MINTEGI TEORIKO-METODOLOGIKOA EKAINAREN 12AN

← Berri guztiak GernikaGernika(k)/Guernica(s)interdisciplinaryintermedialitateamintegia

EHUko MHLI ikerketa taldeak “Intermedialidad y memoria: analizando prácticas artísticas” mintegi teoriko-metodologikoa antolatu du. Claire Taylor izango da hizlaria (University of Liverpool). Saioa online izango da, 2025eko ekainaren 12an, 15:00etan. Esteka erantsitako kartelean ageri da.

Claire Taylor literatura latinoamerikarrean aditua da, eta aspaldion literatura digitalean aritu da lanean. Mintegian, intermedialitatea eta memoria uztartuko ditu; izan ere, bere ikerketa-ildo nagusienetako bat da memoria-ikasketen, memoria-praktiken eta justizia trantsizionaleko testuinguruen elkargunea. Bereziki, Kolonbiako esparrua ikertua du. Gaur egun AHRC Standard Grant beka baten titularra da, Kolonbiako gatazkaren memoria, biktimak eta irudikapena ardatz dituena. Gainera, giza eskubideen eta memoria historikoaren artxiboei eta ekonomia sortzailearen museo komunitarioei buruzko bi jarraipen-proiektu zuzentzen ditu, biak ere Kolonbian fokua jartzen dutenak. Hizlariari buruzko xehetasun gehiagorako, ikusi: https://www.liverpool.ac.uk/people/claire-taylor 

“Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia” zein “Literatura Konparatua eta Literatur ikasketak” master eta doktorego-programako ikasleek parte hartu izanaren agiria eskuratu ahal izango dute. Horretarako, esteka eta agiria eskatu beharko dute honako helbide honetara idatziz: ir************@*hu.eus.