← Berri guztiak konstanzmintegia
MINTEGI ZIKLOA KONSTANZ-EN:
MEMORIA HISTORIKOA EUSKAL KULTURAN ETA LITERATURAN
Hurrengo urritik azarora bitartean, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) MHLI ikertaldeak mintegi ziklo bat eskainiko du memoria historikoak euskal kulturan eta literaturan duen lekuaz. Zikloa Konstanz-eko unibertsitatean egingo da (www.uni-konstanz.de), Alemaniako erreferentziazko irakaskuntza eta ikerketa zentroan, ikertaldeak aztertzen dituen ildoen inguruko elkarlan eta eztabaida sareak eraikitzeko asmoz.
Ikertaldeko pare bat kidek parte hartuko duten mintegiotan, hiru ardatz nagusi izango dira oinarrian eta memoria historikoa aztertuko ondoko alderdi hauekiko erlazioan:
1) Abestiak eta poemak, batez ere Euskal Kantagintza Berria deiturikoa, eta Xabier Lete eta Mikel Laboa bezalako artistak izango dira hizpide.
2) Literatura garaikidea; testu poetiko eta narratibo nagusiak ekarriz.
3) Euskal kultura; diziplina eta testu mota anitzak barnebilduz, bertsolaritza edo testigantza autobiografikoak kasu.


Aipaturiko esparruen hurbilketarekin euskal kulturaren oinarri zabal eta diziplinartekotasuna erakutsi nahi diogu publikoari. Gainera, historiako, kulturako eta euskal literaturako gai nagusien inguruan sakondu nahiko genuke, memoria historikoarekin erlazio anitzak dituzten obra artistikoak aipatuz (literarioak, ahozkoak, etab.).