko oraina aurrez aurre jartzen ditu.

    Gernikako lekurik esanguratsuetan zehar bisita gidatua balitz bezala, Bonbardaketaren aurreko topografía eta 1937ko maiatza hasierako paisaia suntsitu eta deshumanizatua alderatzen ditu:

    Hier stehen Sie

    -wo einst Guernica stand –

    auf der historisch anerkannten Erde

    Von zerfetzten Toten und verbrannten Knochen…

    Euskaraz:

    Hemen zaude bisitari,

    -garai batean Gernika zen lekuan-

    historiak aitortza eskaini zion lur honen gainean

    hildako txikituen eta hezur erreen aurrean

    (Itzulpena: Garbiñe Iztueta)

    Formari dagokionez, himnoak bertso libreak ditu, eta metafora errazak.

    Nola aipatu: Iztueta-Goizueta, Garbiñe (2025). “Walter Mehringen Hymne auf den Sieger von Guernica-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    Iturria: Walter Mehring Hymne auf den Sieger von Guernica. Das Neue Tage-Buch, NTB, Jg 5, H. 19, 8.5.1937, Ed. Leopold Schwarzschild, p. 453. Poema hainbat alditan berridatzi zuen Mehring-ek Bigarren Mundu Gerraren ondoren plazaratu ziren hainbat poema bildumetarako: Mehring, Walter: Großes Ketzerbrevier, 1974, pp. 300-302. Mehring, Walter: Großes Ketzerbrevier, 1975, München: Deutsches Tashcenbuch-Verlag, S. 231-233, ondoko atalean: Auslandsschriften (1925-1940) Mehring, Walter: Staatenlos im Nirgendwo, 1981 pp. 78-80. Poema hainbat alditan berridatzi zuen Walter Mehring-ek Bigarren Mundu Gerraren ondoren plazaratu ziren hainbat poema bildumetarako: Mehring, Walter. 1974. Großes Ketzerbrevier, München, Herbig, pp. 300-302. Mehring, Walter. 1975. Großes Ketzerbrevier, 1975, München: Deutsches Taschenbuch-Verlag, S. 231-233, ondoko atalean: “Auslandsschriften (1925-1940)” Mehring, Walter: Staatenlos im Nirgendwo: Die Gedichte, Lieder und Chansons 1933-1974, 1981, Claassen Verlag, pp. 78-80. Iturria: Deutsche Nationalbibliothek ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA Reinecke, Rüdiger. 2020. Gernika und der Luftkrieg gegen die spanische Republik (1936-1939) in der zeitgenössischen internationalen Literatur. Bielefeld. Aisthesis Verlag, S.381-384, 557-558.

  • Guernika | Nemesio Sobrevila | 1937

    Titulua Guernika
    Egilea Nemesio Sobrevila
    Sailkapen Generikoa Zinea
    Azpigeneroa Dokumentala
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    Iraupena: 23 min

    Gerra garaian egindako dokumentala da, 1937koa, Gernika bonbardatu zuten urte berekoa. Euskal Herriko irudi dokumentalak biltzen ditu, Gernikako hondamendiaren irudiak, besteak beste.

    Herrietatik Bilbora ihesean doazen zibilak ikusten dira; Bilbon hegazkinak datozela eta ihesi doazen herritarrak. Garrantzi berezia hartzen du dokumentalean haurren erbesteratzeak ere; ontziratzen ikusten dira, euren senideak agurtzen, eta, ondoren, harrera egin dieten herrialdeetako (Frantzia, Britainia Handia, Belgika…) harrera zentroetan.

    Euskal Herria herri bakezale eta langile gisa agertzen da, eta gerrako suntsiketa eta sufrimendua erakutsi ostean, nazioarteko elkartasunari dei egiten zaio.

    Nola aipatu: Arroita, Izaro (2024). “Nemesio Sobrevilaren Guernika-ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.

    https://filmoteka.eus/eu/bilduma/multimedia/hamarraldi-1930/guernika

  • Etxeko giltzak…? Zetako? | Anonimoa | 1937

    Titulua Etxeko giltzak…? Zetako?
    Egilea Anonimoa
    Lekua Bilbo
    Sailkapen Generikoa Literatura
    Azpigeneroa Ipuina
    Urtea 1937
    Errepresentazio Historikoak BAI

    «Ondamendi Baten Ondoren» esaldiarekin ekiten dio Gudari aldizkariko egile anonimoak Gernikako bonbardaketaren testuinguruan sortua den “Etxeko giltzak… Zetako?” ipuinari. Gertakizunarekiko garaikidea eta lekuko zuzen batek idatzia izaki,  1937ko maiatzaren 2an argitaratutako ipuin hau dokumentu historikotzat har daiteke. Prosazko poema zabala dirudi, irudiz betea baita. «Gu» izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoaren, hots, irakurle (edota entzuleekiko) gertutasuna bilatzen duen fikziozko elkarrizketaren bitartez aurkezten du kontalariak ipuina: «Ba-dira gauzak, idazlan-eder-sakenaren biarik ixan-oi eztabenak. Zertzelada txikiñuaren bidez jazekun batez anditasuna azaldu ei-dabenak. Eta emen edustuke deguna, eretaiko bat degu». Ikur gutxirekin esanahi ugari biltzeko gaitasuna nabari da, hain zuzen ere, ipuin labur bezain hunkigarri honetan. Bonbardaketa traumatikoa gertatu eta gutxira, «bihotza odolusten ari zaien»  pertsonaia-narratzaileak eta beste lagun batzuk, Bilboko Areatza zubi parean «gernikar herrikide apal batekin» izandako enkontrua eta elkarrizketa dira ipuinaren muina. Gernikarrak, gertatu berria den sarraskitik bizirik atera bada ere, bizi osorako zauritzeaz bat etxerik gabe utzi dutenak, hondamendiaren lekukotza zuzena ematen die. Gernikako bonbardaketaren eguneko bizipenak Bilboko lagunei kontatu ahala, eskua patrikan sartzeko keinua egiten du, eta giltzak ukitu orduko, zerutik botatako bonbek etxea su eta ketan, txikituta, utzi diotela gogoratzen zaio: «—¡Giltzak! ¡Etxeko giltzak! ¡Zetako yudaz baña giltzen, neure bijotzeko Gernika’n etxerik ezna-yust, aterik ezna-yust, giltz-zulorik be ezna-yuat?». Ipuinaren amaieran, izenik ez duen eta, beraz, edonor izan litekeen oinazez betetako protagonista gernikarrak, Bilboko itsasadarrera botatzen ditu errauts bihurtutako etxearen giltzak, gertakizun tragikoak milaka errugaberi eragindako babesgabetasuna gardendu eta salatuz.

     

    Laburpenean aipatu bezala, irudi boteretsuz jositako ipuina da, artean Picassoren Guernica lehen zirriborroetan baizik ez zegoen eta ezezaguna zen arren, artelan piktoriko edo poema batetik gertu dagoen idazkera duela uler baitaiteke. Bestela esanda, halako moduan errepresentatzen du gertakizun traumatikoa, non irakurleengan bonbardaketa bertatik bertara ikusten ari direlako irudipena sorrarazteko gai baita. Ildo horretatik, ipuinean enpatia lantzen dela uler daiteke, irakurlea lekuz aldatzera behartzen baitu, gerturatu, baina aldi berean, urruntzearen etengabeko sokatiran: «Gernikarak bere erayetan eruan atsekabiari […] zer erantzun ez genkigula mutu lotu gintzazan. Bere gogo-minduba arintzeko esakairik asmatzen ez genun». Nolanahi ere, testuan gailentzen dena gizateria zibilaren aurka burututako sarraskiaren salaketa da: «Deistar egazkiñen ego-baltzak begi-ninientan irariak deguz. ¡Ikuspegiajaren baltza! ¡Gizonak eren ankar ixan biar ebela!». Esandakoaz bat, foruei eta euskal identitateari lotutako sinboloaren, Gernikako Arbola sakratuaren, tradiziozko iruditeria (gutxienez Erdi Arotik letorkeena) ere aurki daiteke ipuinean; testuinguru horretan, bonbardaketak haritz zaharraren tradiziozko esanahiak errotik aldarazi zituela aurreratuz: «Eta arantza zorotzak bijotza zauritu dautsenaren antzo, gernikar gixaxuak, edestu dausku, Zugatz-Deuna’ren bizteki zoragari zanaren ondamendija. Umetxu erugien uluak. Emakumien intzirijak. […] Gixaki eraildubak. […] Kabi apurtubak…».

    Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). “Etxeko giltzak…? Zetako?ri buruzko fitxa”. MHLIren Gernika(k) datu-basea.